M

 

Madarikatu, du ad. Hitzezko makila batekin bizi-bizi lan egin. Literaturan, bereziki trajedietan, eginkizun hau hilgarria izan ohi da biktimarentzat. Halaz guztiz ere, bizitza-aseguruen tarifak finkatzerakoan madarikatzearen kalteordaina garrantzi gutxiko kontua da.

 

Madarikatu*, izond. Garai batean Paphlagoniarrek sarritan erabiltzen zuten hitza, esanahia galdua duena. Dolabelly Gak doktoreak uste du satisfakzio termino bat zela, adimen lasaitasun maila gorena adierazten zuena. Groke irakasleak, berriz, atsegin aztoratua adierazten zuela pentsatzen du; izan ere, maiz alua hitzarekin loturik agertzen da. Nekez aurkeztuko nuke nik iritzirik, bi autoritate izugarri horietako edozeinekin apaltasunik handienaz eztabaidan hasteko modukorik.

 

Magal, iz. Emeen sistemaren organo garrantzitsuenetako bat... haurren atsedenerako naturak egin duen hornidura zoragarria, baina batez ere erabilia nekazari giroko festetan oilasko hotz platerkadak eta arren buruak edukitzeko. Gure espezieko arrak magal oso hasi-masikoa du, ez oso ongi garatua eta batere laguntzen ez duena animaliaren funtsezko ongizaterako.

 

Magdaleme*, iz. Magdalako biztanle emea. Adiera herrikoian, kalean aurkitutako emakumea. Hitzaren definizio honek ezjakintasunaren autoritatea dauka, Maria Magdalakoa ez baitzen inondik ere San Lukasek aipatzen duen emakume damutua, ezta hurrik eman ere. Hitzak Britainia Handiko eta Estatu Batuetako gobernuen onarpen ofiziala du. Ingalaterran Maudlin ahoskatzen da, eta hortik dator maudlin adjektiboa, desatseginkiro sentimentala esan nahi duena. Beraz, ingelesak, Magdalene Maudlin eta Bethlehem Bedlam bihurtu baitituzte, harro egon daitezke zismatikorik handienak izateaz.

 

Magia, iz. Superstizioa txanpon bihurtzeko trebetasuna. Badira beste trebetasun batzuk helburu bera lortzeko, baina lexikografo zuhur honek ez ditu aipatuko.

 

Magnetismo, iz. Imanari eragiten dion zerbait.

        Bi definizioak (imanarena eta hauxe) mila zientzialari ospetsuren lanetatik laburtuak dira, iluntasun oro uxatuz haiek argitu baitute gaia, eta giza ezagupenaren aurrerapen estimagarria lortu.

 

Magnitude, iz. Tamaina. Magnitudea erabat erlatiboa denez, ezer ez da ez handi ez txiki. Unibertsoko gauza guztiak handitu eta diametroz orain diren halako hamar bihurtuko balira, ezer ez litzateke izango lehen baino handiago, baina gauza bat aldatu gabe geratuko balitz, gainerako guztiak lehen ziren baino handiago bihurtuko lirateke. Magnitudearen eta distantziaren erlatibitatea arrotza ez zaion adimenarentzat astronomoaren espazioak eta masak ez lirateke izango biologoak esku artean erabili ohi dituenak baino txundigarriago. Aitzitik, gaur dakigunaren arabera, ikusmeneko unibertsoa atomo baten parte txiki bat izan liteke, ioiz osatua, animaliaren baten bizi isurkinetan (eter argiduna) flotatuz legokeena. Gure odolaren korpuskuluek beren osagai diren izaki ñimiñoak ikusten dituztenean, agian zirrara berdinak asaldatzen ditu, baten unibertsoa bestearenetik zein urrun dagoen ohartzean.

 

Mahats, iz.

 

                Salbe, fruitu nobleetan nobleena: mahatsa!

                Homero, Anakreonte, Kayyam haien ametsa.

                Ni baino gizon hobeek gogotik laudatua,

                edozein hizkuntzaz beti goraki kantatua.

