Iristean, beren ametsak zapuztu zitzaizkien umeei. Hotelak gainezka zeuden jendez. Osabaren gela kenduz gero beste bat baizik ez zegoen korridorearen beste muturrean. Paulek eta Gerardek han lo egitea proposatu zieten; Elisabethentzat ohe bat ezarriko zuten alboko bainu-gelan. Horrek esan nahi zuen Elisabeth eta Paul logelan geratuko zirela, eta Gerard bainugelan.

        Lehendabiziko gauean bertan jasanezin bihurtu zen egoera; Elisabetek bainatu egin behar zuela, Paulek ere bai. Bien amorru hotza, beren azpikeriak, ateak danbadaka itxi eta bat-batean zabaldu ibili ondoren, azkenik, biek batera bainatuz amaitu zuten. Bainu bero hartan, Paul, auka bat bezala ur gainean etzanda eta lurrin artean Elisabethek hain gorroto zituen barre algara haiek eginez, horrelaxe hasi zen ostikaden aroa. Ostikada hauek biharamunean, mahaian, jarraitu zuten. Mahaiaren gainean osabak ez zuen ikusten irribarreak besterik. Azpian, ordea, isilpeko guda borrokatzen zen.

        Ostikada eta ukondokadazko guda hau ez zen aldakuntzaren arrazoi bakarra. Umeen xarmak ere bazuen honetan bere zerikusia. Osabaren mahaia begiluze guztien interes zentro bilakatu zen, eta haraxe zuzentzen ziren denen irribarreak. Elisabethek gorroto zuen adiskidetasuna, mundu guztia arbuiatzen zuen, edo norbaitengana zaletzen bazen, urrundik eta era maniako batez izaten zen. Ordura arte bere apeta eroak Hollywoodeko zine aktore eta emakume fatalengana zuzendu zituen, eta hauen burutzar pintatuez papereztatua zeukan logela. Hotelak ez zuen eskaintzen inolako baliabiderik. Familiak ilunak ziren, itsusiak, tripontziak. Neskato argal batzuek, zaplastakoka errenditzen zituztenak, lepoa bihurritzen zuten mahai liluragarrirantz. Urruntasunari esker, ederki ikusten zuten, eszenategi batean bezala, hanken borroka eta aurpegien naretasuna.

        Elisabethen ustez, edertasuna aitzakia bat besterik ez zen keinuak egiteko, sudurrean estekak ipintzeko, aurpegia ukenduz igurzteko edota bakardadean trapu zaharrekin sortzen zituen soineko absurdu haiekin jostatzeko. Arrakasta honek harrokeriari ez baina jolas bati emango zion bide, neba-arreben «jolas» harekin zerikusirik ez zeukana, ordea, kainaberaz arrantzan egiteak bulegoko lanarekin ez daukan bezalaxe. Atseden hartzen zeuden logelatik, «kartzelatik» esaten zuten ze, haren samurtasunaz ahazturik, haren poesiaz ohartu gabe, Mariettek ziona baino askoz ere errespetu gutxiagoz, uste zuten jolas berri honen bidez ihes egitea lortuko zutela katea berari lotuta bizi behar zuten gela hartatik.

        Udaldiko jolas hau jantokian hasi zen. Elisabeth eta Paul, Gerarden izularria aintzat hartu gabe, osabaren muturretan bertan jostatzen ziren, eta honek neba-arreben inoxente aurpegiak besterik ez zuen sekula ikusi.

        Kontua zen neskato argalak ikaraztea bat-bateko keinu baten bidez; horretarako abagune egoki eta bereziari itxaron beharra zegoen. Zelataldi luze baten ondoren, baldin, bere mahaiko inor ere ohartu gabe neskato hauetako batek, eserlekuan biratuz, begirada Elisabeth eta Paul zeuden mahaira zuzentzen bazuen, hauek irribarre bati emango zioten hasiera zeinurik beldurgarrienean amaitzeko. Neskatoak, harriturik, laster itzuliko zuen burua. Esperientzia hau behin eta berriro errepikatzea nahikoa zen biktimari negar eragiteko. Amari azaltzen zion negarraren zergatia. Honek mahaira begiratzen zuen. Elisabethek berehalaxe irribarre egiten zion, irribarrea itzultzen zioten eta neskatoa astintzen zuten: belarrondokoren bat eta hala kentzen zizkioten inora begiratzeko gogoak. Ukondokada batez markatzen zen puntua, baina kolpe hauek gaizkidetasunezkoak ziren eta barre eragileak. Barregura logelan lehertzen zen algaratan; Gerardek ere tripak botatzerainoko barreak egiten zituen.

        Gau batean, neskato txiki batek batere negarrik gabe jasan zituen hamabi keinualdi, eta hori gutxi bailitzen, mihia atera zien inork ikusten ez zuela, mahaitik altxa zirenean. Ateraldia izugarri gustatu zitzaien eta behin betiko ezabatu zuen giro hura. Beste giro bat sortu behar izan zuten. Ehiztariak edo golfeko jokalariak bezala, irrikitzen egoten ziren beren lorpenak behin eta berriro kontatzeko. Miresgarria zeritzoten neskato hari, jokoaz eztabaidatzen zuten, arau korapilatsuagoak ezartzen zituzten. Inoiz baino sutsuago berrekin zioten elkar iraintzeari.

