Funes oroimentsua

 

        Gogoratzen dut (nik ez dut eskubiderik aditz sakratu hori ahotan hartzeko, gizon bakar batek izan zuen lurrean horretarako eskubidea eta gizon hori hilik dago) pasiolore ilun bat eskuan, inork ikusi ez duen bezala ikusten, goiznabarretik hasi eta ilunabarrera arte begira egonik ere, bizi oso bat hartara emanik. Gogoratzen dut, begitartea goibel, indiar jitekoa aurpegia, urruna guztiz ere, zigarroaren atzean. Gogoratzen ditut (ustez) haren esku zorrotzak, larru-kordagin bati dagozkion modukoak. Gogoratzen dut esku horietako baten ondoan mate bat, Sortaldeko Lurraldeko armak ageri zituena; gogoratzen dut etxeko leihoan zirri hori bat, eta aintzira-ikuspegi lauso bat bertan. Garbi-garbi gogoratzen dut haren ahotsa; antzinako hiribaztertarraren ahots patxadatsu, nekabera, sudurkaria, oraingo italiar txistu-hotsik gabea. Hirutan baino gehiagotan ez nuen ikusi; azkena, 1887an... Guztiz burubide ona iruditzen zait ezaguera izan zuten guztiek hartaz idazteko hau; nire testigantza beharbada laburrena izango da, eta dudarik gabe pobreena; ez, ordea, inpartzialtasun gutxienekoa, argitaratzekotan zareten liburuki horretan. Argentinarra izateak, bere tamalgarrian, eragotzi egingo dit ditiranboan erortzea —nahitaezko generoa baita hori Uruguaien, gaia uruguaiar bat denean. Literato, cajetilla, porteño; Funesek ez zituen hitz iraingarriok aipatu, baina ondotxo dakit zorigaizto horiek ekartzen nizkiola gogora. Pedro Leandro Ipuche-k idatzi du supergizonen aitzindari zela Funes, «halako Zarathustra hezgabe bezain jatorra»; ez dut ukatuko, baina ez da ahaztu behar Fray Bentos-eko compadrito bat zela halaber, eta bere mugak zituela, noski, nekez gainditzeko modukoak.

        Funesez dudan lehen oroipena garden-gardena da. Laurogeita lauko martxo edo otsaileko arratsapal batean dakust. Nire aitak, urte hartan, Fray Bentos-era eraman ninduen uda pasatzera. Neure lehengusu Bernardo Haedo-rekin nentorren San Francisco-ko etxaldetik bueltan. Kantari gentozen, zaldiz, eta ez zen hori zoriontsu sentitzeko nuen zio bakarra. Egun sargori baten ondoren, arbel koloreko ekaitz eskerga batek ezkutatua zuen zerua. Hegoaldeko haizeak ematen zion arnasa, arbolak erotzen hasiak; ni beldur nintzen (esperantza nuen) aterperik gabeko toki batean harrapatuko ote gintuen euriak. Lasterketa moduko batean lehiatu ginen ekaitzarekin. Adreiluzko bi espaloi ikaragarri garairen artean sakon zihoan kalezulo xaxtar batean sartu ginen. Kolpetik ilundua zuen; pauso bizkor eta ia sekretuak entzun nituen goian; begiak jaso eta mutil bat ikusi nuen espaloi estu hautsian horma estu hautsi batetik bezala korrika. Gogoratzen dut bonbatxa, abarketak, gogoratzen dut zigarroa aurpegi gogor hartan, ordurako mugarik ez zuen hodeitzarraren kontra. Bernardok oihu egin zion ustekabean: «Ze ordu dira, Ireneo?». Zeruari begiratzeke, gelditu gabe, besteak erantzun zion: «Lau minutu falta dira zortzietako, Bernardo Juan Francisco gaztea». Ahotsa zorrotza zen, burlatia.

        Hain naiz ni haizeburua, ezen hona aldatu berri dudan elkarrizketak ez baitzidan arretarik emango, baldin eta nire lehengusuak, (ustez) herritar-harrotasun halako batek eta bestearen ihardespen hirukoitzaz ezaxola agertu nahiak bultzaturik, areago azpimarratu ez balu.