 

                Lira jotzeko ez dut nik izan esku treberik,

                kantarik ez da atera inoiz nire ahotik.

                Arren, onar iezadazu nire zerbitzu umila:

                burlosoa hil nahi baduzu, zatoz laguntza bila.

 

                Ur zaleak omen diren burutik nahasiei,

                baina, izan, pattarzale amorratu direnei

                ikertuko dizkiet nik beren pattar-zorroak,

                eta makilaz berotu atzealde sendoak.

                Bete ontzia, bete, bai, zentzua ahultzen baita,

                ardoa kupelan geldi gehiegi uzten bada.

                Debekuaren zaintzaile txoroei heriotza!

                Deabruak mahatsaren izurriak gal bitza!

Jamrach Holobom.

 

Maiestate*, iz. Erregearen estatus eta titulua, Amerika errepublikazaleko ordena antzinako eta ohoragarrietako Maisu Goren, Goi Kantziller, Incohone Handi eta Ahaldun Inperial Nabarmenenek mesprezu bidezkoz begiratua.

 

Maila, iz. Giza merezimenduen mailadian nolabaiteko garaiera.

 

                Hain maila altua gortean

                beste nobleek galdetzean

                zergatik zuen: «Ai, zeren

                trebeagorik gaur ez den

                txapaka leunki egiten

                Erregeri bizkarrean!»

Aramis Jukes.

 

Mailegu emaile, iz. Finantza-agoniaz harantzago bizi den basatien tribuko kidea, egiten dituen eraso latzengatik beldurra zaiona.

 

Maionesa, iz. Frantsesek estatuaren erlijioaren parekotzat daukaten saltsetako bat.

 

Maitagarri, iz. Forma eta dohain desberdinak zituen izaki bat, garai batean belardi eta oihanetan bizi zena. Gautarra zen ohituraz, eta dantzarako zaletasuna eta haurrak lapurtzeko jaidura zuen. Naturalisten ustez maitagarriak orain iraungiak dira, nahiz eta Ingalaterrako Elizako apaiz batek hiru ikusi zituen Colchester ondoan 1855ean, parke bat gurutzatzean jauregi baten jabearekin afaldu ondoren. Ikuskizunak hainbesteraino asaldatu zuen, eta hainbeste durduzatu, non ikusitakoaren kontakizuna nahasia izan baitzen. 1807an, maitagarri andana bat Aix ondoko oihan batean agertu zen, eta nekazari baten alaba eraman zuten, oihanean sartua baitzen arropa-pardel batekin. Garai bertsuan burgeois aberats baten semea desagertu zen, nahiz eta gerora agertu. Bahiketa ikusia zuen, eta maitagarriei esetsi zien. Justinian Gaux XIV. mendeko idazleak dioenez, maitagarrien itxuraldaketarako ahalmena hain da handia, non behin haietako bat ikusi omen zuen bihurtzen, zer eta elkarri eraso bortitza egiten ari ziren bi armada etsai; hurrengo egunean, maitagarria bere lehengo formara bihurtu eta alde egin zuenean, zazpiehun hilotz geratu omen ziren lur gainean, nekazariek lurperatu behar izan zituztenak. Ez du esaten zaurituetako inor bizirik atera zen. Ingalaterrako Henrike III.aren garaietan lege bat egin omen zen maitagarriren bat «Hil, zauritu edo elbarri uztea»-gatik heriotza-zigorra baliogabetu zuena, eta erabateko begiramendua bereganatu zuen lege horrek.

 

Maitasun, iz. Aldi bateko erotasuna, ezkonduz edo eritasuna sortu zioten eraginetatik aldenduz sendatzen ahal dena. Buruhauste hau, kariesa eta beste infekzio batzuk bezala, inguru artifizialetan bizi diren arraza zibilizatuetan bakarrik agertzen da; aire garbia hartzen dutenek eta janari kontuan neurritsu direnek inmunizazioa dute gaitz honen sarraskien kontra. Askotan hilgarria da, baina sendagilearentzat maizago gaixoarentzat baino.

