I.
BESTE GAUZA BAT NECESSARIO DENA
Louisa lozorrotik esnatu zen, eta begiak langiduraz ireki zituen etxean, aspaldiko ohean eta aspaldiko gelan. Hasieran, gauza haiek ezagunak zituenez geroko gertakizun guztiek amets baten itzalak ziruditen, baina poliki-poliki, halaber, gero eta errealago egin zitzaizkionean haiei begiratzean, gertakizunak gero eta errealago egin zitzaizkion gogoan.
Louisak nekez mugi zezakeen burua, minez eta pisuaz. Begiak nekaturik eta hanpaturik zituen, eta oso ahul zegoen. Halako gogo galdu bitxia jabetu zen Louisaz, ezen ahizpa txikia gelan egon arren, aldi batez ez baitzion arretarik eman. Ahizpa bien begiek elkar topo eginda, eta Louisaren ahizpa ohera ondoratuta ere, Louisa etzanda egon zen zenbait minututan ahizpari isilik begira, eta herabeti utziz bere esku geldotik hel ziezaion, hauxe galdetu baino lehen:
«Noiz ekarri naute gela honetara?»
«Atzo gauean, Louisa.»
«Nork ekarri ninduen hona?»
«Sissyk, nik uste.»
«Zergatik uste duzu hori?»
«Gaur goizean hemen aurkitu dudalako. Ez zait etorri ohe ondora ni iratzartzera, ohi duenez, eta bere bila joan naiz. Ez zegoen bere gelan, eta bere bila ibili naiz etxe osoan zehar, zu zaintzen eta zure burua freskatzen topatu dudan arte. Aitarekin egongo zara? Sissyk esan dit aitari esan behar diodala esnatzen zarenean.»
«Horixe aurpegi distiratsua daukazuna, Jane!» esan zuen Louisak, ahizpa gaztea —artean herabeti— berari musu ematera makurtu zenean.
«Benetan? Oso pozten naiz zuri hala iruditzeaz. Ziur nago Sissyren lana dela.»
Ahizparen lepoaren inguruan jartzear zeukan besoa berez baztertu zitzaion Louisari. «Aitari esan ahal diozu, nahi baduzu.» Orduan, une batez ahizpa geldiaraziz, hauxe esan zuen: «zeu izan zara nire gela hain alai ipini duena eta ongi-etorri itxura hau eman diona?»
«Ez, Louisa, ni etorri baino lehen eginda zegoen. Zera izan da...» Louisa burkoan bueltatu zen eta ez zuen gehiago entzun. Ahizpa aldendu zenean, Louisak burua bueltatu zuen berriro eta etzanda egon zen aurpegia ateari begira zeukala, atea ireki eta aita sartu zen arte.
Mr. Gradgrindek itxura nekatu eta urduria zeukan eta eskua, usaiaz tinkoa, dardarka zebilkion Louisaren eskuetan. Mr. Gradgrind ohe ondoan eseri zen, Louisari samurtasunez nola zegoen galdetuz, eta etengabe esanez neskak lasai-lasai egon behar zuela, aurreko gaueko asalduraren ondoren eguraldi zakarraren pean. Mr. Gradgrind oso ahots apalduaz eta kezkaturik mintzatu zen, ohiko modu diktatorialaz bestalde, eta askotan gelditu zen zer esan jakin gabe.
«Ene Louisa maitea. Ene alabatxoa.» Mr. Gradgrindek ez zekien zer esan puntu hartan eta berehala eten zen. Honenbestez, berriro saiatu zen.
«Ene ume gajoa.» Gizona nekez zebilen puntuari goia hartuz, eta berriro saiatu zen.
«Etsipengarria litzateke, Louisa, ahaleginak egitea esateko nola gainditu ninduen eta nola gainditu nauen bart gauean gainean jausi zitzaidanak. Zapaltzen dudan lurra, honez gero, ikara dabilkit. Ene berme bakarra, hutsezin zirudien, eta oraindik ere badirudien, indarra lurrera joan da istant batean. Sor eta lor nago hau jakin dudanetik. Ez dut neure ederragatik hitz egin nahi, baina bart gauean gainean jausi zitzaidanak emandako kolpea oso gogorra begitantzen zait.»
