Goiz batean, mahaira esertzera zihoazen.
— Ezetz igarri norekin egin dudan topo!
Gerardek irribarretsu galdetzen zion Pauli, honek galde-aurpegia jartzen zuelarik.
— Dargelosekin!
— Ez!
— Bai, gizona, Dargelosekin!
Gerard kale bat gurutzatzen ari zen, ia-ia azpian harrapatu zuen Dargelosek bere kotxe txikiarekin. Gelditu egin zen; bazekien herentziarena eta Gerardek zeramala bere osabaren fabriketako zuzendaritza. Gustatuko zitzaiokeen bat ikustatzea. Ez zituen galtzen aukerak.
Paulek aldatua al zegoen galdetu zuen.
— Lehen bezalaxe zegok, zer edo zer kolore galduxeago egotea... Nornahik esango likek Agatharen neba dela. Eta orain ez dik tratatzen hain berea zuen handiuste harekin. Orain oso, baina oso duk abegitsua. Etengabe bidaiatzen zebilen Frantzia eta Indotxina artean. Automobil marka baten ordezkaria zen. Bere hoteleko gelara eraman zuen Gerard eta «Elur Bola» ikusten al zuen galdetu zion... hau da, elur bolaren tipoa..., Paul, alegia.
— Eta...?
— Ikusten haudala esan zioat. Galdetu zidak: «Pozoia gustatzen al zaio oraindik?»
— Pozoia?
Agatha izutu egin zen, asaldatu.
— Bai —oihu egin zuen Paulek, zakarki—. Pozoia; zoragarria da. Pozoiak edukitzea zen nire ametsa eskolan (egokiago zatekeen esatea: Dargelosen ametsa zen pozoiak edukitzea eta nik Dargelos imitatzen nuen).
Agathak zertako nahi zituen galdetu zuen.
— Ezertako ez —erantzun zuen Paulek—, edukitzeko, pozoiak edukitzeko. Zoragarria da. Pozoiak edukitzea gustatuko litzaidake basilisko bat, mandragora bat edukitzea bezala, errebolberra daukadan bezala. Hor dago, batek badaki hor dagoela, eta begiratu egiten zaio. Pozoia da. Zoragarria!
Elisabethek bere baietza eman zuen. Bere baietza eman zuen Agatharen aurka eta logelaren izpirituagatik. Elisabethek oso atsegin zituen pozoiak. Montmartre kalean gezurrezko pozoiak egiten zituen, fraskoak zigilatzen zituen herio etiketak erantsiz, izen ikaragarriak asmatzen zituen.
— Bai izugarria! Gerard, burutik eginda daude! Auzitegian amaituko duzue.
Agatharen mutiritasun burges hau oso gogokoa zitzaion Elisabethi, berak bikote gaztearekiko zeukan jarrera nabarmentzen zuen, berak asmatua zenaren gizabidetasun falta ezabatuz. Begiaz keinu egin zion Pauli.
— Dargelosek —jarraitu zuen Gerardek— Txina, India, Mexiko, Antilletako gezi pozoiak, mendeku pozoiak, sakrifizio pozoiak erakutsi dizkit. Barre egiten zuen. «Kondaiok Elur Bolari ez naizela aldatu kolegioaz geroztik. Pozoiak bildumatu nahi nizkian eta badiat bilduma. To, eramaiok jostailu hau.»
Gerardek egunkari paperean bildutako fardeltxo bat atera zuen poltsikotik. Paul eta honen arreba egonezinak hiltzen zeuden. Agatha koartoaren beste muturrean zegoen.
Egunkari papera ireki zuten. Ukabilaren tamainako bola ilun bat zeukan barruan goata bezala desegiten diren Txinako paper horietako batean bildua. Ebaki batek zauri distiratsu gorrizta bat erakusten zuen. Gainerakoa lur kolorekoa zen, grisola baten antzekoa, eta lur banetu berriaren edo tipula eta geranio esentziaren lurrin sarkorra zeukan.
