I KAPITULUA
Kronika honen gala osatzen duten gertaera bitxiak 194..an suertatu ziren, Oranen. Ororen ustetan, lekuz kanpo egon ziren, ohikotasunetik nolabait kanpo samar. Lehenengo begiradan, Oran benetan hiri arrunta da eta Algeriako kostaldeko prefektura frantses bat, besterik gabe.
Hiria, berez, aitortu beharra dago, itsusia da. Bere lasai itxurarekin, denbora pixka bat behar da edozein latitudetako bestelako merkatal hirietatik bereizten duen zera hori sumatzeko. Nola irudikatu, esate baterako, usorik, arbolarik eta jardinik gabeko hiri bat, hegoen eraginaren soinurik edota hostoen harrabotsik sumatzen ez dena, hitz batean esateko, nola irudikatu leku neutro bat? Zeruan baino ez da sumatzen urtaro aldaketa. Airearen garbitasunean edota inguruetako saltzaile txikiek ekartzen dituzten lorez betetako otarretan soilik antzematen da udaberria; azoketan saltzen den udaberria dugu. Uda garaian, eguzkiak kiskali beharrean jartzen ditu etxe idorregiak eta hauts grisaxkaz estaltzen ditu hormak; botatako kontraleihoen itzaletan baino ezin daiteke orduan bizi. Udazkenean aldiz, lokatzaren erasoa etortzen da. Neguan baino ez dira heltzen egun ederrak.
Hiri bat ezagutzeko modurik erosoena bertan lana nola egiten den, nola maitatzen den eta nola hiltzen diren ezagutzea da. Gure hiri txiki honetan, klimaren eragina dela eta, guzti hori antzera egiten da, jokaera amorratu eta absente bereaz. Hau da, aspertu eta azturak norbereganatzen saiatu ohi da jendea. Lan asko egiten dute gure hiritarrek, baina beti aberasteko asmoarekin. Merkataritzan lehiatzen dira batik bat eta, nagusiki, esan ohi duten bezala, negoziotan jarduten dira. Jakina, gozamen sinpleak ere gogoko dituzte, emakumeak, zinea eta itsasoko bainuak atsegin zaizkie. Baina, burutsu jokatuz, plazer hauek larunbat arratsaldetarako eta igandetarako gordetzen dituzte, astelegunetan diru asko irabazten saiatuz. Arratsaldetan, bulegoetatik irteterakoan, kafeetan ordu jakin batean bildu, boulevardetan barrena paseatu edo euren balkoietatik begira jartzen dira. Gazteenen desioak bortitzak eta laburrak diren artean, edadetuenen bizioak ez dira elkartetatik, lagunarteko bazkarietatik eta kartetako adurraren gain gogor jokatzetik gorakoak.
Esango duzue, dudarik gabe, hori ez dela gure herrian bakarrik gertatzen den gauza eta, azken batean, garai hauetako jende guztia antzekoa dela. Dudarik gabe, gaur egun, ez dago gauza naturalagorik jendea goizetik gauera lanean jardun eta segituan, bizitzeko geratzen zaien denbora, kartetan, kafean, eta solasean galtzen ikustea baino. Badaude, ordea, herri batzuk zeinetan jendeak, noizean behin, bestelako gauzak sumatzen dituenak. Gehienetan, horrek ez du bere bizia aldatuko. Susmoa besterik ez dute, horixe bakarrik, eta hori dute betirako irabazia. Oran, aldiz, susmorik gabeko hiria dugu antza denez, hau da, guztiz hiri modernoa. Ez da beharrezkoa, beraz, gure artean nola maitatzen den zehaztea. Gizonek eta emakumeek, edo elkar jan beharrean aritu maitasuna egitea deritzon horretan, edota biren arteko ohikotasun luzean murgilduko dira bestela. Bi mutur hauen artean, ez da sarritan bitartekorik izaten. Hau ere ez da berria. Oranen, beste lekuen antzera, denbora eta gogoeta gabezian, jakinaren gainean egon gabe maitatzera beharturik gaude.
Gurean zerbait baldin badago berezia dena, bertan hiltzeak duen zailtasuna izango litzateke horixe. Zailtasuna, bestalde, ez da hitz zuzena eta zehatzagoa litzateke deserosoa esatea. Ez da inoiz atsegina gaixorik egotea, baina badira hiriak eta herrialdeak gaixoaldian mantendu egiten zaituztenak, bertan, nola hala, zeure burua laga baitezakezu. Gaixoak gozotasunaren beharra du, zerbaiten gainean eutsi nahi izaten du, zinez berezkoa du hori. Baina Oranen, klimaren gehiegikeriak, bertan tratatzen diren negozioen garrantziak, inguruaren muskilak, ilunabarraren arinak eta plazeren kalitateak, guztiak eskatzen du osasuneko izatea Gaixoak bakar sumatzen du bertan bere burua. Pentsa dezagun orain heriotzaren aurrean dagoenarengan, segadan harrapaturik, bero galgetan dauden ehunka hormen atzealdean, minutu berean, bitartean, populazio osoa, telefonoan edo kafeetan, trukatzeko letrez, jakin berria duenaz eta deskontuez hitz egiten ari den bitartean.
Ulertzekoa da haren deserosotasuna heriotzaren aurrean, nahiz heriotz modernoa izanda ere, leku idor batean modu horretara etortzen denean.
Xehetasun bakar hauek gure nolabaiteko irudia azal diezagukete hiriari buruz. Ez dago, bestalde, exajeratu beharrik ere. Hiriaren eta bizitzaren arinkeria da azpimarratu beharrekoa. Baina azkar igarotzen dira egunak azturak sortzen diren neurrian. Gure hiria, hain zuzen, aztura zale den momentutik, gauzak ondo doazela esan daiteke. Ikuspegi honetatik bizitza ez da, zinez, grinatsuegia. Gutxienez, ez dugu desordena ezagutzen gurean. Eta gure populu jator, atsegin eta lehiakorrak, arrazoizko estimazioa jaso izan ohi du beti bidaiariaren aldetik. Pintoreskotasunik, landaredirik eta arimarik gabeko hiri honek lasai itxura izango du azkenean, lo egin daiteke bertan azken finean. Baina bidezkoa da esatea paisaia paregabe batean txertatuta dagoela, ordoki biluzi baten erdian, muino argitsuz inguratuta, forma bikaina duen badia baten aurrean. Deitoragarria den gauza bakarra hiria badia honi bizkar emanez eraiki izana da eta, hala, ezingo da itsasoa antzeman beraren bila joan gabe.
Honetara heldurik, lan handirik gabe onartuko duzue gure hiritarrek ez zutela inolako motiborik urte hartako udaberrian gertatutakoak espero izateko eta, ondoren konturatuko ginenez, kronika honetan jasotzen saiatuko garen bata bestearen atzeko gertaera larrien lehenengo ezaugarriak baino ez ziren izango. Gertakizun hauek naturalak irudituko zaizkio zenbaiti, eta beste zenbaiti, aldiz, sinestezinak. Baina, azken batean, kronikari batek ez dauzka kontuan izan beharrik honelako kontraesanak. Soilik zera esatea da bere zeregina: «Hau gertatu da», badakienean, jakin, hori benetan gertatu dela, horrek herri oso baten bizitzan eragina izan duela, eta milaka testigu daudela, berak azaldutako egia bihotz bihotzetik estimatuko dutenak.
Gainerakoan, kontalariak, betiere bere momentua heltzerakoan ezagutuko dugunak, ezingo luke inola ere kontalari izena mereziko era honetako zereginean, baldin eta halabeharrak, hainbat aitorpen jasotzeko egoeran ez egoteaz gainera, gauzen indarrak kontatu nahi izan duenarekin nahastuta egotera bultzatu izan ez balu. Horrexek ematen dio historialari lana egiteko baimena. Jakina, historialari batek, nahiz amateurra bada ere, dokumentuak izan ohi ditu beti eskuan. Historia hau kontatzen duenak, beraz, baditu ere bereak eskutan: bere testigantza hasteko, besteenak ondoren, zeren, bere eginkizuna zela eta, kronika honetako pertsonai guztien esangurak jasotzera behartua baitzegoen, eta, azkenik, bere eskutan erori ziren idazkiak. Ongi deritzonean azaltzea da bere asmoa eta bere atseginaren arabera erabiltzea. Asmoa du ere... Baina bada segur aski garaia adierazpenak eta hizkuntz arazoak alde batera utzi eta kontakizunaren hariari heltzeko. Lehenengo egunen azalpenak nolabaiteko xehetasuna eskatzen du.
Apirilaren 16an, goizetik, Bernard Rieux doktoreak bere etxebizitzatik irten eta hildako arratoi batekin topo egin zuen, tranpalaren erdian. Momentu hartan, kasu gehiegirik egin gabe baztertu zuen eta eskaileretan behera jaitsi zen. Baina, kalera iristerakoan, arratoi hura leku egokian ez zegoela otu zitzaion eta atzera egin zuen atezainari horren berri eman asmoz. Monsieur Michel zaharraren jarreraren aurrean, hobeto ulertu zuen ohi ez bezalakoa zela aurkikuntza hura. Hildako arratoi hura han egotea bitxikeria iruditu zitzaion; atezainarentzat, berriz, eskandalua zen. Kategorikoa izan zen honen erantzuna: etxe hartan ez zegoen arratoirik. Doktoreak lehenengo pisuko tranpalean bazegoela bat egiaztatu zion, eta hilda segur aski: Monsieur Michelek irmo eutsi zion bereari. Ez zegoen arratoirik etxean, beraz, norbaitek kanpotik ekarria behar zuen. Hitz batean esateko, txantxa kontua besterik ez zen.
Arratsalde hartan bertan, Bernard Rieux, etxeko pasabidean, bizitzara igo aurretik giltzen bila zebilela, han ikusi zuen, pasilloko bazter ilunetik, ibilera balantzakor eta ile bustia zuen arratoi bat zetorrela. Piztia gelditu zen, orekan jarri behar zuela eman zuen, abiatu zen berriz ere doktorearengana, jirabira egin eta bertan erori zen azkenean, erdi zabalik zuen muturretik odola zeriola. Doktoreak begiratu zion une batez eta bizitzara igo zen.
Ez zuen arratoia gogoan. Hark botatako odolak berritu zizkion kezkak. Emazteak, urtebete gaixorik, mendiko egoitza batera joan behar zuen hurrengo egunean. Bere gelan etzanda bilatu zuen, hala egoteko eskatu baitzion. Horrela bidaiaren nekeari aurre egiteko prest egongo zen. Irribarre egin zio:
— Oso ondo nago —esan zion.
Doktoreak oheburuko lanpararen argitan berari begira zegoen aurpegiari so egin zion. Rieuxentzat, hogeita hamar urte eta gaixotasunaren arrastoak izanik ere, gaztetasunaren aurpegia zen hura, beste guztia lausotzen zuen irribarreagatik besterik ez bazen ere.
— Egizu lo, ahal baduzu —esan zion—. Erizaina hamaiketan etorriko da eta eguerdiko trenera eramango zaituztet.
Kopeta heze samarrean eman zion musu. Irribarreak lagundu zion ateraino.
Hurrengo egunean, Apirilak 17, zortzietan, atezainak bidean geldiarazi zuen doktorea eta axekari gaiztoak pasilloaren erdian hildako hiru arratoi uzteaz salatu zituen. Segada handiz baliatu bide ziren, odolez beteta zeuden eta. Atezaina ate ondoan denbora pixka batean egona zen, arratoiak hanketatik helduta zituela, ea murrikaren batek errudunen buruak salatzen ote zituen. Baina ez zen inor azaldu.
— Ai! Horiexek, bai —zioen monsieur Michelek—, harrapatuko ditut azkenean.
Kezkaturik, itzulia kanpoaldeko auzoetatik eginez hastea erabaki zuen Rieuxek, bere bezerorik pobreenak bizi ziren lekutik. Askozaz beranduago jasotzen zuten han zaborra eta auzoko errepide zuzen eta erraustuan barrena zihoan autoak espaloien ertzetan utzitako zabor kaxak ia ukitu beharrean pasa zen. Hala, haietako kale batean, dozena bat arratoi kontatu zituen doktoreak barazki hondar eta trapu zaharren gainean botata.
Ohean bilatu zuen lehenengo gaixoa, kalera eman eta era berean logela eta jangela bezala erabiltzen zuten areto batean. Aurpegi gogor eta zartatua zuen espainiar zahar bat zen. Aurrean, bururdiaren gainean, garbantzuz betetako bi eltze zituen. Doktorea sartzerakoan, gaixoa, bere ohean erdi agondurik, atzealdera tenkatzen ari zen asmatiko zaharren modura, arnas legartsuaren bila. Emazteak azpil bat ekarri zion.
— Zu, doktore —zioen ziztatu zionean—, irteten ari dira gero, ikusi al dituzu?
— Bai —esan zuen emazteak—, aldamenekoak hiru jaso ditu. Agureak eskuak igurtzi zituen.
— Irteten ari dira, zabor pila guztietan daude, gosea da!
Ez zuen lan handirik izan Rieuxek auzo guztian arratoiei buruz mintzo zirela egiaztatzeko. Bisitak bukatu ondoren, etxera itzuli zen.
— Telegrama bat duzu goian —esan zion monsieur Michelek. Arratoi gehiago ea ikusi ote zuen galdetu zion doktoreak.
— Tira! Ez —esan zion atezainak—, zelatan nago, badakizu. Eta zerri horiek ez dira ausartzen.
Telegramak hurrengo egunean ama zetorrela adierazi zion Rieuxi. Gaixoa kanpora zihoanez, semearen etxea zaintzera zetorren. Doktorea etxebizitzan sartu zenean, erizaina han zen ordurako. Rieuxek jaikita ikusi zuen emaztea, trajeaz jantzita, makillajeren kolorez. Irribarre egin zion: — Ederki —esan zion—, oso ederki.
Handik pixka batera, geltokian, wagon-litean jartzen lagundu zion. Emaztea konpartimentuari begira zegoen.
— Ez ote da garestiegia guretzat?
— Hala behar du —esan zion Rieuxek.
— Zer dira arratoien kontu horiek?
— Ez dakit. Gauza bitxia da, baina pasako da.
Ondoren barkamena eskatzen ziola esan zion oso azkar, hobeto kontu egin behar izango zuen eta gutxiegi arduratu zen. Emazteak buruari eragin zion, isiltzeko esanez bezala. Baina, zera gehitu zuen doktoreak:
— Hobeto joango zaizkigu gauzak itzultzen zarenean. Berriz hasiko gara.
— Bai —esan zion emazteak, begiak distiratsu—, berriz hasiko gara.
Gero, bizkarra eman zion eta beiratik kanpora begira jarri zen. Andenean jendea presaka eta elkarri bultzaka zebilen. Lokomotoraren txistua heldu zitzaien. Emaztearen izena ahoskatu eta, hau jiratu zenean, aurpegia malkoz beteta zuela ikusi zion.
