SARRERA

 

        Joseph Conrad (1857-1924) ez ohizko idazlea izan zen. Bere bizitzaren lehen erdia ezagututa inork ez zuen asmatuko bigarren erdiak hartu behar zuen norabidea. Marinel izateko erabakia hartu eta gero (lehor aldekoak izaki, familiakoak harri eta zur utzi zituelarik), lanbide horretan goren mailaraino ailegatu, adin helduago batean hura bertan behera utzi eta idazteari ekin zion. Idatzi, gainera, arrotz zuen hizkuntza batean, berandu ikasia eta ordura arte lanabes gisa baino erabili ez zuena. Hala eta guztiz, idazle bezala ere karrera egiten du eta hortik ogibidea atera ez ezik, bere izena narratzaile handien zerrendan sartzeraino ere iritsi zen. Bere bizitzan hain desberdinak diren bi erdi horiek, ostera, oso lotura estua dute elkarrekiko, beraz, idazlea hobeki ezagutzen da zer nolako gizona izan zen ezaguturik.

        Jósef Teodor Konrad Korzeniowski (beranduago izena aldatu eta Joseph Conrad deituko zen, ingelesaren ahoskera txarra ezin jasan zezakeelako) 1857. urtean jaio zen Berdyczów-en (Ukranian) aitoren semeen familia baten baitan. Txiki-txikitatik nazionalismo zapalduaren izpiritu gartsua ezagutu zuen Errusiaren (baita ere Austria eta Prusiaren) menpeko Polonia batean, nazio bezala desagertzeraino iritsi eta jendearen bihotzean eta gogoan baizik iraun ez zuena. Aita, Apollo Korzeniowski, Errusiaren aurkako erreboltari militantea zuen, eta aldi berean, erromantiko idealista, itzultzailea eta antzerki nahiz olerkien egilea. 1861ean familia osoa Warsaw-era aldatzen da, bertan mamitzen ari baitzen gero eta azkarrago erresistentziazko mugimendu nazionalista, 1863ko matxinadan gauzaturik porrot egingo zuena. Horren ondorioz, Apollo atxilotu eta Vologda-ra (Errusiako ipar ekialdera) erbesteratu zuten, emaztea eta lau urteko seme bakarra berarekin batera eramanez. Ama berehala eta aita lau urte geroago hiltzen zaizkiola, osaba kontserbadore baten tutoretzapean gelditzen da hamaika urteko haurra zen Jósef, eta lehenengo aldiz joaten da eskolara.

        Nobelagile bezala, irudimenean baino gehiago oroimenean oinarrituta idatzi zuenez, haurtzaro horrek bereziki markatu zuen. Harrigarria gertatzen da, hala ere, idazteko erabili zituen gaietatik Poloniako haurtzaro hori bazter uztea, Prince Roman narrazioa eta beste bakan batzuk salbuetsita. Sorpresa hori konfirmatu egiten da Under Western Eyes (Mendebaldearen begiradapean) idazlanean Errusiako giroa azaltzean nolabaiteko trebetasun falta bat nabari zaiola egozten zaionean. Badirudi inkontzienteki haurtzaroa estali nahian edo ibili zela.

        Beste maila sakonago batean, ordea, haurtzaro horrek nabarmenki eragin zion bere obra guztian. Idazle bokazioa bera aitaren literaturzaletasunetik letorkioke. Abentura eta erromantizismorako zaletasuna ere, seguru aski, aitaren izaerari zor dio. Gai obsesibotzat dituen deserrotzea eta identitate pertsonalarena, besteak beste, Polonia zatituan, erbestean, umezurtzean, egoitza egonkorraren faltan, bere adineko lagunik ezean egon daitezke funtsaturik. Azkenez, narrazio politikoetan agertzen duen idealismo iraultzailea, intriga partidista, korrupzioa eta tirania, dudarik gabe, nazionalismo amorratua eta zapalkuntza bortitzezko giro batean bizi izanik horiei buruz gogoeta egindako pertsona batengandik datoz.

        Hamalau urte zituela, ikasketak utzi eta Marsellara aldatu zen marinel sartzeko asmo sendoarekin. Han zenbait bidaia egin zituen marinel bezala, bizitza desordenatua eraman, arma kontrabandoko negozio batean harrapatu zuten, jokoari eman, bere burua hiltzen saiatu... Urte horietako lekukotza The Arrow of Gold (Urrezko gezia) eta Tremolino dira.

        1878an bizitza berregitea erabaki eta Ingalaterrara abiatu zen, bertan, lanaren poderioz itsasontzietako ofiziale tituluak eskuratu eta, azkenik, Britainiako Itsasgintzako Kapitain bilakatu zen. Britainiako nazionalitatea bereganatu eta lehen bidaiak egin zituen Ekialdera. Merkataritzako marinel gisako urte horiek esperientzia aberatsekoak izan bide ziren, izan ere, horiek hartu baitzituen bere narratzaile lanbidearen iturri agorrezintzat eta ia bere obra guztia esperientzia horien laburpen gisara har daitezke.