Denak isilik zeuden. Bola hark isiltasuna ezartzen zuen. Lilura eta higuina sortzen zituen, sugez osaturiko korapilo horiek bezala, ikustean narrasti bakar bat dela uste izaten da baina gero ohartzen da bat buru asko dauzkala. Heriotzazko aitzin-ohar bat zerion.
— Droga da —esan zuen Paulek—. Drogatu egiten da hura. Sekula ez luke pozoirik emango.
Eskua luzatu zuen.
— Ez ukitu! (Gerardek geldi erazi zuen). Pozoia ala droga, Dargelosek oparitzen dik, baina batez ere eskatzen dik ez ukitzeko. Dena den, oso burugabea haiz hi; munduko ezergatik nik ez nikek hire eskutan utziko zerrikeria hau.
Paul haserretu egin zen. Elisabethen jarrera hartu zuen. Gerard barregarria jartzen zen, bere osaba ematen zuen, etab.
— Burugabea... ? —Irri egin zuen Elisabethek—. Ikusiko duzue!
Hartu zuen bola egunkariarekin eta nebari atzetik segika hasi zen mahaiaren biran. Oihu egiten zuen:
— Jan, jan.
Agatha ihesi abiatu zen, Paulek, korri eta salto, aurpegia ezkutatzen zuen.
— Ikusten duzue honen ezaguera falta! Honen heroitasuna! —irri egiten zuen Elisabethek arnasestuka.
Paulek erantzun zuen:
— Txoriburua, jan ezan heuk.
— Eskerrik asko. Hil egingo nindukek. Eta horrek zoriontsuegi egingo hinduke. «Gure» pozoia altxorrean jarriko diat.
— Usain sarkorra zeukan —esan zuen Gerardek—. Gorde ezan burdinazko kaxa batean.
Elisabethek bildu zuen bola, sartu zuen gaileta kaxa zahar batean eta ospa egin zuen. Heldu zen altxorraren arasara, gainean errebolberra, soin-enbor biboteduna eta liburuak ageri zirenera, ireki zuen eta Dargelosen argazkiaren gainean kokatu zuen kaxa. Arreta handiz kokatu zuen, poliki-poliki, mihia pitin bat ateraz, sorginkeria bat egiten duenaren antzera, argizarizko iruditxoan orratz bat sartzen duen emakume baten imintzioak eginez.
Paulek eskolan ikusten zuen berriro bere burua, Dargelos imitatuz, basatiez eta gezi pozoituez beste ezertaz mintzatzen ez zela, proiektatuz hura liluratzeko sarraski bat posta seiluak pozoitze sistema baten bidez, munstro bati losintxak egiten, pentsatzen jarri gabe unetxo batez ere pozoiak hil egiten duela. Dargelosek bizkarra jasotzen zuen, ez zion kasurik egiten, neskato gauzaez bat bezala tratatzen zuen.
Dargelosek ez zeukan ahaztua haren hitzak edaten zituen esklabo hura eta orain haren isekak goresten zituena.
Bolaren presentziak neba-arreba biak kitzikatu zituen. Logela indar ezkutu batez aberastu zen. Tripulazioetako zalaparten leherkari bizi bihurtzen zen, neska gazte errusiar horietako bat beren titiak argi printza eta amodiozko izar zirela.
Gainera, Paul ohi ez bezalakoa emateaz zoriontzen zen, Gerardek Agatha aldendu nahi zuen halako zerbaitetan (Elisabethek zioenez), honela hura desafiatzeko.
Elisabeth pozten zen antzinako Paul ikusteaz, ez ohizkoa, arriskua, bereganatzen eta altxorraren zentzua kontserbatzen zuena.
Bola honek atmosfera zeken baten alderantzizkoa adierazten zuen Elisabethentzat, Agatharen erresumaren hondorapen progresiboaren itxaropena ematen zion.
Baina fetitxea ez zen nahikoa Paul sendatzeko. Hau ihartzen, argaltzen eta jateko gogoa galtzen ari zen, ganorabako ahuldura bat zeraman arrastaka.
