III KAPITULUA

 

        Hala, asteak joan eta asteak etorri, ahal zuten moduan borrokatu ziren izurriaren pean zeuden presoak. Eta haien arteko zenbaitek, Rambertek esaterako, pentsatu ere egin zuten, ikusten den bezala, gizon libre bezala jokatzen zutela, aukeratu egin ahal zezaketela oraindik. Baina, berez, esan daiteke une hartan, abuztuaren erdi aldera, izurriak dena estalia zuela. Jadanik ez zen norbanakoen zoririk, aitzitik izurriak osatzen zuen historia kolektibo bat eta guztion barnean zeuden sentipen berberak. Nagusiena bereizketarena eta erbesteratzearena zen, horrek eragindako beldur eta oldartzearekin batera. Horregatik uste du narratzaileak komeni dela, bero eta eritasunaren gailur honetan, egoera orokorraren berri azaltzea eta, adibide gisa, bizirik zeuden gure hiritarren bortxa, hildakoen lurperatzeak eta bereizitako maitaleen oinazea.

        Urte hartan, erdi aldera, haize handia sortu zen eta egunetan eraso zion izurripean eroritako hiriari. Beldur handia diote Orango biztanleek, zeren eraikia dagoen ordekan berezko oztoporik bilatzen ez duenez gero, kaletan barrena sartzen baita izugarrizko bortxaz. Ur tanta batek ere hiria freskatu ez zuen hilabete luze haien ondotik, haizearen eraginez ezkatak osatzen zituen geruza grisaxka batez estalirik zegoen. Hala, haize honek gero eta urriagoak ziren pasealarien zangoek kolpatzen zituzten hauts eta paper uhinak sortzen zituen. Presaka ikusten zitzaien kaletan, aurrealdera makurtuta, mukizapiaz edo eskuaz ahoa estaliz. Gaualdera, egun haiek ahalik eta luzeagoak egiten saiatzearren sortzen zen jende pilaketaren ordez, bakoitza azkena izan baitzitekeen, etxetan edo kafetan presaka sartzen ziren talde txikiak ikus zitezkeen, nahiz eta hainbat egunetan, garai hartan azkar heltzen zen ilunabar aldera, kaleak hutsik geratzen baziren ere, haizea soilik aritzen zelarik etengabean intzirika. Itsaso harro eta betiere ikusiezinetik auka eta kresal usaina igotzen zen. Hiri bakarti hura, hautsez zuritua, itsas usainez betea, haize hotsez guztiz durundatsua, aieneka zebilen orduan zorigaitzeko uharte baten modura.

        Ordura arte, izurriteak heriotza gehiago sortu zituen inguruko auzoetan, biztanle ugariago eta deserosoagoak zirenetan, hiri erdian hain. Brastakoan, ordea, bazirudien merkatal auzotara ere hurbildu eta bertan kokatu zela. Biztanleek haizeari botatzen zioten errua infekzioaren germenak garraiatzen zituelakoan. «Kartak nahasten ari da», esaten zuen hoteleko zuzendariak. Baina, dena dela, erdialdeko auzoek bazekiten txanda etorri zitzaiela gauetan, eta gero eta maizago, anbulantzien sirena hotsaren dardara entzuten hasi zirenean, leihoen azpialdetan izurritearen dei goibel eta grinarik gabeko durdurioa sortuz.

        Pentsatu zuten, hiri barnean bertan, gehien sufritzen zuten zenbait auzo isolatzea ere eta derrigorrezko zerbitzutan lan egiten zuten gizonei baizik irteteko baimenik ez ematea. Ordura arte bertan bizi zirenek beraien kontra zuzendutako txantxatzat hartu zuten hura, eta edozein aldetara, kontraste bezala, beste auzoetako biztanleak gizon libreak zirela pentsatzen zuten. Azken hauek, aitzitik, momentu txarrak pasatzerakoan, beste batzuk bazirela berauek baino libertate gutxiago zutenak pentsatuz kontsolatzen ziren. «Beti egongo da neu hain atxilotuago dagoen bat» esaerak jasotzen zuen orduan izan zitekeen itxaropen bakarra.

        Garai hartan gutxi gora bera, suteak ere ugaritu egin ziren, auzo egoiliarretan batez ere, hiriko mendebaldeko ateetan. Ikerketak egin ondoren, berrogeialditik etorritako jendea omen zela zioten, zeintzuk dohakabetasun eta proguaz zoraturik, su ematen omen zieten beren etxeei, horrela izurritea akabatuko zutelakoaren ustetan. Larri ibili ziren ekintza haiei aurre egiteko, ezen hain sarri gertatzen zirenez gero, auzo osoak etengabeko arriskupean egon baitziren haizearen bortxa zela eta. Agintariek burututako etxeen desinfekzioak edozein kutsapen arrisku baztertzeko nahikoa zela alferrik frogatu nahi izan ondoren, zigor gogorrak ezarri behar izan zituzten su-emaile errugabe haien kontra. Eta, ezbairik gabe, ez zen espetxea izan dohakabe haiek atzera bota zituena, baizik eta, biztanle oro jabetuta zegoen legez, espetxe zigorrak, heriotza-zigorraren balio berdina baitzuen, udal presondegian suertatzen zen hilkortasun handiaren ondorioz. Egia esateko, uste hau ez zen funtsik gabea. Argi dauden arrazoiak direla eta, bazirudien izurriak bereziki elkarturik bizitzeko ohitura zutenengana amorratzen zela, hau da, soldaduak, fraideak edo presoak. Nahiz hainbat espetxeratu bakandu, presondegia komunitate bat izan ohi da, eta horren froga garbi bezala esan behar da gure udal presondegitan, espetxeratuek bezainbat ordaintzen ziotela guardiek bere zerga eritasunari. Izurriaren goi mailako ikuspegi batetik, mundu guztia, zuzendariarengandik hasi eta azken presoarenganaino, zegoen kondenaturik, eta lehenengo aldia izango zen, agian, erabateko justizia zegoena presondegian.

