I
Nellie, kruzeroko iola bat, oihalen ikararik gabe aingura aldera kulunkatu eta bertan gelditu zen. Ur gora zegoen, ez zebilen haizerik ia-ia eta ibaian behera zihoalarik gauza bakarra egin zezakeen, aingura bota eta ur beherari itxaron, alegia.
Thameseko bokalea gure aurrean hedatzen zen ubide amaiezin baten hasera bailitzan. Ikusmenean zeru-itsasoak joskurarik gabe urtzen ziren elkarrekin eta eremu argitsu hartan itsasgorak bultzaturiko gabarretako oihal onduek, punta zorrotzeko mihise sorta gorritan, barnizaturiko masten islekin geldirik ziruditen. Lainopeak lautada aienakorretan itsasorantz ezabatzen zen behe lurraldearen gainean atsedeten zuen. Airea ilun zen Gravesend gainean eta harantzago oraindik ilunbe goibel batean trinkotua zirudien, geldotasun mehatxagarrian lurbirako hiririk zabalenaren eta handienaren gain.
Konpainien Zuzendaria genuen kapitain eta anfitrioi. Guk laurok adeitasunez begiratzen genion bere bizkarrari brankan itsasaldeari so zegoela. Ibai osoan deus ez zen urtar itxura handiagorik zuenik. Kai gizona zirudien, marinelarentzat fidagarritasunaren irudia bera dena. Zail zen imajinatzen lana ez zuela han kanpoan, padura argitsuan egiten, baizik eta bere atzean, beldurgarrizko ilunbearen barrenean.
Gure arteko lotura, beste nonbait esan dudanez, itsasoarena zen. Banantze aldi luzeetan gure bihotzak elkarri lotzeaz gain, eramankor bihurrarazten gintuen besteren istorioekiko berdin konbikzioekiko. Abokatuak —lagun zaharretarik onena— urte asko eta bertute asko baitzituen, berak zeukan ontzi gaineko burko bakarra eta manta bakarraren gainean zegoen etzanda. Kontableak zegoeneko aterata zeukan domino kaxa bat eta fitxekin ari zen arkitekturazko jolasak egiten. Marlow txopan eserita zegoen hankak gurutzaturik, bizkarra gibel mastan etzanda zeukala. Masailak hondoratuak zeuzkan, azalmintza horia, bizkarra tente, aszeta itxura, eta besoak erorita zeuzkanez, esku ahurrak kanporantz, idolo bat zirudien. Zuzendaria, aingura ongi finkatuta zegoela ziurtatu ondoren, txopa aldera ibili eta gure artera jesarri zen. Hitz banaka batzuk trukatu genituen nagiki. Berehala isiltasuna zen nagusi iatearen gainean. Hargatik edo bestegatik ez genion domino saioari ekin. Pentsakor sentitzen ginen, ezgauza ezertarako, lasai ikusmiratzeko ez bazen. Eguna amaitzear zegoen dirdai bare eta bikain baten soseguan. Ura diz-diz bakean; zerua, garbi-garbi, arrastorik gabeko argi eremu eztia zen; Essexeko paduren gaineko gandua bera ere, ehun garden eta distiratsu bat bezalakoa zen, barrualdeko baso muinoetatik zintzilikaturik behe lurraldea toles argiekin estaltzen zuena. Soilik ilunbea mendebaldean, ibaiaren goialdean mehatxatuz, bilakatzen zen gero eta ilunago, eguzkiaren hurbilagatik suminduta bezala.
Finean, bere erorkera kurbatu eta antzemanezinean, eguzkia ortzi-mugara abaildu eta zuri bizitik gorri motelera aldatu zen, printzarik gabe eta berotasunik gabe, iraungitzeko zorian balego bezala, gizaide baten gainera mehatxagarri zegoen ilunbe haren ukipenaz herio zauriturik.
Segituan aldaketa bat gertatu zen ur gainean, eta baretasuna hain distiratsu ez, baina sakonago bilakatu. Ibai zaharra zegoen zegoenean geratu zen bere bokale zabalean eguna amaitzean, bere hegietan bizi zen arrazari mendez mende zerbitzu onak eskaini ondoren, lurbirako bazterrik urrunenetara gidatzen duen ubide baten duintasun patxadatsuan luzatua. Korronte ohoragarriari begira geunden, ez etorri eta betiko joaten den egun labur bateko jario bizian, baizik oroipen iraunkorren argitasun agurgarrian. Eta egiazki, deus ez zaio errazagorik, «itsasoari —esan ohi den bezala— begiramenez eta atxikimenduz jarraitu dion» gizon bati, Thamesen behealdearen gaineko iraganaren izpiritu itzaltsua oroitzea baino. Mareak gora eta behera egiten du bere zerbitzu etengabean, zein etxeko atsedenera, zein itsasoko gudaldietara, garraiatu izan dituen gizon eta ontzien oroitzapenez beterik. Nazioa harro daukaten gizonak oro ezagutu eta zerbitzatu ditu berak, sir Francis Drakerengandik hasita sir John Frankilenganaino, zaldunak denak, tituludunak nahiz titulu gabeak: itsas zaldun errari ospetsuak. Berak garraiaturiko ontzi guztien izenak denboraren gauean diz-diz dagiten harri bitxiak bezala dira, hasi Golden Hindetik, bere sabel borobilak altxorrez beteta itzultzen zena Maiestate Erreginak bisita ziezaion, eta horrela legenda erraldoitik desagertzeko, eta Erebus eta Terroreraino, bestelako konkistatarako abiatuak eta inoiz itzuli ez zirenak. Berak ontziak eta gizonak ezagutu zituen. Partituak ziren Deptfordetik, Grenwichetik, Erithetik, abenturazaleak eta kolonizatzaileak; errege ontziak eta Merkataletxeko gizonen ontziak; kapitainak, almiranteak, Ekialdeko merkataritzan ziharduten «trafikari» ilunak, eta Ekialdeko Indiatako «bitartekari» komisionatuak. Urre bilatzaileak zein ospe jarraitzaileak, denak ziren korronte horretan abiatu, ezpata eskuan, eta askotan zuzia, erresumako boterearen mezulari, su sakratuzko txinparta baten eroale. Zein handitasun ez ote da uretaratu ibai horren beheraldian lurralde ezezagun baten misteriorantz!... Gizonen ametsak, kolonien haziak, inperioen kimuak.
Eguzkia sartu zen; ilunabarra uretara abaildu eta argiak kostaldean zehar agertzen hasi ziren. Chapmaneko faroak, lautada zingiratsu batean jasotako hiru hankadun gauza batek, biziki dirdiratzen zuen. Ubidexkan ontzien argiak mugitzen ziren, argizko joan-etorri handia gora eta behera. Eta mendebalderago, ibaiaren goialdean munstrozko hiriaren kokalekua artean parte txarrez markatua zegoen zeruan, ilunbe mehatxagarria eguzkiaren argitan, argitasun beltza izarren azpian.
«Eta hau ere —esan zuen Marlowek bat-batean—, lurbirako ilunbetako toki bat izana da.»
Gutariko bakarra zen artean «itsasoari jarraitzen ziona». Berari buruz esan zitekeen okerrena zen bere mailaren eredugarri ez zela. Marinela zen, baina itsas erromesa ere bai; itsasgizon gehienek, ostera, honela esatea baldin badago, bizitza sedentarioa eraman ohi dute. Izaera etxekoia dute, eta etxea beraiekin dute beti: ontzia; berdin aberria: itsasoa. Ontzi batek antz handia du beste batekin; itsasoa, berriz, beti bera da. Euren inguruaren aldaezintasunean kostalde arrotzak, aurpegi arrotzak, bizitzaren mugagabetasun aldakorra, irristan igarotzen zaizkie, misteriozko sentsazio batek estalirik ez, baina ezjakintasun apur bat erdeinagarri batez; ezen itsasgizonari deus ez baitzaio misteriotsuagorik itsasoa bera baino, bere izatearen maistra eta Patua bezain sumaezin. Gainontzean, bere lanorduen ondoren, inoizko paseoaldi bat edo inoizko mozkorraldi bat lehorrean aski du kontinente oso baten sekretua bereganatzeko, eta jeneralean ohartzen da sekretua ezagutzeak pena merezi ez duenaz. Marinelen kontakizunek badute sinpletasun zuzen bat, beren esanahi guztia intxaur kraskatu baten oskolaren barruan sartzeko modukoa. Marlow, ordea, ez zen tipikoa (istorioak kontatzeko joeraz aparte) eta berarentzat pasadizo baten esanahia ez zegoen barnean, mamia bezala, kanpoan baizik, ipuina inguratuz eta bakar-bakarrik agertarazten zuen argiak lainoa agertarazten duen antzera, batzuetan ilargiaren argitasun espektralak agerian jartzen dituen laino harilkatu horien gisara.
Bere komentarioak ez zirudien batere harrigarria. Marlow bezalakoxea zen. Isilean izan zen onartua. Inork ez zuen ezta marmar egiteko ere nekerik hartu; eta geroxeago emeki-emeki esan zuen:
«Aspaldiko aldietan ari nintzen pentsatzen, erromatarrak honantz estreinako aldiz etorri zirenean, orain dela bederatziehun urte; lehengo egunean... Argia sortu zen ibai honetan geroztik —zaldunak esaten dituzue?—. Bai, baina belazean hedatzen den sutea bezala da, oinaztargi bat bezala hodeien barrenean. Gu sugarraren dardaran bizi gara. Iraungo ahal du mundu zaharra jira-biraka dabilen bitartean! Baina atzo bertan ilunbeak zeuden hemen. Imajinatu Mediterraneoko —nola deitzen zaie?— trirreme bikain bateko komandantearen sentimenduak, halako batean iparraldera bidalia, Galia ziztu batean zeharkatua, bere kargura ontzi bat, legionariek, hilabete batetan edo bitan, nonbait, ehunka eraiki ohi zituzten ontzi txiki haietako bat —gizon trebe pilo bat ere izan behar zuten, alajaina—, irakurtzen duguna sinesten badugu, behintzat. Imajina ezazue bera hemen —munduaren bazterrean bertan, berunaren koloreko itsaso bat, kearen koloreko zeru bat, hauspoa bezain zurruna den ontzi mota bat— eta ibai honetan joanez hornidurekin, edo aginduekin, edo nahi duzuenarekin. Hondar-pilak, zingirak, oihanak, basatiak; gizon zibilizatu batek jateko modukorik ezer gutxi, edatekorik ezer ez Thameseko ura baizik. Falernoko ardorik gabe, hemen, lehorrera egin gabe. Hor-hemenka kanpamendu militar bat basa lurralde batean galduta, orratz bat bezala lasto meta barruan —hotza, lainoa, ekaitzak, izurriteak, erbestea, eta heriotza— zelatari heriotza airean, uretan, sastrakan. Euliak bezalaxe hilko ziren hemen. Bai, bai; egin zuen. Oso ondo egin ere, dudatu gabe, eta hartaz asko pentsatu gabe, ez bazen beranduago, bere bizialdian egindakoaz harropuzteko, agian. Ilunbeei aurpegi emateko bezain gizon ziren. Eta agian adore ematen zion handik lasterrera Ravenako ontzi flotara mailaz igotzeko abagunea izateak, baldin eta Erroman lagun onak bazituen eta klima gaiztoan bizirik irauten bazuen. Edo pentsatu togaz jantzitako hiritar gazte prestu bat —agian joko zale amorratua, badakizue— hona iristen dena, gobernari, zerga biltzaile edota merkatariren baten segizioan, bere ondasuna berregiteko asmotan. Zingiradi batean lehorreratu, basoetan barrena ibili eta barrualdeko tokiren batean basakeria, basakeriarik ankerrena, bere inguruan hesten dela nabaritzen du; oihanean, jungletan eta basagizonen bihotzetan dardaratzen den basatasunaren bizitza misteriotsu guzti hori. Ez dago inolako hastapenik misterio horietarako. Ulergaiztasunaren baitan bizi behar du, arbuiagarria ere badena. Eta horrek ere badu lilurarik, berarengan eragina izango duena. Izugarriaren lilura, badakizue, imajinatu damua areagotzea, ihes egiteko irrika, ezinbesteko nahigabea, etsipena, gorrotoa.»
Isildu zen.
«Pentsa —berriro ekin zion beso bat ukondotik altxatuz, esku ahurra kanporantz, eta nola hankak bere aurrean gurutzaturik zituen, Buda baten planta zeukan, predikuan ari zena europarrez jantzita eta loto lorerik gabe—. Pentsa, gutako inor ez zen bera bezalaxe sentituko. Salbatzen gaituena eraginkortasuna da, eraginkortasunarekiko debozioa. Baina tipo horiek, ez zuten garrantzi handirik, izan ere. Ez ziren kolonizatzaileak; euren administrazioa ez zen zapalkuntza baizik, hori besterik ez zela susmatzen dut. Haiek konkistatzaileak ziren eta horretarako indar hutsa besterik ez duzu behar, harro egoteko moduko ezer ez hori baldin badaukazu, ze norberaren indarra besteren ahuleziatik datorren halabeharra baino ez baita. Eskura zezaketen guztia harrapatzen zuten, harrapatzearen aldera bakarrik. Indarkeriazko lapurreta hutsa zen, hilketa astungarria neurri handitan burutua, eta gizonak itsumustuan joanik, ilunbeei erasotzen dietenei dagokien bezalaxe. Lurraren konkista, azken finean guk ez bezalako azal kolorea edo sudur zapalxeagoa dutenei hura kentzea esan nahi duena, ez da horren gauza polita ber-bertatik ikusten baduzu. Ideiak bakarrik salbatzen du. Ideia bat bere atzean; ez nahikunde sentimental bat, ideia bat baizik; eta fede desinteresatu bat ideiarekiko, goraldua izan daitekeen zerbait, eta bere aurrean ahuspeztu eta opariak eskaini...»
