OHARRAK

 

        [Gassalasca Jape] A. Biercek erabili zituen goitizenetako bat. «Jape»-k «adarra jo» esan nahi du. 1881ean agertu zen lehenengoz izengoti hau Deabruaren Hiztegia-n eta Biercek orduan «Gassalaska Jape» San Diablo Misioko apaiz-poeta gisa aurkeztu zuen.

        [Abdikazio] Espainiako Isabel II.a (1830-1904) aipatzen da bertso hauetan, bere anaia Alfontso XII.ari utzi baitzion erregetza 1870ean.

        [Abertzaletasun] Johnsonek zehazki «abertzaletasuna alprojaren azken babeslekua» dela esaten du. Komentarioa Boswell-en Life of Johnson-etik hartua da.

        [Abracadabra] Gaitzak eta hondamenak uxatzeko arao hitza; hizkera ulertezina. Jamrach Holobom A. Biercek askotan erabilitako beste ezizen bat da.

        [Adimen] AB-k Mens [sibi] conscia recti, esapidea erabiliz egin du hitz jokoa (Virgilioren Eneida I, 604-tik hartua. Hemen beste bide batetik jo da.

        [Akademia] Platonek (k.a.) 387. urtean sortutako ikastegia. Atenas ondoko jardin batean biltzen ziren Platonen ikasleak. Lur zati hori Troiako gerrako Akademos heroiarena izan omen zen.

        [Alarguntsa] Jesukristok kontatutako zenbait parabolatan alarguntsak hobeki tratatuak ziren aberats eta ahaltsuak baino. Alarguntsak AB-ren Alegietan maiz agertzen dira.

        [Aldendu] AB-k Eleanor (Vore) Sickler andreari egindako gutun batean hau zioen: «Beti interesgarria iruditu zatzaizkit, nahiz eta nire esaera kuttunena: "Urrun den emakumea, emakume hila" izan den.»

        [Aligatore] Sawrian (=saurian) Biercek behin baino gehiagotan egindako hitz jokoa. Hemen «zaurio» hitzaren bidez parekotasuna bilatuz eman da.

        [Allah] Laukoa Omar Khayyamen Rubaiyyat-eko ereduaren arabera egina da.

        [Apaiztiar] Apaiztiar edo apaiz-zale berezko zentzuan honako doktrina honen aldekoa da: Eliza kristauan badela ordena sakratuen sakramentu bat edo apaizgoa, sakrifizio eginkizunak eta naturazgaindiko ahalmenak berekin dituena.

        [Apetitu] Apostoluen egintzak, Tesalonikarrei egindako epistolaren zehar-aipamena. «Zuekin egon ginenean, arau hau eman genizuen: lanik egin nahi ez duenak, ez dezala jan».

        [Arenga] AB-ek bere etsai zenbaiti «harengoutan» deitu zien bere zutabeetan.

        [Argot] AB-k beti gogor egin zion argota eta dialektu-hizkera literaturan erabiltzeari.

        [Armoniazaleak] Sekta protestante komunitarista baten jarraitzaileak. George Rapp Würtenburgekoak sortua, Estatu Batuetara 1803an joan zen, eta Harmony hiria fundatu zuen (Pennsylvania). Hortik datorkie izena.

        [Arrabio] Arrabioa Greziako folklorean sutan hazten zen, bere gorputzaren hotzari esker erre gabe. Kristauek sineste hori egokitu zuten eta arrabioa haragiaren grinen sinbolotzat hartu zuten.

        [Arrakasta] John Alexander Joyce (1842-1915) poeta zen. Shakespeare, Poe eta beste zenbaiten biografiak ere idatzi zituen. Ez zen AB-ren oso gustukoa.

        [Arroz-ur] AB-k zeharka adierazten du nobelagile eta poeta herrikoiek emaitza txaldan eta epelak lortzen zituztela; elementu pseudokimikoek «kamustasun», eta «loeragile» adierazten dute.

        [Artseniko] intsektizidetan erabiltzen den pozoi hilgarria da. Emakumeek garai batean oso dosi txikietan hartzen zuten, larruazal zuria estimatua zenean, horretarako balio zuela uste baitzen. Dosi handiegiak, ordea, zuriegi uzteko arriskua ere bazuen.

        [Askatasun] Thaddeus Kosciusko (1746-1817) jeneral poloniarra, Amerikako Iraultzan koloniei lagundu ziena, baina 1794an errusiar eta prusiarren aurka porrot egin zuena.

        [Asmatzaile] AB-rentzat aurrerapen teknologikoa eta zibilizazioa bi gauza ziren.

        [Aspertze] AB-k hitz jokoa egiteko Te Deum laudamus himno kristauarekin egiten du hitz jokoa; taedere latinez aspertzea baita. Hemen beste bide batetik egin da hitz jokoa. Asperges-en bitartez, izipoarekin ur bedeinkatua botatzean egiten zen otoitz bat, esanahiaz zerikusirik ez duena aspertzearekin. AB-ren hitz jokoak bezala, bestalde.

        [Asto] Ambrosius Theodosius Macrobius antzinako filosofo eta kritikari bat izan zen, Saturnalia obra dela-eta ezaguna. Ramasilus eta Stantatus fikziozkoak dira.

        [Atalkako Eleberri] James M. Bowman The Island Home; or, The Young Gastaways (1852) obraren egilea.

        [Atsekabe] Hitz jokoa: «another and better world» = zerua/ «another and bitter world» = infernua.

        [Atsotitz] AB-k alegia sail bat idatzi zuen Erran-zahar hortz-berrituak izenburua zuena. Ikus horietako batzuk «erran-zahar» sarreran.

        [Atzapar] AB-ren txantxetako izen taxonomikoak, Palma hominis, «gizakiaren esku-ahurra» esan nahi du.

