HAU EZ DA IPUINA
Ipuin bat kontatzen denean, aditzen duen norbaiti kontatzen zaio; eta denik laburrena izanda ere, gutxitan gertatzen da entzuleak kontalaria zenbait aldiz ez etetea. Horra zergatik sartu dudan irakurriko den kontakizunean, ipuina ez den honetan —edo ipuin txar bat den honetan, zalantzarik baduzue—, irakurlearena-edo egingo duen pertsonaia bat; eta besterik gabe hasiko naiz.
* * *
Eta zer ondorio ateratzen duzu hortik?
— Halako gai interesgarri batek aldean jarri behar ligukeela burua; hiriko biltoki guztietako solasgaia izan behar lukeela hilabetez; han zaporea galdu arte iraulia eta desiraulia izan; mila eztabaidatarako gaia hornitu, hogei idazkitarako gutxienez, eta bertsozko ehunka piezatarako, alde edo kontra; eta egilearen finezia guztia, jakintza guztia, izpiritu guztia eta guzti, haren obrak ez baitu inolako zalapartarik sorrarazi, kaxkarra dela, oso kaxkarra gero.
— Baina iruditzen zait hala ere arrats atsegin samarra zor diogula, eta irakurraldi honek ekarri duela...
— Zera! maiztutako istorio-andana bat, alde batekoek eta bestekoek elkarri jaurtika, eta betidanik oso gauza jakina den zerbait besterik ez ziotena, alegia gizona eta emakumea bi abere oso gaizto direla.
— Hala ere, izurriak zu ere hartu zaitu, eta zeure laina ordaindu duzu beste edonork bezala.
— Izan ere, gogo onez nahiz txarrez, jarritako bidetik ibili beharra dago; jendartera sartzean, norberaren aurpegiera ere ikusten direnen arabera konpondu ohi da; atsegin azaldu ohi da bat, triste egonik; triste, atsegin izateko gogoa izanda; ez zaio arrotz izan nahi ezeri; literatoak politikaz jarduten du; politikariak metafisikaz; metafisikoak moralaz; moralistak finantzez; finantzariak, letra ederrez edo geometriaz; aditu edo isildu ordez, bakoitzak ez dakienaz jarduten du, eta denak aspertzen dira banitate ergelaren edo adeitasunaren kariaz.
— Umoreko zaude.
— Beti bezala.
— Eta uste dut egoki dela nire istorioa une hobe baterako gordetzea.
— Alegia, nik noiz alde egingo zain zaudela.
— Ez da hori.
— Edo beldur zarela ez ote dudan zuregana, buruz buru, jende artean ezezagun batengana nukeena baino barkamen gutxiago izango.
— Ez da hori.
— Atsegin bekizu, bada, zer den esatea.
— Nire istorioak ez duela frogatzen nekarazi zaituzten beste horiek baino gehiagorik.
— Tira! Kontatu, hala ere.
— Ez, ez; nahikoa duzu.
— Ba al dakizu amorrarazteko diren modu guztietarik, zurea zaidala gogaikarriena?
— Eta zein da, bada, nirea?
— Zerbait egiteko irrikaz egon eta hori egin dezazun erregu diezazutela. Ondo da, lagun, atsegin har dezazun erregutzen dizut, arren eta otoi egiten dizut.
— Atsegin har dezadan!
— Has zaitez, Jainkoarren, has zaitez!
— Laburra izaten saiatuko naiz.
— Hori ez da hain txarra izango.
Hemen, pixka bat maleziaz, eztula egin nuen, tu egin nuen, musuzapia poliki-poliki zabaldu, zintz egin, toxa ireki, tabako pixka bat hartu; eta hala aditu nion besteari, bere artean zioela: «Istorioa laburra bada, hasi aurrekoak behintzat luzeak...». Mirabe bati deitzeko gogoak eman zidan, edozer mandaturen aitzakiaz; baina ez nuen halakorik egin, eta esan nion:
— Aitortu beharra dago badirela ondo gizon onak, eta ondo emakume gaiztoak.
— Egunero ikusten dena hori ere, eta batzuetan etxetik irten gabe. Eta?
— Eta? Ezagutu nuen alsaziar eder bat, baina ederra agureak erakartzeko eta gazte-jendeari motxean lotuta eusteko.
— Nik ere ezagutu nuen; Mme. Reymer zuen izena.
— Egia da. Nancytik etorri berri bat, Tanié zeritzana, itsuki maitemindu zen harekin. Pobrea zen, ume galdu horietako bat, seme-alaba ugaridun gurasoen gogorrak etxetik botata mundura abiatzen direnak zertara iritsiko diren jakin gabe, senak esaten baitie ihes egiten dioten hori baino zori okerragorik ez dutela izango. Tanié, Reymer anderearekin maiteminduta, kemena ematen zion eta ekintza guztiak edertzen zizkion grina batek suhartuta, higuin handirik gabe ematen zen penagarri eta nardagarrienetara, neska lagunaren miseria arintzeko. Egunez, portura joaten zen lanera; arratsez, eskean ibiltzen zen kaleetan.
— Ederra oso, baina ezin askorik iraun horrek.
— Tanié ere, beharraren kontra borrokatzeaz nekatuta, edota emakume xarmanta pobrezian edukitzeaz, hau atzetik zituen gizon aberatsek estutzen baitzuten Tanié gizajo hura bota zezan...
— Halaxe egingo zuen hamabost egun, hilabete beranduago.
— Eta beren aberastasunak onar zitzan, haren ondotik alde egitea erabaki zuen, eta fortuna tentatzera urrunera joatea. Eskatu du, lortu du erregearen itsasontzi baterako pasaia. Iritsi zaio abiatzeko unea. Joan zaio Reymer andereari agur esatera. «Ene laguna, esaten dio, ez nezake zure samurtasunaz gehiago abusatu. Erabakita nago, banoa». «Bazoaz!». «Bai...». «Eta nora zoaz bada?». «Irletara. Beste zori bat merezi duzu zuk, eta ez nezake halakorik atzeraraz...»
— Hura bai ona, Tanié!
«Eta zer gertatuko zait niri?»
— Bestea bai traidorea!
«Atsegin eman nahi dizun jendez inguratuta zaude. Agindu dizkidazunak itzultzen dizkizut; emandako hitza itzultzen dizut. Ikus ezazu atzetik dituzun horien artean nor duzun gogokoen; onar ezazu, neronek eskatzen dizut, arren...». «Ene, Tanié, zerorrek proposatzen didazu...»
