H

 

Habeas corpus, iz. Okerreko delituagatik espetxeraturik dagoena ateratzeko balio duen idazkia.

 

Hades*, iz. Beheko mundua; joandako arimen egoitza; hildakoak bizi diren lekua.

        Antzinakoen artean Hadesen ideia ez zen Infernuarenaren sinonimoa; izan ere, antzinako gizon prestu franko hantxe bizi ziren eroso asko. Are gehiago, Kanpo Eliseoak berak ere Hadesen parte bat ziren, nahiz eta gerora Parisera eraman dituzten. Testamentu Berriaren bertsio jakuetarra bilakabidean zenean, lan horretan ziharduten gizon zintzo eta ikasiak grekozko ÜAidhw hitza Infernu hitzaz ematen tematu ziren, gehiengoak honen aldeko botoa eman baitzuen; baina gutxiengoko kide zuhur batek sekretuan akta bereganatu eta hitz eztabaidagarria aurkitu zuen leku guztietan ezabatu zuen. Hurrengo bileran, Salisburyko Apezpikuak, lana gainbegiratzean, bat-batean zutituz esan zuen aski aztoraturik: «Nor ibili da hemen jo-ta-su infernua ezabatzen?». Handik urte batzuetara, ingeles hizkuntzari ekarpen garrantzitsu, probetxuzko eta hilezkorra egin ziola pentsatzeak (Probidentziak lagundurik, noski) heriotza pixka bat goxatu zion Apezpiku zintzoari.

 

Halo, iz. Zentzu hertsian astro bat inguratzen duen argi-eraztuna, eta maiz samar «aureola» edo «ninbo»-arekin nahastu ohi dena, jainko eta santuek buru inguruan izaten duten antzeko fenomeno batekin, alegia. Haloa ilusio optiko hutsa da, aireko hezetasunak sortua, ortzadarraren antzera, baina aureola santutasun goitarrago baten zeinutzat hartzen da, apezpikuen mitra edo Aita Santuaren tiararen gisara. Peshteko artista jainkozale Szedgkinen Eguberria pinturan, «ninboa» ez dute Ama Birjinak eta Haurrak bakarrik, baizik belar ondua ganbela sakratutik jaten ari den astoak ere apaingarri hori dauka eta, haren ohore betierekoan esan behar da, benetako grazia santuz jasaten duela bere ez-ohiko duintasun hori.

 

Handi*, izond.

 

                «Handia naiz,» esan zuen harro-harro lehoiak.

                «Menpean ditut ordeka, oihan eta zelaiak!»

 

                «Handia naiz,» arrapostu, lasai, elefanteak,

                «pisutan aise atzean uzten ditut besteak.»

                «Handia naiz,» esan zuen jirafak. «Hau lepoa!

                Inork ez du nirearen erdia adinakoa.»

 

                «Handia naiz,» gain-gainetik zioen kanguruak

                «begira izter ederrok dituzten muskuluak.»

 

                Oppossum-ak esan zuen: «Handia naiz, begira,

                nire isats eta azala soil eta leunak dira.»

 

                Frijitutako ostra bati entzun omen zioten:

                «Handia naiz, zeren zinez gozo-gozoa naizen.»

 

                Zerrendan norbera non den lehenbiziko lekuan,

                hura nahi du irizpide handitasun kontuan.

 

                Vierick, berriz, etsia da bera dela handiena,

                astazakiletan bera baita astazakilena.

Arion Spurl Doke.

 

Handinahi, iz. Bizirik gauden bitartean etsaiek gu larrutu eta hildakoan adiskideei gure lepotik barre eragiteko irrika gaindiezina.

 

Hankademia, iz. Futbolean irakasten den eskola berria. (Ikus Akademia)

 

Har-bazka*, iz Gu garen lehengaiarekin egiten den produktu bukatua. Taj Mahalen, Napoleonen Hilobiaren eta Granitarioaren edukia. Har-bazkak gehienetan ez du irauten bera gordetzen duen egiturak adina, baina «hori ere ez da betiko». Gizaki batek egin dezakeen lanik txatxuena, seguru aski, beretzat hilobi bat egitea da. Asmoaren punpeziak ez dio duintasunik ematen, haren hutsalkeria ezaguna kontrastez nabarmendu baizik.

