IV KAPITULUA

 

        Irailean eta urrian zehar, izurriteak bere baitan bildurik gorde zuen hiria. Oinkatzea zela eta, ehunka mila gizonek oinkatzen zuten oraindik ere, inoiz bukatzen ez ziren astetan zehar. Lanbroa, beroa eta euria sortu ziren bata bestearen atzetik zeruan. Zozo eta birigarro saldo isiltsuek, hegoaldetik etortzerakoan, goi goitik igaro ziren, baina hiria inguratu zuten hala ere, Panelouxen errauspenak, etxe gainetan txistuka jira-bira ari zen egurrezko lantza bitxiak uxatuko balitu bezala. Urriaren hasieran, ikaragarrizko euriteen erasoa jasan zuten kaleek. Eta denbora guzti honetan, ez zen oinkatze itzel hartaz kanpo, garrantzi handiagoko beste ezer suertatu.

        Rieux eta honen lagunak orduan jabetu ziren gainean zeramaten nekeaz. Berez, osasun taldeetako jendeek ezin zuten neke hura digeritu. Rieux doktorea bere lagunengan eta bere buruarengan geroz eta axolagabekeria handiagoa sumatzerakoan konturatu zen horretaz. Esate baterako, ordura arte, izurriteari zegozkion berri guztiez halako ardura bizia azaldu zutenek, inolako kezkarik ez zuten azaltzen oraingoan. Rambertek, bere hotelean ezarri berria zuten berrogeialditarako etxe baten behin-behineko ardura leporatua zuelarik, ondo baino hobeto zekien bere begiradapean zituenen berri. Bat-batean eritasunaren seinaleak azaltzen zituztenentzat antolatua zuen ebakuazio lasterreko sistemaren xehetasunik xumeenak ere ezagutzen zituen. Gogoan finko zituen berrogeialdian zeudenengan sueroak lortutako ondorioen estatistikak. Baina ez zen izurriteak sortutako asteroko heriotzen berri emateko gai, benetan ez baitzekien aurrera edo atzera egin ote zuen. Eta hark, beste edozer gauzaren gainetik, laster ihesari emango ziolako esperantza zuen barnean.

        Besteei zegokienez, gau eta egun lanean murgildurik, ez zuten ez egunkaririk irakurri ez irratirik entzuten. Eta emaitzen bat aditzera emanez gero, axola zitzaiela plantak egingo zituzten, baina egiaz gerrate handietako gudariengan irudika genezakeen oharkabezko axolagabekeriaz hartzen zuten, haiek bezala lanez lehertu beharrean, eguneroko betebeharrean hutsik ez egiten bakarrik arduratuta eta operazio erabakigarriari edo armistizio egunari itxoin gabe.

        Grand, izurriteari buruzko behar ziren kalkuluak eginez jarraituz, ez zen segur aski emaitza orokorren berri emateko gai izango. Tarrou, Rambert eta Rieuxen alderantziz, begi-bistakoa baitzen hauen nekearen aurreko gogortasuna, ez zen inoiz osasun onekoa izan. Nolanahi ere, batera betetzen zuen laguntzaile lana udaletxean, idazkaritza Rieuxenean eta bere gaueko lana. Hala, lur iota ikusten zitzaion betiere, bizpahiru ideietan erroturik, alegia, izurritearen ondoren gutxienez aste beteko oporraldi osoak bere buruari eskaintzean, eta eskutan zuen zereginean eraginkortasunez, «kendu sonbreiruak» moduan lan egitean. Samurtasunean erortzen zen bat-batean eta, horrelakoetan, gogotik hitz egiten zion Rieuxi Jeanneri buruz, bere buruari une hartan bertan non ote legokeen galdezka aritzen zen, eta, egunkariak irakurtzerakoan, berarengan pentsatzen ote zuen sumatu nahian. Bere buruarekin harrituta geratu zen behin Rieux bere emazteaz hitz egiten hasi zitzaionean solas arruntez, ordura arte sekulan ez baitzuen horrelakorik egin. Emazteak, betiere lasaitzeko moduan bidaltzen zizkion telegramek egia ote zioten zalantzan jarriz, susperraldian zegoen etxeko mediku-buruari kable bat bidaltzea erabaki zuen. Erantzun gisa, gaixoak okerrera egin zuela berria heldu zitzaion, gaitzari aurre egiteko ahal zuten guztia egingo zutela ziurtatuz. Beretzat gorde zuen mezua eta ezin zuen ulertu, nekeagatik ez bazen behintzat, nola azaldu ahal izan zion hori Grandi. Enplegatuak, Jeanneren gain mintzatu ondoren, bere emaztearen berri galdetu zion eta Rieuxek erantzun egin zion. «Jakingo duzu, esan zion Grandek, hori gaur egun ondo sendatzen dela.» Eta Rieuxek onetsi zion, esanez bakarrik bereiztea luze egiten hasia zitzaiola eta agian emazteari lagundu ahal izango ziola gaixokeria gainditzen, eta orain, berriz, bakartasunik gorrienean nabarituko zuela bere burua. Gero isildu zen eta saihesbidez baino ez zien erantzun Granden galderei.

        Egoera berdinean zeuden besteak. Tarrouk hobeto eusten zion, baina liburuxkek adierazten duten bezala, bere jakin-mina sakona izanda ere, aniztasunean galdu egin zuen. Hala, denboraldi osoan, Cottard bakarrik zuen buruan, itxuraz. Gauetan, Rieuxen etxean, bertan baitzegoen bizitzen hotela berrogeialditarako etxe bezala atondu zutenez geroztik, apenas entzuten zien Grandi edo doktoreari, hauek emaitzak azaltzen zituztenean. Segidan ia beti buruan zituen orandar bizimoduaren xehetasun ñimiñoetara bideratzen zuen elkarrizketa.

        Castell dagokionez, sueroa prest zegoela doktoreari esatera etorri zitzaion egunean, eta lehenengo saioa ospitalera ekarri berria zuten M. Othonen semearengan egitea erabaki ondoren, azkenetan zegoela iruditu baitzitzaion doktoreari, honek adiskide zaharrari azken estatistiken berri ematen ari zitzaionean, han konturatu zen solaskidea siloiaren hondoan lo seko geratu zela. Eta, gehienetan, eztitasun eta zirto kutsuak betidaniko gaztetasun itsura eman ohi zion eta, bat-batean utzikeriaz., listu hari batek erdi zabaldutako ezpainak uztartuz, akidura eta aguretasuna ageri zuen aurpegi haren aurrean, estutasuna nabaritu zuen eztarrian Rieuxek.

        Ahuldura haiengatik neur zezakeen Rieuxek bere nekea. Sentiberatasuna ihesi zihoakion. Lotuta ia beti, gogortuta eta idorturik, lehertu egiten zitzaion lantzean behin eta menderatu ezin zituen hunkipenetan abandonatzen zuen. Defentsa bakarra gogortasun horretan babestea zuen eta bere baitan osatzen zen korapiloa tinkatzea. Bazekien, ondo jakin ere, hura zela aurrera egiteko modu egokia. Bestela ere, ez zuen ilusio gehiegirik eta nekeak galarazten zizkion oraindik ere geratzen zitzaizkionak. Zeren bai baitzekien, eperik ezagutzen ez zuen denboraldi baterako, bere eginkizuna ez zela sendatzea izango. Diagnostikatzea zen bere eginkizuna. Deskubritu, ikusi, azalpena egin, erregistratu, eta ondoren kondenatu, horixe zen bere lana. Emazteek eskumuturretik helduz, garrasi egiten zioten: «Doktore jauna, salbaiozu bizia!». Ez zegoen beta han, ordea, bizirik salbatzeko, isolamendua agintzeko zegoen han. Zertarako balio ote zuen orduan aurpegietan antzematen zituen gorrotoak? «Bihotzik ez duzu», esan zioten egun batean. Baina bai, bazuen bat. Egunero hogei ordutan bizitzeko eginak ziren gizonak hiltzen ikustea jasan ahal izateko balio zion. Egunero berriz hasteko balio zion. Aurrerantzean, horretarako bakarrik izango zuen bihotza. Nola helduko zen bada bihotz hori bizia salbatzera?

        Ez zen, ez, sorospena egunean zehar eskaintzen zuena, azalpenak besterik ez ziren. Ezin zitzaiokeen horri gizonaren lanbidea deitu, jakina. Baina, dena dela, ba ote zegoen norbait, izumenak hartutako jendetza urrituaren artean, gizonaren lana egiteko aukerarik zuenik? Zorionez bazegoen oraindik nekea. Rieux sasoi hobeagoan egon izan balitz, non-nahi zabaldutako heriotza usain hark sentibera bihurtuko zuen, baina lau ordu besterik lo, egiten ez direnean, ez dago sentibera izaterik. Gauzak diren bezala ikusi ohi dira, hots, justiziaren arabera, justizi nazkagarri eta barregarriaren arabera ikusi ere. Eta besteek, kondenatuek, ondo asko zekiten haiek ere hori. Izurria sortu aurretik, salbatzaile moduan hartzen zuten. Bizpahiru pastilla eta ziztada batez dena osatzen zuen, eta besotik heltzen zioten, pasillotan barrena eramanez. Atsegina zen hori, baina arriskutsua. Oraingoan, aldiz, soldaduekin batera azaltzen zen, eta kulata kolpeka aritu beharra zuten senidekoek irekitzea erabaki zezaten. Indarrean eraman nahiko lukete eta indarrean eraman beraiekin batera gizarte osoa ere heriotzara. Ai! ondo egia zen gizonak ezin zirela gizonen gainetik pasa, dohakabe haiek bezain zurtz zegoela eta berak ere merezi zuela abandonatzen zituenean barnean sumatzen zuen errukiaren ikara berbera.

        Hauek ziren behintzat, amaigabeko asteetan zehar, Rieux doktoreak buruan zerabilzkien pentsakizunak, bereizita egoteagatik zegozkionekin batera. Eta hauexek ziren lagunen aurpegitan islatuta ikusten zituenak ere. Baina errauspenaren aurka borrokan jarraitzen zuten guztien artean, pixkanaka, irabazten zihoan leher egitearen ondoriorik arriskutsuena ez zegoen kanpoko gertakizunei eta besteen hunkipenei buruzko axolagabekerian, baizik eta beren buruei joaten utzitako zabarkerian. Joera azaltzen baitzuten orduan nahitaezkoak ez ziren mugimendu guztiak saihesteko, betiere beren indarren gainetik zeudela iruditzen zitzaielarik. Horrela, gero eta nagiago jokatzen zuten agindutako higiene kontutan, ahaztu egiten ziren noizean behin beren buruekin egin beharreko desinfekzio ugarietan, korrika joaten ziren inoiz, kutsapenaren kontra gertatu gabe, biriketako izurriak jotako eriengana, zeren, azken momentuan infektatutako etxe batzuetara joan behar zutela abisua jaso ondoren, nekagarria iruditu baitzitzaien aldez aurretik soroslekuren batera itzultzea behar zituzten instilazioak egitera. Horretan zegoen benetako arriskua, izurriaren kontrako borrokaren eraginez ahulenak bihurtu ziren orduan izurriaren aurrean. Apustu egiten zuten zoriaren alde eta zoria ez dago inoren eskutan.

        Bazegoen, dena dela, hirian gizon bat inolako neke edo etsipenik azaltzen ez zuena, eta atseginaren irudi bizia zirudiena. Cotttard zen gizon hau. Erabat kanpo zegoen, baina betiere besteekiko harremanak mantenduz. Tarrouri ikustera joateko ohitura hartu zuen, dena dela, haren lanak uzten zionean, alde batetik, Tarrou bere kasuaren jakinaren gainean zegoelako eta, bestetik, aldatu ezinezko adiskidetasunez hartzen zuelako errentari txikia. Betiereko milagroa zen huraxe, zeren Tarrou, burutzen zuen lana burututa ere, adeikor eta harreratsu baitzegoen beti. Zenbait gauetan nekez lehertu beharrean egonda ere, indar berriturik azalduko zen hurrengo goizean. «Horrekin lasai aritu daiteke solasean, esaten zion Cottardek Ramberti, gizona baita. Beti ulertuko zaitu.»

        Horregatik, Tarrouren garai hartako oharrak, Cottardengana zuzendu ziren pixkanaka. Tarrou Cottarden erantzun eta gogoetei buruzko azalpen bat egiten saiatu da, hark esandakoak edo berak ulertzen zituen modura adieraziz. «Cottarden eta izurritearen gaineko azalpena» izenburupean, azalpen honek liburuxken zenbait orrialde betetzen ditu eta bidezkoa iruditu zaio narratzaileari horren berri ematea. Batazbeste Tarrouk errentari txikiari buruz zuen ustea aburu honetan laburbiltzen da: «Handitzen doan pertsonaia da». Nolanahi ere, umore ona ere handitzen zihoakion, itxuraz. Ez zen atsekabeturik ageri gauzak zihoazen moduaren aurrean. Noizean behin bere pentsaeraren sakonetik hitz egiten zuen, Tarrouren aurrean honelako adierazpenak eginez: «Noski gauzak ez doazela hobera. Baina, gutxienez, mundu guztia barrenean sartuta dago.»

        «Jakina, jarraitzen zuen Tarrouk, besteak bezala, hura ere mehatxupean dago, baina hain zuzen ere, besteekin batera egon ere. Eta gainera, ez du benetan pentsatzen, ziur nago, izurriak jo liezaiokeenik. Badirudi ideia bat duela buruan, halako astakeria ez dena gainera, hots, gaixokeria handi baten, edota larridura sakon baten eskutan dagoen gizonak, beste gaixokeria edo larridura guztietatik salbu geratzen dela momentuan. «Konturatu al zara, esan dit, gaixokeriak ezin direla batera etorri? Pentsa ezazu hil edo biziko eritasun bat duzula, minbizi larria edo tuberkulosi eder bat, sekula ez duzu bada izurririk edo tifusik harrapatuko, ezinezkoa da. Nolanahi ere, urrutirago joan gaitezke, inoiz ez baituzu minbiziak jotako norbait auto istripuz hiltzen ikusi». Zuzen edo oker bazebilen ere, ideia horrek umore oneko jartzen du Cottard. Nahi ez duen gauza bakarra besteengandik aparte egotea da. Nahiago du beste guztiekin setiatuta egon, bakarrik preso egotea baino. Izurriarekin, akabo azterketa sekretuak, txostenak, fitxak, instrukzio misteriotsuak edo bat-bateko atxiloketa. Egoki hitz eginez, bukatu dira poliziak, bukatu krimen zaharrak edo berriak, bukatu errudunak, halabeharrezkoen grazia espero duten kondenatuak besterik ez dira geratzen eta, hauen artean, baita poliziak berak ere. «Hala, Cottard, eta betiere Tarrouk ulertzen zuenaren arabera, gure hiritarrek ageri zituzten larridura eta nahasmen sintomak zer esango didazue, zuek baino lehen horretatik pasatakoa naiz ni» moduko esaldiaz laburbildu zitekeen atsegin bihozberaz hartzeko joera zuen.

        «Behin eta berriz alferrik esan diodanean besteengandik aparte ez egoteko modu bakarra, beste edozer gauzen gainetik, kontzientzia zuzena edukitzea zela, hark oldarkeriaz begiratu eta esan dit: "Orduan, horren arabera, sekula ez da inor inorekin egongo." Eta ondoren: "Zaude ziur horretan, neuk esaten dizut. Jendea, elkarrekin egoteko modu bakarra izurritea bidaltzea da. Begira bestela ingurura." Eta egiaz, benetan jabetzen naiz ba k dioenaz eta zenbaterainoko erosoa zaion gaur egungo bizimodua. Nola ez ote ditu ezagutuko pasatzen den jendearengan bereak izandako erreakzioak; bakoitzak mundua bereganatzeko egin ohi duen saioa;galdutako oinezko bati adierazpen bat ematerakoan azaltzen zaion adeitasuna, garai bateko umore txarraren ordez; jendearen gogoa luxuzko restaurantetara joateko, haien atsegina bertan egon eta berandu arte luzatzeko; egunero, zine aurrean, errenkada nahaspilatuetan jartzen den jendea, ikuskizun areto edo dantzaleku guztiak betez, inguru publiko guztietan lehertutako marea baten modura barreiatuz; edozein eratako ukimena saihestea, giza berotasunaren egarria gizonak, hala ere, bata bestearengana bultzatzen dituena, besoz beso eta sexuz sexu? Cottardek aurretik ezagutu izan du hori dena, ez dago dudarik. Emakumeak salbu, izan ere, buru horrekin... Eta pentsatzen dut nesketara joateko burua prest sumatu duenean, atzera egingo zuela, itxura txarrik ez adierazteko eta, ondorioz, horrek sor lekiokeen kaltea saihesteko.

        «Azken batean, izurriak uko egiten zion. Bakarti izan nahi zuen gizon batengan, kidea bilatu zuen. Zeren argi dago haren kide dela eta kide bezala nabarmentzen dela. Ikusten duen guztiaren kide da, sineskeriena, bidezkoak ez diren izu-ikarena, erne dauden arimen sentiberatasunena; izurriaz ahalik eta gutxien hitz egiteko maniarena eta, hala ere, isilik ezin egotearena; bere zoramen eta zurbiltasunera buruko min txikiena sortzerakoan eritasuna oinaze horretatik hasten dela jakin zuen orduko; eta bere sentikortasun sumin, susmakor, egongaitzarena azken batean, ahazteak iraintzat hartzen dituena eta nahigabeturik geratzen dena praketako botoi bat galtzerakoan.»

        Sarritan egokitu zitzaion Tarrouri gauetan Cottardekin ateratzea. Kontatzen zuen ondoren, bere liburuxketan, nola jauzten ziren ilunabar edo gauetako jendetza ilunaren artera, bizkarrez bizkar, noizik eta behin farola batek distira bitxiak sortzen zituen masa zuri eta beltzean murgilduz, eta izurriaren hotzetik babesten zuten plazer beroetara zuzentzen zen gizataldearekin bat eginez. Hilabete batzuk lehenago, leku publikotan Cottardek bilatzen zuen hori, luxua eta bizimodu oparoa, non amets egiten baitzuen gogoa bete ezinik, alegia neurri gabeko gozamena, haraxe bideratzen zen herri oso bat oraingoan. Gauza guztien prezioak neurri gabe igotzen ari ziren bitartean, inoiz ez zen horrelako diru xahuketarik gertatu, eta gehienak beharrezkoaren faltan bazeuden ere, sekula ez zuten hain ondo urtu premiagabekoa. Langabeziarenak baino ez ziren nagikeriazko joko guztiak ugaltzen zihoazela ikusten zen. Lehenago lotzen zituena ezkutatzen saiatu, eta oraingoan, grina sakonen oharkabe finko xamarraz, bata bestearen kontra estuturik, hirian zehar teman joaten ziren bikote haietako baten atzetik ibiltzen ziren minutu luzetan zehar Tarrou eta Cottard noizbehinka. Samurraldian erortzen zen Cottard: «Ai! a zer nolako gizakumeak!» zioen. Eta ozenki hitz egiten zuen, alaikiro azaltzen zen sukar kolektibo, inguruan durundatzen zuten erregeren moduko eskupeko eta beren begien aurrean sortzen ziren azpijokoen erdian.

        Denadela, Tarrouk pentsatzen zuen gaiztakeria gutxi zegoela Cottarden jokaeran. Haren «horiek baino lehenago ezagutu dut nik hori» garaipena baino gehiago azaltzen zuen dohakabetasuna. «Zeruaren eta beren hiriko pareten artean preso dauden gizon horiek maitatzen hasia dela iruditzen zait», esaten zuen Tarrouk. Esate baterako, pozik adieraziko lieke, ahal izango balu, gauza ez dela hain larria: «Aditzen dituzu, esan dit: izurritearen ondotik hau egingo dut, izurritearen ondotik beste hura egingo dut... Pozoitu egiten dute existentzia lasai geratu ordez. Eta bere alde dituzten abantailaz ere ez dira konturatzen. Esan ote dezaket nik: nire atxiloketaren ondotik, hau egingo dut? Atxiloketa hasiera da, ez helburu. Izurria bitartean... Nire iritzia jakin nahi al duzu? Zoritxarrekoak dira beren buruei joaten uzten ez dietelako. Eta badakit nik zer esaten dudan.»

