Elkarrizketa bati buruzko elkarrizketa

 

        A.— Hilezkortasuna arrazoitzeari buru-belarri emanik, argirik pizteke utzia genion gauari etortzen. Ez genuen elkarren aurpegirik ikusten. Suhartasuna baino gogagarriago zen halako soraiotasun inolaz ere goxo batez, Macedonio Fernández-en ahotsak arima hilezkorra dela errepikatzen zuen. Gorputzaren heriotza huskeria hutsa dela, alegia, eta gizon bati gerta dakiokeen gauzarik ezdeusena dela noski hiltzea. Ni Macedonioren labanarekin jolasten nintzen; zabaldu eta atzera itxi. Auzoko eskusoinu batek infinituki ekiten zion La Cumparsitari, kantu zaharra delako ustekeria irentsarazi diotelako hainbat jendek atsegin duen fitskeria samin-espantuzko horri... Geure buruaz beste egin genezan proposatu nion nik Macedoniori, trabarik gabe eztabaidatzeko.

        Z (burlaizez).— Susmoa dut, ordea, ez zinetela deliberatu.

        A (mistika bete-betean jadaneko).— Egia esan, ez naiz oroitzen gau horretan geure buruaz beste egin ote genuen.

 

 

 

© Jorge Luis Borges

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"Jorge Luis Borges - Ipuin hautatuak" orrialde nagusia