BOURBONNEKO BI ADISKIDEAK

 

        Baziren bi gizon, Bourbonneko Orestes eta Pilades izenda daitezkeenak. Batek Olivier zuen izena, eta besteak Felix. Biak egun batean ziren jaioak, etxe batean eta bi ahizparengandik. Esne beretik hazi zituzten: baten ama haurra erditzean hil zenez, besteak hartu zuen bi haurren ardura. Elkarrekin hezi zituzten. Beti besteengandik bereiz ibiltzen ziren. Izan bagaren bezala, bizi garen bezala maite zuten elkar, batere dudarik egin gabe; une oro sentitzen zuten hori, eta agian inoiz ez zioten elkarri esango. Olivierrek bizia salbatu zion behin Felixi, hau beti ibiltzen baitzen igerilari onarena eginez, harik eta behin ia-ia ito zen arte. Ez bata ez bestea oroitzen ziren hartaz. Felixek ehun aldiz atera zuen Olivier mentura zailetatik, honen izaera oldarkorrak hartara eraman eta gero; eta inoiz ez zuen pentsatu eskerrak ematerik; elkarrekin itzultzen ziren etxera, hitz egin gabe, edo beste edozertaz hitz eginez.

        Soldadutzara joateko garaia etorri zenean, lehen txartel zorigaiztokoa Felixi tokatu zitzaionez, honela esan zuen Olivierrek: «Bestea niretzat». Egin zuten beren zerbitzualdia; itzuli ziren beren herrialdera. Aurrez baino elkar-maiteago itzuli ote ziren, horixe ezin dizut esan ziur; izan ere, anaiatxo, elkarri egindako faboreek asko pentsatu ondorengo adiskidantzen oinarri badira ere, agian ez diete ezer egiten adiskidantza animal edo etxetiar deituko nituzkeenei. Armadan, borrokaldi batean, Olivierri sable-kolpe batez burua hautsi behar ziotelarik, Felix pentsatu gabe aurreratu zen kolpea hartzera, eta aurpegian hartu zuen zauria; batzuek diote barro zegoela zauri harengatik; nik ez dut uste. Hastembeck-en, Olivierrek hildakoen pilatik atera zuen Felix, han geratua baitzen. Galdetzen zietenean, batzuetan hitz egiten zuten besteagandik jasotako laguntzez, baina inoiz ez besteari emandakoez. Felixek hau, esango zuen Olivierrek; Olivierrek bestea, esango zuen Felixek; baina ez zuten elkar goresten. Herrialde hartan denboraldi batez bizi ondoren, maitemindu egin ziren; eta halabeharrak hala ekarrita, neska berberaz maitemindu ziren biak. Ez zen inolako etsaigorik izan bien artean; bestearen amodioaz ohartu zen lehenak atzera egin zuen: Felixek, alegia. Olivier neskarekin ezkondu zen; eta Felix, zergatik ez zekiela bizitzaz nazkatuta, era guztietako lantegi arriskutsuetara eman zen; azkena, kontrabandoa.

