Cité Monthiers deritzon hiri-artea Amsterdam kaleak eta Clichy kaleak mugatzen dute alde banatatik. Hara sartzeko, Clichy kaletik, burdin hesi bat gainditu behar da, eta Amsterdam kaletik, berriz, kotxe-atea zeharkatu, beti zabalik egoten dena, edota eraikinaren sarrerako arkupea, eraikin honetxen barne-ataria baizik ez baita diogun hiri-arte hau, izatez itxitura luzanga bat eta bertan, etxe-sailaren hormatzarren oinean babesturik, bizitza bakarreko hainbat etxetxo dotore daudena. Jauregi txiki hauek, beren leihoteria ugaria oihal lodi eta ilunez janzten dutela, dirudienez pintore batzuenak dira. Hala sumatzen ditugu denak armaz, sedehunez eta koadroz beteak, eta koadrootan katuak saskian, boliviar ministroen familiak... eta etxejabeak bertan bizi dira, ezezagun, ospetsu, lan eskariz eta sari ofizialez zamatuak, probintziar hiri-artea ematen duen honetako isiltasunak babesten dituela kaleko iskanbilatik.
Baina egunean bi aldiz, goizeko hamar t'erdietan eta arratsaldeko lauretan, halako burrundara batek urratzen du isiltasun hau. Condorcet Institutu txikiak bere ateak zabaltzen baititu Amsterdam kaleko 72 bis zenbakiaren parean, eta ikasleek hiri-arte hau dute aukeratua beren kuartel nagusitako. Hauxe dute beren Place de Grève enparantza. Erdi Aroko plaza mota bat, amodioen gorte, joko eta mirarien sorleku, hemen saltzen eta erosten dira seilu eta puxtarriak, toki arriskutsu honetan ditu auzi-mahaiak epaitzen eta exekutatzen errudunak, eta hementxe asmatzen dira alde-aurre handiaz gero ikastaretoan burutuko diren bihurrikeriak eta irakasleak harriturik uzten dituztenak, hantxe ongi daudelako prestatuak. Zazpigarren mailako gazteria ikaragarria da izan ere. Datorren urtean, zortzigarrenean, Caumartin kalera joango dira, Amsterdam kalea arbuiatuko dute, beste jarrera bat hartu, eta zakua (eskola-zorroa) utziz, lau liburu ibiliko dituzte zapi karratu batean xingola batez lotuak.
Zazpigarrenean, ordea, itzartuz doan indar hori oraindik askatu gabe dago haurtzaroko sen ilun haietatik. Animalien, bejetalen senak, baina oso nekez igartzen zaizkienak, zeren oroimenetik ezabatu egiten baitira zenbait oinazeren gomuta ezabatzen den bezalaxe, eta umeak isildu egiten direlako pertsona helduak hurbiltzean. Isildu eta beste zer edo zeren itxura egiten dute. Antzezlari handiok badakite bat-batean, basapiztiak bezala lazturik, hortzak erakusten edota landarearen apaltasun eztiaz armatzen, eta ez dituzte sekula zabalduko beren erlijioko errito ilunak. Guk dakigun bakarra da zeintzuk osagai exijitzen dituen erlijio horrek: amarruak, biktimak, auzi-laburrak, terrorea, zigorketak, giza opariak. Xehetasunak lauso artean daude gorderik eta sinestunek beren mintzaera daukatenez, ezingo genuke ezer ulertu baldin haiek ohartzeke entzungo bagenie ere. Merkataritza honetan balio duen diru bakarra agatazko puxtarriak dira, edo seiluak. Opariek buruzagien eta erdi jainkoen poltsikoak puzten dituzte, iskanbilak isil-batzarrak babesten ditu, eta egingo nuke beren luxuan murgilduriko pintoreotako batek kordeletik tirako balu leiho-oihal beltza zabaltzeko, gazteria honek ez liokeela eskainiko berak hain gogoko lukeen gai bakar bat ere eta izenburu hauetako bat leramakeena: «Tximini garbitzaileak borrokan elur bolak jaurtika», «Eskuak bero» edo «Bihurrikume maitagarriak».