 

Makrobio*, iz. Jainkoek ahaztu eta adin handiraino bizitzen dena. Historiak adibide franko ematen ditu, Mathusalemengandik Parr Zaharrarenganaino, baina luzaro bizitzearen beste adibide batzuk ez dira hain ezagunak. Coloni zeritzan Calabriako nekazari bat, 1753an jaioa, hain luzaro bizi izan zenez, bake unibertsala une batez ezagutu zuela iruditzen zitzaion. Scanaviusek dio ezagutu zuela artzapezpiku bat hain zaharra, non gogoan baitzuen urkatua izaterik merezi ez zuen garai bat. 1566an Bristoleko (Ingalaterra) oihal saltzaile batek esan zuen bostehun urtez bizia zela, eta denbora horretan guztian ez zuela sekula gezurrik esan. Luzaro bizi izanaren adibideak (makrobiosia) gure herrian ere baditugu. Chauncey Depew senadoreak baditu horren berri izateko adina urte. The American New Yorkeko egunkariko editoreak badu alproja zen garaiko oroitzapena, ez ordea gertaera horrexena. Estatu Batuetako presidentea hain aspaldi jaio zen, non bere gaztaroko lagun askok karrera politikoan edo militarrean oso gora egin duten meritu pertsonalen laguntzarik gabe. Jarraian doazen bertsoak makrobio batek idatziak dira.

 

                Gazte nintzela mundu hau eder, atsegin eta argitsu zen,

                airea garbi zegoen beti, urak ezti zirudien.

                Txisteak, onak; politikoak, oro har, zintzoak ziren,

                eta berri bat irakurtzean egia izan zitekeen.

                Gizonak marru, oihu, erritan ez ziren hain maiz ibiltzen,

                emakumeak beste hainbeste, baten bat pasatu arren.

 

                Benetan luze genuen uda, urtaro oso baten dina!

                Negu gorria buru-makurrik airoso zen aldegina,

                udaberriko eguzki printzek emeki harturik gaina.

                Gaur nola arraio esan daiteke urtea dela lehen aina,

                hasi orduko bukatu bada? Zer da hori, zer da, baina!

                Gazte nintzela urtea hilez osatzen zen alajaina!

 

                Mendea franko aldatua da, gaur da triste eta goibela,

                antolatzaileek nonbait nahi dute denok nazka gaitezela.

                Eguraldiko Gizonak ere seguru kulpa duela;

                aire zikinak itotzen gaitu edo txaldartzen bestela.

                Leihoa itxi ezkero larri, zabaldurikan bezala.

                Beraz, uste dut molde berri hau dela txit kezkagarria,

                lehen begiradan hala dirudi baina ez da hain larria.

                Eta abantailak ere baditu, erne ibili begia,

                gizakiontzat ilun badago, aingeruentzat da argia,

                adina hain ona bada, milesker: Maisuak baita jarria!

Venable Strigg.

 

Maltusiar*, iz. Malthusi eta haren doktrinari buruzkoa. Malthusek populazioaren hazkundea artifizialki muga zitekeela uste zuen, baina ohartu zen hori ezin zitekeela hitzez soilik lortu. Malthusen ideien erakusbide praktikoenetako bat Judeako Herodes izan zen, nahiz eta soldadu ospetsu guztiak pentsaera berdinekoak izan diren.

 

Maltzurkeria, iz. Animalia edo pertsona ahula indartsuagoetatik bereizten duen dohaina. Duenari adimeneko satisfakzioa eta sekulako ezbehar materialak ematen dizkio. Esaera italiar batek dio: «Larruzaleak azerien larru gehiago lortzen ditu astoenak baino.»

 

Mamu*, iz. Barne-izuaren kanpoaldeko seinale ikusgarria.

        Mamuen jokabide bitxiaren berri ematean, Heinek aipatzen du norbaiten teoria argia, zeinaren arabera guk haiei diegun adinako beldurra diguten haiek ere guri. Ez da horrenbestekoa, nire ustez, batez ere neure eskarmentutik ateratako abiaduren taula konparatiboak kontuan hartuz gero.