        Urte guzti horietan nobelagilea bere materiala eta bere hizkuntza literario berria hausnartzen ari dela, honako lan hauek ageri dira, besteak beste: Youth (1898) (Gaztetasuna), The Nigger of the Narcissus (1897) (Narcissuseko beltza), Typhoon (1902) (Tifoia), Almayer's Folly (1895) (Almayerren eromena), An Outcast of the Islands (1896) (Irletako baztertutako bat), Lord Jim (1899) eta The Rescue (1919) (Salbamendua).

        Idazteko premia benetakoa, aldiz, ustekabean etorriko zitzaion 1889an, anartean nabigatzen eta esperientziak biltzen segitu zuelarik. Horien artetik Kongo belgikarrean (edo zehazkiago Leopoldo II.aren Kongon) izandako esperientzia dramatikoak gero askok eta askok bere maisulantzat jo izan duten Heart of Darkness (1899) (Ilunbeen bihotzean) ekarriko zuen.

        Idazle profesional bezala oztopo asko gainditu behar izan zituen. Berandu ikasitako hizkuntza bat erabiltzeaz gain, idaztea bera ere izugarri kostatzen omen zitzaion, baina aparteko seta erakutsiz lortu zuen liburuak erregulartasunez ateratzea.

        Liburuak, oro har, kritikaren aldetik ondo hartuak izan ziren, baina irakurlegoaren aldetiko arrakasta nekez etorri zitzaion, Chancerekin (Patua), etorri ere 1912an. Paradogikoki, arrakastaren ondoko garaia beheralditzat jotzen da, salbuespen batzuk kenduta, The Shadow Line (1916) (Itzalaren marra), esaterako. Berak erregulartasun berdinarekin produzitzen segitzen du, baina bizitasuna eta kritika zorrotzerako ahalmenak galduz. Errekonozimendu publikoa lortu zuen eta 1924an sir tituluari uko egiteko luxua permititzen da. Urte berean hilko zen Bishopsbourne-n, Canterbury-tik gertu.

        Idazle karreran hiru etapa antzematen zaizkio:

        1895etik 1989ra bitartekoa, edo Almayer's Follytik Youthera artekoa. Ikasketa aldia, bai idazteko ohitura falta zaiolako, bai hizkuntza arrotz baten erabilera literarioa egiten duelako. Hegoaldeko Itsasoetan izandako esperientzietan oinarritua, gehienbat. Hautatutako inguruen izpiritua komunikatzeko trebetasun nabaria. Deskripzioen exajeraziorako joera (inoiz erabat kenduko ez zitzaiona) eta pertsonaien karakterizazioan halako ahultasun bat. Hasiera-hasieratik agertutako kezkak: nortasunaren krisialdia, alienazioa, bakardadea, deserrotzea, identitatearen galtzea.

        1899tik 1911ra bitartekoa, edo Heart of Darknessetik Under Western Eyesera artekoa. Heldutasun aldia, eta orduantxe burutzen ditu gaur maisulantzat ditugunak. Inguruak berdintsuak dira: Ekialdea (Lord Jim, Victory) eta itsasoak (The Secret Sharer (Partaide sekretua), Chance). Gero beste paraje batzuk ere hartzen ditu, baina gehienak, Ingalaterra kenduta (The Secret Agent (Agente sekretua)) urruneko lurraldeetan kokaturik daude: Afrikan (Heart of Darkness), Hegoamerikan (Nostromo) edo Errusian (Under Western Eyes). Dena den, aurrera egin ahala giroak protagonismoa galtzen du eta pertsonaiek indar handiagoa hartzen dute. Nobela guzti horiek aurretik erabiltzen zuen gai berbera sakontzen dute: azalez abenturazko kontakizunak badira ere, mamiz nortasun isolatuaren krisialdia nabarmentzen dute.

        1912tik 1924ra bitartekoa, edo Chancetik The Roverera (Pirata) artekoa. Beharbada, osasun makaleko gizona izaki, karga emozional gehiegizkoagatik edo ezkortasunaren mailarik gorenera iristeagatik, kontua da, ahalmenen ahultze bat nabari zaiola. Azken aldi honetako narrazioak sinplistagoak dira eta nostalgia lauso batez estaliak. Hala ere, erdipurdiko lanen artean, salbuespen batzuk ere badaude, hala nola, Chance eta The Shadow Line.