Arratsalde hartan elurra ari zuen. Aurreko gauean hasita ari zuen atertu gabe eta, jakina, beste ikuspegi bat eskaintzen zuen. Hiri-arteak denboran atzera egin balu bezala; bazirudien elurra, lurralde erosoetatik bazterturik, hantxe bakarrik ari zuela, hantxe bakarrik gogortzen zela.
Ikasleek, eskolarakoan, jadanik zapaldu, oinazpetu, zukutu eta irristaka lurmendua zeukaten zoru gogor eta lohitsua. Elur arretuak erreka baten ertzak balira bezala ematen zuen. Elurra, benetako elurra jauregitxoetako eskailera mailatan, berinpe gainetan eta etxaurretan zegoen, ez beste inon. Leiho barren eta erlaizak, zama arineko marru astun horiek, lerroen arintasuna baldartu ez baina beren inguruan halako hunkipen bat kulunkarazten zuten, susmo edo aieru bat, eta, elur honi esker, berez eta radiumezko erlojuaren gozotasunaz distiratzen baitzuen, luxuaren izpiritua, harriak zeharkatuz, nabariki ageri zen eta, berenilezko oihal bat bailitzen, hiri-artearen neurriak txikiagotu, altzariz jantzi, liluramenduz bete eta ametsetako areto bihurtzen zuen leku hura.
Behean ikuskizuna ez zen hain eztia. Gasezko argi-ontziek apenas erakusten zuten guda-zelai antzeko eremu huts bat. Bizirik larruturiko zoruan galtzar barri ezberdinak ageri ziren izotz-horma zartatuaren azpian; estolda zuloen alboetan pilaturiko elur zikinak zelata leku bihurturik zeuden, ipar gordinak noizbehinka gasezko argiak ia itzaltzera egiten zuen eta itzalguneak jadanik beren hildakoez arduratzen ziren.
Horrela begiratuta ikuspegia erabat aldatzen zen.Jauregitxoak, antzoki estraino bateko ikusgela izatetik argiak apropos itzaliriko gordeleku bihurturik zeuden, zelatan egoteko etsaia noiz pasako zain.
Elurrak, izan ere, bere ohizko itxura kendu baitzion hiri-arteari; jadanik ez zen plaza irekia juglarientzat, txerpolari, borrero eta merkatarientzat. Elurrak zentzu berezi bat ematen zion, guda-zelaiaren helburu zehatza.
Laurak eta hamarrerako auzia bere gorenean zegoen eta arriskutsu gertatzen zen sarrerako arkupea zeharkatzea. Arkupe honetan bilduta, gudal ordainak gero eta ugariago ziren banaka edo binaka borrokari berriak iritsi ahala.
— Ikusi al duk Dargelos?
— Bai... ez, ez zekiat.
Hala erantzun zuen ikasleak, beste baten laguntzaz, lehenengo zaurituetako bati eusten zion, eta guda-zelaitik arkupera zeraman. Zauritua, musu zapia belaunean lotuta, txangoka zihoan bi lagunei sorbaldatik helduz.
Galdetu zuenak aurpegi zurbila zeukan, begirada tristea. Gaixo begiak ematen zuten; herren egiten zuen eta kapusaiak, zango-aztaletaraino iristen baitzitzaion, bazirudien konkorren bat ezkutatzen zuela, okerdura edo izugarrizko itxurgatasunen bat. Bat-batean, kapusaiaren ertzak atzeratu zituen, hurbildu zen ikasleen eskola-zorroak pilaturik zeuden bazterrera eta orduan ikusi zen haren ibilera, aldaka hezur itxurga hura bere larruzko liburu zorroa eramateko modu bitxiaren ondorioa baizik ez zela. Zorroa utzi orduko sendatu zitzaion herrena, baina begi haiek ez zuten batere egin onera.
Batailara zuzendu zen.