Igandetan, etxeak zerbitzariei jai emateko ohitura anglosaxoniarra zeukan. Mariettek prestatzen zituen termoak, sandwichak, eta irten egiten zen neskame lagunarekin. Txoferrak, garbiketa lanetan laguntzen zienak, ateratzen zuen automobiletako bat eta bertan hartzen zituen aurkitzen zituen ezagunak.
Igande hartan elurra ari zuen. Medikuaren aginduz, Elisabeth ohean zegoen bere koartoan errezelak hertsita. Bostak ziren eta Paul lo kuluxkan zegoen eguerdiaz geroztik. Arrebari erregutu zion utz zezala bakarrik, joateko bere gelara, egiteko medikuak esana. Elisabeth lo zegoen eta amets hauxe egin zuen: Paul hilda zegoen. Berak galeriaren antzeko baso bat gurutzatzen zuen, zeren, bertako zuhaitzen artean, itzalgunez bereizitako leiho altuetatik isurtzen baitzen argia. Soilgune bat altzariz janzten zituela, billarra, sila eta mahai batzuk ikusten zituen, eta egiten zuen: «Beharrezkoa diat mozorroa harrapatzea.» Amets hartan billarrari zeritzon «mozorroa». Neskak korrika egiten zuen, hegan egiten zuen, hari atzematea lortu gabe. Leher eginda etzaten zen eta lo hartzen zuen. Bat-batean, Paulek iratzartzen zuen.
— Paul —oihu egiten zuen—, oh!, Paul, ez al hago ba hilda?
Eta Paulek erantzuten zuen:
— Bai, hilda nagon, baina hi oraintxe hil haiz; horregatik ikusten naun; elkarrekin biziko gaitun beti.
Bideari ekiten zioten berriro. Ibilaldi luze baten ondoren, mozorroa atzematen zuten.
— Aizan —esaten zuen orduan Paulek (behatza jartzen zuen erloju automatiko baten orratzen gainean)—, «entzun ezan adioen txirrina»—. Orratza abiada bizian hasten zen, soilgune guztia telegrafo zalapartez betetzen zuen...
Elisabeth izerditan blai esnatu zen, gogotxartua, ohean eserita. Txirrina ari zen jo eta jo. Morroirik ez zegoela etxean pentsatu zuen. Artean amesgaiztoaren eraginpean, eskaileratan barrena jaitsi zen. Argi pirrinta zurizta batek Agatha iraitzi zuen atalondoan, ileak harro, garrasika:
— Eta Paul?
Elisabeth bere senera etortzen, lotatik jalgitzen ari zen.
— Paul? —esan zuen—. Zer gertatzen zain? Bakarrik egon nahi zinan. Uste dinat lo egongo dela, ohi bezala.
— Agudo, agudo —egiten zuen arnasestuka etorri berriak—, goazeman azkar, pozoitu egingo zela idatzi zidan, beranduegi iritsiko nintzela, bere logelatik urrunduko hinduela.
Mariettek gutuna lauretan utzia zuen Gerarden etxean.
Agathak Elisabethi bultzatzen zion, eta honek sor eta lot bere buruari galdetzen zion lo ote zegoen artean, hura bere ametsaren jarraipena ez ote zen. Azkenean bi neskak korrika joan ziren.
Zuhaitz zuriek, haize-burrundek, Elisabethen ametsak galerian jarrai zezan egiten zuten; harantzago, billarrak «mozorroa» bezala jarraitzen zuen, lurrikararen aztarna bat errealitateak logaiztotik ateratzea lortzen ez zuena.
— Paul, Paul! Erantzun! Paul!