— Ez —esan zion eztiki.
Malkoen azpitik, irribarrea etorri zen, behartu samar. Arnasa sakon hartu zuen emazteak:
— Zoaz, ondo joango da dena.
Bere gorputzaren kontra estutu zuen, eta jadanik andenetik, beiraren beste aldetik, haren irribarrea baino ez zuen ikusi.
— Otoi —esan zion senarrak—, zaindu.
Baina emazteak ezin zion entzun.
Irteera inguruan, geltokiaren andenean, Monsieur Othon instrukzio epailearekin topo egin zuen, bere seme txikia eskutik zeramala. Doktoreak bidaia bat egitera ote zihoan galdetu zion. Monsieur Othonek, luze eta beltz, eta alde batetik garai batean munduzale esaten ohi zena eta bestetik lurperatzaile itxurarekin, ahots atseginez erantzun zion, baina labur:
— Madame Othoni itxaroten nago, nire senidekoei bere adeitasuna azaltzera joana baita.
Lokomotorak txistu egin zuen.
— Arratoiak —zioen epaileak.
Rieux tren aldera mugitu zen, baina irteerarantz itzuli zen. — Bai —esan zion—, ez da ezer.
Une hartaz buruan geratu zitzaion gauza bakarra besazpian hildako arratoiz betetako kaxa bat zeraman bertako langile baten irudia izan zen.
Egun berean, arratsaldez, kontsultarekin hasterakoan, Rieuxek gizon gazte bat hartu zuen, zeinek kazetaria zela adierazi baitzion eta goizean ere etorria zela esan. Raymond Rambert zuen izena. Neurriz txikia, bizkar mardulekoa, aurpegi ausarta, begi argi eta adimentsuak, Rambertek sport moduko jantziak zeramatzan eta bizitzan eroso dabilenaren itxura zuen. Zuzenean joan zen harira. Txosten bat prestatzen ari zen Pariseko egunkari handi batentzat arabiarren bizimoduaren gain eta hauen osasun egoeraren xehetasunak jaso nahi zituen. Egoera ez zela ona adierazi zion Rieuxek. Baina, aurrera segi baino lehen, jakin nahi izan zuen ea kazetariak egia azaltzerik ba ote zuen.
— Jakina —esan zion besteak.
— Zera esan nahi dut: erabateko gaitzespenik egin al zenezake?
— Erabatekoa, ez, egia esan behar badut. Baina gaitzespen hori funtsik gabekoa litzatekeela iruditzen zait.
Eztiki, Rieuxek baietz, horrelako gaitzespena funtsik gabekoa litzatekeela esan zion, baina galdera hori egiterakoan, Ramberten aitormena mugarik gabekoa izan zitekeen ala ez jakin nahi zuela soilik.
— Mugarik gabeko aitormena besterik ez dut onartzen. Ez diot, beraz, nire argibideekin zureari eutsiko.
— Saint Justen hizkuntza duzu hori —esan zion kazetariak irribarrez. Horretaz deus ez zekiela esan zion Rieuxek ahotsa aldatu gabe, baina bizi zen munduaz nekatuta zegoen gizonaren hizkuntza zela, lagun hurkoei emana hala ere eta, berari zegokionez, bidegabekeriari eta kontzesioei uko egiten ziena. Rambert, sorbaldak jasoz, doktoreari begira geratu zen.
— Ulertzen dizudala uste dut —esan zion azkenean altxatuz. Doktoreak ateraino lagundu zion:
— Eskerrik asko gauzak horrela hartzeagatik. Rambert ernegatzen hasia zen antza:
— Bai —esan zion—, ulertzen dizut, barkadazu molestatu izana. Doktoreak eskua eman eta erreportaje berezia egin zezakeela esan zion, hirian une hartan zegoen hildako arratoi pilari buruz.
— A! —esan zion Rambertek—, interesgarria da hori.
Arratsaldeko bostetan, beste bisita batzuk egitera zihoanean, gizon gazte samar batekin gurutzatu zen doktorea; silueta astuna zuen, aurpegi betea eta zargaildua, bekain lodiz zeharkatua. Noizean behin, bere etxearen azken pisuan bizi ziren espainiar dantzarien etxean ikusia zuen. Jean Tarrou zigarro bat erretzen ari zen arduraz maila baten gainean jarrita, bere oinetan hilzorian zegoen arratoi baten azken dardarei begira. Doktorearengana jaso zuen bere begi grisen begirakune lasai eta apur bat setatia, egunonak eman eta arratoiak agertzearen kontu hura gauza bitxia zela erantsi zuen.
— Bai —esan zion Rieuxek—, baina azkenean amorratzeko modukoa da.
— Alde batetik ikusita, doktore, alde batetik ikusita bakarrik. Ez dugu guk inoiz horrelakorik ikusi, horixe da guztia. Nik, ordea, interesgarria deritzot, bai, positiboki interesgarria.
Tarrouk bere ile gainetik pasa zuen eskua atzera eramatearren, jadanik geldi zegoen arratoiari berriro begiratu zion, eta irribarre egin zion ondoren Rieuxi:
— Azken finean, doktore, atezainaren lana da hau neurri handi batean.
Hain zuzen, etxe aurrean, sarrera ondoko paretaren kontra bilatu zuen atezaina, ia beti odolbildurik egon ohi zen aurpegian lasaitasun itxura ageri zuela.
— Bai, badakit —esan zion Michel zaharrak Rieuxi, honek aurkikuntza berria adierazi zionean—. Binaka edo hirunaka ageri dira orain. Baina gauza bera gertatzen ari da beste etxetan.
Etsita eta kezkaturik zirudien. Lepoa haztatzen zuen oharkabeko keinuz. Zer moduz ote zegoen galdetu zion doktoreak. Atezainak ezin zion benetan ondo ez zegoenik esan. Kontua zen ez zegoela bere onean. Moralak kezkatzen zuenaren ustea zuen. Arratoiek zartada ederra eman zioten eta hobeto joango ziren gauzak haiek desagertzerakoan.
Baina hurrengo goizean, Apirilak 18, goizez, ama geltokitik ekartzera joan zelarik, oraindik ere itxura zardaiagoa nabaritu zion doktoreak Monsieur Micheli: sototik teilatura arte, hamar bat arratoi egongo ziren sakabanaturik eskaileratan. Auzoko etxeetako zabortegiak beteta zeuden. Doktorearen amak harritu gabe jaso zuen berria.
— Gertatzen diren gauzak dira horiek.
Adats zilarreztatuak, begi beltz eta gozoak zituen andre txiki bat zen.
— Pozik nago zu berriro ikusteaz, Bernard —esan zion hark—. Arratoiek ezin dute ezer egin horren kontra.
Semeak baietz esan zion; bere ondoan zinez errazagoa zirudien dena.
Hala ere, arratoi galtzeko udal zerbitzuari dei egin zion telefonoz; zuzendaria ezaguna zuen. Entzun al zuen eguzkitara mordoka hiltzera, irteten ari ziren arratoi bajen berri? Mercierrek, zuzendariak, bazuen horren berri eta andenen inguruan kokaturik zegoen bere zerbitzuan bertan berrogeita hamar inguru aurkitu zituzten. Bere buruari galdezka ari zitzaion halere ea larria ote zen gauza. Rieuxek ezin zuen erabakirik hartu, baina arratoi galtze zerbitzuek jardutearen aldekoa zen.
— Bai —esan zion Mercierrek—, agindu batekin. Benetan merezi duela uste baduzu, agindu bat lortzen sala naiteke.
— Beti merezi du horrek —esan zion Rieuxek.
Neskameak esan zionez, senarrak lan egiten zuen fabrika handian hildako zenbait ehunka arratoi jaso omen zituzten.
Aldi hartan gutxi gora behera hasi ziren urduritzen gure hiritarrak. Hala, 18tik aurrera, fabrikak eta biltegiak benetan gainezka zeuden hildako ehunka arratoien gorpuekin. Kasu batzuetan, piztiak akabatu beharrean izan ziren, agoni luzeegian zeudelako. Baina, inguruko auzoetatik hiriaren erdiraino, Rieux doktorea igaro berria zen leku guztietan, gure hiritarrak biltzen ziren leku guztietan, arratoiak zain zeuden pilatuta, zabortegietan, edota errenkada luzeak osatuz, erreka ondoetan. Arratsaldeko egunkariak arazoaz arduratu ziren egun harez geroztik, eta galdetzen zuten ea udalak ekiteko asmorik ba ote zuen hala ez, eta zeintzuk ziren aurre egiteko hartutako premiazko neurriak bere administratuak erasoaldi nazkagarri hartatik babesteko. Udalak ez zuen inolako ekintzarik burutu eta ez zuen inolaz ere aurre egin, baina batzarrean bildu ziren erabakiak hartu asmoz. Arratoi galtzeko zerbitzuari zabaldu zioten hildako arratoiak jasotzeko agindua, goizero, goiz-albarekin batera. Bilketa bukatu ondoren, bi ibilgailuk eraman beharko zituzten piztiak zaborrak errausteko fabrikara, bertan erretzeko.
Baina hurrengo egunetan, egoera are larriagoa egin zen. Jasotako marraskarien kopurua handitzen zihoan eta bilketa goizetik goizera ugariagoa zen. Laugarren egunetik aurrera, arratoiak taldeka hiltzera irteten hasi ziren. Lurrazpiko zuloetatik, sotoetatik, estolderietatik, errenkada luze eta balantzakorrak osatuz igotzen ziren eguzkitara, zabuka egin, jirabiratu eta gizakien hondoan hiltzera. Gauean, pasabidetan, edota kalexkatan, nabarmen entzuten ziren beren agoniaren oihu txikiak. Goizean, hiringurutan, erreka hondoan bilatzen zituzten, mutur zorrotzetan odolezko lore txiki bat zutela, puztuta eta ustelduta batzuk, zurrun eta biboteak oraindik tente besteak. Hirian bertan, pila txikitan ikus zitezkeen, tranpaletan edo patiotan. Noizbehinka bakarka ere etortzen ziren hiltzera administrazio geletara, eskoletako patioetara, kafeetako terrazetara. Gure hiritarrek jendea sarriago ibiltzen zen hiriko lekutan aurkitzen zituzten txunditurik. Armen plaza, boulevardak, Front-de-Mer ibiltokia, aldika, zikindurik ageri ziren. Hildako piztia haietaz egunsentian garbitu ondoren, hiriak pixkanaka bilatzen zituen berriro, gero eta ugariago, egunean zehar. Espaloietan, gaueko ibiltari bati baino gehiago gertatu zitzaion oraindik fresko zegoen hilotz baten masa malgua sumatu izana hanka azpitan. Esan zitekeen gure etxeak eusten zituen lurrak ezabizi zamaz libratu nahi zuela, ordura arte barnealdetik higatzen zuten zaldarrak eta zorneak azaleratuz. Jabetzekoa da besterik gabe gure hin txikiaren harridura, ordura arte hain lasaia, eta egun batzuen buruan aztoratua, odol lodia bat-batean irabiatzen hasten zaion sasoi oneko gizonaren modura.
Gauzak hain urrutira joan ziren ezen Ransdoc agentziak (ikerketak, dokumentazioa, edozeri buruzko ikerketak) 25eko egun hartan bakarrik sei mila berrehun eta hogeita hamaika arratoi jasoak eta erreak izan zirela adierazten baitzuen bere dohaneko informazio irratsaioan. Zifra honek, hiriak bere begien azpikaldean ikusten zuen emankizunaren ideia argi eta garbia azaltzen zuenak, areagotu egin zuen nahasmena. Ordura arte, halabeharrak ekarritako gertaera nazkagarri xamar harengatik bakarrik ziren kexu jendeak. Sumatzen zuten oraingoan fenomeno hark, zeinen nondik norakoa zehaztu ezinezkoa eta jatorria asma ezinezkoa baitzen, nolabaiteko mehatxua zekarrela. Espainiar asmatiko zaharrak, harexek bakarrik jarraitzen zuen eskuak igurtzi eta igurtzi, eta behin eta berriz esanez:
— Irteten ari dituk, irteten ari dituk— zaharkituaren pozkarioz.
Hala, Apirilaren 28an, Randsoc-ek zortzi mila inguru arratoi bildu zirenaren berri eman zuen eta kezka nagusitu zen hiriaren barnean. Neurri zorrotzak eskatzen zituzten, eta itsaso ondoan etxeak zituzten zenbaitzuk handik joatearen alde ageri ziren. Baina, hurrengo egunean, fenomenoa bat-batean eten egin zenaren berri eman zuen agentziak, eta arratoi galtze zerbitzuek hildako arratoi kopuru urria jaso zutela. Hiriak arnasa hartu zuen.
Egun berean, dena dela, eguerdian, Rieux doktoreak, bere ibilgailua etxe aurrean geratu zuenean, han ikusi zuen kaleko beste muturretik atezaina nekearen nekez zetorrela, burua makurturik, beso eta zangoak zabaldurik, leloaren modura. Agurea doktoreak ezagutzen zuen apaiz baten besotik zetorren. Aita Paneloux zen hau, inoiz berarekin suertatutako jesuita jakintsu eta militantea eta gure hirian estimatua zena oso, nahiz erlijio gaietan axolagabe zirenen artean ere. Itxoin zien. Michel zaharrak dirdiratsu zituen begiak eta arnas txistukorra. Nahigabea sumaturik airea hartzera irtena zen. Baina lepoko, besazpitako eta izterrondoetako oinazeek itzultzera behartu zuten eta aita Panelouxi laguntza eskatzera.
— Koskorrak ditut —esan zion—. Indarren bat egingo nuen.
Besoa leihatilatik ateraz, Michelek erakusten zion lepotik pasa zuen behatza; halako adabegi moduko bat zeukan.
— Zoaz ohera, har ezazu tenperatura, arratsaldean etorriko natzaizu ikustera
Joan zen atezaina. Rieuxek aita Penelouxi galdegin zion ea arratoien kontu hartaz zer pentsatzen ote zuen:
— O! —esan zion aitak—, epidemiaren bat izango da —eta begiek irribarrea zerien betaurreko borobilen atzetik.
Bazkalondoan, osasun-etxetik emaztea heldu zela adierazten zion telegrama irakurtzen ari zenean, telefono hotsa entzun zuen. Bere bezero zahar bat, udaletxeko enplegatua, ari zitzaion deika. Aspaldian aortaren hertsimendua sufritu zuen, eta, pobrea zenez gero, doan zaindu zuen Rieuxek.
— Bai —zioen hark—, gogoratzen zara nitaz beraz. Beste norbaiten arazoa da. Zatoz azkar, zerbait gertatu da auzokoaren etxean.
