III
Zur eta lur begiratu nion. Han zegoen bera nire aurrean, koloretsu, bufoi talde batetik ihes egin balu bezala, gogotsu, zoragarri. Existitzea bera ere gertaezina zen, adierazezina eta guztiz ulergaitza. Problema konponezin bat zen gizon hura. Pentsaezina zen nola existitu zuen, nola erdietsi zuen hain urrun iristea, nola moldatu zen irauteko, zergatik ez zen istantean desagertu. «Pixka bat urrunago joan nintzen —esan zuen—, gero pixka bat urrunago oraindik, eta azkenean hain urrun joan naiz, ez baitakit inoiz itzuliko naizen ere. Ez dio inporta. Denbora sobera daukat. Moldatuko naiz. Lehenbailehen eraman ezazue Kurtz, aizue, lehenbailehen.» Gaztetasunaren xarmak bere zarpail koloretsuak, bere arlotekeria, bere bakardadea, bere ibilera hutsalen funtsezko lazeria inguratzen zituen. Hilabeteak, urteak joan ahala bere bizitzak ez zuen balio lau zorri; eta bera han zegoen ausarki eta axolagabeki bizirik, suntsiezin, itxura guztien arabera, bere gaztetasunaren eta bere burugabeko azartasunaren dohain hutsengatik. Liluratu ninduen miresmen antzeko zerbait, inbidia sentitzeraino. Xarmak bultzatzen zuen, xarmak gordetzen zuen onik. Seguru aski ez zion oihanari ezer eskatzen, arnasa hartzeko eta aurrera egiteko lekua baizik. Bere beharrizana existitzea zen eta aurrera jarraitzea ahalik eta arriskurik gehienekin eta gabetasunik handienarekin. Inoiz erabateko menturazaletasun hutsak, kalkulatu gabeak, ameslariak, gizonik menderatu badu, gazte adabatu hau menderatu du. Ia sugar apal eta argi honen jabetza inbidiatzen nion. Bazirudien berari buruzko pentsamenduak hainbesteraino agortu zituela, non zuri hitz egiten ari zitzaizun bitartean ere, ahazten baitzenuen bera zela —zure begien aurreko gizona— gauza hauek bizi izan zituena. Aitzitik, ez nion inbidiatzen Kurtzenganako debozioa. Ez zuen horri buruzko gogoetarik egin. Etorri egin zitzaion eta berak halako fatalitate sutsu batez onartu zuen. Esan behar dut nire irudiko egundaino suertatu zitzaion gauzarik arriskugarriena zela, inondik ere.
Halabeharrez ziren elkartuak, hala nola bi itsasontzi, bata bestearen ondoan baretu eta besoz beso ukituka dautzanak. Suposatzen dut Kurtzek entzulegoa behar zuela, zeren eta behin batean, oihanean kanpaturik zeudenean, gau osoan hitz egin omen zuten edo seguru asko Kurtzek hitz egin zuen. «Denaz hitz egin genuen —esan zuen, gomutak nahiko eramanda—. Logura deitzen zaion gauza bat zegoenik ere ahaztuta nengoen. Gauak ordubete bakarrik iraun zuela iruditu zitzaidan. Denaz! Denaz!... Maitasunaz ere bai.» «Kontxo, maitasunaz hitz egin zizun!» esan nion nik txantxetan. «Ez da zuk uste duzuna —oihu egin zuen aski grinaturik—. Orokorki izan zen. Agerian jarri zidan zenbait gauza... zenbait gauza.»
Besoak goratu zituen. Une horretan ontzi gainean geunden, eta nire egurketarien buruzagiak, inguruan ibilian zebilena, bere so astun eta distiratsua egotzi zion. Inguruari begiratu nion, eta ez dakit zergatik, baina zinez diotsuet, egundaino ez zitzaizkidan iruditu lurraldea, ibaia, oihana, zeru irazekiaren sabai goiena bera ere, hain etsigarri eta hain ilunbetsu, hain barrenezin giza gogoarentzat, hain errukigabe giza ahuldadearentzat. «Eta harrez gero, berarekin egon zara noski,» esan nion nik.
Alderantziz. Badirudi beraien arteko adiskidetasuna sarritan hautsi zela, arrazoi desberdinengatik. Moldatu omen zen, harro jakinarazi zidanez, Kurtz bi gaixoalditan zaintzen (hori aipatzen zuen egintza arriskutsu bat bailitzan), baina eskuarki Kurtz bakarrik ibiltzen omen zen, urruti, oihanaren barrenean. «Asko eta askotan, estazio honetara etorri eta egunetan itxaron behar izaten nion bera azaldu aurretik —esan zidan—. Ai, pena merezi zuen itxarotea! Batzuetan.» «Zertan aritzen zen? Esploratzen ala?» galdegin nion. «Bai, ba; jakina;» Herrixka pilo bat deskubritu omen zuen, aintzira bat ere bai —ez zekien zehazki zein norabidetan; arriskutsua omen zen galdera gehiegi egitea—; baina bere espedizioek normalean marfila zuten xedetzat. «Baina sasoi hartan ez zuen merkantziarik tratuan aritzeko,» arrapostu nion. «Kartutxo mordo bat gelditzen da oraindik,» erantzun zuen niri begiratu gabe. «Garbi hitz eginda, herrialde osoa xahutu zuen,» esan nion nik. Baietz egin zuen. «Bera bakarrik ez, noski!» Zerbait murmuratu zuen aintzira horren inguruko herrixkei buruz. «Kurtzek bere atzetik jarraiarazi zion tribuari, ezta?» iradoki nion. Pixka bat urduritu zen. «Adoratu egiten zuten,» esan zidan. Hitz horiek hain doinu harrigarria zuten, non begirada aztertzaile bat zuzendu bainion. Bitxia zen Kurtzetaz hitz egiten zuenean irrika eta ezaxolazko nahasketa ikustea. Gizon hark bizitza betetzen zion, pentsamenduak okupatzen, emozioak kontrolatzen. «Zer esperoko duzu? —lehertu zen—; trumoi eta tximistekin etorri zitzaien, badakizu, eta haiek ez zuten inoiz antzekorik ikusi, eta ikaragarrizkoa zen. Bera izugarria izan zitekeen. Ezin duzu Kurtz edozein gizon bezala epaitu. Ez, ez, ez! Begira, —ideia bat emateko—, ez zait inporta zuri esatea, behin batean niri ere disparatu nahi izan zidan, baina nik ez dut epaitzen.» «Zuri disparatu! —garrasi egin nuen—. Zergatik, baina?» «Zera, nik banuen marfil pixka bat, nire etxetik gertu dagoen herrixkako buruzagiak emana. Ehizan ibiltzen nintzen, ba, beraientzat. Bada, berak hura nahi zuela eta, ez zuen arrazoirik entzun nahi. Esan zuen disparatu egingo zidala baldin eta marfila berari eman eta ondoren herrialdetik ospa egiten ez banuen, berak hori egin zezakeelako, eta kapritxo hori zuelako, eta munduan ezertxo ere ez zegoelako gogoak ematen ziona hiltzea galaraziko zionik. Eta hori, egia zen, gainera. Marfila eman nion. Zer axola niri! Baina ez nuen ospa egin. Ez, ez. Ezin nuen bera utzi. Kontuz ibili behar izan nuen, jakina, atzera aldi baterako adiskidetu ginen arte. Orduantxe izan zuen bere bigarren gaixoaldia. Geroago bere irispidetik kanpo ibili beharra izan nuen; baina, ez zidan ardura. Denbora gehiena aintziraren inguruko herrixka haietan ematen zuen. Ibaira jaisten zenean batzuetan begikotzat hartzen ninduen; bestetan, berriz, hobe izaten nuen kontuz ibili. Gizon horrek gehiegi sufritzen zuen. Hau dena gorrotatzen zuen eta ezin zuen alde egin edo. Aukera izan nuenean arren eskatu nion ahalegin bat egiteko eta alde egiteko garaiz zegoen artean; neure burua eskaini nion berarekin itzultzeko. Eta berak baietz esan eta gero bertan gelditzen zen; beste marfil bilaketa batera jotzen zuen; astetarako desagertzen zen; bere buruaz ahazten zen jende horren artean, bere buruaz ahaztu, aizu.» «Hara! Erotuta dago,» esan nuen. Erresuminduta protestatu zuen. Mr Kurtz ezin zitekeen erotuta egon. Hitz egiten entzun izan banio, bi egun lehenago bakarrik, ez nintzateke horrelako gauza bat esatera ausartuko. Hizketan ari ginela katalejuak hartu eta lehorrera begiratzen ari nintzen, oihanaren ertza miatzen etxearen albo bakoitzetik eta atzealdetik. Sastraka hartan, hain isil, hain lasai —muinoko etxe porrokatua bezain isil eta lasai— jendea zegoela sumatzeak ondoeza sortzen zidan. Naturaren aurpegian zantzurik ere ez zegoen kontakizun harrigarri honetaz, kontatzen baino gehiago iradokitzen ari zitzaidana, oihu samingarriez, sorbalda uzkurraldiekin osatuak, esaldi etenez, hasperen sakonekin amaituriko aieruez. Basoak geldi-geldi zeuden, begiratzen zuten maskara batek bezala —astunki, espetxeko ate hertsiak bezala— ezkutuko jakituriaren, eramanarrizko aditasunaren eta isiltasun mukerraren jabe izateko aire batekin. Errusiarra azaltzen ari zitzaidan ez oso aspaldi jaitsi zela Kurtz ibaira, berarekin batera aintzira horretako tribuaren gizon gerrari guztiak ekarriz. Zenbait hilabetez kanpoan egon omen zen —bere buruaren adoragarri, suposatzen dut— eta ustekabean jaitsi omen zen, itxura zenez ibaiaz bestaldean edo ibaian behera sarraldi bat egiteko asmotan. Bistan denez marfil gehiagoren gosea nagusitu egin zitzaien aspirazio —nola esango nuke?— ez hain materialei. Ostera, hagitz gaizkitu omen zen bat-batean. «Aditu nuen ohean ezinduta zegoela, hortaz, gora igo eta neure aukeraz baliatu nintzen —esan zidan errusiarrak—. Ai! Gaizki dago, oso gaizki.» Katalejuak etxe aldera zuzendu nituen. Ez zegoen bizitza arrastorik, baina han zeuden teilatu hondatua, buztinezko horma luzea belarraren gainetik kukulduta, bere leiho moduko hiru zulo karratu txikiekin, hirurak neurri desberdinetakoak: hau guzti hau nire eskumenera erakarria edo. Eta orduan derrepentean mugitu nuen eta desagertutako hesitura hartatik gelditzen ziren zutoinetarik bat nire katalejuen ikuspegira ernatu zen. Gogoratuko duzue nola kontatu dizuedan arreta deitu zidatela distantziara halako apaindura saio batzuek, aski nabarmenak hondamendi itxurako leku hartan. Orain bat-batean hurbilagotik ikusi nituen eta lehenengo erreakzioa burua atzera botatzea izan zen, kolpe baten aurrean bezala. Gero katalejuekin poliki zutoinez zutoin joan eta nire hutsaz jabetu nintzen. Kirten borobil haiek ez ziren apaingarriak, sinbolikoak baizik; adierazkorrak eta txundigarriak ziren, zirraragarriak eta asaldagarriak, gogoetarentzako bazka, baita putreentzat ere, baten bat zeru gainetik begira egon balitz; baina nolanahi ere hagatik gora egiteko bezain langile izango ziren inurrientzat. Erdiragarriagoak izango ziratekeen oraindik zurkaitzen gaineko buru haiek, baldin aurpegia etxe aldera begira ez balute. Bat bakarra zegoen, lehenbizi hauteman nuena, nire aldera begira. Ez zidan zuek pentsa ahalako zarrastadarik eman. Egin nuen atzera saltoa, izan ere, harridurazko mugimendu bat baino ez zen izan. Bertan zurezko kirten bat ikustea espero nuen, ulertzen? Nahita aurrena ikusi nuenera itzuli nintzen, eta hantxe zegoen, beltz, lehor, abaildua; betazalak bilduta; buru hark lotan zirudien makilaren puntan eta ezpain lehor zartatuek hortzen lerrokada txuri estu bat erakusten zutelarik, irribarrez ere ari zen, etengabe irribarrez betiereko loaldi hartako amets amaigabe eta barregarriren batekin.