Areto distiratia isil zegoen. Kiratsa zerion. Sartu orduko nabaritu zuten hondamendia. Herio lurrin bat, neska gazteek ezagutzen zuten boil, tipula eta geraniozko lurrin beltz, gorrizta hark, betetzen zuen logela eta galeriaraino heltzen zen. Paul ohean zetzan, bere arrebarena bezalakoxe txabusinaz jantzita, begi-niniak haziak eta aurpegi ezagutezinarekin. Goitik zerion elur argitasunak, haize-burrunden konpasera dantzatzen zela, maskara ubel baten orban ilunak higitzen zituen, bertan argiari eusten zioten bakarrak sudurra eta matrailezurrak zirelarik.
Silaren gainean, pozoi bolaren hondarra, pitxer bat, Dargelosen argazkia, anabasa nahasi bat ziren.
Egiatako drama bat eszenaratzeak ez du batere antzik batek imajina ahal lezakeenarekin. Honen bakuntasunak, honen handitasunak, honen xehetasun estrainoek txunditu egiten gaituzte. Hasieran, neska gazteak zorabiaturik geratu ziren. Amore eman beharra zegoen, ezinezkoa onartu, Paul ezezagun bat identifikatu beharra zegoen...
Agathe zalapartaka aurreratu zen, belaunikatu, eta arnasa hartzen zuela ikusi zuen. Halako itxaropen bat sumatu zuen.
— Elisa —esan zuen arrenka—, ez hadi geldi geratu, jantzi hadi, baliteken gauza izugarri hori droga izatea, droga kaltegabeko bat. Bila itzan termoak, hoa korrika medikuari deitzera.
Medikua ehizara joan dun... —zizakatu zuen gajoak—; igandea dun, ez zegon inor... Inor ez.
Bila ezan termoa, agudo! Arnasa hartzen din, izoztua zegon. Beharrezkoa din botila bat ur bero, kafe beroa hartu behar din!
Elisabeth harritu egiten zen Agatharen kemenaz eta osotasunaz. Nola uki zezakeen Paul, mintzatu, lan hori hartu? Nola zekien botila bat ur bero behar zela? Nola kontrajar ziezaiozkeen arrazoiaren indarrak elur eta heriozko zorigaitz hari?
Zalapartaka joan zen. Termoak bere logelan zeuden.
— Tapa ezan —bota zion aurpegira aretoaren beste muturretik.
Paulek arnasa hartzen zuen. Lau orduko esperientziek bere buruari galdetzera eraman ondoren pozoi hura droga ote zen eta dosi handitan hartuz gero hiltzeko nahikoa izango ote zen, gaindituak zituen Paulek larritasunezko faseak. Bere soin-atalak ez ziren existitzen jada. Airean kulunka zebilen, ia lehengo bere ongitasuna berraurkitzen zuen. Baina halako bihotzerrea zeukan, halako aho lehortasuna, ze eztarria eta mihia zurezkoak zirela sentitzen baitzuen, eta azalean, artean sentsibilitatea zeukan gunetan, zentzapen ilun eta jasanezin bat sortzen zitzaion. Ahalegindu zen edaten. Haren keinada, ordea, okertu egin zen, silatik kanpo saiatu zen pitxerraren bila. Zangoak eta besoak zurrundu zitzaizkionean, berehalaxe utzi zion mugitzeari.
Begiak ixten zituen bakoitzean, ikuskizun bera aurkitzen zuen: ahari buru erraldoi bat emakume adats grisarekin, hildako soldaduak, begiak lehertuta, bueltaka astiro-astiro baina gero eta arinago, zurrunak, arma erakusketa egiten, zuhaitz adarren inguruan beren oinak berauei lotuak zeuzkatela uhal baten bidez. Haren bihotzak ohearen bultzagailuei igortzen zizkion bere ikaraldiak, eta hauetatik musika ateratzen zen. Haren besoak zuhaitz adar bihurtzen ziren eta hauen azalak zain lodiz estaltzen ziren; soldaduak adar haien biran zebiltzan bueltaka eta ikuskizuna berriro hasten zen.
Sinkopearen antzeko ahuleri batek antzinako elurra, kotxea, jolasa berpizten zituen, Gerardek Montmartre kalera eraman zuenekoa. Agatha negar zotinka zegoen:
— Paul! Paul!, Begiraidazu, hitzegidazu...