        Alferrik saiatu ziren agintariak mailakatze honetan hierarkia bideratzen, beren eginkizuna beteaz hildako guardiei kondakoratzeko xedea asmatuz. Setio egoera indarrean zegoenez, eta nolabaiteko ikuspegiz, presondegietako guardiak soldadu bezala kontsidera zitezkeenez gero, domina militarra eman zieten hilondoko titulu gisa. Baina atxilotuen ahotatik protesta hitzik atera ez baien ere, militarrek ez zuten begi onez hartu gauza eta azaldu zuten, zuzen azaldu ere, nahasketa deitoragarria sor zitekeela publikoaren izpirituan. Ontzat hartu zuten haien eskaria eta pentsatu zuten hildako guardiei epidemiaren domina ematea izango zela errazena. Baina, lehenengoen kasuan, kaltea egina zegoen eta pentsatu ere ezin zitekeen egin kondekorazioak kentzerik, eta militarrak bere aburuan mantendu ziren. Bestalde, epidemien dominari zegokionez, bazuen alderdi txar bat, alegia, militarren kondekorazioak jasotzeak zuen eragin morala ez izatea, epidemia garaian ondo gauza hutsala baitzen era honetako kondekorazioa. Mundu guztia atsekabez geratu zen.

        Gainera, presondegietako administrazioak ezin izan zuen eliz agintarien eta, maila txikiagoan, militarren modura jardun. Hala, soilik bi komentutako fraideak sakabanatu zituzten eta behin behingoz senide errukitsuen etxetan bizitzen jarri. Modu berean, ahal izan zuten bakoitzean, konpainia txikiak kuarteletatik atera eta eskoletan edo eraikuntza publikoetan jarri zituzten goarnizio modura. Hala, eritasunak, itxuraz, biztanleak setiatuen arteko elkartasunera bultzatu bazituen ere, apurtu egin zituen aldi berean elkarte tradizionalak eta berriz ere bidali gizakiak bakartasunera. Horrek nahasmena sortu zuen.

        Pentsa daiteke gorabehera guzti hauek, haizearekin batera, zenbait izpirituentzat ere sutea ekarri zutela. Berriz ere erasoak izan zituzten ateetan, eta zenbait alditan, baina talde armatu txikien aldetik oraingoan. Tiroak izan ziren alde batetik eta bestetik, zaurituak eta baita ihes egindako batzuk ere. Guardia postuak indartu egin zituzten eta saioak azkar bukatu ziren. Nahikoak izan ziren, dena dela, hirian iraultzaren kimua sorrarazteko, bortxakeriazko istiluak ekarriz. Osasun arrazoiengatik erretako edo hustutako etxeetan lapurretak gertatu ziren. Egia esan behar bada, ez dirudi ekintza haiek aurrez pentsatutakoak izan zitezkeenik. Gehienetan, bat-bateko gertaera batek bultzatzen zuen jendea, ordura arte jatorra izandakoa, ekintza gaitzesgarriak burutzera, bertan izaten zutelarik nork imitatu. Hala, izan ziren zoroak oraindik sutan zegoen etxe batera arrapaladan sartu nahi zutenak, oinazeak sorgortutako jabearen aurrean. Honen axolagabeziaren aurrean, ikusle asko eta asko haien atzetik joan ziren eta, kale ilunean, sutearen dardarizotan, han ikusi ziren edonondik hiltzear zeuden garrek eta bizkar gainean zeramatzaten altzariek desitxuratutako itzalak ihesi. Gertakizun hauek bultzatu zituzten agintariak izurrite egoera eta setio egoera bat egitera eta horretatik ondorioztatzen ziren legeak betearaztera. Bi lapur fusilatu zituzten, baina zalantzan jartzekoa da horrek besteengan eraginik izan ote zuen, zeren hainbat hildakoen artean exekuzio hauek oharkabean pasa baitziren: ur tanta bat besterik ez zen itsasoan. Eta, egia esateko, antzeko gertakizunak behin eta berriz pasa ziren agintariek esku hartzeko imintziorik ere egin gabe. Biztanle guztiak kezkatu antzean utzi zituen neurri bakarra kedako egoera izan zen. Hamaiketatik aurrera, gau beltzean murgildurik, harrizkoa bilakatzen zen hiria.