Hitza moztu zuen. Ibaitik suak lerratzen ziren, su ttiki berdeak, su gorriak, su zuriak, elkarri jarraituz, aurrea hartuz, bat eginez, elkarrekin gurutzatuz, gero bananduz poliki nahiz bizkorki. Hiri handiko trafikoak aurrera segitzen zuen ibai lokabearen gainera sakonagotzen zen gauean. Guk ikusmiran jarraitzen genuen, egonarriz itxaroten —beste zereginik ez ur gora amaitu artean; baina isilune luze baten ostean, duda-mudazko ahotsez zera esan zuenean «Uste dut, adiskideok, gogoan izango duzuela nola behin ur gezatako marinel bihurtu nintzen bolada batean» orduantxe bakarrik jakin genuen, ur behera hasi aurrez, Marlowen pasadizo badaezpadakoren bat entzutera kondenatuta geundela.
Ez zaituztet gehiegi gogaitu nahi neroni gertatu zitzaidanarekin —hasi zen, ohar horrekin kontalari askok beren entzulegoak entzun nahi lukeenaren ezjakinean egonik, antza, maiz erakusten duten ahulezia berbera erakutsiz—, nahiz eta, nigan izan zuen eragina ulertuko baduzue jakin beharrean zaudeten nola heldu nintzen hara, zer ikusi nuen, nola joan nintzen ibai horretan gora gizagaixo hura estreina topatu nuen lekuraino. Nabigazio tokirik urrunena zen eta nire pasadizoaren helmuga. Bazirudien halako argitasuna sortzen zuela nire inguruko gauza guztietan eta nire pentsamenduen baitan. Nahiko laiotza ere bazen —eta eskasa—, apartekoa ez inolaz ere, ezta oso argia ere. Ez, oso argia ez. Hala ere, bazirudien halako argitasuna sortzen zuela.
Aldi hartan, gogoratuko duzuenez, Londonetik itzuli berria nintzen, bolada batez Indiako Ozeanoan, Barean eta Txinako Itsasoan igaro ondoren —Ekialdeko asealdi ederra— sei urtez edo, eta alferkerian nenbilen, zuei lanean enbarazu egiten eta zuen etxeetara noiznahi sartzen, zuek zibilizatzeko misio zerutarra izango banu bezala. Primeran egon zen denboraldi baterako, baina laster nazkatu nintzen egonean egoteaz. Orduan ontzi bila hasi nintzen —munduko lanik zailena, seguru aski—. Ontziek, baina, begiraturik ere ez zidaten egiten. Eta nazkatu nintzen joko horretaz ere.
Zera, mutikotan mapa zale porrokatua nintzen. Orduak eta orduak ematen nituen begiratzen Hegoamerika, edo Afrika, edo Australia, eta esplorazioaren aintzetan galtzen nintzen. Aldi hartan hutsune asko zegoen lurraren gainean eta mapan bereziki tentagarria zirudien bat ikusten nuenean (hala ematen zuten denek, baina) behatza gainean ipini eta neure baitan esaten nuen: «Handia naizenean horra joango naiz». Iparburua zen leku horietako bat, gogoan dut. Bada, egon gabea naiz oraindik eta honez gero ez dut ahaleginik egingo. Dagoeneko xarmarik ez du. Beste leku batzuk Ekuatore inguruan barreiaturik zeuden, latitude guztietan eta bi hemisferioen luze-zabalera guztian. Horietako batean edo bestean izanda nago eta... Beno, ez dugu horretaz hitz egingo. Baina bazegoen bat artean ere —handiena, hutsena, nolabait esanda— tirriatzen ninduena.
Egia esan ordurako jada ez zen hutsune bat. Nire haurtzarotik ibaiez eta aintzirez eta izenez betetzen joan zen. Utzia zion misterio atseginezko hutsune, mutiko bati aintzazko ametsak eragiteko adina zuriune izateari. Ilunbetako toki bat bilakatua zen. Baina bazegoen bertan ibai bat bereziki, ibai handi ahaltsu bat, mapan ikusten zena, sigi-sagako suge ikaragarria zirudiena, burua itsasoan, gorputza atsedenean luze bihurriturik herrialde zabal batean barrena, eta isatsa lurraldearen barrenean galtzen zitzaiona. Eta denda bateko eskaparatean mapari begiratzen nionean liluratu egiten ninduen sugeak txoria bezala, txori ttiki leloa. Gero gogoratu zitzaidan bazegoela enpresa handi bat, Konpainia bat, ibai horretan merkataritzan ziharduena. Arraiopola! Pentsatu nuen neurekiko, ezin dute ur geza handi horretan merkataritzan jardun ontzi klaseren bat erabili ezean. Baporeak! Zergatik ez saiatu horietako baten kargu egiten? Fleet Streeten aurrera jarraitu nuen baina ezin ideia hori burutik kendu. Sugeak txoratu egin ninduen.
Kontutan eduki merkatal sozietate hori Kontinenteko enpresa bat zela; baina senide mordo bat daukat kontinentean bizi direnak, merkea delako eta ez omen da dirudien bezain gogaikarria.
Aitortu beharra daukat aspergarri izaten ere hasi nintzaiela. Jokabide hura gauza berria nuen, benetan. Gauzak horrela lortzen ez nago ohituta, badakizue. Ni beti neure bidetik eta neure kabuz joaten nintzen norabait joateko asmoa nuenean. Neronek ere ez nuen sinetsiko; baina gero, aizue, nolabait sentitu nuen haraino heldu behar nuela, aldez edo moldez. Bada, aspergarri izan nintzaien. Gizonek esan zuten: «Ene lagun maitea» eta ez zuten ezer egiten. Gero —ezetz sinetsi?— emakumeekin saiatu nintzen. Nik, Charlie Marlowek, emakumeak baliarazi nituen lanpostu bat eskuratzeko. Alajaina! Beno, ikusten duzuenez, ideiak erakarri egiten ninduen. Banuen izeba bat, arima maitagarri sutsu bat. Idatzi zidan: «Zoragarria izango da. Zuregatik edozer gauza egiteko prest nago, edozer gauza. Ideia bikaina da. Administrazioko jaun goren baten emaztea ezagutzen dut, baita ere gizon bat influentzia handikoa...» etab. etab. Bost ahalak egitera deliberatuta zegoen, harik eta ni ibai bapore bateko patroi izendatzen ninduten arte, nire nahia hori baldin bazen, behintzat.
Karguaz jabetu nintzen, noski, azkar asko jabetu ere. Agi zenez, Konpainiak albistea jaso zuen, bere kapitainetako bat hilik gertatu zela indioekin izandako liskar batean. Hortxe nuen aukera eta horrekin batera joateko irrika areagotu egin zitzaidan. Hilabete askoren buruan, gorputik gelditzen zena berreskuratzen ahalegindu nintzenean, orduantxe aditu nuen gatazka, hain zuzen, oilo batzuei buruzko gaizki ulertze batengatik piztua zela. Bai, bi oilo beltz. Freslevenek —hala zuen izena tipoak, Danimarkakoa bera— pentsatu omen zuen tratuan iruzur edo egin ziotela; hortaz, ontzitik lurreratu eta herrixka hartako buruzagia makila batekin jipoitzen hasi omen zen. Bada, ez zitzaidan batere harritu hura entzutea, ezta bidenabar jakitea ere Fresleven hura bi hanka gainean egundo ibili den gizasemerik goxoena eta lasaiena zela. Halakoxea zela dudarik ez da; baina urte pare bat edo baziren kanpoan zela kausa nobleari emana, badakizue, eta atzenean seguru aski bere buruarekiko begirunea nola edo hala berresteko beharra nabaritu zuen. Hala, bada, gupidagabeki makilatu zuen agure beltza, anartean beretar gizaldra handi bat berari begira zegoela, harri eta zur, harik eta norbaitek —buruzagiaren semea omen— zaharraren auhenak entzuteaz etsiak hartuta, gizon zuriari lantza batekin ziztada beldurtia jo zion arte, eta jakina, aise sartu zen soin-gurutzean barrena. Gero herri osoa oihanera ezkutatu zen, era guztietako ezbeharrak etorriko zirelakoan, eta beste aldetik, Freslevenen gidaritzapeko baporea ere ibairatu egin zen, izu gaiztoak harturik, mekanikaria buru zela, uste dut. Geroztik inor ez omen zen Freslevenen gorpuzkinez asko arduratu, ni neu iritsi eta bere ordez sartu nintzen arte. Ezin nuen, bada, horrela utzi; baina azkenez neure aurrekoarekin topatzeko abagunea suertatu zitzaidanean, bere saihetsen artetik hazten zen belarra hezurrak estaltzeraino bezain luzea zen. Hantxe zeuden denak. Naturaz gaindiko izakia inortxok ere ez zuen ukitu behin erori zenez gero. Eta herrixka inor gabe zegoen; etxolak zabal-zabal eta beltz, usteltzen eta guztiz okertuta hesitu eroriaren barruan. Ezbeharra etorria zen, dudarik gabe. Jendea desagertu egin zen. Izu laborriak sastraka aldera uxatu zituen gizonak, emakumeak eta haurrak, eta inoiz ez ziren itzuli. Oiloen azkenaz ere ezer ez dakit. Pentsatzen dut progresoaren kausak harrapatuko zituela, nolanahi ere. Zena zela, aintzazko egitate hura medio jabetu nintzen karguaz, berau neureganatzeko itxaropena izaten hasi baino ere lehenago.
Ero moduan ekin nion prestamenak egiteari eta berrogeita zortzi ordu baino lehen Kanala igarotzen ari nintzen nagusiei neure burua aurkeztu eta kontratua sinatzeko. Ordu gutxiren buruan hiri batera heldu nintzen, betiere hilobi zuritu bat gogorarazten didana. Aurreiritzi bat, zalantzarik gabe. Ez nuen eragozpenik izan Konpainiaren bulegoak aurkitzeko. Hiriko gauzarik handiena zen eta topatu nuen mundu guztiak aho betean aipatzen zuen. Itsasoaz bestaldeko inperio bat gobernatu behar omen zuten eta dirutza handiak egin merkataritzarekin.
Kale mehar eta mortu bat itzalpe betean, etxe handiak, ezin konta ahala leiho estalki veneziarrekin, hilerriko isiltasuna, belarra harri tartean ernetzen, arkupe ikusgarriak ezker eta eskuin, atal biko atetzar astunak erdi zabalik. Horietako zirrikitu batetik barruratu nintzen, eskobaturiko eta apaindurarik gabeko ezkaratz bat, basamortua bezain elkorra igo eta topatutako lehenengo atea zabaldu nuen. Bi emakume, bata lodia, liraina bestea, lastozko aulki apal banatan eserita, artile beltzarekin ehuntzen. Emakume liraina zutitu eta zuzenean nigana ibili zen —artean ehuntzen begiak apaldurik— eta bere bidetik kentzea pentsatzen hasita nengoela, sonanbulu batekin egingo litzatekeen bezala, orduantxe burua altxa eta so egin zidan. Bere soinekoa guardasolaren oihala bezain leuna zen; hitzik gabe jiratu eta bere atzetik eraman ninduen itxaron gela bateraino. Izena eman nuen eta ingurunera begiratu. Zurezko mahai bat erdian, aulki arruntak horma guztien kontra, mapa handi distiratsu bat izkina batean, ortzadarraren kolore guztiekin markatua. Gorria kopuru handian zegoen —atsegina ikusteko edozein unetan— erakusten baitu hor taxuzko lana ari dela burutzen, urdin mordoa, berde pixka bat, laranja zipriztinak eta zerrenda more bat Ekialdeko kostaldean, progresoaren aitzindari alaiek beren zerbeza motel alaigarria non edaten duten adierazteko. Ni, ordea, ez nintzen haietako ez batera ez bestera joango. Hori kolorera nindoan. Hilda erdialdean. Eta hantxe zegoen ibaia, liluragarri, hilgarri, suge baten antzera. Hara! Ate bat zabaldu, idazkari baten buru urdin baina begitarte errukiorrekoa ageri eta behatz zuzen argal batek santutegira sarrarazi ninduen. Argi motela zegoen, eta idazmahai gotor batek gela erdia betetzen zuen. Eraikuntza horren atzealdetik lebitaz jantzitako lodikote zurbil baten irudia azaldu zen. Gizon handia bera. Bost oin bete t'erdiko luzera zuen, hala bota nion, eta milioi asko ibiltzen zituen eskuartean. Bostekoa eman zidan, hala uste dut, lausoki marmaratu, nire frantsesa ontzat eman zuen. Bon Voyage.