        [Aurkezpen] Hemen ere Independentziaren Deklarazioaren beste parodia bat dago.

        [Aurre-erabaki] Henry Codman Potter (1835-1908) Episkopaldarren New Yorkeko seigarren apezpikua. James Gibbons, kardinala (1834-1921). Ikus Sermolaritza eta Predestinazio sarrerak.

        [Auzi] In contumaciam esapideak «aginteari mesprezuz gogor eginez» adierazten du.

        [Averno] Italiako hegoaldeko laku bat, antzinako erromatarrek beste mundura igarotzeko sarreratzat zeukatena. Facilis descensus Averni, Virgilioren Eneida 6,126-n agertzen da.

        [Axolagabe] «Apuleius» Lucius Apuleius satira-idazle latindarraren aipamena da (125-180 inguru). Haren obra nagusia Metamorfosia edo Urrezko astoa eleberri sinbolikoa da.

        [Azaburu] Cabbage, azaburu, ingelesez buru esan nahi zuen hitz batetik eratorria da (seguru aski latinezko caput-etik sortua).

        [Azken mutur] Interlokutorea juglar-antzerkiko pertsonaia bat zen, aurpegi zurikoa, aurpegi beltzeko beste biren artean agertzen zena: Mr. Tambo panderojolea eta Mr. Bones (hezurrak) alde banatan zituela, alegia. Haiekin zirika eta zirtoka aritzen zen.

        [Baal] Antzinako herri semitikoak zituen oparotasunaren jainkoetako bat zen, hebrearrek jainkoaizuntzat zeukatena. Beelzebul Satanen izenetako bat da.

        [Babesleku] Josue 30,2-9 ataletan ageri dena aipatzen du AB-k.

        [Bako] Jorace izena (Quintus Horatius Flaccus) Horazio poeta erromatarraren parodia da, haren oda eta epodoetan Bakori buruzko aipamen ugari aurkitzen baita.

        [Barne-giro] Seidlitz hautsak purga-hauts arinak ziren, uretan nahastu eta edaten zirenak. Izena Seidlitz, Txekiako ipar-mendebaleko ur beroen gune batetik datorkie.

        [Barre] Convulsio spargens latinezko esapideak «astindu zipriztintzailea» esan nahi du.

        [Bataio] James Erregearen Biblia zeritzana zen «bertsio baimendua», hebraiera eta grezieratik itzulia.

        [Beldurrezko istorioen idazle] William Dean Howellsek (1837-1920) mamu ixtorio franko idatzi zituen, Between the Dark and the Daylight (New York, 1907), besteak beste.

        [Beltx] AB-ren txantxetako hitz greko-latindarrek «prehominidoetan lehena» eta «amerikar menderatzailea» adierazten dute.

        [Beneditarrak] Fraide beltzak dominikoak dira; izena habituari dagokio.

        [Berenizeren Adatsa] Berenize Egiptoko erregina bat izan zen, bere adatsa Venusi agindu ziona, baldin eta bere senarra, Ptolomeo III.a, Siriako kanpaina batetik bizirik itzultzen bazen.

        [Bero] John Tyndall (1820-93), Irlandan sortutako fisikari britainiarra. Crede expertum, Virgilioren Eneida II.283-tik hartua da, han Crede experto, ageri da, ordea, («eskarmentua duenari sinetsi», alegia).

        [Betegintzarre] AB-k Matthew Arnold (1822-88) poeta eta kritikari viktoriarra aipatzen du.

        [Bihotz] Seguru aski Henry J. Dami buruzko aipamena. Tarte labur batez Wasp astekariaren jabe izan zena, beste batzuekin batera. Louis Pasteur (1822-95) Mémoire sur la fermentation appelée lactique (1875) lanaren egilea da, besteak beste. Delectatio Demonorum (Deabruen atsegin handia) leku gehiagotan ere aipatzen da. M. E. Grenanderrek, AB-ri buruz hau idatzi zuen Nation egunkarian 1872an: «Eskura eman zaion diru mordoxka baten truke, gizakiaren etsai, eta emakumearen etsaiago, den (Bierce) horrek bere idazkitxoak liburu batean biltzeko konpromisoa hartu du, bere burua behartuz zinikoaren vade mecum gisako bat, Delectatio Demonorum edo «Etsaiaren atsegin handia» idaztera, gero Hotten jaunak argitaratuko diona.

        [Bihotz-gogor] Zenon Citiumekoa (335?-263? k.a.) Estoikoen eskolaren sortzailea izan zen.

        [Brahma] Hinduismoan, jainko kreatzailea (ez bakarrik hindutarrena). AB-k kristautasunaren Hirutasun Santuaren zehar aipamena egiten du.

        [Buru-zerga] Botoa emateko eskubidea izateko zerga bat izateaz gain, sari bat ere izan daiteke (jatorriz marinelei edo soldaduei ematen zitzaien saria, gerora edozein sari).

        [Cartesiar] René Descartes-en (1596-1650) Cogito ergo sum printzipioaren gainean txantxetan egindako hala-holako latinezko itzulpena.

        [Cremona] Italiako iparraldeko hiria. Hamazazpi eta hemezortzigarren mendeetako bibolinik hoberenak bertan egiten ziren, Amati, Guernieri eta Stradivari familien tailerretan.

        [Cui bono?] Latinezko esapidea, «noren mesedetan?» esan nahi duena.

        [Deinoterio] Deinoterio hitza dinosaururen bariante bat besterik ez da.

        [Diru-sarrera] Sir Sycophas Chrysolater AB-k «grezieratu»-tako iseka-izena da: «lausengari urre-gurtzailea».

        [Dragoi] Europako armadetako hamazazpigarren eta hemezortzigarren mendeetako soldadua, pisu handiko armaz zamatua.