        Esan zidan kalezuloko agerpenekoa Ireneo Funes zela, zenbait bitxikeria tarteko zela aipuan zebilen mutil bat, hala nola inorekin ez elkartzea eta beti zer ordu zen jakitea, erloju batek bezala. Herriko arropa-lisagin baten semea zela, María Clementina Funesena; batzuek ziotenez gazitegiko medikua zuen aita, O'Connor zeritzon ingeles bat, eta beste zenbaiten arabera, berriz, El Salto-ko departamentuko zaldi-hezle edo arrastolariren bat. Amarekin bizi zen, Los Laureles-eko landetxearen bueltan.

        Laurogeita bost eta laurogeita seian Montevideoko hirian eman genuen uda. Laurogeitaseian Fray Bentos-era itzuli nintzen. Normala denez, ezagun guztien galdea egin nuen eta, azkenik, «Funes kronometriko» harena. Erantzun zidaten zaldi hezkaizto batek irauli zuela San Francisco-ko etxaldean, eta elbarri geratua zela, esperantzarik gabe. Gogoan dut oraindik berriak sorrarazi zidan halako magia deserosozko inpresio hura: ikusia nuen aldi bakarrean, San Francisco-tik gentozen, zaldiz, eta hura toki garai batean ibili zebilen; nire lehengusu Bernardoren ahotik, lehenagoko elementuz osaturiko amets baten itxura ez gutxi zuen berriak. Esan zidaten ez zela oharkatik mugitzen, begiak barreneko pikuondoan edo amaraun batean finko. Arratsapaletan, leihora atera zezaten uzten zuen. Jota utzi zuen kolpea onuragarri izan zela agertzeraino zeraman soberbia... Bi aldiz ikusi nuen burdinsarearen atzean, zeinak baldarki azpimarratzen baitzuen betiko gatibu zegoela hantxe: batean, geldi-geldi, begiak itxita; bestean, geldi-geldirik orduan ere, santonina-zati usaintsu bati begira sor eta lor. Ez batere harrotasunik gabe, latinaren ikasketa metodikoan abiatua nintzen ni garaitsu hartan. Nire maleta barruan baziren Lhomond-en De viris illustribus delakoa, Quicherat-en Thesaurusa, Julio Zesarren iruzkinak eta Plinioren Naturalis historiaren liburuki bakoiti bat, zeinak aise gainditzen baitzituen (eta oraino ere gailentzen baititu) latinzale gisa ditudan ahalmen xumeak. Herri txiki batean dena jakiten da; Ireneori, erriberetako bere basetxean, laster iritsi zitzaion liburu ezohi horien berria. Gutun apain-bihurri zeremoniatsu bat igorri zidan; bertan, «laurogeita lauko otsailaren zazpiko» gure topaketa zoritxarrez hain laburra gogoratzen zuen, Gregorio Haedo jaunak, nire osabak, urte berean hil baitzen, «Ituzaingó-ko gudaldi adoretsuan bi aberrien alde erakutsi zuen» portaera aintzagarria goretsi, eta liburuetariko edozein mailega niezaion eskatzen zidan, bai eta hiztegi bat ere, «jatorrizko testua xuxen ulertzeko lagungarri, zeren oraindik ez baitakit latinik». Kalterik gabe itzuliko omen zizkidan, bet-betan ia. Letra perfektoa zen, profil zehatzekoa; ortografia, Andrés Bello-k aldeztu zuen tankerakoa: y ordez i, g ordez j. Hasieran, broma baten susmoa hartu nuen noski. Lehengusuek, ordea, ezetz, Ireneoren gauzak zirela. Ez nekien zeri egotzi, lotsagogor, ezjakin ala ergelkeriari, latin ez batere samurrak hiztegia beste tresnarik behar ez zuelako ideia hura; bete-betean desengainatzeko, Quicherat-en Gradus ad Parnassum delakoa eta Plinioren obra bidali nizkion.

        Otsailaren 14an telegrama bat jaso nuen Buenos Aires-etik esanez ber-bertatik itzultzeko, aita ez zegoela-eta «batere ondo». Jainkoak barka nazala; lasterbidezko telegrama baten hartzaile izatearen prestigioak, berriaren ezeztapen-formaren eta adberbio ezinago larriaren arteko kontraesana Fray Bentos osoari azaltzeko irrikak, gizon peto bati dagokion estoizismoaren itxurak eginez nire oinazea dramatizatzeko tentazioak, ez zioten apika lekurik batere utzi saminari. Maleta egitean, ohartu nintzen Gradusa eta Naturalis historiaren lehen liburukia falta zitzaizkidala. Saturno ontzia hurrengo egunean irtetekoa zen, goizez: arrats hartan, afal ondoren, Funesen etxera jo nuen. Harriturik sumatu nuen eguna bezalakoxe astun zela gaua.

