Bada pertsona zuhurrak harrituta uzteko moduko etxe eta existentziarik. Ez lukete ulertuko hamabost egun irauteko egindako anabasa bat nola luza daitekeen urteetan. Hori bai, etxe hauek, existentzia bihurri hauek, oso ondo irauten dute, ugari, legez kanpo, uste guztien kontra. Baina ez luke arrazoiak huts egingo honetan: hau da, gauzen indarra indar bat balitz, honek beren amaierarantz amilduko lituzkeela, alegia.
Banakako izakiek eta hauen egintza asozialek osatzen dute mundu anitzaren xarma, berauek erbesteratzen dituena, bestalde. Larria da izpiritu tragiko eta arin horiek arnasa hartzen duten zikloiak lortutako abiada. Hau umekeriekin hasten da; hasiera batean ez da ikusten honetan jolasa besterik.
Hiru urte iragan ziren, beraz, Montmartre kalean, erritmo monotonoan, baina inoiz ahuldu gabeko bizitasunez. Elisabethek eta Paulek, haurtzarorako eginak, bizitzen jarraitu zuten sehaska bizkiak okupatu izan balituzte bezala. Gerardek Elisabeth maite zuen. Elisabeth eta Paul oso elkar maiteak ziren, baina elkar sarraskitzen zuten. Hamabostean behin, gau eszena baten ondoren, Elisabethek maleta egin eta hotelean bizitzera zihoala iragartzen zuen.
Beti gau liskartsu berberak, goiz nardagarri berberak, arratsalde luze aspergarri berberak, umeak naufrago edo egun argizko sator bihurtzen zirela. Batzuetan Elisabeth eta Gerard elkarrekin irteten ziren. Paul bere gozamenetara joaten zen. Baina ikusten eta entzuten zutenaren jabegoa ez zegokien beraiei. Lege zorrotz baten morroi, dena eztia egiten zen logelara ekartzen zuten berriro.
Umezurtz errukarri hauei ez zitzaien burutik pasatzen bizitza borroka denik, berak kontrabandoz bizi zirela, zoriak pairatu egiten zituela, ez ikusia egiten zuela. Normala irizten zioten medikua eta Gerarden osaba beren bizitzaz arduratzeari.
Aberastasuna gaitasun bat da, pobretasuna ere bai. Aberats bilakatzen den pobreak luxuzko pobretasuna erakutsiko du. Haiek hain ziren aberats, ze ez baitzegoen haien bizitzak aldatuko zituen aberastasunik. Zoria hel ziezaiekeen lo zeuden bitartean, ez ziren horretaz ohartuko itzartzean eta.
Bizitza errazaren, ohitura errazen aurkako edozein aurreiritzi gezurtatzen zuten eta, jakin gabe, filosofo batek dioen «lanak hondatzen dituen bizitza bigun eta arinaren ahalmen zoragarri» horiek praktikatzen zituzten.
Etorkizunerako proiektu, estudio, postu, diligentziak, ez zituen arduratzen luxuko zakur bat artaldeak zaintzeak tenta lezakeen baino gehiago. Egunkarietan, krimenak irakurtzen zituzten. Moldeak apurtzen dituen arraza horretakoak ziren, New York bezalako kuartel batek erreformatzen eta Parisen bizitzen ikusi nahiago dituen horietakoak, alegia.
Horregatik ez zen izan inolako helmuga praktikok eragina Gerard eta Paulek bat-batean Elisabethengan sumatu zuten jarrera berri hura.
Lana aurkitu nahi zuen. Leporaino eginda zegoen neskame bizitzaz. Paulek egin zezala gogoak ematen ziona. Elisabethek hemeretzi urte zeuzkan, zimurtzen ari zen eta ez zuen egun bakar bat ere jarraituko horrela.
— Ulertzen duk, Gerard —errepikatzen zion—, Paul aske duk eta, bestalde, gizaixo bat, ezgauza bat, astako bat, atzeratu bat. Neurez bakarrik moldatu beharra zeukat. Gainera, zer egingo luke tentel honek nik lanik egingo ez banu? Lan egingo diat, enplegua aurkituko diat. Beharrezkoa duk.
Gerardek ulertzen zuen. Ulertu berria zuen. Xehetasun ezezagun batek apaintzen zuen logela. Paulek, baltsamatuta, «joateko» pronto, irain berri hauek entzuten zituen, oso trakets eta zakar esanak, noski.
— Ume gaixoa —jarraitzen zuen neskak—, lagundu beharra zegok. Oraindik eri zegok, badakik? Medikuak... (Ez, ez, jirafa, lo zegok-eta), medikuak asko kezkatzen naik. Uste dik elur bola bat nahikoa izan dela lurreratzeko, bere estudioak utzi erazteko. Ez duk bere errua, ez zioat ezer aurpegiratzen, baina ezindu bat duk neure besoetan daukadana.
«Zerria, oh, zerria!», pentsatzen zuen Paulek, lo plantak egin eta bere egonezina tik forman ikusten zitzaiola.