        Ilargiko zerupean, bere horma zurixkak eta kale zuzenak lerrokadatan banatzen zituen, inoiz ere arbola baten masa beltzak orbandu gabe, inoiz ere pasealari baten urratsek edo zakurren baten zaunkak asaldatu gabe. Hiri handi eta isiltsu hura ez zen oraingoan kubo mazizo eta bizigabeen multzo bat baizik, hauen tartean ahaztutako ongileen irudi uzkurrak edo brontzean betikotasunez itotako gizon zahar ohoretsuak bakartasunean, beren harrizko edo burdinazko aurpegi faltsuez, gizona zer izan zenaren irudikapen zitaldua gogorarazten saiatzen zirelarik. Sasi idolo haiek gailen ageri ziren zeru lodiaren pean, bizitzarik gabeko bidegurutzetan, sentipenik gabeko astakirtenak, sartuak ginen erreinu mugigaitzaren adierazgarri nahiko onak, edo behintzat erreinu honen azken ordenarenak, izurriak, harriak eta gauak azkenerako ahots guztiak isilarazi zituen nekropoliarenak.

        Baina gaua bihotz guztietan ere bazegoen eta ehorzketen gainean sortutako nahiz egiak edota kondairak ez ziren gure hiritarren lasaitasunerako eginak. Zeren zinez hitz egin beharra baitago ehorzketei buruz eta narratzaileak barkamena eskatzen dizue. Badaki hori dela eta, jaukikatu ahal izango dakiola, baina zuribide bakarra denboraldi guzti horretan ehorzketak izatea da eta nolabait beharturik dagoela, bere hirikide guztiak behartu zituzten bezala, ehorzketaz arduratzera. Ez da, edozein aldetara, honelako zeremonietarako joera duelako, aitzitik bizidunen gizartea maiteago baitu eta, esate baterako, itsasoko bainuak. Baina, azken finean, itsasoko bainuak galarazita zeuden eta bizidunen gizartea beldur zen egunak aurrera egin ahala ez ote zion hildakoen gizarteari lekua utzi beharko. Argi zegoen gauza zen. Dena dela, beti ahalegindu zitekeen hura ez ikusten, begiak estali eta ukatzen, baina argi dagoenak azkenean denak eramateko moduko indar ikaragarria du. Esate baterako, nola ukatu ehorzketak, maite dituzunak ehorzteko beharra sortzen den egunean?

        Horrela bada, gure zeremoniek hasieran bazuten ezaugarri bat, azkartasuna! Formalitate guztiak erraztu eta oro har hileta ponpa guztiak ezabatuak zituzten. Gaixoak senidekoengandik urrun hiltzen ziren eta debekatuta zeuden gaubeilazko erritoak, nolanahi ere gauean hiltzen zenak bakartasunean pasatzen zuelarik gaua eta egunez hiltzen zena besterik gabe lurperatuz. Senidekoak jakinaren gainean jartzen zituzten, noski, baina, gehienetan, ez zieten mugitzen uzten, berrogeialdian geratzen zirelarik eriarekin batera bizi baldin baziren. Familia hildakoarekin batera bizi ez bazen, esandako orduan azaltzen zen, kanposantura abiatzerakoan alegia, gorpua garbitu eta kutxan sartu ondoren.

        Demagun formalitate hau Rieux doktorearen ardurapean zegoen ospitale laguntzailean egin zela. Eskolak irteera bat zuen eraikuntza nagusiaren atzealdean. Pasillora eramaten zuen ganbara handi batean zeuden hilkutxak. Pasilloan bertan, familia k ordurako itxita zegoen hilkutxa bakarra bilatzen zuen. Segituan, garrantzitsuenera pasatzen ziren, hau da, paperak ematen zizkioten familiaburuari sinatzeko. Gorpua ibilgailu batean sartzen zuten, nahiz benetako furgoia, nahiz egokitutako anbulantzia handi bat izan zitekeelarik. Oraindik ere baimena zuten taxi haietako batean sartzen ziren senidekoak eta, habaila bizian, kanposantura heltzen ziren ibilgailuak kanpoaldeko errepidetan barrena. Atean, jendarmeek konboia gerarazten zuten, pasa-txartelean tanpoi kolpe bat ematen zuten, hura gabe ezinezkoa baitzen gure hiritarrek azken egoitza zeritzotena izatea, alde batera egiten zuten, eta ibilgailuak karratu baten ondoan jartzen ziren, non zulo ugari baitzegoen noiz beteko zain. Apaiz batek hartzen zituen zerraldoak hileta elizkizunak ezabaturik zeudelako. Ateratzen zuten hilkutxa otoitz artean, sokak jartzen zizkioten, bere lekuraino eraman, jaitsi, hondoaren kontra jo, apaizak isopoari eragiten zion eta dagoeneko lehenengo lurra estalkiaren kontra jotzen ari zen. Anbulantzia joana zen pixka bat lehenago desinfekziozko garbiketa egitera eta, lur palakadak geroz eta apalago entzuten ziren neurrian, familia taxi barruan pilatzen zen. Handik ordu laurden batera etxean ziren berriz ere.

