II KAPITULUA
Handik aurrera, izurria guztion arazoa izan zela esan daiteke. Ordura arte, gertaera bitxiek ustekabea eta kezka eragin bazuten ere, gure hiritar bakoitzak bere zereginetan jarraitu zuen, ahal zuen modura, ohiko lekuan. Eta, ezbairik gabe, gauzak horrela jarraituko zuten. Baina ateak itxi ziren orduko, guztiak konturatu ziren, baita kontalari hau bera ere, zaku berean sartuta zirela eta nola edo hala aurrera egin beharko zutela. Hala gertatu zen, esaterako, hain norberarena den maitatzen dugun pertsonarengandik bereizita egotearen sentimendua herri guztiaz jabetu izatea lehenengo astetatik aurrera, eta, beldurrarekin batera, erbesteratze luze honen pairamen nagusia bilakatzea.
Hala, horretarako prestaturik ez zeuden izakien bat-bateko bereiztea izan zen ateak ixtearen ondoriorik nagusiena. Amak eta haurrak, ezkon senideak, egun batzuk lehenago ustez denboraldi baterako bereiztea erabaki zuten maitaleak, gure geltokiaren andenetan bizpahiru artamendu eskuan zutela elkar besarkatu zutenak, handik egun edo aste batzuetara berriz ere elkar ikusiko zutelakoan, giza konfiantza ergelean murgildurik, beren ohiko eginkizunetatik joate hauengatik apenas kezkatu gabe, han ikusi zituzten euren buruak bat-batean urrundurik baliabiderik gabe, biltzeko edo komunikatzeko eragotzirik. Zeren prefekturaren agindua argitara azaldu baino ordu batzuk lehenago jarri baitzuten indarrean, jakina, ezinezkoa izanik kasu partikularrak kontuan hartzea. Eritasunaren tupusteko inbasioaren lehenengo eragina gure hiritarrak norbanako sentimendurik ez balute bezala jokatzera behartzea izan zela esan daiteke. Agindua indarrean jarri zen lehenengo ordutan, jende multzo handi bat gainera etorri zen prefekturara eskaka, bai telefonoz edota funtzionarioen aurrean, egoera guztiz interesgarriak, eta aldi berean, aztertu ezinak azaltzera. Egiaz, zenbait egun pasa behar izan zuten konponbiderik gabeko egoeran geundela jabe gintezen, eta «amore eman», «mesede», «salbuespen» bezalako hitzek zentzurik ez zutenaz konturatzeko.
Idaztearen atsegin xumea ere ukatu egin ziguten. Hala, alde batetik, hiria ez zegoen jadanik Lurraldeko beste herrialdeekin ohiko komunikabidez loturik eta, bestetik, agindu berri batek edozein eratako gutun trukatzea debekatu egin zuen, kartak infekzio bide bilakatzea eragotzi asmoz. Hasieran, hainbat zorioneko jarri ziren harremanetan, hiriko ateetan, guardia postuko zentinelen bidez, hauek mezuak kanpoaldera pasatzeari amore eman ziotelarik. Epidemiaren lehenengo egunetan gertatu zen hau, guardiek gupidaz jokatzea bidezkoa zela uste zutenean. Baina, denbora aurrera joan ahala, guardiak berak egoeraren larriaz jabetu zirenean, ukatu egin ziren erantzukizuna bere gain hartzera, ondorioak zenbaterainokoak izan zitezkeen ezin baitzuten neurtu. Hiriarteko telefonozko komunikazioak, hasieran baimenduak, debekatu egin zituzten hainbat egun pasa ondoren, halakoa izan baitzen izan ere kabina publikoetan eta lineatan sortutako nahaspila, eta zorrozki mugatuak ondoren larrialdietarako, hots, heriotza, jaiotza eta ezkontzetarako. Telegramak izan ziren handik aurrera gure baliabide bakarrak. Adimenez, bihotzez eta haragiz elkartutako izakiak, komunikazio zahar honen adierazpenak hamar hitzetako igorpen baten maiuskulatan bilatzera mugatuak izan ziren. Eta, berez, telegrama batean erabil daitezkeen formulak laster agortzen direnez gero, azkar laburtzen ziren elkarrekin emandako bizi luzeak edo pairamen grinatsuak aldizkako formula aldaketaz, esate baterako: «Ondo nago. Zuregan pentsatzen. Laztana.»
Gure arteko zenbaitzuk, hala ere, idazten tematzen ziren eta etengabe, kanpoaldearekin komunikatu asmoz, pentsatzen aritzen ziren beti ameskeria hutsa bihurtzen ziren bidaltzeko moduetan. Nahiz eta pentsatutako moduren batek emaitzarik lortzen bazuen ere, deus ez genekien, ez genuen erantzunik jasotzen eta. Asteak eta asteak pasa, idazki bera behin eta berriz hastera behartuak egon ginen, ohar berak behin eta berriz kopiatzera, nahiz eta, denboraren poderioz, gure bihotzetatik odol mintzoaz irtendako hitzek zentzua galtzen bazuten ere. Berriz kopiatzen genituen orduan oharkabean, esaldi hil haien arrunkeriari gure bizimodu zailaren adierazgarriak kutsatu nahirik. Eta azkenerako, bakarrizketa antzu eta setatia, horma batekin egindako elkarrizketa idor hura baino egokiagoa iruditzen zitzaigun telegramaren bidezko mezu arrunta.
Egun batzuk pasa ondoren, bestalde, gure hiritik irtetea inork ez zuela lortuko argi eta garbi geratu zenean, epidemiarekin batera joandakoak itzultzeko baimenik izango ote zuten galdetzeko ideia bururatu zitzaien.
Zenbait egun pentsatzen jardun ondoren, prefekturak baiezkoa eman zuen. Baina zehaztu ere zehaztu zuen, inola ere ezingo zirela hiritik berriz irten, eta etortzeko askatasuna baldin bazuten ere, ez zirela berriz joateko libre izango. Orduan, hainbat familiek, gutxi baziren ere, arinki hartu zuten egoera, eta zuhurtasunaren aurretik senidekoak berriz ikusteko gogoaz harturik, okasioa aprobetxatzera gonbidatu zituzten haiek. Baina laster konturatu ziren izurritearen eskutan zeudenak zenbaterainoko arriskuan jarriko zituzten beren ahaide hurkoak eta urrun egoteari etsi zioten. Eritasunaren unerik larrienean, kasu bat besterik ez zen izan, zeinetan giza sentimena oinazezko heriotzaren beldurra baino kementsuagoa izan baitzen. Ez ziren izan, pentsa daitekeen bezala, maitasunez bata bestearengana bultzatutako amoranteak, sufrimenduaren gainetik. Castel doktorea eta bere emaztea izan ziren, urte asko ezkonduta zeramatenak. Mme Castel, epidemia sortu baino egun batzuk lehenago, inguruko herri batera joana zen. Ez ziren munduan zorion paregabeko baten eredu izan zitezkeen ezkontide horietakoak eta narratzaileak esan dezake, zalantza handirik gabe, senar-emazte haiek, ordura arte, ez zebiltzala beren elkartasunarekin atseginez egotearen ziurtasunez. Baina bat-bateko banatze luze hartan bata bestearengandik urrun bizitzeko gauza ez zirela, eta behingoan eguneratutako egia haren aurrean, izurria huskeria bat besterik ez zenaz ziurtasunez jabetzeko punturaino heldu ziren.
Salbuespen bat zen hura. Kasurik gehienetan, bereizketa, argi zegoen bezala, epidemiarekin batera bukatuko zen. Eta guretzat, gure bizimodua bideratzen zuen sentipenak eta, beraz, ustez ondo ezagutzen genuenak (Orandarrek, lehen ere esan dugu, grina soilak izan ohi dituzte), itxura berria izan zuen. Senar eta maitaleek, beren kideengan konfiantza osoa zutenak, jeloskor ageri ziren. Amodio kontuan bere burua arintzat zuren gizonek iraunkortasuna aurkitu zuten. Amaren ondoan apenas begirakunerik zuzendu gabe bizitako semeek, beren kezka eta malenkonia aitortzen zuten haren oroitzapena burura ekartzen zion norberaren aurpegiko zimurdura batean. Bereizte zakar hark, bazterkinik gabeak, aldez aurretik etorkizunik ageri ez zuenak, nahaspildurik utzi gintuen, orain gure egunak betetzen zituen egonaldi honen oroitzapen oraindik hain hurbila eta jadanik hain urrunaren aurrean jarraitzeko gauza ez ginela. Berez, bi aldiz sufritzen genuen geure sufrimenduarengatik hasteko, eta aldenduenengan, seme, senar edo maitaleengan sumatzen genuenarengatik.
Bestelako egoera batean, nolanahi ere, gure hiritarrek bilatuko zuten irtenbideren bat etxetik kanpora eta bizimodu ganoratsuagoa eginez. Baina, aldi berean, izurriak nagikeriara bultzatzen zituen, bere hiri goibelean bueltaka ibiltzera mugaturik eta, egunak joan egunak etorri, oroitzapenen jolas etsipengarrietara bultzaturik. Zeren, beren helmugarik gabeko paseoalditan, beti bide berdinetatik pasatzera beharturik egoten baitziren, eta, gehienetan, horrelako hiri txiki batean, bide hauek beste garai batean kanpoan zegoenarekin egindakoak izaten ziren hain zuzen ere.
Hala, erbesteratzea izan zen izurriteak hiritarroi ekarri zigun lehenengo gauza. Eta narratzailea gogatua dago, orduan berak sentitzen zuenari buruz guztion izenean ere idatz dezakeela hemen, gure hiritarrekin batera sentitu baitzuen honek ere. Bai, zinez erbesteratzearen sentimena zen gure barnean etengabe generaman hutsune hura, hunkipen zehatza, atzera egiteko edo, aitzitik, denboraren ibilera azkartzeko desio arrazoigabea, oroimenaren gezi kiskalgarriak berauek. Baldin gure irudimenari, inoiz, ateak zabaltzen bagenizkion eta atseginez espero itzulerako tinbre hotsa edo etxekoaren pausoa eskaileratan, baldin, une haietan, trenak geldirik zeudela ahaztea onartzen bagenuen, baldin bidaiariren bat gaueko expresoan auzora normalean helduko zen orduan egoteko moldatzen baginen ere, bagenekien, zinez jakin ere, jolas haiek ezin zutela luzaroan iraun. Beti heltzen zen momentu bat, non argi eta garbi sumatzen baikenuen trenak ez zirela etorriko. Gure arteko bereiztea luzarorako zela jabetzen ginen orduan eta garai haietan nola hala konpontzen saiatu beharko genuela. Handik aurrera, preso geundela konturatzen ginen, iraganera mugatuak, eta gure arteko norbaitzuk etorkizunean bizitzeko tentaldian erortzen baziren, laster emango zuten amore, ahal zuten neurrian behintzat, azkenean irudimenean konfiantza egindakoek jasaten dituzten zaurien pairamenaz.
Gure hiritarrek, batik bat, laster utzi zuten alde batera, nahiz jende aurrean ere, beren bereiztearen iraupena kalkulatzeko hartu izan zezaketen ohitura. Zergatik? Zeren, ezkorrenek, esate baterako, sei hilabetetan iraungo zuela pentsatzen zutenean, aldez aurretik etortzear zeuden hilabete horien samintasun guztia agortu, euren kemena neurketa honen mailaraino ahalegin handiz bultzatu, azken indarrak halako egun segida amaigabean luzatutako sufrimenduaren mailari ahulduran erori gabe eutsi ziotenean, orduan, agian, bidean topo egindako lagun batek, egunkariren batek azaldutako berriak, uste iheskor edo bat-bateko susmo batek, erakutsiko baitzion honenbestez ez zegoela arrazoirik eritasunak sei hilabetetik gora ez irauteko, edo urtebete agian, edo baita gehiago ere.
Momentu hartan, beren adoreak, beren borondate eta pazientziak halako brastakoan egiten zuen behera, ezen bai baitziruditen inoiz ez zirela berriro zulo hartatik aterako. Behartuta egon ziren horren ondorioz beren askatasunezko hitzean inoiz ez pentsatzera, etorkizunari gehiago begira ez egotera eta betirako, behera begira egotera, nolabait esateko. Baina, jakina, zuhurtasun hark, oinazearekin maltzurki jokatze hark, borroka baztertzeko guardia ixteak, ordain makala zuen, inola ere desio ez zuten jauztetik ihes egitearekin batera, gerora etorriko zen elkartzearen irudietan izurria ahaztu zezaketen momentuak, nolanahi ere maiz sortzen zitzaizkienak, baztertu egiten zituzten. Eta horrela, sakon eta gailur hauen erdibidean kateaturik, han zirauten zabuka bizi ordez, nora jo ezeko egunetara eta oroitzapen antzuetara emanak, beren oinazearen lurretan sustraitzea onartuz baizik indartuko ez ziren noraezeko itzalen modura.
Hala, preso eta erbesteratu guztien oinaze sakonaz sufritzen zuten, hots, ezertarako balio ez duen oroitzapenarekin bizitzearen oinazeaz. Bakar minaren kutsua baino ez zuen etengabean gogoan zuten iraganak. Hala, nahi izango zuketen espero zuten emakume edo gizonarekin egiteko aukera izan zutenean egin ez izateaz damutzen ziren guztia gehitzea; era berean, beren presoaren bizimoduko gorabehera guztiei, nahiz nolabait atseginak zirenei ere, kanpoan zegoena nahasten zien, eta ezin zuten oraingoan zirenarekin nahia bete. Beren orainaldian urduri, iraganaren aurka eta etorkizunik gabe, justiziak edo gizonen gorrotoak barroteen atzean bizitzera bultzatzen dituenen antza genuen zinez. Amaitzeko, oporraldi jasangaitz haietatik ihesi joateko modurik bakarra irudimenean trenak berriro martxan jartzea zen eta orduak bete egoskorki isiltasunean ziharduen tinbre baten hots errepikatuekin.
Baina hura erbesteratzea baldin bazen ere, gehienetan norberaren etxe barneko erbesteratzea zen. Eta narratzaileak erbesteratze hori mundu guztiak bezala ezagutu baldin badu ere, ezin ditu zenbaitzuk ahaztu, Rambert kazetaria edo beste hainbat esaterako. Hauentzat bereiztearen atsekabeak are handiagoak ziren, zeren, izurriteak ustekabez harrapatu eta hirian egotera beharturik egonik, aldi berean ikusi ezin zuten izakiarengandik eta, horrekin batera, berea zuten herrialdetik ere urrundurik baitzeuden. Erbesteratze orokorraren barnean, haiek ziren erbesteratuenak, zeren denborak, guztioi bezala, berari dagokion bihotz estura eragiten baldin bazien, espazioak ere lotu egiten baitzituen, eta tupust egiten zuten aldioro beren aberri galdua eta izurripean eroritako beren babeslekua elkarrengandik bereizten zituen hormen kontra. Dudarik gabe, haiek ziren hautsez betetako hirian barrena egunaren edozein ordutan noraezean ikusten genituenak, beraiek bakarrik ezagutzen zituzten gauak eta beren herriko goizaldeak isiltasunean gogoratuz. Beren gaitza zeinu ulergaitzez eta mezu nahasgarriz elikatzen zuten orduan, esate baterako, enaren hegaldiez, ilunabarreko arrosa koloreez, edo eguzkiak lantzean behin kale bakartietan abandonatzen zituen errainu bitxiez. Edozertatik salba gaitzakeen kanpoko mundua, begiak ixten zituzten haren aurrean, liluratuegiak baitzeuden ameskeria benetako egiez gozatzen eta indar guztiekin ordezkaezinak zitzaizkien lurralde edo argi jakin batek, bi edo hiru mendixkek, arbola gogokoen edo emakumeen aurpegien irudiek osatzen zuten giroaren atzetik.
Azken batean maitaleei buruz zehazkiago arduratzearren, izan ere, hauek baitira interesgarrienak eta narratzailea ere agian gai horretan jantziago baitago, bestelako nahigabeez mindurik zeuden, hauen artean aladurak aipatu behar direlarik. Hala, egoera hark beren sentimenduak nolabaiteko objektibotasun sutsuaz kontsideratzeko aukera ematen zien. Eta gauza bitxia izango zen okasio haietan berezko akatsak argi eta garbi ez azaltzea. Lehenengo okasioa kanpoan zegoenaren keinu eta eginkizunak irudikatzerakoan sumatzen zuten zailtasunean bilatzen zuten. Damutu egiten ziren orduan beren denbora zertan erabilia zuten ez jakiteagatik; beren buruei egozten zieten errua horretaz jabetzeko orduan halako arintasunez jokatu izanagatik eta, maitatzen duen izaki batentzat, maitatuaren denboraren erabilpena zorion guztien iturri ez dela itxurak egiten zituzten. Handik aurrera, erraza zitzaien beren maitasunean gora egitea eta akatsak aztertzea. Ohiko garaietan, guztiok jakin ohi dugun gauza da, nahiz kontzienteki ala ez, gainditu ezineko amodiorik ez dagoela eta onartzen dugu, lasaitasun gutxiago edo gehiagorekin, gurea erdipurdikoa izatea. Baina oroitzapena zorrotzagoa da. Eta, ondorio zuzenaz, kanpotik zetorkigun zoritxarrak, hiri osoaren gain eragina zuenak, ez zigun bidegabeko sufrimendua soilik ekarri, zeinen aurrean geure sumindura azalduko baikenuen. Geure buruaz sufritzera ere bultzatu gintuen eta, hala, oinazea onartzera eragin. Huraxe zen gaixokeriak arreta desbideratzeko eta kartak nahasteko zuen moduetako bat.
Hala, bakoitzak eguna egunean bizitzea onartu behar izan zuen, eta bakarrik, zeruaren aurrez aurre. Epe luzera izaerak gozatu ahal izango zituen axolagabekeriak, kaskartu egin zituen halere lehendabizi. Gure hainbat hiritarrei zegokienez, esaterako, bestelako gatibutza baten pean erori ziren, eguzkiaren eta euriaren zerbitzura jarriz. Haiek ikusterakoan, bazirudien lehenengo aldiz jasotzen zutela, eta zuzenean, eguraldiaren berri. Itxura alaia ageri zuten argi horizta ikuste hutsarekin, aldiz egun euritsuek lauso trinko batez estaltzen zituelarik beren aurpegi eta pentsamenduak. Ihes egiten zuten, handik aste batzuetara, ahuleziatik eta arrazoiaren kontrako zerbitzupetik, munduaren aurrean bakarrik ez zeudelako eta, neurri batean, haiekin bizi zen izakia beren unibertsoaren aurrean kokatzen zelako. Handik aurrera, berriz, zeruaren nahikerien eskutan geratu ziren antza, hau da, arrazoirik gabe pairatu eta itxoiten geratu.
Bakartasunaren muga hauetan, azken batean, ezin zuen inork auzokoarengandik laguntzarik espero eta han geratzen zen bakoitza bakarrik bere kezka barruan zuela. Gutako norbaitek, ausaz, zerbait adierazten edo bere sentimenduei buruz zerbait esaten saiatzen baldin bazen, jasotzen zuen erantzun dena delakoak zauritu egingo zion gehienetan. Konturatzen zen orduan berak eta solaskideak ez zirela gauza berari buruz ari. Hala, bata pairamen eta hausnartze egun luzeen hondotik mintzo zen eta azaldu nahi zuen irudia itxaronaldiaren eta grinaren sutan luzaro egona zen egosten. Besteak, aldiz, ohiko hunkipen bat irudikatzen zuen, merkatutan saltzen den oinazea, serieko goibeltasuna. Onginahia edo zakarra, erantzunak ihesbide kutsua zuen beti, amore eman beharra zegoen. Edo gutxienez, isiltasuna jasanezina suertatzen zitzaien haiek, besteek bihotzaren benetako hizkuntza bilatu ezin zutela ikusirik, azoketako mintzairari heltzen zioten eta, beraiek ere, ohiko moduan hitz egiten zuten, harreman soilaren eta gertaera desberdinei buruz alegia, eguneroko kronikari buruz nolabait esateko. Orduan, oinaze egiazkoenak elkarrizketaren formula hutsaletara itzultzeko ohitura hartu zuten. Prezio honetan soilik lot zezaketen izurritearen presoek beren atezainarengandik gupida edo entzuleen aldetik arreta.
Dena dela, eta honek du garrantzirik handiena, bihotzeko estura hauek mingarriak baziren ere, bihotza hutsik eramatea astuna bazen ere, erbesteratu haiek, izurritearen lehenengo aldian, pribilegiatuak izan zirela esan genezake. Hala, biztanleria zoratzen hasi zen une beretik, haien pentsamendu osoa espero zuten izakiarengana zuzendua zuten. Larrialdi orokorraren erdian, amodioaren berekoikeriak babesten zituen, eta izurritea gogora etortzen bazitzaien, beren arteko bereizketa betirako izateko arriskuan zegoen neurrian izango zen beti. Distrakzio osasungarria ere ekartzen zuten epidemiaren bihotz-bihotzera, odol hotzaren adierazgarri hartzeko joera egon zitekeelarik. Etsimenak salbatu zituen izutzetik, beren zoritxarrak bazuen zerbait ona. Esate baterako, gaixokeriak haietako bat harrapatuz gero, ia beti horretaz arduratzeko denborarik izan gabe gertatuko zen. Bere itzalarekin izan ohi zuen elkarrizketa luzetik ateraz, iraganaldirik gabe jaurtikia izan ohi zen lurraren isiltasun trinkoenera. Ezertarako denborarik ez zuen izan.
Gure hiritarrak bat-bateko erbesteratze hartan moldatzen saiatzen ziren bitartean, izurriteak guardiak jartzen zituen ateetan eta atzera bidaltzen Oraneko bidea egiten zuten itsasontziak. Itxi ondoren, ibilgailu bat bera ere ez zen sartu hiri barnera. Egun harrez geroztik, bazirudien autoak bueltaka zihardutela. Portuak ere itxura bitxia ageri zuen, boulevardetatik so egiten ziotenen begientzat. Kostaldeko lehenengotako portua izatera bultzatzen zuen ohiko bizitasuna brastakoan itzali zen. Berrogeialdian mantendutako hainbat ontzi ikus zitezkeen oraindik ere. Baina, kaietan, garabia itzel desarmatuek, alde batera iraulitako bagoiek, upel edo zaku pilak han eta hemen, izurriteak merkataritza bera ere akabatu zuela adierazten zuten.
Ezohiko ikuskizun hauek ikusita ere, kosta egiten zitzaien antza gure hiritarrei gertatutakoaz jabetzea. Baten baten sentimendurik, bereizketa edo beldurra esate baterako, baina norberaren kezkak aurrean jartzeko joerarekin jarraitzen zuten. Inork ez zuen oraindik benetan onartu eritasuna. Batik bat beren azturak nahastu edo beren interesen kaltetan zetorrenaren aurrean ageri ziren sentiberak gehientsuenak. Unaturik edo sumindurik zebiltzan eta ez dira hauek izurriteari aurka egiteko sentimenduak. Beren lehenengo jokaera, esate baterako, administrazioa salatzea izan zen. Prentsak jasotako kritika haien aurrean («Ezin al daitezke hartutako neurriak nolabait leuntzen joan?»), prefetaren erantzuna nahiko harrigarria izan zen. Ordura arte, ez egunkariek eta ez Randsoc agentziak ere, ez zuten eritasunen estatistiken berri ofizialik jaso. Prefetak, egunez egun, horren berri eman zion agentziari, astean behin iragarpen bat egin zezala erregutuz.
Orduan ere, dena dela, publikoak ez zuen berehalakoan erantzun. Hala, hirugarren astean izurriteak hirurehun eta bi hildako sortu zituela iragarpenak ez zion irudimenari deus esaten. Alde batetik, litekeena zen denak izurriteaz hil ez izatea. Eta, bestetik, inork ez zekien hirian, ohiko garaietan, zenbat jende hiltzen zen astero. Hiriak berrehun mila biztanle zituen. Ez zekiten heriotza-proportzio hura normala ote zen ala ez. Inoiz inor arduratzen ez den xehetasunak izan ohi dira, nahiz eta horren interesa argi badago ere. Edozein aldetara, konparatzeko puntuak falta zitzaizkion publikoari. Epe luzera baino, heriotzak goraka zihoazela konturatu arte, ez zen egiaz iritzi publikoa horretaz jabetu. Hala, bosgarren astean hirurehun eta hogeita bat hildako izan ziren eta seigarrenean, hirurehun eta berrogeita bost. Igoera, gutxienez, esanguratsua zen. Baina ez gure hiritarrei, beren kezka artean, zinez halabehar gogaikarri eta, edozer gauzen gainetik, aldi baterako bakarrik zelaren ustea burutik kentzeko bezain gogorra.