 

                Ero arranditsua, txoro handiputza,

                zein alferra zuk egin lan hori guztia

                etxe bat izateko zeinaren handia

                ez den maizterrak mirets dezakeen gauza.

 

                Egizu sakon, egin ahal bezain sendoa,

                belar jorien zainak gailenduko dira

                bultzaka bide eginez harrien erdira,

                denbora joango zaizu nola amets goxoa.

 

                Hilei denbora hain azkar zaie igarotzen,

                non gaineko marmola birrindu aurretik

                esnaturik nagiak atera gaberik

                ez zaren ohartuko noiz lokartu zinen.

 

                Zer irabazten duzu gizonen egintza

                guztietatik zure hilobia bada

                zutik gelditzen dena? Zer, zure egoitza

                betikoan liken bat baizik ez bazara?

Joel Huck.

 

Haragi, iz. Trinitate sekularraren bigarren pertsona.

 

Haragijale, izond. Barazkijale beldurtia eta haren oinordeko eta babespekoak irensteko krudeltasunaren adikzioa duena.

 

Haren (emak.), izord. Haren (gizonarena).

 

Harizko janzki iz. «Janzki mota bat, kalamuz eginez gero, kalamu galera handia eragiten duena.» — Calcraft Urkatzailea.

 

Harpia*, iz. Kasualitatez gustuko ez duzun atsoa; batzuetan oilo zaharra edo katemea ere esaten zaie. Garai bateko sorgin, belagileei, etab. harpia esaten zitzaien, uste baitzen buru inguruan nolabaiteko argitasun edo halo bat zutela... harpia, berriz, herri-xeheak harpean bizi zela uste zuelako erabiltzen zen hitza zen. Garai batean harpia ez zen erdeinuzko hitza. Drayton «harpia eder bat, oro irri» batez mintzo da, Shakespearek «harpia goxo» bat esaten duen bezala. Orain ez litzateke egokia batek bere andregaiari harpia esatea... horrelako kunplimendua haren bilobentzat erreserbatua da.

 

Hartu, du ad. Eskuratu, maiz bortxaz, baina ostuz bada, hobe.

 

Haur edo ume, iz. Adin, sexu edo izaera jakinik gabeko izaki aldrebesa, batez ere aipagarria besteengan sortzen dituen sinpatien eta antipatien indarra dela medio, berak sentimendu edo emoziorik izan gabe.

        Izan dira haur ospetsuak; adibidez, Moises txikia, zeinen ihi arteko abenturatik zazpi mende lehenagoko hierofante egipziarrek dudarik gabe sortu baitzuten Osiris haurra loto-hosto baten gainean salbatu zelako istorio hutsala.

 

                Haurrak asmatu baino lehen

                neskak benetan pozik zeuden.

                Gizona orain tormentatzen

                dute haurrak erosteraino

                diruz; pentsa, horra noraino!

                Nire ustez, hobe zen agian

                Zapelatzak balu eraman

                lehen haurra infernuraino.

Ro Amil.

 

Haurtasun, iz. Wordsworthek dioenez «Zerua gugandik hurbil dugun» bizitzako aroa. Mundua, ordea, berehala hasten da gugana hurbiltzen.

 

Haurtzaro, iz. Giza bizitzako aro bat, pix-oihaletako haurraren idioziaren eta gaztaroko erotasunaren tartekoa. Bigarrenak gizatasunaren bekatutik libratzen du eta hirugarrenak adinaren bihotz-zimikotik.

 

Hausnarketa, iz. Adimenaren egintza bat, atzoko gauzekiko gure harremana argitu eta erakusten diguna berriro aurkituko ez ditugun arriskuetatik libratzen.

 

Hautagai izendatu ad. Balorazio politiko astunenaz zamatu. Pertsona egokia oposizioaren karkaxa lodi eta goitika odoltsuak hartzera bultzatu.

 

Hautagai izendatua iz. Bizitza pribatuaren goitasunari uko egin eta erantzukizun publikoaren iluntasun ohoragarria lortzeko ahalegin neketsuak egiteko bidea hartzen duen jaun apala.

 

Hautesle, iz. Beste gizon batek aukeratutako gizonari botoa emateko pribilegio sakratuaz gozatzen duena.

 

Hax*, x. Ez dago definiziorik hitz honentzat... inork ez daki hax x zer den.

 

Hebertar, iz. Hebrearra, hebremearekin nahasi behar ez dena; oro har, sorkari goitarragoa baita.

