Logelako gaubeilak goizaldeko lauretaraino luzatzen ziren. Honek iratzartzea atzeratzen zuen, noski. Hamaikak aldera, Mariettek kafesnea eramaten zien. Hozten uzten zuten. Loak hartzen zituen berriro. Bigarren aldiz itzartzean, kafesne hotzak ez zeukan xarmarik. Hirugarren aldiz esnatzean, ez ziren jada jaiki ere egiten. Kafesneak itxaron zezakeen katiluetan. Onena Mariette bidaltzea zen eraikinaren azpian ireki zaharra ez zen Charles kafetegira. Sandwichak eta gezigarriak igotzen zizkien handik.

        Neskame bretainiarrak nahiago zukeen seguru aski otordu burges bat prantatzen utzi baliote, baina bere erabideak hilduratu eta gogo onez prestatzen zen umeen bitxikerietara.

        Batzuetan astintzen zituen, halere, mahaira bultzatu eta jatera behartzen zituen.

        Elisabeth azpiko gonaren gainean berokia jantzita esertzen zen, ameslari, ukondoa mahaiaren gainean eta esku bat masailean zuela. Honen jarrera guztiak, Jakintza, Nekazaritza, Hilabeteak adierazten dituzten alegoriazko emakume horietakoenak ziren. Paul bere aulkian kulunkatzen zen, jantzi gabe ia. Batak eta besteak isilik bazkaltzen zuten, mando-gurdi bateko txerpolariek bi ekitaldiren artean bezala. Egunak abailtzen zituen. Hutsa aurkitzen zuten hau. Halako korronte batek gauerantz arrastatzen zituen, logelarantz, han itzultzen baitziren berriro bizitzara.

        Mariettek bazekin anabasa galdu gabe garbiketa egiten. Lauretatik bostetara, josketa egiten zuen jantzitoki bihurturiko alboko gelan. Gauez, afaria prestatu eta etxera itzultzen zen. Ordu hau zen Paul kale bakartietan zehar, tipi tapa ibiltzen zena Baudelaireren olerkiko emakumearen antza zuten neskatxen bila.

        Etxean bakarrik, Elisabethek arrandi-jarrerak hartzen zituen altzarien kontra ipiniz. Ez zen irteten sorpresak erosteko besterik, azkar itzuliz hauek ezkutatzera. Gelaz gela erratua ibiltzen zen emakume bat hil zeneko logelak sortzen zion ondoezaren menpe, batere antzik gabekoa bertan bizi izan zen amarekin.

        Alditxarra areagotu egiten zen inularrean. Orduan, ilunbeek betetako logela hartan sartzen zen. Erdian zutik jarraitzen. Logela tangalaka hasten zen, murgildu egiten zen, neskatxa umezurtza bertan zela eta honek ezer egiten ez zuelarik hondoraketa eragozteko, begirada finko, eskuak zintzilik, zutik, kapitain bat bere ontzi barruan bezala.

 

 

 

© Jean Cocteau

© itzulpenarena: Jose Antonio Sarasola

 

 

"Jean Cocteau / Ume terribleak" orrialde nagusia