S

 

Sagu*, iz. Bere bidea konortea galdutako emakumez trabatzeko moduan uzten duen animalia. Erroman kristauak lehoietara botatzen zituzten bezala, Otumween, munduko hiririk ospetsuenean, emakume heretikoak saguetara botatzen zituzten. Jakak-Zopt historialariak, bere idatziak guganaino heldu diren Otunweetar bakarra baita, dio martiri haiek duintasun gutxi eta ahalegin handiz aurkitu zutela heriotza. Saguak desenkusatu ere egiten ditu (horrelakoa da egoskorren gaiztakeria), azalduz emakume dohakabeetatik batzuk leher eginik hil zirela, beste batzuk lurrera erori eta lepoa hautsita, eta beste batzuk suspergarri faltaz. Saguek, ziurtatzen du, ehizaren atseginaz duintasunez gozatu omen zuten. Baina «Erromatarren historiako hamarretik bederatzi gezurra bada» espero izatekoa da figura erretoriko horretatik proportzio txikiagorik ez izatea emakumezko atseginaren aurka horrelako krudeltasuna erakusteko barrena izan zuen herri baten historia idatzian; zeren, bihotz gogorrak mingain gezurtia baitu.

 

Sakeatu, ad. Jabe aldaketa egin, besteren jabetzak osteak eragin ohi dituen uzkurtasunik eta kontzientzia arazorik gabe, musika bandaren soinua lagun. A-ren jabetza B-ri kentzea eta C galdutako aukeraz arranguratzen uztea.

 

Sakramentu, iz. Autoritate eta esanahi maila desberdinak eratxikitzen zaizkion zeremonia erlijioso solemnea. Erromako Elizak zazpi sakramentu ditu, baina Eliza Protestanteek, ez baitira horren aberatsak, bitarako adina baizik ez dute, eta bi horiek ere santutasunean beheragokoak dira. Sekta txikienetako batzuek ez dute sakramenturik batere... eta zuhurkeria horrek erremediorik gabe kondenatzera eramango ditu.

 

Sakratu, izond. Nolabaiteko xede erlijiosoa duena; jainkozkotasuna duena; pentsamendu edo sentimendu solemneak iradokitzen dituena; adibidez, Tibeteko Dalai Lama; M'bwangoko Mooguma; Ceylango Tximinoen Tenplua; Behia, Indian; antzinako Egiptoko Krokodiloa, Katua eta Tipula; Moosheko Muftia, Noeri hozka egin zion zakurraren ilea, etab.

 

                Oro da sakratua edo profanoa.

                Bakoitza zertan datzan esatera noa:

                Lehenak die ematen apezei anoa,

                Debruari bertzeak etekin sanoa.

Dumbo Omohundro.

 

Salbuespen, iz. Bere klaseko beste gauza batzuetatik bereizteko askatasuna hartzen duen gauza bat, hala nola gizon zintzoa, emakume fidagarria, etab. Salbuespenak frogatzen du araua ezjakinen ezpainetatik etengabe ateratzen den esaldi bat da, batzuk besteengandik hartu eta errepikatzen baitute papagaioek bezala, haren zentzurik ezaz inoiz batere pentsatu gabe. Latinez Exceptio probat regulam esaldiak adierazten du salbuespenak araua zalantzan jartzen duela, probaldian jartzen duela, ez, ordea, frogatzen duela. Esaera zahar bikain horren esanahia hartu eta bere golkotik ateratako erabat kontrakoaz ordezkatu zuen gaizkileak hilezkorra dirudien eragin gaiztoa izan zuen.

 

Saltsa, iz. Zibilizazio eta argitasunaren adierazle fidagarri bakarra. Saltsarik ez duen herriak milaka bizio ditu; saltsa bakarra duenak, bederatziehun eta laurogeita hemeretzi besterik ez. Sortu eta onartutako saltsa bakoitzeko, bizio bat kendu eta barkatzen zaio.

 

Santu, iz. Bekatari hila, argitaratu aurretik zuzendua.

        Orleanseko Dukesak kontatzen du Marshal Villeroi kalumniatzaile zahar lotsagalduak, gaztetan Frantzisko Saleskoa ezagutu zuenak, esan zuela hura santua zela aditzean: «Atsegin handia hartzen dut Sales jauna Santua dela aditzean. Gauza zatarrak esateko zaletasuna zuen, eta tranposoa zen jokoan. Beste gainerakoan jaun prestua zen, txoraizea halere».

