Hitzaurrea

Borges eta gu

 

        Jorge Luis Borges Acevedo 1899ko abuztuaren 24an munduratu zen, Buenos Airesko Palermo auzoan. Han jaio eta Genevan hazi; ez zen, ordea, inon ugaldu, ispiluetan eta liburuetan izan ezik. Hil ote zen ere dudan jar liteke; areago esango genuke begi itsuak oztopo ez diren labirinto bakarrean galdu zela... (Sciascia-k behinola idatzi zuenez, sekula bizi izan ote den ere aski zalantzagarria da: Bioy Casares-en asmazio hutsa omen da guztia...)

        Garbi dago: Borgesek ez du biografiarik onartzen. Horren argibiderik lehen eskukoena bilduma honetako Borges eta ni aitortza-apunte, hausnarketa bio-metafisiko, poema hitz-lauzko edo dena delakoan aurki daiteke (eta horren ukapena, berriz, Epilogoan). Saiatu, saiatu izan da bat baino gehiago (besteak beste, biografia psiko-literario bat ere aipa liteke, bestela ere J. L. B.en gauzen biltzailerik behinena den idazle batek egina: E. Rodríguez Monegal), baina Borges ez da pertsona bat, ez eta pertsonaia bat ere, literatur kategoria bat baizik, edo, akaso berak guztiz begi onez ikusiko ez lukeen tropo topiko batez esateko, literatura bat (idazlearen inpertsonaltasuna aldezten baitzuen, bat zen harentzat Literatura). Borgesen Obra Osoak liburu sortaren sarreran P. Gimferrer-ek argi dio: «Idazle orok jotzen dugu Borges izatera».

        Homero, Dante, Shakespeare, Cervantes, Flaubert, Proust, Joyce, Kafka... Borges. Badirudi literatur zerura iristeak berekin dakarrela ordainezko penitentzia. Izan ere, nork irakurtzen ditu horien obrak? Zertarako irakurri, gainera, airean baitago haien izpiritua? Irakurri gabe ezagutzen ditugu, noski, eta hala gertatzen zaigu gero harriturik geratzea, esate baterako, Kunderak, testuetatik, Kafka umorista bikaina zela oroit-edo ikasarazten digunean. Alegia, Borgesek berak Menarden Kixotearen hizpidetik esana: «Ez ulertua izateko modu bat da loria, menturaz okerrena».

        Egile zaharrenek, edo akaso denborak berak, lortu dute nolabaiteko distantzia bat ezartzea, eta ez dirudi haien izena lardaska dezakeenik «homeriko», «dantesko» eta halako adjektiboen erabilerak. Zer da, ordea, «proustianoa»?: norbaiti magdalena baten usainak gaztetako hondartzako kutixi-txosna bat gogora ekartzea noski. Eta zer adierazi nahi digu «egoera kafkiano» bat bizi izan duela dioskunak?: haren errenta-aitorpenaren paperak bizpahiru egunez galdutzat eman dituztela, ziur aski. Eta zer esan nahi dute literatur iruzkinlariek, ia hutsik gabe ohi dutenez, hau edo bestea «borgianoa» dela diotenean?: bada, arrazoibidearen eta irudimenaren jolasez gauzatua dela, edo —hitzhutskeria baitu askok baliabiderik eskurakoena— literarioa dela, besterik gabe. Estereotipoak eragindako zentzu-galtzeaz gainera, beste tautologia oso borgiano bat gertatzen da, ordea: Borgesetik aurrera, ia edozer baita —edo bilaka baitaiteke— literatura; norberarengandik hasi eta azken entelekiaraino.

        Orokorkeria eta tautologioi itzurtzeko, beraz, hel diezaiogun obrari.

        Bilduma honetan, ipuinak ardatz, Borgesen prosalanaren erakusketa zabal bat osatu nahi izan da. Irakurlearen gaztigu den atariko artikulu horretatik hasi eta epilogo koxkorreraino, azkenean, duda-muda eta atzera-aurrera askoren buruan, hasierako logika sinplea nagusitu da: ordenamendu zintzo-zintzo kronologikoa, alegia. Adierazgarria zen, ustez, urtez urteko bilakaera, eta lanez laneko hurrenkera berezkoak ere ez dio, aitzitik baizik, inolako kalterik egiten bildumari.