        Badakizu, anaiatxo, Frantzian lau epaitegi direla kontrabandistak epaitzeko: Caen, Reims, Valence eta Tolosa; eta lauretan gogorrena Reimsekoa da. Coleau izeneko bat da epaile han, naturak inoiz eman duen arimarik beldurgarriena. Felix armak eskutan zituela harrapatu zuten, Coleau beldurgarriaren aurrera eraman eta hark heriotza-zigorra ezarri zion, aurreko beste bostehun laguni bezala. Olivierrek Felixen egoera jakin zuen. Gau batez, jaiki emaztearen ondotik eta, hari ezer esan gabe, abiatu da Reimsera. Jo du Coleau epailearengana; ahuspeztu zaio oinetan, eta Felix ikusteko eta besarkatzeko grazia eskatu dio. Coleau begira geratu zaio, une batez isildu egin da, eta esertzeko adierazi dio keinu batez. Olivier eseri. Handik ordu erdira, Coleauk atera bere erlojua eta esaten dio Olivierri: «Hire laguna bizirik ikusi eta besarkatu nahi baduk, habil bizkor, bideak duk eta; eta nire erlojua ondo badabil, hamar minutu baino lehen zintzilikatuko ditek». Olivier, suminak hartuta, jaiki, makilakada izugarria jo Coleauri kokotean, eta erdi hilik uzten du; joan da korrika plazara, iritsi da, hasi da oihuka, jo du borreroa, jo ditu justiziako gizonak, matxinatu du exekuzio haiengatik haserre zegoen jendetza. Harriak hegan; Felixek libratuta hanka egiten du; Olivierrek uste du salbu dela bera ere; baina jendarme batek saihetsa zulatua zion baionetaz, bera ohartu gabe. Iritsi zen herriko atera, baina aurrerago ezin; garraiari bihotz oneko batzuek beren gurdi gainean hartu zuten, eta etxeko ate aurrean utzi azken hatsa emateko zegoenean; andreari hau esateko bestetarako astirik ez zuen izan: «Andre, zatoz, besarkatu egin nahi zaitut; hiltzera noa, baina gure muturbeltza salbu da».

        Arratsalde batez, ohi bezala, paseoan genbiltzala, emakume garai bat ikusi genuen txabola baten aurrean, oinetan lau haurtxo zituela; bere itxura triste eta irmoak gure arreta erakarri zion, eta gure arretak harena ekarri zuen. Une batez isilik egon ondoren, honela esan zigun: «Hara lau haurtxo. Ni naiz lauren ama, eta ez dut senarrik». Gure errukia bereganatzeko modu jaso hark hunkitu egin gintuen. Gure laguntza eskaini genion, bai eta berak erabidez hartu ere; orduan jakin genuen haren senar Olivierren eta honen adiskide Felixen istorioa. Arduratu gara hartaz, eta gure gomendioa ez ahal zitzaion alferrekoa gertatuko. Ikusten duzunez, anaiatxo, arima-handitasuna eta kalitate garaiak gradu eta herrialde guztietan agertzen dira; inor ilun hiltzen bada, antzoki egokiagoaren ezean hiltzen da hala; eta ez dago indiarrengana joan beharrik bi adiskide aurkitzeko.

        Testalunga bandidoak Sizilia bere taldeaz astintzen zuen garaian, preso hartu zuten Romano, haren adiskide konfiantzazkoena. Testalungaren laguntzailea zen, haren ondorengoa. Romano honen aita atxilotu egin zuten. Barkamena eta libertatea agindu zioten, baldin eta Romanok Testalunga traizionatu eta entregatzen bazien. Semearen baitan borroka bortitza izan zen maitasunaren eta adiskidetasun zin-eginaren artean. Baina Romano aitak berak konbentzitu zuen semea adiskidetasuna lehenesteko, bizia traizio bati esker salbatzeko beldurrez. Romanok kasu egin zion aitaren aholkuari. Romano aita hil egin zuten; eta torturarik ankerrenek ezin izan zioten atera bere lagunen salaketa Romano semeari.

 

* * *

 

        Anaiatxo, Felixen berri jakin nahi zenuke; oso bidezkoa duzu jakin-min hori, eta motiboa hain da goresgarria non geure buruari ahakar egin diogun geuk lehenago izan ez dugulako. Huts hori betetzeko, lehenik Papin jaunaz gogoratu gara, teologi doktorea den eta Bourbonneko Santa Marian apaiz dagoenaz: baina amak iritzia aldatu du; eta Aubert azpiordezkaria lehenetsi dugu, gizon ona eta ondo betea baita, eta honako kontakizun hau bidali digu, egiatasun osokoa, inola ere:

        «Felix izeneko hori, bizi da oraindik. Justiziaren eskuetatik ihes eginik, probintziako basoetan barrendu zen, hango nondik norako guztiak ondo ikasiak baitzituen kontrabandoan ari zenean, eta Olivierren etxera hurbiltzen saiatu zen pixkanaka, ez baitzekien hila zenik.