 

Sardexka, iz. Batik bat animalia hilak ahoan sartzeko erabiltzen den tresna. Lehen ganibeta erabiltzen zen horretarako, eta oraindik ere askok uste dute badituela abantailak beste tresnaren aldean, nahiz eta horregatik ez duten alde batera uzten; ganibeta kargatzeko erabiltzen dute. Pertsona horiek bat-bateko heriotza itsusitik duten inmunizazioa Jainkoaren errukiaren froga txundigarrienetako bat da, Hura gorrotatzen dutenenganako.

 

Sarkofago*, iz. Grekoen artean, harri haragijaleren batez egindako hilkutxa, bertan ezarritako gorpua jateko berezitasuna zuena. Gaurko hiletografoek ezagutzen duten sarkofagoa arotz lana besterik ez da.

 

Sarraila, iz. Zibilizazio eta ilustrazioaren tresna bereizgarria.

 

Sasisantu, iz. Bere jokabide zintzoaren atzean gordetzen den putetxe-jabea.

 

Satan, iz. Huts deitoragarri bat, kreatzaileak egina, zeinak, damuturik, arpileraz eta errautsez gorputza estali baitzuen. Goiaingeru zen garaian, Satan alde askotatik gaitzesgarri bihurtu zen, eta azkenean Zerutik bota zuten. Beherako bide erdian gelditu, burua makurtu une batez pentsatzeko, eta gora itzuli zen.

        «Fabore bat bakarra eskatu nahi nikek,» esan zuen.

        «Esan zein.»

        «Gizona, nire ustez, sortzeko zorian duk. Legeak beharko ditik.»

        «Madarikatua! Nola ausartzen haiz hi, haren etsai amorratua, eternitatearen hasieratik hura gorrotatzera emana, haren legeak egiteko eskubidea eskatzera!»

        «Barkatu; berari bere kabuz egiten uztea besterik ez diat eskatzen.»

        Eta hala egiteko agindua eman zen.

 

Satira, iz. Literatur konposizio mota zaharkitua, idazlearen etsaien bizio eta erokeriak samurtasun badaezpadakoaz agerian jartzen zituena. Gurean satirak ez du sekula izan bizi herbal eta hutsala besterik, zeren haren bihotza zorroztasuna baita, eta horretatik eskas samar gabiltza zoritxarrez; umorea, harekin nahastu ohi duguna, betiere, eramankor eta bihozpera izaten da. Gainera, amerikarrak «beren kreatzaileak hornitu baditu ere» bizio eta erokeria ugariz, ez dago erabat zabaldua horiek maiseagarriak direnik, eta horregatik jendeak gizatxar ozpindutzat hartu ohi du satiragilea, eta satiraren biktimak laguntza eske egiten dituen garrasiek onarpen nazionala aurkitu ohi dute.

 

                Zure gorespenak beti, oi Satira,

                momien hizkuntzan kantatuak bira!

                Zeren hila zaren eta damnatua,

                Ifernuan on da zure izpiritua.

                Bibliak esanak beti jarraitzera,

                ez zinen hain aise joanen lurpera.

Barney Stims.

 

Satiro, iz. Mitologia grekoko pertsonaia bat, hebrearrean ere onartua izan den bakanetakoa. (Leviticus, xvii, 7.) Satiroa hasieran Dionisosi leialtasun laxoa zion komunitate lizunkoiko kidea zen, baina aldaketa eta hobekuntza ugari jasan zituen. Maiz faunoarekin nahasten da, erromatarren sorkari berantiarrago eta txukunagoa, gizakitik gutxiago eta ahuntzetik gehiago zuena.

 

Segurtasun galga, iz. Igogailu edo zamagailuen erorketa gelditzeko automatikoki martxan jartzen den eragingailu mekanikoa, aparatu zintzilikatuan istripuren bat gertatzen den kasuetarako.

 

                Behin ikusi nituen nik

                igogailu hutsunean

                gizon baten hondakinak

                barreiaturik lurrean.

 

                Eta hola esan nien:

                «Bai postura arraroa!

                Beldur nauk ez ote duan

                zati egina lepoa!»

 

                Eta hark tristerik irri

                eginez: «Ez ba beldurtu,

                hautsi nuenez geroztik

                bi aste eginak baititu.»

