Egun batzuk baziren logela danbaladaka zebilela itsasketan. Elisabethek Paul torturatzen zuen azpikeri sistema baten bidez eta hau alde batera geratuko zen gauza «atsegin» (honetan insistitzen zuen) batzuen aipamen ulergaitzak eginez. Agatha adiskide kutun bezala tratatzen zuen, Gerard adiskide bezala, eta begia kliskatzen zuen aipamenek argi geratzeko arriskua zeukatenean. Sistema honen arrakastak bere ustantzak gainditu zituen. Paul irakiten zegoen, jakin-minez erretzen. Harrotasunak soilik eragozten zion Gerardi edo Agathari bakarka galdetzea; hauei, bestalde, debekatua zien Elisabethek ahoa zabaltzea, haserretuko zen mehatxupean.
Jakin-mina nagusitu zen. Paul hirukotearen zelatan jarri zen Elisabethek «artisten irtenaldia» deiturikoan, eta ikusi zuen kirolari tankerako mutil gazte bat zegoela Gerardekin moda etxearen aurrean eta bere kotxean eraman zuela taldea.
Gau horretako eszena gogoangarria izan zen. Paulek arreba eta Agatha urdanga nazkagarri bezala tratatu zituen eta Gerard estalgile bezala. Etxetik alde egingo zuen. Hala, neska zirtzil haiek libreki eraman ahal izango zituzten gizonak. Uste izatekoa zen. Modelo guztiak emagalduak ziren, maila makurreneko urdangak! Bere arreba zakur eme ar-gose bat zen eta Agatha galbidera eraman zuen; eta Gerard, bai, Gerard izango zen guztiaren erruduna.
Agathek negar egin zuen. Nahiz eta Elisabethek mozten zion ahots eztiz: «Uztaiok, Gerard, lotsagarria duk...», Gerard haserretu egin zen, adierazi zuen mutil gazte hark bere osaba ezagutzen zuela, Michael zuela izena eta judu amerikarra zela aberastasun izugarrien jabea, eta pentsatua zeukatela azpijokoa utzi eta Pauli aurkeztea.
Paulek oihuka esan zuen ukatu egiten zela «judu purtzil» hura ezagutzera, eta biharamunean muturrak txikitzera joango zela zitaren ordurako.
— Hara ze ederki! —jarraitu zuen esaten begietatik gorrotoa zeriola—, Gerardek eta biok arrastaka daramazue gaixo hau, judu urde horren besoetan amiltzen duzue; agian saldu egin nahiko duzue!
— Oker dabil berori, maitea —ihardetsi zuen Elisabethek—. Adiskide gisa jakinaren gainean jartzen dut bide okerretik dabilela berori. Michael «nire» atzetik dator, nirekin ezkondu nahi du eta niri oso atsegingarri egiten zait.
— Ezkondu?, hirekin ezkondu? Baina hi burutik hago; ez haiz begiratu ispiluan; nork ezkondu behar din hirekin?!; itsusia haiz, tuntuna! Tuntunen erregina haiz! Iruzur egin din, adarra jo din!
Eta barre algaraka ekin zuen.
Elisabethek bazekien judu izatearen problema ez zutela inoiz planteatu ez Paulek ez berak. Kontsolatua sentitzen zen, eroso. Bihotza handitzen zitzaion logelaren neurrikoa egiteraino. Zeinen atsegin zitzaion Paulen barre hura! Bai zela eztia nebari puntu horretaraino amorraraztea.
Biharamunean, Paul lotsatua sentitu zen. Aitortu zuen neurriz kanpokoa izan zela bere iskanbila. Amerikarrak Agatha desio zuela pentsatu izana ahaztuz, egin zuen: «Elisabeth aske duk. Ezkon zitekek eta nahi duena aukeratu, bost axola zaidak niri»; halere, bezperako haserrealdiaren zergatien gainean gogoeta egiten zuen bere baitan.
Mutur beltza jarri zuen, baina pixkana-pixkana amore emanez joan zen Michael ezagutzea onartzeraino.
Michaelek bete beteko kontrastasuna formatzen zuen logelarekin. Kontrastasun hain kategorikoa, hain bizia, ze geroago umeetariko inori ez zitzaion burutik pasa, Michaeli koarto hura zabaltzea. Michelek kanpoko mundua adierazten zuen.
Aski zuten begirada batekin hura lurrean ongi errotua ikusteko; bazekiten han zeuzkala hark ondasun guztiak eta bere laster-kotxeek soilik senti eraz ziezaioketela batzuetan zorabioren bat.
Heroi zinematografiko hark gainditu beharra zeuzkan Paulen errezeloak. Honek amore eman zuen, konkistatua sentitu zen. Lagun-taldeak errepideetan barrena korritzen zuen, lau adiskideak logelara deituak ziren orduetan ezik, Michaelek xaloki loari kontsakratzen zizkionak.
Michaelek ez zuen galerarik gautar jardunaldietatik ere. Beragan pentsatzen zuten, goratu egiten zuten, berriro fabrikatzen zuten burutik oinetaraino.
