V KAPITULUA

 

        Eritasunaren beherakada ustekabean etorri bazen ere gure hiritarrek ez zuten horregatik alaitasunerako presarik azaldu. Iragandako hilabeteek, askatasunerako egarria handitu bazieten ere, zuhurrak izatera erakutsi zieten eta ohitu epidemiaren amaiera lasterrean gero eta gutxiago sinestera. Hala ere, gertakizun berri hau ahotik ahora zebilen eta, bihotzen sakonean aitortu ezineko itxaropen handi bat zebilen guztia bigarren maila batean geratu zen. Izurritearen biktima berriak garrantzi eskasa zuten gertaera itzel haren parean: estatistikek behera egin zuten. Osasun aldia, argi eta garbi itxarondakoa ez bazen ere, nola hala sekretuan espero zutenaren seinalea zera zen, alegia gure hiritarrek gogotik mintzatu zirela handik aurrera, nahiz eta axolagabe itxuraz hitz egin, izurritearen ondotik bizimodua antolatuko zuten moduari buruz.

        Ados zetorren mundu guztia aurreko erosotasuna bat-batean aurkituko ez zutenaz pentsatzerakoan eta errazagoa zela gauzak suntsitzea berriz eraikitzea baino. Horniketa neurri batean hobetu ahal izango zela pentsatzen zuten besterik gabe, eta, horrela, behar premiatsuenak bete ahal izango zituztela. Baina, berez, azalpen hutsal hauen azpitik, itxaropen zoroa ari zen lehertzen aldi berean, eta halako punturaino ezen gure hiritarrak noizean behin horretaz jabetzen baitziren eta esaten zuten orduan, azkarregi esan ere, askapena, edozein aldetara, ez zela hurrengo egunerako kontua.

        Eta, hala, izurria ez zen gelditu hurrengo egunean, baina, itxuraz, arrazoiaren izenean espero zatekeen baino azkarrago ahultzen joan zen. Urtarrilaren lehenengo egunetan, inoiz bezala hoztu zuen giroak eta bazirudien kristalizatu egin zela hiriaren goialdean. Zerua, ordea, sekula hain urdinago zegoen. Eguna joan eta eguna etorri, haren izotzezko edertasun aldagaitzak etengabeko argitasunez bete zuen gure hiria. Aire garbi honetan, izurritea, hiru astetan eta bata bestearen atzeko jauzi alditan, ilaran jartzen zituen gero eta hilotz urriagotan abaildu zen antza. Epe laburrean, hilabetetan gordetzen jardundako indarrik gehienak galdu zituen. Zinez aukeratuak zituen Grand edo Rieuxen neskatxa bezalako harrapakinak nola galtzen zituen ikusterakoan, nola halako eta halako auzotan bizpahiru egunetan sutan jartzen zen, beste hainbatetik erabat desagertzen zen artean, nola ugaltzen ziren biktimak astelehenean eta asteazkenean, ostera, ihes egiten uzten zien ia denei, nola ito egin edo azkarregi joaten zen ikusterakoan, esan zitekeen urduritasunez edo nekeagatik nahasten ari zela, beraren gaineko jabetzarekin batera, bere indarra osatu ohi zuen eraginkortasun matematikoa eta subiranotasuna galtzen ari zela. Castelen sueroak, bat-batean, ordura arte ukatuak izan zitzaizkion garaipenak lortu zituen. Ordura arte inolako emaitzarik jaso ez bazuten ere, medikuek hartzen zuten neurri bakoitzak bazirudien bete betean ematen zuela oraingoan. Izurritea inguraturik zegoela ematen zuen eta haren berehalako ahuleziak ordura arte kontra egin zioten arma maskalduak indartu zituela. Noizean behin bakarrik egiten zuen gora eritasunak eta, nola-halako ustekabe itsuz, osatuko zirelakoan zeuden hiruzpalau eri eramaten zituen. Izurripeko dohakabeak ziren hauek, esperantzaz beterik zeudenean akabatzen zituenak. Hauxe izan zen Othon epailearen kasua. Berrogeialdirako esparrutik eraman behar izan zuten, eta Tarrouk hari buruz esan zuen, ezetz, ez ziola zorteak lagundu, ezin daitekeelarik jakin hala ere epailearen heriotzari edo bizitzari buruz ari ote zen.

        Baina, bataz beste, infekzioa beheraka zihoan eta prefekturaren komunikatuek, hasiera batean itxaropen lotsati eta ezkutuak adierazten zutenek, onarrarazi zuten publikoaren izpirituetan garaipena lortu zutenaren sinesmena eta eritasuna atzeraka zihoala. Egia esateko, ez zen erraza benetako garaipena ote zen jakitea. Eritasuna etorri bezala bazihoala, horixe zen egiztatu beharreko gauza bakarra. Haren kontra erabilitako estrategia ez zen aldatu, eraginkortasunik gabea atzokoan eta, gaurkoan, zorionekoa itxuraz. Eritasuna bere kabuz agortu zenaren susmoa besterik ez zegoen, edo agian eginbeharreko guztiak bete ondoren alde egin zuela. Edozein aldetara, haren zeregina bukatua zen.

        Dena dela, hirian deus ez zela aldatu esan zatekeen. Betiere isiltsua egunez, jendetza berberak betetzen zuen gauetan, berokiak eta bufandak zirelarik besterik gabe nagusi. Zineek eta kafeek berdin jarraitzen zuten lanean. Baina, hurbilagotik begiratzerakoan, aurpegiak lasaiago ikusten ziren eta barre ere egiten zuten tarteka. Eta orduan izan zen garaia, ordura arte kalean inork ez zuela barrerik egiten konturatzeko. Egiaz, urratu bat egina zen, hilabete batzuk lehenagotik, hiria inguratzen zuen estalki gardenean, eta astelehenero, bakoitzak, irratiko berriak entzuterakoan, egiazta zezakeen urratu hura nola handitzen zihoan, azkenerako arnasa hartzeko aukera eskaintzeko moduan. Lasaitu guztiz kaltegarria zen oraindik ere eta adierazpen garbirik ez zuena. Baina aurretik tren bat irten edo ontzi bat heldu, edota autoek berriz ere ibiltzeko baimena zutenaren berria nolabaiteko sinesgogortasunez baino hartuko ez bazuten ere, urtarrilean gertatutakoaren iragarpenak, ostera, ez zuen inolako ustekaberik sortu. Gutxi zen dudarik gabe, ñabardura xume honek garbi adierazten zuen, berez, zenbaterainoko aurrerapena egina zuten gure hiritarrek itxaropenaren bidetik. Bestalde ere, esan daiteke itxaropenik txikiena biztanleriarengan ahalgarri bilakatu zen momentutik aurrera, han bukatu zela izurriaren benetako erregetza.

        Aipatu beharrekoak dira ere, urtarrilean zehar, gure hiritarrek azaldutako jokaera kontrajarriak. Zuzen esateko, asaldura, eta depresio aldietatik pasa ziren aldika- Honela, ihes saio berriak gertatu ziren, estatistikak emaitza hoberenak ematen ari ziren momentuan. Harrituta utzi zituen horrek agintariak eta baita guardia postuak ere, ihesaldi saio gehienek lortu baitzuten beren xedea. Baina, azken batean, momentu hartan ihesi zihoazenek berezko sentimenduei jarraitzen zieten. Batzuengan, izurriak burutik kendu ezin zuten ezkortasun sakona errotua zuen. Itxaropenak ez zuen eraginik, haiengan. Izurrite garaia bukatu zenean ere, beren araupean jarraitu zuten bizitzen haiek. Atzeraturik zebiltzan gertaerei zegokienez. Besteengan, aldiz, eta hauek ordura arte maite zituztenengandik bereizita bizi izandakoen artekoak zirelarik, bahiturik eta suminez halako denbora, luzea eman ondoren, sortutako itxaropen haizeak beren buruenganako nagusitasuna eraman zien sukarra eta egonezina piztu zuen. Nolabaiteko izumena sortzen zitzaien agian, bukaeratik hain hurbil egonda, hil egin zitezkeela pentsatzetakoan, maite zituztenak ez zituztela berriro ikusiko eta pairatutako sufrimendu luzeek ez zutela ordainik izango. Hilabetetan zehar, tema ilunez, espetxe eta erbesteratzearen gainetik, itxaroteari ekin bazioten ere, nahikoa izan zen lehenengo itxaropena beldurrak eta etsimenak ezabatu ahal izan ez zutena desegiteko. Eroaren modura joan ziren arrapaladan izurriari aurrea hartu nahian, honen pausoari azken momentura arte jarraitzeko gai ez zirela.

        Garai berean, bestalde, bat-bateko baikortasun seinaleak agertu ziren. Hala, jaitsiera nabarmena izan zuten prezioek. Ekonomiaren ikuspegitik, ezin zen mugimendu hau ulertu. Eragozpen berberak zeuden, berrogeialdiko formalitateak indarrean zeuden oraindik ere ateetan, eta ez zegoen inolako hobekuntzarik horniketan. Guztiz fenomeno moral baten aurrean geunden beraz, izurriaren atzerakadak guztiarengan eragina izango balu bezala. Aldi berean, baikortasuna jabetzen ari zen aurreragotik taldean bizi eta eritasunak bereiztera behartu zituenengan. Birgaitze lanetan hasi ziren hiriko bi komentuetan eta berriz ekin zioten bateango bizimoduari. Gauza bera gertatu zen militarren artean, libre zeuden kuarteletan bildu baitzituzten berriz ere: goarnizioko bizimodu arruntari ekin zioten. Gertakari txiki hauek zinez ezaugarri handiak ziren.

        Urtarrilaren 25a arte bizi izan zen biztanleria sekretuzko asaldura honekin. Aste hartan, estatistikek halako jaitsiera nabarmena azalduz, mediku batzordeari kontsulta egin ondoren, epidemia ezabatuta kontsidera zitekeela iragarri zuten. Iragarpenak jarraitzen zuen esanez, populuak onartuko zuen bezala zuhurtasunaren izenean jokatuz, hiriko ateak oraindik ere bi astetan itxita egongo zirela eta neurri profilaktikoek hilabete batean indarrean jarraituko zutela. Epe horretan, arriskua berriz sortu zitekeen ezaugarririk txikienaren aurrean «statu quo-a mantendu beharko da eta neurriak hartara zuzenduak izango dira». Mundu guztia, dena dela, ados zetorren eranskin hauek estiloko klausula moduan hartzerakoan eta, urtarrilaren 25eko gauean, alaitasunezko asaldura jabetu zen hiriaz. Poztasun orokorrarekin bat egitearren, osasun garaiko argia pizteko agindua eman zuen prefetak. Argitutako kaletan zehar, zeru hotz eta garbiaren pean, han sakabanatu ziren gure hiritarrak talde zalapartatsu eta irrikoietan.