        Honela, ahalik eta azkartasun handienez eta ahalik eta arrisku gutxienez gertatzen zen dena. Eta dudarik gabe, hasieran behintzat, argi dago familien berezko sentipena minduta geratuko zela. Baina, izurrite garaian, kontuan hartu ezin diren gogapenak dira horiek: dena sakrifikatzen zen eraginkortasunaren mesedetan. Bestela ere, populuaren moralak jardukizun hauekin sufritu bazuen ere, gizabidez lurperatua izateko desioa uste baino zabalduagoa izaki, denbora pixka bat pasa ahala, zorionez, horniduraren arazoa larritu egin zen eta biztanleen ardurak behar premiatsuagoetara jo zuen. Jatena bilatzeko gorde beharreko errenkadaz, kudeaketak burutzeaz eta formalitateak betetzeaz buru-belarri saiatuz, ez zuen denborarik jendeak bere inguruan nola hiltzen ziren eta egunen batean beraiek ere nola hilko ziren pentsatzeko. Honela, kaltegarriak izan behar zuten zailtasun materialak onuragarri bilakatu ziren ondorioz. Eta gauzak hobera jo izango zuten, epidemia zabaldu izan ez balitz, dagoeneko ikusi dugun bezala.

        Orduan hilkutxak urritu egin ziren, oihalik gabe geratu ziren hil jantzietarako eta lekurik gabe kanposantutan. Zerbait pentsatu beharra zegoen. Modurik errazena, eta betiere eraginkortasunaren mesedetan, hiletak taldeka egitea zirudien eta, beharrak eskatu ahala, ospitalea eta kanposantuaren arteko bidaiak ugaritzea. Hala, Rieuxen zerbitzuei zegokienez, ospitaleak bost hilkutxa zituen momentu hartan. Behin bete ondoren, anbulantziak eramaten zituen. Kanposantuan, kutxak husten zituzten, burdin koloreko zerraldoak andatan jarri eta eginkizun hartara egokitutako hangare batean itxaroten egoten ziren. Kutxak soluzio antiseptikotan bustitzen zituzten, ospitalera berriz eraman, eta behar adina aldiz ekiten noten eginkizun horri. Antolakuntza, beraz, oso ona zen eta prefeta pozik zegoen. Rieuxi esan zion azken finean hobe zela hura beltzek eramandako hildakoen gurdiak baino, antzinako izurriteen kronikatan ikus zitekeen bezala.

        — Bai —esan zion Rieuxek—, lurperatzea bera da, baina, guk, fitxak egiten ditugu. Aurrerabidea ukaezinezkoa da.

        Arrakastarik lortu bazuten ere, formalitateak oraingoan sortzen zuten atsekabea zela eta, beharturik egon zen prefektura ahaidekoak baztertzera. Kanposantuko ateraino joatea ametitzen zitzaien eta, hori ere, ez zen ofiziala. Ezen, azken hiletari zegokionean, gauzak zertxobait aldatu egin baitziren. Kanposantuko bazter batean, legeltxorrez estalitako soilgune batean, izugarrizko bi lubaki hondeatu zituzten. Gizonen hobia zen bata eta emakumeena bestea. Alde honetatik, administrazioak begiramenez jokatu zuen komenientziekin, harik eta denbora luzea iragan ondoren, halabeharraren indarrez, azken lotsa hura desagertu eta nahaspilaturik lurperatzen hasi ziren arte, bata bestearen gainean, gizonak nahiz emakumeak, erabidetasun zentzu izpirik gabe. Zorionez, errauspenaren azken uneetan baino ez zen gertatu nahasmen hura. Guri dagokigun garaian, hobien bereizkuntza indarrean zegoen eta prefekturak benetako ardura zuen horretan. Haietako bakoitzaren hondoan kare biziko geruza lodi batek zirauen kea zeriola eta gal-gal. Zuloaren ertzetan, kare berberaz osatutako tontor baten burbuilak aire zabaletan lehertzen ziren. Anbulantziaren joan-etorriak bukatu orduko, errenkadan eramaten zituzten andak, hondoraino lerrarazten zituzten, bata bestearen ondoan gutxi gora behera, gorputz biluzi eta oker samarrak eta, momentuan, kare biziz estaltzen zituzten, eta ondoren lurrez, baina altura jakin bateraino soilik, etorri behar zutenei lekua gordetzearren. Hurrengo egunean, gurasoak erregistroan sinatzera gonbidatzen zituzten, horrek adierazten zuelarik gizonen eta, esate baterako, txakurren arteko desberdintasuna: posible zen beti kontrola ematea.