Ez naiz inolako merkatal sekreturik plazaratzen ari. Alegia, zuzendariak geroago esan zuen Mr Kurtzen metodoek barrutiari porrot eragin ziotela. Horri buruzko iritzirik ez daukat, baina garbi ulertarazi nahi dizuet ez zuela inolako etekinik ematen buru haiek han egoteak. Zera besterik ez zuten frogatzen, Mr Kurtzek bere hainbat gutizia asetzeko orduan bere buruari eusteko gauza ez zela, zerbaiten eskas zela, bere premia larria zegoenean elokuentzia bikainaren azpian aurkitzerik ez zegoen txikikeriaren bat. Bere eskasia honetaz jabeturik zegoenetz ez dakit. Jabetasuna, uste dut, azkenean etorri zitzaion, azken buruan bakarrik. Baina oihanak berehala antzeman zion eta berarengan mendeku ikaragarria hartu zuen alegiazko inbasioagatik. Nik uste bere buruaz ez zekizkien gauzak xuxurlatu zizkiola, bere bakardade handiari aholkua eskatu zion arte pentsatzen ez zituen gauzak, hain zuzen, eta xuxurla biziki liluragarria gertatu zitzaion. Durundi ozena egin zuen bere baitan, funtsean hutsik zegoelako... Katalejuak utzi nituen eta hitz egin ahal izateko bezain gertu ageri zen burua bazirudien supituki nigandik helduezinezko distantzia batera salto egina zela.
Mr Kurtzen mireslea pixka bat burumakur zegoen. Ahots larri, nahasi batez hasi zitzaidan esaten ez zela ausartu sinbolo horiek edo eraistera. Ez zen indioen beldur; horiek ez zuten zirkinik ere egingo Mr Kurtzek agindua eman artean. Bere aginpidea izugarria zen. Jende horren kanpamenduak hango inguru guztian zeuden eta buruzagiak egunero etortzen ziren Mr Kurtz ikustera. Arrastaka etortzen ziren... «Ez dut ezer jakin nahi Mr Kurtzengana hurreratzeko erabiltzen dituzten zeremoniez,» oihukatu nion. Gauza kuriosoa da nola eman zidan sentsazioa, xehetasun haiek jasanezinagoak gertatuko zitzaizkidala Mr Kurtzen leihopeko zutoinen gainean lehorturiko buru haiek baino. Azken finean, hori ikuskari basati bat baino ez zen eta ni, aldiz, bazirudien jauzi batez izugarrikeria finezko lurralde ilun baten barrenera eraman nindutela, non basakeria hutsa, berez, benetako aringarri bat zen, eguzkipean bizitzeko eskubide ukaezina duen zerbait delako. Gazteak harrituta begiratu zidan. Suposatzen dut ez zitzaiola okurritu Mr Kurtz nire idoloa ez zela. Ahaztuta zegoen nik ez nituela bakarrizketa zoragarri haiek entzun, zertaz? maitasunaz, zuzenbideaz, jokabideaz edo dena delakoaz. Kontua baldin bada Kurtzen aurrera arrastaka etortzea, orduan bera ere basatietan basatiena bezainbeste arrastatu zen. Egoeraren berri ez nekiela esan zuen: buru horiek erreboltarien buruak ziren. Nire algarak gehitxo asaldatu zuen gizona. Erreboltariak! Zein izango litzateke hurrengo definizioa? Zegoeneko etsaiak, kriminalak, langileak egon ziren eta hauek erreboltariak ziren. Niretzat buru erreboltari haiek ondo menderatuak zeuden euren makiletan. «Ez dakizu ondo bizimodu honek zer pasada ematen dion Kurtz bezalako gizon bati,» oihukatu zuen Kurtzen azken dizipuluak. «Bai, eta zuri?» esan nion. «Ni! Ni! Ni gizon sinple bat naiz. Nik ez dut pentsaera apartekorik. Nik ez dut inorengandik ezer espero. Nola konparatzen nauzu...?» Bere emozioa gehiegizkoa zen hitz egiteko eta bat-batean pot egin zuen. «Nik ez dut ulertzen, —intzirika—. Neure ahalegin guztiak egin ditut bizirik gordetzeko eta hori nahikoa da. Guzti honetan ez dut zerikusirik. Nik ez dut gaitasunik. Hilabetetan ez dugu hemen botika tantarik edo gaixoentzat mokadurik eduki. Lotsagarria da nola abandonatu duten. Hau bezalako gizon bat, pentsaera horrekin. Lotsagarria! Lotsagarria! Nik... nik... hamar gau badira lo egiten ez dudala...»
Bere ahotsa arrastiriko baretasunean galdu zen. Oihanaren itzal luzeak muinotik behera lerratu ziren hizketan ari ginen bitartean, estalpe hondatuaz gaindi joanak ziren, makilen errenkada sinbolikoaz gaindi. Hau dena ilunbetan zegoen; gu, berriz, eguzkiaren argitan geunden artean ere, eta soilgunearen aurreko ibai-tartea erlantz mantso eta itsugarri batez distiratzen zen, goian-behean bihurgune laiotz eta abarotsu bana zeukalarik. Lehorrean arimarik ez. Sastrakan hosto firfirarik ez.
Halako batean etxe ingurutik gizon talde bat agertu zen, lurretik erne balira bezala. Gerrirainoko belarretan barrena herrestatzen ziren, batasun trinkoan, erdian inprobisatutako anda bat zeramatela. Une berean, lurraldearen soiltasunean, oihu zoli bat goratu zen aire geldia urratuz, lurraren bihotzeraino zuzen hegaldaturiko gezi zorrotz bat bezala; eta aztikeriaz edo, gizakiak uholdeka, gizaki biluziak, eskuetan lantzak, uztaiak, ezkutuak, begirada ankerrak eta mugimendu basatiak, gaineztatzen ari zen soilgunera oihanaren bekozko ilun eta gogoetatsua. Sastraka inarrosi, belarra une batez kulunkatu eta dena gelditasun erne batean geratu zen.
«Orain, hitz egokia esaten ez badie, gureak egin du,» esan zuen errusiarrak nire aldamenean. Anda zekarren gizaldra ere geldirik zen, baporera bidean, harri bihurtuta bezala. Ikusi nuen nola anda gaineko gizona agontzen zen, hezur eta azal, eta beso bat gora, garraiarien sorbalden gainetik. «Espero dezagun maitasunaz orokorki hain ondo hitz egiten duen gizonak oraingoan barkatzeko arrazoi bereziren bat aurkitzea,» esan nuen. Garrazki sumintzen ninduen gure egoeraren arrisku absurdoak, mamu ikaragarri haren eskumendean egotea desohorezko premia bat izan balitz bezala. Ez nuen hotsik aditzen, baina neure katalejuen bidez ikusi nuen beso argala agintzaile luzatzen, behe baraila eragiten, agerkari haren begiak ilunki distiratzen, imintzio irrigarriekin mugitzen zen buru hezurtsu hartan hondoraturik. Kurtz, Kurtz, horrek motza esan nahi du alemaneraz, ezta? Bada, izena bezain egiazkoa zuen dena bere bizitzan... eta heriotzan. Gutxienez zazpi oin bete luze zirudien. Estalkia erorita zeukan eta gorputza hil-jantzi batetik bezain penagarri eta lazgarri ernetzen zitzaion. Bere saihets kaiola dardara batean antzeman nezakeen, bere besoko hezurrak ikaraz. Esan liteke marfil zaharrez landutako herioaren irudi bizidun bat aritu zela eskua mehatxuka astintzen brontze ilun eta distiratsuz eginiko gizalde geldi baten aurrean. Ikusi nuen ahoa zabal-zabal irekitzen: harrigarrizko itxura gosetia ematen zion, aire guztia, lur guztia, aurrean zituen gizon guztiak irentsi beharrean bezala. Ahots sakon bat apalki heldu zitzaidan. Garrasika ari zen, nonbait. Tupustean bizkarrez erori zen. Anda dardaratu egin zen garraiariak berriro aurrerantz zabunkatu zirenean eta aldi beretsuan ohartu nintzen nola basa taldea desagertzen ari zen erretiradazko mugimendu nabaririk gabe, oihanak hain derrepentean egotzitako gizaki haiek atzera xurgatu balitu bezala, arnasgora luze batean hatsa xurgatzen den modura.
Pelegrin batzuek andaren atzetik bere armak zeramatzaten —bi eskopeta, errifle astun bat, eta errepetizioko karabina arin bat— Jupiter penagarri haren tximistak. Zuzendaria bere gainera makurtu zen, marmarrean bere buruaren aldamenetik zebilela. Kabina txikietako batean eraitsi zuten; kamaina bat eta kanpainako aulki pare batentzako tokia besterik ez zuen gela bat, badakizue. Bere gutun atzeratuak ekarriak genizkion eta azal urratuak eta orrialde zabalduak zeuden ohe gainetik erruz barreiaturik. Eskua indarge zebilkion paper horien artetik haztamuka. Hunkitu ninduten bere begien sugarrak eta bere behakoaren hildura sosegatuak. Ez zen hainbeste eritasunaren ahuldadeagatik. Ez zirudien oinazetan. Itzal honek asebete eta lasai itxura zuen, ordukoz emozio guztiez bete-betea balego bezala.