        «Baso baten bihotzean —zeuek ere ibiliak zarete inoiz han paseoan—, ikazkin bat bizi zen, era guztietako jendearen babesleku zen etxola batean; bere salgaien eta armen biltegi ere bazuen; haraxe jo zuen Felixek, jendarmeen eskuetara erortzeko arriskuan ibili eta gero, atzetik baitzituen. Lagun batzuek zabaldua zuten Reimsen atxilo hartu zutelako berria;; eta ikazkina eta emaztea hil zutelakoan zeuden, hura agertu zenean.

        «Aspaldi ez dela hil den emaztearengandik jaso bezala kontatuko dizuet guztia.

        «Haurrek ikusi zuten lehenik, etxolaren inguruan jolasean zebiltzala. Hura, gazteena laztantzen geratu bitartean, bere besoetakoa baitzuen, besteak etxolan sartu ziren oihuka: Felix! Felix! Aita eta ama oihu berberarekin irten ziren pozik; baina gizajo hark ezin izan zien ezer erantzun, hain zegoen akituta, eta haien besoetan erori zen korderik gabe.

        «Jende on hark zeukanarekin lagundu zion; ogia, ardoa, barazki batzuk eman zizkioten; jan zuen, lokartu zen.

        «Esnatzean, haren lehen hitza izan zen: "Olivier! Haurrak, ez al dakizue ezer Olivierrez?" "Ez", erantzun zioten. Reimseko mentura kontatu zien; gaua eta biharamuna haiekin eman zituen. Hasperenka, Olivierren izena errepikatzen zuen, Reimseko presondegian zegoela uste baitzuen; hara joan nahi zuen; harekin batera hil nahi zuen; eta kostata lortu zuten ikazkinak eta emazteak asmo hartatik atzentzea.

        «Bigarren gauaren erdi aldera, hartu bere fusila, jarri sablea besapean eta, ikazkinari ahapeka... "Ikazkin!"

        «— Felix!

        «— Har ezak aizkora eta goazemak.

        «— Nora!

        «— A ze galdera! Olivierrengana.

        «Abiatu dira; baina basotik irtetean, hara non inguratzen dituen jendarme talde batek.

        «Ikazkinaren emazteak esandakoari lotzen natzaio, baina harrigarria da bi gizon oinezkok zaldizko hogei gizoni aurre egin izana; hauek sakabanatuak ziren, nonbait, eta bizirik harrapatu nahi beren ehiza. Nolanahi ere, ekintza oso gogorra izan zen; bost zaldi hesteak aterata eta zazpi zaldizko aizkoraz edo sablez joak. Ikazkin gizajoa bertan hil zuten buruan tiroa jota; Felixek basoan sartzea lortu zuen; eta sinestezinezko arintasuna duenez, batetik bestera lasterkatu zen; lasterkatu ahala, fusila kargatu, tiroa jo, txistu egiten zuen. Txistu haiek, tiro haiek, tarte desberdinetan eta alde desberdinetatik jota, beldurtu egin zituzten zaldizko jendarmeak, han ez ote zebilen kontrabandista talde bat, eta bizkor erretiratu ziren.

        «Felixek urruntzen ikusi zituenean, atzera borrokalekura itzuli zen. Hartu ikazkinaren gorpua lepoan eta etxolarako bidean jarri zen. Ikazkinaren emaztea eta haurrak lo zeuden artean. Atean gelditu, jarri gorpua bere oinetan, eta bizkarra arbola bati emanda eta aurpegia etxolaren sarrerarantz zuela eseri zen. Hara zer ikuskizun emaztearentzat bere egileorretik irtetean.