Louisak ezin zuen aita kontsolatu kontu harengatik. Izan ere, Louisak bere bizitza osoaren porrota sufritu baitzuen arrokaren kontra jota.
«Ez dut esango, Louisa, lehengo batean zorioneko ustekabe batengatik engainatu izan baninduzu, askoz ere hobea izango zatekeela biontzat; lasaiago ibiliko zinatekeen, ni ere lasaiago. Zeren konturatzen bainaiz neure sisteman ez zela sartzen inongo gonbidapenik honelako konfidentziak egiteko. Neure buruari frogatu diot neure... neure sistema, eta zorroztasunez erabaki izan dut; beraz, haren akatsen erantzukizuna hartu behar dut. Bakarrik sinestarazi nahi dizut, ene kuttuna, zuzen beharrean ari nintzela.»
Mr. Gradgrindek bihotzez esan zuen hau, eta zuzen jokatu behar badugu berarekin, hala egin zuen. Leize-zulo hondargabeak bere zerga-makilatxoaz neurtuz, eta unibertsoaren gainean bere konpas uhartsu eta hanka-zurrunekoekin albo-alboka ibiliz, Mr. Gradgrindek gauza handiak egiteko asmoa izan zuen. Bere baliabide urrien mugetan, dunbalaka ibili zen, bizitzaren loreak zapalduz helburu zehatzago batez, bere ondoan ibiltzen ziren lagun oihulari asko baino.
«Ziur nago diozunaz, aita. Badakit zure ume kuttuna izan naizela. Badakit zoriontsu egin nahi ninduzula. Inoiz ez dizut errua leporatu eta ez dut hori inoiz egingo.»
Mr. Gradgrindek neskak luzatzen zion eskua hartu zuen, eta berean gorde zuen.
«Ene laztana, gau osoan mahai ondoan egon nahiz, behin eta berriro gogoeta eginez gure artean izandako gertakizun mingarri horretaz. Zure izaera kontutan hartzen dudanean; nik ordu gutxitan jakin dudana, zuk hainbat urtez gorde duzula kontutan hartzen dudanean; zer-nolako presio ustekabekoak azkenean aitortzera bultzatu zaituen kontutan hartzen dudanean, honelako ondoriora heltzen naiz, alegia, ezin naizela neure buruaz fidatu, besterik ez.»
Mr. Gradgrind hori baino gehiago gaineratzekoa zen, alabaren aurpegia berari begira ikusi zuenean. Gaineratu ere, gehiago gaineratu zuen, agian, Louisaren ile barreiatua bere eskuaz samurkiro aldatu zuenean. Halako ekintza xumeak, beste pertsona batek eginak txikiak izango baziren ere, oso nabarmenak ziren Mr. Gradgrindek egiten zituenean; eta bere alabak doluminezko hitzak bailiran hartu zituen.
«Baina» esan zuen Mr. Gradgrindek astiro, zalantzan, babesgabe eta miserable bailitzan, «neure buruaz fidatu ezin banaiz iraganeko kontuengatik, Louisa, ez nuke neure buruaz fidatu beharko orain aldiko eta etorkizunekoengatik. Egia esan behar badizut, hala egiten dut. Orain ez dut ezta urrundik uste ere, atzo bertan bestela uste izan banuen ere, niregan jartzen duzun konfiantzaren duin naizenik; ez eta jakingo dudanik ere nola erantzun etxera etorrita egin didazun deiari; ez eta sen egokia dudanik ere —demagun une batez halako zerbait dagoela— zuri laguntzeko, eta zure arrangurak arintzeko, ene umea.»
Louisa burkoaren gainean bueltatu eta aurpegia besoaren gainean jarrita etzan zen, aitak ikus ez zezan. Louisaren asaldura eta eroaldia ibiturik zeuden, baina samurtuago bazegoen ere, Louisa ez zebilen negarrez. Aita hainbestetan aldatu zen, ezen pozik ikusiko baitzukeen alaba negarrez.
«Batzuek uste dute» segitu zuen Mr. Gradgrindek, artean ere zalantzan, «Buruko jakituria eta bihotzeko jakituria direla. Nik ez dut halako ustekizunik izan, baina esan dizudanez, jadanik ez naiz neure buruaz fidatzen. Nik uste nuen burua berez aski zela. Agian ez da aski; nola ausartuko naiz goiz honetan hori esatera? Bestelako jakituria hori nik axolagabekeriaz baztertu dudana bada, eta orain behar den sena bada, Louisa...»