Berrogeita bost bat segundoren buruan berriro itxaron gelan aurkitu nintzen idazkari errukiorrarekin, eta honek, goibeltasunez eta urrikaltasunez, zenbait agiri sinarazi zidan. Uste dut konprometitu nintzela, besteak beste, merkatal sekreturik ez plazaratzera. Beno, hori egiteko asmorik ez dut.
Pixka bat ondoezik sentitzen hasita nengoen. Zuek badakizue ni ez nagoela horrelako zeremoniatara ohituta, eta giroan bazegoen zerbait mehatxagarria. Zera bezala, konspirazio batean parte hartzera sartu banintz bezala, ez dakit, oso zuzena ez zen zerbait; eta pozik nengoen irten izanagatik. Beste gelan bi emakumeek kartsuki ehuntzen zuten artile beltza. Jendea ailegatzen ari zen, eta bietan gazteena atzera eta aurrera zebilen hura sarrarazten. Zaharra aulkian eserita zegoen. Painuzko bere zapatila lauak berontzi baten gainean ezarrita zeuden eta katu bat zegoen bere magalean etzanda. Buruan halako gauza txuri almidoiztatu bat zeukan jantzia, garatxo bat masailean eta zilarrezko euskarridun antiojuak sudur puntari itsatsiak. Antiojuen gainetik begi eman zidan. Soaren goxotasun bizi ezaxolatiak asaldatu egin ninduen. Aurpegi inozo eta alaiko bi gazte barrura gidatuak ari ziren eta berak jakituriazko begirada arduragabe berbera bota zien. Bazirudien haietaz, eta nitaz ere, dena zekiela. Halako sentsazio arraro batek hartu ninduen. Itxura misteriotsua eta patu txarrekoa zuen. Handik urrun nengoela maiz pentsatu nuen bi emakume haietaz, Ilunbetako atea zainduz, artile beltzarekin ehunduz hil-jantzi epel baterako bezala, bata barrura sarraraziz, etengabe sarraraziz ezezagunerantz, bestea aurpegi alai inozoak aztertuz bere begi zahar arduragabeekin. Ave! Artile beltzaren ehule zaharra. Morituri te salutan! Berak so egindako askok ez zuen bera inoiz berriro ikusi, erdiak ere ez, gehienera jota ere.
Medikuari bisita falta zen artean. «Formalitate hutsa» segurtatu zidan idazkariak nire zoritxar guztietan guztiz bat zetorkidalako aire batekin. Hala bada, sonbreirua ezkerreko bekainaren gainera okertuta zeraman tipo gazte bat, enplegaturen bat, pentsatzen dut —negozioan bazeuden enplegatuak, antza, nahiz etxe hura herioaren hiriko etxe bat bezain isilik egon— eskaileran nonbaitetik azaldu eta gidatu ninduen. Itxura baldresa eta moldakaitza zuen, jakaren besoak tintaz zikinduta, eta gorbata handi harroa bota zahar baten muturraren antzeko bere kokotsaren azpian. Medikuarengana joateko goiztxo zen artean, beraz, zerbait edatea proposatu nion eta berehalaxe pozik baino pozikago agertu zen. Geure bermuten aurrean eserita geundela Konpainiaren negozioak goraipatu zituen eta geroxeago aipatze aldera nire harridura adierazi nion bera harantz ez joateaz. Derrepentean oso hotz eta uzkur agertu zen. «Ez naiz ematen dudan bezain ero, jaulki zien Platonek bere dizipuluei» sententziatu zuen, bere edalontzia deliberamendu sendoz hustu eta altxa egin ginen.
Mediku zaharrak pultsua hartu zidan, beste zerbaitetan pentsatzen ari zela, bistan zen. «Ongi, hara joateko ongi» ahapeka esan, eta gero halako irrika batez galdegin zidan ea burezurra neurtzen utziko nion. Harritu samar baietz esan nion eta orduantxe konpas antzeko gauza bat atera eta atzetik, aurretik eta alde guztietatik neurtu zidan, arreta handiarekin oharrak hartuz. Gizon txikia zen, bizarra egin gabea, gabardina antzeko beroki higitu bat zeraman eta oinak zapatilaz jantzia, eta ero kaltegabetzat jo nuen. «Nik beti, zientziaren interesetan, burezurra neurtzeko baimena eskatzen diet hara joaten direnei,» esan zuen. «Eta itzultzen direnean ere bai?» galdetu nion. «Ez ditut inoiz ikusten eta —komentatu zuen—, gainera, aldaketak barrenean gertatzen dira, badakizu.» Irribarre egin zuen, broma txiki bat izan balitz bezala. «Hara joatekoa zara, orduan. Zoragarria. Interesgarria ere bai.» Begirada aztertzailea bota eta beste ohar bat hartu zuen. «Zure familian inoiz erotasun kasurik bai?» galdegin zidan doinu neutro batez. Erresuminduta sentitu nintzen. «Galdera hori ere zientziaren interesetan al da?» «Zientziarako interesgarria litzateke —esan zuen nire suminduraz ohartzeke— gizabanakoen adimen aldaketak bertatik bertara ikuskatzea, baina...» «Zu alienista zara?» eten nion. «Mediku guztiek izan behar lukete... pixka bat,» erantzun zuen xelebre hark lasai-lasai. «Nik badut teoria txiki bat, zuek, hara joaten zareten Messieur horiek frogatzen lagundu behar didazuena. Hango kolonia bikainaren jabetzatik nire herriak aterako dituen etekinetatik niri dagokidan partea da. Aberastasuna bera besteri uzten diet. Barkatu nire galderak baina zu lehenengo ingelesa zara nire ikuskapenean jartzen dena...» Behingoan segurtatu nion batere eredugarria ez nintzela. «Horrela izatera,» esan nion, «ez nintzen zurekin honela hitz egiten egongo.» «Zuk diozun hori nahiko sakona da eta seguru aski erratua,» esan zuen barre algara batez. «Begira zaitez sumintzetik, eguzkitan egotetik baino gehiago. Adieu. Nola esaten duzue zuek inglesez, Eh? Good-bye. Ah! Good-bye. Adieu. Tropikoetan lasaitasuna gorde behar izaten da ezeren aurretik.»... Behatz zuzen aholkulari bat jaso zuen... «Du calme, du calme. Adieu.»
Beste gauza bat gehiago zegoen egiteko, nire izeba zoragarriari adio esan, hain justu ere. Garaile aurkitu nuen. Kikarakada bat te hartu —azken kikarakada te itxurazkoa egun askotarako— eta dama baten egongela zer nolako izatea espero zitekeen, lasaigarriro halako itxura zeukan gela batean solasaldi luze patxadatsua izan genuen sutondoan. Konfiantza horietan hauxe azaldu zitzaidan argiro, agintari gorenaren emazteari eta, gainera, Jainkoak daki zenbat jende gehiagori, gizaseme bikain eta dohatsu agertu ninduela, zorioneko aurkikunde bat Konpainiarentzat, egunero harrapatzen ez den gizon bat. Alajaina! eta ni ibai bapore kaxkar baten kargu egitera nindoan, txilibitu kaxkar bat zeukana gainera! Agi zenez, ordea, ni ere Langileetako bat omen nintzen, L handiarekin, badakizue. Argiaren mezulari antzeko zerbait, behe mailako apostolu antzeko zerbait. Horrelako zabor piloa idatzi eta hitz egin zen horri buruz garai hartan, eta andere zoragarriak, berritsukeria guzti haren zalapartan bertan bizi zenez, bere burua eramaten utzi zuen. «Milioika ezjakin horiek euren ohitura ikaragarrietatik erauzi» beharraz mintzo zen, harik eta, zinez diotsuet, nahikoa gogaitu ninduen arte. Arriskatu nintzaion adieraztera Konpainia probetxu bila zebilela.
«Ez ahaztu, Charlie maitea, langilea bere soldataren duin dela,» esan zidan irribarretsu. Bitxia da nola dauden emakumeak errealitatetik hain urrun. Euren munduan bizi dira, eta ez da inoiz horren antzekorik izan eta ezin inoiz izango. Ederregia baita, izan ere, eta eraikitzeari ekingo baliote, eguzkia sartu aurretik txikituko litzateke. Mundua sortu zenetik gizonok amore emanda bizi izan garen egite madarikaturen bat sortu eta dena lurretik botako luke.
Ondoren besarkada bat eman, franelaz janzteko esan, sarri idazten ez ahazteko, eta abar... eta alde egin nuen. Kalean —ez dakit zergatik— inpostore bat nintzelako sentsazio arraroak asaldatu ninduen. Harritzeko gauza da, nik, alegia, hogeita lau orduko epean, gizon gehienek kalea gurutzatzeko behar dutena baino gutxiago pentsatuta, munduko edozein tokitara abiatzen ohituta nagoenak, une bat izatea, duda-mudazkoa ez dut esango, baina bai nahasmenduzko geldiune bat, afera hutsal honi heldu aurretik. Zuei azaltzeko modurik onena zera esatea da, segundo pare batez edo, sentitu nintzela kontinente baten bihotzeraino joan beharrean, lurraren bihotzeraino abiatzear nengoela.
Bapore frantses batean itsasoratu nintzen eta frantsesek han dituzten portu madarikatu guztietan atrakatu zuen, zertarako eta, nik dakidala, soldaduak eta aduanako enplegatuak lehorreratzeko, ez besterako. Kostaldea ikusmiratzen nuen. Ontziaren aurretik lerratuz doan kostaldea ikusmiratzea enigma batean pentsatzea bezala da. Aurrez aurre daukazu, irribarretsu, kopetilun, kilikari, harro, doilor, geza edo basati, eta betiere mutu, «Zatoz eta aurki nazazu,» xuxurlaka bezala. Kostalde hau, ia aurpegirik gabea zen, izan ere, artean eraketan balego bezala, itxura goibel eta monotonoa agertzen zuelarik. Oihan tantai baten ertza, berdearen ilunez ia beltza zena, apar zuriz azpildua, zuzen zihoan, erregelaz eginiko marra bat bezala, urrutira, aski urrutira, itsaso urdinean barrena, beronen distira gandu igokari batez lausoturik. Eguzkia kiskalgarri, lurrak dirdai eta lurrun jario zirudien. Han-hemenka ñabardura grisaxka-zurixkak ageri ziren apar zuriaren baitan, euren gainean bandera bat zabal-zabal, apika. Zenbait mendetako egoitzak eta orratz buruak baino handiagoak ez artean hondoko zabalgune ukitu gabearen aldean. Aurrera gindoazen poliki, geldituz, soldaduak lehorreratuz, jarraituz, aduanako enplegatuak lehorreratuz zergak biltzeko Jainkoak eskutik utzitako basamortu antzeko hartan, han non latorrizko txosna bat eta bandera masta bat galdurik zeuden; soldadu gehiago lehorreratuz, aduanako enplegatuak babesteko, nonbait. Batzuen batzuk, erresakarekin ito omen ziren; hala izan edo ez, nolanahi ere, ez zirudien inor bereziki arduratu zenik. Haiek hantxe utzi eta geuk aurrera segitzen genuen. Egunero berdina ematen zuen kostaldeak, mugitu ez bagina bezalaxe; ordea, zenbait portu igaro genituen, merkatal portuak, hala nola, Gran Bassam edo Little Popo izenekoak; antzokiko oihal malapartatu baten aurrean jokatutako fartsa gordin bateko izenak ziruditenak. Bidaztiaren astialdiak, neure isolamenduak inolako kidetasunik ez nuen gizon haien artean, itsaso koipetsu eta naroak, kostaldearen itzaltasun lauak, bazirudien gauzen egiatasunetik kanpo edukitzen nindutela, etsipen beltz eta zentzugabe bateko unaduraren barnean. Erresakaren ahotsa, lantzean behin egiazko gozamena izaten zen, anaia baten hizketa bezala. Zerbait naturala, bere arrazoia zuena, esanahi bat zuena. Noizean behin kostaldetik zetorren txaluparen batek errealitatearekiko atxikimendu aldi bat eskaintzen zuen. Beltz batzuk ari ziren arraunean. Urrundik haien begietako zuria diz-diz ikus zitekeen. Oihuka, kantari; gorputzak izerdi patsetan; gizon haien aurpegiak maskara irrigarriak bezalakoak ziren; baina hezurrak zituzten, giharrak, bizitasun basatia, mugimenduzko indar sendoa, euren kostaldeko erresaka bezain naturala eta egiazkoa zena. Han egoteko aitzakia beharrik ez zuten. Atseden gozoa hartzen zen haiei begiratuz. Aldi batez sentitzen nuen errealitate xumeetako mundu baten partaide nintzela artean ere; baina sentsazioak ez zuen luze irauten. Zerbait sortu ohi zen hura uxatzeko. Behin batean, oroitzen naiz, kostalde parean ainguratutako gerraontzi bat topatu genuen. Txosna bat ere ez zegoen bertan, eta sastraka bonbardatzen ari zen. Agi zenez, frantsesak inguru haietan zituzten gerratako batean murgildurik zeuden. Euren ezaugarria trapu baten modura zintzilik; sei ontzako kainoi luzeek beren ahoak agertzen zituzten ontziaren behealde osotik; itsasaldi koipetsu eta likatsuak aupada nagia eman eta erortzera uzten zuen, haren masta meheak kulunkaraziz. Azkengabeko lur, zeru eta ur eremu huts honetan, hantxe zegoen, ezin ulertuzko moduan, kontinente baten barrenera su eginez. Danba! Joko zuen sei ontzako kanoiak; sugar ttiki bat piztu eta itzaliko zen, ke zurizko bafada xume bat aienatuko zen, jaurtigai ñimiño batek kirrika motela egingo zuen eta deus ere ez zen gertatuko. Deus ere ezin zitekeen gerta. Bazegoen zentzugabekeria kutsu bat jokabidean, komedia beltzezko zentzu bat ikuskizunean; eta ez zen ezabatu itsasontziko norbaitek serio-serio esan bazidan ere han nonbait indioen kanpamendu bat zegoela —etsaiak deitzen zien!— agerritik ezkutatuta.
