HITZAURREA
«Jean, harritu nazazu (étonne-moi)» esan zion Diaghilev-ek Jean Cocteau gazteari 1913an, eta erronka horrixe erantzunez bezala joan zen haziz eta garatuz XX mendeko frantziar literaturako artistarik erabatekoena. Jean Cocteau Maisons Laffitten jaio zen 1889an eta Milly-n, Paris inguruan, hil 1963an. Artearen alor asko landu zituen maisutasun handiz, denetan ere arrakastarik distiratsuenak lortuz; bere gariko gizarte bizitzan ere guztiz ospetsu eta ezaguna zen. Hau dela-ta, zorroztasun handiz deitu zion Juan Ramon Masoliver-ek «jaki guztietako saltsa berrogeita hamar urtetan zerbitzaturiko afari mundutar-kultural guztietan». Poesian bere olerki liburu onenak honako hauek ditu: Le Cap de Bonne-Espérance (1918); Poésie (1920); Vocabulaire (1922), eta Plain Chant (1923) beren bitxitasunagatik eskola formatzera iritsi zirenak. Antzerkigintzako obrarik garrantzitsuenak: La machine infernale (1934); Les chevaliers de la Table Ronde (1937); Les parents terribles (1938); L'aigle à deux têtes (1946). Entseiugile gisa idatzi zituen: Essai de critique indirecte (1932); Le Greco (1934), eta La dificulté d'Entre (1947). Bere gaztaroan batez ere literaturara bezainbat musikara dedikatu zen, Stranvinski, Milhaud eta Satie-rekin batera jardun zuen lanean eta Pariseko lehendabiziko jazz kontzertuen bultzatzaile izan zen. Arte plastikoetara ere emana, Picassoren adiskide izan zen, entseiu bat ere dedikatu ziolarik honen obrari; Cocteauk berak ere denboraldi luzeak eman zituen pintore gisa bere bizitzako azken boladan. Hala parte hartu zuen Fréjus-eko elizaren dekorazioan, Menton-eko Udaletxeko areto nagusian, eta Villefranche-sur-Mereko kaperan. Zine zuzendari ere izan zen, abangoardiako zinema deritzon horretan. Izenburu aipagarrienak: Sang d'un poète, La Belle et la Bête, Testament d'Orhpée.
Idazle gisa, bere eleberri ospetsuena honako hauxe du: Les Enfants terribles (1929), Ume terribleak izenburupean euskaratu dudana. Tragediako ume bihurri eta moral gabeko batzuen istorioa. Haurtzaroko unibertsoa erakusten digu poesiaren argitan. Dena ageri da lauso artean poesiazko mundu horretan: sexuaren eta maitasunaren oldarra eta heriotzaren irrika haurtzarotik irten nahi ez duten izaki horien baitan. Ume bihotzaren arinkeria sakonei buruzko istorio miresgarri honetan, Cocteauk, jokaeraren sustrai tragikoak aztertzen ditu.
Joxe Antonio Sarasola
© Jose Antonio Sarasola