II

 

        Arratsalde batean neure baporeko gainaldean luze etzanda nengoela, ahots batzuk entzun nituen hurbiltzen: eta osaba-ilobak ziren ur ertzean zehar paseatzen. Berriro burua besoaren gainean etzan eta lo arinak hartzeko zorian nengoela, norbaitek nire belarrira ia-ia, honela hitz egin zuen: «Hanka gorri bat bezain otzana naiz, baina ez zait gustatzen inork aginduak ematerik. Zuzendaria naiz ala ez naiz? Gizona hara bidaltzeko agindu zidaten. Sinestezina da hau.»... Ohartu nintzen biak ibaiertzean zutik zeudela baporearen aurrealdearen parean, nire buruaren azpian bertan. Ez nintzen mugitu; ez zitzaidan mugitzerik gogoratu: logale nintzen. «Gogaikarria, benetan,» marmaratu zuen osabak. «Administrazioari eskatu dio hara bidaltzeko —esan zuen besteak—, zer egiteko kapaz den frogatzeko asmoz; eta niri hala jokatzeko agindua eman zidaten. Pentsa zer influentzia ez ote duen edukiko gizon horrek. Gehiegizkoa da hau, ezta?» Biak bat etorri ziren hura gehiegizkoa zela, gero komentario arraro batzuk egin zituzten: «Euria eta eguraldi ederra egitea... gizon bat... Kontseilua... bere gogoak eman bezala», esaldi absurdoen zatiak, loa galarazi zidatenak; hala, bada, burua ia argiturik neukala osabak hauxe esan zuen: «Hemengo klima hau zure eragozpenaren konponbidea izan liteke. Bera bakarrik al dago han?» «Bai —erantzun zuen zuzendariak—; bere laguntzailea ibaian behera bidali zuen niretzako ohar bat ekarriz, honela zioena: «Bota ezazu herrialdetik gizagaixo hau, eta ez ezazu honelakorik gehiago bidaltzen nekerik hartu. Nahiago dut bakarrik egon zuk eskura ditzakezun moduko gizonak aldamenean eduki baino.» Hori orain urtebete baino gehiago izan zen. Lotsagabekeria handiagorik, aizu!» «Berririk ez, geroztik?» galdegin zuen besteak ahots marrantarekin. «Marfila —hitzetik hortzera ilobak—, pila bat, primerakoa gainera, pilaka, gogaikarria oso bere aldetik.» «Eta horrekin?» galdetu zuen ahots garratzak. «Faktura.» izan zen, erantzuna disparatua, nolabait esanda. Ondoren isiltasuna. Kurtzetaz aritu ziren solasean.

        Ni jada guztiz esna, baina patxada ederrean etzanda nengoenez, geldirik egon nintzen, posturaz aldatzeko eragingarririk ez nuen eta. «Nola egin du marfilak bide luze hau?» marruskatu zuen gizonetan zaharrenak, oso erresuminduta, zirudienez. Besteak azaldu zuen kanoa flota batekin etorria zela, berarekin zeukan enplegatu ingeles mestizo baten kargu, Kurtz berbera itzultzen saiatu omen zela, estazioa tenore hartan merkantziez eta hornidurez gabetua baitzegoen, baina hirurehun milia ibili ondoren bat-batean bira ematea erabaki eta egin ere, halaxe egin omen zuela berak bakarrik piragua txiki batean lau arraunlari lagun zituela, mestizoari marfilarekin ibaian behera jarraitzen utziz. Bi tipoek liluratuta ziruditen halako gauza bat burutzen inor ahalegindu izanaz. Hori egiteko arrazoi funtsezko bat aurkitzeko gauza ez ziren. Niri dagokidanean, aldiz, iruditu zitzaidan Kurtz estreinakoz ikusi nuela. Irudi argia zen: piragua, lau basatiak arraunean, eta gizon zuri bakartia bat-batean bizkarra emanez egoitza nagusiari, segurantziari, etxera itzultzeko asmoari; aurpegi emanez oihanaren barrenari, bere estazio huts eta isolatuari. Arrazoia ez nekien. Agian, gizon fin bat baino ez zen, bere lanari lanagatik isuria. Bere izena, konturatu baldin bazarete, ez zuten behin ere aipatu. Bera «gizon hori» zen. Mestizoa, ikusi nuenagatik bidaia arriskutsu bat zuhurtasun eta bipiltasun handiz burutu zuena, «doilorkume hori» bezala aipatzen zuten beti. «Doilorkumea»k informatu zuenez «gizona» oso gaixo egon omen zen, ondo bizkortu gabe omen zegoen... Orduan nire azpian zeuden bi tipoak urrats batzuk urrundu eta atzera-aurrera ibili ziren hurbil samarretik. Aditu nuen: «Postu militarra... medikua... berrehun milia... bakar-bakarrik orain... ezinbesteko atzerapenak... bederatzi hilabete... berririk ez... zurrumurru arraroak.» Atzera hurbildu ziren, zuzendaria hauxe esaten ari zenean: «Inor ere ez, nik dakidala, bakar-bakarrik trafikari antzeko ibiltari bat, tipo nazkagarri bat, indioei marfila harrapatzen diena.» Zeinez ari ote ziren orain? Zatietatik atera nuenez, Kurtzen barrutian bide zegoen gizon bat omen zen eta zuzendariaren gustukoa ez zena. «Konpetentzia desleialetik ez gara libratuko tipo horietako bat urkatu arte, ikasbidea emateko.» esan zuen. «Bai, ba! —marmaratu zuen besteak—. Urkatu dezatela! Zergatik ez? Herrialde honetan edozer gauza egin liteke, edozer gauza. Nik zera diot: inork ere ezin du hemen, ulertzen? hemen, zure postua arriskutan jarri. Eta zergatik? Zuk klimari eusten diozu, zuk denak garaitzen dituzu. Arriskua Europan dago; han, ordea, ni irten baino lehen badaezpada...» Pixka bat alboratu eta xuxurlaka aritu ziren; baina ondoren ahotsa berriro goratu zuten. «Hainbat atzerapen izatea ez da nire errua. Nik ahaleginak egin nituen.» Gizon lodiak hasperen bat bota zuen. «Tristea, benetan.» «Eta bere hizkera absurdo eta nazkagarriak —segitu zuen besteak—, erabat gogaitzen ninduen hemen zegoenean. "Estazio bakoitzak faro bat ahalakoa behar luke izan aurrerabidearen gidaritzan; bilgune bat merkataritzarako, baiki, baina orobat gizakintzarako, hobekuntzarako, irakaskuntzarako." Pentsa, astakirten halakoa! Eta zuzendaria izan nahi du! Ez, zera da...» Hemen itobeharrean gehiegizko suminduragatik eta nik burua doi-doi altxatu nuen. Harritu nintzen nigandik hain gertu zeudela ikusteaz, nire azpian bertan. Haien sonbreiruen gainera tu egin nezake. Lurrari begira zeuden, gogoetan sorgortuak. Zuzendaria adaxka fin batekin hanka gainean jotzen ari zen: bere ahaide maltzurrak burua altxatu zuen. «Ondo egon zara oraingo honetan atera zinenetik?» galdegin zuen. Bestea asaldatu egin zen. «Zein? Ni? Primeran. Bai, primeran. Baina besteak, Ene Jaungoikoa! Denak gaixorik. Gainera, hain azkar nola hiltzen diren, herrialdetik kanpora bidaltzeko astirik ere ez dut izaten, sinestezina da!» «Hum. Bai, horixe —murmuratu zuen osabak—. Ai, mutila! Honetan konfiatu, aizu, honetan konfiatu.» Bere beso motza zabaltzen ikusi nuen, oihana, ugaldea, basatza eta ibaia hartzen zituen keinu batean; bazirudien eguzkiak argitutako lurraren aurpegiaren aurrean, herio zelatariari, ezkutuko gaitzari, bere bihotzeko ilunbe sakonei, desohorezko imintzio batekin iruzurrez deitzeko sinua egiten ziela. Hain zen ikaragarria non salto batez zutitu eta burua jiratuz oihanaren ertzari so egin nion, konfiantzazko agerpen beltz haren aurrean nolabaiteko erantzuna espero banu bezala. Badakizue zer burutapen zoroak etortzen zaizkion bati batzuetan. Baretasun garaiak bere parte txarreko egonarriarekin aurpegi ematen zien bi irudi horiei, inbasio bitxi hau noiz aldenduko zain.

        Biok batera ozenki birao bat bota, izuaren izuz, uste dut, eta gero niri ez ikusiarena eginez, estazio aldera itzuli ziren. Eguzkia behean zegoen eta maldan gora besoz beso aurrerantz makurturik zihoazela, bazirudien luzera ezberdineko beren bi itzal barregarriak atzetik nekez arrastaka zeramatzatela belar luzearen gainetik, astiro, printza bakar bat ere tolestu gabe.

        Egun gutxiren buruan Eldorado Espedizioa oihan egonarritsuan barrendu eta hura gainean hertsi zitzaion, murgilkari bati itsasoa gainean hesten zaion bezalaxe. Handik puska batera asto guztiak hil zirelako albistea etorri zen. Ez dakit ezer balio gutxiagoko animalien patuaz. Horiek, dudarik gabe, guk denok bezala, merezi zutena aurkitu zuten. Ez nintzen galdezka aritu. Orduan urduri xamar nengoen laster batean Kurtzekin gertatu behar nuelako. Laster batean diodanean konparazio batera diot. Hain zuzen ere, bi hilabete iragan baitziren ugaldea utzi genuen egunetik Kurtzen estazio azpiko hegi aldera iritsi ginen arte.

        Ibai hartan gora joatea atzera ere munduaren lehenengo hastapenetara bidaiatzea bezala zen, landaretza lurrean multzokaturik zuhaitz tantaiak errege zireneko aldietara. Isurbide mortua, isiltasun betea, oihan barrenezina. Airea epel, lodi, astun, geldoa zen. Eguzki argiaren briluan alaitasunik ez. Ubideko bitarte luzeak desertuki aurreratzen ziren, gerizaturiko distantzien goibeltasunerantz. Zilarrezko hondartzetan hipopotamoek eta kaimanek elkarren ondoan eguzkia hartzen. Urak, zabaldu ahala, zuhaitzezko uharte mordo batean zehar jariatzen ziren; ibai horretan basamortuan bezala galduko zenuen bidea eta egun osoan ibiliko hondar-pilekin estropezuka ubidea aurkitu nahian, harik eta liluraturik, behinola, antza, oso urrunean, beste bizialdi batean, apika, ezagutu omen zenituen gauza guztietatik isolatuta sentituko zinen arte. Noizik behin iraganaldia atzera etortzen zitzaizun, zeure buruari une bat ere eskaintzekorik ez duzunean gertatu ohi den bezalaxe; etorri, ordea, landare, ur eta isiltasunezko mundu harrigarri honetako errealitate nahastaileen artean txundimenez oroitzen duzun amets asaldagarri eta zaratatsu baten itxuran etortzen zen. Eta bizitzazko gelditasun honek bakearen antzik apurrena ere ez zuen. Asmo sumaezin baten hausnarketan diharduen indar gupidagabe baten gelditasuna zen. Mendekua hartzeko itxuraz begiratzen zizun. Gero ohitu egin nintzen; ez nuen gehiago ikusten; astirik ez nuen. Bidea asmatzen jarraitu behar nuen; urpeko hondar-pilen zantzuak hautematen, inspirazioz gehienetan; hondoratutako harriei adi; hortzak kolpetik estutzen ikasten ari nintzen bihotzak bularretik ihes egin ez ziezadan estalitako oztopo zahar zitalen bat txiripaz libratzen nuenean, latorrizko baporeari bizia erauzi eta pelegrin guztiak itoko zituena; erne egon behar egur lehorraren aztarrenik non ikusiko, gauean ebaki eta biharamunean galdaran erabiltzeko. Arreta horrelako gauzatan, ur gaineko gorabehera soiletan ipini behar duzunean, errealitatea —errealitatea diotsuet— lausotu egiten da. Zure barneko egia ezkutuan dago, zorionez, zorionez. Nik, ordea, berdin-berdin sumatzen nuen, sarritan bere gelditasun misteriotsua nire pailazokeriatan begira zegokidala sumatzen nuen, zuei ere, lagunok, zeuen soka gaineko saioan begira dagokizuen bezala, zenbatean? korona erdia itzulipurdi bakoitzeko.»

