HITZAURREA

 

        Albert Camus (1913-1960) Algeriako Mondovi izeneko herrixka txiki batean jaio zen. Algerren, Belcourt izeneko auzoan, bizi izan zen haurtzaroan eta gaztaroan, inoiz ahaztuko ez zuen pobreziaren eta Mediterraneoko eguzkiaren ezaugarripean. 1914ko gerratean hil zitzaion aita, argazki soil bat izan zuelarik haren oroigarri bakarra. Ama, berriz, isila, nekez hitz egiten zuena zen, apenas irakurtzen zekiena. Hamazazpi urterekin, ikasle iaioa turberkulosiak jota geratu zen eta makina bat erorialdi izan zituen. Garai hartan ezagutzen du Camusek filosofia, eta laster sumatuko du idazteko grina ere. Antzerki talde afizionatu batean lan egin ondoren, Parisera pari zen, bertan kazetari lanetan jardun zuelarik. II Gerrate Mundialean erresistentzian «Combat» delako taldean ibili ondoren, izen bereko egunkarian zuzendari lanetan aritu zen 1945 eta 1947 bitartean. Lehenengo bi liburuak Algerian plazaratu bazituen ere, 1942an argitaratutako «L'étranger» eleberria eta «Le mythe de Sisiphe» saioarekin ezagutzera eman zuen bere burua, eta bigarren narrazio lan batekin lortu zuen ospea: «La Peste» (1947).

        Eleberri honetan, «Izurritea»n alegia, nazien gerraren eta okupazioaren alegoria bat azaltzen digu eta, zentzu zabalago batean, giza izaerarena eta era guztietako zapalkuntzarena, izurritearen menpean eroritako Orango hiriaren deskribapenaren bidez. Eleberriko pertsonaiek giza jarrera desberdinak azaltzen dituzte sufrimenduaren, elkar bereiztearen, eritasunaren, heriotzaren aurrean: Rieux, ilusiorik gabeko lehian, Tarrou gaitza ez zabaltzearen tema etsipenduaz, Paneloux baldintzarik gabeko federa dei eginez, Rambert zorionaren egarriz, Grand, benetako «heroia», erabateko zintzotasunaren eta errugabetasunaren jabe, Cottard izurriarekin tratuan, aldendutako emaztea, ama, lagun isila, espazioaren eta egoera jakinen errealitatean ageri zaizkigu. Tragediaren aurrean gizakien arteko elkartasuna zentzugabekeriaren gaindi azaltzen da kronika honetan, elkarren arteko borrokaren anaitasuna goraipatuz, gizakia ideia soila ez dela adierazteko eta berarengan gauza gehiago daudela estimatzekoak mespretxatzekoak baino. Hala, terrorearen eta bortxakeriaren aurkako iraultzaren testigantza dugu.

 

 

© Imanol Tapia

 

 

"Albert Camus / Izurria" orrialde nagusia