        Kanpoan gelditu diren ale batzuk aise kabi litezke antologiarik hertsienean ere, baina bildu direnen merezimendua, behintzat, nekez jar liteke auzitan. Albo-arrazoi batzuk aipatu nahi ditut, hala ere, zuribide bainoago, bazterketarik nabarmenenetarako erabili den irizpidearen argibidetzat:

        a) Txoko-hizkera itxienean oinarriturikoak alde batera uztea («Kalekantoi arrosakoloreko gizona»...)

        b) Kronologikoki ipuin-familia bateko lehena denaren partez («Tlön, Uqbar, Orbis Tertius»...), jite bereko alerik umotuenei uztea lekua.

        c) Ipuin tonu orokorra eten zezakeen saiakerarik ez sartzea («Denboraren errefusapen berri bat»...)

        d) Oro har, oso antzekoen errepikapena saihestea.

        Horrenbestez, labanen eta gainerako altzairu zorrotzen inguruko ipuinen eskasia nabari lezake, akaso, Borgesenera ohituriko begi zoliak. Horretan —eta beharbada bestetan; ez naiz lotsa aitortzeko— aipatu irizpideez gainera, gustu pertsonalek ere badukete zerikusirik (Gerardo Markuleta eta biok gara aukeraketaren errudun).

        Borgesen ipuinen sailkapen baterako, bibliografia oparoa dabil (ipuin hitza bete-betea da hor: Borgesenak genero narratiboko beste mota batzuen antipodetan daude; nobelarenetan, adibidez; tradizioz narratibotzat jo izan ez diren beste genero batzuekiko muga da, izatekotan, zenbaitetan hain zehatza ez dena: saiakera, poesia...). Bereziki interesgarri deritzot, azken orduko azterketen artean, (eta ez soilik sailkapenarengatik berarengatik) M. Yourcenar-en «Borges ou le voyant» izenburuko hitzaldi-artikuluari (in En pèlerin et en étranger). Aski izan bekit hemen neure kabuz hari batzuk seinalatzea, nolabaitkeria gordinean erortzeko arrisku eta guzti (Borgesenean agertzen ez diren gaien zerrenda ere era berean esanguratsua litzateke).

        Borges metafisiko-teologikoa (metaliterarioa?: «Teologia eta filosofia literatura fantastikoaren bi mota dira»). Jolas (gaizto?) nahiz amets (zoro?) bihurtzen edo dira jainkoa (edozein jainko) eta haren atributurik sakratuenak; batez ere, denbora (zirkularra). «Infinitu» hitza litzateke leit-motiv: «Babelgo liburutegia», «Funes», «Aleph-a», «Hareazko liburua»... (Arrazoiaren amespideak munstroak sortzen ditu noski, baina jolas kontsolagarriak dira horiek munduaren itzulezintasunaren aldean: «Mundua, tamalez, erreala da; ni, tamalez, Borges naiz.») Fantastikotasun hutsak, hala ere, ez du ia lekurik. Irudimenak har ditzakeen bi bideetatik, Borgesek ez du aukeratzen beste mundu batzuk asmatzearena (merkeegi iritziko lioke, edo debaldekoa akaso), mundu honexen xehetasunik arruntenetan datzan harrigarritasun errendiezina agerraraztearena baizik.

        Ispiluak: «Traidorearen eta heroiaren gaia», «Teologoak», «Pierre Menard»... Labirintoak: «Banatuz doazen bidexken jardina», «Babelgo Liburutegia»... Palinpsestoak: «Traidorearen eta heroiaren gaia», «Gizon hilezkorra»... (Artifizio horiek bezala, errepikapenera kondenaturik gaude aipamenetan ere.)

        Erakunde-edo baten haritik konspirazio unibertsal bat ad absurdum garatzen duten argumentuak: «Babiloniako loteria», «Biltzarra»...

