Astiro zihoan kotxea galtzada izoztuan barrena. Gerardek lagunaren buru errukarria ikusten zuen eskuin-ezkerretara balantzaka ibilgailuaren kantoian. Azpitik gora begiratuz, bazirudien txoko hura argitzen zuela bere zurbiltasunaz. Begi itxi haiek ia suma ezinak ziren eta nabaritzen zitzaion bakarra sudurzuloen eta ezpainen itzala zen, hauen inguruan oraindik erantsiak baitzeuzkan odol zipriztin txiki batzuk. Murmuriatu zuen: «Paul...» Paulek entzun entzuten zuen baina halako nagitasun harrigarri batek erantzutea eragozten zion. Esku bat atera zuen bildua zihoan kapusaien azpitik eta Gerarden eskuan ipini zuen.

        Maila honetako arriskuen aurrean, umea bi muturretan banatzen da. Nola ez dakien zeinen sakon errotua dagoen bizitza eta zeinen ahaltsuak diren honen baliabideak, berehalaxe pentsatzen du okerrena; baina okerren hau ez zaio benetakoa iruditzen, umea ez baita gai heriotzari aurre egiteko.

        Gerardek behin eta berriro egiten zuen: «Paul azkenetan dago, Paul hiltzera doa»; baina sinetsi gabe. Paulen heriotza hau amets baten jarraipen normalena iruditzen zitzaion, bidaia bat elurretan inoiz amaituko ez zena. Ze, berak Paul maite bazuen Paulek Dargelos maite zuen bezala, Gerarden ikuspunturako Paulen handitasuna beronen ahulezia zen. Eta Paulek bere begirada atxikia zeukanez Dargelosen sugarretan, Gerardek, sendo eta zintzo, zaindu egingo zuen, jagon, babestu, salbatu egingo zuen su hartan erretzetik. A zer tentela izan zen arkupean! Dargelosen bila zihoan Paul. Gerardek, ezaxola itxura eginez, hura liluratu nahi izan zuen, eta Paul batailara bultzatu zuen sentimendu berberak eragotzi zion honen atzetik joatea. Urrundik ikusi zuen erortzen, gorriz zipriztindua, txotxongiloek ere urrundik ikusita eduki ohi duten jarrera horietako batean. Beldur zen, hurbiltzen bazen, Dargelosek eta honen lagunek ez ziotela utziko abisu ematera joaten, horregatik alde egin zuen korrika laguntza eske.

        Orain berriro aurkitua zuen ohizkoaren erritmoa: Paul jagoten zegoen; horixe zuen bere postua. Berak zeraman. Amets guzti honek ia estasizko gune bateraino jasotzen zuen. Ibilgailuko isiltasuna, argi-distirak, bere misioa, liluragarria zen guzti hura. Lagunaren ahultasuna harri bihurtu balitz bezala ematen zuen, behin betirako handitasun bat hartu zuela eta Gerarden indarrak, azkenik, bere duineko eginkizun bat aurkitua zuela.

        Bat-batean, Dargelosi egotzi zion salakuntza gogoratu zuen, gorrotoa izan zela esaldi hura iradoki ziona, bidegabekeria bat egitera bultzatuz. Begitandu zitzaion eskolazainaren egoitza, mutil erdeinutsu hura bizkarra jasoz, Paulen begirada urdina, kexuzko begirada, haren ahalegin gizagaindikoa honela esateko: «Hi burutik hago!» eta errudunari barkatzeko. Gogoeta mingots hori baztertu zuen. Ez zuen arrazoirik falta. Dargelosen atzapar burdinazkoetan elur-bola bihur zitekeen zokor hilgarriago berak zeukan bederatzi orriko labana baino. Paulek ahaztuko zuen pasadizoa. Batez ere beharrezkoa zen, kosta ahala kosta, haurtzaroko errealitatera itzultzea, errealitate larri, heroiko eta misteriotsu horretara, xehetasun xumez elikatzen dena eta pertsona helduek beren jakinbehar eta galderez xarma guztia ankerki ezabatzen diotena.