        Oztopo gaindiezin bat dago mamuetan sinesteko. Mamua sekula ez da biluzik agertzen: edo oihal batean bildurik edo «bizi zeneko jantziekin» azaltzen da. Badirela sinestea ez da bakarrik hildakoek, erabat desegin ondoren, beren buruak ikusgarri egiteko ahalmena dutela sinestea, baizik eta ahalmen bera dutela oihalek ere. Demagun agerpenetako produktu horiek ere badutela: zertarako gauzatuko ote lukete ahalmen hori? Eta traje baten agerpena zergatik ez da ibiltzen, inoiz edo behin, barruan mamurik ez badu? Enigma pisuzkoak dira hauek. Hondoraino iristen dira eta atzaparkada urduriaz heltzen diote fede mardul honen sustraiari.

 

                Mamu bat ikusi zuen,

                Han zegoen —izaki hits hura—

                hari bidea trabatzen.

                Ez zuen izan aski denbora

                ihes egiteko, zeren

                mamua ikusi zuten

                begietan lurrikara

                gisako bat sentitu baitzuen.

                Lurrera hantxe erori zen

                asmo zintzoen antzera:

                han zegoen geldi mamu bera.

                Begi aurrean zituen

                izarrak kendu ahala,

                garbiro ikusi zuen

                mamua poste bat zela.

Jared Macphester.

 

Mana*, iz. Israeldarrei basamortuan ematen zitzaien janari mirarizkoa. Hornikuntza ahitu zenean, bertan gelditu eta lurra lantzen hasi ziren, eta ongarritarako, normalean, lehenagotik han bizi zirenen gorputzak erabiltzen zituzten.

 

Maneak, iz. pl. Greziar eta erromartar hilen parte hilezkorrak. Egoera deseroso motel samarrean egon ohi ziren, harik eta utziak zituzten gorputzak lurperatu edo erre arte; eta ez dirudi gero ere bereziki zoriontsuak izan zirenik.

 

Manikeismo*, iz. Antzinako doktrina pertsiarra, Ongiaren eta Gaizkiaren arteko borroka etengabeari buruzkoa. Ongiak borrokatzeari uko egin zionean pertsiarrak oposizio garaileko kide bihurtu ziren.

 

Mantsotasun, iz. Hartzea merezi duen mendekua prestatzen ari denaren pazientzia ez-ohikoa.

 

                M-a Moisesi dagokio,

                egiptoarrak hil baitzituen.

                Eta haren mantsotasunaren

                larrosari lurrina dario.

                Bere hilartitzak ez esan arren,

                M-a Moisesi dagokio,

                egiptoarrak hil baitzituen.

Alfabeto Biografikoa.

 

Margolan, iz. Bi dimentsioko irudia, hiru dimentsiotan aspergarria den zerbaitena.

 

                «Begira Daubert handiak egin zuen margolan totala

                bizitzatik da zuzen hartua...» Beraz, hori bada hala,

                Zeruko Indar Ahaltsuok, arren, ni ere Hark har nazala.

Jali Hane.

 

Martiri, iz. Heriotza desiratua iristeko lerro ahulenean aurrera egiten duena.

 

Material, izond. Benetako izaera duena, alegiazko izaera baizik ez duenarekin nahasi behar ez dena. Garrantzizkoa.

 

                Ezagutu, ukitu, ikusten dena

                da benetako edo materiala,

                gainerakoa da, ostera, hutsala.

Jamrach Holobom.

 

Matxinada, iz. Ikusle errugabeek militarrei eskaintzen dieten entretenimendu ezaguna.

 

Mausoleo, iz. Aberatsaren azkeneko txorakeria, eta barregarriena.

 

Meandroka ibili, da ad. Bihurka eta xederik gabe ibili. Hitza Troiatik ehun eta berrogeita hamarren bat milia hegoaldera igarotzen zen ibai baten antzinako izenetik hartua da; ibaiak, nonbait, itzuliz eta bihurrikatuz egiten zuen aurrera, greziar eta troiatarrak beren balentriez harropuzkerian ari zirela ez aditzeko.

