Gizon hilezkorra

 

        Solomon saitz: There is no new thing upon the earth. So that as Plato had an imagination, that all knowledge was but remembrance; so Solomon giveth his sentence, that all novety is but oblivion.

Francis Bacon, Essays, LVIII

 

        Londresen, 1929ko ekainaren hasiera aldera, Joseph Cartaphilus antikuarioak, Esmirnakoa bera, Pope-ren Iliadaren sei liburukiak, laurden txiki moldean argitaraturikoak (1715-1720), eskaini zizkion Lucinge-ko printzesari. Printzesak beretzat erosi zituen; liburuak jasotzean, hitz batzuk trukatu zituen harekin. Dioskunez, gizon higatu, lurkara bat zen; begi grisak eta bizar grisa zuen, eta bereziki lausoak hazpegiak. Jario bezain ezjakintasun ederrez moldatzen zen hainbat hizkuntzatan; oso minutu gutxitan, frantsesetik ingelesera pasatu zen eta ingelesetik, berriz, Salonika-ko espainieraren eta Makao-ko portugesaren halako elkarketa antzemangaitz batera. Urrian, printzesak Zeus-eko bidailagun batengandik entzun zuen Cartaphilus itsasoan hila zela, Esmirnara itzul bidean, eta Ios uhartean ehortzi zutela. Iliadaren azken tomoan honako eskuizkribua aurkitu zuen.

        Jatorrizkoa ingelesez idatzia da eta latinismo ugariz hornitua. Ematen dugun bertsioa hitzez-hitzekoa da.

 

 

I

 

        Oroit naizela, ene trabailuak Tebas Hekatompylos-ko jardin batean hasi ziren, Diokleziano enperadore zelarik. Esku hartua nintzen berrikitan (loriarik gabe) Egiptoko gerletan, Berenize-n, Itsas Gorriari bekoz beko, kokatua zen legio bateko tribunoa nintzen; bihotz zabalez altzairua gutiziatzen zuen gizon asko sukarrak eta magiak higatu zituen. Mauritaniarrak garaituak izan ziren; lehenago hiri jazarriek hartzen zuten lurra pluton-jainkoei eskaini zitzaien sekulako; Alexandria, eskuperaturik, alferrik aritu zen Zesarri urrikalmendu eske; urtebete gabe legioek garaitiaren berri eman zuten, baina nik doi-doi erdietsi nuen Marte-ren begitartea ikustatzerik. Gabezia horrek min eman zidan eta beharbada hori izan zen arrazoia, ni, beldurrez beteriko basamortu lausoetan barrena, Hilezkorren Hiri sekretuaren xerkan oldar nendin.

        Ene trabailuak, errana dut, Tebasko jardin batean hasi ziren. Gau horretan guztian ez nuen lorik egin, zerbaitek borrokan baitziharduen ene bihotzean. Egun argia baino lehentxeago jaiki nintzen; ene esklaboak lo zeutzan, ilargiak harea infinituaren kolore bera zuen. Zaldizko unatu odoltsu bat zetorren sortaldetik. Enegandik urrats batzuetara, zalditik irauli zen. Boz mehe asegaitz batez egin zidan, latinez, hiriaren harresiak bustitzen zituen ibaiaren izenaren galdea. Erantzun nion Egipto ibaia zela, euriek elikatzen dutena. «Besterik da jarraika nabilan ibaia —ihardetsi zuen tristeki—, gizonak heriotzetik ikuzten dituen ibai sekretua.» Odol iluna zerion bularraldetik. Erran zidan Ganges ibaiaren bertze aldean den mendi bat zuela sorterria, eta mendi hartan erran komuna zela ezen norbait sartalderaino, mundua akabatzen den lekuraino, ibiltzen bazen, hilezkortasuna ematen duten uren ibaira iritsiko zela. Erran zuen, halaber, haraindiko erriberan Hilezkorren Hiri garaia aurkitzen dela, babestarriz eta anfiteatroz eta tenpluz josia. Argia gaberik hil zen, baina nik deliberatu nuen hiria eta ibaia aurkitzea. Borreroak galdekaturik, mauritaniar gatibu batzuk bidaztiaren kondaerarekin bat etorri ziren; norbaitek oroitu zuen Eliseoko ordokia, lurraren azken bazterrean, non gizonen bizia iraunkorra baita; norbaitek, Pactolo ibaia sortzen deneko mendi gailurrak, non bertako biztanleak mende batez bizi baitira. Erroman, gizonen bizia luzeagotzea haien agonia luzeagotzea eta haien heriotzen kopurua berretzea zela sumatu zuten filosofoekin solastatu nintzen. Ez dakit noizbait sinetsi ote nuen Hilezkorren Hiririk: pentsatzen dut orduan aski nuela haren xerkan ibili beharra. Flavio-k, Getulia-ko prokontsulak, berrehun soldadu eman zizkidan xede hartarako. Mertzenariorik ere bildu nuen neure ostera, bide jakile trebeak omen eta desertatzen lehenak izaki.