Gutun haietako bat inarrosi eta aurpegira finko begiratzen zidala hauxe esan zuen: «Asko pozten naiz.» Norbait niri buruz idazten aritu zitzaion. Errekomendazio famatuak berriro agertzen ari ziren. Doinuaren ozentasunak, esfortzurik gabe, ia ezpainak mugitzeko nekea ere hartu gabe jaulkitakoak, liluratu egin ninduen. Hura zen ahotsa, hura! Lodia zen, sakona, zolia, eta gizonak xuxurla baterako gauza ere ez zirudien. Hala ere, indar nahikoa bazuen —alegiazkoa, noski— ia gureak egiteko, aurki entzungo duzuen bezala.
Zuzendaria isilean azaldu zen ate ondoan; ni bertatik kanporatu nintzen eta berak nire atzetik itxi zuen gortina. Errusiarra, pelegrinek kuriositatez begiratzen ziotena, lehorrera finko begira zegoen. Bere behakoaren norabideari jarraitu nion.
Urrunean giza errainu ilunak antzeman zitezkeen, lausoki iheska oihanaren ertz ilunbetsuaren kontra, eta ibai ondoan brontzezko bi irudi, lantza luze banari eutsita, eguzkiaren argitan zutik zeuden, larru pikartezko buruko ikusgarrien azpian, gerrari antza eta hala ere estatuazko gelditasunean. Eskuinetik ezkerrerantz ibaiertz argituan barna emakume baten agerraldi basati eta sotila mugitu zen.
Urrats neurtuekin zebilen, marra eta litsakiko oihaletan bildua, lurra arranditsu zapalduz, basa apaindurak doi-doi dilindan eta dirdirka. Burua tente zeraman, adatsa kasko baten erara zeukan orraztua; latoizko galtzerdiak zituen belaunetaraino, latoi alanbrezko eskularruak ukondoetaraino, orizta gorrimin bat matrail beltzaranean, kristalezko aledun koilare sorta bat lepo inguruan; gauzaki bitxiak, kuttunak, azti gizonen opariak, soinetik zintzilika, dirdirka eta dardarka urrats bakoitzean. Zenbait elefante letaginen balioa eraman behar zuen aldean. Basati eta harroxkoa zen, bikain eta begi zorrotz; zerbait ikaragarria eta goresgarria zegoen bere ibilera pausatuan. Eta negargarrizko lurralde osoaren gainera supituki amildutako isiltasunean, oihan eskergak, bizitza emankor eta misteriotsuaren gorputz tantaiak bazirudien berari begiratzen ziola, pentsakor, bere arima ilunbetsu eta grinatsuaren irudiari begira bailegoen.
Baporearen aitzinera etorri, bertan gelditu eta so egin zigun. Bere itzal luzea ur ertzera erortzen zen. Bere aurpegiak atsekabe basati eta oinaze mutu baten itxura tragikoa eta ankerra zuen, borrokatzen zen gaizki definitutako erabaki baten beldurrarekin nahasia. Begira egon zitzaigun, zirkinik gabe eta, oihana bera bezala, igarri ezinezko asmo bat bilbatzen aritzeko aire batekin. Minutu oso bat pasa eta gero urrats bat aurrera eman zuen. Dilin hots motel bat izan zen, metal horizko distira bat, litsakiko oihalen zanbulu bat, eta gelditu egin zen, bihotzak hutsegin izan balio bezala. Nire aldameneko morroi gaztea marraka. Pelegrinak nire atzean txutxu-mutxuka. Begiratu zigun bere bizitza soaren jarraitasun tinkoaren menpe balego bezala. Bat-batean bere beso biluziak zabaldu eta gogor goratu zituen buruaren gainetik, zerua ukitzeko desira biziak hartuta bezala, eta aldi berean itzal arinak lurrera oldartu ziren, ibai gainetik barreiatuz hurbildu eta baporea besarkada itzaltsu batean estutu zuten. Izugarrizko isiltasuna nagusitu zen ikuskizun hartaz.
Emeki-emeki biratu, berriro bideari lotu, ertzetik jarraikiz eta sastrakaren barrenean murgildu zen ezkerretara. Behin bakarrik distiratu ziren bere begiak guri atzera so eginez arboladiaren iluntzean ezkutatu aurretik.
«Ontzi gainera igotzekoa egin izan balu, seguru aski bera akabatzen saiatuko nintzen —esan zuen adabakiekiko gizonak urduri—. Neure bizitza arriskatzen ibili naiz egunero hamabost egun honetan etxetik uxatzeko. Behin batean etxean sartu eta sekulako iskanbila sortu zuen arropak adabatzeko almazenean harrapatu nituen piltzar ziztrin hauek zirela eta. Ez omen nengoen dezente jantzita. Horregatik zen, antza, ze Kurtzekin ordubetez hitz egin baitzuen haserre bizitan, noizean behin niri seinalatuz. Ez dut ulertzen tribu horren hizkera. Nire zorionerako, Kurtz, uste dut, oso makal zegoen egun hartan ezertaz arduratzeko, ze bestela istiluak sortuko ziren. Ez dut ulertzen... Ez, gehiegi da niretzat. Bada, orain dena kito.»
Une horretan Kurtzen ahots sakona entzun nuen gortinaren atzean: «Ni salbatzera! Marfila salbatzera esan nahiko duzu. Ez esan. Ni salbatzera! Neuk salbatu zaitut zu eta. Orain nire planak oztopatzen ari zara. Gaixorik! Gaixorik! Zuk sinetsi nahiko zenukeen bezain gaixorik ez behintzat. Berdin da. Neure ideiak aurrera aterako ditut oraindik: itzuliko naiz. Erakutsiko dizut zer egin daitekeen. Zu eta zure txerpolari ideia horiek; traba egiten didazu. Itzuliko naiz. Nik...»
Zuzendaria kanpora irten zen. Adeitasunez besotik heldu eta aparte eraman ninduen. «Oso-oso makal dago,» esan zidan. Beharrezko iritzi zion hasperen bat botatzeari, baina ez zuen asko zaindu osotasunez nahigabeturik agertzea. «Ahalegin guztiak egin ditugu beragatik, ezta? Baina ezin gertaerak desitxuratu, Mr Kurtzek mesede baino kalte gehiago egin dio Konpainiari. Ez zuen konprenitu indarrezko ekintzetarako sasoirik egokiena ez zela. Kontuz, kontuz, horra nire printzipioa. Oraindik kontuz ibili behar dugu. Barrutia itxita daukagu bolada baterako. Tamalez! Merkataritzak, oro har, sufrituko du. Ez dut ukatzen marfil kopuru dezentea ez dagoenik, fosila gehienbat. Salbatu beharra daukagu, nola edo hala; baina begira zein egoera kaxkarrean gauden, eta zergatik? Metodoa okerra delako.» «Zuk honi —esan nion, lehorrera begiratuz— metodo okerra deitzen diozu?» «Dudarik gabe —ihardetsi zidan sutan—. Zuk ez ala?».
«Inolako metodorik ez dago eta,» esan nion ahapeka handik pixka batera. «Horixe ez dagoela —pozarren esan zidan—. Esan nuen nik. Erabateko burugabekeria erakusten du. Nire eginbeharra da dagokion tokian jakinaraztea.» «Bai —esan nion nik—, tipo horrek, zer izen du? Adreilugileak, txosten dotore bat prestatuko dizu.» Nahastuta geratu zen pixka batean. Iruditu zitzaidan halako giro zitala behin ere sumatu gabea nintzela, eta Kurtzengana itzuli nuen gogoa, gozagarri bila, egiatan, gozagarri bila. «Dena den, pentsatzen dut Mr Kurtz gizon aparta dela,» esan nion hitzak azpimarratuz. Asaldaturik begirada hotz astuna egotzi, lasai-lasai: «Hala zen,» esan eta bizkarra eman zidan. Akabo nire pagotxa, sasoirik egokiena ez zeneko metodoen jarraitzaileen artean sartuta nengoen Kurtzekin batera: Okerra nintzen! Ah! Baina gutxienez zerbait zen neure amesgaitzak aukeratu ahal izatea.
Nik, egiazki, oihana nuen xedetzat, ez Kurtz; zeren hori, onartzeko prest nago, lurperatuta bezala baitzegoen, egon ere. Eta une batez iruditu zitzaidan ni neu ere sekretu doilorrez betetako hilobi itzel batean lurperatuta nengoela. Nabaritu nuen pisu jasangaitz batek bulartea estutzen zidala, lur hezearen usaina, korrupzio garailearen presentzia ikusiezinak, gau barrenezin baten ilunbeak... Errusiarrak sorbaldan txapaka egin zidan. Entzun nuen murruzka eta totelka honelatsu zioela: «Marinel anaia... ezin zuri ezkutuan gorde... Mr Kurtzen izen onari kalte egin diezaioketen kontu batzuen berri ematea.» Itxaron nuen. Berarentzat, bistan zen, Kurtz ez zetzan hilobian; susmoa dut Mr Kurtz berarentzat hilezkorretako bat zela. «Eta? —esan nion azkenean—. Hitz egizu. Gertatzen da ni Mr Kurtzen laguna naizela... nolabait.»
Adeitasun handiz jakinarazi zidan «lanbide berekoak» izan ez bagina kontua beretzat gordeko zuela, ondorioetan erreparatu gabe. «Barrundatzen zuen benetako gaizkinahia zegoela berarenganako gizon zuri haien aldetik...» «Arrazoia duzu —esan nion, ezustean entzundako elkarrizketa bat gogoratuz—. Zuzendariaren ustez urkatua egon behar zenuke.» Isilpeko horren aurrean halako egonezin bat agertu zuen, hasieran libertitu egin ninduena. «Hobe dut isil-isilik eskapatu —esan zuen, benetan—. Dagoeneko ezin dut Kurtzengatik gehiago egin, eta beraiek berehala bilatuko zuten aitzakiaren bat. Zerk geldiaraziko ditu? Hemendik hirurehun miliatara badago kanpamendu militar bat.» «Ongi. Nire iritziz —esan nion—, alde egitea duzu onena, hango inguruko basatien artean lagunik baduzu, behintzat.» «Pilo bat —esan zidan—. Jende sinplea da... eta ni ez noa ezeren bila, badakizu.» Ezpaina hozkatzen egon zen, gero: «Nik ez dut nahi hemengo zuriei kalterik gertatzerik; baina, noski, Mr Kurtzen izen onarekin ari nintzen pentsatzen... zu, ordea, marinel anaia zara eta...» «Konforme —esan nion geroxeago—. Mr Kurtzen izen ona nirekin salbu dago.» Ez nekien ondo zeinen egiati mintzo nintzen.