Elisabethek zelatu egiten zuen, isilik zegoen eta, torturatzaile trebea izaki, aholku eske ekiten zion berriro, aieneka.
Gerardek kontra egiten zion, Paulen itxura onaz, honen larrantzaz, honen indarraz mintzatzen zitzaiolarik. Neskak haren ahuldadea, haren jan beharra, haren ganoragabetasuna aipatuz erantzuten zion.
Paulek, gehiago ezinda, zirkinka, itzartu itxurak egiten zituenean, neskak ahots eztiz zer edo zer nahi al zuen galdetzen zion eta mintza gaia aldatzen zuen.
Paulek hamazazpi urte zeuzkan. Hamaseiz geroz hogei zeuzkala ematen zuen. Karramarroek, azukreak ez zuten egiten jada efekturik. Arrebak ahotsaren doinua igotzen zuen.
Loaren atzean ezkutatzeak hain esku motz uzten zuen Paul, ze nahiago izaten zuen borrokara jo. Eztanda egiten zuen. Elisabethen kexuek berehalaxe hartzen zuten erretolika maila. Paulen nagikeria kriminala zen, zerri bat zen zikin hura. Arreba asasinatzen zuen. Honek manten zezan utziko zen.
Elisabeth, aldiz, harroputza zen, barregarria, probetxuzko izateko gai ez zen basapiztia, ezer egiteko ezgauza.
Erantzunak hitzetatik egiteetara pasatzera behartu zuen Elisabeth. Erregutu zion Gerardi gomenda zezala hark nagusia ezagutzen zuen moda etxe handi baterako. Saltzaile izango zen. Lan egingo zuen!
Gerardek modista ikustera eraman zuen, eta hura txunditua geratu zen hainbesteko edertasunaren aurrean. Zoritxarrez, saltzaile enpleguak hizkuntzak jakitea eskatzen zuen. Modelo gisa soilik har zezakeen. Bazeukan neskatxa umezurtz bat, Agatha; haren esku utziko zuen Elisabeth; ez zeukan zertan izanik giroaren beldur.
Saltzaile? Modelo? Elisabethentzat ez zegoen inolako diferentziarik. Alderantziz: modelo izateko proposamena eskenatokian lehen urratsak emateko aukera eskaintzea zen. Tratua egin zen.
Arrakasta honek ondorio bitxia izan zuen.
— Gozoa jarriko da Paul —adierazi zuen neskak.
Halere, komedia arrasto txikienik gabe, auskalo zein antidotok eraginik, Paulek orroka ekin zion bere onetik aterata, keinuka, ez zuela urdanga baten neba izan nahi oihukatuz, eta nahiago zuela kalekoen artean ikusi.
— Han hirekin topo egingo nikek —erantzun zuen Elisabethek—, ez zaidak interesatzen.
— Gainera —iseka Paulek—, begira ezan ispiluan, ene koitadu horrek. Irrigarria hago. Ordubete ondoren, ipurdian ostikada bat emanda botako haute. Modelo? Bidez hutsegin dun. Txorimalo bezala enplegatu behar huen.
Modelo-nesken kamerinoa proba latza izan ohi da. Bertan aurkitzen dira berriro eskolako lehen eguneko estutasuna, eskola-umeen txantxak. Elisabeth, amai bako argi-itzaletik irtenez, aulkitxora igo zen projektailuen azpian. Neskak itsusitzat zeukan bere burua eta okerrena espero zuen. Animalia gazte haren distirak min egiten zien emakume tindatu eta aspertu haiei, baina beren irriak izozten zituen. Inbidia zioten eta aldendu egiten zitzaizkion. Koarentena hau oso aldats gora bilakatu zen. Elisabeth bere lankideak imitatzen saiatzen zen; bezeroarengana azalpen publiko bat eskatzera balihoa bezala hurbildu eta, behin ondoratuz gero, aire destainagarriz bizkar emateko ibilera zelatzen zuen. Ez zuten ulertzen haren estiloa. Soineko apalak pasa erazten zizkioten martirizatzearren. Agatharen ordezkoa zen.
Artean Elisabethentzat ezezaguna zen zorigaiztoko adiskidetasun gozo batek, elkartu zituen, beraz, umezurtzak. Beren problemak berberak ziren. Bi modelo paseen artean, brusa zuriz jantzita, larruen gainera jausten ziren, liburuak, konfidentziak, elkartrukatzen zituzten, beroa ematen zieten beren bihotzei.
Eta egiazki, fabrikan langileak sotoan egin duen pieza azkeneko estaian langile batek egindako piezarekin ahokatzen den bezala, Agatha eskubide osoz sartu zen logelan.
Elisabethek nolabaiteko mukertasuna espero zuen nebaren aldetik. «Puxtarri izena dauka», zioen esana. Paulek izen ospetsua zeukala deklaratu zuen, fragatarekin errimatzen duela Baudelaire-ren poemarik ederrenetako batean.
© Jean Cocteau
© itzulpenarena: Jose Antonio Sarasola