Geroago, berriz aurkitzen zutenean, hark ez zuen sumatzen, Titaniak «Midsummer Night's dream»-eko lotien gainean zuen eraginaren antzeko enkantamendua zeukanik.
— Zergatik ezin ninteke ezkondu Michaelekin?
— Zergatik Elisabeth ezin zitekeen ezkondu Michaelekin?
Logela bien etorkizuna sendotu zitekeen. Abiada izugarri batek absurdura eragiten zien, beren baitan logela planak biztuz, nolakoak? eta mintz batez elkartutako bizkiek elkarrizketa bat egiten zaienean etorkizunari begira egin ohi dituzten plan anbiziotsuen antzeko planak eginez.
Gerard zen zuhur bakarra. Buruari eragiten zion. Sekula ez zatekeen ausartuko pitonisarekin, birjina sakratuarekin ezkontzera. Filmetan bezala, automobilzale gazte bat behar zen neska bahitzeko, egitsari hura gauzatzeko, hain zuzen leku santu hartako debekuak ezagutzen ez zituelako.
Eta logelak aurrera jarraitzen zuen, ari ziren ezkontza prestatzen, eta orekak osorik zirauen; bata bestearen gainean jarritako silen oreka, pailazo batek gogaitzeraino eusten diona eskenatokia eta aretoaren artean.
Gogaitasun burutzoragarria, goxokien gogaitasun geza antza ordezkatzen zuena. Ume terrible haiek anabasaz, zentzapen melengazko mazedoniaz enpoiltzen ziren.
Michaelek beste era batera begiratzen zituen gauzak. Asko harrituko zatekeen esan baliote tenpluko birjina batekin fedatua zegoela. Berak zioenez, neskatxa zoragarri bat maite zuen eta harekintxe ezkontzera zihoan. Esku zabalez l'Etoile-ko etxea, autoak, bere ondasunak eskaintzen zizkion.
Elisabethek Luis XVI estiloko logela jantzi zuen. Michaeli utzi zizkion saloiak, musika eta gimnasi aretoa, igerilekua eta galeria handi guztiz bitxi bat, lan kabinet, jantoki, billar edo eskrima areto moduko bat, zuhaitzen aldera ematen zuten leihotzar altuekin. Agatha berarekin bizitzera joango zen. Elisabethek apartamentu txiki bat antolatu zion berearen gainean.
Agatha jabetzen zen logela zapuzteak berekin ekarriko zuen hondamendiaz. Ezkutuka honen magiazko indarra eta Paulen kutuntasuna irrikitzen zituen. Zer bihurtuko ote ziren gauak? Miraria neba-arreben arteko kontaktuaren etenetik sortzen zen. Eten hark, munduaren azken hark, untzikaltze hark, ez zituen ukitzen, ez Paul eta ez Elisabeth. Hauek ez zituzten neurtzen beren egintzaren ondorio zuzen edo zeharkakoak, ez zuzen barne gogoetarik egiten, ez ziren kezkatzen obra dramatiko nagusi bat intriga baten garapenaz edo amaieraren hurbiltasunaz kezka daitekeen baino gehiago. Gerard sakrifikatu egiten zen. Agathak Paulen borondatea obeditzen zuen.
Paulek esaten zuen:
— Oso erosoa da. Osabaren kanpoalditan, Gerardek Agatharen koartoan lo egin lezake (jada ez zioten ama zenaren koartoa deitzen) eta Michaelek bidaiatzen badu, neskek ez dute etxera itzuli besterik.
«Neskak» hitzak ez zuen adierazten hauxe besterik: Paulek pentsaezinezkoa aurkitzen zuela alegia ezkontza, hodei beltzezko etorkizuna sumatzen zuela.
Michaelek Paul konbentzitu nahi zuen bizitzera l'Etoileko etxera joan zedin. Honek uko egin zion, bere bakartasun planari obedituz. Orduan Michael Marietterekin konpondu zen Montmartre kaleko gasturik txikienak ere bere gain hartzeko.
Zeremonia labur bat egin ondoren, senargaiaren ondare kalkulagaitza administratzen zuten gizonak lekuko zirela, Michaelek erabaki zuen, Elisabeth eta Agathe etxe berrian antolatu bitartean, astebete Ezen igarotzea, etxegintzan ari baitzen bertan eta bere aginduen zain zeukan arkitektoa. Lasterketako kotxea hartu zuen. Elkarbizitza, bera itzultzean hasiko zuzen.
Baina logelako jeinua zelatan zegoen.
Apika beharrezkoa al da idaztea? Errepidean, Cannes eta Niza artean, hil egin zen Michael.
Kotxea zapala zen. Lepoan lotua zeraman tapauka luzea airean flotatuz zihoan, eta halako batean gurpilean trabatu zen. Ito egin zuen, lepoa moztu zion haserre bizian, kotxea irristatu eta zuhaitz baten kontra muturra jasota geratu zen, dena txikituta, isiltasunezko hondamendi bat, gurpil bakarra airean zuela, gero eta motelago biraka loteriako erruleta bezala.
© Jean Cocteau
© itzulpenarena: Jose Antonio Sarasola