Jakitera eman zidan, ahotsa apalduz, Kurtzek berak agindu zuela baporearen aurkako erasoaldia burutu zedin. «Batzuetan gorroto izaten zion hemendik eramana izateko ideiari, eta gero berriz... Baina nik ez ditut gauza horiek ulertzen. Ni gizon sinple bat naiz. Pentsatu zuen beldurrez hanka egingo zenutela, amore emango zenutela, bera hildakotzat joz. Nik ezin geldiarazi nion. Ai! Oso bolada txarra pasatu dut azken hilabete honetan.» «Ederki —esan nion—. Bera ondo dago orain.» «Ba-a-a-i,» ahapeka esan zuen, ez oso konbentzituta, nonbait. «Eskerrik asko —esan nion—; begiak erne edukiko ditut.» «Baina, ixo, eh?» erregutu zidan, artega. «Izugarria litzateke bere izen onerako hemengo norbaitek...» Isiltasun osoa agindu nion seriotasun handiz. «Kanoa bat eta hiru lagun beltz dauzkat zain hemendik ez oso urruti. Banoa. Martini-Henry kartutxo batzuk emateko modurik bai?» Modurik banuen eta eman egin nizkion, behar bezain ezkutuan. Berak hartu zuen, begi keinu bat egiten zidalarik, eskutada bat nire tabakotik. «Marinelen artean, badakizu, tabako ingeles ona.» Lematokiko ate ondoan jiratu egin zen. «Zera, behar ez duzun zapata pare bat ez duzu izango, bada?» Hanka bat jaso zuen. «Begira.» Zolak soka korapilatsuez sandalia gisara lotuta zeuden oin biluzien pean. Pare zahar bat atera nuen nonbaitetik eta txundituta begiratuz bere ezkerreko galtzarbean egokitu zuen. Bere patriketako bat (gorri bizia) kartutxoz borborka, bestetik (urdin iluna) kirika «Towsonen ikerketa», eta abar, eta abar. Bazirudien oihanarekin beste topaketa berri bat izateko bere buruari ezin hobeki hornitua irizten ziola. «Ai! Halako gizonik ez zait sekula berriro suertatuko. Poesia errezitatzen entzun behar zenion; berea zen, gainera, hala esan zidan, behintzat. Poesia!» Begiak txitxildu zituen une zoragarri haiek gomutatuz. «Ai! Berak gogoa hedatu dit!» «Adio,» esan nion nik. Eskua estutu zidan eta gauean estali zen. Batzuetan neure buruari galdetzen diot ea inoiz benetan ikusi nuen, ea zitekeen gauza zen halako fenomeno bat topatzea...
Gauerdiak jo berritan esnatu nintzenean bere abisua etorri zitzaidan gogora, berekin zekarren arrisku iradokizunarekin batera, ilunbe izartsuan hain egiazkoa zirudielarik, ezen ingurutik begiratu bat emateko asmoz jaikiarazi baininduen. Muino gainean su handi bat erretzen zen, estazioko etxearen kantoi oker bat aldizka argituz. Agenteetariko bat, gure beltz banaka batzuen pikete batekin, hartarako propio armaturik, guardia egiten ari zen marfilaren ondoan; baina oihanaren barren-barrenean, argitasun gorri dardarati batzuek, itxuraz lurrean hondoratuz eta bertatik ernatuz belztasun biziko zutabe forma nahasien artean, zehazki erakusten zuten non zeukaten kanpamendua gaubeila asaldaria burutzen ari ziren Mr Kurtzen adoratzaileek. Danbor handi baten kolpatze monotonoak astinaldi motelduez eta dardara luzatu batez betetzen zuen airea. Etengabeko soinu burrunbatsu bat, gizon ugarik harrigarrizko aztikeriaren bat nork bere buruari kantatuz sortzen zutena, oihanaren murru beltz, lautik irten zen, erleen burrunba erlauntzetik irteten den bezala, eta eragin loarazle arraro bat zuten nire zentzumen erdi lokartuetan. Uste dut barandaren gainean apoiaturik lo arinak hartu ninduela, harik eta aieiezko zapart sorgor batek, ezin eutsizko aztoramen misteriotsu baten leherketa erdiragarriak, txundimen nahastaile batez iratzarri ninduen arte. Kolpetik eten zen, eta durundi behereak isiltasun entzungarri eta sosegatuaren efektua sortuz jarraitu zuen. Halabeharrez kabina txikiaren barrura begiratu nuen. Argi bat piztuta, baina ez zegoen Mr Kurtzik bertan.
Uste dut zalapartaka hasiko nintzela neure begiei sinetsiz gero. Baina hasieran ez nien sinetsi, hain ezinezko gauza baitzirudien. Kontua da ni erabat ikaratuta nengoela, izu laborrizko terrore abstraktu hutsez, arrisku fisikoaren inolako forma ezagunekin zerikusirik ez zuena. Emozio hau hain jasanezin bihurtu zuena zen —nola definituko nuke?— hartu nuen bihotz zarrastada, alegia, guztiz munstrozko zerbait, adimenarentzat eramanezina eta arimarentzat gorrotagarria, ustekabez gainean ezarri izan balidate bezala. Honek, noski, segundo baten zatirik txikiena iraun zuen, eta gero herio arriskuaren ohizko sentsazio ezaguna, bat-bateko erasoaldiaren eta triskantzaren egokiera, edo horrelako zerbait, gain-gainean ikusten nuena, benetan ongi etorria eta lasaigarria gertatu zitzaidan. Hainbeste baretu ninduen, baretu ere, ez bainuen alarma jo ere egin.
Agente bat zegoen ontzi gainean goraino botoituriko longain batean bildua aulki batean lo, nigandik hiru oin betera. Aieiek ez zuten iratzarri; zurrunga oso txikian ari zen; bere lo betean utzi eta lehorrera salto egin nuen. Ez nuen Mr Kurtz traizionatu —aginduta zegoen inoiz ez nuela traizionatuko— idatzita zegoen leialtasuna gordeko niola nik aukeratutako amesgaitzari. Itzal horrekin bakarrean gertatzeko irrikitan nengoen, eta gaur ere ez dakit zergatik nengoen hain jeloskor esperientzia haren belztasun berezia inorekin partekatzeko.
Ez al nuen lehorreratu lorratz bat ikusi nuen, lorratz zabal bat belarretan barna. Gogoan dut neure baitan pozarren esan nuela: «Ezin du ibili, lau hankan arrastaka dabil, harrapatu dut.» Belarra ihintzez hezatua zegoen. Urrats luzeka bizkor ibili nintzen ukabilak hertsita. Uste dut halako asmo lauso bat nuela, bere gainera erori eta bizkarra berotzekoa. Ez dakit. Burutapen zoro batzuk izan nituen. Katuarekin ehuntzen ari zen atsoak oroimena itsutzen zidan, honelako pasadizo baten buruan eserita egoteko pertsonarik desegokiena bailitzan. Pelegrin ilara bat ikusi nuen Winchesterrak gerrialdean airera beruna parrastatuz. Pentsatu nuen baporera inoiz ere ez nintzela itzuliko eta neure burua basoan imajinatzen nuen bakarrik eta armarik gabe bizitzen adinean sartu arte. Horrelako txorakeriak, badakizue. Eta gogoan dut nola danborraren taupada neure bihotzaren taupadarekin konfunditzen nuen, eta laket zitzaidan bere erregulartasun mantsoa.
Arrastoari jarraiki nintzaion, hala ere; gero entzuteko gelditu nintzen. Gau zohardia zegoen; espazio urdin ilun bat, ihintzez eta izarren argiez dirdirka, bertan gauza beltzak geldi-geldi zeudelarik. Mugimendu antzeko zerbait ikusi uste nuen neure aurrean. Gau hartan orotaz ziur nengoen harrigarriro. Egia esan, arrastoa utzi eta itzulinguru zabal batean korritu nuen (uste dut neure artean barrezka egiatan) eta hala ikusita neukan zirkin edo higidura antzeko haren aurrera agertu, zerbait ikusita baneukan behintzat. Haur jolas bat balitz bezala ari nintzen Kurtz inguratzen.
Bere aurrean gertatu nintzen, eta etortzen entzun ez balit, bere gainera ere eroriko nintzatekeen, baina garaiz altxa zen. Kili-kolo, luze, zurbil, lauso, lurrari zerion lurruna bezala zutitu eta pixka bat kordokatu zen, lanbrotsu eta isil nire aurrean; ordea, nire atzean suak nabaritzen ziren zuhaitzen artean eta ahots ugarien murmurio bat barreiatzen zen oihanetik. Artezki moztu nion bidea, baina egiazki bere parean nengoenean neure senera etorri nintzela iruditu zitzaidan, arriskua bere neurri egokian ikusi nuen. Ez zen desagertu, hain gutxi ere. Eta garrasika hasten bada? Ozta-ozta zutik egoteko gauza bazen ere, ahotsean indar izugarria zeukan artean. «Alde egizu, ezkuta zaitez,» esan zidan bere doinu sakonarekin. Espantagarria zen. Begi ertzetik atzealdera begiratu nuen. Hurbileneko sua hogeita hamar iardatara genuen gutxi gorabehera. Irudi beltz bat zutitu zen, hanka luze beltzekin urrats luzeka, beso luze beltzei eraginez, argitasuna zeharkatu zuen. Adarrak zeuzkan, antilope adarrak, uste dut. Intxixu bat, azti bat, dudarik gabe: itxura zeharo deabruzkoa zuen. «Badakizu zer ari zaren?» xuxurlatu nion. «Noski,» erantzun zidan, ahotsa goratuz hitz bakar hori esateko: soinu urrun eta hala ere ozenez jo zidan belarrira, bozgorailu baten bidezko dei batek bezala. Zalaparta sortzen badu, gureak egin du, pentsatu nuen neurekiko. Bistan da mutur joka hasteko kasu bat ez zela, gainera nazka ematen zidan itzal hura jo beharrak, gauza errari eta oinazetu hura. «Galdu egingo zara —esan nion—, ezin gehiagoan galdu ere.» Batek horrelako inspirazio-aldiak izaten ditu batzuetan, badakizue. Gauza egokia esan nuen, zeren ezin baitzuen une hartantxe zegoena baino galduago egon eta une horretantxe gure intimitatearen zimentarriak ezartzen ari ziren, irauteko, irauteko, azken bururaino ere, harantzagoraino ere.
