U

 

Ubikuitate, iz. Aldi berean leku guztietan egoteko ahalmena edo dohaina, baina ez aldi oroz eta leku guztietan egotekoa, hori omnipresentzia baita, Jainkoarena eta eter argi-eroalearena baizik ez den ezaugarria. Ubikuitatearen eta omnipresentziaren arteko bereizketa inportante hau ez zegoen garbi Erdi Aroko Elizarentzat, eta horrek odol asko isurarazi zuen. Luterano zenbaiti, Kristoren gorputza nonahi zegoela baitzioten, Nonahitasunzaleak esaten zitzaien. Oker hori zela-eta zalantzarik gabe kondenatu egin zituzten, zeren Kristoren gorputza Eukaristian baizik ez baitago presente, nahiz eta sakramentu hori leku batean baino gehiagotan gauzatzen ahal den aldi berean. Berrikiago nonahitasuna ez da beti ongi ulertu... ez Sir Boyle Rochek berak ere, adibidez, hark defendatzen baitzuen gizon bat ez daitekeela aldi berean bi lekutan egon, txoria izan ezean.

 

Ugaztunak, iz. pl. Animalia ornodunetako familia, zeinetako emeak egoera naturalean umeei titia ematen dien, baina zibilizatu eta eskolatuz gero inudea edo biberoia erabiltzen duen.

 

Uholde*, iz. Bataioaren lehen esperimentu gogoangarria, munduko bekatuak (eta bekatariak) garbitu zituena.

 

Uko, iz. Nahi den zerbaiten ukapena; adibidez, neskazahar batekin ezkontzeari egiten diona galai aberats eta ederrak; enpresa aberatsari zinegotziak egiten dion zerga-barkamena; damutu ez den erregeari apaizak ematen dion absoluzioa, etab. Ukoak honela mailakatzen dira beheranzko eskalan: erabateko ukoa, baldintzazko ukoa, badaezpadako ukoa eta emakumezkoaren ukoa. Azken horri zenbait kasuistek uko onartzailea esaten diote.

 

Uko egin, ad. Ohore bati abantaila baten truke ezezkoa eman. Abantaila bati abantaila handiago baten truke muzin egin.

 

                Leonard Woodek sinatu

                omen uko zinezkoa,

                militar karreran lortu

                zituen maila eta gradu

                ohorezkoen ukoa.

 

                Herria baitzen suhartu,

                —izan nahi hura lakoa—

                nolabait zuen onartu

                Leonard haren ukoa...

                Eta etsenplutzat hartu:

                Kristau onaren ukoa.

Politian Greame.

 

Ukozale, iz. Bere buruari atsegina ukatzearen tentazioan erortzen den pertsona ahula. Erabateko ukozaleak gauza guztiei egiten die uko, uko egiteari izan ezik, eta bereziki besteren galtzetan muturra ez sartzeari.

 

                Gizon batek esan zion gazte etxekalte bati:

                «Benetan ukozalea egina hago, horrati!»

                «Bai, jauna, bai» hark erantzun zion harrapaturik,

                «halaxe nauzu, baina ez fanatikoetarik».

G. J.

 

Ulermen*, iz. Burmuinaren sekrezio bat, zaldia eta etxea bereizteko ahalmena ematen duena, teilatua dela medio. Burmuinaren funtsa eta legeak Lockek aztertu eta azaldu zituen xeheki, etxe baten gainean zaldizka ibilia baitzen, eta baita Kantek ere, zaldi batean bizi baitzen.

 

                Hain zorrotz zen ulermenez,

                non ikus-entzundakoez

                jabetzen zen segurutik,

                espetxetik nahiz kanpotik.

                Etorriaz baliatuz,

                edozer eztabaidatuz,

                idazten zuen oparo.

                Noizbait sartu zuten Ero-

                etxe batean; hark luma

                hartuz prestatu bilduma.

                Halako idazlerik, zinez,

                ez zuten ezagutu, ez.

Jorrock Wormley.

 

Ultimatum, iz. Diplomazian, amore ematera jo aurretik egiten den azken exijentzia.

        Austriaren ultimatuma jaso zuenean, Turkiako Ministerioa hura aztertzeko bildu zen:

        «Profetaren zerbitzari handia,» esan zion Txibuk Inperialeko Xeikak Armada Garaitezineko Mamuxari, «zenbat soldadu garaitezin dauzkagu armetan?»

        «Fedearen Euskarri hori,» erantzun zion bere txostenak aztertuz jaun handi hark, «oihaneko zuhaitzetako hostoak adina!»

        «Eta zenbat gerra-ontzi erasoezin ditugu kristau zerri horien bihotzak erdibitzeko?» galdetu zion Itsas Armada Beti Garaileko Imamari.

        «Ilargi Betearen Aita,» izan zen zen haren erantzuna, «jakin beza berorrek itsasoko uhinak, basamortuko hondar aleak eta zeruko izarrak adina direla.»