Hango eskutitzak eman (aditu nuenez itsasontzi bakarti hartan hiru gizon hiltzen ziren egunero sukarrak jota) eta aurrera jarraitu genuen. Izen irrigarriak zituzten toki gehiagotan ere porturatu ginen, non herioaren eta merkataritzaren dantza alaiak oraindik gelditasunezko giro lurtarraz segitzen duen, galdan dagoen katakunba batean bezala; formarik gabeko kostaldean zehar, erresaka arriskugarriz azpildua, Natura bera ere intrusoak aldentzen saiatuko balitz bezala; sartu eta irten ibaietan, heriozko korronteak bizian, bertako hegiak lokatzez ustelduak, bertako urak basaz lodituak eta mangle bihurrituen menpean, gure aurrean oinazez okertuta ziruditenak, etsipen ezdeus baten zorian. Inon ere ez genuen geldialdi aski luzerik egin hango inpresio xehea jaso ahal izateko, baina itolarri lauso eta hertsiaren sentsazio orokorra areagotu egin zitzaidan. Amesgaitzen aieru arteko pelegrinaia nekoso baten antzekoa zen.
Hogeita hamar egunetik gora joan ziren ibai handiaren ahoa ikusi nuenerako. Gobernuko egoitzaren aurrean ainguratu genuen. Ordea, nire lana ez zen hasiko berrehun bat milia urrunago baizik. Hala bada, ahal bezain laster, hogeita hamar milia goragoko toki baterantz abiatu nintzen.
Itsas bapore txiki batean egin nuen bidaia. Bere kapitaina suediarra zen, eta marinela nintzela jakitean, zubi gainera gonbidatu ninduen. Gizon gazte, lerden, horail eta zakar bat zen, ilaia zimelekoa eta ibilera herrendua zuena. Kai mixerabletik alde egin genuenean destainaz eragin zion buruari hegiari begira. «Hor izanda zaude?» galdetu zidan. «Bai.» esan nion nik. «Jendilaje ederra gobernuko tipo horiek, ezta?» jarraitu zuen ingelesez zehaztasun handiz eta garraztasun nabarmenaz. «Harrigarria da hileko libera batzuen truk zenbait jende egiteko kapaz dena. Zer gertatzen ote zaie horrelakoei herrialde honetan sartzerakoan?» Nik esan nion hura laster ikustea espero nuela. «Bejondeizula!» oihu egin zuen. Zeharka ibili zen herren bat eginez, begi bat erne aurrera begira. «Ez egon horren ziur —jarraitu zuen—. Lehengoan gizon bat ontziratu nuen kaminoan bere burua urkatu zuena. Suediarra zen, baita». «Bere burua urkatu! Zergatik, Jainkoarren?» garrasi egin nuen. Berak adi-adi begira segi zuen. «Zeinek daki? Eguzkia gehiegizkoa berarentzat, edo herrialdea, agian.»
Azkenez zabalgune bat ireki genuen. Tontor malkartsu bat agerian, iraulitako lur piloak ur ertzean, etxeak muino baten gainean, burdinazko teilatuekin, eskabazioen nahaspila baten artean edota malkarrean dindilizka. Goragoko ur jauzien burrunba etengabea gailentzen zen biztanduriko hondakizun eszena honetan. Jende mordo bat, beltzak gehienak eta biluzik, xinaurriak bezala mugitzen ziren. Kai mutur bat ibaian barrentzen zen. Eguzkiaren argi itsugarri batek hori dena itotzen zuen aldiro bat-batean dirdaia biziagotzean. «Hor dago zure Konpainiaren estazioa,» esan zidan suediarrak, barrakoi itxuraz pendiz harritsuan zeuden zurezko hiru eraikuntza seinalatuz. «Zure gauzak hor gora bidaliko ditut. Lau kutxa esan duzu? Ondo. Adio.»
Galdara bat topatu nuen txilipurdika belarretan; gero bide zidor bat aurkitu nuen maldan gora zihoana. Saihestu egiten zen harkaitzak zeudelako, baita burdinbideko orgatxo bat ere han zetzalako ahoz behera gurpilak gora zituela. Bat falta zuen. Animalia baten hezurdura bezain hila zirudien gauza hark. Hondatutako makineria atal gehiago topatu nuen, errail herdoilduak pilaturik. Ezkerretara arboladi batek gerizpea osatzen zuen eta bertan gauza ilunbetsuak ahulki eragiten zirela zirudien. Begiak kliskatu nituen, bide zidorrak aldapa handia zuen. Adar batek jo eskuinetara eta beltz jendea korrika ikusi nuen. Danbateko astun eta motel batek lurra ikaratu, harkaitzetik ke bafada bat atera eta hori izan zen guztia. Ez zen aldaketarik ageri harri azalaren gainean. Burdinbide bat eraikitzen ari ziren. Harkaitza ez zen ez traba ez ezer, baina leherketa zentzugabe horiek ziren burutu beharreko lan guztia.
Tilin hots batek nire atzetik burua itzularazi zidan. Sei gizon beltz errenkadan zetozen, ozta-ozta bide zidorrean gora. Tente eta astiro zebiltzan, buru gainean saskitxo bana bete lur orekan, eta tilintina euren urratsekin batera. Lotsariak zarpail beltzez bilduta zeramatzaten, eta atzealdean haien mutur laburrak alde batetik bestera dantzatzen ziren, buztanak bailiran. Saihets hezur guztiak antzematen nizkien; euren beso-zangoetako hezur giltzak soka baten korapiloak bezala ziren; bakoitzak burdinazko uztai bana lepoaren inguruan, eta denak elkarri lotuta katea batekin, euren artetik dindilizka, erritmoki tilin hotsa ateraz. Malkarretik etorri zen beste eztanda batek kontinentearen barrenera su eginez ikusi nuen gerraontzia gogorarazi zidan supituki. Ikaragarrizko ahots klase berbera zen; baina gizon haiei, irudimena estuegi lotuta ere, ezin zitzaien etsaiak deitu. Kriminalak deitzen zitzaien eta bortxatutako legea, lehertzen ziren bonbak bezalaxe, itsasotik zen etorria, ulertezinezko misterio baten modura. Haien bular eskasak denak batera arnaska, indarrean puztutako sudurrak dardarka, begiak zorrozki begira mendi gailurrari. Arrabetera edo pasa zitzaizkidan, begiraturik ere egin gabe, zorigabeko basatiek ohi duten heriozko ezaxola bete horrekin. Lehengai honen atzetik damututako basati bat, laneko indar berrien emaitza, abail eginda paseatzen zen, errifle bat erditik helduta. Uniformeko jakaz jantzita botoi bat falta zitzaion eta bidean gizon zuri bat ikusirik, arma zalutasunez sorbaldaratu zuen. Hori zuhurtzia hutsagatik zen, gizon zuriak urrutira hain antzekoak izaki eta, ezin jakin nor izan nintekeen ni. Berehalaxe sosegatu zen eta keinu zabal, zuri, maltzur batekin, eta bere kargari begiratuz, bere enpresa gorenean partaidetzat hartzen ninduela zirudien. Azken finean, neu ere parte bat nintzen prozedura goitar eta zuzen haien kausa handian.
Goraka jarraitu ordez, bira eman eta ezkerretik jaitsi nintzen. Nire asmoa, izan ere, mendi gailurrera igo aurrez gatibu kate hura bistatik galtzea zen. Badakizue ni, izatez, ez naizela xamurra; kolpeak eman eta gelditu beharra suertatu izan zait. Eutsi beharrean gertatu izan naiz eta oldartu beharrean ere inoiz —eusteko modu bat baino ez dena— kontu zehatzak atera gabe, zein bizimodutan murgildurik nengoen, harexen eskakizunen arabera. Nik ikusia dut biolentziaren deabrua, eta zekenkeriaren deabrua eta grina gartsuaren deabrua; baina, Arraioa! Deabru horiek gogorrak, kementsuak eta begi gorriak ziren, gizonak menderatu eta gobernatzen zituztenak, gizonak diotsuet. Aitzitik, mendi magal honetan nintzelarik barrundatu nuen lurralde hartako eguzkiaren argi itsugarriaren pean deabru maskal, hantuste eta begi epel bat ezagutu behar nuela, eromen zikoitz eta urrikal gabekoa. Zein malmutza izan litekeen, gainera, zenbait hilabete beranduago eta hainbat milia aurrerago bakarrik ezagutuko nuen. Lipar batez abisu batek ikaratuta bezala geldirik egon nintzen. Azkenik, aldapa jaitsi nuen, zeharka, ikusiak nituen zuhaitzen aldera.
Albora utzi nuen zulo zabal artifizial bat, maldan egiten norbaitek jardun zuena, zein helbururekin ez dakit, hori asmatzen ezinezko gertatu baitzitzaidan. Zernahi zela ere, ez zen harrobi bat ez hondardi bat. Zulo bat besterik ez zen. Zerikusia izan zezakeen kriminalei egitekoren bat emateko desira filantropikoarekin. Ez dakit. Gero amildegi estu-estu batera erortzeko zorian egon nintzen, pitzadura bat mendian, hori baino gehiago ez zena. Deskubritu nuen inportazioko drainatze hodi mordo bat bertara iraulkatua izan zela. Bat ere ez zegoen puskatu gabe. Gurarizko txikizio funsgabea zen. Atzenean zuhaitzen azpiraino heldu nintzen. Gerizpetik pixka bat ibiltzeko asmotan nintzen, baina bertara ordukoxe Infernuren bateko zirkulu malapartatuan oina ezarri nuela iruditu zitzaidan. Ur lasterrak hurbil zeuden eta burrundara etengabe, berdin, borborkari eta jariotsuak soinu misteriotsu batez gaineztatzen zuen basoko gelditasun ituna, ez brisa ikararik, ez hosto firfirarik, bultzarazitako lurbiraren abiadura gaitza supituki entzungarri bilakatu bailitzan.
Irudi beltz kuzkurtuak, etzanak, eseriak, zuhaitzen artean, enborren kontra jarriak, lurrari atxikiak, erdi ageriak, erdi estaliak argi motelean, oinaze, abandonu eta etsipenaren jarrera guztietan. Malkarrean beste mina batek zapart egin eta horren jarraian lur azalaren ikara arin bat gertatu zen nire oinpean. Lanak aurrera egiten zuen. Lana! Eta hau zen langileetako batzuk hiltzera bakartu zireneko lekua.
Geldi-geldiro ari ziren hiltzen, oso argi zegoen. Haiek ez ziren etsaiak, haiek ez ziren kriminalak, haiek ez ziren lurreko ezer orain; ezer ez, eritasunaren eta ahuleriaren itzal beltzak baizik, erdi ilunbe berdexka hartan nahas-mahasean zeutzanak. Kostaldeko bazter orotatik aldi baterako kontratuen legaltasun osoarekin erakarriak, ingurune arrotzean galduak, etxekoaz bestelako janarekin elikatuak, gaixotu egiten ziren, ezgaitu, eta orduantxe gizartetik bakantzen eta atseden hartzen uzten zitzaien. Agoniazko irudi horiek airea bezain libre ziren eta hori bezain finak ia-ia. Zuhaitzen azpian begien dirdira bereizten hasi nintzen. Orduan, behera begiraturik, aurpegi bat ikusi nuen neure eskuaren ondoan. Hezur beltzek besaburu bat zuten zuhaitzaren kontra luze eratzanik eta astiro-astiro betazalak jaso eta hondoratutako begi handi hutsek so egin zidaten, halako izpi itsu, zuri bat, betzuloen sakonean emeki itzali zena. Gizonak gaztea zirudien, mutiko bat ia, baina horiekin zaila da esaten, badakizue. Gauza bakarra egitea bururatu zitzaidan, patrikan neuzkan ene suediar maitearen ontziko gaileta bat eskaini, alegia. Behatzek poliki-poliki haren gainean itxi eta heldu egin zioten: ez zen beste mugimendurik, beste begiradarik izan. Lepo inguruan bilbe zurizko zati bat lotuta zeukan. Zergatik? Non ote zuen eskuratu? Zer ote zen, ezaugarri bat, apaingarri bat, kuttun bat ala ekintza propiziatorio bat? Ideiaren batekin nolabait lotua ote zegoen? Itxura zirraragarria zuen bere lepo beltzaren inguruan itsasoaz bestaldeko hari zurizko zati hark.