        «Mesedez, ez zaitez horren gordina izan, Marlow» —marruskatu zuen ahots batek, eta halatan jakin nuen entzule bat gutxienez esna zegoela nire aldamenean.

        Barkamena eskatzen dizuet. Ahazten nuen prezioaren barne dagoen samina. Izan ere, zer axola prezioa, saioa ondo egina baldin bada? Zuek oso ondo egiten dituzue zeuen saioak. Eta nik ere ez nuen gaizki egingo, ze neure lehen bidaian ez bainion baporeari hondoa joarazi. Oraindik ere harritzen zait. Imajinatu gizon bat begiak estalita kamino eskas batetik furgoneta bat gidatzen. Izerdia dezente bota nuen istorio horrekin eta ikaratu ere majo ikaratu, benetan, aizue. Azken batean, marinel batentzat bekatu barkaezina baita bere manupean dagoen bitarte guztian ustez igeri egin behar duen gauzaren azpialdea arrakalatzea. Beharbada inork ez du jakingo, baina zuri zarrastada ez zaizu sekula ahaztuko, eh? ukaldi bat bihotzaren erdian. Horrekin gogoratzen zara; horrekin amets egiten duzu; gauerdian esnatu eta horretaz pentsatzen duzu —handik urte batzuetara— eta gorputza izerditan eta hotzikarez nabaritzen duzu. Ez dut esan nahi bapore hau betiere igerian ibili zenik. Behin baino gehiagotan pixka batez ibian igaro beharra izan zuen, hogei kanibal inguruan txipli-txaplaka eta bultzaka. Horietako batzuk tripulazio gisara sartu genituen. Jende fina —kanibalak— euren tokian. Gizon horiekin lan egin zitekeen, eta aintzakotzat hartzen ditut. Eta azken finean ez zuten elkar jaten nire begien aurrean: bidekotzat hipopotamo okela ekarri zuten aldean, usteldu egin zitzaiena eta oihanaren misterio kirastua nire sudurrari usnarazi. Puf! Oraindik usaintzen dut. Ontzian zuzendaria neraman, baita ere hiruzpalau pelegrin euren eskumakilekin, koadrila osoa, beraz. Noizean behin hegitik gertu estazioren bat topatzen genuen, ezezagunaren magalari itsatsia eta txabola zarpail batetik gizon zuriak kanporatzen ziren, keinu handiak egiten pozez eta harrimenez eta abegi onez; oso bitxiak ziruditen; aztikeria batek bertan gatibatuta edukitzeko itxura zuten. Marfil hitzak airean durundian eta gero isiltasunera itzultzen ginen, eremu hutsetatik zehar, bihurgune mantsoak biratuz, gure bide bihurriaren murru garaien artetik, txopako errotaren palastatze unatuak txalokada moteletan durundan. Zuhaitzak, zuhaitzak, milioika zuhaitz, sailka, eskergak, gorantz metatuak; eta haien oinetan, hegiaren ertzetik joanez uraren kontra, baporetxo belztua arrastaka, hala nola kakalardo nagi bat arkupe itzel bateko zorutik arrastatzen. Horrek oso ttikia sentiarazten zizun, oso galdua; sentipen hori, hala ere, ez zen erabat deprimentea. Zena zela, ttikia izanik ere, kakalardo likitsa aurrerantz arrastatzen zen, horixe egitea nahi zenuen eta. Norantz uste zuten pelegrinek arrastatzen zela, hori ez dakit. Egingo nuke zerbait eskuratzea espero zuten lekuren batetarantz. Niretzat Kurtzengana soilki arrastatzen zen; baina lurrun hodiak jarioka hasi zirenean astiro-astiro arrastatu ginen. Ibai-arteak aurretik zabaldu eta atzetik hertsi egiten zitzaizkigun, oihana tipi-tapa uretan barrendu bailitzan guri itzulerako bidea eragozteko. Gero eta barrenago sartzen ginen ilunbeen bihotzean. Isiltasun handia zegoen bertan. Gauez inoiz zuhaitzezko gortinaren atzetik danbor hotsa ibaian goratu eta bertan luzaroan gelditzen zen ahulki, dilindan bezala goiko airean, gure buruen gainean, eguna urratu arte. Bere esanahia gerra, bakea edo otoitza ote zen, ezin esan genezakeen. Goiz-albak gelditasun hozkirri baten beheraldiak iragartzen zituen; egurgileak lo; euren suak ahiturik; adaxka baten kirrikak ere asaldatu egingo zintuen. Erromes ginen antzinako lurraren gainean, planeta ezezagun baten tankerako lurraren gainean. Iduri genezakeen nahigabe larriaren eta lan neketsuaren ordainetan menperatu beharra dagoen oinordetza madarikatu batez jabetzen lehen gizonak ginela. Hala ere, supituki, bihurgune bat nekez biratzen genuenean, istant batez ihizko paretak begiztatzen genituen, belarrezko teilatu zorrotzak, intzirizko eztanda bat, beso-zango beltzezko zurrunbilo bat, nahas-mahasean eskuak txaloka, oinak zanpaka, soinak zanbuluka, begiak jiraka, hostaia astun eta geldiaren abaroan. Baporea emeki iragaten zen, aztoramen beltz eta ulertezin baten ertzetik. Antzinako gizonak birao, otoi ala abegi egiten zigun, zeinek daki? Gure ingurunearen ulerkuntzatik isolatuta geunden; fantasmak bezala lerratuz igarotzen ginen, txunditurik eta isilean ikaraturik, eroetxe bateko biztualdi gartsu baten aurrean gizon zuhurrak egongo liratekeen bezalaxe. Ezin genuen ulertu urrunegi geundelako eta ezin genuen oroitu lehen aldietako gauean bidaiatzen ari ginelako eta aldi horiek joanak dira, doi-doi zantzu bat utziz; oroitzapenik ez, ordea.

        Lurrak ez zirudien lurtarra. Menderatutako munstro katigatu baten itxuran ikusten ohituta gaude; han, aitzitik, munstrozko gauza aske baten gisan ikusten zenuen. Ez zen lurtarra, eta gizonak ere ez ziren... Bai, gizatiarrak ziren. Bada, aizue, horixe zen okerrena, gizatiarrak ote ziren susmoa, alegia. Hori pixkanaka ernetzen zitzaion bati. Oihu eta jauzi egiten zuten, eta birak ematen, eta aurpegi ikaragarriak jartzen; baina benetan bihotz erdiragarri gertatzen zitzaizuna haien gizatasunean —zurea bezalakoa— pentsatzea zen; harrabots basati eta grinatsu harekiko zenuen ahaidetasun urrunean pentsatzea. Itsusia. Bai, itsusi samarra zen; baina nahiko gizona bazinen, aitortu behar zenuen zeure baitan bazegoela erantzun baten arrastorik ttipiena ere zarata haren egiatasun izugarriaren aurrean, susmo ilun bat, zarata hartan esanahi bat bazegoela, zuk —lehen aldietako gauetik hain urrun zeundenak— ulertzeko modukoa. Eta zergatik ez? Giza gogoa edozertarako gai da, bere baitan gauza guztiak daudelako, nola iragana hala etorkizuna. Zer zegoen han bada? Poza, beldurra, nahigabea, jaiera, kemena, amorrua —zeinek daki?—: alabaina, egia, denboraren estalgarriaz erantzitako egia. Ergela asalda eta hunki bedi; gizonak, aldiz, jakin badaki, eta kliskada bat ere gabe beha dezake. Behar du izan, baina, kostaldeko horiek bezain gizon gutxienez. Egia hori bere egiarekin alderatu behar du, jatorrizko bere indarrarekin. Printzipioek ez dute balio. Eskurapenak, jantziak, zarpail politak, lehen astinaldi ederrean eroriko ziren zarpailak. Ez, fede deliberatua behar duzu. Niretzako dei bat dagoela demoniozko zalaparta horretan? Oso ondo; entzuten dut; onartzen dut, baina nik ere badut ahots bat, eta onerako nahiz txarrerako nirea ezin isilaraz daitekeen hitzaldia da. Noski, ergela, bere izuarekin eta bere sentimendu onekin, beti salbu dago. Zein ari da hor marmarrean? Zergatik ez nintzen lehorreratu oihu eta dantza egitera? Egia da; ez nuen egin. Nire sentimendu onak diozue? Pikutara sentimendu onak. Ez nuen astirik. Galdu behar izan nuen lurrun hodi pitzatu haiek berun zuriarekin eta lanazko manta txatarrekin estaltzen laguntzeko, horrexegatik. Lema zaindu behar nuen, eta oztopo haietatik begiratu eta latorrizko potea zart edo zalapart ibiltzea lortu. Gauza horien azalean bazegoen gizon jakintsuago bat ere salbatzeko adina egia. Eta bien bitartean galdarazain zegoen basatia zaindu behar nuen. Espezimen hobeagotu bat zen; zutikako galdara bat pizteko gai zen. Han zegoen bera nire azpian eta, zinez diotsuet, berari begiratzea txakur bat galtza motzetan eta lumadun sonbreiruz jantzita atzeko hanka gainean tente ibiltzeko parodia batean ikustea bezain altxagarria zen. Horra hor prestakuntzako hilabete gutxi batzuek zer bilakatu zuten mutil bikain hura. Ausardiazko ahalegin nabariarekin aztertzen zituen lurrunaren manometroa eta uraren maila; eta gainera, hortzak limatuta zeuzkan gizagaixoak, eta bere kaskamotzeko ilea era bitxian afeitatua eta masailetan hiruna orbain apaingarri. Ibaiertzean egon behar zukeen eskuak txaloka eta oinak zanpaka; alabaina, gogor ari zen lanean, aztikeria harrigarri batek gatibaturik, probetxuzko jakituriaz hornitua. Gai zen irakatsi egin zitzaiolako; eta berak hauxe zekien, baldin eta gauza garden hartako ura agortzen bazen, galdara barruko izpiritu gaiztoa haserretu, biziki egarritua baitzegoen, eta mendeku ikaragarria hartuko zuela. Halatan, izerditu eta sua piztu eta kristalari izututa begiratu egiten zuen (besoari lotuta kuttun bat zuela, trapuz egindakoa eta beheko ezpainean zeharka sartuta, hezur zati leundu bat, erloju baten tamainakoa) eta bizkitartean hegi basotsuak geldiro lerratzen zitzaizkigun, zarata txikia gibelean utzia zegoen, isiltasunezko milia amaigabeak, eta gu arrastaka gindoazen Kurtzenganantz. Baina, oztopoak zitalak ziren, ura engainagarria eta txikia, galdarak egiatan zirudien barruan deabru erretxin bat zeukala eta ez galdarazainak ez nik ez genuen astirik gure pentsamendu beldurgarriei begira egoteko.