        Basetxe prestuan, Funesen amak hartu ninduen.

        Esan zidan Ireneo barreneko gelan zela eta ez harritzeko ilunbean argirik ez bazen, zeren Ireneok ordu hilak kandela pizteke ematen baitzekien. Baldosazko patioa zeharkatu nuen, korridoretxoa; bigarren patiora iritsi nintzen. Mahatsare bat bazen; iluntasunari erabatekoa iritzi nion tenore hartan. Bat-batean, Ireneoren ahots gora burlaizetsua entzun nuen. Ahots hori latinez mintzo zen; ahots horrek (ilunbeltzetik etorki) laketasun patsadatsuz ziharduen hitzaldi edo otoitz edo aztiele bat esaten. Durundi ozenez bete zuten erromatar silabek lurrezko patioa; nire beldurrak antzemanezin, amaiezintzat zeuzkan; gero jakin nuen, gau hartako elkarrizketa eskergan, Naturalis historiaren zazpigarren liburuko hogeita laugarren kapituluko lehen paragrafoa osatzen zutela. Kapitulu horren gaia oroimena da; azken hitzak honakoak izan ziren: «ut nihil non iisdem verbis redderetur auditum».

        Ahotsa fitsik aldatzeke, pasatzeko esan zidan Ireneok. Oharkan zetzan, erretzen. Ez bide nion aurpegirik ikusi goiznabarrera arte; zigarroaren inar ilauna gogoratu uste dut. Ezkotasun usain gizi bat zuen gelak. Eseri, eta telegramaren eta aitaren gaixotasunaren historia errepikatu nuen.

        Nire kontakizunaren punturik zailenera iritsia naiz honenbestez. Ez du (egoki da irakurleak jakin dezan) beste argumenturik, duela mende erdiko elkarrizketa hori baizik. Ez naiz saiatuko haren hitzak zuzen aldatzen, berreskuraezinak baitira jadanik. Nahiago dut egiazkotasun zintzoz laburbildu Ireneok esan zizkidan gauza ugariak. Zehar-estiloa urrun eta ahula da; badakit nire kontaeraren eragingarritasuna sakrifikatzen ari naizela; imajina ditzatela nire irakurleek gau hartan hala larritu ninduten esaldi etenkatuak.

        Hasteko, Naturalis historiak jasotako oroimen miragarrizko kasuak enumeratu zituen, latinez eta espainieraz: Ziro, pertsiarren erregea, bere gudarosteetako soldadu guztiei zeini bere izenez deitzen baitzekien; Mitriades Eupator, bere Inperioko 22 hizkuntzetan ematen baitzituen auzi-ebazpenak; Simonides, mnemotekniaren asmatzailea; Metrodoro, behin bakarrik entzundakoa errepikatzeko artean trebe baitzen. Begien bistako fede onez harritu zen halako kasuak harrigarri gertatzeaz. Esan zidan, zaldiak irauli zuen arratsalde euritsu hartara arte, kristau guztiak direna izan zela: itsu bat, gor bat, burugaldu bat, oroimengabe bat. (Saiatu nintzen gogorarazten denbora zehatz atzemateko eta izen propioez oroitzeko gaitasun harrigarri hura; ez zidan jaramonik egin.) Hemeretzi urte bizi izan zen ametsetan dagoena bezala: ikusteke begiratzen zuen, entzuteke entzuten zuen, dena ahazten zuen, ia dena. Erortzean, konortea galdu zuen; seneratu zenean, orainaldia, hain aberats eta zehatz izatez, ia jasanezina zen, eta halaxe oroipenik aspaldikoen eta arruntenak ere. Handik gutxira jakin zuen elbarriturik zegoela. Ez zen askorik arduratu. Bere baitan argudiatu zuen (sentitu zuen) oso prezio merkea zela mugiezintasuna. Orain oharmena eta oroimena hutsik ere gabeak zituen.