Zuhaitz beretik gertuan beste bi eskutada angelu zorrotz zeuden hankak uzkurturik. Bata, kokotsa belaunen gainean jarria, ezerezari modu eramanezin eta negargarrian begira zegoen; bere anaia mamuak bekokia makurtuta zeukan, ahidura gaitzak gainditua bezala; eta ingurumarietan beste batzuk zeuden barreiaturik pot egindakoen postura bihurri guztietan, sarraski edo izurrite bati buruzko koadro batean bezalaxe. Ni anartean zutik nengoela, horroreak laztuta, kreatura haietako bat bere esku-belaunen gainean altxa eta lau hankan joan zen ibaira edatera. Eskutik miazkatu zuen, gero eguzkitan eseri, zangoak bere aurrean gurutzatuz, eta handik pixka batera bere buru iletsua bular hezurrera erortzen utzi zuen.
Ez nuen gehiago gerizpean alfer ibili nahi eta presaka estaziorantz abiatu nintzen. Eraikuntzetatik hurbil nengoenean gizon zuri batekin topo egin nuen, hain janzkera ustekabez dotorea zuena, non hasieratik halako ikuskari modukotzat jo bainuen. Lepo almidoiztatu tente bat, eskumutur zuriak, alpakazko jaka argi bat, galtza elurtsuak, gorbata argi bat, eta bota betuneztatuak ikusi nituen. Sonbreirurik ez. Ilea arrailatua, zepilatua, gantzutua, esku zuri handi batek oraturiko marra berdedun guardasol baten azpian. Liluragarria zen, eta idazluma bat zeukan belarri gainean.
Mirakulu honen eskua estutu eta Konpainiaren kontabilitate burua zela ikasi nuen, baita ere kontu liburu guztiak estazio honetan eramaten zirela. Momentu bat atera omen zen «egurastera», esan zuenez. Esateko modu horrek harrigarrizko doinu bitxia zuen, bulegoko bizitza sedentarioa iradokitzen zuena. Tipo honen aipamenik ere ez nizueke inolaz egingo baldin eta garai hartako oroipenekin hain lotura estuan zegoen gizonaren izena lehenengo aldiz bere ezpainetatik entzun izan ez banu. Gainera, tipo horri errespetua nion. Bai; errespetua nien bere lepokoei, bere eskumutur zabalei, bere ile zepilatuari. Bere itxura, zinez, ile-apaindegiko maniki batena zen; baina hango lurraldeko etsipen handiaren artean bere itxurari eusten zion. Hori da nortasuna izatea. Bere lepo almidoiztatuak eta bular zutak izaeraren lorpenak ziren. Ia hiru urte ziren kanpoan zela; eta beranduago, hain era apainean janzteko nola moldatzen zen galdegin nion gogoari ezin eutsiz. Gorritasun izpi bat izan eta umilki esan zuen: «Estazio inguruko emakume indio bati erakusten aritu naiz. Zaila izan da. Lanari gorroto dio.» Gizon honek, beraz, benetako zerbait erdietsia zuen. Eta ezin hobeki antolatuak zeuzkan bere liburuetara zegoen emana.
Estazioan gainerako guztiak nahastuta zeuden: buruak, gauzak, eraikuntzak. Oin lehertuekiko beltz hautseztatuen errenkadak heltzen eta joaten ziren; fabrikako gauzaki uholde bat, kotoi merkea, kristalezko alea eta latoizko haria ilunbeen barrenera bidaltzen zen, eta itzuleran marfil zirrista polit bat etortzen.
Estazio hartan hamar egunez itxaron behar izan nuen, luzaz, horratio. Hesituaren barruko etxola batean bizi nintzen, baina nahaspilatik aparte egotearren batzuetan kontu eramailearen bulegoan sartzen nintzen. Etzaniko oholez eraikia elkarri hain gaizki josiak baitzeuden, gizona bere idazmahai altura makurtzen zenean lepotik orporaino eguzkiaren errainuzko zerrenda estuez zeharkaturik geratzen zen. Ikusi ahal izateko leiho estalki handiak zabaldu beharrik ez zegoen. Beroa ere bazen barruan; eulitzarrek burrunbaka ankerki, eta ziztadak ez, baina sastadak ematen zituzten. Ni normalean lurrean esertzen nintzen, eta berak bizkitartean, narriogabeko itxura zuela (eta pittin bat urrinztatua ere bai), aulki garai batean igota, idatzi egiten zuen. Noizbait ere zutitzen zen pixka bat ibiltzeko. Gurpilekiko ohe bat ezarri zutenean, bertan gizon eri bat etzanda (barrualdetik ekarritako agente elbarriren bat), gizalegezko sumindura agertu zuen. «Eriaren intziriek arreta galarazten didate —esan zuen—. Eta hori gabe gaitz da benetan idazketa okerretatik libratzen klima honetan.»
Behin batean zera komentatu zuen bururik altxa gabe: «Barrualdean Mr Kurtzekin topatuko zara dudarik gabe.» Galdegin niolarik zein zen Mr Kurtz, esan zuen lehen mailako agente bat zela; eta ikusirik nire dezepzioa informazio horren aurrean, zera gaineratu zuen geldiro, bere luma utziz: «Gizon aparta da.» Ondorengo galderek erasan zioten Mr Kurtz orduan garrantzi handiko estazio baten kargu zegoela marfilaren jatorrizko herrialdean. «Barren-barrenean. Beste guztiek adina marfil bidaltzen digu berak bakarrik...» Idazten hasi zen berriro. Gizon eri larriegi zegoen intzirika ari ahal izateko. Euliek burrunbaka bake lasaian.
Supituki berbaro gero eta ozenago bat izan zen eta tirriki-tarrakako pauso hots handia. Karabana bat zen iritsia. Ahots zakarrezko zalaparta bortitza lehertu zen oholez bestaldean. Garraiari guztiek batera hitz egiten zuten, eta iskanbilaren erdian agente buruaren ahots penagarria aditu zen «gainditua» negarti hogeigarren aldiz egun hartan... Bera poliki jaiki zen. «Hau istilua hemen dagoena!» esan zuen. Gizon eriari begiratzeko astiro zeharkatu zuen gela eta itzuleran, hau esan zidan: «Ez du entzuten.» «Zer! Hilda?» galdetu nion asaldatuta. «Ez. Oraindik ez.» erantzun zidan lasai-lasai. Gero, buruari eragiten estazioko esparruan zegoen zurrunbiloa seinalatuz: «Kontuak zuzen idatzi behar dituzunean basati horiek gorrotatzeraino iristen zara, biziki gorrotatzeraino, baina.» Pentsakor geratu zen pixka batez. «Mr Kurtz ikusten duzunean —jarraitu zuen— nire partez esaiozu hemen dena —begirada azkar bat bota zion idazmahaiari— primeran dabilela. Ez zait gustatzen bere Erdi Estazio horretara karta egiterik, gure mezulari hauekin inoiz ez dakizu eta zeinen eskuetara iritsi daitekeen.» Begira-begira jarri zitzaidan lipar batez bere begi xamur, irten haiekin. «Bai, gora iritsiko da, oso gora —ekin zion berriro—. Luze gabe norbait izango da Administrazioan. Goian dauden haiek —Europako Kontseilukoek, badakizu— hala izatea nahi dute.»
Bere lanera itzuli zen. Kanpoko zarata isildua zegoen, eta geroxeago, irteten ari nintzela, ate ondoan gelditu nintzen. Eulien etengabeko burrunbaren artean, etxeratzekoa zen agentea itolarrian eta sorgor zetzan; besteak, aldiz, bere liburuen gainera makurtua, kontu zuzenak idazten zituen transakzio guztiz zuzenei buruz; eta ate ondoko mailatik berrogeita hamar oin bete beherago herioaren basoko adaburuak ikus nitzakeen.
Biharamunean azkenik estazio hartatik irten nuen hirurogei gizonek osatutako karabana batekin berrehun miliatako ibilaldia burutzera.
Alferrik da zuei hartaz ezer kontatzea. Bidexkak, bidexkak, nonahi; zapaldutako bidexka sare bat landa hutsaren gainetik hedatua, belar luzean zehar, belar errean zehar, basoetan zehar, amiltoki ospeletatik jaitsiz eta igoz, beroak kiskalitako muino harritsuetatik igoz eta jaitsiz; eta bakardadea, bakardadea, inor eza, txabola bat ere ez. Biztanleak aspalditik ziren hanka eginak. Izan ere, baldin eta beltz misteriotsu pilo bat mota guztietako iskilu beldurgarriez armatuta, halako batean Deal eta Gravesend bitarteko errepidean abiatuko balitz, bertakoak ezker-eskuin harrapatuz bere garraio astunak eraman ditzaten, bada, pentsatzen dut ingurumarietako abeltegi eta landetxe guztiak azkar asko hustuko zirela. Hemen, aitzitik, bizitokiak ere desagertu ziren. Hala eta guztiz ere, herrixka abandonatu batzuetatik igaro nintzen. Badago patetikoki umekeriazkoa den zerbait belarrezko hesien hondakinetan. Egunez egun, neure atzetik hirurogei oin pare huts nituela zanpatuz eta herrestatuz, pare bakoitza 60 libratako fardel banaren azpian. Kanpamendua ezarri, afaria prestatu, lo egin, kanpamendua jaso, bideari lotu. Lantzean behin garraiari bat hilda zerbitzuan, belar luzean botata bide bazterrean, aldamenean urontzi huts bat eta bere makila luzea. Isiltasun handia inguruan eta gainean. Noizbaiteko gau lasai batean agian danborren dardara urruna, motelduz, ozenduz, dardara hedakorra, geldoa; soinu harrigarria, deigarria, adierazkorra eta basatia; eta agian herri kristau batean kanpai hotsak ahalako esanahi sakona zuena. Behinola gizon zuri bat, uniformearen botoiak askatuta, bidean kanpatua Zanzibar ximelen eskolta armatu batekin, oso abegikor eta alaia, mozkorra ez esateagatik. Bidea zaintzeaz arduratzen ari zen, adierazi zuenez. Ezin esan biderik edo zaintzarik ikusi nuenik, non eta erdi adineko beltz baten gorpua, kopetan bala zulo bat, hiru milia aurrerago estropezu egin nuena, hobekuntza etengabetzat hartzen ez den. Neuk ere bidelagun zuri bat banuen, tipo txarra ez zena, baina lodi xamarra izaki eta, aldapa bero galdatan konortea galtzeko ohitura gogaikarria zuena, itzal edo ur arrastorik txikienetik hamaika miliatara, hain justu ere. Aizue, nekagarria da, gero, bere onera etortzen ari den gizon baten buru gainean zeure jakari guardasol modura eutsi behar izatea. Ezin gogoari eutsi behin galdetu gabe zer egiteko asmotan zen hara etorria. «Dirua egiteko asmotan, noski. Zer uste duzu ba?» esan zuen, zaputz. Gero sukarrak hartu eta makila batetik zintzilikaturiko ohe-sare batean garraiatu behar izan zuten. Bederatzi arroako pisua nola baitzuen, behin eta berriz jardun nuen errietan garraiariekin. Errebelatu egiten ziren, ihesari ematen, gauez ezkutuan alde egiten nork bere fardelarekin: egiazko matxinada bat. Arrats batean, bada, hitzaldi bat bota nien ingelesez keinuekin lagundurik, horietako bat bera ere galtzen ez zutela aurrean neuzkan hirurogei begi pareek, eta biharamun goizean abiarazi egin nituen ohe-sarea aurretik, arazorik gabe. Handik ordubetera tramankulu osoa sastrakan hondatuta aurkitu nuen: gizona, ohe-sarea, aieneak, gehiegikeria, izugarrikeria. Makila latzak bere sudur gaixoa harramazkatua zion. Irrikitzen zegoen nik norbait akaba nezan, baina han gertuan garraiarien arrastorik ere ez zegoen. Mediku zaharra etorri zitzaidan gogora: «Zientziarako interesgarria litzateke gizabanakoen adimen aldaketak bertatik bertara ikuskatzea.» Zientifikoki interesgarri bihurtzen ari nintzela nabaritu nuen. Hori dena, ordea, ez dator harira. Hamabosgarren egunean ibai handia berriro begietaratu zitzaidan eta Erdi Estazioraino herrenka heldu nintzen. Urlo batean zegoen sasiz eta basoz inguratua, alde batetik basatza kirastunezko ur bazter polit bat zeukana, eta beste hiruetatik ihizko hesi barregarri batez itxia. Sarreratzat ez zuen ebakidura zabar bat besterik, eta aski zen tokiari lehen begiratu bat ematea erreparatzeko deabru maskala zela zirko hura zuzentzen zuena. Eraikuntzen artetik gizon zuriak azaldu ziren, eskuan makila bana zutela, niri geldiro inguratuz begiratu bat ematera, eta ondoren bistatik noranahi ezkutatu ziren. Haietako batek, bibote beltza zuen tipo gizen, erretxin batek, zein nintzen esan bezain laster, hitz jario handiz eta hariari gehiegi lotu gabe jakitera eman zidan, nire baporea ibaian hondoratuta zegoela. Ni zur eta lur nengoen. Zer? Nola? Zergatik?. Ez, «ondo» omen zegoen. «Zuzendaria bera» ere han omen zegoen. Dena zuzen. «Mundu guztia primeran portatu zen, primeran!» «Lehenbailehen —esan zuen asaldatuta—, zuzendari nagusia ikustera joan behar duzu. Zain daukazu eta!».