 

Medikuntza, iz. Broadwayn zakurra hiltzeko Boweryn botatzen den harria.

 

Meerschaum, iz. (literalki itsas apar, eta horretaz egina delako uste okerra zabaldua da). Lur zuri distiratsua, pixkana kolore arrea har dezan tabako pipetan paratu eta erretzen dutena lanbide horretan dihardutenek. Interesatuek kolore aldaketa hori zertarako egiten zaion ezkutuan gordetzeko ahalegin handiak egiten dituzte.

 

                Bazen gazte bat (agian ipuin

                hau duzue ezaguna)

                itsas-aparrez egin pipari

                kolore eman nahi ziona.

 

                Etxean sartu eta gehiago

                inor ikusi ez zuen

                gau eta egun, jai eta aste

                pipatzen eman zituen.

 

                Haize ekaitz gogor batean haren

                zakurra hil zen intzirika,

                belar gaiztoak bidean gailen,

                hontza etxean uluka.

 

                «Alde batera joan da urrun,

                ez da berriz itzuliko,»

                zioten triste haren auzoek

                gogoz etxea husteko.

 

                Gaztea hilda beltzaran datza

                pipa hortzean duela,

                muturra beltza, pipa zuria,

                bai kontu polita dela!

                Lezio honek esplikazio

                batere beharrik ez du:

                adarra joko dizuten gauzei

                aurretik neurria hartu.

Martin Bulstrode.

 

Mendebalde, iz. Sortaldearen mendebaldean (edo ekialdean) dagoen aldea. Bertako biztanleak gehien bat Kristauak dira, Hipokriten azpileinu ahaltsua, jarduera nagusitzat hilketa eta iruzurra dituena, beraiek «gerra» eta «merkataritza» atseginez izendatzen dituzten arren. Horiek dira, halaber, Sortaldeko jarduera nagusiak.

 

Mendeku, iz. Legearen Tenplua oinarritua dagoen arkaitz naturala.

 

Menpeko, izlag. Besteren eskuzabaltasunean bere ustea duena, hura beldurtuz atera ezin dion babesaren truke.

 

Merkatari, iz. Helburu komertzialekin diharduena. Helburu komertzialak duen helmugari dolarra deritza.

 

Merkataritza, iz. Truke mota bat, zeinean A-k B-ri C-ren salgaiak lapurtzen dizkion eta, ordainetan, B-k D-ren patrika miatzen duen, E-ren dirua hartzeko.

 

Mesmerismo*, iz. Hipnosia, jantzi dotorez hornitu, ibilera ponpoxotu eta Sinesgogorkeria afaltzera gonbidatzen hasi aurretik.

 

Metropoli, iz. Txokozalekeriaren gotorlekua.

 

Mika, iz. Txori bat, lapurretarako duen joera ikusirik, norbaiti pentsarazi diona mintzatzen erakus lekiokeela.

 

Milurte*, iz. Mila urteko epea, baldin eta erreformatzaile guztiak azpian direla, estalkia gainetik estutzen ahal bada.

 

Min, iz. Gogo-egoera deserosoa, gorputzari egiten ari zaion zerbaitetan oinarri fisikoa izan dezakeena, edo huts-hutsik mentala izan daitekeena, besteren zori onak eragina.

 

Ministro, iz. Botere handia eta erantzukizun txikia duen pertsona. Diplomaziaren arloan herrialde arrotzera bidalitako mezularia, bere erregearen etsaigoaren mamitze ukigarria den aldetik. Trebetasunen artean gezurteria sinesgarria nagusitzen zaio, ia-ia enbaxadorearena adinakoa izan ohi dena.

 

Mintzatu, du ad. Motiborik gabe indiskrezioan erori, xederik gabeko bultzada batek eraginik.

 

Mirari, iz. Ordena natural edo ulergaitzaren aurrean makurtzen ez den egintza edo gertaera, adibidez hogeita hamaika eta eskutik eduki eta hala ere galtzea.

