L

 

Laburtu*, du ad. Moztu, laburrago egin.

 

«Gizonen bizimoduko gertaeretan beharrezko bihurtzen denean jendeak bere erregea laburrago egitea, gizateriaren iritziarekiko begiruneak eskatzen du zatiketa horretara zerk bultzatu dituen deklaratu beharra.» — Oliver Cromwell.

 

Lagun, iz. Emaztea edo laranja-erdi mingotsa.

 

                «Aizu, Pat, emaztea zergatik da lagun?»

                diotsa apaizak. «Hain zuzen, neskalagun

                zenetik hark ez dizu ezertan lagundu,

                ez baituzu sekula eskurik zikindu?»

 

                «Egia da, bai, Jauna,» Patek arrapostu,

                baina damu zantzurik hark bat ere ez du.

                «Hitz horrek dioena, ezin da atzendu:

                »gastuak partitzean behintzat laguntzen du.»

Marley Wottel.

 

Lagundu (saminean) da ad. Samina bera errukia baino gaitz txikiagoa dela erakutsi.

 

Lagungabe, izond. Eskaintzeko faborerik ez duena. Fortunarik gabea. Egiak eta zentzu komunak diotena aldarrikatzeko adikzioa duena.

 

Laguntzaile, iz. Funtzionario baten edo haren berme-emailearen gizonezko ahaidea. Laguntzailea normalean gazte itxurosoa izaten da, gorbata gorria eta sudurretik idazmahairainoko amaraun sistema katramilatu bat dituena. Atezainaren erratzak ustekabean jotzen duenean, hauts hodei bat harrotzen du.

 

                «Laguntzaile-buru,» Nagusiak oihu,

                «kontulari batzuk eta bi aditu

                gure liburuak ikustera datoz

                lapurretarik den aztertzeko asmoz.

                Jarriko digute dena hankaz gora;

                zerbait baldin bada, hor agertuko da.

                Mesedez, sarrerak apaila itzazu,

                balantze egokiak bakarrik azaldu.

                Eskudiruaren kopuru osoa

                kontatuko dute, ez izan zozoa.

                Puntuala zara, mirestekoa da,

                argi-haste eta gau, beti hemen zara.

                Beti hor zaude zu sillan eserita,

                negoziodunen aurrean jarrita;

                haien oihu eta mehatxu keinuak

                maiz zuri eskerrak ohi dira apalduak,

                sorginkeriazko begiradarekin,

                liluramenduzko bide ezkutuz ekin

                eta ahoberoak isiltzen dituzu,

                beti lasaitasun barreiatzaile zu.

                Dena horren txukun prestatzen duzunez,

                kobratzera heldu baina gogo onez

                pagatuta joaten direnak badira.

                Baina oraingoan garaia iritsi da,

                zure trebezia erabiltzekoa,

                larriago diren kontuetan. Jaiki,

                begiko tximistak astindu ederki;

                Baliabide eske joan zaitez noranahi,

                zure izpiritua sar ezazu nonahi.»

                Nagusiak eskuz Laguntzaileari

                bizkarrean laztan eman zion sari,

                baina bat-batean, han doa lurrera,

                globo zimur eta oskol zartabera,

                buru beltz begi-huts zimel bihurtuta,

                hamabi hilabete zituen zenduta.

Jamrach Holobom.

 

Laido, iz. Satira, burumotzek eta beren adimen zorroztasuna kamustua dutenek ulertzen duten moduan.

 

Lan, iz. A-k B-rentzako ondasunak irabazteko duen prozesuetako bat.

 

Lan gaitz, iz. Arrantzara joan nahi duten goi mailako funtzionarioak jotzen dituen gaitz arriskutsua.

 

Laokoonte*, iz. Antzinako eskultura ospetsu bat, izen bereko apaiz bat eta bere bi semeak suge izugarrien korapiloetan harrapaturik irudikatzen dituena. Agureak eta bere umeek sugeei eusten eta beren lana egiten laguntzen erakusten duten trebetasun eta maraztasuna, gizakiak inertzia itsua menderatzeko duen ahalmenaren irudikapen artistikorik nobleenetakotzat hartua izan da.

 

Lapur, iz. Negozio-gizon xaloa.

        Voltaire eta bere lagun batzuk bideko ostatu batean geratu omen ziren gaua pasatzera. Ingurua gogo-pizgarria zen, eta txandaka lapur istorioak kontatzea erabaki zuten. «Bazen behin batean Etekinen Biltzaile Orokor bat». Besterik esaten ez zuenez, jarraitzeko esan zioten. «Hori da istorioa», esan zuen.

