Gerard Paulengandik Elisabethengana eramandako mekanismo berak, Agathe Elisabethengandik Paulengana eraman zuen. Agatha ez zen hain pieza eskuragaitza. Paul nahastua sentitzen zen Agatharen aurrean. Batere ez iaioa analisirako, gauza «atseginen» artean katalogatu zuen.
Hala, oharkabeki, Agathari transferitu berriak zizkion, Dargelosengan biltzen zituen amets multzo nahasiak.
Bat bateko errebelazio hau neskatxek logela bisitatzen zuten gau batez izan zuen.
Elisabethek altxorra erakusten zion bitartean, Agatha Athalieren argazkiaz jabetu zen eta oihu egin zuen:
— Nire argazkia daukazue? —hain ahots estrainoz, ze Paulek burua altxa zuen sarkofagotik, ukondoekin indar eginez Antinoéko kristau gazteek bezala.
— Ez da zure argazkia —esan zuen Elisabethek.
— Egia, soinekoa ez da berbera. Baina harrigarria da. Neurea ekarriko dut. Berdin berdina da. Ni naiz, ni naiz. Nor da?
— Mutil bat, laztana. Condorceteko tipo bat, Paul elur bolaz jo mena... Badu zure antza, egia esan. Paul, ez da egia Agatharen antza daukala?
Aierupena egin orduko, eztanda egiteko aitzakia besterik itxaroten ez zuen antzekotasun ikusiezinak eztanda egin zuen. Gerardek zorigaiztoko orratza aztertu zuen. Agathak, Paulen aldera begira, kartulina zuriari eragiten zion eta Paulek, argi-itzal purpuran, Dargelos ikusi zuen elur bola jaurtitzeko prest; muturreko bera hartu zuen.
Burua erortzen utzi zuen berriro.
— Ez, neskato —esan zuen ahots itzaliz—, argazkia da zure antza daukana; zuk, zuk ez daukazu haren antzik.
Gezur honek Gerard kezkatu zuen. Bistakoa zen antza.
Egia esan, Paulek sekula ez zituen arakatzen bere arimako zenbait laba. Sedimentu sakon haiek preziatuegiak ziren eta beldur zen ez ote zituen hondatuko bere moldakaizkeriaz. «Atsegina» krater horren ertzean gelditzen zen eta honen lurrun txundigarriek zorabiatu egiten zuten.
Gau harez gero, Paul eta Agatharen artean hari gurutzatuzko sare bat eho zen. Denborak bere mendekua hartzen zuen eskubideak alderantziz jarriz. Dargelos burgoia, bihotzak maitasun askagaitzez zauritzen zituena, Paulek menpe hartuko zuen neskatxa gazte lotsati batean antzaldatzen zen.
Elisabethek itzulia zuen argazkia kaxoira. Hurrengo goizean, tximiniaren gainean aurkitu zuen berriro. Betozkoa zimurtu zuen. Ez zuen txintik esan. Gogoeta egitera mugatu zen. Inspirazio kolpe batez, ohartu zen, Paulek hormatan eskegitako kriminal guztiek, detektibe guztiek, amerikar izar guztiek, neska umezurtzaren eta Dargelos-Athalieren antza zeukatela.
Aurkikuntza honek zehaztu ezinezko eta itotzen zuen asaldura sortu zion. Hauxe bakarrik behar genian, pentsatu zuen, sekretuak zeuzkak. Tranpak egiten dizkik jokoan. Hark tranpak egiten zituenez, berak ere tranpak egingo zituen. Agatharen adiskide kutun egingo zen, ez zuen izango arretarik Paulentzat eta ez zuen azalduko inolako jakin-minik.
Logelako aurpegien senitar kera ukaezina zen. Paul harritu egingo zatekeen ohartarazi balute. Bera atzetik zebilkion tipoak, ohartzeke erasotzen zion. Ez zela horrela uste zuen. Halere, honek beragan zuen eragina, jabetzen ez zela, eta berak, Paulek, arrebarengan zuen eraginak anabasa oztopatzen zuen, lerro zuzen hezikaitzen bidez, bata bestearengana zihoazenak, aurkako lerroen antzera, basetik abiaturik, frontoi grekoen gailurrean batzen direnak bezala.