 

Mirespen, iz. Beste batek gurekin duen antzaren gizalegezko aitorpena.

 

Mirmidon*, iz. Akilesen jarraitzaileetako bat... bereziki buruzagi izateari utzi zionean.

 

Mitologia, iz. Antzinako herri baten sinesteen sorta, bere jatorria, aspaldiko historia, heroiak eta abar biltzen dituena, gero sortzen dituen benetako istorioekin nahasi behar ez dena.

 

Moda, iz. Despota bat, zuhurrek irri egiten eta obeditzen diotena.

 

                Errege batek begi bat galdu

                omen zuen behin batean:

                beroaldiren batez kixkaldu.

                Eta harrezkero gortean

                begi bakarrak erruz azaldu

                omen ziren bat-batean.

 

                Moda berriak akuilaturik,

                denak begi bat itxita

                omen zebiltzan begi keinurik

                egin gabe ezin etsita.

                Erregek, berriz, amorraturik,

                nahiago zituen hilda.

 

                Zer egingo ba? Ez baitzuten nahi

                horretara arriskatu,

                begi ixtera ere nolanahi

                ezin, ba, deliberatu.

                Hark baino hobeki ikusteko gai

                zirela ezin aitortu.

 

                Xelebre batek, ordea, denak

                ikusirik horren triste,

                piztu zituen goibel zirenak

                esanez: «Konpon daiteke.

                Oihala eta kola dutenak,

                begi bat estal bezate.»

 

                Gortean denek elkar harturik

                txaplata jarri gerora,

                eta Erregek, arras pozturik

                ontzat eman zuen moda.

                Geldi nadila hankak hozturik

                hau dena gezurra bada.

Naramy Oof.

 

Moldiztegiko letrak, iz. pl. Metal puska kirastunak, zibilizaziorako eta adimena argitzeko kaltegarriak omen direnak, nahiz eta hiztegi paregabe hau osatzeko, bistan denez, baliagarriak izan.

 

Molekula*, iz. Materiaren partikularik txikiena, zatiezina. Korpuskulutik, hori ere txikiena eta zatiezina baita, atomoaren antz handiagoa izateak bereizten du, hori ere materiaren partikularik txikiena eta zatiezina baita. Unibertsoaren egituraren hiru teoria zientifikoak hauek dira: molekularra, korpuskularra eta atomikoa. Laugarren batek baieztatzen du, Haeckeli jarraikiz, materia eterretik prezipitatu eta kondentsatu da... zeinaren existentzia prezipitazio eta kondentsazioz frogatzen den. Pentsamendu zientifikoaren gaurko joerak ioien teorian bilatzen du oinarria. Ioia bereizten da molekula, korpuskulu eta atomotik ioia delako. Bosgarren teoria bat ere sustatzen dute ergelek, baina ez da segurua besteek baino gutxiago jakitea.

 

Momia, iz. Antzinako egiptoarra, garai batean botika gisa erabilia eta gaur egun arteari pigmentu bikaina hornitzen diona. Eskueran da, halaber, museoetan, gizakia behe-mailako animalietatik bereizteko balio duen jakin-min arrunta bazkatzeko.

 

                Gorpuak baltsamatuz, momiak eginez,

                gizonak ohoratzen zuen hila, zinez.

                Baina hilobikoa bekataria zen

                ala santua ez du axola izaten.

                Berdin lapurtzen dugu eta medikuntzan

                museoetan edo-ta pinturagintzan

                erabiltzen baitugu. Eta biltzen gara

                erakustokietan ardiak bezala.

                Bertso hau osatzeko, jainkook, esan, arren

                hildakoak noiz arte zaindu behar diren.

Scopas Brune.