        Egia da, zenbait etxetan, kontraleihoak itxita geratu zirela eta bertako familiek isiltasunean igaro zutela beste batzuek oihuz bete zuten festa hura. Dena dela, dolutan ziren izaki hauetako askorentzat, lasaitu handia izan zen, nahiz beste ahaide batzuek eraman ahal izatearen beldurra gainetik kendu zutelako, nahiz norberaren ardurazko sentipena dagoeneko eme ez zegoelako. Baina alaitasun orokorretik kanpo geratu behar izan zuten familiak, ezbairik gabe, momentu hartan bertan, ospitalean izurriak jotako norbait zutenak eta berrogeialdirako etxetan edota beraienetan, errauspenak besteekin bukatu zuen bezala, beraiekin ere benetan bukatzea espero zutenak izan ziren. Jakina bazutela itxaropenik hauek ere, baina erreserban zuten hornigai moduan gordetzen zuten, eta ez zuten handik hartzen benetan horretarako eskubidea izan arte. Eta itxarote hura, beila isiltsu hura, agoniaren eta pozaren erdibidean, are krudelagoa iruditzen zitzaien orain, alaitasun orokorraren erdian.

        Baina salbuespen hauek ez ziren inola ere oztopo izan besteen atseginerako. Zalantzarik gabe, izurria ez zen oraindik bukatu eta hori frogatu behar zuen. Hala ere, hainbat astetako aurrerapenez, dagoeneko izpiritu guztiengan trenak abiatzen hasiak ziren txistuka amaierarik gabeko trenbideetan barrena eta ontziak itsaso argitsuetan barrena nabigatzen. Hurrengo egunean, izpirituok lasaiago egongo ziren eta berriro sortuko zen kezka. Momentuan, ordea, hiri osoa mugitzen hasia zen, harrizko sustraiak botatako leku hertsi, ilun eta higiezinetatik aldentzen, eta martxan jartzen bizirik irtendako zamarekin. Gau hartan, Tarrou eta Rieux, Rambert eta besteak ere, jende multzoaren artera sartu ziren eta beraiek ere izan zuten pausoak eman ahala lurra falta zitzaiela sumatzearen berri. Boulevardetatik aldendu eta denbora luzea pasa ondoren, Tarrouk eta Rieuxek atzetik zetorkien bozkarioa entzuten zuten oraindik ere, kalexka bakartietan barrena, kontraleihoak botata zituzten leihoen aurrealdetik zihoazen aldi berean. Eta beren abailduraren kausaz, ezin zuten kontraleihoen atzealdera zabaltzen zen sufrimenduaren eta pixka bat harantzago kaleak betetzen zituen alaitasunaren artean bereizi. Hurbiltzen zihoakien askatasunak barrez eta malkoz nahasitako aurpegia zuen.

        Durdurioa are ozenagoa eta alaitsuagoa egin zen momentu batean, Tarrou gelditu egin zen. Zoru ilunetik, eite bat zihoan arin korrika. Katua zen, udaberriaz geroztik ikusten zuten lehenengoa. Bertan geratu zen momentu batean kalearen erdian, dudatan jardun, hanka milizkatu, eskuineko belarritik azkar pasa zuen, korrika isiltsuari ekin zion eta han desagertu zen gauaren erdian. Tarrouk irribarre egin zuen. Agure txikia pozik egongo zen.

 

 

        Baina izurriteak, isiltasunez atera izan zen gordeleku ezkutura berriz itzultzeko, aldentzera zihoala ematen zuen momentuan, izan zen hirian pertsona bat behintzat abiada honek balditurik utzi zuena. Cottard zen berau, Tarrouren liburuxkek diotenari sinetsi behar badiegu.

        Egia esateko, oharkizunak zeharo bitxiak bilakatu ziren estatistikek behera egin zuten momentutik. Nekeagatik izango zen, baina idazkera ia irakurri ezina da eta sarriegi pasatzen da gai batetik bestera. Gainera, eta lehenengo aldiz, objektibotasun faltan ageri dira koadernoak eta bere gogapenek betetzen dute lekua. Horrela bila daiteke, Cottarden kasuari buruzko pasarte nahiko luzeen erdian, katuen agureari dagokion aipamen txiki bat. Tarrouri sinestekotan, izurriak ez zion deus kendu pertsonaia harenganako zuen ardurari, interes handia baitzeukan berarengan izurritearen ondoren, aurretik ere izan zuen modura eta, zoritxarrez, nahiz eta borondatea azaldu, ezin izango zuen hari buruzko interesa mantendu, ez Tarrouren erruagatik hala ere. Zeren haren bila joana baitzen. Urtarrilaren 25eko gauetik egun batzuetara, kalexkaren kantoia batean jarri zen. Han zebiltzan katuak, eguzkiaren errainuen berotan, topaketara zintzo azalduz. Baina ohiko ordua heldu eta kontraleihoak temaz botata jarraitzen zuten. Hurrengo egunetan, Tarrouk ez zituen sekula zabalik ikusi. Ondorio bitxia atera zuen, alegia agure txikia atsekabeturik edo hilda egon behar zuela. Atsekabeturik baldin bazegoen, arrazoi zuela pentsatzen zuelako izango zen eta izurriak huts egin ziolako, baina hilda baldin bazegoen, galdetu beharra zegoen nahiz hari buruz, nahiz asmatiko zaharrari buruz, santua izan ote zen. Tarrouk ez zuen horrelakorik uste, baina agurearen kasuan «ezaugarri» bat bazegoela pentsatzen zuen. Agian, iragartzen zuen liburuxketan, santutasunera hurbildu baino ezin daiteke egin. Kasu horretan, satanismo apal onberarekin konformatu beharko zuen.

        Betiere Cottardi buruzko aipamenekin nahasturik, bestelako azalpen ugari ere aurki daitezke, sarritan sakabanaturik daudenak. Hauetako zenbaitzuk Grandi dagozkio, oraingoan susperraldian zebilelarik eta lanean hasia zelarik ezer gertatu ez balitz bezala, eta besteak Rieux doktorearen ama gogora ekartzen dutenak. Haren eta Tarrouren arteko bizimoduak bideratutako elkarrizketak, andre zaharraren jarrerak, haren irribarrea, izurriaren gainean azaldutako aburuak, zehatz-mehatz idatzita datoz. Mme. Rieuxen sotiltasunean tematzen da batik bat Tarrou; edozer gauza hitz xumeez adierazteko zuen moduan; kale baketsura ematen zuen leiho jakin batentzako azaltzen zuen atsegin berezian, zeinen atzean esertzen baitzen iluntzerakoan, tente samar, eskuak lasai eta begirada erne, harik eta ilunabarra gelan nagusitu, emakumea argi grisetan itzal beltza bilakaraziz, eta pixkanaka ilunpean geratzen zen arte, beraren silueta urtuz; haren pausoaren arintasunean gela batetik bestera joaterakoan; haren onberatasunean, ezen Tarrouren aurrean horren adierazpen zehatzik azaldu ez bazuen ere, egin edo esaten zuen guztian nabaritzen baitzitzaion horren distira; gogoetan jardun gabe, Tarrouk zioen bezala, dena ezagutzean azkenik, eta halako isiltasun eta iluntasunaren erdian, edozein argitasun mailan egoteko gai izatean, nahiz eta argitasun hura izurriarena baldin bazen ere. Hemendik aurrera, bestalde, ahuleziaren ezaugarri bitxiak ageri ditu Tarrouren idazkerak. Ondoren datozen lerroak nekez irakur daitezke eta, ahuldura honen froga berri bat eman nahian edo, lehenengo aldiz berari zegozkionak izan ziren azken hitzak; «Horrelakoa nuen ama, sotiltasun hori bera atsegin nuen harengan eta haren ondora itzuli nahi izan dut beti. Orain dela zortzi urte, ezin esan hil egin zenik. Ohikoa zuen baina pixka bat gehiago sotildu zen eta, itzuli nintzenerako, ez zegoen han jadanik.

        Baina gatozen Cottardengana. Estatistikek behera egin zutenean, zenbait bisita egin zizkion honek Rieuxi, hainbat aitzaki jarriz. Baina, azken batean, aldioro, epidemiaren gaineko aburuak eskatzen zizkion. «Horrela, bat-batean, gera daitekeela benetan pentsatzen al duzu, jakinaren gainean jarri gabe?» Sinesgaitz ageri zen puntu honi buruz, edota horrela azaltzen zuen behintzat. Behin eta berriz egiten zituen galderek gero eta uste ahulagoa adierazten zuten itxuraz. Urtarrilaren erdi aldera, nahiko baikor erantzun zion Rieuxek. Eta aldioro, erantzun hauekin poztu ordez, egunaren arabera, umore txarretik suminduraraino zihoazen jokaeraz erantzuten zuen Cottardek. Ondorioz, nahiz eta estatistikek onezko azaldu, oraindik ere garaipen oihurik ez aldarrikatzea hobe izango zela esatera behartua egon zen Rieux.

        — Beste modu batera esateko —azaldu zion Cottardek—, ezer ez dakigu; egun batetik bestera indartu al daiteke?

        — Bai, baina posible da osaketa azkartzen joatea ere.

        Mundu guztiarentzat kezkagarria zen jakineza hark, lasaiturik utzi zuen haatik Cottard, eta Tarrouren aurrean, bere auzoko saltzaileekin hizketan jarduna zen, Rieuxen ustearen berri zabaltzen ahaleginduz. Horrek ez zion lanik ematen, egia da hori. Zeren lehenengo garaipenen beroaldia pasa ondoren, prefekturaren adierazpenak eragindako asalduraren gain egongo zen zalantza sortu baitzen berriz ere izpiritu askorengan. Cottard lasai zebilen kezka haren aurrean. Beste batzuetan, berriz, uzkurtuta geratzen zen. «Bai, esaten zion Tarrouri, azkenerako ateak zabalduko dituzte. Eta ikusiko duzu nola utziko nauten denek botata!»

        Urtarrilaren 25a arte, mundu guztia konturatu zen haren izaera aldaketaz. Egunak joan eta egunak etorri, hain denbora luzean auzokideekiko harremanak zuzendu nahian ibili ondoren, argi eta garbi eteten zuen haiekin. Itxuraz behintzat, mundutik aparte joaten zen horrelakoetan eta, egun batetik bestera, basatiaren bizimodua egiten zuen. Ez zuten ez restaurantetan, ez antzokian, ez atseginen zituen kafeetan ikusten. Eta, hala ere, ez zirudien epidemiaren aurretik zeramakien bizimodu eratsu eta ilunera bueltatzen zenik. Erabat aparte bizitzen zen bere etxean sartuta eta inguruko restaurante bati agintzen zion bazkaria igo ziezaioten. Gauetan baino ez zen isilpeka irteten, behar zituenak erosi eta kale hutsetan barrena joateko. Tarrouk orduan ikusiko balu, silaba bakarrak baizik ez zituen entzungo haren ahotik. Handik egun batzuetara, erdibiderik gabe, lagunkoi azaltzen zen berriz ere, izurriari buruz oparo hitz eginez, norbaiten iritzia eskatuz eta gauero jendetzaren uhinean murgilduz.