«Sekulako planak neuzkan,» murmuratu zuen zalantzakor. «Bai —esan nion nik—; baina garrasi egiten saiatzen bazara burua kraskatuko dizut zerarekin...» Inguruan ez zegoen ez egurrik ez harririk. «Lepoa bihurrituko dizut.» zuzendu nuen. «Gauza handien atarian nengoen.» arranguratu zen, oroi-minezko ahots batez, hain doinu etsigarriz, ze odola gatzatu egin zitzaidan. «Orain, berriz, doilorkume txotxolo horrengatik...» «Zure arrakasta Europan segurtatuta dago nolanahi ere,» zuhurki esan nion. Ez nuen nahi lepoa bihurritu beharrean egoterik, ulertzen? Gainera horrek ezer gutxi balioko zuen inolako helburu praktikorako. Aztikeria hausten saiatu nintzen —oihanaren aztikeria pisutsua, mutua—, bera bere bihozgabeko altzora bereganatu nahian zirudiena, berarengan sen ahantzi eta aberekoiak berpiztuz, munstrokeriazko grina asebeteak oroitaraziz. Horrek ez bestek, etsita nengoen, eraman zuen oihanaren ertzera, sastrakara, suen argitasunera, danborren taupadara, konjuru harrigarrien burrunbara; horrek ez bestek liluratu zuen bere arima debekatua baimendutako xedeen mugaz haraindi joatera. Eta, aizue, egoeraren izu laborria ez zetzan kaskarreko bat hartu ahal izatean —nahiz arrisku horren sentsazio bizi-bizia ere banuen—, baizik eta gizon bati aurre egin behar niola eta horrekin ezeren goragarri edo beheragarriren izenean jotzerik ez nuela. Nik ere, beltzek bezalaxe, bera inbokatu beharra nuen, bere galdukeria asaldari eta sinestezina. Ezer ere ez zegoen bere gainetik edo bere azpitik, eta nik banekien hori. Ostikoka askatu zen lurretik. Gizon arraioa! Ostikoka txikitu zuen lurra bera ere. Bakarrik zegoen bera, eta ni bere aurrean ez nekien lur gainean edo airean flotatzen nengoen. Esan genuena kontatzen aritu natzaizue —erabili genituen esaldiak errepikatzen— baina zer balio du? Eguneroko hitz arruntak ziren, bizitzara jaiotzen den egun bakoitzean trukatzen diren hots ezagunak, lausoak. Bai, eta? Atzetik, nire irudiko, ametsetan entzundako hitzek, amesgaitzetan adierazitako esaldiek ohi duten liluramendu beldurgarria zeukaten. Arima! Inor bada inoiz arima batekin borrokatu denik, neu naiz gizon hori. Eta ez nintzen txoriburu batekin ere eztabaidan ari. Uste ez baduzue ere, adimena guztiz argia zeukan; bere baitara bizitasun ikaragarriarekin bildua, egia da, hala ere, argia; eta hortxe nuen aukera bakarra —non eta, jakina, ber-bertan hiltzen ez nuen, hain komenigarria ere ez zena, ezinbesteko zarata zela eta—. Baina bere arima erotuta zegoen. Oihanean bakarrik egonik, bere baitara begiratu zuen eta, alajaina! Erotu egin zen, aizue. Neronek ere —neure bekatuengatik, suposatzen dut— bere baitara begiratzeko froga pasatu behar izan nuen. Ezein elokuentziak ezingo zukeen norberak gizatasunarekiko duen fedea hala agortu, nola bere azkeneko leherketa egiatiak. Bere buruarekin ere borrokatzen zen. Ikusi nuen, entzun nuen. Ikusi nuen ez bridarik, ez federik ez beldurrik ezagutzen ez bazuen ere, bere buruarekin itsu-itsuan borrokatzen zen arima baten misterio pentsaezina. Nahiko ondo eutsi nion neure buruari; baina azkenez kamainan eratzan nuenean, bekokia xukatu nuen, hankak neure azpian dardarka nituela, muino hartatik behera tona erdi bat bizkarrean garraiatu izan banu bezala. Eta hala ere, heldu besterik ez nion egin, bere beso hezurtsua lepo ingurua estutzen zidala, eta haur bat baino askoz pisuagoa ere ez zen.
Biharamun eguerdian partitu ginenean, gizaldea, horren presentziaz zuhaitzezko gortinaren atzean guztiz kontziente izana bainintzen, basoetatik atzera isuri zen, soilgunea gaineztu, malda brontzezko soin biluzi arnaskari, dardarkarien nahaspila batez estali. Lurrunaren presioa pixka bat igo eta ondoren ibaian behera biratu nuen, eta bi mila begik jarraitu zituzten ibai deabru ankerraren mugimenduak txaplaka, danbadaka, urari kolpeka bere isats ikaragarriarekin eta airera ke beltza jarioka. Aurreneko ilararen aitzinean, ibai ertzean zehar, hiru gizaseme, burutik oinetara buztin gorriminez basituta, fanfarroi zebiltzan harat-honat urduri. Berriz ere haien parera iritsi ginenean, ibaira begiratzen zuten, oinak zanpatzen, euren buru adardunei eragiten, soin eskarlatak kulunkatzen; ibai deabru ankerraren aldera luma beltz sorta bana inarrosten zuten, buztana dilindan zuen larru ezkabiatsu bana —kalabaza lehorraren antzeko itxura zuen gauza bat—; giza hizkuntzaren soinuak ez ziruditen harrigarrizko hitz parrastadak oihukatzen zituzten aldizka denak batera; eta gizaldraren murmur sakonak, supituki etenak, satanen letania baten erantzun modukoak ziren.
Kurtz lematokira eramana genuen: han aire handiagoa zegoen. Kamainan etzanda, finko begiratzen zuen zabaldutako leihatilatik. Zurrunbilo bat gertatu zen giza gorputzen nahaspilan eta orrazkera kasko erara eta matrail beltzaranak zituen emakumea ur ertzeraino oldartu zen. Eskuak hedatu zituen, zerbait oihukatu eta gizabar basatiak koru burrunbatsuan jarraitu zion oihuari lengoaia artikulatu, arin eta arnasestu batez.
«Ulertzen duzu hori?» galdegin nion.
Niri erreparatu gabe kanpora begira segi zuen begi suhar eta lehiatsuz, irrikaz eta gorrotoz nahasitako aurpegierarekin. Ez zuen erantzunik eman, baina nik barre-iduri bat ikusi nuen, ezin adierazizko esanahia zuen barre-iduri bat, ezpain kolorgeetan ageri zitzaiona, horiek geroxeago dardara handian zirelarik. «Nola ez?» esan zidan emeki, arnaska, hitzak naturaz gaindiko botere batek erauziak bezala.
Txilibituaren lokarriari tira egin nion, eta hori egin nuen ikusi nuelako nola pelegrinek ontzi gainean euren errifleak ateratzen zituzten jolas atsegingarri bat prestatzen aritzeko trazarekin. Bat-bateko txistukadaren ondorioz izu laborrizko higidura bat izan zen gorputzen nahaspila bilduan zehar. «Ez! Ez uxatu!» deskontsolaturik oihukatu zuen norbaitek ontzi gainean. Lokarriari tira eta tira egin nion. Sakabanatu egin ziren, korrika, jauzika, makurka, itzurika, soinuaren terrore hegalariari iheska. Hiru tipo gorriak zerraldo erori ziren, ahozpez ibai ertzean, tiro batek hilak bezala. Soilik emakume basatar eta harroxkoak zirkinik egiteke bere beso biluziak tragikoki luzatu zituen gureganantz ibai goibel eta distiratsuaren gainetik.
Orduantxe ontzi gaineko gizalde ergelak bere jostaketari ekin zion eta ez nuen gehiago ikusterik izan keagatik.
Ur arrea borborka zerion ilunbeen bihotzari, eta gorako bidean baino bi bider handiagoko abiadurarekin ginderaman itsasorantz; eta Kurtzen bizitza ere borborka zerion bere bihotzari, beheraldian, beheraldian, gupidagabeko denboraren itsasorantz. Zuzendaria gozo-gozo zegoen; ez zuen bizi kezkarik orain; begirada xamur eta atsegin batez hartu gintuen biok: «afera» nahi bezain ongi burutua zegoen. Ikusten nuen hurbiltzen ari zela «metodo okerraren» taldeko kide bakartzat geratuko nintzeneko aldia. Pelegrinek destainaz begiratzen zidaten. Hildakoen artean zenbatua nengoen, nolabait esanda. Harrigarria da nola onartzen nuen halabeharreko elkartze hau, mamu zeken eta zikoitz horiek inbaditutako lurralde ilunbetsuan bortxaz ezarri zizkidaten amesgaitzen hautapen hau.
Kurtz hizketan ari zen. Hura zen ahotsa hura! Azken-azkeneraino sakon hots egin zuen. Indarrari eutsi zion bere bihotzaren ilunbe elkorra elokuentziaren toles bikainetan ezkutatzeko. Ai, nola borrokatu zen, nola! Irudi itzaltsuek bisitatzen zituzten orain bere burmuin abailduen hondarrak, aberastasun eta ospe irudiak, eskuzabalki itzulikatzen zirenak bere adierazmen prestu eta gorenaren dohain agortezinaren inguruan. Nire maitea, nire estazioa, nire lanbidea, nire ideiak: horiek ziren goi sentimenduen inoizko mintzagaiak. Jatorrizko Kurtzen itzala maiz agertzen zen itxurapen hutsaren oheburuan, beronen patua udaberriko lurrustelean aurki ehortzia izatea zelarik. Baina barrendu zen misterioekiko maitasun deabruzkoa nahiz lurraz gaindiko gorrotoa, biak borrokatzen ziren antzinako emozioez asebeteriko eta gezurrezko ospearen, sasi prestutasunaren, arrakasta eta botere itxura guztien gose zen arima horretaz jabetzeko.
Batzuetan haur jokaera gogaikarria agertzen zuen. Egintza handiak burutzeko xedeaz egondako Inon ospel batetik itzultzean erregeak tren geltokietan zain edukitzea desiratzen zuen. «Froga iezaiezu zeure baitan benetan baliagarria den zerbait badaukazula eta orduan zure gaitasunaren aitorpena mugagabea izango da —esan ohi zuen—. Arrazoiak, noski, arretaz hautatu behar dituzu, arrazoi zuzenak, beti ere.» Ibai-tarte bera eta bakarra ziruditen ibai-tarte luzeak, berdin-berdinak ziren bihurgune monotonoak, baporearen pasaeran lerratzen ziren, behialako zuhaitzen ugaritasuna patxadaz begira zegoela aldaketaren, konkistaren, merkataritzaren, sarraskien eta bedeinkapenen aitzindari zen beste mundu bateko pusketa likits honen aurrean. Nik aurrera begiratzen nuen erruberatik. «Itxi leihatila —esan zuen behin Kurtzek bat-batean—; ezin dut eraman hau ikustea.» Halaxe egin nuen. Isilune bat izan zen. «Baina bihotza bihurrituko dizut oraindik, alafede!» garrasi egin zion oihan ikusiezinari.