Ezbai handiz iradoki zuen hura Mr. Gradgrindek, orduan ere hura nekez onartzeko prest bailegoen. Louisak ez zuen erantzun, aitaren aurrean ohean etzanda zegoela, artean erdi beztiturik, aitak bere gelako lurrean etzanda ikusi zuen modu bertsuan.
«Louisa» eta aitak eskua Louisaren ilean jarri zuen berriro, «azken aldi honetan hemendik kanpo egon naiz, laztana, denbora luzean; eta zure ahizparen heziketa zeraren arabera egin bada ere —sistemaren arabera», bazirudien Mr. Gradgrindek beti ere zalantza handiz erabiltzen zuela hitza, «derrigorrez aldatuta egon da eguneroko elkarraldien bidez, ahizparen kasuan txikitatik hasitako gauza izaki azken hau. Hauxe galdetzen dizut —ezjakinaz eta umiltasunaz, ene alaba: onerako delakoan zaude?»
«Aita» erantzun zuen Louisak, asaldatu gabe, «ahizparen bular gaztean nirean zakartu arte mutu egon zen edozein harmonia iratzarri badute, eman biezazkio eskerrak Jainkoari horregatik eta jarrai biezaio bide alai hor, bedeinkapenik handienekotzat jo behar baita bera nire bidetik saihestu izana.»
«Ai, ene umetxo!» esan zuen Mr. Gradgrindek, oso atsekabeturik, «bai zoritxarrekoa naizela zu honela ikusita! Zertarako balio du zuk niri ezer ez leporatzeak, nik neure buruari garraztasunez dena leporatzen badiot!» Mr. Gradgrindek burua makurtu zuen, eta ahots apalez mintzatu zitzaion. «Louisa, irudipena daukat poliki-poliki aldaketaren bat gertatu izan dela etxe honetan ene inguruan, maitasun eta esker on hutsez: ezen buruak egin ezinik egiteke utzi duena, bihotza isilpean egiten ibili izan dela. Hala izan liteke?»
Louisak ez zuen erantzunik eman.
«Ez nago oso harro hori sinesteko, Louisa. Nolatan harrotuko naiz, aurrean zaitudala? Hala izan liteke? Hala ote da, ene laztana?»
Mr. Gradgrindek berriro begiratu zion Louisari, han etzanda abandonaturik; eta beste hitzik esan gabe gelatik irten zen. Aita joan berria zela, Louisak oin-hots arinak entzun zituen ate ondoan eta konturatu zen norbait zeukala alboan.
Louisak ez zuen burua altxatu. Amorru ilun bat zeukan sutan bere baitan, su erikor bat bezala, bere atsekabean ikusia izatearen kariaz eta berak hain gorrotaturiko begirada ustekabeko hark betegintzarre hura erdietsi izanaren kariaz. Estu-estu gatibaturiko indar guztiek pitzatu eta suntsitu egiten dute. Lurrerako ona litzatekeen airea, lurra aberastuko lukeen ura, lurra sasoian ipiniko lukeen beroa, lurraren urragarri dira gatibu daudenean. Hori berori gertatzen zen Louisaren baitan, zeren Louisak zeuzkan kualitate indartsuak, aspaldian bere buruaren kontra bihurtu zirenak, setakeria meta batean pilatuta baitzeuden, adiskide baten aurka atralaka ibiltzeko.
Ona izan zen ukitu samur hura Louisaren lepoan. Louisak, halaber, ulertu zuen lo itxura egin behar zuela. Esku kontsolagarriak ez zuen Louisaren erresumina jaso. Bego han eskua, bego han.
Eskua han egon zen, pentsakizun samurren multzoa bizitzara ekarriz, eta Louisak atseden hartu zuen. Louisa txera onaz eta zainduta egotearen kontzientziaz leundu zelarik, zenbait malkok egin zuten bidea bere begietara. Aurpegi hark Louisaren aurpegia ukitu zuen, eta Louisa konturatu zen beste aurpegiari ere malkoak zerizkiola, berak eragindako malkoak, hain zuzen ere.