        Epikaren nostalgia moduko bati dagozkionak: «Historiaren lotsa-begiramena» (artikulu petoa, ipuina barnean duela), «Hengist-ek gizonak nahi ditu»... eta, akaso nostalgia horren zentzagarri krudel eta guzti: «Hegoa» (Kontuz, irakurle, ez dut inor ezagutzen lehen irakurketan tronpatu ez denik...). Horrekin estu loturik, patuaren ezinbestekotasunaren inguruan diharduten beste batzuk ere aipa litezke: «Emma Zunz», «Markosen araberako ebanjelioa»... («Anaiartean arrotz» [La intrusa] ere emateko asmoa genuen, baina egileak berak arbuiatu du ipuintxo hori, gaztigua helarazi zaigunez, bere obra behin-betikotik.)

        Honezkero etsita gaude noski sailkapenaren mugaz eta sailkatu beharren muga garbirik ezaz, gorago biografiaz bezalatsu. Tema zahar batek garamatza, ordea, nolabaiteko estilo-ezaugarri batzuk ezartzeko lan ez batere errazagora, barra-barra dabiltzan bizpahiru hitz fetitxeren jorraketatik abiaturik.

        Ironia eta anbiguitatea. Borgesen ironia ez datza bakarrik idazketa eta keinuetan, baizik eta piezen osotasunean bertan ere. Gordinen dirudienean ere («Aleph-a»ko poetakiloaren erretratuan, esate baterako) anbiguoagoa bihur daiteke halako batean (berak aurkitu du Aleph-a) eta gero, berriz... (zer da aurkikuntza hori?: ero baten irudikeria xelebrea?, ala...) Batekoz beste ere, kosmogoniarik sendoena edo hausnarketarik serioena dirudiena noiznahi bilaka dakiguke boutade edo adarjotze susmo, eta gero, berriz... Hondorik gabea baldin bada sakonen, halakoxea da Borges. (Irakurle sinesgogorrak, egin dezala aproba, esate baterako, «Argumentum ornithologicum» llabur horrekin: nik neuk, oraindik ere, «ergo bada Jainkorik» amaitu ordez «ergo ez da Jainkorik» amaituko balitz, ez nioke bere horretan logika faltarik sumatuko...)

        Seinalatu dugun anbiguotasun horrek ez du eragozten, ordea, idazkeraren zehaztasuna; aitzitik, polaritate horretan oinarritzen dela esango nuke Borgesen estiloa: testu milimetroraino zehatz-zuzenak, aldi berean, zeharkako iradokizunak eta mugarik gabeko ulerbideak ernaltzen ditu nonahi. (Horratx, derragun bidenabar, hainbat arazo tekniko arruntagoz gainera, itzulpen honen zailtasunik funtsezkoena: nola lortu testuarekiko zintzotasun literala, iradokizun sare hori zapuzteke? Barkatuko ahal dizkit Borgesek, bere zeru-infernu zirkularretik, nire oker infinituak; berak esana da itzulpen batzuk ez direla posible «literatura baten ondoren» baizik.)

        Barrokismoa. Mintza bedi Borges bera, eta aski izango ahal da:

        «Bere ahalbideak ahitzen dituen (edo ahitu nahi dituen) eta bere karikaturaren mugan dagoen estiloa da, nire ustez, barrokoa [...] nik esango nuke arte ororen azken urratsa dela barrokoa, arte horrek bere baliabideak nabarmen erakutsi eta xahutzen dituen tenorea. Barrokismoa intelektuala da eta Bernard Shaw-ek dio eginkizun intelektual oro umoristikoa dela.»

        Klasikotasuna. Gutxigorabeherakeria buruazkartasuntzat pasatzen den garai pirotekniko honetan, barrokismoa eta klasikotasuna, biak batera egozten zaizkio Borgesi. Gaizki definituriko (edo batere definitu gabeko) kontzeptuz mintzatzen trebe bezain lotsagabe gara. Nik, hitza zentzu guztiz hutsal edo bortxatu batean erabili nahi ez bada bederen, klasikoen —beraren klasikoen— nostalgiatzat ulertu behar dela uste dut Borgesen klasikotasuna: klasikozaletasuntzat, alegia. (Picasso batena bezala, esate baterako; eta ez da paralelismo bakarra...)

        Zer, beraz? Gimferrer-en arabera, Borgesen zinezko iraultza eta haren meriturik handiena hizkuntzan datza (garbi dago tradizio bat sortu egin zuela, alde horretatik ere): nola ote liteke, baina, eder-bikaina hitza, bere adieraziaz aparte?