Ahotsa arnasestuka zuen. Rieux atezainarekin gogoratu zen eta ondoren ikusiko zuela erabaki zuen. Handik minutu gutxi barru, hiri inguruko auzo batean, Faidherbe kaleko etxe baxu baten atea igaro zuen. Eskailera fresko eta kirastsuaren erdian, Joseph Grand enplegatuarekin topo egin zuen, hau beraren bila jaisten ari zenean. Berrogeita hamar urte inguruko gizona zen, bibote horiduna, luzea eta okerra, bizkar estuak eta gorputz-adar giharrekoa.
— Hobeto dago —esan zuen, Rieuxen aurrera joanez—, baina uste nuen joango zitzaigula.
Zintz egin zuen. Bigarren eta azken pisuan, ezkerreko atean, hau irakurri zuen Rieuxek, klariona gorriz idatzita: «Sartu, zintzilik nago».
Sartu ziren. Soka lanparatik zintzilik zegoen eroritako aulki baten gainean, eta mahaia bazter batera aldenduta. Baina hutsean zegoen dilindan.
— Garaiz jaitsi dut —zioen Grandek, uneoro hitzak aukeratu antzean, hizkerarik sinpleena erabiltzen bazuen ere—. Irtetera nindoan, hain zuzen ere, eta hots bat entzun dut. Esaldia ikusi dudanean, ez dakit nola esan, txantxetan edo zebilela uste nuen. Baina hasperen bitxia egin du, baita gordina ere, benetan diotsut.
Buruari hazka egin zion:
— Nire ustez, ebakitzea mingarria izango da. Noski, sartu egin naiz.
Ate bati bultza ondoren gela argi baina altzariz pobreki jantzitako batera sartu ziren. Gizontxo potzolo bat zegoen kobrezko ohean etzanda. Arnasa kemenez hartzen zuen eta begi odoltsuekin begiratzen zien. Doktorea gelditu egin zen. Arnasaldi bakoitzaren tartean, arratoien oihu txikiak entzuten zituela iruditu zitzaion. Baina ez zen deus mugitzen bazterretan. Rieux ohe ingurura joan zen. Gizona ez zen oso goitik jauzi, eta ezta braukiegi ere, bizkarrezurrek eusteko moduan. Itomen pixka bat, azken finean. Erradiografia bat egitea komeniko litzateke. Doktoreak alkanfor oliozko ziztada sartu zion eta handik egun batzuk barru osatuko zela esan zion.
— Eskerrik asko, doktore —esan zion gizonak, arnasestuka.
Rieuxek polizia-etxea ea jakinaren gainean jarri ote zuen galdetu zion Grandi eta enplegatua mesfidati azaldu zen:
— Ez —esan zion—, ez, ez! Nik uste nuen presarik handiena...
— Jakina —moztu zion Rieuxek—, egingo dut nik.
Baina, momentu hartan, gaixoa asaldatu zen eta tente jarri, ohean ondo zegoela protesta eginez eta ez zuela horrelakorik pena merezi.
— Zaude lasai —esan zion Rieuxek—. Ez da lana, benetan esaten dizut, eta aitorpena ere egin beharra daukat.
— O! —egin zuen besteak.
Eta atzealdera etzan zen negar-zotin txikiak eginez. Grand, denbora pixka bat zeramakienak bibotea maspiltzen, hurbildu egin zitzaion.
— Tira, monsieur Cottard —esan zion—. Saiatu konprenitzen. Doktorea nolabait erantzule dela esan daiteke. Esate baterako, berriz horrelakorik bururatuko balitzaizuke...
Baina Cottardek, bere malko artean, horrelakorik ez zuela berriz egingo zioen, zoroaldi bat besterik ez zela izan eta bakean uztea besterik ez zuela nahi. Rieuxek errezeta bat idatzi zuen.
— Ondo da —esan zion—. Utz dezagun hori, bi edo hiru egun barru itzuliko naiz. Baina ez egin astakeriarik, gero.
Tranpalean, Grandi esan zion behartuta zegoela aitorpena egitera, baina komisariari bere txostena bi egun pasa arte ez egiteko eskatuko ziola.
— Komeniko litzateke gauean norbait zaintzen geratzea. Senidekorik ba al du?
— Ez dut nik inor ezagutzen. Baina neronek ere zaindu nezake.
Burua mugitu zuen.
— Bera ere —azaldu zion—, ezin esan ezagutzen dudanik. Baina komeni da elkarri laguntzea.
Etxeko pasilloetan, Rieuxek oharkabean begiratu zuen zokoetara eta Grandi galdegin zion ea arratoiak auzotik desagertu ote ziren. Enplegatuak ez zekien ezer. Aipatu zioten, bai, zerbait historia horri buruz, baina ez zien kasu handirik egiten auzoko zurrumurruei.
— Badut nahiko lan bestela ere —zioen.
Rieuxek bostekoa eman zion. Presa zuen atezaina ikustera joateko emazteari idatzi aurretik.
Arratsaldeko egunkarietako saltzaileek arratoien inbasioa geldieraz: zutenaren berri aldarrikatu zuten. Baina Rieuxek ohean erdi altxata aurkitu zuen bere gaixoa, esku bat sabelean eta bestea lepoari eutsiz, zabor bidoi batean bulkada handiz behazun gorrixka bat botaka. Ahalegin luzean aritu ondoren, arnasestuka, etzan egin zen atezaina. Hogeita hemeretzi eta bostean zuen tenperatura, lepoko gorgoilak eta gorputz-adarrak puztuta zituen, bi orban beltzaxka zabaltzen ari zitzaizkion alde batean. Barneko oinazeaz kexu zen oraingoan.
— Kiskali egingo nau —zioen—, erre, zerri zikin honek.
Bere ahoaren kedarrak hitzak mastekatzera eragiten zion eta doktorearengana itzultzen zituen buruko minaren eraginez malkoz betetako begi irtenak. Andreak antsiaz begiratzen zion Rieuxi, hau mutututa zegoen bitartean.
— Doktore —esan zion—, zer da hau?
— Edozer gauza izan daiteke. Baina oraindik ez dago ziur jakiterik.
Iluntzera arte, dieta eta arazgarriak. Asko edan behar du.
Hain zuzen ere, atezaina egarriz hil beharrean zegoen. Etxera etorri orduko, Rieuxek bere kide eta hiriko medikurik ospetsuenetakoa zen Richardi dei egin zion telefonoz.
— Ez —esan zion Richardek—, ez dut apartekorik sumatu.
— Sukarra hantura lokalekin batera ez?
— A! bai, horratik, bi kasu gongoilak oso handituta zituztenak.
— Ohiz kanpokoak?
— Tira —esan zion Richardek—, ohi bezalakoak, badakizu...
Iluntzean, edozein aldetara, atezaina eldarniotan eroria zen eta, berrogei gradutan, arratoiez kexu zen. Rieuxek abszesu batekin saiatu zen. Trementinaren erreduraz, atezainak garrasi egin zuen:
— A! Zerriak!
Gongoilak are handituagoak zeuden, gogorrak eta egurtsuak ukitzerakoan. Emaztea zoratu beharrean zebilen.
— Zaindu ezazu —esan zion doktoreak—, eta deitu zerbait gertatuz gero.
Hurrengo egunean, apirilak 30, brisa epela zebilen zeru urdin eta hezean. Urruneko auzotatik zetorren lore usaina zekarren. Goizeko zaratek, ohikoak baino biziagoak, alaiagoak ziruditen. Gure herri txiki osoan, astean zehar bizi izandako errezelo sorraz libratu ondoren, udaberriaren eguna zen hura. Rieux bera, emaztearen karta jaso ondoren bareturik, atezainarengana jaitsi zen arin. Eta, hala, goizean, hogeita hemezortzi gradutara jaitsi zitzaion sukarra. Pozez, gaixoa irribarrez zegoen ohean.
— Hobeto dago, ez al da hala, doktore? —esan zion emazteak.
— Itxoin dezagun oraindik.
Baina eguerdirako, sukarrak gora egin zuen bat-batean berrogei gradutaraino, gaixoa eldarniotan zegoen etengabean eta gonbitoka hasi zen berriz ere. Lepoko gongoilek oinazea sortzen zioten ukitzerakoan eta atezainak burua gorputzetik ahalik eta urrunago mantendu nahi zuela zirudien. Emaztea ohearen oinean eserita zegoen, eskuak mantalAren gainean jarrita, gaixoaren hankei eztiki eutsiz. Rieuxi so egin zion.
— Entzun —esan zion honek—, aparte jarri behar dugu eta tratamendu berezi batekin saiatu. Ospitalera dei egin eta anbulantzian eramango dugu.
Handik bi ordu barru, anbulantzian, doktorea eta emaztea gaixoarengana makurtu ziren. Bere astinez betetako ahotik, zatika irteten zitzaizkion hitzak: —Arratoiak! —zioen. Berdeturik, ezpainak argizarizkoak bezala, betazalak berunaren astunez, arnasa estua eta laburra, gongoilek apurtu beharrean, ohatilaren sakonean hondoratuta bere inguruan hertsi nahiko balu bezala edo, gama batek, lurraren sakonetik etorritakoak, etengabean dei egingo balio bezala, ito beharrean zegoen atezaina ikusezinezko pisu baten azpian. Emaztea negarrez ari zen.
— Ez ote dago itxaropenik, doktore?
— Hil da —esan zion Rieuxek.
Atezainaren heriotzak, zilegi da esatea, ezaugarri nahaskorrez betetako denboraldi honen amaiera markatu zuen eta beste baten hasiera, erlatiboki zailagoa, zeinetan hasierako ustekabea izu bilakatzen joan baitzen pixkanaka. Gure herritarrek, jakinaren gainean baitziren oraingoan, ez zuten sekula pentsatuko gure hiri txikia arratoiak eguzkitan hiltzeko eta atezainak ohi ez bezalako gaixokeriak jota heriotzako ordura heltzeko bereziki aukeratutako lekua izan zitekeenik. Ikuspegi honi dagokionez, oker zebiltzan azken finean eta beren pentsakizunak aztertzera behartuak zeuden. Guztia horretan geratu balitz, azturen indarrak aurrera egingo zuen ezbairik gabe. Baina gure herritarren arteko beste batzuk ere izan ziren, eta ez beti atezainak edo behartsuak, Monsieur Michel lehenengo abiatu zen bidetik joan behar izan zutenak. Handik aurrera sortu zen beldurra, eta gogoeta, honekin batera.
Dena dela, gertakizun berri hauei buruzko xehetasunetan sartu baino lehen, baliagarria iruditu zaio kontatzaileari azaldu berri duen garaiari buruzko beste testigu baten aburuak adieraztea. Jean Tarrou, kontaera honen hasieran topatu duguna, Oranen finkatua zen aste batzuk lehenago eta, barrez geroztik, erdialdeko hotel handi batean bizi zen. Itxuraz, errentatik bizitzeko adinako erosotasuna ageri zuen. Baina, hiria hura han egoteaz pixkanaka ohitzen joan bazen ere, ezin inortxok ere esan nondik zetorren, eta ezta zergatik ote zegoen bertan ere. Leku publiko guztietan azaltzen zen. Udaberria heldu ondoren, sarritan ikusten zuten hondartzan, askotan igeri eginez eta atsegin nabarmenaz. Gizon jatorra, betiere irribarrez, plazer guztien zale zirudien, haien menpean erori gabe. Berez, ezagutzen zitzaion ohitura bakarra zera zen, gure hirian hain ugariak ziren dantzari eta musikari espainiarrengana sarritan joaten zela.
Bere liburuxkek ere, edozein aldetara, garai zail hauen nola-halako kronika osatzen dute. Kronika guztiz bitxia da nolanahi ere, xumekerien aldeko joera bati jarraitu nahi izan diotena antza. Hasiera batean, pentsa zitekeen gauzak eta izakiak katalejoaren alderik lodienetik hartuz kontsideratzeko moldatzen zela. Azken batean, nahasmen orokorraren artean, historiarik gabekoei buruzko historialari izaten saiatzen zen. Gaitzetsi ahal izango dugu dudarik gabe aukera hau, eta haren bihotza idorra zela uste izan. Baina horrek ez du ukatzen garai honetako kronika baterako ohar hauek bigarren mailako xehetasun ugari eskaini izatea, eta ezta nolabaiteko garrantzia dutenik ere, bertako bitxikeriek pertsonaia interesgarri hau azkarregi juzgatzea galaraziko digutelarik.
Jean Tarrouk jasotako lehenengo oharrak Oranera iritsi berria zenekoak dira. Hasieratik, berez hain itsusia den hiri batean egotearen atsegin berezia azaltzen dute. Bertan agertzen dira udaletxea janzten duten brontzezko bi lehoien azalpen zehatza, zuhaitz faltari, etxe tamalgarri eta hiriaren trazadun zentzugabeari buruzko iritzi adeiberak. Tarrouk tranbietan eta kaletar entzundako elkarrizketak nahasten ditu bertan, azalpenik erantsi gabe beranduxeago azaltzen duen Camps delako bati dagokion solasaldia salbu Tarrouk entzuna zuen tranbietako bi kobratzaileren arteko hizketaldia:
— Camps ezagutuko huen hik —zioen batek.
— Camps? Handi bat bibote beltza zuena?
— Huraxe. Orratzetan zegoen.
— Bai, jakina.
— Ba, hil egin duk.
— Hara! Eta noiz?
— Arratoien histori horren ondoren.
— Hara! Eta zer zian?
— Ez zekiat, sukarra. Gainera, ez huen indartsua. Abszesuak sortu zitzaizkion beso-azpitan. Ez dik aguantatu.
— Beste edozeinek bezalako planta zian halere.
— Ez, bularretik ahula huen eta musika jotzen zian Orphéonen. Egunero pistoiari eman eta eman, horrek jota uzten dik azkenean.
— A! —amaitu zuen bigarrenak—, gaitzak jota hagonean, ezin dio pistoiari eman.
Hainbat argibide eman ondoren, Tarrouk bere buruari galdetzen zion ea zergatik sartu ote zen Camps Orphéonen, hain nabarmenki komeni zitzaionaren kontra joanez, eta zein ote ziren igandetako desfileetan parte hartzearren bizia arriskuan jartzera bultzatu zuten arrazoi sakonak.
Ondoren, leiho aurreko balkoian sarritan gertatzen zen eszena batek begi onez hunkitu zuela zirudien. Hala, bere gelak zeharkako kale txiki batera ematen zuen, bertan katuak lo egoten zirelarik hormen gerizpean.
Egunero alabaina, bazkaldu ondoren, hiri osoa bero galdatan lozorroan geratzen zen garaian, agure zahar bat azaltzen zen balkoira, kalearen bestaldean. Ile zuriak eta ondo orraztuak, zuzen eta lerden bere militar kutsuko jantziez, katuei deitzen zien halako «Pitxitxi, pitxitxi» aldi berean urrun eta eztiaz. Katuek loak lausotutako begiak altxatzen zituzten, oraindik ere kezkatu gabe. Besteak paper pusketa txikiak botatzen zituen kalearen gainetik eta abereak, tximeleta zurizko euriaz erakarrita, kale erdiraino aurreratzen ziren, hanka zalantzakor bat eroritako azken pusketetara luzatuz. Agure txikiak, orduan, txistua botatzen zien indarrez, eta trebetasunez bota ere. Txistukadak haietakoren bat jotzen zuenean, barre egiten zuen.