        Geroztikako gertakariek deusen jitea galtzeraino itxuraldatu dute gure lehen egunetako jardunen oroipena. Arsinoe-tik abiatu eta basamortu kiskalian sartu ginen. Trogloditen herrialdea zeharkatu genuen, sugetzarrak irensten dituzten eta hitzezko harremanik ez duten jendeak; garamantena, emakumeak amankomunean baitituzte eta lehoiez elikatzen baitira; augilena, Tartaroa baizik ez baitute gurtzen. Beste basamorturik ere aspertu genuen, zeinetan beltza baita harea, zeinetan bidaztiak gauari lapurtu behar baitizkio orduak, egunaren suhartasuna jasanezina baita. Urrutitik ikustatu nuen Itsasoari izena eman zion mendia: haren mazeletan euforbioa hazten da, edenen deusezgarria; gailurraldean satiroak bizi dira, haragikeriara emanak diren gizon anker basa batzuek. Halako eskualde barbaroek, zeinetan lurra munstroz erditzen baita, beren erraietan halako hiri ospetsurik gorde zezaketenik imajinaezina iruditu zitzaigun guztioi. Aitzina ekin genion, iraingarri baitzatekeen gibelatzea. Gutariko zenbait burugabek ilargiari aurpegia emanez lo egin zuen; sukarrak irazeki zituen; zisternetako ur gaizkoatuan bertze batzuek eromena eta heriotza edan zuten. Orduan hasi ziren desertatzeak; handik berehalaxe, altxamenduak. Haiek menderatzearren, ez nuen zalantzarik izan gogortasunezko legea ezartzeko. Zuzen jokatu nuen, baina zenturioi batek ohartarazi zidan ezen matxinatuak (beren arteko baten gurutziltzatzea mendekatzeko irritsez) ni hiltzeko asmotan zebiltzala. Kanpamendutik ihes egin nuen, oraino fidel zitzaizkidan soldadu bakanak lagun. Basamortuan galdu nituen, hareazko zurrunbiloen eta gau zabalaren artean. Kretar gezi batek zaurtu ninduen. Egun batzuk urik aurkitu gabe harat-honat eman nituen, edo egun bakar bat, izugarri luzea, eguzkiak, egarriak eta egarriaren beldurrak berretua. Ene zaldiaren deliberamenduaren baitan utzi nuen bidea. Argiarekin, urruntasuna piramidez eta dorrez laztu zen. Labirinto soil bezain zehatz batez amets egin nuen, guztizko amets jasangaitza: erdian pegar bat zegoen; ene eskuek ia ukitzen zuten, ene begiek ikusten zuten, ordea hain ziren korapilotsu eta zalantzatsu bihurguneak, ezen nik ongi bainekien hura iritsi gabe hilen nintzela.

 

 

II

 

        Azkenean lokamuts bihurrikatu horretatik askatzean, lurrean egotzirik eta eskuloturik harrizko aurkitu nuen neure burua, hilobi arrunt bat baino handiago ez zen harrizko hobi luzanga axal batean, mendi baten malda latzean. Aldeak hezeak ziren, denborak leunduak gizalanak bainoago. Taupada oinazetsu bat sentitu nuen, egarriak kiskaltzen ninduen. Burua atera eta oihu egin nuen indarge. Mendiaren oinetan erreka zikin bat zihoan zuzmurrik gabe bere bidean, hondakinek eta hareak trabaturik; haraindiko aldean dirdaitsu (azken eguzkiaren pean edo lehenarenean) hara Hilezkorren Hiri begibistakoa. Ikusi nuen murru, arku, etxeaitzin eta biltokirik: harrizko goi-ordoki bat zen oinarria. Enearen gisako ehun bat hobi nolabait taxutuk ildoztatzen zuten mendia eta harana. Hareatzan bazen hondo apurreko putzurik; zulo xixtrin horietatik (eta hobietatik) larru griseko gizon bizar-zabarrik jalgitzen zen, biluzik. Ezagutu uste izan nituen: trogloditen leinu basatikoak ziren, Arabiako Golkoaren itsasaldeetan eta Etiopiako harpeetan arrunt hedaturik den piztijende horien leinu higuinekoak; ez zen enetzat miresgarri mintzogabeak eta sugejaleak izatea.

        Egarriaren larriak ausart bilakatu ninduen. Hareatzatik hogeita hamar bat oinetara edo nengoen; neure burua egotzi nuen, begiak hertsirik, eskuak atzean loturik, mendian behera. Aurpegi odolez estalia ur ilunean murgildu nuen. Animaliak askan bezala edan nuen. Berriz loak hartu eta eldarnioetan galdu aitzin, zergatik ez dakidala, grekerazko hitz batzuk errepikatu nituen: «Zeleako troiar aberatsak, Esepo-ko ur beltza edaten...».

        Ez dakit zenbat egun eta gau itzulikatu ziren ene gainetik. Oinazetan, harpeen geriza berreskuratzeko ezgauza, hareatza ezezagunean biluzik, ilargiaren eta eguzkiaren jolasen baitan utzi nuen neure asturu gaitza. Trogloditek, beren barbarotasunean haur-irudi, ez zidaten laguntzarik eman ez bizirik irauteko ez bertan hiltzeko. Alferrik otoiztu nituen akaba nintzaten. Egun batez, sukarri baten zorrotza baliaturik, estekadurak hautsi nituen. Beste batez, lurretik jaiki eta eskean galdatu edo ebatsi ahal izan nuen —nik, Marko Flaminio Rufo-k, Erromatar legioetarik bateko guda-tribunoak— neure lehendabiziko zatia suge-haragi hain higuintzat jo hartatik.