        [Ebakin-liburu] Philip Melanchton (1497-1560) teologo alemana zen, hasieran Luteroren jarraitzailea.

        [Eder-uste] Ispahan antzinako Pertsiako hiri bat zen, turkiarrek hamaikagarren mendean fundatua.

        [Editore] Mitologia grekoan harantzagoko munduko epaileak hiru hauek ziren: Kretako Errege Minos eta Radamanto, biak Europaren semeak; eta Eako, Zeus eta Eginaren semea.

        [Egoskortsekeria] Soluzio hitzean: hitz joko bikoitza: solicitate/salycilate. Eta «solicitate», aditzak, gainera, «diru-trukeko sexu-proposamenak egin» adierazten du.

        [Egotista] Megaceph-ek «buruhandi» esan nahi du.

        [Egunkari] William Randolph Hearst (1863-1951) AB-k idatzi zuen egunkarietako batzuen jabea zen. Hasieran ongi konpondu ziren, baina azkenean AB-k, ez baitzen ados haren editoreekin, utzi egin zuen lan hori.

        [Eguraldi] Bertsoen hasiera Tennysonen Lockseley hall-en parodia da (1842). Halcyon hitzak zeru garbi barea adierazten du.

        [Eleberri fantastiko] AB-k Novel eta Romance bereizi zituen «The Novel» saioan. Zentzua kontuan hartuz eleberri/ eleberri fantastiko parearen bidez itzuli dira hemen.

        Aipuetako lehena Oliver Goldsmithen The Traveller-etik hartua da eta bigarrena, berriz, Samuel Taylor Coleridgeren «The World Is Too Much with Us»-etik.

        [Elektrizitate] «Monsier Franqulin»-i buruzko aipuak propio nahasten ditu Franklinen bizitza eta James Cook kapitainarena.

        [Elkarrezin] Whitman, Walter («Walt»). Estatu Batuetako poeta (1819-1892). Estatu Batuetako poetarik handiena eta orijinalena da kritiko askoren iritziz. Ikusten denez, AB-ren iritzia ez zetorren inolaz ere bat horrekin.

        [Emakume] Susan B. Anthony (1820-1906) amerikar feminista eta sufragista aipatzen da hemen. Txantxetako izen taxonomikoak «katu borrokari» esan nahi du.

        [Emaztezalekeria] Berez ingelesezko «uxoriousness» hitzak norberaren emaztearenganako ardura edo mendekotasun gehiegizkoa adierazten du.

        [Eme] AB-k emakumeei buruz beti esaten du direla sexu «aurkaria» eta «desonesta», hitz jokoa eginez ingelesezko «opposite» (aurkako)-ren ordez «opposing» (aurkari) hitza erabiliz eta «fair»-en ordez (eder, leial) «unfair» (ez eder, desleial) erabiliz.

        [Epikurozale] Epikurok (k.a. 341?-270?) bere filosofia propioa sortu zuen; epikureismoarentzat onik handiena plazerra zen (mina saihestea, alegia). Epikurozale hitzak izan zuen —eta berrikiago ere izan duen— gaitzespen zentzua haren aurkariek zabaldu zuten, aurpegiratzen baitzioten zentzuen plazerra besterik ez zuela predikatzen.

        [Erantzun] Herbert Spencer (1820-1903), filosofo britainiarra.

        [Erantzunbehar] AB-k beste nonbait idatzi zuen «Ingalaterran lan egiteko gauza izan eta nahi ez duenari "alfer amorratua" deitzen diote».

        [Erdipurdiko] Ordena dorikoa arkitektura greziarreko hiru ordena klasikoetan zaharrena eta soilena da. Teodoriko handia (454?-526) ostrogodoen errege izan zen. Theodore Roosveltek Etxe Zuriaren mendebaldeko hegaleko bulego berriak eraikiarazi zituen 1901-1905ean.

        [Eresi] Bertsook Grayren Elegy Written in a Country Churchyard izeneko Elegiaren hasierako bertsoaren parodia dira.

        [Ergel] Beozia, antzinako Greziako probintzia; bertako biztanleen ergelkeriaren ideia zabaldua zen garai batean.

        [Erlijio] Rochebrianteko markesa «Jan» sarreran ere ageri da.

        [Erlikiontzi] Gesta Sanctorum izenburu alegiazkoa da, Gesta Romanorum-en parean eraikia.

        [Erokeria] Ikus William Wordsworth (1770-1850), The Excursion, 1.79. (1814). Desiderius Erasmusek (1467-1536) Encomium Moriae (Erokeriaren gorazarrea) izeneko liburu satirikoa idatzi zuen 1511n. Richard Watson Gilder (1844-1909) poeta eta aldizkari zenbaiten editorea izan zen. Hari buruz A. Biercek idatzi zuen: «Gilderren bertso asko irakurri ditut, baina ez dut poesia lerro bakar bat ere aurkitu haietan. Poeta gisa aldizkari bateko editore taju antzekoa dirudi».

        [Erori] San Pablori buruzko aipamena, Kristautasunera bihurtzearena alegia. Ikus Egintzak 9,3-8).

        [Erradomantikari] Ur-bilatzailea.

        [Erramudun] Robert Southey (1774-1843) Ingalaterrako poeta erramudun izendatu zuten 1813an.

        [Errealitate] Filosofo eroa-k sinatzen ditu «Aforismo» eta «Egunkari» sarrerak.

        [Errebelazioa] Apokalipsia edo Agerpena, Itun Berriko azken liburua.

        [Errege-gaitz] Scrofula gaitza Errege-erreginen ukitzearekin sendatzen zela uste zen Frantzian eta Ingalaterran. Eduardo Konfesorea (1042-66) «Eduardo jainkozalea» Macbeth, 3.6.27-n aipatzen da hitz horiekin. Beste hiru aipuak Macbeth-etik hartuak dira.