Azken batean, hiriaren izaera komertziala zela eta, erabat liluratuta zirudien Tarrouk, haren itxura, animazioa eta plazerak ere negozioen eginbeharraren mailan omen zeudelakoan. Tarrouk begi onez ikusten zuen berezitasun hau (hitz hau erabiltzen zuen oharkizunetan) eta bere goraipamenetako bat dei honekin bukatzen zuen: «Azkenik!». Hauek dira bidaiariaren oharrek, garai hari dagokionean, itxuraz izaera pertsonala duten momentu bakarrak. Zaila da besterik gabe horren esanahia eta egiazkotasuna bilatzea. Hala, hildako arratoi bat aurkitzeak hoteleko kaxaria bere kontutan akats bat egitera bultzatu zuela kontatu ondoren, Tarrouk erantsi zuen, ohikoa zuen baino idazkera zakarragoz: «Galdera: zer egin denbora ez galtzearren? Erantzuna: edozertaz aprobetxatu. Baliabideak: egunak pasa dentista baten itxarongelan, aulki deseroso batean; igande arratsaldean, balkoian bizitzen jarri; ezagutzen ez dugun hizkuntza batean emandako hitzaldia entzun, treneko ibilbide luzeenak eta desegokienak aukeratu eta zutik bidaiatu naturaltasunez; ikuskizunetako leihatilen aurrean errenkadan egon eta sarrerarik ez erosi, etab». Baina hizkuntzaren edo gogoetaren ihesaldi hauen ondotik, oharkizunek gure hiriko tranbiaren xehetasunez betetako adierazpenari heltzen diote berehala, haren txalupa itxura, haren kolore zehaztezina, haren usadiozko zikintasuna, bururakizun hauek ezer esan nahi ez duen «aipagarria da» batekin amaituz.
Hona hemen dena dela arratoien historiari buruz Tarrouk azaltzen dituen zehaztasunak:
«Gaur, aurreko agure txikia urduri dabil. Ez dago katurik. Desagertu egin dira, kaletan bilatzen dituzten hildako arratoi pilarengatik asaldaturik.
»Nire ustez, kontua ez da katuek hildako arratoiak jatea. Gogoratzen dut neureek gorroto ziotela horri. Horrek ez du esan nahi sotoetan korrika ibiliko ez direnik edo agure txikia urdurituko ez denik. Ez dago hain txukun orraztuta, hain kementsu. Artega sumatzen zaio. Handik pixka batera barrura sartu da. Baina txistu egin du, behin, hutsera.
»Hirian, tranbia bat gelditu dute gaur hildako arratoi bat aurkitzerakoan, nondik zetorren inork sumatu ezinik. Bi edo hiru emakume jaitsi egin dira. Arratoia bota egin dute. Tranbia berriro abiatu da.
»Hotelean, gaueko zaindariak, sinesteko moduko gizona berau, ezbeharren bat espero zela esan dit arratoi guzti horiekin.
»Arratoiek ontzia uzten dutenean... Hori horrela izaten dela itsasontzitan esan diot, baina inoiz ere ez dela egiaztatu hiritan. Dena dela, irmo eutsi dio bereari. Galdetu diot ea, bere ustetan, zein eratako ezbehar espero genezakeen. Ez zekien, aldez aurretik ezin baita ezbeharrik igarri. Baina ez litzateke harritzekoa izango lurrikararen bat sortzea. Litekeena zela aitortu diot eta galdetu dit ea horrek ez ote ninduen kezkatzen.
»— Barneko bakea bilatzea —erantzun diot—, horixe da nire ardura bakarra.
»Ongi baino ongiago ulertu dit.
»Hoteleko restaurantean familia oso bat dago guztiz interesgarria. Aita gizon handi eta gihartsua da, beltzez jantzia, lepoko gogorrarekin. Buruaren erdia soila du eta ile grisezko bi xerlo ditu, ezkerretara eta eskuinetara. Begi borobilek eta gogorrek, sudur zorrotzak, aho horizontalak, ongi hezitako hontzaren itxura ematen diote. Egunero lehenengoa iristen da restaurantearen atera, alde batera egiten du, uzten dio pasatzen emazteari, sagu beltza bezain kaskarra denari, eta orduan sartzen da, hanketan bi txakurtxo sasijakintsu bezala jantzitako mutiko gazte bat eta neskatxa gazte bat erantsita daramatzala. Mahaira heldu orduko, emazteak lekua bete arte itxoiten dio, esertzen da, eta bi kanitxeak koka daitezke azkenean beren aulkietan. "Berorrika" hitz egiten die emazteari eta haurrei, gaiztotasun adeitsuak zuzentzen dizkio lehenengoari eta behin-betiko hitzak oinordekoei:
»— Nicole, handikiaren antipatikotasunez azaltzen da berorri!
»Eta neskatxa negarrez hasteko puntuan dago. Hala behar du.
»Goiz honetan, mutikoa erabat asaldaturik dabil arratoien historia dela eta. Hitzen bat esan nahi izan du mahaian:
»— Mahaian ez da arratoiez hitz egin behar, Philippe. Etorkizunean debekatu egiten diot hitz hori esatea...
»— Aitak arrazoi du —esan dio sagu beltzak.
»Bi kanitxeek beren bazkatan sartu dute muturra eta hontzak gehiegi esan nahi ez zuen buruaren keinu batekin eskertu du.
»Adibide honez gain, asko ari da hitz egiten hirian arratoien istorio honi buruz. Egunkariak horretan esku hartu du. Hiriko kronika, ia beti oso bariatua izan ohi dena, udalaren aurkako kanpaina batean murgildurik dago bete betean: "Gure zinegotziak marraskari hauen usteldutako gorpuek sor dezaketen arriskuari buruz jabetuta ote daude?" Hoteleko zuzendariak ez du beste gauzarik aipatzen. Baina lotsaturik ere badago. Ezin zaio buruan sartu hotel ohoretsu baten igogailuan nola aurkitu daitezkeen arratoiak. Kontsolatzearren, zera esan diot: "Mundu guztia kontu horrekin dabil".
»— Hain zuzen ere —erantzun dit—, orain mundu guztiaren pare gaude.
»Hark hitz egin dit kezkagarria egiten ari den sukar bitxi honen lehenengo kasuei buruz. Geletako neskame batek izan du.
» Baina, segur aski, ez da kutsakorra izango —zehaztu du hark azkar asko.
»Berdin zaidala esan diot.
»A! Ikusten dut berori ere nire antzekoa dela, Monsieur fatalista da. "Ez nuen nik horrelakorik aditzera eman eta bestalde ez naiz fatalista. Nik esan diodana da..."»
Hemendik aurrera hasten dira xehetasun handiagoz Tarrouren liburuxkak ordurako jendea kezkatzen hasia zuen sukar ezezagun harri buruz mintzatzen. Arratoiak desagertu ondoren, agure txikiak azkenean bere katuak berriro bilatu zituela, eta pazientziaz tiroak zuzentzen zituela adieraziz, Tarrouk jadanik sukar honek sortutako hamar kasu izan zirela ere gehitzen zuen, hauetatik gehienak heriotzan bukatu zutelarik.
Dokumentu gisa, azal genezake azkenik Tarrouk Rieux doktoreari buruz egindako erretratua. Kontatzaile honek juzgatu dezakeen neurrian, nahiko zuzena da:
«Hogeita hamabost urtekoa ematen du. Alturaz erdibidekoa. Bizkar sendoak. Aurpegia ia errektangeluarra. Begi ilunak eta zuzenak, baina masailezur irtenkorrak. Sudur sendoa eta erregularra. Ile beltza, oso motz ebakita. Aho makurra ezpain beteekin eta ia beti hertsita. Siziliako baserritar tankera du nolabait bere azal beltzaranaz, bere adats beltzez eta betiere kolore ilunek, janzkiekin, ondo egokitzen bazaizkio ere.
»Azkar ibiltzen da. Pausorik aldatu gabe jaisten da espaloietatik, baina hirutik bitan salto txiki bat ematen du aurreko espaloira igotzerakoan Oharkabea da kotxearen bolantean eta sarritan utzi ohi ditu zuzenbide geziak altxatuta, nahiz kurba hartu ondoren ere. Burua estali gabe beti Jakinaren gainean dagoenaren planta.»
Tarrouren zifrak zuzenak ziren. Rieux doktoreak zerbait bazekien horren gain. Atezainaren gorpua isolatu ondoren, Richardi deitu zion telefonoz iztondoetako sukar haiei buruz galdetu asmoz.
— Ez dut ezer ere ulertzen —esan zion Richardek—. Bi hildako, bata berrogeita zortzi ordutan, bestea hiru egunetan. Azkena suspertzen ari zenaren itxuran utzi nuen goiz batean.
— Beste kasuren bat izanez gero, jarridazu jakinaren gainean —esan zion Rieuxek.
Beste mediku batzuei ere deitu zien. Honela burututako inkestak antzeko hodei kasu inguru azaldu zizkion egun gutxiren buruan. Ia denak heriotzak eraman zituen. Gaixo berriak isola zitzan eskatu zion orduan Richardi, Oraneko medikuen ordenako presidente zenari.
— Hori ez dago nire esku, ordea —esan zion Richardek—. Prefekturak hartu behar ditu neurriak. Bestalde, nork esan dizu kutsatzeko arriskurik dagoenik?
— Inork ez dit hori esango, baina sintomak kezkagarriak dira. Richardek, dena dela, «kualitaterik ez zegoela» irizten zion. Prefetarekin hitz egin, horixe zen egin zezakeen gauza bakarra.
Baina, hitz egiten ari ziren bitartean, eguraldia txartzera zihoan. Atezaina hil eta hurrengo egunean, hodei murruek estali zuten zerua. Euri-jasa laburrak erori ziren hiriaren gainera; ekaitzaren beroa etorri zen bat-bateko zaparraden ondotik. Itsasoak ere bere urdin sakona galdu zuen eta, zeru lanbrotsuaren pean, zilarraren edo burdinaren distirak ageri zituen, begientzako mingarri. Udaberri hartako bero hezeak udako bero kiskalgarriaren desioa sortzen zuen. Bere ordekan kiribilean eraikitako hirian, itsasora doi-doi ematen zuela, geldotasun goibela nagusi zen. Bere horma luze eta entokatuen erdian, hautsez betetako eskaparatez hornitutako kale tartean, horitasun zikineko tranbietan, zeruaren nolabaitpreso sentitzen zen norbera. Rieuxen gaixo zaharra zen garaile bakarra bere asmarekin, eguraldi hark alaitu egiten zuelarik.
— Irakiten dago —zioen—, gauza ona da bronkioentzat.
Irakiten zegoen, zinez, baino sukarraren antzera, ez gehiago eta ez gutxiago. Hiri osoa zegoen sukarrak hartuta, hori zen gutxienez Rieux doktoreak uste zuena Faidherfbe kalera heldu zen goiz hartan, Cottarden suizidio ahaleginaren gaineko galdeketan parte hartzeko. Baina uste hura arrazoiaren kontrakoa iruditzen zitzaion. Sumatzen zuen urduritasunari eta kezkari botatzen zion errua eta bere pentsakizunak nolabait ordenatzeko premia aitortzen zuen.
Heldu zenean, komisaria oraindik etorri gabea zen. Grand tranpalean zain zegoen eta lehendabizi haren etxera sartzea erabaki zuten, atea zabalik utziz. Udaletxeko enplegatuaren bizilekuak bi gela zituen, arintasunez amueblatuak. Egur zuriko apal bakarra ageri zen bi edo hiru hiztegiz hornitua eta arbel beltz bat, gainean oraindik ere, erdi borraturik, «etorbide loreztatuak» hitzak irakur zitezkeelarik. Grandek zioenez, Cottardek gaua ondo pasa omen zuen. Baina esnatu zenean, goizean, buruko minez omen zegoen eta inola ere bere onera etortzeko gauza ez zela. Grandek neke eta urduri itxura zuen, aurrera eta atzera paseatuz, eskuidatziz betetako txosten mardul bat ireki eta itxi.
Hala ere, Cottard ez zuela gehiegi ezagutzen azaldu zion doktoreari, baina nola-halako ondasunik izango zuela segur aski. Gizon berezia zen Cottard. Luzaroan, elkarren arteko harremanak eskaileratan agurtzera mugatu ziren.
— Bi elkarrizketa baino ez ditut izan berarekin. Orain dela egun batzuk, etxera nekarren klarion kaxa bat erori zitzaidan tranpalera. Marion gorriak eta klarion urdinak ziren. Momentu hartan, Cottardek tranpalera irten eta jasotzen lagundu zidan. Kolore desberdinetako klarion haiek zertarako balio ote zuten galdetu zidan.
Grandek azaldu zion orduan nola latinari pixka bat ekin nahi zion. Lizeotik atera eta gero ez baitzuen gehiago ikasi.
— Bai —esan zion doktoreak— esan didate frantsesezko hitzen esanahia hobeto ulertzeko baliagarria dela oso.
Beraz, latinezko hitz batzuk idatzi zituen arbelean. Marion urdinez deklinazio eta konjugazioen arabera aldatu egiten ziren hitzen zatia kopiatu zuen eta, klarion gorriz, inoiz aldatzen ez zirenak.
— Ez dakit Cottardek ongi ulertu ote duen, baina saiatu nahian ikusi dut eta klarion gorri bat eskatu dit. Pixka bat ustekabean harrapatu nau, baina dena dela... Nola asmatu behar nuen, horrek bere asmoa betetzen lagunduko zionik.
Rieuxek galdetu zion zein izan zen bigarren elkarrizketaren gaia. Baina, idazkariarekin batera, heldu zen komisaria ere, eta hasteko Granden azalpenak entzun nahi zituela esan zuen. Doktorea ohartu zen Grandek, Cottardi buruz mintzatzerakoan, «etsitua» deitzen ziola beti. Une batean «zorigaitzeko irtenbidea» esaera ere erabili zuen. Eztabaidan jardun zuten suizidioaren arrazoiaz eta Grand zuhur agertu zen hitzak neurtzerakoan. Azkenik «atsekabe intimo» hitzetan geratu ziren. Komisariak galdetu zion ea Cottarden jarreran ez ote zegoen deus «bere erabakia» deitzen zion hori sumatzeko biderik eman ote zezakeena.
— Atzo atean jo zuen —esan zion Grandek—, pospoloak eskatzeko. Nire kaxa eman nion. Barkamena eskatu zidan, esanez auzokoen artean... Ondoren kaxa itzuliko zidala ziurtatu zidan. Gordetzeko esan nion.