Eskuin aldean, arkupearen kontra zegoen espaloian, preso bati itaunketa egiten ari ziren. Gasezko argi ontziak aldarteka argitzen zuen eszena. Presoari (txikietakoa berau) lau ikaslek eusten zioten, bizkarra hormaren kontra zuela. Handietako batek, pikotxean jarrita, belarrietatik tiratzen zion eta imintziorik ikaragarrienak begiratzera behartzen zuen. Itxuraz aldatzen zen aurpegi higuingarri honen isiltasunak beldurrak airean zeukan biktima. Negarrez, begiak ixten saiatzen zen, burua makurtzen. Baina ahalegin bakoitzean, imintziogileak eskutada bat elur zikin hartu eta belarriak igurzten zizkion.
Ikasle zurbilak, talde honen albotik pasaz, aurrera jo zuen elur-bolen artean.
Dargelosen bila zebilen. Maite zuen.
Maitasun honek are kalte handiagoa egiten zion maitasunaren ezagutza baino lehenagokoa zelako. Oinaze zehatz gabea zen, zorrotza, inolako sendabiderik ezagutzen ez zaiona, grina garbi bat, ez sexurik ez helbururik ez duena.
Dargelos kolegioko oilarra zen. Gustura sentitzen zen aurre ematen ziotenekin eta baita bere jarraitzaileekin ere. Horrela ba, ikasle zurbilak, txima nahasi haien aurrean, belaun zauritu edo poltsiko nahaspilduriko txamarra haren aurrean aurkitzen zenean, burua galtzen zuen.
Batailak odola berotu zion. Korrika egingo zuen, Dargelos aurkitu eta honen alde borrokatuko zen, hala erakutsiko zion zenbaterako zen gauza.
Ziztu bizian zebilen elurra, apurtu egiten zen kapusaien kontra jotzean, hormen kontra jotzean. Noizbehinka, bi gauren arteko argiunetan, ahoa zabalik zeukan figuraren baten xehetasuna ikusten zen, edo eskuren bat jo-puntua seinalatuz.
Esku batek ikasle zurbila seinalatu du eta hau zalantzakor beste behin deitzera doa. Oraintxe ikusi baitu han zutik eskaileretako maila batean bere jainkoaren akolitoetako bat. Eta akolito honexek kondenatuko du. Ahoa zabaldu du «Darg...» eta orduantxe jo du elur bola batek ahoan, barrura sartu zaio hortzak geldi eraziz. Ozta-ozta izan du barre-hots bat entzuteko astia eta, barre horren alboan, bere soldaduez inguraturik, horra non zutitzen den Dargelos, masailak sutan, tximak nahasian, egundoko keinada bat eginez.
Zartakoak bularrean jo du bete betean. Kolpe itzela. Marmolezko ukabil baten kolpea. Estatua baten ukabilaren kolpea. Sumatu du Dargelos epaitegi antzeko batean, besoa berriro jaisten, inozo, gizagaindiko argitasun batean.
Lurrean zetzan. Ahotik bota zuen odol purrustadaz zipriztinduak zeuzkan kokotsa eta lepoaldea, elurra ere gorritzeraino. Txistu hotsak entzun ziren. Minutu batean hustu zen hiri-artea. Begiluze bakar batzuk soilik pilatu ziren gorputz haren inguruan eta, zertan edo hartan lagundu beharrean, han zeuden aho gorri hari begirik kentzen ez ziotela. Batzuk bazihoazen handik, beldurrak, atzamarrekin klask hotsak eginez eta halako keinu batean bekainak jasoz eta buruari eraginez. Beste batzuk irristaka joan ziren beren eskola zorroen bila. Dargelosen taldea eskailera mailetan zegoen zirkinik egin gabe. Azkenik, ikasle batek ohartarazita, biktimak borrokarakoan Gerard izenaz deitu zionak, kolegioko zuzendariordea eta atezaina etorri ziren. Gerard hori aurretik zutela. Bi gizonek zauritua altxa zuten; zuzendariordeak ingurunera begiratu zuen:
— Zu al zara, Dargelos?