        Kotxeak zeru betean jarraitzen zuen. Astruekin topo eginez. Hauen distiraz betetzen ziren kristal leunduak, eta haize aldarte laburrek astintzen zituen.

        Bat-batean bi aiuma negarti entzun ziren. Gero garrasi bihurtu ziren, giza garrasi, giza azpiko garrasi, eta leiho-kristalak dardaraziz, suhiltzaileen zikloia pasa zen. Izotzean marrazturiko zigi-zagen artean, Gerardek sumatu zituen elkarren segidan zihoazen bagoien behealdea, eskailera gorriak, urrezko kaskoetako gizonak, nor bere zuloan kokatuak alegoriak bailiren.

        Isla gorria dantzan zebilen Paulen aurpegian. Suspertuz ote zihoan iruditu zitzaion Gerardi. Azken burrunbaren ostean, berriro zurbildu zen eta orduantxe ohartu zen Gerard helduta zeukan esku hura beroa zegoela eta berotasun lasaigarri honek bide ematen ziola jolasa jolasteko. Jolasa berba ez da batere zehatza, baina horrelaxe deitzen zion Paulek umeak murgildu ohi diren mundu erdi kontziente horri; benetako maisua zen horretan. Ederki menperatzen zituen espazioa eta denbora; ametsak hasi eta gero errealitatearekin nahasten zituen, bazekien bi espazioen arteko ilunabarretan bizitzen, eta halako mundu bat sortzen zuen klasean Dargelosek miresten eta haren aginduak obeditzen zituenekoa.

        Jolasa jolasten ote dabil? —galdetu zuen berekiko Gerardek, esku bero hura estutuz eta buru makurtuari irrikatsu begira.

        Paul gabe, kotxe hau kotxea besterik ez zatekeen, elur hau elurra baizik ez, argiontziak argiontzi, etxeratze hau etxeratze. Baldarregia zen berak soilik sortu ahal izateko horditasun zentzapen hori. Paulek menpean zeukan, eta haren eraginak, denboraren poderioz, dena itxuraldatu zuen. Gramatika, matematikak, historia, geografia edo natur zientziak ikasi beharrean, itzarrik amets egiten ikasi zuen, inoren eskumenetik salbu gordetzen gaituen amets bat eta gauzei beren benetako zentzua ematen diena. Indiako drogek ere ez zuketen eragin handiagoa izango ume urduri hauen baitan ikas mahaiaren atzean ezkutaturik marruskatzen zituzten borragoma edo luma-kirtenek baino.

        Jolasa jolasten ari ote da?

        Gerardek ez zuen ilusiorik egiten. Jolasa, Paulek jolasten zuenean, beste zer edo zer zen. Suhiltzaileen iragaitea ez zen aski haren aditasuna erakartzeko. Hari xume hartara itzultzen saiatu zen, baina beranduegi: iritsiak ziren eta. Kotxea atal aurrean gelditu zen.

        Paul itzartu egin zen bere sortasunetik.

        — Txoferrak eta biok lagunduko diagu? —galdetu zuen Gerardek. Ez zen beharrezkoa; Gerardek eusten bazion, moldatuko zen etxera igotzeko. Gerardek egin behar zuen gauza bakarra aurrena eskola-zorroa jaistea zen.

        Eskola-zorroa esku batean hartu eta besteaz Pauli gerritik eutsiz, honek ezker besoaz lepotik heltzen ziola, eskailera mailak igo zituen. Lehen estaian gelditu zen. Balusazko jarleku zahar berde bat zegoen han, leherturik bere iztupa eta bultzakiak agerian zituela. Gerardek hantxe utzi zuen bere zama preziotsua, eskuineko atera hurbildu eta txirrina jo zuen. Oinots batzuk entzun ziren, geldiune bat, isiltasuna.

        — «Elisabeth!» Isiltasuna berriz ere. «Elisabeth!» xuxurlatu zuen Gerardek oldarkoi.