Urperatze horrek zeukan benetako garrantzia ez nuen berehalakoan ikusi. Orain uste dut ikusten dudala, baina ez naiz ziur; ez erabat ziur bederen. Afera hura, izan ere, inozoegia baitzen —horrekin pentsatzen dudanean— halabehar hutsa izateko. Hala ere... Baina tenore hartan eragozpen gogaikarri bat bezala bakarrik agertzen zen. Baporea urpean zegoen. Bi egun lehenago omen ziren ibaian gora abiatuak berehalako presaldi batean, zuzendaria ere ontzian zela, borondatezko patroi baten kargu, eta kanpoan hiru ordu egin gabeak zirela ontziari harrien kontra krosko azpia arrakalatu eta hegoaldeko hegitik hurbil urperatu omen zen. Neure baitan galdetu nuen zer egin behar ote nuen han, ontzia galduta nuenez gero. Egia esan, banuen nahikoa zeregin neure manupekoa ibaitik atoan ateratzen. Biharamunean bertan ekin behar izan nion. Horrek eta konponketek, atalak estaziora ekarri nituenean, hilabete batzuk eraman zituzten.
Zuzendariarekin izan nuen lehen elkarrizketa bitxia izan zen. Ez zidan esertzekorik ere eskaini goiz hartan neure hogei miliatako ibilaldia eginda nengoela. Arrunta zen bai gorputzez, bai aurpegiz, bai gizalegez, baita ahotsez ere. Garaiera erdikoa zen eta gorpuzkera normalekoa. Begiak, ohizko, urdintasunekoak, nabarmenki hotzak zituen beharbada, eta begiraldia, egiazki, aizkora bezain zorrotz eta astun eror eraz zezakeen norberaren gainera. Baina aldi horietan ere bere izatearen gainerakoak hartarako asmoa ezeztatzen zuela zirudien. Osterantzean bakarrik zeukan ezpainetako imintzio adierazezin, lauso bat, barre-iduri antzeko zerbait ezkutua, ez barre-iduria; gogoan dut, baina ezin dut azaldu. Oharkabea zen, barre-iduria, alegia; hala ere, zerbait esan eta berehalaxe biziagotzen zitzaion pixka batez. Bere hitzaldien amaieran agertzen zen, hitzei itsatsitako zigilu bat bezala, esaldirik hutsalenaren esanahia guztiz aztergaitz bihurtzeraino. Merkatari arrunt bat zen, gazte-gaztetatik alderdi honetan enplegatua; besterik ez. Obeditu egiten zitzaion, nahiz maitagarria ez izan, ez beldurgarria, ez eta errespetagarria ere. Gogaikarria zen. Horixe bera! Gogaikarria. Ez fidagaitza justuki, gogaikarria baizik, besterik ez. Ideiarik ere ez duzue zein eraginkorra izan daitekeen halako... halako... gaitasun bat. Jeniorik ez zuen antolamendurako, ez ekimenerako, ez eta eratasunerako ere. Hori begi-bistan zegoen estazioko egoera negargarriaren antzeko gauzetan. Ez zuen ez ikasketarik, ez adimendurik. Bere maila etorri egin zitzaion. Zergatik? Beharbada sekula gaixotzen ez zelako... Hiruna urteko hiru alditan zerbitzatu zuen han... Gorputzen porrokaldi orokorraren erdian osasunez garaile izatea, botere klase bat delako, berez. Baimenarekin etxera joaten zenean gehiegikeria izugarriak egiten zituen, panparroikeriaz. Marinela lehorrean —baina alde batekin— itxuraz bakarrik. Ondorio hori bere inoizko solasetik atera zitekeen. Deus ere ez zuen sortzen, egunerokotasunari eusteko gauza zela, besterik ez. Hala ere, gizon handia zen. Handia zen gauza txiki honengatik, ezinezkoa zela esatea, hain zuzen ere, halako gizona zerk kontrola zezakeen. Berak ez zuen sekretu hori inoiz agertu. Bere baitan ezertxo ere ez zegoen, agian. Halako susmo batek gogoeta eragiten zuen, ze han ez baitzen kanpoko trabarik. Behin batean, eritasun tropikal batzuek estazioko «agente» gehientsuak etzanaraziak zeuzkatenean hauxe esaten entzun zitzaion: «Hona datorren gizonak ez luke errairik eduki behar.» Adierazpen hori bere-berea zuen barre-iduri harekin zigilatu zuen, bera jagole zegoen ilunbeen barrenera zabaldutako ate bat bailitzan. Zerbait ikusi zenuela iruditzen zitzaizun, baina zigilua ipinita zegoen. Otorduetan gizon zuriek esertzeko lehentasunagatik izan ohi zituzten liskarrez aspertu zenean, izugarrizko mahai borobil bat egin zezaten agindu zuen, eta hartarako etxe berezi bat eraiki behar izan zuten. Huraxe zen estazioko jantokia. Bera non esertzen zen, han zegoen mahaiburua, gainerakoak nonahi zeuden. Batek nabaritzen zuen horixe zela bere konbikzio aldaezina. Ez atsegina ez desatsegina zen. Barea zen. Bere «mutilari» —kostaldeko beltz gazte asebete bati— gizon zuriak lotsagabekeriaz tratatzen uzten nion, bere begien aurrean bertan.
Ni ikusteaz bat hasi zen hizketan. Bidean luzaro ibilita nengoen. Ezin zuen itxaron. Ni gabe abiatu behar izan zuen. Ibaiaren goialdeko estazioetan txanda aldaketa egin beharra zegoen. Zegoeneko hainbeste atzerapen izan baitziren, ez zekien zein zegoen hilik, zein bizirik, nola moldatzen ziren, eta abar, eta abar. Nire azalpenei ez zien arretarik jarri eta, zigilatzeko lakre zati batekin jolasean ari zela, behin eta berriz errepikatu zuen «oso egoera larria, baina oso larria» zela. Estazio garrantzitsu bat arriskuan zegoela zurrumurrua zebilen, eta bertako burua zen Mr Kurtz gaixorik omen zegoela. Egia ez izatea espero zuen. Mr Kurtz zen... Akitua eta suminkoi aurkitzen nintzen. Pikutara doala Kurtz, pentsatu nuen. Moztu nion esateko Mr Kurtzen aditzea banuela kostaldetik. «Orduan berataz hitz egiten dute hor behean,» xuxurlatu zuen berekiko. Gero atzera hasi zen, Mr Kurtz berak zeukan agenterik onena zela segurtatuz, gizon bikaina, guztiz garrantzizkoa Konpainiarentzat; beraz, bere larritasuna ulertu behar nuen. Esan zuen «oso, baina oso urduri» zegoela. Inondik ere ezinegon handiz zegoen aulkian eserita; garrasi egin zuen: «Ai, Mr Kurtz!» zigilatzeko lakre zatia kraskatu eta ezbeharragatik harri eta zur gelditu zen, itxuraz. Hurrena jakin nahi zuen gauza ea «zenbat denbora eramango lukeen»... Berriro moztu nion. Goseak egonik, aizue, eta artean ere hanka gainean, zakartzen hasita nengoen. «Zer dakit nik? —esan nion—. Hondakinak ere ikusi gabe nago eta; hilabete batzuk bai, dudarik gabe.» Berriketaldi guzti hura hain ezereza iruditzen baitzitzaidan. «Hilabete batzuk —esan zuen—. Bada, esan dezagun hiru hilabete berriz abiatzerako. Bai. Horrekin afera konponduta.» Airean alde egin nuen bere etxolatik (bakar-bakarrik bizi zen buztinezko etxola batean, atari moduko bat zeukana) neure artean berari buruz neukan iritzia marmarka. Hitzontzi babo bat zen. Beranduago zuzendu nuen harriduraz jabetu ahala zeinen zehazki jo zuen «aferak» behar zuen denbora.
Biharamunean ekin nion lanari, estazioari bizkarra emanik, nolabait esatearren. Horrela ez bestela iruditu zitzaidan bizitzako egintza salbatzaileei eutsita jarrai nezakeela. Hala ere, batzuetan ingurura begiratu beharra izaten da; eta orduan estazio hau ikusi nuen, gizon hauek esparruko eguzkipean hara-hona noraezean ibiliz. Batzuetan neure buruari galdetzen nion guzti hark zentzurik ote zuen. Batetik bestera alderrai ibiltzen ziren euren eskumakila luze absurdoak zeramatzatela, fedegabeko pelegrin talde baten antzera, usteldutako hesiaren barrualdean soreztaturik. «Marfil» hitza airean durundian, xuxurlaka, zizpuruka. Pentsa zitekeen erreguka ari zitzaizkiola. Zekenkeria ergelezko kirats bafada batek kutsatzen zuen dena, hilotz baten hatsak bezala. Alafede! Hain gauza alegiazkorik ez dut neure bizitzan egundaino ikusi. Eta kanpoaldean, lurreko argiunetxo hau inguratzen zuen basatasun isilak zerbait handi eta garaiezinaren modura erasan zidan, gaitzak edo egiak bezala, egonarriz zain ametsezko inbasio hau noiz aldenduko.
A ze hilabeteak! Baina bost axola. Gauza batzuk gertatu ziren. Arrats batean lastozko estalpe bat, kalikoz, kotoi estanpatuez, kristalezko aleez eta nik ahal dakit zer gehiagoz betea, sutan lehertu zen hain derrepentean non bazirudien lurra erdibitua zela su mendekatzaile bati zabor guzti hura kiskaltzen uzteko. Ni neure pipa lasai-lasai erretzen ari nintzen neure bapore desmantelatuaren kontra, eta argitasunean denak itzulipurdika ikusi nituen, besoak gora, eta orduantxe bibotedun gizon lodia ibairaino arrapaladan jaitsi, eskuan eztainuzko ontzi bat zuela, mundu guztia «primeran, baina primeran» portatzen ari zela segurtatu, laurden bat edo urez bete eta atzera ere arrapaladan joan zen. Erreparatu nuen ontziak zulo bat zeukala ipurdian.
Poliki-poliki inguratu nintzen. Ez zegoen presarik. Kontutan eduki gauza hura pospolo kaxa bat bezala hartu zuela suak. Haste beretik ez zen esperantzarik. Sugarra gora hedatu zen mundu guztia atzeraraziz, den-dena argitu eta gainbehera egin zuen. Estalpea ordurako txingar pilo bat zen, erregai gori-goria. Beltz bat egurtzen ari ziren han inguruan. Esaten zuten berak eragin zuela sutea, nolabait; hala izan edo ez, modu izugarrian ari zen aieneka. Harrez gero zenbait egunetan gerizpe txiki batean eserita ikusi nuen, oso gaixo itxurarekin eta bere burua suspertu nahian: gero altxa eta joan egin zen eta oihanak zaratarik gabe bere altzoan hartu zuen berriro. Ilunetik argitasunera nola hurreratu bainintzen, hizketan ari ziren bi gizonen atzean gertatu nintzen. Kurtzen izena aitatzen entzun nien, gero hitz hauek: «Probetxua atera ezazu zoritxarreko ezbehar honetatik.» Gizonetako bat zuzendaria zen. Gabonak eman nizkion. «Ikusi al duzu inoiz horrelakorik? Eh? Sinetsi ezinezkoa da,» hori esan eta alde egin zuen. Beste gizona bertan geratu zen. Lehen mailako agente bat zen, gaztea, prestua, isil samarra, bizar motz arraildua eta sudur gakoduna. Uzkur zen beste agenteekin, eta hauek beren aldetik eurei salatzeko zuzendariaren espia zela zioten. Nik, berriz, ez nuen ia berarekin hitz egin ordura arte. Elkarrizketan sartu eta poliki ibiliz hondakin zartakarietatik urrundu ginen. Gero estazioko eraikuntza nagusian zegoen bere gelara gonbidatu ninduen. Pospolo bat piztu zuelarik ohartu nintzen gazte aristokrata honek zilarretan muntatutako apain kutxatila bat ez ezik, kandela oso bat ere bazuela osorik berarentzat. Tenore hartan, hain zuzen, zuzendariak bakarrik zuen kandelatarako eskubiderik. Alfonbra indioek buztinezko paretak betetzen zituzten; lantza, gezi, ezkutu eta labana bilduma bat trofeo gisa zegoen eskegirik. Tipo honen gain utzitako eginkizuna adreiluak egitea zen; hala informatu zidaten; estazio hartan, ordea, adreilu apurrik ez zegoen inon ere, eta urtebete baino gehiago zen bera han zegoela, zain. Bazirudien ezin zuela adreilurik egin zerbaiten faltan, zer ez dakit, lastoa, beharbada. Nolanahi ere, han ezin zuen aurkitu eta Europatik bidaltzea oso litekeena ez zenez, ez nuen ondo ikusten zeren zain ote zegoen. Sorkuntza bereziko ekintza baten zain, beharbada. Dena den, guztiak zeuden —pelegrin guztiak, hamasei hogei bat— zerbaiten zain; eta, alafede, ez zirudien eginkizun txarra zenik, ikusirik hura nola ametitzen zuten, nahiz eta etorri zitzaien gauza bakarra eritasuna izan, ikusi ahal izan nuenez, behintzat. Elkarren aurka marmarka eta azpijokoan ematen zuten denbora modu inozo batean. Azpikeriazko giro bat sumatzen zen estazioan, baina inolako ondoriorik izan gabe, jakina. Gainerako guztia bezain alegiazkoa zen, enpresa osoaren pretentsio filantropikoa bezala, euren hizkera bezala, euren administrazioa bezala, euren lan itxurak bezala. Egiazko irrika bakarra estazio baterako izendatua izatea zen, hartara marfila eskuratu eta komisioak lortzeko aukera izateko. Arrazoi horregatik bakarrik elkar hartzen, iraintzen eta gorrotatzen zuten, baina eraginkortasunez behatz bat mugitu behar zenean, bai zera. Alajaina! Azken finean zerbait dago munduan gizon bati zaldi bat lapurtzen baimena ematen diona eta beste batek, aitzitik, debekatuta dauka bridari begiratzea ere. Zaldi bat lapurtu, zirt-zart, oso ondo. Egina dago. Beharbada zaldi gainean ibil daiteke. Baina badago bridari begiratzeko modu bat, santurik urrikalgarriena ere sutan jarriko lukeena.