Hala, kaletan barrena eta kafeetako terrazatan eseriz jarraitzen zuten. Oro har, ez zeuden koldarturik, txantxetan gehiago jarduten zuten aieneka baino eta nabarmenki iragankorrak ziren eragozpenak umore onez onartzen zituztela plantak eginez ibiltzen ziren. Itxurak salbaturik zeuden. Hilabetearen bukaera aldera dena dela, eta aurrerago ukituko dugun otoitz astean gutxi gora behera, aldaketa larriagoak suertatu ziren, gure hiriaren itxura aldatu zutelarik. Hasieran bertan, ibilgailuen zirkulazioari eta horniketari zegozkien neurriak hartu zituen prefetak. Horniketa mugatuta geratu zen eta gasolina arrazionatuta. Elektrizitatean ere aurrezpenak xedatu zituen. Behar beharrezko produktuak soilik heldu ziren errepidez eta airez, Oranera. Hala ikusi genuen zirkulazioa aldiro-aldiro murrizten, ia hutsala izatera arte, luxuzko dendak egun batetik bestera ixten, beste batzuk beren erakustokietan ezezko pankartak ipintzen, erosleen errenkadak ateen aurrean sortzen ziren bitartean.
Oranek tankera berezia zuen oraingoan. Oinezkoak izugarri ugaritu ziren eta, nahiz ordu apaletan ere, dendak edo zenbait bulego imita egoteagatik geldotasunera bultzatutako jendetza ugariak betetzen zituen kaleak eta kafeak. Oraingoz ez ziren langabezian, baina bai lanetik aske.
Oranek, arratsaldeko hiruretan esate baterako, eta zeru ederraren pean, festetan bailegokeen itxura nahasia ageri zuen, manifestaldi publikoren bat ospatzeko zirkulazioa geldirik eta dendak itxita, eta biztanleak jaietan parte hartu asmoz kaletan barrena zebiltzalarik.
Zineek, noski, ondo asko aprobetxatu ziren solasaldi orokor haietaz eta bapo aberasten ari ziren. Baina filmek departamentu barnean osatzen zituzten zirkuituak eten egin ziren. Handik bi aste barru, programez trukatzera behartu zituzten aretoak eta, denbora aurrera joan ahala, zine guztiek pelikula bera botatzen zuten azkenerako. Sarrerek ez zuten hala ere behera egin.
Kafeek azkenik, ardo eta alkoholen salerosketa lehenengo mailan dagoen hiri bati dagokion modura, pilatuta egon ohi ziren stock handiei esker, klienteei ere zerbitzatu ahal izan zieten aldi berean. Asko edaten zen, egia esan behar bada. Kafe bateko kartel batek «ardo onak mikrobioak hiltzen ditu» azalduz geroztik, jadanik publikoak beregan zuen alkoholak eritasun infekziosoetatik babesten zuela ideia hura, are gehiago indartu zen ororen ustetan. Gauero, ordu biak aldera, kafeetatik bidalitako mozkor ugariek betetzen zituzten kaleak eta bertan botatzen zituzten euren esamesa baikorrak.
Baina aldaketa guzti hauek, alderdi batetik, hain ziren bitxiak eta hain azkar gertatu ziren, ezen ez baitzen erraza gauza arrunt eta iraunkortzat hartzea. Horren ondorioa zera izan zen, geure sentipenak lehenengo mailan izanik jarraitu genuela.
Ateak itxi eta handik bi egunetara, ospitaletik ateratzera zihoanean, Rieux doktoreak Cottardekin topo egin zuen, honek zorionaren aurpegia azaldu ziolarik. Rieuxek zorionak eman zizkion bere itxura bikainagatik.
— Bai, primeran doazkit gauzak —esan zion gizon txikiak—. Esadazu, doktore, izurrite santu hau, tira!, gauzak serio ari dira jartzen, gero. Doktoreak baietz aitortu zion. Eta besteak nolabaiteko pozkarioz egiaztatu zuen:
— Ez dago orain inolako arrazoirik hori geratzeko. Dena hankaz gora jarriko da.
Elkarrekin joan ziren tarte batean. Cottardek kontatu zion nola bere auzoko dendari batek pilatu zituen elikagaiak, ondoren askotzez garestiago saldu ahal izateko, eta nola kontserba poteak bilatu omen zizkioten ohe azpian, ospitalera eramatearren bila joan zitzaizkionean. «Hil egin da. Izurriak, horrexek ez du horratik pagatuko». Hala, Cottardek istorio pila zekizkien, egia edo gezurra zirenak, izurriari buruz. Esaten zuen, adibidez, erdi aldean, goiz batean, izurriak jotako tankera omen zuen gizon bat, eritasunaren zorabiotan, kanpora zuen omen zen ziztu bizian, aurrena ikusi zuen emakumearengana hurbildu eta besarkatu egin omen zuen izurriak hartuta zegoela deiadarka esanez.
— Beno! —adierazi zion Cottardek, esandakoarekin bat ez zetorren doinu atseginez—, erotuta bukatuko dugu denok, dudarik ez izan.
Aldi berean, egun hartan bertan, arratsaldez, Joseph Grandek Rieux doktoreari konfidentzia pertsonalak egiteari ekin zion. Mme. Rieuxen argazkia ikusia zuen honen bulegoan eta doktoreari so egin zion. Rieuxek erantzun zion bere emaztea osatzen ari zela hiritik kanpo. «Alde batetik —esan zion Grandek—, zortea izan du.» Doktoreak baietz erantzun zion, dudarik gabe zortea izan zuela eta espero zuen gaina bakarra bere emaztea sendatzea zela.
— A! —egin zuen Grandek—, ulertzen dizut.
Eta Rieuxek ezagutzen zuenez geroztik, hizketan oparo hasi zen lehendabiziko aldiz. Oraindik hitzen bila bazebilen ere, gehienetan aurkitzen zituen, luzaroan esan beharrekoak pentsatzen aritu izan balitz bezala.
Oraindik oso gazte zela ezkondu omen zen auzoko neskatxa pobre batekin. Ezkontza hura izan zen bere ikasketak utzi eta lanean hasteko arrazoia. Jeanne eta bera ez ziren inoiz auzotik irteten. Andregaiaren etxera joaten zen, eta Jeanneren gurasoek barre pixka bat egiten zuten ezkongai isil eta trakets haren kontura. Aita trenetako langilea zen. Lanean ez zebilenean, txoko batean egoten zen beti eserita, leiho ondoan, kalekoen joan-etorriei begira, eskutzarrak izterren gainean jarrita. Ama etxea zaintzen aritzen zen beti, Jeannek laguntzen zion. Hain txikia zelarik berau, Grandek ezin zuen kalea zeharkatzen ikusi barnean estualdirik sumatu gabe. Autoak ikaragarri handiak iruditzen zitzaizkion orduan. Egun batean, Eguberritako denda baten aurrean liluraturik eskaparateari begira zegoela, beregana jiratu zen esanez: «Bai polita! Hark eskua hartu zion. Honela erabaki zuten ezkontzea.»
Historia honen ondorengoa, Grandek zioenez, oso sinplea zen. Halaxe izan ohi da ere mundu guztiarentzat: ezkondu, oraindik ere pixka bat maitatu, lan egin. Lan egin maitasuna ahazteko punturaino. Jeannek ere lan egiten zuen, bulego buruaren promesak ez baitzituzten aintzakotzat hartu. Honetan, irudimen pixka bat behar zen Grandek esan nahi zuena ulertzeko. Nekeak lagundurik, utzikerian erortzen joan zen, aldiro-aldiro hiltzen joan, eta ez zuen emazte gaztearengan maitea zuenaren ideia mantentzen jakin izan. Lanean diharduen gizona, pobrezia, pixkanaka ixten doan etorkizuna, mahaiaren inguruko isiltasuna gauetan, ez dago grinarentzako lekurik honelako unibertso batean. Jeannek sufrituko zuen, segur aski. Ondoan geratu zen hala ere: gertatzen den gauza da luzaroan sufritzen egotea horretaz jabetu gabe. Urteak aurrera joan ziren. Gero, joan egin zen. Jakina, ez zen bakarrik pari. «Oso maitea zintudan, baina orain nekatuta nago... Ez noa zoriontsu, baina ez dago zorion beharrik berriro hasteko.» Hauxe da, gaingiroki, hark idatzi ziona.
Joseph Grandek, bere aldetik, sufritu egin zuen. Honek ere berriro ekin ahal izango zion, Rieuxek azaldu zion bezala. Baina, tira, ez zeukan federik.
Harengan zuen beti gogoa, besterik gabe. Nahi izango zuen gauza bakarra zera zen, karta bat hari idatzi bere burua zuritzearren.
— Ez da batere erraza ordea. Luzaroan jardun izan dut pentsatzen. Hitzik esan gabe ulertu izan dugu elkar, izan ere, hain handia zen bion arteko maitasuna. Baina ez da beti maitatzen. Momentu batean, jakin beharko nukeen hura joan ez zedin hitzak bilatzen, baina ezin izan nuen.
Grandek zintz egin zuen koadrotako serbileta batekin. Ondoren biboteak garbitu zituen. Rieux begira zeukan.
— Barkadazu, doktore —esan zion agureak—, baina, ez dakit nola esan... Zuregan konfiantza dut. Zurekin, hitz egiteko gauza naiz. Horrek hunkitu egiten nau.
Itxuraz, Grand izurritetik mila legoatara zegoen.
Arratsean, Rieuxek emazteari telegrafiatu zion esanez hiria itxita zegoela, bera ondo zebilela, zaintzen jarraitu behar zuela eta berarengan zuela gogoa.
Ateak itxi eta handik hiru astetara, itxoiten ari zitzaion gizon batekin egin zuen topo Rieuxek, ospitaletik irteterakoan.
— Pentsatzen dut —esan zion hark—, nitaz gogoratuko zarela.
Ezaguna egiten zitzaion, baina ez zegoen oso ziur.
— Gertaera hauek sortu aurretik etorri nintzen —esan zion—, Arabiarren bizimoduko egoeraren berri galdetu asmoz. Raymond Rambert da nire izena.
— A!, noski —esan zion Rieuxek—. Tira ba, orain baduzu erreportaje batentzako gai bikaina.
Urduri ageri zen bestea. Kontua ez zela hori esan zion eta Rieux doktoreari laguntza eske zetorkiola.
— Barkatu —gehitu zuen—, baina ez dut inor ezagutzen hiri honetan eta zoritxarrez nire egunkariko korrespontsala ergel hutsa da.
Rieuxek erdialdeko sorostoki batera elkarrekin joatea proposatu zion, agindu batzuk eman behar zituen eta. Auzo beltzeko kalexkatan barrena jaitsi ziren. Gaua zetorren, baina hiria, garai batean honelako ordutan hain zalapartaria, harritzeko moduko hutsa ageri zen. Kometa hots batzuk oraindik horizta ageri zen zeruan, militarrak lanean ari zirenaren plantak egiten zituztela adierazten zuten soilik. Bitarte horretan, kale malkartsuetan barrena, mairuen etxeen horma urdin, okre eta moreen artean, hizketan zihoan Rambert. Emaztea Parisen utzia zuen. Egia esateko, ez zuen emaztea, baina gauza bera zen. Hiria itxi zutenez geroztik telegrafiatu zion. Hasiera batean behin behineko gertakizuna zela pentsatu zuen eta berarekin harremanetan egoten baino ez zen saiatu. Oraneko lankideek ezin zutela ezer egin esan zioten, postak atzera bota zuen, prefekturako idazkari batek muturrean barre egin zion. Azkenean, bi ordu luze errenkadan egin ondoren, onartu zioten telegrama bat, zeinetan ipintzen baitzuen: «Dena ongi doa. Laster arte.»
Baina hurrengo goizean, jaiki orduko, bat-batean etorri zitzaion ideia bat burura, alegia, ez zekiela egoera horrek noiz arte iraungo ote zuen. Alde egiteko erabakia hartu zuen. Errekomendaturik zegoenez (bere lanbidean, erraztasunak izan ohi dira), prefekturako bulegoko zuzendariarengana jo zuen eta esan zion berak ez zuela Oranekin zerikusirik, berari ez zegokiola geratzeko beharra, halabeharrez zegoela bertan eta bidezkoa zela joaten uztea, nahiz eta, kanpora irten orduko, berrogeialdian egon behar bazuen ere. Zuzendariak oso ondo ulertzen ziola esan zion, baina ezin zuela salbuespenik egin, aztertuko zuela, baina azken finean egoera larria zela eta ezin zuela ezer erabaki.
— Azken batean —esan zion Rambertek—, arrotza naiz hiri honetan.
— Dudarik gabe. Baina, edozein aldetara, espero dezagun epidemiak gehiegi ez irautea.
Azkenean, Rambert kontsolatzen saiatu zen Oranen erreportaje interesgarri baten gaia aurki zezakeela adieraziz eta, gauzak ondo begiratuta, ez zegoela alderdi onik ez zuen gertakizunik. Rambertek sorbalda jaso zuen. Hiriko erdialdera heldu ziren:
— Txorakeria galanta da hau, doktore, zuk ulertzen didazu. Ni ez naiz mundu honetara erreportajek egitera etorri. Baina agian bai emakume batekin bizitzera. Ez al da hori zilegi?
Edozein aldetara, bidezkoa iruditzen zitzaiola esan zion Rieuxek.
Erdialdeko boulevardetan, ez zegoen beti bezalako jendetzarik. Baziren oinezko batzuk beren urrutiko bizilekutara lasterkan zihoazenak. Inori ez zegion irribarrerik. Egun hartan Randsoc agentziak azaldutako oharkizunaren ondorioak zirela pentsatu zuen Rieuxek. Hogeita lau ordu barru, gure hiritarrek berriro helduko zioten itxaropenari. Baina egun berean, zenbakiak freskoegiak zeuden gogoetan.
— Kontua da —esan zion Rambertek ozenegi oihukatu gabe—, orain dela gutxi elkartu garela berriz eta ondo konpontzen garela orain. Rieuxek ez zuen deus esaten.
— Aspertu egin zaitut —ekin zion berriz ere—. Nahi dudan gauza bakarra da galdetzea ea ziurtagiri bat ezin ote didazun egin, gaixokeria santu hori ez dudala egiaztatzeko. Horrek balioko zidakeela uste dut.
Rieuxek baiezkoa egin zuen buruaz. Hanka tartean eroritako mutiko bat jaso eta zutik jarri zuen emeki. Abiatu ziren berriz eta Armen plazara heldu ziren. Fikus eta palmondoen adarrak zintzilik zirauten, geldi-geldi, hauts grisez estalirik, Errepublikako hautsez betetako estatua zikin baten inguruan. Monumentuaren azpian geratu ziren. Rieuxek lurraren kontra jo zituen, bata bestearen atzetik, bits zurixkaz estalitako oinak. Ramberti begiratu zion. Kapela pixka bat atzealdera botata, alkandoraren lepoa lotu gabe gorbataren azpian, erdi afeitatuta, kazetariak itxura egoskorra eta haserrekoia zuen.
— Zaude ziur ulertzen dizudala —esan zion azkenean Rieuxek—, baina zure arrazoitzeko modua ez da zuzena. Ezin dizut ziurtagiririk egin, zeren ez baitakit gaixokeriarik baduzun hala ez eta, kasu horretan ere, ezingo nuke ziurtatu nire bulegotik irteten zaren segundotik prefekturara sartzen zaren arte, infektatuta egongo ez zinenik. Eta gainera...
— Eta gainera? —esan zion Rambertek.
— Eta gainera, ziurtagiri hori egingo banizuke, ezertarako ez lizuke balioko.
— Zergatik?
— Hiri osoan zure antzera milaka gizon daudelako eta halere ezin zaielako irteten utzi.
— Baina, izurriaz kutsaturik ez badaude?
— Arrazoi hori ez da nahikoa. Historia hau ergelkeria hutsa da, ondotxo dakit hori, baina guztiongan du eragina. Den bezala hartu behar da.
— Ni ez naiz hemengoa, ordea!
— Hemendik aurrera, horra! hemengoa izango zara, mundu guztia bezala.
Bestea sutan jartzen ari zen:
— Gizabide kontua da, zin degizut. Agian ez zara konturatzen zer esan nahi duen honelako bereizteak ondo konpontzen diren bi pertsonentzat.
Rieuxek ez zion segidan erantzun. Ondoren ustez konturatzen zela esan zion. Bihotz bihotzetik desio zuen Rambert bere emaztearekin bildu zedin eta elkar maite zuten guztiak ere bat egin zezaten, baina hor zeuden aginduak eta legeak, hor zegoen izurria, eta berari zegokion zeregina bete egin behar zuen.
— Ez —esan zion Rambertek suminduraz—, ezin duzu ulertu. Arrazoiaren hitzekin mintzo zara, abstrakzioan zabiltza.
Doktoreak begiak jaso zituen Errepublikarengana eta ez zekiela arrazoiaren hitzekin mintzo ote zen ala ez, baina argi zegoenaren hizkuntzaz mintzo zela eta agian ez zela gauza bera esan zion. Kazetariak gorbata estutu zuen:
— Orduan, horrek esan nahi du beste modu batera konpondu beharko dudala? Hala ere —azaldu zion nolabaiteko erronka moduan—, irtengo naiz hiri honetatik.
Hori ere ulertzen zuela esan zion doktoreak, baina ez zela bere ardura.
— Bai, zure ardura da —esan zion Rambertek bat-batean lehertuz—. Hartutako erabakietan parte handia izan duzula esan didatelako etorri natzaizu ikustea. Pentsatu dut beraz, kasu batean behintzat, egiten lagundu duzuna desegiteko aukera izango zenuela. Baina dena berdin zaizu. Ez duzu inorengan pentsatu. Ez dituzu apartaturik daudenak kontuan hartu.
Alde batetik ikusita, hori egia zela aitortu zion Rieuxek, ez zuela horrelakorik kontuan hartu nahi izan.
— A! ikusten ari naiz —adierazi zion Rambertek—, zerbitzu publikoaz hitz egingo did a zula. Baina ongizate publikoa bakoitzaren zorionez osatzen da.
— Tira —esan zion doktoreak, oharkabetik irtenez bezala—, bada hori, baina baita bestelakorik ere. Ez dago zertan juzgatu beharrik. Oker zabiltza haserretzerakoan. Asko poztuko nintzateke arazo honi irtenbiderik bilatuko bazenio. Badira gauza batzuk nire eginbeharrak debekatzen dizkidanak, horixe da kontua.
Besteak buruari eragin zion ezinegonez.
— Bai, ez dut haserretu beharrik. Eta nahiko denbora galdu erazi dizut kontu honekin.
Rieuxek emango zituen urratsei buruz jakinaren gainean jar zezala eskatu zion eta gorrotorik ez izateko. Izango zen segur aski bien artean aurrera ateratzeko moduko planen bat. Rambert bat-batean zur eta lur geratu zen:
— Sinesten dizut —esan zion, isilaldi baten ondoren—, nire gainetik eta gauza guztien gainetik sinetsi ere.
Zalantzan geratu zen hura:
— Hala ere, ezin dizut horretan onetsi.
Sonbreirua kopetaraino sartu eta pauso azkarrez abiatu zen. Jean Tarrou bizi zen hotelean sartzen ikusi zuen Rieuxek.
Momentu bat pasa ondoren, doktoreak buruari eragin zion. Kazetariak arrazoi zuen bere zorionaren aurrean artega egotean. Baina arrazoi ote zuen aurpegira botatzen zionean? «Abstrakzioan bizi zara». Benetan abstrakzioa ote ziren ospitalean pasatako egunak, izurriak zer jan ugari zuela, astero bataz beste bostehun bat gizakume heriotzara emanez? Bai, zoritxarrean bazegoen abstrakzio eta irrealtasun zati bat. Baina abstrakzioak heriotzara bultzatzen zaituenean, abstrakzioaz arduratu beharra dago zinez. Eta hori ez zela errazena bazekien Rieuxek. Ez zen erraza, adibidez, bere ardurapean jarritako ospitale laguntzaile hura zuzentzea (dagoeneko hiru zeuden). Areto batean, kontsultatokira emanez, harrera gela bat atondu zuen. Hustutako zoruan ur kresilatutako urmael bat zegoen eta honen erdian adreiluzko uharte txiki moduko bat. Eria uhartetxo horretara eramaten zuten, azkar erantsi eta arropak uretara erortzen ziren. Garbitu, lehortu eta ospitaleko atorra zakarraz jantzi ondoren, Rieuxen eskutan geratzen zen, ondoren gela batera eramaten zutelarik. Eskola bateko errekreorako estalgunea erabiltzera behartuak egon ziren oraingoan, guztira, bostehun ohe zeudelarik, ia denak beteak. Goizeko harrera berak propio egin ondoren, eriak txertatu eta buboiak ebaki ondoren, estatistikak ere aztertzen zituen Rieuxek, eta arratsaldeko kontsultei ekiten zien. Gau aldera, azkenik, bisitak egiten zituen eta berandu joaten zen etxera. Aurreko gauean, ama, Mme Rieux gaztearen telegrama bat ematerakoan, doktorearen eskuak dardarka zeudenaz konturatu zen.
— Bai —esan zion—, eginahalean ez naiz hain urduri ibiliko.
Kementsua eta gogorra zen. Hala, ez zuen oraindik bere burua nekatuta sumatzen. Baina bisitak, esate baterako, jasanezinak egiten zitzaizkion. Sukar epidemikoa diagnostikatzeak eria azkar eramatea ekartzen zuen. Orduan hasten zen benetan abstrakzioa eta zailtasuna, gaixoaren senidekoek bai baitzekiten hura osaturik ala hilda baino ez zutela berriz ikusiko. «Erruki zaitez, doktore!» zioen Mme Loretek, Tarrouren hotelean lan egiten zuen neskamearen amak. Zer esan nahi zuen horrek? Jakina, erruki zitzaion. Baina horrek ez zuen aurrerabiderik ekartzen. Telefonoz deitu beharko zuen. Laster entzuten zuten anbulantziaren sirena hotsa. Auzo-lagunek, hasieran, leihoak ireki eta begira geratzen ziren. Beranduxeago, azkar ixten zituzten. Orduan hasten ziren borrokak, malkoak, konbentzitu nahiak, abstrakzioa azken batean. Sukarrak eta bihotz esturak berotutako bizitza haietan, eromenezko sesioak gertatu ohi ziren. Eria, alabaina, eraman egiten zuten. Rieuxek alde egin zezakeen.
Lehenengo alditan, telefonoz deitu eta lasterkan joaten zen beste gaixoengana, anbulantziari itxoin gabe. Baina senidekoek atea ixten zuten orduan, nahiago zutelarik izurriari aurre egin, ordurako ondorioak ezagutzen zituzten bereizteari baino. Garrasiak, biraoak, poliziaren, eta ondoren, indar armatuen esku hartzea, gaixoa erasoz harrapatzen zuten. Lehenengo astetan, behartuta egon zen Rieux anbulantzia heldu arte bertan egotera. Ondoren, bisitaldiak egiterakoan, mediku bakoitzari borondatezko ikustari batek laguntzen zionean, eri batengandik bestearengana joan ahal izan zen Rieux. Hasieran, haatik, Mme Loreten etxera joan zeneko hura bezalakoak izan ziren arrats guztiak, zeinetan abanikoz eta lore artifizialez adornatutako apartamentu txiki hartan sartzerakoan, amak hartu baitzuen irribarre trakets batez:
— Espero dut mundu guztiak aipatzen duen sukar delako hori ez dela izango.