        [Esekidura] John Peter Altgeld (1847-1902) Illinoiseko gobernadorea izan zen (1891-97). Chicagoko 1886ko maiatzaren 4ko grebaren garaian hilketaz akusatutako anarkista talde bati 1893an barkatu zionean egin zen ospetsu.

        [Eskubide] In partibus infidelium esapideak «fedegabeen parajeetan» esan nahi du.

        [Eskuzabaltasun] Henry Ward Beecher (1813-87) elizgizona, egunkari-editorea eta abolizionista zen, AB-k maiz eraso egin ziona.

        [Esoteriko] Esoterikoa talde txiki batek bakarrik uler dezake; exoterikoa, berriz, jende askok ezagutzen duena da.

        [Espetxe] Aipua Richard Lovelace (1618-58) poetarena da. «To Althea: From Prison», 4. bertsoa.

        [Eukaristia] Teofagoak «jainkojaleak» dira, noski.

        [Euli-kaka] Poperen zehar-aipamena ere bada hemen: «Adimena nola argitzen den! Nola fintzen estiloa».

        [Ezjakin] Sinadura Giovanni Alfonso Borelli (1608-1679) fisiologo eta fisikari italiarraren zehar-aipamena izan daiteke.

        [Ezkutatu] «Jainkoa modu misteriotsuan mugitzen da.» esaldia William Cowper (1731-1658) idazlearen Olney Hymns liburuko (1771), 35.I.-en zehar-aipamena da.

        [Fenix] Txori mitologiko bat, 500 urte bizirik irauten zuena, eta berez erre ondoren bere errautsetatik birsortzen zena.

        [Frenologia] Burezurraren eite eta konkorrei buruzko jakintza: izaera eta adimenaren ahalmena hor aurki zitezkeela uste zen.

        [Galera] Gilderri buruz ikusi «Erokeria» sarrera. Collins P. Huntington (1821-1900) trenbideen lau magnateetako bat zen.

        [Gantzutu] Judibras hitzak lotzen ditu Judas eta Hudibras, Samuel Butler (1613-80) idazlearen obra satiriko baten izenburua; zortzi silabako bikotan idatzia.

        [Gartsutasun] Lord Byron (George Gordon, 1788an jaioa) poeta ingelesak bere azken egunak Missolonghin eman zituen (Grezian), hara joana baitzen Greziaren Independentziarako Gerran borrokatzera; ez zen guduzelaian hil, ordea, sukar gaizto batzuek jota baizik.

        [Gaztaro] Arkimedes (287?-212 k.a), matematikari greziarrak, palanka egiteko puntu bat emanez gero, mundua mugituko zuela aldarrikatzen zuen; Kasandrak, Greziako mitologian, igarletzaren dohaina zuen; sekula hark esandakoa ez sinesteko patua ezarria zuen, ordea. Ba omen ziren zazpi hiri Homeroren sorleku izana aldarrikatzen zutenak. Hura hil ondoren, halere.

        [Gehiegizko] Roosevelti eratxikitzen zaion esaldia Eugene V. Debs (1855-1926) langileen liderrari buruzkoa da; lehendakaritzarako hautagai sozialista izan zen, eta akaina baino gaiztoagoa Roosveltentzat, lehendakariorde (1897-1901) eta lehendakari izan zenean (1901-1909).

        [Gibel] George Gascoigne (1534?-77), soldadu eta poeta britainiarra.

        [Gizon] Hemengo bertsoak formaz «makrobio» sarrerakoen antzekoak dira.

        [Gobernu monarkiko] AB-rentzat demokrazia «herriak bere burua gobernatzea» ez zen inolako gobernua.

        [Gorgon] Buruan ileen ordez sugeak zeuzkaten eta gizakiak begiradaz harri bihurtzen zituzten hiru ahizpetatik —Steheno, Euralia eta Medusa— edozein.

        [Graziak] Xarmantasuna eta edertasuna ematen zuten hiru ahizpa, mitologia greko-latindarreko jainkosa zirenak.

        [Gerra] Aipuak Coleridgeren «Kubla Khan»-etik hartuak dira.

        [Hades] Hitz jokoa: raze hell =infernua ezabatu eta raise hell = bazterrak nahastu.

        [Handi] George Sylvester Viereck (1884-1962), nobelagile, entseiulari eta argitaratzailea.

        [Har-bazka] AB-k etengabe jipoitzen zituen berentzat mausoleo arranditsuak altxatzen zituztenak.

        [Harpia] Oxford English Dictionary-k ez du berresten AB-k aipatzen duen antzinako erabilera. Shakespeareren erabilera, berriz, zenbait antzerkitan gertatzen da.

        [Hax] Ohar bedi irakurlea hemen perpaus-zatia «x» (ixa) dela, ezezaguna, alegia.

        [Herri Jakintza] Sabine Baring-Gould (1834-1924) Curious Myths of the Middle Ages (1866). Elezaharrei buruz idatzi zuen. Hor aipatzen diren ipuin edo alegien benetako tituluak beste batzuk dira, noski.

        [Hira] Homeroren Iliadan Krises Apoloren apaiz bat zen, bere alaba Kriseis bahitua berari itzultzeagatik bahi-ordaina eskaini zuena; haren bahitzaile Agamenonek eskaintzari uko egin zion.

        [Historia] Barthold Georg Niebuhr (1776-1831), historialari alemana, Römische Geshichte obraren egilea, hiru liburukitan Erromaren historia ematen duena; metodo historiko zientifiko modernoaren aitzindaritzat hartu ohi da.

        [Historialari] Kalibreak hemen hertsikiago trenbideko karrilen arteko zabalera aipatzen du.

        [Hondakinak] Hemeretzigarren mendearen bukaeran bizikletan ibiltzea emakumeen osasunerako kaltegarria zelako ustea zabaldua zen.