Louisak jaikitzekoa egin zuen, ohean esertzeko, eta Sissy baztertu egin zen, ohe ondoan gozoro geldituz.
«Espero dut gogaikarri ez izatea. Etorri naiz galdetzera ea zurekin egoten utziko didazun.»
«Zergatik egon behar zenuke nirekin? Ahizpak zure hutsunea nabarituko du. Dena zara berarentzat.»
«Benetan?» erantzun zuen Sissyk, buruari eraginez. «Zerbait izan nahi nuke zuretzat, ahal banu.»
«Zer?» esan zuen Louisak, zakar antzean.
«Gehien nahi duzuna, hori izaterik banu. Nolanahi ere, ahalegin guztiak egingo nituzke hori izateko. Hori izaterik lortzen ez badut ere, inoiz ez naiz nekatuko horretan ahalegintzeaz. Utziko didazu?»
«Aitak bidali zaitu gauza hauek galdetzera.»
«Ez, horixe» erantzun zuen Sissyk. «Orain etor nintekeela esan dit, baina gaur goizean gelatik kanpora bidali nau, —edo behintzat...» Sissy zalantzan egon eta eten egin zen.
«Behintzat, zer?» esan zuen Louisak, begi azterkariak neskarengan iltzaturik zituela.
«Neuri bururatu zait hobe izango zela zure aitak ni gelatik kanpora bidaltzea, zeren ez bainengoen batere ziur gogoko izango ote zenuen ni hemen aurkitzea.»
«Inoiz ere hainbeste gorrotatu zaitut?»
«Ezetz espero dut, zeren nik beti maite izan baitzaitut, eta beti nahi izan dut zuk hori jakitea. Baina doi bat aldatu zinen nirekin, etxetik joan baino lehentxeago. Neure buruari galdetu nion zergatik, jakina. Zuk hainbeste zenekien, eta nik hain gutxi, eta hain bidezkoa zen alde askotatik begiratuta, zu zeure beste lagunekin ibiltzea, ezen nik ez baineukan inongo kexarik, eta horrek ez zidan inolako minik eman.»
Sissyri koloreak irten zitzaizkion hura guztia umiltasunez eta presaka esatean. Louisak maitasunezko aldarrikapen hura ulertu zuen, eta zirrara egin zion.
«Saiatuko naiz?» esan zuen Sissyk, eskua bere aldera soraio makurtuta zegoen lepora jasotzera ausarturik.
Louisak, beste momentu batean besarkatuko zukeen eskua behera ekarriz, bere eskuaz eutsi zion hauxe erantzuteko:
«Lehenik, Sissy, badakizu nolakoa naizen? Hain harrotu eta gogortuta nago, hain nahastuta eta kezkaz beteta, hain suminduta eta bidegabe jende guztiarekin eta neure buruarekin, ezen dena baitzait nahaspilatsu, ilun eta gaiztoa. Horrek ez zaitu higuintzen?»
«Ez!»
«Hain naiz zoritxarrekoa, eta gainera alaitu beharko nindukeen guztia hain dago alferrik galduta, ezen ordu honetan zentzu ona galduko banu eta zuk uste duzun bezain ikasia izan beharrean, oinarrizko egiak ikasten ibili beharko banu, ezingo bainuke gidari bat eduki nahi bakea, alaitasuna, ohorea, falta ditudan ontasun guztiak, lortzeko, oraingoan baino doilortasun handiagoz. Horrek ez zaitu higuintzen?»
«Ez!»
Bere maitasun bipilaren errugabetasunean eta aspaldiko gogo eraspenaz berriz ere mukuru eginda, behinola abandonaturiko neskatoak argi eder batek bezala egin zuen distira bestearen iluntasunean.
Louisak eskua jaso zuen Sissyren lepoa inguratu eta bere lagunarekin elkar zedin. Louisak belauniko jarri eta neska saltinbankiari besotik heldu ondoren, erdi benerazioz begiratu zion.
«Barkadazu, erruki zaitez nitaz, lagun iezadazu! Erruki zaitez neure behar gorriaz eta utz iezadazu burua ipintzen bihotz maitagarri horren gainean!»
«Ipin ezazu!» ekin zion negarrez Sissyk. «Ipin ezazu, ene maite.»
© Charles Dickens
© itzulpenarena: Javi Cillero