Biharamunean antolatu ziren zerbitzu txandak. Bost t'erdietan, soineko zuriko erizain batek zabaldu zion atea Gerard,; Parmako brioleta artifizialak zekartzan honek kartoizko kaxa batean. Elisabeth liluraturik geratu zen.

        — Zoaz Paul ikustera —esan zion amarrurik gabe—. Amaren injekzioaz arduratu behar dut nik.

        Paulek, garbi, orrazturik, ia itxura ona zeukan. Condorcet-eko berriak eskatu zituen. Berri izugarriak zeuden.

        Goizean, zuzendariaren bulegora deitu zuten Dargelos. Zuzendariak berriro ekin zion bezperan zuzendariordeak utzitako itaunketari.

        Dargelosek, ernegaturik, honelatsuko zerbait erantzun zion: «Nahikoa, nahikoa, aizu!», halako planta lotsagabe batzuk eginez, eta zuzendariak, bere eserlekutik zutituz, muturreko bat emateko keinada egin zion ukabila jasota. Orduan Dargelosek piper hautsezko tutu txiki bat atera txamarra poltsikotik eta honen edukia jaurti zion aurpegira.

        Ondorioa hain izan zen ikaragarria, hain harrigarriro bat-batekoa, ze Dargelos, izuturik, aulki baten gainean zutitu zen, ez dakit zein urtegiren leherkuntzatik edo uholde ankerretik bere burua babesteko erreflexu batek eraginda. Gain hartatik agure itsutuaren ikuskizunari so zegoen, nola urratzen zuen alkandoraren lepoa, nola bihurrikatzen zen mahai gainean, orroka, eldarnioaren zantzu guztiak aurkeztuz. Eldarnio horrek eta Dargelosen ikuskizunak, aulki gainean zut, inozo, aurreko arratsean elur bola jaurti ondoren bezala, seko geldi erazi zuten zuzendariordea atean bertan, hara baitzihoan kexuek erakarrita.

        Eskoletan heriotza zigorrik ez dagoenez, bota egin zuten Dargelos eta eritegira eraman zuten zuzendaria. Burua tente zeharkatu zuen Dargelosek peristiloa, muturra harro eta inori eskua eman gabe.

        Erraz imajina daiteke nolako zirraraz entzun zuen gaixoak lagunak kontaturiko eskandalu hau. Gerardek azaltzen ez duenez garaipenaren zantzurik, berak ere ez du adieraziko inolako saminik. Halere, bere indarra baino indartsuago denez, galdetuko du:

        — Ba al dakik non bizi den?

        — Ez, adiskidea; horrelako tipoek ez diate beren helbiderik ematen.

        — Dargelos gizajoa! Beraz hori duk hartaz geratu zaigun gauza bakarra. Ekarri argazkiak.

        Gerardek bi aurkitu ditu soin-enborraren atzean. Batean klaseko ikasleak ageri dira, garaieraren arabera lerrokatuak. Maisuaren ezkerrean, Paul eta Dargelos daude, pikotxean jarrita. Dargelos besoak uztartuta. Futbolariek bezala, harro erakusten ditu zango sendoak, bere erregetzaren zeinuetako bat.

        Bestean Athalieren janzkeraz mozorroturik ageri da. Ikasleek Athalie obra antzeztu zuten San Carlomagno jaian. Dargelosek egin nahi izan zuen antzerkiari izena ematen dion pertsonaia. Bere oihalen eta urreizunen pean katamotz gaztea dirudi, badauka antzekotasun pixka bat 1889ko aktoresa tragikoekin.

        Paul eta Gerard oroitzapenok berritzen zebiltzan bitartean, Elisabeth sartu zen.

        — Ipiniko al dugu? —esan zuen Paulek bigarren argazki hau astinduz.

        — Ipini zer? Non?

        — Altxorrean?

        — Zer ipini behar dugula altxorrean?

        Neskatxaren ume aurpegia ilundu egin zen berriro. Benerazioa zion altxorrari. Altxorrean objektu berriren bat sartzea ez zen berriketako gauza. Berari aholku eskatu behar zitzaion.

        — Hire iritzia nahi dinagu —erantzun zion nebak—, elur bola tira zidan tipoaren argazkia dun.

        — Ea ikus.

        Luzaro egon zen neska argazkiari begira, ezer erantzun gabe. Paulek gehitu zuen:

        — Elur bola tira zidanan, piper hautsa jaurti zion zuzendariari, eskolatik bota dinate.

        Elisabeth zalantzan zegoen, ezbaian, batera eta bestera zebilen erpuruko azkazalari horzka. Azkenean, kaxoia pixka bat zabaldu, zirrikitutik argazkia sartu eta berriro itxi zuen.

        — Aurpegiera gaiztoa dauka —esan zuen—. Jirafa, zuk ez nekarazi Paul (horrela deitzen zioten adiskidetsu Gerardi); amarengana noa berriro. Erizainez arduratu beharra daukat. Eta ez da lantegi erraza, badakizue. Iniziatiba hartu nahi dute. Ezin ditut bakarrik utzi une batez ere.

        Eta, erdi serio erdi txantxetan, gelatik irten zen antzezlari keinu batez eskua adatsetik pasaz eta dindirri astun bat arrastaka balerama bezala.

 

 

 

© Jean Cocteau

© itzulpenarena: Jose Antonio Sarasola

 

 

"Jean Cocteau / Ume terribleak" orrialde nagusia