        [Hondatzailekeria] Wasp astekarian beste definizio hau agertzen da: «Bihar agian izango ez dugunaz gaur gozatzeko bizioa».

        [Ikakasle] A School for Scandal (1777), Richard Brinsley Sheridan (1571-1816) idazlearen antzerki lan baten zehar aipamena.

        [Ikonoklasta] Definizio hau bat dator AB-k satirari buruz zuen ideiarekin. Ordezkorik eman gabe sinesmenak desegin besterik ez zuela egiten-eta, maiseatzen zutenen kontra defendatzen zuen satira.

        [Ikore] Homeroren Iliada-ko 5.334-tik hartua.

        [Ilargitar] Luziano Samosatakoa, bigarren mendeko satiragile greziarra. Richard Adams Locke (1800-71), kazetari eta editore amerikarra. Ilargitarrak deskribatu zituen, Sir John Herschelen irispide luzeko teleskopioaren bidez ikusitakoaren arabera. Simon Newcomb (1835-1909) matematika-irakaslea Kanadan jaioa zen; astronomiari buruz franko idatzi zuen.

        [Isats] James Burnett, Lord Monboddo (1714-99), franko nabarmendu zen On the Origin and Progress of Language (1773-92) liburuan kontatu zuenean Koeping izeneko marinel suediar batek esandakoa: Nicobar irletan bizi ziren gizonek isatsa zeukatela.

        [Istorio] W.C. Morrow (1854-1923) AB-ren lagun bat zen. J.J. Owen (1827-95), kazetari eta idazlea. Winfield Scott Schley Almiranteak (1839-1911) Kubako gerran maniobra eztabaidagarri bat egin omen zuen, Santiagoko guduan (1898ko uztailaren 3an), urtetarako zer-esana jarri zuena.

        Charles Frederick Joy Missouriko ordezkari politikoa zen.

        Harold Herbert Wotherspoon (1855-1940), Armadaren Gerra Eskolako burua zen. 1908an gutun-trukea izan zuen AB-rekin.

        [Itsuskeria] Biografoek diotenez, AB-k bere idazkari Carrie Christienseni «nire ahatetxo itsusia» esaten omen zion.

        [Itxaropen] AB-ri, Londrestik San Frantziskora itzuli zenean 1875eko udazkenean, Estatu Batuetako Dirugintzan lanpostu bat eman zioten. Bertso hauetan, badirudi, eman ziotena baino hobea espero zuela; sekula gertatu ez zena.

        [Jai] Nemeseia edo Nemesia, Nemesiko festa bat zen, hildakoen ohoretan egiten zena. Tito Liviok Novendiale (bederatzi eguneko festa) Historia, 1.31 liburuan aipatzen du.

        [Jan] Anthelme Brillat-Savarin (1755-1826) legegizon frantsesa zen, Physiologie du goût (1825) idatzi zuen; gastronomiako lan klasikoa.

        [Jokabide] Dies Irae-tik hartutako hitzak. Dies Irae Azken Juizioko eguna deskribatzen duen erdi aroko eresi bat da, hileta-meza batzuetan kantatzen dena.

        [Kalamu] Ikus «Harizko jantziak» sarrera.

        [Karmeldar] Karmel Mendiko Andra Mariren fraide eskaleak ziren, Gurutzaden ondoren sortutako ordena.

        [Kaskamotz] AB-k 1642-1649an Ingalaterran izan zen Parlamentuzaleen eta Erregezaleen arteko gerra zibila aipatzen du.

        [Klio] Xenofon: (430?-355 k.a) soldadu eta idazle greziarra, Anabasis-en egilea.

        [Koran] Islamaren liburu sakratua. 114 atal (sura) ditu. Musulmanen sinestearen arabera, Jainkoak agertu zizkion sura horiek Mahoma igarleari.

        [Laburtu] Aipu hau Independentziaren Deklarazioaren hasieraren parodia da. Cromwell (1599-1658) Ingalaterrako Karlos I.a hilarazi zuen politikaria izan zen.

        [Laokoonte] Greziar mitologian, Apoloren apaiz troiatarra, bi semeekin batera itsas suge batzuek hil zutena, bere herria Troiako zaldiaren iruzurraz ohartarazteagatik.

        [Larunbat] Juduen Mandamentuan hitz joko bat ageri da ingelesez: wholly/ osorik holy/santu, «eguna santutzea» eta ez eguna «osorik gordetzea», beraz.

        Ontzigaina lixatzeak egunetan eta egunetan belauniko lan egin beharra esan nahi zuen. Bertsoak Henry Danarenak dira (1815-82) Two Years Before the Mast (1840), 3. kap.

        [Leotar] AB-k Ella Wheeler Wilcox andreari iseka egiten dio.

        [Leotardoak] Lillian Russel (1861-1922) opera komikoetako aktorea zen; Pauline Hall (1860-1919) prima donna amerikar ospetsua.

        [Leviatan] «Dr. Jordan» David Starr Jordan (1851-1931) zen, biologia irakatsi zuena Stanford Unibertsitateko buru izan baino lehen. Jane Porter nobelagile ingelesak (1776-1850) nobela historiko ospetsu bat idatzi zuen, Thaddeus of Warsaw (1803), Thaddeus Kosciuskori buruz. Ikus «Askatasun» sarrera.

        [Lexikografo] Ikus Mateo 7:28-29. «Lehen lexikografoa» Samuel Johnson izan zen.

        [Lira] Egilearen izena sarreran Ella Wheeler Wilcox dela esan ondoren, sinaduran aldaketa egitea ahaztu egin zitzaion nonbait. Horrelako aldaketa ugari egin zituen AB-k egunkarietako testuez liburu hau osatzerakoan.