        Conraden teknika narratiboak oso berezkoa du fikzioari berari darion ahots narratzailea, esperientziarekiko hurbiltasuna damaiona. Horrela Conradek errealitatearen ikuspegi problematikoa agertzen digu, ez unibokoa edo dogmatikoa. Denboraren tratamenduan ere aitzindari bilakatzen da, sentsazioen eta gertaeren denbora aldaketa eginez, lotura logikoak ezabatuz eta horiek aurkitzera irakurlea behartuz. Horrela, fikzioko mundua objektibatu egiten du eta errealitateko mundura hurbildu.

        Conradek lau narraziotan erabiltzen du Marlow pertsonaia (Youth, Heart of Darkness, Lord Jim eta Chance), itsasontzi ingeles bateko kapitaina, bere historia pertsonala kontatzeko, eta horrekin oso gustura sentitzen denez, esperimentazioak egiten ditu eta gero eta paper konplexuagoa ematen dio.

        Pertsonaia hori narrazio teknika berri bati ekiteko erabiltzen du, narrazioaren barruko narrazioa, alegia, idazleari narraziotik kanpo kokatzeko aukera ematen diona eta horrela errealismo handiagoa erantsi. Marlow, ordea, ez da marinel arrunt bat. Marlowek badirudi ez dela hezur-mamizko pertsonaia bat, jarrera moral bat sinbolizatzen du, Conradena, alegia. Berak ematen dituen iritziak dira istorioari esanahia damaiotenak.

        Marlowen jarrera, bestalde, anbiguotasunez eta zalantzez betea dago. Narrazioaren harian egiten dituen etenak errelatoari bizitasuna eta egiatasuna emateko ez ezik, emozio bizien adierazezintasuna agertzeko eta komentarioak amaitu gabe uzteko ere erabiltzen ditu, halatan, anbiguotasuna areagotuz.

        Heart of Darkness 1898. eta 1899. urte bitartean idatzi eta Blackwood's Magazinen argitaratu zen lehenbiziko aldiz atalez atal 1899ko otsailetik martxora bitartean. Liburu moduan 1902an argitaratu zen Youth eta The End of the Tether (Mendearen amaiera)-rekin batera.

        Heart of Darkness, Conraden lan gehienak bezala, erdi autobiografikoa da. Gizon sentibera honek Kongon izandako esperientziaren gainean jaso zituen inpresioak azaltzen ditu. Azalezko errelatoaren azpian giza emozioei buruzko azterketa konplexu bat garatzen da. Conraden gai obsesiboak azaltzen dira: giza bakardadearen arazoa eta gizakiaren borroka izadiaren indar kontrolaezinen aurka. Baina kasu honetan bere ezagutza zuzenaz baliatzen da mendebaldeko zibilizazioak landugabeko lurralde hau kolonizatzean burututako gehiegikeriak salatzeko, edo ironia garratzez kritikatzeko, bederen. Conradek berak 1902ko edizioaren sarreran zioenez: «Heart of Darkness gertatutako esperientzia bat da, baina egiatasunetik pixka bat harantzago eramana (eta pixka bat bakarrik), nire ustez guztiz zilegi den asmo batekin, alegia, irakurleen buruetara eta bihotzetara ekartzekoa. Gai ilun horri beldurgarrizko doinu bat eman behar zitzaion, berezko tonalitate bat, airean zintzilik geldituko zen —hori espero nuen— dardara etengabe bat, azken nota jo ondoren belarrian grabaturik jarraituko lukeena».

        Conradek kontatzen duen gertaera egitura aldetik oso sinplea da, hitz gutxitan esanda, Marlowek, bere bapore txikiaren kargu, barrualdeko lurraldean oso gaixorik dagoen merkatari bat errelebatzeko asmoarekin Kongo ibaian gora egiten duen bidaiaren kronika litzateke. Hala eta guztiz ere, narrazioaren indar guztia pertsonaiengan datza, Marlow eta Kurtzengan nagusiki; horien gainean dago Conradek ezartzen dien gogoeta moral hertsiaren zama. Conrad kezkatzen duen gaia giza bakardadea da, eta gizabanakoak bere isolamenduan gainditu behar duen nortasun froga.

        Conrad deskripzioaz baliatzen da gehienbat amesgaiztoen edo, hobeto esanda, aluzinazioen mundu horretan sar gaitezen. Marlow, bere sentsazioen bitartez, giroa eraikitzen doa, gero eta hertsiagoa eta zakarragoa den giroa, gure zentzumenei dei berezi bat eginez. Ikusmenari ematen dio garrantzia, batik bat, argi eta itzalezko joko etengabe bat erabiliz, batzuetan luminotekniatik gertu dagoena, halatan errelatoari mugikortasuna emanez eta teknika narratiboaren elementurik eraginkorrenetako bat bilakatuz. Conradek hitz bakoitza neurtzen du, bere irudien efektua graduatzen du, askotan irudi kaleidoskopikoak, bestetan sinkopatuak, baina beti ere estilizatuak, giro estugarri bat sortzeko. Tamesisen bokalean hasten da eta bertan amaitzen, oihan ikaragarri eta etengabe baten sarean harrapaturik. Liburu honetan, beraz, ez dago berezko hasierarik, ez amaierarik, zeren amaiera hasierara bueltatzea baita, zibilizazioaren hasierara eta Londoneko gauera.