— Ez daukazu Reymer anderearen plantak azaldu beharrik. Ikusten dut, badakit...
«Alde egitean, eskatzen dizudan grazia bakarra, betiko bananduko gaituen loturarik ez eratzea, horra. Zin egidazu, nire lagun eder horrek. Zeinahi dela bizilekutzat har dezadan lur-bazterra, ondo zorigaitzekoa izan beharko dut urtebete iraganda zureganako samurtasunaren froga ziurrik ematen ez badizut. Ez ezazula negar egin...»
— Emakume guztiek egiten dute negar nahi dutenean.
«... Eta ez kontra egin bihotz-zimikoek iradoki didaten asmoari, beraiek ekarriko bainaute luze gabe». Eta horra Tanié Santo Domingora abiatu.
— Eta une egokian abiatu ere, bai Reymer anderearentzat eta bai berarentzat.
— Zer dakizu zuk horretaz?
— Badakit, jakin daitekeen bezain ongi, Taniék aukera bat egitea aholkatu zionerako, egina zuela.
— Tira!
— Jarraitu zeure kontakizunari.
— Taniék jeinua eta gaitasun handia zituen aferetarako. Luze gabe egin zen ezagun. Cap-eko kontseilu subiranoan sartu zen. Bere argitasunak eta zuzentasunak nabarmenarazi zuten han. Ez zuen gutiziatzen fortuna handirik; zintzo eta bizkor lortu, besterik ez zuen nahi. Urtero, zati bat bidaltzen zion Reymer andereari. Azkenean itzuli zen, handik... bederatzi-hamar urtera; ez, ez dut uste luzeago faltako zenik... aurkeztu lagunari zorrotxo bat, bere bertute eta nekeen etekina gordetzen zuena... eta, hara Taniéren zoriona, orduantxe suertatu emakumea Taniéren ondorengoetan azkenagandik banandu berri.
— Azkenagandik?
— Bai.
— Beraz, izan zirela banaka batzuk?
— Bai noski.
— Segi, segi.
— Baina beharbada ez dizut esango nik baino hobeto ez dakizunik.
— Zer axola dio horrek, segi hala ere.
— Mme. Reymer eta Taniék egoitza eder samarra zuten hartua Sainte-Marguerite kalean, nire aldamenean. Oso estimatua nuen Tanié, eta sarri izaten nintzen haren etxean, aberatsa ez bazen ere, guztiz eroso jarrita baitzeukan.
— Seguru-seguru esan diezazuket, Reymer horrekin kontuak ateratzen ibili gabe, hamabost mila libera baino gehiago zituela errentan Tanié itzuli aurretik.
— Bere fortuna ezkutatzen ziola, alegia?
— Bai.
— Eta zergatik?
— Zekena eta harraparia zelako.
— Harraparia, tira; baina zekena! gorte-andere bat zekena! ... Baziren bospasei urte bi maitaleok ulerpiderik onenean bizi zirela.
— Bataren finezia ezin handiagoari eta bestearen konfiantza mugagabeari esker.
— O! Egia da susmoaren itzal-arrastorik ere ez zela sartzen Taniérena bezain arima aratzean. Behin edo behin erreparatu dudan gauza bakarra, Reymer andereak laster ahaztu zuela bere lehen eskasia; arrandiaren eta aberastasunaren maitasunak tormentupean zeukatela; apalduta zegoela hain emakume ederra izanda oinez ibili beharragatik.
— Ez zela zalgurdian ibiltzen, alegia?
— Eta gaizpidearen distirak ezkutatzen ziola itsuskeria. Barre egiten duzu?... Maurepasko jaunak iparraldean merkataritza-etxea jartzeko proiektua osatu zuenean izan zen hau. Ekinbide horren arrakastak gizon ekile eta azkarra eskatzen zuen. Taniérengan ezarri zuen begia, hainbat afera garrantzitsuren ardura emana baitzion Capeko egonaldian, eta hura beti enplegatu ministroaren atseginez. Tanié jota geratu zen adei-agiri harengatik. Hain zegoen pozik, hain zoriontsu lagun ederraren ondoan! Maite zuen; maite zuten, edo hala uste zuen berak behintzat.
— Ondo esana dago hori.
— Zer gehi ziezaiokeen urreak haren zorionari? Ezer ez. Hala ere, ministroak joateko eta joateko. Erabaki beharra zegoen, Reymer andereari dena azaldu beharra zegoen. Hain zuzen, ikuskizun triste honen amaian iritsi nintzen haren etxera. Tanié gizajoa malkotan urtzen zegoen. «Zer duzu, lagun?» esan nion. Eta berak, zotinka: «Emakume hau!». Reymer anderea lasai ari zen tapizgintzako lan batean. Tanié zutitu bat-batean eta irten egin zen. Bakarrik geratu nintzen lagunarekin, eta hark ez zidan utzi Taniéren zentzugabekeria zeritzona jakin gabe. Bere egoeraren urria gehiegitu zidan; izpiritu zoli batek askonahiaren sofismak estaltzeko erabiltzen duen maltzurkeria guztia ezarri zion bere deitoreari. «Zer da? Bi edo hiru urtetarako alde egitea, gehienez ere». «Nahikoa denbora maite duzun eta bere burua adina maite zaituen gizon batentzat». «Maite nauela? Maite banindu, zalantzarik egingo ote luke niri atsegin emateko?». «Baina andere, ez al zoaz berarekin?». «Ni! Inola ere ez!; eta hain da bere gisako, hori proposatzeaz ohartu ere ez da egin. Zalantzak al ditu nitaz?». «Ez dut uste». «Hamabi urtez beraren zain egon naizenez gero, egon daiteke beste bi edo hirutan nire leialtasunaz fidaturik. Jauna, hau bizitzan behin bakarrik suertatu ohi diren abagune bitxi horietako bat baina; eta ez dut nahi egunen batean damutzea eta beharbada niri leporatzea aukera galdu izana». «Taniék ez du ezeren damurik izango, zuri atsegin emateko zoriona dueino». «Oso ondo dago hori; baina zaude ziur hura oso pozik egongo dela aberastuta ni zahartutakoan. Emakumeen errua etorkizunaz inoiz ez pentsatzea da; nirea ez, ordea...». Ministroa Parisen zegoen. Sainte-Marguerite kaletik hotelera pauso bat besterik ez dago. Tanié hara joan eta hitz emana zen. Begiak lehor baina arima kuzkur itzuli zen. «Andere», diotso, «Maurepasko jauna ikusi dut; hitza eman diot. Banoa, bai, banoa, atsegin emango zaizu». «Ai! nire laguna!...». Reymer andereak alde bat uzten du bere lana, Taniérengana oldartzen da, beso artean hartzen dio lepoa, laztanez eta hitz goxoz betetzen du. «Ai! Oraingoan bai ikusten dudala maite nauzula». Taniék hotz erantzuten dio: «Aberatsa izan, horixe nahi duzu zuk».
