Heredentziak, sinadurek, administrariekiko bilerek, lutu eta nekeak abaildu egiten zuten alarguntsa gaztea, ezkontzatik lege-apainak besterik ezagutzen ez zituena. Osabak eta medikuak ez zeukaten orain beren diruaz ordaindu beharrik, bai ordea beren arduraz. Ez zuten halere eskerron gehiagorik jaso. Elisabethek haien bizkar uzten zituen bere erantzukizun guztiak.
Administrariekin bat, sailkapenak, balantzeak, batuketak egiten zituzten, irudimena abailtzeko zifrak besterik ez zirenak.
Aipatu dugu aberastasunarekiko jarrera bat eta beroni esker ezin zitekeela batere hazi Paulen eta Elisabethen berezko aberastasuna. Herentziak eskaini zuen horren froga bat. Tragediaren kolpeak askoz gehiago aldatu baitzituen. Haiek Michael maite zuten. Ezkontzaren eta haren heriotzaren abentura ikaragarriak, apenas sekretua zen izaki hura espazio sekreturantz jaurtiki zuen. Tapauka biziak, itotzean, zabaldu zion logelako atea. Hori gabe, sekula ez zatekeen bertan sartuko.
Montmartre kalean, arreba eta bik tximatatik tiraka ibiltzen ziren sasoian Paulek laztanduriko bakartasun proiektuaren exekuzioa, jasangaitza bilakatu zen Agatha joatean. Proiektu hark zentzua zeukan bere jatunkeria egoistaren garaian; orain zentzu guztia galtzen zuen adinak bere grinak areagotzen zizkiolako.
Nahiz eta grina hauek forma zehatz gabekoak izan, Paulek ikusi zuen bakartasun irrikatuak ez zekarkiola inolako irabazirik eta, alderantziz, hutsune izugarri bat hondeatzen ziola bere baitan. Ahultasun aitzakiaz baliatu zen arrebaren etxean bizitzea onartzeko.
Elisabethek Michaelen gela eman zion, bere gelatik bainugela handi batek bereizten zuela. Zerbitzariek, hiru mulato eta sukaldari beltz bat, Amerikara itzuli nahi izan zuten. Marittek emakume herrikide bat kontratatu zuen. Txoferrak bere postuan jarraitu zuen. Paul kokatu bezain laster, logela eraberritu zuten.
Agathak beldurra zeukan, han goian, bakarrik... Paulek gaizki lo egiten zuen bere sabaidun ohean... Gerarden osabak fabrikak bisitatu ohi zituen Alemanian... Hitz batean, Agatha Elisabethen ohean hasi zen lo egiten, Paulek ohe-jantziak hartu eta sofan egin zuen bere habia, Gerardek bere burusiak pilatu zituen.
Logela abstraktu hau zen, nonahi berregin zitekeena, Michaelen bizi-lekua, hondamendiaz geroztik. Birjina sakratua! Arrazoia zuen Gerardek. Ez berak, ez Michaelek, ez munduan inork ez zuen berea izango Elisabeth. Maitasunak maitasunetik isolatzen eta bortxa bizitzarekin ordaintzen den zirkulu ulertezina erakusten zion. Eta Michaelek birjina bere egin zuela onartuta ere, ez zukeen sekula bere egingo orain heriotzari esker soilik bizi zeneko tenplua.
© Jean Cocteau
© itzulpenarena: Jose Antonio Sarasola