        [LL.D.] laburdurak zehazki Legum Doctor (Zuzenbideko Doktore) adierazten du. Sanctorum custos, berriz, leku santuen zaintzaile da. Harry Thurston Peck (1856-1914) latineko irakaslea zen Columbiako Unibertsitatean; literatur kritikari eta argitaratzailea izan zen. AB-k ez zion begirune handirik, dirudienez.

        [Logomakia] Claudius Salmasius (1588-1653) eragin handiko irakasle frantsesa.

        [Madarikatu] Paphlagonia mundu greko-erromatarreko probintzia bat zen, Turkian kokatua, Bitinia eta Pontoren artean.

        [Magdaleme] «Bedlam» hitzak, orain leku zaratatsu adierazten du, baina garai batean eroetxe esan nahi zuen, Hospital of Saint Mary of Bethlehem, Londresko eroentzako osasun etxe batek zuen izenaren kontrakzioa.

        [Maiestate] Masoien Logietako karguak aipatzen dira hemen. Incohone Handi ere horietakoa da; nahiz eta AB-k berak dioen okerren bat behar duela izen horretan; izan ere, kreazioko zentzugabeetan azkarrenak omen dira incohone direlako horiek.

        [Makrobio] «Old Parr» Thomas Parr zen, 1635an hil zena, 152 omen zituela. Depew senadorea Chauncey Mitchell Depew (1834-1928) XIX. mende bukaerako errepublikar ospetsua zen. New York Central and Hudson River Railroad-eko lehendakaria. American-en editorea Sam Chamberlain zen, AB-rekin hika-mika franko izan zuena bere lanen argitalpena zela-eta.

        [Maltusiar] Thomas Robert Malthus (1766-1834) ekonomialari britaniarra. Bere Essay on the Principle of Population (1798) liburuak azaltzen zuen populazioak janari hornidurak baino azkarrago hazteko joera duela, baldin eta gerrak, goseteak, gaitzek edo zenbait murrizketa moralek eragozten ez badiote.

        [Mamu] Heinrich Heine (1797-1856) poeta eta satira-idazle alemana, AB-k franko estimatzen zuena. Aipamena Hamlet 3.4.135-etik hartua da.

        [Mana] Jainkoak israeldarrei Egiptotik ihes egin zutenean ematen zien mirarizko janaria (Irteera 16,15).

        [Manikeismo] Manikeismoa Manes igarle pertsiarrak (216-276?) irakatsitako filosofia da.

        [Mesmerismo] Hipnosi modu bat, Friedrich Anton Mesmerrek (1733-1815) bultzatua.

        [Milurte] Erreformatzaileak, AB-rentzat, kontserbadoreak ziren.

        [Molekula] Ernst Heinrich Haeckel (1834-1919) filosofo eta naturalista alemana.

        [Monada] Gottfried Wilhelm von Leibnitz (1646-1716), filosofo eta matematikari alemanaren filosofian ageri den kontzeptu funtsezkoa.

        [Mirmidon] Mirmidondarrak Tesaliako herri gerraria ziren. Akilesek Troiako setiora eraman zituen.

        [Nihilista] AB-k zentzu filosofikoan ez, baizik politikoan ematen du hitz honen definizioa.

        [Niri] Hiru kasuak bakarra direnez, Hirutasunaren doktrinari barre egiten dio Biercek; maiz egin zuena.

        [Noumeno] George Henry Lewes (1817-78) historialari eta kritikaria. A Biographical History of Philosophy (1845-46) argitara eman zuen.

        [Obsesionatu] Gadaran, Jesus Nazaretekoak zerri talde batera uxatu zituen gizon bat hartua zuten deabruak. Lukas 8,26-33.

        [Oleaginoso] Samuel Wilberforce (1805-73) Oxford eta Winchesterko apezpikua eta bere garaiko itzal handiko teologo anglikanoa.

        [Opera] AB-ren latinezko izen taxonomikoek «tximino entzungarria» eta «tximino zalapartaria» esan nahi dute.

        Pithecanthropos hitza Ernest Haeckelek sortu zuen, tximinoaren eta gizakiaren arteko lotura egiten zukeen izakia izendatzeko.

        [Oposizio] Ghargaroo AB-k bere burutik ateratako irla bat zen. Bertan kokatzen zituen bere satira politiko edo moralak. Esaldiaren bukaeran Abraham Lincolnen parodia egiten du.

        [Ordain-sari] Dom Pedro II.a (1825-91) Brasilgo enperadore izan zen 1840tik 1899ra, orduan armadak eta mugimendu errepublikazalearen buruzagiek agintaritzatik kendu baitzuten. Portugalera ihes egin zuen, gero Frantziara, eta han hil zen.

        [Ordena-ikurrak] Horrelako zerrenda gehiago eta barregarriagoak AB-ren beste zenbait idazki eta artikulutan ageri dira.

        [Orubezale] Denis Kearny (1847-1907) Langileen Alderdiko liderra zen, txinatarren aurkako jarreragatik nabarmendu zena.

        [Ozeano] Definizioak munduan den guztia gizakien mesedetarako sortua delako ideiari gogor egiten dio.

        [Pagano] George Holmes Howison (1834-1917) filosofi irakaslea zen Kaliforniako unibertsitatean, eta filosofia, erlijio eta beste zenbait gairi buruzko lan franko idatzi zuen. AB-k leku frankotan ematen dio egurra.

        [Paldotu] AB-k beste leku batzuetan ere aipatzen zuen tortura mota hau. Gurean Mirande-Peillenek ere Igela aldizkarian idatzi zuten honetaz.

        [Pandemonium] Infernuko hiriburua Miltonen Paradisu Galdua-n.

        [Panteismo] AB-k barre egiten zien zentzurik gabeko eztabaida teologikoei eta bestelako txikikeriei buruz sortzen zirenei. Ikus aurreordenazio/predestinazio infralapsario/supralapsario, omnipresentzia/ubikuitate, horizontalismo/bertikalismo (zenit), liburu honexetan bertan.