        — Ireki! Gu gara.

        Ahots mehe temati bat entzun zen:

        — Ez dut irekiko! Gogaiturik naukazue! Nazkaturik nago mutilez. Orduak al dira ba hauek eskolatik itzultzeko?

        — Elisatxo —Gerardek ekin—, ireki, ireki azkar. Paul gaixorik dago.

        Etenaldi baten ostean erdi ireki egin zen atea. Ahotsak zirrikitu hartatik jarraitu zuen:

        — Gaixorik? Zuen amarru bat ireki dezadan. Egia al da gezur hori ?

        — Paul gaixorik dago, mugi zaitez, hotzikaraz dago jarlekuan.

        Atea zabal-zabal ireki zen. Eta hamasei urteko neskatxa bat azaldu. Paulen antza zeukan; begi urdin berberak, betile beltzek itzal egiten zietela, masail zurbil berberak. Forma batzuek salatzen zuten bi urteko aldea eta, adats labur, kizkur haren pean, arrebaren aurpegiak, jadanik izangai baino gehixeago, nebarena xamurrago bihurtzen zuen, eta antolatuz zihoan zalapartaka edertasunerantz.

        Etxe barruko ilunpetik ezer baino lehen Elisabethen zuritasuna jalgi zen eta amantal baten lohi-gunea, artean luzetxo zeukana.

        Iruzurtzat hartu zuenaren egiazkotasunak eragotzi zion agirika hastea. Gerard eta bien artean eraman zuten Paul balantzaka eta burua zintzilik zuela. Sarreran bertan ekin zuen Gerardek gertatuaren berri ematen.

        — Kirtena halakoa! —hortz artean Elisabethek—. Borrokarik bada, zuk tartean izan behar. Ez al dakizu oihuka gabe hitz egiten? Ez duzu ba nahiko amak entzutea?

        Jantokia zeharkatu zuten mahaia inguratuz eta hala sartu ziren, eskuin aldera, neba-arreben logelan. Gela honetan bi ohe zeuden oso txikiak, komoda bat, beheko sua eta hiru aulki. Bi oheren artean ate bat zegoen apaingela-sukalde antzeko batera ematen zuena, beste sarrera bat korridoretik zeukana berau. Lehen begiratuan harritzen zuen bat logela honek. Oheengatik ez balitz, traste zaharrak eduki ohi diren ganbaratzat har zitekeen. Zorua betean zeuden kaxak, arropak, xukaderak. Karpeta bat lokarri askatua agerian zuela. Su-baju gaineko arasaren gainean soin-enbor bat gailentzen zen, norbaitek tintaz begiak eta bibotea margotu zizkiona; hauspoiltzez josita, hormak betean aldizkari eta egunkarien orriak eta hauetan zine-artistak, boxeolariak, asasinoak.

        Elisabethek ostikoka kendu zituen kaxak enbarazutik. Sandioska. Azkenik etzan zuten gaixoa liburuz betea zegoen ohe batean. Gerardek borrokaren gorabeherak azaldu zituen.

        — Hau da hau marka —ekin zuen Elisabethek—. Jauntxo hauek elur bolekin jolasten, eta ni bitartean erizain, nik bitartean ama gaixoa zaindu behar. Gure ama gaixoa! —zioen oihuka eta atseginez hitz hauek garrantzitsu bihurtzen baitzuten—. Ni ama gaixoa zaintzen eta zuek elurretan jolasean. Eta egingo nuke oraingoan ere zeu izan zarela, ñaño hori, Paul borrokara bultzatu duena!

        Gerard isilik zegoen. Ezagutzen zuen neba-arreben izaera grinatsua, eskola umeren hizkera hura, eta beraien arteko borroka amaigabea. Eta halere lotsati agertzen zen beti eta hunkiturik bezala uzten zuten.

        — Nork zainduko du orain Paul, zuk ala nik? —jarraitu zuen neskak—. Zertan zaude hor geldi postea bezala?

        — Nire Elisatxo maitea...

