Loteria Babilonian

 

        Babiloniako gizon guztiak bezala, prokonsul izan naiz; guztiak bezala, esklabo; ezagutu ditut orobat guztiahaltasuna, desohore eta iraina, kartzelak. Begirazue: ene eskuin eskuari hatz erakuslea falta zaio. Begirazue: kaparen tarratada horrek ene estomakan tatuaje gorrasta bat ikustera uzten du: bigarren ikurra da, Beth. Letra horrek, ilargi beteko gauetan, aginpidea ematen dit Ghimel marka daramaten gizonen gainean, baina Aleph-dunen mendeko bilakatzen nau, eta haiek, berriz, ilargirik gabeko gauetan Ghimel-dunei egin behar diete men. Argi azkorrian, soto batean, harri beltz baten aurrean lepoa egin diet zezen sakratuei. Ilargi urte bateko epean, ikusezin izendatu naute: oihu negien eta ez zidaten erantzuten, ogia ebasten nuen eta ez zidaten bururik mozten. Greziarrek ezagutzen ez dutena bizi izan dut: erabateko zalantza. Brontzezko ganbara batean, lepobihurritzailearen zapi isilaren aurrean, esperantza izan dut lagun; atseginen ibaian, izua. Heraklides Pontikok miretsirik kontatzen du Pitagoras oroit zela lehenago Pirro izana eta lehenago Euforbo eta lehenago beste gizaki hilkorren bat; halako bizi-gorabeherarik oroitzeko nik ez dut hil beharrik, ez eta itxura egin beharrik ere.

        Aniztasun ia pairaezin hori, beste errepublika batzuetan ezagutzen ez den edo, bestela, bete-betean eta agerian ez diharduen instituzio bati zor diot: loteria. Ez dut ikertu haren historia; badakit aztiek ez dutela lortu ados jartzerik; astrologian jantzia ez den gizonak ilargiaz dakikeena dakit nik loteriaren xede ahaltsuez. Zorabio biziko herrialde batekoa naiz, non loteria errealitatearen zati nagusi baita: egungo egunera arte, ez dut hartaz pentsatu, jainko igartezinen edo neure bihotzaren jokabideaz baino gehiagorik: hutsa. Orain, Babiloniatik eta hango aztura kuttunetatik urruti, nolabaiteko harriduraz gogoratzen ditut loteria eta ilunabarrean estalkien atzetik gordetzen diren gizonek murmurikatzen dituzten asmabide birao-gaiztoak.

        Ene aitak zioenez, antzina —mendeak, urteak atzera?— Babiloniako loteria herri xehearen jokoa zen. Kontatzen zuenez (ez dakit egiazki ari zen) bizarginek, kobrezko txanpon truke, ikurrez apainduriko hezurrezko edo pergamuzko laukiak ematen zituzten. Zozketa egiten zen, egun argiz: zortea alde zutenek, halabeharraren bestelako baiezpenik gabe, zilarrezko diru-pezak jasotzen zituzten. Prozedura elementala zen, ikus dezakezuenez.

        Pentsatzekoa denez, «loteria» horiek porrot egin zuten. Ez zuten eragin moralik batere. Ez zituzten kontuan hartzen gizonaren gaitasun guztiak: esperantza soilik. Jendearen arretaren eskasez, loteria salgarriok sortu zituzten merkatariak dirua galtzen hasi ziren. Norbaitek berrikuntza bat saiatu zuen: aldeko zenbakien erroldan aurkako zorte bakan batzuk tartekatzea. Berrikuntza horren bitartez, zenbakidun laukien erosleak patu bikoitz baten baitan geratzen ziren: diru puska bat irabazi edo isun bat ordaindu, ez nolanahikoa batzuetan. Arrisku txiki horrek (zorte oneko hogeita hamar zenbaki bakoitzeko, asturu gaitzeko bat zegoen), normala denez, jendearen interesa piztu zuen. Babiloniarrak jokora eman ziren. Zorte-txartelik hartzen ez zuena adoregabetzat jotzen zen, gixontzat. Denborarekin, gutxiespen justifikatu hori bikoiztu egin zen. Jokatzen ez zuenak ez ezik, isuna ordaintzen zuten galtzaileek ere jendearen erdeinua pairatzen zuten. Konpainiak (hala hasi zitzaion esaten) irabazleen interesak zaindu behar izan zituen, ezin baitzuten saririk kobratu noski kutxetan isunen dirutik ia-ia guztia falta bazen. Auzibidera eraman zituen galtzaileak: epaileak jatorrizko isuna eta auzi-kostuak ordaintzera kondenatu zituen, edo bestela egun batzuk kartzelan pasatzera. Denek aukeratu zuten kartzela, Konpainiari iruzur egiteko. Bakan batzuen erronka horretatik dator Konpainiaren guztiahalmena: haren balio eklesiastikoa, metafisikoa.