Matxura bat izan genuen —nik espero nuen bezalaxe— eta ontzia konpontzeko uharte baten muturrean gelditu beharra izan genuen. Atzerapen hau izan zen Kurtzen konfiantza hunkitu zuen aurreneko gauza. Goiz batean paper sorta bat eta argazki bat eman zizkidan, horiek denak zapata lokarri batez elkarrekin bilduak. «Gorde egidazu hau —esan zidan—. Txoro zital hori (zuzendariaz ari zen) kapaz da ezkutuan nire kutxak arakatzeko.» Arratsaldean ikusi nuen zuzendaria. Ontzi gainean ahoz gora etzanda zegoen begiak itxita, eta ni isilean erretiratu nintzen, baina hauxe entzun nion ahapeka esaten: «Gizalegez bizi, hil, hil...» aditu nion. Ez zen besterik izan. Bere loaldian hitzaldiren bat errepikatzen ari zen ala egunkarirako artikuluren bateko esaldi zati bat zen? Egunkarietarako idatzi izan zuen eta berriro hasteko asmoa omen zuen «nire ideiei laguntzeko. Egin beharrekoa da.»
Berea ilunbe barrenezina zen. Eguzkiak sekula argitzen ez duen amildegi baten hondoan datzan gizon bati goitik aztertuko litzaiokeen bezala begiratzen nion nik. Baina ez nuen denbora askorik berari eskaintzeko, ze makinazainari laguntzen ari bainintzaion hondatutako zilindroak desmuntatzen, biela okertu bat zuzentzen, eta horrelako gauzak egiten. Herdoila, karraskautsa, torloju, berno, giltza, mailu eta trinketezko nahas-mahas beldurgarri baten erdian bizi nintzen, gorrotatzen ditudan gauzak, hain zuzen ere, horiekin ez bainaiz ondo moldatzen. Ontzi gainean zorionez geneukan forja txiki batean ari nintzen ni; txatar pilo madarikatu baten erdian jo eta ke lanean, baldin eta zutik egon ahal izateko hotzikara gaiztoegiak ez banituen, behintzat.
Gau batez kandela batekin sartu nintzenean zur eta lur geratu nintzen ikara doi batez hauxe zioela: «Hemen natza, ilunbetan, herioaren zain.» Argia begietatik arra betera edo zeukan. Neure burua behartu nuen ahapetik esatera: «Txorakeriak!» eta bere aldamenean geratu nintzen, zurtuta bezala.
Begitarteak egin zuen aldaketaren antzekorik egundaino ikusi gabea nintzen eta espero dut sekula berriro ez ikustea. Ez, ez nengoen hunkituta. Liluratuta nengoen. Errezela bat urratzea bezala izan zen. Marfilezko aurpegi hartan harrotasun iluna ikusi nuen, botere errukigabea, izu laborria, amore emate bizi eta etsia. Bere bizitza atzera bizi ote zuen desira, tentazio eta etsimenezko xehetasun orotan jakintza beteko une goren hartan? Xuxurla batez oihukatu zion irudiren bati, ikuskariren bati, bi aldiz oihukatu zuen, hats bat baino ez zen oihua:
«Horrorea! Horrorea!»
Putz eginez kandela emendatu eta kabinatik irten nuen. Pelegrinak jantokian afaltzen ari ziren eta nik zuzendariaren aurreko eserlekua hartu nuen; berak begiak jaso eta begirada aztertzaile bat egotzi zidan, nik poliki saihestu nuena. Atzerantz makurtu zen, patxadatsu, barre-iduri berezi hark bere zikoizkeriaren barrunbe adierazi gabeak zigilatzen zituela. Eltxo erauntsi atergabea ari zuen firrindaka lanpararen inguruan, mantelaren inguruan, gure esku-aurpegien inguruan. Halako batez zuzendariaren mutilak bere buru beltz lotsagabea atetik agertu eta mespretxuzko doinu mingots batez honako hau esan zuen:
«Mistah Kurtz, bera hil.»
Pelegrin guztiak kanpora oldartu ziren ikusteko. Ni bertan gelditu eta neure afariarekin jarraitu nuen. Uste dut anker bihozgabetzat jo nindutela. Dena den, ez nuen askorik jan. Bertan lanpara bat zegoen —argia, aizue—; eta kanpoan hain zen beltza ilunbea. Ez nintzen berriro inguratu bere arimaren lurreko ibilerei buruz iritzi bat eman zuen gizon apartarengana. Ahotsa joana zen. Zer gehiago egon zen han? Baina jakitun naiz, noski, pelegrinek biharamunean zerbait lurperatu zutela zulo lohitsu batean.
Eta gero ni lurperatzeko zorian egon ziren.
Ordea, ikusten duzuenez, ez nintzen berehala joan Kurtzekin elkartzera. Ez horixe. Geratu nintzen amesgaitza azkeneraino bizitzeko eta Kurtzekiko neure leialtasuna beste behin frogatzeko. Patua. Nire patua! Bai gauza irrigarria dela bizitza, logika zorrotzezko gertutasun misteriotsu hori xede hutsal baterako. Beragandik gehienez espero dezakezuna da zeure buruaren ezagutza moduko zerbait —beranduegi iristen dena—, damukizun azkengabeen uzta bat. Heriotzarekin borrokan arituta nago. Imajina dezakezuen konbaterik epelena da. Gristasun ukiezin batean gertatzen da, oinpean ezer gabe, inguruan ezer gabe, ikuslerik gabe, auparik gabe, aintzarik gabe, garaipenerako irrika handirik gabe, galtzapenerako beldur handirik gabe, eszeptizismo epeleko giro kutsatu batean, zeure eskubidearekiko fede handirik gabe eta gutxiago oraindik zure etsaiarenarekiko. Azken buruko ezagumena era horretakoa baldin bada, orduan bizitzak gutariko askok uste baino enigma handiagoa da. Neure iritzia emateko azken aukera eskumenean eduki nuen eta lotsaturik ohartu nintzen ez nukeela seguru aski zer esatekorik izango. Horrexegatik diot Kurtz gizon aparta zela. Berak bazuen zer esatekorik. Esan zuen. Ertzera asomatu naizenez geroztik hobeki ulertzen dut bere begirada finkoaren esanahia, kandelaren sugarra ikusterik ez baina unibertso osoa besarkatzeko bezain hedakorra zena, ilunbetan taupaka ari diren bihotz guztiak barrentzeko bezain ebakitzailea. Berak laburpena egin zuen; berak iritzia eman zuen. «Horrorea!» Gizon aparta zen. Azken finean, hori sinesmen mota baten adierazgarri zen; xahutasuna zuen, sinesgarritasuna zuen, errebolta doinu zoli bat zuen bere xuxurlan, erdikusitako egia baten aurpegi lazgarria zuen, irrika eta gorrotozko nahasketa arraroa. Eta ez da neure une larria hobekien gogoratzen dudana: erarik gabeko gristasun ikuskari bat, oinaze fisikoz betea, eta axolagabeko mespretxu bat gauza ororen galkortasunaz, baita oinazeaz ere. Ez! Bere une larria da bizi dudala iruditzen zaidana. Egia, berak azken pausoa eman zuen, ertzaren gainetik igaro zen; nik, ordea, neure oin ezbaikoa erretiratzeko parada izan nuen. Eta beharbada horretan datza alde guztia; beharbada guztizko ezagumena, eta guztizko egia, eta guztizko zintzotasuna, ikusiezinaren ataria igarotzen dugun denbora une antzemanezin horretan trinkotuak daude, hain zuzen ere. Beharbada! Amestu nahi dut neure laburpena ez zatekeela axolagabeko mespretxu hitz bat izango. Hobe bere garrasia, askoz hobe. Baieztapen bat zen, garaipen moral bat, ezin konta ahalako galtzapenez, terrore higuingarriez, gozamen higuingarriez ordaindua. Garaipen bat hala ere! Horrexegatik azkeneraino jarraitu dut leial Kurtzekiko eta geroagoraino ere, handik puska batera beste behin entzun nuenean, bere ahotsa ez, baina bere elokuentzia bikainaren oihartzuna, kristalezko malkar bat bezain gardena zen arima batek itzulia.