 

Lapurkeria, iz. Lanik gabeko horniketa. Boterearen aberasbide azkarra.

 

Larunbat*, iz. Asteroko jaia, Jainkoak mundua zazpi egunetan egin eta zazpigarren egunean atseden hartu izanean duena etorkia. Juduen artean jai egun hau egitera lege batek behartzen zuen, zeinaren bertsio kristauak honela dioen: «Gogora zaitez zazpigarren egunaz, zure auzoari osorik errespetarazteko». Kreatzaileari egoki eta bidezko iruditzen zitzaion Larunbata asteko azken eguna izatea, baina Lehen Elizako Gurasoek beste ikuspegi bat zuten. Hain da handia egun horren santutasuna, ezen Jainkoak jurisdikzio badaezpadako eta exkaxa duen lekuetan ere, adibidez, itsasoratzen (eta bertan hondoratzen) direnen artean, zorrozki errespetatua den, Laugarren Aginduaren ur handitako bertsio honek argi uzten duenez:

 

                Sei egun dituzu egin ahalean lan egiteko,

                bat ontzigaina lixatu eta sokak txarrantxatzeko.

 

        Orain ontzigainak ez dira lixatzen, baina sokek kapitainari oraindik ematen diote aukera Jainkoaren aginduari begirune zintzoa zaiola frogatzeko.

 

Larrutu, du ad. Norbaiti buruz nola aurkitzen duzun esatea, berak zu aurkitu ezin zaituenean.

 

Laudorio, iz. Aberastasunaren edo boterearen abantailak dituen pertsona baten gorespena, edo hila delako aintzat hartzea.

 

Lege, iz.

 

                Legea Epaimahai buru zegoela,

                Errukia heldu zen, malko-zeriola.

                «Alde hemendik, purtzila,» Epaileak oihu,

                «herrestan etortzea alfer lana duzu;

                belauniko jarriaz uzten duzu garbi:

                zuk hemen zutitzea ez duzu merezi.»

 

                Gero Zuzenbidea azaldu zen hara.

                Epaileak oihuka: «Eta zu nor zara?»

                «Amica curiae» haren erantzuna,

                «Epailearen lagun, barka, ene jauna.»

                «Kanpora!» epaileak, «Hor duzu atea,

                ez zaitut ezagutzen, bazter-nahaslea!»

G. J.

 

Legebiltzar, iz. Legeak arbuiatzeko biltzen den jende-taldea.

 

Legezko, izlag. Jurisdikzioa duen epaile baten borondatearekin bateragarria.

 

Leialtasun, iz.

 

                Nik uste, hau da leialtasuna:

                Jainkozaleei usain hartzeko

                sudurra zuzen edukitzeko

                beharrezkoa den eraztuna.

G. J.

 

Leotar, izond. Kaiolako lehoiak ez bezalakoa. Bertso leotarrak lerro baten erdiko hitz batek bukaerakoarekin errimatzen dutenak dira, Bella Peeler Silcoxen pasarte ospetsu honetan bezala:

 

                Elektrizitatearen indarrez argitzen da sakonean Hades.

                Zurrunga artean Plutok dioenez: «Hau duk hau, O tempora o mores!»

 

        Adierazi beharra dago hemen Wilcox andreak ez duela greziera eta latinaren ahoskera erakusteko asmorik. Bertso leotarrek Leo zeritzan poeta baten ohoretan dute izen hori, prosodian adituak direnek atseginez sinesten baitute hura izan zela bi puntuko bertsoa lerro bakarrean eman zitekeela asmatzen lehena.

 

Leotardoak*, iz. pl. Agertokietako janzkia, kazetarien txalo orokorra publizitate bereziaz indartzeko erabiltzen dena. Jendearen arreta garai batean nolabait janzkiari berari jarri beharrean, hura janzteari Lillian Russellek egiten zion ukora desbideratu zen, eta lanak jarri zituen hori zergatik ote zen asmatzen; hala ere, Miss Pauline Hallen susmoak xalotasun handia eta hausnarketa sakona erakutsi zuen. Miss Hallen ustez, naturak ez zion eman zango ederrik Miss Russelli. Teoria hori ez zezakeen ontzat eman gizasemearen adimenak, baina zango itsusi baten ideia bera espekulazio filosofikoaren egintza bikainen artean bere lekua izateko bezain itxuragabeki orijinala zen! Harritzekoa da Miss Russellek leotardoei zien higuinari buruzko eztabaida guztian, itxuraz, inori ez bururatzea higuin hori antzinakoen artean «apaltasuna» deitzen zenari eratxikitzea. Sentimendu horren nondik-norakoa ez da ongi ulertzen gaur egun, eta azaltzen zaila da guri heldu zaigun hiztegiarekin. Antzinako arteen ikerketa, hala ere, berpiztua da eta arte horietako batzuk bizkortuak. Berpizkunde garaia da gurea, eta badago nahikoa oinarri garai bateko lotsagorritzea antzinateko hilobietan duen gordelekutik aterarazi eta agertokietaraino txistuka eramateko.