        Geroxeago, zozketa-ageriek ez zuten gehiago aipatu isunen zerrendarik, eta zorte gaiztoko zenbaki bakoitza zenbat atxilo-eguni zegokion ekartzen zuten besterik gabe. Hitzlaburtasun horrek, bere garaian ia inork erreparatu ez bazion ere, berebiziko garrantzia izan zuen. Diruarekin zerikusirik ez zuten elementuak agertzen ziren estreinakoz loterian. Arrakasta handia izan zuen. Jokalariek hala eskaturik, Konpainiak zorte gaiztoko zenbakiak gehitu egin behar izan zituen.

        Ez da ez dakienik Babiloniako populua logikaren —eta are simetriaren— oso zalea zela. Zentzuz kontrakoa zen zorionezko zenbakiak diru-txanpon biribiletan gauzatzea eta zoritxarrezkoak, berriz, kartzela egun eta gauetan. Moralista batzuek arrazoitu zuten diruen jabe izateak ez dakarrela beti zorionik eta beste ditxa modu batzuk zuzenagoak direla beharbada.

        Behe-auzunetan beste arrangura bat hedatzen ari zen. Apaiz-batzarreko kideek gero eta trabes sarriagoak eta handiagoak egiten zituzten eta ikararen eta itxaropenaren gorabehera guztiez gozatzen; behartsuek, berriz (zentzuzkoa edo ezinbestekoa zen bekaizgoz), zir-zart dudarik gabe atsegintsu horretatik bazterturik ikusten zuten beren burua. Pobre zein aberats, denek loterian esku hartze berdina izatea lortzeko irrika hain bidezkoak haserre biziko asaldamendu bat piztu zuen, urteen joanean oraindik ezabatzeke dirauena. Zenbait jende tematik ez zuen ulertu (edo ez ulertuarena egin zuen) ordena berri bat ernetzen ari zela, urrats historiko ezinbesteko bat... Esklabo batek txartel gorribizi bat lapurtu zuen, eta zozketak agindu zuen mihia erre ziezaiotela. Legediaren arabera, zigor hori bera zegokion txartel bat lapurtzen zuenari. Babiloniar batzuek argudiatzen zuten lapurra izateagatik merezi zuela zigorra; beste batzuek, berriz, bihotzberago, halabeharrak hala nahi izan zuelako erantsi behar ziola borreroak burdina goria... Izan zen liskarrik, izan zen odol isurtze tamalgarririk; babiloniar jendeak, ordea, bere gogoa nagusitzea lortu zuen, aberatsen oposizioaren kontra. Herriak bete-betean erdietsi zituen bere xede eskuzabalak. Lehenengo eta behin, botere publikoaren osotasuna bere gain hartzea lortu zuen. (Bateratze hori ezinbestekoa zen, operazio berrien zabaltasun eta konplexutasuna kontuan harturik.) Bigarrenik, loteria sekretua, doakoa eta orokorra izatea lortu zuen. Debekatu egin zen zorteak diru truke saltzea. Bel-en misterioen jabe egin orduko, gizon aske orok automatikoki hartzen zuen parte zozketa sakratuetan; zozketak jainkoaren labirintoetan egiten ziren, hirurogei gauz behin, eta hurrengo zozketaldira arteko haren patua erabakitzen zuten. Ondorioak kalkulaezinak ziren. Zorioneko jokaldi batek gizona aztien biltzarreko kidegora iristea ekar zezakeen, edo haren arerio bat (agerikoa nahiz ezkutukoa) kartzelaratzea, edo logelako ilunbe baketsuan topatzea aspaldi honetan egonezina sortzen digun emakume hori, edo berriro ikusterik espero ez genuen hura; zoritxarreko jokaldi batek, berriz: mutilazioa, askotariko bidegabekeria, heriotza. Zenbaitetan gertakari bakar bat —taberna batean C asasinaturik gertatzea, B misterioski loriaren gorenera iristea— hogeita hamar edo berrogei zozketaren soluzio jeniala zen. Jokaldiak konbinatzea zaila zen; baina kontuan hartu behar da Konpainiako kideak guztiahaldun eta artetsuak zirela. Kasu askotan, zorionbide batzuk halabehar hutsezkoak zirela jakiteak gutxiagotu egingo zuen haien indarra; eragozpen hori saihesteko, Konpainiako agenteak sugestioz eta magiaz baliatzen ziren. Haien pausoak, haien arteak, sekretuak ziren. Bat bederaren ezkutueneko esperantza eta ezkutueneko beldurren berri izateko, astrologoez eta barrendariez baliatzen ziren. Baziren harrizko lehoi batzuk toki jakin batean, bazen Qaphqa izeneko komunzulo sakratu bat, baziren arrakala batzuk akuedukto hautsez bete batean, uste orokorraren arabera Konpainiara ematen zutenak; pertsona gaizto nahiz onberek toki horietan uzten zituzten salaketak. Artxibo alfabetiko batera jasotzen ziren gero egiazkotasun finkagaitzeko berriok guztiok.