        Barne Estaziotik berrogeita hamar bat milia beherago kanaberazko txabola bat deskubritu genuen, masta okertu eta malenkoniatsu bat, zintzilikaturik egondako bandera klaseren baten piltzar itxuragabeak zituena, eta ondo antolatutako egur meta bat. Hori ezustekoa zen. Lehorrera egin eta egur pilaren gainean ohol pusketa bat aurkitu genuen lapitzez idatzitako zirriborro bat zeukalarik. Hura deszifratu eta hauxe zioen: «Egurra zuentzat. Azkar ibili. Kontuz hurbildu.» Sinadura bat zegoen, baina irakurtezina zen, Kurtz ez, baina hitz askoz ere luzeago bat. Azkar ibili. Nora joateko? Ibaian gora? «Kontuz hurbildu». Ez genuen hala egin. Baina oharrak ezin adieraz zezakeen hurbildu ahala bakarrik aurki litekeen leku bat. Zerbait gaizki zebilen goialdean. Baina zer? Eta zenbateraino? Hori zen auzia. Komentario gaitzesgarri batzuk egin genituen estilo telegrafiko haren pellokeriaz. Inguruko sastrakak ez zioen ezer ez eta oso urrutira begiratzen ere ez zigun uzten. Kotoi gorrizko gortina tarratatu bat zegoen ate ondoan zintzilik eta goibelki ikaratzen zen gure aurpegietan. Bizitokia hutsik zegoen, baina begi-bistakoa zen gizon zuri bat ez oso aspaldi bertan bizi izan zela. Mahai zakar bat gelditzen zen, xafla bat bi zutoinen gainean; zabor pilo bat txoko ilun batean lagata eta atetik gertu liburu bat eskuetaratu nuen. Azalez gabetua zegoen, eta orrialdeak eskuztatzearen poderioz zeharo zikinduak eta bigunduak; bizkarra, aldiz, kotoizko hari zuriarekin maitekiro birjosia, artean ere garbi itxurarekin. Berebiziko aurkikundea zen. Izenburua Nabigazio alor batzuei buruzko ikerketa bat, egilea Tower, Towson, edo antzeko izen bat, Bere Maiestatearen Itsas Armadako Kapitaina. Gaiak aspergarri samarra zirudien irakurtzeko, irudizko adibideez eta zenbaki taula higuingarriez hornitua, eta aleak hirurogei urte zeuzkan. Zaharkin harrigarri honi ahalik eta maitasunik handienarekin heldu nion, ez ahal zitzaidan eskuartean desegingo. Barruan, Towson edo Towserrek taxuzko ikerlana jorratzen zuen ontzietako katea eta apailuen etendura indarraz eta horrelako beste gai batzuetaz. Ez zen oso liburu interesgarria; baina lehen begiratuan asmo bakar bat ikus zenezakeen han, kezka jator bat lanari ekiteko modu egokiari buruz, hainbeste urte lehenago idatzitako orrialde xume hauei argi profesionalaz bestelako argiez distirarazten ziena. Marinel zahar xaloak, katea eta apailuen gaineko bere istorioarekin, oihana eta pelegrinak ahaztarazi zizkidan, dudarik gabe egiazkoa zen zerbait aurkitu nuelako sentsazio zoragarria sortaraziz. Han halako liburu bat egotea nahiko harrigarria zen, baina oraindik txundigarriagoak ziren ertzean lapitzez idatzitako oharrak, eta testuari zegozkion zuzeneko aipamenak zirenak. Ezin nien neure begiei sinetsi! Lengoaia zifratuan zeuden! Bai, lengoaia zifratuaren antzekoa zen. Imajinatu gizon bat aipatutakoa bezalako liburu bat inongo bazter honetara aldean ekartzen, hori ikasten eta oharrak egiten, lengoaia zifratuan, aizue! Misterio bitxia zen.

        Zarata gogaikarri batez erdi oharturik egon nintzen pixka batean, eta begiak altxatzearekin batera ikusi nuen egur pila desagertua zela, eta zuzendaria, pelegrin guztien laguntzaz, ibaiertzetik deiadarka ari zitzaidala. Liburua patrikan gorde nuen. Egiatan esaten dizuet, irakurtzeari uztea adiskidetasun zahar eta sendo baten babespetik bereiztea bezala izan zen.

        Motor karrankaria martxan jarri nuen. «Trafikari txatxu hori da, sobra ere, intruso hori,» oihukatu zuen zuzendariak, atzean utzitako tokiari gaizto begirada botaz. «Ingelesa izan behar du.» esan nuen nik. «Horrek ez du salbatuko arazoak izatetik kontuz ibiltzen ez bada,» ilunki marmaratu zuen zuzendariak. Itxurazko xalotasunez ohartarazi nion inor ez dagoela mundu honetan arazoetatik salbu.

        Ura lasterrago zetorren orain, baporeak azken arnasan zirudien, txopako errota indarge palastatzen, eta ni ontziaren taupada berri bakoitzari jakin-minez adi aurkitu nintzen, zeren eta, egia esateko, traste penagarri hark une batetik bestera pot egingo zuela espero bainuen. Bizitza baten azken dardarari so egitea bezala zen. Baina artean arrastatzen ginen. Inoiz bidean aurreraxeago zuhaitz bat begiz jotzen nuen Kurtzengananzko gure aurrerapena neurtzeko, baina betiere haren paretik igaro aurretik galtzen nuen. Begiak gauza baten gainean finkatuta hain luze edukitzea gehiegi da gizonaren pazientziarako. Zuzendariak etsipen galanta agertzen zuen. Ni urduri jartzen nintzen eta amorrarazita eta nire buruarekin eztabaidan ea Kurtzekin argi eta garbi hitz egingo nuen ala ez; baina inolako konklusiorik atera ahal izan aurretik bururatu zitzaidan nire hitz egitea edo nire isiltzea, alegia, nire ezein egintza, hutsaren hurrengo gertatuko zela. Zer axola batek zekienak edo ez zekienak? Zer axola nor zen zuzendaria? Inoiz halako barne argialdiak izaten ditu batek. Afera honen mamia azaletik aski sakon zegoen, nire eskumenaz harantzago, eta nire sartzeko botereaz harantzago.

        Bigarren eguneko iluntze aldera Kurtzen estaziotik gutxi gora behera zortzi miliatara geundela jo genuen. Nik aurrera egin nahi nuen; zuzendariak, berriz, bekozko iluna jarri eta esan zidan handik gora nabigatzea hain zela arriskutsua, non komeniko bailitzateke, ordurako eguzkia sartzear zegoenez, geunden lekuan bertan biharamun goizera arte itxarotea. Bestalde azpimarratu zuen kontuz hurbiltzeko oharrari jarraitu behar bagenion, egun argitan hurbildu behar genuela, ez ilunabarrean edo gauean. Hori nahiko zentzuzkoa zen. Zortzi milia ia hiru orduko bidaia zen guretzat, gainera uhin susmagarriak ikusi nituen ibai-tartearen amaieran. Hala eta guztiz ere, ezin esanezko moduan nengoen ernegatua atzerapenagatik, eta arrazoi izpirik gabe gainera, ze gau bat gehiago hutsa baitzen hainbeste hilabeteren buruan. Egurra ugari genuenez eta leloa kontuz ibiltzea zenez, ibai erdian bota nuen aingura. Ibai-tartea meharra zen, zuzena, hegiak gora, trenbide bateko ezponda bezala. Inularra habailduz sartu zen, eguzkia artean ezkutatu gabea zela ere. Ibaiak ur laua eta lasterra zekarren, baina hegietan gelditasun mutua zetzan. Zuhaitz bizidunak sastrakako igokariekin elkarri estekatuak, harrien ordez alda zitezkeen, baita adaxkarik mendreena, hostorik ezdeusena ere. Ez zen loa, ez zirudien naturala, trantze egoera bat bezala. Soinurik motelena ere ez zen inondik aditzen. Zur eta lur begiratzen zenuen eta gortuta ote zeunden susmatzen hasi; orduan gaua supituki jausi, eta itsututa ere uzten zintuen. Goizaldeko hirurak aldera arrain handi batek salto egin eta txaplastada ozenak arma baten tiro hotsak bezala asaldatu ninduen. Eguzkia altxa zenean laino zuri bat zegoen, epel-epela eta itsaskorra, gaua baino ere itsugarriagoa. Ez zen mugiten, ez ikaratzen; hantxe zegoen, egon ere, geldirik, norbera inguratuz zerbait sendoa bezala. Zortzietan edo bederatzietan, apika, pertsiana bat bezala altxa zen. Istant batez zuhaitz tantai ugariak begiztatu genituen, nahaspilaturiko oihan eskerga, honen gainean eguzkiaren bolatxo dirdaitsua zintzilikaturik, dena geldi-geldi, eta ondoren pertsiana zuria berriro eraitsi zen, aiseki, koipeztaturiko errailetatik labainduz bezala. Katea, jasotzen hasiak ginena, berriro aska zezaten agindu nuen. Karranka sorrarekin korritzeaz gelditu aurretik, oihu bat, oso oihu zolia, ezin samingarriagoa, aire sarriaren baitan astiro hegaldatu zen. Isildu zen. Aldarri arranguratsu batek, disonantzia basatietan modulatua, belarriak gaineztu zizkigun. Erabateko ustekabetasunak ilea tentearazi zidan gorra azpian. Nik ez dakit besteei zer nolako bihotz zirrara eragin zien, niri behintzat ganduak berak garrasi egin izan balu bezala iruditu zitzaidan, hain bat-batean sortua baitzen eta itxuraz alde orotatik batera etorria deiadar zalapartatsu eta auhenagarri hura. Gehiegizko eta ia jasanezinezko irrintzien eztanda zalapartari batekin bukatu zen, kolpetik isildu zena, gu postura barregarri ezberdinetan utzita, kasik hain lazgarria eta gehiegizkoa zen isiltasunean belarria setati ipinita. Jaungoikoa! Zer esan nahi...» hitz totelka esan zuen nire aldamenean pelegrin batek, gizontxo potolo bat, ile horia eta loki gorriak zituena, gomazko zoladun botaz jantzia eta pijama arrosa galtzerdi barrenetan sartua. Beste bi aho zabalik geratu ziren minutu oso batez, gero kabinatxoaren barrura oldartu eta berehalaxe itsumustuan kanporatu ziren zutik gelditzeko begirada ikaratiak botaz, Winchesterrak eskuetan prest zituztela. Gure inguruko baporea baino ezin genuen ikusi, bere ertz lausotuak, urtzeko zorian bezala, eta ur zerrenda lanbrotsu bat, bi oin bete zabal, beharbada, bere jiran, eta hori zen guztia. Munduaren gainerakoa ez zen inon, gure begi-belarriei zegokienez bederen. Inon ere ez. Aldendua, desagertua, garbitua izan zen atzean xuxurla bat edo itzal bat utzi gabe.

