Data hartatik soilik abiatu zen logela itsaso zabalean barrurantz. Honen handitasuna zabalagoa zen, honen zamaketa arriskutsuagoa, harroagoak honen olatuak.

        Umeen mundu berezian, egin zitekeen arrasa eta abiadan joan. Opioarenaren antzera, abiadako marka-hauste bat bezain arriskutsu bihurtzen zen geldotasuna.

        Gerard Montmartre kaleko etxean geratzen zen lotara bere osabak fabrikak ikustatzera bidaiatzen zuen bakoitzean. Kuxin pila handi baten gainean egokitu eta beroki zaharkituz estaltzen zuten. Aurrez aurre, oheak antzokiko eskenatoki bailiren ezartzen zitzaizkion. Antzoki honetako argiek ematen zioten hasiera prologoari, eta honek berehalaxe lekutzen zuen drama. Halabeharrez, argia Paulen ohearen gainean zegoen. Honek satin xirolaz iraizten zuen lanpara. Satinak errainu gorriztaz betetzen zuen logela eta Elisabethi argi ikustea eragozten zion. Neskak fi ta fu artean jaiki, eta zapia kentzen zuen. Paulek, ostera, berriro jarri; alde banatatik xingolari tirabiraka egindako borrokaren ondoren, Paulen garaipenarekin amaitzen zen prologoa, arreba ihauli, eta berriro iraizten zuen lanpara. Izan ere, itsasora joan zirenez geroztik menpe baitzeukan Paulek bere arreba. Elisatxoren beldurrak nahiko arrazoizkoak ziren Paul jaiki zenean eta hau hazi egin zela ikustean. Paulek orain ez zuen onartzen gaixoaren papera eta hoteleko sendaketa moralak gainditua zuen bere helburua. Alferrekoa zuen neskak esatea: «Jaunak dena guztiz «atsegina» aurkitzen du. Filma oso «atsegina» da, Liburua oso «atsegina» da, musika oso «atsegina» da, besaulkia oso «atsegina» da, granedina eta ortxata oso «atseginak» dira. Hara, Jirafa, nazka ematen dit! Begiraiozu! Ikusi. Miazka ari da! Begira, zekor mutur hori!», zeren, ez baitzen horregatik gutxiago jabetzen gizonak ordezkatzen zuela titi-umea. Lasterketetan bezala, Paulek ia buru baten aldea ateratzen zion. Logelak argi asko uzten zuen hori. Goiak Paulenak ziren; honek ez zeukan inolako esfortzu beharrik eskuarekin edo begiradaz lotarako gauzak bereganatzeko. Behealdeak, Elisabethenak ziren, eta neskak bereak nahi zituenean, azpiak miatzen zituen, murgildu egiten zen, pixontziaren bila balebil bezala.

        Halere, ez zitzaion gehiegi kosta tortura modu berriak aurkitzea eta galdutako abantaila berreskuratzea. Neskatxa, ordura arte mutil-armaz baliatu izan zena, estreinatzeke zeuzkan izaera femeninoaren baliabideetara bildu zen edozertarako prest. Hau zen Gerardi abegi ona egitearen kausa, aurreikusiz probetxuzkoa izan ziezaiokeela publikoa, eta Paulen torturak biziagoak, ikuslerik bazegoen.

        Logelako antzokiak gaueko hamaiketan irekitzen zuen. Igandetan ezik, ez zegoen arratseko emanaldirik.

        Hamazazpi urterekin, hamazazpi urtekoa ematen zuen Elisabethek; Paulek, berriz, hemeretzikoa zirudien hamabostekin. Irten egiten zen. Hortik zehar ibiltzen zen. Film «oso atseginak» ikustera joaten zen, musika «oso atseginak» entzutera, neskatxa «oso atseginen» atzetik ibiltzen zen. Zenbat eta finago izan neska horiek, zenbat eta prestuago, orduan eta «atseginagoak» egiten zitzaizkion.

        Itzultzean, bere topaketak kontatzen zituen. Primitiboaren xalotasun setatiz egiten zuen hori. Xalotasun hau eta erakusten zuen biziorik eza zinismoaren alderantzi eta ezin gehiagozko lainotasun bihurtzen ziren haren ezpainetan. Arrebak galderak egiten zituen, iseka egiten zuen, nazkatu egiten zen. Bat-batean, xehetasun batek gaizbidekatzen zuen neskatxa,inor gaizbideka ez zezakeen xehetasun batek. Berehalaxe lotsor aurpegia jartzen zuen, hartzen zuen egunkariren bat eta, orri zabalduen atzean ezkutatuz, irakurketa zehatz bati ekiten zion.

        Gehienetan, Paul eta Gerard gaueko hamaikak eta hamabiak artean biltzekotan geratzen ziren Montmartreko garagardotegi baten terrazan; batera itzultzen ziren. Elisabeth ateko danbateko itzelaren zain geratzen zen, atalondoa neurtzen zuen oinkadaka mutur batetik bestera, tripak jaten egoten zen.