        «Badaki zinez zer esaten duen», gehitu zuen Tarrouk. Egiazko neurrian juzgatzen ditu Orango biztanleen kontraesanak, zeren elkar hurbilarazten dituen beroaren beharra sakon sakonean nabaritzen duten aldi berean, ezin baitute horregatik beren burua horretara eraman bata bestearengandik urrunarazten duen mesfidantza dela eta. Ondoegi dakite ezin dutela aldamenekoarengan konfiantzarik izan, gai dela izurritea zerorrek jakin gabe kutsatzeko eta alde egitean infektatzeko aprobetxatzeko. Guzti horien artean, nahiz lagun giroaren bila ibili, salatari izan daitekeena sumatzen denbora luzea eman duzunean, Cottardek eman duen bezala, ulertu ahal daiteke sentipen hori. Oso ondo molda daiteke izurritea, egun batetik bestera, eskua bizkar gainean jar diezazukeela eta agian, oso eta sendo egoteagatik alaitzen zaren momentuan, horretarako prestatzen ari dela gogoan duen jendearekin. Nolabait, eroso dago hura terrorean. Baina guzti hori haiek baino lehen sentitu duenez, ez dut uste haiekin batera erabat senti lezakeenik jakineza honen ankerkeria. Azken batean, gurekin batera, izurripean oraindik hil ez garenokin batera, benetan sumatzen du hark ere bere askatasuna eta bere bizia suntsitzeko zorian daudela egunero. Baina beta ere terrorean bizi izan denez gero, naturala iruditzen zaio besteak ere txanda heltzerakoan ezagutzea. Zehazkiago esateko, terrorea arinago jasaren du orain bakar bakarrik zegoenean baino. Horretan dabil oker hain zuzen ere eta horregatik zailagoa da hari ulertzea besteei baino. Edozein aldetara, horregatik merezi du besteek baino gehiago ulertzen saiatzea.

        Azkenik, Tarrouren orrialdeak aldi berean Cottardi eta izurriak jotakoei zegokien kontzientzi berezi hura ilustratzen duen kontakizun batekin amaitzen dira. Kontakizun honek garai hartako giroa adierazten du gutxi gora behera eta horregatik eman dio narratzaileak garrantzia.

        Udal Operara joan ziren, bertan Orfeo eta Euridice jartzen zutelarik. Cottardek gonbidatu zuen Tarrou. Izurritearen udaberrian etorritako taldea zen, gure hirian hainbat emanaldi eskaintzera. Eritasuna zela eta irten ezinik, behartuta egon zen taldea, gure Operarekin akordio batera heldu ondoren, astean behin beren emanaldia eskaintzera. Hala, hilabeteak joan hilabeteak etorri, gure udal antzokia dardaran jartzen zen Orfeoren aiene melodiatsuekin eta Eurideceren dei ahalgabeekin. Hala ere, begi onez ikusten jarraitzen zuen publikoak ikuskizun hura eta sarrera handiak izaten zituen beti. Eserlekurik garestienetan jarririk, Cottardek eta Tarrouk gure hiritar dotoreenez lehertzeko zorian zegoen parterre bat menderatzen zuten. Heltzen ari zirenak nabarmen saiatzen ziren beren sarrera agirian gera zedin. Aretoko argi itsukorraren pean, musikariek beren tresnak zuhurki afinatzen zituzten bitartean, zehazki nabarmentzen ziren siluetak, lerrokada batetik bestera pasatzen ziren, xarmaz makurtzen. Gisa oneko elkarrizketaren zurrumurru apalean, ordu batzuk lehenago, hiriko kale beltzen artean, falta zitzaien segurantza berreskuratzen zuten. Janzki dotoreak uxatzen zuen izurritea.

        Lehenengo ekitaldi osoan zehar, aise aritu ohi zen aieneka Orfeo, tunikaz jantzitako emakume batzuk xarmaz iruzkinetan aritu ziren haren zoritxarraz, eta arietta moduan kantatu zioten amodioari. Aretoak nola halako berotasunaz erantzun zuen. Apenas nabarmendu zen Orfeok, bigarren ekitaldiko arian, partituran ageri ez zen tremoloa sartzea, eta erdiragarritasun apur bat gehiegiz eskatzen ziola, Infernuko jaunari, bere lantuaz uki zedila. Irten zitzaizkion keinu zakar batzuk kantariaren interpretazioa indartzen zuten estilizazio efektu bezala hartu zituzten adituenek.

        Hirugarren ekitaldiko Orfeo eta Euridiceren arteko duo handia (Euridice bere maitalearengandik ihesi zihoan momentua zen) heldu behar izan zuen, aretoan barrena nolabaiteko ustekabea sorrarazteko. Eta kantariak, ikuslegoaren mugimendu honi itxaroten balego bezala, edo, hobeto esateko, parterretik zetorkion murmurioak berak sumatzen zuenean bermatu izan balu bezala, momentu huraxe aukeratu zuen ertzeraino joateko itxura barregarriz, beso eta hankak zabal-zabal eginda bere antzinatar janzkian, eta betiere anakronikoak izanda ere, ikusleen begientzat lehenengo aldiz, eta modu ikaragarriz, bilakatu ziren dekoratuaren saroi tartean bertan behera jauzteko. Une berean, orkestra isildu zen, parterreko jendea altxa eta aretotik irteten hasi zen astiro, isilik hasieran elizatik ateratzerakoan bezala, elizkizuna bukatu ondoren, edota hildako baten gelatik bisita egin ondoren, emakumeak beren soinekoak atonduz eta burumakur irtenez, gizonak beren emazteei ukalondotik gidatuz estropezu egin ez zezaten. Baina, pixkanaka-pixkanaka, mugimendua azkartu egin zen, zurrumurruak aldarri bilakatu ziren eta jendetzak irteeratara jo zuen eta presaka jo, azkenean garrasika zarrapatan bukatzeko. Cottard eta Tarrou, zutitu besterik egin gabe, han geratu ziren bakarrik orduko beraien bizimodua zenaren irudi baten aurrez aurre: izurria eszenatokian, apurtutako mozorro baten itxurapean eta, aretoan, luxuaren alferrikako hondarrak, ahaztutako abaniko eta zarraztutako enkajeen itxurapean butaken gorriaren gainean.

 

 

        Rambertek ahaleginez lan egin zuen, irailaren lehenengo egunetan, Rieuxen ondoan. Egun bakarra eskatu zuen libre Gonzales eta bi gazteen bila joan behar izan zuenean, mutilen lizeo aurrera.

        Egun hartan, eguerdian, Gonzalesek eta kazetariak han ikusi zituzten bi mutilak barrezka zetozela. Beste egunean zorterik ez zutela izan esan zuten, baina itxaron beharra zegoela. Edozein aldetara, aste hartan ez zeuden guardian. Hurrengo astera arte geldirik egon beharko zuten. Orduan ekingo zioten berriz ere. Hura zela hitz aproposa, ekitea alegia, esan zien Rambertek. Gonzalesek hurrengo astelehenerako geratzeko proposamena egin zuen. Baina oraingoan, Marcel eta Louisen etxean jarriko zen Rambert. «Hi eta biok geratuko gaituk. Azaltzen ez banauk, zuzenean haien etxera joango haiz. Oraintxe esango diat non bizi diren.» Baina Marcelek, edo Louisek, esan zuen adiskidea orduantxe eramatea izango zela errazena. Zorrotza ez bazen behintzat, lauentzako adina jatena izango omen zuten. Eta horrela, jakinaren gainean egongo zen. Ideia ona zela esan zuen Gonzalesek eta portu aldera jaitsi ziren.

        Marcel eta Louis Marina auzoko muturrean bizi ziren, erlaitzera eramaten zuten ate inguruan. Espainiar etxe txiki bat zen, horma lodiak, egurrezko kontraleiho pintatuak eta gela huts eta ilunak zituena. Arroza zuten bazkaltzeko eta gazteen amak zerbitzatu zien, espainiar irribarretsu eta zimurrez betetako andre zaharrak. Gonzales harriturik zegoen, dagoeneko arroz faltan baitzebiltzan hirian. «Ateetan moldatzen gaituk» esan zion Marcelek. Rambert jan eta edan ari zen, eta Gonzalesek benetako adiskidea zela esan zion, kazetaria han pasa beharreko astean pentsatzen ari zen bitartean.

        Azken batean, bi aste itxaron behar izan zituen, guardiako txandak hamabost egunetakoak jarri baitzituzten, talde kopurua urritzeko. Eta, hamabost egun horietan zehar, atsedenik gabe lan egin zuen Rambertek, etengabean, itsu-itsuan nolabait esateko, egunsentian hasi eta iluntzera arte. Gauean berandu oheratzen zen eta sakon egiten zuen lo. Alferkeriatik lan nekagarri hartara bat-batean pasatzerakoan ia ametsik eta indarrik gabe geratu zen. Gutxitan hitz egiten zuen hurbileko ihesaz. Gertaera nabarmen bakar bat: aste bete pasa ondoren, doktoreari azaldu zion, aurreko gauean, lehenengo aldiz mozkortu zela. Tabernatik irteterakoan, brastakoan izterpeak handitzen ari zitzaizkiola antzeman zuen eta besoak nekez mugitzen zituela galtzarbeen inguruan. Izurrian pentsatu zuen. Eta orduan bururatu zitzaion jokaera bakarra, Rieuxekin bat etorriz bidezkoa ez zela aitortu bazuen ere, hiriaren goialderaino igotzea izan zen, eta handik, itsasoa apenas ikusten ez bazuen ere, zeru pixka bat gehiago antzeman zitekeen plaza txiki batetik, emazteari deitu zion garrasi handi batez, hiriko harresien gainetik. Etxera sartzerakoan eta gorputzean inolako kutsapen arrastorik antzeman ezinik, ez zen oso pozik geratu bere buruaren bat-bateko krisialdi harekin. Konprenitzen zituela honelako jokaerak esan zion Rieuxek: «Edozein aldetara, esan zion, izaten da batzuetan horretarako gogoa.»

        — M. Othonk zutaz hitz egin dit gaur goizean azaldu zion momentuan Rieuxek, Rambert alde egitera zihoanean. Ea ezagutzen al zaitudan galdetu dit: «Esaiozu —esan dit—, ez zaiola kontrabandisten inguruan ibiltzea komeni. Nabarmentzen ari da.»

        — Zer esan nahi duzu horrekin?

        — Azkar ibili behar duzula.

        — Eskerrik asko —esan zion Rambertek, doktoreari eskua emanez. Atean, atzera jiratu zen supituki. Rieuxek antzeman zion, izurritea hasi ondoren lehenengo aldiz irribarrez ari zela.

        — Zergatik ez didazu galarazten joatea? Baduzu horretarako modurik. Rieuxek buruari eragin zion ohiko mugimenduz, eta bere arazoa zela esan zion Ramberti, zorioneko bidea aukeratu zuela eta berak, Rieuxek alegia, ez zuela arrazoirik horren kontra joateko. Ez zuen bere burua gai sumatzen arazo hartan zer zegoen ondo edo zer gaizki juzgatzeko.

        — Zergatik esan didazu, egoera honetan, azkar ibiltzeko? Rieuxek irribarre egin zuen.

        — Agian, neuk ere, zorionaren alde zerbait egin nahi dudalako izango da.

        Hurrengo egunean, ez ziren horretaz mintzatu, baina elkarrekin lanean aritu ziren. Handik aste betera, Rambert espainiar etxe txikian finkatu zen azkenean. Ohe bat atondu zioten bateango gelan. Gazteak bazkaltzera etxera etortzen ez zirenez, eta etxetik ahalik eta gutxien irteteko erregu egin ziotenez gero, bakarrik egoten zen denbora luzean, edo ama zaharrarekin hizketan. Zorrotza eta langilea zen, beltzez jantzia, aurpegi beltzarana eta zimurra, adats zuri eta guztiz garbien azpian. Isiltsua, Ramberti begiratzen zionean soilik zerion irribarrea begietatik.

        Behin, emaztea kutsatzeko beldurrik ez al zeukan galdetu zion. Arriskatu beharra zegoela pentsatzen zuen honek, baina, edozein aldetara, arrisku txikia zela. Aldiz, hirian geratuz gero, betirako bereizteko arriskua zuten.

        — Atsegina al da? —galdetu zion emakume zaharrak irribarrez.

        — Oso atsegina.

        — Polita?

        — Hala iruditzen zait.

        — A! —zioen andereak—, horregatik izango da.

        Rambert pentsatzen geratu zen. Horregatik izango zen dudarik gabe, baina ezinezkoa zen horregatik bakarrik izatea.

        — Jaungoikoarengan sinesten al duzu? —esan zion zaharrak, mezetara egunero joaten baitzen.

        Ezetz aitortu zion eta andre zaharrak berriz ere horregatik izango zela esan zuen.

        — Berarekin elkartu behar duzu, arrazoi duzu horretan. Bestela, zer geratuko zaizu?

        Gainontzekoan, horma biluzi eta entokatuen inguruan bueltaka aritzen zen, paretan zintzilikatutako abanikoak ukituz, edota mahaiko estalkiaren ertzetako artilezko bolatxoak kontatuz. Gauerako, etxera etortzen ziren gazteak. Ez zuten gehiegi hitz egiten, momentua ez zela oraindik heldu esateko ez bazen. Afalostean, Marcelek gitarra jotzen zuen eta pattar anisatua edaten zuten. Rambertek gogoeta itxura izan ohi zuen.

        Asteazkenean, Marcel etxeratu zen esanez: «Bihar arratsean, gauerdian. Prest egon.» Beraiekin batera postuan zeuden beste bi gizonak, bata izurripean eroria zen eta bestea, gehienetan lehenengoaren gela berean egon ohi zena, behaketapean zegoen. Hala, bizpahiru egunetan, bakarrik egongo ziren Marcel eta Louis. Gauean, azken xehetasunak konponduko zituzten. Hurrengo egunean, egin ahal izango zuen. Rambertek eskerrak eman zizkien. «Pozik al zaude?» galdetu zion andre zaharrak. Baietz esan zion, baina beste gauza batean pentsatzen ari zen.

        Hurrengo egunean, zeru lodiaren pean, bero heze eta itogarria zegoen. Izurriaren berri txarrak heldu ziren. Espainiar andre zaharra, hala ere, bare zegoen. «Munduan bekatua egonda —esaten zuen—, nola ez da ba egongo!». Marcel eta Luisen antzera, Rambert ere gerritik gora biluzik zegoen. Eginahalak eginda ere, izerdia bizkar eta bularretik zeriola zegoen. Kontraleihoak botatako etxearen sasi-ilunpetan, beltzaran eta distiratsuagoak ziruditen haien soinek. Rambert bueltaka ari zen deus esan gabe. Supituki, arratsaldeko lauetan, jantzi zen eta irten egin behar zuela esan zien.

        — Erne ibili —esan zion Marcelek—, gauerdirako da. Dena prest dago.

        Rambert doktorearen etxera joan zen. Rieuxen amak hiriko goialdeko ospitalean bilatuko zuela esan zion Ramberti. Guardia postuaren aurrean, betiko jendetza zebilen jira-biraka. «Zoazte hemendik» esaten zien begi irtenkorreko sarjentu batek. Eta joaten ziren, eta jira-biraka aritu berriz ere. «Alferrik zabiltzate hemen», esaten zien sarjentuak, jaka izerdiz blai eginda. Besteek ere hala uste zuten, baina han jarraitzen zuten, nahiz eta bero krudelaren pean egon. Rambertek bere pasa-txartela erakutsi zion sarjentuari eta Tarrouren bulegoa adierazi zion. Ateak patiora ematen zuen. Aita Panelouxekin gurutzatu zen, bulegotik ateratzen ari zenean.

        Farmazia eta oihal bustien usaina zerion gela zuri eta txiki batean, Tarrouk, egur beltzezko mahaiaren atzean eserita, alkandoraren mangak jasota, besoaren haragitan behera zihoan izerdiari eusten zion zapi batekin.

        — Oraindik hemen? —esan zion.

        — Bai, Rieuxekin hitz egin nahi nuke.

        — Aretoan dago. Baina hobe gauza hari deitu gabe konpondu badaiteke.

        — Zergatik?

        — Leher eginda dago. Ahal dudan neurrian lanak gainetik kentzen dizkiot.

        Rambert Tarrouri begira ari zitzaion. Argalduta zegoen. Begiak eta aurpegierak lausoturik zeuzkan nekeaz. Bizkar mardula konkorturik. Atean jo zuten, eta erizain bat sartu zen, zuriz mozorroturik. Fitxa pakete bat utzi zuen mahai gainean eta, janzkerak itotzen zuen ahotsez, hauxe besterik ez zuen esan: «Sei», eta ondoren irten egin zuen. Tarrouk kazetariari so egin, eta abaniko moduan zabaldutako fitxak adierazi zizkion.

        — Fitxa politak, ez al da hala? Tira, ba, gauean hildakoak dira.

        Kopeta zimurtu zitzaion. Fitxa multzoa jaso zuen.

        — Kontabilitatea, horixe da geratzen zaigun gauza bakarra. Altxa zen Tarrou, mahaian eskua jarriz.

        — Taster al zara joatekoa?

        — Gauerdian.

        Pozten zela esan zion Tarrouk eta zaindu zezala bere burua.

        — Egiaz ari al zara?

        Tarrouk sorbalda jaso zuen:

        — Nire urteekin, egia esan beharra daukat. Nekagarriegia da gezurretan ibiltzea.

        — Tarrou —esan zion kazetariak—, doktorea ikusi nahi nuke. Barkadazu.

        — Badakit. Nire aldean onbera da hura. Goazen.

        — Ez da hori —esan zion Rambertek zailtasunez. Eta geratu egin zen.

        Tarrouk begiratu eta, bat-batean, irribarre egin zion.

        Berde argiz pintatutako pasillo batean barrena joan ziren, aquariumetako antzeko argipean. Beirazko ate bikoitz batera heldu baino lehentxeago, atzean itzalen mugimendu bitxia ikusten zelarik, Tarrouk goitikan behera arasaz betetako gela txiki batera sartu zuen. Haietako bat ireki zuen, esterilizagailu batetik gasa hidrofilozko bi maskara atera zituen, eta haietako bat Ramberti luzatu zion, estaltzeko esanez. Kazetariak horrek ea zerbaitetarako balio ote zuen galdetu zion, eta ezetz erantzun zion Tarrouk, baina konfiantza sortzen zuela besteengan.

        Beirazko ateari bultzatu zioten. Areto itzela zen, leihoak irmo itxita zituena, udan egonda ere. Hormen goialdean haizea berritzen zuten aparailuak burrundaran ari ziren, eta beren helize makurrek aire lodi eta beroa harrotzen zuten, ohe grisez osatutako bi ilaren gainetik. Alde guztietatik, aiene monotonoa baino osatzen ez zuten intziri apal edo zorrotzak entzuten ziren. Zuriz jantzitako gizonak, astiro mugitzen ziren, barrotez babestutako goialdeko leihoek sartzen uzten argi krudelpean. Rambert ondoezik zebilen areto hartako beroagatik eta nekez sumatu zuen Rieux, forma intzirikor baten gainean makurtuta. Doktorea eriaren izterpeak ebakitzen ari zen bi erizainek, ohearen alde banatan, eusten zioten bitartean. Zutitu zenean, laguntzaile batek luzatzen zion erretilura bota zituen tresnak eta mugitu gabe egon zen une batez, bendatzen ari zitzaien gizonari begira.

        — Zer berri? —esan zion Tarrouri, berau hurbiltzerakoan.

        — Panelouxek onartu du Ramberten lekua betetzea berrogeialdiko etxean. Nahikoa egin du. Hirugarren aztertzaile taldea geratzen da Rambert gabe osatzeko.