        Aurrera joan eta katea motz jasoa egoteko agindu nuen, hartara aingura goratu eta baporea berehala abiatzeko prest egon zedin, behar izanez gero. «Eraso egingo ote dute?» xuxurlatu zuen ahots ikarati batek. «Txikizioa egingo digute laino honekin!» marmaratu zuen beste batek. Aurpegiak larriagatik zurrunduta, eskuak dardara txikian, begiak kliskatzeaz ahaztuta. Oso bitxia zen aurpegien kontrastea ikustea gizon zurietatik gure tripulazioko beltz jendera, hauek ibaiaren alde honetan gu bezain arrotzak zirelarik, nahiz eta etxea handik zortziehun miliatara baizik ez eduki. Zuriek, noski, arrunt deseginda, bazuten gainera halako iskanbila asaldagarriak minez hunkituta egoteko itxura kurioso bat. Besteek espresio ernai eta interesatua zuten, jakina; baina beren aurpegiak lasai zeuden, egon ere, baita katea jaso bitartean irribarrez ari ziren bizpahiru haienak ere. Batzuen batzuk esaldi laburrak trukatzen zituzten purrustaka, agi zenez arazoa beren gogara konponduz. Euren buruzagia, beltz gazte bulartsu bat, urdin ilunez azpildutako jantziez arrunki apaindua, sudur zulo izugarriak eta ilea kizkur koipetsutan artezki antolatua, nire aldamenean zegoen. «Eta?» esan nion adiskidetsu agertzeko asmo hutsarekin. «Harrapa itzazu —zirt-zart bota zidan, bere begi odoltsuak zabalduz eta bere hortz zorrotzak distiraziz—. Harrapa itzazu. Guri eman.» «Zuei, eh? —galdegin nuen— Eta beraiekin zer egiteko?» «Jateko.» lehor esan zuen, eta ukalondoa barandaren gainean ipiniz lainoaren barrenan so gelditu zen duintasunez beteriko jarrera gogoetatsu batean. Ni izu laborriak hartuko nindukeen dudarik gabe, baldin eta berak eta bere lagunek gose handiz egon behar zutela otu ez balitzait, gero eta gose handiagoz egon ere, azken hilabete honetan batik bat. Sei hilabeterako kontratatuak zeuden (ez dut uste haietako bakar batek ere denboraren ideia garbirik zuenik, ez guk bezala behintzat hainbeste menderen buruan. Haiek denboraren hasierakoak ziren, atzean ere; alegia, erakutsiko zien esperientziarik ez zuten heredatu), eta, jakina, ibaiaren behealdean eginiko lege irrigarri bat edo besteren arabera idatzitako paper puska bat zegoen bitartean, Inon ez zitzaion bururatu ere egiten beraien bizimoduaz kezkatzea. Egia da aldean hipopotamo haragi ustela ekarri zutela, edozein modutara oso luze iraungo ez ziena, ez eta pelegrinek, harramantza hunkigarri baten erdian, mordoxka bat kareletik bota ez balute ere. Nagusikeriaz jokatzea iduri lezake, baina egiazki nork bere buruaren defentsako kasu bat zen. Ezin duzu hipopotamo hilaren kiratsa usnatzen egon esnatzean, lo egitean eta jatean, eta aldi berean bizitzari diozun atxikimendu badaezpadakoari eutsi. Gainera, astero latoizko hiruna alanbre zati ematen zizkieten, bakoitza bederatzi ontzakoa edo, eta moneta harekin teorian euren hornidurak erosi behar zituzten ibai ertzeko herrixketan. Ikusten duzue lana nola zegoen antolatuta. Edo herrixkarik ez zegoen, edo jendea etsai zitzaien, edo zuzendariak, guk denok bezala poteak, eta aldian behin eskupeko aker zaharren bat jaten zuena, ez zuen baporea gelditu nahi ageriko nahiz ezkutuko arrazoiren bategatik. Beraz, non eta alanbrea bera irensten ez bazuten, edota arrainak harrapatzeko laxo modura moldatzen, ez dut ikusten soldata arlote hark zertarako balio ote ziezaiekeen. Esan beharra dago merkatal konpainia handi eta ohoragarri baten dinako erregulartasunez ordaintzen zitzaiela. Osterantzean, eskuartean ikusi nien jateko gauza bakarra —itxuraz jangaitz samarra bazen ere— erdi egositako ore antzeko sustantzia baten zati banaka batzuk ziren, labanda zikinaren kolorekoak, hostoetan bilduta gordetzen zituztenak, eta noizean behin pixkaka jaten zutena, hain gutxika, ordea, ze gauzaren itxuragatik egina zela baitzirudien, elikatzeko asmo serioagatik baino. Zergatik gosearen deabru eztenkari guztien izenean ez ote zitzaizkigun gainera erori —hogeita hamar ziren bosten aurka— eta behingoz sikiera betekada eder bat hartu, orain ere harritzen zait horrekin pentsatzen dudanean. Gizakote mardulak ziren, ondorioak neurtzeko gaitasun handirik gabekoak, adorea zutenak, indarra zutenak, artean ere, nahiz eta zegoeneko azalaren fintasuna eta giharren gogortasuna galduak eduki. Eta ikusi nuen, eusten zien zerbait, probabilitatea desafiatzen duten giza sekretu horietakoren bat, jokoan sartua zela. Derrepentean geroz eta interes handiagoarekin begiratzen nien, ez otu zitzaidalako luze gabe beharbada jan egingo nindutela, nahiz eta zuei aitortu behar orduantxe ohartu nintzela —argi berri batez edo— pelegrinek zein itxura jangaitza zuten eta espero nuen, bai, benetan espero nuen, nire itxura —nola esango nuke?— gustagarriagoa edo izatea: alegiazko harrotasun ukitu bat, tenore hartako egun orotan nagusi zitzaidan amets sentsazioari ongi egokitzen zitzaiona. Agian sukar pixka bat ere banuen. Batek ezin du bizi beti behatza pultsuaren gainean duela. Sarri izaten nuen «sukar pixka bat», edo beste gauza batzuen ukitu pixka bat: oihanaren atzaparkada jostalariak, bere egunean etorri zen eraso bortitz larriagoaren aurreko huskeria iragarlea. Halaxe da, bai, begiratzen nien zuek edozein gizoni derrigorrezko premia fisiko baten froga jartzean begiratuko zenioketen bezalaxe, jakin-minez haien bihozkada, eragingarri, gaitasun eta ahulezien aurrean. Eutsi! Nola eutsi ordea? Zer ote zen, superstizioa, nazka, eramanarria, beldurra ala antzinako gizalege motaren bat? Beldurrik ez da goseari atzera egingo dionik, eramanarririk ez da gosea berdinduko duenik, nazka izatez ez da, gosea dagoenean; eta superstizioari dagokionez, sinesmenak, eta printzipioak deitzen diegunak, galautsa brisapean baino ezdeusago dira. Badakizue zer den etengabeko ahuleziaren deabrukeria, bere oinaze sumingarria, bere pentsamendu beltza, bere basakeria ilun eta ikaragarria? Bada, nik bai. Gizonak jatorrizko indar guztia behar du gosearekin behar bezala borrokatzeko. Izatez aiseago jasaten da dolumina, desohorea eta norberaren arima galtzea, halako gosete luzea baino. Tristea, baina egia. Eta tipo horiek, gainera, arrazoi mundutarrik ez zuten inolako eskrupulorik izateko. Eutsi! Guda zelaiko hilotzen artetik usnan ari den hiena batengandik hala eustea espero liteke. Baina egitatea han aurrean neukan, egitate liluragarria, begi-bistan, aparra bezala itsasoko sakonen gainean, uhin bat bezala igarri ezinezko enigma baten gainean, lainoaren zuritasun itsugarriaren atzean ibai bazterraren gainetik ziztu bizian igaro zitzaigun harrabots basati haren baitan zegoen ondikozko etsipen nota bitxi, adierazezina baino misterio handiago bat, hartaz pentsatzen dudanean.

        Bi pelegrin txutxu-mutxu larrian ari ziren eztabaidaka hegiei buruz. «Ezkerretara.» «Ez, ez; hori esatea ere! Eskuinetara, eskuinetara, noski.» «Oso serioa da hau —esan zuen zuzendariaren ahotsak nire atzean—. Nahigabe handia hartuko nuke Mr Kurtzi gu iritsi aurretik zerbait gertatuz gero.» So egin nion eta egiati zela duda izpirik ere ez nuen izan. Justuki itxurak gorde nahi lituzkeen gizon klasea zen. Hori zen bere eustea. Ordea, berehala abiatzeari buruzko zerbait marmaratu zuenean, erantzuteko lanik ere ez nuen hartu. Banekien, eta berak ere bazekien, ezinezkoa zela. Hondoko finkagarria askatu orduko aire hutsean ginateke, espazioan. Ez ginateke gauza izango norantz —ibaian gora, behera edo zeharka— gindoazen ere esateko, hegi batarekin zein bestearekin topo egin arte, eta orduan ere bietako zein zen ez genuke jakingo hasieran. Jakina, ez nintzen mugitu. Ezbehar bat gertatzeko gogorik ez nuen. Naufragio baterako toki malapartatuagorik ez zenukete imajinatuko. Bertan ito edo ez, gauza segurua zen batera nahiz bestera azkar asko hilko ginela. «Nire baimena duzu ahalik eta gehiena arriskatzeko,» esan zuen isilune labur baten ondoan. «Ez dut inolako arriskurik nahi.» lehor esan nion; berak espero zuen erantzuna, hain zuzen ere, nahiz eta doinuak apika harritu egingo zuen. «Ongi da. Zure iritzira makurtu beharra daukat. Zeu zara kapitaina,» esan zuen adeitasun nabariarekin. Onerizpen ezaugarritzat bizkarra eman nion eta lainoaren barrenera ikusmiratu nuen. Zenbat iraungo ote zuen? Ikusmirarik etsituena zen, etsitua bazen. Sastraka madarikatuan marfil miaketa gartsuan ari zen Kurtz horrengana hurreratzea, ipuinezko palazio batean lo legokeen printzesa xarmangarri bat izan balitz bezain arriskutsua zen. «Eraso egingo dutela uste al duzu?» galdetu zuen zuzendariak doinu konfidentzial batez.