 

Herri jakintza*, iz. Jakinduria. Bereziki ikasketa prozesu antolatu batetik ez datorrena, baizik eta liburu ezkutuen irakurketatik edo berez. Azken horri folk-lore esaten zaio normalean, eta herri mito eta superstizioak biltzen ditu. Baring-Goulden Erdi Aroko mito bitxiak liburuan irakurleek horietako askoren aztarnak aurkituko dituzte, puntu baterantz jotzen duten zenbait herriren ildoei jarraituz, antzina-antzinako sorburu amankomuneko bateraino. Besteak beste, hor ditugu: Teddy Erraldoien hiltzailea, John Sharp Williams Lotia, Txanogorritxu eta Azukrearen Trusta, Ederra eta Brisbane, Efesoko zazpi Zinegotziak, Rip Van Fairbanks, eta abar. Goethek benetan xamurkiro kontatu zuen The Erl-King (Mamua) ipuina bi mila urte lehenago ezaguna zen Grezian, Herri xehea eta haurren industria izenburupean. Mito horietako zaharren eta zabalduenetako bat ipuin arabiar ospetsu hura da: Ali Baba eta berrogei Rockefellerrak.

 

Herri xehe, iz. Errepubliketan, hauteskunde iruzurtiz moderaturiko aginte gorena duena. Herri xehea ipuin arabiarreko Simurgh sakratuaren parekoa da... ahalguztiduna ezer egiten ez duen bitartean. (Hitza aristokratikoa da, eta ez du baliokide xuxenik gure hizkuntzan, baina bere esanahirik hurbilena «zerri hegalduna» da.)

 

Hertsapen, iz. Botearearen ele-edertasuna.

 

Hezigaitz, izond. Desarau berri baten proposatzailea, arau bihurtzean huts egin duena.

 

Hezkuntza, iz. Beren ulermen falta burutsuei erakutsi eta buru-hutsei ezkutatzen dien zera.

 

Hezueri, iz. Gaixo aberatsaren erreumari medikuak ematen dion izena.

 

Hibernatu, ad. Negua etxe-zuloan sartuta igarotzea. Animalia zenbaiten hibernazioaz herri-sineste bitxi franko izan da. Askok uste dute hartzak negu osoa hibernaturik ematen duela eta atzaparrak mekanikoki miaztuz irauten duela. Onartua da bere gordelekutik udaberrian hain argaldurik ateratzen dela, non bi aldiz saiatu behar duen itzala emateko. Duela hiru edo lau mende, Ingalaterran, ez zegoen egintza frogatuagorik enarek negua erreken hondoetako lohietan multzo biribiletan elkarri itsatsirik igarotzen zutela baino. Dirudienez, ohiturari utzi egin behar izan diote, erreken usteldura dela-eta. Sotus Escobiusek hibernatzen zuen herri oso bat aurkitu zuen Asia Erdialdean. Ikertzaile batzuen arabera, Garizumako baraua jatorriz hibernazio eraldatu bat besterik ez da, gero Elizak balio erlijiosoa eman ziona; baina ikuspegi horri Kip Apezpikuak, autoritate nabarmen hark, gogor egin zion, ez baitzuen nahi inork bere familiaren Fundatzaileari inolako ohorerik kentzerik.

 

Hibrido, iz. Emaitza lardaskatua.

 

Hidra, iz. Antzinakoen artean buru-anitz gisa katalogatutako animalia, hiztegietan buru-hitz zenbaiten pean aurkitzen dena.

 

Hiena, iz. Ekialdeko zenbait naziok begirunea dioten piztia bat, hilerrietako hobiak gauaz bisitatzeko duen ohituragatik. Baina medikuntza-ikasleak ere egiten du hori.

 

Hil, du ad. Ondorengorik izendatu gabe hutsune bat sortu.

 

Hilartitz, iz. Hilobi gaineko inskripzioa, heriotzaren bidez eskuratutako bertuteek atzera-eragina dutela erakusten duena. Hona adibide hunkigarri bat:

 

                Hemen datza Pedro Amenabar zena,

                zuhur, zintzo, umil eta abar zena,

                nola ondo bizi azaldu ziguna;

                bego horretan... eta barkaiozu, jauna!