        [Perdigoikada] Burdinazko bola mordoa, kanoien jaurtigai gisa erabiltzen zena. AB sozialismoaren, eta haren ezinbesteko ondoriotzat zeukan anarkismoaren aurka agertu zen frankotan.

        [Peripatetiko] Aristotelesen ikasleei peripatetiko zerizten, beren eztabaidak peripatos, edo pasealeku batean egiten zituztelako.

        [Pirronismo] Elisko Pirronen (k.a. 300) filosofia; fenomenoei buruzko ezagupen ziurra lortu ahal izateaz eszeptizismo sakona adierazten zuen.

        [Plagio] AB-k bere burua defendatu behar izan zuen plagio akusazioren batetik. Ikus hiztegi honen sarreran zer esaten duen.

        [Plebeiu] Kimikan, soluzio asea da tenperatura jakin batean bertan disolbatu daitekeen adina solugarri duena.

        [Pleonasmo] Pleonasmoa pentsamendu bat adierazteko behar baino hitz gehiago erabiltzea da.

        [Populista] Populismoa nekazari mugimendu eraberritzaile bat zen, industrializazioaren eta diruaren kontzentrazio gehiegizkoaren aurkakoa. Mugimendua Kansasen hasi zen 1890 inguruan.

        [Positibismo] Aguste Comte izan zen korronte filosofiko honen sortzailea. John Stuart Mill eta Herbert Spencerrekin ongi konpondu zen, nahiz eta ez daitezkeen har Comteren jarraitzailetzat.

        [Prebarikatzaile] Prebarikatzailea, hemen, deklarazio zuzen bat egin beharrean ihesbidea bilatzen duena edo okertzen duena da, eta hala ere gezurtia.

        [Presiditu] AB-k gorroto zion esapide bati barre egiten dio hemen.

        [Proboszi] Edward Bok (1863-1930), Ladies' Home Journal-en editore eginkizuna bere gain hartu zuena 1899an. Jo. Miller Joaquin Miller da.

        [Radio] Marie eta Pierre Curiek radioa aurkitu zuten 1898an. Elementu honek erradiaktibitatea hedatzen du, ez beroa. Hori txundigarria zen zientzialarientzat, eta batzuek uste zuten fisika klasikoaren oinarriak erabat hankazgoratzen zituela; izan ere, radioak erradiaktibitatea eman eta masa galtzean, materia sortu edo desegin zitekeelako tesia zalantzan jartzen zuen.

        [R.I.P.] Reductus in pulvis esapideak «hauts bihurtua» adierazten du.

        [Sagu] Ottumwee, dirudienez, Ottumwa (Iowa) hiriaren gainean egindako txantxa da.

        [Sarkofago] Kare-harrizko hilkutxa, inskripzioak eta eskulturak izaten zituena askotan. Barruan sartzen ziren gorpuak jan egiten zituela uste zen garai batean. Hiletografo deitzen die AB-k hileta-ospakizunetan beren dohainak erakusten dituzten idazleei, eta barre egiten die zurezko hilkutxei «sarkofago» deitzen dietenei.

        [Sigi-saga ibili] «Gizon zuriaren zama» Rudyard Kiplingen The White Man's Burden poematik hartua.

        [Sikofante] «Gelasma» hitzak irribarre esan nahi du grezieraz. (Beraz, pertsona irri-jario ere itzul daiteke).

        [Silaba-bakar] AB-k barre egiten zion Joaquin Millerrek poetei hitz saxoiak bakarrik ez erabiltzeko gomendioari.

        [Sinbolo] Aztarna edo biziraupen.

        [Sofismazalekeria] Hitzaren zentzu peioratiboa Platonek sofisten kontra zuen jarreratik heldu da.

        [Suhartasun] Ovidioren Amores du Biercek hizpide.

        [Sutauts] Miltonen latinezko In Inventorum Bombardae epigramaren zehar-aipamena. James Wilson (1836-1920) nekazaritzako ministro izan zen McKinley, Roosvelt eta Taft (1897-1913) lehendakari zirela.

        [Table d'Hôte] Menu osoa, aukera jakin batzuetara mugatua eta prezio finkatu batean ematen dena hotel edo jatetxeetan.

        [Tarifa] Edam Smith sinadura Adam Smith (1723-90) ekonomialari eta filosofo eskoziarraren gainean egindako hitz jokoa da.

        [Tarta] Beste leku batean AB-k idatzi zuen: «John Camden Hotten argitaratzailea, txeke bat eman zidana, zerriki-pastela janda hil zen, ni dirurik gabe uzteagatik.»

        [Telefono] AB-k Blanche Partingtoni honako hau idatzi zion 1913ko abuztuaren 3an: «Pozten naiz ongi eta pozik zaudela jakiteaz... nahiz eta deabruaren tresnak, telefonoak joa. Telefonoa betiko baztertu dut, nire izena telefono liburutik kentzeko agindu... eta nire etxera telefono mezurik bidaltzea debekatu».

        [Teleskopio] AB-k zeukan «jostailuzko» teleskopioa baino handiagoa eduki nahi zuen.

        [Trikinosi] Moses Mendelssohn (1729-86) filosofo eta teologo judu aleman ospetsua zen.

        [Txabola] Liburu gisa argitaratu zenean baino lerro bat gehiago zuela argitaratu zen bertso pare hau Wasp-en. Hemen osorik itzuli da.

        [Uholde] Zoperna Jenerala, edo Uholde orokorra.

        [Ulermen] Hemen AB-k Essay Concerning Human Understanding (1690) (Giza ezagutzari buruzko saiakera) aipatzen du, John Locke filosofoak idatzia (1632-1704) eta baita Kanten Arrazoi hutsaren Kritika ere.