        Ate hotsak adierazten zion zelataldia noiz eten. Korrika logelara joan, eseri eta lima atzematen zuen.

        Eserita aurkitzen zuten neskatxa, ile-saretxoa buruan zuela, mihia pittin bat aterata eta atzazalak limatzen.

        Paul biluztu egiten zen, Gerardek bere txabusina hartzen zuen; egokitzen zuten bere lekuan, estaltzen zuten arropaz, eta logelako jeinuak emanaldiaren hiru kolpeak jotzen zituen.

        Esan dezagun berriro, antzoki honetako ezein protagonistak eta ezta ikuslearena egiten zuenak ere, ez zeukan paper bat interpretatzen zuen kontzientziarik. Kontzientzia falta primitibo honi zor zitzaion, hain zuzen, obraren betiereko gaztetasuna. Berak ohartzen ez zirela, obra (edo nahiago bada logela) mitoaren ertzean kulunkatzen zen.

        Satin xingolak argi-ilun purpuraz tindatzen zuen dekoratua. Paulek larrugorrian zirkulatzen zuen, ohea egiten zuen berriro, maindireak lisatzen zituen, koxin babesa moldatzen zuen, silan uzten zituen bere osagaiak. Elisabethek, ezker ukalondoaren gainean etzanda, Teodora bat bezain zorrotz, begirik kendu gabe behatzen zuen neba.

        — Txatxu hori! —ekiten zion Paulek, eta gehitzen zuen—: Ez zegok ezer txatxu honek eta bere kremak baino nazka handiagoa ematen didanik. Irakurri dik egunkariren batean aktoresa amerikarrek larrutu egiten direla eta ukendua jartzen dutela. Uste dik ona dela buruko azalarentzat... Gerard!

        — Zer?

        — Entzuten al didak?

        — Bai.

        — Gerard, zu onegia zara. Egizu lo orain, ez iezaiozu jaramonik egin ñaño horri.

        Paulek ezpainei horzka egiten zien. Txinpartaka jartzen zitzaizkion begiak. Isiltasuna egiten zen. Azkenean, Elisabeten begirada bustiaren, etenaren, sublimearen pean, etzan egiten zen, arropaz estaltzen zen, bere lepazurrarentzat postura bila saiatzen zen, ez zen zalantzan egoten mantapea bere erosotasun idealarekin juxtu bat ez zetorrenean, berriro jaiki eta berriz ere maindireak altxatzeko.

        Behin ideal hau lortuz gero, ez zegoen hari leku hura utzi eraziko zion indarrik. Etzatea baino gehiago zen egiten zuena, baltsamatu egiten zen; bendaz, jakiz, objektu sakratuz inguratzen zen; itzaletarantz abiatzen zen.

        Elisabeth egokitze honetxen zain egoten zen, honek markatzen zuen bere sarrera eszenan; gezurra ematen du lau urtean zehar gauero obra bera interpretatu ahal izatea aurrez beronen trama erabaki gabe. Ze, ukitu batzuk salbu, obra errepikatu egiten baitzen beti. Agian izpiritu hezikaitz horiek, ordena bati obedituz, maniobra bat burutzen dute, gauez, loreen petaloak itxi erazten dituena bezain kezkagarria.

        .Ukituak Elisabethek ematen zizkion. Ustekabeak prestatzen zituen. Behin batean, ukendua utzi, lurreraino makurtu eta kristalezko entsalada-ontzi bat atera zuen ohearen azpitik. Entsalada-ontziak karramarroak zeuzkan barruan. Neskak bularraren kontra estutu zuen, bere beso eder biluziez inguratu zuen, karramarro eta nebaren artean begirada litxarrero bat luzatuz.

        — Gerard, karramarro bat nahi? Bai, bai! Zatoz, zatoz, ahoa ur egitekoak daude.

        Elisabethek ondotxo zekien zeinen itsua zen Paul piperrauts, azukre eta ziaperako. Ogi xerraren gainean laten zituen.

        Gerard jaiki egin zen. Neska gaztea haserretuko zitzaion beldur baitzen.

        — Kakazua! —murmuriatu zuen Paulek—. Ezin jasan dik karramarrorik. Higuin dik piperrautsa. Behartzen ziharduk...; ahoa ur egiten zaion itxurak egiten dizkik.

        Karramarroen eskenak luzatu beharra zeukan, Paulek gehiago ezinda, bat emateko eskatzen zion arte. Orduan bere menpe zeukan eta higuin zuen litxarkeria hori jorratzen zuen.