        — Ni ez naiz Elisatxo eta ez naiz zure maitea, ea hitz egiten duzun behar bezala. Gainera...

        Ahots urrun batek eten zion erretolika:

        — Gerard, lagun zaharra —zioen Paulek ahapeka—, kasurik ez mari purtzil honi. Gogaikarriagorik!

        Elisabeth bere onetik atera zuen irainak:

        — Mari purtzil! Ea ba, gizaixook, hor konpon zaitezte. Ea nola moldatzen haizen ni gabe sendatzeko. Marka da gero! Elur bolak jasateko gauza ez den inozo bategatik ni, tuntun hau, tripak jaten! Begira, Gerard —esan zuen jarraian—, begira hau.

        Bat-batean indar hartuz, eskuin zangoa airean jaso zuen, burua baino gorago.

        — Hamabostaldia daramat hau praktikatzen.

        Berriro ekin zion ariketari.

        — Eta orain, alde! Ospa!

        Atea seinalatu zion neskak.

        Gerard ezbaian zegoen sarreran.

        — Aaa... Agian —hasi zen hitz-motelka— hobe medikuari deitzea. Elisabethek zangoa jaso zuen.

        — Medikua? Aholku horretxen zain nengoen. Zu bai zarela mutil azkarra! Baina, ez badakizu ere, medikua zazpietan etortzen da amarengana, eta esango diot Paul ikusteko. Ea, alde! —amaitu zuen; eta Gerard ez aurrera ez atzera zegoenez:

        — Kasualitatez, ez zara ba medikua izango? Ez? Ba hortaz, ospa! Joango al zara behingoz?

        Zoruan kolpetxoak ematen zituen oinaz neskak eta tximistaren sua zerion begietatik. Mutilak joatea erabaki zuen.

        Atzeraka abiatu zen eta, egongela ilunpetan zegoenez, jarleku bat bota zuen.

        — Inozoa! Inozoa! —zioen behin eta berriro neskatxak—. Utzi bere horretan, beste bat botako zenuke eta. Ospa behingoz!, eta danbatekorik ez jo irtetean.

        Tranpainean, kotxea zain zeukala oroitu zen Gerard eta poltsikoan ez zeukala txakur-txiki bat ere. Nola ausartu berriro deitzen? Elisabethek ez zion zabalduko aterik, edo zabaltzen bazuen, medikua zelakoan, egundokoak entzun beharko zizkion.

        Laffitte kalean bizi zen, osaba baten etxean eta ardurapean. Kotxez joatea erabaki zuen, egoeraren berri azaldu eta lortuko zuen osabagandik bidaia ordaintzeko dirua.

        Han zihoan, arestian bere lagunak betetzen zuen txoko berean. Apropos, buruari atzera erortzen uzten zion bideko triki-trakarekin. Ez zen saiatu ere jolasa jolasten; samindurik zegoen. Orain, une liluragarri baten ostean, berriro aurkitu baitzuen Paulen eta Elisabethen atmosfera nahasgarri hura. Elisabethek iratzarri zuen handik, hark oroit erazi zuen nebaren ahultasuna nahikeria ankerrez betea zegoela. Paul Dargelosek garaitua, Paul Dargelosen biktima, ez zen Gerard esklabu zeukan Paul berbera. Emakume hilotz bat bortxatzen duen ero batek bezalatsu jokatu zuen Gerardek kotxean, eta gauza hainbesteko gordintasunez ikusten ez bazuen ere, ohartzen zen minutu haietako gozamena elur eta sinkopezko nahastura bati zor ziola, quiproquo antzeko bati, alegia. Pasadizo hartan Paul pertsonaia aktibotzat hartzea zentzugabea zen, suhiltzaileen iragaiteko distiraldi pasakor hartan odola aurpegira itzultzen zitzaiola uste izatea bezainbeste.