Komisariak galdetu zion Cottardi ea ez ote zitzaion gauza bitxia iruditu.
— Solasean jarduteko gogoa azaldu zuen, horixe da bitxia iruditu zitzaidana. Baina lanean hasi behar nuen.
Grand Rieuxengana bueltatu zen eta gehitu zuen, artega: — Lan pertsonala.
Komisariak, bestalde, gaixoa ikusi nahi zuen. Baina Rieuxek pentsatu zuen hobe zela aldez aurretik Cottard bisita horretarako prestatzea. Gelan sartu zenean, besteak, franela grisezko pijama hutsean jantzita, ohean tente zegoen eta ate aldera jiratuta, antsia adieraziz.
— Polizia da, ezta?
— Bai —esan zion Rieuxek—, ez larritu. Bi edo hiru formalitate eta bakean utziko zaituzte.
Baina Cottardek erantzun zion horrek ez zuela ezertarako balio eta polizia ez zuela atsegin. Rieuxek bere ezinegona azaldu zuen.
— Ez dut nik ere oso begiko. Galderei azkar eta zuzen erantzun besterik ez duzu, behingoz bukatzeko.
Cottard isildu zen eta doktorea ate aldera joan zen. Baina dagoeneko gizon txikia deika ari zitzaion eta eskutatik heldu zion ohe ondora hurbiltzean:
— Ezin dute gaixo bat ukitu, bere burua zintzilikatu duen gizona, ez da hala, doktore?
Rieux pentsatzen aritu zen une batez eta ziurtatu zion azkenean gauza ez zihoala inola ere alde horretatik, eta gainera, bere gaixoa babesteko zegoela bera han. Lasaitu zen itxuraz eta Rieuxek komisariari sartzeko dei egin zion.
Granden testifikazioa irakurri zion Cottardi eta galdetu ea egindakoaren arrazoiak argitzerik ba ote zuen. «Atsekabe intimoak, oso ongi dago» erantzun zuen bakarrik, komisariari begiratu gabe. Komisariak ea berriz egiteko asmorik ba ote zuen esatera behartu zuen. Cottardek, suspertuz, ezetz erantzun zion eta bakean uztea zela bere desio bakarra.
— Adierazi beharrean nago —esan zion komisariak haserre—, oraingoz, zeu izan zarela besteon bakea nahastu duzuna.
Baina Rieuxen keinu batez, hor geratu zen.
— Pentsatuko duzun bezala —esan zion komisariak hasperenka, irteterakoan—, baditugu bestelako oiloak lumatzeko, sukar horri buruz mintzo denez geroztik...
Doktoreari galdetu zion ea gauza larria ote zen eta Rieuxek deus ez zekiela erantzun zion.
— Eguraldia da, horixe da guztia —amaitu zuen komisariak.
Dudarik gabe, eguraldia izango zen. Dena likatzen zen eskutan egunak aurrera egin ahala eta Rieuxek bere susmo txarrak areagotzen zihoazela sumatzen zuen bisitaldi bakoitzean. Egun berean, arratsaldez, hiri inguruan, gaixo zaharraren auzokide bat iztondoetatik lehertu beharrean zegoen eta gonbitoka eldarnioaren erdian. Gongoilak atezainarenak baino askotzez puztuagoak zituen. Bietatik bat zornea botatzen hasi zen eta, laster, usteldutako fruituaren modura zabaldu zen. Etxera itzuli orduko, Rieuxek departamenduko farmaziako produktuen gordailura deitu zuen. Egun hartako bere oharkizun profesionalek hauxe bakarrik diote: «Erantzun negatiboa». Eta, jadanik, deika ari zitzaizkion antzeko kasuetarako. Abszesua zabaldu behar zen, hori argi zegoen. Bisturiarekin gurutze moduan bi ebaki egin eta gongoilak odol nahasketa hutsa bilakatzen ziren. Eriek odola zerien, laurkiturik. Baina orbanak azaltzen zitzaizkien sabelean eta zangoetan, gongoil bat zornea botatzetik geratzen zen, eta ondoren berriro puzten zen. Gehienetan, eria hil egiten zen, jasan ezinezko kiratsa boteaz.
Prentsa, arratoien arazoarekin hain berritsu azaldu ondoren, isilik zegoen zeharo. Arratoiak kalean hiltzen baitira, eta gizonak beren gelatan.
Eta egunkariak kalean gertatzen denaz arduratzen dira. Baina prefektura eta udala kezkatzen hasiak ziren. Mediku bakoitzak bi edo hiru kasutik gora ezagutu bitartean, inor ez zen mugitu ere egin. Baina, azkenean, nahikoa izan zen norbaiti batuketa egitea bururatzea. Batura beldurtzeko modukoa zen. Apenas egun batzuetan, heriotzan bukatutako kasuak biderkatu egin ziren eta argi geratu zen gaitz berezi hartaz kezkatuta zeudenen artean benetako epidemia zela. Une hori aukeratu zuen Castelek, Rieuxen kide batek, hau baino zaharragoa zenak, honi ikustera etortzeko.
— Jakina —esan zion—, jakingo duzu zer den hau, Rieux?
— Analisien emaitzen zain nago.
— Nik badakit, ordea. Eta ez dut analisi beharrik. Nire karreraren zati bat Txinan egin nuen, eta zenbait kasu ikusi nituen Parisen, orain dela hogei urte inguru. Ez dira ausartu izena jartzera, momentuz, horixe da dena. Iritzi publikoa sakratua da: ez izutu, batez ere izurik ez sortu. Eta ondoren, kide batek dioen modura: «Ezinezkoa da, mundu guztiak ondo asko daki Mendebaldetik desagertua dela». Bai, ondo daki, jakin ere, mundu guztiak, hildakoek salbu. Tira, Rieux, nik bezain ondo dakizu zer den hori.
Rieuxek gogoetan ziharduen. Bere bulegoko leihotik, urrutira badiaren gainetik ixten zen labarraren bizkar harritsua zekusan. Zeruari, urdina izanda ere, distira hitsa zerion, lausotzen zihoakiona arratsaldeak aurrera egiten zuen neurrian.
— Bai, Castel —esan zion—, ezin da sinetsi ere egin. Baina izurriaren itxura osoa du.
Castel altxa eta atera joan zen.
— Badakizu zer erantzungo diguten —esan zion doktore zaharrak—: «Urteak dira lurralde epeletatik desagertu dela.»
— Zer esan nahi ote du desagertzeak? —erantzun zion Rieuxek sorbalda jasoz.
— Bai. Eta ez ahaztu: Parisen ere, orain dela hogei urte inguru.
— Ederki. Espero dezagun egungoa ez dela ordukoa baino larriagoa izango. Hala ere, ezin da sinetsi ere egin.
Lehenengo aldia zen «izurri» hitza aipatzen zena. Kontaerak Bernard Rieux leiho atzean utzi duen puntu honetan, aukera emango zaio kontatzaileari doktorearen kezka eta ustekabea zuritzeko, zeren, hainbat ñabarduren gorabeheraz, haren erreakzioa gure hiritarrena bezalakoa izan baitzen. Azken finean, errauspenak gauza arruntak dira, baina nekez sinesten da errauspenetan hauek burugainera jauzten zaizkigunean. Zenbait gerra hainbat izurri sortu ohi da munduan. Eta, halere, izurriteek eta gerrek ustekabean harrapatu ohi dute beti jendea. Ustekabean harrapatua zuen Rieux doktorea, gure hiritarrak ere ustekabean harrapatuak zituen bezala, eta honela ulertu behar ditugu beraien duda-mudak. Honela ulertu behar dugu hura kezkaren eta konfiantzaren artean banatzea ere. Gerra sortzen denean, jendeak esaten du: «Ez du luzaro iraungo, astakeria handiegia da». Eta, ezbairik gabe, gerra astakeria handiegia da zinez, baina horrek ez dio aurrera egitera galaraziko. Astakeriak ekin egiten dio beti, horretaz jabetuko ginateke geure buruari beti begira egongo ez bagina. Honi dagokionez, gure hiritarrak mundu guztiaren antzerakoak ziren, euren buruengan pentsatzen zuten, edo beste modu batera esanda, humanistak ziren: ez zuten izurriteetan sinesten. Izurritea ez dago gizakiaren neurrira egina, eta beraz, izurritea ez dela benetakoa esan ohi da, pasako den amesgaizto bat besterik ez dela. Baina ez da inoiz pasatzen, eta amesgaiztotik amesgaiztora, gizonak dira pasatzen direnak, eta humanistak lehendabizi, ez baitira horretaz arduratu. Gure hiritarrak beste edozein bezain errudun ziren, apaltasuna ahaztua zuten, horixe zen guztia, eta oraindik ere beraientzat edozer gauza posible zela pentsatzen zuten, horren ondorioa izurriteen ezintasuna zelarik. Salerosketan jarraitzen zuten, bidaiak prestatzen zituzten eta iritzidunak ziren. Nola izango zuten bada etorkizuna, desplazamenduak eta eztabaidak ezabatzen dituen izurria gogoan? Libre sentitzen ziren eta inor ez da sekula libre izango izurriterik dagoen artean.
Nahiz eta Rieux doktoreak bere lagunaren aurrean han eta hemen gaixo mordoxka bat, abisurik gabe, izurriaren kausaz hil berri zirela aitortu, arriskua ez zen erreala bere baitan. Mediku izanik, oinazearen susmoa izaten da eta irudimen apur bat gehiago izaten da, besterik gabe. Bere aldatu gabeko hiriari leihotik begira, apenas nabaritzen zuen doktoreak bere barnean kezka deritzon horren etsipen arinik etorkizunaren aurrean. Bere izpirituan gaixokeria honi buruz zekien guztia biltzen saiatu zen. Zenbakiak dantzan zerabilzkion gogoan eta bere buruari esaten zion historiak ezagutu dituen hogeita hamar inguru izurrite handiek ehun milioi inguru hildako sortu zituena Baina zer dira ehun milioi heriotza? Gerra egin duenak, apenas jakin ohi du zer den hildako bat. Eta hildako gizon batek hilda ikusi dutenean baino pisurik ez duenez, ehun milioi gorpu historian zehar barreiaturik lauso bat besterik ez dira irudimenean. Konstantinoplako izurriteaz gogoratzen zen doktorea, Procopek zionaren arabera, hamar mila hildako sortu zituena egun bakar batean. Hamar mila hildako bost aldiz dira zinema handi bateko publikoa. Horra hor egin beharrekoa. Bost zinetako irteeran jendea bildu, hiriko plaza batera eraman eta pilan hil daitezela, argitasun gehixeagorekin ikusi ahal izateko. Gutxienez, jarri ahal izango genituzke aurpegi ezagun batzuk pilaketa anonimo horretan. Baina, jakina, ez dago hori egiterik, eta gainera, nork ezagutu hamar mila aurpegi? Bestalde, Procope bezalako jendeak ez zekien kontatzen, gauza jakina da hori. Kantonen, orain dela hirurogeita hamar titre, berrogei mila arratoi hil ziren izurriarekin, epidemiak biztanleengan bere eragina izaten hasi baino lehen. Baina, 1871n, ez zegoen arratoiak kontatzeko modurik. Gutxi gora behera egiten zituzten kalkuluak, gaingiroki, akats nabarmenak egiteko probabilitatez. Hala, arratoi batek hogeita hamar zentimetrotako luzera badu, berrogei mila arratoi bata bestearen atzetik jarrita...
Baina doktorea ernegatzen hasi zen. Joaten ari zen eta ez zuen horrelako beharrik. Hainbat kasuk ez dute izurrite bat osatzen eta nahikoa zen neurriak hartzea. Ezaguna zenari heldu behar zitzaion, harridura eta ahulezia, begi gorriak, aho zikina, buruko minak, zornakatzak, egarri ikaragarria, zorabioa, orbanak gorputzetan, barneko sarraskia, eta guzti horren bukaeran... Guzti horren bukaeran, esaldi bat zetorkion Rieux doktoreari burura, hain zuzen ere bere sintomen zerrenda-liburuan amaitzen zen esaldia: «pultsoa filiforme egiten da eta heriotza mugimendu txiki batekin batera etorriko da.» Bai, guzti horren amaieran, hari batetik zintzilik egongo ziren eta jende guztiaren hiru laurdenak, hauxe zen zenbaki zuzena, nahiko ezinegonez azaldu ohi ziren amilduko zituen mugimendu hutsal hura egiteko.
Doktoreak ez zuen begia leihotik kentzen. Kristalaren alde batetik, udaberriko zeru oskarbia, eta beste aldetik oraindik ere gelan durundika ari zen hitza: «izurria». Hitzak ez zuen zientziak berari buruz zioena bakarrik jasotzen, baizik eta baita irudi segida luze bat, grisa eta horia, ordu haietan animatu samarra, durduriotsua burrundaratsua baino gehiago, azken finean alaia, posible baldin bada aldi berean alai eta goibel egotea; hura zen hiri harrekin bat ez zetorrena. Eta lasaitasun hain baketsuak eta hain axolagabeak ia ahaleginik gabe ukatzen zituen izurritearen irudi zaharrak, Atenas kutsatua eta txoriek abandonatua, hiri txinatarrak agoniatsu isiltsuz gainezka, Marsellako presoak gorpu tantakariak zulotan metatuz, izurritearen haize haserreari eutsi behar zion murru handiaren eraikuntza Provencen, Jafa eta bertako eskale higuingarriak, Konstantinoplako ospitaleko lurrari itsatsitako ohe heze eta ustelak, gakoekin tiratako gaixoak, mozorrotutako medikuen karnabala Izurrite beltzean, bizien pilaketa Milango kanposantuetan, hildakoen gurdiak lazturak hartutako Londresen, eta non-nahi eta noiznahi, gizonen amaigabeko garrasiz betetako gauak eta egunak. Ez, guzti hau ez zen egun honetako bakea erailtzeko bezain bortitza. Kristalaren bestaldean, ikusezinezko tranbia baten tinbreak bat-batean jotzen zuen eta gezurtatzen zuen segundo batean ankerkeria eta oinazea. Itsasoa soilik, etxe-taula lausoaren bukaeran, zen munduan kezkagarria den eta inoiz atsedenean ez dagoen guztiaren lekuko. Eta Rieux doktoreak, golkora begira, Lucreziok aipatzen dituen gaixokeriaren hatzaparretan jauzitako Ateniarrek itsasoaren aurrean jasotzen zituzten su-metak zituen gogoan. Gauean eramaten zituzten bertara hildakoak, baina lekurik ez izaki eta bizidunak suziekin elkarri eraso egiten zioten maitatutakoak bertan kokatzeko, borrokaldi odoltsuei ekinez beren hilotzak ez abandonatzearren. Irudikatzekoa da su-meta gorriak ur geldo eta ilunaren aurrean, suzien borroka txinpartezko gau pindartsuan eta pozondutako lurrun trinkoak so zegien zerurantz igoaz. Beldur izango ziren...