        Guk, begi kolpe batez, mahai batean hiru kopa atzematen ditugu; Funesek, berriz, mahatsare bat osatzen duten aldaska eta mordo eta ale guztiak. Gogoan zituen 1882ko apirilaren 30eko egunsentiko laino australen formak, eta oroimenean pareka zitzakeen behin bakarrik ikusia zuen liburu baten larruzko azaleko zerroekin eta El Quebracho-ko ekintzaren bezperan Río Negro ibaian arraun batek altxatu zuen aparraren lerroekin. Oroitzapen horiek ez ziren sinpleak; ikus-irudi bakoitza giharren sentsazioekin, hotz-beroarenekin eta abarreki loturik zegoen. Amets guztiak berreraiki zitzakeen, ametsarte guztiak. Bizpahiru aldiz egun oso bat berreraiki zuen; inolako zalantzarik ez zuen izan, baina berreraikuntza bakoitzak egun oso bat hartu zion. Esan zidan: «Oroitzapen gehiago dut nik bakarrak, mundua mundu denetik gizon guztiek inoiz izan dituzketenak baino». Eta orobat: «Nire ametsak zuen beila bezalakoak dira». Eta orobat, goiznabar aldera: «Nire oroimena zabor hustegi bat bezalakoa duzu». Arbel batean marrazturiko zirkunferentzia bat, triangelu bat, erronbo bat, osoki hauteman ditzakegun formak dira; gauza bera gertatzen zitzaion Ireneori moxal baten zurda zirimolatsuekin, mendi erpin bateko ganadu puska batekin, su aldakorrarekin eta errauts kontaezinarekin, hilbeila luze batean hildakoak ageri dituen aurpegi anitzekin. Ez dakit zenbat izar ikusten zituen zeruan.

        Horiek oro esan zizkidan; ez orduan eta ez gero jarri ditut zalantzan. Garai hartan ez zen zinematograforik ez fonograforik; sinesteak lan du, ordea, nola gerta zitekeen inork esperimentu bat ez egitea Funesekin. Kontua da geroko utz daiteken guztia geroko utziz bizi garela; beharbada sakon-sakonean denok dakigu hilezkorrak garela eta noizbait gizon orok gauza guztiak egingo dituela eta dena jakingo duela.

        Funesen ahotsak, ilunbetik, hizketan jarraitzen zuen.

        Esan zidan 1886 aldera zenbatzeko sistema original bat asmatu zuela eta oso egun gutxitan hogeita lau milatik gora iritsi zela. Ez zuen idatzi, behin pentsatu eta ezin baitzitzaion gehiago burutik ezabatu. Hartarako jartzeko lehen kitzikagarria, ustez, hogeita hamahiru sortaldetarrak adierazteko hitz bakar bat eta zeinu bakar bat aski ez, eta bi zeinu eta beste hainbeste hitz erabili behar izatea izan zuen. Gero printzipio zuhurgabe hori gainerako zenbakiei aplikatuz joan zen. Zazpi mila eta hamahiruren ordez, «Máximo Pérez» zioen (esaterako); zazpi mila eta hamalauren ordez, «Burdinbidea»; beste zenbaki batzuk: «Luis Melián Lafinur», «Olimar», «sufrea», «bastoak», «balea», «gasa», «galdara», «Napoleon», Agustin Vedia-koa». Bostehunen ordez, «bederatzi» zioen. Hitz bakoitzak zeinu berezi bat zuen, ezaugarri moduko bat; azkenak oso konplikatuak ziren... Ni saiatu nintzen azaltzen loturarik gabeko berbazko rapsodia hura hain zuzen zenbatze-sistema baten kontrakoa zela. Esan nion 365 esanik hiru ehuneko, sei hamarreko eta bost unitate adierazten zirela; ez baita halako analisirik Timoteo Beltza edo okel puska «zenbaki»etan. Funesek ez zidan ulertu edo ez zidan ulertu nahi izan.

        Locke-k, XVII. mendean, hizkuntza ezinezko bat postulatu (eta gaitzetsi) zuen, zeinean gauza bakoitzari, harri bakoitzari, txori bakoitzari eta adar bakoitzari izen berezi bana egokituko baitzitzaion; Funesek burutan erabili zuen noizbait antzeko hizkuntza bat, baina orokorregi, anbiguoegi iruditurik baztertu zuen. Izan ere, Funesek ez zuen soilik mendi bakoitzeko zuhaitz bakoitzeko hosto bakoitza gogoratzen, baizik eta, orobat, hura ikusi nahiz imajinatu zuen aldi bakoitza ere. Deliberatu zuen bere iragan egun bakoitza hirurogeita hamar milaren bat oroipenetara laburtzea, eta gero oroipenok zifraz definitzea. Bi arrazoibidek kendu zioten asmoa burutik: lan hura amaiezina zatekeen, eta, bestetik, alferrikakoa. Heriotzako orduan artean ere ez zukeen burutu haurtzaroko oroipen guztien sailkapena.