Gustu garratzez egina zeukan ahoa.
— Ura... —ahoskatu zuen.
Erantsi egiten zitzaizkion ezpainak, klaska egiten zioten.
— Zaude pixka batean... Elisabeth termoaren bila joan da. Botila bat ur bero prestatzen ari da.
Paulek berriz ere esan zuen:
— Ura...
Ura nahi zuen. Agathak ezpainak busti zizkion. Mintzatzeko eskatu zion arrenka, azaltzeko bere erokeria, argi ziezaiola alegia sakelatik atera eta erakusten ari zitzaion gutuna.
— Zure erruz gertatu da hau, Agatha...
— Nire erruz?
Orduan Paul mintzatu zen, silabak etenez, xuxurlaka, egia guztia azalduz. Agathak hitza kentzen zion, hasperenka ekiten zion, bere burua zuritzen zuen. Amarruak larru gorrian bere azpikeria makurrak argitaratzen zituen. Azkenetan zegoenak eta neska gazteak eskuekin uki zitzaketen, azpikoz gora jartzen zituzten, banan-banan desmontatuz, herio tresnaren txirringak. Elisabeth kriminal bat jalgitzen zen elkarrizketatik, bisiten gaueko Elisabeth hura, makur hura, Elisabeth setati hura.
Orduantxe ulertu zuten haren azpijokoa eta Agathak honela zioen oihuka:
— Bizi egin behar duzu!
Eta Paulek esaten zuen:
— Beranduegi da!... —eta orduan, Elisabeth, denbora luzeegian bakarrik uztearen beldurrak eraginda, botila bat ur bero eta termoarekin itzuli zen. Isiltasun izugarri batek eman zion bide usain beltzari. Elisabethek, atzea emanez, ez zuen aurkikuntzaren susmorik, eta kaxa eta fraskoen artean edalontzi bat aurkitu ondoren, kafez bete zuen. Bere biktimetara hurbildu zen. Haien begiradek atxilotu zuten. Asmo ikaragarri batek zuti erazi zuen Paulen bizkarra. Agathak eusten zion. Haien aurpegi elkartuei gorroto sua zerien:
— Paul, ez edan!
Agatharen garrasi hark Elisabethen keinada gelditu zuen.
— Burutik hago —murmuratu zuen—, edozeinek esango liken pozoitu egin nahi dudala.
— Kapaz hintzateke horretarako.
Herio bat gehitu zitzaion herioari. Elisabethek ezbai egin zuen.
Erantzuten ahalegindu zen.
— Munstroa! Munstro zikina!
Paulen esaldi terrible hura larriago bilakatzen zen, zeren Elisabethek ez baitzuen uste bere neba hizketarako gauza izango zenik, baina orain Agatha eta bien arteko elkarrizketaren beldurrak egiaztatzen zituen.
— Munstro zikina! Munstro zikina!
Paulek segi egiten zuen, orro egiten zuen, bere begi urdinez fusilatzen zuen, bere betazal erdi hertsietatik etengabe ateratzen zen su urdinez. Tik eta karranpek zigortzen zuten haren aho ederra, eta malkoen iturria agortzen zuen lehorteak haren begiradari halako su-eri distira bat ematen zion, halako otso fosforo-argi bat.
Elurrak leihotzarrak zigortzen zituen. Elisabeth atzeratu egin zen.
— Ba beno, bai —esan zuen—, egia duk. Jeloskor nengoan. Ez hindudan galdu nahi. Gorroto diat Agatha. Nola utziko nioan ba hi etxetik eramaten.
Aitortzak handitu eta edertu egiten zuen, maltzurkeri jantziak eranzten zizkion. Erauntsiak atzera eragindako kiribilek biluzik uzten zuten haren kopeta txiki ankerra eta, zabal, arkitektoniko bihurtzen zuten, haren begi isurkarien gainean. Logela eta bera bakarrik guztien aurka, Agatha desafiatzen zuten, Gerard desafiatzen zuten, Paul desafiatzen zuten, mundu guztia desafiatzen zuten.