Eta berak, maindireak eta atorra jasoz, isiltasunean so egin zien sabeleko eta iztondoetako orban gorriei, puztutako gongoilei. Amak bere alabaren iztondoei begiratu zien eta ezin izan zion garrasiari eutsi. Arratsero horrela egiten zuten garrasi amek, nolabait sorgorturik, heriotzaren seinalez betetako sabelen aurrean, arratsero estutzen ziren besoak Rieuxen besoen inguruan, alferrikako hitzak, promesak eta negarrak tarrapataka sortzen ziren, arratsero anbulantzien sirena-hotsek edozein oinaze bezain alferrikako krisialdiak sortzen zituzten. Eta betiere antzekoak izan ohi ziren arrats segida luzearen ondorio bezala, ezin zuen Rieuxek amaierarik gabe berritzen ziren antzerako sesio segida luzea baino espero. Baina, izurria, abstrakzioaren modura, monotonoa zen. Gauza bakarra zegoen agian aldatzen ari zena, Rieux bera alegia. Gau hartan sumatu zuen hori, Errepublikaren monumentuaren oinean, bere buruaz nagusitzen ari zen axolagabekeria zailez bakarrik jabeturik, etengabean Rambert desagertu zen hoteleko ateari begira.
Aste abailgarri haien buruan, ilunabar guzti haien ondotik, zeinetan hiriak kaleak betetzen zituen bertan bueltaka jarduteko, errukiari aurre egiteko deus gehiago ez zuela ulertu zuen Rieuxek. Errukia nekagarria izan ohi da alferrikako errukia denean. Eta bere inguruan astiro ixten zihoan bihotzaren sentipenean, horretan bakarrik aurkitzen zuen doktoreak egun zapalgarri haietan atsedena. Bazekien, jakin, honela errazago beteko zuela bere eginbeharra. Hain zuzen ere, horregatik pozten zen. Bere ama, goizeko ordu bietan agurtzerakoan, hark zuzentzen zion begirada hutsarekin larritzen zenean, lastimagarria zitzaion, hain zuzen ere, hura zelako Rieuxek jaso izan zezakeen arindura bakarra. Abstrakzioaren aurka joateko, nolabait horren antzerakoa izan behar dugu. Baina nola izango zen bada Rambert sentibera horren aurrean? Rambertentzat abstrakzioa bere zorionaren aurka zihoan guztia zen. Eta, egiaz, Rieuxek ondo zekien kazetariak alde batetik arrazoi zuela. Baina bazekien ere momentu bat heltzen dela zeinetan abstrakzioa zoriona baino indartsuagoa izan ohi den, eta orduan bakarrik hartu behar dela kontuan. Horixe gertatuko zitzaion Ramberti eta doktorea jabetu zen xehetasun hauetaz gerora Rambertek egin zizkion aipamenengatik. Hala, jarraipen bat egin ahal izan zuen, eta maila berri batean, gizon bakoitzaren zorionaren eta izurriaren abstrakzioen arteko borroka ilun moduko haren gain hain zuzen ere, horrexek osatu baitzuen gure hiriko bizimodu osoa denboraldi luze hartan zehar.
Zenbaitzuek abstrakzioa ikusten zuten lekuan, beste batzuek, ordea, egia ikusten zuten. Hala, izurritearen lehenengo hilabetea epidemiaren gorakada nabarmenak eta, aita Panelouxek, Michel zaharra gaixo erori berri zenean laguntza eskaini zion jesuitak botatako sermoi sutsu batek goibeldu zuen. Aita Paneloux ordurako Orango Geografi Elkarteko aldizkarian argitaratutako lan ugariengatik ezaguna zen, bere berrosaketa epigrafikoek maisulanen aipamena jaso baitzuten. Baina espezialistena baino entzuleria zabalagoa bereganatu zuen indibidualismo modernoari buruzko hitzaldi sail bat emanez. Bertan kristautasun zorrotz baten aldeko sutsu bezala agertu zen, libertinaje modemotik hala nola aurreko gizaldietako ilunzalekeriatik kanpo. Oraingoan, ez zen atzera gelditu entzuleriari egia gogorrak botatzerakoan. Horretatik zetorkion ospea.
Hala, hilabete horren azken aldera, gure hiriko eliz agintariek izurriteari beren baliabidez aurka egitea erabaki zuten, jendeari zabaldutako otoitz aste bat antolatuz. Debozio publikoaren agerpen hauek igandean bukatu behar zuten, San Roke, izurriak jotako santuaren inbokaziozko meza nagusiarekin. Ospakizun horretarako, aita Panelouxi eskatu zioten hitz egiteko. Hamabost egun lehenagotik, bere ordenan leku berezia eskuratu zioten San Agustin eta Afrikako Elizari buruzko lanetan murgilduta zegoen. Izaeraz suharra eta lehiatsua, gogo biziz onartu zuen eskainitako eginkizuna. Sermoi honen aurretik, aspalditik hitz egin ohi zen berari buruz hirian eta, bere erara, eragin handia izan zuen garai honetako historian.
Jendetza ugariak parte hartu zuen aste hartan. Horrek ez du esan nahi Orango biztanleak oro har debozio handikoak zirenik. Igande goizetan, esate baterako, itsasoko bainuek lehia gogorra egiten zioten mezari. Ez du esan nahi ere bat-bateko konbertsio nahiak argitu zituenik. Baina, alde batetik, hiria itxita eta portua debekatuta egonik, ez zen posible bainatzea, eta, bestalde, izpirituari zegokionez oso egoera berezian zeuden, eta ustekabean harrapatu zituzten gertaera harrigarri haiek beren sakonean onartzen ez bazituzten ere, ondo asko zekiten, noski, bazegoela zerbait aldatu zena. Asko ziren hala ere epidemia geratuko zela eta beren senidekoekin batera kalterik gabe irtengo zirela beti espero zutenak. Horren ondorioz, ez zituzten beren buruak ezertara behartuak ikusten oraingoz. Izurritea ez zen, haientzat, etorri eta hurrengo egunean joango zen bisitari gogaikarri bat baizik. Ikaraturik, baina ez etsiturik, ez zitzaien oraindik izurria berezko bizimodu gisa azalduko eta, hura etorri arte, eman ahal izan zuten izaera ahaztuko zuten unea heldu. Hots, itxaroten zeuden. Erlijioari, beste arazo askori bezala, zegokionez, izurriak izpiritu joera berezia eragin zien, nahiz axolagabekeriatik hala nola grinatik urrun zegoena, eta nahiko ondo adieraz zitekeena «objektibotasun» hitzarekin. Otoitz astean parte hartu zuten gehienek bere egingo zuten, esate baterako, fededun haietako batek Rieux doktorearen aurrean azaldu zuen esamesa: «Edozein aldetara, kalterik ez digu ekarriko eta.» Tarrouk berak, Txinatarrek, honelako egoeratan, izurriaren jeinuaren aurrera atabala jotzera joan ohi direla bere liburuxkan idatzi ondoren, azaltzen zuen ez zela inola ere posible jakitea ea, egiaz, atabala neurri profilaktikoak baino eraginkorragoa ote zen. Gauza bakarra gehitzen zuen, alegia, arazoa askatzeko, izurriaren jeinu baten berri jakin behar zela eta horren gaineko ezjakintasunak izan zitezkeen aburu guztiak antzu bihurtzen zituela.
Edozein aldetara, aste osoan zehar ia bete egin zuten fededunek gure hiriko katedrala. Lehenengo egunetan, biztanle asko geratu ziren oraindik ere atearen aurreko palmondozko eta granadondozko jardinetan, kaleetaraino heltzen ziren inbokazio eta otoitz uholdea entzutearren. Pixkanaka-pixkanaka, onbideari jarraituz, entzule berak joan ziren sartzen eta fededunen erantzunekin beren ahots lotsatiak nahasten. Eta igandean, jendetza ugariak bete zuen nabea, atarira eta azken eskaileretaraino gainezka egin arte. Bezperatik, zerua ilun zegoen eta euri jasa handia ari zuen. Kanpoan zeudenek zabalik zeuzkaten aterkiak. Intsentsu eta oihal bustien usaina zabaldurik zegoen katedralean aita Paneloux pulpitura igo zenean.
Altura ertainekoa zen, baina potzoloa. Pulpituaren ertzean bermatu zenean, esku lodiekin egurrari helduz, bere eite lodi eta beltza baino ez zitzaion ikusten, bi orban nabarmenduz masail guri eta horiztetan, altzairuzko betaurrekoen atzean. Ahots sendoa zuen, grinak hartutakoa, urrutira heltzen zena, eta entzuleriari esaera oldarti eta mailukadazkoez eraso zionean: «Haurride maiteok, zorigaitzean erori zarete, haurride maiteok, merezi baituzue», uhin bat iragan zen entzuleriarengandik atariraino.
Pentsatzekoa den bezala, ondoren etorri zenak ez zirudien bat zetorrenik atzerriratze negargarri honekin. Hitzaldiak aurrera egiterakoan konturatu ziren gure hiritarrak aita, oratoriazko jokabide iaio batez, kolpe bat ematen den modura, aldi bakar batean azaldu zuela sermoi osoaren gaia. Panelouxek, esaera hau esan eta jarraian, Egiptoko izurriteari dagokion Exodoko testua aipatu zuen, eta esan: «Ezbehar hau historian ateratzen den lehenengo aldian. Jaungoikoaren aurkakoei zigortzeko da. Faraoia betiereko jarraibideen kontra jarri zen eta izurriteak belauniko erori araziko zuen. Historia osoaren hasiera hasieratik, Jaungoikoaren zigorrak bere oinetan jartzen ditu harroak eta itsuak. Egin ezazue gogoeta honen gain eta eror zaitezte belauniko.
Euria sarriago ari zuen kanpoan eta azken esaldia, isiltasunik handienaren erdian esandakoa, oraindik ere sakonagoa bihurturik zaparradak beiretan sortzen zuen zirtakoarengatik, halako indarraz burrunbatu zen, ezen zenbait entzulek, segundo batez zalantzan egon ondoren, beren aulkietatik lerratu baitzien belaunpekora. Beste zenbaitek haien bideari jarraitu behar zitzaiola pentsatu zuten, honela, emeki-emeki, zenbait aulkiren kraskadaz gain beste soinurik entzuten ez zela, entzuleri guztia jarri zelarik handik pixka batera belauniko. Paneloux tentetu zen orduan, arnasa sakon hartu eta berriro ekin zion doinu geroz eta nabarmenagoz: «Bai, gaur, izurritea begira daukazue, gogoetan jarduteko unea etorria baita. Zintzoek ez dute zertan beldurrik izan behar, baina zitalek, haiek badute dardarka egoteko arrazoirik. Unibertsoko landetxe zabalean, gupidagabeko zigorrak astinduko du giza garia, lastoa eta alea bereizita geratu arte. Alea baino lasto gehiago egongo da, deitutako gehiago aukeratuak baino, eta zorigaitz hau ez da Jaungoikoak nahi izan duena. Denbora gehiegi egon da mundu hau gaitzez osaturik, denbora luzeegian babestu da Jaungoikoaren errukipean. Nahikoa zen damutzea, dena zilegi zen. Eta damutzeari esker, bakoitzak sendo sumatzen zuen bere burua. Heldu den uneak, frogatuko du hori segur aski. Gaurtik ordura arte, geure buruari joaten uztea zen errazena, Jaungoikoaren gupidak egingo zuen ondorengoa. Baina, horrek ezin zuen iraun. Jaungoikoak, hain denbora luzean hiri honetako gizonen aurrera bere urrikaltasunezko aurpegia azaldu duenak, itxaroteaz nekaturik, bere itxaropen betierekoan etsiturik, begirada gugandik saihestu du. Jaungoikoaren argitasunik gabe, hona hemen gu, luzarorako izurritearen ilunpetan murgildurik!
Pafa egin zuen norbaitek aretoan, ezinegonez dagoen zaldiaren modura. Etenaldi labur baten ondoren, aitak berriro ekin zion, doinu apalagoz: «Kondaira horizta»n irakur daiteke nola Hunberto erregeren garaian, Lonbardian, halako erasoa egin omen zuen izurriteak Italian, ezen apenas geratu baitziren bizirik hildakoak lurperatzeko eta izurrite honek Erroma eta Pavia errautsi omen zituen batik bat. Eta aingeru zintzo bat agertu zen nabarmen, ehizarako lantza bat zeraman aingeru zitalari aginduak emanez, eta etxeetan jotzeko agindu zion: eta zenbat aldiz etxe batean jo, hainbat hildako ateratzen ziren bertatik.
Panelouxek bere bi beso motzak luzatu zituen oraingoan atarirantz, euriaren gortina mugikorraren atzean zegoen zerbait adieraziko baluke bezala: «Haurride maiteok —esan zuen kementsu—, gaur egun gure kaletan ematen ari den ehizak eta hilgarri berbera duzue. Begira iezaiozue, izurritearen aingerua, Luzifer bezain ederra eta gaizkia bezain distirakorra, zuen teilatuen gainean zutiturik, eskuinean buruaren parean lantza daramala, ezkerrekoaz zuetako baten etxeari seinalatuz. Lipar honetan, agian, bere behatza zuen etxera zuzentzen ari da, lantzak durunditzen egurraren kontra: lipar honetan ere, izurritea sartzen ariko da zeuen etxeetara, gelan eseri eta zain egongo da zuek noiz itzuliko. Han dago, patxadaz eta eme, munduko ordenaren ziurtasunez. Ez dago lur osoan botererik eta ezta, entzun ondo, gizatiarren alferrikako zientziarik, hark luzatuko dizuen eskuari uko egin liezaiokeenik. Eta oinazearen larrain odoltsuan kolpaturik, lastoarekin batera boteak izango zarete.»
Hemen, aitak oparotasun handiagoz azaldu zuen oraindik ere zigorraldiaren irudi erdiragarria. Gogora ekarri zuen hiriaren gainetik jirabiraka zebilen egurrezko tresna itzela, han-hemenka kolpatuz eta odoletan altxatuz, odola eta giza oinazea non-nahi zabalduz azkenik «egiaren uztarako gaia osatuko duten aletegietarako».
Bere ekitaldi luzearen bukaeran, gelditu egin zen aita Paneloux, ileak kopetan, eskuek pulpituari komunikatzen zioten dardaraz hartuta gorputza, eta berriro ekin zion, hitsago, baina salapenezko doinuz: «Bai, heldu da gogoetan jarduteko ordua. Pentsatuko zenuten nahikoa zenutela igandetan Jaungoikoa bisitatzera etortzearekin zeuen egunetatik libratzeko. Pentsatuko zenuten belaunikatze batzuk zuen axolagabekeria gaiztoaren nahiko ordaina izango zirela. Baina Jaungoikoa ez da epela. Noizean behingo agerbide hauek ez dira nahiko bere bihozberatasun asegaitzarentzat. Gehiagotan ikusi nahi zaituzte, hori da bere maitatzeko modua eta, egia esateko, horixe da ere maitatzeko modu bakarra. Horra zergatik, zuen etorrerari itxaroten nekaturik, bidea zabaldu dion zigorrari bisita egin diezazuten, gizonek historia bat dutenez geroztik bekatuan bizi ziren hiri guztiak bisitatu dituen modura. Badakizue dagoeneko zer den bekatua, Kainek eta bere semeek, uraldiaren aurrekoek, Sodoma eta Gomorrakoek, Faraoiak eta Jobek eta baita zital guztiek ere jakin izan duten bezala. Eta guzti haiek bezala, begirakune berria duzue zeuen baitan izaki eta gauzen gain, hiri honek zeuen eta zigorraren inguruan bere harresiak hertsi dituen egunaz geroztik. Hala, jabetu zarete oraingoan funtsera itzuli beharra dagoela.»
Haize bolada heze batek jo zuen oraingoan nabean eta kandelen sugarrak okertu egin ziren zirtakatuz. Argizari usain lodia, eztulak, doministiku bat, heldu ziren aita Panelouxengana, zeinek, oniritziz hartua izan zen zorroztasunez bere azalpenari berrelduz, ekin baitzion ahots lasaiaz: «Zuen arteko askok eta askok, ondo dakit nik hori, galdezka ari dira orain, zuzen galdetu ere, noraino heldu nahi dudan. Egiaraino etorrarazi nahi zaituztet eta zoriontsu izaten irakatsi, esandakoaren gainetik. Dagoeneko ez da zuek ongira eramateko gomendioak, anaiarteko eskua, baliabide diren garaia. Gaur, egia agindua da. Eta lantza gorri bat da salbaziorako bidea erakutsiko dizuena eta bertara bultzatuko zaituena. Hona hemen, haurride maiteok, non azaltzen zaigun azkenean Jaungoikoaren gupida, Hark gauza guztietan jarri baitu ongia eta gaizkia, sumindura eta errukia, izurria eta osasuna. Zigorraldi hilgarri honek berak, goratzen zaituzte eta erakusten dizue bidea.»
«Aspaldian, Abisiniako sinestunek, betierekotasuna irabazteko jatorri jainkotiarreko baliabide eraginkortzat zuten izurria. Kutsaturik ez zeudenak izurriak jotakoen maindiretan biltzen ziren herioak ziurtasunez eraman zitzan. Salbazio grina hau ez da zalantzarik gabe gomendagarria. Aurreratze gaitzesgarria azaltzen du, harrokeriatik hurbil dagoena. Ez dugu zertan Jaungoikoak nahi baino azkarrago ibili beharrik eta hark, behingoz eta guztiontzat, ezarritako ordena aldaezina azkartzera bultzatzen duen edozer gauzak, heresiara bultzatuko gaitu. Baina, gutxienez, adibide honek irakasgai bat dakarkigu. Gure izpiritu argiagoei, edozein sufrimenduren sakonean dagoen betierekotasunaren distira zoragarria soilik balioarazten digu.
Berak argitzen ditu, distira horrek, askatasunera daramaten ilunabarrezko bideak. Berak azaltzen du, atsedenik gabe, gaizkia ongian bilakarazten duen nahi jainkotiarra. Gaur ere, heriotzako, bihotz esturako eta deiadarreko bidean zehar, funtsezko isiltasunera eta edozein eratako bizitzaren jatorrira zuzentzen gaitu. Horra hor, haurride maiteok, ekarri nahi dizuedan kontsolazio handia, hemendik eramango duzuena zigor hitzak bakarrik izan ez daitezen, baizik eta baita baretuko zaituen mintzoa ere.»
Panelouxek bukatu zuela antzeman zuen. Kanpoan, euria gelditu egin zen. Urez eta eguzkiz nahastutako zeruak argi horiagoa egiten zuen plazaren gain. Kaletik, ahotsak, autoen joan-etorriak, esnatzen ari den hiri baten hizkuntza heltzen zen. Entzuleak beren gauzak zuhurki jasotzen hasi ziren, mugimendu nahasi apal hitsez. Aitak, hala ere, berriro heldu zion hitzari eta esan izurriaren iturri jainkotiarra eta errauspenaren zigor kutsua azaldu ondoren, bukatu zuela eta ondorioa adierazterakoan ez zela lekuz kanpo egongo litzatekeen elokuentziaz ariko, honelako gai tragikoaz jarduteko. Guztiengan argi egongo zela pentsatzen zuen. Gogora ekarri zuen bakarrik Marsellako izurrite handia gertatu zenean, non Mathieu Marais kronikaria atsekabeturik azaltzen baitzen infernuan erori izanagatik, laguntzarik eta itxaropenik gabe bizitzera. Ba, horra! Mathieu Marais itsua zen! Aldiz, gaur arte ez zuen sekulan sentitu aita Panelouxek Jaungoikoaren laguntza eta kristau itxaropena guztiei eskainia. Espero zuen, espero zitekeenaren kontra, egun haietako bihotz-ikararen eta hilzorian zeudenen garrasien gainetik, gure hiritarrak zerura zuzenduko zutela benetan kristautasunezko hitz bakarra, maitasuna alegia. Jaungokoaren esku zegoen beste guztia.
Ez da erraza esaten sermoi honek gure hiritarren artean eraginik izan ote zuen ala ez. M. Othonek, instrukzio epaileak, Rieux doktoreari adierazi zionez, aita Panelouxen azalpena «guztiz ukaezinezkoa» iruditu omen zitzaion. Baina ez zen mundu guztia iritzi borobil honen aldekoa. Besterik gabe, sermoiak argitu egin zien zenbaiti, ordura arte susmo laino bat zenaz, alegia, ezagutzen ez zuten krimen batengatik, pentsaezinezko presondegi batera kondenatuak zeudela gogamena. Eta batzuk, bere bizimodu txikiarekin jarraituz, barrutiratzeari egokitu zitzaizkion bezala, beste batzuek, aldiz, presondegi hartatik ihes egiteko gogoa bakarrik izan zuten handik aurrera buruan.
Jendeak hasiera batean onartu zuen kanpoaldearekin moztuta egotea, beren azturetako bat edo beste galarazten zien aldi baterako edozein arazo onartuko luketen bezala. Baina, bat-batean nolabait bahiturik zeudenaz jabeturik, zeruko estalkiaren pean, non uda hasia baitzen zirtaka, nahasmenez sumatu zuten espetxeratze honek euren bizitza osoari mehatxatzen ziola eta, gaua heltzerakoan, hozkirriarekin berreskuratzen zuten adoreak bultzatzen zituen inoiz etsipenezko ekintzak egitera.
Lehenik eta behin, eta izan zitekeen berez gertatu izana ala ez, igande honetatik aurrera sortu zen nolabaiteko beldur nahiko orokorra eta nahiko sakona ere, eta horregatik pentsa zitekeen gure hiritarrak hasiak zirela benetan egoeraz jabetzen. Alderdi honetatik begiratuta, hirian bizi genuen giroa zertxobait aldatu zen. Baina, benetan aldaketa giroan edo bihotzetan suertatu ote zen, horra hor galdera.
Sermoia egin eta handik egun batzuetara, Rieuxek, Grandekin gertaera honi buruz hizketan zihoala, hiringuruko auzotarako bidean, beraien aurrean balantzaka zebilen gizon bat sumatu zuen gauaren erdian, aurrera egiten saiatu gabe. Une hartantxe, gure hiriko farolak, lantzean behin baino pizten ez zirenak, indartu egin ziren bat-batean. Pasealarien atzean zegoen farola garaiak argitu egin zuen behingoan gizona. Barrezka zegoen soinurik atera gabe, begiak itxita. Aurpegi zurbiletik, irri mutinaz lasaitutakotik, izerdia zerion tantana lodiz. Aurretik pasa ziren.
— Zoro bat —esan zuen Grandek.
Rieuxek, bideratzeko besotik heldu berri ziolarik, urduritasunez dardarka zegoela nabaritu zion enplegatuari.
— Laster, zoroak besterik ez dira egongo gure harresietan —esan zion Rieuxek.
Nekea zela eta, zintzurra lehorra sumatu zuen.
— Goazen zerbait edatera.
Sartu ziren kafe txikian, eta barraren gaineko lanpara bakar baten argitan, jendea ahots apalez ari zen hizketan, itxurazko arrazoirik gabe, aire lodi eta gorrixkan. Barran, Grandek, doktorearen ustekaberako, alkohol bat eskatu zuen, trago batez edan zuelarik fuertea zegoela aitortuz. Ondoren irten egin nahi izan zuen. Kanpoan, gaua intziriz beteta zegoela iruditu zitzaion doktoreari. Zeru beltzeko bazter guztietan, erreflektoreen gainetik, txistu sor batek gogora ekartzen zion aire beroa atsedenik gabe kiskaltzen zuen errausketa ikusezina.
— Zorionez, zorionez —zioen Grandek.
Rieuxek bere buruari galdetu zion zer esan nahi ote zuen.
— Zorionez —zioen besteak—, badut nire lana.
— Bai —esan zion Rieuxek—, bentaja handia da hori.
Eta, txistua ez entzutearren, lanean pozik al zebilen galdetu zion
Grandi.
— Tira, bide onetik noala iruditzen zait.
— Luzerako al duzu?
Grandek suspertu itxura zuen, alkoholaren beroa ahotsera heldu zitzaion.
— Ez dakit. Baina kontua ez da hori, doktore, ez da hori kontua, ez.
Ilunpetan, Rieuxek besoak astintzen sumatu zuen. Zerbait prestatzen ari zela ematen zuen. Bat-batean etorri zen, egokieraz:
— Begira, doktore, nik nahi nukeena da eskuizkribua argitaratzailearengana heltzerakoan, honek, irakurri ondoren, bere laguntzaileei esatea: «Jaunak, kendu sonbreiruak!»