        Hilezkorrak ikusteko eta Hiri gizagainekoa ukitzeko gutiziak doi-doi uzten zidan lo egiten. Ene asmoa igarririk irudi, trogloditek ere ez zuten lorik egiten: hasieran ondorioztatu nuen ene zaintzan zeudela; gero, ene egonezinez kutsatuak zirela, zakurrak kutsatu ohi diren gisara. Basa herri barbaro hartatik urruntzeko, ordurik agerikoena hautatu nuen, arrats apala, ia gizon guztiak jalgitzen baitira artezi eta putzuetatik, eta sartaldeari beha jartzen, hura ikusi gabe. Otoitz egin nuen boz goraz, ez hainbertze jainkoen faborea erregutzeko, nola basajende hura arauz ebakiriko hitzez beldurtzeko. Hare-multzoek trabatzen duten erreka iragan eta Hirira jo nuen. Bizpahiru gizon jarraitu zitzaizkidan, lauso. Garaieraz (leinu horretako gainerakoak bezala) eskas ziren; ez zuten ikararik sortzen, narda baizik. Harrobitzat jo nituen halako sakan irregular batzuk itzulinguratu behar izan nituen; Hiriaren handitasunak itsuturik, hurbil zela usterik abiatua nintzen. Gauerdi aldera zapaldu nuen hormatzarren itzal beltza, hareatza horian idolatriak tankeraturiko itxura zorrotz hura. Halako izu sakratu batek geldiarazi ninduen. Hain ditu gizonak higuin berritasuna eta desertua, ezen poz hartu bainuen trogloditetarik batek azkeneraino lagundu izana. Begiak hertsi eta (lorik egin gabe) eguna argiberritu zain gelditu nintzen.

        Errana dut harrizko goi-ordoki baten gainean eraikia zela Hiria. Goi-ordoki hori, labar baten gisakoa baitzen, ez zitzaidan murruak baino errazago. Alferrik aspertu nituen ene urratsak: hormape beltzak ez zuen erakusten irregulartasun apurrik ere, murru betiberdinek ez bide zuten onartzen ate bakarrik ere. Egunaren indarrak harpe baten gerizara bultzatu ninduen; barrenean bazen zulo bat, eta zuloan eskailera bat, han beheko ilunbera amiltzen zena. Jaitsi nintzen; galeria goibelen kaosetik zehar halako ganbera biribil zabal batera iritsi nintzen, doi-doia ikus baitzitekeen. Bederatzi ate ziren soto hartan; zortzik labirinto batera ematen zuten, zeina ganbera berera itzultzen baitzen tronpagarriro; bederatzigarrenak (bertze labirinto batetik) lehenbizikoaren berdina zen bigarren ganbera biribil batera ematen zuen. Ez dakit guztira zenbat den ganberen kopurua; ene zorigaitzak eta ene urduriak anitzez berretu zituzten. Isiltasuna larria zen eta bete-betea ia; harri sare sakon haietan ez zen bertze zurrumurrurik lurpeko haize batena baizik, zeinaren kausa ez bainuen aurkitu; hotsik gabe galtzen ziren zirritu arteetan herdoil xirripak. Lazgarriro ohitu nintzen mundu duda-mudako horretara; sinestezina zitzaidan inon deus izaterik bederatzi atez hornituriko sotoak eta bitan banatzen diren soto luzeak baizik. Ez dakit zenbat denbora eman behar izan nuen lurpeko ibili hartan; badakit noizbait nahasi nituela, oroimin berean, barbaroen basa herri espantagarria eta mahats arteko neure sort-hiri amultsua.

        Korridore baten sakonean, uste gabeko horma batek bidea hertsi zidan, argi urrun bat isuri zen ene gainera. Begi itsutuak altxatu nituen: gorenean, zorabioaren lekuan, zeru puska biribil bat ikusi nuen, purpurazkoa iruditzerainoko urdin. Metalezko maila batzuk horman gora zihoazen. Ahidurak laxatzen ninduen, baina gora ekin nion, noizik behin baizik gelditzeke, zorionaren zorionez baldarki zinkurin egiteko. Kapitelik eta astragalorik ikustatu nuen, frontoi hiru-ertzik eta bobedarik, granitoaren eta marmolaren handioskeria lausorik. Hala eman zitzaidan elkar-irazkituriko labirinto beltzen eskualde itsutik Hiri dirdaitsura igatea.