        Eginkizun hauetarako, jendea behar zuten eta maiz sarritan faltan izaten ziren. Hasieran ofizialak eta, ondoren, handik edo hemendik hartutako erizain eta lurperatzaileak izurriaz hiltzen ziren. Arretaz ibili arren, kutsapena egun batean edo bestean etortzen zen. Baina ondo pentsatuta, gauzarik arraroena zeregin hauetarako behin ere gizon faltan ez egotea izan zen, izurriteak iraun zuen denbora osoan. Aldirik larriena izurriteak gailurra jo hain lehentxeago izan zen eta orduko Rieux doktorearen kezkek bazuten non oinarritu. Langile eskasia zegoen koadrotan eta lan astuna deitzen zitzaion horretan. Baina, izurritea benetan hiri osoaz jabetu zen momentutik, haren gehiegikeriak berak aukerako ondorioak ekarri zituen, zeren bizimodu ekonomiko guztia nahastu baitzuen eta, hala, jende ugari langabezian utzi. Gehienetan, ez zituzten koadroak osatzen, baina oinarrizko lanetarako, erraz aurki zitezkeen. Handik aurrera, egiaz, miseria beldurra baino indartsuagoa egin zen, lana ere arriskuen arabera ordainduta zegoen neurrian. Osasun zerbitzuek lan eskarien zerrenda bat izan zuten aukeran eta, posturen bat hutsik geratzen zenean, zerrendako lehenengoei deia zabaltzen zieten, eta artean haiek ere hutsaldian erori ez baziren behintzat, ez zioten lanari uko egingo. Hala, prefetak, nahiz aldi baterako nahiz bizi osorako kondenatuak era honetako lanetan erabiltzeko luzaroan zalantzan ibili ondoren, ez zuen horretaraino heldu beharrik izan. Zenbat denboran langabetuak egon, hainbat denbora itxaron ahal izango zuenaren iritziaren jabe zen.

        Hobeto ala okerrago, eta abuztuaren bukaera arte, gure hiritarrak beren azken egoitzara erabidetasunez eramateko aukera izan ez bazuten ere, bai behintzat administrazioak bere eginbeharra betetzen zuenaz jabetzeko nahiko ordenan. Baina nolabait aurrea hartu behar zaio gertakizunen segidari, baliatu behar izan zuten azken moduen berri ematearren. Abuztuaren ondoren, izurriteak lortutako maila zela eta, hildakoen pilaketa zeharo gainetik zegoen gure kanposantu txikiak eskaintzen zuen aukerari zegokionez. Alferrik bota zituzten horma-atalak, alferrik zabaldu zuten hildakoentzat irtenbidea inguruko lursailetan; laster bilatu behar izan zuten beste zerbait. Lurperatzeak gauez egitea erabaki zuten hasieran, horrekin, brastakoan, alde batera utzi zituztelarik begiramenezko hainbat alderdi. Geroz eta gorpu gehiago pilatu ahal izan zituzten anbulantziatan. Eta, arau guztien kontra, kedako ordua pasara (edo lanak beharturik) oraindik ere hiringuruko auzotan zebiltzan pasealari berantiarrek habaila bizian zihoazen anbulantzia luzeak ikusten zituzten noizean behin, gaueko kale sakonak distirarik gabeko sirena-hotsez durundiaraziz. Arin eta presaka, hobitara jaurtikitzen zituzten zerraldoak. Oraindik iraultzetik bukatu gabe, han zanpatzen zituzten beren aurpegiak kare palakadek eta lurrak estaltzen izengabetasun moduan, geroz eta sakonago hondeatutako zulotan.

        Handik pixka batera, hala ere, beste nonbait bilatzera beharturik egon ziren eta handik hanka egitera. Prefekturako mandatu batek desjabetu zituen betidaniko kontzesioak eta hobitatik ateratako hondarrak sulabetara eraman zituzten. Laster eman behar izan zituzten izurriaz hildako berak ere sulabera. Baina hiriaren ekialdean, ateetatik kanpo, zegoen errausteko labe zaharra erabili behar izan zuten orduan. Guardiako piketea urrutirago jarri zuten eta udaletxeko langile batek asko erraztu zuen agintarien lana, aurretik itsasoaren erlaitzeraino eramaten zuten eta orain lanik gabe zeuden tranbiak erabiltzeko gomendatuz. Horretarako, bagoien eta motorren barnealdea atondu zuten aulkiak kenduz, eta trenbidea labea zegoen lekura zuzendu zuten, lerroko geltoki bilakatuz.

        Eta uda bukaera osoan, hala nola udazkeneko eurialdian ere, han ikusi ahal izan ziren, gau bakoitzaren bihotzean, bidaiaririk gabeko tranbia konboi bitxiak pasatzen, itsasoaren gainetik trikili-trakala. Biztanleek jakin zuten azkenean horren berri. Eta erlaitzerako bidetik ibiltzea galarazten zuten patruilen gainetik, maiz sarritan lerratzen ziren taldeak olatuen gaineko harkaitzetatik eta loreak botatzen zituzten bagoietara, tranbiak pasatzerakoan. Ibilgailuak binbilika entzungo zituzten oraindik ere udako gauean, beren lore eta hildakoen zama garraiatuz.