— Bai, jauna.
— Zatoz nirekin.
Eta hala abiatu zen taldea.
Sinestezina dela nolako abantailak dituen edertasunak. Eragina du honek berataz ohartzen ez direnengan ere.
Maisuek maite zuten Dargelos. Zuzendariordea guztiz nahigabeturik zegoen pasadizo ulertezin honekin.
Ikaslea atezainaren etxera eraman zuten eta han atezain andreak, emakume jator askoa, garbitu zuen eta bere onera etor zedin saiatu zen.
Dargelos zutik zegoen sarreran. Ate atzean pilaturik zeuden begiluzeen buruak. Gerard negarrez ari zen lagunaren eskua hartura.
— Esan zer gertatu den, Dargelos —esan zuen zuzendariordeak.
— Nik ez daukat zer esanik, jauna. Elkarri elur bolak jaurtika genbiltzan. Eta nik bat tira diot. Gogortxoa, beharbada. Bularrean jo du bete betean, «oh!» esan eta ziplo erori da. Hasieran uste nuen sudurretik zeriola odola beste elur bolaren baten erruz.
— Elur bola batek ez du bularra hondatzen.
— Jauna, jauna —esan zuen orduan Gerard zeritzon ikasleak—, harria zeukan barruan elur bola hark.
— Egia al da hori? —galdetu zuen zuzendariordeak. Dargelosek bizkarra jaso zuen.
— Ez al duzu erantzun behar?
— Zertarako? Begira, zabaldu ditu begiak, galdeiozu berari... Gaixoa ari zen suspertzen. Bere lagunaren besoan etzanda zeukan burua.
— Zer moduz zaude?
— Barkaidazu...
— Ez dago zer barkatu, zu gaixorik zaude, ondoeztu egin zara.
— Oroitzen naiz bai.
— Esango al didazu zeren ondorioz galdu duzun konortea?
— Elur bola batez bularrean jo naute.
— Elur bolak ez du horrenbesteko minik ematen.
— Ba horixe izan da guztia.
— Zure lagunak dioenez elur bolak harria zeukan barruan.
Gaixoak ikusi zuen nola bizkarra jasotzen zuen Dargelosek.
— Gerard burutik dago —esan zuen—. Hi burutik hago. Elur bola hori elur bola besterik ez zen. Korrika nindoan, odolaldiren bat edo emango zidan.
Zuzendariordeak hasperen egin zuen, arindurik.
Dargelos irtetera zihoan. Baina bazirudien asmoa aldatu eta gaixoagana hurbilduko zela. Iritsi zen atezain andre-gizonek lumagirten, tinta eta goxokiak saltzen zituzten mahaiaren parera, ezbaian egon, poltsikotik txanpon batzuk atera, mahaiaren ertzean utzi eta, hauen truke, erregaliz bilgu bat hartu zuen, zapata-kordelen itxura duten eta ikasleek miazkatu ohi dituzten horietako bat. Ondoren, eskua lokira eraman zuen militarrek ohi duten eran agurtuz, eta joan egin zen.
Zuzendariordeak etxera lagundu nahi zuen gaixoa. Norbait bidalia zuen kotxe bila, baina hau iritsi zenean Gerard alferrik zela esaten hasi zen, zuzendariordea han ikustean areago kezkatuko zela familia, eta bera arduratuko zela gaixoa etxera eramateaz.
— Gainera —gehitu zuen—, begira, Paul ari da suspertzen.
Zuzendariordeak ez zeukan hartarainoko gogorik ere inora joateko. Elurra ari zuen. Ikaslea Montmartren bizi zen.
Begira egon zen kotxean sartu ziren arte, eta ikusirik Gerard gazteak nola biltzen zuen ikaskide laguna bere artilezko tapaukaz eta bere kapusaiaz, iritzi zuen bere erantzukizunak ondo beteak zituela.
© Jean Cocteau
© itzulpenarena: Jose Antonio Sarasola