        Nik ez nuen uste eraso egingo zutenik, bistako arrazoi desberdinengatik. Bata zen laino trinkoarena. Hegia utzi eta euren kanoetan ibairatuz gero ber-bertan galduko ziren, guri gertatuko litzaigukeen bezalaxe mugitzen saiatuko bagina. Bestalde, bi hegietako oihana guztiz barrenezintzat joa nuen; alabaina, begiak zeuden bertan, eta begi horiek ikusi egin gintuzten. Ibai ertzeko sasitza itsu-itsua zen, izatez; atzealdeko laharpea, berriz, bistan zen barrengarria zela. Ostera, igoera laburrean zehar ez nuen ibai-tartean kanoarik ikusi, baporearen parean ez, bederen. Baina erasoaren ideia gertaezin irudiarazten zidana zarataren, entzun genituen oihuen nolakotasuna zen. Berehala borrokari ekiteko asmoa iragartzen duen ankertasunik ez zuten. Ezustekoak, basatiak eta bortitzak nola izan baitziren, nahigabezko irudi bizia eragin zidaten. Baporea ikusteak arrazoiren bategatik neurrigabeko bihozminez bete zituen basati haiek. Arriskua, etortzekotan, azaldu nien, lehertutako giza jaidura bortitz batetik hurbil egotetik letorkiguke. Bihozminik larriena ere, azken buruan, bortizkeriaren bidez asaska daiteke; gehienetan, ordea, gogogabetasunaren itxura hartzen du...

        Pelegrinen begirada txunditua ikusi behar zenuten! Ez zuten bihotzik ez barre egiteko, ez niri irainak botatzeko ere, baina uste dut erotzat hartu nindutela, izuagatik, agian. Egundoko hitzaldia bota nien. Ene lagunok, alferrik zen sumintzea. Erne egon? Bada, pentsa lainoari begiratzen niola ea altxatzeko seinalerik ote zegoen, katuak saguari begiratzen dion bezala; baina gainontzean, begiek ere ez ziguten balio kotoi meta batean miliatako sakoneran barrenduak egon bagina baino gehiago. Sentsazioa ere berdintsua zen: estugarria, epela, itogarria. Bestalde, esan nuen guztia, arlotekeria ematen bazuen ere, egia borobila zen, izan ere. Geroago eraso bat bezala aipatu genuen hura egiazki errefusatze saio bat izan zen. Ekintza ez zen inondik ere oldartzailea, ez eta defendatzailea ere, ohizko zentzuan: etsipenaren larrian gauzatua eta funtsean babestailea baino ez zen.

        Hori gertatu zen lainoa altxa eta handik bi ordutara, esango nuke, eta Kurtzen estaziotik beherago milia t'erdira edo zegoen toki batean izan zuen hasiera. Ez al genuen aldaroka eta makurka bihurgune bat biratu, uhartetxo bat ikusi nuen, belar berde biziko muino soil bat, korrontearen erdian. Tankera hartako gauza bakarra zen; baina bidea gehiago zabaldu genuenean hondar-pila luze baten burua zela erreparatu nuen, edo sakonera txikiko hondar gune kate bat hobeki, ibai erdian behera luzatzen zena. Kolorgeak ziren, urak gaineztuak, eta lerro osoa urpean doi ikusten zen, gizon baten bizkarrezurra larruazalaren azpitik ikusten den bezalaxe. Orduan, ikusten nuenez, bere ezkerretik berdin eskuinetik joan nintekeen. Bi ubideak ezezagunak zitzaizkidan, noski. Hegiak itxuraz nahiko antzekoak ziren, sakonera berdina agertzen zuten; baina estazioa mendebaldean zegoela informatu zidatenez, jakina, sartaldeko pasabidera jo nuen.

        Artean ere guztiz sartu gabeak ginelarik, nik uste baino meharragoa zenaz ohartu nintzen. Ezkerretara baxa luze jarraitua genuen eta eskuinetara, aldiz, hegi gora malkartsua, sastraka itsuaz mukuru betea. Sastrakaren gainetik zuhaitzak maila hertsietan goratzen ziren. Adarrak astunki zintzilikatzen ziren uraren gainera, eta tarteka-marteka zuhaitz baten besanga luzea irmoki aurreratzen zen uraren erdiraino. Zegoeneko arrats behera zen, oihanaren aurpegia beldurgarria, eta uretara jada itzal zerrenda zabal bat amildua zegoen. Itzal horren baitan aurreratzen ginen, astiro-astiro, pentsatuko zenutenez. Dena lehorrera biratu nuen, hegiaren ondoan baitzegoen urik sakonena, zunda hagak adierazten zidanez.

        Nire kide goseti eta eramankorretako bat brankan zundaketan ari zen, nire azpian bertan. Bapore hau ontzigainadun gabarra baten berdin-berdina zen. Ontzigainean teka zurezko bi etxetxo zeuden, ate-leihoak zeuzkatenak. Galdara aurrealdeko muturrean zegoen eta makineria zuzen txopa aldean. Guzti horien gainetik sabai azal bat zegoen, zutoinez sostengatua. Tximinia sabai horretan gora altxatzen zen eta tximiniaren aurrean xafla azalez eraikitako kabina txiki batek lematokitzat balio zuen. Barruan kamaina bat, kanpainako bi aulki, kargatutako Martini-Henry bat txoko batean zutik ezarria, mahai ttiki bat eta errubera zeuzkan. Aurrealdean ate handi bat zuen eta alboetan leihatila zabal bana. Horiek denak beti zabal-zabal egoten ziren, jakina. Nik sabaiaren aurrealdeko muturrean igota ematen nituen egunak, atearen aurrean. Gauez kamainan lo egiten nuen, edo saiatzen nintzen, behintzat. Beltz gihartsu bat, kostaldeko triburen batekoa eta nire aitzindari dohakabeak hezitakoa, lemazain zegoen. Latoizko belarritako pare batez apaindua, gerritik txorkatiletaraino estaltzen zuen oihal urdin bat zeraman eta bere buruaz oniritzi handia zeukan. Egundo ikusi dudan txoribururik aldakorrena zen. Trebeziaz gobernatzen zuen baporea bere ondoan zeundenean; baina bistatik galtzen zintuenean, berehalaxe izu laborriak jo eta bertan uzten zuen bapore elbarri hura bere gisara.

        Goitik zunda hagari begira nengoela eta saio berri bakoitzean uretatik gero eta gehiago irteten zela ikusiz suminduta sentitzen ari nintzela, hara non ikusi nuen zundazainak tupustean bere eginkizuna bertan behera utzi eta ontzigainean luze etzaten zela, bere haga jasotzeaz ere arduratu gabe. Hagari helduta segitzen zuen, hala ere, eta hura uretan ildokatzen zen. Aldi berean, labezainak, neure azpian ere ikusi nuena, bere labearen aurrean plausta eseri eta burua erortzera utzi zuen. Ni txundituta nengoen. Orduan ez bat eta ez bi begiratu beharra izan nuen, ubidean oztopo bat zegoen eta. Ziriak, ziri txikiak, inguruan hegaldatzen ziren, saldoka: firrindan nire sudurraren paretik, nire azpian erortzen, zirti-zarta jotzen nire atzean lematokiaren kontra. Denbora guzti horretan, ibaia, hegia, basoak, isil-isilik zeuden, isiltasun osoan. Bakar-bakarrik entzuten nuen txopako errotaren txipli-txaplako kolpatze astuna, eta gauza haien burrundara. Baldarki saihestu genuen oztopoa. Geziak, Jainkoarren! Geziak jaurtikitzen zizkiguten! Ziztu batean barruratu nintzen lehor aldeko leihatila ixteko. Lemazain txoro hura, eskuak erruberaren kirtenetan zituela, belaunak gora eta beheraka ari zen, oinak zanpaka, ahoa klaskaka, zaldi bridatu baten antzera. Babo arraioa! Eta gu zealdoka ari ginen hegitik hamar oin betera edo. Burua asomatu behar izan nuen leihatila astuna erakartzeko, eta aurpegi bat ikusi nuen hostoen artean buruz buru, ankertasunez begira-begira zegokidana; ondoren, derrepentean begietatik errezela bat kendu izan balidate bezala, goibeltasun nahaspilatsuaren barrenean, bular biluziak, besoak, hankak, begi distiratsuak hauteman nituen: sastraka giza atal mugikorrez borborka ari zen, dirdirka, brontzearen kolorekoak. Abarrak inarrosi, kulunkatu eta kraskatzen ziren, haietatik geziak hegaldatzen eta orduantxe itxi nuen leihatila. «Zuzen jarraitu!» esan nion lemazainari. Burua tente eduki zuen, aurpegia aurrera; baina begiak jira-biraka zeuzkan, oinak emeki gora eta behera jarraitu zuen; ahotik lerde pixka bat zerion. «Egon geldi!» esan nion sutan. Hori esan edo zuhaitz bati haizearekin ez kulunkatzeko esan berdin-berdin. Arrapataka kanporatu nintzen. Nire azpian oinen zirrin-zarran handia zebilen burdinazko zoruaren gainean; deiadar nahasiak, ahots batek oihuztatu zuen: «Ezin duzu buelta eman?» V formako uhin bat begi eman nuen aurrealdean ur gainean. Zer? Beste oztopo bat! Tiroketa bat lehertu zen nire oinen azpian. Pelegrinek euren Winchesterrak dantzatu zituzten eta sastrakaren barrenera beruna parrastatzen baino ez ziren ari. Ke mando bat sortu zen eta ezarian-ezarian aurrerantz hedatu. Birao bat bota nuen. Orain ezin nuen ikusi ez uhina ez oztopoa ere. Ate ondoan zutik geratu nintzen, aurrea aztertzen, eta geziak samaldaka zetozen. Bazitekeen pozonduak egotea, baina euli bat akabatzeko gauza ere ez zirela ematen zuten. Sastraka uluka hasi zen. Gure egurketariek gerra oihu bat jaurti zuten; errifle baten danbatekoak nire atzean bertan gortuta utzi ninduen. Sorbaldaren gainetik azkar begiratu eta lematokia anartean zarataz eta kez betea zegoela ziztu batean erruberari heldu nion. Beltz zoroak dena bertan behera utzi zuen leihatila zabaltzeko eta Martini-Henry harekin tiratzeko. Irekidura zabalaren aurrean zutik zegoen, haserre begiratuz, eta nik atzera joateko oihukatu nion, anartean baporearen tupusteko zeihardura zuzentzen nuela. Buelta emateko lekurik ez zegoen, hala nahi izan banu ere; oztopoa han aurrean nonbait zegoen oso gertu ke arraio haren baitan; ez zegoen galtzeko denborarik, beraz, lehorrera jiratu nuen, lehorreraino bertaraino, han ur sakona zegoela banekien eta.