        Prefekturaren adierazpena zabaldu zen egunean, zeharo desagertu zen Cottard jendartetik. Handik bi egun barru, han bilatu zuen Tarrouk, kaletan nora jo ez zekiela Cottardek hiringurura lagun zezala eskatu zion. Tarrou zalantzan geratu zen, izan ere, leher eginda baitzegoen egun hartan. Besteak behin eta berriz eskatu zion. Asaldaturik zirudien, imintzio nahasiak eginez, mintzo azkar eta ozenez. Lagunari galdetu zion ea honek benetan pentsatzen ote zuen prefekturaren adierazpenak izurritea bukatutzat ematen zuela. Noski, adierazpen administratiboa berez ez zela errauspena gerarazteko lain irizten zion, baina arrazoizkoa zela epidemia, ezustekorik gertatu ezean, geratu egongo zela pentsatzea.

        — Bai —esan zion Cottardek—, ezustekorik gertatu ezean. Baina beti gertatu ohi dira ezustekoak.

        Tarrouk azaldu zion prefekturak, dena dela, ezusteak kontuan hartuak zituela, bi astetako epea jarriz ateak zabaltzeko.

        — Eta ondo egin du —esan zion Cottardek, betiere kopetilun eta asaldaturik—, zeren gauzak doazen moduan, agian alferrik hitz egingo baitzuen.

        Litekeena zela azaldu zion Tarrouk, baina hobeto zela ateak laster zabaltzeko eta ohiko bizimodura itzultzeko erabakia hartzea pentsatzen zuen.

        — Onar dezagun —esan zion Cottardek—, onar dezagun hori, baina zer da ohiko bizimodu delako hori?

        — Zinetan pelikula berriak izatea —esan zion Tarrouk irribarrez.

        Cottardek, ordea, ez zuen irribarrerik egin. Hark jakin nahi zuena zen ea izurriak ez ote zuen deus aldatuko hirian eta ea gauzak aurretik bezala jarriko ziren martxan, hau da, ezer gertatu ez balitz bezala. Izurriak hiria aldatuko zuela eta ez zuela aldatuko pentsatzen zuen Tarrouk, jakina, gure hiritarrak hirian deus aldatu ez balitz bezala jokatuko zutela gogorik bizienez eta, beraz, alde batetik deus ez zela aldatuko, baina beste alde batetik ikusita, inola ere ezingo zela dena ahaztu, nahiz eta horretarako nahiko borondatea izan, eta, bihotzetan behinik behin, arrastoa utziko zuela izurriak. Errentari txikiak garbi azaldu zuen bihotza ez zitzaiola axola eta hain zuzen ere bihotza zela bere azkenetako kezka. Hark jakin nahi zuena zen ea antolakuntza bera ez ote zuten aldatuko, ea, esate baterako, zerbitzu guztiek aurrerakoan bezala funtzionatzen jarraituko ote zuten. Eta Tarrouk ezer ere ez zekiela aitortu behar izan zion. Honen ustetan, bidezkoa zen pentsatzea zerbitzu guzti haiek, epidemia garaian nahasturik egon ondoren, zailtasunak izango zituztela berriz abiatzerakoan. Pentsa zitekeen ere sortuko ziren arazo ugariek, zerbitzu zaharrak berrantolatzea eskatuko zutela behintzat.

        — A! —esan zion Cottardek—, litekeena da, bai, mundu guztiak gauza guztietan berriz hasi beharko du.

        Bi pasealariak Cottarden etxe ingurura heldu ziren. Adoretsu zebilen hau orain, baikor izaten ahalegintzen ari zen. Berriz ere bizitzari helduz irudikatzen zuen hiria, iragana ezabatuz hutsetik berrabiatzeko.

        — Beno —esan zion Tarrouk—. Edozein aldetara, zuretzat ere konponduko dira gauzak agian. Nola edo hala, bizimodu berria hasiko da. Etxe aurrean, eskua eman zioten elkarri.

        — Arrazoi duzu —esan zion Cottardek, gero eta suztatuago—, hutsetik berriz hastea, ez litzateke batere txarra izango.

        Korridoreko itzalpetik, ordea, bi gizon atera ziren. Apenas izan zuen Tarrouk denbora lagunak morroi haiek zertan ari ote ziren galdetu zienean entzuteko. Morroi haiek, igandez jantzitako itxuraz, zuzenean galdetu zioten Cottardi ea Cottard ote zen bere izena eta honek, halako aldarri apala boteaz, atzealdera jiratu eta berehalakoan murgildu zen gauean, ez besteei, ez Tarrouri berari ere imintziorik egiteko denborarik eman gabe. Ustekabea pasa ondoren, ea zer nahi zuten galdetu zien Tarrouk bi gizonei. Zuhur eta adeitasunezko aurpegia jarri zuten ikerketa kontua zela adierazterakoan eta abiatu egin ziren, astiro, Cottard joandako bidetik.

        Etxera sartzerakoan, Tarrouk gertatutakoari buruz idatzi zuen eta momentuan (horrela azaltzen du idazkerak) nekea sumatu zuen. Oraindik ere gauza asko gelditzen zirela egiteko gehitu zuen, baina ez zela hori prest ez egoteko arrazoia, eta galdetzen zion bere buruari ea, hain zuzen ere, prest ote zegoen. Erantzuten zuen azkenik, eta hor bukatzen dira Tarrouren liburuxkak, beti egon ohi zela egunean eta gauean ordu jakin bat zeinetan gizona koldar bilakatzen zen, eta ordu horri bakarrik ziola beldurra.

 

 

        Handik bi egun barru, ateak zabaldu baino egun batzuk lehenago, Rieux doktorea, eguerdian etxera sartzerakoan, bere buruari galdezka ari zitzaion ea espero zuen telegrama bilatuko ote zuen. Garai hartako egunak izurritearen momenturik larrienetan bezain nekagarriak baziren ere, erabateko askatasunaren itxaropenak neke guztiak ezabatuak zizkion gorputzetik. Itxaroten zegoen orain, eta pozik zebilen. Ezin zaio norberaren borondateari beti behartu eta beti zurrun ibili; a zer nolako zoriona, azkenean, borrokaldiaren eraginez kondendutako indar sorta, bozkarioz, desegin ahal izatea. Espero zuen telegramak, harexek ere, berri onak ekarriko balitu, berriz ere abiatu ahal izango zen Rieux. Eta mundu guztia berriz abiatuko zelakoan zegoen.

        Atezaindegiaren aurretik pasatzerakoan, irribarre egin zion atezain berriak, kristalaren kontra jarrita. Eskaileratik gora igotzerakoan, bere aurpegia ikusten zuen, nekeagatik eta jasandakoagatik zurbilduta.

        Bai, berriz hasiko zen abstrakzioa amaitzerakoan, eta zorte pixka batekin... Baina momentu berean atea zabaltzen ari zen eta ama etorri zitzaion M. Tarrou ez zegoela ondo esatera. Goizean jaiki zen baina ezin izan zuen irten eta berriro ohera sartu omen zen. Mme Rieux kezkatuta zegoen.

        — Ez al du gauza larririk izango —esan zion semeak.

        Tarrou luze etzanda zegoen, buru mardula burukoaren hondoan jarrita zuen, bere bular sendoa maindireen azpian nabarmentzen zitzaion. Sukarra zuen, buruko minak oinazea sortzen zion. Nola-halako sintomak zituela, izurriarenak izan zitezkeenak, esan zion Rieuxi.

        — Ez, ez dago gauza garbi oraindik —esan zion Rieuxek, aztertu ondoren.

        Baina Tarrou egarriz hil beharrean zegoen. Pasilloan, izurriaren hasiera izan zitekeela esan zion doktoreak bere amari.

        — O! —esan zuen hark—, ez da posible, nola ba orain! Eta segidan:

        — Utz dezagun hemen, Bernard.

        Rieuxek gogoetan jardun zuen:

        — Ez daukat horretarako eskubiderik —esan zion—. Baina laster zabalduko dituzte ateak. Hemen izango ez bazina, ziur naiz eskubide horretaz baliatuko nintzatekeela lehendabiziko aldiz.

        — Bernard —esan zion amak—, gorde gaitzazu biok. Badakizu txertatu berria naizela.

        Doktoreak Tarrou ere txertatuta zegoela esan zion, baina, nekeagatik edo, urtarrileko sueroaren azken injekzioa ez zuela jarri izango agian, edota prekauzioren bat ahaztu izango zuela.

        Rieux kontsultara joan zen. Gelara itzuli zenean, sueroz betetako anpulu handi batzuk zekarzkiela ikusi zuen Tarrouk.

        — A! Hori al da —esan zion.

        — Ez, baina prekauzio neurri bat da.

        Erantzun moduan, Tarrouk besoa luzatu zion eta beste eriei berak sarritan jarri ohi zien injekzio amaigabe hura jasan zuen.

        — Gauean ikusiko dugu —esan zion Rieuxek, eta aurrez aurre begiratu zion Tarrouri.

        — Eta isolamendua, Rieux?

        — Ez dago erabat garbi izurriterik duzunik.

        Tarrouk nekez egin zuen irribarre.

        — Lehenengo aldia da sueroa ziztatu eta aldi berean isolamendua agintzen ikusten ez dudana.

        Rieux bueltatu egin zen:

        — Amak eta biok zainduko zaitugu. Hobeto egongo zara hemen.

        Tarrou isildu zen eta doktoreak, anpuluak atonduz, hura hitz egiten noiz hasiko zain egon zen jiratzeko. Azkenean, ohe aldera joan zen. Eria begira zeukan. Neke aurpegia zuen, baina begi grisak lasai zituen. Rieuxek irribarre egin zion.

        — Egin ezazu lo, ahal baduzu. Laster itzuliko naiz.

        Atera iritsi orduko, Tarrouren ahotsa deika ari zitzaiola entzun zuen. Berarengana itzuli zen.

        Tarrou, ordea, esan behar zion adierazpenarekin zalantzan zebilen.

        — Rieux —ahoskatu zuen azkenean—, dena esan behar didazu, jakin beharra daukat.

        — Zin egiten dizut.

        Hark irribarre modura okertu zuen pixka bat bere aurpegi betea.

        — Eskerrik asko. Ez dut hiltzeko gogorik eta borrokan egingo dut. Baina lehian galduko banu, amaiera on bat egin nahi nuke.

        Rieux beheratu zen eta bizkarretik heldu zion.

