Ispilua eta mozorroa

 

        Clontarf-eko guduaren ondoren, zeinean norvegiarra umiliaturik gertatu baitzen, Errege Garaia poetarekin solastatu zen eta erran zion:

        — Egitandirik nabarienek beren dirdaia galtzen ditek hitzen moldean argitara ezik. Nahi diat ene garaitia eta ene laudorioa kanta dezaan. Ni Eneas izanen nauk; hi ene Virgilio izanen haiz. Aski trebe daukak heure burua biok hilezkor bilakatuko gaituen egiteko horri ekiteko?

        — Bai, Errege —erran zuen poetak—. Ni Ollan-a nauzu. Hamabi neguz jarduna naiz metrikaren ikaskintzan buru-belarri. Buruz dakizkit zinezko poesiaren oinarri diren hirurehun eta hirurogei alegiak. Ulster-eko eta Munster-eko zikloen jabe dira ene harparen hariak. Legeek baimentzen naute hizkuntzaren elerik arkaikoenak eta diren metaforarik katramilatsuenak naharo erabiltzera. Aise darabilt gure artea populu arruntaren behatze zuhurgabetik begiratzen duen idazkera sekretua. Ospagai har ditzaket amodioak, abere-ohointzak, nabigazioneak, gerlak. Ezagutzen ditut Irlandako errege-etxe guztien mitologiazko leinuak. Neureganatuak ditut belarren bertuteak, arauzko astrologia, matematikak eta zuzenbide kanonikoa. Lehia agerian garaitu ditut arerio nituenak. Trebatua naiz ziri-olerkietan ere, zeinek larruaren eritasunik sortzen baitu, legenarra ere barne. Badakit ezpata erabiltzen, zure guduan frogatu nuenez. Gauza bat egiten soilik ez dakiket: egin didazun dohaina eskertzen.

        Erregek, zeina hitzaldiek, inorenak eta luzeak zirenean, erraz aspertzen baitzuten, hats hartu zuen hura amaiturik, eta erran zion:

        — Arras ongi zakizkiat horiek oro. Erran berri zidatek erresinolak kantatu duela jadanik Ingalaterran. Euriak eta elurrak iragan daitezenean, erresinola Hegoaldeko bere lurraldeetatik itzul dadinean, gortearen eta Poeten Batzarrearen aitzinean errezitatuko duk laudorioa. Urtebete osoa duk. Letra bedera eta hitz bedera apain leunduko duk. Saria, ongi dakik, ene errege-azturari eta hire asma-beilei dagokion bezainbatekoa izanen duk.

        — Errege, saririk ederrena zure begitartea ikustea da —erran zuen poetak, gortesau ere bai baitzen.

        Bere erreberentziak egin eta joan zen, jada neurtitzen bat edo besteren nondik-norakoa buruan.

        Epea burutu zenean, izurrite eta matxinada ugari tarteko burutu ere, bere panegirikoa aurkeztu zuen. Segurtasunez irakurri zuen, astiro, eskuizkribuari soaldirik ere egin gabe. Erregek buruarekin baiezten zuen bere onespena. Denek imitatzen zuten haren keinua, are, ate kanpoetan tropelkaturik, hitzik ere ulertzen ez zutenek ere.

        Azkenean Errege mintzatu zen.

        — Onartzen diat hire egina. Bertze garaipen bat duk. Hitz bakoitza bere adiera jatorrez erabili duk, eta izen substantibo bakoitza lehen poetek eman zioten epitetoaz hornitu. Ez duk laudorio osoan irudi bakarrik ere klasikoek usatu ez dutenik. Gerla gizon-ehun ederra duk, eta ezpata-ura odola duk. Itsasoak bere jainkoa dik eta lainoek etorkizuna iragartzen ditek. Antzez baliatu haiz errimaz, aliterazioaz, asonantziaz, jakinduria ederreko erretorikaren artifizioez, neurrien aldikatze zuhurraz. Irlandako literatura guztia gal baledi —omen absit— galerarik gabe birrosa litekek hire oda klasiko horren bitartez. Hogeita hamar eskribak transkribatuko ditek hamabi aldiz.

        Isilune baten ondoren, jarraitu zuen:

        — Dena ongi duk eta, haatik, ez duk deus gertatu. Zainetako odolak ez zagik taupada bizkorragorrik. Eskuak ez dituk lehiatu arkuetara. Inor ez duk zurbildu. Inork ez dik gudu-zantzorik jaurti, inork ez ziek bulartsu aurre eman vikingoei. Urtebeteko epearen buruan bertze laudorio bat txalotuko diagu, poeta. Gure onespenaren seinale, to ispilu hau, zilarrezkoa baita.

        — Esker diamazut; ulertu dut —erran zuen poetak.