        Rieuxek baiezkoa egin zuen buruaz.

        — Castelek gertu ditu lehenengo prestakuntzak.

        — A! —esan zuen Rieuxek—, ondo dago hori.

        — Eta, tira, Rambert hemen dago.

        Rieux jiratu zen. Begiak zimurtu zituen, maskararen gainetik, kazetaria antzematerakoan.

        — Zertan zabiltza hemen? —esan zion—. Urruti egon behar zenuke. Tarrouk gauerdirako zela esan zion eta Rambertek gehitu zuen: «Bestelakorik sortzen ez bada».

        Haietako bakoitzak hitz egiten zuenean, gasazko maskara puztu eta busti egiten zen ahoaren parean. Horrek irrealtasuna eragiten zion elkarrizketari, estatuen arteko solasa bailitzan.

        — Zurekin hitz egin nahi nuke —esan zion Rambertek.

        — Elkarrekin irtengo gara, ondo iruditzen bazaizu. Itxoin Tarrouren bulegoan.

        Handik pixka batera, Rambert eta Rieux doktorearen autoaren atzealdean eseri ziren. Tarrou zihoan gidatzen.

        — Akabo gasolina —esan zuen honek abiatuz—. Bihar oinez joan beharko dugu.

        — Doktore —esan zion Rambertek—, ez noa inora, zure ondoan geratu nahi dut.

        Tarrouk ez zuen zirkinik ere egin. Gidatzen jarraitu zuen. Rieuxek akiduratik jalgitzeko gai ez zela zirudien.

        — Eta neska? —esan zion ahots apalez.

        Rambertek gogoetan jardun zuela esan zion, sinesten zuena sinesten jarraitzen zuela, baina alde egingo balu, lotsatuta geratuko zela. Horrek abandonatutakoa maitatzea galaraziko lioke. Rieux tentetu zen eta ahots sendoaz hori ergelkeria galanta zela esan zion eta zoriona aukeratzerakoan ez zegoela zertan lotsatu beharrik.

        — Bai —esan zion Rambertek—, baina izan daiteke zoriontsu bakarra izatearen lotsa.

        Tarrouk, ordura arte isilik, haiengana burua jiratu gabe, adierazi zuen Rambertek gizonen zoritxarrean parte hartu nahi bazuen, ez zuela inoiz denborarik izango zorionerako. Aukeratu egin beharko zuen.

        — Ez da hori —esan zion Rambertek—. Beti pentsatu izan dut arrotza nintzela hiri honetan eta ez nuela deus egitekorik zuekin. Baina orain ikusi beharrekoak ikusi ondoren, badakit hemengoa naizela, nahi badut ala nahi ez badut ere. Guztiok lotzen gaitu historia honek.

        Inork ez zion erantzun eta Rambert ernegatzen hasi zen itxuraz.

        — Ondo asko dakizue horren berri! Zertan ari zarete ospitalean bestela? Aukera egin al duzue, beraz, eta zorionari uko egin?

        Ez Tarrouk eta ezta Rieuxek ere ez zioten erantzun. Luzaroan egon ziren isilik, harik eta doktorearen etxera heldu ziren arte. Eta Rambertek, berriro zuzendu zien azken galdera, oraindik ere kemen handiagoz. Eta Rieux bakarrik jiratu zen beregana. Ahaleginez zutitu zen:

        — Barkadazu, Rambert —esan zion—, baina ez dakit. Zure nahia hori bada, gera zaitez gurekin.

        Autoak egindako mugimendu trakets batek isilarazi zuen. Berriz jarraitu zuen aurrealdera begiratuz:

        — Ez dago ezer munduan maite denarengandik aldentzea merezi duenik. Eta, hala ere, neu aldendu egin naiz arrazoirik bilatzen ez diodan arren. Bizkarraren kontra etzan zen.

        — Eginak egin, horixe da guztia —esan zuen lasaikiro—. Gorde dezagun eta atera horretatik ondorioak.

        — Zer ondorio? —galdetu zion Rambertek.

        — A! —esan zion Rieuxek—, batek ezin du aldi berean sendatu eta jakin. Beraz, senda dezagun ahalik eta azkarren, horixe da eta premiazkoena.

        Gauerdian, Tarrou eta Rieux hark aztertu behar zuen auzoaren planoa egiten ari zitzaizkion Ramberti, Tarrouk erlojuari begiratu zionean. Burua altxatuz, Ramberten begirada sumatu zuen.

        — Jakinaren gainean jarri al dituzu?

        Kazetariak begirada saihestu zuen:

        — Ohar bat bidali diet —esan zion nekez—, zuengana etorri aurretik.

 

 

        Urriaren azken aldera saiatu ziren Castelen sueroarekin. Azken batean, huraxe zen Rieuxen azken esperantza. Berriz ere porrot eginez gero, doktorea gogaturik zegoen hiria eritasunaren apetaldian eroriko zela, nahiz epidemiak oraindik ere hilabete luzeetan iraun, edota arrazoirik gabe bat-batean gelditzea erabakitzen zuen arte.

        Castel Riexengana etorri zen egunaren bezperan, M. Othonen semea gaixotu egin zen eta familia osoak geratu behar izan zuen berrogeialdian. Ama, pixka bat lehenago atera zelarik, isolaturik geratu behar izan zuen bigarren aldiz. Emandako aginduekiko begiramenez, epaileak Rieuxi dei egin zion, haurraren gorputzean eritasunaren seinaleak antzeman orduko. Rieux heldu zenean, zutik zeuden gurasoak ohearen oinean. Neskatxa handik aldendua zuten. Mutikoa erorialdian zegoen eta arrangurarik gabe utzi zion azter zezan. Doktoreak burua altxa zuenean, epailearen begiradarekin topo egin zuen eta, haren atzetik, amaren aurpegi zurbilarekin, ahoan zapi batez estaliz eta begiak zabaldurik, doktorearen keinuei adi.

        — Hori da, ez al da hala? —esan zion epaileak ahots hotzez.

        — Bai —erantzun zion Rieuxek, berriz ere haurrari begiratuz.

        Amaren begiak handitu egin ziren, baina ez zuen deus esan. Epailea ere isilik zegoen, eta ondoren, doinu apalagoz, esan zuen:

        — Beno, doktore, agindutakoa egin behar dugu.

        Rieux denbora guztian zapia ahoan zuen amaren begiradari itzurika ari zitzaion.

        — Azkar egingo dugu —esan zuen duda-mudan—, telefonoz deitu al baldin badezaket.

        M. Othonek erakutsiko ziola esan zion. Baina doktorea andrearengana itzuli zen:

        — Asko sentitzen dut. Gauza batzuk prestatu beharko dituzu. Badakizu honen berri.

        Mme Othon aztoraturik zirudien. Lurrera begira zegoen.

        — Bai —esan zion, buruari eraginez, oraintxe egingo dut.

        Alde egin baino lehen, ea zerbait behar al zuten galdetu zien. Emakumea begira zeukan denbora guztian. Baina epaileak begirada saihestu zuen oraingo honetan.

        — Ez —esan zion, eta ondoren listua irentsi zuen—, baina salba ezazu nire haurra.

        Hasiera batean formaltasun hutsa besterik izan ez bazen ere, oso modu zorrotzean antolatu zuten Rieuxek eta Rambertek berrogeialdia. Bereziki, senide bateko partaideak bata bestearengandik banatuta egotera behartu zituzten edozein kasutan. Senitartekoren bat berak jakin gabe infektatuta balego, ez zegoen zertan eritasunari aukerak ugaldu beharrik. Arrazoi hauek adierazi zizkion epaileari eta honek bidezkotzat iritzi zizkien. Hala ere, emazteak eta biak elkarri begiratu zioten moduagatik konturatu zen doktorea zenbateraino bereizte hark utziko zituen babesgabeturik. Mme Othon eta neskatxa Rambertek zuzentzen zuen berrogeialditarako hotelean jarri ahal izan zituzten. Instrukzio epailearentzat, aitzitik, udal estadioan, prefektura antolatzen ari zen isolamendu eremuan baino ez zen lekurik geratzen, errepide zerbitzuek utzitako karpapetan. Rieuxek barkamena eskatu zion, baina M. Othonek guztiontzat arau berbera zegoela esan zion eta bidezkoa zela obeditzea.

        Haurra, bestalde, ospitale laguntzailera eraman zuten, hamar ohe atonduak zituzten ikasgela zahar batera. Hogeita lau ordu igaro ondoren, hil ala biziko kasua zela iruditu zitzaion. Infekzioa jaten ari zen gorputz txikia, honen aldetik erreakziorik gabe. Buboi txiki mingarriek, baina ia osatu gabe zeudenek, indar gabe utzi zituen bere gorputz-adar makalen artikulazioak. Aldez aurretik menperatuta zegoen. Horregatik bururatu zitzaion Rieuxi haurrengan frogatzea Castelen sueroa. Gau hartan bertan, afalostean, praktikatu zioten inokulazio luzea, haurrak suspertzeko seinalerik eman gabe. Hurrengo egunean, goiz alban, mutil txikiaren inguruan bildu ziren denak azken esperientzia haren berri jakiteko.

        Haurra, lozorrotik esnaturik, dardarizoz mugitzen hasi zen alde batera eta bestera maindire artean. Doktorea, Castel eta Tarrou, goizeko lauetatik ondoan zeuden, eritasunaren aurrerabide edo etenaldiak aldiro aztertuz. Oheburuan, Tarrouren gorputza zegoen, makurtu xamar. Ohearen oinean, Rieux zutik, eta honen ondoan, Castel, lasaitasun itxura osoz obra zahar bat irakurriz. Pixkanaka-pixkanaka, eskolako areto zaharrean eguna zabaltzen zihoan neurrian, heldu ziren besteak. Paneloux lehenengoa, Tarrouri zegokionez, ohearen bestaldean kokatu zelarik, eta hormaren kontra. Oinaze itxura ageri zuen aurpegian, eta larrutik ordaindua zuen egun guzti haietako nekeak zimurrak agerrarazi zizkion odol-bildutako kopetan. Ondoren, Joseph Grand heldu zen. Goizeko zazpiak ziren eta arnasestuka egoteagatik barkamena eskatu zien. Momentu batean besterik ezin zuen geratu, agian berri zehatzagorik izango zelakoan. Deus esan gabe, haurra adierazi zion Rieuxek. Desitxuratutako aurpegian begiak itxita, indarrak ematen zion arte hortzak estuturik, gorputza mugitu gabe, alde batera eta bestera eragiten zion buruari, oihalik gabeko burukoaren gainean. Eguna, azkenean, nahiko zabaldu zenean, ekuazio formulen arrasto zaharrak antzeman ahal izan zituzten, bertan utzitako arbel beltzean. Rambert heldu zen. Ondoko ohearen oinean jarri eta zigarro pakete bat atera zuen. Baina haurrari begirada bat bota ondoren, berriro sartu zuen paketea poltsikoan.

        Castelek, betiere eserita, Rieuxi begiratu zion betaurrekoen gainetik:

        — Aitaren berririk ba al duzu?

        — Ez —esan zion Rieuxek—, isolamendu esparruan dago.

        Doktorea indarrez atxiki zitzaion haurra intzirika zegoen ohearen barrari. Ez zion begirik kentzen eri txikiari. Brastakoan zurrundu zen berau eta, berriz ere hortzak estutuz, zertxobait okertu zen gerriaren parean, beso eta hankak astiro zabalduz. Militarren mantapean biluzik zegoen gorputz txikiarengandik artile eta izerdiaren usain mindua zetorren. Haurra sosegatzen joan zen pixkanaka, besoak eta zangoak ohearen erdialdera bildu zituen eta, betiere itsu eta mutu, arnasa azkarrago hartzen hasi zela ematen zuen. Rieuxek Tarrouren begiradarekin topo egin zuen, honek begiak saihestu zituelarik.

        Haurrak hiltzen ikusi zituzten, terroreak, hilabeteen poderioan, ez baitzuen aukerarik egiten, baina inoiz ez ziren minutuak joan minutuak etorri haien sufrimenduari begira egon, goizetik ari ziren bezala. Eta, esan behar, errugabe haiei eragindako oinazea beti iruditu zitzaiela benetan zen bezala, eskandalua alegia. Baina ordura arte behintzat, abstraktuki eskandalizatzen ziren nolabait esateko, inoiz ez baitziren honela egon, hain denbora luzean, errugabe baten agoniari begira.

        Momentuan haurra, urdailean koska egin baliote bezala, berriro izurtu zen, intziri ahula eginez. Hala egon zen gakoturik segundo luzetan zehar, hotzikaraz eta dardaraz astindurik, bere hezurdura hauskorra izurriaren haize bortitzaren kontra bildu eta sukarraren etengabeko erasopean karraskatuko bailitzan. Ekaitza iragan ondoren, lasaitu zen pixka batean, sukarrak alde egin eta larriki, hondar heze eta pozoituan utzi zuela zirudien, non atsedena dagoeneko heriotza zatekeen. Olatualdi kiskalgarriak berriz ere harrapatu zuenean hirugarren aldiz eta pixka bat astindu, haurra uzkurtu zen, ohean behera egin zuen kiskaltzen ari zitzaion sukarraren izumenean eta zoroki astindu zuen burua, manta atzera botaz. Malko lodiak, puztutako betazaletatik jalgiz, erori zitzaizkion berun antzeko aurpegitik, eta, krisialdiaren bukaeran, abaildurik, berrogeita zortzi orduren buruan giharrik gabe geratutako zango eta beso hezurtsuak zurrundurik, haurra gurutzatu barregarrizko itxuraz geratu zen desegindako ohe gainean.

        Tarrou altxa zen eta, bere esku mardulez, garbitu zuen izerdiz eta negar-malkoz bustitako aurpegi txikia. Handik pixka batera, Castelek liburua itxi eta gaixoari begiratu zion. Zerbait esaten hasi zen, baina eztula egin behar izan zuen bukatzeko, ahotsa eten egin baitzitzaion bat-batean:

        — Ez da susperraldirik egon goizaldean, ez da hala?

        Rieuxek ezetz esan zion, baina haurra ohikoa zena baino gehiago ari zela irauten. Panelouxek, hormaren kontra akitu samar antzean, zera esan zuen orduan ahopeka:

        — Hil behar baldin badu, denbora luzeagoan sufrituko du.

        Rieux brastakoan itzuli zen berarengana eta zerbait esateko ahoa zabaldu zuen, baina isildu egin zen. Bere buruari eusteko ahalegin nabarmena egin eta haurrari zuzendu zion begirada.

        Argia nagusitu zen aretoan. Beste bost ohetan, eiteek mugitzen eta aieneka ziharduten, baina adostasunez erabakia zirudien apaltasunez. Garrasika ari zen bakarrak, aretoaren beste muturrean, oihu txikiak egiten zituen aldika, oinazearenak hain gehiago harridurazkoak ziruditenak. Eriak berak ere, bazirudien ez zeudela hasierako izumenak harturik. Bazegoen, oraingoan, nolabaiteko onespena eritasuna jasaten zuten moduan. Haurra bakarrik zebilen bere indar guztiekin borrokan. Rieuxek, noizean behin pultsua hartzen ziolarik, eta ez beharragatik hala ere, baizik eta ezintasunak eragindako egonkortasunetik irtetearren, sumatzen zuen, begiak ixterakoan, nola nahasten zitzaion asaldura hura bere odolaren burrundararekin. Bat egiten zuen orduan oinazepean zegoen haurrarekin eta erabili gabeko bere indar guztiekin hura gaitzetik gordetzen saiatzen zen oraindik ere. Baina minutu batez bat eginik egon ondoren, bi bihotzen bulkadak desadostasunean erortzen ziren, haurra ihesi joaten zitzaion, eta bere ahalegina hutsean hondoratzen zen. Esku txikia askatzen zuen orduan eta bere lekura itzultzen zen.

        Karez pintatutako hormetan zehar, argia arrosatik horira zihoan. Beiraren atzealdean, goiz beroa zetorren zartaka. Nekez entzun zion Grandi irteten, berriz etorriko zela esanez. Denak itxaroten zeuden. Haurrak, betiere begiak itxita, lasaitzera jo zuen antza. Haren eskuak, hatzapar moduan bilakaturik, ohearen ertzak harramaskatzen ari ziren emeki. Altxa ziren, manta haztatu zuten belaunen parean, eta, berehalakoan, zangoak jaso, izterrak sabeleraino eraman eta geldi-geldi geratu zen. Begiak zabaldu zituen orduan lehendabiziko aldiz eta Rieuxi begiratu zion, aurrean zuelarik. Orain buztin grisean bilakatutako bere aurpegiaren sakonean, ahoa zabaldu zitzaion eta, ia berehala, etengabeko garrasi bakarra irten zitzaion, arnasketak apenas ñabartzen zuena, eta bat-batean aretoa protesta monotonoz, diskordez bete zuena, eta gizatiarretik hain gutxi zeukan ezen gizon guztiengandik batera etorritakoa baitzirudien. Rieuxek hortzak estutu zituen eta Tarrou atzealdera jiratu zen. Rambert ohe ingurura etorri zen, Castelen ondora, honek belaunetan zabalik zuen liburua itxi zuelarik. Panelouxek eritasunak zikindutako haur aho hari begiratu zion, adin guztietako garrasiaz betetako ahoari. Eta belauniko jarri zen eta mundu guztiari bidezkoa iruditu zitzaion ahots ito xamarraz, baina garbiaz hala ere, etengabeko intziri anonimoaren atzetik esaten aditzea: «Jainko maitea, salba ezazu haurra.»

        Baina haurrak garrasika jarraitu zuen eta, bere inguruan, eriak larritzen hasi ziren. Oihuka jarraitzen zuenak, aretoaren beste muturrean, bere intziriaren erritmoa bizitu egin zuen, hark ere benetako garrasia egin arte, besteak geroz eta aiene ozenagoak egiten zituztelarik. Negar zotin marea sortu zen aretoan, Panelouxen otoitza estaliz, eta Rieuxek, oheko barran heldurik, begiak itxi zituen, nekez eta nahigabez horditurik.

        Berriz ere zabaldu zituenean, Tarrou sumatu zuen ondoan.

        — Alde egin behar dut —esan zion Rieuxek—. Ezin dut gehiago jasan.

        Baina berehalakoan beste eriak mutututa geratu ziren. Doktoreak orduan haurraren garrasia ahulagoa zela igarri zuen, geroz eta ahulagoa zela eta isildu egin zen arte. Inguruan, aiene-hotsa berriro hasi zen, baina apalxeago, eta amaitu berria zen borrokaldiaren urruneko oihartzun modura. Ezen bukatua baitzen. Castel ohearen kontrako aldetik pasa eta bukatu zela esan zuen. Aho zabalik, nahiz eta mututurik, haurra nahasitako maindireen hondoan zetzan, bat-batean urriturik, aurpegian malkoen arrastoa ageri zuela.

        Paneloux ohe ondora hurbildu zen eta bedeinkapen seinalea egin zuen. Gero jantziak jaso eta irten egin zen erdiko pasillotik.

        — Berriz hasi behar ote dugu? —galdetu zion Tarrouk Casteli. Doktore zaharrak buruari eragin zion.

        — Agian bai —esan zion irribarre urduriaz—. Edozein aldetara, luzaroan eutsi dio.

        Baina Rieux aretotik irteterakoan, hain pauso azkarrez zihoan, eta halako itxura zeraman, ezen Panelouxen ondotik pasatzerakoan, honek besotik heldu baitzion.

        — Tira, doktore —esan zion.

        Mugimendu bortitz bereaz, bueltatu zen Rieux eta oldarkeriaz bota zion:

        — A! hau behintzat errugabea zenuen, ondo asko dakizu hori!