Ideiarik ere ez nuen zergatik agertu nahi zuen adiskidetsu, baina han solasean ari ginela bat-batean otu zitzaidan tipo hura zer edo zer lortu nahian ari zela, galdeketan, hain justu ere. Etengabe Europaren aipamena egiten zuen, han ezagutzen omen nuen jendeaz, galdera asmotsuak eginez hiri hilobitarrean omen neuzkan ezagunei buruz, eta abar. Bere begi txikiek kuriositatez distiratzen zuten mikazko orrien antzera, nahiz eta harrotasun pittin bat ere gordetzen saiatu. Ni hasieran txundituta nengoen, baina berehalaxe kuriositate bizia sortu zitzaidan nigandik zer lortuko zuen ikusteko. Ezin nuen zinez imajinatu zer ote neukan neure baitan berari bere ahalegina justifikatzeko adinakoa. Oso polita zen nola nahastatzen zen ikustea, ze nire gorputza egiazki hotzikarez ez bestez beteta baitzegoen, eta nire buruak deus ere ez zeukan baporearen kontu madarikatu hura baino. Bistan zen lotsagabeko prebarikadore hustzat joa ninduela. Azkenean haserretu zen, eta sumindura biziko imintzio bat disimulatzeko aharrausi egin zuen. Zutik jarri nintzen. Orduan zirriborro txiki bat erreparatu nuen, taula batean olioz margotuta, emakume bat irudikatzen zuena, soinekoz jantzirik eta begiak estalirik, zuzi izeki bat zeramana. Hondo iluna zuen, beltza ia-ia. Emakumearen mugimendua sotila zen eta zuziaren efektua aurpegian parte txarrekoa.
Arreta deitu zidan eta bera gizabidez egon zen zutik, pinterdiko xanpain botila huts bati (botika bizkorgarriak) oratuta, kandela bertan ahokatua. Nire galderari erantzun zion Mr Kurtzek margotua zela —estazio honetan bertan urtebete baino lehenago— bere estaziora joateko garraioaren zain zegoen bitartean. «Aizu, mesedez —galdegin nion— nor da Mr Kurtz hori?»
«Barne Estazioko burua.» erantzun zuen brastakoan, niri begiratzeke. «Mila esker —esan nion barrezka—. Eta zu Erdi Estazioko adreilugilea zara. Mundu guztiak daki hori.» Isilik egon zen pixka batez. «Prodigio bat da —esan zuen azkenean— errukiaren mezulari bat da, eta zientziarena, eta progresoarena eta deabruak daki zer gehiagorena. Hona guk zer nahi dugun —deklamatzen hasi zen bat-batean— Europak gure gain utzi duen eginkizuna gidatzeko, nolabait esatearren, adimen argiagoa, begikotasun zabalagoa, xede bakartasun bat.» «Nork esaten du hori?» galdetu nion. «Hango askok eta askok —ihardetsi zidan—. Batzuek idatzi ere egin dute; eta halatan bera honantz dator, gizaki berezi bat, jakin behar zenukeenez.» «Zergatik jakin behar nuke?» moztu nion zeharo harrituta. Ez zidan jaramonik egin. «Bai. Gaur estaziorik oneneko burua da, datorren urtean zuzendariordea izango da, bi urte gehiago eta... baina, uste dut badakizula bi urte barru zer izango den. Zu talde berrikoa zara, bertutearen taldekoa. Bera bidali zuen jende berberak zu ere propio gomendatu zintuen. Ez, ez esan ezetzik. Begiak dauzkat ikusteko.» Argi agertu zitzaidan. Nire izeba maitearen influentziazko harremanek harrigarrizko eragina izan zuten gazte harengan. Ia algara batean lehertu nintzen. «Konpainiako gutun konfidentzialak irakurtzen dituzu?» galdegin nion. Esateko hitzik ez zuen. Asko libertitu nintzen. «Mr Kurtz Zuzendari Nagusia denean —jarraitu nuen serio—, ez duzu horrelako aukerarik izango.»
Kandelari tupustean putz egin zion eta kanpora irten genuen. Ilargia goian zegoen. Irudi beltzak noraezean ibiliz baldarka, ura isuriz txingarretara; ilargiaren argitan lurruna goraka; beltz jipoitua nonbait aieneka. «Zer iskanbila sortzen duen astakirten horrek! —esan zuen gizon bibotedun asperrezinak gure aldamenean azalduz—. Horrela ikasiko du. Okerra-zigorra-danba! Gupidagabe. Gupidagabe. Ezin bestela. Beste suterik ez da egongo geroan. Zera esaten nion zuzendariari...» Nirekin zegoena ikusi eta burumakur geratu zen bat-batean. «Oheratu gabe oraindik —esan zuen halako morroi alaitasun batez—. Normala da. Hara! Arriskua, nahasmendua.» Desagertu zen. Ibai ertzera abiatu nintzen eta bestea atzetik jarraiki zitzaidan. Marmar mingarri bat belarriratu zitzaidan. «Artaburu alaenak! Aire!» Pelegrinak ikusi nituen taldeka, imintzioka, eztabaidan. Batzuek oraindik beren eskumakilak zeuzkaten. Oheratu ere, pertika horiekin oheratzen zirelakoan nago, zinez. Hesiaz bestaldean oihana mamu izugarri baten antzera altxatzen zen ilargiaren argitan, eta lurraren isiltasuna hostoen ikara lausoan barna, esparru negargarri hartako hots moteletan barna, bihotzaren erdiraino barrentzen zitzaion bati, bere misterioa, bere handitasuna, bere bizitza estaliaren errealitate harrigarria. Beltz zauritua han nonbait ahulki ari zen hasperenka, eta gero arnas sakon bati jaregin zion nire urratsen norabidea aldaraziz. Esku bat beso azpitik sartzen nabaritu nuen. «Ene lagun maitea —esan zidan tipoak—, ez nuke nahi zuk gaizki ulertzerik, zuk batik bat, aurki Mr Kurtz ikusiko duzun horrek, nik atsegin hori izan baino askoz lehenago, hain zuzen. Ez litzaidake gustatuko nire jarreraz uste okerrik izan dezan...»
Bere hitzontzikeria aspergarriarekin jarraitzen utzi nion kartoi-harrizko Mefistofeles hari, eta irudipen hauxe izan nuen, alegia, neure behatz zuzenarekin alderik alde zulatzen ahalegintzera, ez nukeela bere baitan ezer ere aurkituko, ez bazen zikinkeria beratz pixka bat, agian. Bera, ikusten duzuenez, handik lasterrera orduko zuzendariaren ordezkoa izateko planak egiten aritua zen eta ikusten nuenagatik Kurtzen etorrerak ez zituen bi haiek gutxi kezkatu. Arrapataka hitz egiten zuen eta nik ez nuen geldiarazten ahaleginik egin. Bizkarra etzanda nengoen neure baporeko hondakinen kontra, aldapan gora arrastaka eramana izan zena ibaiko animalia handi baten hezurdura bailitzan. Basatza usaina, antzinako basatza usaina alafede! sudur zuloetan neukan; antzinako oihanaren gelditasun garaia begien aurrean neukan; isla distiratsuak zeuden ibai golkoaren gainean. Iretargiak zilar-mintza fin batez ihinztatu zuen ororen gaina, belar oparoaren gaina, basatzaren gaina, tenplu bateko murrua baino gorago altxatzen zen landaretza bihurrizko murruaren gaina, ibai handiaren gaina, dir-dir ikusten nuena ebakidura ilun batean barrena, dir-dir, zabal-zabal jariatuz murmuriorik gabe. Hori dena ikusgarri, erne, mutu zegoen, gizonak bere buruaz murduskatzen zuen bitartean. Neure artean galdezka ari nintzen gu bioi begira zegokigun baztergabetasunaren aurpegiko soseguak dei bat ala mehatxu bat esan nahi ote zuen. Zer ote ginen gu, han galdu ginenok? Gauza isil hura geuk menderatuko ote genuen, ala berak menderatuko ote gintuen gu? Nabaritu nuen zein handia zen, zein ikaragarri handia, gauza hura, hitz egiterik ez zuena eta agian gorra ere bazena. Zer zeukan barruan? Marfil pixka bat ikus nezakeen handik irteten eta aditua nuen Mr Kurtz hor barruan zegoela. Zera, nahikoa aditua nuen kontu hura, Jainkoarren! Ez dakit zergatik baina berarekin batera irudirik ez zekarren, han barruan aingeru edo deabru bat zegoela esan balidate baino gehiago ez. Nik hura sinetsi, zuetako batek Martitz planetan biztanleak daudela sinetsi dezakeen modu berean sinetsi nuen. Behin batean ontzi oihalgile eskoziar bat ezagutu nuen, etsita zegoena, guztiz ziur, Martitzen jendea badagoela. Eskatzen bazenion haien itxuraz eta izaeraz ideia bat emateko, lotsati eta ahapeka esango zuen «lau hankan ibiltzea»ri buruzko zerbait. Zuk irribarrerik txikiena egitera ere, bera —hirurogei urteko gizona izanagatik— erronka jotzeko prest agertuko zitzaizun. Ni Kurtzengatik ez nintzen erronka jotzeko punturaino iritsiko, baina beragatik gezurra esateko puntuan egon nintzen. Zuek badakizue gezurra esateari gorroto eta higuina diodala, jasanezina gertatzen zaidala, eta ez gutako inor baino zuzenagoa naizelako, bai zera, izugarrizko beldurra ematen didalako baizik. Gezurrak herio kutsu bat dauka, hilkortasun zapore bat, eta hori da, hain zuzen ere, munduan gorroto eta higuinik handiena diodana, ahaztu nahi dudana. Nahigabetu egiten nau, gaixotu, zerbait ustelari koska egiteak bezala. Izaera kontua, pentsatzen dut. Bada, gezurra esateko puntuan egon nintzen, izanez ere, hango gazte txoroari Europako nire influentziaz pentsatu nahi zuen guztia sinesten utzi bainion. Istant batez pelegrin soreztatuak bezain itxurati bilakatu nintzen. Zeragatik bakarrik, Kurtz horri nolabait lagungarri gertatuko zitzaiola iruditu zitzaidalako, hura anartean ikusi gabea banintzen ere, ulertzen? Bera niretzat hitz bat baino ez zen. Izenean ez nuen gizona ikusten zuek baino gehiago. Zuek ikusten duzue? Istorioa ikusten duzue? Zerbait ikusten duzue? Iruditzen zait amets bat kontatu nahian ari naizela, alferrik ahalegintzen, alegia, ze amets bat kontatzean ezin baita ametsaren sentsazioa adierazi; absurdo, sorpresa eta aztoramenezko nahas-mahas hori errebolta bortitzeko dardara batean, ametsen funtsa bera den sinesgaiztasunak harrapatua izanaren sentsazio hori...»
Isilik gelditu zen une batez.
«...Ez, ezin da; ezin da nork bere izatearen aldi jakin batez duen bizitzazko sentsazioa adierazi; bere egiatasuna, bere zentzua, bere funts fin eta sarkorra ematen dion hori. Ezin da. Bizi gara amets egiten dugun bezalaxe: bakarrik...»
Berriro gelditu zen gogoetan bezala, ondoren gaineratu zuen:
«Noski, lagunok, zuek gehiago ikusten duzue nik orduan ikusi ahal nuena baino. Zuek ni ikusten nauzue eta ezagutzen nauzue...»