 

Letxuga, iz. Lactuca generoko belar klase bat, «Zeina» Hengist Pelly gastronomo jainkotiarrak dioenez, «Jainkoak erabiltzen baitu onak saritu eta gaiztoak zigortzeko. Izan ere, bere barne argiaz asmatu du gizon zintzoak harentzako saltsa bat, onkailu gozo-gozo askoren konspirazio xede dena; olio ugariz elkar hartu eta hobetzen da, eta janari osatuak jainkotiarren bihotza alaitzen du eta haien aurpegia distirarazten. Izpiritu kaxkarreko pertsona bada, berriz, Etsaiak aise tentatzen du letxuga oliorik, ziaperik, arrautzarik, gatz eta baratxuririk gabe eta azukrez lohitutako ozpin bainu ziztrin batekin jan dezan. Eta horregatik izpiritu kaxkarreko pertsonak hesteetako min biziki konplexua jasaten du eta hasi ohi da kantari.»

 

Leviatan, iz. Jobek aipatzen duen uretako animalia eskerga. Batzuen ustez balea izan zen, baina Stanford Unibertsitateko Jordan doktore iktiologo ospetsuak gartsu antzean dio Zapaburu erraldoi bat (Sapus buruhandi) izan zela edo Txalburua (Biga pseudochephalea). Zapaburuaren deskripzio zehatzagoa nahi duenak jo beza Jane Porterren monografia ospetsura (Chapaburus Varsoviacus).

 

Lexikografo, iz. Tipo nazkagarria, hizkuntzaren aurrerabidean maila jakin bat jasotzeko aitzakiatan ahalegina egiten duena haren hazkundea geldiarazi, malgutasuna zurrundu eta erabilera mekanizatzeko. Izan ere, lexikografoa bere hiztegia idatzi ondoren, «itzala duen pertsona»-tzat hartua da, nahiz eta bere eginkizuna zerbait jasotzea besterik ez den, eta ez arauak ematea. Giza ulermenaren berezko mirabekeriak epai-ahalmena eman dionez, bere arrazoitzeko eskubidea bertan behera utzi eta kronika bati makurtzen zaio arautegitzat hartuz. Demagun hiztegiak hitz egoki bati «zaharkitu» edo «zaharkitzear» marka ezartzen diola. Oso gutxi ausartuko dira handik aurrera hura erabiltzen, nahiz eta haren premia handia izan edo hura berpizteari indar ematea desiragarria izan oso... Eta horrela pobretzea azkarragotu eta hizkuntza ahuldu egiten da. Alderantziz, hizkuntzak batere hazi behar badu, berrikuntzei esker hazten dela onartuz, idazle ausart eta zuhurrak hitz berriak sortzen baditu eta antzinakoak zentzu berrian erabiltzen, ez dio inork jarraitzen eta garrazki gogorarazten zaio: hitz hori «ez dago hiztegian»..., nahiz eta lehen lexikografoaren garaian (Zerua erruki dakiola!) ezein idazlek ez zuen idatzi hiztegian zegoen hitzik. Ingeles hizkuntzaren urrezko eguerdi distiratsuan, elizabethiar handien ezpainetatik beren zentzua sortzen zuten eta beren hotsean bertan zeramaten hitzak jalkitzen zirenean, Shakespeare bat eta Bacon bat posible zirenean eta hizkuntza une batean mutur batean azkar itzaltzen zen bitartean bestean hazkunde bizkor eta mardultasun sendoa lortzen zuenean —eztia baino gozoago, lehoia baino indartsuago—, ez zen lexikograforik, hiztegia kreatura bat zen, hura kreatuko zuena artean Kreatzaileak kreatu ez zuena.

 

                «Izpiritua forma hutsa biz,» Jaunak esan zuenean,

                lexikografo saldoak sortu ziren ehunka bat-batean.

                Pentsamenduak alde egin zuen biluzturik azkenean,

                eta haiek janzki bakoitza sartu zuten hiztegi batean.

