HITZAURREA

 

        «Alkoholikoa naiz. Drogazalea naiz. Homosexuala naiz. Jeinua naiz... Baina oraindik ez naiz santua». Halaxe idatzi zuen Capotek Music for Chameleonsen (Música para camaleones gaztelaniazko argitarapenean), bizi zela argitaratutako azken liburuan. Ondo ikasia zuen ordurako probokazioaren jokoa. Egia esan, argitara emandako lehen liburutik —Other Voices, Other Rooms, Otras voces otros ámbitos gaztelaniaz— agertu zen Capote maisu eskandalua eta probokazioa eragiten. Kontrazaleko argazki hala-holakoa izan zen horretarako aitzakia. Azken liburua izan behar zuenean —Answered Prayers, Plegarias atendidas—, ospe-urteetan zehar ezagututako beautiful peoplearen kronika eskandalagarrian, denak, lagun eta etsai, larrutu eta larrugorritan utziko zituen.

        Hala ere, Capote espektakular horrez gainera, bada beste Capote samur bat. Kontakizun honetan agertzen dena, hain zuzen. 1967.ean eman zuen argitara, bere literatur ibilbidearen erdian zegoenean. Haurtzaroko oroitzapenak kontatzen ditu. Gurasoek hanka egin eta izter-senide batzuen etxaldean Alabamako herrixka batean emandako urteetako oroitzapenak.

        Baina niri ipuin zoragarria ere iruditu zait. Alfer-lana litzateke autobiografia eta fikzioa, bizitza eta literatura, bereizten hastea. Are alferrikoagoa Capoteren kasuan, berau baita «narrazio errealak» helburu hartuta, kontakizun era horien idazle nagusietarik bat (Hor dugu klasikoetan klasikoa, klasikorik bada: In Cold Blood — A sangre fría).

        Eta bizitza eta literatura bereizteko tentazio ororen kontra, irakurleak frogatu ahalko du ezetz, guztiz kontrakoa gertatzen dela hemen, oroitzapenen kutsu horrexek, oroimenaren begirada urrunduak, berebiziko indarra ematen diola kontakizunari.

        Kontakizun autobiografikoa izateaz gainera, ikaskuntzazkoa ere bada Eskerregite eguneko bisitaria. Haurtzaroan izaten diren esperientziak lehenak direlako edo, gure arima lehen aldiz urratzen dutelako edo, gerora uzten duten tarratada ezabaezina izaten da. Eta hori kontalariaren aparteko maisutasunez ematen asmatzen du Capotek. Bere kontalari-jakintzaz ondo hornitu den idazlearen helduarotik kontatzen digu.

        Gaitza («Hitz egin dezagun gaiztoez. Odd Henderson da ezagutu dudan gizakirik gaiztoena», horrela ekiten dio istorio honi), Ontasuna, Maitasun eza eta Maitasun beharra (Miss Sook, haurtzaroan izan zuen lagunik minena, zeini eskainiko zion Grass arp, —El arpa de hierba— nobela: Miss Sook Faulk-i atxikimendu sakon eta egiazkoak gogoan» ), Gorrotoa, Mendekua (mendeku deliberatua, bekaturik larriena, barkaezinena dela erakutsiko dio Sookek) Bakardadea,... horiexek daude presente hemen. Haur baten lehen esperientzietan txertatu ziren indar apartekoaz, eta idazle talentuz betearen tentu finaz eta ofizioaz emanak.

        Zer alde ote dago Espektakuluaren olatu apartsuek daramaten Capoteren —garaiko beautiful people guztiarekin kontakatilu eta sesiozale ageri den Answered Prayerseko Capotereneta Alabamako herrixka galdu bateko haur herabeti eta bere izate mingarriarekin aurrez aurre topo egiten duen ume haren artean? Agian uste baino hurbilago daude elkarrengandik. Hala zioen elkarrizketa batean, bizitzaz ideia tragikoa izan zuela betidanik, eta bere fribolitatea, bere pertsonaia publikoa, hortik ulertu behar zela: «Korridore ilun batean dagoena naiz, tragediaz eta heriotzaz trufa egiten. Horregatik maite ditut xanpaina eta Ritz hotelean ostatu hartzea».

        Ez da, ez, santutarako biderik txarrena.

 

Iñaki Iñurrieta

 

 

 

© Iņaki Iņurrieta

 

 

"Truman Capote / Eskerregite Eguneko bisitaria" orrialde nagusia