        Zortzi orduz egon zen zimurturik Txibuk Inperialaren bekoki zabala, pentsamendu sakonen seinaleak erakutsiz: gerraren atarramendua aztertzen ari zen.

        «Orduan, Aingeruen semeok, zortea erabakia da! Belarri Inperialeko Ulemari ezer ez egiteko aholkua emateko proposatuko diot. Allahren izenean, bilera amaitu da.»

 

Umezurtz, iz. Heriotzak gurasoenganako esker txarraren aukera kendu dion izaki biziduna... Gabetze horrek giza sentipenetan barrenekoenak indar bereziz asaldatzen ditu. Gaztea denean, umezurtza normalean umezurztegira eraman ohi da, non tokiaren zentzu hasi-masikoari esker gizartean duen lekua ezagutzen ikasten duen. Orduan, menpekotasun eta mirabetzaren arteak irakasten zaizkio eta azkenean mundua sakeatzera bidaltzen da bota-garbitzaile edo neskame gisa.

 

Umorista*, iz. Izurri galanta, Faraonen bihotzaren gogortasun latza ere bigundu eta Israeldarrak airoso beren etxera bidaltzeko komentzituko zukeena, haiei hoberena desiratu ondoren.

 

                «Ai, umorista gaixoa, hire buru bihurri

                horrek txisteak asmatu behar nahiz eta urri

                ibili umorez. Gauaz nekez hire buruaz

                asmatutakoa aise xahutzen duk egunaz.»

                Aska beretik, uste du, jaten utzi ezkero,

                zerri gizenak lukeela soportatuko, bai to!

Alexande Poke.

 

Unibertsalista*, izond. Infernuaren abantaila beste erlijio bateko pertsonentzat uzten duena.

 

Unitario, iz. Trinitario baten jainkotasuna ukatzen duena.

 

Urakan*, iz. Garai batean oso arrunta zen agerraldi atmosferikoa, baina gaur oro har bertan behera utzia tornado eta zikloiei lekua egiteko. Urakana oraindik aski indarrean dago Mendebaldeko Indietan, eta ontzi-kapitain zaharkitu zenbaitek hobesten dute. Baporeen goiko kubertak egiterakoan erabiltzen da, baina, oro har mintzatuz, urakanaren baliagarritasunak urakanak berak baino gehiago iraun du.

 

Urde*, iz. Bere apetitu bikain eta asegaitzagatik giza arrazarekin hertsiki lotua den animalia (Porcus omnivorus). Horretan ere, ordea, gizakia gailentzen zaio, urdeak kidekoa jateari muzin egiten baitio.

 

Urkabe*, iz. Protagonista zerurantz goratzeko agertokia, antzerki mirarizkoak antzezten direna. Herrialde honetan, itzuri egiten dioten pertsonen kopuruagatik da bereziki aipagarria urkabea.

 

                Dela goraturik ahalik urkabean gorena,

                dela batek isurtzean odolik gorriena,

                hiltzeko hau da lekurik denetan nobleena:

                Heriok bakoitzarentzat aukeratzen duena.

Antzerki zaharra.

 

Urkatzaile*, iz. Epaitegiko funtzionario bat, maila goreneko eta garrantzi izugarriko eginkizunez arduratzen dena, eta arbaso kriminalak dituen jendailak ondoretasunezko higuina diona. Estatu Batuetako estatu batzuetan, haren eginkizunak elektrikariak betetzen ditu, adibidez New Jerseyn, non berriki agindu baitira elektrizitate bidezko lehen exekuzioak... New Jerseytarrak urkatzearen abantaila norbaitek dudan jarri izanaren lehen kasua, lexikografo honek dakiela behintzat.

 

Urrezko zekorra*, iz. Munduko erlijio nagusiko jainkoa. Tenplu Nagusia New Yorkeko hiri santuan du.

 

                Beste Erlijioak omen zerriki txar ustelkorra,

                beraz, belauniko gurtu zuen urrezko zekorra.

Jared Oopf.

 

Urrikalgarri, izond. Norberarekin alderatu ondoren etsai edo arerioak duen itxura.

 

Urrikalmen, iz. Erdi aroko guduetan oinezko soldaduak zaldun eraitsiari hilkorra zela erakusteko erabili ohi zuen sastakaia.

 

Urriki, iz. Salbuespenaren zentzu exkaxa, kontrasteak erakutsia.

 

Urruntasun, iz. Pobreek, berena dutenez, berentzat gorde dezatela aberatsek nahi duten gauza bakarra.

 

Urte, iz. Hirurehun eta hirurogeita bost desilusioko aldia.

 

Uztarri, iz. Tresna bat, zeinaren latinezko jatorrizkoari zor dion ingelesak, andrea, bere hitzik argigarrienetako bat, ezkonduen egoera zehaztasun, argitasun eta zorroztasun osoz definitzen duena. Mila aldiz barkatu hemen ez jasotzeagatik.

 

 

 

© Ambrose Bierce

© itzulpenarena: Xabier Olarra

 

 

"Ambrose Bierce / Deabruaren hiztegia" orrialde nagusia