        Ondoren buelta hartu eta, aretoko ateak Panelouxen aurretik zeharkatuz, eskolako patioaren hondora heldu zen. Banku batean eseri zen, hautsez betetako zuhaixken artean, eta dagoeneko begi tartean behera zetorkion izerdia lehortu zuen. Garrasi egiteko gogoa zuen oraindik, bihotza estutzen zion korapiloa behingoz askatzeko. Beroa astiro zetorren gainera fikusen abar artetik. Goizeko zeru urdina azkar ari zen airea itogarriagoa egiten zuen laino zurixka batez estaltzen. Rieuxek bere buruari joaten utzi zion bankuan eserita. Begira zegoen adarrei, zeruari, arnasa geldiro bilatuz, nekea pixkanaka-pixkanaka baretuz.

        — Zergatik azaldu didazu horrelako haserrea hitz egiterakoan? —esan zion ahots batek atzealdetik—. Niretzat ere jasan ezinezko ikuskizuna izan da.

        Rieux Panelouxengana jiratu zen:

        — Egia da —esan zion—. Barkadazu. Baina nekeak erotu egiten gaitu. Eta badira hiri honetan ordu batzuk zeinetan nire barneko sumindura baino ez baitut sentitzen.

        — Ulertzen dizut —esan zion ahopeka Panelouxek—. Gure neurritik gainditzen gaituelako egiten zaigu sumingarri. Baina agian ulertu ezin duguna maite behar genuke.

        Rieux kolpean zutitu zen. Panelouxi begiratu zion ahal zuen indar eta grina osoz, eta buruari eragin zion.

        — Ez, aita —esan zion—. Ezta hori maitasunari buruz dudan aburua. Eta heriotzak eraman artean uko egingo diot haurrak torturatuak izan ohi diren kreazio honi.

        Larridurazko itzal bat pasa zen Panelouxen aurpegitik,

        — Ai! doktore —esan zion goibeldurik—, grazia deritzon hori ikusi berri dut nik.

        Rieuxek berriz ere utzi zion bere buruari joaten banku gainean.

        Birsortu zitzaion nekearen sakonetik, eztitasun handiagoz erantzun zion:

        — Horixe da nik ez dudana, badakit. Baina ez dut horretaz eztabaidan jardun nahi zurekin. Birao eta otoitzen gainetik biltzen gaituen zerbaiten alde ari gara elkarrekin lanean. Horixe da garrantzia duen gauza bakarra. Paneloux Rieuxen ondoan eseri zen. Hunkitu itxura zuen.

        — Bai —esan zion—, zerorrek ere gizonaren salbaziorako Ian egiten duzu. Rieux irribarre egiten saiatu zen.

        — Gizonaren salbazioa hitz handiegia da niretzat. Ez dut hain urrutira joan nahi. Gizonaren osasuna da nire ardura, haren osasuna lehenik eta behin.

        Paneloux zalantzan geratu zen.

        — Doktore —esan zion.

        Baina isildu egin zen. Haren kopeta ere izerdia zeriola hasia zen. Ahopeka esan zion: «Agur» eta begiak distiran zituen altxa zenean. Abiatzera zihoanean Rieuxek ere, gogoetan, altxa eta pauso bat eman zuen harengana.

        — Barkadazu berriz ere —esan zion—. Ez da berriz horrelako oldarkeriarik gertatuko.

        Panelouxek eskua luzatu zion tristuraz:

        — Ez zaitut hala ere gogatu!

        — Zergatik kezkatzen zara? —esan zion Rieuxek—. Heriotzari eta gaitzari diet gorroto, badakizu zuk hori. Eta nahi baduzu edo nahi ez baduzu ere, haien pean sufritzeko eta haien kontra borrokatzeko gaude elkarrekin.

        Rieuexek Panelouxen eskuari eusten zion.

        — Ikusten duzu —esan zion hark begiratu gabe—, Jainkoak berak ere ezin gaitu orain banatu.

 

 

        Osasun taldeetan sartu zenez geroztik, ez zen Paneloux ospitaletatik eta izurria zegoen lekuetatik aldendu. Salbatzaileen artean, ustez berezkotzat zuen mailan kokatu zen, lehenengo mailan alegia. Ez zen heriotza-ikuskizunen faltan egon. Eta hasiera batean sueroaren babesean egon bazen ere bere heriotzaren kezka ez zitzaion arrotz egiten. Itxuraz, soseguz mantendua zen ordura arte. Baina luzaroan hiltzen ari zen haur bati begira egon ondoren, aldatu egin zela ematen zuen. Gero eta larridura handiagoa antzematen zuen aurpegian. Eta, irribarrez, momentu hartan «Apaiz batek medikuari kontsultatu al diezaioke?» gaiari buruz tratatu bat prestatzen ari zela Rieuxi esan zionetik, Panelouxek itxuraz aitortu nahi ez zuen beste gauza sakonagoa zegoela tartean sumatu zuen doktoreak. Lan haren berri jakiteko gogoa azaldu zionean, Panelouxek gizonen mezetan sermoi bat egingo zuela esan zion, eta berean bere ikuspegi batzuk behintzat adieraziko omen zituela:

        — Zu etortzea nahi nuke, doktore, gaia interesgarria izango zaizu.

        Haize handia zebilen egun batean egin zuen bigarren sermoia aitak. Egia esateko, entzuleen lerroak ez zeuden lehenengo sermoian bezain beterik. Gure hiritarrentzat honelako ikuskizunek ez zuten ordurako berriaren erakargarritasunik. Hiria pasatzen ari zen egoera larrian, «berria» hitzak galdua zuen bere esan-nahia. Bestela ere, jende gehienak, erlijio betebeharrei erabat uko egin ez bazien ere, edota norberaren bizimodu guztiz lizunarekin uztartu, zentzu eskaseko sineskeriengatik ordezkatu zituzten ohiko jardunak. Gogokoago zituzten domina babesleak edo San Rokeren kutunak mezetara joatea baino.

        Adibide bezala, aipa genezake gure hiritarrek zuten profeziak neurriz gain erabiltzeko modua. Hala, udaberrian, denok espero zuten, momentu batetik bestera, eritasunaren amaia, eta mundu guztia gehiago izango ez zela gogaturik zegoenez gero, ez zen inor arduratzen besteen ustetan zenbat iraungo ote zuen galdetzen. Baina egunak aurrera joan ahala, egiaz behin ere ez zela bukatuko beldurtzen hasi ziren eta, aldi berean, izurritearen etendura itxaropen guztien gai bilakatu zen. Honela hasi ziren pasatzen, eskuz esku, aztiek edo Eliza katolikoaren santuek botatako profeziak.

        Hiriko inprimatzaileek laster sumatu zuten zoramen hari atera lekiokeen etekina eta ale ugari banatu zituzten ahotan zebiltzan testuekin. Publikoaren jakin-mina ase ezina zela konturaturik, udal liburutegitan, historia txikiak era honetako adierazpenei buruz ager zezakeena bilatzeari ekin zioten eta hirian zehar hedatu zituzten. Historian bertan profeziak agortu ziren nonbait eta kazetariei agindu zieten zeregina, hauek, horretan behintzat, aurreko mendeetako ereduak bezain eraginkorrak zirela frogatu zutelarik.

        Profezia hauen arteko batzuk folletin moduan azaldu ziren egunkaritan eta osasuneko garaian aurkitu zitezkeen amodiozko istorioen moduko irrikaz irakurtzen zituzten hauek ere. Iragarpen hauetako batzuk kalkulu xelebreetan oinarrituta zeuden, kontuan hartzen zituztelarik urtearen milarena, hildakoen kopurua eta izurripean iragandako hilabeteen batuketa. Beste zenbaitzuk historian izandako izurrite handiekin konparaketak egiten zituzten, antzekotasunak bilatuz (profezien konstantea zeritzotena) eta, besteak bezain kalkulu xelebreen bidez ere, oraingoari zegozkion irakasbideak atera nahi izaten zituzten. Baina publikoaren aldetik dudarik gabe apreziorik handiena izan zutenak hauek izan ziren: hizkuntz apokaliptikoa erabiliz, bata bestearen atzeko gertaerak iragartzen zituzten hauetako edozein izan zitekeelarik hiriak jasango zuena, eta konplexutasunak edozein eratako interpretazioa zilegitzat har zitekeena. Hala, egunero jo zuten Nostradamus edo santa Odilerengana, eta beti fruitua jasoz. Profezia guztiak, bestalde, bat zetozen gauza batean, hots, azken finean lasaigarriak ziren. Izurria, huraxe soilik ez zen lasaigarria.

        Sineskeria hauek, beraz, erlijioaren lekua betea zuten gure hiritarrengan eta horregatik Panelouxek sermoia egin zuen eliza hiru laurdenetan baino ez zegoen beterik. Sermoiaren arratsaldean, Rieux heldu zenean, haizeak, sarrerako ate batienteetatik zirriztadaka iragaziz, libreki korritzen zuen entzuleen artetik. Eta eliza hotz eta isiltsu hartan, gizon hutsez osatutako jende artean, jarri zen bere lekuan eta ikusi zuen aita pulpitura igotzen. Hau lehenengo aldian baino doinu eztiagoz eta gogartsuagoz mintzatu zen eta, zenbait momentutan, haurrideek nolabaiteko zalantza sumatu zioten bere mintzairan. Gauza are bitxiagoa, ez zuen «zuek» esaten, baizik eta «guk».

        Dena dela, ahotsa sendotzen joan zitzaion pixkanaka. Hilabete luzeak pasa ondoren, izurria gure artean zegoela gogoraraziz hasi zen eta oraingoan, hainbat alditan gure mahaian esertzen edota maite genituenen oheburuan, gure ondoan ibili edo lantokira noiz etorriko zain ikusi ondoren, oraingoan beraz, agian hobeto entzun ahal izango genuen etengabean esaten ari zitzaiguna, lehenengo ustekabean beharbada ez baikenion ondo entzungo. Egia zen aita Panelouxek leku beretik predikatu izan zuena —edo horretaz jabeturik zegoen behintzat. Baina gerta zitekeen ere, guztioi gertatzen zaigun modura, eta horregatik ariko zen bularrean kolpeka, karitaterik gabe pentsatu eta esan izana. Egiazkoa zena zen, hala ere, edozein gauzetan, beti egon izan ohi dela zerbait gogoan hartzekoa. Lehiarik ankerrena ere onuragarri zen sinestunarentzat. Eta, hain zuzen, bere onuraren bila joan beharra zuen sinestunak kasu honetan, eta baita zerez egina zegoen onura hori, eta nola aurki ote zezakeenaren bila ere...

        Momentu hartan, Rieuxen inguruan, jendea postura bila aritu zen bankuen eskutokien artean eta ahalik eta erosoen ezarri zen. Sarrerako akoltxatutako ate bat samurki hasi zen joka. Norbait altxa zen hari eustera. Eta Rieuxek, hots haiekin oharkabeturik, apenas konturatu zen Panelouxek sermoiaren hariari berriz heldu zionaz. Gutxi gorabehera ez zegoela izurriaren ikuskizunaren adierazpenik bilatzen saiatu beharrik zioen, baizik eta ikasi beharrekoa ikasi egin behar zela. Rieuxek nolabait ulertu zuen, aitak zioenez, ez zegoela deus adierazi beharrik. Honen ardura areagotu egin zen Panelouxek ozenki esan zuenean bazirela Jaungoikoari zegozkion gauzak adieraz zitezkeenak, eta beste batzuk adierazkaitzak zirenak. Jakina bazegoela gaizkia eta ongia, eta, ia beti, erraz adieraz zitekeen bien arteko bereizkuntza. Baina gaizkiaren barnean, hantxe sortzen ziren eragozpenak. Bazen, esate baterako, itxuraz beharrezkoa zen gaizkia eta itxuraz alferrikakoa zena. Bazen Infernutara jauzitako Don Juan eta haur baten heriotza. Eta bidezkoa baldin bada libertinoa suntsitua izatea, ulertu ezinezkoak dira aitzitik haurraren sufrimenduak. Eta, egiaz, ez omen zegoen ezer lurrean haurraren sufrimendua baino garrantzitsuagorik, eta sufrimendu horrek dakarren terrorea eta berarengan bilatu beharreko arrazoiak. Bizitzaren gainontzekoan, Jaungoikoak eskura jartzen omen zigun guztia eta, horretaraino, erlijioak ez zuen meriturik. Oraingoan, aldiz, hormaren oinera bultzatzen ari omen zitzaigun. Hala, izurriaren harresi azpian geunden eta heriozko gerizpe hartan aurkitu beharko omen genuke gure onura. Aita Panelouxek uko egiten zien harresi hura gainditzeko aukera emango ligukeen abantaila errazez baliatzea. Erraz esan zezakeen betiereko atseginera helduko zela haurra sufrimenduen ordainez, baina, azken finean, deus ez zekien. Nor ausartu ote zitekeen atsegin baten betierekotasuna gizasemeen oinazearen une baten ordaina izan zitekeela esatera? Sinestuna, segur aski, ez behintzat, Maisuak bere gorputzean eta bere ariman oinazea ezagutu izan zuen momentutik. Ez, aita hormaren oinean geratuko zen, gurutzea ikurra duen urruntzean tinko, haurraren sufrimenduaren aurrez aurre. Eta beldurrik gabe esango zien egun hartan adi zituenei: «Haurride maiteok, heldu da garaia. Guztia sinetsi edo guztiari uko egin behar diogu. Eta, zuen artetik, nor ausartuko litzateke guztiari uko egitera?»

        Rieuxek apenas izan zuen denbora aita heresiaren inguruan zebilela pentsatzeko eta han heldu zion berriz ere besteak sermoiaren hariari indarrez baiesteko esku hartze huraxe, eginbehar soil huraxe zela sinestunaren onura. Aldi berean, bere bertutea ere izaki. Aitak bazekien azaltzera zihoan bertutearen gehiegikeriak harrituta utziko zituela hainbat eta hainbat izpiritu, moral errukiorragoaz eta klasikoagoaz ohiturik. Baina eguneroko erlijioak ezin zuen izurrite aldiko erlijio bera izan eta zorioneko garaitan arimaren lasaitasuna eta poza Jaungoikoak onartu, eta era berean desiratu baldin bazezakeen ere, gehiegizkotasunez nahi zuen zoritxarreko gehiegikeriatan. Jaungoikoak oraingoan bertuterik handiena, hots, Guztiarena edo Ezerena, bilatu eta norberaganatu beharrean ziren zoritxarra zekarkien mesede bezala.

        Idazle profano batek, aurreko mendean, Elizaren sekretua argitan jarri nahi izan zuen Purgatoriorik ez zegoela adieraziz. Horrekin esan nahi zuena zen ez zegoela erdibiderik, Paradisua eta Infernua besterik ez zegoela eta, aukeratutakoaren arabera, ez zegoela salbamena ala kondenazioa besterik. Panelouxen ustetan, arima libertino batengan baino sortu izan ez zitekeen heresia zen hau. Ezen bai baitzegoen Purgatorio bat. Baina izan ziren dudarik gabe Purgatorio honetan gehiegi itxaroten ez zuten garaiak, bekatu arinez hitz egin ezin zitekeen garaiak. Bekatu guztiak astunak ziren eta axolagabekeria guztiak kriminalak. Dena ala ezer ez.

        Paneloux isildu zen, eta Rieuxek hobeto entzun ahal izan zuen orduan, ateen azpialdetik, kanpoan itxuraz gogortzen ari zuen haizearen urruma. Aita une berean esaten ari zen adierazitako onarpen osoaren bertutea ezin zela usadioz eman ohi zitzaion zentzu murritzean ulertu, ez Lela etsipen hutsal kontua, eta ez umiltasun zailarena ere. Umilazio kontua zen, baina umiliatuak amore ematen duen umilazio modukoa. Jakina, haur baten sufrimendua umiliagarria zen izpirituarentzat eta bihotzarentzat. Horregatik pasa beharrean gaude hartatik. Horregatik, eta esatera zihoana zaila zela esaten aitortu zion Panelouxek entzuleriari, horregatik nahi beharrekoa zen Jaungoikoak ere nahi zuelako. Orduan bakarrik ez zuen deus gordeko sinestunak eta, irtenbide guztiak itxita, joko zuen funtsezko aukeraren oinarrira. Guztia sinestearen aukera egingo zuen, guztiari uko egitera behartuta ez egotearren. Eta, momentu horretan elizetan, sortzen ziren buboiak gorputzak infekzioa botatzeko biderik naturalena osatzen zutela konturatuak ziren emakume jatorrek «Jainko maitea, bidal iezazkiezu buboiak» esaten zuten bezala, sinestunak ere jakin beharko zuen bere burua Jaungoikoaren nahietara abandonatzen, naiz eta ulergaitza bazitzaion ere. Ez litzateke zilegi esatea: «Hura ulertzen dut; hau, ordea, ezin dut onartu», eskainitako onartezin horren bihotzera jauzi egin beharko genuke, hain zuten ere gure aukera egin ahal izateko. Haurren sufrimendua izango litzateke gure ogi mingotsa, baina ogi hori gabe, arima hil egingo litzaiguke izpiritu gosez.

        Momentu hartan aita Panelouxen etenalditan sortu ohi zen nahaspila sorgorra entzuten hasia zelarik, han ekin zion, ezustean, predikariak berriz ere indarrez, entzuleriari egin behar ote zenaren gain galdezka ari balitzaioke bezala. Beldur zen, ez ote zuten halabehar hitz ikaragarria ahoskatuko. Beno, ez zuen bada hitz horren aurrean atzera egingo «aktibo» izenlaguna behintzat uztartzen utziko baliote. Behingoz, ez zegoen egiaz aipatuak zituen Abisiniako kristauen bidetik jarraitu beharrik. Ez zegoen izurriak hartutako persiar haiekin zertan bategiterik pentsatu ere, zeintzuek beren piltzarrak kristauen osasun piketeen kontra botatzen baitzituzten zerurantz aldarrika, Jaungoikoak bidalitako gaitzaren kontra borroka egin nahi zuten jentil haiei izurria bidal ziezaien. Baina alderantziz ere, ez zegoen zertan imitatu beharrik halaber Kairoko fraideei, zeintzuek, aurreko mendeko izurrite garaietan, pintzekin hartura ematen baitzuten hostia komunio orduan, infekzioa lozorrotan eduki zezaketen aho heze eta bero haiek ez ukitzearren. Nahiz Persiako izurridunek, nahiz fraideek, eroriak ziren bekatuan. Ezen, lehenengoek, ez zuten kontuan hartzen haurraren sufrimendua eta, bigarrenentzat, aldiz, oinazearekiko ikara, ondo gizonei dagokiena, non-nahi zabaldurik zegoen. Bi kasuetan, arazoari itzuri egin ohi zioten. Baina bazegoen Panelouxek gogora ekarri nahi zituen bestelako adibiderik ere. Marsellako izurrite handiaren kronikariari sinestekotan, Mercyko komentuan bizi ziren laurogeita bat fraidetatik, lau bakarrik atera omen ziren bizirik sukarraren erasopetik. Eta lau hauetatik hiru ihesi joan omen ziren. Hala zioten kronikariek eta bere ogibidetik kanpo zegoen besterik esatea. Baina hura irakurtzerakoan, aita Panelouxen pentsakizuna bakarrik geratutakoarengana mugatu zen, nahiz eta hirurogeita hamazazpi hilotzen artean egon eta, nagusiki, nahiz eta hiru anaiek erakutsitako jokaera azaldu. Eta aitak, ukabilez pulpituaren ertzean kolpeka, oihu egin zuen: «Haurrideok, geratu zen bakarra bezalakoak izan behar dugu!»

        Kontua ez zen arretari, errauspen baten desordenan gizarte batek ezartzen zuen ordenari uko egitea. Ez zegoen belauniko jarri behar zela eta dena utzi esaten zuten moralistei zertan entzun beharrik. Aurrera egin beharra zegoen besterik gabe, ilunpean, hainbestean itsuka, eta ongia egiten saiatu. Baina bestelakoan, jardun beharra zegoen, eta Jaungoikoarenganako konfiantza onartu, nahiz haur baten heriotzaren aurrean, eta norberarentzako eskakizunen bila ibili gabe.