        Zeruko izarrek beren ibilbide argiari berrekin zioten. Berriz kantatu zuen erresinolak saxoien oihanetan, eta poeta ere itzuli zen bere kodizearekin; lehengoa baino laburragoa zen. Ez zuen buruz errepikatu; segurtasun falta nabariz irakurri zuen, zenbait pasarteren gainetik pasatuz, alegia berak ere guztiz ulertuko ez balitu edo profanatu nahi ez balitu bezala. Harrigarri gertatu zen idazkia. Ez zen guduaren deskribapen halako bat, gudua zen. Orriaren gudu-nahasmenean hantxe zebiltzan Hiru den eta Bat den Jainkoa, Irlandako jainkoki paganoak eta handik ehunka urteetara, Aro Nagusiaren hasieran, borrokatuko zirenak. Forma ere ez zen atzera gelditzen bitxitasunean. Substantibo bakun batek aditz anizkun bat goberna zezakeen. Preposizioek ez zieten jaramon egiten arau arruntei. Zakartasuna eta goxotasuna noiz bat noiz bestea nahasian zebiltzan. Metaforak arbitrarioak ziren, edo hala ziruditen bederen.

        Erregek solas urri batzuk egin zituen inguruan zeuzkan letragizonekin, eta honela mintzatu zen:

        — Hire lehen laudorioak aukera eman zidaan errateko Irlandan inoiz kantatu den oro ederki biltzen zuela. Honek, berriz, aurreko guztia gainditzen dik, eta orobat deusezten. Zalantza bizian giarabiltzak, harritu, miretsirik uzten gaitik. Ez diketek merezi ezjakinek; bai, ordea, jakintsuek, gutxienek. Bolizko kutxa bat izanen duk ale bakarraren zaintokia. Hain obra bikaina eman digun lumatik are garaiagorik ere igurika geniezakek.

        Irriño batez gaineratu zuen:

        — Alegia bateko figurak gaituk, eta bidezko duk oroitaraztea alegietan hiru zenbakia dela nagusi.

        Poeta ahopeka erratera ausartu zen:

        — Aztiaren hiru dohainak, triadak, eta Hirutasun zalantzarik gabea.

        Erregek jarraitu zuen:

        — Gure onespenaren erakusgarri, to urrezko mozorro hau.

        — Esker diamazut; ulertu dut —erran zuen poetak.

        Urteurrena etorri zen berriz. Jauregiko zaindariak ohartu ziren poetak ez zekarrela eskuizkriburik. Erregek, ez hala ere guztiz harritu gabe, so egin zion; bertze bat zen ia. Zerbaitek, denbora ez bertze zerbaitek, hazpegiak ildotu eta antzaldatuak zizkion. Begiek oso urrutira behatzen zutela zirudien, edo eta itsutu zirela. Poetak arren eskatu zion berekin solasta zedin apur batez. Esklaboek jendez hustu zuten ganbara.

        — Ez duk odarik burutu? —galde egin zuen Erregek.

        — Bai —erran zuen tristerik poetak—. Oxala Kristo Gure Jaunak galarazi balit.

        — Errepika dezakek?

        — Ez naiz ausartzen.

        — Nik diamaat behar duan adorea —erran zuen Erregek handiro.

        Poetak poema erran zuen. Lerro bakar bat zen.

        Goraki ebakitzera deliberatu gabe, poetak eta haren Erregeak otoitz sekretu bat edo birao bat balitz bezala dastatu zuten olerkia. Errege bertzea bezain harriturik zegoen baiki, eta hura bezain joa. Elkarri behatu zioten, arras zurbildurik.

        — Ene gazte denboran —erran zuen Erregek— ekia iraungitzen den alderantz, arrats-beherarantz nabigatu nian. Uharte batean erbizakur zilarrezkoak ikusi nitian urrezko basurdeak akabatzen. Bertze batean, sagar magikoen usaingozoz elikatu gintuan. Bertze batean, suzko harresiak ikusi nitian. Urrunenekoan, berriz, ibai batek zerua zeharkatzen zian, bobeda halako baten gisa hantxe dilindan, eta arrainak eta ontziak zihoazean haren uretan. Miragarriak dituk horiek, baina ez hire poemarekin alderatzekoak; hire poemak bere baitan biltzen ditik horiek oro. Zer sorginkeria suertez baliatu haiz?

        — Goiznabarrean —erran zuen poetak— hasieran ulertzen ez nituen hitz batzuk errepikatuz akordatu nintzen. Hitz horiek poema bat dira. Bekatu egin nuela ziostan bihotzak, apika Izpirituak barkatzen ez duen bekatu hura.

        — Bekatu bat zeinean orain biok partaide baikara —xuxurlatu zuen Erregek—. Edertasuna ezagutu izanarena; gizonei haizu ez zaien dohaina baita Edertasuna. Orain bekatu horren zorra kitatzea zagokiguk. Ispilu bat eta urrezko mozorro bat eman nizkian; hona hirugarren oparia, eta azkena.

        Aizto bat ezarri zion eskuinean.

        Poetaren berriek dioskute bere buruaz bertze egin zuela jauregitik irtetean; Erregerenek, berriz, eskale dabilela Irlandako bideetan barrena, noizbait bere erresuma izan zuen lurraldean, eta ez duela egundo errepikatu poema.

 

 

 

© Jorge Luis Borges

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"Jorge Luis Borges - Ipuin hautatuak" orrialde nagusia