        Poliki aurreratu ginen zintzilikaturiko landaretzan barrena, abar hautsien eta hosto hegaldarien zurrunbilo batean. Beheko tiroketa berehala gelditu zen, nik aurreikusia nuen bezalaxe xixtak hustuko zirenean. Burua atzera bota nuen firrinda distiratsu baten aurrean, lematokia zeharkatu zuelarik leihatila zulo batetik sartuz eta bestetik irtenez. Errifle hustua inarrosten eta lehorrera oihukatzen ari zen lemazain txoro haren gainetik begiratu nuenean giza irudi lausoak ikusi nituen korrika gerritik makurtuta, jauzika, ezkutuka, bereizezinak, osatugabeak, aienakorrak. Zerbait handia azaldu zen airean leihatilaren aurretik, erriflea kareletik erori eta gizonak atzera pauso bizkor bat eman zuen, sorbaldaren gainetik azkar begiratu zidan modu harrigarri, sakon, ezagun batez eta nire oinetara ziplo erori zen. Bere buruaren albo batek errubera bi aldiz jo zuen, eta kanabera luze bat zirudien gauza haren muturrak inguruan tarrapataka eta kanpainako aulki txiki bat lurretik irauli zuen. Bazirudien gauza hura lehorreko norbaiti indarrez erauzitakoan oreka galdu balu bezala. Ke arina aienatua zen, oztopoa saihestua genuen eta aurrera begiratuz ikusi nuen handik ehun iardatara edo hegitik desbideratzeko modua izan nezakeela; baina oinak hain epel eta hezeak nabaritzen nituen, non behera begiratu beharra izan nuen. Gizona bizkarraren gainetik itzulikatu eta finko begiratzen zidan; bi eskuek tinko heltzen zioten kanaberari. Lantza baten kirtena zen, irekiduran barrena jaurtikia edo bultzatua albo batean harrapatu zuena, saihets hezurren azpian, hain justu ere; eztena bistatik desagertzeraino barrendu zitzaion, ebaki izugarri bat eragin ondoren; zapatak blai neuzkan; odol putzu bat zegoen geldi-geldi, gorri ilunez diz-diz erruberaren azpian; begiek brilu harrigarri batez distiratzen zuten. Tiroketa atzera lehertu zen. Arranguraz so egiten zidan, lantzari oratuta zerbait preziatua bailitzan, hura harrapatzen saiatuko nintzen beldurrez bezala. Ahaleginak egin behar izan nituen neure begiak bere behakotik apartatzeko eta lemazaintzaz arduratzeko. Esku batekin buruaren gainetik lurrun txilibituaren soka haztatu eta tira egin nion itsumustuan txistu eta txistu eraginez. Oihu haserre eta gerrarien zalaparta deblauki isildu zen eta gero oihanaren sakonetik halako auhen dardarati eta luze bat sortu zen, beldur beltzekoa eta etsipen soberazkoa, lurreko azken esperantzaren ihesari ustez jarraituko liokeena bezalakoa. Aztoramen handia izan zen sastrakan; gezi jasa atertu zuen; tiro xirripa bakan batzuek zorrozki hots egin zuten; gero isiltasuna eta bere baitan txopako errotaren palastatze geldoa argiro belarriratu zitzaidan. Erruberari dena istriborrera eragin eta orduantxe pijama arrosadun gizona ate ondoan agertu zen, arrunt berotua eta asaldatua. «Zuzendariak bidaltzen nau... —doinu ofizial batez hasi zen eta kolpetik isildu—. Jaungoikoa!» esan zuen, zauritutako gizonari begi emanez.

        Bi gizon zuriok zutik geunden bere aurrean eta bere begirada distiratsu eta galdetzaileak biok bildu gintuen. Egiatan, begiratzen zigun une batetik bestera galdera bat hizkuntza ulertezin batean egingo baligu bezala; ostera, hil zen soinurik motelena jaulkitzeke, gorputz adarrik mugitzeke, giharrik uzkurtzeke. Azken unean bakarrik, guk ikusi ezinezko seinaleren bati, guk aditu ezinezko xuxurlaren bati erantzunez bezala, bekainak astunki zimurtu zituen eta zimurdura horrek bere heriozko maskara beltzari izugarrizko espresio ilun, gogoetatsu eta mehatxagarria eman zion. Begiraldi galdetzailearen distira beirazko hustasunaren baitan aienatu zen supituki. «Erruberari helduko diozu?» galdegin nion agenteari lehiatsuki. Duda-muda handian zirudien, baina besotik heldu nion eta segituan ulertu zuen erruberari nahi eta nahi ez heltzeko esan nahi niola. Egia esango badizuet, zapatak eta galtzerdiak aldatzeko irrika bizian nengoen. «Hilda dago,» marmaratu zuen tipoak arras hunkituta. «Hori seguru —esan nuen zapata lokarriei ero moduan tira eginez—. Hain zuzen, Mr Kurtz ere, honez gero hilda egongo dela uste dut.»

        Ordukoz hori zen iritzi nagusia. Gehiegizko etsipen sentsazio bat nuen, guztiz funsgabeko zerbaiten atzetik lehiaz ahalegindu nintzela konturatu izan banintz bezala. Nahigabe txikiagoa hartuko nukeen bide guzti horretan Mr Kurtzekin hitz egiteko asmo bakarrarekin bidaiatu izan banintz. Mr Kurtzekin hitz egiteko... Zapata bat kareletik bota eta ohartu nintzen horixe zela desiratzen egon nintzena: Mr Kurtzekin hizketan aritzea. Harrigarriro deskubritu nuen Kurtz ez nuela inoiz imajinatu ekinean, aizue, solasean baizik. Neure buruari ez nion esaten: «Orain ez dut inoiz ikusiko» edo «Orain ez diot inoiz eskua emango», baizik eta «Orain ez diot inoiz entzungo.» Gizona ahots bat bezala agertzen zen. Ez da ere, noski, ekintza moduren batekin lotzen ez nuenik. Esan ez zidaten egin, bada, bekaizkeria eta miresmen doinu guztietan, berak bakarrik marfil gehiago bildu, trukatu, maulatu edo ebatsi zuela beste agente guztiek batera baino? Hori ez zen gakoa. Gakoa zen, kreatura dohatsua zela, eta bere dohain guztietatik gehien nabarmentzen zena, egiazko agerraldiaren sentsazioa ematen zuena, bere hitz egiteko gaitasuna zela, bere berbak, mintzamenaren dohaina, liluragarria, argigarria, goragarriena eta arbuiagarriena, argi etorri taupakaria, edo barrenezinezko ilunbeen bihotzetiko jario gezurtaria.

        Beste zapata deabruzkoa ibai hartaraino hegaldatu zen. Pentsatu nuen, arraioa! Kito. Beranduegi iritsi gara; Kurtz desagertu da, dohaina desagertu da, lantza, gezi edo zarta bat dela medio. Azkenean ez dut tipo horren hizketarik entzungo, eta nire atsekabeak harrigarrizko hunkipena zuen, sastrakako basati haien atsekabe ulukarian antzeman nuenaren antzekoa. Ez nintzateke nolabait honen bakarrik eta nahigabeturik egongo, sinesmen batez gabetu izan banindute edota bizitzako xedean erratu izan banu... Zergatik ari zara intzirika modu izugarri horretan, nornahi zaren hori? Absurdoa? Konforme, absurdoa. Jauna! Edo gizon batek ezin du inoiz...? Ala, tabakoa emadazue...»

        Isiltasun beteko geldiune bat izan zen, gero pospolo bat piztu zen eta Marlowen aurpegi argala ageri, ahitua, hondoratua, zimurdurez arraildua eta betazalak erorita, gogoeta sakoneko itxura zuela; eta bere pipari ahokada sendoak eman ahala bazirudien gauean atzera-aurrera ari zela sugar ttipiaren ikara erregularraren argipean. Pospoloa itzali zen.

        «Absurdoa! —oihu egin zuen—. Hauxe du okerrena kontatzen saiatzeak... Zuek denok hemen zaudete, bakoitza bina amarrarekin ondo lotuta, itsasontzi bat bi aingurarekin bezala, etxe kantoi batean harakina, polizia bestean, apetitu bikaina eta tenperatura normala, aditu?, normala urte osoan zehar. Eta esaten duzue: absurdoa! Pikutara doala zuen absurdoa! Absurdoa! Ene lagunok, zer espero dezakezue urduriaren urduriz zapata pare berri bat kareletik bota berri duen gizon batengandik? Orain pentsatzen dudala, harritzen zait negarrik ez egina. Oro har, neure osotasunaz harro nago. Eztenkada bizia ematen zidan Kurtz dohatsuari entzuteko pribilegio neurrigabea galdu nuela pentsatzeak. Jakina, oker nengoen. Pribilegioa zain neukan. Bada, bai, aski eta sobera entzun nuen. Eta zuzen nengoen baita. Ahots bat. Apenas zen ahots bat baino gehiago. Eta berari entzun nion, bere ahotsa, beste ahots batzuk, horiek denak apenas ziren ahotsak baino gehiago, eta aldi hartako oroipenak nire inguruan darrai, ukiezin, berriketa atergabe, txoro, anker, gordin, basati edo sinpleki zikoitz, inolako zentzurik ez zuen hilzoriko dardara bat bezala. Ahotsak, ahotsak, baita neska bera ere... orain...»

        Puska batean isilik egon zen.