 

Monada*, iz. Materiaren zatirik txikiena, zatiezina (Ikus Molekula). Leibnitzen arabera, dioena ulertua izatea nahi duen heinean, monadak materiarik gabeko gorputza du, eta agerpenik gabeko adimena... Leibnitzek pentsatzeko berezko ahalmenaz baiatuz asmatu du hori. Bere buruan oinarrituz finkatu du unibertsoaren teoria, izakiak kexarik gabe jasaten duena, monada ongi hezia baita. Txikia bada ere, monadak bere baitan ditu lehen mailako filosofo alemana bihurtzeko behar diren ahalmen eta posibilitate guztiak... oro har laguntxo ahaltsua baita. Ez da nahastu behar mikrobio edo baziloekin; ongi bereizteko ahalmenik ez duenez, mikroskopio on batek garbi erakusten du espezie zeharo desberdinekoa dela.

 

Monarka, iz. Erregetzan diharduen pertsona. Garai batean monarkak agintzen zuen, hitzaren eratorriek frogatzen dutenez eta zenbaitek ikasi ahal izan dutenez. Errusian eta Ekialdean monarkak oraindik ere botere handia du afera publikoetan eta giza buruen taxukeran, baina Europako mendebaldean administrazio politikoa ministroen esku uzten du, eta bera nolabait bere buruaren egoerari buruzko hausnarketek kezkaturik ibili ohi da.

 

Monsinore, iz. Elizako goi titulua, zeinaren abantailez ahaztu egin baitzen gure erlijioaren Fundatzailea.

 

Moral, izond. Tokian tokiko zuzentasun arau aldakorrera egokitzen dena. Egokitasun orokorra ezaugarritzat duena.

 

        «Ba omen da mendilerro bat ekialdean, eta haren alde batean jokabide batzuk inmoralak omen dira, beste aldean, berriz, estimazio handikoak. Hori menditarrarentzat komenentzia izugarria da, zeren alde batera edo bestera jaisteko eta bere umorearen arabera jokatzeko aukera ematen baitio, okerrik egin gabe.» — Gookeren gogoetak.

 

Mosketari, iz. Eskularru luzea, besoaren parte bat estaltzen duena. New Jerseyn erabiltzen da batik bat. Baina «mosketari» mosketero idazteko modu kaxkarra besterik ez da.

 

Mozkor-sudur, iz. Bere egilearen irudira egindako sudurra duena.

 

Mozorrotu, da ad. Nortasunari alkandora garbia jarri.

 

«Hobe dugu mozorrotzea.» — Adan.

 

Muga, iz. Geografia politikoan, bi nazioen arteko lerro alegiazkoa, baten alegiazko eskubideak bestearen alegiazko eskubideetatik bereizten dituena.

 

Mukizapi, iz. Seda edo lihozko oihal karratu bat, aurpegian egiten diren lan ez-duin zenbaitetan erabilia eta egin-egina hiletetan malko eskasia ezkutatzeko; gure arbasoek ez zuten horrelakorik ezagutzen eta haren eginkizunak mahukari gomendatzen zizkioten. Mukizapia berriki asmatua da. Shakespearek Othello antzerkian sartu izana anakronismoa da. Desdemonak gonaz lehortzen zuen sudurra, Mary Walker doktoreak eta beste erreformatzaile batzuek beren jaka atzeluzeekin egin izan duten bezala gure egunotan... iraultzek batzuetan atzerantz egiten dutelako froga.

 

Mulato, iz. Bi arrazatako haurra, biez lotsatzen dena.

 

Mustang, iz. Mendebaldeko ordeketako zaldi basa. Ingalaterrako gizartean aristokrata ingelesaren emazte amerikarra.

 

Musu, iz. Poetek «usu»-rekin errimatzeko sortutako hitza. Oro har, badirudi adierazten duela elkar ongi ulertzearen nolabaiteko errito edo zeremoniaren bat; baina nola gauzatzen den ez daki lexikokrafo honek.

 

Muxugitarra, iz. Musikala ez den tresna bat, hortzekin sokei atezaturik eutsiz eta behatzekin kentzen saiatuz bezala jotzen dena.

 

 

 

© Ambrose Bierce

© itzulpenarena: Xabier Olarra

 

 

"Ambrose Bierce / Deabruaren hiztegia" orrialde nagusia