Agatha eta Gerardek ere logela partekatzen zuten, logela gero eta itxura handiagoa zeukan ijito kanpamendu batena. Zaldia falta zen, baina ez ume zarpailtsurik. Elisabethek Agatha ostatatzea proposatu zuen. Mariettek gela hutsa prestatuko zion, izan ere hari ez baitzion ekarriko aierupen eta oroitzapen tristerik. «Ama zenaren koartoa» penagarria zen hura ikusi zutenentzat, gomuta egiten zenean, gauaren gainbehera zutik itxaroten zenean. Argitua, txukuna, oso ondo erabil zitekeen gauean.
Agathak, Gerarden laguntzaz, maleta batzuk ekarri zituen. Neskak ezagutzen zituen jadanik, ohiturak, gaubeilak, loaldiak, liskarrak, ekaitzak, barealdiak, Charles kafetegia eta sandwichak.
Gerard neskatxen zain egoten zen modeloak irteten ziren orduan. Paseatzera joan edo Montmartre kalera itzultzen ziren. Mariettek afari hotz bat utzi ohi zien. Bazter guztietan jaten zuten mahaian ezik; biharamunean, neskame bretainiarrak arrautza azalak biltzen zituen.
Paulek berehalaxe aprobetxatu nahi izan zuen patuak eskaintzen zion mendekua. Dargelosek bezala jokatzeko eta haren harrotasuna imitatzeko gauza izan ez-eta, logelako arma zaharrak erabiltzen zituen, hau da, Agatha atsekabetzen zuen trakeski. Elisabethek erantzuten zuen Agatharen ordez. Orduan Agatha apalaz baliatzen zen Paul, zeiharka, bere arreba zauritzeko. Lau umezurtzek ateratzen zuten etekina horrekin: Elisabethek beren elkarrizketak oztopatzeko bidea aurkitzen zuen; Gerardek abagune bat zuen arnasa hartzeko; Agathak, liluratua, Paulen ozartasunaren kausaz, eta Paulek berak, ozartasunak prestigioa ematen duenez eta inoiz ezingo zuelako ustiatu hainbesteko prestigiorik —bera ez baitzen Dargelos— baldin Agatha aitzakia izan ez balitz bere arreba iraintzeko.
Agathak biktima izanez gozatzen zuen, logela hura maitasun elektrizitatez betea zegoela sentitzen baitzuen, eta maitasun honen astinaldi traketsenak kalte gabekoak ziren eta honen ozono lurrinak bizkortu egiten zuen.
Gurasoak kokainomanoak zituen, eta tratu txarra besterik ez zioten hauek eman gasaz beren buruaz beste egin zuten arte. Moda etxe handi bateko administraria eraikinean bizi zen. Deitu eta bere enpresan aurkeztu zuen. Bigarren mailako lan baten ondoren, Agathak soinekoak pasatzea lortu zuen. Ezagutzen zituen zerrikeriak, irainak, txantxa gordinak. Logelakoek lekoratu egiten zuten; hausten duten olatuak, zigortzen duen haizea eta artzaina biluzten duen tximista bihurria gogorazten zizkioten.
Diferentzia honen gainetik, droga giro batek argi-itzaletan, mehatxuetan, altzariak puskatzen dituzten erasoetan, gauez jandako okela hotzetan eskolatu zuen. Beraz, Montmartre kalean, neskatxa bat eskandaliza lezakeen ezerk ez zuen ustekabean harrapatu. Eskola gogor batetik zetorren eta bertako gobernuak begien eta sudurraren inguruan Dargelosen harrotasuna gogorazten zuen tankera zakar antzeko hura inprimatu zion.
Logelan, nolabait esatearren, bere infernuko zeruraino igo zen. Bizi zen, arnasa hartzen zuen. Ezerk ez zuen kezkatzen eta sekula ez zen ikaratu bere adiskideak drogan jausi zitezkeela eta, berezko droga baten eraginez jokatzen baitzuten, aierukorra berau, eta beraientzat drogak hartzea zuriari zuria, beltzari beltza gehitzea bezala izango zelako.
Halere, batzuetan eldarnioren baten biktima sentitzen zirela gertatzen zitzaien; sukar batek ispilu deformagarriz betetzen zuen logela. Orduan, Agatha goibeldu egiten zen, bere baitan galdetzen zuen, droga misteriotsu hori ez ote zen, berezkoa zelako, besteak baino exijenteago eta edozein drogak ez ote zuen eramaten gasez asfixiatzera.