        — Gerard, ezagutzen al duzu ezer doilorragorik karramarro bat eskatzeraino makurtzen den hamasei urteko tentel hori baino? Oinzamua miazkatuko luke, aizu, lauhankan ibiliko litzateke. Ez! Ez eraman, jaiki dadila, datorrela bera! Azken batean nazkanteegia da mugitu nahi ez duen alfertzar hau, litxarkeriaz hiltzen egon eta esfortzurik egiteko gauza ez den nagi halako hau. Karramarrorik ematen ez badiot berari falta zaion lotsagatik da...

        Ondoren profeziak izaten ziren. Elisabethek ez zituen egiten hauek forman sentitzen zen gauetan baizik, jainko batek hartua, tripodearen gainean.

        Paulek belarriak tapatzen zituen edota, liburu bat hartu eta ozenki irakurtzen zuen. Saint-Simon, Charles Baudelaireri zegokien silan egoteko ohorea. Profezien ostean, Paulek esaten zuen:

        — Entzun ezak, Gerard —eta bere irakurketa jarraitzen zuen ozenki:

 

                Bere nahiera txarra maite dut,

                bere gona kikirrikia,

                bere lepoko oihaltzar okertua,

                bere ahots-doinu zoroa,

                eta bere kopeta murriztua.

 

        Deklamatu egiten zuen bertso hanpurutsua, logela eta Elisabethen xarma edertzen zituela ohartu gabe.

        Elisabethek egunkari bat zuen hartua. Paulen ahotsa imitatuz, gertakariak irakurtzen hasi zen. Paulek garrasika ekiten zion: «Tira, tira! Nahikoa da!» Arrebak eztarria lehertu beharrean jarraitzen zuen.

        Orduan, gogaikarri hark egunkariaren atzetik ezin zuela ikusi aprobetxatuz, beso bat atera eta, Gerard tartean sartu baino lehen, esnea jaurtiki zion Paulek, zituen indar guztiekin.

        — Doilorra halakoa! Astakirtena!

        Amorrazioak tripak jaten zizkion Elisabethi. Egunkaria aurpegian erantsita geratu zitzaion zapi busti bat bailitzen, eta esnea zerion alde guztietatik. Baina neskatxak eutsi egin zien malkoei, Paulek negarretan lehertuko zela espero baitzuen.

        — Tori, Gerard —esan zuen—, lagunidazu, har ezazu zapia, lehortu, eramazu egunkaria sukaldera. Eta ni —murmuriatu zuen— oraintxe nindoakion karramarro batzuk ematera... Zuk nahi duzu bat? Kontuz, esnea tantoka dago-eta. Zapia baduzu? Eskerrik asko.

        Loaren ateetan zegoen Paulenganaino iritsi zen Karramarroen gaiaren berrekuntza. Jada ez zeukan karramarro goserik. Amarrak askatzen hasita zegoen. Haren jateko grinak murriztuz zihoazen, amore emanez; hankaz eta eskuz loturik hildakoen ibaiaren menean uzten zuten.

        Hau zen Elisabethek neba hausteko bere zirikatze-jakituria guztia erabiltzen zuen une nagusia. Lo eragiten zion ezezkoarekin, eta, geroago, jaiki, ohera hurbildu, ondoan eseri eta entsalada-ontzia jartzen zuen bere belaunen gainean.

        — To, zerri zikina, ez nauk hain gaiztoa. Hemen daukak heure karramarroa.

        Gizajoak loaren gainetik altxatzen zuen bere buru astuna; begiak erantsiak, puztuak; ahoa, jadanik gizonen airea arnasten ez zuela.

        — Tira, jan. Nahi duk ala ez? Jan ezak edo banoak.

        Orduan, munduarekin azken harremana lortzen saiatzen den lepamoztu baten antzera, Paulek ezpainak erdi irekitzen zituen.

        — Ikusi egin behar sinesteko. Eh! Paul! Hemen daukak!, heure karramarroa!

        Neskatxak maskorra puskatzen zuen, mamia bultzatzen zion hortz artean barrena.

        — Ametsetan mastekatzen dik! Begira, Gerard! Begira, bitxia duk benetan! Hau tripontzia! Doilorra behar da izan gero!

        Eta trebatu setati baten plantak eginaz, Elisabethek bere zeregina jarraitzen zuen. Sudurreko hegalak puzten zituen, mihi puntta ateratzen zuen. Zorrotz, eramaneko, konkorturik, eroa zirudien hildako ume bat elikatzen.

        Emanaldi irakasgarri honetatik, Gerardek gauza bakarra gorde zuen: Elisabeth hika mintzatu zitzaiola.

        Biharamunean, bera ere hika mintzatu zitzaion. Zaplazteko baten beldur zen, baina neskak elkarrekiko hiketa onartu zuen eta horrek kilima sakon bat bezala egin zion Gerardi.

 

 

 

© Jean Cocteau

© itzulpenarena: Jose Antonio Sarasola

 

 

"Jean Cocteau / Ume terribleak" orrialde nagusia