        Beste muturretik, Freud eta Marxen —mende honetako literatur kritikaririk eragingarrien horien— jarraitzaile eta ondorengoei jaramon egitera, ezer ez da azaleko itxuraz dirudiena: Borgesenean ere, oro bide da —hutsa bera ere barne— beste zerbaiten sinbolo edo isla. Zerena, ordea? Ilunak ilun eta sakonak sakon, transzendentzia batek, logikari men egitera, bera transzendituko duen beste transzendentzia bat eskatuko luke, eta hala, azkenik gabe, Tomas Akinokoak silogismo jainkotarrez ukatu nahi zuen hondogabetasun kosmikoraino...

        Alfer-gurpil behin eta berrirokoan itzulika gabiltza, horra, ostera ere, temati, gau-tximeleta argiak liluratua nola: Borgesek bizi gaitu, erremediorik gabe (izan, tamalez gu geu gara: erremediorik gabe, hori ere).

 

 

Eta hitzaurre ondokoa

 

        Aurreko iruzkin-modu koldarra burutu eta gero, antologia hau inprimatzera eman aurretixe, beste koldarkeria akaso larriago batek narama zintzo izatera. Aipatu dut, lapidariotasunaren abantailetan babesturik, interesgarri litzatekeela Borgesenetan ageri ez diren gaien zerrenda egitea. Kasu guztietan litzateke, noski, egin beharrekoa inbentario negatibo hori... Ez da egia osoa, haatik, nik buruan nituen gaiok batere ageri ez direlako hori. Puntualki nahiz zeharka, bada haien aipamenik. Aipu-ehiztariaren lanak literaturaren depredazio alferrikakora ohi darama, ordea, eta nire asmoa oso bestelakoa da: frogatu edo nahi nuke ezen ageri ez diren horiek, ageri ez den gai horixe dela, hain zuzen, Borgesen Gaia.

        Ez dago itzulinguruetarako eta ñabardura kikiletarako leku-astirik. Borgesen barne-barneko gai barne-barnekoa maitasuna da; zehazkiago esanda, amodioa. Bere bihotzminak konjuratzeko entretenitzen zen halako gogojolas malenkonikoetan. Gogo txarrez makurtzen naiz frogabideetara:

        Borgesen abecedarioa egingo balitz, B letraz hasiko litzateke: Babelgo Liburutegitik, hain zuzen. Ipuin horren sujeta zein den epigrafeak adierazten digu nabarmen: «The Anatomy of Melancholy», Malenkoniaren Anatomia. Unibertsoa (beraren metafora anitzetan) malenkoniazko gogoetagai zaio Borgesi, eta espazioaren eta denboraren masokismo ludiko halako bat lantzen du, tximeleta disekatuen gisa ezarriz tarteka paperean bere bizipen arruntak, bere bizipen bakarrak.

        (Borgesen beraren testigantza aski ez bada, hona Leopardiren pentsamenduetariko bat, metafisikaren eta malenkoniaren arteko ezkontza horretaz, balorazio —interesatu— eta guzti:

        «Lurreko ezein gauzaz ezin askietsirik geratzea, ez eta, nolabait esatearren, lur osoaz ere; espazioaren zabaltasun kalkulaezinari so egin, munduen kopuru eta izari harrigarriari, eta norberaren arimaren gaitasunarentzat guztia ere gutxi eta txiki dela sentitzea; munduen kopurua infinitu irudikatu eta unibertsoa infinitu, eta hala ere gure arima eta gure desira halako unibertsoa baino are handiagoak diratekeela sentitzea; aski-eztasuna eta deuseztasuna leporatzea beti ere gauzei, eta gabezia eta hutsa sentitzea, eta horrez gainera asperdura, hori iruditzen zait niri giza izatean aurki daitekeen bikaintasun- eta noblezia-seinalerik handiena.»)