        Lehenengo egunetan, edozein aldetara, goiz aldera, lurrun lodi eta higuingarria zabaltzen zen hiriaren ekialdeko auzoen gainetik. Mediku guztien aburuz, jario haiek nazkagarriak izanda ere, ez ziren inori kalte egiteko modukoak. Baina auzo haietako biztanleek berehala mehatxu egin zuten alde egingo zutela, izurriteak zerutik erasoko ziela sinetsirik, eta kea beste alde batera zuzendu beharrean izan ziren kanalizazio sistema konplikatu baten bidez, biztanleak lasaituta geratu zirelarik. Haize handia egiten zuenean bakarrik, ekialdetik zetorren urrin ahulak gogorarazten zien ordena berri baten barnean zeudela, eta izurriaren garrek bere zerga irensten zutela gauero.

        Haiek izan ziren epidemiaren ondorio larrienak. Baina zorionez ez zuen gerora gorantz egin, zeren pentsa baitaiteke gure bulegoetako argitasuna, prefekturako xedapenak, hala nola labearen irensteko ahalmena agian gainditurik geratu izango zirela. Rieuxek bazekien orduan ezinbestezko soluzioak hartuko zituztela kontuan, gorpuak itsasora botatzea esate baterako, eta erraz imajina zezakeen haien apar likatsu itzela ur urdinaren gainean. Bazekien ere estatistikek goraka jarraitzen bazuten, ez zegoela antolakuntzarik, onena izanda ere, horri eutsiko liokeenik, gizonak pilaran hilko zirela, kaleetan ustelduko, prefekturaz gain, eta hiriak han ikusiko zituela hilzorian zeudenak bizidunei helduz plaza publikoetan, bidezko gorrotoa eta itxaropen tentela elkar nahastuz.

        Era honetako ebidentzia edo susmoak ziren, edozein aldetara, gure hiritarrengan erbesteratzearen eta bereiztearen sentipena mantentzen zutenak. Horri dagokionez, narratzaileak badaki, ongi jakin ere, lastima dela benetan ikusgarria izan daitekeen zer edo zer hemen eskaini ahal ez izatea, heroi adoretsuren bat esaterako, edota ekintza ederren bat, eleberri zaharretan bilatzen ditugunen antzerakoak. Ez baitago errauspena baino ikusgarritasun gutxiago duen gauzarik eta, iraupenarengatik ere, ezbehar handiak monotonoak izan ohi direlarik. Garaile irten izan direnen gogoan, izurritearen egun ikaragarriak ez dira sugar itzel eta krudelen moduan agertzen, baizik eta pasatzerakoan dena zanpatzen duen amaierarik gabeko ostikatzea bezala.

        Ez, ez zuen izurriteak zer ikusirik epidemiaren hasieran Rieux doktoreari jazarri zioten irudi handios eta asaldagarriekin. Administrazio zuhurra eta zehatza zen lehenik eta behin, ongi lan egiten zuena. Horregatik, esan dezagun parentesi artean, inorekin eta bere buruarekin ere makur ez jokatzeko, azaldu duela narratzaileak objektibotasunerako joera. Ez du arteaz baliatuz ia ezer ere aldatu nahi izan, kontakizunari nolabaiteko lotura emateak eskatzen dituen funtsezko elementuei dagokienean salbu. Objektibotasun horrek berak behartzen du orain esatera garai hartako sufrimendu handia, nahiz orokorrena hala nola sakonena, bereizkuntzarena baldin bazen, eta egiaren izenean izurritearen egoera horren azalpen berri bat eskaintzea derrigorrezkoa baldin bada, egia da ere sufrimendu hark bere erdiragarritasuna galtzen ari zela.

        Gure hiritarrak, bereizita egoteagatik gehien sufritu zutenak behintzat, ohitu ote ziren egoera hartara? Ez litzateke erabat zuzena horrelakorik baiestea. Zehatzagoa litzateke nahiz moralki nahiz psikikoki haragi galtzeaz sufritzen zutela esatea. Izurritearen lehenengo egunetan oso ongi gogoratzen ziren galdutako izakiaz eta haren min ziren. Baina maite zutenaren aurpegiaz, haren barreaz, bat-batean zoriontsu izan zirela aitortzen zuten egun hartaz argi eta garbi gogoratzen baziren ere, zail egiten zitzaien gogoratzen ari ziren ordu berean eta handik aurrera hain urruneko lurretan bestea zertan ari ote zen irudikatzea. Azken finean, momentu hartan bazuten oroimena, baina ez nahiko irudimena. Izurritearen bigarren estadioan, oroimena ere galdu zuten. Kontua ez da aurpegia ahaztu izatea, baina bai azken batean gauza bera dena, hots, aurpegi horrek haragia galdu zuen, ez zuten beren barne erraietan sumatzen. Eta, lehenengo astetan, bere amodiotan itzalak baino gauza gehiago ez izateagatik kexatzeko joera azaltzearekin batera, konturatu ziren ondorioz itzal horiek oraindik ere haragi gehiago gal zezaketela, oroitzapenak ekartzen zizkien kolore ñabarrenak ere galtzeraino. Bereiztearen denboraldi luze haren amaieran, ez ziren gai elkarren artean egondako mamitasuna irudikatzeko, eta ezta nola bizi izan zitekeen edozein momentutan eskuz uki zezakeen izaki haren ondoan.