— Bazen, ordea, alproja hura, merezi baino hamar aldiz gehiago...
«Eta izango zara. Urrea maite baituzu, noan zuretzako urre bila». Asteartea zen; ministroak ostirala zuen jarria abiarako, atzerapenik gabe. Agur esatera joan nintzaion bere buruarekin borrokan ari zen unean, Reymer eder, doilor eta ankerraren besoetatik askatzen saiatzen zenean. Ideien nahasmendu bat, etsipen bat, herio bat zen hura, halakorik ez dut nik berriro ikusi. Hura ez zen lantua; garrasi luze bat zen. Artean Reymer anderea ohean zegoen. Gizonak haren esku bat zeukan hartuta. Esan eta esan ari zen etengabe: «Emakume ankerra! Ankerra halakoa! Zer behar duzu, daukazun modu ona eta ni bezalako lagun bat, maitale bat besterik? Fortuna bila joan natzaio Amerikako bazter kiskalgarrietara; orain, berriz, haren bila iparraldeko izotzen artera joan nadin nahi du. Lagun, sumatzen dut emakume hau erotuta dagoela; sumatzen dut burugabea naizela; baina hiltzea ez zait berau tristatzea bezain gogorra. Alde egin diezazudan nahi duzu; alde egingo dizut, bada». Belauniko zegoen ohe ertzean, ahoa bestearen eskuari emanda eta aurpegia estalkien artean ezkutaturik, hala non xuxurla ematzean, are tristeago eta erdiragarriago bihurtzen baitzen. Gelako atea ireki egin zen; burua jaso zuen berehala; ikusi zuen zaltzaina, zaldiak gurdiari lotuta zeudela iragartzera etorria. Garrasi egin zuen, eta atzera aurpegia estalkien artean ezkutatu. Isilune baten ondoren, jaiki egin zen; esaten dio lagunari: «Besarka nazazu, andere; besarka nazazu berriz ere, ez bainauzu berriro ikusiko». Susmo hura egia-egia zen. Abiatu zen. Iritsi zen Petersburgora eta, handik hiru egunera, sukar batek jo eta laugarrenean hil zen.
— Banekien hori guztia.
— Taniéren ondorengoetako bat ote zaitut?
— Zeuk esan duzu; eta eder gorrotagarri horrexekin hondatu ditut neure aferak.
— Tanié gizajoa!
— Bada munduan inozoa dela esango dizunik.
— Ez naiz haren alde aterako; baina bihotz-bihotzetik nahi nuke halakoei beren patu gaiztoak Reymer anderea bezalako emakume eder ustel bat jar liezaien bidean.
— Ankerra zara zeure mendekuetan.
— Eta gainera, baldin emakume gaiztorik eta gizon ononik bada, badira emakume on-onak eta gizon gaizto-gaiztoak ere; eta erantsiko dudana ez da aurrekoa baino ipuinago.
— Sinetsita nago.
— M. d'Hérouville...
— Oraindik bizi den hori? Erregeren armadako teniente nagusia? Lolotte izeneko izaki xarmantarekin ezkondu zena?
— Berbera.
— Adeitsua gizona, zientzien zalea.
— Eta jakintsuena. Denbora luzean jardun du gerraren historia orokor batekin, mende eta nazio guztietan zeharrekoa.
— Makala proiektua.
— Hura burutzeko, gazte-jendeaz inguratu zen, merezimendu nabarmenekoaz, hala nola M. de Montucla, Matematikaren Historia-ren egileaz.
— Arraioa! Halako buruargi asko al zen han?
— Baina Gardeil zeritzanari, kontatuko dizudan menturako heroiari, ez zion alde handirik kentzen. Greziar hizkuntzaren aldeko amorru komunak eman zion hasiera Gardeil eta bion arteko loturari, eta denborak, elkarri eman genizkion aholkuek, bizimodu erretiraturako zaletasuna, eta batez ere elkar ikusteko erraztasunak adiskidetasun handi samarrera eraman gintuzten.
— Orduan zu l'Estrapaden bizi zinen.
— Hura Sainte-Hyacinthe kaiean, eta laguna, Mlle. de La Chaux, Saint-Michel plazan. Bere izenez aipatzen dut, zorigaitzeko gajo hura zendua delako, bere biziak ohorea besterik ez dakarkiolako izpiritu ongi hezietan, eta naturak haren arimaren sentikortasunaren puskatxo batez hornitu edo zigortu dituenen mirespena, damua eta malkoak.
— Baina ahotsa eten egiten zaizu, eta uste dut negarrez zaudela.
— Oraindik ere haren begi beltz, distiratsu eta gozoak ikusten ditudala iruditzen zait, eta haren ahots hunkigarriaren soinuak durundi egiten didala belarrietan, eta bihotza larritzen didala. Izaki xarmanta! Izaki paregabea! Joan zinen! Badira hogei bat urte joan zinela; eta oraindik ere bihotza kuzkurtu egiten zait zutaz oroitzean.
— Maite zenuen?
— Ez. Oi La Chaux! Oi Gardeil! Bata zein bestea harrigarriak izan zineten; zu, emakumearen samurtasunagatik; zu, gizonaren esker gaiztoagatik. La Chauxko andereñoa familia onekoa zen. Gurasoengandik alde egin zuen Gardeilen besoetara. Gardeilek ez zuen ezer, La Chauxko andereñoak bazituen ondasun batzuk; eta ondasun horiek osorik sakrifikatu zizkien Gardeilen premia eta fantasiei. Emakumeak ez zuen damurik izan fortuna xahutzeagatik, ez ohorea galtzeagatik. Maiteak hartzen baitzion guztia.
— Gardeil hori oso liluragarria, oso maitagarria zen, beraz?
— Inondik ere ez. Gizon kamuts, goibel eta lehor bat; aurpegi iharrekoa, beltzaran-beltzarana; osotara, irudi mehe eta ahulekoa; itsusia, gizon bat halakoa izan badaiteke izpirituaren fisonomiaz.