        Mundua gauza beti guztiz harrigarri zaio, ezinbestean, amodioaren malenkoniak jotakoari, zeren, unibertsoa osorik ikusteko amets ezinezkoa gauzatuko balitzaio ere, bere baitarekiko arrotz sentituko bailuke: Aleph-a ikusteko aukera duen narratzaile maiteminduak —Borges izenekoa bera— harriturik eta mindurik dakusa nola munduak soraio dirauen, bere aldabide etengabean, Beatriz Viterboren heriotzaren aurrean, eta «banitate malenkoniatsuz» erabakitzen du berak bere hartan eutsiko diola, sekula aldatzeke, munduaren aldakuntza aldagaitzaren mendekuz.

        Beatriz horren deitura danteskoak kizkur bat eginarazten dio gure azalpenen hariari: Borgesek berak agertu zigun Danteren poema guztizkoaren gaia ez dela soilik erlijioa. Edo ez dela batez ere erlijioa. Non eta Jainkoaren izena ere ez den hasten B letraz: Beatrice.

        Beste Beatriz batzuk ere ageri dira Borgesen aipu-eskaintzetan (ez beti Beatriz izenez). Subjektu lirikoaren eta hizkuntz aldakuntzaren herabe-estalkiaren atzetik aski nabari, esaterako, «Two English Poems» direlakoetan, «Beatriz Bibiloni» delako bati eskainiak: «Eskaintzen dizut zernahi ere nire liburuek eduki dezaketen [...] Eskaintzen dizut zeuri buruzko azalpenik, zeure inguruan antolaturiko teoriarik, ustegabeko zeure berri jatorrik. / Eman niezazuke neure bakardadea, neure iluntasuna, neure bihotzaren gosea». Aipuak, bere laburrean, nabarmen ageri du, bestetik, pieza osoaren letania kutsua.

        Beatriz, beraz. Btik Ara berriro. Beatriz Viterbo-ren lehengusuak eredutzen du Aleph-aren —unibertsoaren— aurrean Borgesek ikusten zuen beste aukera: luze-zabal deskribatzen saiatzea infinitua. Carlos Argentino Daneri, bere zoro-morokeria pendante eta guzti, ez da mundua letraz harrapatu nahi duen gizagaixoa baino. Borgesek, berriz, hasierako epigrafetik adierazi digu: «Denbora Presentearen Geldi-egotea da Eternitatea» eta «intxaur oskol baten barrura mugaturik ere, espazio infinituaren Errege» izan gaitezke. Aipuetako bat ez da alferrik Shakespeare-rena: hura ere Denbora konjuratzen ibili zen, maite argi-ilun baten maitez.

        «Biltzarra»n ere, Beatriz bat da narratzailearen jainkosa. (Irakurri, bide batez, maitaleen topaketaren deskribapen ezinago lirikoa, ipuin berean.)

        Malenkoniatsuak, beraz, non eta ez dion gogor egiten bere joera berezkoari, ezdeustzat du ekintza, milioika ekintzak ez baidezakete fitsik ere alda unibertsoa: «Y la inacción dejé, que es la cordura» (El Golem). Legea erabatekoa da, bai poema horretan eta bai ondoko honetan, Jainkoa bera ere harrapaturik baitago bere ekintzan: «En el centro puntual de la maraña / Hay otro prisionero, Dios, la Araña.»

        Zer egin, bada, giza-euliok, Amaraun ezinbestekoan galdu arte? Dena alferrik dela dakigunean bakarrik dukegu nahi duguna egiteko askatasun tristea. Borgesek bere miseria pertsonalak literaturari eman zizkion, giza-miseriaren kronika horri. Sublimetasun inozoaren kontrako borrokan sublimatu zuen bere malenkonia, gurea:

 

                «eta ez ikusi izana ezer edo ia ezer

                ez bada Buenos Aireseko neska baten begitartea

                nik oroitzerik nahi ez duen begitarte bat.

                Oh Borgesen patua, akaso ez zurea baino harrigarriagoa.» (Elegía)

 

        Edo, handik ez urruti:

 

                «nire patua, egonezinez, maitasunez eta
                gorabehera hutsalez egina» (A una moneda)

 

        Edo 1964 izenburuko poema bikion puskok:

 

                «Ya no es mágico el mundo. Te han dejado

                [...]

                Un símbolo, una rosa, te desgarra

                Y te puede matar una gitarra.»

                «Ya no seré feliz. Tal vez no importa.