Ustekabeko aitorpen honek txundituta utzi zuen Rieux. Bere lagunak sonbreirua kentzekoaren imintzioa egiten zuela iruditu zitzaion, eskua burura eramanez, eta besoa horizontalean jarriz. Goialdean, txistu bitxia indar handiagoz aditzen zela antzeman zuen.
— Bai —zioen Grandek—, ez du okerrik izan behar.
Nahiz eta literatur usadioetan trebetasun gutxikoa izan, gauzak hain sinpleak ezin zirela izan sumatzen zuen eta, esate baterako, argitaratzaileek, burua estali gabe ibiliko zirela euren bulegoetan. Baina, berez, auskalo, eta Rieuxek nahiago izan zuen isilik egon. Nahi ez bazuen ere, belarria jartzen zien izurriteari buruzko zurrumurru misteriotsuei. Granden auzora hurbiltzen ari ziren eta altu samar zegoenez gero, aldi berean hiriko soinu guztiak ezabatzen zituen brisa arin batek freskatu zituen. Grandek, hala ere, hizketan jarraitzen zuen eta Rieuxek ez zuen entzuten gizon jatorrak zioen guztia. Ulertu zuen gauza bakarra zen delako lan hark jadanik orrialde asko zituela, baina egileak perfekzioraino eramatearren hartzen zituen lanak oso mingarriak zitzaizkiola. «Gauak, aste osoak hitz bakar batekin... eta noizean behin konjuntzio xume bat.» Momentu honetan, Grand gelditu zen eta doktoreari heldu egin zion berokiaren botoi batetik. Hitzak totelka irteten zitzaizkion hortz gutxi zituen ahotik.
— Ulertu ondo, doktore. Zuzen jokatuz gero, nahiko erraza da baina eta eta hitzen artean aukeratzea. Zailagoa da aukera eta eta beraz hitzen artean. Are zailagoa oraindik beraz eta horregatik hitzen artean. Baina segur aski, egon daitekeen zailena eta jarri behar den ala ez jakitea da.
— Bai —esan zion Rieuxek—, ulertzen dizut.
Eta bideari jarraitu zion. Besteak nahasturik zirudien, berrio jarri zen honen parean.
— Barkadazu —tximiskatu zion—. Ez dakit zer gertatzen zaidan gaur gauean!
Rieuxek bizkarrean emeki jo zion eta esan lagundu egin nahi ziola eta bere historiak oso interesgarria zirudiela. Grand lasaitu zen apur bat eta, etxe aurrera heldu zirenean, zalantzan egon ondoren, momentu batez gora go nahi ote zuen esan zion. Rieuxek baietz erantzun zion.
Jangelan, Grandek idazkera mikroskopikoaren gainean zirriborroz betetako paperez josita zegoen mahaian esertzera gonbidatu zuen.
— Bai, hauxe da —esan zion Grandek, begirakunearekin galdezka ari zitzaion doktoreari—. Baina, zer edo zer edan nahi al duzu? Badaukat ardo pixka bat.
Rieuxek ezetz esan zion. Paperezko orriei begira zegoen.
— Ez begiratu —esan zion Grandek—. Nire lehendabiziko esaldia da. Kalte egiten dit, kalte handia.
Hura ere orri guzti haiei begira zegoen eta haietako batek ezinbestean bere eskua erakarri zuen, honek pantailarik gabeko bonbilla elektrikoaren gardentasunera altxa zuelarik. Orria dardarka zebilen bere eskuan. Rieuxek enplegatuaren kopeta bustia zegoela ikusi zuen.
— Eseri zaitez —esan zion—, eta irakurridazu.
Besteak begiratu eta irribarre egin zion eskerrak eman antzean.
— Bai —esan zion—, gogoa dudala uste dut.
Pixka batean itxaron zuen, betiere orriari begiratuz, eta eseri egin zen ondoren. Rieuxek halako durdurio nahasgarri bat entzuten zuen aldi berean, hirian errauspenaren txistuei zegokiona. Lipar jakin hartan, bere oinetan zabaltzen zen hiri hura, osatzen zuen mundu hertsia eta gauean indargabetzen zituen aiene ikaragarriak izugarrizko zorroztasunez hautematen zituen. Granden ahotsa sorgorki atera zen: «Maiatzeko goiz eder batean, amazona dotore bat zebilen, behor alazan bikain baten gainean, Boulogneko Basoko etorbide loreztatuetan barrena». Isiltasuna sortu zen berriz ere eta, horrekin batera, sufritzen zegoen hiriaren murmurio nahasia. Grandek utzia zuen orria mahai gainean eta hari begira jarraitzen zuen. Momentu bat pasa ondoren, begiak jaso zituen:
— Zertan ari zara pentsatzen?
Rieuxek hasiera hark jarraipena ezagutzeko gogoa sortu ziola erantzun zion. Baina besteak, alaikiro, ikuspegi hori ez zela ona esan zion. Paperak esku zabalarekin kolpatu zituen.
— Hurbilketa bat besterik ez da. Irudimenean dudan koadroa perfekzioz azaltzera heltzen naizenean, nire esaldiak trostako paseoaren zentzu beta lortzen duenean, bat-bi-hiru, bat-bi-hiru, ondorengoa errazagoa izango da eta batik bat horrelakoxea izango da, hasieratik, liluramena, zeren posible izango baita orduan esatea: «Kendu sonbreiruak!»
Baina, horretarako, bazegoen oraindik non jorratu. Ez zuen sekula ametituko esaldi hura zegoen bezala inprimatzaile bati eramaterik. Zeren, tarteka atsegin baldin bazuen ere, konturatzen baitzen ez zela oraindik ere errealitatearekin bat egitera heltzen eta, neurri batean, bazuela doinuan errazkeria bat haren urrutiko kutsua eta, aldi berean, baita klitxe batena ere gogorarazten zuena. Hori zen, behintzat, berak zioenaren zentzua, gizon batzuk leiho azpian korrika entzun zituztenean. Rieux altxa egin zen.
— Ikusiko duzu zer egingo dudan —zioen Grandek eta, leiho aldera jiratuz, gehitu zuen—, guzti hau bukatzen denean.
Baina berriro entzun zituzten pauso lasterren hotsak. Rieux jaisten ari zen jadanik eta bi gizon pasa ziren bere ondotik kalean zegoenean. Itxuraz, hiriko ateetara zihoazen. Hala, gure hiritarren arteko zenbaitzuk bero eta izurritearen artean burua galdurik, bortxakerian eroriak ziren eta itxituretako zaindariei iruzur egiten saiatu ziren hiritik kanpo ihes egiteko.
Beste hainbat, Rambert esate baterako, saiatu zen ere gorpuzten ari zen izumenezko giro hartatik ihes egiten, baina, lortu ez bazuen ere, bai tema eta trebezia handiagoz. Hasieran Rambertek bere kudeaketa ofizialekin aurrea jarraitu zuen. Berak zioenez, beti pentsatu zuen ekinaren poderioz garaipena lortzen zela, eta alde batetik begiratuta, horixe zuen lanbidea, bizkorra izatea alegia. Hala, funtzionario ugari bisitatu zituen eta baita oro har ukaezineko gaitasunez jantziak izan ohi diren jendeak ere. Baina, kasu honetan, gaitasun honek ez zion ezertarako balio izan. Gehienetan, banka, edo esportazio, edo zitriko, edota ardoen salerosketaren gaineko guztiari buruz ideia zehatz eta ondo klasifikatuak zituztenak ziren; auzi edo aseguru arazoetan dudatan jarri ezin zitezkeen ezagupenak zituztenak, guzti hori diploma sendo eta borondate on nabarmenaz aparte. Eta era berean, guztiek zuten gauzarik harrigarriena borondate on hori zen. Baina izurritearen harian, apenas zuten ezagupenik.
Hala ere, haietako bakoitzaren aurrean, eta hori posible izan zen bakoitzean, bere kasua defendatu zuen Rambertek. Adierazpenaren mamia zera izan zen beti, gure hirian arrotza zela esatea eta, horren ondorioz, bere kasua gauza berezi bezala aztertu beharrekoa zela. Ia beti, kazetariaren solaskideek begi onez hartzen zuten puntu hau. Baina gehienetan beste hainbat pertsonen kasu berbera zela azaltzen zioten eta, beraz, haren arazoa ez zela pentsatzen zuen bezain berezia. Horren aurrean, Rambertek esan zezakeen ez zuela bere adierazpidearen funtsarekin zerikusik, eta erantzungo zioten bazuela nolabaiteko zerikusia edozein mesede-neurrien kontra doazen zailtasun administratiboekin, hitz guztiz gogaikarriz zeritzon delako zera hori sortzeko arriskua zegoelarik: aurretiko bat alegia. Rambertek Rieuxi proposatu zion klasifikazioaren arabera, arrazoilari mota honek formalisten kategoria osatzen zuen. Hauen parean, ongi-esaleak ere aurki zitezkeen, arazo guzti horretatik ezin zuela ezerk luzaroan iraun ziotenak eta, erabaki bat eskatzen zitzaienean kontseilu onak ematen oparoak, momentuko eragozpen bat besterik ez zela esanez Rambert kontsolatzen saiatzen zirenak. Baziren itzal handiko jaunak ere, bisitariari bere kasuari buruz laburpen bat egin zezala eskatzen ziotenak eta azaldu xedatuko zutela kasu horren gain; kaskarrak, alogera bonoak edo pentsio merkeen zuzenbideak proposatzen zizkiotenak; metodikoak, fitxa bat bete eta ondoren klasifikatu egiten zutenak; gainezka eginda zeudenak, besoak altxatzen zituztenak, eta atsekabetuak, begiak beste alde batera jiratzen zituztenak; baziren, azkenik, tradizionalak, askorengatik ugarienak, Ramberti beste bulego bat edo egin beharreko kudeaketa berriren bat adierazten ziotenak.
Hala, nekatu zen kazetaria bisitak egiten eta jabetu udaletxe bat edo prefektura bat izan zitekeenaz, hulezko eserleku batean itxaroten egotearen poderioz, Altxorreko Bonoak, zergetatik salbu, suskribitzera, edo armada kolonialean sartzera gonbidatzen zuten kartelei begira, edota bulegotan sartzearen poderioz, non bertakoen aurpegiak tirazko klasifikadoreak eta txostenen karpetak bezain antzeman errazak baitziren. Horrek bazuen abantailarik, Rambertek, samindu antzean, Rieuxi esaten zion bezala, benetako egoera ezkutatu egiten ziola alegia. Izurritearen aurrerabideak ia erabat ezezagunak zitzaizkion. Horrela egunak azkarrago pasatzen zirela alde batera utziz eta, hiri osoa zegoen egoeran egonik, esan zitekeen iragandako egun bakoitzak, gizon bakoitza, artean hiltzen ez bazen behintzat, bere saioen bukaerara bultzatzen zuela. Rieuxek puntu honetan egia zioela aitortu behar izan zuen, baina, egia orokorregia zela hala ere.
Une jakin batean, Rambertek izan zuen esperantza. Prefekturatik datu txosten bat jaso zuen, hutsik, zehazki betetzeko eskakizunaz. Txostena bere izen deiturez, bere famili egoeraz, bere baliabidez, nahiz iraganeko edo egungoez, eta curriculum vitae delakoaz arduratzen zen. Susmoa hartu zion ea ez ote zen ohiko egoitzara bidaltzeko gai izan zitezen pertsonen kasuak jasotzera zuzendutako inkesta izango. Bulego batean entzundako argibide nahasiek bermatu zioten susmo horretan. Baina hainbat eginbide burutu ondoren, aurkitu zuen txostena bidali zuen zerbitzua eta, bertan esan ziotenez, «badaezpada ere» jaso omen zituzten.
— Badaezpada, zertarako? —galdetu zion Rieuxek.
Argitu zion orduan izurriaz gaixotuz gero eta hiltzen bazen kasurako zela, alde batetik, senidekoak jakinaren gainean jartzeko eta, bestetik, ospitaleko faktura hiriko aurrekontutan sartu edo ingurukoek ordaintzea posible ote zuten jakin ahal izateko. Jakina, argi frogatzen zuen horrek berari esperoan zegoenarengandik ez zegoela erabat banaturik, gizarteak bere ardurapean baitzituen. Baina ez zen hori kontsolatzeko modukoa. Gauzarik nabarmenena, eta beraz Rambertek ere nabarmendu zuena, zera zen, nola hondamendi baten unerik gogorrenean bulego batek zerbitzua eskaintzen jarrai zezakeen eta aurreko garaietako moduan ekin, sarritan goiko agintariek jakin gabe, arrazoi bakarra zerbitzu horretako egina izatea zelarik.
Ondoren etorri zen denboraldia aldi berean errazena eta zailena izan zen Rambertentzat. Moteltzearen aldia izan zen. Bulego guztiak ikusiak zituen, egin beharreko kudeaketa guztiak eginak, alde honetatik irtenbide guztiak itxita zituen. Kafetegiz kafetegi noraezean ibili zen orduan. Esertzen zen, goiz partean, terraza batean, garagardo epel baten aurrean, egunkaria irakurtzen zuen eritasuna laster bukatuko zenaren adierazgarriren bat bilatzeko esperantzan, kaleko pasealariei aurpegira begiratzen zien, nazkaturik haien itxura goibeletik apartatzen zen eta, hamaikagarren aldiz, aurrean zituen denden letreroak, hala nola, ordurako zerbitzatzen ez zituzten aperitibo handien iragarkiak irakurri ondoren, altxatzen zen eta alde egiten zuen halabeharrez hiriko kale horietan barrena. Kafeetaraino bakarrik paseatuz eta kafeetatik jatetxetara, horrela heltzen zen gauera. Han ikusi zuen Rieuxek kazetaria, gau batean hain zuzen ere, kafe baten atean sartu ala ez sartu dudatan zebilela. Erabaki zuen azkenean eta aretoaren hondora joan zen esertzera. Kafean, goiko aginduak zirela eta, argia piztea ahalik eta gehien atzeratzen zuten ordua zen. Ilunabarra jabetu zen aretoan ur grisa bailitzan, ezkutatzera zihoan eguzkiaren arrosa beiratan islatzen zen eta mahaietako marmolei distira hitsa zerien, nagusitzen hasia zen iluntasunean. Areto hutsaren erdian, galdutako itzala zirudien Rambertek eta amore emateko ordua heldu zitzaiola pentsatu zuen Rieuxek. Baina huraxe zen hiriko preso guztiek euren amore emate hori bere egiten zuten ordua eta zerbait egin beharra zegoen askapena azkartzeko. Rieux aldendu egin zen.
Rambert luzaroan egon bide zen geltokian ere. Andenetara sartzea debekatuta zegoen. Baina kanpoaldetik sarrera zuten itxarongelak zabalik egoten ziren eta, lantzean behin, behartsuak egoten ziren bertan bero handiko egunetan, itzalpean eta fresko egon ohi zirelako. Rambert etortzen zen eta ordutegi zaharrak, txistu egitea debekatzen zuten kartelak eta trenetako poliziaren arautegia irakurtzen zituen. Ondoren, bazter batean esertzen zen. Aretoa iluna zen. Burdinazko estufa batek hilabeteak zeramatzan itzalita, zortziaren moduko garastadura zaharren arrastoaren erdian. Hormetan, zenbait kartelek bizimodu zoriontsu eta librea iragartzen zuten Bandolen edo Cannesen. Miseriaren sakonean bilatzen den nolabaiteko askatasun ikaragarri hori ukitzen zuen Rambertek. Pariseko irudiak ziren, behintzat Rieuxi kontatzen zionaren arabera, orduan jasangaitzagoak egiten zitzaizkionak. Urez eta harri zaharrez osatutako paisaia, Erregeren Palazioko usoak, Iparraldeko Geltokia, Panteoiko auzo bakartiak, eta beste hainbat txoko, jakin gabe hain maitea zuen hiri hartakoak, gogora zetozkion segika eta gauza bakar bat ere egitea galarazten zioten. Rieuxek pentsatzen zuen irudi hauek bere maitalearekin lotzen zituela besterik gabe. Eta Rambertek aitortu zionean atsegin izaten zuela goizeko lauetan esnatu eta herrian pentsatzea, doktoreari ez zitzaion gehiegi kosta bere esperientziaren hondoaz baliatuz, utzitako emaztea irudikatzea zuela atsegin. Hura zen, egiaz, beregana zezakeen ordu bakarra. Goizeko lauetan, ez da deus egiten normalean eta lo egon ohi da, baita gaua makurkeriazko gaua izan bada ere. Bai, lo egon ohi da ordu haietan, eta lasaigarria da hori zeren kezkatuta dagoen bihotzaren desiorik handiena maite duen izakia amaierarik gabe beregan edukitzea baita, edota, urrunaldia heltzen denean, izaki hori ametsik gabeko lozorroan murgiltzea, zeinen bukaera elkartzearen egunean baizik ez baita etorriko.
Sermoi eguna pasa eta handik pixka batera beroaldia hasi zen. Ekainaren bukaeran ginen. Sermoiaren igandeko ezaugarri izan ziren eurite berantiarrak egin eta hurrengo egunean, kolpe batean lehertu zen uda zeruan eta etxe gainetan. Haize kiskalgarria sortu zen lehendabizi, egun osoz erasoan ari eta hormak elkortu zituena. Eguzkia finko ageri zen. Bero eta argi uhinak jabetu ziren hiriaz, etengabean egun osoan zehar. Arkupe eta etxebizitzetatik kanpo, ez zirudien hiri osoan puntu bakar bat distiratasun itsugarrienaren petik kanpo egon zitekeenik. Eguzkia gure hiritarren atzetik zebilen hiriko bazter guztietan barrena eta, geldituz gero, gogor erasotzen zien. Lehenengo bero hauekin batera heriotzen kopuruak ere gora egin zuenez gero, jadanik asteko zazpiehun inguru izango zirelarik, nola halako goibeltasuna jabetu zen hiriaz. Hiringuruko auzotan, kale lau eta terrazadun etxe artean, bizitasunak behera egin zuen, eta jendea beti kalean ibili ohi zen auzo hartan ere ate guztiak itxita zeuden eta pertsianak botata, ezin jakin zitekeelarik horrela eguzkitik edo izurritik babestu nahian ote zebiltzan. Hainbat etxetatik, alabaina, aieneak zetozen. Aurretik, horrelakorik gertatzen zenean, sarritan ikus zitekeen kalean nola zebiltzan begiluzeak, kiriketan. Baina, alerta hots luze haien ondotik, bazirudien bihotzak gogortzen joan zirela eta denak ibili edo bizitzen ziren aieneekin batera, gizonen berezko hizkuntza huraxe balitz bezala.
Ateetan gertatutako istiluek, zeinetan jendarmeek armak erabili behar izan baitzituzten, aztoramen lausoa sortu zuten. Ez zen segur aski zauritutakorik izan, baina hildakoen zurrumurrua zabaldu zen hiritik, non dena emendatzen baitzen beroaren eta beldurraren eraginez. Egia da, edozein aldetara, ezinegona etengabean larritzen zihoala, gure agintariek okerrena zutela buruan eta errauspenaren azpian zegoen populua matxinatuz gero hartu beharreko neurriak zein izan beharko zuten aztertua zutela. Egunkariek irteteko debekua berritu eta lege hausleak espetxearekin mehatxatzen zituzten aginduak argitaratu zituzten. Soldadu taldeak hirian zehar zebiltzan. Sarritan, kale bakarti eta kiskalgarrietan, han agertzen ziren, aurretik zoru gaineko azkazal hotsez iragarrita, zaldi gainean guardiak, itxitako leihoz osaturiko bi errenkada artetik igaroz. Soldadu taldea desagertu ondoren, isiltasun pisua eta mesfidatia jauzten zen berriz ere mehatxupean zegoen hiri gainera. Noizik eta behin, manatu berri bat zela eta, arkakusoak zabaldu ahal izan zitzaketen zakurrak eta katuak akabatzeko betebeharra zuten talde berezien tiro hotsak entzuten ziren. Danbateko siku hauek hirian asaldura giroa zabaltzen lagundu zuten.
Berotan eta isiltasun erdian, eta gure hiritarren bihotzetan, garrantzi geroz eta handiagoa zuten gauzek. Lehenengo aldia zen urtarotik urtarora igarotzearen ezaugarri diren zeru kolore eta lur usainen aurrean jendea adibera azaltzen zena. Ikaraz konturatu zen bakoitza beroak epidemiaren alde jokatzen zuenaz eta, aldi berean, bakoitzak ikusten zuen ere uda gainean zuela. Sorbeltzen oihuak geroz eta ahulagoak ziren hiriaren gainean. Dagoeneko ez zebiltzan gure herrian ostertza atzerarazten duten ekaineko ilunabarren neurrian. Loreak ez ziren kuskutan bildurik iristen, bertantxe zabaltzen ziren eta, goizeko salmentaren ondotik, haien petaloek hautsez betetako kaleak estaltzen zituzten. Argi ikusten zen udaberria agortua zela, bere emankortasun oparoa inguruan non-nahi zabaldurik ageri ziren loreei eskaini ziela eta lokartzen ari zela orain, zapaltzen izurritearen eta beroaren pisu bikoitzaren azpian. Gure hiritar guztientzat, udako zeru horrek, hautsaren eta asperduraren tinteen azpian margultzen ziren kaleek, hiria akiarazten zuten eguneroko ehun hildakoek bezain zentzu berbera zuten. Etengabeko eguzkiak, kuluxka edo oporraldi kutsuko ordu haiek, ez zuten lehen bezala ur eta haragi jolasetara deitzen. Aitzitik, hutsak ziruditen hertsitako hiri isiltsuan. Galdua zuten zorioneko uda garaietako distira horizta. Izurritearen eguzkiak hits bihurtzen zituen kolore guztiak eta uxatu egiten alaitasuna.
Huraxe zen gaixoaldiko iraultza handienetako bat. Gure hiritarrek alaikiro agurtzen zuten uda gehienetan. Hiriak itsasora zabaltzen zituen orduan bere ateak eta hondartzetara botatzen zuen gazteria. Hurbileko itsasoa, aitzitik, debekatuta zegoen uda hartan, eta gorputzek ez zuten solaserako eskubiderik. Zer egin egoera hartan? Tarrou dugu oraingoan ere garai hartako gure bizimoduaren irudi zuzenena ematen diguna. Gainbegiratzen zuen hark, noski, izurritearen gorakada orokorra, adieraziz hain zuten ere irratiak joera aldaketa bat iragarri zuela epidemian, astero ehunka hildako izan zirela adierazi ordez, eguneko laurogeita hamabi, ehun eta zazpi eta ehun eta hogei hildako adierazi zuenean. «Egunkariek eta agintariek zorrotzago jokatzen dute izurritearekin. Tantoak irabazten ari zaizkiela pentsatzen dute, ehun eta hogeita hamar bederatziehun eta hamar baino zenbaki txikiagoa delako.» Epidemiaren alderdi negargarri edo ikusgarrienak ere gogoratzen zituen, emakume hura kasu, zeinek auzo bakarti batean, pertsianak jaitsita zeudela, leihoak ireki baitzituen brastakoan, bere gainean, eta bi aldiz deiadar handiak egin, berriz ere albateak gelako iluntasun lodiaren aurrean tinko hertsi aurretik. Adierazten zuen bestalde ere, mentazko pastillarik gabe geratu zirela botikak, jende askok txupatzen baitzituen kutsapenaren kontra baliagarriak izango zirelakoan edo.
Gogokoen zituen pertsonaiei begira ere jarraitzen zuen. Jakin zuen katuen agure zaharra, huraxe ere, ez-beharturik bizi zela. Hala, goiz batean, tiro hotsak entzun zituen eta, Tarrouk idazten zuen bezala, berunezko listukada batzuek akabatu zituzten katu gehienak eta izutu besteak, kaletik hanka eginez. Egun berean, agure txikia, betiko orduan, balkoira irten zelarik, harritu antzean geratu zen, atera zuen burua, kalera mutur batetik bestera begiratu zuen eta etsipenez itxaroten geratu zen. Eskuarekin kolpe txikiak ematen zizkion balkoiko barandari. Itxaron zuen pixka bat gehiago, paper pixka bat xehatu zuen, barrura sartu, berriz atera, eta segidan, denbora apur bat basa ondoren, desagertu egin zen bat-batean, bere atzetik haserrearen haserreaz kontraleihoak itxiz. Ondorengo egunetan, behin eta berriz errepikatu zuen jokaera bera, baina agure txikiaren aurpegieran gero eta atsekabe eta nahasmen nabarmenagoa sumatzen zen. Aste baten buruan, alferrik egon zen Tarrou eguneroko agertzeari itxaroten eta leihoak setaz itxita geratu ziren ulertzeko modukoa den suminez. «Izurritealdian, debekatuta dago katuei txistu egitea», horixe zen liburuxkan ageri zen ondorioa.