        Puntu honetan, aita Panelouxek Belzunce gotzain txit ohoretsua ekarri zuen gogora, Marsellako izurrite garaian. Azaldu zuen nola izurritearen azken aldera, gotzainak, egin beharreko guztiak egin ondoren, irtenbiderik ez zegoela pentsatuz, hornigaiekin batera etxe barrean geratu zen hormaztatu ondoren; nola idolotzat zuten biztanleek, gehiegizko oinazea suertatzerakoan gertatu ohi den sentimendu nahasmenaz, haren kontra oldartu ziren, gorpuez inguratu zuten etxea infekzioa sortu nahian eta hilotzak hormen gainetik jaurtikitzera ere heldu ziren, haren heriotza ziurtatzearren. Hala, gotzainak, azken orduko ahuleriak jota, bere burua isolaturik ikusi nahi izan zuen heriotzaren munduan eta hildakoak zerutik erori zitzaizkion buru gainera. Hala, gure artean ere, izurriaren erdian uharterik ez zegoenaz jabetu behar genuen. Ez, ez zegoen erdibiderik. Eskandalua onartu beharko genuen, Jaungoikoarenganako gorrotoaren ala maitasunaren arteko aukera egin beharko genuelako. Eta ba ote zegoen norbait Jaungoikoaren haserrea aukera zezakeenik?

        «Haurride maiteok —esan zuen azkenean Panelouxek, amaitzera zihoala azalduz—, Jaungoikoaren maitasuna zinez maitasun zaila da. Norberaren erabateko uztea eskatzen du eta norbere buruarenganako mezprezua. Baina maitasun horrek soilik ezaba dezake haurren oinazea eta heriotza, maitasun horrek egiten du beharrezko, ezinezkoa baita heriotza hori ulertzea eta nahi baino ez izatea. Horra zuekin banatu nahi dudan irakaspen zaila. Horra fedea, krudela gizonen begientzat, erabakigarria Jaungoikoaren begientzat, eta horretara hurbildu behar dugu. Irudi ikaragarri horren parera heldu behar dugu. Gailur horren gainean, guztia nahastuko da eta berdinduko, egia jalgiko da itxurazko bidegabekeriatik. Hala gertatu ohi da, Frantziako Midiko hainbat eta hainbat elizetan, izurridunak mendetan lotan dautza koruko harlosen azpian, apaizak beren hilobietatik hizketan ari zaizkigu, eta zabaltzen duten izpiritua haurrek ere partaide izan diren errautsetatik datorkigu.»

        Rieux irtetera zihoanean haize-bolada bortitza sartu zen sasi irekitako atetik eta aurpegian jo zien fededunei. Euri usaina ekarri zuen eliza barrura, irten aurretik hiriaren tankera sumatzeko aukera eman zien espaloi bustien lurruna. Rieux doktorearen aurretik, momentu hartan bertan irtetera zihoazen apaiz zahar eta diakono gazteak nekez eutsi ahal izan zieten kapelei. Edadetuena etengabe ari zen sermoiari buruzko aipamenak egiten. Laudorio hitzak zituen Panelouxen mintzo ederrarentzat, baina kezkaturik zebilen aitak azaldutako pentsaera ausartaren aurrean. Sermoiak indarra baino gehiago kezka adierazi zuela irizten zion, eta, Panelouxen adinean, apaiz batek ez zuen kezkaturik egoteko eskubiderik. Diakono gazteak, burua makur haizearengandik babestearren, maiz sarritan egon ohi zela aitarekin azaldu zion, haren bilakaeraren berri bazekiela eta bere tratatua oraindik ere ausartagoa izango zela eta ez zuela inprimaturra jasoko.

        — Zein da beraz bere pentsaera? —esan zion apaiz zaharrak.

        Atarian ziren eta haize-boladek urrumaz inguratzen zituzten, gazteenari hitza moztuz. Hitz egin ahal izan zuenean, hauxe bakarrik esan zuen:

        — Apaizak medikuari kontsulta egiten badio, kontraesana sortzen da.

        Rieuxek Panelouxek esandakoaren berri Tarrouri azaldu zionean, honek apaiz bat ezagutzen zuela esan zion fedea galdu omen zuena gerra garaian, begiak aterata zituen gazte baten aurpegia ikusterakoan.

        — Arrazoi du Panelouxek —esan zion Tarrouk—. Errugabeak begiak aterata dituenean, fededunak edo fedea galdu edo begiak aterata dituela onartu beharko du. Panelouxek ez du federik galdu nahi, azkeneraino joango da. Horixe da esan nahi izan duena.

        Tarrouren oharpenak balio ote du ondoren suertatu ziren zoritxarreko gertaerak neurri batean argitzeko, non Panelouxen portaera ulertezina izan baitzen ingurukoentzat? Horra hor auzia.

        Sermoia egin eta handik egun batzuetara, Panelouxek etxe aldaketaz arduratu behar izan zuen. Momentu hartan, eritasunaren garapenak etengabeko etxe aldaketak egitera bultzatu zuen hirian. Eta, Tarrouk hotela utzi eta Rieuxen etxera joan behar izan zuen modura, aitak ere bere ordenak eskainitako egoitza utzi behar izan zuen, elizan sarri ibili eta oraindik ere izurriaren eskutan erori gabeko pertsona zahar baten etxean apopilo jartzeko. Aldaketa garaian, aitak nekea eta arrangura areagotzen ari zitzaizkiola sumatu zuen. Eta honela galdu zuen etxekoandrearen begietan estimazioa. Zeren hark santa Odileren profeziaren merituak gogoberoz aipatu zizkionean, aitak ezinegon apur batez jokatu baitzuen, dudarik gabe barneko gogaipenaren eraginez. Segidan andre zaharrarengandik neutraltasun arraia behintzat lortu asmoz ahaleginean jardun bazuen ere, ez zen horretara heldu. Eta, gauero, crochetean egindako puntilazko uhinez betetako gelara sartu baino lehen, bere etxekoandrearen bizkarra ikusi behar izaten zuen, egongelan eserita, zakar eta bueltatu gabe hark zuzentzen zion «Gabon, aita» hitzen oroimena gogoan zeraman aldi berean. Honelako egun batean, oheratzeko momentuan, buruko minez, sumatu zituen eskumuturretan eta lokietan hainbat egun inkubatzen zeraman sukarraren uhinkadak libratzen.

        Ondoren etorri zenaren berri etxekoandreak esandakoaz bakarrik ezagutu ahal izan dugu. Hurrengo goizean, goiz jaiki zen anderea, ohiturari jarraituz. Denbora aurrera joan ahala, aita gelatik irteten ez ikusteagatik harriturik, atean jotzea erabaki zuen duda-mudan egon ondoren. Etzanda bilatu zuen, gaua lorik egin gabe pasara. Hertsaduraz kexu zen eta ohi ez bezalako kongestioa ageri zuen. Andrearen hitzetan, kortesiaz mediku bati dei egitea proposatu zion, baina proposamen hari penagarria iruditu zitzaion bortxaz uko egin omen zion. Gelatik atera zen, besterik gabe. Beranduxeago, aitak tinbreari eman eta joateko esan zion. Bere umore txarreko portaerarengatik barkamena eskatu zion eta esan ez zela izurrite kontua, ez zuela inolako sintomarik eta behin-behineko nekaldia izango zela. Andre zaharrak erantzun zion esanez bere proposamena ez zegoela era horretako kezkan oinarriturik, ez zuela bere segurtasunean pentsatu, hori Jaungoikoaren eskutan baitzegoen, aitaren osasunean soilik pentsatu zuela, neurri batean bere ardura izaki. Baina ezer esaten ez zuenez, etxekoandreak, zioenaren arabera, bere eginkizun osoa bete nahian, berriz ere medikuari deitzea proposatu zion. Aita, oraingoan ere, ukatu egin zen, baina andre zaharraren iritziz guztiz nahasgarriak omen ziren zuribideak adieraziz. Andreak ustez ulertu izan zuen gauza bakarra, eta horixe zen hain zuzen ere ulergaitz egiten zitzaiona, zera zen, alegia bere printzipioekin bat ez zetorrelako egiten ziola uko kontsulta honi. Andereak amaitu zuen esanez sukarrak lausotu zuela bere apopiloaren burua, eta beta ezki-ura ematera mugatu zela.

        Betiere bere burua egoerak ekarritako betebeharrak ahal ik eta zehazkien betetzera gogaturik, bi orduro bisitatu omen zuen gaixoa. Gehien hunkitu zuena aitak zenbaterainoko asalduraz pasa zuen eguna izan omen zen. Oheko maindireak kendu eta tira ibili zen, etengabean eskua kopeta hezetik paseaz, eta sarritan tentetuz eztula egiten saiatuz, eztul itoa, lakarra eta hezea, erauzpen antzekoa. Ito beharrean jartzen zuten goatazko tapoiak eztarriaren hondotik atera ezinean bezala zegoen. Krisialdi hauek bukatzerakoan, etzan egin zen, abailduraren itxura osoaz. Azkenerako, erdizka tentetu zen berriz ere eta, momentu labur batez, aurrera begira jardun zuen, aurreko ikaraldi osoan baino finkotasun suharragoz. Baina andre zaharra zalantzan zebilen oraindik ere medikuari deitu edo ez deitu, gaixoa haserrarazteko beldurrez. Sukarraldi bat izan zitekeen besterik gabe, beldurtzeko modukoa izanda ere.

        Eguerdirako, hala ere, apaizarekin mintzatzen saiatu zen, baina hitz nahasgarri batzuk besterik ez zituen jaso erantzun gisa. Berriz ere proposamena egin zion. Baina, orduan, zutitu zen aita eta, nola halako itomenaz, argi eta garbi erantzun zion ez zuela medikurik nahi. Une hartan, etxekoandreak hurrengo eguneko goizera arte itxarongo zuela erabaki zuen eta, aita ordurako suspertuko ez balitz, Randsoc agentziak egunero hamar bat aldiz irratian errepikatzen zuen telefono zenbakira deituko zuen. Betiere eginbeharraz arduraturik, bere apopiloari gauez bisitatzea pentsatu zuen. Baina gaua heltzerakoan, ezki-ur freskoa eman ondoren, etzan egin nahi izan zuen pixka batean eta hurrengo eguneko goizaldera arte ez zen esnatu. Gelara joan zen korrika.

        Aita luze etzanda zegoen, zirkinik egin gabe. Aurreko eguneko ikaragarrizko kongestioaren ondotik nolabaiteko zurbiltasuna sortu zitzaion, are nabarmenagoa aurpegiko formak oraindik ere beteak baitzituen. Aitak begiak finko zituen ohearen goialdean eskegita zegoen perla kolore anitzezko lanparan. Andre zaharra sartzerakoan, harengana jiratu zuen burua. Etxekoandreak esandakoaren arabera, momentu hartan bazirudien gau guztian joka aritu zitzaiela eta aurrera egiteko gauza ez zela. Zer moduz ote zegoen galdetu zion andreak. Eta honek, harriturik, axolagabeko doinua nabaritu zion ahotsez, gaizki zegoela esan omen zion, ez zuela mediku beharrik eta nahikoa izango zela ospitalera bidaltzea arauak betetzearren. Ikaraturik, andre zaharra telefonora joan zen korrika.

        Eguerdian heldu zen Rieux. Etxekoandreak kontatutakoari, Panelouxek arrazoi zuela besterik ez zion erantzun eta dagoeneko beranduegi izango zela. Aitak axolagabezko itxura berberaz hartu zuen. Rieuxek aztertu zuen eta harrituta geratu zen buboi edo biriketako izurriaren sintoma nagusienik bilatu ez zionean, baizik eta biriketako butxaketa eta hertsadura. Edozein aldetara, pultsua hain txikia eta egoera batez beste hain larria izanik, ez zegoen itxaropen handirik:

        — Ez dizut eritasunaren sintoma nagusirik bilatu —esan zion Panelouxi—. Baina, egiaz, zalantzagarria da, eta isolatu egingo zaitut.

        Aitak irribarre bitxia egin zuen, adeitasunez bezala, baina isilik geratu zen. Rieux telefonoz deitzera joan eta berriz etorri zen. Aitari begiratu zion.

        — Ondoan geratuko natzaizu —esan zion eztiki.

        Bestea bizkortu zen eta doktorearengana zuzendu zituen nolabaiteko berotasuna berreskuratzen ari ziren begiak. Ondoren, nekez ahoskatu zuen, goibeldurik ala ez esan ote zuen jakin ezineko moduan:

        — Eskerrik asko —esan zion—. Baina erlijiosoek ez dute lagunik izaten. Jaungoikoarengan dute guztia.

        Ohe buruko gurutzea eskatu zion eta, eskuratu orduko, jiratu egin zen hari begiratzeko.

        Ospitalean, hortzak estu-estu eginda jarraitzen zuen. Gauza baten moduan utzi zien agindutako tratamendu guztiak egin ziezazkioten, baina ez zuen gurutzea eskutatik utzi. Nolanahi ere, apaizaren kasua duda-mudazkoa zen. Rieuxen izpirituak zalantzan jarraitzen zuen. Izurria zen eta ez zen izurria. Denbora aurrera joan ahala, bazirudien eritasunak diagnostikoei trabak jartzen atsegin zuela. Baina Panelouxen kasuan, ondorenak azalduko zuen jakineza hark ez zuela garrantzi handirik izango.

        Sukarrak gora egin zuen. Eztula geroz eta lakarragoa zuen eta oinazetan jarri zuen gaixoa egun osoan. Gauerako, azkenean, aitak bota zuen itotzen ari zitzaion goata hura. Gorria zen. Sukarraren nahasmenaren erdian, Panelouxek bere axolagabezko begiradaz jarraitu zuen eta, hurrengo goizean, hilda bilatu zutenean ohetik kanpora erdi zintzilik, deus ez zioen haren begiradak. Zera idatzi zuten bere fitxan: «Dudazko kasua».

 

 

        Urte hartako Santa Guztien Eguna ez zen usadioz izaten zena bezalakoa izan. Hala, eguraldia egoerarekin bat zetorren. Bat-batean aldatu zen eta bero berantiarrek berehalakoan lekua utzi zioten hozgiroari. Aurreko urtetan bezala, etengabean jotzen zuen haize hotzak oraingoan. Hodei handiak uhartze batetik bestera habailan, itzalpean uzten zituzten etxeak eta, iragan ondoren, berriro jauzten zen haien gainera azaroko ostargi hotz eta doratua. Lehenengo zirak azaldu ziren. Baina harrigarria zen zenbaterainoko oihal kautxutatuak eta distiratsuak ikusten ziren. Izan ere, egunkarietan galdua baitzen, berrehun urte aurretik, Midiko izurrite handiak gertatu zirenean, medikuek oihal koipeztatuak janzten zituztela beren buruak babestearren. Dendak horretaz aprobetxatu ziren modaz pasatako arropa stock bat saltzeko, haiei esker jendeak kutsapenetik kanpo geratuko zela pentsatuz.

        Baina sasoiaren adierazgarritasun guzti haiek ezin zuten alde batera utzi kanposantuak hutsik egotearena. Beste urtetan, tranbiak krisantemoen urrin zozoaz, hala nola, hilobietan loreak jartzearren, senidekoak lurperatuta zituzten lekuetara zihoazen emakumez beteta egon ohi ziren. Egun hartan hilabete luzetan zehar hildakoa baztertutako bakardade eta ahanzturaren ordaina ematen saiatzen ziren. Urte hartan, ordea, ez zegoen inor hildakoengan pentsatzen zuenik. Izan ere, sobera pentsatua zuten jadanik. Kontua ez zen orduan atsekabe pixka batez eta malenkonia handiaz haiengana itzultzea. Ez ziren dagoeneko urtean behin beraien aurrera zuribidetan aritzera etorri beharreko abandonatuak. Ahazten saiatzen ziren arrotzak ziren. Horra nondik nora, urte hartako Hildakoen Festari itzuri egin zitzaion. Cottardek zioenez, zeini Tarrouk geroz eta mintzaira zirtoagoa antzematen zion, egunero ospatzen omen zen Hildakoen Eguna.

        Eta egiaz, izurriaren bozkariozko suak egunetik egunera alaitasun handiagoz erretzen zuen errauspen labeetan. Egia da ere egun batetik bestera hildakoen kopurua ez zihoala handitzen. Bazirudien, ordea, izurria bere gorenean eroso kokaturik zegoela eta eguneroko hildakoei funtzionario zintzoaren zehaztasuna eta erregulartasuna eskaintzen ziela. Printzipioz, eta pertsona adituen aburuz, seinale ona zen hura. Izurriaren aurrerabideen grafikoak, hasieran etengabean igoz, eta segidan ordeka luzea azalduz, itxura pozgarria zuen, esate baterako, Richard doktorearentzat. «Grafiko bikaina, ezin hobea dugu hauxe» —esaten zuen. Eritasun hark tranpal deitzen zion horietako batera heldua zen. Handik aurrera, jaitsi baino ezingo zuen egin. Castelen suero berriari egozten zion meritua, zinez, ustekabeko emaitza onak izan baitzituen. Castel zaharrak ez zion ezezkorik esan, baina egiaz, inoiz ezin zela aldez aurretik jakin pentsatzen zuen, epidemien historiak ustekabeko birgorakadak erakusten baititu. Prefekturak, aspalditik zebilelarik izpiritu publikoari baretasuna ekarri nahian, eta izurriak horretarako biderik eskaintzen ez ziolarik, medikuei gai horri buruz argitasunak eskatzearren bilkura batera dei egin zietenean, hor non Richard doktorea bera erortzen den izurripean, eta eritasunaren ordekan hain zuzen ere.

        Administrazioak, dudarik gabe hunkigarria, baina, edozein aldetara, ezer frogatzen ez zuen gertakari haren aurrean, ezkortasunera itzuli zen, eta hasiera batean baikortasunera jo zuen, burugabekeriaz jo ere. Castel bere sueroa ahalik eta kontu handienez prestatzera mugatu zen. Ez zegoen, dena dela, ordurako leku publiko bakar bat ere ospitale edo sorostetxe moduan atondu gabe, eta prefektura errespetatu bazuten ere, bilerak egiteko lekuren bat gorde behar zelako izan zen. Baina, orokorki, eta garai hartako izurriaren batez besteko egonkortasunaren ondorioz, Rieuxek prestatutako antolakuntza apenas gainditu izan zen. Medikuek eta laguntzaileek, nekez lehertu beharrean, ez zuten are ahalegin handiagoetan pentsatu beharrik izan. Erregulartasunez, nolabait esateko, ekinez soilik jarraitu behar izan zuten lan krudel hartan. Ordurako azalduak ziren infekzioaren biriketako formak hiriko lau bazterretara zabaldu ziren handik aurrera, haizeak suteak piztu eta indartu izan balitu bezala bularretan. Odolezko okaden artean, are azkarrago eramaten zituzten eriak. Kutsapen arriskua handiagoa zen oraingoan epidemia forma berri honekin. Egia esateko, espezialisten aburuak kontrakoak ziren puntu honi zegokionez. Ziurtasun gehiago izatearren, nolanahi ere, osasun pertsonalak desinfektatutako gasen maskaraz jarraitzen zuen arnasa hartzen. Azaletik ikusita, edozein aldetara, eritasunak zabaltzera jo behar zuen. Baina, izurri bubonikoaren kasuak beheraka zihoazenez gero, emaitza orekatuta zegoen.