                Hay tantas otras cosas en el mundo;

                Un instante cualquiera es más profundo

                Y diverso que el mar. La vida es corta

                Y aunque las horas son tan largas, una

                Oscura maravilla nos acecha,

                La muerte, ese otro mar, esa otra flecha

                Que nos libra del sol y de la luna

                Y del amor. La dicha que me diste

                Y me quitaste debe ser borrada;

                Lo que era todo tiene que ser nada.

                Sólo me queda el goce de estar triste,

                Esa vana costumbre que me inclina

                Al Sur, a cierta puerta, a cierta esquina.»

 

        Sublimazioak sublimazio, munduaren errefusapen zahar nahiz berriak saiaturik ere, amodioaren malenkoniak joak ez du, haatik, bere gogoa jolasik labirintikoenetan ere ahazten, zeren ahaztu nahi hori ere, sentimentuak ohi direnez, kontraesantsua baita errotik: «Sólo una cosa no hay. Es el olvido.» (Everness); «Sé que una cosa no hay. Es el olvido.» (Ewigkeit). (Ahantzi nahi duenak oroit du, dio esaera zaharrak, eta emendakin bat ere egin dakioke: Ahantzi behar lukeena oroitu nahi du.)

        Horregatik, arrazoiak «ez baitio utziko labirintoaren plano bat amesteari» (Otro poema de los dones), azkenean beraren aurpegia marraztuko duten ibilgoak trazatzeari emana dago Borges, eta berak eraikitako hiri ezagun zein asmabidezkoak beraren bizipenak ditu adreilu eta harlauza:

 

                «Y la ciudad, ahora, es como un plano

                De mis humillaciones y fracasos.» (Buenos Aires)

 

        Badaezpada ere, garbi utz dezagun ez dela porrotaren hori jarrera erretoriko hutsa, zeren bere bizitza letrazkoa beste bizitza menturazko bat ez bizi izatearen truke bizi izan duela sentitzen baitu Borgesek, soneto puskotan irakur daitekeenez:

 

                «He cometido el peor de los pecados

                Que un hombre puede cometer. No he sido

                Feliz. [...]

                Mis padres me engendraron para el juego

                Arriesgado y hermoso de la vida.

                [...] Mi mente

                Se aplicó a las simétricas porfías

                Del arte, que entreteje naderías.

                [...]

                No me abandona. Siempre está a mi lado

                La sombra de haber sido un desdichado.» (El remordimiento)

 

        Izan ere, zer izan liteke, bestela, odoletik tintara isurtzen dena, nola edo halako autobiografia bat ez bada? Nork xahutuko luke, munduaren huskeria eta bere miseria ikusirik, bere denbora —bera den denbora—, bere-bere —bera— ez diren hitzjolasetan? Halabeharrez, ezinbestez, munduak emandako milaka gogoetagaien gain nahiz azpitik, norberaren nahi eta ezinak gailentzen dira. Borges maitemin-sentiberarentzat, munduaren zentzugabekeria eta ezbide guztiak baino nahigabe handiagoa zen, agi danean, amodioaren porrota. Horrek ere bere arrazoia duke, eta ez soilik bihotzarena: izan ere, unibertsoa aldatzea ezinezkoa —eta alferrikakoa— bada ere, denboraren heriotzaranzko martxa gelditzerik ez badago ere, bestela gerta zitekeen «Matilde Urbach beraren besoetan zorabiatzen sentitzeko aukera izan ez zuen gizona»; eta horrexek ematen erraietan min: izan zitekeelarik izan ez denak:

 

                «Zer ez nuke emango zuk inoiz

                maite ninduzula esan

                eta nik, urraturik, zoriontsu,

                goizargira arte lo egin ez izana

                oroitu ahal izatearen truk.»

                        (Elegía del recuerdo imposible)

 

        Halako malenkoniaz bete zituen Borgesek bere gau luzeak asmazio harrigarriz. Gau Luze da, ordea, eta bakar, guztion gaua, eta gure malenkoniek ere ezinezko ahanztura eta emadura bilatzen dute balirako unibertso horien ametsean.

 

Juan Garzia Garmendia

 

 

 

© Juan Garzia

 

 

"Jorge Luis Borges - Ipuin hautatuak" orrialde nagusia