        Ikuspegi honetatik, izurriaren ordenan bertan sartuak ziren, zenbat eta eraginkorragoa zena hainbat eta erdipurdikoagoa zen neurrian. Jadanik inork ez zuen, geure artean, sentimendu handirik. Baina mundu guztiak nabaritzen zituen sentimendu monotonoak. «Bada garaia hau bukatzeko», zioten gure hiritarrek, zeren errauspen alditan normala izaten baita sufrimendu orokorrak bukatzeko desioa, eta azken batean, guzti hori bukatzea desio dute. Baina hori dena hasierako suhartasun edo sentimendu mingotsik gabe esaten zuten, eta oraindik argi geneuzkan arrazoiekin soilik, eta pobreak zirelarik. Lehenengo astetako ekimen zapuztiaren ondotik etsipentzat oker hartu izan zitekeen erorialdia etorri zen, baina behin-behineko baietz moduko bat besterik ez zena.

        Gure hiritarrek pausoari heldu zioten, neurriari egokitu zitzaizkion, esan ohi den bezala, beste biderik ez zegoelako. Oraindik ere bazuten, noski, dohakabearen eta sufritzen duenaren jarrera, baina ez zuten jadanik haren ziztada sumatzen. Nolanahi ere, Rieux doktoreak, esate baterako, hain zuzen horixe zela dohakabetasuna pentsatzen zuen, eta etsipenarekin ohitzea etsipena baino okerragoa zela. Aurreragotik, bereizitakoak ez ziren benetan dohakabe, bazegoen haien sufrimenduan dagoeneko itzaltzen ari zen argitasuna. Oraingoan han ibiltzen ziren kale bazterretan, kafetan edo lagunen etxetan, lasai eta distraiturik, eta halako begirada gogaikarriz ezen, haientzat, hiri osoak geltokiko itxarongela baten antza izango baitzuen. Lanbiderik bazutenek, izurriaren modura betetzen zuten, zehatz eta soinurik atera gabe. Mundu guztia apala zen. Lehenengo aldia zen bereizitakoek ez zegoenari buruz hitz egiteko, denen mintzaira erabiltzeko, beren bereiztea estatistiken alderdi berdinetik aztertzeko nazkarik azaltzen ez zutena. Ordura arte, beren sufrimendua zorigaitz kolektibotik zakarki at utzi baldin bazuten ere, onartzen zuten oraingoan nahasketa. Oroimenik eta itxaropenik gabe, orain aldian kokatu ziren. Egia esateko, dena bilakatu zitzaien orainaldi. Argi eta garbi esan behar da, izurriak guztiei kendu ziela maitatzearen ahalmena eta baita adiskidetasunarena ere. Zeren amodioak etorkizun pixka bat eskatzen baitu, eta jadanik ez zegoen horrelakorik guretzat.

        Jakina, guzti horretatik ezer ez zen erabatekoa. Ezen bereizitako guztiak egoera honetara heldu zirela egia baldin bada, bidezkoa da esatea ere ez zirela denak batera heldu eta, behin jarrera berri honetan kokatu ondoren, izan zirela tximistak, bat-bateko buru argitasunak eragindako itzulaldiak, jasaileak sentikortasun gazteago eta mingarriago batera eraman zituztenak. Distrakzio momentuak behar zituzten zeinetan izurriaren bukaera jasotzen zuen proiekturen bat osatzen zuten. Funtsik gabe, eta nolabaiteko graziari esker, errudunik gabeko jeloskeriaren horzkada sumatu beharra zuten. Baziren batzuk bat-batean berpizten zirenak, beren lozorrotik astearen egun jakinetan esnatuz, igandetan noski eta baita larunbat arratsaldetan ere, egun haiek kanpoan zegoenaren garaitan errito jakin batzuei eskainiak baitziren. Edota egunaren bukaeran hartzen zituen nolabaiteko malenkoniak ohartarazten zien, beti hala gertatzen ez bazen ere, gogoramena berriz ere bereganatuko zutela. Gaualdeko ordu hori, kristauentzat barrengo aztertzearena izan ohi dena, ordu gogorra izaten da aztertzeko hutsa besterik ez duen preso edo erbesteratuarentzat. Zintzilika edukitzen zituen une batez, eta ondoren ahulezian erortzen ziren berriz ere, izurripean sartzen ziren.