        Baziren hala ere beste arazo batzuk kezkagarriak izan zitezkeenak ere, denboraren poderioan horniketari zegokionez sortzen ari ziren eragozpenak zirela eta. Espekulazioa nahastu zen tartean eta prezio ikaragarritan eskaintzen zituzten azoka arruntetan falta ziren premiazko hornigaiak. Hala, familia pobreak egoera lastimagarrian zebiltzan, familia aberatsek, ostera, ia ezer ere falta ez zutelarik. Izurriteak, bere jardunean ekartzen duen zuzentasun eraginkorra dela eta, gure hiritarren arteko berdintasuna indartu behar zuenean, aitzitik, berekoikeriazko joko naturalen gorabeheraz, are zorrotzagoa egin zuen gizonen bihotzetan injustiziaren sentipena. Hor zegoen, noski, heriotzaren berdintasun akatsgabea baina ez zuen inork horrelakorik nahi. Honela, gosez sufritzen ari ziren pobreek, oraindik ere oroimin handiagoz, inguruko herri eta landatan zuten gogoa, izan ere bizitza librea eta ogia merke zegoen leku haietan. Behar bezala elikatu ezin zituztenez gero, bazuten buruan, nolanahi ere arrazoiaren kontrakoa zena, joaten utzi behar zietenaren sentipena. Honela zabaldu zen kontsigna bat paretetan irakur zitekeena, batzuetan, edota prefeta pasatzerakoan oihukatzen zutena, bestetan: «Ogia edo airea». Ironiazko esaera hau izan zen azkar asko zapalduak izan ziren hainbat manifestaldiren seinale, baina jende guztiak sumatzen zuen bertan larridurazko zantzua.

        Egunkariek, jakina, jasoa zuten kosta ahala kostako baikortasun kontsignari obeditzen zioten. Haiek irakurtzerakoan, biztanleek osatzen zuten «baretasun eta odol hotzaren eredu hunkigarria», huraxe zen egoeraren adierazgarria. Baina berean hertsitako hiri batean, sekretuan ezerk geratu ezin zuelarik, inor ez zen engainupean erori biztanleriak erakutsitako «ereduari» buruz. Eta eztabaidan zegoen baretasun eta odol hotzaren uste garbia izatekotan, nahikoa izango litzateke berrogeialdirako leku batean edota administrazioak atondutako isolamendu esparru haietako batean sartzea. Ezagun du narratzaileak, beste lekutan ibiltzeagatik, ez dituela ezagutu. Eta horregatik ezin du hemen Tarrouren lekukotasuna baizik azaldu.

        Hala, Tarrouk, bere liburuxketan, Rambertekin batera udal estadioan kokatutako esparru batera egin zuen bisitaldi baten berri ematen digu. Estadioa ia hiriko ateen ondoan dago, eta alde batetik tranbiak pasatzen diren kalera ematen du, besteak hiria eraikita dagoen lautadaren ertzeko eremuetara ematen duelarik. Gehienetan porlanezko murru garaiez inguraturik egon ohi da eta nahikoa izan zen lau ateetan zentinelak jartzea ihesiari eragozpenak jartzeko. Aldi berean, murru hauek oztopo ziren berrogeialdian zeuden dohakabeei jakin-minez kanpotik molestatzera etor zitekeen jendearentzat. Hauek, ordainez, han entzuten zituzten, ikusi ahal izan gabe, egunean zehar, tranbiak pasatzen, eta sumatzen, haiek narraztatzen zuten hots handiagoaz, jendea noiz sartzen edo ateratzen zen bulegoetatik. Bazekiten horrela beraiek kanpo zeudeneko bizimodu hura aurrera zihoala handik metro batzuetara, eta porlanezko murruek bi planeta desberdinetan egonda baino bi unibertso arrotzagoak bereizten zituztela.

        Igande arratsalde bat aukeratu zuten Tarrouk eta Rambertek estadiora joateko. Gonzales zeramaten ondoan futboleko jokalaria. Rambertek harekin topo egina zuen eta azkenean onartu zuen estadioaren zaindaritza txandaka zuzentzea. Rambertek esparruko administratzaileari aurkeztu behar zion. Gonzalesek, elkar topo egin zutenean, esan zien bi gizonei huraxe zela, izurritearen aurretik, aldageletara joaten zen ordua, partidua jokatzen hasteko. Orain estadioak bahiturik zeudenez gero, ezinezkoa zen eta Gonzalez, itxura ere horrelakoa izaki, erabat nagiturik zebilen. Horixe zen zaintze lanari baiezkoa ematearen arrazoietako bat, aste bukaeratan bakarrik egiteko baldintzaz. Zerua erdi estalirik zegoen eta Gonzelesek, sudurra altxaturik, penaz azaldu zuen giro hura, euririk eta berorik gabe, partidu bikain bat jokatzeko aproposena zela. Ahal zuen modura aldageletako ukendu usaina gogoratu zuen, tribunak lehertu beharrean, kamiseten kolore biziak zelai horixkaren gainean, atsedenaldiko limoiak edota eztarri lehorrak mila orratz freskagarriz ziztatzen zuen limonada. Tarrouk bestela ere antzeman zuen nola bide osoan zehar, hiringurutik barrena, jokalaria etengabe zihoan aurrean bilatzen zituen harri-koskorrei ostikoak emanez. Zuzenean estolderietako ahoetara bidaltzen saiatzen zen, eta lortzen zuen bakoitzean «bat eta zero» esaten zuen. Zigarroa bukatu zuenean, aurrealdera botatzen zuen zigarrokina eta, boleaz, hankarekin jotzen saiatu zen. Estadioaren inguruan, jolasten ari ziren haur batzuek baloi bat bota zuten taldearengana eta Gonzales han joan zen zehaztasunez bueltatzera.

        Sartu ziren behingoz estadioan. Eserlekuak jendez beterik zeuden. Zelaia, ordea, ehunka karpa gorriz estalita zegoen, barrualdean, urrutitik, ohatilak eta fardelak sumatzen zirelarik. Barneko eserlekuak beroaren edo euriaren babesean egon ahal izateko gorde zituzten. Ilunabarrarekin batera itzuli behar zuten karpetara. Eserlekuen azpian atondutako dutxak zeuden eta baita jokalarien aldagela zaharrak ere, bulego eta eritegi moduan prestatuak. Barneratutako gehienak eserlekutan zeuden. Baziren beste batzuk mailatan barrena hara eta hona zebiltzanak. Zenbaitzuk beren karpen sarreratan bildurik zeuden eta gauza guztien gainetik begirada lausoa paseatzen zuten. Eserlekutan, erdi etzanda zeuden asko eta asko, eta itxaroten zeudela ematen zuten.

        — Zer egiten dute egun osoan? —galdetu zion Tarrouk Ramberti.

        — Ezer ez.

        Ia denek, hala, besoak zintzilik eta esku hutsik zebiltzan. Gauza bitxia bada ere, gizonezko biltzar itzel hura isiltsua zen.

        — Lehenengo egunetan, entzun ere ezin zitekeen egin hemen —esan zion Rambertek—. Baina egunak aurrera joan ahala, gero eta gutxiago hitz egiten dute.

        Bere oharkizunen arabera, Tarrouk ulertzen zien, eta han ikusten zituen hasieran, euren karpen haurrean pilaturik, zeregin bakarra euliei begira egon edo haztatzen ibiltzea zutelarik, beren haserrea edo beldurra aldarrikatuz belarri adikorren bat bilatzen zutenean. Baina esparruak jendez gainezka egin zuen momentutik, gero eta belarri adikor eskasagoak zeuden. Isildu eta mesfidantzaz jokatu besterik ezin zuten egin. Bazegoen, izan ere, zeru grisetik, eta beraz argitsutik, eremu gorrira jauzten zen mesfidantza modukorik.

        Bai, mesfidati itxura zuten guztiek. Besteengandik bereizi zituztenez gero, ez zeuden arrazoi faltan, eta bere arrazoien bila ibili eta beldur izan ohi direnen aurpegia zuten. Tarrouk begiratzen zion bakoitzak begirada galdua zuen, guztiek beren bizitza osatzen zuenarekin bereizte guztiz orokorrarengatik sufritzen ari zirenaren tankera zuten. Eta betiere heriotzan pentsatzen ari ezin zitekeenez gero, ez zuten ezertan pentsatzen. Oporretan zeuden. «Gauzarik okerrena, dena dela —idazten zuen Tarrouk—, beraietaz ahaztu izana da eta horretaz jabeturik egotea. Ezagutzen dituztenek ahaztu egin dituzte beste gauza batzuetan pentsatzen ari direlako, eta ulertzeko modukoa da. Maite dituztenek, berriz, ahaztu egin dituzte hauek ere, abaildurik baitabiltza haiek irtenarazteko gestioak eta proiektuak burutuz. Irteeran hainbat pentsatu ondoren, ahaztu egin dira irtenarazi behar dituztenez.

        Hau ere naturala da. Eta azken batean, konturatzen da bat ez dela egiaz inorengan pentsatzeko gai, ezta zoritxarrik handienean ere. Zeren norbaitengan benetan pentsatzeak, minutuz minutu pentsatzen egotea eskatzen baitu, ezerekin denborarik galdu gabe, ez etxeko garbiketekin, ez-hegaz dabilen euliarekin, ez bazkariekin, ez hazkurarekin. Baina beti egon ohi dira euliak eta hazkurak. Horregatik da bizitza hain zaila bizitzeko. Ondo asko zekiten haiek horren berri.»

        Administratzaileak, haiengana hurbiltzerakoan, M. Othon delako bat zebilela beraiengatik galdezka esan zien. Gonzales bere bulegora bidali eta, ondoren, tribunako bazter batera eraman zituen. Bertan, M. Othon, aparte eserita zegoelarik, altxa egin zen agur egiteko. Betiere modu berean jantzita jarraitzen zuen eta lepoko gogor bera zeraman. Tarrouk sumatu zion gauza bakarra zera izan zen, lokietako xerloak askotzez laztuagoak zituela eta oinetakoen kordoi bat askatuta zeramala. Epaileak neke tankera zuen eta behin ere ez zien solaskideei aurpegira begiratu. Pozik zegoela ikusteagatik esan zien eta Rieux doktoreari egindakoagatik eskerrak emateko enkargua eman zien.

        Besteak isilik geratu ziren.

        — Esperanza badut —esan zuen epaileak denbora pixka bat pasa ondoren—, Philippek ez zuela gehiegi sufrituko.

        Lehenengo aldia zen Tarrouk semea aipatzerakoan izena erabiltzen entzuten ziona eta haren baitan zerbait aldatu zela sumatu zuen. Eguzkia beheratzen hari zen uhartzean eta haren errainuek, bi hodeien artetik eserlekuetara albo batetik sartuz, hiru aurpegiak horiztatzen zituzten.

        — Ez —esan zion Tarrouk—, ez, egiaz ez du sufritu.

        Joan zirenean, epaileak eguzkia zetorren lekura begira jarraitzen zuen.

        Gonzalesi adio esatera joan ziren. Hau txandakako zainketarako taula bat aztertzen ari zen. Jokalariak barre egin zuen bostekoa eman zienean.

        — Aldagelak behintzat bilatu ditut —zioen—, beti bezala hor daude.

        Handik pixka batera, administraria Tarrouri eta Ramberti bidea erakusten ari zitzaiela, izugarrizko zirtadura aditu zuten tribunen aldetik. Ondoren, garai hobeagotan futbol partiduen emaitzak edo ekipoen aurkezpenak egiteko erabiltzen zituzten bozgorailuek, gangatsu adierazi zuten barnekoek beren karpetara itzuli behar zutela afaria banatu ahal izateko. Astiro, gizonak aldendu ziren eserlekuetatik eta dendetara jo zuten pausoak arrastaka emanez. Denak beren lekuan jarri zirenean, bi ibilgailu elektriko txikik, geltokietan ikus daitezkeen bezalakoak, pasa ziren karpa artetik, pertza galantak eramanez. Gizonek besoak luzatzen zituzten, bi burruntzali sartzen zituzten bi pertzetan eta ateratzen zituzten ondoren bi katiluen gainera. Ibilgailua martxan jartzen zen berriro. Gauza bera egingo zuten hurrengo karpan.

        — Zientifikoki burutua —esan zion Tarrouk administratzaileari.

        — Bai —esan zion hark pozik, bostekoa emanez—, zientifikoki burutua dago.

        Ilunabarra heldu zen, eta zerua oskarbi zegoen. Argi leun eta freskopean zegoen landa. Gaueko bakean, koilara eta plateren hotsa sortu zen han eta hemen. Sagu-zahar batzuk hegaldatu ziren karpen gainetik eta desagertu egin ziren bat-batean. Tranbia batek kirrinka egin zuen orratzean, murruaren bestaldetik.

        — Epaile gaixoa —murmuratu zuen Tarrouk ateak zeharkatuz—. Zerbait egin beharko genuke harengatik. Baina nola lagundu epaile bati?

 

 

        Bazeuden hirian beste hainbat esparru, baina narratzaileak, zimikoagatik edo zuzeneko informaziorik ez edukitzeagatik, ezin du haien gainean deus ere esan. Baina esan dezakeena da esparru hauek izateak, bertatik zetorren gizonen usainak, bozgorailuen aldarri ikaragarriek ilunabarretan, murru haien misterioak eta leku gaitzesgarri haiek eragiten zuten beldurrak, pisu astuna zekarrela gure hiritarren moralarentzat eta areagotu egiten zutela guztion nahasmena eta ondoeza. Administrazioaren kontrako iskanbilak eta gatazkak ugaldu egin ziren.

        Azaroaren bukaeran, dena dela, hotza egin zuen goizetan. Euri-jasen zaparradek txukundu zituzten zoruak, zerua garbi-garbi eta hodeirik gabe utzi zuten kale dirdaikorren goialdean. Indarrik gabeko eguzkiak goizero hedatzen zuen, hiri gainera, bere argi itsugarri eta jelatua. Arratsalderako, berriz, aireak epeltzera jotzen zuen berriz ere. Hauxe izan zen Tarrouk aukeratu zuen momentua Rieux doktorearen aurrean bere barrua pixka bat zabaltzeko.

        Egun batean, hamarrak aldera, egun luze eta abailgarriaren ostean, Rieuxekin batera joan zen Tarrou, asmatiko zaharrari gaueko bisitaldia egitera zihoakionean. Dardarizo lausoa zetorren zerutik auzo zaharreko etxeen gainera. Haize pixka bat bazebilen, hotsik atera gabe bidegurutze ilunetan barrena. Kale baketsuetatik zetozela, bi gizonak agurearen hitz-jarioaren aurrera erori ziren. Honek azaldu zien bazela kontent ez zegoen jendea, pagotxa beti esku berdinetan zegoela, suila ur bila sarritan joateagatik azkenean puskatu egiten zela eta, segur aski, eta une hartan eskuak igurtzi ari zen, kristorenak sortuko zirela. Doktorea sendatzen aritu zen, bestea, isildu gabe, gertakarien gainean ari zen bitartean.

        Pauso hotza entzun zuten goian. Emazte zaharrak, Tarrouren jakin-minaz konturaturik, auzoak terrazara irten zirela argitu zion. Hain goitik, bista paregabea zegoela ere adierazi zion, eta etxeetako terrazak askotan alde batetik uztartuta zeudenez gero, auzoko emakumeak etxetik atera gabe joan zitezkeela bisita egitera.

        — Bai —esan zien agureak—, igo zaitezte gora. Haize garbia dago hantxe, alajaina.

        Terraza hutsik bilatu zuten, eta hiru aulkiekin. Alde batetik, begiak ematen zuen arte, terrazak eta terrazak baino ez zituzten ikusi, lehenengo mendixka osatzen zuen masa ilun eta harritsuaren kontra itsatsi arte. Beste aldetik, hainbat kale eta ikusiezinezko portuaren gainetik, begirada itsasoa eta zerua taupada nahasi batean elkartzen ziren uhartzeraino heltzen zen. Labarrak sumatzen zituzten lekuaz gaindi, argi-iturririk ikusten ez zuten distira antzeman zuten aldizka argia emanez: pasoko farolak, udaberriaz geroztik, jira-biran jarraitzen zuen beste portutara desbideratzen ziren ontzientzat. Haizeak garbitu eta leundutako zeruan, distira zerien izar aratzei eta farolaren urrutiko argitasunak han nahasten zuen, aldika-aldika, bere ubeltasun iragankorra. Brisak espezie eta harri usaina zekarren. Erabateko isiltasuna zegoen.

        — Eguraldi bikaina —esan zuen Rieuxek, esertzerakoan—. Gezurra dirudi izurria honaino heldu zitekeenik.

        Tarrouk bizkarra eman eta itsasoari begira jardun zuen.

        — Bai —esan zuen handik pixka batera—, eguraldi bikaina benetan. Doktorearen ondoan eseri zen eta arretaz begiratu zion. Hiru aldiz argitu zen zerua. Hautsitako plater hotsa igo zen berauek zeuden lekuraino kaleko sakonetik. Ate bat itxi zen etxe barruan.

        — Rieux —esan zion Tarrouk doinu guztiz naturalez—, ez al diozu inoiz zeure buruari nitaz galdetu? Laguna al zaitut?

        — Bai —erantzun zion doktoreak—, laguna zaitut. Baina ez dugu gaurdaino denborarik izan.

        — Beno, lasai geratzen naiz. Nahiko al zenuke ordu hau laguntasunarena izan dadin?

        Erantzun bakar moduan, Rieuxek irribarre egin zuen.

        — Tira, izan dadila ba...

        Kale batzuk urrunago, auto batek irristada luze antzekoa egin zuen zoru bustian. Aldendu zen eta, ondoren, urrutitik zetozen oihu nahasi batzuek eten zuten isiltasuna. Segidan, bi gizonen gainera jauzi zen berriz ere, zeru eta izarren pisuaz beterik. Tarrou zutitua zen terrazako barandaren kontra jartzeko, Rieuxen aurrean, betiere aulkiaren hondoan eserita berau. Haren dunbuilo moduko eitea baino ez zuen ikusten, zeruan ebakita. Luzaro mintzatu zen eta hona hemen, gutxi gora behera, hark esandakoak:

        — Esan dezadan errazera jotzearren, Rieux, hiri hau eta epidemia hau ezagutu aurretik sufritzen nuela nik ordurako izurriagatik. Nahikoa dut esatea mundu guztiaren parekoa naizela. Baina bada horretaz jabeturik ez dagoen jendea, edota egoera honetan eroso daudenak eta baita jabeturik, eta irten egin nahi luketenak. Neuri dagokidanez, betidanik irten nahi izan dut.

        «Gaztea nintzenean, neure errugabetasunaren ustean bizi nintzen, hau da, inolako usterik gabe. Ez naiz nahigabetuen erakoa, behar bezala hasi nintzen. Guztia lortzen nuen, eroso nengoen adimenean, are gehiago emakumeekin, eta noizean behin kezkaren bat edo beste bururatzen baldin bazitzaidan, etorri bezala joango zen. Egun batean, pentsatzen hasi nintzen. Orain...

        »Esan beharra daukat ez nintzela zu bezala pobrea izan. Aita abokatu nagusia nuen, eta hori bada maila izatea. Hala ere, ez zuen horren itxurarik eta berezkoa zuen jatortasuna. Ama bakuna eta apala zen, beti maitatu izan dut, baina nahiago dut berari buruz ez hitz egin. Xeratsua zen aita eta niri ulertzen ere saiatzen zela jabeturik nago. Izango zituen abenturak kanpoan, horretaz gogaturik nago egun, eta ez nago, inola ere, horregatik erremindurik. Gauza guztietan, jokatu behar zuen modura jokatzen omen zuen, inoren kontra aritu gabe. Labur esateko, ez zen apartekoa, eta dagoeneko hilda dagoen egun honetan, jabetzen naiz santuen moduan bizi izan ezean, gizon gaiztoa ere ez zela izan. Erdibidean zegoen, besterik gabe, eta berarenganako nolabaiteko maitasuna izatea eragiten zuen gizon klasea zen. Horrexek bultzatzen du jarraitzera.

        »Bazuen hala ere berezitasun bat: Chaix delako gida handia zuen oheburuko liburutzat. Ez zen beti bidaietan ibiltzen den horietakoa, oporraldiak alde batera utzita, Bretainara joateko, bertan jabego txiki bat baitzuen. Baina zehatz-mehatz esango zizkizun Paris-Berlin trenaren irteteko eta heltzeko orduak, Lyondik Varsoviara joateko egin beharko zenituen ordutegi konbinazioak, aukeratutako edozein hiribururen arteko kilometro zehatzak. Jakingo al zenuke zer egin behar den Briançonetik Chamonixera joateko? Geltokiko buruak ere galduko lirateke. Aita ez zen galtzen. Ia gauero jarduten zuen ariketak egiten gai honi buruz, bere burua janzten joateko, eta harro zegoen. Jolasgarri zitzaidan honi eta askotan aritzeri nintzen galdezka, bere erantzunak Chaix gidan egiaztatzeko eta zuzen zebilela aitortzeko txoratzen. Izugarri lotu izan gaituzte ariketa hauek, zeren borondate ona estimatzen zuen entzuleria eskaintzen bainion. Neure aldetik, trenen gain azaltzen zuen nagusitasun hura beste edozein bezala balio zuela ikusten nuen.