        — Ez —esan zion—. Santu izateko, bizi egin behar da. Jardun borrokan.

        Egunean zehar, hotz handia egin ondoren epeltzen joan zen giroa pixkanaka, baina, arratsalderako, euri eta kazkabar eraso gogorra hasi zen. Ilunabarrarekin batera, zerua garbitu zen zertxobait eta eguraldia hozten joan zen. Rieux etxera itzuli zen iluntzerakoan. Berokia erantzi gabe, lagunaren gelara sartu zen. Josten ari zen ama. Bazirudien Tarrou mugitu gabe egona zela, baina haren sukarrak zurbildutako ezpainek, garbi adierazten zuten aurki izango zuen borrokaren berri.

        — Eta? —esan zion doktoreak.

        Tarrouk, ohetik kanpo, pixka bat jaso zuen bere bizkar mardula.

        — Tira —esan zion—, lehiaketa galdu dut.

        Doktorea makurtu zitzaion. Gongoilak gogortzen ari zitzaizkion kiskaltzen zuen azalaren azpian, bularra lurrazpiko labe baten soinu guztien durduriotan zuela ematen zuen. Gauza bitxia bazen ere, Tarrouk bi sintoma serieak ageri zituen. Altxatzerakoan, sueroak oraindik ere ez zuela eragiteko denborarik izan esan zion Rieuxek. Baina eztarrira etorri zitzaion sukar uhin batek galarazi zion Tarrouri azaldu nahi zituen hitz bakarrak esatea.

        Afaldu ondoren, Rieux eta honen ama gaixoaren ondora etorri ziren. Gauarekin batera hasiko zen borroka eta Rieuxek bazekin izurriaren aingeruaren kontrako erronka gogor hark egunsentiraino iraungo zuela. Ez ziren Tarrouren bizkarralde mardulak eta bular zabala bere armarik onenak, baizik eta Rieuxek bere orratzarekin berehalakoan ateratako odola, eta, odol honetan, arima baino are sakonagoa eta inolako zientziek argitara eman ez zezakeena. Eta berak laguna nola borrokatzen zen ikusi besterik ezin zuen egin. Egitera zihoana, zaindu behar zituen abzesuak, inokulatu behar zituen tonikoak, jabetua zen haren eraginkortasunaz hilabetetan etengabeko porrotak izan ondoren. Egiaz, haren zeregin bakarra, maiz sarritan eraginez baino jarduten ez duen halabeharrari aukera ematea zen. Eta beharrezkoa zen halabeharrak jardun zezan. Ezen izurriaren aurpegi hura nahasgarri baitzitzaion. Berriz ere, haren kontra altxatutako estrategiak bertan behera botatzen saiatzen ari zen, espero ez zitzaion lekutan ageri zen, dagoeneko kokatuta zegoela ematen zuenetatik desagertuz. Berriz ere, txundigarri ageri zen.

        Tarrou borrokan ari zen, geldian. Gau osoan, ez zuen behin ere asalduraz jokatu gaitzaren erasoari aurre egiteko, borrokarako bere mardultasun osoa eta isiltasun osoa bakarrik erabiliz. Hitz egin ere, ez zuen behin ere egin. Honela adierazten zuen, bere modura, ezin zela inola ere distraitu. Rieuxek borrokaldiak gainbegiratzeko lagunaren begiei so egiten zien, aldika hertsita edo zabalik, betazalak are estuago begiko globoaren kontra edota, aitzitik, are lasaiago, begirakunea gauza batean finko edota doktorearengana eta honen amarengana zuzenduz. Doktoreak begirakune honekin topo egiten zuen bakoitzean, irribarre egiten zuen Tarrouk, ahalegin handiz.

        Momentu jakin batean, pausokada azkarrak entzun zituzten kalean. Bazirudien urrutiko durdurioaren ihesi zetozela, pixkanaka-pixkanaka hotsa inguratzen joan zelarik kalea zirristaren doinuarekin betez: euria zetorren berriz ere, laster espaloitan harri-hotsa sortu zuen kazkabarrarekin nahasturik. Toldo itzelak uhinka hasi ziren leiho aurretan. Gelako ilunpean, Rieuxek, euriarekin istant batean oharkabetu ondoren, Tarrouri begira ari zitzaion berriz ere, oheburuko lanpara batez argiturik. Ama puntuan ari zen, lantzean behin gaixoari arreta handiz begiratzen ziolarik. Doktoreak egina zuen ordurako egin beharreko guztia. Euriaren ondotik, isiltasuna nagusitu zen gerra ikusgaitz baten harrabots mutuaz soilik betetako gelan. Lo faltagatik ernegaturik, isiltasunaren mugan, epidemia osoan zehar lagun izan zuen txistu gozo eta etengabea entzuten ari zela iruditu zitzaion doktoreari. Keinu bat egin zion aman, lotara joateko esanez bezala. Hark buruarekin ezetz esan zion, eta begiak argitu zitzaizkion, ondoren arretaz miatu zuen, orratzen puntan, zuzen ez zekien puntu bat. Rieux altxa zen gaixoari edaten emateko, eta berriro eseri zen.

        Oinezko batzuk, barealdia aprobetxatuz, azkar zebiltzan espaloitik. Pausoen hotsa txikitzen zen eta urrutiratzen ziren. Lehenengo aldiz, doktoreak, ikusi ahal izan zuen oinezko berantiar eta anbulantzien sirena hotsik gabeko gau hura garai batekoen antzekoa zela. Izurritik aske zegoen gaua zen hura. Eta bazirudien eritasuna, hotzaz, argiez eta jendetzaz inguraturik, hiriko sakontasun ilunetatik ihesi intena zela eta gela bero hartan babestua, Tarrouren gorputz geldoari azken erasoa egiteko.

        Errauspenak ez zuen dagoeneko hiriko zerua dardaratzen. Baina emeki ari zen txistuka logelako aire trinkoan. Huraxe zen Rieuxek orduak entzuten zeramakiena. Itxaron egin behar han ere gera zedin arte, han ere izurria menderatuta gera zedin arte.

        Egunsentia baino lehentxeago, Rieuxek amari hitz egin zion:

        — Oheratu egin beharko zenuke zortzitan manda hartzeko. Egin itzazu instilazioak ohean sartu aurretik.

        Mme. Rieux altxa zen, jertsea jaso eta ohera inguratu zen. Tarrouk denbora zeramakien begiak itxita. Izerdiak biribilkatzen zizkion ileak bere kopeta gogorrean. Mme. Rieuxek hasperen egin zuen eta gaixoak begiak zabaldu ziten. Haren aurpegi gozoa ikusi zuen beregana makurtuta eta, sukarraren uhin mugikorren pean, irribarre setatia sortu zitzaion berriz ere. Baina berehala itxi zituen begiak. Bakarrik geratu ondoren, amak utzi berria zuen siloian jarri zen Rieux. Kalea mutu zegoen eta isiltasuna erabatekoa zen oraingoan. Goizeko hotza nabarmentzen hasi zen logelan.

        Doktorea lozorroan geratu zen, baina egunsentiko lehenengo autoak atera zuen geldotasunetik. Hotzikarak astindu zuen eta, Tarrouri begiratzerakoan, etenaldi bat egona zela ulertu zuen eta eria ere lokarturik zegoela. Zaldiek tiratako ibilgailuaren zurezko eta burdinazko gurpilak jiraka ari ziren oraindik ere urrutira. Leihoan, eguna beltza zegoen oraindik ere. Doktorea ohe aldera joan zenean, begira zuen Tarrou adierazgarritasunik gabeko begiekin, oraindik ere loaren aldean balego bezala.

        — Lo egin duzu, ez al da hala? —galdetu zion Rieuxek.

        — Bai.

        — Arnasa hobeto hartzen al duzu?

        — Pixka bat, bai. Horrek zerbait esan nahi al du?

        Rieux isildu egin zen, eta handik pixka batera:

        — Ez, Tarrou, horrek ez du ezer esan nahi. Nik bezain ondo ezagutzen duzu goizetako sukar beheraldia.

        Tarrouk baietsi zuen.

        — Eskerrik asko —esan zion—. Betiere zehazki erantzudazu.

        Rieux ohearen oinean eseri zen. Ondoan sumatzen zituen eriaren hankak, etzandako estatua batenak bezain luzeak eta gogorrak. Tarrouk estuagoa zuen arnasa.

        — Sukarrak gora egingo du berriz ere, ez al da hala, Rieux? —esan zion ahots itoaz.

        — Bai, baina eguerdian ikusiko dugu.

        Tarrouk begiak itxi zituen, indarrak bildu nahian bezala. Gogapen itxura sumatzen zitzaion aurpegian. Erraietan, han nonbait, jadanik irabiatzen hasia zen sukar igoerari itxaroten ari zitzaion. Begiak ireki zituenean, begirakune lausoa zuen. Rieux gainean makurtuta nabaritu arte ez zitzaizkion garbitu.

        — Edan ezazu —zioen honek.

        Besteak edan eta buruari jausten utzi zion.

        — Luzea da, gero —esan zuen.

        Rieuxek besotik heldu zion, hain Tarrouk, begirada saihesturik, ez zuen erantzun. Eta bat-batean, nabarmen agertu zen berriz ere sukarra haren kopetan, barneko presaren bat hautsi izan balu bezala. Tarrouren begirakunea doktorearengana etorri zenean, honek adorea eman zion bere aurpegi zurrunaz. Orduan, Tarrou osatzen ahalegindu zen irribarrea ez zen hertsitako masailetatik eta apar zurixkaz itsatsitako ezpainetatik areago joan. Aurpegi gogortuan, hala ere, begiak kemenaren distira bizian zeuden oraindik ere.

        Zazpietan, Mme. Rieux gelan sartu zen. Doktorea langelara joan zen, ospitalera telefonoz deitu eta ordezkatuko zuen norbait bilatzearren. Kontsultak alde batera uztea ere erabaki zuen, kontsulta-gelako dibanean une batez etzan zen, baina ia berehala altxa eta logelara joan zen berriz ere. Tarrouk Mme. Rieuxengana jiratuta zuen burua. Aulkian eserita, eskuak belaun gainetan elkarturik, ondoan zuen itzal txiki eta bildu han begira ari zitzaion. Eta halako sakontasunez begiratzen zion, ezen Mme. Rieuxek behatza haren ezpainetan jarri eta altxa egin baitzen ohe ondoko lanpara itzaltzera. Eguna, ordea, azkar iragazi zen gortinen atzealdetik eta, handik pixka batera, gaixoaren arpegierak ilunpetatik jalgi zirenean, betiere begira zuela konturatu zen Mm. Rieux. Haren gainera makurtu zen, burukoa zuzen jarri eta, zutitzerakoan, eskua jarri zion bere ile busti eta kiribilduetan. Ahots apal bat entzun zuen orduan, urrundik zetorrena, eskerrak eman eta dena ongi zegoela esanez. Berriz ere eseri zenean, Tarrouk itxiak zituen begiak eta bazirudien bere aurpegi abailduan, nahiz eta hertsita egon, irribarrea ageri zitzaiola berriz ere.