        Enparantza suerte batera jalgi nintzen; hobeki errateko, patioa. Itxura berdinik gabeko eta garaiera aldakorreko eraikin bakar batek inguratzen zuen; eraikin heterogeneo horri zegozkion kupula eta zutabe askotarikoak. Monumentu sinestezin haren bertze ezein ezaugarrik baino lehenago, hura egina zen moldearen antzinakotasunak zurtu ninduen. Gizonak baino lehenagokoa zela sentitu nuen, lurra baino lehenagokoa. Antzinakotasun nabari hori (begientzat nolabait ikaragarria izanagatik) langile hilezkorren lanarekiko egokia iruditu zitzaidan. Kontu handiz hasieran, axolagabe gero, etsipenez azkenean, norarik gabe ibili nintzen jauregi atzemanezin hartako eskailera eta zoletan barrena. (Gero hauteman nuen ezberdinak zirela mailen zabalera eta garaiera, eta horrek konpreniarazi zidan haiek eraginiko neke aparta.) «Jauregi hau jainkoek egina da», pentsatu nuen lehendabizi. Barruti biztanlegabeak ikertu, eta zuzendu nuen: «Hau eraiki zuten jainkoak hilak dira». Bereiztasunei erreparatu, eta erran nuen: «Hau eraiki zuten jainkoak eroturik zeuden». Erran ere, ongi dakit, ia damua zen halako gaitzespen ulertezin batez erran nuen hori; zentzuen beldurrez bainoago, adimenaren izuikaraz. Antzinakotasun eskergaren irudipenari bertzerik gaineratu zitzaion: azkengabea izatearena, lazgarria izatearena, konplexuki zentzugabea izatearena. Labirinto bat zeharkatu berria nintzen honi, Hilezkorren Hiri zehatzak ikara eta higuina sortu zidan. Labirinto bat gizonak tronpatzeko landu den etxe bat da; haren arkitektura, simetriaz oparoa, xede horretara makurtzen da. Oso nolabait ikertu nuen jauregi hartan, berriz, arkitekturak ez zuen xederik. Ugariak ziren ateerarik gabeko korridorea, leiho garai iristezina, gela batera edo putzu batera ematen zuen ate handiosa, mailak eta baranda buruz behera zeuzkaten alderantzizko eskailera sinestezinak. Bertze batzuk, berriz, murru eskerga bati airean zintzilik bezala josirik, inora ere gabe finitzen ziren, bizpahiru itzuliren buruan, han goiko kupulen ilunbean. Ez dakit eman ditudan argibide guztiak halaxe direnentz; ezin jakin dezaket jadanik halako edo halako zertzelada errealitatearen traskribapena diren, ala ene gauak sengabetu zituzten itxura haiena. «Hiri hau —egin nuen neure artean— hain da gaitza ezen beraren izate eta iraute hutsak, basamortu ezkutu baten erdian egonik ere, iragana eta etorkizuna kutsatzen duen, eta argizagiak ere baldintzatzen nolabait. Diraueino, inor ezin izan liteke munduan kuraios edo zoriontsu.» Ez dut deskribatu nahi: hitz heterogeneozko kaos halako bat, tigre edo zezen baten gorputza, zeinean munstroski nahasteka litezen, bateraturik eta batak bestea gorrotaturik, hortzak, organuak eta buruak; horra (menturaz) hurbil dakizkiokeen irudi batzuk.

        Ez ditut gogoan gorde itzulerako bide aldiak, hautsez beteriko hipogeo heze haien artetik. Soilik dakit ezin nuela alde bat utzi azken labirintotik ilkitzean berriz Hilezkorren Hiri higuinak ingura nintzakeelako beldurra. Ezin bertzerik gogora dezaket. Ahanztura hori, dagoenekoz gaindiezina, menturaz ene gogozkoa izan da; menturaz ene ihesaren zernolakoak hain izan ziren atsekabeak, ezen, orobat ahantzia bide dudan egun batez, ahanztea zin egin dudan.

 

 

III

 

        Ene trabailuen kondaira arretaz irakurri dutenek gogoan izanen dute nola basaleinuko gizon bat jarraitu zitzaidan, txakur bat jarrai zekidakeen gisa, harresien itzal irregularretaraino. Azken sototik jalgi nintzenean, harpe zuloaren ahoan aurkitu nuen. Hareatzan etzanik zegoen, eta baldarki marrazten zuen bertan, eta ezabatzen gero, zeinu andana bat, zeinak ametsetako letren gisakoak baitziren, ulertzeko zorian baitzaude eta gero bat egiten baitira. Hasieran, pentsatu nuen halako idazkera barbaro bat ote zen; gero konturatu nintzen zentzugabea dela imajinatzea hitzera iritsi ez diren gizonak idazketara irits daitezkeela. Gainera, ezein forma ez zen bertze baten berdina; ezin izan zitezkeen, beraz, edo oso nekez izan zitezkeen, forma horiek sinbolikoak. Gizonak marraztu, behatu eta zuzentzen zituen. Bet-betan, jolas horrek gogaiturik irudi, esku ahurrez eta besagainez ezabatu zituen. So egin zidan, ez bide ninduen ezagutu. Halarik ere, hain nuen lasaitu handia hartu (edo hain zen handi eta ikaratia ene bakardadea) ezen burutan erabili nuen harpe zolatik so zegokidan troglodita gizabasa hori ene zain egona zela. Eguzkiak bero galdatan zeukan lautada; basa herrira itzultzeko bideari ekin genionean, lehen izarren pean, harea sutan zen oin zolen azpian. Troglodita ene aitzinean joan zen; gau hartan bururatu zitzaidan hitz batzuk ezagutzen, eta agian errepikatzen, irakatsi behar niola. Txakurrak eta zaldiak (egin nuen neure baitan) badute lehen gaitasun hori; anitz hegaztik, berriz, hala nola Zesareen erresinolak, orobat bigarrena. Zein ere baitzatekeen basa gizon baten ulermena, beti izanen zen noski adimengabeena baino handiagoa.