        Ezagutzen zuen Elisabeth, noski, bazekien nolako kultua zion hark bere nebari eta ondorioz zer adiskidetasun espero zezakeen handik. Elisabethek eta Paulek bihotzez maite zuten, eta berak ezagunak zituen berauen maitasunezko trumoi ekaitzak, begiradez elkarri jaurtitzen zizkioten tximistak, haien kasketaldiak eta mihi pozoitsuak. Berriro lasaiturik, burua nagi eta kulunkatzen uzten zuela, lepoan hotza sentituz, gauzak beren lekuan ezarriz zihoan. Gogoeta hauek erakusten zioten Elisabethen purrustaldien atzean bihotz bero eta xamur bat zegoela, baina baita sinkopea ere gogorazten zioten, sinkope honen errealitatea, helduentzako sinkopea eta ezinbestean ekarriko zituen ondorioak.

        Laffitte kalean, unetxo bat itxaroteko eskatu zion txoferrari. Marmarka geratu zen hau. Launaka igo zituen eskailera mailak, aurkitu zuen osaba eta lortu zuen honek dirua eman ziezaion.

        Behean, kaleak ez zuen ezer erakusten bere elurra besterik. Kotxezalea, itxaroteaz asperturik, joana izango zen Gerarden zorra ordaintzeko prest zegoen oinezkoren batekin. Poltsikoan gorde zuen dirua. — Ez dut ezer esango —pentsatu zuen—. Zer edo zer erosiko dut Elisabethentzat eta horrela badut aitzakia berriak jakitera itzultzeko.

        Montmartre kalean, Gerard uxatu ondoren, Elisabeth amaren logelan sartu zen; gela honek saloi arlote batekin batera etxebizitzaren ezker aldea osatzen zuen. Gaixoa erdi lotan zegoen. Lau hilabete ziren atake batek ezindua utzi zuela bere sasoi onenean, eta harez gero hogeita hamabost urteko emakume honek atso zaharra zirudien eta heriotza desio zuen. Bere gizonak liluratu zuen, maiteak egin zizkion, hondatu zuen eta abandonatu. Hiru urtetan zehar agerraldi laburrak egin zituen ezkontetxean. Eszena ikaragarriak antzezten zituen bertan. Gibeleko zirrosia zeukalako etxeratzen zen. Zaindu zezaten exijitzen zuen. Bere buruari tiro emateko mehatxu egiten zuen, pistola eskuan. Krisialdiaren ostean, maitaleagana jotzen zuen, eta honek berriro zapuztu, gaitzak erasotzen zionean. Halako batean etorri zen, ostikoka ibili, oheratu eta hil egin zen berarekin bizitzeko nahi ez zuen emaztearen etxean.

        Bere bihurrialdian emakume ahitu hau seme-alabez arduragabetzen hasi zen, bere burua apaintzen, neskamez astero aldatzen, dantzan eta dirua eskuratzen ez zion axolarik nola.

        Elisabeth eta Pauli harengandik zetorkien zurbiltasuna. Aitaren ondare zituzten, berriz, zabarkeria, dotorezia, kasketaldi oldartsuak.

        Zertarako bizi? —egiten zuen amak—. Medikuak, etxeko lagun zaharra izaki, ez zituen ezergatik utziko umeak galbidean. Emakume ezindu bat zama astunegia zen neskatxarentzat eta etxe guztiarentzat.

        — Lo zaude, ama?

        — Ez, erdi lotan.

        — Pauli hanka bihurritu zaio; etzan erazi egin dut; medikuari esango diot ikus dezan.

        — Minik ematen dio?

        — Ibiltzean bakarrik. Musu bat beraren partetik. Egunkariak ebakitzen ari da.

        Gaixoak hasperen egin zuen. Aspalditxotik dena uzten zuen alabaren ardurapean. Oinazetuen egoismoa zeukan. Ez zuen batere interesik erakutsi istripuaren xehetasunak jakiteko.

        — Eta neskamea?

        — Beti bezala.

        Elisabeth bere gelara itzuli zen. Paul hormara begira itzulita zegoen. Gainera makurtu zitzaion arreba.

        — Lo al hago?

        — Emadan bakea.