— Eta neska xarmant bati burua galdu arazi ziola, hala ere?
— Eta harritu egiten al zara?
— Beti.
— Zu?
— Ni.
— Baina ez al duzu gogoratzen Deschamps-ekin izan zenuen mentura, eta zein etsipen sakonera erori zinen izaki hark atea itxi zizunean?
— Utz diezaiogun horri; jarraitu.
— Nik esaten nizun: «Oso ederra al da, bada?». Eta tristeki erantzuten zenidan: «Ez». «Hortaz, izpiritu garaikoa?». «Tentel bat da». «Beraz, haren dohainek bereganatu zaituzte?». «Bat besterik ez du». «Eta zein da, bada, talentu bitxi, liluragarri, zoragarri hori?». «Haren besoetan sekula beste edozein emakumerenetan baino zoriontsuago izan naizela». Baina La Chauxko andereñoak, La Chauxko andereño zintzo sentibera hark ezkutuan, senez, bere kasa, zuk dakizun zoriona opa zion bere buruari, zuri Deschamps emakumeari buruz esanarazten zizuna: «Baldin zorigaiztoko hau, galdu hau, ni bere etxetik botatzen setatzen bada, hartuko dut pistola bat eta neure burmuinez zipriztinduko diot gelaurrea». Esan al zenuen halakorik, bai ala ez?
— Esan nuen, bai; eta oraindik ere ez dakit zergatik ez nuen hala egin.
— Onar ezazu bada.
— Nahi duzun guztia onartzen dut.
— Lagun, gutako zuhurrena ere ondo zoriontsua da emakume ederra edo itsusia, izpirituduna edo ergela aurkitu ez badu, Petites-Maisons-en atxilotzeraino erotuko zukeena. Izan dezagun gupida gizonez, gaitzetsi ditzagun neurriz; ikus ditzagun joandako urteak gure atzetik dugun gaiztakeriari ebatsitako uneak bailiran; eta ez dezagun pentsa inoiz, ikaraz ez bada, naturaren zenbait erakarmenen bortitzaz, batez ere izpiritu bero eta irudimen gartsuengan. Ustekabean bolbora-barrika batean erori den txinpartak ez du ondorio izugarriagorik eragiten. Zure edo neure gainean txinparta zorigaiztoko hori jaurtitzeko prest dagoen hatza altxatua da agian dagoeneko.
M. d'Hérouvillek, bere lana bizkortzeko irrikaz, nekepean zeuzkan bere lankideak. Gardeilen osasuna eskastu egin zen. Hari lana arintzeko, La Chauxko andereñoak hebraiera ikasi zuen; eta lagunak atseden hartu bitartean, berak autore hebraitarren pasarteak interpretatzen eta transkribatzen ematen zuen gauaren zati bat. Aurore grekoak biluzteko garaia ere etorri zitzaion; La Chauxko andereñoak hizkuntza horretan iaiotzeari ekin zion, bai baitzuen ezagupen apur bat. Eta Gardeilek lo egin bitartean, berak Xenofonte eta Tuzidideren pasarteak itzultzen eta kopiatzen jarduten zuen. Grekoaren eta hebreeraren ezagutzari, italierarena eta ingelesarena jarraitu zitzaizkion. Ingelesa Humeren metafisikako lehen entseguak frantsesez emateraino menperatu zuen; gaiaren zailtasuna neurrigabe gehitzen zitzaion hizkuntzarenari obra hartan. Ikasten indar guztiak ahitzen zituenean, atsegin hartzen zuen musika idazten. Bere maitaleaz asperdura jabetuko ez ote zen beldur zenean, kantatu egiten zuen. Ez dut batere exageratzen, le Camus jaun mediku doktorea da lekuko, hura bere pena eta nekeetan kontsolatu baitzuen eta txirotasunean lagundu baitzion; zerbitzu etengabeak egin baitzizkion; buhardila batera jarraitu baitzion, pobretasunak hara eraman zuenean, eta begiak itxi baitzizkion hil zenean. Baina haren lehen zorigaitzetako bat ahaztu zait: familia sumindu batek jazarri egin ziola harreman publiko eta ahalkeizungarriengatik. Egia eta gezurra erabili ziren haren askatasuna modu lotsagarrienean menderatzeko. Gurasoek eta apaizek auzoz auzo jazarri zioten, etxez etxe, eta zenbait urtez bakarrik eta ezkutuan bizitzera behartu zuten. Gardeilentzako lanean ematen zituen egunak. Gu gauean agertzen gintzaizkion; eta bere maitalearen aurrean, bere samin guztia, bere egonezin guztiak ezabatu egiten ziren.
— Hara! Gaztea, izutia, hainbeste ezbeharren artean sentibera, zoriontsua zen.
— Zoriontsua! Bai, beti izan zen, Gardeil eskergaiztoko agertu zitzaion arte.
— Baina ezinezkoa da hainbeste kalitate bitxiren, hainbeste samurtasun-seinaleren, hainbeste sakrifizio era guztietakoren ordaina eskergaiztoa izatea.
— Oker zaude, Gardeil eskergaiztoko izan zen. Egun batez, La Chauxko andereñoa bakarrik aurkitu zen munduan, ohorerik gabe, fortunarik gabe, babesik gabe. Ez naiz ondo ari: ni aldi batez izan nintzaion babes; le Camus doktorea, beti.
— Oi, gizonak, gizonak!
— Nortaz ari zara?
— Gardeilez.
— Gaiztoari begiratzen diozu; eta ez duzu ikusten ondo-ondoan gizon ongilea. Oinaze eta desesperaziozko egun hartan, niregana etorri zen. Goiza zen. Zurbil zegoen, hildako bat bezala. Bezperan jakin zuen bere zoria, eta sufrimendu luzeen aztarnak ageri zituen. Ez zuen negar egiten; baina bistan zuen negar asko egina zela. Besaulki baten gainera bota zuen bere burua; ez zuen ezer esaten; ezin zuen hitz egin; besoak luzatu zizkidan, aldi berean garrasika. «Zer dugu?», esan nion, hil egin al da?...». «Okerrago: ez nau maite; alde egin behar dit...»
— Segi.