Bestalde, Tarrou gauetan etxera sartzen zenean, bazekien ziur han bilatuko zuela atarian gauzainaren irudi iluna, gora eta behera paseatuz. Etengabean aritzen zen berau agertzen zen bakoitzari gainean zutena aldez aurretik iragarri zuela esaka. Tarrouk, ezbeharren bat iragarri zuela aitortzen bazion ere, lurrikararen ideia hura gogorarazten zionean, zaindari zaharrak hauxe erantzuten zion: Ai! Lurrikara izan balitz! Astindu eder bat eta akabo!... Hildakoak kontatu, bizirik daudenak kontatu, eta hor bukatzen duk gazta. Gaixokeria zerri hau, horratik! Ez dutenak ere beren bihotzetan zeramakitek.»
Zuzendaria ere guztiz abaildurik zegoen. Hasieran, bidaiariek, hiritik irten ezinik, hotelean geratu ziren hiria itxita zegoenez gero. Baina pixkanaka-pixkanaka, epidemia luzerako zela eta, asko izan ziren lagunen etxetan geratu zirenak. Eta hoteleko logela guztiak beteta egotearen arrazoi berberagatik joan ziren husten handik aurrera, ez baitzen gure hirira bidaiari berririk etortzen. Tarrou zen alokatzaile bakarrenetakoa eta zuzendariak behin eta berriz azaltzen zion azken bezeroei atsegin emateagatik izan ez balitz, aspaldi itxi izango zuela hotela. Sarritan galdetu ohi zion Tarrouri, bere ustez noiz arte iraungo ote zuen: «Esaten dutenez, azaltzen zion Tarrouk, hotza eritasun hauen kontrakoa omen da». Zuzendaria erotu beharrean jartzen zen: «Jauna, inoiz ez du benetako hotzik egiten hemen, ordea. Dena dela, oraindik hilabete batzuk pasa beharko dute.» Etsita zegoen, bestalde, luzaroan egongo zirela bidaiariak hirira etorri gabe. Izurriteak turismoaren hondamena ekarriko zuen.
Restaurantean, denboraldi labur batean etorri gabe egon ondoren, han azaldu zen M. Othon, gizon-hontza, baina atzetik hezitako bi txakur bakarrik zituela. Berria jakin zuenean, emaztea, bere ama zaintzen aritu eta lurra eman ondoren, berrogeialdian omen zegoen une hartan.
— Ez dut batere ondo ikusten hori —esan zion zuzendariak Tarrouri. Berrogeialdia egon ala ez, susmopekoa izango da beti, eta, beraz, baita beste hauek ere.
Tarrouk azaldu zion, gauzak horrela ikusita, mundu guztia egongo zela susmopean. Baina besteak fermu eutsi zion bereari eta gai horretan ikuspegi sendoa zuen:
— Ez, jauna, ez zu eta ez ni, ez gara susmagarriak. Haiek bai.
Ez zen M. Othon halako huskeria batengatik aldatuko eta, oraingoan, alferrik zebilen izurritea haren gastuaren atzetik. Ohiko modura sartu zen restauranteko gelan, seme-alaben aurrean eseri zen eta esaera dotoreak eta bortitzak zuzentzen zizkien. Mutikoa zen itxuraz aldatuta zegoen bakarra. Ahizpa bezala beltzez jantzita, apur bat berekoiago, aitaren itzal txikia zirudien. Gauzainak, M. Othon atsegin ez zuelarik, esana zion Tarrouri:
— A! birigarro halakoa, jantzita lehertuko duk. Horrela, txukundu beharrik ere ez. Han joango duk zuzen asko.
Aita Panelouxen sermoia ere jasota zegoen oharkizunetan, baina ondorengo iruzkinekin batera: «Ulertzen dut gartsutasun xelebre hori. Erraustaldien hasieran eta bukatzen direnean, beti egin ohi da erretorika pixka bat. Lehenengo kasuan, ohitura ez da oraindik galtzen eta, bigarrengoan, berriro berreskuratzen da. Zoritxarraren momentuan ohitzen gara egiara, hau da, isiltasunera. Itxaron dezagun.»
Azkenik, Rieux doktorearekin izandako elkarrizketa luze baten berri ematen zuen Tarrouk, horri buruz gogoratzen zuen gauza bakarra emaitza onak jaso izana zelarik. Azpimarratzen zuen, gai horrekin lotuta, Mme Rieux amaren begien kolore arre argia, horrelako zintzotasuna ageri zuen begiradak izurritea hain indartsuagoa izango zela beti adierazten zuen, eta pasarte nahiko luzeak eskaintzen zizkion bukatzeko Rieuxek zaindutako asmatiko zaharrari.
Hura ikustera joan zen behin, doktorearekin batera, elkarrizketa ondoren. Irribarretxo eta esku igurtziera artean hartu zuen Tarrou agureak. Ohean zegoen, burukoari erantsita, bi garbantzu eltzeen gainera: «A! beste bat al dugu orain —esan zuen Tarrou ikustean—. A zer mundu aldrebesa, gaixo baino mediku gehiago. Gauzak azkar al doaz, gero? Apaizak arrazoi du, ondo merezia daukagu.» Hurrengo egunean, abisatu gabe azaldu zitzaion berriz ere Tarrou.
Bere liburuxketan dioenari sinetsi behar badiogu, asmatiko zaharrak, osasun egoera zela eta, ordura arte nahikoa egin zuela erabaki zuen berrogeita hamar urte konplitzerakoan. Etzan zen eta ez zen gehiago jaiki. Bere asma, dena dela, areagotu egiten zen zutik egoterakoan. Errenta txiki bati esker iritsi zen hirurogeita hamabost urtetara, alaikiro eramandakoak. Ezin zuen aurrean erlojurik ikusi eta, beraz, bat bera ere ez zegoen etxe osoan. «Erlojua —zioen—, garestia da eta ergela gainera». Denbora neurtzeko, eta bazkaltzeko garaia jakiteko batik bat, huraxe baitzen axola zitzaion gauza bakarra, bi eltzeen bidez moldatzen zen, bata beteta izaten zuelarik esnatzerakoan. Betetzen zuen bestea, garbantzuz garbantzu, mugimendu saiatu eta erregularrez. Hala bilatzen zituen erreferentziak eltzearen neurri ra antolatutako egunean. «Hamabost eltzekada betetzerakoan —zioen—, zerbait jan behar izaten dut. Oso erraza da.»
Emazteari sinetsi behar badiogu, bestalde, gazte-gaztetandik azaldu omen zuen joera hori. Hala, sekulan ez zin ezerk axola izan, ez lanak, ez lagunek, ez kafeak, ez musikak, ez emakumeek, ez pasealdiek. Sekulan ez zen hiritik irten, egun bat kenduta, familiako asunto batzuek Algerrera joatera behartu baitzuten. Oranetik atera eta hurrengo geltokian jaitsi zen, abentura hartan urrutirago jarraitu ezinik. Lehenengo trena hartu eta etorri zen berriz etxera.
Tarrouk, haren etxe barruko bizimodua ikusirik harridura azalduz, aditu zituen besteak esaten zizkionak, alegia, erlijioaren arabera, gizonaren bizitzaren lehenengo erdia goraldia omen zela eta beste erdia beheraldia, beheraldikoak ez omen zeuden gizonaren esku, edozein momentutan eraman zezaketela, ezin zuela beraz ezertxo ere egin eta gauzarik onena, hain zuzen ere, ezer ez egitea zela. Ez zien beldur, bestalde, kontraesanei, zeren esana baitzion arestian Tarrouri Jainkorik ez zela segur aski, bestela, apaizak alferrikakoak izango bailirateke. Tarrou konturatu zen filosofia hau parrokiako eskaera ugariek eragiten zioten umorearekin lotuta zegoela. Itxuraz erroturik zuen desio batek osatzen zuen agureari buruzko azalpena, hainbat alditan solaskideari adierazi baitzion: oso zahar espero zuen hiltzea.
«Santua ote da?» —galdetzen zion Tarrouk bere buruari. Eta erantzuten zion—: «Bai, santutasuna aztura multzo bat den neurrian.»
Baina, aldi berean, izurriteak erasotako hiriko egun baten azalpen xehetsuari heldu zion eta, honela, uda hartan gure hiritarrek zeramaten bizimoduari eta zereginari buruzko adierazpena ematen digu: «Mozkorrez gain, ez du beste inork barrerik egiten —zioen Tarrouk—, eta haiek barre gehiegi egiten dute.» Ondoren, adierazpenari heltzen zion:
«Goizean goiz, haize ufako arinek zeharkatzen dute hara eta hona oraindik ere hutsik dagoen hiria. Gaueko hildakoen eta eguneko hilzorian daudenen arteko ordu honetan, badirudi izurriteak bere ekinaldiari eten egiten diola lipar batean eta arnasa hartzen duela. Denda guztiak itxita daude. Baina zenbaitzuetan bertan idatzitako "Izurritearengatik itxita" esaerak garbi adierazten du ez dituztela besterekin batera ateak zabalduko. Egunkari saltzaileek, oraindik ere lokarturik, ez dituzte berriak aldarrikatzen, baizik eta, kale bazterretan itsatsita, farolei eskaintzen dizkiete beren salgaiak ameslarien imintzioak eginez. Berehala, lehenengo tranbiekin esnaturik, hiri osoan zehar barreiatuko dira, "Izurritea" hitza nabarmentzen duten orriak besoa luzatuz eskainiz. "Izurriaren menpeko udazkena izango ote? B... profesoreak hau erantzun du: Ez." "Ehun eta hogeita lau heriotza, hau da izurritearen menpeko laurogeita hamalaugarren eguneko balantzea".
»Nahiz eta paperaren krisialdi geroz eta gogorrago baten erdian egon, hainbat egunkari orrialde kopurua urritu beharrean izan direlarik ere, egunkari berria plazaratu da: "Epidemiaren Korreoa". Bere xedeak hauek dira: "gure hiritarrei informatu, objektibotasun zehatz baten arduraz, eritasunaren aurrerakada edo beherakaden berri emanez; epidemiaren etorkizunari buruzko itzal handieneko aburuak eskaini; bere zutabeen laguntza errauspenaren aurka egiteko prest dauden nahiz ezagun edo ezezagun orori eskaini; biztanleriaren moralari eutsi, agintarien esanak azaldu eta, hitz batean esateko, borondate on guztiak bateratu gaitzaren erasoari modu eraginkorrez aurre egiteko". Egiaz, laster mugatu da egunkari hau izurritik babestuko gaituzten produktu berrien iragarkiak argitaratzera.
»Goizeko seiak aldera, egunkari guzti hauek, ateak zabaldu baino ordu bete lehenagotik, denden sarreratan sortzen diren errenkadetan saltzen hasten dira, eta ondoren, hiringurutik, lehertu beharrean datozen tranbietan. Tranbiak dira orain garraiorako baliabide bakarrak eta nekez dabiltza, jendez gainezka, estriboak eta barandak apurtzeko zorian. Gauza bitxia da, haatik, nola bidaiari guztiek ahal duten neurrian bizkar ematen duten elkarren arteko kutsapena saihesteko. Geltokietan, aldendu eta bakarrik ibiltzearren presaka dabiltzan gizon eta emakumezko zama husten dute tranbiek. Sarritan sortzen dira sesioak, kronikoa egin den umore txarraren kausa bakarraz.
»Lehenengo tranbiak pasa direnean, hiria esnatzen joaten da astiro, astiro, lehenengo garagardotegiek zabaltzen dituzte ateak, kartelez betetako barren aurrean: "Ez dago kaferik", "Azukrea ekarri", etab. Ondoren, dendak irekitzean, kaleak bizitu egiten dira. Aldi berean, argia indartu eta beroak beruntzen du pixkanaka uztaileko zerua. Ordu honetan ausartzen dira zereginik ez dutenak boulevardetan barrena. Badirudi gehienek beren luxuaren agertzearekin saiatu nahi dutela izurria uxatzen. Egunero, hamaikak aldera, kale nagusietan zehar, han ibiltzen dira joan-etorrian neska-mutilak, ezbehar handien baitan hazten den bizitzeko grina ezagun dutelarik. Epidemia hedatuko balitz, moralak ere lizunkeriara joko luke. Berriz ere ikusiko ditugu saturnotar milandarrak hilobien inguruan.
»Eguerdian, restauranteak itsumustuan betetzen dira. Azkar asko, lekurik bilatu ez dutenek talde txikiak osatzen dituzte atean. Zeruan argia indarra galtzen hasten da bero larregi dagoelako. Toldo handien itzalpean, bazkaltzeko asmoa dutenek beren txandari itxoiten diote, eguzki galdatan dagoen kale ertzean. Restauranteak beteta baldin badaude, askorentzat horniduraren arazoa errazagoa delako da. Baina bere horretan uzten dute kutsapenaren izumena. Mahaikideek minutu luzeak pasatzen dituzte mahai tresnak egoharriz garbitzen. Orain dela gutxi, zenbait restaurantek hau iragartzen zuten: "Hemen, mahai tresnak irakinda daude". Baina pixkanaka-pixkanaka, alde batera utzi behar izan zituzten iragarkiak, bezeroak etortzera behartuak baitzeuden. Bezeroek, bestalde, gogotik gastatzen dute. Ardo onak edo horrela iritzitakoak, gehigarririk garestienak, neurririk gabeko lehia baten hasiera da. Badirudi jendea izutu egin dela restaurante batean ondoezak hartutako bezero bat zurbildurik, aulkitik altxa, zabuka egin eta irteerara lasterkan joan denean.
»Ordu biak aldera, hiria husten joaten da pixkanaka eta isiltasunak, hautsak, eguzkiak eta izurriak elkar topo egiten duten ordua izan ohi da. Etxe handi eta grisen aurretik etengabeko beroa jariatzen da. Atxilopeko ordu luzeak izan ohi dira, hiri alai eta berritsuaren gainera gau kiskaldua jauzten denean bukatzen direnak. Beroaldiaren lehenengo egunetan, aldian behin, eta zergatik gertatzen ote zen jakin gabe, hutsik geratzen ziren kaleak. Orain, ordea, atsedenaldi bat ekartzen du lehenengo hozkirriak, itxaropenik ez bada ere. Kalera jaisten dira orduan denak, aspertu arte hitz egiten dute, errietan ari edo elkar deseatzen dute eta uztaileko eguzki gorriaren pean hiria, bikotez eta zarataz zamaturik, gau atsalkorrerantz bideratzen da. Alferrik ibiltzen da gauero bulevardetan barrena argitasunak ukitutako agure bat, txanbergoa eta txalina daramatzala, jendetzaren artetik etengabean errepikatuz: "Jaungoikoa handia da, zoazte beregana". Aitzitik, gutxi ezagutzen duten edo Jainkoa baino premiazkoagoa den zerbaitetara jotzen dute. Hasieran, beste edozein eritasunen antzekoa zela uste zutenean, erlijioa bere lekuan zegoen. Baina gauza larri ikusi dutenean, gozamenarekin gogoratu dira. Egunez, aurpegietan ageri den bihotz-estura, asaldura zoroan, herri osoa sukartzen duen askatasun baldarrean bilakatzen da orain, hautsez betetako ilunabar kiskalgarrian.
»Eta neu ere, haiek bezalakoa naiz. Baina, tira! heriotza ez da ezer nire moduko gizonentzat. Arrazoi ematen dien gertaera bat baino ez da.»
Tarrou izan zen bere liburuxketan azaltzen duen elkarrizketa Rieuxi eskatu ziona. Rieux itxaroten ari zitzaion gaualde hartan. Bazter batean aulkian eratsu eserita zegoen amari begira ari zitzaion doktorea. Han pasatzen zituen egunak etxea txukuntzetik libratzen zenean. Eskuak belaunen gainean jarrita, itxaroten zegoen. Ez zekien zuzen Rieuxek zeri itxaroten zion. Baina, hala ere, zerbait aldatzen zen amaren aurpegian hura azaldu orduko. Lanean emandako bizitza oso batek eragindako isiltasun kutsua animatzen ari zela zirudien orduan. Ondoren, isilik geratu zen berriro. Arratsalde hartan, leihotik begira ari zen, ordurako jendez hustuta zegoen kalera. Gaueko argia bi herenetan murriztua zuten. Eta, lantzean behin, farola ahul batek distira batzuk sortzen zituen hiriko itzaletan.
— Argia murriztuta utzi behar ote dute izurrialdi osoan? —esan zion Mme Rieuxek.
— Segur aski.
— Negura arte ez al du iraungo, behintzat. Tristea izango litzateke.
— Bai —esan zion Rieuxek.
Amaren begirada sumatu zuen kopetan. Bazekien azken egunetako kezkak eta akidurak arrastoa utzi ziotela aurpegian.
— Gauzak ez al doaz ondo gaur? —esan zion Mme Rieuxek.
— Beti bezala.
Beti bezala! Horrek esan nahi zuen Parisetik bidalitako suero berriak lehenengoak baino eragin gutxiago izango zuela itxuraz eta estatistikak goraka zihoazen. Ez zegoen beti ordurako kutsatuta zeuden familiez gain suero prebentiboak beste inori inokulatzeko aukerarik. Kopuru izugarria beharko litzateke haren erabilpena guztiengana zabaltzeko. Buboi gehienak ebaki ezinezkoak ziren, gogortzeko garaia etorri izan balitz bezala, eta oinaze handiak sortzen zizkien eriei. Bezperatik, epidemiaren forma berri bateko bi kasu izan ziren hirian. Izurria biriketakoa bilakatu zen orduan. Egun berean, bilera batean zeudela, nekez leher egindako medikuek, nora jo ez zekien prefetaren aurrean, neurri berriak hartzea eskatu eta lortu zuten, biriketako izurrian ahoz aho gertatu ohi den kutsapenari aurre egiteko. Ohi bezala, deus ez zekiten.
Amari begiratu zion. Begirada marroi ederrak eztitasunaren urteak gogora ekarri zizkion.
— Beldur al zara, ama?
— Nire edadean, gauza gutxi dago beldurra emango digunik.
— Egunak luzeak dira eta ez naiz behin ere hemen egoten.
— Ez zait axola itxaroteak etorriko zarela baldin badakit. Eta ez zaudenean, zertan ari ote zaren pentsatzen egoten naiz. Berririk ba al duzu?
— Bai, gauzak ongi doaz, azken telegramari sinetsi behar baldin badiogu. Baina badakit berak lasaitzearren esaten didala esaten didana.
Ateko tinbreak jo zuen. Doktoreak irribarre egin zion amari eta atea irekitzera joan zen. Tranpaleko erdi itzaletan, grisez jantzitako hartza handi baten tankera zuen Tarrouk. Rieuxek bere mahai aurrean eseri arazi zuen bisitaria. Zutik geratu zen bera siloiaren atzean. Gelan, mahai gainean zegoen piztutako lanpara bakarrak bereizten zituen.
— Badakit —esan zion aitzin solasik gabe—, gauzak zuzenki esan diezazkizudala.
Reiuxek baietz esan zion isiltasunez.
— Hamabost egun edo hilabete baten buruan, ez duzu inolako zereginik izango hemen, gertakizunek gainditu egingo zaituzte.
— Egia da —esan zion Rieuxek.
— Osasun zerbitzuaren antolaketa oso marra da. Gizon eta denbora faltan zabiltzate.
Rieuxek hau ere egia zela aitortu zion.
— Jakin izan dut prefekturak halako zerbitzu zibil bat antolatzeko asmotan dabilela gai diren gizonak salbamendu orokorrean parte hartzera behartzeko.
— Ondo informatuta zaude. Baina kezka handia sortu du jadanik eta prefeta zalantzan dabil.
— Zergatik ez dituzte borondatezkoak eskatzen?
— Eskatu dituzte, baina erantzun eskasa jaso dute.
— Bide ofizialez egin dute, nolabait sinesmenik gabe. Irudimena da falta zaiena. Ez daude errauspenaren mailan. Eta pentsatzen dituzten konponbideak apenas heltzen dira katarro baten pareraino. Aurrera egiten uzten badiegu, betirako galduko dira eta haiekin batera baita gu ere.
— Litekeena da —esan zion Rieuxek—. Presoekin ere pentsatu dutela esan beharrean nago, lan handiak deituko geniokeen zeregin horietarako.
— Nahiago nuke gizon libreak izango balira.
— Baita nik ere. Baina, azken finean, zergatik?
— Izutu egiten naute heriotzara kondenatutakoek. Rieuxek begiratu egin zion Tarrouri:
— Eta, beraz?
— Beraz, antolaketa plan bat badut buruan borondatezko osasun taldeetarako. Emadazu baimena horretaz arduratzeko eta utz dezagun administrazioa alde batera. Bestela ere, nahiko gaindituta dago. Lagunak baditut han eta hemen, eta hauek osatuko dute lehenengo nukleoa. Eta, jakina, neuk ere parte hartuko dut.
— Entzun ondo —esan zion Rieuxek—, dudarik ez izan atseginez onartzen dudala. Laguntzaren beharra dugu, batik bat zeregin honetan. Nire kontu asmo hori prefekturak onar dezan. Bestela ere, ez dute aukerarik. Baina...
Rieux pentsatzen ari zen.
— Baina lan horrek heriotzara eraman zaitzakete, jakin ezazue ondo. Eta edozein aldetara, argi eta garbi adierazi beharrean nago. Ondo pentsatu al duzue?
Tarrouk bere begi grisekin begiratzen zion.
— Zein da Panelouxen gain duzun iritzia, doktore?
Naturaltasunez egin zion galdera eta Rieuxek ere naturaltasunez erantzun zion.
— Denbora gehiegi eman dut ospitaletan zigor kolektiboaren ideia aintzat hartzeko. Baina, badakizu, sinestunek horrela hitz egiten dute noizean behin, egiaz horrela pentsatu gabe. Azaltzen diren baino zintzoagoak dira.
— Dena dela, Panelouxen modura, zeuk ere izurriteak baduela ongarritasunik pentsatzen duzu, begiak zabaltzen dituela, pentsatzera behartzen duela!
Doktoreak buruari eragin zion ezinegonez.
— Mundu honetako eritasun guztiek bezala, hain zuzen ere. Baina mundu honetako gaitz guztietan egia dena egia da ere izurriarentzat. Horrek zenbaitzuk goresteko balio dezake. Dena dela, sortzen duen miseria eta oinazea ikusirik, eroa, itsua edo koldarra izan behar izurri pean etsitzeko.
Rieuxek pixka bat baizik ez zuen altxa ahotsa. Baina Tarrouk keinu bat egin zuen eskuarekin lasaitu asmoz edo. Irribarrez zegoen.
— Bai —esan zion Rieuxek sorbalda jasoz—. Baina ez didazu erantzun. Ondo pentsatu al duzu?
Tarrou apur bat tentetu zen siloian eta argitara aurreratu zuen burua.
— Jainkoarengan sinesten al duzu, doktore?
Galdera hau ere naturaltasunez egina zuen. Oraingoan, ordea, zalantzan zegoen Rieux.
— Ez, baina zer esan nahi du horrek? Gau ilunean nabil, eta argi ikusten saiatzen naiz. Ez diot horri aspalditik apartekorik ikusten.
— Ez ote da hori Panelouxengandik bereizten zaituena?
— Ez dut uste. Paneloux gizon jantzia da. Ez du nahiko heriotza ikusi eta horregatik mintzo da egia baten izenean. Baina bere parrokiakoak administratu eta hilzorian dagoenaren arnasa entzun duen mendialdeko apaizik xumeenak ere nik bezala pentsatzen du. Miseriaz arduratuko litzateke miseria horren bikaintasuna frogatzen saiatu baino lehen. Altxa egin zen Rieux, aurpegia itzalean zuen oraingoan.
— Utz dezagun hori —esan zion—, ez duzu erantzun nahi eta. Tarrouk irribarre egin zion siloitik mugitu gabe.