Lasta askatze batek, oreka berreskuratze batek, bere zalantzak aienatzen zituen, lasaitu egiten zuten.
Baina droga existitzen zen. Elisabeth eta Paul sustantzia itzel hau odolean zutela jaioak ziren.
Drogak aldien arabera ibiltzen dira eta dekoratua aldatzen dute. Dekoratu aldaketa hau, fenomeno ziklo baten maila ezberdin hauek, ez dira kolpean ematen. Beren igarotzea senti ezina da eta antsiazko hutsarte bat sortzen du. Gauzak atzekoz aurrera mugitzen dira diseinu berriak formatzeko.
Jolasak gero eta garrantzi txikiagoko lekua betetzen zuen Elisabethen bizitzan eta Paulenean ere bai. Gerard, Elisabethek liluraturik, ez zen jolasten. Neba-arrebak oraindik saiatzen ziren eta sumindu egiten ziren lortzen ez zutelako. Ez ziren «joaten». Adigalkor sentitzen ziren, gogaituak, logaletuak. Hobeki esanda, beste norabait joaten ziren. Norberagandik kanpora proiektatze ariketara ohituak, lekorapena deitzen zioten beren baitan murgiltzen zituen etapa berriari. Racine-ren tragediako azpikeria batek ordezkatzen zituen makinak, poeta honek Versallesko jaietatik jainkoak ekarri eta eramateko erabili zituenak. Hauen festak zeharo desantolatuak ateratzen ziren. Norbere baitan sakontzeak, haiek edukitzeko gai ez ziren diziplina bat eskatzen du. Ez zuten aurkitzen ilunbeak besterik, zentzapen fantasmalak. «Kaka! Kaka zaharra!», oihu egiten zuen Paulek bere onetik aterata. Bakoitzak burua altxatzen zuen. Paul amorratzen jartzen zen itzaletara joan ezin zelako. «Kaka!» horrek haren aldarte gaiztoa adierazten zuen Agathereri keinuaren oroitzapenak jolasaren ateetan eten zuelako. Horren erantzule egiten zuen eta Agatharen aurka zuzentzen zuen bere aldarte gaiztoa. Astrapalaren zioa xumeegia zen Paul bere barnean eta Elisabeth kanpoaldetik, berataz ohartzeko. Elisabeth, bere aldetik, amarrak askatu eta itsasoan galdurik noraezean aurkitzen zen, gogoeta nahasietan murgildua, eta airera harrapatzen zuen aitzakia hura bere baitatik ihes egiteko. Bere nebarenganako maitasun erretxinduak iruzur egiten zion. Neskak zioen: «Agathek bere onetik ateratzen du tipo horren antza daukalako»; eta bikote hark, garai batean konponezina konpontzeko trebea bezain taxugabea orain bere burua ezagutzeko, isekazko elkarrizketari berrekiten zion Agatharen kontura.
Builaka hitz egiteak eztarria urratu ohi du. Elkarrizketa baretzen zen, atertzen zuen, eta gerlariak berriro ametsari lurra jaten zion bizitza gordinaren biktima bilakatzen ziren, haurtzaroko landare-bizitza astintzen zuen, kaltegabeko gauzez soilik betea zegoena.
Zein iraupen sen estrainok, zein arimako argitasunek zalantza egin erazi ahal izan zion Elisabethen eskuari Dargelos altxorrean sartu zuen egun hartan? Zalantza gabe, kausa beste sen hura izan zen, beste argitasun hura Paul behartu zuena oihu egitera: «Ipiniko dugu?», ahots ernez eta bere zorigaitzarekin lotzen ez zenarekin. Kontua da argazkia ez zela izan inoiz kaltegabea. Paulek, okerrean harrapatua izan, eta zuritzeko aurrena bururatzen zaion gezurra botatzen den bezala proposatu zuen arazoa; Elisabethek ez zuen oso gogo onez onartu; imintzio isekari bat eginez loan zen logelatik uste zuten baino gehiago zekien itxura eginez eta, Paul eta Gerard kezkarazteko baldin haren aurkako azpilanetan bazebiltzan ere.
Bistan dago, kaxoiaren isiltasun hark, pixkana-pixkana eta makurkeriaz, irudi bat gorpuztu zuen, eta ez zen harritzekoa Paulek elur bola misteriotsu hura nabaritu izana Agatharen eskuan.
© Jean Cocteau
© itzulpenarena: Jose Antonio Sarasola