        »Baina gehiegi luzatzen ari naiz horretan eta gizon zintzo hari behar baino garrantzi gehiegi emateko arriskua dut. Zeren, azken batean, zeharkako eragina baino ez baitzuen izan nire erabakiaren gain. Gehienez jota ere, behin eskaini zidan okasio bat. Hala, hamazazpi urte nituenean, aitak berari entzutera gonbidatu ninduen. Garrantzi handiko auzia zen, kriminal auzitegikoa, eta, ziurrenik, bere jardunaldirik onena izango zuela pentsatzen zuen. Zeremonia horretaz baliatu nahi zuela iruditzen zait gainera, irudimen gazteengan zirrara sustatzeko egokia izaki, berak aukeratutako karreran sartzera bultzatzeko. Baiezkoa eman nion, alde batetik aitari atsegin ematearren eta, baita gurean jokatzen zuen papera ez zen beste batean ikusteko eta entzuteko jakin-mina nuelako ere. Ez nuen beste ezer buruan. Auzitegietan gertatzen zena uztailaren 14ko aldizkari bat edo edozein sari banaketa bezain naturala iruditu izan zitzaidan beti. Ideia guztiz abstraktua nuen horren gain, eta gogaikarri egiten ez zitzaidana.

        »Irudi bakarra dut gogoan egun hartakoa, errudunarena. Errudun zela uste dut, ez du axolarik zerrena. Baina gizon txiki hark, ile gorri eta eskasekoak, hogeita hamar urte inguru izango zituenak, halako borondatea ageri zuen guztia aitortzeko, egin zuenagatik eta berari egingo ziotenarengatik hain izuturik zirudien, ezen handik minutu gutxi barru ezin izan bainion begirik kendu. Argi biziegiaz ikaratutako hontzaren itxura zuen. Gorbataren korapiloa ez zuen zuzen jarrita lepoaren angeluan. Esku bakarreko azkazalei ari zen hozkaka, eskuinekoa... Hitz batean, ez naiz luzatuko, ulertu duzu bizirik zegoela.

        »Ni, ordea, bat-batean jabetu nintzen, ordura arte "errugai" kategoria erosoaren pean baino ez nuela harengan pentsatu. Ezin esan aitaz ahaztu nintzenik orduan, baina zerbait sumatzen nuen erraietan errudunari buruzko arretaz kanpoko beste guztia ezabatzen zidana. Apenas entzuten nuen besterik, bizirik zegoen gizon hura hil egin nahi zutela sumatzen nuen eta olatuaren moduko sena ikaragarriak neraman haren aldera nolabaiteko itsumen setatiaz. Ez nintzen egiaz aitaren salaketa hasi arte esnatu.

        »Bere jantzi gorriaz transformaturik, ez zintzo eta ez xeratsu, itzelezko esaldiak borborkatzen ziren beraren ahoan, etengabean, sugeen modura irtenez. Eta jabetu nintzen gizon haren heriotza eskatzen zuenaz gizartearen izenean eta lepoa moztu ziezaiotela ere. Hauxe bakarrik esan zuen, hori egia da: "Buru horrek behera erori behar du". Baina, azken finean, ez dago alde handirik. Eta gauza bera izan zen, egiaz, haren burua lortu baitzuen. Ez zuen berak, ez horixe, lan hura egin. Eta arazoa bukatu arte, beste inor gabe, gainean izan nintzen aldetik, inoiz aitarekin izandako hurkotasun askotzez zorabiagarriagoa izan nuen dohakabe harekin. Aitak, dena dela, lagundu behar zuen, usadioaren arabera, adeitasunez azken momentuak deituriko horietan, izen egokiagoz esateko, izan daitekeen asasinatze gaitzesgarrienetako hartan.

        »Egun barrez geroztik, gorrotozko nazka baino ez nuen sentitu Chaix gida hura ikusterakoan. Egun barrez geroztik, izumenak harturik arduratu nintzen justiziaz, heriotzara kondenatutakoez, exekuzioez, eta zorabiaturik konturatu nintzen aita hainbat alditan egon izango zela asasinatzearen aurrean eta, hain zuzen ere, hain goiz jaikitzen zen egun haietan izan ohi zela hain zuzen. Bai, iratzargailua jartzen zuen horrelakoetan. Ez nintzen amarekin hitz egitera ausartu, baina gauzak hobeto aztertzen hasi nintzen orduan eta ulertu nuen elkarren artean deus ez zutela ordurako eta amak etsipenezko bizimodua zeramala. Horrek, orduan nioen bezala, barkatzera bultzatu ninduen. Ondoren jakin nuen ez mola zertan barkatu beharrik, bizi osoan pobrea izan zelako ezkondu arte eta pobretasunak bultzatu zuelako etsipenera.

        »Zalantzarik gabe berehala alde egin nuela esatea esperoko duzu. Ez, zenbait hilabetetan han geratu nintzen, ia urte bete. Baina bihotza gaixoturik neukan. Gau batean, aitak iratzargailua eskatu zuen, goizean goiz esnatu behar zuela eta. Ez nuen lorik egin gau osoan. Hurrengo egunean, hura etorri orduko, joana nintzen ni. Esan beharra dut aita nire bila ibili zela, ikustera joan nintzaiola eta, inolako argibiderik eman gabe, nire buruaz beste egingo nuela esan nion lasaikiro itzultzera behartuko banindu. Onartu zuen azkenean, berez nahiko eratsua baitzen, hitzaldi bat bota zidan norberaren bizimodua bizi nahi izatearen ergelkeriaz (horrela adierazten zion bere buruari nik egindakoa eta ez nintzen kontrakorik esaten saiatu), hamaika gomendio, eta irten beharrean zituen malkoei eutsi zien. Nolanahi ere, denbora luzean joan nintzen tarteka amari bisitatzera eta hantxe bilatzen nuen. Nahikoa zuen harreman haiekin, hala uste dut behintzat. Neure aldetik, ez nuen haren kontrako bekaizkeriarik, bihotzean tristura neukan besterik gabe. Hil zenean, neurekin eraman nuen ama eta horrela egongo zen orain bera ere hil izan ez balitz.

        »Luzaroan jardun dut hasiera honetan, zinez guztiaren hasiera izan baitzen. Azkarrago joango naiz hemendik aurrera. Hemezortzi urterekin ezagutu nuen pobrezia, erosotasunetik irteterakoan. Hamaika lanbidetan jarduna naiz aurrera ateratzeko. Ez zitzaizkidan gauzak hain gaizki atera. Baina benetan kezkatzen ninduena heriotza-epaia zen. Hontz gorriarekin kontuak zuritu nahi nituen. Ondorioz, politikan jardun nuen, esan ohi den bezala. Besterik gabe, ez nuen izurritu bat izan nahi. Bizi nintzen gizartea heriotza-epaian oinarrituta zegoela pentsatzen nuen eta haren kontra borrokatzerakoan, erailketaren kontra borrokatzen nuela. Hala uste nuen, beste batzuek ere esan zidaten eta, azken batean, egia zen neurri handi batean. Maite nituenen aldean jarri nintzen beraz, eta oraindik ere maite ditut. Luzaroan geratu nintzen haien artean eta ez da egongo Europan herririk nire borrokaren berri ezagutu ez duenik. Utz dezagun hori.

        »Jakina, konturatzen nintzen, guk ere, egokituz gero, epaiak botatzen genituela. Baina heriotza bakar haiek inor akabatuko ez zen mundua sortzeko beharrezkoak zirela esaten nion neure buruari. Egia zen alde batetik eta, edozein aldetara, ez naiz agian horrelako egiatan mantentzeko gai. Gauza bat bada zinez egia dena, hots, zalantzan nenbilen. Baina hontzarengan pentsatu eta aurrera egin ahal izaten nuen. Harik eta exekuzio bat ikusi nuen arte (Hungarian gertatu zen), orduan, haut nintzenean nabaritu nuen zorabio berak lausotu baitzituen nire giza begiak.

        »Inoiz ikusi al duzu gizonen bat fusilatzen? Ez, jakina, usadioz gonbidapenez egiten da hori eta aldez aurretik aukeratzen dute publikoa. Ondorioa zera da, liburu eta ilustrazioetan geratu zarela. Benda, postea, eta urrutira zenbait soldadu. Tira ba, ez! Ba al zenekien fusilari taldea, aitzitik, kondenatutakoarengandik metro t'erdira jartzen dela? Ba al zenekien kondenatuak bi pauso emango balitu, fusilak ukituko lituzkeela bularrarekin? Ba al zenekien halako distantzia laburrean, fusilariek bihotz ingurura zuzentzen dituztela tiroak eta denek batera, beren bala handiekin, ukabila sartzeko moduko zuloa egiten diotela? Ez, ez dakizu horren berri zeren xehetasun hauek ez dira aipatzen eta. Gizonen loa izurrituentzat bizia baino sakratuagoa da. Ez dago gizon prestuei zertan loa eragotzi beharrik. Gustu txarrekoa izan behar horretarako, eta gustua behin eta berriz ez lehiatzean datza, mundu guztiak badaki hori. Nik, ordea, ez dut egun barrez geroztik ondo lo egin. Ahoan geratu zait gustu txarra, eta behin eta berriz lehiatu nahiz, hau da, pentsatzen jardun.

        »Orduan konturatu nintzen, nik behintzat, izurritua izaten jarraitzen nuela, nahiz eta, neure arimaren indar guztiekin, izurritearen aurka zuzentasunez borrokan ari nintzela uste banuen ere. Konturatu nintzen zeharbidez milaka gizonen heriotza onartu nuela, baita heriotza horretara bultzatu ere egin nituela, ondorio horretara halabeharrez eragin zuten ekintzak eta printzipioak begi onez ikusiz. Besteek ez ziruditen horregatik gogaiturik, edo ez zuten sekula beren kabuz hitz egiten behinik behin. Nik, korapiloa nuen eztarrian. Haiekin batera nengoen eta hala ere bakarrik. Nire arrangurak azaltzeko ordua heltzen zitzaidanean, joko hari buruz gogoetan jardun behar zela esaten zidaten eta sarritan arrazoi harrigarriak ematen zizkidaten, irentsi ezin nuena tragatu ahal izateko. Nik erantzuten nien izurritu handiek, gorriz janzten direnek ere, arrazoi paregabeak izaten dituztela eta ezinbestezkoaren arrazoiak eta izurritu txikien beharrek onartuko banitu, ezingo nituela handienenak ukatu. Adierazi zidaten gorriz jantzitakoei arrazoia emateko modurik onena epaia beren eskutan bakarrik uztea zela. Baina esan nien orduan, behin amore emanez gero, ez zela geratzeko arrazoirik egongo. Historiak arrazoi eman didala uste dut eta gaur egun hor dabiltza nork gehiago hilko. Guztiak heriotzaren suminaldian dabiltza, eta ezin dute beste modu batera jokatu.

        »Nire arazoa, edozein aldetara, ez zen arrazonamenduarena. Hontz gorria zen, abentura nazkagarri hura non izurriak hartutako aho zikin haiek kateaz lotutako gizon hari hiltzera zihoala esaten zioten eta, hala, gauza guztiak hil zedin araupetzen zituzten, begiak zabalik, noiz akabatuko zuten zain, agoniazko gauak eta gauak pasa ondoren. Bularreko zuloa, hura zen nire ardurapeko arazoa. Eta neure buruari esaten nion itxaronez, eta niri zegokidan aldetik, uko egingo niola arrazoi bat, arrazoia bakar bat ere, entzun ezazu ondo, txikizio higuingarri hari emateari. Baina, itsumen setati hau aukeratu dut argiago ikusiko dudalakoaren itxaropenez.

        »Harrez geroztik ez naiz aldatu. Denbora luzea daramat lotsaturik, hiltzeko moduko lotsaz, nahiz urrunetik, nahiz borondaterik onenez, neu ere hiltzaile izanagatik. Denborarekin konturatu naiz besteak baino hobeagoak zirenek ere ezingo ziotela gaurkoan hiltzeari edo hiltzen uzteari uko egin, beren bizimoduaren logikaren barnean baitago, eta mundu honetan ezingo genukeela imintziorik egin erailtzera bultzatzeko arriskurik gabe. Bai, neure lotsarekin egin dut aurrera, horretaz jabetu naiz, guztiok izurripean gaudenaz alegia, eta bakea galdu dut. Oraindik haren bila nabil egun ere, guztiei ulertzen eta inoren etsai hilkorra ez izaten saiatuz. Dakidan g bakarra da egin beharrekoa egin behar dugula izurripean ez jarraitzeko, horrexek, horrexek bakarrik bultza gaitzakeela bakearen itxaropena izatera, edota behar bezala hiltzera horren faltan. Horrexek arin ditzake gizonak, eta salbatuko ez baditu ere, bai gutxienez ahalik eta gaitz txikiena egin eta baita agian on pixka bat ere. Eta horregatik hain zuzen ere erabaki dut, hurbiletik edo urrunetik, arrazoi on edo txarren bidez, heriotzara bultzatzen duen edo heriotzara bultzatzeko zuribide den edozer gauzari uko egitea.

        »Horregatik ez dit ezer ere erakutsi epidemia honek eta horregatik, ostera, borrokatu behar zaio zure ondoan. Badakit nik, ondo jakin ere (bai, Rieux, ikusten duzu bizitzaz dena dakidala), guztiok daramagula izurritea geure baitan, zeren ez baitago inor, inor mundu osoan, horretatik libre dagoenik. Eta erne egon behar dugula atsedenik gabe, minutu bakar batean ere oharkabean erori gabe, beste baten aurpegira arnas hartzera bultzatuak izan ez gaitezen eta infekzioa kutsatzera. Mikrobioa, horixe da naturala den gauza bakarra. Beste guztia, osasuna, zuzentasuna, garbia izatea, nahi baduzu, borondatearen ondorio dira eta inoiz geratu ezin daitekeen borondatearena izan ere. Gizon zintzoa, ia inor kutsatzen ez duena, oharkabean ahalik eta gutxien erortzen dena izan ohi da. Eta borondatea eta tentsioa behar oharkabean inoiz ez erotzeko! Bai, Rieux, nekagarria da izurritua izatea. Baina are nekagarriagoa oraindik izurripean egon nahi ez izatea. Horregatik dabil mundu guztia nekaturik, alegia, mundu guztia nolabait izurriak hartuta dagoelako. Baina horregatik daude zenbaitzuk, haren pean jarraitu nahi ez dutenak, neke izugarriak jota, eta ez ditu heriotzak ezik beste inork horretatik libratuko.

        »Ordutik hona, konturatu naiz dagoeneko ez dudala mundu honetarako balio eta hiltzeari uko egin diodan momentutik, betirako erbestean egotera kondenatu dudala neure burua. Besteak izango dira historia egingo dutenak. Badakit ere segur aski beste horiek ezingo ditudala juzgatu. Bada ezaugarri bat arrazoizko hiltzaile izateko falta zaidana. Ez da beraz nagusitasun kontua. Oraingoan, dena dela, onartu dut ni naizena izatea, apala izatea lortu dut. Esaten dudan gauza bakarra da lur honetan badirela errauspenak eta biktimak eta, ahal dugun neurrian, errauspenarekin bat egiteari uko egin behar diogula. Agian sinple samarra irudituko zaizu, eta ez dakit zuzen sinplea ote den, baina bai egia dela. Hainbat arrazonamendu entzun izan ditut burua zoratu beharrean jarri didatenak, eta beste buru batzuek hilketa baisteraino zoratu dituztenak, ezen azkenerako ulertu baitut gizonen zorigaitzaren arrazoia garbi ez hitz egitean dagoela. Garbi hitz egin eta garbi jokatzearen alde agertu nintzen orduan, bide onetik joan ahal izateko. Ondorioz, errauspenak eta biktimak daudela diot, eta kito. Hau esaterakoan neu errauspen bilakatzen baldin banaiz, gutxienez ez da onetsi dudalako izango. Errugabeko hiltzaile izaten saiatzen naiz. Ikusten duzun bezala, ez dago horretan aparteko hantustekeriarik.

        »Hirugarren kategoria ere egon beharko luke, noski, benetako medikuena alegia, baina ez da sarritan bilatu ohi den gauza, zaila behar du izan. Horregatik erabaki dut biktimen aldean jartzea, edozein kasutan, kalteak mugatzearren. Haien artean, behintzat, joan naiteke hirugarren kategoriaren bila, hots, bakearen bila.»

        Amaitu zuenean, Tarrouk balantzaka zuen hanka eta hankarekin kolpeka ari zen astiro terrazaren kontra. Isilune baten ondoren, doktorea zutitu zen pixka bat eta galdetu zion Tarrouri ea ba al zekien zein ote zen bakera heltzeko bidea.

        — Bai, atseginarenera.

        Bi anbulantzien sirena-hotsak entzun zituzten urrutira. Arestian nahasiak ziruditen aldarriak, hiriaren inguruan bildu ziren, muino harritsuaren ondoan. Aldi berean, tiro baten antzeko zerbait aditu zuten. Isiltasuna sortu zen berriz ere. Rieuxek farolaren bi keinada kontatu zituen. Brisak indarra galtzen zihoala ematen zuen, eta aldi berean, itsasotik zetorren haize bolada batek kresalaren usaina ekarri zuen. Nabarmen aditzen zuten oraingoan olatuen arnas durduriotsua labarraren kontra.

        — Hitz batean esateko —esan zion Tarrouk xaloki—, nire ardura bakarra santu nola bilakatzea da.

        — Jainkoarengan ez duzu sinesten, ordea.

        — Hain zuzen ere, izan daiteke santua Jainkorik gabe, horixe da gaur egun ezagutzen dudan arazo zehatz bakarra.

        Brastakoan, dirdai handia sortu zen garrasiak zetozen lekuan eta, haize korronteak ekarrita, aldarri iluna heldu zitzaien bi gizonei. Berehalakoan itzali zen dirdaia eta urrutira, terrazen ertzean, gorritasuna baino ez zen geratu. Haizearen geldiune batean, argi eta garbi entzun zituzten gizonen deiadarrak, eta ondoren deskarga hotsa eta jendetzaren garrasiak. Tarrou zutik zegoen entzuten. Ez zuten ezer gehiago aditu.

        — Berriz ere borrokan ari dira ateetan.

        — Bukatu da dagoeneko —esan zion Rieuxek.

        Behin ere ez zela bukatuko hura esan zuen ahapeka Tarrouk eta hildakoak ere izango zirela oraindik, ordenan baitzegoen.

        — Agian bai —erantzun zion doktoreak—, baina jakin behar duzu menperatutakoekin ez naizela santuekin baino kideago sentitzen. Ez zait iruditzen heroismoa eta santutasuna atsegin ditudanik. Nire ardura bakarra gizon izatea da.

        — Bai, gauza beraren atzetik gabiltza, baina ni ez naiz hain handizalea.

        Tarrou txantxetan zebilela pentsatu zuen Rieuxek eta begira geratu zitzaion. Baina zerutik zetorren distira lausotan, aurpegi tristea eta goibela ikusi zuen. Haizea sortu zen berriz ere eta epela sumatu zuen azalean. Tarrou suspertu egin zen:

        — Ba al dakizu —esan zion—, zer egin beharko genukeen adiskidetasunaren izenean?

        — Nahi duzuna —esan zion Rieuxek.

        — Bainatzera joan. Etorkizun santu batentzako ere plazer duina da. Rieux irribarrez ari zen.