        — Bejondaiala! Joanda hago (senideen arteko hizkeran joanda egoteak zera adierazten zuen, jolasetik sorturiko egoera hori; hala, esaten zuten: joatera noa, joan naiz, joanda nago. Joanda zegoen jolaskidea gogaitzea gauza barkaezina zen). Hi joanda eta ni hemen lan eta lan. Ume alua haiz gogotik. Nazka ematen didak. Ekarri hanka horiek oinetakoak kendu behar dizkiat eta. Hotz hotzak dauzkak. Hago pixka bat, salda beroa egingo diat.

        Zapata lokaztuak soin-enborraren ondoan utzi eta sukaldera joan zen. Paulek entzun zuen gasa sutzen. Handik laster, itzuli, eta nebari arropak erantzi behar zizkiola. Honek, marmarka baina amore eman zuen. Mutilaren laguntza ezinbestekoa zenean, Elisabethek esaten zion: «Jaso burua, edo jaso hanka hori» eta «hildakoarena egiten baduk, ezingo diat alkandora beso hau atera».

        Erantzi ahala, poltsikoak husten zituen. Hala bota zituen lurrera tintaz lohituriko mukizapi bat, pospolo batzuk, jujubazko karameluak arroparen ilaunez elkarri erantsiak. Gero komodaren kaxoi bat ireki eta hantxe ipini zuen gainerakoa: bolizko esku txiki bat, agatazko puxtarri bat, luma tapa bat.

        Hura zuten altxorra. Altxor deskriba ezina, izan ere kaxoiko gauzak hainbesteraino zeudenez saihestuak beren ohizko erabileratik eta halako sinboloz zamatuak, jakitun ez zegoen edonork ez zukeen han ikusiko nahaste-borraste bat besterik: giltza ingeles, aspirina tutu, aluminiozko estun, bigudi, eta abarrez osaturiko nahasketa bat.

        Beroa zegoen salda. Arrebak berokiak kendu zizkion marmarka, ator-luze bat toles gabetu zuen eta alkandora erauzi zion untxia larrutzen den bezalaxe. Paulen gorputzak behin eta berriro jasaten zituen baldarkeria haiek. Begiak malkotan zeuzkan goxotasun hura ikusirik. Berokiak gainjarri zizkion, ondo estali, eta hitzok esanez amaitu zituen bere ardurak: «Egik lo, inozoa», keinu batez agurtzen zuelarik. Gero, begirada finko, bekaina zimurturik eta mihi puntta ezpain artean ageri zuela, dantzako ariketa batzuk egin zituen.

        Txirrin hotsak geldi erazi zuen. Apenas entzuten zen txirrina, oihal artean bilduta zeukaten eta. Medikua zen. Elisabethek, zamarretik heldurik nebaren ohera eraman eta gertatuaren berri azaldu zion.

        — Utz gaitzazu, Elisa. Ekarridazu termometroa eta itxaron egongelan. Auskultatu egin behar dut eta ez zait gustatzen inor inguruan mugitzen edo niri begira.

        Elisabeth jantokia zeharkatu eta egongelan sartu zen. Elurrak bere mirariak egiten jarraitzen zuen han. Besaulkiaren atzean zutik, neskatxa begira zegoen elurrak airean zintzilikatua zeukan gela honi. Aurreko espaloitik zetorren dirdirak itzal eta erdi itzalezko leiho batzuk proiektatzen zituen sabaian, eta argitasunezko farfail honen arabeskoetan zehar pasatzen ziren, berezko neurria baino txikiago, bidaztien errainuak.

        Gela hutsean zintzilik zegoelako lilurapen hau areagotu egiten zuen izotzak, izaki biziduna ematen baitzuen honek argilitza bat formatuz erlaiza eta zoruaren artean. Noizean behin kotxeren batek ezabatu egiten zuen guztiau marra zabal eta ilun batez.