        «Esnatu da, senarra falta du alboan; begiez Felix bilatu, eta Felixik ez. Jaiki da, irten da, ikusi du, hasi da oihuka, zerraldo erori da. Haurrak ere etorri dira korrika, ikusi dute eta oihuka hasi dira; aitaren gainean, amaren gainean dabiltza. Emaztea, haurren zarata eta negarrek bere onera ekarririk, biloak erauzten hasten da, masailak atzamarkatzen. Felixek, arbolaren oinean geldi, begiak itxita, burua atzera itzulita, honela egiten zien ahots itzaliz: «Hil nazazue». Isiltasuna egin zen une batez; ondoren, atzera ere oinazea eta negarrak, eta Felixek berriro: «Hil nazazue; haurrak, erruki zaitezte, hil nazazue».

        «Horrela eman zituzten hiru egun eta hiru gau oinazetan; laugarrenean, egiten dio Felixek ikazkinaren emazteari: «Andre, har ezazu zure morrala, sartu bertan ogia, eta segi niri». Gure mendi eta basoetan zehar ibili luzea egin ondoren, Olivierren etxera iritsi ziren; dakizun bezala, herriaren mutur batean dago, bidea bitan urkultzen den unean; bide bat Franche-Comtéra doa, eta bestea Lorenara.

        Hantxe jakin zuen Felixek Olivierren heriotzaren berri, eta beragatik hildako bi gizonen alarguntsen artean aurkitu zen. Sartu eta esaten dio bat-batean Olivierren emazteari: «Non da Olivier?» Emakumearen isiltasunaren aurrean, haren jantziak, negarrak ikusita, ulertu zuen Olivier zendua zela. Ondoeza egin zitzaion; erori eta ore mahaiaren kontra jo zuen buruaz. Bi alarguntsek altxatu zuten; odola isuri zitzaien gainera; eta beren mantalez xukatzen ari ziren bitartean, gizonak esaten zien: «Eta zuek haien emazteak izan, eta hala ere lagundu egiten didazue!» Gero kordea galdu zuen; atzera bere onera etorri eta egiten zuen hasperenka: «Zergatik ez ninduen utzi? Zergatik etorri zen Reimsera? Zergatik utzi zioten etortzen?...» Gero burua galtzen zuen, haserreak hartzen zuen, eta lurrean jiraka hasita arropak urratzen zituen. Oldarraldi haietako batean, hartu sablea eta bere burua hil behar zuen, baina bi emakumeek gainera salto egin zioten, laguntza eske; auzokoak etorri ziren; sokaz lotu zuten eta zazpi edo zortzi aldiz atera zioten odola. Haserrea ematu egin zitzaion indarrak galtzean; eta hilda bezala geratu zen hiruzpalau egunez, eta denboraldi horren buruan kordea itzuli zitzaion. Lehen unean, begiak inguruan jarri, lo sakon batetik irten den gizona bezala, eta esan zuen: «Non nago? Andreok, nortzuk zarete?» Ikazkinaren emazteak erantzun zion: «Ni ikazkinaren emaztea naiz...». Berak berriro: «Ah! bai, ikazkinaren emaztea... Eta zu?..». Olivierren emaztea isildu egin zen. Gero negarrari eman zion, hormari begira jarrita, eta esan zuen negar-zotinka: «Olivierrenean zaude... Ohe hau Olivierrena da... Eta ni neu Olivierren emaztea nintzen! Ai ene!».

        «Hain ondo zaindu zuten bi emakumeek, halako errukia sentiarazi zioten, hainbesteko indarrez eskatu zioten bizitzeko, hain modu harrigarrian erakutsi zioten bera zela haien baliabide bakarra, non azkenean sinetsi egin baitzien.

        «Etxe hartan egon zen denbora guztian, ez zen sekula oheratu. Gauean irteten zen, landan zehar ibiltzen zen alderrai, lurrean iraulkatzen zen, Olivierri deika; emakumeetako batek jarraitu egiten zion, eta eguna urratzerako etxera ekartzen zuen.