        Eguerdirako, sukarra gorenean zegoen. Halako erraietako eztulak astintzen zuen eriaren gorputza eta odola botaka hasi zen. Gongoilak puztetik geratu ziren. Han zirauten ordea, hiltzeak bezain gogorrak, artikulazioen hondoan sartuta, eta ezinezkoa iruditu zitzaion Rieuxi zabaltzea. Sukar eta eztul tartetan, lagunei begiratzen zien lantzean behin Tarrouk. Laster, ordea, geroz eta gutxiago joan ziren zabaltzen, eta ordura arte aurpegi maskalduan ageri zuen argitasuna apaltzen joan zen pixkanaka. Gorputz hura dardarizozko ikaraldiz astintzen zuen ekaitzak gero eta distira bakanagoz argiztatzen zuen eta Tarrou jitoan zihoan astiro erauntsi haren sakonera. Dagoeneko ez zuen Rieuxek irribarrea desagertua zitzaion mozorro geldoa baino aurrean. Hain hurkoa izana zuen giza eite hura, lantzaz jositakoa orain, gizagaineko gaitz batek kiskalia, zeruko haize errari guztiek bihurrikatua, murgiltzen ari zen bere begi aurrean izurriaren uretan eta deus ezin zuen galtze haren aurka. Ertzean geratu beharra zuen, esku hutsik eta bihotz esturaz, armarik eta baliabiderik gabe beste behin ere suntsipen ari aurre egiteko. Eta azkenean, ezinaren malkoak izan ziren zinez Tarrou bat-batean paretaren kontra nola jiratu zen eta sakoneko aieneaz nola eman zuen azken hatsa ikustea galarazi ziotenak, bere barnean funtsezko sokaren bat eten izan balitz bezala.

        Ondorengo gaua ez zen borroka gaua izan, isiltasunarena baizik. Mundutik aparte zegoen gela hartan, oraingoan jantzita zegoen hildako gorputz haren gainean, hegan sumatu zuen Rieuxek, gau asko lehenagotik izurritearen gaineko terrazetan, ateetako erasoaren ondotik sortutako lasaitasun harrigarri hura. Garai hartan, dagoeneko gogoetan jarduna zen gizonak hiltzen utzi zituen ohe haietatik sortzen zen isiltasun hartaz. Non-nahi etenaldi bera zen, hutsarte solemne bera, borrokaldiaren ondotiko barealdi bera betiere, porrotaren isiltasuna zen. Baina hain zen trinkoa oraingoan bere laguna inguratzen zuena, hain estuki zetorren bat kaleetako eta izurritetik libratutako isiltasunarekin, ezen oraingoan erabateko porrota suertatu zenaz jabetu baitzen, gerrak bukatu eta bakeaz sendaezinezko sufrimendua egiten duen porrota izan ere. Ez zekien doktoreak Tarrouk, azkenerako, bakea bilatu ote zuen, baina, momentu hartan behintzat, bazekien berak ezingo zuela bakerik izan, semeaz erdibitutako amarentzat edota adiskidea ehorzten duen gizonarentzat armistiziorik egon ohi ez den bezala.

        Kanpoan, betiko gau hotza zegoen, izoztutako izarrak zeru argi eta izoztuan. Sasi ilunpetan zegoen gelan, kristalen kontra ahaleginean sumatzen zen gau polar baten arnasketa hitsa. Ohearen ondoan, eserita zegoen Mme. Rieux, betidaniko posturan, eskuineko aldea oheburuko lanpararen argitan.

        Logelaren erdian, argitik urrun, itxaroten zegoen Rieux siloian. Emaztea etortzen zitzaion burura, baina aldioro itzuri egiten zion.

        Gaua heltzerakoan, garbi entzun ziren oinezkoen orpo-hotsak gau hotzean.

        — Dena kontuan hartu al duzu? —esan zion Mme. Rieuxek.

        — Bai, telefonoz hots egin dut.

        Berriz ere beila isiltsuan jarraitu zuten. Mme. Rieuxek semeari begiratzen zion tarteka. Begirada haietako batean harrapatu zuenean, irribarre egin zion. Gaueko ohiko hotsak bata bestearen atzetik sortzen ziren kalean. Baimena oraindik indarrean ez bazegoen ere, asko ziren berriro martxan zebiltzan autoak. Azkar miazkatzen zuten zorua, desagertzen ziren eta berriro agertzen segituan. Aldarriak, deiak, isiltasuna sortzen zen, zaldi baten pausoa, bi tranbia kurba batean kirrinkaka, zurrumurru nahasiak, eta berriz ere gauaren arnasa.

        — Bernard?

        — Bai.

        — Ez al zaude nekatuta?

        — Ez.

        Bazekien honek ama zertan ari zen pentsatzen eta baita hark maite zuela ere, momentu hartan. Baina bazekien ere ez dela aparteko gauza norbait maitatzea, edo behintzat maitasuna ez dela inoiz berezko adierazpena bilatzeko bezain indartsua. Hala, amak eta biak isiltasunean maite zuten elkar. Eta hiltzea suertatuko zitzaion —edo agian berari—, eta ez zuten bizitza osoan aurrera joko elkarren arteko maiteminaren adierazpenean. Modu berean, Tarrouren ondoan bizi izan zen eta hura hila zen, gau hartan, bien arteko adiskidetasuna egiaz bizitzeko denborarik izan gabe. Tarrouk galdua zuen lehia, esan ohi zuen bezala. Baina berak, Rieuxek, zerbait irabazi ote zuen? Besterik gabe izurritea ezagutzea eta horretaz oroitzea irabazi zuen, adiskidetasuna ezagutzea eta horretaz oroitzea, maitasuna ezagutzea eta egunen batean horretaz oroitu behar izatea. Izurriaren eta bizitzaren jokoan gizonak irabaz dezakeen gauza bakarra ezagupena eta oroitzapena da. Hori izango al zen Tarrouk lehiaketa irabaztea deitzen ziona!

        Auto bat pasa zen berriz ere eta Mme. Rieux apur bat mugitu zen bere aulkian. Rieuxek irribarre egin zion. Amak ez zegoela nekatuta esan zion eta segidan:

        — Landara joan beharko duzu atseden pixka bat hartzera.

        — Noski, ama.

        Bai, han hartuko zuen atseden. Zergatik ez? Aitzaki ederra izango zen oroimenarentzat. Baina lehiaketa irabaztea hori baldin bazen, gogorra izan behar du dakigunarekin eta oroimenean dugunarekin soilik bizitzea, eta itxaron genezakeenik gabe. Ezbairik gabe horrela bizi izango zen Tarrou eta konturatuko zen zenbaterainoko antzua den ilusiorik gabeko bizimodua. Ez dago bakerik itxaropenik ez dagoenean eta Tarrouk, gizonei kondenatzeko eskubidea ukatzen zienak, nahiz eta inor ezin dela kondenatzetik kanpo egon eta sarritan biktimak berak ere borreroen artean egon ohi direla jakin, samintasunean eta kontraesanean bizi izan zen, ez zuen inoiz itxaropenik ezagutu. Horregatik ibili ote zen santutasunaren atzetik eta bakearen bila gizonenganako zerbitzuaren bidez? Egia esateko, Rieuxek deus ez zekien eta bost axola horrek. Bere autoa gidatzeko bolantea bi eskurekin hartu edota, dagoeneko, mugimendurik gabe zetzan gorputz mardula, haiexek izango ziren oroimenean gordeko zituen Tarrouren irudi bakarrak. Bizitzaren beroa eta heriotzaren irudia, huraxe zen ezagupena.

        Dudarik gabe, horregatik lasai jaso zuen Rieux doktoreak, goizean, emaztea hil zitzaiola berria. Kontsultan zegoen bera. Ama ia lasterkan etorri zitzaion telegrama ekartzera eta, ondoren, atera egin zen mezulariari eskupekoa ematera. Berriz etorri zenean, telegrama zabalik zuen eskuan semeak. Begiratu zion, baina hura setaz begira ari zen, leihotik, portu gainetik zabaltzen ari zen goiz ederrari.

        — Bernard —esan zion Mme. Rieuxek.

        Doktoreak oharkabean so egin zion.

        — Telegrama? —galdetu zion amak.

        — Hori da —aitortu zion doktoreak—. Duela zortzi egun.

        Mme. Rieuxek leiho aldera jiratu zuen burua. Doktorea isilik zegoen. Gero, negarrik ez egiteko esan zion amari, horrelakorik espero zuela, baina hala ere gogorra egiten zitzaiola. Bazekien, besterik gabe, hori esaterakoan, bere sufrimenduan ez zegoela ustekaberik. Hainbat hilabetez geroztik eta bi egunez geroztik, etenik ez zuen min bera zen.

 

 

        Zabaldu ziren azkenean, otsaileko goiz eder baten egunsentiarekin batera, hiriko ateak, herriak, egunkariek, irratiak eta prefekturako komunikatuek ospatu zutelarik. Narratzaileari geratzen zaion lana, ateak zabaltzearen ondotik etorri ziren alaitasunezko orduen kronikari izatea da, nahiz eta bera erabat hartan nahasteko askatasunik ez zuen horietakoa bazen ere.

        Festa handia antolatu zuten egunerako nahiz gauerako. Aldi berean, trenak kea zeriela hasi ziren geltokietan, urrutiko itsasotatik zetozen itsasontziek branka gure portura zuzentzen zuten bitartean, nolabait azalduz egun hura elkartze handiaren egona zela bereizita egoteagatik intzirika zebiltzanentzat.

        Erraz asma daiteke zertan bilakatu zen gure hainbat eta hainbat hiritarrengan egona zen bereiztearen sentipena. Egunean zehar gure hirian sartu ziren trenak ez ziren atera zirenak baino zama gutxiagorekin heldu. Denek gordea zuten eserlekua egun hartarako, bi astetako aurrerapenez, beldurrez dardarka azken momentuan prefekturako erabakia atzera ez ote zuten botako. Hirira inguratu ziren hainbat bidaiarik ez zituzten oraindik uxatu susmo txarrak, zeren batez beste hurkoenen zoria ezagutzen bazuten ere, ez baitzuten besteen edo hiriaren beraren berri, aurpegi guztiz beldurgarria antzematen ziotelarik. Baina hau denboraldi guzti hartan grinak kiskali ez zituen haientzat bakarrik zen egia.