        Elisabeth jolasa jolasten saiatu zen. Baina ezin zuen. Bihotza taupadaka ari zitzaion. Berari ere, Gerardi bezalaxe, elurretako batailaren jarraipena bere legenda esparrutik kanpo geratzen zitzaion. Medikuak itzul erazten zuen mundu mingots horretara, beldurra existitzen denekoa, pertsonek sukarra eduki eta heriotza harrapatzen duten mundua. Une batez imajinatu zituen ama elbarria, neba hilzorian, auzoko andre batek ekarritako zopa, okela hotza, bananak, berak edozein ordutan jaten zituen ogi xigorrak, etxea neskamerik gabe, maitasunik gabe.

        Batzuetan Paul eta biak garagar goxokiz mantentzen ziren; bakoitzak bere ohean irensten zituzten, elkarren artean irainak eta liburuak trukatuz; liburu jakin batzuk besterik ez baitzuten irakurtzen, beti berberak, gogaiturik amaitu arte. Gogaipena beren egitarauaren osagarri zuten: aurrena zehatz-mehatz ikuskatu oheak ogi-apur eta zimurdura guztiak kentzeko, ondoren izugarrizko zalapartak eta azkenik jolasa, eta honetarako, zirudienez, benetan lagungarri gertatzen zen gogaipena.

        — Elisa!

        Elisabeth jadanik urrun zegoen tristuratik. Medikuaren deiak aztoraturik utzi zuen. Zabaldu zuen atea.

        — Hara —esan zion—; ez daukazu burua hausten ibili beharrik. Ez da larria. Ez da larria baina serioa da. Lehendik ere makal zeukan bularra. Ez zegoen askoren beharrean. Pentsatu ere ez eskolara itzultzerik. Atsedena, atsedena eta atsedena. Oso ondo egin duzu amari zaintiratuarena esatea. Zertarako hura kezkarazi? Zu orain neska handia zara, eta lagundu egin behar didazu. Deitu neskameari.

        — Jadanik ez daukagu neskamerik.

        — Oso ondo. Bihar bertan bidaliko dizkizuet bi erizain etxeko lanak egiteko txandatuko direnak. Hauek erosiko dute behar den guztia, eta zu arduratuko zara denak zaintzeaz.

        Elisabethek ez zuen eskerrik ematen. Mirarietatik bizitzen ohitua zegoenez, batere harritu gabe hartzen zituen hauek. Itxaroten zituen eta beti gertatzen ziren.

        Medikuak ama gaixoa bisitatu zuen eta joan egin zen.

        Paul lo zegoen. Elisabeth, arnas hotsa entzunez, begira egon zitzaion. Grina oldartsu batek bultzatzen zuen aldi berean nebari irain zeinuak eta maiteak egitera. Lo dagoen gaixoa ez da nekarazi behar. Behatu egiten da. Orbain moreak sumatzen zaizkio betazalen azpian, goiko ezpaina aztertzen zaio, nola puzten den, nola irtenagoa den behekoa baino; belarria ipintzen zaio bere beso nagiaren kontra. A zer astrapala entzuten duen belarriak! Elisabethek ezker belarria itxi du. Beraren murmurioa nahasten da orain Paulenarekin. Ikaratu egin da. Badirudi astrapala gero eta ozenagoa dela. Areagotuz jarraitzen badu, heriotza da.

        — Maitea!

        Iratzarri egin du.

        — Eh! Zer?

        Nagiak atera ditu Paulek. Arrebaren aurpegi asaldatua sumatu du.

        — Zer dun? Erotu al haiz?

        — Ni!

        — Bai, hi. Gogaikarri hori! Ezin al dun eraman besteok lo egotea?

        — Besteok! Neuk ere egingo nikek lo, baina beilan nagok, neuk ematen diat jaten, neuk entzuten diat hire hotsa.

        — Ze hots?

        — Hire hots alua.

        — Tuntun hori!

        — Egundoko berria naukean hiri emateko. Baina tuntuna naizenez, ez diat ezer esango.

        Egundoko berriak Paulen jakin-mina piztu zuen. Baina nahiago izan zuen ez nabarmendu bere irrika.