 

Hildado, iz. Heriok hilgaiari azken bisita egitean, hildako bihurtu aurretik jolaserako erabiltzen duen jostailua. Botatzean oihu egiten du:«Hildadoak mintza bitez!». Eta hildakoa, bizi zelarik ere sor samarra baitzen, saiatzen da puxka batean, hilda dagoela konturatzen den arte. Hitz hau poeta ospetsu eta ekonomialari etxe-alde Depew senatorearen bi-puntuko hilezkor honetan aurkitzen da.

 

                Hildako txikitxo bat, aski da, benetan,

                hildakoa harrapatzeko tranpa txikietan.

 

Hildako, izlag.

 

                Akabo arnasa hartzeko lana;

                mundu hau duzu akabo;

                kunplitu duzu zenuen plana:

                zuloan zu lo: han, zulo!

Squatol Johnes.

 

Hilerri, iz. Hiri ertzetako leku bakartia, deitoratzaileek gezurrak moldatzeko, poetek enkarguz idazteko eta harginek letrak zizelkatzen apustuan aritzeko erabiltzen dutena. Ondoko hilartitz hauek balioko dute Joko Olinpiko hauetan lortutako arrakasten adierazgarri:

 

        Honen bertuteak hain ziren nabarmenak, non bere etsaiek, ez ikusiarena egin ezinik, ukatu egiten baitzituzten, eta bere lagunek, biziotzat hartzen zituzten, kargu-hartze baitziren haien bizimoduarentzat. Hemen oroitarazten ditu bere familiak, berak ere bertute horiek baizituen eta.

 

                Lurrean prestatu dizugu, Klaratxo,

                zu sartzeko zulo eder bat, enetxo.

Tomas M. eta Mary Frazer.

                P.S. Esnatuko du Gabrielek laster.

 

Hileta, iz. Lur-emailea aberastuz hildakoarenganako gure begirunea erakusteko zeremonia. Horrez gain samina areagotzen dugu gure intziriak sakonagotzen eta gure malkoak doblatzen dituen gastuak eginez.

 

                Basatia hiltzen bada, hiltzen dute zaldi bat,

                zendua hegalda dadin ehizaleku onera.

                Gure lagunak hiltzean, diru mordo bat botaz,

                nahi dugu arima hura bultzatzea zerura.

Jex Wopley.

 

Hileta-auto, iz. Heriotzaren haur-kotxea.

 

Hilezkortasun, iz.

 

                Jostailu hau bereganatzeko

                jendea jartzen da belauniko,

                prest da borroka, gezurrerako...

                Utziz gero, hilezkor izateko,

                prest bizia galtzeko betiko.

G. J.

 

Hilobi, iz. Medikuntzako ikaslea etorri zain, hildakoak uzten diren lekua.

 

                Hilobi eder baten ondoan nengoen,

                baina sasiz goraino josia zegoen.

                Haizea oihanean ari zen intziriz;

                lo zetzanak batere ez aditzen, berriz.

 

                Bazen nekazari bat handik ez hain urrun,

                esan nion: «Negarrik ezin dizu entzun.»

                «Nola entzungo du, ba, hilda dago eta?

                Ezer ezin du entzun, zer nahi ere gerta.»

 

                «Egia,» esan nion, «egia zuzena:

                ezerk ezin suspertu hilda dagoena!»

                «Eta honek guztiak zuri zer axola,

                ez baitu mugituko hankarik inola?»

 

                Belauniko otoitz egin nuen: «Ene Jauna,

                erruki zakizkio, izan zaitez ona.»

                Nekazariak gero hauxe esan zuen:

                «Gizon hau ez zenuen batere ezagutzen.»

Pobeter Dunk.

 

Hipogrifo, iz. Animalia bat (orain iraungia), erdi zaldi erdi grifoi. Grifoia bera ere izaki konposatua zen, erdi lehoi, erdi arrano. Hipogrifoa, beraz, arrano-laurden bat besterik ez zen, bi dolar eta berrogeitamar zentabo urre. Zoologia ikastean ustekabe franko hartzen dira.

 

Hipokondria, iz. Norberaren umorearen hondoratzea.

 

                Zabor pilak errenkan herri bazterrean

                botata zeuden nonahi orube batean.

                Hondakinen artean, karteltxo bat lerden:

                «Hipokondria.» Beraz: «Hondakinak hemen.»

Bogul S. Purvy.