        Hala, grinak hartutakoek ideia finkoa zuten buruan. Gauza bakarra aldatu zen haientzat: erbesteratuta egon ziren hilabetetan azkarrago joan zedin bultza egin nahi izango zioten denbora hura, oraindik ere lasterrago igaro zedin lehiatzen zirelarik gure hiria begiz jo orduko, mantsotu nahi izaten zuten aitzitik eta gera erazi, trena, gelditu aurretik, frenatzen hasten zen momentutik. Beren maitasunarentzat galdutako bizitzaren hilabeteen sentipenak, aldi berean lausoa eta zorrotza, modu nahasgarriz nolabaiteko ordaina exijitzera bultzatzen zien, hau da, alaitasunerako denbora itxarotearena baino bi aldiz mantsoago igaro zedila. Eta gela batean edo andenean itxaroten zeudenak, Rambert esaterako, zeinen andreak, aste batzuk lehenago jakinaren gainean egonik, bertara heltzeko egin beharrekoak eginak baitzituen, ezinegon eta sumindura berberaz jabeturik zebiltzan. Ezen izurriteak iraun zuen hilabeteek abstrakzio bilakatu zituen maitasun hura edo bihozberatasun hura, dardarka baitzegoen Rambert, itxaroten, haien euskarri izandako haragizko izakiarekin parekatzeko.

        Desio izango zuen, epidemiaren hasieran, bulkada batez hiritik kanpo alde egin eta maite zuenarekin elkartzera jo izan nahi zuen hura berriz ere bihurtu. Baina ondo zekien hori ez zela posible. Aldatua zen, halako ohargabezia kutsatua zion izurriak, eta nahiz eta bere indar guztiekin hura ezabatzen saiatzen baten ere, bere barnean zirauen bihotz estura sorgor moduan. Alde batetik, izurritea azkarregi eten zelaren sentipena sumatzen zuen, ez zuen haren prestutasunik. Abiada bizian zetorren zoriona, gertakizuna itxaronaldia baino azkarrago zihoan. Rambert konturatzen zen brastakoan etorriko zitzaiola dena eta alaitasuna dastatu ezin den erredura izan ohi dela.

        Denak, bestela ere, nola hala jabeturik, haren antzera zebiltzan eta denei buruz hitz egin beharra dago. Beren bizimodu pertsonala berrastera zihoan geltokiko anden hartan, beren bateangotasuna sumatzen zuten oraindik ere, elkarren artean begiradak eta irribarreak boteaz. Trenaren kea ikusi orduko, beren erbesteratuaren sentipena zartadan eten zen alaitasun nahasi eta zorabiagarrizko uholdearen azpian. Trena geratu zenean, amaigabeko bereizteak, kasu askotan geltokiko anden honetan bertan hasitakoak, bertan bukatu ziren, segundo batean, eite biziduna ahaztua zuten gorputzen inguruan besoak, bozkario gosez, estutu zirenean. Rambertek ez zuen beregana korrika zetorren eta, jadanik, bularren kontra estuturik zuen eite hura ikusteko denborarik izan. Beso artean, ezagunak zituen adatsak baino ikusten ez zizkion buru hura bereganaturik, malkoak dariola hasi zen, jakin gabe momentuko zorionagatik edo denbora luzeegian eutsitako oinazegatik sortu ote zitzaizkion, ziurtasunez jabeturik behinik behin negarrak ez ziola utziko egiaztatzen bere bularraren hondoan sartuta zuen aurpegi hura hainbat amestutakoarena edota, aldiz, arrotz batena ote zen. Beranduago jakingo zuen bere susmoak egia ote ziren ala ez. Momentuan, izurritea etorri eta berriz ere gizonen bihotzak aldatu gabe joan zitekeela pentsatzen zutenaren itxuraz ageri ziren inguruko guzti haiek bezala jokatu nahi zuen.

        Bata bestearen kontra estu-estu eginda, beren etxetan sartu ziren denak, munduko besteengana itsu, itxuraz izurritearen gaineko garaile, miseria guztiez eta, tren berean etorri ondoren, inortxo ere bilatu gabe eta beren etxetan dagoeneko bihotzean isiltasun luzeak sortua zuen beldurraren egiaztapena jasotzeko zorian zirenez ahazturik. Azken hauentzat, oraingoan lagunarte bakar bezala min guztiz berria besterik ez zutelarik, hala nola, momentu hartan, desagertutako izakiaren oroimenetan murgilduta zeuden beste haientzat, bestelakoak ziren gauzak eta bereiztearen sentipena gailurrean zuten. Hauentzat, dagoeneko hilobi anonimo batean galduta edo errauts pila batean nahasturik zegoen izakiarekin alaitasuna joan zitzaien ama, senar, maitaleentzat, han zirauen betiere izurriak.

        Baina nork zituen buruan bakartasun haiek? Eguerdirako, eguzkiak, goizetik airean lehiatzen ari ziren haize bolada hotzak gaindituz, argitasun geldoz osaturiko uhin etengabeak zuzendu zituen hiri gainera. Egunak geldi zirauen. Gotorlekuetako kanoiek, muinoen gailurretan, etengabe ari ziren danbatekoka zeru finkoan. Hiri osoa atera zen kalera, sufrimendu garaia amaitu eta ahaztearen garaia oraindik hasia ez zen, minutu ito hura ospatzeko.

        Dantzan ari ziren enparantza guztietan. Zirkulazioa nabarmen handitua zen egun batetik bestera eta autoak, askotzez ugariagoak, nekez zebiltzan jendez betetako kaletan barrena. Kanpaiek iraulka jo zuten arratsalde osoan zehar. Beren dardarizo-hotsarekin bete zuten zeru urdin eta doratua. Hala, esker emateak ozendu zituzten elizetan. Baina, aldi berean, festa zegoen lekuak lehertzeko moduan zeuden beteta eta kafeek, etorkizunari begiratu gabe, azken alkohola banatu zuten. Barren aurrean, denak antzera aztoratutako jendeak elkarri bultzaka zebiltzan, eta haien artean, bikote asko eta asko elkarri uztartuta, halako ikuskizunik azaltzeko batere beldurrik gabe. Denak ari ziren oihuka edo barrezka. Bakoitzak bere anima erdi ilunpetan jarria zuen hilabete haietan gordea zuten bizitza, egun hartan gastatu zuten, bizirik irten ziren eguna bezala baitzen. Hurrengo egunean hasiko zen berezko bizimodua, bere prekauzioekin batera. Momentuz, hain jatorri desberdineko jendeak elkarren ondoan eta adiskidetsu ageri ziren. Heriotzak berez ekarri ez zuen berdintasuna, askatasunaren alaitasunak sortua zuen, hainbat ordutan behinik behin.

        Oparotasun hutsal hark, ordea, ez zuen guztia adierazten eta arratsaldea bukatzera zihoanean kaleak betetzen zituztenek, Ramberten inguruan, zorion ahulagoak ezkutatzen zituzten, jarrera lasaiaren azpian. Hala, asko ziren bikoteak eta asko ere familiak, pasealari lasaien itxura hain ageri ez zutenak. Egiaz, sufritu izan zuten lekutara sentiberatasunez betetako erromesaldiak egin zituzten gehienek. Etorri berriei izurriaren adierazpide nabarmenak edo ezkutuak azaltzea zen kontua, beren historiaren aztarnak alegia. Kasu batzuetan, gidari moduan, gauza asko ikusi dituenaren edo izurriaren garaikide izandakoaren modura jokatzera mugatzen ziren, eta arriskuari buruz mintzo ziren beldurra gogoratu gabe. Atsegin hauek ez ziren kaltegarriak. Beste batzuetan, ordea, ibilbide hunkigarriagoak izaten ziren, zeinetan maitale batek, bere burua oroitzapenaren sumindura gozoari emanez, esan baitziezaiokeen ondoan zeramanari: «Egun haietan, hementxe, desio izan zintudan baina ez zeunden bertan.» Bazegoen orduan grinaren turista haiek ezagutzeko aukera: zurrumurru eta konfidentziazko uhartetxoak osatzen zituzten beren bideko zalapartaren erdian. Plazetako orkestrak baino, haiexek ziren benetako askatasunaren berri zabaltzen zutenak. Ezen bikote liluratu haiek, bata bestearen kontra estututa eta mintzoan zeken, istiluaren erdian baiesten baitzuten, zorionaren garaipen eta injustizia osoz, izurritea amaitua zela eta izumenari heldu zitzaiola epea. Lasai asko ukatzen zuten, argi eta garbi bazegoen ere, gizonaren heriotza euliena bezain ohikoa zen zentzu gabeko mundu hura ezagutu genuenik, ukatu hain garbi definitutako basakeria hura, zehatz kalkulatutako eldarnio hura, atxiloketa hura, oraingotik kanpo zegoen guztiarentzat berarekin batera espantuzko askatasuna zekarrena, akabatzen ez zituenak lerdotuta uzten zituen heriotza lurrun hura, ukatzen zuten, azken batean, zorabioak hartutako herri hura izana ginenik, zeinen zati bat, egunero, labe baten ahoan pilaturik, kedar koipetsutan lurruntzen zen, beste zatia, bitartean, ezinaren eta beldurraren kateaz zamaturik, txanda noiz helduko itxaroten zegoelarik.

        Huraxe zen, behinik behin, Rieux doktorearen begi aurrean nabarmentzen zena, hiringurura heldu asmoz, bakarrik zihoanean, arratsaldeko azken ordutan, kanpai-hots, kanoi, musika eta aldarri durduriotsuen artean. Haren lanbideak ez zuen etenaldirik, ez baita atsedenaldirik izaten erientzat. Hiri gainera zerion argitasun finetan, aspaldiko haragi errearen eta alkohol anisatuaren usaina zetorren. Haren inguruan, aurpegi irribarretsuak zeru aldera zuzentzen ziren. Gizonak zein emakumeak bata bestearekin uztartzen ziren, aurpegiak suztaturik, desioaren aztoramen eta oihu osoz. Bai, izurria bukatu zen, eta harekin batera izumena, eta elkar lotzen ziren beso haiek garbi azaltzen zuten zinez erbesteratzea eta bereizketa izan zela, hitzaren zentzurik sakonenean.

        Lehenengo aldia zen Rieuxek, hilabetetan zehar, oinezkoen aurpegitan ikusia zuen familia kutsu hari izen bat jarri ziezaiokeena. Nahikoa zuen ingurura begiratzea. Izurriaren amaierara heldurik, miseria eta gabeziak bitarteko, denbora luzean jokatzen ari ziren paperaren janzkerara ohitu ziren azkenean gizon guzti haiek, hots, emigranteen paperera hain zuzen ere, non aurpegiek hasieran, eta janzkerek oraingoan, garbi adierazten baitzuten absentzia eta urrutiko jatorria. Izurriak hiriko ateak itxi zituenez geroztik, bereizketan baino ez ziren bizi, guztia ahantzarazten duen giza berotasunetik etenda geratu ziren. Maila desberdinetan, hiriko bazter guztietan, denentzat berdina izango ez zen eta, denentzat ere, ezina izango zen elkartzea desio izan zuten gizon eta emakume haiek. Gehienek beren indar guztiekin garrasi egina zuten kanpoan zegoenarengatik, gorputzaren beroagatik, maitasun edo ohiturarengatik. Zenbaitzuk, sarritan konturatu gabe, gizonen adiskidetasunerako ohiko baliabidez ere hurbildu ezin zirelako sufritzen. Beste hainbatek, gutxik, agian Tarrouk berak, definitu ezin zuten zerbaitekin elkartzea desio zuten, huraxe iruditzen baitzitzaien desiragarri izan zitekeen gauza bakarra. Eta bestelako izenik ezean, bakea deitzen zioten noizbehinka.