        Trogloditaren apaltasun eta miseriak Argos, Odiseako txakur hil hurran haren imajina ekarri zidaten oroimenera, eta hala Argos izena ezarri eta izen hura irakasten saiatu nintzen. Porrot egin nuen behin eta berriro. Xedapenak, zorroztasuna eta tema, oro izan ziren alferrik. Geldi-geldia, begirik higitu gabe, ez bide zituen atzematen nik haren baitara nahi nituen soinuak. Enegandik urrats batzuetara, arras urrun bailitz bezala zen. Hareatzan etzanik, lurrean porrokaturiko labazko esfinge koxkor bat irudi, bere gainean jiratzen uzten zien zeruei, egun argitzetik gau iluntzeraino. Ezinezkotzat jo nuen hura ez ohartzea ene xedeaz. Oroitu nintzen etiopeen artean erraten dela ziminoak berariaz ez direla mintzatzen, gizonek trabailaraz ez diezaieten, eta goganbehar edo beldurrari egotzi nion Argos-en isiltasuna. Irudipen horretatik are zelebreagoak ziren bertze batzuetara lerratu nintzen. Pentsatu nuen Argos eta ni unibertso desberdinetako partaide ginela; pentsatu nuen gure pertzepzioak berdinak zirela, baina Argos-ek bertzela konbinatzen zituela eta bertze objektu batzuk eraikitzen zituela haiez baliaturik; pentsatu nuen menturaz harentzat ez zela objekturik, inpresio llaburrezko zorabiozko joko etengabe bat baizik. Oroimenik, denborarik gabeko mundu bat irudikatu nuen; sustantiborik ezagutzen ez zuen hizkuntza baten posibilitatea erabili nuen gogoan, aditz inpertsonalez edo epiteto deklinaezinez osaturiko hizkuntza batena. Hala hilez joan ziren egunak, eta egunekin urteak; goiz batez, ordea, zorionaren antzeko zerbait gertatu zen. Euria hasi zuen, geldi-geldi, indartsu.

        Basamortuko gauak hotzak izan daitezke; azken hura, ordea, su bat izan zen. Amets egin nuen Tesaliako ibai bat (urrezko arrain bat itzuli bainuen behiala bertako uretara) erreskatatzera zetorkidala; harea gorriaren eta harri beltzaren gainean han entzuten nuen hurbiltzen; airearen freskurak eta euriaren zurrumurru lehiatuak iratzarri ninduten. Laster egin nuen, biluzik, haren bila. Gaua azken hondarretan zen; hodei horien pean, basaleinua, eneari deusen zorrik ez zion bozkarioz, ur erauntsi bizi-bizi haietara gorputz eta arima emana zen, estasi halako batean. Koribanteak ziruditen, dibinitateak haien gorputzez jabetuak. Argos, begiak esferari so, intzirika ari zen; xirripak zerizkion aurpegian behera; ez soilik urezkoak, baizik eta (gero jakin nuen) malkozkoak ere. «Argos —oihukatu nion—, Argos.»

        Orduan, harridura otzanez, aspaldian galdu eta ahantziriko zerbait aurkitzen bailu bezala, honako hitzok totelkatu zituen Argos-ek: «Argos, Ulisesen txakur». Eta gero, eni behatu gabe: «Sats artean datzan txakur hau».

        Erraz onartzen dugu errealitatea, menturaz badakigulako deus ez dela erreala. Odiseaz zer zekien galde egin nion. Gaitz zitzaion grekerazko mintzoa; berriz egin behar izan nion itauna.

        «Hagitz guti —erran zidan—. Koblakaririk beharrenak baino gutiago. Mila eta ehun urte badirateke hura asmatu nuela.»

 

 

IV

 

        Dena argitzera eman zitzaidan, egun hartan. Trogloditak, Hilezkorrak ziren; uharre hareatsua, zaldizkoak bilatzen zuen Ibaia. Bere ospea Ganges-eraino hedarazi zuen hiriaz denaz bezanbatean, bederatzi mende baziratekeen Hilezkorrek porrokatu zutela. Hiriaren hondamendiko iraukinekin, leku berean, nik ibili nuen hiri zentzugabea eraiki zuten: halako parodia edo batekoz-beste gisakoa zen, eta, halaberean, mundua erabiltzen duten jainko irrazionalen tenplua, zeinez ez baitakigu deus, gizonaren irudikoak ez direla salbu. Horra Hilezkorrak sortzera makurtu ziren azken sinboloa; horrek aro bat abiarazten du, zeinean, egitasmo oro alferrikakotzat jorik, deliberatu baitzuten pentsamentuan bizitzea, espekulazio hutsean. Altxatu zuten eraikina, ahantzi zuten, eta harpeetara joan ziren bizitzera. Beren baitan erabat bildurik, ia ez zuten atzematen mundu fisikoa.