 

                Bere postura hobeto

                erakutsi nahian nonbait,

                esan zidan zituela

                beso eta hanka zenbait.

 

                Bai egoskorrak direla

                bakoitza bere lekuan,

                elkarrentzat alibia

                bakoitzak bere moduan.

 

                Honela argitzen dizut

                nola zegoen lur jorik,

                nahiz hasieran ez nuen

                hau aipatzeko asmorik,

 

                ez baitut sekula entzun

                nik ezer zitalagorik,

                gizon hartaz aditua

                baino gauza txarragorik.

 

                Kontu hau da alegiazko,

                dena da alegoria

                hutsunea, metafora;

                inor ez zen eroria.

 

                Okerra da idazleak

                gezurretan ibiltzea

                eta erramu bonetei

                gogor uko egitea.

 

                Politikaz ari bainaiz

                igogailua aipatzean;

                pentsa, desegingo luke

                gizon bikainik tartean.

 

                Brian koronela hala zen

                (hura baita txikitua);

                azkar aski igo zen, baina

                joan zitzaion burua.

 

                Gero goitik soka eten

                eta ziztuan lurrera,

                non inork ez duen maite,

                ezin harturik tankera.

 

                Bizi bada ere, ez da

                harrezkero gizon bera.

                Beraz, segurtasun-galga

                maiz gantzutzea hobe da.

Porfer Poog.

 

Senar, iz. Afaldu ondoren plateraz arduratu behar duena.

 

Senatu, iz. Jaun adinekoz osatutako jende taldea, bere gain goi mailako eginkizun eta okerrak dituena.

 

Sendabide, iz. Gaixoaren egoera ahalik eta minik txikienarekin iraunaraziko duenari buruz medikuak duen susmoa.

 

Sendagile, iz. Gaizki gaudenean gure esperantzen eta ongi gaudenean gure amorrazioaren xede den pertsona.

 

Seniparte, iz. Negar herri honetatik partitzen denak egindako dohaintza.

 

Sermolaritza, iz. Sermoiak entzuleriaren premia, ulermen eta baldintza izpiritualetara egokitzeko zientzia.

 

                Apaiz hura trebea zen sermolaritzan,

                arima sendatzeko erremediogintzan.

                Hark pentsatzen zituen heste-libragarri

                eta ahotikako ok-eragingarri

                guztiak zehatz ziren neurriz eta pisuz,

                eta gaixoa mingain, bihotz eta pultsuz

                nola zebilen zorrotz neurtuta emanak.

                Aurkitu bezain laster gaitzaren aztarnak,

                bere erremedioak ematen zituen,

                bere pilulak oso eraginkor ziren,

                ok-eragingarriak, berriz, hain mikatzak,

                non joak zituenak Adan haren gaitzak,

                sendatuak baitziren gaixotu baino lehen.

                Baina gaitz-esaleek —erdi ezkutuka—

                bota behar ahotik behazun istuka:

                dirudunen pilulak zirela goxoki,

                ok-eragingarriak, haientzako ezti.

Potter Apezpikuaren biografia.

 

Sheriff, iz. Estatu Batuetan, udalerri mailan botere exekutiboak duen burua, Mendebaldeko eta Hegoaldeko zenbait estatutan eginbehar nagusitzat duena gaizkileak harrapatu eta urkatzea.

 

                John Elmer Pettibone Cajee

                (ez zait gai pozgarria batere)

                arras gaiztoa zen, izan ere.

 

                Askok zioten: «Zinez diot John

                laguna bezain gaizto den gizon

                bakar bat ere ez dago inon!»

 

                Bekatari porrokatu, bero,

                gaiztoren bat ezagutuz gero,

                horrexek bihurtzen zuen ero.

 

                Horren berri aditu orduko,

                zuzena zen haren iduriko

                jo eta bertan uztea seko.

 

                Herri eskariei egin uko,

                hura zuhaitz bateraino igo,

                han dilindan utzi eta kito.

 

                Edo noizbait umore onean

                egonez gero, su ederrean

                kixkaltzen zuen bake-bakean.

 

                Horrela zebilen bitartean

                herritar zintzo haien artean

                batzuk ziren haserre antzean.

 

                Auzoek zioten: «Bai tristea,

                hain lege-aurkako izatea

                eta hain anar-k-i-s-t-a.»