        Rieux ibilian zihoan. Aurrera egiten zuen neurrian, jendetza ugariagoa zuen inguruan, zalaparta handitzen zihoan eta heldu nahi zuen hiringurua atzeraka zihoala iruditu zitzaion. Pixkanaka-pixkanaka, gorputz oihukari harekin nahasten joan zen eta gero eta hobeto ulertu zuen garrasi hura, alde batetik behintzat, bere garrasia zela. Bai, guztiek batera sufritu zuten, nahiz haragian hala nola ariman ere, oporraldi zailarekin, konponbiderik gabeko erbesteratzearekin eta ase ezinezko egarriarekin. Hildakoen pilaketen artean, anbulantzien sirena-hotsen, halabehar deitzen zaion delako horren abisuen, beldurraren zaplatze setatiaren eta beren bihotzaren asalduraren artean, etengabean jarduna zen zurrumurru handi bat korrika eta beldurrak hartutako izaki haiei adi egotera behartzen, esanez nahitaez bilatu behar zutela beren egiazko aberria, guzti haientzat, itotako hiri haren harresietatik kanpo zegoen benetako aberria. Muinoen goialdeko sasi lurruntsu artean zegoen, itsasoan, herrialde libreetan eta amodioaren pisuan. Eta aberri hartara, hau da, zorionera itzuli nahi zuten, bestelakoetatik nazkaz aldenduz.

        Erbesteratze honek eta elkartzeko desio honek izan zezakeen zentzuari buruz, deus ez zekien Rieuxek. Betiere ibilian, alde guztietatik bultzaka eta gauzak esaka, heldu zen pixkanaka-pixkanaka hain beteta ez zeuden kaletara eta pentsatu zuen ez zuela garrantzirik gauzek zentzurik ba ote zuten ala ez, baizik eta ikusi behar zen gauza bakarra gizonen itxaropenari zer erantzun zaion.

        Ondo zekien Rieuxek zer erantzun zitzaion eta hobeto konturatu zen horretaz hiringuruko lehenengo kale ia bakartietan. Bere urritasunaz jabeturik, bere maitearen etxera besterik gabe itzuli nahi izan zutenek, zenbaitetan aurkitu zuten saria. Egia da haien arteko batzuek hirian barrena jarraitu zutela, bakarrik, espero zuten izakia ondoan izan gabe. Bejondeiela bi aldiz bereizita egon ez ziren haiei, esate baterako, epidemiaren aurretik beren amodioa lehenengo saioan eraiki izan ez zutenak eta itsu-itsuan, urtetan zehar, maitale etsaiak bata bestearekin uztartzean amaitzen den akordio zailaren atzetik ibiliak zirenak bezalakoak. Arin jokatu zuten haiek, Rieuxek berak bezala, denboran konfiantza izaterakoan. Rambert bezalako beste batzuk, ordea, zeintzuei doktoreak esana baitzien: «Eutsi adoreari, orain da arrazoia izateko momentua», zalantzan ibili gabe aurkitu zuten galduta uzten zuten kanporatutakoa. Denbora baterako behintzat, zoriontsu izango ziren. Bazekiten oraingoan zerbait baldin bazegoen beti desiragarria eta noizean behin lortzen dena, giza maitasuna dela hori.

        Aitzitik, gizonaren gainetik igaroz, irudikatu ere ezin zuten zerbaitetara zuzendu ziren guzti haientzat, ez zen erantzunik izan. Bazirudien Tarrou heldu zela aipatzen zuen bake zail hartara, baina heriotzan baizik ez zuen aurkitu, ezertarako balio ez zion ordu hartan aurkitu ere. Beste batzuk, aldiz, Rieuxek etxeen korridoretan, argia apaltzen zihoanena, beren indar guztiekin besarkaturik eta elkarri maitekiro begira ikusten zituenak beren nahia lortu baldin bazuten, bere esku zegoen gai 179 bakarra eskatu zutelako izango zen. Eta Rieuxek, Granden eta Cottarden kaletik okertzerakoan, pentsatu zuen bidezkoa zela, lantzean behin gutxienez, zorionak saritu zitzan gizonarekin eta honen maitasun lander eta izugarriarekin aski dutenak.

 

 

        Kronika hau amaitzera doa. Bada garaia Bernard Rieux doktoreak bera dela egilea aitor dezan. Baina azken gertaerak adierazi aurretik, haren parte hartzea zuritu beharko litzateke gutxienez eta ulertarazi testigantza objektiboaren modua aukeratu izana. Izurriteak iraun duen denbora osoan, bere lanbideak gure hiritarrekin harremanean jarduteko, eta haien sentipenaren gain jakiteko aukera eskaini dio. Leku aproposean zegoen beraz, ikusitakoen zein entzundakoen berri azaltzeko. Hala ere, behar bezalako zuhurtasunez jokatu nahi izan du. Batez beste, ikusi ahal izan duena bakarrik azaltzen saiatu da, izurripeko lagunei azken batean osatzera beharturik ez zeuden burutapenak ez egozten, eta halabeharrak edo zoritxarrak eskuartean jarritako testuak bakarrik erabiltzen.

        Behin testigu bezala dei egin ziotenean, krimen antzeko zerbait zela eta, nolabaiteko zuhurtasunez azaldu zen, borondate oneko testigantzari dagokion bezala. Baina, aldi berean, bihotz zuzenaren legearen arabera, biktimaren alde nahita jokatu zuen eta gizonekin, bere hirikideekin, bat egin nahi izan zuen batera dituzten ziurtasun bakarretan, hau da, maitasunean, sufrimenduan eta erbesteratzean. Hala, ez da egon bere hirikideen bihotz-estura bakar bat ere berak erkidetu izan ez duenik, egoera bakar bat ere bere izan ez denik.

        Testigu zintzoa izatearren, batik bat jokaerak, dokumentuak eta zurrumurruak azaldu behar zituen. Berak esateko zuena, ordea, bere itxaronaldia, bere larritasunak, isilpean gorde behar zituen, Horretaz baliatu baldin bada, bere hirikideei ulertu edo ulertarazteko izan da besterik gabe, eta, ahalik eta modurik zehatzenez, ia denbora guztian nahasgarritasunez sumatzen zuenari itxura bat ematearren. Egia esateko, ez zaio gehiegi kosta arrazoitze ahalegin horretan jardutea. Bere konfidentziak izurrituen mila ahotsekin batera nahasteko tentaldian erortzen zenean, pentsakizun batek gerarazten zuen, alegia, ez zegoela sufrimendu bakar bat aldi berean besteena ez zenik eta oinazea hain sarritan bakartia den mundu batean abantaila bat izan ohi dela hori. Zalantzarik gabe guztien izenean hitz egin behar zuen.

        Baina bazen gure hiritarren artean bat behintzat, zeinen izenean ezin baitzuen hitz egin Rieux doktoreak. Hala, egun batean, Tarrouk berari buruz Rieux doktoreari hauxe esan zion: «Horren egiazko krimen bakarra, haurrak eta gizonak hilarazten dituena bihotzean onartzea da. Bestelakoan, ulertzen diot, baina horretan, barkatu beharrean nago. Bidezkoa da kronika hau harekin bukatzea, bihotz ezjakina bat zuen, hots, bakartia.»

        Festa giroaz betetako kale builosotatik irten eta Grand eta Cottarden kaletik okertzerakoan, polizi barrera batek geldiarazi zuen Rieux doktorea. Ez zuen horrelakorik espero. Festaren urrutiko durdurioak zirela eta, isilagoa zirudien auzoak eta berak bakartia bezain mutua irudikatzen zuen. Karneta atera zuen.

        — Ez da posible, doktore —esan zion poliziak—. Ero bat dabil jendeari tiroka. Gera zaitez, dena dela, laguntzeko aukera izango duzu.

        Momentu horretan, Grand ikusi zuen Rieuxek, beregana zetorrela. Grandek ere ezer ez zekien. Ez zioten utzi pasatzen eta tiroak bere etxetik zetozela konturatu zen. Urrutitik, fatxada ikusten zen, berorik gabeko eguzkiaren azken argiaz horiztaturik. Haren inguruan aurreko espaloira arte zabaltzen zen hutsarte zabala nabarmentzen zen. Kale erdian, argi eta garbi sumatzen zen sonbreiru bat eta oihal pusketa zikin bat. Kalearen bestaldean, urrutira, beraiei gerazi zien bezalako beste polizi soka bat ikusten zuten, et haren atzetik auzoko zenbait biztanle korrika pasatzen ziren alde batera eta bestera. Ondo begiratu ondoren, etxearen aurrealdeko eraikuntzen ateetan babesturik, pistola eskuan zuten beste polizia batzuk antzeman zituzten. Honen kontraleiho guztiak botata zeuden. Segundo hartan, dena dela, kontraleiho haietako bat erdi zabalik zegoela ematen zuen. Erabateko isiltasuna zegoen kalean. Hiriko erdialdetik zetozen musika arrastoak bakarrik entzuten ziren.

        Lipar batean, bi pistola-hots atera ziren etxearen aurrealdeko eraikuntza batetik eta ezpalak saltatu ziren deslokatutako kontraleihotik. Ondoren, isiltasuna berriz ere. Urrutitik, eguneko iskanbilaren ondoren, irreal samarra iruditzen zitzaion hura Rieuxi.

        — Cottarden leihoa da —esan zuen berehalakoan Grandek, guztiz urduri—. Baina Cottard desagertua zen ordea...

        — Zergatik tiratzen dute? —galdetu zion Rieuxek poliziari.

        — Luzabideak ematen ari dira. Behar den materiala ekarriko duen kotxe baten zain daude, etxearen atetik sartzen saiatzen direnei bota egiten baitie. Dagoeneko polizia bati jo dio.

        — Zergatik hasi da tiroka?

        — Ez dakigu. Jendea kalean zebilen alai giroan. Lehenengo tiroan, konturatu ere ez dira egin. Bigarrenean, garrasika hasi dira, eritu bat izan da eta mundu guztiak ihesari eman dio. Ero arraioa!