— Galdera batekin erantzun al dezaket?
Doktoreak berak ere irribarre egin zuen:
— Misterioa atsegin duzu —esan zion—. Bota.
— Hona hemen —esan zion Tarrouk—. Zergatik azaltzen duzu zeuk horrelako ardura Jainkoarengan sinesten ez baduzu? Zure erantzunak agian neroniri erantzuten lagunduko dit.
Itzaletik atera gabe, dagoeneko erantzuna emana zuela esan zion doktoreak, Jainko guztiz ahaltsu batengan sinetsiko balu, ez zituela gehiago gizonak zainduko, haren kontura utziko zituela. Baina ez zegoela inor munduan, ez, ezta Paneloux bera ere, horrelako Jainko batengan sinesten zuenik, zeren inor ez baita erabat erortzen utzikerian eta, horretan behintzat, bera, Rieux, egiaren ildotik zihoala ustez, berez kreazioa zen bezalako aurka eginez.
— A! —esan zion Tarrouk—, hori al da beraz lanari buruz zeure baitan duzun xedea?
— Gutxi gora behera —erantzun zion doktoreak argitara etorriz. Tarrouk txistu egin zuen astiro eta doktorea begira geratu zitzaion.
— Bai —esan zion—, honek du harrotasuna, pentsatuko duzu. Baina ez dut behar baino harrotasun gehiago, zaude ziur. Ez dakit zer dudan esperoan eta ezta guzti honen ondotik zer etorriko den ere. Momentuan hor daude eriak eta zaindu beharrean gaude. Ondoren, pentsatuko dute eta baita nik ere. Baina haiek sendatzea da premiazkoena. Haiek ahalik eta ongien babesten saiatzen naiz, horixe da guztia.
— Zertatik babestu?
Rieux leiho aldera jiratu zen. Itsasoa sumatzen zuen urrutira, ostertzaren kondentsazio ilunago batean. Nekea baino ez zuen nabaritzen eta aldi berean gizon berezi harengana pixka bat gehiago jotzeko bat-bateko eta arrazoi kontrako desioaren aurka egiten zuen, nahiz anaitasunez sentitzen bazuen ere.
— Ez dakit ezer, Tarrou, zin egiten dizut ez dakidala ezertxo ere. Lanbide honetan hasi nintzenean, halabeharrez egin nuen eta, edozein aldetara, horretarako beharra nuelako, bestelako egoeren antzekoa zelako, gazte jendeari bururatzen zaizkion horietakoa. Agian baita niretzat gauza zaila zelako ere, langile baten semea izaki. Eta ondoren heriotza ikusi behar izan dut. Ba al zenekien badela heriotzari uko egiten dion jendea? Entzun al diozu inoiz emakume bati: «Behin ere ez!» orro egiten hiltzeko momentuan? Nik, bai. Eta orduan jabetu nintzen ez nintzela sekulan ohituko. Gaztea nintzen eta nire nazka munduaren ordenan zuzenduta zegoela uste nuen. Ondoren, apalagoa bihurtu naiz. Ez naiz heriotza ikustera ohitu, besterik gabe. Deus ez dakit. Baina, hala eta guzti...
Rieux isildu eta berriro eseri zen. Ahoa lehorra sumatzen zuen.
— Hala eta guzti? —esan zion gozo Tarrouk.
— Hala eta guzti... —jarraitu zuen doktoreak, eta zalantzan zebilen, Tarrouri arretaz begiratuz—, zure moduko gizon batek uler dezakeen gauza da, alegia, munduaren ordena heriotzak araupetzen duenez gero, ez ote da agian hobe Jainkoarentzat berarengan ez sinestea eta ahalik eta indar handienez heriotzaren kontra borrokatzea, hura isiltasunean dagoen zero horretara begirik jaso gabe?
— Bai —onetsi zion Tarrouk—, ulertzen dizut. Baina zure garaipenak behin behinekoak izango dira beti, horixe bakarrik. Rieux harritu antzean geratu zen.
— Beti, badakit hori. Ez da borroka uzteko nahiko arrazoia.
— Ez, ez da arrazoia. Baina burura etortzen zait izurrite honek zer izan behar duen zuretzat.
— Ba, —esan zion Rieuxek—. Amaierarik gabeko porrota.
Tarrouk tinko begiratu zion une batez doktoreari, eta ondoren altxa eta ate aldera joan zen astun. Rieux atzetik joan zitzaion. Ondoan ziren jadanik Tarrouk, oinei begira antzean, esan zionean:
— Nork erakutsi dizu guzti hori, doktore?
Erantzuna berehala etorri zen.
— Miseriak.
Rieuxek bulegoko atea ireki zuen eta, pasilloan, bera ere jaitsiko zela esan zion Tarrouri, hiringuruko gaixo bat ikustera joan behar zuela eta. Tarrouk lagunduko ziola proposatu zion eta doktoreak onartu zuen. Pasilloaren bukaeran Mme Rieuxekin topo egin zuten eta doktoreak Tarrou aurkeztu zion.
— Lagun bat naiz —esan zion hark.
— Hara! —esan zuen Mme Rieuxek—, pozten naiz zu ezagutzeaz.
. Andrea joan zenean, Tarrou berriz bueltatu zen harengana. Tranpalean, alferrik saiatu zen doktorea argiaren minutaria martxan jartzen. Eskailerak gauean murgildurik zeuden. Bere buruari galdetu zion doktoreak ea neurri ekonomiko berri baten ondorioa ote zen hura. Auskalo. Denbora zeramaten, etxeetan eta hirian, dena puskatzen zela. Agian atezainen errua, hala nola hiritar guztiona, izan zitekeen ezertaz ez arduratzeagatik. Baina ez zuen denborarik izan doktoreak bere buruari galdezka jarraitzeko, Tarrouren ahotsa entzun baitzuen atzean.
— Beste gauza bat, doktore, ergelkeria iruditzen bazaizu ere: arrazoi osoa duzu.
Rieuxek sorbalda jaso zuen berekiko, ilunpe beltzean.
— Benetan, ezer ez dakit. Baina zuk, zer dakizu zuk?
— Tira! —esan zion besteak kezkatu gabe—. Gauza gutxi geratzen zaizkit niri ikasteko.
Doktorea gelditu zen eta Tarrouren hanka, bere atzean, labaindu egin zen maila batean. Rieuxen bizkarrari heldu zion Tarrouk.
— Bizitzaren gain, dena ezagutzen duzula uste al duzu? galdetu zion
Kalera irten zirenean, beranduegi zela konturatu ziren, hamaikak inguru. Hiria mutututa zegoen, zurrumurruz soilik beteta. Urruti urrutira, anbulantzia baten sirena hotsa entzun zuten. Kotxera igo ziren eta Rieuxek martxan jarri zuen.
— Ospitalera etorri beharko duzu bihar —esan zion—, badaezpadako txertoa hartzera. Baina, bukatzeko eta historia honetan sartu baino lehen, esan hirutik probabilitate bakarra duzula.
— Ebaluazio horiek ez dute zentzurik, doktore, nik baino hobeto dakizu hori. Orain dela ehun urte, izurrite batek Persiako herri bateko biztanle guztiak akabatu zituen, bat ezik, hain zuten ere etengabean lanean jardun zuen hildakoen garbitzailea.
— Hirugarren probabilitatea egokituko zitzaion, besterik gabe —esan zion Rieuxek, bat-bateko ahots apalagoz—. Baina egia da oraindik asko ikusi behar dugula horri buruz.
Hiringuruan zebiltzan dagoeneko. Farolek argiztatzen zituzten kale hutsak. Gelditu ziren. Autoaren aurrean, Rieuxek galdetu zion Tarrouri ea barrura sartu nahi zuen eta besteak baietz esan zion. Zeruko distirada batek argitu zizkien aurpegiak. Rieuxek, bat-batean, barre adiskidetsua egin zuen:
— Tira, Tarrou —esan zion—, zer da horretaz arduratzera bultzatzen zaituena?
— Ez dakit. Nire morala beharbada.
— Zer?
— Konprenitzeak.
Tarrou etxe aldera abiatu zen eta Rieuxek ez zion aurpegirik ikusi asmatiko zaharraren etxean sartu arte.
Hurrengo egunetik aurrera, Tarrou lanean hasi zen eta lehenengo taldea osatu zuen, haren atzetik beste asko sortuko zirelarik.
Ez da hala ere narratzailearen asmoa osasun talde hauei izan zutena baino garrantzi gehiago ematea. Bere lekuan egonda, egia da gure hiritar askok eta askok haien zeregina emendatzeko joeran eroriko zirela gaur egun. Baina narratzaileak joera handiago du pentsatzeko ekinaldi ederrei garrantzi gehiegi emanez gero, azken finean gaitzari zeharkako omenaldi kementsua eskainiko liokeela. Zeren ekinaldi ederrok bitxikeria izan diren neurrian dutela balioa ulertzen baita orduan eta gaiztotasunak eta axolagabekeriak uste baino maizago ematen diren motorrak direla gizonen jardunean. Horra hor narratzailearekin ados ez datorren ideia. Munduan dagoen gaitza ezjakintasunetik etorri ohi da ia beti, eta borondate onak gaiztotasunak adina kalte egin dezake, baldin eta argi eta garbi ez badago. Gizonak gehiago dira zintzoak zitalak baino, eta, egia esateko, ez da hori kontua. Baina ezjakinak dira neurri handiagoan edo txikiagoan, eta horri deritzo bertutea ala bizioa, biziorik etsipengarriena guztia jakin uste duenaren eta hiltzeko bere buruari baimena ematen dionaren ezjakintasuna delarik. Itsua da hiltzailearen arima eta ez dago benetako ontasunik ez maitasun ederrik ahalik eta argitasun handienez ikusten ez denean.
Horregatik juzgatu beharko lirateke Tarrouri esker sortutako osasun taldeak atsegin objektiboz. Horregatik ez dio narratzaileak bidezkoa den garrantzia, baizik irizten ez dion heroismoaren eta borondatearen kantu goraipagarriegia egingo. Baina izurriteak gure hiritar guztiez egin zituen bihotz urratu eta zorrotzen historialari izaten jarraituko du.
Bere burua osasun taldetarako eskaini zutenek ez zuten hain meritu handia hori egin zutenean, bai baitzekiten egin zitekeen gauza bakarra zela eta horretarako erabakia ez hartzea benetan sinestezina izango bailitzateke. Talde hauek izurritean lehenago sartzen lagundu zieten gure hiritarrei eta, gaitza hor zegoenez gero, egin beharrekoa egin behar zutela konbentzitu zituzten haren kontra joateko. Hala, izurria batzuen eginbeharra bilakaturik, benetan zen bezala azaldu zen, hau da, guztion arazo bezala.
Ondo dago hori. Baina ez zaizkio zorionak ematen irakasleari bi gehi bi berdin lau dela irakasteagatik. Lanbide eder hori aukeratzeagatik emango zaizkio zorionak agian. Esan dezagun beraz, goraipatzekoa dela Tarrouk eta besteek bi gehi bi berdin lau dela frogatzen saiatu izana eta ez alderantzizkoa, baina esan dezagun ere borondate on horrek irakaslearenarekin bat egiten zuela, irakaslearen bihotz bera duten guztiekin bat egiten zuen modura eta, gizonaren ohorez, uste dugun baino gehiago direla; hauxe da behintzat narratzaileak pentsatzen duena. Jabetzen da hau, bestalde, egin lekiokeen baino, alegia, gizon haiek bizia arriskuan jarri zutela. Baina beti heltzen da historian ordu bat, bi gehi bi berdin lau esatera ausartzen denari heriotzara zigortzen dutena. Ondo daki hori irakasleak. Eta ez da kontua zein den arrazoibide honi dagokion saria edo zigorra jakitea. Kontua da jakitea ea bi gehi bi, bai ala ez, lau diren. Bizia arriskuan jarri zuten gure hiritar haiek, erabaki beharra zuten ea, bai ala ez, izurritean zeuden eta ea, bai ala ez, haren aurka joan behar ote zuten.
Moralista berri asko atera ziren orduan gure hirian, esanez ezerk ez zuela ezertarako balio eta belauniko jarri behar genuela. Eta Tarrouk, eta Rieuxek, eta hauen lagunek hau edo bestea erantzungo zieten, baina ondorioa beraiek bazekitena zen betiere: modu batera edo bestera borroka egin beharra zegoela eta ez belauniko jarri. Arazo guztia ahalik eta gizon gehienak heriotzatik eta betirako bereiztetik aldentzea zen. Horretarako ez zegoen izurriari aurre egiteaz beste biderik. Egia hau ez zen miresteko modukoa, ondorioa baizik.
Horregatik zen naturala Castel zaharrak bertan sueroak fabrikatzen hasi izana bere konfiantza eta kemen osoz, eskura zituen materialekin. Rieux eta berak espero zuten horrela hiri osoa kutsatzen zuten mikrobioekin egindako kultiboez fabrikatutako sueroek kanpotik etorritakoek baino eragin zuzenagoa izango zutela, mikrobioa klasikoki definitu ohi den izurriaren baziloaren aldean desberdin samarra baitzen. Lehenengo sueroa nahiko azkar lortuko zuela espero zuen Castelek.
Horregatik zen naturala ere Grandek, inolako heroi tankerarik ez zuenak, oraingoan osasun taldeen nolabaiteko idazkaritza bat bermatu izana. Hala, Tarrouk osatutako talde batzuek prebentziorako laguntza lanetan ziharduten gainpopulatutako auzoetan. Beharrezkoa zen higienea ezartzen saiatzen ziren, desinfekzioak bisitatu gabeko ganbaren eta sotoen kontaketa egiten zuten. Beste talde batzuk medikuekin batera joaten ziren etxetako bisitaldietan, izurriak jotakoen garraiaketa bermatzen zuten, eta, ondorioz, pertsonal berezirik ez zegoenean, erien eta hildakoen ibilgailuak gidatzen zituzten. Guzti horrek Grandek bere gain hartu zuen erregistro eta estatistika lana eskatzen zuen.
Gauzak alde honetatik ikusita, eta Rieux eta Tarrou baino gehiago, Grand zen, narratzailearen ustetan, osasun talde hauek bultatzen zituen bertute lasai haren egiazko ordezkaria. Zalantzarik gabe eman zuen baietza, berezkoa zuen borondate onez. Lan txikitan erabil zezatela, horixe bakarrik eskatu zuen. Zaharregia zegoen beste lanetarako. Arratsaldeko seietatik gaueko hamarrak arte, eskaini zezakeen bere denbora. Eta Rieuxek esker beroak eman zizkionean, harrituta geratu zen: «Ez da hori zailena. Izurritea hor dago, defenditu beharrean gaude, argi dago gauza. Ai! dena hain erraza balitz!». Eta bere esaldiari ekiten zion. Noizean behin, gauetan, fitxen lana bukatzerakoan, Rieuxek solasean jarduten zuen Grandekin. Azkenean Tarrou ere solasaldian sartu zuten eta gero eta atsegin nabarmenagoz azaltzen zitzaien konfiantzaz bere adiskideei. Arduraz jarraitzen zioten azken hauek Grandek izurritearen erdian aurrera zeramakien lanari. Haiek ere, azkenerako, nola halako atsedenaldia bilatu zuten horretan.
«Zer moduz dabil amazona?» galdetzen zion sarritan Tarrouk. Eta Grandek ezinbestean erantzuten zion: «Trostan dabil, trostan dabil», irribarre zailez. Gau batean, bere amazonarentzat «dotore» izenlaguna betirako baztertu zuela esan zuen Grandek eta handik aurrera «lerden» bezala kalifikatuko zuela. «Zehatzagoa da», gehitu zuen. Beste batean, horrela aldatutako esaldia irakurri zien bi entzuleei: «Maiatzeko goiz eder batean, amazona lerden bat, behor alazan bikain baten gainean, han-hemenka zebilen Bulogneko Basoko etorbidetan barrena.»
— Ez al da egia? —esan zien Grandek—. Hobeto dago eta nahiago izan dut: «Maiatzeko goiz batean» jarri, «maiatzeko hilabeteko» horrek pixka bat luzatu egingo bailuke trostaldia.
Oso kezkaturik azaldu zen ondoren «bikain» izenlagunarekin. Ez zen adierazgarria, bere ustetan, eta buruan zerabilkien behor handiosoa bat-batean fotografiatuko lukeen hitzaren bila ari zen. «Mardula» ez zegokion, zehatza zen, baina erdeinagarri samarra. Momentu batean tentatuta egon zen «distirakorra» jartzeko, baina erritmoa ez zen egokia. Gau batean, aurkitu zuela azaldu zuen garaile: «Behor beltz alazana.» Belztasunak dotorezia agertzen zuen zuhurki, berak zioenaren arabera.
— Hori ez da posible —esan zion Rieuxek.
— Zergatik?
— Alazanak ez du arraza adierazten, baizik eta kolorea.
— Zein kolore?
— Beno, beltza ez den beste kolore bat, alegia!
Grand zeharo hunkituta geratu zen.
— Eskerrik asko —zioen—, hemen zinen, zorionez. Ikusten duzu zenbateraino den zaila.
— Zer deritzozu «arranditsua»? —esan zion Tarrouk. Grandek begiratu egin zion. Gogoetan jardun zuen:
— Bai —esan zion—, hori da!
Eta irribarrea etorri zitzaion astiro-astiro.
Handik denbora pixka batera, «loretsuak» hitzak traba egiten ziola aitortu zuen. Oran eta Montélimar kenduta besterik ezagutzen ez zuenez gero xehetasunak eskatzen zizkien noizean behin lagunei Boulogneko Basoko etorbideak nola egoten ziren loretan jakin asmoz. Zuzen esateko, ez ziren Rieux eta Tarrou inoiz konturatu horrela egon zitezkeenik, baina enplegatuaren sinesmenak dudatan uzten zituen. Zut eta lur geratzen zen hau beraien jakin ezaren aurrean. «Artistek baino ez dakite ikusten.» Behin, ordea, zeharo asaldaturik bilatu zuen doktoreak. «Loretsuen» ordez «lorez betetako» jarria zuen. Eskuak igurtziz zebilen. «Azkenean ikusten dira, sumatzen dira. Kendu sonbreiruak, jaunak!» Garaile moduan irakurri zuen esaldia: «Maiatzeko goiz eder batean, amazona lerden bat, behor alazan arranditsu baten gainean, han-hemenka zebilen Boulogneko Basoko lorez betetako etorbidetan barrena.» Baina, ozen irakurtzerakoan, esaldiaren bukaeran zeuden hiru lekutasunezkoek doinu gogaikarria zuten eta hitz totel samarrak irten zitzaizkion Grandi. Eseri egin zen, etsiturik. Ondoren, alde egiteko baimena eskatu zion doktoreari. Gogoetan jardun beharra zuen.
Garai hartan, gerora jakin zuten bezala, oharkabeko portaerak izan zituen bulegoan, tamalgarritzat hartu izan zituztelarik udaletxeak, langileria murrizturik, eginbehar lehergarriei aurre egin behar zien momentu hartan. Zerbitzuaren kalterako izan zen eta bulegoko buruak aurpegira bota zion zorrotz, hain zuzen betetzen ari ez zen betebeharrarengatik ordaintzen ziotela gogoratuz. «Badirudi, lanetik kanpo, osasun taldeekin borondatezko zerbitzuak egiten jarduten duzula —esan zion bulego buruak.» Hori ez da niri dagokidana. Baina bai zure lana, hori bai niri dagokidala. Eta egoera ikaragarri honetan baliagarri izatekotan, zure lana ongi egitea da lehenengo modua. Bestela, ondorengoak ez du ezertarako balio.
— Arrazoi du —esan zion Grandek Rieuxi.
— Bai, arrazoi du —onetsi zuen doktoreak.
— Baina burua joan egiten zait eta ez dakit nondik irten nire esaldiaren bukaeratik.
«Boulogneko» kentzea pentsatu zuen, mundu guztiak ulertuko zuelakoan. Baina orduan esaldia «lore» hitzarekin lotu antzean geratuko zen, berez «etorbide» hitzari bazegokion ere. Beste hau idaztea ere bururatu zitzaion: «Lorez beteta zeuden Basoko etorbidetan». Baina «Basoko» zegoen bezala, halamoduz aditz baten eta izen baten tartean sartuta, haragian sartutako arantza bezala egiten zitzaion. Zenbait gauetan, zinez Rieuxek baino neke itxura handiagoa ageri zuen.
Bai, osoki bereganatzen zuen bilaketa harengatik akiturik zegoen, baina ez zituen horregatik osasun taldeek behar zituzten batuketak eta estatistikak alde batera uzten. Arratsaldero, pazientziaz, garbira pasatzen zituen fitxak, kurbekin osatzen zituen eta estatuak ahalik eta zehaztasun handienez aurkezten saiatzen zen. Maiz sarritan, Rieuxekin biltzen zen ospitale batean edo bestean eta mahai bat eskatzen zion edozein bulego edo gaixo-gelatan. Han jartzen zen bere paperekin, hain zuzen udaletxeko mahaian jartzen zen modura, eta desinfektante eta eritasun beraren aire lodian, orriak astintzen zituen tinta lehortzearren. Zintzo jokatuz, bere amazonarengan ez pentsatzen saiatzen zen eta egin behar zuena soilik egiten.
Bai, egia baldin bada gizonek heroi izena ematen dieten adibide eta ereduak proposatzeko joera dutela, eta behar beharrezkoa baldin bada historia honetan horietako bat egon dadin, narratzaileak heroi xume eta ilun hau proposatuko du hain zuzen ere, bere buruarentzat bihotzean borondate on pixka bat eta helburu barregarri antzekoa zuena. Horrek emango dio egiari berez dagokiona, bi gehi bi batuketari lauko emaitza, eta heroismoari berezkoa izan behar lukeen bigarren mailako lekua, hain zuzen zoriontasunaren eskuzabaltasunezko exijentziaren justu atzetik, eta inoiz ere ez aurretik. Horrek emango dio kronikari ere bere izaera, sentipen zintzoen bidez burututako harremanena alegia, hau da, zitalkeria nabarmenak edo ikuskizun modu zitalaren arabera sustagarriak diren sentipenak.
Iritzi honetakoa azaltzen zen behintzat Rieux doktorea, atzerriko munduak izurripean eroritako hiriari bidaltzen zizkion adore hitzak eta animoak egunkarietan irakurtzen edo irratian entzuten zituenean. Airez eta errepidez bidalitako sorospenarekin batera, gauero, irrati uhinetan edo egunkarietan, gupidazko edo goraipamenezko adierazpenak heltzen ziren ordurako hutsik egon ohi zen hirira. Eta aldi bakoitzean, epopeia edo hizketaldi doinuak ezinegonez jartzen zuen doktorea. Bazekien, noski, ardura hura ez zela azalekoa. Ezin zuten, ordea, gizonak gizadiarekin lotzen dituen gauza guztiak adierazten saiatzen diren mintzaira arruntaren bidez baino adierazi. Eta mintzaira hori ezin zitekeen Granden eguneroko ahaleginei aplikatu, esate baterako, ezin zitekeelarik jabetu horrela Grand izurritearen erdian egotearen esan-nahia.
Gauerdian, noizean behin, ordurako hutsik egoten zen hiriko isiltasun handian, lo eskasegia egiteko ohera sartzerakoan, irratiaren botoia jiratzen zuen doktoreak. Eta munduko bazterretatik, milaka eta milaka kilometrotan zehar, ahots ezezagun eta anaiartekoek baldarki saiatzen ziren beren elkartasuna azaltzen, eta azaltzen zuten, zinez, baina baita aldi berean frogatu ere ikusi ezin duten oinazean egiazko kide izan nahi duten kide guztiak sumatu ohi duten ezintasun ikaragarria. «Oran! Oran!» Alferrik zeharkatzen zituen dei horrek itsasoak, alferrik zegoen Rieux erne, handik pixka batera mintzo ederrak gora egiten zuen eta are nabarmenago azaltzen Granden eta hizlariaren arteko arroztasuna. «Oran! bai, Oran!» Baina, ez, pentsatzen zuen doktoreak, elkar maite ala hil, ez dago beste irtenbiderik. Urrutiegi daude.