Ilunbea hain beltz bilakatua baitzen, entzule ginenok apenas elkar ikusten genuen. Aspalditik bera, aparte eserita zegoelarik, ahots bat besterik ez zen guretzat. Hitzik ere ez zuen inork esan. Bazitekeen besteak lo egotea, baina ni esna nengoen. Ni entzuten ari nintzen, narrazio honek iradokitako gorabehera mantsoaren giltza emango zidan esaldiaren, hitzaren zain. Bazirudien berez gorpuzten zela giza ezpainik gabe ibai gaineko gaugiro astunean.
«...Bai, jarraitzen utzi nion —berriz hasi zen Marlow—, eta atzean neuzkan botereen gainean gogo zuena pentsatzen utzi nion. Hori egin nuen! Eta atzean ezer ere ez neukan! Ezertxo ere ez neukan bizkarra etzanda nengoen zaharkitutako bapore elbarri madarikatu hura baino, eta berak anartean atertu gabe hitz egiten zuen honela zioela «mundu guztiak aurrera egin behar du. «Eta hona etortzen bazara, ez da, noski, ilargiari begira egoteko.» Mr Kurtz «jenio unibertsal» bat zen, baina jenio batek ere aiseago lan egingo zuen «lanabes egokiekin: gizon argiekin.» Ez zuen adreilurik egiten. Zergatik? Horretarako ezintasun fisiko bat zegoelako, ondo jakinean nengoenez; eta zuzendariarentzat idazkari lanak egiten bazituen zeragatik zen «gizon zentzudun batek ez duelako bere goragokoen konfiantza nahita errefusatzen.» Ikusten nuen? Ikusten nuen. Zer gehiago nahi nuen bada? Nik egia esan errematxeak nahi nituen, Jainkoarren! Errematxeak. Lanarekin jarraitzeko, zuloa estaltzeko. Errematxeak nahi nituen. Halakoez betetako kaxak erruz zeuden kostaldean, kaxak pilaka, lehertuta, zarrakatuta! Urratsa eman orduko errematxe erori batekin topo egingo zenuen malkarrean zegoen estazio hartako esparruan. Errematxeak herioaren basoraino itzulipurdika amilduak zeuden. Poltsikoak errematxez beteko zenituen makurtu beste lanik gabe; ostera, errematxe bat bakarra aurkitzerik ez zegoen bere premia zegoen tokian. Burdin xaflak bagenituen baliatzeko modukoak; haiek zerekin finkatu ez, ordea. Eta astero-astero abiatzen zen mandataria, beltz bakarti bat, karta-zorroa bizkarrean, eskuan makila, gure estaziotik kostalderantz. Eta astean hainbat aldiz karabanak iristen ziren kostaldetik traturako merkantziekin: kaliko arrunki ezkoztatua, begiratu hutsarekin hotzikarak eragiten zituena, kristalezko ale bitxiak penike bat koartoa balio zutenak, kotoizko musuzapi pikart zatarrak. Eta errematxerik ez. Hiru garraiari aski ziren baporea igerian jartzeko behar zen guztia ekartzeko.
Isilkari ari zitzaidan orain, baina uste dut nire jarrera uzkurrak azkenean ernegarazi edo egingo zuela, ze beharrezkotzat jo baitzuen niri jakinaraztea inori ere ez ziola beldurrik, ez Jainkoari, ez deabruari, eta are gutxiago gizon soil bati. Nik esan nion hori oso ondo ikusten nuela, baina nik nahi nuena errematxe kopuru jakin bat zela eta errematxeak zirela Mr Kurtzek egiazki nahi zituenak, hori jakinez gero, alegia. Bada, eskutitzak astero joaten ziren kostaldera... «Jauna! —oihu egin zuen— esanera idazten dut.» Errematxeak exijitzen nituen. Bazegoen modu bat... gizon argi batentzat. Jarrera aldatu zuen; oso hotz bihurtu zen eta hitzetik hortzera hipopotamo batez mintzatzen hasi zitzaidan; ea enbarazurik egin zidan baporearen barruan lo egiten nengoenean (gau eta egun tinko eusten nion neure salbamenduari). Hipopotamotxo xahar bat omen zegoen, gauez ur ertzera irten eta estazioko lurretatik usnan ibiltzeko ohitura txarra zuena. Pelegrinak bat eginik kanporatu eta eskumenera eduki ahala errifle hustu ohi zituzten bere gainera. Beragatik gaubeila egindakorik ere bazen. Energia guzti hura alferrik galduta, ordea. «Animalia hori soreztatuta dago —esan zuen—, baina hori piztiez bakarrik esan daiteke herrialde honetan. Ez da gizon bat ere, aditu?, ez da gizon bat ere soreztatuta dagoenik.» Bertan geratu zen pixka batez ilargiaren argitan bere sudur mako fin pixka bat okertuarekin eta bere mikazko begiak diz-diz kliskadarik ere gabe; ondoren, Gabon zakar batekin, urrats luzeka alde egin zuen. Ikusi ahal izan nuen minduta eta zeharo nahastuta zegoela eta horrek baikorrago sentiarazi ninduen egun askotan egon nintzena baino. Guztiz altxagarria izan zen tipo harengandik influentziadun lagunarengana itzultzea, alegia, latorrizko nire bapore kolpatu, bihurrikatu, hondatuarengana. Ontzira igo nintzen. Nire oinpean kirrizka egiten zuen hala nola Huntley & Palmers gaileta kaxa huts batek erretenean barrena ostikoz bidaliak; egituraz ez zen hain sendoa eta nahiko itsusiagoa itxuraz; hala ere, maitagarri izateko adina lan gogorra eskainia nion. Inongo lagun influentziadunik ez zitzaidan baliagarriago gertatuko. Nire burua apur bat ezagutzeko parada eman zidan, zer egiteko gauza nintzen jakiteko. Ez, lana ez dut gogoko. Nahiago dut aisian ibili eta egin litezkeen gauza eder guztietan pentsatu. Lana ez dut gogoko, inork ere ez du gogoko; bai, ordea, gogoko dut lanaren baitan dagoena, zeure burua aurkitzeko abagunea, hain zuzen. Zeure errealitatea —zeure ikuspegitik, ez besterenetik—, beste inork sekula jakiterik ez duena. Bestek ezin dute antzezpen hutsa besterik ikusi eta ezin dute sekulan esan egiazki zer esan nahi duen.
Ez nintzen harritu norbait ikusi nuenean txopako gainaldean eserita, hankak basatza aldera zintzilik zituela. Zera, nahiago nuen estazioan zeuden mekanikari banaka haiekin kidetu, beste pelegrinek mespretxatzen zituztenak, noski, manera desegokiak zituztelako, pentsatzen dut. Honako hau kontramaisua zen —lanbidez galdarakina—, langile on bat. Gizon ximel bat zen, argal, aurpegi horixka hezurtsua eta begi handi biziak zituena. Kezkati itxura zuen eta burua nire esku ahurra bezain soildua; ilaiak, ordea, bazirudien erorkeran kokotsari atxiki eta kokaleku berrian hazi egiten zela, ze bizarra gerriraino luzatzen baitzitzaion. Alargunduta zegoen sei seme-alaba txikirekin (bere arreba baten kargu utzi zituenak hara joateko) eta bere bizitzako pasioa uso zaletasuna zen. Zale porrokatua eta ezagutzaile aditua zen. Usoekin txoratuta zegoen. Inoiz lanorduen ondoren bere etxolatik bisita egiten zidan bere seme-alabez eta bere usoez berriketan aritzeko; lanean ari zela, bestalde, basatzan baporearen kroskotik arrastaka ibili behar zuenetan, bere bizar hura serbileta antzeko zapi zuri batean biltzen zuen, horretarako propio ekarria. Begizta batzuk zituen belarrietan ipintzeko. Ilunabarrean han ikusten zitzaion ur bazterrean kokoriko, babesgarri hura arreta handiz bustitzen, eta gero lehortzeko sasi baten gainean solemneki zabaltzen.
Bizkarrean txapaka egin eta garrasika esan nion: «Aurki errematxeak izango ditugu!.» Bera salto batez zutitu eta oihu egin zuen: «Ez esan! Errematxeak!» belarriei sinetsi ezinean bezala. Gero ahots apalez «Zuk... eh?» Ez dakit zergatik txoro moduan ari ginen. Behatza sudur hegal batean ipini eta buruari modu misteriotsu batean eraginez baieztatu nuen. «Bejondeizula!» garrasi egin zuen eta eskuekin kriskitin jo buruaren gainetik, hanka bat altxatuta zeukala. Dantza bat entseatu nuen. Zilipurdika ibili ginen ontziaren burdinazko gainaldean. Berebiziko dunbotsa sortu zen hezurdura hartatik, eta uraz bestaldeko oihan zarratuak atzera bidali zuen durundi burrunbatsuan estazio lokartuaren gainera. Horrek, antza, pelegrinen bat jaikiarazi zuen estalpeetan. Irudi ilun batek zuzendariaren etxolako ate argitua lausotu zuen, desagertu zen; gero, segundo batera edo, atea bera ere desagertu zen. Gelditu egin ginen eta gure oin zanpatzeak uxaturiko isiltasuna atzera ere jariatu zen lurreko bazterretatik. Landarezko murru garaia, nahaspilatutako enbor, adar, hosto, besanga eta zintzilikarioen anabasa oparo hura, ilargiaren argitan geldi, bizitza mutuaren oldar bortitza bezalakoa zen, landarezko olatu kiribildu bat, bulartua, gandortua, ibaiaren gainera erortzeko zorian, gizon kaxkar guztiok geure izate kaxkarretik erauzteko. Eta ez zen mugitzen. Palastada eta bafada biziko eztanda moteldu bat iritsi zitzaigun urrundik, ibai handian ictiosaurus bat distira bainu bat hartzen ari izan balitz bezala. «Azken batean —esan zidan galdarakinak arrazoizko doinu batez—, zergatik, bada, ez genituen errematxeak lortu behar?.» Zergatik ez? Arraioa! Ez lortzeko arrazoirik ez nuen ikusten. «Hiru aste barru iritsiko dira,» esan nuen konfiatuta.
Baina ez ziren iritsi. Errematxe beharrean erasoaldi bat etorri zen, zigorraldi bat, ikustaldi bat. Sailka etorri zen hurrengo hiru asteetan, sail bakoitzaren buru asto bana, gainean gizon zuri bana zeramatela jantzi berritan eta zapata ondutan, garaitasun hartatik ezker eskuin agur eginez pelegrin txundituei. Astoaren orpotik beltz aldra suminkoi bat zetorren oin lehertuekin eta bekozko ilunez; denda, kanpainako aulki, latorrizko kaxa, ontzi txuri eta fardel nabar pilo bat lurrera botatzen zuten esparruan, eta misteriozko giroa pixka bat sakonagotzen zen estazioko nahasmenduaren gainean. Halako bost segizio etorri ziren, nahas-mahasean ihes egindakoen aire absurdo harekin, ezin konta ahala jantzi eta janari biltegitako hornidurak zeramatzatela, halako eran non batek pentsa bailezake lapurreta egin ondoren oihanean barrena zamatzen ari zirela bertan hainbanaketa egiteko. Bereizi ezinezko nahaspila bat osatzen zuten berez itxurazkoak baina giza eromenaren eraginez harrapakinak ziruditen gauza haiek.
Lantalde saiatu honek bere buruari Eldorado Espedizio Esploratzailea deitzen zion eta nire ustetan sekretua gordetzeko zin eginak ziren. Haien hizkera, aitzitik, pirata gordinen hizkera zen: mutiria baina bipiltasunik gabea, zekena baina azartasunik gabea, ankerra baina kementasunik gabea; talde osoan aurreikuspen edo deliberamendu apurrik ere ez zegoen, eta ez ziruditen jakinaren gainean munduan ibiltzeko gauza horiek beharrezkoak direla. Haien desira lurraren erraietatik altxorrak erauztea zen, lapurrek kajafuertea bortxatzean dutenaz beste kezka moralik gabe. Enpresa noblearen gastuak zeinek ordaintzen zituen ez dakit, baina gure zuzendariaren osaba zen talde horren buruzagi.
Itxuraz bazter auzo pobre bateko harakin baten antza zuen eta begiek lo erdiko maltzurkeria ukitu bat zuten. Bere zilbor lodiaren zama nabarmen eramaten zuen bere hanka laburren gainean eta bere koadrilak estazioa infestatu zuen denbora guztian ilobari beste inori ez zion hitz egin. Eguarte osoan hortik zehar ikusiko zenituen elkarren aldamenean famili kontseilu amaigabe batean.
Ni errematxeez kezkatzeari utzita nengoen. Norberaren gaitasuna halako erokeriatarako norberak uste baino mugatuagoa da. Esan nuen: Pikutara! eta gauzak joaten utzi nituen. Pentsaketan aritzeko astiarekin nengoen eta aldian behin Kurtzengan ipintzen nuen gogoa. Berataz oso interesaturik ez nengoen. Ez. Hala ere, kuriositatea nuen nolabaiteko ideia moralez jantzita etorri zen gizon hura azken buruan gailurrera igoko ote zen eta hartaraz gero nondik nora joko ote zuen.
© Joseph Conrad
© itzulpenarena: Iņaki Ibaņez