Baina zorabio hark ez zuen arrazoia aurretik. Egia da «izurri» hitza aipatua izan zela, egia da minutu hartan bertan izurritea erasoka ari zela eta biktima bat edo bi lurreratu izango zituela. Baina, eta zer, gera zitekeen hura. Egin beharrekoa zera zen, onartu beharrekoak argi eta garbi onartu, behingoz alferrikako mamuak uxatu eta komeni ziren neurriak hartu.
Segidan, izurritea geratu egingo zen, ez baitzuten izurritea irudikatzen, edo irudikatzekotan desitxuratua irudikatzen zuten. Geldituko balitz, eta horixe zen seguruena, dena ondo joango litzateke. Alderantzizkoa gertatuko balitz, berriz, jakingo zuten zer zen eta hasiera batean konpontzeko biderik bazegoen ere, geroago irabaziko zioten.
Doktoreak leihoa zabaldu zuen eta hiriko zarata kolpean handitu zen. Inguruko tailer batetik zerra mekaniko baten ziztu laburra eta errepikatua igotzen zen. Rieuxek bere burua astindu zuen. Han zegoen benetakoa, eguneroko lanean. Bestelakoa harien eta mugimendu xumeen menpean zegoen, ez zegoen gelditzerik. Funtsezkoa lana ondo egitea zen.
Han zegoen Rieux doktorea gogoetan, Joseph Grand etorri zenaren berri eman ziotenean. Udaleko langilea, eta bertan lan zeharo desberdinetan aritzen bazen ere, estatistikako zerbitzurako erabiltzen zuten noizean behin, gobernu zibilean. Hala, heriotzen zenbaketak egitera behartua zegoen. Eta, berezkoa zuen adeitasunez, onartu zuen Rieuxen etxera emaitzen kopia bat eramatea.
Doktoreak bere auzokide zen Cottardekin batera ikusi zuen sartzen Grand. Enplegatuak paper orri bat astindu zuen.
— Zenbakiak goraka doaz, doktore —azaldu zion—: hamaika hildako berrogeita zortzi ordutan.
Rieuxek Cottard agurtu zuen eta zer moduz zegoen galdetu. Grandek adierazi zion Cottard doktoreari eskerrak ematera etorri zela eta barkamena eskatzera molestatu izanagatik. Rieux, ordea, estatistikako orriari begira ari zen:
— Tira —esan zuen Rieuxek—, agian bere izenaz deitu beharko diogu eritasun honi. Orain arte, inguruan bueltaka aritu gara. Baina, zatozte nirekin, laborategira joan behar dut.
— Bai, bai —ziren Grandek, eskaileratan behera doktorearen atzetik—. Gauza bakoitzak bere izena behar du. Baina zein da horren izena?
— Ezin dizut esan, eta bestela ere ez litzaizuke baliagarri izango.
— Ikusten? —irribarre egin zuen enplegatuak—. Ez da hain erraza.
Armen plazara jo zuten. Cottard denbora guztian isilik zihoan. Kaleak jendez betetzen hasiak ziren. Gure herrialdeko ilunabar iheskorra atzera egiten ari zen gauaren aurrean eta lehenengo izarrak oraindik garbia zegoen uhartzean azaltzen ari ziren. Handik segundo gutxi barru, kale gaineko argiek zeru osoa ilundu zuten pizterakoan eta elkarrizketa hotsa tonu batez altxa zela ematen zuen.
— Barkadazu —esan zion Grandek Armen plazaren kantoian—. Baina tranbia hartu beharrean nago. Gauak sakratuak ditut. Nire herrian esaten duten bezala: «Behin ere ez utzi biharko...»
Ohartua zen Rieux Grandek, Montelimarren jaioa zenak, bere herriko esaeretara jotzeko mania hartaz eta segidan inongoak ez ziren esamolde hutsalak eranstekoa, esaterako, «ametsezko eguraldia» edo «argikuntza magikoa».
— A! —esan zion Cottardek— egia da. Afalostean ez dago hau etxetik aterako duenik.
Rieuxek udaletxearentzat lan egiten ote zuen galdetu zion Grandi. Grandek ezetz erantzun zion, beretzat lan egiten zuela.
— A! —esan zion Rieuxek zerbait esatearren—, eta aurrera al doa gauza?
— Lan egindako urteak lan eginda, nahi luke. Nahiz eta beste alde batetik begiratuta, aurrerapen handirik egin ez badut ere.
— Baina, azken finean, zertan zabiltza? —esan zion doktoreak, geldituz.
Grandek murruzka egin zuen bere kapela borobila belarri handien gainean tinko sartuz. Eta Rieuxek nahiko azaletik ulertu zuen nortasun baten garapenari buruzko zerbaitez ari zela. Baina enplegatua alde egina zen ordurako eta Marneko boulevardean gora zihoan, ficusen azpitik, pauso txiki eta azkarrak emanez. Laborategiaren parean, Cottardek gogo handia zuela berarekin egoteko esan zion Rieuxi, aholkua eskatzearren. Rieuxek, estatistiken orria patrikan ezkutatuz, bere kontsultara etortzeko gonbidapena luzatu zion. Ondoren, ustez aldatuz, hurrengo egunean bere auzora joan behar zuela eta arratsaldean ikustera pasako zela esan zion.
Cottard joan zenean, doktorea Grandekin gogoratzen zela konturatu zen. Izurritearen erdian ikusten zuen, eta ez oraingokoan, dudarik gabe ez zelako larria izango, baizik eta historian suertatutako izurrite handi haietako batean. «Horrelakotan kanpoan gelditzen den gizon klasea da». Gogoratzen zuen nola irakurria zuen izurriteak kanpoan uzten zituela askai ahulak, eta batik bat gorputz osasuntsuak desegiten zituela. Eta gogoetan jarraituz, doktoreak nolabaiteko misterio txiki baten kutsua sumatu zion enplegatuari.
Hala, lehenengo begiradan, ez zen bere itxurak azaltzen zuen udaletxeko enplegatua txikia besterik. Luzea eta giharra, jantzien erdian flotatzen ibiltzen zen, betiere handiegiak erosten baitzituen, gehiago iraungo ziotelakoan. Oraindik beheko hortz gehienak bere lekuan bazituen ere, goikoak, ordainez, galduak zituen. Barreak, neurri handi batean goiko ezpaina altxarazten zionak, ilundu egiten zion ahoa. Erretratu honi apaizgaiaren ibilera, hormak igurzteko eta atetatik lerratzeko artea, soto eta ke usaina, hitz batean, kaskarkeriaren portaera hauek eransten badizkiogu, aitortu beharko dugu ezingo genuela bulego batean, hiriko bainu-dutxetako salneurriak gainbegiratzen edota idazkari gazte batentzat etxetako zabor-bilketaren tasa berriei buruzko txosten baten elementuak biltzen baino irudikatu. Jakinaren gainean ez zegoen izpiritu batentzat ere, bazirudien mundu honetan behin behineko udal laguntzaileei dagozkien funtzio xume eta, aldi berean, derrigorrezkoak betetzeko jarria zutela hirurogei libera eta hogeita hamar eguneko.
Hauxe zen benetan lanbide orrialdetan adierazten zuen aipamena, «kualifikazioa» hitzaren ondotik. Hogeita bi urte lehenago, diru faltagatik, lizentziatura bat lortu ezinean utzi behar izanik, lanbide hau eskuratu zuenean, «titularetza» laster eskuratuko zuela agindu zioten. Gure hiriko administrazioan sortzen ziren arazo delikatuen aurrean bere gaitasunaren froga azaltzea zuen kontua. Beraz, gauzak ezingo zitzaizkion okertu, horrela esan zioten behintzat, eta lortuko omen zuen lasai bizitzeko moduko idazkari lanpostua. Egiaz, ez zen handinahikeria Joseph Grand bultzatzen zuena, ongi erantzuten zuelarik goibeltasunezko irribarreaz. Zintzoki bideratutako bizimodu material baten segurantza sumatzeak eta, ondorioz, atseginen zituen zereginetan aladurarik gabe aritzeko aukerak alaitasun handia sortzen zion. Eskainitakoa onartu bazuen, ohorezko arrazoiengatik izan zen eta, esatea zilegi baldin bada, ideal batekiko fideltasunagatik.
Urteek luze jo zuten honelako behin behineko egoeran jardunez, bizimoduak gora egin zuen neurrigabeko proportziotan, eta Granden soldata, igoera orokor bat edo beste tarteko, barregarria zen oraindik ere. Inoiz kexuka joan zitzaion Rieuxi, baina ez zirudien inork aintzat hartzen zuenik. Horretan dago Granden berezitasuna, edo gutxienez berezitasun horren adierazgarrietako bat. Egiaz indarra egin ahal izango zuen, eta ziurtasunez ezagutzen ez zituen eskubideetan ez bazen ere, bai gutxienez eskaini zizkioten bermeen alde. Baina, lehenik eta behin, urteak ziren kontratatu zuen bulego burua hila zela eta enplegatuak, bestalde, ez zituen gogoan hitzemandako promesaren esanahi zehatzak. Azken batean, eta batez ere, Joseph Grandek ez zituen hitzak bilatzen.
Berezitasun huraxe zen gure hirikidea hobekien pintatzen zuena, Rieuxek sumatu ahal izan zuen bezala. Hala, horrek eragozten zion buruan zerabilkien erreklamazio karta idazteko, edota egoerak eskatzen zuen eginbidea burutzeko. Berak zioenez, ez zen mola ere gauza «eskubide» hitza azaltzeko, horretan ez baitzen ziur, eta ezta «promesak» azaltzeko ere, horretatik zor zitzaiona eskatzen zebilela suma zezaketelako eta, ondorioz, ozarkeria kutsua adieraziko zuelako, betetzen zituen eginbeharrek eskatzen zuten apaltasunarekin bat ez zetozelarik. Bestalde, uko egiten zion «eskuzabaltasuna», «eskatu», «eskerrona» bezalako hitzak erabiltzeari, norberaren duintasunarekin ez zirelako ezkontzen bere ustetan. Hala, hitz zuzena aurkitu ezinik, bere eginbehar ilunetan jardun zuen adinean nahiko aurrera egin arte. Bestalde, eta betiere Rieux doktoreari esaten zionaren arabera, arian ezarian konturatu zen bere bizimodu materiala, edozein aldetara, ziurtatua zuela, nahikoa baitzuen, besteak beste, beharrak iturriari egokitzearekin. Aitortu zuen, hala, gure hiriko industri gizon handia zen alkateak hain begikoa zuen esaera baten zuzentasuna, zeinek esaten baitzuen ozenki, azken finean, (eta behin eta berriz tematzen zen arrazoiketaren pisu osoa zeraman hitz honetan), azken finean beraz, ez zuela behin ere gosez hildako inortxo ere ikusi. Edozein aldetara, Joseph Grandek zeraman bizimodu sasi aszetikoak azkenean era honetako edozein kezka alde batera uztera bultzatu zuen. Bere hitzen bila jarraitzen zuen.
Nolabaiteko zentzuz, bere bizimodua eredugarri zela esan daiteke. Gure hirian, hala nola bestelakoetan ere, beti sentimendu zintzoetarako kemenez betetako gizon bitxi horietakoa zen. Hala, bere buruari zegokion aldetik, hain gama gutxi adierazteak, gaur egun aitortzera ausartzen ez diren borondate on eta maitasunaren froga ziren. Ez zen gorritzen ilobak eta arreba maite zituela aitortzerakoan. Haiek zituen senide bakarrak eta, bi urtetik behin, Frantziara joaten zitzaien bisita egitera. Aitortzen zuen bere gurasoen oroimenak, gaztea zela hil zitzaizkionak, nahigabea sortzen ziola. Ez zuen ukatzen beste gauza guztien gainetik arratsaldeko bostak aldera eztiki jotzen zuen auzoko kanpai jakin bat maite zuenik. Baina, hala ere, horrelako hunkidura sinpleak gogora ekartzerakoan, hitzik xumeenak ere makina bat neke sortzen zion. Azken finean, eragozpen hau zen bere kezkarik larriena. «Ai! doktore —esaten zion—, gustatuko litzaidake esan beharrekoak ondo esaten ikastea.» Rieuxekin hizketan jarduten zuen ikusten zuen bakoitzean.
Doktorea, arratsalde hartan, enplegatua joaten ikustean, Grandek esan nahi zionaz jabetu zen bat-batean: liburu bat idazten ariko zen dudarik gabe, edo antzeko zerbait. Laborategian ere, hara joan baitzen azkenean, lasaitu egin zuen horrek. Bazekien, jakin, susmo tentela zela, baina ezin zuen sinetsi egiaz izurritea nola finka zitekeen mania errespetagarriak zituzten funtzionario apalberak bizi ziren hiri batean. Hain zuzen ere, ez zitzaion buruan sartzen zein zen mania hauen lekua izurritearen erdian eta, azken batean, izurriak gure hiritarren artean ez zuela lekurik irizten zion.
Hurrengo egunean, denek neurriz kanpo iritzi zioten temari esker, lortu zuen Rieuxek osasun batzorde baterako deialdia zabal zezaten prefekturatik.
— Egia da jendea kezkaturik dabilela —aitortu zion Richardek—. Gainera, esamesek esajeratu egiten dute dena. Prefetak zera esan dit: «Egin dezagun azkar nahi baduzue, baina isilik.» Bestalde, etsita dago funtsik gabeko asaldura baino ez izango ez delakoan.
Bernard Rieuxek kotxean eraman zuen Castel prefektura.
— Ba al dakizu —esan zion azken honek—, departamenduak suerorik ez duela?
— Badakit, bai. Gordailura deitu dut. Zuzendaria zut eta lur geratu da. Parisetik ekarri behar omen dute.
— Esperantza badut luzeegia izango ez dela.
— Jadanik telegrafiatu dut —erantzun zion Rieuxek. Prefeta abegiz azaldu zen, hain urduri.
— Has gaitezen, jaunok —esan zien—. Egoeraren azalpen laburrik egitea nahi al duzue?
Alferrikakoa zela pentsatzen zuen Richardek. Medikuak jakinaren gainean zeuden egoerari buruz. Zeintzuk izango ziren hartu beharreko neurriak, hori zen arazo bakarra.
— Arazoa hauxe da —bota zuen brastakoan Castel zaharrak—, izurria den ala ez jakitea.
Bi edo hiru medikuk oihuka hasi ziren. Besteak zalantzan ageri ziren. Prefeta, berriz, asaldatu egin zen eta oharkabean ate aldera jiratu zen, izugarrikeria hura pasillotan barrena ez zabaltzearren atea ondo itxita ote zegoen egiaztatzeko edo. Richardek azaldu zuen bere ustez ez zegoela izukerian erori behar: iztondoko konplikazioak zituen sukarra zela, horixe bakarrik esan omen zitekeen, hipotesiak, nahiz zientzian nahiz bizimoduan, oso arriskutsuak izan zitezkeelarik beti. Castel zaharrak, bere bibote horituari lasaikiro hozkatuz, Rieuxengana jaso zituen bere begi argiak.