        «Azkenean gezur batekin uxatu nuen bere dohainen mamua —ekin zion bat-batean—. Neska! Zer? Neska bat aipatu dut? Beno, neska aparte dago, guztiz. Horiek —emakumeak, alegia— aparte daude, aparte egon behar zuten. Euren mundu eder horretan gera daitezen lagundu behar diegu, baldinba gurea okerragotuko ez zaigun. Bai, neskak aparte egon behar zuen. Mr Kurtzen gorpu desehortziari entzun behar zenioten esanez: «Nire maitea.» Orduan berehala ulertuko zenuten nola neska guztiz aparte zegoela. Eta Mr Kurtzen kopetezur gorena! Ileak batzuetan hazten jarraitzen omen du, hau... espezimen hau, izugarri burusoila zen. Oihanak eskua burutik pasatu zion eta, begira, bola bat bezalakoa zen, marfilezko bola bat; laztandu zuen eta, horra hor, gizona ihartu egin zen; oihanak bereganatu egin zuen, maitatu, besarkatu, bere zainetan sartu, mamia xurgatu, eta bere arima berearekin bat egin, deabrukerien hastapenezko zeremonia sinestezinen bitartez. Kurtz bere mainatua zen eta bere maite kuttuna. Marfila? Hala izango zen. Mordoka, pilaka. Buztinezko estalpe zaharra gainezka zegoen. Pentsa liteke letagin bakar bat ere ez zela geldituko ez lur gainean ez azpian herrialde osoan. «Fosila gehienbat,» erdeinuz azpimarratua zuen zuzendariak. Ni baino fosilagoa ez zen; baina beraiek fosila deitzen diote lurpean dagoenean. Agidanez, beltz horiek lurperatu egiten dituzte batzuetan; baina bistan da sorta hau ezin izan zutela Mr Kurtz dohatsua bere patutik salbatzeko bezain sakon lurperatu. Baporea marfilez bete eta mordo bat ontzi gainean pilatu behar izan genuen. Hartara berak ikusten ahal zuen eta ikusi ahal bitartean gozatu, zeren fabore honen hobespenak azkeneraino lagundu baitzuen. Entzun behar zenioten esaten: «Nire marfila.» Bai, bai, nik entzun nion: «Nire maitea, nire marfila, nire estazioa, nire ibaia, nire...» dena zen bere. Arnasa geldiarazten zidan oihanari barre zantzoez lehertzen entzuteko zain, izar finkoak euren tokietan dardarazteraino. Dena zen bere, baina hori huskeria bat zen. Kontua zen jakitea bera zerena zen, ilunbetako zenbat boterek eskatzen zuten beretzat. Gogoeta hori zen gorputza dardarizoan jartzen zizuna. Ezina zen —eta norberarentzat ere ez zen ona— imajinatzen saiatzea. Berak goi jarki bat hartu zuen lurraldeko deabruen artean, literalki esan nahi dut. Zuek ezin duzue ulertu. Nola ulertuko zuek, oinpean zoladura sendoa duzuenok, auzokide maitagarriez inguratuta zaudetenok zuen atseginerako edo zuen gainera erortzeko, harakinaren eta poliziaren artean poliki zabiltzatenok, eskandaluaren eta urkabearen eta eroetxeen izu laborri sainduaren menpe? Nola imajinatuko duzue lehen aldietako zein eskualde zehatzetara eraman dezaketen gizon bat bere hanka libreek bakardadearen eraginez —bakardade osoa, poliziarik gabe— isiltasunaren eraginez —isiltasun osoa, non auzokide maitagarri baten ahots kontseilaria iritzi publikoaz xuxurlaka entzuterik ez dagoen? Gauza txiki horiek markatzen dute alde handia. Horiek desagertu direnean zeure jatorrizko indarraz baliatu beharra daukazu, zeure leialtasunerako gaitasunaz. Jakina, okerbidetik joateko bezain ergela izan zaitezke, baita ilunbetako botereek erasotzen zaituztela ez jakiteko bezain motza ere. Seguru nago ez dagoela ergelik bere arima deabruari inoiz saldu dionik: edo ergela ergelegia da, edo deabruegia deabrua, ez dakit zein. Edota ikuskari eta soinu zerutarra ez den ororen aurrean guztiz gor eta itsu izateko bezain kreatura burubero izan zaitezke. Lurra orduan egoteko toki bat baino ez da zuretzat eta hala izatea zure kalterako edo zure mesederako den ez naiz esatera ausartzen. Baina gutako gehienok ez gara ez bata ez bestea. Guretzat lurra bizitzeko toki bat da eta bertan ikuskariak eta soinuak jasan behar ditugu, eta usainak ere bai, alajaina! hipopotamo hila usnatu, esaterako, eta kutsatua izan gabe. Eta hortxe sartzen da zure indarra, ikusten? zure gaitasunerako fedea ezkutuko zuloak egiteko barruan gaia lurperatzeko, zure deboziorako ahalmena, ez zurekiko, baizik eta enpresa ilun eta nekoso batekiko. Eta hori nahiko zaila da. Egiatan, ez naiz ari neure burua desenkusatu edo azaldu nahian, nire buruari Mr Kurtz, Mr Kurtzen itzala zuritu nahian ari naiz. Ezerezaren baitatik sortutako anima erratu ikasi honek erabat desagertu aurretik harrigarrizko bere konfiantzarekin ohoratu ninduen. Hori izan zen nirekin ingelesez hitz egin zezakeelako. Jatorrizko Kurtz erdizka Ingalaterran hezitakoa zen eta —bera aitortzeko gauza zenez— bere sinpatiak behar zuten tokian zeuden. Ama erdi ingelesa zuen; aita, berriz, erdi frantsesa. Europa osoak lagundu zuen Kurtz egiten eta geroxeago jakin nuenez, Ohitura Basatien Ezabaketarako Nazioarteko Elkarteak, oso egokiro, txosten bat idazteko eginkizuna utzi omen zuen bere gain, etorkizunean gidaritzat balio ziezaion. Eta idatzi ere idatzi zuen. Ikusita daukat nik. Irakurrita daukat. Elokuentea zen, elokuentziaz zirraragarria; sutsuegia, ordea, nire ustez. Hamazazpi orrialde trinko idazteko beta ere izan zuen! Baina hori zera gertatu baino lehen izan behar zuen, bere nerbioek —nolabait esateko— hutsegin eta gauerdiko dantza batzuetan buru izatera bultzarazi aurretik, ezin adierazizko erritoekin amaitzen zirenak eta —behin baino gehiagotan entzundakotik desgogara atera nuen konklusioaren arabera— berari eskainiak zirenak —ulertzen?— Mr Kurtz berberari. Guztiarekin ere, idazki ederra zen. Hasierako pasarteak, ostera, geroagoko informazioaren argitan, parte txarreko zirrara eragiten dit orain. Abiapuntuko argudioan zioenez guk zuriok, lortu dugun garapen mailagatik, «naturaz gaindiko gizakien antza izan behar dugu beraientzat (basatientzat); jainkoen adinako ahalmenarekin hurreratzen gatzaizkie» eta abar, eta abar. «Gure borondatea erabiltze hutsarekin, botere ongile ia mugagabea izan dezakegu» eta abar, eta abar. Hortik aurrera gora egiten zuen eta ni berarekin eraman ninduen. Amaiera bikaina zuen, nahiz gogoratzen zaila, badakizue. Onginahi txit agurgarri baten agindupeko Baztergabetasun exotiko baten irudipena ematen zidan. Gogo beroz dardarazi ninduen. Hauxe zen elokuentziaren —hitzen— hitz suhar prestuen botere mugagabea. Esaldien jario magikoa etengo zuen aipu praktikorik ez zegoen, non eta ohar antzeko gauza bat azken orrialdearen oinean, bistan zenez askoz beranduago esku ikarati batez zirriborratua, metodo baten azalpentzat ikusten ez den. Oso sinplea zen, eta sentimendu altruista orotarako aldarrikapen erdiragarri horren amaieran itsutu egiten zintuen, argitsu eta lazgarri, oinaztargiak zeru oskarbian bezala: «Basatar guztiak akabatu!» Kuriosoena zen nola posdata baliotsu hura ahaztu bide zuen, zeren eta, beranduago, bere senera etortzean edo, arren eta arren eskatu baitzidan «nire panfletoa» (hala deitu zion) ondo zaintzeko, ziur baitzegoen etorkizunean eragin onuragarria izango zuela bere lanbidean. Ni informazioz beteta nengoen gauza horiei buruz, eta gainera neroni gertatu zitzaidan bere txostena zaindu beharra. Nahikoa egin dut horren alde eta, beraz, eskubide ukaezina daukat, hala aukeratzen badut, hura betiera guztirako progresoaren zakarrontzira, zibilizazioaren simaur artera, eta irudizko zentzuan, zibilizazioaren katu hil guztien artera botatzeko. Baina, ikusten duzuenez, ezin dut aukeratu. Bera ez da ahaztua izango. Zernahi zela ere, ez zen arrunta. Bere ohoretan azti dantza sumingarri bat egin zezaten landugabeko arimak soreztatu edo ikaratzeko ahalmena zuen; aldi berean, pelegrinen arima kaxkarrak goganbehar garratzez bete zitzakeen: lagun leial bat zeukan gutxienez eta munduan ez landugabea ez berekoikeriaz usteldua ez zen arima bat konkistatu zuen. Ez; bera ezin dut ahaztu, nahiz eta ez nagoen prest esateko beraganaino heltzen galdu genuen bizitzaren duin zenik ere. Nire lemazain zenaren hutsune ikaragarria nabaritzen nuen, bere hutsunea lematokiaren barruan gorpu zetzanean ere nabaritzen nuen. Harrigarri samarra irudituko zaizue beharbada basati batenganako dolumin hau, Sahara beltz batean hondar ale bat baino gehiago ez zenarenganako. Bada, begira, berak zerbait egin zuen, lemazaintzan aritu zen, hilabetetan neure atzean eduki nuen: laguntza bat, tresna bat. Lankidetza mota bat zen. Berak niretzat lematzen zuen, nik bera zaindu behar nuen, bere hutsez arduratzen nintzen eta horrela lotura mehe bat sortu zen, supituki etena izan zenean bakarrik erreparatu nuena. Eta zauria hartu zuenean zuzendu zidan begirada haren sakontasun lagunkoiak gaurdaino iraun du nire oroimenean, une goren batean egiaztaturiko ahaidetasun urruneko baieztapen bat bezala.

        Ai txoro koitadua! Leihatila hura bakean utzi izan balu... Bere buruari eusten jakin ez, ordea, —Kurtzek bezalaxe—, haizeak kulunkaturiko zuhaitz bat. Zapatila lehorrak jantzi bezain laster, arrastaka atera nuen kanpora, lantza saihetsetik brastakoan erauzi eta gero, eta aitortzen dut operazio hori begi itsuka burutu nuela. Orpoek biak batera bote txiki bat eman zuten ate ondoko koskaren gainean; bere sorbaldak bulartea estutzen zidan; etsi-etsian besarkatu nuen atzetik. Ai! Pisua zen, oso pisua, lurreko edozein gizon baino pisuagoa, nire irudiko. Ondoren, beste zalapartarik gabe kareletik irauli nuen. Korronteak atzeman zuen belar izpi bat bailitzan, eta ikusi nuen nola gorpuak bi jira eman zituen bistatik betirako galdu aurretik. Pelegrin guztiak eta zuzendaria orduan sabaiaren gainean batzartuak zeuden lematokiaren ondoan, elkarrekin marra-marra, aztoratutako erroi saldo bat bezala, eta eskandaluzko zurrumurru bat egon zen nire arinkeria bihozgabeagatik. Gorpua hortik zehar bueltaka ibiltzea zertarako nahi zuten ez dakit. Baltsamatzeko, agian. Baina beste zurrumurru bat ere entzun nuen, eta oso parte txarrekoa, behealdean. Nire lagun egurketariak halaber eskandalizatuta zeuden eta itxurazko arrazoi hobea zutela, nahiz eta onartzen dudan arrazoia izatez nahiko onartezina zela. Izugarria! Zinez erabakita neukan nire lemazain zena inork jan behar bazuen, arrainek ez bestek jango zutela. Segundako lemazaina izan zen bizi artean, baina orain hilik zegoela primerako tentazio bihur zitekeen, eta seguru aski arazo larriren bat sortu. Gainera, erruberari heltzeko irrikitan nengoen, ze pijama arrosadun gizonak esperantzarik gabeko ezdeustasuna agertu baitzuen zeregin horretan.