        Sinesgaitza bada ere, ez zen falta izan murmurikaziorik. Konpainiak, egoten jakite hori erakutsirik berriro, ez zuen zuzenean ihardetsi. Nahiago izan zuen orain izkribu sakratuetan bildurik dagoen argumentu labur bat zirrimarratzea kareta fabrika bateko hondakinen artean. Dotrina-pieza horren arabera, munduaren ordenan halabeharra tartean sartzea da loteria, eta errakuntzak onartzea ez da halabeharraren ideia ukatzea: hura baieztatzea da, hain zuzen. Aurrerago ohartarazten zuenez, lehoi haiek eta ontzi sakratu hark, Konpainiak baliogabetzat jotzen ez bazituen ere (ez zion uko egiten berri-iturri hura erabiltzeko eskubideari), berme ofizialik gabe funtzionatzen zuten.

        Adierazpen horrek jendearen arrangurak ematu zituen. Bestelako ondoriorik ere izan zuen, apika autoreak aurrez pentsatzen ez zuenik. Konpainiaren izpiritua eta haren operazioak sakonki aldatu zituen. Denbora gutxi gelditzen zait; ontzia abiatzekotan dela gaztigatzen digute; ahaleginduko naiz, hala ere, horren azalpena ematen.

        Sinesteak lan badu ere, inork ez zuen saiatu ordura arte jokoen teoria orokorrik. Babiloniarra ez da espekulazio zale. Halabeharraren ebazpenei men egiten die, bere bizitza ematen die, bere esperantza, bere izu guztizkoa, baina ez zaio bururatzen haren lege labirintoz beteak edo eta haren agerpide diren esfera itzulkariak ikertzerik. Dena den, aipatu dudan adierazpen ofizioso horrek lege eta matematika alorreko hainbat eztabaida eragin zuen. Eztabaida horietakoren batetik honako asmabide hau sortu zen: Halabeharraren areagotze bat baldin bada loteria, kosmosean kaosak aldizka txertatzen duen pizgarri halako bat, ez ote litzateke komeni halabeharrak zozketaren urrats guztietan parte hartzea eta ez bakar batean? Ez ote da irrigarria halabeharrak norbaiten heriotza ebatzi eta heriotza horren inguruko gorabeherak —zenbateraino isilpean gorde edo zabaldu, ordubeteko epea ala mende batekoa— ez egotea halabeharraren baitan? Hain bidezkoak diren kezka horiek munta handiko eraberritze bat eragin zuten azkenean, halako konplexutasunekoa (mendeetako ekimenak larriagotua) non aditu batzuek baizik ez duten bere osotasunean ulertzen. Saia nadin, haatik, modu sinbolikoz bada ere, hemen laburbiltzen.

        Imajina dezagun aurreneko zozketa bat, gizon baten heriotza ebazten duena. Hura eginbideratzeko beste zozketa bat egiten da, (adibidez) bederatzi hiltzaile posible proposatzen dituena. Haietatik lauk, borreroaren izena emango duen beste zozketa bati ekin diezaiokete, bik zoritxarreko aginduaren ordez zorioneko bat ezar dezakete (altxor baten aurkikuntza, adibidez), beste batek heriotza makurrago bat bereiziko dio (iraingarriagoa, alegia, edo torturaz ongi hornitua), beste batzuek, berriz, uko egin diezaiokete aginduari... Horra eskema sinbolikoa. Errealitatean zozketen kopurua infinitua da. Ezein erabaki ez da amaierakoa, denak abartzen dira bestetan. Ezjakinek uste dute zozketa infinituek denbora infinitua eskatzen dutela; berez aski da denbora infinituki azpizatikorra izatea, Apoarmatuarekiko Lehiaketaren parabola ospetsuak ongi erakusten duenez. Infinitutasun hori bat dator, guztiz modu harrigarrian etorri ere, Halabeharraren zenbaki zigizagatsuekin eta platonikoek gurtzen duten Loteriaren Arketipo Zerutiar delakoarekin... Gure errituen oihartzun itxuragalduren batek Tiber aldean atera bide du geroztik hotsik: Elle Lampridio-k, Antonino Heliogabalo-ren bizitzan, kontatzen du nola enperadore horrek maskorretan idazten zituen beren gonbidatuei opa zizkien zorteak, halako moldez non batek hamar libra urre jasotzen baitzuen eta beste batek, berriz, hamar euli, hamar muxar, hamar hartz. Zilegi da oroitaraztea Heliogabalo Asia Gutian hezi zela, jainko eponimoaren apaizen artean.