        Haur bati hitz egin ohi zaion bezala kondatu zituen horiek oro Homerok. Orobat kondatu zidan bere zahartzaroa eta nola azken bidaia batean abiatu zen, itsasoa zer den, ez gatzez onduriko okelarik jaten, ez arraunaren berririk ez dakiten gizonetara iristeko xedeak bultzaturik, Ulises bezala. Mende batez bizi izan zen Hilezkorren Hirian. Hura suntsitu zutenean, bertzea sortzeko aholkua eman zuen. Ez da zer harriturik; Ilion-eko gerla kantatu ondoan, igelen eta arratoien gerla kantatu omen zuen. Kosmosa sortu eta gero kaosa sortzen luen jainko baten gisakoa izan zen.

        Hilezkorra izatea hutsala da; gizona izan ezik, sorkariak oro dira hilezkor, ez baitute heriotzaren berri; jainkozkoa dena, ikaragarria, ulertezina dena, izaki batek bera hilezkorra dela jakitea da. Ohartu naiz ezen, erlijioen despit, inor gutik duela halakorik bere baitarako sinesten. Israeldar, kristau zein mususulmanek hilezkortasuna aitortzen dute, baina lehen gizaldiari dioten jaidurak garbi uzten du hartan bakarrik sinesten dutela, gainerako guztiak, kopuruz infinituak, hura saritu edo zigortzeko baizik ez baitauzkate. Zentzuzkoagoa deritzot Indostan-eko zenbait erlijioren araberako gurpilari; gurpil horretan, ez baitu hasierarik ez akaberarik, bizitza bakoitza aitzinakoaren ondorio da eta hurrengoaren sortzaile, baina ezeinek ez du osotasuna determinatzen... Mendeetako jardunaren ikasbidez, gizon hilezkorren errepublika onarberatasunaren eta ia axolarik ezaren perfekzioa lortua zen. Bazekien epe infinitu batean gizon orori gauza guztiak gertatzen zaizkiola. Lehenagoko edo geroko bertuteengatik, ontasun oro zor zaio gizon orori, baina bai traizio oro ere, iraganeko edo etorkizuneko bidegabekeriengatik. Nola zortezko jokoetan zifra bikoitiak eta zifra bakoitiak azkenean batez-besteko orekara etortzen baitira, halaberean deuseztatzen eta erdibidera ekartzen dute elkar trebetasun argiak eta burugabetasun hutsak ere, eta menturaz Cid-en poema, bere zakarrean, Eglogetako epiteto bakar baten edo Heraklitoren sententzia baten kontrapisu ezinbestekoa da. Pentsamenturik iheskorrena antolamendu ikusezin bati dagokio eta horrenbestez buru eman diezaioke, edo hastapen, forma sekretu bati. Ezagutu dut gaizkia egin duenik etorkizuneko mendeetan ongia agi zedin, edo iraganak zirenetan agitu izan zedin... Hala kontsideraturik, gure egintza guztiak bidezkoak dira, baina orobat axolarik gabeak. Ez da meritu moralik ez intelektualik. Homerok Odisea ondu zuen; epe infinitu bat postulatuz gero, gorabehera eta aldaketa infinituz, ezinezkoa dena, behin bederen, Odisea ez ontzea da. Inor ez da norbait, gizon hilezkor bakarra gizonak oro da. Cornelio Agrippa bezala, jainko naiz, heroi naiz, filosofo naiz, deabru naiz eta mundu naiz: aski modu neketsua noski ez naizela esateko.

        Mundua konpentsazio zehatzezko sistematzat hartu izanak eragin zabala izan zuen Hilezkorrengan. Lehenik eta behin, urrikalmenduak ez zuen sarbiderik haien baitan. Aipatu ditut ibaiz bertzaldeko landak arrakalatzen zituzten harrobi zaharrak; gizon bat haietarik sakonenean behera amildu zen; ezin zuen minik har eta ezin zen hil, baina egarriak sutan zeukan; soka bat botatzerako hirurogeita hamar urte joan ziren. Batbederaren patuak ere ez zuen axola. Etxabere otzana da gorputza, eta ez zuen eskatzen, hilean behin, lo ordu batzuk, ur xorta bat eta haragi zirtzil bat baizik bere mantenurako. Inork ez gaitzala aszeten gradura apal. Ez da plazer beteagorik pentsamentua baino, eta hartara emanak ginen. Batzuetan, berebiziko eragingarri batek mundu fisikora itzultzen gintuen. Hala nola, goiz hartan, euriaren gozamen zaharrak. Lipar horiek arras bakanak ziren; Hilezkor guztiak geldi-geldi irauteko gai ziren; bada haien artekorik, ondo gogoan dut, inoiz zutik ikusi ez dudanik: txori batek habia egina zuen haren bularrean.