        «Askok zekiten Felix Olivierren etxean zela; eta haien artean baziren asmo txarrekoak. Bi alarguntsek ohartarazi zioten zein arriskutan zegoen: eguerdi batez, banku batean zegoen eserita, sablea belaunetan, ukalondoak mahai baten gainean eta bi ukabilak begietan. Lehenik ez zuen erantzun ezer. Olivierren emazteak hamazazpi-hemezortzi urteko mutil bat zuen, ikazkinarenak hamabosteko alaba bat. Bat-batean esan zion ikazkinaren alarguntsari: «Ikazkina, zoaz alabaren bila eta ekarzu hona...» Belardi-sail batzuen jabe zen, eta saldu egin zituen. Ikazkinaren andrea alabarekin etorri zen, Olivierren semea harekin ezkondu zen; Felixek zelaien dirua eman zien, besarkatu egin zituen, barkamena eskatu zien negarrez; eta etxolan jarri ziren bizitzen, eta han dira oraindik, beste haurren aita-amatzakoak eginez. Bi alarguntsak elkarrekin bizi izan ziren; eta Olivierren haurrek aita bat eta bi ama izan zituzten.

        «Orain urte t'erdi edo hil zen ikazkinaren andrea. Olivierren andreak oraindik ere negar egiten du harengatik egunero.

        «Arratsalde batez, Felixen zaindari zeudela (izan ere, bietarik bat beti izaten zuen begirale), ikusi zuten negar batean hasi zela; besoak haiengandik bereizten zuen aterantz luzatu zituen isilik, eta segidan atua egiten jarraitu zuen. Ez zioten ezer esan, ondo asko baitzekiten zein beharrezko zen hark alde egitea. Hitzik esan gabe afaldu zuten elkarrekin. Gauean, gizona jaiki egin zen; emakumeak ez zeuden lo; hanka-puntetan joan zen aterantz, eta irten egin zen. Bi emakumeek estu-estu besarkatu zuten elkar, eta gau osoa negarrez eman zuten. Auskalo non gorde zen Felix; baina ez zaie asterik joaten haren lagungarririk jaso gabe.

        «Ikazkinaren alaba eta Olivierren semea bizi diren basoa Leclerc de Rançonières izeneko batena da, gizon guztiz aberats eta eskualde hartan den Courcelles herriko jaunarena, alegia. Egun batez, Rançonièresko edo Courcellesko jauna, nahi duzuen bezala, basoan zehar zebilen ehizan; Olivierren semearen etxolara iritsi zen; sartu da, hasi da haurrekin jolasean, oso politak baitziren; egin dizkie galdera batzuk; andrea, hura ere ez baitzen batere itsusia, gogoko egin zitzaion; gurasoen menturaren berri izan zuen, Felixentzat barkamena eskatuko zuela agindu zien; eskatu zuen, eta bai lortu ere.

        «Felix Rançonièresko jaunaren zerbitzuan hasi zen ehiza-guarda gisa.

        «Baziren pare bat urte Rançonièresko gazteluan bizi zela, eta bere soldataren parte handi bat bidaltzen zien bi alarguntsei; baina hara non, nagusiari zion atxikimenduak eta bere izaera burgoiak arazo batean sarrarazi zuten; hasieran ez zen ezer, baina gerora ondorio latzak izan zituen.