Eta Rambert bezalako azken pertsonek, zoriona bilatu eta edozein erasotatik defendatzen zuten beren zati hura izurritetik aldentzearren egiten zituzten ahalegin luze, monotono eta etsipenduak dira, hain zuzen ere, izurritearen gailurrera heldu baino lehen azaltzear daudenak, errauspenak hiriaren gainera oldartzeko eta betirako nagusitzeko indar guztien bila ari zen bitartean. Hura zuten menpekotasun mehatxagarriari aurre egiteko modua, eta nahiz eta, itxuraz, ukazio hura bestea baino eraginkorragoa izan ez bazen ere, narratzailearen ustetan bazuen hark bere arrazoia eta bermatzen zuen bide batez ere, bere handikeria eta kontraesanetan, gutako bakoitzarengan orduan zegoen harrokeria.
Rambert borrokan zebilen izurriteak ingura ez zezan. Legearen bidetik hiritik ateratzerik izango ez zuela froga garbia izanik, erabakia zuen, Rieuxi esana zion bezala, bestelakoez baliatzea. Kafeetako zerbitzariengandik hasi zen kazetaria. Kafeetako zerbitzariek dena jakiten dute. Baina galdezka hasi zenean, lehenengoek gehiago zekiten horrelako ekintzak egiteagatik nolako zigor larriak etor zitezkeenari buruz. Kasu batean, probokatzailetzat ere hartu izan zuten. Cottardekin topo egin behar izan zuen Rieuxen etxean pixka bat aurreratzeko. Egun hartan, Rieux eta beta hitz egiten egonak ziren kazetariak administraziotan burututako alferrikako gestioak zirela eta. Handik egun batzuetara, Cottardek topo egin zuen Rambertekin kalean, eta azkenaldian harreman guztietan azaltzen zuen apaltasunez hartu zuen:
— Berririk ba al dago? —esan zion.
— Ez.
— Ez dago zer eginik bulego horietan. Ez dira ulertzeko eginak.
— Egia da. hain beste gauza baten bila nabil. Ez da erraza.
— A! — esan zion Cottardek—, konturatzen naiz.
Hark ezagutzen zuen bide bat eta adierazi zion Ramberti, honen harriduraz, denbora luzea zeramala Orango kafeetara joanez, lagunak bazituela eta era honetako ekintzez arduratzen zen erakunde baten berri izan zuela. Gauza bat egia zen, alegia, Cottard, zeinen gastuak sarrerak baino handiagoak baitziren, arrazionatutako hornigaien kontrabando lanetan nahasturik zebilela. Hala, zigarroak eta alkohol zatarra saltzen zituen, eta prezioak etengabean igotzen ari zirenez gero, diru-mordo polita eskuratzeko puntuan zebilen.
— Ziur al zaude? —galdetu zion Rambertek.
— Bai, proposamena egin didate eta.
— Eta ez al duzu aprobetxatu?
— Ez zaitez susmo txarrekoa izan —esan zion Cottardek, onberatasunez—; alde egiteko beharrik ez dudalako, horrexegatik ez dut aprobetxatu. Baditut arrazoiak.
Isilune baten ondoren, jarraitu zuen:
— Ez al didazu galdetu behar arrazoi horien gain?
— Pentsatzen dut —esan zion Rambertek—, ez dela axola zaidan gauza.
— Alde batetik, hala da, ez zaizu axola. Baina beste batetik... Tira, argi dagoen gauza bakarra zera da, izurritea gurera etorri denez geroztik hobeto nabilela.
Bestea haren esanaren adi zegoen:
— Nola jo behar dut erakunde horretara?
— A! —esan zion Cottardek—, ez da erraza, zatoz nirekin.
Arratsaldeko lauak ziren. Hiria egosten ari zen astiro-astiro, zeru astunaren pean. Denda guztiek toldoa jaitsita zuten. Kaleak hutsik zeuden. Cottard eta Rambert arkupetako kaletan barrena sartu eta luzaroan ibili ziren hitzik esan gabe. Izurritea ikusten ez zen ordu horietakoa zen. Isiltasun hura, mugimendu eta kolore hil haiek, errauspenarenak baino udarenak izan zitezkeen. Ez zegoen jakiterik aire astun hura mehatxuen ondorioa edota hautsarena eta bero kiskalgarriarena ote zen. Behatu eta gogoetan jardun beharra zegoen izurriarekin topo egiteko. Zeren ikur negatiboek baizik ez baitzuten traizionatzen. Cottardek, izurriarekin kidetasunik bazuelarik, txakurrik ez egotearena esate baterako azaldu zion Ramberti, hauek, normalean, etzanda egongo baitziren, arnasestuka, iraganbideen brinbeletan, ezinezko laiotzaren bila.
Palmondoen boulevardetik bideratu ziren, Armen enparantza zeharkatu zuten eta Marinako auzo aldera jaitsi ziren. Ezkerretara, berdez pintatutako kafe bat zegoen zeharkako oihal hori marduleko toldo baten gerizpean. Sartzerakoan, kopetako izerdia lehortu zuten Cottardek eta Lambertek. Jardineko aulki tolesgarrietan eseri ziren, txapa berdezko mahaien aurrean. Aretoa hutsik zegoen erabat. Euliak burrundaran zebiltzan airean. Salmahai herrenaren gainean jarritako kaiola hori batean loro at zegoen, lumak zapuztuta, bere kotaren gainean lur jota. Ekintza militarrak agertzen zituzten koadro zaharrak zeuden hormetan zintzilikatuta, koipez eta hari lodizko armiarma sareez estalita. Txapazko mahai guztien gainean, eta baita Ramberten aurrean ere, oilo zirin lehorra zegoen, nondik sortu ote zen jakitea zaila zelarik, bazter ilun batetik, istilu pixka bat sortu ondoren, oilar eder bat atera zen arte saltoka.
Beroa, une hartan, areagotu egin zen. Cottardek jaka erantsi eta txapa gainean jo zuen. Mantal urdin eta luze baten atzean galdutako gizon txiki bat irten zen hondotik, ikusi orduko Cottard agurtu zuen urrutitik, aurrera egin zuen oilarra ostiko batez apartatuz eta galdetu zien, hegaztiaren koloka hotsen artean, zer behar zuten jaun haiek. Cottardek ardo zuria nahi zuen eta Garcia delako baten berri galdetu zion. Txaparrak esan zuenez, egunak ziren kafetik azaltzen ez zela.
— Gauean etorriko dela uste al duzu?
— Auskalo! —esan zien besteak—, ez naiz haren larrutan bizi. Baina, haren ordua zein den ba al dakizu?
— Bai, baina ez du inportantzi handirik. Lagun bat aurkeztu nahi diot besterik gabe.
Zerbitzariak mantalaren kanpoko aldekoarekin lehortu zituen esku bustiak.
— Hara! Jauna ere lanean al dabil?
— Bai —esan zion Cottardek.
Txaparrak sudurrei tira egin zien:
— Zatozte orduan gaur gauean. Mutila bidaliko diot.
Irteterakoan, Rambertek galdetu zion ia zein lan mota zen hura.
— Kontrabandoa, jakina. Hornigaiak pasatzen dituzte hiriko ateetatik.
Garesti saltzen dituzte oso.
— Beno —esan zion Rambertek—. Kiderik ba al dute?
— Noski.
Gaualdera, toldoa jasota zegoen, loroa berritsukerian ari zen bere kaiolan eta txapazko mahaiak mangak jasotako gizonez inguraturik zeuden.
Haietako bat, lastozko kapela atzealdera botata, alkandora zuria kiskalitako lurraren koloreko petxuan zabaldurik, altxa egin zen Cottard sartu orduko. Aurpegi erregularra eta beltzarana, begi beltzak eta txikiak, hortzak zuriak, bizpahiru eraztun behatzetan, hogeita hamar urte inguru izango zituen.
— Kaixo —esan zien—, barran edango dugu.
Txintik egin gabe edan zituzten hiru erronda.
— Eta aterako bagina? —esan zien orduan Garciak.
Portu aldera jaitsi ziren eta Garciak ea zer nahi zuten galdetu zien. Cottardek esan zion ez zela zuzen-zuzen lan kontuagatik Rambert aurkeztu nahi izatea, baizik eta «irteera bat» deitu zion kontua zela. Garcia zuzen zihoan haren aurretik zigarro bat errez. Galdera batzuk egin zizkion, Ramberti buruz ari zenean «hura» esanez, ondoan zuela konturatuko ez balitz bezala.
— Zer dela eta? —esan zion.
— Frantzian dauka emaztea.
— A!
Denbora apur bat pasa ondoren:
— Zein da haren ogibidea?
— Kazetaria da.
— Asko hitz egiten da lan horretan.
Rambert isilik zegoen.
— Laguna da —esan zion Cottardek.
Aurrera segi zuten isilik. Kaietara heldu ziren, bertako sarrera burdinesien bidez debekatuta zegoelarik. Baina sardina erreak saltzen zituzten kantina txiki batera jo zuten, hango usaina beraiei zetorkielarik.
— Edozein aldetara —ondorioztatu zuen Garciak—, ez da niri dagokidan gauza, Raouli baizik. Eta aurkitu egin beharko dut. Ez da erraza izango.
— A! —galdetu zion Cottardek susperturik—, ezkutuan al dabil?
Garciak ez zion erantzun. Kantinaren inguruan, gelditu zen eta Rambertengana jiratu zen lehenengo aldiz.
— Etzi, hamaiketan, aduanetako kuartelaren kantoian, hiriko goialdean. Bazirudien alde egitera zihoala, baina bi gizonengana jiratu zen.
— Gastuak izango dira —esan zien.
Ziurtatzeko zen.
— Jakina —baietsi zion Rambertek.
Handik pixka batera, kazetariak eskerrak ema zizkion Cottardi.
— Ezta pentsatu ere! —esan zion besteak alaikiro—. Atsegin dut honelako zerbitzua eskaintzea. Eta gainera, kaze a ia izanik, ordainduko didazu hori egun batean edo bestean.
Handik bi egunetara, Rambertek eta Cottardek zeharkatu zituzten gure hiriko goialdera zeramatzaten itzalik gabeko kaleak. Aduanetako kuartelaren zati bat erizaindegi moduan atonduta zegoen eta, ate handiaren aurrean, jendea zegoen zain, baimendu ezin zitekeen bisita baten itxaropenez edo, ordu batetik bestera, indargabe geratuko ziren informazioen bila etorriak. Edozein aldetara, jende pilatze hark joan etorri ugari egiteko aukera ematen zuen eta pentsa zitekeen bururapen honek izango zuela zerikusirik Garciak eta Rambertek finkatutako topaketaren moduarekin.
— Gauza bitxia benetan —esan zion Cottardek—, alde egiteko egoskorkeria hau. Azken finean, interesgarria da oso pasatzen ari dena.
— Ez niretzat —erantzun zion Rambertek.
— Jakina!, arrisku pixka bat badago. Baina, edozein aldetara, antzeko arriskua zegoen, izurritearen aurretik, trafiko handiko gurutze-bide bat zeharkatzerakoan ere.
Momentu hartan, Rieuxen autoa beraien parean gelditu zen. Tarrou zihoan gidatzen eta Rieuxek erdi lokarturik zirudien. Esnatu egin zen aurkezpenak egitearren.
— Elkar ezagutzen dugu —esan zion Tarrouk—, hotel berean gaude. Hirira eramateko eskaintza egin zio Ramberti.
— Ez, hemen geratuak gara.
— Bai —esan zion honek.
— Hara! —harritu zen Cottard—, jakinaren gainean al dago doktorea?
— Horra hor instrukzio epailea —azaldu zuen Tarrouk Cottardi begiratuz.
Aurpegia aldatu zitzaion honi. Hala, M. Othon kalean behera zetorren eta beraiengana hurbildu zen pauso kementsuz, baina neurtuz. Sonbreirua kendu zuen talde txikiaren aurretik igarotzerakoan.
— Egunon, epaile jauna! —esan zion Tarrouk.
Epaileak egun onak eman zizkien autoaren barnekoei, eta, Cottardi eta Ramberti begiratuz, atzean geratu baitziren, buruarekin itzaltasunez agurtu zituen. Tarrouk errentaria eta kazetaria aurkeztu zizkion. Epaileak segundo batean zerura begiratu eta hasperen egin zuen, zinez garai goibelak zirela haiek esanez.
— Esan didate, Tarrou jauna, zeu zarela neurri profilaktikoak aplikatzeko arduraduna. Ez dakit nola azaldu nire oniritzia. Zure ustetan, eritasuna zabaltzen joango ote da, doktore?
Ezetz espero zuela esan zion Rieuxek eta epaileak beti espero behar dela errepikatu zuen, Jainkoaren nahia helgaitza baita. Tarrouk galdetu zion ea gertakizunek lan handiagoa sortu ote zioten.
— Alderantziz, zuzenbide arrunta deritzogunaren arazoek beheraka egin dute. Xedapen berriei dagozkien hutsegite larriak baizik ez ditut intstruitzeko. Ez da inoiz honelako errespeturik izan lege zaharren aurrean.
— Konparatuz —esan zion Tarrouk—, derrigorrez onak iruditu behar. Epaileak alde batera utzi zuen hartutako aire ameslaria, begirada zeruan eskegiz bezala. Eta hoztasunez begiratu zion Tarrouri.
— Horrek zer egiten du? —esan zion—. Ez da legea auzia, kondenazioa da. Ez dago deus gure esku.
— Horra hor —esan zuen Cottardek epailea joan zenean—, etsai nagusia. Autoa abiatu egin zen.
Handik pixka batera, han ikusi zuten Rambertek eta Cottardek Garcia bazetorrela. Keinurik egin gabe hurbildu zitzaien eta egunonak eman antzean esan zien: «Itxaron egin behar dugu».
Haien inguruan, jendetza, emakumeak nagusi zirelarik, isiltasun osoan zain zegoen. Ia denek otarrak zeramatzaten, bai baitzuten nolabaiteko itxaropena gaixorik zeuden ahaidekoengana pasa ahal izango zituztela eta asmo are zoroagoa, alegia hornigai haiek erabili ahal izango zituztela. Atea armatutako funtzionarioz zainduta zegoen eta, noizean behin, garrasi bitxi batek zeharkatzen zuen kuartela eta area bereizten zituen patioa. Jendearen artetik, aurpegi kezkatuak jiratzen ziren orduan erizaindegi aldera.
Hiru gizonak ikuskizun honi begira zeuden beren bizkarrean entzundako «egunon» garbi eta sakon batek itzularazi zituenean. Bero bazegoen ere, Raoul dotore jantzita zegoen. Handia eta sendoa, kolore iluneko traje gurutzatua zeraman eta ertz bueltatutako feltrozko sonbreirua. Aurpegi nahiko zurbila zuen. Begi arreak eta aho hertsia, Raoulek azkar eta zehazki hitz egiten zuen:
— Jaitsi gaitezen hiri aldera —esan zien—. Garcia, zu joan zaitezke.
Garciak zigarro bat piztu zuen eta urrutiratzen utzi zien. Azkar joan ziren, beren pausoa Garciaren parean eraman, hau bien artean zihoalarik.
— Garciak azaldu dit —esan zien—. Egin daiteke. Edozein aldetara, hamar mila libera kostako zaizu.
Rambertek onartzen zuela erantzun zion.
— Elkarrekin bazkalduko dugu bihar, Marinako restaurante espainolean. Rambertek aditu ziola esan eta Raoulek eskua eman zion, lehendabiziko aldiz irribarre eginez. Joan ondoren, barkatzeko esan zion Cottardek. Hurrengo egunean ez zuen libre, eta bestalde ere Rambertek ez zuen aurrerantzean bere beharrik izango.
Hurrengo egunean, kazetaria restaurante espainolean sartu orduko, buru guztiak haren bidera itzuli ziren. Eguzkiak elkortutako kale hori baten azpialdean zegoen soto hozpel honetan, gehienbat espainol tankerako jendea baizik ez zen egoten. Baina Raoulek, hondoko mahai batean eserita, kazetariari keinu bat egin eta hau harengana joan zen momentutik, han bukatu ziren jakin-minak, denak beren plateretara itzuli zirelarik. Raoulen mahaian morroi handi eta gihartsu bat zegoen, bizarra moztu gabea, bizkarraldeak izugarri zabalak, aurpegia zaldi itxurakoa eta ile barbana. Beso luze argalak, hile beltzez estaliak, irteten zitzaizkion mangak jasota zituen alkandoratik. Hiru aldiz eragin zion buruari Rambert aurkeztu zionean. Ez zuten haren izenik aipatu eta Raoulek «gure laguna» zioen hari buruz hitz egiterakoan.
— Gure lagunak zuri laguntzeko aukeraren bat izan daitekeela dio. Berak jarriko...
Raoul isildu egin zen zerbitzaria Ramberti bazkaltzeko zer nahi zuen galdetzera etorri zitzaionean.
— Berak jarriko zaitu gure bi lagunekin harremanetan eta haien bidez ezagutuko dituzu erosiak ditugun guardiak. Baina ez da hor bukatzen gauza. Guardiek berak esan beharko dute noiz den momenturik egokiena. Gauzarik errazena zera izango da, bietako baten etxean gau batzuetarako apopilo jartzea, ateen ondoan bizi da eta. Aurretik, ordea, gure lagunak azalduko dizkizu beharko ditugun kontaktuak. Dena prest geratzen denean, berarekin zurituko dituzu kontuak.
Lagunak berriz eragin zion bere zaldi buruari, irensten ari zen tomate eta piperrezko entsalada marruskatzetik geratu gabe. Ondoren, espainol doinu arin batez hitz egin zuen. Etzirako elkar topatzeko proposamena egin zion Ramberti, goizeko zortzietan, katedraleko portikoaren azpian.
— Bi egun oraindik —azpimarratu zuen Rambertek.
— Ez da gauza erraza —esan zion Raoulek—. Jendea aurkitu behar dugu.
Zaldiak beste behin zabuka egin zuen eta Rambertek grinarik gabe onetsi zuen. Bazkariaren ondorengoak solasaldirako gai baten bila pasa zituzten. Baina gauzak asko erraztu ziren Rambertek zaldia futboleko jokalaria zela jakin zuenean. Berak ere denbora luzean jardun izan zuen kirol horretan. Hala, Frantziako txapelketari buruz mintzatu ziren,
Ingalaterrako talde profesionalen balioaz eta W delako taktikaz. Bazkariaren bukaeran, zeharo umore oneko zegoen zaldia eta hika ari zitzaion Ramberti, futboleko ekipo batean erdiko erdilari baino postu ederragorik ez zegoela sinetsarazi nahian. «Begira —esaten zion—, erdiko erdilaria duk jokoa banatzen duena. Eta jokoa banatzea, horixe duk, ba, futbola.» Rambert iritzi berekoa zen, nahiz eta berak beti erdiko aurrelari bezala jokatu izan bazuen ere. Irrati batek eten zuen eztabaida. Etengabean doinu sentiberak sordinan eman ondoren, bezperan, izurriteak egindako ehun eta hogeita hamazazpi heriotzen berri zabaldu zuen. Bertakoen artetik inortxok ere ez zuen imintziorik egin. Zaldi burua zuen gizonak sorbaldak jaso eta altxa egin zen. Raoul eta Rambert harekin batera altxa ziren.
Abiatzerakoan, erdiko erdilariak kemenez eman zion bostekoa Ramberti:
— Gonzales duk nire izena —esan zion.
Bi egun haiek luze baino luzeagoak egin zitzaizkion Ramberti. Rieuxen etxera joan zen eta xehetasun osoz kontatu zizkion egindako gestioak. Gero, doktoreari lagundu zion bisita bat egitera. Agur esan zion eri susmagarri bat itxaroten zeukan etxeko atean. Korridorean, ahots eta korrika hotsak: senidekoei medikua bazetorrela abisatzera zihoazkien.
— Tarrou laster etorriko al da —marmaratu zuen Rieuxek.
Nekatu itxura zuen.
— Azkarregi al doa aurrera izurritea? —galdetu zion Rambertek.
Rieuxek esan zion kontua ez zela hori eta estatistiken kurba bera ere ez zela hain azkar igotzen ari. Izurriari aurre egiteko baliabide eskasia, horixe bakarrik zen kontua.
— Material faltan gabiltza —zioen—. Munduko armada guztietan, gizonek osatzen dute material falta gehienetan. Guk, ordea, nahiko gizon ere ez dugu.
— Kanpotik etorri dira medikuak eta baita osasun pertsonala ere.
— Bai —esan zion Rieuxek—. Hamar mediku eta ehun gizon inguru. Asko da, itxuraz. Baina apenas dira nahikoak egungo eritasunaren egoerarentzat. Ez dira inola ere nahikoak izango epidemia zabaltzen bada.
Rieux barneko soinuei adi jarri zen, ondoren irribarre egin zion Ramberti.
— Bai —esan zion—, azkar ibili behar duzu hori lortzeko. Ramberten aurpegia itzaletan geratu zen:
— Jakin behar duzu —esan zion ahots apalez—, ez dela hori alde egitera bultzatzen nauena.
Bazekiela erantzun zion Rieuxek, baina Rambertek jarraitu egin zuen:
— Ez dut uste koldarra naizenik, ez denbora osoan behintzat. Hori egiaztatzeko aukerarik izan dut. Jasan ezin ditudan ideiak daude, horixe bakarrik da kontua azken batean.
Doktoreak aurrez aurre begiratu zion.
— Aurkituko duzu andrea —esan zion.
— Beharbada bai, jasan ezina dut egoera honek luzaro iraungo duela eta denbora guztian hura zahartzen joango dela pentsatzea. Hogeita hamar urterekin zahartzen hasten gara eta dena aprobetxatu behar dugu. Ez dakit ulertzen ote didazun.
Rieuxek baietz marmaratu zuen, ustez ulertzen ziola, eta han azaldu zen Tarrou, adoretsu.
— Panelouxi galdetu berri diot ea gurekin elkartu nahi duen.
— Eta? —galdetu zion doktoreak.
— Pentsatu du eta baiezkoa eman du.
— Pozten naiz —esan zion doktoreak—. Pozten naiz bere sermoia baino jatorragoa dela jakitean.
— Mundu guztia berdina da —esan zion Tarrouk—. Aukera eman behar zaio, besterik gabe.
Irribarre egin zuen eta begiarekin keinu Rieuxi.
— Hauxe da nire bizitza honetako zeregina, aukerak bideratzea.
— Barkadazue —esan zien Rambertek—, joan beharra daukat. Ostegunean, topaketa egunean, Rambert, zortziak bost gutxitarako, katedraleko ataripean zegoen. Haize freskoa zebilen oraindik. Zeruan hodei txiki zuriak eta borobilak sortzen ari ziren, azkar handitzen zihoan beroak irentsiko zituenak. Nolabaiteko hezetasun usaina zetorren belardietatik, lehorturik bazeuden ere. Eguzkiak, ekialdeko etxeen atzealdetik, enparantzan apaingarri gisa zegoen Jeanne d'Arc guztiz horiaren kaskoa baino ez zuen berotzen. Erloju batek zortzi hotsak jo zituen. Rambertek urrats batzuk eman zituen atari bakartian barrena. Salmodia lainoak heldu zitzaizkion barnealdetik, soto eta intsentsuaren usain gozo zaharrekin batera. Bat-batean, kantuak isildu egin ziren. Hamar bat irudi beltz eta txiki irten ziren elizatik eta tipi-tapa hiri aldera joan ziren. Rambert ernegatzen hasi zen. Beste irudi beltz batzuk zetozen eskailera handitan gora, atarirako bidean. Zigarro bat piztu zuen, eta ondoren konturatu zen agian leku hartan ez zela zilegi hori egitea.
Zortziak eta laurdenetan, katedraleko organoak sordinan jotzen hasi ziren. Rambert ganga ilunaren pera sartu zen. Handik pixka batera, han sumatu zituen nabean, bere aurretik iragandako itzal beltzak. Bazter batean bildurik zeuden, gure hiriko tailerretan bikain landutako San Roke bat ezarri berri zuten aldare moduko baten aurrean. Belauniko, are zapuztuagoak ziruditen, grisailan galduta odolbildutako itzal pusketak bailiran, apenas trinkoagoak, han eta hemen, kulunkatzen ziren lanbroa baino. Haien gainetik etengabeko bariazioak jotzen ari ziren organoek.
Rambert irten zenean, jadanik Gonzales eskaileratan behera zihoan hiri alderako bidean.