— Ez nuke asmatuko; ikusi egiten dut, entzun egiten dut; eta begiak malkoz betetzen zaizkit. «Ez zaitu maite?...». «Ez». «Alde egin behar dizu?». «Bai. Beragatik egin dudan guztia egin ondoren!... Jauna, burua nahasten ari zait; erruki zakizkit; ez nazazu abandona... batez ere ez nazazu abandona...». Hitzok esatean, besoak hartu eta indartsu estutu zizkidan, hurbilean norbait izan balu bezala, hartu eta eraman egingo zuela mehatxuka... «Ez izan beldurrik, andereño». «Neure buruari diot beldurra...». «Zer egin nezake zure alde?». «Lehenik, neuregandik salbatu... Ez nau maite! Nekatu egiten dut! Aspertu egiten dut! Higuindu egiten dut! Gorrotatu egiten nau! Alde egin behar dit! Utzi egin behar nau, utzi!». Hitz hau errepikatu ondoren, isiltasuna etorri zen; eta isiltasun haren ondoren, barre-algara dardarazko batzuk, desesperantzaren garrasiak edo hiltamuzko arnasestua baino mila aldiz beldurgarriagoak. Ondoren negarra, oihuak, mintzo ahoskagabea, zerura begiradak, ezpain dardarkariak, oinaze-samalda bat berez etortzen utzi beharrekoa; horixe egin nuen; eta ez nintzaion hasi arrazoika, harik eta haren arima puskatuta eta deseginda ikusi nuen arte. Orduan ekin nion: «Gorrotatu egiten zaitu, alde egin behar dizu! Eta nork esan dizu hori?». «Berak». «Tira, andereño, itxaropen eta adore pixka bat. Ez da munstro bat...». «Zuk ez duzu ezagutzen; ezagutuko duzu. Ez da beste halako munstrorik, ez da sekula izan». «Ezin dizut sinetsi». «Ikusiko duzu». «Beste norbait maite al du?». «Ez». «Ez al diozu zerorrek susmabiderik eman, nahigaberen bat?». «Ezta batere». «Zer ote da, beraz?». «Nire ezereza. Jadanik ez dut ezer. Jadanik ez naiz gauza ezertarako. Haren anbizioa; beti izan baita anbiziotsua. Nire osasuna galtzea, nire xarma galtzea; hainbeste sufrimendu, hainbeste neke izan baitut; asperdura, nazka». «Maitale izateari utzi bai, baina adiskide segi dezakezue». «Jasanezina bihurtu natzaio; nire presentzia astun zaio, ni ikusteak samindu eta nahigabetu egiten du. Bazeneki zer esan didan! Bai, jauna, esan dit nirekin hogeita lau ordu pasatzera kondenatuko balute, leihotik behera egingo lukeela salto». «Baina halako ezin ikusia ez da bat-bateko kontua». «Zer dakit nik? Berez hain da erdeinaria! Hain kasu gutxi egiten dit! Hain da hotza! Hain da zaila arimen barrua irakurtzea! Hain da gogorra norberaren herio-zigorraren epaia irakurtzea! Esan egin dit, eta zeinen gogor esan ere!». «Ez dut ezer ulertzen». «Gauza bat eskatu nahi dizut, eta horretarako etorri naiz: emango al didazu?». «Zernahi dela ere». «Hara. Zuri begirunea dizu; badakizu zenbat zor didan. Agian gorritu egingo da zure aurrean den bezalakoa azaltzen. Ez, ez dut uste horretarako kopetarik edo indarrik izango duenik. Emakume bat baino ez naiz, eta zu gizona zara. Gizon samur, zintzo eta zuzen batek badu itzalik. Begirunea izango dizu. Emadazu besoa, eta ez ukatu harenera niri lagun egitea. Zure aurrean hitz egin nahi diot. Nork daki nire oinazeak eta zure presentziak zer egingo dioten? Lagunduko al didazu?». «Oso gustura». «Goazen...».
— Susmoa dut horien oinazeak eta presentziak ez dutela ezertarako balioko. Nazka! Gauza izugarria da gero nazka maitasunean, eta emakume batez!...
— Esku-orga bat eskatzeko agindu nuen; ez baitzen gauza oinez joateko. Iritsi ginen Gardeilenera, etxe berri hartara, Hyacinthe kaleko eskuinaldean dagoen bakarrera, Saint-Michel plazatik sartuta. Han, eramaileak gelditu egin ziren; ireki dute atea. Zain nagokio. Emakumea ez da irteten. Hurbildu natzaio, eta sekulako dardarizo batek hartutako emakumea ikusten dut; hortzek karraska egiten diote sukar-ikaran bezala; belaunak elkar joka dauzka. «Unetxo bat, jauna; barkamena eskatzen dizut; ez nuke asmatuko... Zer egin behar dut nik hor? Alferrik atera zaitut zeure eginkizunetatik; sentitzen dut; barkamena eskatzen dizut...». Hala ere besoa luzatu nion. Hartu zidan, eta jaikitzen saiatu zen; ezin, ordea. «Unetxo bat oraindik, jauna, esan zidan; pena ematen dizut, nire egoerak nahigabetu egiten zaitu... Azkenean sendotu zen pittin bat, eta aulkitik irtenez, erantsi zuen ahapeka: «Sartu egin behar dut; ikusi egin behar dut. Zer dakit nik? Agian hil egingo naiz...». Zeharkatu dugu patioa; iritsi gara apartamentuko atera; Gardeilen gelan gaude. Bere bulegoan zegoen, etxeko jantzian, gaueko kapelarekin. Agur egin zidan eskuaz, eta esku artean zuen lanarekin jarraitu zuen. Gero, niregana etorri eta esan zidan: «Ados izango zara, jauna: emakumeak oso nekagarriak dira. Barka eta barka eskatzen dizut andereñoaren erokeriengatik. Gero, bizirik baino hilda gehiago zegoen gajo hari: «Andereño, esan zion, zer nahi didazu oraindik? Uste dut hain argi eta garbi azaldu dizudanaren ondoren, gure arteko guztiak amaituak direla. Esan dizut ez zaitudala maite; buruz buru esan dizut; zure asmoa, itxura denez, jaun honen aurrean berresan diezazudan da; ondo da, andereño, ez zaitut maite. Zuganako maitasuna sentimendu itzalia da nire bihotzean; eta erantsiko dut, honek kontsolatzen bazaitu, baita beste edozein emakumerenganako ere». «Baina esadazu zergatik ez nauzun jadanik maite». «Ez dakit; dakidan guztia, hasi ere zergatik ez nekiela hasi nintzela; zergatik ez dakidala amaitu dudala; eta ezinezkoa deritzodala grina hori berriro etor dadin. Gaztetako erokeria bat, eta pozik nago erabat sendatu naizelako». «Zer egin dut gaizki?». «Ezertxo ere ez». «Kexuren bat al duzu ezkutuan nire portaeraz?». «Ezta txikiena ere; gizon batek desira dezakeen emakumerik saiatuena, zintzoena, samurrena izan zara». «Nire esku zegoen zerbait ahaztu al dut?». «Ezer ez». «Ez