        «Rançonièresko jaunak Fourmont izeneko jaun bat zuen auzo, Ch...-ko epaitegiko kontseilaria. Mugarri bakar batek bereizten zituen bi etxaldeak; mugarri hark traba egiten zuen Rançonièresko jaunaren atarian, eta oztopatu egiten zuen gurdien sarbidea. Rançonièresko jaunak oinbete batzuk atzerarazi zuen Fourmont-eko jaunaren etxerantz; honek berriro beste hainbeste mugitu zuen mugarria Rançonièresko jaunaren etxerantz; ondotik, gorrotoa, irainak, istilua bi auzoen artean. Mugarriaren auziak beste bi edo hiru auzi larriago sorrarazi zituen. Gauzak horretara iritsiak zirelarik, arratsalde batez Rançonièresko jaunak, bere guarda Felixekin ehizatik itzultzean, Fourmonteko jaun magistratuarekin eta honen anaia militarrarekin egin zuen topo. Honek esan zion anaiari: "Anaia, zer deritzozu agure gaizto honi aurpegia markatzen badiogu?". Rançonièresko jaunak ez zituen aditu hitzok, baina Felixek bai, zoritxarrez. Ozarki mintzatu zitzaion gazteari: "Jaun ofiziala, benetan ausartuko al zinateke esan duzun hori betetzen?". Berehala, utzi fusila lurrean eta heldu dio sableari, ez baitzen inora joaten bere sablea gabe. Militar gazteak atera du ezpata zorrotik, oldartu zaio Felixi; Rançonièresko jauna etorri, tartean jarri eta heldu dio bere ehiza-guardari. Bitartean, militarrak fusila hartu eta tiroa jaurtitzen din Felixi, baina huts egin; honek sable-kolpe bat jaurtitzen dio, eta kolpeaz ezpata kentzen dio gazteari eskutik, eta ezpatarekin beso erdia: horra hor auzi kriminal bat, hiruzpalau auzi zibilekin batera; Felix kartzelan atxilotuta; prozesu izugarria; eta prozesuaren ondoren, bere karguaz eta ia ohoreaz gabetutako magistratu bat, armadatik kanporatutako militar bat, Rançonièresko jauna penaz hilda, eta Felix kartzelan beti ere, Fourmontarren gorrotopean. Fin gaizto egingo zukeen, maitasuna laguntzera etorri ez balitzaio; kartzelariaren alaba maitemindu zitzaion eta ihes egiten lagundu zion: hau egia ez balitz ere, gutxienez denen ahotan dabil. Felix Prusiara joan zen, eta egun guardien errejimenduan ari da zerbitzuan. Kideek estimatu egiten omen dute, erregeak berak ere ezagutzen omen du. Tristea du ezizen; Olivierren alarguntsak esan dit Felixek lagungarriak bidaltzen dizkiela oraindik.

        Hau da, andere, Felixen istorioaz jakin ahal izan dudan guztia. Nire kontakizunari Papin gure parroko jaunaren gutun bat eransten diot. Ez dakit zer dioen bertan, baina beldur naiz apaiz horrek, burugogorra eta gaizto samarra izaki, bere aurreiritzien arabera arituko zaizula Olivier eta Felixez. Arren eskatzen dizut, andere, lot zakizkie egintzei —zaude ziur egia direla—, bai eta zure bihotzaren ontasunari ere, hobeto aholkatuko baitizu hark Sorbonako lehen kasuistak baino —eta hori, noski, ez da Papin jauna.

 

TEOLOGIAN DOKTORE

ETA BOURBONNEKO SANTA MARIAKO

PARROKOA DEN

PAPIN JAUNAREN

GUTUNA

 