Ondoren, begirada xaloa zuzendu zien bertakoei eta azaldu zien ondo asko zekiela berak hura izurria zela, baina, egiaz, ofizialki aitortzeak neurri gogorrak hartzea eskatuko zuela. Bazekien, azken finean, hori zela bere kideak atzera botatzen zituena eta, beraz, nahiago izango zukeen bere lasaitasunerako hura izurritea ez zela onartu. Prefeta larritu zen eta azaldu zuen hura ez zela, edozein aldetara, arrazoiak azaltzeko modu egokia.
— Hemen garrantzi handiena duena —esan zuen Castelek—, ez da arrazoiak azaltzeko modua egokia den ala ez, baizik eta gogoetara bultzatzea.
Rieux isilik zegoenez gero, bere iritziaren berri galdetu zioten:
— Tifoideo izaerako sukarra dugu, baina buboiekin eta gonbitoekin batera sortzen dena. Buboien ebaketa praktikatu dut. Hala, analisiak burutu ahal izan ditut eta laborategiak izurriaren bazilo txaparra antzeman uste du. Oro har adierazteko, esan beharra daukat mikrobioaren hainbat berariazko aldaketa ez datozela hala ere bat adierazpen klasikoarekin.
Richardek azpimarratu zuen horrek zalantzarako aukera zabaltzen zuela eta egun batzuk aurretik hasitako analisi sonaren emaitza estatistikoari itxoin beharko zitzaiola gutxienez.
— Mikrobio bat —esan zuen Rieuxek isilaldi labur baten ondotik—, hiru egunetan gai denean arratoiaren bolumena lau aldiz biderkatzeko, gongoil mesenterikoei laranja baten tamaina eta ahiaren sendotasuna emateko, ez du hain zuzen ere zalantzarako aukerarik zabaltzen. Infekzio fokuak etengabe ari dira hedatzen. Eritasuna zabaltzen doan moduan, geratzen ez badugu, hiri erdia bi hilabete barru hiltzeko arriskuan egongo da. Beraz, ez du gehiegi axola izurri edo hazkundeko sukar deitzeak. Garrantzia duen gauza bakarra da ea nola eragotzi hiri erdia ez hiltzeko.
Richardek ez zuen pentsatzen gauzak hain gorriak ikusi behar zirenik eta kutsapena ere ez zegoela bestalde frogatuta, bere erien senidekoak oraindik ere sasoi onean baitzebiltzan.
— Badira ordea beste batzuk hil direnak —azpimarratu zuen Rieuxek—. Eta, gauza jakina denez, kutsapena ez da behin ere erabatekoa izaten, bestela hazkunde matematiko infinitua eta bat-bateko biztanle urritzea sortuko bailuke. Kontua ez da gorria ikustea. Kontua neurriak hartzeko ardura izatea da.
Richardek, halere, egoeraren laburpena egitea pentsatzen zuen, gogoratuz eritasun hura gelditzeko, berez gelditzen ez baldin bazen behintzat, legeak jasotzen zituen neurri profilaktikoak aplikatu beharko zituztela: hori egiteko, ofizialki izurria zela onartu beharko zutela; erabateko ziurtapenik ezin zitekeela egon horri buruz eta, ondorioz, gogoetan jardutea eskatzen zuela.
— Arazoa —ekin zion berriz ere Rieuxek—, ez dago legeak jasotako neurriak larriak diren ala ez jakitean, baizik eta beharrezkoak ote diren hiri erdia heriotzatik aldentzeko. Beste guztia administrazioaren esku dago eta, hain zuzen ere, horretarako izendatu dute erakundeek arazo hauek erabakiko dituen prefeta.
— Dudarik gabe —esan zuen prefetak—, baina izurritea dela ofizialki baietsi dezazuen nahitaezkoa dut.
— Baiesten ez badugu —esan zuen Rieuxek—, hiri erdia hiltzeko arriskuan egongo da.
Richardek hitzari heldu zion urduri samar.
— Benetan gure kidea izurria delakoan dago. Egin duen sindromearen adierazpenak argi frogatzen du hori.
Rieuxek ez zuela sindrome baten adierazpenik egin erantzun zion, ikusitakoa besterik ez zuela adierazi. Eta ikusitakoa zera zen, buboiak, orbanak, sukar zorabiagarriak, berrogeita zortzi ordutan heriotzara zeramatenak. Agian M. Richardek izurritea profilaxi gogorreko neurririk gabe gera zitekeelaren baiespena bere gain har ote zezakeen?
Richard zalantzan geratu zen eta Rieuxi begiratu zion:
— Benetan, esadazu zer pentsatzen duzun, ziur al zaude izurria dela?
— Arazoa gaizki azaltzen duzu. Ez da hiztegi arazoa, denboraren arazoa da.
— Zuk pentsatzen duzuna —esan zion prefetak—, zera litzateke, nahiz eta izurria izango ez balitz ere, izurriteetarako adierazten diren neurri profilaktikoak aplikatu beharko genituzkeela alegia.
— Pentsaera bat izatea behar beharrezkoa dudan neurrian, horixe izango litzateke, bai.
Medikuek elkarren artean eztabaidatu zuten eta Richardek esan zuen azkenean:
— Beraz, eritasuna izurritea balitz bezalako erantzukizuna hartu beharko genuke gure gain.
Bero beroan onartu zuten formula:
— Iritzi berdinekoa al zara zu ere, lankide min hori? —galdetu zion Richardek.
— Berdin zait formula —esan zion Rieuxek—. Esan dezagun besterik gabe ez dugula hiri erdia hiltzeko arriskuan ez balego bezala jokatu behar, orduan arriskuan egongo bailitzateke.
Asaldura orokorraren erdian, Rieux atera egin zen. Handik gutxi barru, koipe eta pixa usaina zerion hiri inguruan, heriotzari orroka ari zitzaion emakume bat, iztondoak odoletan, jiratu zen berarengana.
Bilera egin eta hurrengo egunean, sukarrak igoera txiki bat izan zuen. Egunkaritan ere azaldu zen albistea, baina modu onberaz, aipamen batzuk eginez konformatu baitziren. Handik bi egun barru, edozein aldetara, Rieuxek prefekturak hiriko txokorik bazterrenetan korrika eta presaka jarrarazitako kartel zuri eta txikiak irakurtzeko aukera izan zuen. Kartel haietatik nekez ondoriozta zitekeen agintariek egoerari aurre egin ziotenaren froga. Neurriak ez ziren gogorrak eta bazirudien asko sakrifikatu zutela iritzi publikoa ez kezkatzeko nahiaren alde. Hala, bandoaren sarrerak sukar kaltegarri bat, oraindik ere kutsagarria izan zitekeen edo ez esaterik ez zegoelarik, Orango hirian sortu zenaren berri ematen zuen. Kasu hauek ez ziren inola ere kezkatzeko modukoak eta zalantzarik ez zegoen biztanleria odol hotzeko mantenduko zela. Halere, edozeinek uler zezakeen bezala zuhurtasunez jokatuz, prefetak prebentziozko neurri batzuk hartuak zituen. Behar bezala ulertu eta aplikatuz gero, neurri hauek argi eta garbi edozein epidemiaren mehatxua geldiaraziko zuten. Ondorioz, prefetak ez zuen inola ere zalantzan jartzen administratuek laguntzarik zintzoena eskainiko ziotela bere ahaleginari.
Ondoren, kartelak neurri orokorren berri ematen zuen, besteak beste arratoi galtze zientifikoa estolderietan gas hilgarria injektatuz eta urarekin ukitutako elikaduren gainbegirapen zorrotza. Ahalik eta garbitasun handiena gomendatzen zien biztanleei eta arkakusoak zituztenei udal sorostokietara joateko gonbidapena luzatzen zien. Bestalde, medikuek diagnostikatutako kasuen berri eman beharko zuten familiek eta hauek ospitaleko gela berezitan isolatzeko baimena eman. Gela hauek, nolanahi ere, eriak ahalik eta denborarik laburrenean eta ahalik eta sendatzeko aukerarik handiena eskaintzeko moduan zeuden hornituta. Gehigarrizko beste artikulu batzuek eriaren logela eta garraio ibilgailua derrigorrez desinfektatzera behartzen zuten. Gainontzekoan, eriaren ingurukoak osasunezko gainbegirapean jartzeko gomendatzera mugatzen zen.
Rieux doktoreak kartel aurretik bat-batean atzealdera jiratu eta bere kontsultako bidetik jarraitu zuen berriz ere. Joseph Grandek, honi itxoiten zegoela, berriro jaso zituen besoak ikusi orduko.
— Bai —esan zion Rieuxek—, badakit, zenbakiak goraka doaz.
Bezperan, hamar bat izan ziren herioak eramandako gaixoak. Doktoreak agian gau aldera ikusiko zuela esan zion Grandi, Cottard bisitatzera joan behar zuela eta.
— Arrazoi duzu —esan zion Grandek—. Ondo etorriko zaio, aldatuta ikusi baitut.
— Zer dela eta?
— Adeitasunez jokatzen du orain.
— Lehen ez al zen horrelakoa?
Grand zalantzan geratu zen. Ezin zuen Cottard adeitsua ez zenik esan, ez litzateke zuzena izango. Nolabaiteko basurde tankera zuen gizon isila zen, berean hertsia. Logela, jantoki apal bat eta irteera nahiko misteriotsuak, horixe zen Cottarden bizitza osoa. Ofizialki, ardo eta pattar saltzailea zen. Noizean behin, bizpahiru gizonen bisita izaten zuen, bere klienteak segur aski. Gauetan, inoiz, etxe aurrean zuen zinera joaten zen. Enplegatua konturatua zen Cottardek gangsterren filmak zituela atseginenak. Betiere, saltzailea bakarti eta mesfidati azaldu ohi zen.
Hori dena, Grandek zioenez, aldatu egin zen:
— Ez dakit nola esan, baina jendearekin adiskidetu nahian dabilela sumatzen diot, jende guztia bereganatu nahian edo. Sarritan hitz egiten dit berarekin ateratzeko esanez, eta ezin ba beti ukatu. Edozein aldetara, badut harenganako ardura, eta, azken batean, bizitza neuk salbatu nion.
Bere buruaz beste egiten saiatu ondoren, Cottardek ez zuen inolako bisitarik izan. Kaletan zehar, dendetan, denen onespenezko begiradaren bila zebilen. Ez zien sekula hainbaterainoko eztitasunez hitz egin dendariei, halako arreta jarri tabako dendako andere bati entzuterakoan.
— Andere tabako saltzaile hori —azaldu zuen Grandek—, a zer nolako piztia. Cottardi esana diot, baina oker nabilela erantzuten dit, eta emakumeak badituela bilatzen jakin beharreko alde onak.
Cottardek bizpahiru alditan eraman zuen azkenerako Grand hiriko luxuzko jantoki eta kafetegietara. Egiaz, sarritan ibiltzeko joera zuen.
— Giro dago hemen —zioen—, eta konpainia onean gainera.
Grand konturatu zen pertsonalak saltzailearengana azaltzen zuen aparteko begiramenaz eta jabetu horren arrazoiaz ematen zizkien gehiegizko eskupekoak ikusterakoan. Cottard nahiko sentibera ageri zen ordainez jasotzen zuen begikotasunaren aurrean. Hoteleko maîtreak irteerara lagundu eta berokia janzten lagundu zion egun batean, Cottardek zera esan zion Grandi:
— Mutil jatorra hauxe, balioko du testigu bezala.
— Testigu, zertarako?
Cottard zalantzan geratu zen.
— Beno, gizon gaiztoa ez naizela adierazteko alegia.
Gainontzekoan, umore aldaketak izan ohi zituen. Dendaria ohiz baino zakarxeago azaldu zen egun batean, errabiaz bere onetik irtenda heldu zen etxera:
— Besteekin dago, nazkagarri hori —zioen behin eta berriz.
— Zein dira besteak?
— Beste guztiekin.
Grand bertan zegoen tabako saltzailearenean sesio bitxi bat sortu zenean. Solasaldi alai baten erdian, hau Algerren istiluak sortu zituen atxilotze berri bati buruz mintzatu zen. Arabian bat hondartzan hil zuen merkatal enplegatu gazte baten kasua zen.
— Nahiago nuke nazkante guzti horiek kartzelan sartuko balituzte —esan omen zuen andre saltzaileak—, jende zintzoak lasai hartuko luke arnasa.
Baina eten egin behar izan omen zuen Cottarden bat-bateko asalduraren aurrean, izan ere, dendatik kanpora ihesi joan baitzen, inolako aitzakiarik eman gabe. Grandek eta dendariak, besoak jauzita, han ikusi zuten alde egiten.
Horren ondorioz, Grand Rieuxi azaldu beharrean zegoen Cottarden izaeran suertatutako beste hainbat aldaketa. Aburu guztiz liberalak izan ohi zituen betidanik. Gogokoen zuen esaldiak: «Handiak beti jaten du txikia», argi eta garbi frogatzen zuen hori. Baina denbora pixka bat pasa ondoren, Oraneko egunkari «aurrerakoia» baino ez zuen erosten eta ezin daiteke baztertu leku publikoetan hura irakurtzen jarduteko halako nabarmenkeria azaltzen zuela sinestea ere. Halaber, ohetik jaiki eta handik egun batzuetara, Grandi eskatu zion, hau postara zihoanean, ea mesede egingo ote zion urrutiko arreba bati hilero bidaltzen zion ehun liberatako igorpen bat espeditzeko. Baina Grand abiatu zenean:
— Bidal iezazkiozu berrehun libera —eskatu zion Cottardek—, ustekabe ederra hartuko du. Berarengan inoiz ez dudala pentsatzen uste du. Baina benetan izugarri maite dut.
Azkenik, elkarrizketa bitxia izan zuen Grandekin. Honek nahitaez erantzun behar izan zien Cottarden erantzunei, jakin-min handia sortzen bainion Grandek arratsero burutzen ari zen lan txikiak.
— Tira —esan zion Cottardek—, liburu bat egiten ari zara.
— Horrela uste baduzu, baina hori baino konplikatuagoa da!
— A! —egin zuen oihu Cottardek—, benetan gustatuko litzaidake zuk bezala jokatzea.
Grand harrituta geratu zen eta Cottardek hitz-totelka adierazi zion artista izateak makina bat gauza konponduko zituela.
— Zergatik? —galdetu zion Grandek.
— Beno, artistak beste edozeinek baino eskubide gehiago dituelako, mundu guztiak badaki hori. Eskuzabalago jokatzen du jendeak haiekin.
— Goazen —esan zion Rieuxek Grandi, kartelen goiz hartan—, arratoien arazo honek burua nahastu dio beste askori bezala, horixe da guztia. Edota sukarraren beldur izango da oraindik ere.