        Bertze batek konpentsatu gabeko gauzarik ez dela dioen dotrinaren ondorioen artean, bada bat oso garrantzi teoriko apurrekoa, baina eragin zuzena izan zuena, X. mendearen hastapen edo azkentzean, lur zabalera sakabana gintezen. Honako hitzotara bil daiteke: Bada ibai bat zeinaren urek hilezkortasuna ematen baitute; eskualderen batean badateke bertze ibai bat zeinaren urek hura ezaba baitezakete. Ibaien kopurua ez da infinitua; bidazti hilezkor batek, mundua korriturik, azkenean, egunen batean, guztietatik edanen du noski. Ibai hori aurkitzea hartu genuen xede.

        Heriotzak (edo haren alusioak) zehatz eta patetiko bilakatzen ditu gizonak. Gizakiak mamu izate horrek hunkitzen gaitu; burutzen duten egintza bakoitza azkena izan daiteke; ez da begitarterik amets baten begitartea irudi desegiteko zorian ez denik. Orok du, hilkorren artean, berreskuraezinaren eta halabeharrezkoaren balioa. Hilezkorren artean, aldiz, egintza bakoitza (eta pentsamentu bakoitza) iraganean haren aitzinetik gertatu direnen oihartzuna da, hastapenik ezin atzemateraino, edo etorkizunean hura zorabioraino errepikatuko duten bertze batzuen zantzu peto-petoa. Ez da gauzarik, mirail aspergaitz artean galdua irudi ez dagoenik. Deus ez daiteke behin bakarrik gerta, deus ez da zehazki iragankorra. Elegiazko hitzak, begitarte larriak, zeremonia arauek, ez dute lekurik Hilezkorren artean. Homero eta ni Tanger-eko ateetan banatu ginen; ustez ez genion elkarri adiorik erran.

 

 

V

 

        Erresuma berririk ibili nuen, inperio berririk. 1066ko udazkenean Stamford-eko zubiko guduan nintzen, ez naiz dagoenekoz oroit noren lerroetan: Harold-enetan, zeinak handik laster kausitu baitzuen bere patua, ala Harald Hardrada zorigaitzeko harenetan, zeinak sei oin ingeles lur, edo gehixeago, konkistatu baitzuen. Hejiraren araberako zazpigarren mendean, Bulaq-eko auzunean, patxadazko kaligrafiaz transkribatu nituen, ezagutzen ez dudan alfabeto batean, Sinbad-en zazpi bidaiak eta Brontzezko Hiriaren kondaira. Samarkandako kartzelako patio batean xake jokoan ausarki aritua naiz. Bikanir-en astrologia kontu jarduna naiz, eta orobat Bohemian. 1638an Kolozsvar-en izan nintzen eta gero Leipzig-en. Aberdeen-en, 1714an, Pope-ren Iliadaren sei liburukien harpidedun egin nintzen; baita atsegin handiz maiztu ere liburuok. 1729 aldera, oker ez banago Giambattista zeritzon erretorika-irakasle batekin eztabaidatu nuen poema horren jatorria; haren arrazoiak ukaezinak iruditu zitzaizkidan. 1921eko urriaren 4an, Patnak, Bombay-ra ninderaman ontziak, Eritreako itsasaldeko portu batean ainguratu behar izan zuen [1]. Jaitsi, eta bertze goiz aspaldi zaharreko batzuk gogoratu nituen, Itsas Gorriaren aitzinean orobat; ni Erromako tribuno nintzen eta sukarrak eta sorginkeriak eta ekintzarik ezak soldaduak higatzen zizkidan garaikoak, hain zuzen. Aldirietan ur isuri garden bat ikusi nuen; edan ere nuen ur hartatik, ohiturak hala agindurik. Malkarrean gora eginik, elorri-arbola batek eskugaina zaurtu zidan. Oinazeetara aspaldian usatu gabea, bizi-bizia sentitu nuen mina. Sinesgogor, hitzik gabe, zoriontsu, odol tanta geldi bat sortzen ikusi nuen, ederren eder. Hilkorra naiz berriz, errepikatu nuen neure artean, gizon oro irudi naiz berriz. Gau hartan, egunsentira arte lo egin nuen.

        ...Berrikuskatu ditut, urtebeteren buruan, orriok. Egiarekiko zintzo dira, ezpairik gabe, baina lehen ataletan, eta are gainerakoen zenbait paragrafotan ere, zerbait faltsurik sumatu uste dut. Leku-denboren xehetasunez neurriz gain baliatu izanak nau, menturaz, horretaratu; hala ikasi bainuen poetengandik, eta jokabide horrek faltsutasunez kutsatzen baitu dena, zeren baliteke halako xehetasunik naharo izatea gertakarietan, baina ez haien oroipenean... Guztiarekin ere, arrazoi barnekoago bat aurkitu uste dut. Idatziz emanen dut; ez dio axola fantastikotzat banaukate ere.