        Ez dakit, andere, zer esango zizun azpiordezkari jaunak Olivier eta Felixi buruz, ez eta zergatik duzun hainbesteko interesa bi gaizkile horietaz, mundu honetan eman dituzten urratsak odolez busti baitira beti. Probidentziak zigortu egin du bat, eta arnasaldi batzuk eman dizkio besteari, baina susmoa dut ez zaizkiola ezertarako baliatuko; nolanahi ere, egin bedi Jainkoaren nahia! Badakit hemengo pertsonak (eta ez nintzateke batere harrituko azpiordezkari jauna horien artekoa balitz) adiskidetasun aparteko baten eredu bailiran mintzatzen direla bi gizon horietaz; baina Jainkoaren begien aurrean, zertan geratzen da bertuterik garaiena, erruki-sentipen oroz gabeturik, Elizari eta bere ministroei zor zaien errespetuaz gabeturik, eta subiranoaren legeari men egin gabe? Olivier bere etxeko atean hil da, sakramenturik gabe; Felixi laguntzeko deitu nindutenean, bi alarguntsen etxean zegoelarik, inoiz ezin izan nion atera Olivierren izena besterik; ez erlijio-zantzurik, ez damu-seinalerik. Ez dut gogoan Felix behin ere penitentziaren epaimahaiaren aurrera aurkeztu izana. Olivierren emaztea harroputz bat da, behin baino gehiagotan errespetuan huts egin didana; irakurtzen eta idazten dakielako aitzakian, bere seme-alabak hezi ditzakeelakoan dago; eta haiek ez dira ageri ez parrokiako eskolan ez nire dotrinan. Juzka beza berorrek, andere, horren ondoren, jite horretako pertsonak bere ontasunaren duin ote diren! Ebanjelioak txiroenganako errukia gomendatzen digu beti ere; hara bada, inork ez ditu hobeto ezagutzen benetako behartsuak, txiro eta aberatsen artzain denak baino. Andere horrek konfiantzaz ohoratu nahi banindu, nik gizajoentzako probetxu handiagoz eta zuretzako meritu handiagoz bana nitzake bere ongintzaren fruituak.

        Adeitasunez, e.a...»

 

        ...-ko andereak eskertu egin zizkion azpiordezkariari bere asmo onak, eta bere limosnak bidali zizkion Papin jaunari, honako ohar honekin.

 

        «Eskerronez nagokio, jauna, berorren aholku zuhurrengatik. Aitortu behar diot bi gizon hauen istorioak inarrosi egin ninduela; eta bat etorriko da berori nirekin, hain adiskidetasun berezi baten etsenplu oso aproposa zen arima on eta sentibera bat liluratzeko; baina berorrek argi egin dit, eta pentsatu dut hobe zela bertute kristau eta zoritxarrekoen alde egitea, bertute natural eta paganoen alde egitea baino. Arren erregutzen diot onar dezala bidaltzen diodan dirutzatxo hau, eta bana dezala nik baino hobeto ulertutako urrikalmenduaren arabera.

        «Ohore guztiz...»

 

        Pentsatzekoa da Olivierren alarguntsak eta Felixek ez zutela sosik jaso ....ko anderearen limosnatik. Felix hil zen; eta andre gajoa ere gosez hilko zen bere seme-alabekin, baldin eta basoan gorde ez balitz, seme zaharrenaren etxean. Han ari da lanean bere zaharrean; ahal duen bezala irauten du bere seme-alaba eta biloben ondoan.

 

* * *

 

        Esanak esan, hiru ipuin-mota daude... Dezente gehiago daude, esango didazue... Bego; baina nik Homeroren, Virgilioren, Tassoren estiloko ipuina bereizten dut batetik. Ipuin harrigarri deitzen diot. Bertan exageratu egiten da natura; balizko ageri da egia; eta kontalariak aukeratutako moldea errespetatu badu, dena molde horren arabera paratua bada, eta harian eta elkarrizketetan lortu badu bere obra-motak eskatzen zuen betegintza-gradua, ez dago hari gehiago eskatzerik. Haren poemari ekitean, lur ezezagunean gaude, ezer ez da gertatzen bizi garen honetan bezala, baina dena handikiro gertatzen da, gure inguruan arrunki gertatzen den bezala. Bada gero ipuin komikoa ere, hala nola La Fontaine, Vergier, Ariosto, Hamiltonenak bezalakoa, zeinetan kontalariaren xedea ez baita natura imitatzea, ez egia, ez ilusioa; irudimenezko espazioetara egiten du jauzi. Esaiozue halakoari: «Izan zaitez alai, burutsu, atsegin, original, are bitxi; baina lilura nazazu xehetasunez; formaren xarmak ez diezadala ikusten utz edukiaren egiantzekorik eza; eta kontalariak eskatzen diozuna betetzen badu, egina du dena. Bada, azkenez, ipuin historikoa, Scarron, Cervantes, Marmontel-en obretan irakur daitekeena bezalakoa...»