        Aipatu ditudan bi egitasmoak (zenbakien serie naturalerako hiztegi infinitu bat, oroimeneko irudi guztiak gogoan hartuko zituen katalogo alferrikako bat) zentzugabeak dira, baina halako bikaintasun oraindik totel-antz baten adierazgarri ere badira. Hortik suma edo ondoriozta genezake, nolabait, Funesen mundu zorabiagarria. Funes, ez dezagun ahantz, ez zen gai ideia orokor, platonikorik, izateko. Ez zen bakarrik zakur sinbolo generikoak bere baitan hainbeste zerbanako hartzen zuelako ulertzea kosta izatea: gogaikarri zitzaion hirurak eta hamalauko zakurrak (profilez ikusia) eta hirurak eta laurdeneko zakurrak (aurrez ikusia) izen bera izatea. Ispiluko bere aurpegiak berak ere, bere eskuek berek ere, ustekabean harrapatzen zuten aldiro. Swift-ek kontatzen du Lilliput-eko enperadoreak minutu-orratzaren higidura bereizten zuela; Funesek etengabe bereizten zituen ustelduraren, hortz-txantxarren, nekearen aurrerapauso astitsuak. Heriotzaren, hezetasunaren aurrerapenak hautematen zituen. Mundu itxuranitz, aldibereko eta ia eraman ezineko punturaino zehatz baten soegile bakarti eta oroikuslea zen. Babiloniak, Londresek eta New York-ek distiramen ankerrez sustatu izan dute gizonen irudimena; inork ez du sentitu, ordea, haietako dorre jendetsu nahiz hiribide presatuetan, Hegoamerikako bere hiribazter txiroan Ireneo doakabeak, egunez eta gauez, atergabe jasan behar zuena bezain errealitate errendiezin baten bero eta presioa. Oso zaila zitzaion lo egitea. Lo egitea gogoa mundutik bestetaratzea da; Funesek, oharka gainean bizkar-etzanda, itzalpean, inguratzen zuten etxe zehatzetako arrakala eta moldura bakoitza irudikatzen zuen. (Berriro diot haren oroipenik ezdeusena zehatz-mehatz eta biziagoa zela guk gozamen nahiz tormentu fisiko batez dugun sentipena baino.) Ekialderantz, etxemultzoz antolatu gabeko tarte batean, baziren etxe berri batzuk, ezezagunak. Funesek beltz, trinko, ilunbe berdinez eginak irudikatzen zituen; alde hartara begira jartzen zuen aurpegia lo egiteko. Ibaiaren hondoan imajinatu ohi zuen bestetan bere burua, ur-lasterrak kulunkatu eta ezerezturik.

        Nekerik gabe ikasiak zituen ingelesa, frantsesa, portugesa, latina. Ez zen, ordea, beharbada, pentsatzeko oso gai. Pentsatzea diferentziak ahaztea da, orokorrera jotzea da, abstrakziora. Funesen mundu mukurrutuan ez zen xehetasunik baizik, xehetasun ia bereiztezinak.

        Goiztiriaren argitasun goganbehartsua sartu zen lurrezko patiotik.

        Orduan ikusi nuen gau osoan mintzatu zitzaidan ahotsaren aurpegia. Ireneok hemeretzi urte zituen; 1868an jaioa zen; brontzea bezalakoxe monumentala iruditu zitzaidan, Egipto baino antzinakoagoa, profeziak eta piramideak baino lehenagokoa. Pentsatu nuen nire hitz bakoitza (nire keinu bakoitza) sekulako gorderik geratu zela oroimen gupidagabe hartan; alferrikako zeinuak biderkatzeko beldurrak trabaturik nengoen.

        Ireneo Funes 1889an hil zen, biriketako odolkolpe batez.

 

1942

 

 

 

© Jorge Luis Borges

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"Jorge Luis Borges - Ipuin hautatuak" orrialde nagusia