— Joana hintzela uste nian —esan zion kazetariari—. Normala duk.
Adierazi zion bere lagunekin gelditua zela eta itxaroten egona zela, han inguruan, zortziak hamar gutxiz geroztik. Hogei minutu itxaron ere, baina alferrik.
— Eragozpenen bat sortuko zen, seguru. Egiten dugun Ian honetan ezin beti lasai ibili.
Beste zita bat proposatu zion, hurrengo egunerako, ordu berean, hildakoen monumentuaren aurrean. Rambertek hasperen egin eta sonbreirua atzera bota zuen.
— Hau ez duk ezer —ondorioztatu zuen Gonzalesek, barrezka—. Pentsa ezak pixka bat zenbat jokaldi, zenbat jaitsiera eta pase egin behar diren gol bat egin aurretik.
— Jakina —esan zion Rambertek—. Baina partiduak ordu t'erditik gora ez dik irauten.
Orango hildakoen monumentua itsasoa ikus daitekeen leku bakarrean dago. Pasealeku antzeko bat da, distantzia laburrean portua menderatzen duten labarrak menderatzen dituena. Hurrengo egunean, Rambert, zitara lehenengoa heldu zelarik, arretaz ari zen ohorezko alorrean hildakoen zerrenda irakurtzen. Handik minutu gutxi barru, bi gizon hurbildu zitzaizkion, ganoragabe begiratu zioten, ondoren pasealekuko pretilean ukondokatu ziren eta erabat liluratu antzean geratu ziren kai huts eta bakartiei begira. Garaiera berekoak ziren biak, biak ere praka urdin eta manga motxeko itsas koloreko jertsez jantziak zeuden. Kazetaria apur bat aldendu zen, banku batean eseri eta nahierara so egin ahal izan zien. Dudarik gabe hogei urtetik gora ez zutela izango sumatu zuen. Momentu hartan, Gonzales ikusi zuen beregana zetorrela barkamena eskatuz.
— Horra gure lagunak —esan zion, eta bi gazteengana eraman zuen, Marcel eta Louis bezala aurkeztuz. Aurpegiz antza handia zuten eta anaiak izango zirela pentsatu zuen Rambertek.
— Horra —esan zien Gonzalesek—. Orain elkar ezagutzen duzue. Arazoa konpontzea geratzen zaigu.
Marcel edo Louisek esan zuen orduan bi egun barru hasiko zela beren guardiako txanda, astebetean iraungo zutela eta egunik aproposena aukeratu beharko zutela. Lau izango ziren mendebaldeko atea zaintzeko eta beste biak karrerako militarrak omen ziren. Ez zen komeni zeregin hartan haiek sartzea. Ez zeuden ziur eta, bestela ere, gastuak igo egingo lirateke. Baina gertatzen zen, gau batean edo bestean, bi kideak gaueko zati bat ezaguna zuten taberna bateko atzealdean pasatzea. Marcelek edo Louisek beren etxera, ateen ingurura, joateko proposamena ere egin zioten, bertan bila etorri arte itxaron zezan. Oso erraza izango zen orduan pasatzea. Baina azkar ibili beharra zuten, zurrumurrua bai baitzebilen, berriki, hiriaren kanpoaldean postu bikoitzak jarri behar omen zituztela.
Rambertek onetsi zuen eta bere azkenetako zigarroak eskaini zizkien. Bi haien artetik hitz egin gabe zegoenak galdetu zion orduan Gonzalesi ea ordainketen arazoa argi al zegoen eta aurrerapenik jaso al zezaketen.
— Ez —esan zien Gonzalesek—, ez zegok beharrik, adiskidea diagu. Alde egiterakoan zurituko dizkiagu kontuak.
Berriz elkartzekotan geratu ziren. Gonzalesek afari bat proposatu zuen restaurante espainolean, bi egun barru. Handik, guardien etxera joan ahal izango ziren.
— Lehenengo gauean —esan zion Ramberti—, konpainia egingo diat. Hurrengo egunean, Rambertek, gelara igotzerakoan, Tarrourekin topo egin zuen hoteleko eskaileratan.
— Rieuxengana noa —esan zion azken honek—, nahi al duzu etorri?
— Behin ere ez dut jakiten gogaikarri natzaion ala ez —esan zion Rambertek duda-mudan egon ondoren.
— Ez dut uste, sarritan hitz egin dit zure gain.
Kazetaria pentsatzen ari zen:
— Entzun —esan zion—. Afalondoan momenturen bat baldin baduzue, berandu bada ere, zatozte biok hoteleko tabernara.
— Hori haren eta izurritearen esku dago —esan zion Tarrouk.
Gaueko hamaiketan, dena dela, han sartu ziren Rieux eta Tarrou taberna txiki eta estuan. Hogeita hamar pertsona egongo ziren ukondoz ukondo, ozen hitz eginez. Izurriteak hartutako hiriko isiltasunetik etorriz, etorri berriak geratu egin ziren, pixka bat zorabiaturik. Laster ulertu zuten aztoramen haren zergatia oraindik ere alkohola zerbitzatzen zutela ikusirik. Rambert barraren mutur batean zegoen eta keinuka ari zitzaien taburetearen goialdetik. Inguratu ziren, Tarrouk ondoko builoso bati lasai bultza eginez.
— Alkoholak ez al zaitue beldurtzen?
— Ez —esan zion Tarrouk—, alderantziz.
Rieuxek bere basoko belar mingotsen usaina arnastu zuen. Zaila zen iskanbila haren tartean hitz egitea, baina Rambertek batik bat edatekoaz arduratu antza zuen. Doktoreak ezin zuen esan oraindik mozkorturik ote zegoen. Areto estuan geratzen zen zatia betetzen zuten bi mahaietako batean itsas armadako ofizial bat zegoen, beso bakoitzean emakume bana, odolbildutako solaskide potzolo bati El Kairon sortutako tifus epidemia bat kontatuz: «Barrutiak —zioen—, barrutiak eratu zituzten bertakoentzat, erientzako karpak eta, inguru osoan, zaindariak. Senidekoei tiroka hasten ziren haiek ezkutuka erremedioak sartzen ahalegintzen zirenean. Gogorra, bai, baina zuzena zen.» Beste mahaian, jende dotorez betetakoan, elkarrizketa ulergaitza zuten eta sabaiko bozgorailu batek hedatzen zituen Saint James Infimaryren konpas artean galtzen zen.
— Pozik al zaude? —galdetu zion Rieuxek, ahotsa altxatuz.
— Laster izango da —esan zion Rambertek—. Aste barruan beharbada.
— Lastima —oihukatu zuen Tarrouk.
— Zergatik?
Tarrouk Rieuxi begiratu zion.
— A! —esan zion honek—, agian hemen baliagarri izango zinela pentsatzen duelako esan du hori Tarrouk. Neure aldetik, ondoegi ulertzen dizut joan nahi hori.
Tarrouk beste erronda bat eskaini zien. Rambert taburetetik jaitsi zen eta aurrez aurre begiratu zion lehenengo aldiz:
— Zertan izan naiteke baliagarri?
— Beno —esan zion Tarrouk, eskua presarik gabe basora zuzenduz—, gure osasun taldetan.
Ramberti ohikoa zuen gogoeta setati tankera hura jarri zitzaion berriz ere eta taburetera igo zen.
— Ez al zaizkizu talde hauek baliagarriak iruditzen?—esan zion Tarrouk edan ondoren, eta Ramberti begira geratu zen adi.
— Oso baliagarriak —esan zion kazetariak, eta edan egin zuen. Rieuxek eskua dardarka zuela sumatu zion. Pentsatu zuen ezbairik gabe, baietz, mozkor-mozkor eginda zegoela.
Hurrengo egunean, Rambert bigarren aldiz restaurante espainolean sartu zenean, aulkiak sarrera aurrera atera eta beroa gutxitzen egiten hasia baino ez zen ilunabar berde eta urreaz gozatzen ari ziren gizon talde txiki baten erditik pasa zen. Usain garratzeko tabakoa erretzen ari ziren. Barrualdean, restaurantea ia hutsik zegoen. Rambert hondoko mahaian eseri zen, Gonzales lehenengo aldian aurkitu zuen lekuan. Itxaron egingo zuela esan zion andre zerbitzariari. Arratsaldeko zazpi t'erdiak ziren. Astiro-astiro gizonak sartzen joan ziren jantokira eta esertzen. Zerbitzatzen hasi zitzaizkien eta mahai-tresna eta elkarrizketa apalen hotsez bete zen beheratutako bobeda. Zortzietan, Rambertek itxaroten zerraien. Argia eman zuten. Bezero berriak eseri zitzaizkion mahaian. Afaria eskatu zuen. Zortzi t'erdietan, jadanik bukatu zuen Gonzeles eta bi gazteak ikusi ahal izan gabe. Zigarroak erre zituen. Aretoa husten joan zen pixkanaka. Kanpoan, azkar ari zuen iluntzen. Itsasotik zetorren haize bolada epel batek emeki harrotu zituen leiho-ateetako gortinak. Bederatziak heldu zirenean, aretoa hutsik zegoela konturatu zen eta andre zerbitzaria harriturik begira zuela. Ordaindu eta irten egin zen. Restaurante aurrean, kafe bat zegoen zabalik. Barran kokatu eta restauranteko ate aldera zelatan jarri zen. Bederatzi t'erdietan, hotelera abiatu zen, Gonzalesekin nola elkartuko alferrik pentsatzen, haren zuzenbiderik ez baitzuen, eta bihotza berriz ekin beharreko kudeaketa guztien aurrean etsiturik.
Une horretan, anbulantzia iheskorrez zeharkatutako gauean, konturatu zen, doktoreari adierazi behar zion bezala, denboraldi guzti horretan bere emazteaz nolabait ahazturik egona zela, harengandik bereizten zuten harresietan buru belarri zulo baten bila saiatzearren. Baina une horretan bertan ere, bide guztiak behin eta berriz itxi ondoren, bere desioaren erdian sumatu zuen berriro ere emaztea, eta halako oinaze eztandaz sumatu ezen korrika abiatu baitzen hotelera, nolanahi ere beregan zuen eta lokiak jan behar zizkion erredura ikaragarri hartatik ihes egitearren.
Hurrengo egunean, goizean goiz, Rieuxengana jo zuen halere, Cottard nola bilatu galdetzeko:
— Errenkadan berriz jartzea —esan zion—, horixe da egin dezakedan gauza bakarra.
— Etorri bihar gauean —esan zion Rieuxek—, Tarrouk Cottard gonbidatzeko eskatu dit, ez dakit zergatik. Hamarretan etorriko da. Zu etorri hamar t'erdietan.
Cottard doktorearen etxera heldu zenean, hurrengo egunean, Tarrou eta Rieux azken honen zerbitzuan ustekabean suertatutako sendaketa bati buruz ari ziren hizketan.
— Hamarretik bat. Zorte handia izan du —zioen Tarrouk.
— Beno! Tira —esan zuen Cottardek—, ez zen izurria. Baietz ziurtatu zioten, eritasun hura zela.
— Hori ez da posible, osatu den momentutik. Nik bezain ongi badakizue, izurriak ez du barkatzen.
— Gehienetan, ez —esan zion Rieuxek—. Tema pixka batez ahaleginduz gero, ustekabeak gertatzen dira.
Cottardek barre egin zuen.
— Ez du hala dirudi. Gaueko zenbakiak entzun al dituzu?
Tarrouk, hari onginahiez begira, zenbakien berri bazuela esan zion, egoera larria zela, baina horrek zer frogatzen ote zuen? Horrek frogatzen zuen oraindik ere ohizkanpoko neurri gehiagoren beharra zegoela.
— E! Dagoeneko hartu dituzue.
— Bai, baina bakoitzak bere kabuz hartu beharko lituzke.
Cottardek Tarrouri begiratzen zion ulertu ezinik. Honek esan zion gizon gehiegi zebilela ezer egin gabe, epidemia bakoitzaren arazoa zela eta bakoitzak bete beharko lukeela bere eginbeharra. Borondatezkoen taldeak edonorentzat zabalik zeuden.
— Ideia bat izan daiteke —esan zion Cottardek—, baina ez du ezertarako balioko. Izurria indartsuegia da.
— Ahalegin guztiak egin ondoren —esan zion Tarrouk jasate doinuz—, orduan jakingo dugu hori.
Bitartean, Rieux bere mahaian zegoen fitxak kopiatzen. Tarrou etengabe ari zitzaion begira errentariari, hau aulkian ezinegonez zegoelarik.
— Zergatik ez zara guregana etortzen, monsieur Cottard?
Iraindu izan balute bezala altxa zen eta eskuan hartu zuen bere sonbreiru borobila:
— Ez da hori nire lana.
Ondoren, arrandikeria doinuz:
— Nolanahi ere, ondo nabil, ondo nabilenez, izurritean, eta ez dakit zertan lagundu beharko nukeen horri aurre egiten.
Tarrouk kolpe bat eman zion kopetari, bat-bateko egia batek argitu izan balio bezala:
— A! Egia, ahaztuta nuen hori gabe atxilotu egingo zintuzketela.
Cottard dardarizoak jota geratu zen eta aulkiari heldu zion erortzeko puntuan balego bezala. Rieuxek idazteari utzi eta serioski eta arduraz begiratu zion.
— Nork esan dizue hori? —oihu egin zuen errentariak. Tarrouk, harritu antzean, esan zion:
— Zerorrek. Edo behintzat, hori da doktoreak eta biok ulertu duguna. Eta Cottardek, bat-batean beretzako gogorregia zen errabiaren menpe, ulertezinezko hitz totelak esaka ari zenez:
— Ez estutu —gehitu zuen Tarrouk—. Ez da nire edo doktorearen ahotatik salakuntzarik irtengo. Zure historia ez dagokigu guri. Eta, gainera, polizia, ez da atsegin dugun gauza. Tira, eser zaitez.
Errentariak aulkiari begiratu zion eta eseri egin zen, zalantzan egon ondoren. Handik pixka batera, hasperen egin zuen.
— Historia zaharra da —aitortu zuen—, argitara atera dute berriz. Ahaztuta zeukatela uste nuen. Baina norbaitek hitz egin du. Deitu didate eta esan beren esanetara egon behar dudala azterketa bukatu arte. Konturatu naiz azkenean atxilotu egingo nautela.
— Larria al da? —galdetu zion Tarrouk.
— Segun eta larritzat zer hartzen duzun. Ez da edozein aldetara hilketa kontua.
— Espetxea edo lan behartuak?
Cottardek lur jota zirudien.
— Espetxea, zorterik izanez gero...
Baina, momentu bat pasa ondoren, berriz ekin zion suharki:
— Oker dabiltza. Mundu guztiak egiten ditu okerrak. Eta horrengatik eramatea ezin dut jasan, nire etxetik, nire azturetatik, ezagutzen ditudan guztiengandik apartatzea.
— A! —galdetu zion Tarrouk—. Horregatik asmatu al zenuen sokatik zintzilikatzearena?
— Bai, astakeria galanta, dudarik gabe.
Lehenengo aldia zen Rieuxek hitz egiten zuela eta bere kezka ulertzen zuela esan zion Cottardi, baina guztia konponduko zela agian.
— O! momentuz, badakit ez daukadala zertan beldur izan beharrik.
— Ikusten dut —esan zion Tarrouk—, ez duzula gogoko gure taldetan sartzea.
Besteak, eskuan sonbreiruari bueltaka, duda-mudazko begirada zuzendu zion Tarrouri:
— Ez nazazue horregatik gorrotatu.
— Ez, noski. Baina saia zaitez, gutxienez —esan zion Tarrouk irribarrez—, mikrobioa nahita ez zabaltzen.
Protesta egin zuen Cottardek esanez berak ez zuela izurririk nahi, halabeharrez sortu zela eta ez zela errudun bere arazoen konponbide suertatu bazen. Eta Rambert atera heldu zenean, errentariak zera gaineratu zuen, kemenez betetako ahotsez:
— Hala ere, ez dut uste ezer ere lortuko duzuenik.
Rambertek jakin zuen Cottardek ez zekiela Gonzalesen zuzenbidearen berri, baina betiere kafe txikira joateko aukera zuela. Hurrengo egunerako geratu ziren. Eta Rieuxek jakinaren gainean egoteko gogoa azaldu zuenez, Rambertek gonbidapena egin zion, Tarrourekin batera, aste bukaeran, gaueko edozein ordutan, bere gelatik azaltzeko.
Goizean, Cottard eta Rambert kafe txikira joan ziren eta gauerako abisua utzi zioten Garciari, edo hurrengo egunerako bestela, eragozpenik balego. Gauean, alferrik egon ziren zain. Hurrengo egunean, han bilatu zuten Garcia. Hitzik esan gabe entzun zituen Rambertek esandakoak. Ez zegoen jakinaren gainean, baina bazekien, jakin, auzo osoak inguratu zituztela hogeita lau ordutan, etxez etxeko egiaztapenak burutzeko. Litekeena zen Gonzales eta bi gazteak barrerak igaro ezin ahal izatea. Dena dela egin zezakeen gauza bakarra Raoulekin berriz ere harremanetan jartzea zen. Jakina, ezinezkoa izango litzateke hori handik bi egun baino lehen.
— Ikusten dut —esan zion Rambertek—, berriro hasi beharko dugula.
Handik bi egun barru, kale kantoi batean, Garciak botatako hipotesia baieztatu zuen; behealdeko auzoak zainpean zeuden. Gonzalesekin harremanetan jarri beharko zuten. Handik bi egun barru, Rambertek futboleko jokalariarekin bazkaldu zuen.
— Tonto arraioak —zioen honek—. Elkar bilatzeko moduren bat esan besterik ez eta.
Iritzi berekoa zen Rambert.
— Bihar goizean, mutilengana joan eta gauzak lotzen saiatuko gaituk. Biharamunean, mutilak ez zeuden etxean. Hurrengo eguneko eguerdirako abisua utzi zioten, Lizeoko plazan. Eta Tarrou txundituta utzi zuen aurpegieraz sartu zen etxera, arratsaldean harekin topo egin zuenean.
— Gauzak ez al doaz ondo? —galdetu zion Tarrouk.
— Behin eta berriz hasten —esan zion Rambertek. Eta gonbidapena egin zion berriz ere:
— Etorri gauean.
Gauean, bi gizonak Ramberten gelan sartu zirenean, etzanda zegoen berau. Jaiki zen eta prestatuta zituen basoak bete zituen. Rieuxek, berea hartuz, gauzak bide onetik al zihoazen galdetu zion. Berriz ere itzuli oso bat egin zuela adierazi zion, puntu berera heldu zela eta laster elkartuko zela behin betiko. Edan zuen eta gehitu:
— Noski, ez dira azalduko.
— Ez dago zertan printzipio bat egin beharrik —esan zion Tarrouk.
— Ez duzue oraindik ulertu —erantzun zien Rambertek, sorbalda jasoz.
— Zer ulertu?
— Izurria.
— A! —egin zuen Rieuxek.
— Ez, ez duzue ulertu behin eta berriz hastean datzala.
Rambertek gelako txoko batera joan eta fonografo txiki bat zabaldu zuen.
— Zer da disko hori? —galdetu zion Tarrouk—. Ezaguna egiten zait.
Saint James Infirmary zela adierazi zion.
Diskoaren erdian, bi tiro hots entzun zituzten urrutira.
— Zakurra edo ihesaren bat —esan zuen Tarrouk.
Handik pixka batera, anbulantzia baten sirena hotsa antzeman zuten, ozenagoa egin zen, hoteleko gelaren paretik pasa, moteldu, eta iraungi egin zen azkenean.
— Disko hau xelebrea da, gero —esan zuen Rambertek—. Eta hamar aldiz izango dira gainera gaur entzun dudala.
— Hainbesteraino atsegin al duzu?
— Ez, hain ez daukat besterik.
Eta momentu bat pasa ondoren:
— Esan dizuet behin eta berriz hastean datzala.
Taldeen berri galdetu zion Rieuxi. Bost talde ari ziren lanean. Beste batzuek osatzea espero zuten. Kazetaria ohean eseri zen eta atzazalez arduraturik zirudien. Rieuxek haren silueta labur eta indartsua aztertu zuen, ohe ertzean uzkurtuta. Bat-batean jabetu zen Rambert begira ari zitzaiola.
— Jakin behar duzu, doktore —esan zion—, luzaro pentsatu dudala zure erakundeaz. Zuekin ez banago, arrazoiak ditudalako da. Hala ere, bizia arriskuan jarriko nukeela uste dut, gerran parte hartu dut Espainian.
— Zein aldetan? —galdetu zion Tarrouk.
— Galtzaileen aldean. Baina geroztik, gogoetan apur bat jarduna naiz.
— Zeren gain? —esan zion Tarrouk.
— Adorearen gain. Orain badakit gizonak ekintza handiak egin ahal dituela. Baina sentimendu handi bat izateko gai ez bada, ez zait batere axola.
— Edozertarako gai dela iruditzen zait —esan zion Tarrouk.
— Ezta inola ere, ez da luzaroan sufritzeko edo zorioneko izateko gai.
Ez da beraz pena merezi duen ezertarako gai.
Begiratu zien, eta ondoren:
— Esate baterako, Tarrou, amodio batengatik hiltzeko gai izango al zinateke?
— Ez dakit, baina ez zait iruditzen, orain ez behintzat.
— Horra. Eta ideia batengatik hiltzeko gai izango zinateke, argi dago hori. Ba, nazka-nazka eginda nago ideia batengatik hiltzen den jendearekin. Ez dut heroitasunean sinesten, badakit hori erraza dela eta hilgarria ere badela jabetu naiz. Nire ardura maite denarengatik hiltzea eta bizitzea da.
Arduraz entzun zion Rieuxek kazetariari. Begirik kendu gabe, esan zion eztiki:
— Gizona ez da ideia bat, Rambert.
Ohetik jauzi egin zuen besteak, aurpegia grinaz suturik.
— Ideia bat da, eta ideia motza gainera, maitasunetik bereizten den momentutik. Eta hain zuzen ere, ez gara maitasunerako gai. Gauden etsita, doktore. Espero dezagun etorkizunetik, eta egiaz ahal izango ez bagenu, itxaron diezaiogun askatasun orokorrari, heroietara jolastu gabe. Ez noa ni urrutirago.
Rieux altxa zen, bat-bateko lasaitasun itxuraz.
— Arrazoi duzu, Rambert, ondo arrazoi izan ere, eta ez dago ezer munduan egitera zoazena galaraztera bultzako nindukeena, zuzena eta ona iruditzen zait eta. Baina bada hala ere zerbait azaldu behar dizudana: ez dago heroitasunik guzti honetan. Zintzotasuna da kontua. Agian xelebrea irudituko zaizu ideia hori, baina izurriari aurre egiteko modu bakarra zintzotasuna da.
— Zer da zintzotasuna? —esan zion Rambertek, bat-bateko aire goibelez.
— Oro har ez nuke jakingo esaten. Baina niri dagokidanean, argi daukat nire lana egitea dela.
— A! —esan zion Rambertek, amorruz—, neuk ez ote dakit zein den nire lana. Agian oker nabil maitasuna aukeratzerakoan.
Rieuxek aurka egin zion:
— Ez —esan zion indartsu—, ez zabiltza oker.
Rambertek pentsakor begiratzen zien.
— Zuek biok, pentsatzen dut ez duzuela guzti honetan zer galdurik izango. Errazagoa da alde onean egotea.
Rieuxek basoa hustu zuen.
— Goazen —esan zuen—, badugu zereginik.
Atera egin zen.
Tarrou atzetik joan zitzaion, baina irteteko momentuan iritziz aldatu antzean, kazetariarengana jiratu eta esan zion:
— Ba al zenekiten, Rieuxen emaztea osasun etxe batean dagoela, hemendik ehunka kilometrotara?
Rambertek ustekabezko keinu bat egin zuen, baina ordurako Tarrou joana zen.
Hurrengo egunean, goizean goiz, Rambertek doktoreari telefonoz hots egin zion:
— Onartuko al nauzue lanean hiritik alde egiteko modua bilatzen dudan bitartean?
Isilaldi bat sortu zen hariaren beste muturrean, eta ondoren:
— Bai, Rambert. Eskerrik asko.
© Albert Camus
© itzulpenarena: Imanol Tapia