Errebolberra hartu zuen arasaren gainetik. Agathak garrasika ekin zion:
— Tiro ematera doa! Hil egingo nau! —eta eldarnioka zegoen Pauli lotzen zitzaion.
Elisabethi ez zitzaion burutik pasa emakume dotore hari tiro ematerik. Senezko keinu batean hartu zuen eskuan errebolberra zokoan inguratutako espioiaren, bere larrua garesti saltzeko prest dagoenaren jarrera osatzeko.
Baina nerbio krisi baten aurrean, agonia baten aurrean, Elisabethek ez zuen zer irabazirik harrokeriaz jokatuz. Handitasuna ez zen deusetako.
Orduan Agathak, izututa, bat-batean hauxe ikusi zuen: Burutik egindako emakume bat eroaldiak jota ispilura hurbiltzen, keinu eta imintzioka, tximatatik tiraka, begiak okertuta, mihia atereaz. Zeren, ezin izatean jasan denbora luzeagoz bere barne tentsioari ez zegokion pausarte hura, Elisabethek zeinuketa barregarri baten bidez bere eroaldia adierazten zuen, bizitza ezinezko egiten ahalegintzen zen irrigarri gehiegikeria baten bidez, bizigarritasunaren mugak atzera bultza, dramak egotziko zuen unera heldu, gehiago jasango ez zuenera.
— Erotzen ari da! Lagundu! —garrasika jarraitzen zuen Agathak.
Ero hitzak ispilutik aldendu zuen Elisabeth, haren paroxismoa baretu zuen. Eztitu egin zen. Arma eta hutsa estutzen zituen bere esku dardaratien artean. Eseri egin zen, buru makur.
Bazekien logela amaierarantz zihoala irristaka aldapa burtzoragarri batean barrena, baina amaiera hura atzeratu egiten zen eta beharrezkoa izango zen bizitzea. Tentsioa ez zen gutxitzen, eta Elisabeth zenbaketan, kalkulaketan, biderketa eta zatiketak egiten ari zen, datak gogoratzen zituen, eraikin zenbakiak, denen batuketa egiten zuen, gaizki irteten zitzaion, berriro ekiten zion. Bat-batean oroitu zen bere ametseko mozorroa «Paul et Virginie»-koa zela, eta han «mozorroak» mendixka bat adierazten zuela. Bere buruari galdetu zion liburua Ile-de-France-n iragaten ote zen. Irlen izenek ordezkatu zituzten zifrak: Ile-de-France; Ile Maurice; Ile Saint-Louis. Errezitatu, huts egin, nahastu egiten zituen, hutsa, eldarnioa lortuz.
Haren lasaitasunak ustekabean harrapatu zuen Paul. Honek begiak zabaldu zituen. Elisabethek nebari begiratu zion eta, aldentzen eta hondoratzen ziren begi batzuk ikusi zituen; berauetan jakin-nahi misteriotsu batek ordezkatzen zuen arestiko gorrotoa. Itxura honen aurrean, Elisabethek bere garaipenaren susmoa egin zuen. Anaitasun senak eusten zion. Begirada berri haren gainetik begirik kendu gabe, bere lan geldoa jarraitu zuen. Kalkuluak egin eta egin, errezitatzen jarraitu zuen eta, hutsunea gehituz zihoan heinean, sumatu zuen Paul hipnotizatu egiten zela, jolasa ezagutzen zuen, logela arinera itzultzen zen.
Sukarrak buruargi bihurtzen zuen Elisabeth. Sekretuak asmatzen zituen. Ilunbeak gidatzen zituen. Ordura arte ulertzen ez zuela sortutakoa, erleen antzera lan eginez, bere mekanismoaren gainean Salpetriere ospitaleko gaixo bat bezain inkontziente, orain ulertu egiten zuen, zirikatu egiten zuen, paralitiko bat aparteko gertakari baten eraginez zutitzen den bezala.