        — Hire egundoko berria, gorde ezan heuretzat. Inporta zidan ba niri.

        Elisabeth biluztu egin zen. Ez zegoen inolako lotsarik neba-arreben artean. Gela hau maskor bat bezala zen eta beronen azpian bizitzen, janzten, garbitzen ziren, gorputz berberaren atal bi balira bezala.

        Gaixoagandik hurbil, aulki batean ipini zituen okela hotza, bananak, esnea, ekarri zituen gailetak eta grenadina ohe hutsaren ondora eta hantxe etzan zen.

        Hitzik esan gabe mastekatzen eta irakurtzen ari zela, Paulek, jakin-minari eutsi ezinik, galdetu zion ea zer esan zuen medikuak. Gutxi axola zion diagnostikoak. Egundoko berria zen jakin nahi zuena. Eta ziur honen iturburua medikua zela.

        Liburutik begiak jaso gabe eta mastekatzeari utzi gabe, Elisabethek, gogo txarrez, baina etsita Paulek erantzun arteko bakerik ez ziola emango, ahoskera ezaxolatiz bota zuen:

        — Esan dik ez haizela gehiago eskolara itzuliko.

        Paulek begiak itxi zituen. Gaitzaldi lazgarri batek Dargelos agertu zion; Dargelos, beragandik urrun bizitzen jarraituko zuena; etorkizuna ikusi zuen inon ere Dargelosen arrastorik ageriko ez zena. Ondoez hura hain zen jasanezina, azkenean arrebari deitu zion.

        — Elisa!

        — Zer?

        — Elisa, gaizki nagon.

        — Tira, motel!

        Jaiki egin zen neskatxa, herrenka, hanka bat inurrituta.

        — Zer behar duk?

        — Ba hi... hi nire ondoan geratzea, nire ohearen ondoan.

        Negarrez hasi zen. Haur txiki txikiek bezala egiten zituen mainak, aurpegi guztia likisten zuela malko eta mukiz.

        Elisabethek sukaldeko atearen parera eraman zuen bere ohea arrastaka. Nebaren ohea ia ukitzen zuela, bien arteak aulki bat baitzegoen. Berriro etzan eta Paul gizarajoaren eskua laztandu zuen.

        — Tira, tira... —egiten zion—. Hauxe ume inozoa. Eskolara ez itzultzeko esan diotela-eta negarrez hasi ez da ba! Pentsa ezak geure gelan sartuta biziko garela orain. Erizainak etorriko dituk beren soineko zuriekin, medikuak agindu duenez, eta ni ez nauk irtengo karameluak eta liburuak ekartzeko beste ezertarako.

        Malkoek bustiuneak uzten zituzten aurpegi zurbil errukarri hartan, eta batzuk, betileen ertzetik irristatuz, tantaka erortzen ziren burkora.

        Elisak, hondamen haren zioa igarri nahian, hortz artean estutzen zituen ezpainak.

        — Beldurrak, ala? —galdetu zion.

        Paulek ezetz egin zuen buruari ezker-eskuin eraginez.

        — Estudiatu egin nahi huke?

        — Ez.

        — Hortaz, zer duk? Kaka!... Aizak! (Besoak astintzen zizkion) Nahi al duk jolasean jolastea? Zintz mukiak. Begira. Hipnotizatu egingo haut.

        Hurbildu eta zabal-zabal irekitzen zizkion begiak.

        Paul negarrez ari zen, zotinka. Elisabeth nekaturik zegoen. Jolasean jolastu nahi zuen, alaitu egin nahi zuen neba, hipnotizatu; eta ulertu egin nahi zuen. Baina loak ezabatu egiten zituen neskaren ahaleginak, behin eta berriro itzultzen zen marra beltz eta zabal baten eran, elurretako kotxeena bezalaxe.

 

 

 

© Jean Cocteau

© itzulpenarena: Jose Antonio Sarasola

 

 

"Jean Cocteau / Ume terribleak" orrialde nagusia