        Ulertu dugu dagoeneko haiek barnekoientzat zutenari uko egitean zetzala hori. Izurritearen lehenengo egunetan, beraientzat esan-nahi handia zuten gauza txikien baturagatik hunkitzen baziren ere, besteenganako inolako existentziarik azaldu gabe eta, honela, bizimodu profesionalaren saioa eginez, oraingoan, aitzitik, besteak arduratzen ziren gauzez baino ez ziren arduratzen haiek ere, xede orokorrik baino ez zuten jadanik eta beren amodioak berak irudirik abstraktuena zuen haientzako. Hain zeuden izurriaren pean uzkurturik, ezen inoiz lotan bakarrik itxarotera eta ustekabez zera pentsatzera heltzen baitziren: «Buboiak, eta amaitu dadila behingoz!». Baina benetan lotan zeuden ordurako, eta denboraldi hura loaldi luze bat besterik ez zen izan. Hiri osoa iratzarritako lotiz beteta zegoen, zeintzuek, gauez, itxuraz itxitako zauria brastakoan zabaltzen zitzaien egun bakanetan baino ez baitzuten benetan bere zoriarengandik ihes egiten. Eta tupustean esnaturik, oharkabean bezala, ezpain erreak haztatzen zituzten, distira batean bat-batean berritutako sufrimendua aurkituz, eta, harekin batera, bere maitearen sumindurazko aurpegia. Goizean, errauspenera bueltatzen ziren berriz ere, egunerokotasunera alegia.

        Baina, galdetuko duzue, noren anua ote zuten bereizitako haiek? Ba, tira, erraza da hori, ez zuten inoren antzik. Edo, nahi izanez gero, mundu guztiaren antza zuten, antza guztiz orokorra. Hiriaren lasaitasun eta asaldura umekoietan parte hartzen zuten. Zentzu kritikoaren itxurak galdu zituzten, zinez odol hotzekoen itxura bereganatuz. Ikus zitekeen, esate baterako, nola haien arteko burutsuenek, mundu guztiaren antzera, egunkaritan, edota irrati saiotan, izurritearen bukaera azkarrean sinesteko arrazoiak bilatzen ariko baliratekeen plantak azaltzen zituzten, eta ametsezko itxaropenak itxuraz onartu, edota funtsik gabeko kezkak nozitu, kazetariren batek, asperturik aho zabalka, nola hala idatzitako burutazioak irakurtzerakoan. Bestela ere, zerbeza edaten zuten edota beren gaixoak zaindu, alferkerian ibili edo nekatu egiten ziren, fitxak klasifikatzen zituzten edo diskoak itzularazten zituzten bata bestearengandik ezertan berezi gabe. Beste modu batera esanda, ez zuten dagoeneko aukeratzen. Izurriteak ezabatuak zituen balioztapenak. Eta janzkien edo erositako janarien kalitateaz inor ez arduratzeak argi eta garbi adierazten zuen hori. Sailean onartzen zuten guztia.

        Amaitzeko esan daiteke bereizitakoek jadanik ez zutela hasiera batean babesten zituen abantaila bitxi hura. Amodioaren berekoikeria galdua zuten, eta horretatik sortzen den onura. Artean, egoera argi eta garbi zegoen behintzat, errauspena mundu guztiari zegokion. Guztiok hiriko ateetan durunditzen zuten tiro-hotsen erdian, gure bizitza edo gure heriotzak azpimarratzen zituzten tanpoi kolpeen erdian, sute eta fitxen, izuaren eta formalitateen erdian, heriotza laidogarri baina erregistratu batera agindurik, ke beldurgarri eta anbulantzien sirena-hots lasaien artean, erbesteratze ogi bereaz elikatzen ginen, jakin gabe elkartze eta bake asaldagarri beraren esperoan. Zalantzarik gabe han zegoen betiere gure amodioa, baina, besterik gabe, erabili ezina zen, eramateko astuna, bizirik gabe guregan egonik, antzua erailketa edo kondenazioaren modura. Etorkizunik gabeko pazientzia eta itxaropen setatsua besterik ez zen. Eta ikuspegi honetatik gure hainbat hiritarren jarrerak hiriko lau bazterretan, janari denden aurrean sortzen ziren errenkada luze haiek gogorarazten zituen. Etsipen bera eta luzera bera zen, neurri gabea eta ilusiorik gabea aldi berean. Sentimen hori eskala mila aldiz handiago batera handitu besterik ez litzateke behar bereizketari zegokionean, bestelako gosea baitzen kontua orduan eta dena irentsi zezakeen.

        Edozein aldetara, gure hiriko bereiziak zein izpiritu egoeratan zeuden zuzen jakin nahi izanez gero, gogora ekarri beharko genituzke berriz ere betiereko gaualde horizta eta hautsez betetakoak, arbolarik gabeko hiri gainean sortzen zirenak, gizonak eta emakumeak kale guztietan zehar barreiatzen ziren artean. Zeren, gauza bitxia bada ere, oraingoan, hiri guztien mintzaira osatzen duten makina eta ibilgailu zarata ezean, oraindik ere eguzkiak jotzen zien terrazetara igotzen zen pauso eta ahots lausoen zurrumurru handia baino ez zen, errauspen txistuaren erritmopeko milaka zolen errenkada mingarria zeru astunaren pean, etengabeko oinkatu itogarria azken batean, pixkanaka-pixkanaka hiri osoa betetzen zuena eta, arratsaldea joan arratsaldea etorri, gure bihotzetan amodioaren lekua betetzen zuen egoskorkeria itsuari ahotsik aproposena eta goibelena jartzen ziona.

 

 

© Albert Camus

© itzulpenarena: Imanol Tapia

 

 

"Albert Camus / Izurria" orrialde nagusia