        Bada, bestetik, zozketa inpertsonalik ere, xede jakinik gabekorik: batek ebazten du Eufrates ibaiaren uretara Taprobanako zafiro bat bota dadila; beste batek, dorre baten gainetik txori bat jaregin dadila; beste batek, mendeoro hondartzako ezin konta ahal hondar aleetako bat ken dadila (edo gehitu). Ondorioak, batzuetan, ikaragarriak dira.

        Konpainiaren eragin ongilearen pean, gure ohiturak halabeharrez josirik daude. Dozena bat anfora damasko-ardo erosi duena ez da harrituko haietako baten barruan talisman bat edo sugegorri bat topatzen badu; kontratu bat idazten duen eskribauak beti edo gehienetan tartekatuko du datu faltsuren bat; neronek ere, presaka egindako adierazpen honetan, egiaz beste asmatu dut bikaintasunen bat, izugarrikeriaren bat. Baita, apika, monotonia misteriotsuren bat... Gure historialariek, ludi osoko erneenak baitira, halabeharra zuzentzeko metodo bat asmatu dute; metodo horren operazioak (oro har) fidagarriak omen dira; ez dira, hala ere, jakina, nolabaiteko tronpagarririk gabe zabaltzen. Bestetik, ez da ezer fikzioz kutsatuagorik Konpainiaren historia baino... Tenplu batean aurkitutako dokumentu paleografiko bat atzoko zozketaren emaitza izan daiteke, edo mendeen mendeetako batena. Ez da libururik argitaratzen ale bakoitzetik bestera nolabaiteko alderik ez duenik. Eskribek isilpeko zina egiten dute gauzak kendu, tartekatu, aldatzeko. Zeharkako gezurra ere baliatzen da.

        Konpainiak, jainkozko apaltasunez, saihets egiten dio iragarkunde orori. Haren agenteak, normala denez, sekretuak dira; behin eta berriro (akaso etengabe) lauhaizetaratzen dituen aginduak ez dira bereizten faltsariek barra-barra zabaltzen dituztenetatik. Eta artean, nork esan lezake zalantza izpirik gabe bera faltsari hutsa dela? Hordia, zentzurik gabeko agindu bat inprobisatzen duelarik; ameslea, bat-batean esnatu eta beraren ondoan lo datzan emakumea bere eskuz itotzen duelarik; ez dira, menturaz, Konpainiaren erabaki sekretu bat gauzatzen ari? Jainkoarenarekin pareka litekeen funtzionatzeko modu isil horrek era guztietako asmabideak eragiten ditu. Asmabide horietako batek higuingarriro iradokitzen du mendeak direla dagoeneko Konpainia existitzen ez dela, eta gure bizitzen desordena sakratua soil-soilik ondoretasunezkoa dela, tradiziozkoa; beste batek, berriz, eternaltzat jotzen du eta azken gauera arte iraungo duela diosku, azken jainkoak mundua ezerezta dezan arte. Beste batek dio Konpainia guztiahalduna dela, baina gauza nimiñoetan baizik ez duela eragiten: txori baten garrasian, herdoilaren eta hautsaren ñabarduretan, egunsentiko ametsarteetan. Beste batek, heresiarka mozorrotuen ahoz, ez dela sekula existitu ez existituko. Hura bezain zitala den beste batek, berriz, arrazoitzen du berdin dela erakunde ilun horren izatea baieztea zein ukatzea, Babilonia ez baita halabehar-joko infinitu bat baizik.

 

1941

 

 

 

© Jorge Luis Borges

© itzulpenarena: Juan Garzia

 

 

"Jorge Luis Borges - Ipuin hautatuak" orrialde nagusia