Grandek zera erantzun zion:
— Ez dut uste, doktore, eta nire iritzia jakin nahi baduzu...
Arratoi galtzearen ibilgailua leiho azpitik pasa zen eskapetik izugarrizko zarata ateraz. Rieux isildu zen entzuteko moduan egon arte eta arretarik jarri gabe bere iritziaren berri galdetu zion enplegatuari. Begira zeukan bestea serioski:
— Bere burua zerbaitegatik gaitzetsi behar duen gizona da —esan zuen honek.
Doktoreak sorbalda jaso zuen. Komisariak zioen bezala, bazegoen non astindu.
Bazkalondoan, Rieux Castelekin elkarrizketatu zen. Sueroak ez ziren heldu.
— Nolanahi ere —galdetu zion Rieuxek—, eraginik izango ote dute? Bazilo hau bitxia da oso.
— O! —esan zion Castelek—, horretan ez nator bat zurekin. Animalia hauek beti dute berezitasun aire bat. Baina, azken finean, gauza bera da.
— Edo hori uste duzu behintzat. Nolanahi ere, deus ez dakigu guzti horri buruz.
— Jakina hori uste dudala. Mundu guztia iritzi berekoa da.
Egun osoan zehar, doktoreak izurritean pentsatzen zuen bakoitzean sumatzen zuen zorabio txikia handiagotzen zihoakiola nabaritu zuen. Azkenerako, beldur zela aitortu zion bere buruari. Bi alditan sartu zen jendez beteriko kafeetan. Berak ere, Cottarden antzera, gizakumeen beroaren beharra nabaritzen zuen. Ergelkeria iruditu zitzaion, baina horrek lagundu zion saltzaileari bisita agindu ziola gogoratzen.
Arratsaldean, doktoreak jangelako mahai aurrean topatu zuen Cottard. Sartu zenean, polizien eleberri bat zegoen zabalik mahai gainean. Baina arratsaldea aurrera zihoan dagoeneko eta, egiaz, zaila izan behar zuen iluntze aldian irakurtzea. Cottard, aurretik, minutu batzuk lehenago, erdi eserita egona izango zen, gogoetan erdi itzaletan. Zer moduz zegoen galdetu zion Rieuxek. Cottardek gauzak ondo zihoazkiola esan zion marmarka eta hobeto joango zitzaizkiola beraz inor arduratzen ez zen segurantza izaterakoan. Beti ezin dela bakarrik ibili esan zion Rieuxek.
— O! ez da hori. Arazoak sortzen saiatzen diren jendeaz ari naiz.
Rieux isilik geratu zen.
— Ez da hori nire kasua, kontuan hartu hori. Eleberria irakurtzen ari nintzen. Horra non atxilotzen duten gizagaixo bat, supituki. Haren zelatan ibili eta berak ezertxo ere jakin ez. Hari buruz bulegotan hitz egiten jardun, haren izena fitxetan jartzen. Zuzena iruditzen al zaizu hori? Gizonarekin hori egiteko eskubiderik badutela uste al duzu?
— Segun eta nola —esan zion Rieuxek—. Alde batetik, ez dago eskubiderik, hori egia da. Baina guzti horiek axaleko kontuak dira. Ez duzu luzaroan zertan etxean sartuta egon beharrik. Irten egin beharko zenuke.
Cottard urduri antzean jarri zen, hori besterik ez zuela egiten zioen, eta, behar izanez gero, auzo osoa izan zitekeela beraren aldeko testigu. Auzotik kanpora ere, ez zegoen harreman faltan.
— M. Rigaud ezagutzen al duzu, arkitektoa? Laguna dut.
Iluna loditzen ari zen gelan. Hiringuruko kalea animatzen zihoan eta lasaidurazko oihu sorgorrak agurtu zion, kanpoaldean, farolak piztu ziren uneari. Rieux balkoira irten zen eta Cottard atzetik joan zitzaion. Inguruko auzo guztietatik, arratsero gure hirian gertatu ohi zen bezala, brisa arinak ekarri zituen zurrumurruak, erretako haragiaren usaina, emeki-emeki gazteria zalapartatsuak betetzen zuen kalea puzten ari zen askatasunaren murmurio alaia eta usaintsua. Gaua, ikusezinezko ontzien orro handiak, itsasotik eta han-hemenka zebilen jendearengandik zetorren marmarra, Rieuxek hain ondo ezagutzen eta garai batean hain atsegin zitzaionak estu-larria sortzen zion gaurkoan ezagutzen zuen guztiagatik.
— Argia piztu al dezakegu? —esan zion Cottardi.
Argia egin orduko, gizon txikia begira geratu zitzaion keinuka:
— Esadazu, doktore, gaixo egonez gero, hartuko al nindukezu ospitaleko zure zerbitzuan?
— Zergatik ez ba?
Cottardek galdetu zion orduan inoiz gertatu ote zen klinika edo ospitale batetik norbait atxiloturik eramatea. Inoiz baietz, gertatu zela erantzun zion Rieuxek, baina gaixoaren egoera kontuan hartu behar zela.
— Nik —esan zion Cottardek—, badut konfiantza zuregan.
Ondoren, hirira autoan ea eramango ote zuen galdetu zion doktoreari.
Hiri erdian, ez zebilen hainbat jende ordurako kaletik eta argi gutxiago zegoen. Haurrak oraindik ere ate aurretan jolasean zebiltzan. Cottardek eskatu zionean, haur talde baten aurrean geratu zuen doktoreak autoa. Txingoka jolasten ari ziren oihuka. Haietako batek, ordea, pega-pega egindako ile beltza, marra zuzena eta aurpegi zikina zuenak, tinko so egin zion Rieuxi bere begi argi eta larderiatsuekin. Doktoreak bestaldera begiratu zuen. Cottardek, espaloian zutik, bostekoa eman zion. Saltzailea ahots zakar eta nekosoz mintzo zitzaion. Bizpahiru alditan, atzealdera begiratu zuen.
— Jendea epidemia bati buruz ari da hizketan. Egia ote da, doktore?
— Jendea beti ari da zerbait esaka, naturala da —esan zion Rieuxek.
— Arrazoi duzu. Eta, gero, hamar hildako izaterakoan, munduaren azkena izango da. Ez dugu horrelakorik behar.
Motorra martxan zegoen jadanik. Rieuxek eskua kanbioen palanka gainean zuen. Baina planta serioso eta lasaiaz etengabe so zegion haurrari begiratu zion berriz ere. Eta bat-batean, igaroaldirik gabe, aho bete hortz irribarre egin zion haurrak.
— Zer beharko genuke, beraz? —galdetu zion doktoreak, haurrari irribarre eginez.
Cottardek bat-batean ateari heldu eta, alde egin baino lehen, malkoz eta errabiaz betetako ahotsez aldarrikatu zuen:
— Lurrikara. Benetakoa!
Ez zen lurrikararik suertatu eta hurrengo eguna, hiriko lau bazterretara ibilaldi luzeak eginez, erien senitartekoekin hizketan eta eriekin eztabaidan igaro zuen Rieuxek, besterik gabe. Sekula ez zitzaion hain astuna egin Rieuxi bere lanbidea. Ordura arte, eriek bere zereginean lagundu zioten, bere eskutan uzten zituzten euren buruak. Lehenengo aldia zen oraingoan doktoreak mesfidati ikusten zituena, beren gaixokeriaren sakonean babesturik, halako harridura fidagaitzez. Ez zegoen oraindik borroka hartara ohituta. Eta gaueko hamarrak aldera, kotxea azkena bisitatzera zihoan asmatiko zaharraren etxe aurrean gelditurik, ez zen eserlekutik altxatzeko gauza. Kale ilunari eta zeru beltzean agertzen eta desagertzen ziren izarrei begira egon zen denbora pasa.
Asmatiko zaharra ohean eserita zegoen. Arnasa hobeto hartzen zuela ematen zuen eta ontzi batetik bestera pasatzen zituen garbantzuak kontatzen ari zen. Itxura alaiez hartu zuen doktorea.
— Tira, doktore, kolera al da?
— Nondik atera duzu hori?
— Egunkaritik, eta irratiak ere eman du horren berri.
— Ez, ez da kolera.
— Edozein aldetara —esan zion agureak zeharo asaldaturik—, martxa ederra daramate, gero, handiputz halakoak!
— Ez batere sinetsi —esan zion doktoreak.
Agurea aztertu zuen eta eseri egin zen ondoren jangela miserable haren erdian. Bai, beldur zen. Ondo asko zekien hiri inguruan hamar bat eri zain izango zituela, hurrengo goizean, beren buboien gainean okertuta. Bi edo hiru kasutan bakarrik jo zuten hobera, buboiak ebaki ondoren. Baina, gehienentzat, ospitalea han zegoen eta bazekien ospitaleak zer esan nahi zuen behartsuentzat. «Ez dut ikerketetarako erabiltzerik nahi» esan zion erietako baten emazteak. Ez zuten beren ikerketetarako erabili, hil zen eta kito. Erabakitako neurriak ez ziren behar adinakoak, argi eta garbi zegoen hori. «Bereziki prestatutako» gelen aldetik, ezagutzen zituen, bai, ondo ezagutu ere, berak: beste eriez korrika eta presaka hustutako bi pabilioi, leihoak tinko istikaturik, osasun lerro batez inguratuta. Epidemia berez geratuko ez balitz, ez zioten administrazioak hartutako neurriek irabaziko.
Dena dela, gauean, komunikatu ofizialak baikor azaldu ziren. Hurrengo egunean, Randsoc agentziak prefekturako neurriak lasaitasunez hartu izan zirela esaten zuen eta, ordurako, hogeita hamar bat eri omen zeuden. Castelek telefonoz dei egin zion Rieuxi:
— Zenbat ohe ditugu pabilioietan?
— Laurogei.
— Benetan hogeita hamarretik gora eri ote daude hirian?
— Beldur direnak daude hor, eta besteak, gehienak, denborarik izan ez dutenak dira.
— Lurperatzeak gainbegiratzen al ditugu?
— Ez. Richardi deitu diot neurri osoak behar direla esateko, ez hitz handiak, eta epidemiaren aurka benetako hesia jaso behar dela edo bestela batez.
— Eta?
— Ez dagoela bere esku erantzun dit. Nire Listez, honek goraka egingo du.
Hala, hiru egunetan bi pabilioiak bete egin ziren. Richardek jakin omen zuen eskola bat hustu eta ospitale laguntzaile bat eratzera zihoazela. Rieux txertoen zain zegoen eta buboiak ebakitzen zituen. Castelek bere liburu zaharretara jo zuen eta luze jarduten zuen liburutegian.
— Arratoiak izurria edo horren antza handia duen zerbaitengatik hil dira. —ondorioztatu zuen—. Milaka eta milaka arkakuso zabaldu dituzte eta, garaiz gelditzen ez badugu, infekzioa proportzio geometrikoan hedatuko dute.
Rieux isilik zegoen.
Garai hartan denbora gelditu bezala egin zen. Eguzkiak azken euri-jasen putzuak xurgatzen zituen. Argitasun horiz gainezka zegoen zeru urdin ederrak, hasi berriko berotan hegazkinek sortzen zuten durdurio hotsak, guztiak bultzatzen zuen urtaro hartan baretasunera. Lau egunetan, dena dela, sukarrak tau aldiz egin zuen gora modu harrigarrian: hamasei hogeita lau, hogeita zortzi eta hogeita hamabi hildako. Laugarren egunean, ospitale laguntzailea zabaltzera zihoazela berria zabaldu zuten, eskola amatiar batean. Gure hiritarrek, ordura arte kezkak txantxen artean ezkutatzen jarraitu zutenek, kopetilunago eta isiltsuago ageri ziren kaletan.
Rieuxek prefetari deitu behar ziola erabaki zuen.
— Neurriak ez dira behar adinakoak.
— Eskuan ditut zenbakiak —esan zion prefetak—, benetan kezkatzeko modukoak dira.
— Kezkatzeko modukoak baino gehiago, garbiak dira.
— Agindu eske joko dut Gobernura.
Rieuxek eskegi zuen Castelen aurrean.
— Aginduak! Irudimena, horixe da behar duguna.
— Eta sueroak?
— Aste barruan helduko dira.
Prefekturak, Richarden bitartekotzaz, koloniako hiriburura agindu eske bidaltzeko txosten bat eskatu zion Rieuxi. Honek, azalpen kliniko bat eta zenbakiak idatzi zituen. Egun berean, berrogei inguru hildako izan ziren. Prefetak bere gain hartu zuen, esan ohi zuen bezala, hurrengo egunetik aurrera agindutako neurriak gogortzea. Indarrean jarraituko zuten derrigorrezko aitorpenak eta isolamenduak. Erien etxeak itxi eta desinfektatu egingo zituzten, senidekoak segurtasunezko berrogeialdi pean jarri, lurperatzeak, aurrerago ikusiko dugun moduan, udalak antolatuko zituen. Hurrengo egunean, sueroak hegazkinez heldu ziren. Nahikoak izan zitezkeen tratamenduan zeuden kasutarako. Ez ziren inola ere behar adinakoak izango epidemia zabaltzen joango balitz. Rieuxek bidalitako telegramari erantzunez, segurtasunezko stocka agortuta zegoela esan zioten eta berriz fabrikatzen hasiak zirela.
Denboraldi hartan, eta inguruko auzo guztietatik, udaberria heldu zen azoketara. Milaka eta milaka arrosa zimeltzen ziren azokarien otarretan, espaloietan zehar, eta haien usain azukretsua hiri osoan zabaltzen zen. Itxuraz, ez zen deus aldatu. Tranbiak beteta zihoazen puntako ordutan, hutsak eta zikinak egunean zehar. Tarrouk agure zaharrari so egiten zion eta agure zaharrak txistu egiten zien katuei. Grand gaualde oro itzultzen zen etxera bere lan misteriotsuan jardutera. Cottard bueltaka aritzen zen eta M. Othenek, instrukzio epaileak, bere piztia taldea bidetik eramaten zuen beti. Asmatiko zaharrak garbantzuak alde batetik bestera pasatzen zituen eta inoiz han agertzen zen Rambert kazetaria, itxura lasai eta arduratsuz. Gauetan, jende multzo berak betetzen zituen kaleak eta errenkadak luzatzen joaten ziren zineen aurrean. Bestalde, epidemiak atzera egin zuela zirudien eta, zenbait egunetan, hamar bat hildako baino ez ziren izan. Gero, bat-batean, gora egin zuen gezi baten modura. Hildakoen kopurua berriz ere hogeita hamarrera heldu zenean, Berdard Rieux prefetak luzatu zion despatxu ofiziala irakurtzen ari zen, besteak esan zionean: «Beldur dira». Hau zioen despatxuak: «Izurri egoera deklara ezazue. Itxi hiria».
© Albert Camus
© itzulpenarena: Imanol Tapia