 

                (Hitz higuina ez aipatzearren

                horrela esan nahiago zuten,

                nazka horrenbestekoa baitzen.)

 

                «Garbi dago» esan zuten gero

                «garaia badela honezkero

                John gaiztoa geldiarazteko.»

 

                «Erlikia santu hauengatik,»

                eta atera zituzten poltsatik

                gordeak azken lintxamendutik,

 

                «hauengatik zin dagigu berak

                utziko dituela minberak

                diren bere bide eta manerak.

 

                Lotuko diogu esku hori,

                heriotz ematea inori

                legez ez bada ez dadin sori.»

 

                Hantxe bertan sheriff izendatu

                omen zuten, gero errezatu

                eta horrela afera bukatu.

J. Milton Sloluck.

 

Sigi-saga ibili*, ad. Aurrerantz kili-kolo egin, alde batetik bestera, gizon zuriaren zama gainean daramanaren antzera. (Bada «sigi» osagai hori «suge»-rekin lotzen duenik, «saga», berriz, islandierako hitza kontsideratzen da, baina agian «sagardo»-rekin loturaren bat izan dezake.

 

                Hain sigi-saga zuen egiten zabala,

                non ezein albotatik ezin nintzen pasa;

                Erditik pasatzea, berriz, zen hain zaila,

                makurtu behar, beraz, ederki kostata.

Munwele.

 

Sikofante*, iz. Lausengaria. Handitasunari ahuspez herrestan hurbiltzen zaiona, jirarazteko agindu eta ipurdian ostikoz jo ez dezaten. Batzuetan editorea izaten da.

 

                Izain meharrak bere biktima aurkiturik,

                nahi izaten du nonbait egon itsatsirik,

                bere larru beltz dena odolez puzturik

                lohira erori arte sobran xurgaturik.

                Horrela lausengari doilorrak poz-pozik

                auzoaren punturik ahulena asmaturik,

                izain antzo ahoaz zaio atxikitzen,

                baina lausengaria ez da inoiz askatzen.

                Gelasma, norberaren dohainak ahuntzen

                zerbitzuan jartzea ez da on izaten,

                gainera haien bizarra Aaronena baino

                gurgarriago dela defendatzeraino...

                Eta atxikitzeak haren kiratsari

                mesede edo maitasun badizu ekarri,

                munduak azkenean baluke mesede,

                gaizkile aberatsek negar berriz ere:

                zure faboreekin zer eginik gabe

                bazterrean zu utzita segiko lukete.

                Milioidun aberatsek —ez ote da aski?—

                garraio nahiz prezio guztietan beti

                ebasten badigute edo, areago,

                beste doilorkeria oraindik beltzago

                eta seguragoak bilatuaz uko

                egiten badiete ohiko atrako

                moldeei, isilean diruz asetzeko,

                zu ikustea haiei botak miazkatzen,

                atzean ostiko bat mesedez eskatzen?

                Baina jarraitu behar azken mugaraino

                lausengarien grina ahitu arteraino,

                aberatsak pozteko grina asetzeko

                nahitanahiez pobreak salatu beharko,

                hilobi ertzeraino hurbilarazteko.

                Morganen ohoretan ez zara isiltzen,

                Havemeyer hosannaz duzu gainezkatzen,

                zergatik duzu Satan horrela baztertzen

                zu gabe ere dirutan baitago usteltzen?

 

Silaba-bakar*, izond. Silaba bakarreko hitzez osatua. Literatur haurrentzat aproposa, ez baitira aspertzen konposatu zozoek egiten dieten zirrara aitortzez, beren haur-mintzo ulergaitzean. Horrelako hitzak ingelesez jatorriz saxoiak dira... alegia, ideia falta larria eta sentipen eta emozio elementalak baizik ez zituen herri basa baten hitzak.

 

                Saxoiz idazten duen gizona

                aizkoraz erdibitzeko ona.

Judibras.

 

Silfide, iz. Izaki ez-material baina ikusgarria, airean bizi zena airea elementu zenean eta fabriketako keak, hustubideetako gasek eta zibilizazioaren antzeko emaitzek kutsatu aurretik.

        Silfideak gnomoen, ninfen eta arrabioen lagunak ziren oso, oihanean, uretan eta sutan hurrenez hurren bizi baitziren, gaur hiru leku osasungaitz direnak. Silfideak, aireko txoriak bezala, arrak eta emeak ziren, alferrik, dirudienez; izan ere, ondorengorik izan balute, leku iritsezinetan egingo zuten habia, kumerik ez baitie inork sekula ikusi.