        [Umorista] AB-k Alexander Poperen (1688-1744) estilo poetikoa parodiatzen du.

        [Unibertsalista] Honako sineste hauek dituen elkarte erlijiosoa: Jainkoa unipertsonala dela, salbazioa ziurtatua dela giza arraza osoarentzat, eta arrazoia eta kontzientzia direla sinesterako eta praktikarako irizpidea.

        [Urakan] Goiko ontzigain edo kubertari, ingelesez urakan-kuberta esaten zaio.

        [Urde] AB-ren latinezko txantxetako hitzak «zerri orojalea» esan nahi du.

        [Urkabe] Auto Sakramentalak edo mirakulu-antzerkiak erdi aroko dramak ziren; haietan Bibliako pasarteak edo santu edo martirien bizitzetan oinarritutako gertaerak taularatzen ziren.

        [Urkatzaile] AB-k elektrokuzio bidezko exekuzioari buruz zutabe mordoxka bat idatzi zuen (neologismoa gaitzesten zuen, bestalde, hitza egintza baino okerragoa zela esanez). Exekuzio modu mingabetzat zeukan, dirudienez; urkatzearen gisako metodo basak ordezkatzeko aproposa, beraz.

        [Urrezko zekorra] Urrezko zekorra jainko aizunaren pertsonifikazioa da Itun Berrian.

        [W] Grezierazko °pixoriambik?w hitzak poesia grekoko neurri mota bat aipatzen du. Aipuak Poeren To Helen-etik hartuak dira.

        [Wall Street] Andrew Carnegie altzairugintzako magnateetako bat zen.

        [Washingtondar] AB Potomak ibaiaren ertzean bizi izan zen Washingtonen eman zuen denboran.

        [Whangdepootenawah] AB-k asmatutako hitza. Ojigbwa tribua oso hedatua zen, Kanadako Erdi-mendebaldearen goialdea eta ekialde eta erdialdea zituen bizileku. Bertsoen neurriak Henry Wadsworth Longfellowen (1807-82) The Song of Hiawatha-rena (1855) imitatzen du; Longfellowek berak ere Kalevala suomiar poema epiko nazionala hartu zuen eredu.

        [X] Jesukristo iltzatu omen zuten gurutzeak T-ren itxura gehiago du X-rena baino.

        [Yanki] Beste leku batean ere barre egiten du AB-k esanez bazela hegoaldeko emakume bat «yanki alua» hitz bakarra zela uste zuena, beti elkarturik adituta nonbait.

        [Zabor] Boreaplas hitzak «Ipar polotik beherako lurraldeak» esan nahi du, lur guztiak, alegia.

        [Zakur] Ikus Lukas, 12,27.

        [Zaharkitu] Ikus «lexikografo» sarrera.

        [Zartagin] Joan Kalbin (1509-64) erlijio eraberritzailea, protestantea; Potter apezpikuari buruz ikus «Aurre-erabaki» sarreran dagoen oharra.

        [Zenobita] Zenobita komunitate erlijiosoetako komentukidea da; anakoreta, berriz, bakardadean bizi den erlijiosoa.

        [Zentauro] Greziar mitologian zentauroak gizakiaren buru, beso eta enborra zituen, eta zaldiaren hankak. Kiron mediku eta igarle greziarra zen, bere ikasleen artean Akiles, Asklepius, Herkules eta Jason izan zituena.

        [Zerri] John D. Rockefeller (1839-1937), petrolioaren magnatea, AB-ren satiraren tiro-xede izan zen.

        [Zetro] Ikus «zurkaitz» sarrera.

        [Zigilu] Bukaeran Pribiloff irlak aipatzean dituenean hitz jokoa egiten du, seal = zigilu/ seal = itsas-lehoi homonimian oinarritua; izan ere irla horiek, Alaskako hego-mendebaldearen parean daude, eta itsas-lehoien bizileku dira. Estatu Batuek Errusia-Japonia gerraren ondoko Portsmoutheko Tratatuaren ondorioz bereganatu zituzten, eta irla horien etorkizunari buruzko eztabaida franko izan zen garai hartan.

        [Ziniko] Zinikoaren filosofia ederki laburtu zuen AB-k 1872an idatzitako zutabe batean: «Izan ahal bezain zintzoa. Ez sinetsi frogatu gabeko ezer. Jainkozko gauzak begirunez erabili: ez izan haiekin zerikustekorik batere...». Gomendioen zerrenda luzeagoa da.

        [Ziri] Epimenides Kretakoa izan zen paradoxa honen sortzailea, deklaratu zuenean: «Kretatar guztiak gezurtiak dira».

        [Zoologia] L'Histoire Générale des Animaux (1788-1804) George-Louis Leclerc, Buffongo kondeak (1707-88) hasia eta E. de Lacépèdek bukatua; An History of the Earth and Animated Nature (1774) (Natura Bizidunaren Historia) Oliver Goldsmith poeta, entseiulari eta antzerkigileak idatzia (zortzi liburukitan); Buffon, Linnaeus eta beste iturri batzuk erabiliz osatua.

        [Zuhaitz] Morrysterren Marvells of Science-ren aipuaizuna egiten du hemen AB-k. Lynch epailea lintxatzeko ohitura ezarri zuela uste zen epailea da. Ez dago frogarik Lynch izeneko ezein epailek lintxatzea ezarri izanarenik.

        [Zuhur] Samuel Johnsonek (1709-84) barre egin zien James Macphersonek bere poemak Ossian antzinako bardo gaelikoaren lan gisa pasatzeko egin zituen ahaleginei.

        [Zuzentasun] Rowley apezpikua fikziokoa da.

 

 

 

© Ambrose Bierce

© itzulpenarena: Xabier Olarra

 

 

"Ambrose Bierce / Deabruaren hiztegia" orrialde nagusia