Epilogoa

 

        Anakronismo-delitu batean erortzeko arrisku eta guzti (kode penalean ez dator halako deliturik, baina gertagarritasun-kalkuluak eta usadioak kondenatzen dute noski), hona Santiago de Chilen 2074. urtean argitaratuko den Enciclopedia Sudamericana delakotik harturiko ohar bat. Iraingarri gerta daitekeen parraforen bat kendu dugu eta ortografia antzinakotu, ez baita beti lotzen gaurko irakurle modernoaren eskakizunetara.

        «BORGES, JOSÉ FRANCISCO ISIDORO LUIS: Autore eta autodidakta, Buenos Aires-en, sasoi hartako Argentinako hiriburuan jaioa, 1899an. Heriotzaren datarik ez dakigu, zeren egunkariak, garai hartako genero literario bat, erabat desagertu baitziren gure historia-liburuek jasotzen dituzten gatazka larri ospetsuetan zehar. Psikologia-irakasle zuen aita. Norah Borgesen anaia izan zen (q.v.). Literatura, filosofia eta etika zituen gogokoen. Aurreneko zaletasun hori garbi frogatzen du haren lanetik iritsi zaigunak, nahiz zenbait mugapen oneraezin ere salatzen digun bide batez. Esate baterako, ez zen sekula iritsi hispaniar letrei gustua hartzera, Quevedoren irakurketa sarria gora-behera. Bere lagun Luis Rosales-en tesien aldeko izan zen, alegia Persiles eta Segismundaren neke esplikaezinen egilea ezin izan zitekeela inolaz ere Kixotearen autorea. Nobela hori izan zen, bestetik, Borgesi gaitzespenik eza irabazi zioten bakanetakoa; beste batzuk Voltaire-renak, Stevenson-enak, Conrad-enak eta Eça de Queiroz-enak izan ziren. Ipuinetan laketzen zen; ezaugarri horrek Poe-ren epaia dakarkigu gogora, "There is no such thing as a long poem", eta epai hori baieztu baizik ez dute egiten sortaldeko nazio batzuetako poesiaren jokamoldeek. Metafisikari dagokionez, aski izan bedi liburu baten aipamena: Baruch Spinoza-ren giltzarria, 1975. Katedra-hitzaldiak eman zituen Buenos Aires, Texas eta Harvard-eko unibertsitateetan, kritikak oraindik peskizatzen duen Genevako batxilergo lauso bat beste titulurik gabe. Cuyo eta Oxford-eko doktore honoris causa izan zen. Errankomun baten arabera, sekula ez omen zuen azterketetan galderarik egin; gaiaren edozein alderdi aukeratu eta hartaz jardutera gonbidatzen zituen ikasleak. Ez zuen datarik eskatzen, berak ere ez zekizkiela argudiaturik. Bibliografia higuin zuen, ikaslea iturburuetatik urruntzen duela-eta.

        »Atsegin zuen burgesiako kide izatea, haren deiturak testigantza ematen duenez. Herri xehea eta aristokrazia, biak ere diruaren, jokoaren, kirolen, nazionalismoaren, arrakastaren eta publizitatearen adoratzaileak izaki, berdin-berdinak iruditzen zitzaizkion ia. 1960 aldera Partidu Kontserbadoreko bazkide egin zen, zeren (zioen), "fanatismorik sor ez dezakeen bakarra baita, dudarik gabe".

        »Borgesek bere denboran izan zuen izen handia, monografia eta polemika sail batek dokumentatzen duen ospe hori, harrigarri ere harrigarri gertatzen zaigu orain. Ziur dakigun gauza da bera zegoela inor baino ere harrituago, eta beti beldurrez egon zela iruzurti nahiz lardaskatzaile hutsa izatea lepora ziezaioten, edo bien tarteko nahaste halamoduzko bat. Ikertuko ditugu ospe horren arrazoiak, gaur egun aski misteriotsua gertatzen baita.

        »Ez da ahantzi behar, lehenengo eta behin, Borgesen urteak beraren herrialdearen gainbehera batekin egokitu zirela. Militar-leinukoa zen, eta bere zaharragoen destino epikoaren nostalgia sentitu zuen. Pentsatzen zuen adorea dela gizonak kapaz diren bertute bakanetakoa; bertute horren gurtzak, ordea, beste hainbat bezala, gaizkile-jendearenganako jaiera zoro-moro batera eraman zuen. Hala, haren ipuinetatik irakurrienean, Kalekantoi arrosakoloreko gizona delakoan, asasinatzaile bat da narradorea. Milongetarako letrarik ere konposatu zuen, jite bereko gizahiltzaile zenbaiten omenez. Ascasubi-ren oihartzun diren herri-moldeko ahapaldietan, lurpetik ateratzen du ondo arrazoi-lege onean ahantzirik zegoen labangizon sorta baten oroitzapena. Bigarren mailako poeta baten biografia errukitsu bat ere idatzi zuen. Poeta haren balentria bakarra: argentinar etxeondoak —conventillo delakoak— eskaintzen zituen ahalbide erretorikoez jabetzea. Sainetegileek ordurako tankeratua zuten funtsean Borgesena zen mundu bat, baina jende ikasiak ezin zituen kontzientzia lasaiz mundu horretako ikuskizunak laket izan. Barkatzekoa da, noski, gustu hori baimentzen zienari txalo jo izana. Borgesen sekretu eta apika oharkabeko irrika, sekula existitu ez zen Buenos Aires baten mitologia irazkitzea izan zen. Hala, urte luzetan, konturatzeke eta halakorik susmatzeke, azkenerako gauchoaren mistika, Artigas eta Rosas, aldareetara jasoko zituen barbarokeriaren gorespenean lagundu zuen.

        »Ekiogun orain alde onari. Lugones-en Las fuerzas extrañas (1906) gora-behera, argentinar prosa narratiboak ez zuen gainditzen, eskuarki, alegatua, satira eta ohituren kronika; Borgesek, bere iparraldetar irakurketak lagun, fantastikotasunera jaso zuen. Groussac-ek eta Reyes-ek erakutsi zioten hiztegia sinpletzen, hainbat itsuskeria bitxik trakesten baitzuten artean: acomplejado, agresividad, alienación, búsqueda, concientizar, conducción, coyuntural, generacional, grupal, negociado, promocionarse, recepcionar, sentirse motivado, sentirse realizado, situacionismo, verticalidad, vivenciar... Akademiak, halako zatarkeriak baztertzeko gomendioa ematea haien esku egonik ere, ez ziren animatu. Mordoilo horretara makurtzen zirenek Borgesen estiloa goresten zuten, hala ere, publikoki.

        »Sentitu ote zuen inoiz Borgesek bere zortearen barren-barreneko diskordia? Baiezkoan gaude. Ez zuen sinesten aukeramen librean, eta laket zitzaion Carlyle-ren sententzia hau errepikatzea: "Etengabe irakurri eta idaztera beharturik gauden testu bat da historia unibertsala, eta idatzi ere idazten gaituzte bertan".

        »Kontsultarako, haren Obra Osoetara jo daiteke (Emecé Editores, Buenos Aires), non aski xuxen jarraitzen baita ordenamendu kronologikoa.»

 

 

 

 

© Jorge Luis Borges

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"Jorge Luis Borges - Ipuin hautatuak" orrialde nagusia