 

Silogismo, iz. Logikako formula, premisa nagusi, bigarren premisa eta ondorio oker batez osatua. (Ikus LOGIKA)

 

Sinboliko, izond. Sinboloei eta sinboloen erabilera eta interpretazioari dagokiena.

 

                Kontzientzia omen damuaren gunea,

                nire ustez urdaila du hark kokagunea.

                Bekatariak egin duenean bekatu,

                puztu egiten dela bainaiz ni konturatu

                edo sabel aldea bihurritzen zaiola,

                heste barnetik usain gaiztoa dariola.

                Niretzat behintzat hau da bekatari txarrena:

                afaltzeko zaborra besterik ez duena.

                Adanek sasoiz kanpo jan baitzuen sagarra

                bekatu horregatik egin behar negarra.

                Baina ongi dakizu, hau da sinbolikoa,

                Adanena, benetan, izan zen kolikoa.

G. J.

 

Sinbolo*, iz. Zerbaiten adierazletzat hartzen den beste zerbaiten ordez dagoen zerbait. Zenbait sinbolo «hondar» huts dira... ezertarako balio ez dutelarik, egiteko ohitura dugulako izaten jarraitzen duten gauzak; adibidez hilobietan zizelkaturiko errauts kutxatilak; garai batean benetan hildakoaren errautsak gordetzen ziren han. Orain ezin gara egitetik gelditu, baina gure ezina ezkutatzen duen izen bat eman diezaiekegu.

 

Sinesgabe, iz. New Yorken, Kristoren erlijioko sinestun ez dena; Konstantinoplan, sinestun dena (Ikus GIAOUR). Alproja kasta horrek ez die behar bezalako begirunerik eta ez ditu mantentzen behar bezala honako hauek: sagaratuak, elizgizonak, aita santuak, parrokoak, artzainak, kalonjeak, monjeak, mollahak, vuduzaleak, presbiteroak, hierofanteak, prelatuak, obeah-gizonak, abateak, mojak, misiolariak, sermolariak, diakonoak, fraideak, hadjiak, goi-apezak, muazinak, brahmanak, sendalariak, konfesoreak, eminentziak, presbiteroak, primatuak, prebendadunak, erromesak, igarleak, imamak, benefiziodunak, elizgizonak, koral-zuzendariak, artzapezpikuak, apezpikuak, abadeak, prioreak, predikadoreak, padreak, abadesak, nobizioak, ordena eskaleak, bikarioak, patriarkak, bonezak, santonak, kapeilauak, kalonjesak, egoitzadunak, kalonjeburuak, kalonjeburuordeak, herrixkako kalonjeak, abdalak, kutun-saltzaileak, artxidiakonoak, hierarkak, eskolako lehenak, benefiziodunak, kapitularrak, xekeak, monje budistak, eskaleak, eskribak, guruak, koru-arduradunak, sinagogazainak, fakirrak, elizainak, beneragarriak, errebibalistak, zenobitak, bizi arteko bikarioak, kaperauak, mudjoak, irakurleak, nobiziosak, bikarioak, pastoreak, rabbiak, ulemak, lamak, sakristauak, eliz-atezainak, derbixeak, irakurleak, eliz-zainak, kardinalak, prioremeak, apezpiku-laguntzaileak, akolitoak, erretoreak, apaizak, sufiak, muftiak, eta pum-pumak.

 

Sinesgabetasun, iz. Munduko sineste handien artean nagusi dena.

 

Sinesgaiztasun, iz.

 

                Gertaera bat kontatu zuen

                xamurki baina serio.

                Dudarik gabe sinesgaitza zen,

                gezurrak ez du balio.

 

                Baina entzule guztiak,

                hantxe zeuden harriturik,

                zioten elkar harturik

                zirela gauza handiak...

                dnek, batek izan ezik;

                hura han zegoen isilik

                gor eta mutu bailitzan,

                lasai, soraio, geldirik.

                Besteek, buelta harturik,

                goitik behera arakaturik,

                laster erabaki zuten:

                bai, bai, bizirik zegoen.

                Gero eta lasaiago

                ari zen geratzen hura.