        Gerardek arren eskatzen zien ez garrasika ibiltzeko, txorrotak ixteko beti zabalik utzi gabe, ez saiatzeko burua urpean sartuta iraupen probak egiten, ez ibiltzeko borrokan aulkiak eskuan hartuta bata besteari segika eta txilioka laguntza eske. Gorrotozko hitzak eta barre algarak denak batera entzuten ziren eta aldaketa hauetara ohituenarentzat ere ezinezko zen aurreikustea zein unetan bi aldarte kontrajarriok elkar hartuko zuten gorputz bakar bat formatuz. Gerard itxaropenez eta beldurrez egoten zen fenomeno horren zain. Itxaropenez hoteleko jendeagatik eta osabagatik; eta beldurrez, Elisabethek eta Paulek orduan elkar hartzen zutelako beraren aurka.

        Laster jolasa hedatuz joan zen. Hotel ataria, kalea, hondartza, oholezko kaia jolastoki bihurtu ziren. Elisabethek behartu egin zuen Gerard, beraiekin bat egin zezan. Infernuko hirukote hau sakabanatzen zen korrika, arrastaka, ezkutuka, irribarrez, imintzioka eta bazter guztietan ikara ereinez. Familiek narraz eramaten zituzten beren umeak, lepoak bihurriturik, ahoak zabalik, begiak beren zuloetatik irtenda zituztela. Zaplazteko eta ipurdiko batzuk eman ondoren, etxe barruan giltzapean uzten zituzten. Izurri hau ez zen amaituko beste jolaspide bat asmatu ez balute.

        Jolas hau lapurreta zen. Gerardek jarraitu egiten zien, bere beldurra azaltzen ausartu gabe. Lapurreta hauen helburu bakarra lapurreta bera zen. Ez zen onartzen ez mozkinik ez fruitu debekatuaren gozamenik. Behar zen bakarra beldurrez hiltzea zen. Umeak dendetan sartzen ziren osabarekin eta hauetatik poltsikoak betean ateratzen zituzten ezertarako balio ez zieten gauzak. Arauak debekatu egiten zuen balio zezakeen ezer hartzea. Elisabethek eta Paulek behin batean Gerard liburu bat itzultzera behartu nahi izan zuten frantsesez idatzia zegoelako. Barkatu egin zioten baina, Elisabethek erabaki zuenez, «oso gauza zail bat» lapurtzeko baldintzapean, «ureztailu bat adibidez».

        Gizajoa era barregarrian jantzi zuten kapusai laxa batez eta hala bete zuen bere baldintza beldurrak airean. Mutilaren jokaera hain zen moldakaitza eta ureztailuak egiten zion konkorra hain barregarria, kinkail-saltzaileak, bere begiez ikusten zuena sinetsi ezinik, bide luzean jarraitu zion begiradaz. «Mugi! Mugi, geldo hori! —egiten zion arnaska Elisabethek—. Begira daukagu.» Kale arriskutsuak atzean utzi ondoren lasaiago arnasa hartu eta korrika alde egin zuten.

        Gerardek amets egin zuen, gau hartan, karramarro batek bizkarrean heltzen ziola. Kinkail-saltzailea zen. Poliziari deitu zion honek. Gerard atxilotu egin zuten. Osabak ondare gabe utzi zuen, etab...

        Lapurretak: leiho-oihalentzako uztaiak, destorniladoreak, etengailu elektrikoak, etiketak, 40 zenbakiko abarketak, pilatuz zihoazen hotelean bidai altxor bat bailiren, zenbait emakumek eraman ohi dituzten gezurrezko perlak bezala, egiazkoak segurtasun kutxan gordetzen dituzten bitartean.

        Ume gaizki heziok, krimenerainoko ganoragabeok, ongia eta gaizkia bereizteko gai ez zirenok jokabide honetara bultzatzen zituen azken helburua zera zen, Elisabethentzat berezko sen bat pirata-jolas hauen bidez Paul salbatzeko, arrunkerian amiltzeko arriskuan ikusten baitzuen. Paul, erasopean, izuturik, imintzioka, lasterka, irainka, orain ez zeukan lehengo barre mozo hura. Ikusiko da noraino eramango zuen arrebak bere berrezkuntza metodo intuitiboa.

        Itzuli ziren. Itsas aireari esker, itsasoari asko erreparatu ez bazioten ere, indarberrituak eta bizitasunez beterik zetozen. Mariettek ia ez zituen ezagutu ere egin. Lapurretakoa ez zen kateorratz bat oparitu zioten.

 

 

 

© Jean Cocteau

© itzulpenarena: Jose Antonio Sarasola

 

 

"Jean Cocteau / Ume terribleak" orrialde nagusia