        Horixe egin nuen hileta xumea amaitzeaz bat. Abiadura erdian gindoazen, ibai erditik zuzen jarraituz eta nik inguruko hizketaldia entzuten nuen. Galdutzat ematen zuten Kurtz, galdutzat ematen zuten estazioa; Kurtz hilda zegoen eta estazioa su emanda, eta abar, eta abar. Pelegrin ilegorria bere onetik irtenda zegoen Kurtz dohakabea gutxienez behar bezala mendekatua izan zelakoan. «Aizue! Sekulako txikizioa egingo genuen sastrakan, ezta? Zer uste duzue? Bai, ezta?» Dantza eta guzti egiten zuen ile gorriko arlote txiki odolzaleak. Eta ia alditxarra ematen dio gizon zauritua ikusi zuenean! Ezin eutsi nion gogoari hau esateko: «Sekulako ke piloa egin duzue, egitez gero.» Nik ikusi nuen, sastraka gaina parrastatu eta inarrosteko moduagatik, tiro gehienak oso goitik joanak zirela. Ezin duzu ezer jo ez baduzu sorbaldatik apuntatzen eta disparatzen; tipo hauek, ordea, gerrialdetik eta begiak itxita disparatzen zuten. Erretirada, nire iritziz, —eta zuzen nengoen— txilibituaren txistukadak eragina zen. Hori zela eta, Kurtz ahaztu eta oihuka hasi zitzaizkidan erresuminez kexuka.

        Zuzendaria erruberaren ondoan zegoen isilka marmaratuz ibaian behera albait gehiena urrundu behar genuela, ilundu aurretik nolanahi ere, eta orduantxe urrutira soilgune bat ikusi nuen ibai ertzean eta eraikuntza motaren baten silueta. «Zer da hori?» galdegin nuen. Eskuekin txalo egin zuen harriduraz. «Estazioa!» oihukatu zuen. Berehalakoan bazterrera jo nuen, abiadura erdian joanez artean ere.

        Neure katalejuen bidez muino baten malda ikusi nuen, zuhaitz arraroez zipriztindua eta sastrakaz erabat soildua. Gailurrean eraikuntza luze lardaskatu bat zegoen erdi lurperatua belar luzearen barruan; teilatu zorrotzaren zulo handiak aho zabalka urrunetik; oihanak eta basoek osatzen zuten hondoa. Ez zegoen inolako itxitura edo hesi motarik, baina zirudienez egon zen bat, zeren etxetik gertuan dozena erdi bat zutoin mehe gelditzen baitziren ilaran, zakarki landuak eta puritan zizeldutako bola borobilak zituztela apaingarri. Langak, edo haien tarteetan egongo zirenak, desagertuak ziren. Jakina, hori dena oihanak inguratua. Ibai bazterra garbi zegoen eta ur ertzean gizon zuri bat ikusi nuen orga gurpilaren antzeko sonbreiru baten pean besagainka imintzioak eginez etengabe. Basoaren ertza goitik behera azterturik nahiko ziur nengoen higidura batzuk ikusi nituela, giza errainuak han-hemenka lerratuz. Baporea gizonaz harantzago zuhurki eraman, makinak gelditu eta urak behera bultza zezan utzi nuen. Hegiko gizona deiadarka hasi zen, lehorrera egiteko premiatuz. «Eraso egin gaituzte!» garrasi egin zuen zuzendariak. «Badakit. Badakit. Dena ondo dago —ihardetsi zion besteak oihuka, zuek gogo duzuen bezain alaiki—. Etorri. Dena ondo dago. Asko pozten naiz.»

        Bere itxurak lehendik ikusitako zerbait gogorarazi zidan, nonbait ikusitako zerbait xelebrea. Saiheska lehorreratzeko maniobratan ari nintzela neure artean galdetzen nuen: «Zeren antza du tipo honek?» Supituki jakin nuen. Arlekin bat ematen zuen. Bere jantziak seguru aski holanda marroia izandako oihal batez eginak ziren, baina nonahi adabakiz estalita zeuden, adabaki distiratsuak, urdinak, gorriak eta horiak: adabakiak atzean, adabakiak aurrean, adabakiak ukalondoetan, belaunetan; koloretako zerrenda bat jakaren inguruan, gorri biziko azpildurak galtza barrenetan, eta eguzkiaren argiak itxura txit alaitsua ematen zion eta arras txukuna bestalde, ikus baitzitekeen zeinen ederki adabatua zegoen hura guztia. Haur aurpegi bizargabea, oso atsegina, aipatzeko moduko ezaugarririk ez, sudur larrutua, begi urdin ttikiak, barre-iduriak eta kopetilunak elkarri segika musu zabal hartatik, hala nola eguzkia eta itzala haizeak astinduriko lautada batean. «Kontuz, kapitaina! —garrasi egin zuen—. Oztopo bat dago hortxe bardanik trabatua.» Zer! Beste oztopo bat? Aitortzen dut lotsagabeki biraoka hasi nintzela. Neure ontzi elbarria arrakalatzeko zorian egon nintzen, txango zoragarri haren amaiera gisa. Hegiko arlekinak bere sudur zapala goratu zuen niregana. «Ingelesa?» galdetu zidan irribarretsu. «Eta zu?» garrasi egin nion erruberatik. Barre-iduria ezkutatu eta burua astindu zuen nire mukerragatik penatuta bezala. Gero aurpegia alaitu zitzaion. «Ez dio inporta!» oihu egin zuen adoretsu. «Garaiz iritsi gara?» galdegin nion. «Hor goian dago bera» erantzun zuen buruarekin muinoaren gaina seinalatuz eta derrepentean beltzuri jarriz. Bere begitartea udazkeneko zerua bezalakoa zen, orain eguzki orain laino.

        Zuzendaria, pelegrinek eskoltatua, hauek denak leporaino armatuta, etxe aldera irten zenean, mutil hori ontzira igo zen. «Aizu, hau ez zait gustatzen. Indio horiek sastrakan daude.» esan nion. Zinez segurtatu zidan dena ondo zegoela. «Jende sinplea da —gaineratu zuen—; zera, pozten naiz zuek etortzeaz. Neure denbora guztia erabili dut urrun egon daitezen.» «Ez al duzu esan, ba, dena ondo zegoela?» garrasi egin nuen. «Zera, ez zuten minik eman nahi.» esan zuen; eta txundituta begiratu nionez zuzendu egin zuen. «Ez justu.» Ondoren, bizitasunez: «Alafede! Zure lematokia garbitu eder bat behar du!» Arnasa hartu gabe esan zidan galdaran badaezpada lurrun nahikoa eduki nezan txilibitua jo ahal izateko, arazorik sortzen bazen. «Hobe duzu txistukada on bat, zure errifle guztiak baino. Jende sinplea da.» errepikatu zuen. Hain barra-barra hitz egiten baitzuen nahastatu ere egiten ninduen. Bazirudien isilaldi luzeak kitatu nahian ari zela eta barrez adierazi zidan, izan ere, halaxe zela. «Ez al duzu hitz egiten Mr Kurtzekin?» esan nion. «Gizon horrekin ez da hitz egiten, entzun egiten zaio.» ihardetsi zuen serio eta sutsu. «Orain, ordea...» beso bat astindu zuen eta begien itxi-ireki bat orduko tristurarik beltzenean murgilduta zegoen. Istantera suspertu zen berriro salto batez, bi eskuak bereganatu zizkidan eta gelditu gabe inarrosten zituen, honela murduskatuz: «Marinel anaia... ohorez... adeitasunez... atsegin handiz... hona hemen... errusiarra... artzipreste baten semea... Tamboveko Gobernua... Zer? Tabakoa! Tabako ingelesa! Tabako ingeles paregabea! Aizu, hau bai anaitasuna. Nik erre? Ez da marinelik erretzen ez duenik.»

        Pipak sosegatu zuen eta pixkana-pixkana jakin nuen eskolatik ihes egina zela, itsasontzi errusiar batean itsasoratua zela; beste behin ihes egin zuela; bolada batean itsasontzi ingelesetan lan egina zela, orain artziprestearekin baketua zegoela. Behin eta berriz aipatu zuen hori. «Baina bat gaztea denean gauza horiek ikusi behar ditu, esperientzia bildu, ideiak; gogoa hedatu.» «Hemen!» moztu nion. «Zeinek daki! Hemen Mr Kurtz aurkitu nuen,» esan zuen gaztetasunaren solemnitatez eta akarrez. Horren aurrean ez nuen tutik esan. Agidanez kostaldeko merkatal etxe holandar bat limurtu zuen bidekoez eta merkantziez horni zezan eta barrualderako bideari lotu zitzaion bihotza pil-pil eta zer gerta lekiokeen umegorri batek baino gutxiago zekiela. Bi urtez edo ibilia zen ibai haren ingurumarietan alderrai bera bakarrik, nornahi eta zernahitik bakartua. «Ez naiz ematen dudan bezain gaztea. Hogeita bost urte ditut —esan zuen—. Hasieran Van Shuyten zaharrak pikutara joateko esaten zidan —atsegin gozoz kontatu zuen—; baina aspergarri jarri nintzaion, hitz eta pitz, eta azkenean sekulam sekulorum hitz egingo ote nuen beldurrez, zirtzileria eta zizpa bakan batzuk emanda esan zidan nire aurpegia sekula berriro ez ikustea espero zuela. Holandar jatorra, Van Shuyton zaharra. Orain dela urtebete marfil sorta txiki bat bidali nion, hortaz, ezin dit litxarrero deitu itzultzen naizenean. Espero dut jasoko zuela. Eta gainontzean ez naiz kezkatzen. Egur pixka bat neukan zuretzat pilatuta. Hori nire etxe zaharra zen. Ikusi duzu?»

        Towsonen liburua eman nion. Musu ematekoa egin zidan baina gogoari eutsi zion. «Gelditzen zitzaidan liburu bakarra, eta galdu nuelakoan nengoen —esan zuen, sor eta lor begiratuz—. Aizu, hainbeste ezbehar gertatzen zaio hortik zehar bakarrik dabilen gizon bati. Batzuetan kanoak iraultzen dira, bestetan lehenbailehen hanka egin behar izaten duzu jendea haserre jartzen denean.» Liburua orrikatu zuen. «Zuk egin dituzu oharrak errusieraz?» galdetu nion. Buruarekin baietz esan zuen. «Uste nuen zifratuan idatzita zeudela,» esan nion. Barre egin zuen, gero kopetilun jarri zen. «Arazo asko izan ditut jende hori uxatzen,» esan zuen. «Zu hiltzeko ahaleginik egin zuten?» galdetu nion. «Ez, ez!» oihukatu eta mutu gelditu zen. «Zergatik eraso ziguten?» berriz ekin nion. Pixka bat dudatu eta gero lotsaturik esan zuen: «Ez dute nahi bera joan dadin.» «Ez dute nahi?» esan nuen jakin-minez. Buruarekin baiezko keinu bat egin zuen misterioz eta jakituriaz betea. «Benetan esaten dizut —oihukatu zuen—, gizon horrek gogoa hedatu dit.» Besoak zabaldu zituen, niri finko begira, borobil-borobilak ziren bere begi ttiki urdinekin.

 

 

 

© Joseph Conrad

© itzulpenarena: Iņaki Ibaņez

 

 

"Joseph Conrad / Ilunbeen bihotzean" orrialde nagusia