                Batek oihuz hala dio:

                «Ez al da txundigarria

                kontatutako guztia?»

 

                Mutua altxatuz, begiak erne,

                eta lasai begiratuz,

                arakatuaz kanpo nahiz barne,

                erantzun zuen jarraituz:

                «Ezta batere... ni neu bainauzu

                hori bezain gezurtia.»

 

Sirena, iz. Musikari mirarizkoetako bat, batez ere ezaguna Ulises bizi osoa itsasgainean ematetik desbideratu zuelako. Alegiazko zentzuan, etorkizun bikain, asmo ezkutu eta egintza etsipen-emangarriko edozein andre.

 

Sobera jan, ad. Besteri jaten eman.

 

                Gastronomoa, Gehiegiaren apostolua, aintza zuri,

                sobera janda ez gaizkitzeko trebatua zaren hori.

                Zuk asmatua da oturuntzak on egitea urdailari

                Animalia ezin baitzaio gailendu Gizakiari.

John Boop.

 

Sofismazalekeria*, iz. Arerioaren eztabaida-metodoa, norberarenaren aldean gezur eta engainioz hornituagoa. Metodo hau azken sofistek erabiltzen zuten, Greziako filosofo sekta bat, jakinduria, zuhurtzia, zientzia, artea, eta, bi hitzetan esateko, gizakiak jakin nahi zuen guztia erakusten zuena, baina huskerien mataza katramilatu eta hitzen lainopean galdu zena.

 

                Hasteko etsai bihurriaren «egintzak» alde batera

                botaz sofismazalekeria azkar mahaira atera.

                Zin egingo du, gero, adituz hainbat gezur eta oker

                baliatzeko gai direnekin erotuko dela laster.

                Gezurra. Hilak gainean lurra zenbat eta meheago,

                presio ahulak behartu gabe are gezur gutxiago.

Polydore Smith.

 

Soka, iz. Hiltzaileei beraiek ere hilkorrak direla gogorarazten dien tresna, zaharkitu-hurrena. Lepo inguruan paratzen da, eta bertan irauten du norberaren bizitza osoan. Leku askotan gorputzaren beste alde batean paratzen den tramankulu elektriko konplexuago batek hartu dio lekua; eta horrek ere azkar utzi dio berea sermoia deitzen den aparatu bati.

 

Solasaldi, iz. Adimenaren lasaialdi txikien zabalkunderako feria, non saltzaile bakoitza bere ondasunak antolatzen arduratuegi ibiltzen den, besterenei kasu egiteko.

 

Soldadu soil, iz. Jaun militarra, kanpo-mariskalaren makila bizkar zorroan eta eragozpen bat bere esperantzan daramatzana.

 

Sonatu, izond. Gaiztakeriaren, bekaizkeriaren eta irainaren gezien xede izateko leku egokian jarria.

 

Sorgin, iz. — 1. Atso itsusi eta nazkagarria, gaiztakerian deabruarekin lotura duena. — 2. Neska gazte eder eta erakargarria, gaiztakerian deabruaren leziorik behar ez duena.

 

Sorginkeria, iz. Eragin politikoaren antzinako eredu eta aurrekaria. Hala ere, gaitzesgarriagotzat hartzen zen, eta tarteka tortura eta heriotzaz zigortu ere bai. Agustine Nicholasek kontatzen du sorginkeriaz salatutako nekazari bat torturatzen ari zirela aitortzera behartzeko asmotan. Oinaze arin batzuk jasan ondoren, inozo hilduratuak galdetu zien bere borreroei ea ez al zen posible sorgina izatea eta norbera ez konturatzea.

 

Sudur, iz. Aurpegiaren azken muturra. Konkistatzaile handiek sudur handiak dituztela oharturik, Getiusek, zeinen idazkiak umorearen aroa baino lehenagokoak baitira, sudurrari bakezaletasunaren organoa deitzen dio. Ohartarazi izan da norberaren sudurra ez dela sekula besteren aferetan sartzen denean bezain gustura beste inola izaten, eta hortik zenbait fisiologok ondorio gisa atera izan dute sudurrak ez duela usaimenik.

 

                «Hori duk hori sudurra!

                holako marka nork urra!»

                Jendeak ikustean egiten du oihu.

                «Belarriak estaltzeko

                beharko da kotoi franko,

                tresneria horrekin zintz egiten badu.»