                Orain orrizko mozorropetik oihuka hasten denean:

                «Itzuliko naiz nire arropak jasotzen ditudanean,»

                zerrenda aztertu eta diotse tonurik doilorrenean:

                «Barkatu, baina alferrik dira... modaz pasa direnean.»

Sigismund Smith.

 

Libertate, iz. Irudimenaren ondasun preziatuenetako bat.

 

                Arnasestuka, bero zebilen herria matxinatuta,

                «Libertatea ala Heriotza!» jauregiz kanpo oihuka.

                «Heriotza aski bada zuentzat, utzi niri erregetza,

                kexabiderik ez da izango, nik degizuet promesa.»

Martha Braymance.

 

Libertino, iz. Plazerraren atzetik, tamalez, pasatzerainoko amorruz ibili dena.

 

Liburu kritika egin, du ad.

 

                Zure adimen osoa jarri (nahiz ez den duda izpirik

                benetan bertan ez dagoela ez hezurrik ez mamirik)

                liburu baten gainean eta lehendik erabakirik

                dituzun zenbait bertute-edo aurkitu han idatzirik.

 

Lira*, iz. Antzinako tortura-tresna. Hitza gaur alegiazko zentzuan erabiltzen da, ahalmen poetikoa adierazteko, Ella Wheeler Wilcox gure poeta handiaren honako bertso sutsuetan adibidez:

 

                Parnasoa zalditzat eta lagun lira,

                haren hari gaiztoei goxo nien tira.

                Artzain ergel ñaño bat han zen lo kuluxka,

                begirada altxa gabe, bost hari musika.

                Helduko da ordua, ez da presarik, ez,

                lira joko dudana Titanen indarrez.

                Sokak atzaparkatu eta askatzean,

                mundua esnatuko da, bai, azkenean.

Farquharson Harris.

 

Lira, iz. Giza belarriak kilimatzeko musika-tresna, zaldi isatsa katu baten barrunbeen gainean igurtziz jotzen dena.

 

                Erromatarrei Neronek: «Ke bihurtu artean

                lira joko dizuet nik hemen etengabean.»

                Erromatarrek Neroni: «Ez ote da hobea

                gu kixkaldu beharrean lira lasai jotzea?»

Orm Pludge.

 

Litxarreria, iz. Erokeria militantea. Adimen lausotuaren jarduera.

 

Litxarrero, iz. Ero bat, beste ikuspegi batetik ikusia.

 

Lizunkeria, iz. Nobela herrikoietan maiz aurkitzen den ezaugarri literarioa, bereziki emakume eta neska gazteek idatzitakoetan: beste izen bat ematen diote eta ezaugarri hori sartzeak pentsarazten die letren alor zapuztu batez jabetzen direla eta uzta gutxietsi bat biltzen ari direla. Behar bezain luzaro bizitzeko zorigaitza badute, beren uzta-sortak erretzeko desirak tormentatzen ditu.

 

LL.D*. Legumptionorum Doctor titulua adierazten duten letrak, legeetan aditua, legeetan bereziki trebea dena, alegia. Eratorpen horrek susmoak sortzen ditu; izan ere, lehenago ££d idazten zen, eta beren aberastasunagatik nabarmentzen ziren jaunei bakarrik ematen zitzaien. Hau idatzi dudan garaiotan Columbiako Unibertsitatea elizgizonentzako antzinako D.D. Damnator Diaboli-ren ordez beste titulu bat ematearen komenentzia ari da aztertzen. Titulu berriari Sanctorum Custos izena emango zaio, eta $$c idatziko da. John Satan argurgarriaren izena titulu horren hartzaile egokitzat proposatu du koherentziaren zale den batek, adierazten baitu Harry Thurston Peck irakasleak luzaro izan duela titulu baten abantaila.

 

Logika, iz. Giza adimenaren eskasiaren muga eta ezintasunei hertsiki jarraituz pentsatu eta arrazoitzeko artea. Logikaren oinarria silogismoa da: premisa nagusia, bigarren premisa eta ondorio batez osatzen da... honela:

        Premisa nagusia: Hirurogei gizonek lan bat gizon batek baino hirurogei aldiz azkarrago egin dezakete.

        Bigarren premisa: Gizon batek poste-zulo bat hirurogei segundotan egin dezake, beraz...

        Ondorioa: Hirurogei gizonek poste zulo bat segundo batean egin dezakete.

        Honi silogismo aritmetikoa esaten zaio, zeinean, logika eta aritmetika konbinatuz, ziurtasun bikoitza lortzen dugun eta bi aldiz zoriontsu egiten garen.