al dizkizut nire gurasoak sakrifikatu?». «Egia da». «Nire fortuna?». «Desesperatu egiten nau horrexek». «Nire osasuna?». «Baliteke». «Nire ohorea, nire izen ona, nire atsedena?». «Nahi duzun guztia». «Eta hala ere gorrotatu egiten nauzu!». «Gogorra da esatea, gogorra entzutea, baina horretara ezkero, onartu beharra dago». «Gorrotatu egiten nau! Badakit, bai, eta ez nau gehiago estimatzen! Gorrotagarria! Ah! Jainkoa!...». Hitz horiek esanda, heriotzaren zurbila zabaldu zitzaion aurpegira; ezpainak kolorgetu egin zitzaizkion; izerdi hotzaren tantak, masailetan, begietatik jaisten zitzaizkion malkoekin nahasten ziren; itxita zituen begiak; burua besaulkiaren bizkarrera itzuli zuen; hortzak estutu zituen; soin-atal guztiak ikara batean zituen; ikara haren ondotik hildura bat jarraitu zitzaion, etxeko atean erne zitzaion itxaropenaren amaia iruditu zitzaidana. Horrela irauteak beldurtu egin ninduen. Besana kendu nion; soinekoko lokarriak askatu nizkion; gonetakoak laxatu, eta ur freskozko tanta batzuk bota nizkion aurpegira. Begiak erdi ireki zituen; eztarritik murmur sor bat atera zuen; zerbait ahoskatu nahi zuen: gorrotatu egiten nau; eta hitzaren azken silabak besterik ez zituen ebakitzen; gero txilio zorrotza jaurti zuen. Betazalak itxi zituen; eta kordea galdu zuen berriz. Gardeilek, hotz-hotz bere besaulkian eserita, ukalondoa mahai gainean eta burua eskuan, hunkitu gabe begiratzen zion, eta niri uzten zidan helegite lana. Zenbait aldiz esan nion: «Baina jauna, hil behar zaigu... norbaiti deitu beharko genioke». Irribarrez eta sorbaldak jasoz erantzun zidan: «Emakumeek bizitza gogorra dute; ez dira hain gutxigatik hiltzen; hau ez da ezer; pasatuko zaio. Ez dituzu ezagutzen; nahi duten guztia egiten dute beren gorputzarekin...». «Azkenetan dago, esaten dizut. Izan ere, gorputza indarrik eta bizirik gabe zuen; besaulkitik ihes egiten zuen, eta eroriko zen lurrera, eskuinaz edo ezkerraz eutsi ez banio. Hala ere Gardeil bat-batean zutitu zen; eta bere gelan batera eta bestera, honela zioen egonezinez eta umore txarrez: «Nahiago nukeen eszena gogaikarri hau beretzat gorde balu; baina azkena izango ahal da. Zer arraio nahi ote du emakume honek? Maite izan dut; horma buruaz jo ere egingo nuke, baina horrek ez luke zipitzik ere aldatuko. Jadanik ez dut maite; honez gero jakin behar luke, eta ez badaki ez du sekula jakingo. Dena esana dago...». «Ez, jauna, dena ez Mago esana. Bai zera! Zuk uste duzu gizabidez ari den no, baitek guztia ken diezaiokeela emakume bati, eta gero utzi?». «Zer nahi duzu egitea? Ni ere bera bezain pobrea naiz». «Zer nahi dudan zuk egitea? Zeure miseria zerorrek eragindako beraren miseriarekin bat egin dezazula». «Horixe esateko gogoa baduzu... Bera ez legoke hobeto, eta ni askoz okerrago nengoke». «Horrela jokatuko al zenuke dena eman dizun lagun batekin?». «Lagun bat! Lagun bat! Ez dut fede handirik lagunengan; eta esperientzia honek erakutsi dit grinei ere batere federik ez izaten. Amorratuta nago lehenago jakin ez dudalako». «Eta bidezkoa da zorigaiztoko hau zure bihotz gaiztoaren biktima izatea». «Eta nork esan dizu hilabete, bi hilabete geroago, ni ere ez nintzatekeela beraren bihotz gaiztoaren biktima izango, hain ankerki?» «Nork esan didan? Berak zuregatik egin duen guztiak, eta dakusazun bezala egoteak». «Berak niregatik egin duenak! Jainkoarren, nahikoa ordaindu diot hainbeste denbora alferrik galduz». «Ah! Gardeil jauna, a zer konparazioa zure denboraren eta hartu dizkiozun gauza preziogabe guztien artean!». «Ez dut ezer egin, ez naiz inor, hogeita hamar urte ditut; badut garaia, orain edo inoiz ez, neure buruaz arduratzeko, eta txorakeria hauek guztiak balio duten beste preziatzeko...».
Bien bitartean, andereño gajoa bere onera etortzen hasia zen. Azken hitzok entzutean, bizi samar ekin zion: «Nork aipatu du denbora alferrik galtzea? Lau hizkuntza ikasi ditut, berari lanak arintzearren; mila liburu irakurri ditut; idatzi, itzuli, kopiatu egin dut gau eta egun; neure indarrak ahitu ditut, neure begiak erabili, odola erre; gaixotasun nekoso bat neureganatu dut, agian sekula sendatuko ez dena. Hau ez da ausartzen bere asperduraren arrazoia aitortzen; baina oraintxe ezagutuko duzu». Berehala kentzen du besana; beso bat atera du arropetatik; sorbalda biluztu du; eta disipula-zetaka bat erakutsiz, egiten dit: «Hona hemen horren aldaketaren arrazoia; hona hemen beilan pasatutako gauen ondorioa. Bera goizean iristen zen bere pergamino bilduekin. M. d'Hérouvillek presa handia du hemen barruan zer dagoen jakiteko; biharko egina behar luke; eta bera zen...». Une hartan, norbaiten pausoak aditu genituen ate ondoan; zerbitzari bat zen, Hérouvilleko jaunaren etorreraren berri emateko. Gardeil zurbildu egin zen. La Chauxko andereñoari iradoki nion arropak ondo paratu eta erretiratzeko... «Ez, esan zidan, ez; hemen geratuko naiz. Agerian jarri nahi dut doilor hau, Hérouvilleko jaunari itxarongo diot, hitz egingo diot». «Eta zertarako balioko dizu horrek?». «Ezertarako ez, erantzun zidan; arrazoi duzu». «Bihar damututa egongo zinateke. Utzi berari bere hanka-sartze guztiekin; zeure duin duzu mendeku hori». «Baina bere duin al da? Ez al duzu ikusten gizon hau ez dela... Goazen, jauna, goazen bizkor; bestela ez dakit zer egingo dudan, zer esango dudan...». La Chauxko andereñoak lipar batean konpondu zuen eszena hark bere jantzietan eragindako desordena, eta habailan irten zen Gardeilen gelatik. Nik jarraitu egin nion, eta atearen danbatekoa entzun nuen gure atzean. Gero, jakin nuen atezainari esan ziola ez berriro sartzen uzteko emakume hari.