 

                Abokatuek epaileei

                azkar egin zieten dei,

                baina haiek eskariei berehala uko.

                «Branka horrexen tamaina

                ez da broma, alajaina!

                Gure jurisdikziotik kanpora dago.»

Arpad Singiny.

 

Su-eten, iz. Adiskidetasuna.

 

Sufragio, iz. Bozketa bidez iritzia ematea. Botoa emateko eskubideak (eskubide eta betebehartzat hartzen denak), normalean ulertzen denez, beste norbaitek aukeratu duen gizonaren aldeko botoa emateko eskubidea esan nahi du, eta estimazio handia du. Botoa ez ematea «hirilege falta»-tzat gaitzesten da. Horrelako jokabidea duena, hala ere, ezin da auzipetu delitu horregatik, ez baita salatzaile legitimorik. Salatzailea bera ere erruduna bada, ez du lekurik iritzi publikoaren aurrean; ez bada, delitua mesedegarri du, A-ren abstentzioak B-ren botoari pisu handiagoa ematen baitio. Emakumearen sufragioa esaten zaio emakume batek gizonen batek esaten dionaren aldeko botoa emateko eskubideari. Emakumearen erantzukizuna du oinarri, nolabait mugatua dena. Bere eskubideak errebindikatzeko azpigonatik jauzi egiteko irrikarik handiena duen emakumea lehenbizikoa izaten da hura janzten, eskubide horiek gaizki erabili dituelako makilatxo batekin mehatxu egiten zaionean.

 

Sugegorri, iz. Suge mota bat. Horrela deitzen zaio, bizitzan gorriak ikusten ari denari heriotzako orduan ere beste horrenbeste pairarazten diolako.

 

Suhartasun*, iz. Bururik gabeko maitasunaren ezaugarria.

 

Sutauts*, iz. Konpondu ezean problematikoak bihur daitezkeen arazoak konpontzeko, herri zibilizatuek erabiltzen dituzten bitartekoetako bat. Autore gehienek diote sutautsa Txinan asmatu zela, baina ez dute oinarritarako froga sendorik. Miltonek dio deabruak asmatu zuela aingeruak sakabanatzeko, eta iritzi hau aingeruen eskasiatik aterea da, dirudienez. Gainera, Nekazaritzako ministro James Wilson Ohoragarriaren onarpen sutsua du alde.

        Wilson ministroa Columbia Distrituko Gobernuaren etxalde esperimental batean gertatutakoaren ondorioz hasi zen sutautsaz arduratzen. Egun batean, duela urte batzuk, haren dohain handiei errespetu handirik ez zien atalaje batek, sutauts zorro txiki bat erregalatu zion esanez Flashaw flabbergastor-en haziak zirela, balio komertzial handiko zereal patagonikoa, klima honetara ederki egokitua. Ministro gizagaixoari esan zion hazi haiek ildo batean bota eta lurrez estaltzeko. Berehala bete zuen agindua; hamar akreko soro batean alderik alde sutauts lerro bat egin zuen, eta, orduan, oihu batek burua itzularazi zion, dohaintza-emaile eskuzabalak poxpolo piztu bat botea baitzuen bat-batean ildoaren hasieran. Lurra ukitzeak sutautsa pixka bat busti zuen nonbait, baina funtzionario harrituak su eta ke zutabe luze mugikor bat jirabira amorratuan atzetik segika zuela ikusi zuen bere burua. Une batez zur eta lur geratu zen, mutu; gero konpromiso batez oroitu zen, eta dena bertan behera utzirik halako abailan alde egin zuen handik, non bidean ikusi zutenei iruditu baitzitzaien sinetsi ezineko ziztuan zazpi herri zeharkatu zituen tximista luze ilun bat, atseden hartzeko ere inola ere gelditu nahi ez zuena. «Jainko Santua! Zer da hori!» hots egin zuen topografoaren laguntzaileak, eskuak begiak babesteko bekokiratuz, zerumuga begi aurrean erdibitzen zuen lerro ia ezkutatuari begira: «Hori,» esan zuen topografoak, fenomenoari axolakabe erreparatu eta berriro ere bere tresnari kasu eginez, «Washingtongo meridianoa da».

 

 

 

© Ambrose Bierce

© itzulpenarena: Xabier Olarra

 

 

"Ambrose Bierce / Deabruaren hiztegia" orrialde nagusia