        Berriz nagusitutako isiltasunean minutuak arrastaka pasatzen zirela ematen zuen. Bat-batean, kalearen bestaldetik, han ikusi zuten zakur bat, aspaldian Rieuxek ikusten zuen lehenengoa, ordura arte nagusiak ezkutaturik gorde izango zuen ehiza-txakurra, eta paretaren ondotik trostan zetorrena. Ate ingurura heldu orduko, zalantzan geratu zen, atzeko hanken gainean eseri eta atzera jiratu zen arkakusoei hozka egiteko. Poliziek txistuka dei egin zioten. Burua zutitu zuen eta ondoren astiro zeharkatu zuen kalea kapela usaintzera joateko. Momentu hartan berean, tiro bat atera zen bigarren pisutik eta txakurra hosto baten modura irabiatu zen, hankak bortizki astinduz alde batera jauzteko azkenean, ikaraldi lumen dardaraz. Bospasei danbatekoek erantzun zioten aurrealdeko ateetatik, kontraleihoa txikituz. Isiltasuna jauzi zen. Eguzkia pixka bat jiratua zen eta itzala hurbiltzen hasi zen Cottarden leihorantz. Balaztek intziri leuna egin zuten kalean, doktorearen atzealdean.

        — Hemen dira —esan zuen agenteak.

        Atzealdetik azaldu ziren poliziak, sokak, zurubi bat eta koipeztatutako paperean bildutako bi pakete luzexka eramanez. Etxe saila inguratzen zuen kale batetik sartu ziren, Granden eraikuntzaren kontrako aldetik. Handik pixka batera, ikusi baino gehiago sumatu egin zitekeen irabioa sortu zen eme haien ateetan. Ondoren itxaroten geratu ziren. Txakurra ez zen mugitzen, putzu ilun baten erdian botata zegoen oraingoan.

        Bat-batean, poliziak hartutako etxeen leihoetatik, metrailadore bat tiroka hasi zen. Tiroaren lerroan, apuntatutako kontraleihoa txiki-txiki eginda geratu zen eta tarte beltz bat agerian utzi zuen, non Rieuxek eta Grandek, beren lekutik, ezin baitzuten deus berezi. Tiroketa eten zenean, bigarren metraileta bat hasi zen zartaka beste angelu batetik, etxe bat harantzagotik. Balak dudarik gabe ari ziren sartzen leihoko karratuan barrena, haietako batek adreilu pusketa bat saltarazi baitzuen. Lipar berean, hiru poliziek zeharkatu zuten kalea korrika eta sarrerako atean babestu ziren. Ia momentu berean, beste hiru abiatu ziren eta metrailetaren tiroketa eten egin zen. Itxaroten geratu ziren. Bi tiro-hots entzun zituzten etxe barnean. Ondoren, murmurio bat joan zen handitzen eta mangak jasota zituen gizon txiki bat ateratzen ikusi zuten, arrastaka ezik aldean zeramatela, etengabean garrasika. Miraria gertatu bailitzan, kaleko hertsita zeuden kontraleiho guztiak zabaldu eta kuxkuxeroz bete ziren, etxeetatik jende pila bat irteten zen bitartean eta barraren atzealdean elkar bultzaka jarri. Une batez, han ikusi zuten gizon txikia kale erdian, hankak behingoz lurrean, poliziek besoak atzean heltzen ziotela. Garrasi egin zuen. Agente bat hurbildu zitzaion eta bi aldiz jo zuen, bere ukabilek ematen zioten indar guztiz, astiro, nolabaiteko ahaleginez.

        — Cottard da —totelkatu zuen Grandek—. Erotu egin zaigu.

        Cottard lurrean zegoen. Beste behin ere lurrean zetzan zera hari ostikoz bete betean jotzen ikusi zuten polizia. Ondoren, talde nahasi bat aztoratu eta doktorearengana eta honen lagun zaharrarengana hurbildu ziren.

        — Zoazte! —esan zuen poliziak.

        Rieuxek begirada saihestu zuen taldea bere aurretik pasa zenean.

        Grand eta doktorea abiatu egin ziren ilunabarraren amaierarekin batera. Gertaerak auzoa lokartzen zuen motelduratik astindu izan balu bezala, han bete ziren berriz ere kaleak pozik zebilen jendetzaren durdurioz. Etxe atarian, agur esan zion Grandek doktoreari. Lanera zihoan. Igotzera zihoan momentuan, ordea, Jeanneri idatzi ziola esan zion eta, orain, pozik zebilela. Eta, jarraian, bere esaerari ekin zion: «Izen laguntzaile guztiak kendu ditut, esan zion».

        Eta irribarre maltzurrez, kapela kendu zuen oies zeremoniatsua eginez. Rieuxek Cottard zuen buruan, ordea, eta honen aurpegia txikitzen ari ziren ukabilen hots sorgorrak atzetik jarraitu zion asmatiko zaharraren etxera zihoanean. Agian gogorragoa izango zen errudun batengan hildakoarengan baino pentsatzea.

        Bere agure gaixoaren etxera heldu zenean, gauak irentsia zuen ordurako zeru osoa. Logelatik askatasunaren urruneko zurrumurrua entzun zitekeen, eta agureak han jarraitzen zuen, betiko umorez, garbantzuak alde batetik bestera pasatzen.

        — Ondo arrazoi dute dibertitzerakoan —zioen—, denetatik behar da mundu bat osatzeko. Eta zure kideak, doktore, zertan bukatu du?

        Eztanda-hotsak heldu ziren beraiengana, baina bakearen adierazgarri ziren hauek: haurrak zebiltzan petardoak botaka.

        — Hil da —esan zion doktoreak, bular eztultsua auskultatuz.

        — A! —esan zuen agureak, harritu samar.

        — Izurriak jota —gehitu zuen Rieuxek.

        — Bai —aitortu zuen agureak handik pixka batera—, onenak badoaz. Hori da bizimodua. Zer nahi zuen bazekien gizona zen huraxe.

        — Zergatik diotsu hori? —esan zion doktoreak, estereoskopioa gordez.

        — Ezerengatik. Ez zen deus ez esateko hitz egiten zuen horietakoa. Tira, atsegin nuen. Baina gauzak horrela dira. Besteek esaten dute: «Izurria duk, izurria egon duk». Gutxi falta zaie domina eske joateko. Baina zer esan nahi ote du horrek, izurriak? Bizitza da, horixe besterik ez.

        — Egin itzazu fumigazioak aldioro.

        — Tira! Ez kezkatu. Luzerako dut oraindik, denak hiltzen ikusiko ditut. Badakit nik bizitzen, horratik.

        Alaitasun oihuek erantzun zioten urrundik. Doktorea gela erdian geratu zen.

        — Axola al zaizu terrazara igotzea?

        — Nola, ba! Han goitik ikusi nahi dituzu, ez da hala? Zeure kontu. Betikoak dira, ordea, berberak.

        Rieux eskailera aldera hurbildu zen.

        — Esadazu doktore, egia al da izurriak hildakoen oroimenez monumentu bat jaso behar dutela?

        — Hori dio egunkariak. Plaka edo oroitarria.

        — Seguru nengoen. Eta diskurtsoak ere izango dira. Agureak irri itoa egin zuen.

        — Hemendik aditzen diet: «Gure hildakoak», eta gero tripa betetzera.

        Rieux eskaileratan gora zihoan. Zeru hotz itzela distirakor zegoen etxeen gainetik eta, mendixken inguruan, sukarriaren gogortasunez ageri ziren izarrak. Gaua ez zen Tarrou eta bera, izurriaz ahaztearren, terraza honetara etorri ziren beste haren hain desberdina. Itsasoa orduan baino furrundariago zegoen, labarren azpialdean. Airea geldoa eta arina zen, udazkeneko haize epelak ekarri ohi zuen kresalezko boladaz zamatu gabea. Hiriko durdurioak, hala ere, han zirauen betiere, terrazen behealdea olatu soinuz astinduz. Askatasunaren gaua zen hau ordea, eta ez gatazkarena. Urrutira, gorritasun beltzak adierazten zuen argitutako boulevardak eta plazak zeuden lekua. Dagoeneko askatutako gauean, eragozpenik gabe ari zen gorpuzten desioa eta haren orroa zen Rieuxengana heltzen zena.

        Portu ilunetik gora abiatu ziren poztasun ofizialaren lehenengo etxafuegoak. Hiriak aldarri luze eta sorgorrez agurtu zituen. Cottard, Tarrou, Rieuxek maitatu ziten haiek eta emazte hura, guztiak, hildakoak edo errudunak, ahaztuta zeuden. Arrazoi zuen agureak, gizonak berdinak ziren betiere. Baina huraxe zen beren indarra eta beren errugabetasuna, eta horra non, oinazearen gainetik, haiekin bat egiten zuela sumatzen zuen Rieuxek. Indarrez eta iraupenez areagotzen ari ziren eta, sorta kolore aniztunak gero eta ugariago zeruan gora egiten zuten neurrian, terrazaren azpialderaino durundatzen zuten oihuen erdian, orain bukatzera doan kontaera hau idatziko zuela erabaki zuen Rieux doktoreak, isilik geratzen diren horietako bat ez izatearren, izurripean eroritako haien alde testifikatzearren, egindako bidegabekeriaren eta bortxakeriaren oroitzapena behintzat geratzearren, eta, besterik gabe, errauspenen erdian ikasten dena esatearren, hots, gauza gehiago daudela gizonengan miresgarriak direnak mespretxagarriak baino.

        Bazekien, ordea, kronika hau ezin zitekeela azken garaipenarena izan. Santu izan ezinik, errauspenei uko egin eta, halere, mediku izaten saiatzen ziren gizon guztiek, nahiz eta beren barneko urratuen kontura, terrorearen eta berenon arma nekagaitzaren aurka egin behar izan zuten eta, dudarik gabe, egiten jarraitu beharko zutenaren testigantza besterik ezin zitekeen izan.

        Hala, hiritik zetozen alaitasunezko garrasiak entzuterakoan, gogoan zuen Rieuxek alaitasun hura mehatxupean egongo zela beti. Ezen bai baitzekien jende haiek ez zekiten gauza bat, liburuek dakartena, izurriaren baziloa inoiz ez dela hiltzen eta ezta desagertzen ere alegia, urteak eta urteak eman ditzakeela altzarietan edo oihaletan lozorroturik, pazientziaz geratzen dela itxaroten geletan, sotoetan, maletetan, mukizapietan eta paperetan, eta, agian, etorri daitekeela egun bat, zeinetan, gizonen zoritxarrerako eta ikasi dezaten, bere arratoiak iratzar baititzake eta hiri zoriontsu batera hiltzera bidali.

 

 

© Albert Camus

© itzulpenarena: Imanol Tapia

 

 

"Albert Camus / Izurria" orrialde nagusia