 

Logomakia*, iz. Gerra mota bat, zeinean armak hitzak baitira, eta zauriak, berriz, auto-estimuaren puxiketan emandako ziztadak; torneo mota bat, zeinean, galtzailea derrotaz jabetzen ez denez, irabazleari garaipenaren saria ukatzen zaion.

 

                Hona zenbait irakaslek zer esan izan duten:

                Miltonen lumak Salmasius herioz jo omen zuen.

                Ai, baina guk ezin dugu jakin hori hola den,

                zeren Miltonen miztoak gu ere hil gaituen.

 

Lord, iz. Estatu Batuetako gizartean, fruta-saltzaile ibiltaria baino maila handiagoa duen turista ingelesa, adibidez Lord Khinkyllery, edo Lord Artisahul eta abar. Maila apaleko bidaiari britainiarrari «Sir» esaten zaio, adibidez Sir 'Arry Astaquwill, edo Sir 'Amstead Ilarreguy. Lord hitza batzuetan Izaki Gorenaren titulu gisa ere erabiltzen da; baina lausengu itxura gehiago dauka benetako gurtzarena baino.

 

                Miss Ann Esplurgek Lord bat zuen esposatu,

                ingeles alderraia, berak aukeratu.

                Jarri ziren bizitzen Annen aitarekin,

                Marrazkia baitzuen lanbide eta mozkin.

                Lord Cadderi batere ez zitzaion ardura

                aitaginarrebaren Marrazki lan hura.

                Esan behar da Caddek gazte erokeriak

                aspaldi zituela erabat utziak,

                zeren, tamalez, heldu baitzen adinera,

                non adin bizioak doazen aurrera.

                Noski, lehenbizikoa zen diru gosea,

                aitaginarrebaren patrikak hustea.

                Agureak erreka jo zuen airoso,

                marrazki lana hobe uztea akaso.

                Bere irabaziak handitzeko asmoz

                bera Lord bihurtzea hartu zuen gogoz.

                Bere jantzi txukunak bota bazterrera,

                jantzi koadrodunekin itxura ederra.

                Kokotsa bipildurik, belarrondoetan

                masailbizar galantak utzi ditu bertan.

                Tindu gorria eman goizero lepoan

                eta lustratzen zuen; berdin garondoan.

                Monokulo txoro bat begian ezarri,

                ondo begiratzeko Etorkizunari.

                Kaskorako zituen nobleen kapelak;

                oinetakoak, berriz, estuak, zapalak.

                Gure tonua zuen hizketan baztertu

                eta sudur-mintzoa zeharo saihestu,

                horrela bihurtuaz erabat gatz bako,

                haur aztoratuentzat ere manerako.

                Haren hatxeak ziren ezin leunagoak

                lurrera erortzean, zeinen hots goxoak!

                Horrela Mr Splurgek, berritxuraturik,

                lord karrera hasi zuen, batere ez beldurrik.

                Ai!, jainkoek ez zuten, baina, desein hori

                eta pentsatu zuten lord gizajoari

                laztura, etsipena, xagrin ematea

                nobleen lurretatik kanpo bidaltzea:

                Lady Cadde Mundu Zahar, hartaz liluratu

                eta bere aitatxoz baitzen maitemindu.

G. J.

 

Lorpen, iz. Ahaleginaren heriotza eta nazkaren sorrera.

 

Lur, iz. Lurraren azalaren parte bat, jabetzapekoa kontsideratua. Lurra edukitze eta kontrol pribatuari loturiko jabetza delako teoria da gizarte modernoaren oinarria, eta superestrukturaren merezidun nabarmena. Teoria horren ondorio logikoa da batzuek beste batzuei bizitzea galarazteko eskubidea dutela, zeren jabe izateko eskubideak berekin baitakar besteak baztertuz lurra okupatzekoa; eta, egiaz, esparru pribatuetan sartzea galarazten duten legeak lurraren jabetza pribatua onartzen den leku guztietan daude. Horren ondorioz, terra firma guztia oso osorik A, B eta C-rena bada, ez da lekurik izango D, E, F eta G jaiotzeko, ez eta bizitzeko ere, besteren lurretan jaiotzen badira.

 

                Uhinen gainean bizi,

                etxetzat itsas hondoa,

                Naturagandik jasoa

                gordetzea han dut zilegi.

 

                Ukitzen badut lehorra

                galduko baitut azala

                kresalak gorde nazala,

                ni sortzezko komodorra.

Dodle.

 

 

 

© Ambrose Bierce

© itzulpenarena: Xabier Olarra

 

 

"Ambrose Bierce / Deabruaren hiztegia" orrialde nagusia