Ez, ez ninduten lurperatu, nahiz eta denboraldi bat dagoen, lausoki, txundimen zirraragarri batez oroitzen dudana, esperantza eta desirarik gabeko mundu asmaezin bat zeharkatu banu bezala. Atzera ere hiri hilobitarrean aurkitu nintzen, jasanezina gertatzen zitzaidalarik jendea ikustea kaleetan barrena presaka, elkarri sos banaka batzuk xixatzeko, euren janari okaztagarria irensteko, euren zerbeza kaltegarria edateko, euren amets hutsal eta leloak egiteko. Haiek pentsamenduak gainditzen zizkidaten. Intrusoak ziren eta bizitzari buruz zuten ezagutza pretentsio sumingarri bat zen niretzat, hain ziur bainengoen beraiek ezin zituztela jakin nik nekizkien gauzak. Beraien portaera, euren zereginetara segurantza osoaren ziurtasunean joaten diren gizabanako arrunten portaera baino ez zena, iraingarri zitzaidan, ulertezin gertatzen den arrisku baten aurrean erakutsi ohi den ergelkeria nabarmen laidogarria bezala. Horiei argia emateko gogo berezirik ez nuen, baina zail samarra gertatu zitzaidan beraien aurpegien aurrean barre egiteari eustea, harrokeria ergelez hain beteak baitzeuden. Ni seguru asko ez nenbilen oso ondo aldi hartan. Kaleak kili-kolo korritzen nituen —zenbait eginkizun zegoen betetzeko—, pertsona txit errespetagarriei barre saminak eginez. Aitortzen dut neure jokaera barkaezina zela, baina egun haietan bakan izaten nuen tenperatura normala. Nire izeba maitearen ahaleginek «osasuna bizkortzeko» guztiz alferrikakoak ziruditen. Ez nuen osasuna bizkortu beharrekoa, irudimena nuen arindu beharrekoa. Kurtzek emandako paper sorta gordetzen nuen, eta ez nekien justu zer egin berarekin. Ama hil berria zuen, bere maitearen zaintzapean, esan zidatenez. Bizarra apainki egindako gizon batek, manera ofizialak zituena eta urreztaturiko euskarridun betaurrekoak jantzita, behin batean bisitatu eta galderak egin zizkidan, inguru-minguraka hasieran, ondoren eztiki premiatuz, halako «agiri» batzuei buruz, berari hala deitzea atsegin zitzaion eta. Ez nintzen harritu ze bi matrakaldi izan bainituen zuzendariarekin han, gai hori zela medio. Errefusatu nuen pakete haren zatirik txikiena ere ematea eta jarrera berdina hartu nuen betaurrekodun gizonarekin. Kopetilun azkenez mehatxuka hasi zitzaidan, eta sutan argudiatu zuen Konpainiak eskubide osoa zuela bere «lurraldeei» buruzko informaziorik xeheena ere izateko. Eta esan zuen: «Mr Kurtzek nahitaez ezagutza zabala eta berezia izan behar zuen esploratu gabeko herrialdeen gainean, kontutan hartuz gizon trebea zela eta zirkunstantzia tamalgarrietan egon beharra suertatu zitzaiola, beraz...» Nik segurtatu nion Mr Kurtzen ezagutza, zabala izanik ere, merkataritza nahiz administraritza arazoei buruzkoa ez zela. Gero zientziaren izena inbokatu zuen: «Izugarrizko galera litzateke baldin eta...» eta abar, eta abar. «Ohitura Basatien Ezabaketa»ri buruzko txostena eskaini nion, posdata kenduta zuelarik. Lehiaz onartu zuen, baina azkenean mespretxuzko aire batekin errefusatu. «Hau ez da espero izateko eskubidea duguna;» adierazi zuen. «Ez ezazu besterik espero —esan nion nik—. Gutun pribatuak besterik ez dago.» Auzitara jotzeko mehatxu eginez alde egin zuen eta ez nuen gehiago ikusi; baina beste tipo bat, Kurtzen lehengusua zela zioena, handik bi egunetara azaldu eta bere ahaidearen azken uneei buruzko xehetasun guztiak entzuteko irrikitan zegoen. Bidenabar jakitera eman zidan Kurtz izatez musikari handia izan zela. «Arrakasta izugarria lortzeko gai zen,» esan zuen gizonak, organujolea omen zena, uste dut, jakaren iduneko koipetsuaren gainera zerion ile urdin tximatsua zeukana. Bere baiespena zalantzan jartzeko arrazoirik ez nuen; eta gaur ere ez naiz gauza esateko zein zen Kurtzen lanbidea, edo lanbiderik bazuen eta horixe zen bere talenturik handiena. Egunkarietan idazten zuen margolaritzat hartua nuen nik, edota margotzen zuen kazetaritzat, baina lehengusuak berak ere (elkarrizketan rape hartzen zuena) ez zuen lortu bere lanbidea zehazterik. Jenio unibertsal bat omen zen, eta horretan bat nentorren agure zaharrarekin, eta honek jarraian kotoizko sudur-zapi handi batekin zaratatsuki zintz egin eta zaharren dardarizoarekin alde egin zuen, aldean garrantzirik gabeko famili eskutitz eta ohar batzuk eramanez. Atzena kazetari bat azaldu zen bere «lankide maitearen» zoriaz zerbait jakiteko irrikitan. Bisitari honek berri eman zidan Kurtzen bere-berezko arloa politikagintza izan behar zukeela «jendetzaren gidari» bezala. Bekain zuzen iletsuak zeuzkan, ilea tente eta murritza, monokulo bat xingola zabal batekin eta hitz-jario agertuz aitortu zidan bere ustetan Kurtzek ez zekiela pixka bat ere idazten, «baina, kontxo! Hiztun paregabea zen. Entzulego handiei zirrararazteko ahalmena zuen. Fedea zuen, aizu, fedea. Bere buruari edozer gauza sinetsaraziko zion, edozer gauza. Alderdi estremista bateko lider bikaina izan zitekeen.» «Zein alderditakoa?» galdegin nion. «Edozeinetakoa,» erantzun berak. «Horixe zen bera... estremista bat.» Ez al nintzen iritzi berekoa? Baietz. Ba al banekien, bat-bateko kuriositatea agertuz galdetu zidan, «zerk bultzatu zuen hara joatera?» «Bai,» esan nion, eta aldi berean Txosten famatua luzatu nion argitara eman zezan, egokitzat jotzen bazuen. Presaka gainbegiratu, denbora guztian ahapeka hitz eginez, «baliagarri»tzat jo eta bere harrapaketarekin aldendu zen.
Hala, azkenean geratu nintzen gutun sorta mehe batekin eta neskaren erretratuarekin. Bere edertasunak zirraratu ninduen; esan nahi dut begikera ederra zeukala. Badakit egun argiari ere gezurra erasan dakiokeela, nahiz eta batek sentitzen zuen argia eta posea nolanahi manipulatuta ere ezin adieraz zitekeela aurpegi hark bere baitan zuen egiatasun ñabardura fina. Entzuteko prest zirudien, buru erretserbarik gabe, errezelorik gabe, beretzat pentsamendu bat ere gorde gabe. Azkenean erabaki nuen ni neu joan eta bere erretratua eta eskutitz horiek neronek itzuli. Kuriositatea? Bai; eta beste sentimendu batzuk ere bai, agian. Kurtzena izandako guztiak eskuetatik ihes egin zidan: bere arimak, bere gorputzak, bere estazioak, bere planek, bere marfilak, bere lanbideak. Bere oroitzapenak eta bere maitea bakarrik gelditzen ziren, eta horiek ere iraganaren eskuetan utzi nahi nituen nolabait, berataz gelditzen zitzaidan guztia neronek laga ahanzturari, gure patu komunaren azken hitza den horri. Ez naiz neure burua defendatzen ari. Ez nuen garbi ikusten benetan zer nahi nuen. Beharbada oharkabeko leialtasun bultzada bat edota giza izatearen egintzetan ezkutuan egoten diren premia ironiko horietako baten betetzea. Ez dakit. Ezin dut esan. Baina joan nintzen.
Nik uste nuen bere oroitzapena gizon ororen bizitzan metatzen diren heriotzaren beste oroitzapenak bezalakoa zela: itzalek euren azken bidaia azkarrean garunera erortzen direnean bertan uzten duten aztarren lauso bat, baina atetzar luze gotorraren aurrean, hilerriko ibilbide ongi zaindutako bat bezain lasaia eta txukuna zen kale bateko etxe altuen artean, bere ikuskaria izan nuen anda gainean, ahoa goseki zabaltzen, lurbira osoa, gizadia eta guzti, irentsi beharrean bezala. Orduan nire aurrean bizi izan zen; inoiz ez bezala bizi izan zen: itxurapen bikainez eta errealitate ikaragarriez ase ezinezko itzal bat; gauaren itzala baino ilunagoa zen itzal bat, elokuentzia ederraren tolesetan prestutasunez bildua. Ikuskariak bazirudien nirekin batera sartzen zela etxera: anda, mamuaren garraiariak, adoratzaile esanekoen gizaldra basatia, oihaneko iluntasuna, bihurgune itzaltsuen arteko ibaiaren erlantza, danborraren taupada, bihotz baten taupada bezain erregularra eta sorra... ilunbe garaileen bihotza. Garaipen une bat zen oihanarentzat, oldar erasotzaile eta mendekatzaile bat, iruditu zitzaidanez bakarrik aurre egin behar niona beste arima baten salbaziorako. Eta han urrutian esaten entzun nionaren oroitzapena, irudi adardunak atzean eragiten nituela, suen argipean, baso egonarritsuen artean, esaldi eten haiek atzera etorri zitzaizkidan, berriro entzun ziren euren parte txarreko sinpletasun espantagarrian. Gogoratu nuen bere erregu zitala, bere mehatxu zitala, bere desira doilorren tamaina eskerga, bere arimaren zikoizkeria, oinazea, estutasun grinatsua. Eta gero bere manera geldo eta neurritsua ikusi uste nuen, behin batean hauxe esan zuenean: «Marfil pila hau neurea da. Konpainiak ez du ordaindu. Neronek bildu nuen neure burua arrisku handian jarriz. Beldur naiz ez ote diren beretzat eskatzen saiatuko. Hum. Kasu zail bat da. Zer uste duzu egin behar nukeela, eutsi? Eh? Zuzenbidea besterik ez dut nahi.»... Zuzenbidea besterik ez zuen nahi, zuzenbidea besterik ez. Txirrina jo nuen kaobazko ate baten aurrean lehen solairuan eta zain nengoela bazirudien kristalezko xaflaren barrenetik finko begiratzen zidala, unibertso osoa besarkatzen, kondenatzen eta erdeinatzen zuen begiratu zabal eta baztergabe harekin begiratu ere. Bazirudien garrasi xuxurlatua entzun nuela: «Horrorea! Horrorea!»
Ilunabarra amiltzen ari zen. Areto galant batean itxaron behar izan nuen, bertan hiru leiho luze zorutik sabairaino, argizko hiru zutabe gortinadun bailiran. Altzarien hanka-bizkar bihurri urreztatuak okergune lausotan distiratzen ziren. Marmolezko sutondo garaiak monumentu baten zuritasun hotza zuen. Piano handi bat gotorki altxatzen zen izkina batean, dirdai ilunak zituela azalera lauen gainean, sarkofago itzaltsu eta ezkoztatu baten antzera. Ate gora bat zabaldu... hertsi. Jaiki nintzen.
Neska hurreratu zitzaidan, dena beltzez, burua zurbil, ilunabarrean flotatzen niganantz. Doluz jantzita zegoen. Urtebete baino gehiago zen bera hil zenetik, urtebete baino gehiago zen albistea etorri zenetik; bazirudien betiera guztian gomutatu eta negarreztatu behar zuela. Nire bi eskuak eskuetaratu zituen eta ahapeka: «Banekien etortzekoa zinela.» Erreparatu nion ez zela oso gaztea, esan nahi dut neskatxa bat ez zela. Heldutasuna zeukan leialtasunerako, federako, sufrimendurako. Gelak ilunagotua zirudien, arrats lainotsuaren argi goibel guztia neskaren kopetan gerizpetu bailitzan. Bere adats horaila, bere musu zurbila, bere bekoki aratza, uztai hauskara batez inguratuak bezala eta horren barrenetik begi ilunak niri begira. Haien soa egiatia, sakona, segurua eta sineskorra. Bere buru nahigabetua zeraman nahigabe horretaz harro bailegoen, hauxe esango bailuen: «Neuk bakarrik dakit berak merezi bezala negarreztatzen.» Baina artean eskuak estutzen ari ginela aurpegian halako begirasun atsekabez gaineztua ageri zitzaion, non Denboraren jolasgarri ez diren kreatura horietako bat zela ohartu bainintzen. Berarentzat bart arratsean zen hila. Eta, Jainkoarren! Hain zirrara bizia eragin baitzidan, neroni ere iruditzen zitzaidan bart arratsean hila zela, areago oraindik, minutu hartan bertan. Biak denbora une berean ikusi nituen —bataren heriotza eta bestearen nahigabea—, neskaren nahigabea Kurtzen heriotzaren une berean ikusi nuen. Ulertzen? Biak elkarrekin ikusi nituen, biak elkarrekin entzun nituen. Neskak esan zuen, arnasari sakon eutsiz: «Bizirik iraun dut,» eta bazirudien nire belarri zorroztuek zolitasunez entzun zutela, neskaren etsipen doinu deitoragarriarekin nahasia, Kurtzen betiereko galmenaren xuxurla laburtzailea. Neure baitan galdetzen nuen zer ari nintzen ni han, bihotzean ikara sentsazio bat nuela, gizaki batek behatuak izateko desegokiak diren misterio krudel eta absurdozko toki batera amildu izan banintz bezala. Aulki bat seinalatu zidan. Eseri ginen. Neure fardela mahaitxoaren gainean poliki utzi eta berak eskua gainean ipini... «Zuk ondo ezagutzen zenuen,» murmuratu zuen doluzko isilune baten ondoan.