Paulek jarraitu egiten zion, Paul bazetorren; bistan zegoen. Ziurtasun hartan zetzan bere buru lan asmagaitzaren funtsa. Elisabethek segi eta segi egiten zuen Paul hipnotizatzeko esperimentuekin. Gutxienez ziur zegoen hark jada ez zuela nabaritzen Agatha bere lepoari lotua, hark jada ez zituela entzuten haren kexak. Zer egin beharko zuketen neba-arrebek hari entzuteko? Haren garrasiak ez dira iristen hauek beren herio alorra formatzen duten mailaraino. Goraka doaz, goraka doaz elkarrekin uztarturik. Elisabethek eskuratu du bere biktima. Greziar antzezlarien koturno handietan igorik, atzera uzten dute haiek Atriden infernua. Aurrerantzean zeruetako auzitegiko adimen guztia ez da aski izango; beren jeinuarekin bakarrik beharko dute moldatu. Oraindik kemenezko unetxo batzuk gehiago eta haragiak aienatzen eta izpirituak elkartzen diren lekura joango dira, intzestuak jada mehatxatzen ez duen lekura.
Agathak beste dimentsio batean egiten zuen garrasi, beste aro batean. Elisabeth eta Paulek ez diete jaramon gehiago egiten beirak dardarazten dituzten astindu prestuei baino. Kriseiluaren argi gordinak ordezkatzen du arrasbehera, Elisabeth zegoen aldetik ezik; honek xingola gorriaren purpura hartzen du; hantxe babestua dago, hutsa lantzen, Paul itzalgune baterantz erakartzen, berak bertatik argi betean ikus dezakeelarik.
Azkenetan zegoena ahitzen ari zen. Elisabethen aldera makurtzen zen, elurraren, jolasaren, bere haurtzaroko logelaren aldera. Armiarma hari batek eusten zion bizirik, gogoeta nahasi batek elkartzen zuen bere harrizko gorputzarekin. Gaizki bereizten zuen arreba, bere izena oihukatzen zuen irudi luze hura. Zeren Elisabeth, maitalearen atsegina itxaroteko berea atzeratzen duen maitemindu bat bezala, atzamarra katuan zuela, bere nebaren herio espasmoaren zain baitzegoen, berarekin biltzeko oihukatzen zion, bere izenez deitzen zion, heriotzan bata bestearena egingo ziren une bikainaren irrikaz.
Paulek, ahiturik, burua erortzen utzi zuen. Elisabethek amaiera zela pentsatu zuen, errebolberraren kanoia lokian jarri eta tiro egin zuen. Haren erortzeak bionbotako bat arrastatu zuen bere gainera jausten zelarik zarata izugarria eginez, leihotako elurraren argitasun zurbila sartzen utziz, aretoan hiri bonbardatuaren barneko zauri bat urratuz, ezkutuko logela ikuslegoari zabalduriko antzoki bihurtuz.
Paulek ikusle haiek bereizten zituen beiren atzean.
Agathak, bitartean, izuaren izuaz, isilik, Elisabethen gorpua odola zeriola begiratzen zuen bitartean, Paulek elur-bolen batailako sudurrak, masailak, esku gorrituak bereizten zituen kanpoan, oinazpetzen eta zukutzen aintzira eta izotz urtuzko ildoen artean. Aurpegiak, kapusaiak, artilezko tapaukak aztertzen zituen. Dargelosen bila zebilen. Ikustatzen ez zuen bakarra zen. Haren keinu arranditsua soilik ikusten zuen.
— Paul! Paul! Lagundu!
Agatha dardarka, makurtu egin da.
Baina zer nahi du? Zeren bila dabil? Paulen begiak itzaliz doaz. Haria eten da eta logela hegalari hartatik ez da geratzen hauxe besterik: usain zikina eta dama txiki bat aterpe batean, murriztuz doana, aldenduz, aienatuz.
Saint-Cloud, 1929ko martxoa.
© Jean Cocteau
© itzulpenarena: Jose Antonio Sarasola