        — Gure pasa-txartelekin kamino gaineraino joan gaitezke. Azken finean, astakeria galanta izango litzateke izurrian bakarrik bizitzea. Noski, gizonak biktimen alde lehiatu behar du. Baina bestelakorik atsegin ez badu, zertarako balio du lehiatzeak?

        — Bai —esan zion Rieuxek—, goazen.

        Handik pixka batera, autoa ateko burdin hesiaren aurrean geratu zen. Ilargia zegoen. Zeru esnetsuak itzal lausoak sortzen zituen non-nahi. Atzealdean hiria zuten mailakatuta eta haize beroa eta gaixotua zetorkien itsaso aldera bultzatuz. Paperak guardia bati erakutsi zizkioten, luzaro egon zelarik haiek aztertzen. Pasa ziren eta, barrikaz betetako ezponden artetik, ardo eta arrainezko urrin artean, kamino gaineko bidetik joan ziren. Ailegatu baino lehentxeago iodo eta gorbel usainak itsasoa iragarri zien. Ondoren, entzun egin zuten.

        Txistu eztia egiten zuen kamino gaineko harritzarren oinean eta, zeharkatzerakoan, hantxe agertu zitzaien herenilea bezain lodia, piztia bat bezain malgua eta leuna. Itsaso zabalera ematen zuten harkaitzetan jarri ziren. Ura puztu eta berriro jaisten zen. Itsasoaren arnasketa lasaiak uraren azaleko distira oliotsuak sortu eta ezabatzen zituen. Beren aurrean, mugagabea zen gaua. Rieux, behatzen azpialdean harkaitzen aurpegi jelatua nabarituz, zorion bitxiaz sumatzen zuen bere burua. Tarrourengana jiratuz, deus, ezta hilketa ere ahazten ez zuen zorion berdina antzeman zuen bere adiskidearen aurpegi lasai eta goibelduan.

        Erantsi ziren. Rieux murgildu zen lehendabizi. Hasieran hotzak, epelak iruditu zitzaizkion urak aurrera jo zuenean. Zenbait besakada eman ondoren, konturatu zen itsasoa, gau hartan, epel zegoela, hilabete luzeetan zehar lurrak bildutako berotik udazkeneko itsasoen epeltasunaz. Neurrian zebilen igeri. Hankei eragiterakoan aparra borborka uzten zuen atzean eta ura besoetatik lerratzen zitzaion zangoetan itsasteko. Pulunpa hots handi batek adierazi zion Tarrou uretan murgildu zela. Rieux bizkar gainean jarri eta bertan geratu zen, ilargi eta izarrez okitutako zeru irauliaren aurrez aurre. Sakon hartu zuen arnasa. Segidan, gero eta nabarmenago entzun zuen kolpatutako uraren hotsa, ohi ez bezala garbia gaueko isiltasun eta bakartasunean. Tarrou hurbiltzen ari zen, laster entzun zuen haren arnasa. Rieux jiratu zen, adiskidearen parean jarri eta erritmo berdinean hasi zen igerian. Tarrou bestea baino indartsuago zihoan aurrera eta azkartu egin behar izan zuen ibilera. Minutu batzuetan zehar, abiada eta kemen berdinez joan ziren, bakartasunean, mundutik aparte, hiri nahiz izurritik libraturik. Rieux izan zen lehena geratu zena eta astiro itzuli ziren, korronte hotz batean sartzerakoan salbu. Deus esan gabe, biek batera azkartu zuten abiada, itsasoaren ustekabe hartaz astindurik.

        Jantzi ondoren, hitzik ere esan gabe abiatu ziren. Bihotz berekoak ziren ordea eta gau hartako gozamena zuten buruan. Urrutitik izurriaren zentinela ikusi orduko, konturatu zen Rieux Tarrouk, bere antzera, eritasunak ahaztu zituela esaten ari zela, hori ez zegoela batere gaizki, eta handik aurrera berriz ere ekin beharko ziotela.

 

 

        Berriz ere ekin behar zitzaion, bai, eta izurriak ez du luzarora inor ahazten. Abenduan zehar, garretan jarri zituen gure hiritarren bularrak, labea piztu zuen, esku hutsik geratutako itzalez bete zituen eremuak, etengabean egin zuen aurrera azken batean bere pauso eramankor eta nahasiaz. Agintariek egun hotzek beraien alde jokatuko zutela espero zuten aurrerapena geldiarazteko, eta nolanahi ere amore eman gabe pasa zen sasoi hartako lehendabiziko giro txarretatik. Itxaron beharra zegoen. Baina itxaroten eta itxaroten jardun ondoren ez da horregatik gehiago espero izaten, eta gure hiri osoa etorkizunik gabe bizi zen.

        Doktoreari dagokionez, eskaini zitzaion bake eta adiskidetasunezko lipar iheskor hark ez zuen hurrengorik izan. Beste ospitale bat zabaldu berria zuen eta eriak baino ez zituen aurrez aurre. Konturatu zen dena dela epidemiaren egoera hartan, izurriak biriketako moduan geroz eta sarriago ageri zen momentuan, eriak nolabait medikuari lagundu nahian zebiltzala. Hasierako etsipenean eta zoramenean erori ordez, bazirudien argiago ikusten zutela zer komeni zitzaien eta ahalik eta mesederik handiena egingo liekeena eskatzen zieten euren buruei. Edan egin nahi zuten etengabe, eta beroa bilatzen zuten denek. Nahiz eta doktorea berdin nekatu, ez zen halere hain bakarrik sentitzen horrelakoetan.

        Abenduaren bukaera aldera, Rieuxek M. Othon instrukzio epailearen partetik, oraindik ere esparruan baitzegoen, idazki bat jaso zuen, esanez berrogeialdiaren epea beteta zuela, eta administratzaileak zein egunetan sartu zen bilatzen ez zuenez gero, ziurrenik okerren bat egongo zela beta oraindik esparruan mantentzeko. Emazteak, denbora zeramakielarik kanpoan, protesta egin zuen prefekturaren aurrean, non gaizki hartu omen zuten eta esan ez zela behin ere okerrik gertatzen. Rieuxek Rambert bidali zuen eta, handik egun batzuetara, han ikusten du M. Othon badatorrela. Egiaz akats bat egona zen eta Rieux haserre samar jarri zen. Baina M. Othonek, argalduta zegoenak, esku bigun bat jaso zuen eta, hitzak neurtuz, edozein nahas daitekeela esan zion. Doktoreak zerbait aldatu zela harengan, horixe besterik ez zuen pentsatu.

        — Zer egin behar duzu orain, epaile jauna? Hor dauzkazu txostenak zain —esan zion Rieuxek.

        — Ez, bada —esan zion epaileak—. Atsedenaldi bat hartu nahi nuke.

        — Benetan, komeni zaizu lasaitasun pixka bat.

        — Ez da hori, esparrura itzuli nahi nuke.

        Rieux txundituta geratu zen.

        — Oraintxe irten besterik ez duzu egin eta!

        — Ez zenidaten ondo ulertuko. Esan didatenez, administrazioko borondatezkoak omen daude esparru horretan.

        Epaileak biraka egin zuen bere begi borobilekin eta ile zapa bat zanpatzen saiatu zen...

        — Badakizu, zereginen bat nahi dut. Eta gainera, ergelkeria da esatea ere, nire mutil koxkorrarengandik ez nintzateke hain urrun sentituko.

        Rieux begira ari zitzaion. Ez zen posible bere begi gogor eta lauetan bat-batean eztitasunik agertzea. Baina lainotsuagoak zituen orain, galdua zuten metalezko garbitasun hura.

        — Jakina —esan zion Rieuxek—, hori nahi baduzu, oraintxe bertan arduratuko naiz.

        Doktorea, hala, arduratu zen, eta izurriak hartutako hiria bere bideari jarraiki zitzaion, Gabonak arte. Tarrouk non-nahi eramaten jarraitu zuen bere eraginkortasun lasaia. Rambertek konfiantzaz esan zion doktoreari, bi guardia txikiei esker, ezkutuko postatruke sistema bat sortu zuela bere andrearekin. Noizean behin gutun bat edo beste jasotzen zuen. Sistema horretaz baliatzeko proposamena egin zion Rieuxi eta baiezkoa eman zion honek. Idatzi zuen, hilabeteak eta hilabeteak igaro ondoren, baina izugarri zaila egin zitzaion. Bazen mintzatzeko modu bat galdua zuena. Bidali zuen gutuna. Itxaron behar izan zuen erantzuna jasotzeko. Cottard, bere aldetik, goraka zihoan eta aberasten ari zen egiten zituen estraperlo txikiekin. Grandi zegokionez, ez zirudien festa garaiak eraginik izan zuenik harengan.

        Urte hartako Gabonak gehiago izan ziren Infernuaren festak Ebanjelioarenak baino. Dendak hutsik eta argirik gabe, txokolate artifizialak edo kaxa hutsak eskaparatetan, tranbiak aurpegi goibelez beteak, ezerk ez zuen aurreko Gabonen antzik. Garai batean mundu guztiak, nahiz aberatsa edo behartsua izan, bat egiten zuen festa hauetan, ez zegoen jadanik horretarako aukera zutenek, denden baten atzealde koipetsuren batean, urrearen prezioan lot zezaketen atsegin bakarti eta lotsagarrientzat hain lekurik. Elizak beteagoak zeuden aienez esker-emaitzaz baino. Hiri ilun eta hotzean, korrika zebiltzan haur batzuk, gainean zuten mehatxuaz oraindik ere jabetu gabe. Baina inor ez zitzaien ausartzen antzinako jainkoaren berri ematera, opariz betea, gizakien nahigabea bezain zaharra, baina itxaropen gaztea bezain berria. Itxaropen guztiz ilun eta guztiz zaharrarentzat baino lekurik ez zegoen denen bihotzetan, gizonak heriotzara joaten utzi ez eta bizitzeko tema hutsa besterik ez den itxaropen bon beta.

        Bezperan, Grand ez zen agertu bere zitara. Rieux, kezkaturik, haren etxetik pasa zen goizean goiz eta ez zuen aurkitu. Mundu guztia erne jarri zuten. Hamaikak aldera, Rambert ospitalera etorri zen Grand urrutitik ikusia zuela esatera, kaletan barrena noraezean, aurpegia maskaldurik. Gero galdu egin omen zuen. Tarrouk eta doktoreak kotxea hartu zuten haren bila joateko.

        Eguerdian, jelatzen, kotxetik irten zuen Rieuxek, urrutira Grand ikusi zuen, egurrean zabarki landatutako jostailuz betetako eskaparate baten kontra ia itsatsita. Etengabean malkoak zerizkion funtzionario zaharraren aurpegiari. Eta malko hauek burua nahasi zioten Rieuxi, ondo asko ulertzen baitzion honek, berak ere eztarri barruan sumatzen zituelarik. Berak ere gogoratzen zuen nola dohakabeak ezkon hitza eman zuen, Gabonetako eskaparate baten aurrean, eta nola Jeannek, beregana jiratuz, pozik zegoela esan zion. Garai bateko urte haien sakonetik, eromen honen bihotzeraino, Jeanneren ahots freskoa zetorkion Grandi, ez zegoen horretan dudarik. Rieuxek bazekien negar-malkotan zegoen gizon hura minutu hartan bertan zertan pentsatzen ari zen, eta hark bezala, berak ere pentsatzen zuen mundu hau maitasunik gabe mundu hila litzatekeela eta etorri ohi dela ordu bat non aspertu egiten baita norbera espetxeekin, lanarekin eta adorearekin, izaki baten aurpegia eta samurtasunaren bihotz liluragarria eskatzeko.

        Baina besteak kristalean antzeman zuen. Negarrari eutsiz, jiratu zen eta eskaparatearen kontra jarri zen hari begira.

        — Ai! doktore, ai! doktore —zioen.

        Rieuxek buruari eragin zion baietz esatearren, hitz egiteko gauza ez zela. Berea zuen haren bihotz estura eta momentu hartan bihotza bihurkatzen ziona zera zen, gizon guztiek zatibanatzen duten oinazearen aurrean gizonari sortzen zaion haserre bizia.

        — Bai, Grand —esan zion.

        — Gutun bat idazteko denborarik izango banu. Berak jakin dezan... eta zoriontsu izan dadin bihotz zimikorik gabe...

        Nolabaiteko bortxakeriaz, Rieuxek aurrera bultzatu zuen Grand. Aurrera jarraitu zuen honek, ia arrastaka, esaera puskak zezelduz.

        Gehiegi ari da irauten hau. Neure burua joaten uzteko gogoa dut, ezinbestekoa da. Ai! doktore! Lasai itxura daukat. Baina ahalegin bizia egin behar izan dut besterik ez bada ere arrunta izateko. Oraingoan, ordea, gehiegi da hau:

        Geratu zen, gorputz atal guztiak dardarka eta begiak zoro. Eskutik heldu zion Rieuxek. Kiskaltzen zeukan.

        — Itzuli egin behar dugu.

        Baina Grand ihesi joan zen eta korrika eman zituen zenbait pauso, ondoren gelditu zen, besoak zabaldu eta zabuka hasi zen aurrera eta atzera. Gorputzaren inguruan jira-bira eginez han jauzi zen lur jelatura, aurpegia kresaletan etengabe zerien malkoengatik. Oinezkoek urrutitik begiratzen zioten, bat-batean geraturik, aurrera egiten ausartu gabe. Rieuxek besotan hartu behar izan zuen agurea.

        Dagoeneko ohean, Grand ito beharrean zegoen: birikak hartuta zeuzkan. Rieux gogoetan ari zen. Enplegatuak ez zuen senidekorik. Zertarako eraman? Bera bakarrik egongo zen, Tarrourekin batera, hura zaintzeko...

        Grand burukoaren sakonean hondoraturik zegoen, azala berdeturik eta begiak lauso. Tarrou tximinian kaxa baten pusketekin pizten ari zen su txikiari finko begiratzen zion. «Gauzak oker doaz», esaten zuen. Eta kiskaltzen zuten biriken sakonetik pindar bitxiak ateratzen ziren, esaten zuen hitz bakoitzarekin batera. Rieuxek isilik egoteko gomendatu zion eta berriz ere itzuliko zela esan. Irribarre bitxia sortu zitzaion gaixoari eta, batera, nolabaiteko eztitasuna heldu aurpegira. Begiarekin keinu egiten ahalegindu zen. «Honetatik ateratzen banaiz, kendu sonbreiruak, doktore!» Baina berehalakoan ahuleziak jota geratu zen.

        Ordu batzuk pasa ondoren, han bilatu zuten Rieuxek eta Tarrouk gaixoa ohean erdi eserita, eta espantuz antzeman zion Rieuxek aurpegian kiskaltzen ari zitzaion gaitzaren aurrerapena. Baina argiago zirudien buruz eta, segidan, lutozko ahots bitxiaz, kaxoi batean sartua zuen eskuizkribua ekar ziezaiotela eskatu zien. Tarrouk eman zizkion orriak, honek, begiratu gabe, beraren kontra estutuz, zuzenean doktoreari eman zizkiolarik, imintzio batez irakurtzeko demanda eginez. Berrogeita hamar orrialde inguruko eskuizkribu laburra zen. Azaletik begiratzerakoan konturatu zen doktorea orri guzti haiek esaldi bera besterik ez zutela behin eta berriz idatzia, aldatua, aberastua, edo murriztua. Etengabean, maiatza, amazona edo Basoko etorbideak era desberdinetan antolatuak eta parekatuak ageri ziren. Lanak adierazpenak ere bazituen, neurriz kanpokoak noizik eta behin, eta baita aldaerak ere. Azken orrialdearen bukaeran, dena dela, esku saiatu batek hauxe idatzia zuen soilik, tinta freskoaz: «Jeanne, ene maite hori, Eguberria da gaur...» Gainean, kaligrafia txukunez, esaeraren azken bertsioa ageri zen. «Irakur ezazu», esan zion Grandek. Eta Rieuxek irakurri egin zuen.

        «Maiatzeko goiz eder batean, amazona lerden bat zebilen, behor alazan bikain baten gainean, lore tartetik, Boulogneko Basoko etorbideetan...

        — Hori al da? —esan zion agureak ahots sukartsuaz. Rieuxek ez zituen begiak harengana jaso.

        — A! —esan zuen besteak aztoraturik—, badakit, bai. Ederra, ederra ez da hitz egokia.

        Rieuxek eskutik heldu zion mantaren gainetik.

        — Utzidazu, doktore. Ez dut denborarik izango...

        Bularra nekez altxatzen zitzaion eta, bat-batean, orro egin zuen:

        — Erre itzazue!

        Doktorea zalantzan zebilen, baina Grandek hain doinu ikaragarriz eta ahotsean halako sufrimena azalduz errepikatzerakoan, itzaltzear zegoen sutara bota zituen orriak Rieuxek. Azkar argitu zen gela eta beroaldi labur batek epeldu zuen. Doktorea gaixoarengana itzuli zenean, bizkar emanda zegoen hau eta aurpegiarekin pareta ia ukituz. Tarrou leihotik begira zegoen, gertakizun harekin zerikusirik izango ez balu bezala. Sueroa injektatu ondoren, Grandek gauetik ez zela pasako esan zion lagunari. Tarrouk bere burua eskaini zuen bertan geratzeko. Doktoreak onartu zuen.

        Gau osoan ibili zuen buruan Grand hiltzera zihoanaren ustea. Hurrengo goizean, ordea, ohean eserita aurkitu zuen Rieuxek, Tarrourekin hizketan. Ez zuen dagoeneko sukarrik. Abaildura orokorraren arrastoak baino ez zitzaizkion antzematen.

        — Ai! doktore —esan zion enplegatuak—, gaizki egin nuen. Baina berriz hasiko naiz. Buruan dut dena, ikusiko duzu.

        — Itxaron dezagun —esan zion Rieuxek Tarrouri.

        Baina eguerdirako, berdin jarraitzen zuen. Gauean, salbaturik zegoela esan zitekeen. Rieuxek ezin zuen ulertu berpizte haren arrazoia.

        Garai hartan, gutxi gora behera, eri bat ekarri zioten doktoreari eta honek azkenetan zegoela ikusiz, isolatu egin zuen ospitalera heldu orduko. Neskatxa eldarniotan zebilen eta biriketako izurriaren sintomak ageri zituen. Hurrengo goizean, nolanahi ere, sukarrak behera egin zuen. Doktoreak, Granden kasuaren antzera, esperientziak erakutsia zion bezala, seinale kaltegarritzat hartu ohi zuen goizaldeko beheraldia antzeman zion. Eguerdi aldera, dena dela, sukarrak ez zuen gora egin. Gauean, hamarren bakar batzuen igoera besterik ez zuen izan eta, hurrengo egunerako, batere ez zeukan. Neskatxa, nahiz ahul egon, libreki ari zen arnasa hartzen. Arau guztien kontra, neskatxa salbatu egin zela esan zion Rieuxek Tarrouri. Baina aste barrean, antzerako lau kasu gertatu ziren doktorearen zerbitzuan.

        Aste horren buruan, zeharo asaldaturik hartu zituen asmatiko zaharrak doktorea eta Tarrou.

        — Horra —zioen—, berriz ere irteten ari direla.

        — Zeintzuk?

        — Horratx! Arratoiak!

        Apirilaz geroztik inork ez zuen hildako arratoirik ikusi.

        — Berriz hasiko ote da? —esan zion Tarrouk Rieuxi. Agurea eskuak igurtzi ari zen.

        — Ikusi egin behar nola egiten duten korri! Hau poza.

        Bi arratoi bizirik ikusiak zituen etxean sartzen, kaleko atetik. Auzokoek azaldu zioten, beren etxeetan ere, berriz ere agertu zirela animaliak. Hainbat zurajeetan, berriz ere entzun zituzten hilabetetan ahaztutako zalapartak. Rieux itxaroten egon zen aste bakoitzaren hasieran osatzen zituzten estatistiken berriei. Eritasunak behera egin zuela azaldu zuten.

 

 

© Albert Camus

© itzulpenarena: Imanol Tapia

 

 

"Albert Camus / Izurria" orrialde nagusia