«Elkarren ezaguera berehala egiten da han —esan nion—. Gizon batek beste bat ezagutu dezakeen bezain ondo ezagutzen nuen nik.»
«Eta zuk miretsi egiten zenuen —esan zuen berak—. Ezinezkoa zen bera ezagutu eta ez mirestea. Ez da hala?»
«Gizon aparta zen,» esan nuen zalantzati. Gero bere soaren finkotasun galdetzailearen aurrean, nire ezpainetatik hitz gehiago entzuteko zain bailirudien, jarraitu nuen: «Ezinezkoa zen bera ez...»
«Maitatzea,» bukatu zuen berak lehiatsu, niri beldurgarrizko mututasunera isilaraziz. «Egia borobila, bai horixe! Baina, aizu, pentsatzea inork ez zuela nik bezain ondo ezagutzen! Nik bere konfiantza noble osoa neukan. Neuk ezagutzen nuen hobekien.»
«Zeuk ezagutzen zenuen hobekien,» errepikatu nuen nik. Eta beharbada hala zen. Hitz bakoitza esan ahala, ostera, gela gero eta iluntzenago ari zen, eta bere kopeta soilik, fin eta zuri, pizturik gelditzen zen fedearen eta maitasunaren argi iraungiezinarekin.
«Zu bere adiskidea zinen —jarraitu zuen—. Bere adiskidea —errepikatu zuen pixka bat ozenago—. Hala izan behar zenuen hau eman eta nigana bidali bazintuen. Sumatzen dut zurekin hitz egitea badudala, eta, ai ene! Hitz egin beharra daukat. Esan behar dizut —bere azken hitzak entzun dituzun horri— bere duin izan naizela... Ez da harrotasuna... Bai! Harro nago, mundu honetan inork baino hobeki ulertu nuela jakiteaz, berak ere hala esan zidan. Eta bere ama hil eta gero ez dut inor... inor... zererako...»
Nik entzun egiten nuen. Ilunbea sakonago bilakatu zen. Ez nengoen seguru ez eta zegokion fardela eman zidan ere. Izanez ere, susmatzen dut beste paper sorta baten ardura eman nahi zidala, bera hil ondoren zuzendariari lanpara azpian aztertzen ikusi niona, hain justu ere. Eta neskak hitz egin egiten zuen, bere pena nire begikotasunaren segurtasunean arintzen; gizon egartiek nola edaten duten, hala hitz egiten zuen berak. Entzunda neukan bere familiak Kurtzekiko ezkon hitza gaitzesten zuela. Ez omen zen behar bezain aberatsa edo horrelako zerbait. Eta egia esan, ez dakit bere bizitza osoan ez ote zen pobre bat izan. Hara bultzatu zuena bere pobretasun konparatiboaren egonezina izan zela pentsatzeko bidea emana zidan.
«...Nor ez zen bere adiskidea izango behin hitz egiten entzunez gero? —esaten ari zen neska—. Gizonak bereganatzen zituen beraiengan zegoen onenagatik.» Bizitasunez so egin zidan. «Hori gizon handien dohaina da;» jarraitu zuen eta bere ahots apalaren soinuak bazirudien inoiz entzun nituen misterioz, bakartasunez eta atsekabez beteriko beste soinu guztien laguntza zuela: ibaiaren zaplada, haizeak kulunkaturiko zuhaitz hostoen firfira, gizaldeen marmarra, urrundik oihuztaturiko hitz ulertezinen durundi ahula, betiereko ilunbe baten mugaz bestaldetik mintzo zen ahots baten xuxurla. «Zuk entzun egin diozu, ordea! Zuk badakizu!» oihukatu zuen.
«Bai, badakit,» esan nuen bihotzean etsipen antzeko zerbait neukala, baina gur egiten nuen bere baitan zegoen fedearen aurrean, lurraz gaindiko argiarekin ilunbetan dirdira zegien amets handi eta salbatzaile haren aurrean, ez bera ez neure burua defendatzerik izango ez nuen ilunbe garailetan.
«A ze galera niretzat... guretzat! —zuzendu zuen eskuzabaltasun ederraz; ondoren xuxurla batez erantsi zuen:— Munduarentzat.» Arrats beheraren azken argi apaletan begiak ñir-ñir ikusten nizkion, negar malkoz beteak, eroriko ez ziren negar malkoak.
«Oso zoriontsua izan naiz, oso dohatsua, oso harro sentitzen naiz —jarraitu zuen—. Dohatsuegia. Zoriontsuegia bolada labur batean. Orain, berriz, zorigaiztokoa naiz... bizitza guztirako.»
Zutik jarri zen; bere adats horailak bazirudien gelditzen zen argi guztia urrezko erlantz batera erakartzen zuela. Ni ere zutitu nintzen.
«Eta guzti horretatik —jarraitu zuen bihozminez—, bere agindu guztietatik, bere handitasun guztitik, bere izpiritu eskuzabaletik, bere bihotz prestutik, deus ere ez da gelditzen, oroitzapena baizik. Zu eta ni...»
«Guk beti gogoan izango dugu;» esan nion azkar.
«Ez! —oihukatu zuen—. Ezinezkoa da hau dena galdu beharra, halako bizitza bat eskaini beharra ezer ere ez gelditzeko, bakarrik atsekabea. Zuk bere plan handiak ezagutzen zenituen. Nik ere ezagutzen nituen, beharbada ezin nituen ulertu, baina beste batzuek ezagutzen zituzten. Zerbait gelditu behar du. Bere hitzak, gutxienez, ez dira hil.
«Bere hitzak gelditu egingo dira,» esan nion nik.
«Eta bere ikasbidea —xuxurlatu zuen berekiko—. Gizonek berarengan itxaropena zuten; bere ontasunak ekintza bakoitzean distiratzen zuen. Bere ikasbidea...»
«Egia da —esan nion—; bere ikasbidea ere bai. Ahaztuta neukan.»
«Nik ez, ordea. Ezin dut —ezin dut sinetsi— oraindik ez. Ezin dut sinetsi ez dudala inoiz berriro ikusiko, inork ez duela inoiz ikusiko, inoiz ez, inoiz ez, inoiz ez.»
Besoak irudi iheskor bati jarraiki bezala luzatu zituen, beltz hedatu zituen, eta esku zuriak itxita leihotiko argitasun aienakor eta meharra gurutzatu zuen. Inoiz ez ikusi! Nik nahiko argi ikusten nuen orduan. Mamu hitz-jario hura bizi naizen bitartean ikusiko dut, eta baita ere ikusiko dut Itzal tragiko eta ezagun bat, imintzio honetan beste baten antza zeukana, tragikoa ere, eta ahalgabeko kuttunez hornitua, beso beltzaran biluziak luzatzen infernuzko ibai distiraren gainetik, ilunbetako ibaiaren gainetik. Bat-batean oso ahots apalez esan zuen: «Bizi bezala hil zen.»
«Bere azkena —esan nuen, neure baitan amorru motela borborka nabarituz—, bere bizitzaren duin izan zen, inondik ere.»
«Eta ni ez nengoen berarekin,» murmuratu zuen. Nire amorruak amore eman zuen neurrigabeko urrikaltasun sentimenduaren aurrean.
«Zera bakarrik egitea izan genuen...» motelki esan nion.
«Ai! Nik, ordea, munduan inork baino gehiago sinesten nuen berarengan, bere amak berak baino gehiago, berberak baino gehiago. Nire beharrean zegoen! Nire beharrean! Altxor bat bezala zainduko nukeen bere intziri bakoitza, bere hitz bakoitza, bere zeinu bakoitza, bere begirada bakoitza.»
Estura jelatu baten antzekoa nabaritu nuen bulartean. «Ez dezazula egin,» esan nuen, ahots ahularekin.
«Barkatu. Nik... nik... hain luze negar egin diot isilean... isilean... azkeneraino egon zinen berarekin? Bere bakardadearekin pentsatzen ari naiz. Inor ez aldamenean nik ulertuko nukeen bezala ulertzeko. Beharbada Inor ez entzuteko...»
«Azken bururaino —esan nuen duda-mudaz—. Bere azken hitzak entzun nituen...» izu-ikaraz isildu nintzen.
«Errepika itzazu —murmuratu zuen bihotz hautsizko doinu batez—. Nahi dut... nahi dut... zerbait... zerbait... horrekin bizitzeko.»
Garrasi egiteko zorian egon nintzen: «Ez al dituzu aditzen?» Ilunabarra etengabeko xuxurla batean ari zen haiek errepikatzen, gu zeharo inguratuz, mehatxagarri puztuz zirudien xuxurla batean, altxatzen den haizearen lehen xuxurla bezala. «Horrorea! Horrorea!»
«Bere azken hitza... horrekin bizitzeko —berriz ekin zion—. Ez duzu ulertzen maite nuela ala?... Maite nuen... Maite nuen!»
Neure indar guztiak bildu eta astiro hitz egin nuen.
«Berak esandako azken hitza izan zen... zure izena.»
Intziri mehe bat entzun nuen eta gero nire bihotza gelditu egin zen, bertatik hilda geratu zen garrasi bozkariotsu eta ikaragarri batengatik, asmaezinezko garaipenaren eta adierazezinezko minaren garrasiagatik. «Banekien... Seguru nengoen!»... Bazekien. Seguru zegoen. Negarrez entzun nion; aurpegia eskuetan ezkutatu zuen. Iruditu zitzaidan etxeak lur joko zuela nik ihes egitea lortu aurretik, ortzia nire buruaren gainera amilduko zela. Baina ez zen ezer gertatu. Ortzia ez da amiltzen horrelako huskeria bategatik. Eroriko ote litzateke, galdetzen dut, Kurtzi zegokion zuzenbidea egin izan banio? Ez al zuen esan, bada, zuzenbidea besterik ez zuela nahi? Baina ezin izan nuen. Ezin esan. Oso iluna izango zatekeen... ilun-ilun-iluna...»
Marlow gelditu eta aparte eseri zen, lauso eta isil, Buda gogoetatsu baten planta zuela. Inor ez zen mugitu puska batean. «Itsasbeheraren hasiera galdu dugu,» esan zuen zuzendariak bat-batean. Burua altxa nuen. Bokalea hodei beltzezko atalaga batez hertsia zegoen eta lurreko bazterrik urrunenetara gidatzen zuen ubide mantsoa ilun jariatzen zen zeru goibelaren azpitik; bazirudien mugagabeko ilunbeen bihotzera gidatzen zuela.
© Joseph Conrad
© itzulpenarena: Iñaki Ibañez