Etxera eraman nuen, eta han aurkitu nuen le Camus doktorea gure zain. Neskarengan jarria zuen grina Gardeilengatik sentitzen zuenaren antzekoa zen. Gure bisita kontatu nion; eta bitartean haren haserrearen, minaren, suminaren arrastoak...
— Ez zen oso zaila haren aurpegian ikustea zure arrakastarik eza ez zitzaiola oso gogoko.
— Egia da.
— Horra gizona. Ez du askorik balio.
— Haustura haren ondotik gaixotasun bortitza etorri zen, eta hartan mediku on, zintzo, samur eta delikatu hark ezin hobeto zaindu zuen, Frantziako damarik printzipalena baino hobeto. Egunean hiru, lautan etorri ohi zen. Arriskua zegoenean, emakumearen gelan oheratzen zen, ohantze batean. Ez da gaixotasun bat baino gauza hoberik nahigabe handietan.
— Geure buruaz ohartaraziz, besteen oroitzapena baztertzen digu. Eta gainera aitzakia bat da inork jakin gabe eta trabarik gabe nahigabetzeko.
— Gogoeta hori, berez bidezkoa bada ere, ez zegokion La Chauxko andereñoari.
Gaixoaldian hark bere denbora nola erabili konpondu genuen. Bazuen izpiritua, irudimena, gustua, ezagutza, Arte Ederren Akademian sartzeko behar direnak baino gehiago. Hainbeste aldiz entzun zigun metafisikaz, non gairik abstraktuenak ezagunak baitzitzaizkion; eta lehen literatur ahalegina Humeren Giza ezagutzari buruzko entseguak izan zen. Neuk berrikusi nuen; eta bene-benetan, ez nuen izan zer zuzendu handirik. Itzulpen hura Holandan inprimatu zuten, eta irakurlegoak ondo hartu zuen.
Nire Gorren eta Mutuen gaineko Gutuna ia aldi berean agertu zen. Berak proposatu zizkidan ohar fin-fin batzuek eranskin bati eman zioten bide, berari eskaini nion eranskin bati. Eranskin hura ez da nire lanik txarrena.
Mlle. de La Chauxi berriro etorri zitzaion alaitasun pittin bat. Doktoreak bazkaltzera gonbidatzen gintuen batzuetan, eta bazkari haiek ez ziren batere tristeak izaten. Gardeil urrundu ondoren, le Camusen grinak aurrerapen zoragarriak egin zituen. Egun batez, mahaian, postrean, zintzotasun, sentiberatasun, haur baten xalotasun guztiaz, gizon izpiritudun bat bezala mintzo zela, honela esan zion, niri neurrigabe gustatu zitzaidan lañotasun batez, besteei agian hainbeste gustatu ez bazitzaien ere: «Doktore, ezinezkoa da zuri dizudan estima inoiz areagotzea. Zure arretak gainezka egiten dit; eta Hyacinthe kalean bizi den munstro hori bezain beltza nintzateke eskerrik beroena sentituko ez banu. Zure buru argia ezin gogokoago dut. Hainbesteko fineziaz eta graziaz hitz egiten didazu zure grinaz non, nik uste, haserretu egingo bainintzateke gehiago hitz egingo ez bazenit. Zure konpainia galtzeko ideia bera edo zure adiskidetasunik gabe geratzeko ideia bera aski litzateke ni zorigaitzeko egiteko. Gizon ona zara, inoiz inor izan bada. Zure izaerak ez du parerik ontasunean eta gozotasunean. Ez dut uste bihotz bat esku hobeetan eror daitekeenik. Prediku egiten diot nireari goizetik gauera arte zure alde; baina alferrik dira prediku guztiak, onerako gogorik ez duenarentzat. Ez dut aurrera egiten. Bien bitartean zuk sufritu egiten duzu; eta nik pena ankerra sentitzen dut. Ez dut inor ezagutzen eskatzen duzun zorionaren duinagorik, eta ez dakit zer ez nukeen egingo zu zoriontsu egiteko. Ahal dudan guztia, salbuespenik gabe. Hara, doktore, ni... bai, ni oheratu ere egingo nintzateke, baita hori ere. Nirekin oheratu nahi al duzu? Esatea besterik ez duzu. Horra zure zerbitzuengatik egin dezakedan guztia; baina zuk malta zaitzadan nahi duzu, eta hori nik ezin».
Doktoreak aditu egiten zion, eskua hartzen zion, musu ematen zion, bere malkoez bustitzen zion; eta ni, nik ez nekien zer egin, barre ala negar. La Chauxko andereñoak ondo ezagutzen zuen doktorea; eta biharamunean, hau esan nionean: «Baina andereño, doktoreak hitza hartu balizu?», berak erantzun zidan: «Eutsi egingo nion hitzari; baina halakorik ezin zitekeen gerta; nire eskaintzak ez ziren hura bezalako gizon batek onartzeko modukoak...». «Zergatik ez? Nik, doktorearen lekuan izanda, beste guztia ondoren etorriko zela esperoko nukeen. «Bai; baina doktorearen lekuan zu izanda, La Chauxko andereñoak ez zizukeen proposamen berbera egingo, noski».
Humeren itzulpenak ez zion diru askorik eman. Holandarrek nahi den guztia inprimatuko dizute, ezer ez ordaintzekotan.
— Gure zorionerako. Izan ere, izpirituari jartzen zaizkion traba guztiekin, haiek behin ordainduko baliete autoreei, liburugintzaren salerosketa guztia bereganatuko lukete.