        Conrad, hizkuntza ingelesa adierazpide bakartzat hartu bazuen ere, literatura frantziarraren ezagutzaile eta miresle handia izan zen, bereziki tradizio errealistako Flaubert eta Maupassantenak eta «le mot juste» lantzen zuten eskolako partaidea. Hala ere, bere odolaren determinismoa indartsuagoa zen eta, azken batean, espresionismo erdi europarraren tradiziotik zetorkion suhartasun espresiboa eta «hitz justua»ren bilaketa itsua, biak batera erabiltzen zituen.

        Conradek tentsio emozionalari eusteko irudien trinkotzea eta elkar gainkatzea nahastean datzan artifizio bat erabiltzen du, erritmoari arreta berezia eskainiz, kontakizunaren tentsioari batasuna ematearren. Horretarako ez du zalantzarik izaten elkarrizketa eta deskripzioa bat egiterakoan, subjektu eta esaldi sinkopatuak txandakatuz joko konplikatu bat egiten, batzuetan ispilu deformatzaileen efektua sortaraziz.

        Conradengan eraginik handiena izan duten idazleak Flaubert, Mallarmé eta Henry James izan dira, baina berak ere izan du eraginik zenbait idazlerengan, besteak beste, Graham Green, George Orwell, William Golding (begibistakoa da Heart of Darknessek Lord of the Flies (Eulien ugazaba) nobelan duen eragina, eta Luis Borges idazle argentinarrarentzat Joseph Conrad nobelagilerik gorena da. T.S. Eliot olerkariak Heart of Darknessen aipu batzuk egiten ditu bere lanetan. Era berean, erakarpen berezia izan du zine zuzendariengan, batez ere Werner Herzog eta Francis Ford Coppolarengan, azkeneko honek Vietnamgo Gerrari buruz burutu zuen Apocalypse Now filmeak oinarri sendotzat baitu Heart of Darkness nobela.

        Hemeretzigarren mendeko azken urtean idatzia, Heart of Darkness hogeigarren mendeko lehen nobelatzat har daiteke, duen zalantza eta anbiguotasun giroagatik, konfiantza moralaren galtzeagatik, «fede»rako beharragatik moral aldeko basatasunaren erdian, subkontzientearen esplorazioagatik eta gizabanakoaren askatasuna konfirmatzeagatik.

        Istorioan azaltzen den kolonizazioaren diruzalekeriak eta zapalkuntzak, eta gizonen asmo zintzoen, goi idealen eta egiten dutenaren artean dagoen amildegi zabalak ikaragarrizko garrantzia dute oraindik ere, eta Marlowek «lurraren konkista» deitzen zionak oraindik ere aurrera darrai, eta oraindik «ez da horren gauza polita ber-bertatik ikusten baduzu».

        Inperio belgikarrak eta britainiarrak gainbehera egin dute, baina beste batzuek hartu dute haien tokia. Marfil zuriaren ordez petrolio beltza jotzen da «harrapakin» nagusitzat eta «ideia»ri dagokionez, «fede desinteresatua... goraldua izan daitekeen zerbait, eta bere aurrean ahuspeztu eta opariak eskaini» urrunegi dago oraindik. Progresoa da, noski, horietako bat. Guk ondoen ezagutzen dugun ideia ia sakratuak —egiten dugun guztia hobekuntza da eta gizadiak aurrerako mugimendu etengabea du— oraindik ere euskarri bat dauka gizartean; eta progresoa deitzen zaionaren sarraskiez gero eta gehiago jabetzen eta haien aurrean gero eta lotsatuago sentitzen garen neurrian heldulekua poliki-poliki desagertzen ari da, baina oraindik ez dugu erabat itxi Marlowek garraztasunez deitzen zion «progresoaren zakarrontzia»ren tapakia.

        Gizon zintzo askorik ere badago, Kurtz bezalakoak, ideiak aurrera eramateko, baina, berak bezala, haien ideien eta egiten dutenaren artean amildegi zabala dago. Ilunbeak, Marlowek azkenean ikusi zuen bezalaxe, gure inguruan daude, eta gure baitan ere bai. Arazoa zera da, zeinek dauka horiei «eusteko» behar adinako kemena?

 

        Iñaki lbañez

 

 

 

© Iņaki Ibaņez

 

 

"Joseph Conrad / Ilunbeen bihotzean" orrialde nagusia