        — Pikutara ipuin eta ipuinlari historikoak! Halakoa ez da gezurti kaxkar eta hotz bat besterik...

        — Bai, bere ofizioa menderatzen ez badu. Idazle-mota horrek engainatu egin nahi gaitu; su-bazterrean esertzen da; egia osoa eta zehatza du xede; sinets diezaioten nahi du; interesatu, inarrosi, berotu, ikaratu eta malkoak isurarazi nahi ditu; eta ondorio hori ez da lortzen hitz-etorririk eta poesiarik gabe. Baina hitz-etorria gezur-modu bat da, eta ez da poesia bezalakorik ilusioaren kontrako; batak zein besteak exageratu, larretsi, areagotu, mesfidantza eragiten dute: zer egingo du, bada, kontalari horrek zu engainatzeko? Hauxe. Zertzeladatxoz josiko du bere kontakizuna, argumentuari hain lotuta, hain era sinple eta naturalez, eta hala ere hain imajinagaitz direlarik, non zeure buruari esan beharko diozun: «Alafede, hau egia da; gauza hauek ez dira asmatzen». Honela, hitz-etorriaren eta poesiaren exageraziotik salbatuko da; naturaren egiak ezkutatu egingo du artearen prestigioa; eta elkarren kontrako diruditen bi baldintza beteko ditu: aldi berean errealista eta poetiko izatea, egiazko eta gezurti.

        Beste arte batetik hartutako adibide batek are nabariago utziko dizu esan nahi dizudana. Pintore batek buru bat margotu du miesan. Hazpegi guztiak zehatzak dira, handiak eta erregularrak; multzo beteginena eta bakanena duzu. Hari begiratzean, errespetua, mirespena, beldur-ikara sentitzen dut. Haren eredua naturan bilatu eta ez dut aurkitzen; buru horren aldean dena da ahul, txiki eta meharra; buru ideala da; inpresio hori dut, hala aitortzen dut. Baina artistak orban txiki bat erakusten badit buru horren bekokian, garatxo bat loki batean, ebakitxo sumaezin bat beheko ezpainean, buru hori jadanik ez da ideala, eta potret bilakatzen da; nafarreri seinale bat begi ondoan edo sudur ondoan, eta emakume-aurpegi hori jadanik ez da Venusena; nire auzokoren baten potreta da. Hala bada, esango nieke gure kontalari historikoei: ondo da, ederrak dira zuen irudiak; baina horixe falta zaie, garatxoa lokian, ebakia ezpainean, nafarreri marka sudur ondoan, horrexek egingo lituzke egiazko; eta, nire lagun Caillot aktoreak zioen bezala: «Hauts pixka bat aire zapatetan, eta ez naiz nire kamerinotik irten; mendialdetik nator».

 

                Atque ita mentitur, sic veris falsa remiscet,

                Primo ne medium, medio ne discrepet imum.

                                (Horazio, De Art. Poet., 151 ber.)

 

        Eta hain ondo etortzen da moral pixka bat poetika pixka baten ondoren! Felix eskale bat zen, non hil ez zeukana; Olivier beste eskale bat zen, non hil ez zeukana; beste hainbeste esan daiteke ikazkinaz, honen emazteaz eta ipuin honetako beste pertsonaiez ere; ondorio hau aterako duzue, nekez izango dela adiskidantza oso eta gotorrik, non hil ez daukaten gizakien artean ez bada. Gizaki bat izaten da orduan bere lagunaren fortuna osoa, eta laguna berarena. Hortik ondorioztatzen da esperientziaren egia: zorigaitzak estutu egiten ditu lokarriak eta adiskidetasuna; eta horrenbestez bada gairik beste pasarte bat gehitzeko De l'esprit liburuaz aurki egingo den argitalpenari.

 

 

 

© Denis Diderot

© itzulpenarena: Iņaki Iņurrieta

 

 

"Denis Diderot / Hau ez da ipuina" orrialde nagusia