— Entretenimenduzko obra bat egiteko aholkatu genion, ohore gutxiago baina probetxu gehiago izan zezan. Lauzpabost hilabetez aritu zen, eta denboraldi horren buruan eleberritxo historiko bat ekarri zidan, Hiru faboritak titulukoa. Estilo arina, fintasuna eta interesa zituen baina, bera ohartu gabe, ez baitzen gai inolako maleziatarako, erregeren amoranteari, Pompadourko markesari buruzko iradokipen ugariz josita zegoen; eta ez nion ezkutatu ezen, edozein sakrifizio eginda ere, edo haiek gozatuz, edo ezabatuz, ia ezinezkoa zela obra hura bera konprometitu gabe agertzea, eta hain ondo idatzita zegoena hondatzeko nahigabeak ez ziola beste nahigabe bat kenduko.
Nire oharron doitasun guztiaz konturatu zen, eta are gehiago samindu zen. Doktore onak behar guztiak betetzen zizkion; baina bera hainbat neurri handiagoz baliatzen zen haren onginahiaz, atzenduxea bazen ere gizonak espero zezakeen ezagutza. Bestalde, doktorea ez zen aberatsa orduan; eta ez zen oso egina aberasteko ere. Noizean behin, emakumeak bere idatzia ateratzen zuen portafoliotik; eta esaten zidan tristeki: «Ondo da, ez dago ezer egiterik, hemen geratu beharko du». Nik aholku bitxi bat eman nion, alegia bidal ziezaiola obra idatzi bezala, gozatu gabe, ezer aldatu gabe, Mme. de Pompadourri berari, ohartxo batekin haren berri emanez. Ideia hura gustatu egin zitzaion. Gutun xarmanta idatzi zuen alde guztietatik begiratuta, baina batez ere egi kutsuagatik: ez zegoen hari errefusa egiterik. Bi edo hiru hilabete joan ziren ezeren berri izan gabe; eta alferreko saiotzat jotzen zuenean, hara non agertzen zaion San Luisen gurutzedun bat etxean markesaren erantzunarekin. Merezi zuen bezala goraipatzen zion obra; eskerrak ematen zizkion sakrifizioagatik; onartzen zituen zenbait ziplada, baina ez zion irainik ikusten; eta Versalleserako gonbita egiten zion autoreari, non emakume abegitsua eta bere esku leudekeen zerbitzuak emateko prest aurkituko baitzuen. Mandatariak, Mlle de La Chauxenetik irtetean, berrogeita hamar luiseko poltsa bat utzi zuen trebeki.
Doktoreak eta biok presatu egin genuen, arren Mme Pompadourren onginahia aprobetxa zezala; baina merezimenduak adina apaltasun eta herabetasun zituen neska batekin ari ginen. Nola agertu hara bere zarpailekin? Doktoreak berehala kendu zion zailtasun hura. Jantzien ondoren, beste aitzakia batzuk jarri zituen, eta gero beste batzuk. Versailleserako bidaia atzeratuz joan zen egunetik egunera, harik eta hartarako komenentziarik ez izan arte. Denbora askoan ez genion hartaz hitz egin, eta hara non datorkion mandatari bera berriro erantzuki leunenez betetako bigarren gutun batekin eta lehena bezalako sari batekin, jaiera berarekin eskainita. Mme de Pompadourren ekintza opatsu hau ez da ezaguna. Collin jaunarekin hitz egin dut, haren konfiantzako gizona eta haren grazia sekretuen banatzailea zenarekin. Berak ere ez zuen ezagutzen; eta sinetsita nago ez dela haren hilobian gordetzen duen bakarra.
Halaxe, alferrik galdu zituen Mlle de La Chauxek miseriatik irteteko bi aukera.
Gero, hiriko muturrera aldatu zuen egoitza, eta nik erabat galdu nuen bistaz. Jakin izan dut haren bizitza ez dela izan nahigabe, gaixotasun eta miseria sorta bat besterik. Bere familiakoen ateak itxita izan zituen setatsu. Alferrik eskatu zuen pertsonaia santu haien arartekotza, hainbesteko arduraz jazarri ziotenez geroztik.
— Hori gauza normala da.
— Doktoreak ez zuen abandonatu. Emakumea lasto gainean hil zen, bihitegi batean; aldiz, Hyacinthe kaleko tigre txikia, emakume hark izandako maitale bakarra, mediku izan zen Montpellier-en edo Tolosan, gizon abilaren ospe merezitakoa izan zuen, aise biziaz, eta gizon zintzoaren ospe lapurtua.
— Baina hori ere gauza normal samarra da. Baldin eta Tanié on eta zintzoren bat bada, Reymer batengana bidaliko du Probidentziak; baldin eta de La Chaux on eta zintzorik bada, Gardeil baten kide bihurtuko du, dena modurik onenean gerta dadin.
Baina esango zait agian bizkorregi joatea dela gizon baten izaeraz behin-betiko epaia ematea ekintza bakar batengatik; hain erregela latzak erabat urrituko luke pertsona onen kopurua, kristauen ebanjelioak zeruan onartzen dituen aukeratuak baino gutxiago izateraino lurrean; badagoela maitasun kontuetan aldabera izatea, emakumeekin kezka gutxi izateaz arrandiatzea bera ere, ohorea eta prestutasuna galdu gabe; ez dagoela norberaren eskuetan ez gartzen den grina bat itzaltzea, ez itzaltzen den beste bat luzatzea; badirela nahikoa gizon etxe eta kaleetan gizatxar izena merezi dutenak, zenbatezin bihurtuko lituzketen irudimenezko krimenak asmatzen ibili gabe. Galdetuko zait ea neuk ez dudan inoiz emakumerik traizionatu, engainatu, abandonatu motiborik gabe. Galdera horiek erantzun nahiko banitu, nire erantzuna ere ez litzateke geratuko ihardespenik gabe, eta amaigabeko eztabaida genuke, azken judiziorainokoa. Baina eskua zeuen kontzientzian jarrita, esadazue zinez, engainatzaile eta desleialen defendatzaile horiek, ea hartuko zenuketen Tolosako doktorea laguntzat... Duda egiten al duzue? Horrekin dena esana dago; eta horrenbestez, arren eskatzen diot Jainkoari ondo guarda ditzala zeure omena egiteko gogoa emango dizuten emakumeak.
© Denis Diderot
© itzulpenarena: Iņaki Iņurrieta