        Narratu dudan historiak irreala dirudi, bi gizon desberdinen gertaerak nahasten direlako bertan. Lehenbiziko atalean, zaldizkoak Tebas-ko harresien pean doan ibaiaren izena jakin nahi du; Flaminio Rufo-k, zeinak lehenago Hekatompylos epitetoa eman baitio hiriari, Egipto ibaia dela dio; ele molde horiek ez dagozkio hari, Homerori baizik, zeinak espreski aipatzen baitu, Iliadan, Tebas Hekatompylos, eta Odisean, berriz, Proteo eta Ulises-en ahotan, Egipto baitio Nilo erran ordez. Bigarren atalean, erromatarrak, ur hilezkorra edaten duelarik, grekerazko hitz batzuk ahoskatzen ditu; hitz horiek Homerorenetik hartuak dira eta ontzien katalogo ospetsuaren azken aldera bila daitezke. Gero, zorabiozko jauregian, «ia damua zen halako gaitzespen bat» aipatzen du; hitz horiek Homerori dagozkio, hari bururatu baitzitzaion izugarrikeria hori. Arau-hutsegite horiek kezkatu ninduten; estetikari dihoazkion bertze batzuek egiaren bidean jarri ninduten. Azken atalean datoz; hor dakar Stamford-eko zubiko guduan esku hartu nuela, Sinbad Itsasgizonaren bidaiak transkribatu nituela, Bulaq-en, eta Aberdeen-en, berriz, Pope-ren ingeles Iliadaren harpidedun egin nintzela. Honakoa irakur daiteke, inter alia: «Bikanir-en astrologia kontu jarduna naiz, eta orobat Bohemian». Aitorpen horietatik ezein ez da faltsua; hala azpimarkatu izanak bilakatzen ditu adierazgarri. Orotarik lehenak balirudike gudari bati ongi doakiola, baina gero garbi dago narratzailea ez dela gerla kontu ari, baizik gizonen patuaz diharduela. Hortik aitzinakoak bitxiagoak dira. Funts-funtseko arrazoi artean ilun batek behartu ninduen xehetasun horien berri ematera; patetikoak zirela ohart nintzelakoz eman nituen noski orriotara. Ez dira hala, Flaminio Rufo erromatarrak erranik. Bai, ordea, Homero-ren ahotan; harritzeko da hark, XVIII. mendean, Sinbad-en, bertze Ulises baten abenturak kopia zitzan, eta, anitz menderen itzulian, ipar urruneko erresuma batean eta hizkuntza barbaro batean, Iliadaren formak kausi zitzan. Bikanir-en izena dakarren otoitzaz denaz bezanbatean, bistan da letragizon batek fabrikatua dela, horrenbestez (ontzien katalogoaren autoreak bezala) hitz bikainen aldera duen zaletasuna erakutsirik [2].

        Akabera hurbil denean, ez da gehiago oroipenaren irudirik gelditzen; soilik hitzak gelditzen dira. Ez da harritzekoa denborak hala nahasi izana noizbait ordezkatu ninduten hitzak eta hainbertze urtetan lagun izan nuenaren patuaren sinbolo izan zirenak. Ni Homero izan naiz; aurki, Inor-ez izanen naiz, Ulises bezala; aurki, gizon oro izanen naiz: hilik egonen naiz.

 

 

        1950eko postdata. Aurreko argitalpenak piztarazi dituen iruzkinen artean, bitxienak, ezen ez adeitsuenak, A Coat of Many Colours izenburu biblikoa darama (Manchester, 1948), eta Nahum Cordovero doktorearen luma temaraino aspergaitzari zor diogu. Ehun bat orrialdeko lana da. Aspaldiko Greziako eta latin-aro hurbileko burusi nabar direlakoez dihardu, eta Ben Jonson-ez, zeinak Senekaren adabakiz definitu baitzituen bere garaikideak, eta Alexander Ross-en Virgilius evangelizans delakoaz, eta George Moore-en eta Eliot-en artifizioez, eta, azkenik, «Joseph Cartaphilus antikuarioari egotziriko narrazio»az. Salatzen duenez, lehen atalean, Plinio-ren zati labur batzuk tartekatu dira (Historia naturalis, V, 8); bigarrenean, berriz, Thomas de Quincey-renak (Writings, III, 439); hirugarrenean, Descartes-ek Pierre Chanut enbaxadoreari igorririko gutun batenak; laugarrenean, Bernard Shaw-enak (Back to Methuselah, V). Inorenera-sartze zein inorenetik-hartze horietatik ondorioztatzen du dokumentu osoa apokrifoa dela.

Ene aburuz, ondorioztapen hori onartezina da. «Akabera hurbil denean —idatzi zuen Cartaphilus-ek— ez da oroipenaren irudirik gelditzen; soilik hitzak gelditzen dira.» Hitzak, lekuz kanpoko hitz elbarriak, inoren hitzak, horra orduek eta mendeek utzi zioten miseriazko hondarra.

 

Cecilia Ingenieros-i

 

        [1] Tatxadura bat ageri da eskuizkribuan; baliteke portuaren izena ezabatu izana.

        [2] Ernesto Sábato-k iradokitzen du Cartaphilus antikuarioarekin Iliada nola sortu zen eztabaidatu zuen «Giambattista» delakoa Giambattista Vico ote den; italiar horren arabera, pertsonaia sinbolikoa da Homero, Pluton edo Akiles-en antzera.

 

 

 

© Jorge Luis Borges

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"Jorge Luis Borges - Ipuin hautatuak" orrialde nagusia