 

Hipokrita, iz. Errespetatzen ez dituen bertuteak profesatzen dituelarik, mesprezatzen duenaren itxura ematearen abantailari atxikitzen zaiona.

 

Hira*, iz. Izaera eta maila goreneko haserrea, pertsona odolberoentzat eta abagune berezietarako egokia; adibidez, «Jainkoaren hira», «hiraren eguna», etab. Antzinakoen artean erregeen hira sakratutzat hartzen zen, jainkoren baten eragina erabil baitzezakeen hura agertarazteko, baita apaizen batena ere. Troia aurreko grekoak hainbeste hertsatu zituen Apolok, non Krisesen hiraren zartaginetik Akilesen hiraren sura jauzi egin baitzuten, nahiz eta Agamenonek, gaiztagin bakarrak, azkenean ez zuen ez frijituta ez erreta bukatu. Aurrekoen antzeko inmunitatea Dabidena izan zen, Jahvehren hira astindu baitzuen bere herria zenbatzearekin; haietatik hirurogeita hamar milak beren biziarekin ordaindu zuten hoben hori. Jainkoa gaur egun Maitasuna da, eta erroldaren arduradunak inolako hondamenen beldurrik gabe egin dezake bere lana.

 

Hirutasun, iz. Eliza kristau batzuen teologia konplexuan hiru jainkotasun banakatuz osatutako jainkotasun bakarra. Fede politeistako jainkotasun menpekoek, hala nola deabru eta aingeruek, ez dute bat egiteko ahalmenik, eta banan-banan arduratu behar dute beren adorazio eta kultua sustatzeaz. Hirutasuna gure erlijio santuaren misterio gorenetakoa da. Batasunzaleek urlertezina delako arbuiatzean, traizio egiten diote Teologiaren oinarriak ulertzeko duten ezintasunari. Erlijioan ulertzen ez duguna besterik ez dugu sinesten, ulertezina den doktrina bat ukatzen duen doktrina ulergarri baten kasuan izan ezik. Kasu horretan lehenbiziko hura bigarrenaren zati bezala sinesten dugu.

 

Historia*, iz. Kontaera faltsua hein handi batean, gehienbat garrantzi gutxiko gertaerak kontatzen dituena, gehienbat gizatxarrak diren gobernariek eta gehienbat txoroak diren soldaduek eraginak.

 

                Erromatarren historiatik hamarretik bederatzi

                gezurra dela Niebuhr handiak garbi zigun erakutsi.

                Halatan ere, Niebuhr handia gidari hartu baino lehen,

                jakin nahi nuke zenbat huts egin, zenbat gezur esan zuen.

Salder Bupp.

 

Historiaurreko, izlag. Antzinako garaietakoa eta museoen jabetzakoa. Faltsukeria betikotzearen artea eta praktika baino lehenagokoa.

 

                Hura bizi zen garaia izan zen historia-aurrekoa

                non dena baitzen zentzugabe eta txit fantasmagorikoa.

                Klio, Zeruko Idazkaria, gerora sortu zenean,

                gertakariak jarri zituen zegokien ordenean.

                Ez zuen nonbait ikusi ezer bitxi, ustegabekorik

                berak han goitik bota zituen gezur guztiak besterik.

Orpheus Bowen.

 

Historialari*, iz. Kalibre handiko kontakatilua.

 

Hitz emandako, izlag. Eraztuna behatzean eraman beharrean orkatilan daramana, kate eta bolarentzat.

 

Hitzaldilari, iz. Eskua zure patrikan, mingaina zure belarrian eta konfiantza zure pazientzian jartzen duena.

 

Hitz-jario, iz. Zuk hitz egin nahi duzunean gaitz hau duenari mingaina galgatzeko ezintasuna eragiten dion gaixotasuna.

 

Hizkera zatar. iz. Aurkariaren irainezko erretolika.

 

Hizkuntza, iz. Besteren altxorra zaintzen duten sugeak liluratzeko erabiltzen dugun musika.

 

Hiztegi, iz. Hizkuntza baten hazkundea galarazi eta gogor eta zurrun bihurtzeko letra arloko tresna gaiztoa. Hiztegi hau, haatik, tresna emankorra da.

 

Hobespen, iz, Gauza bat beste bat baino hobea delako uste okerrak eragindako sentimendu edo gogo-egoera.

        Antzinako filosofo bati, bizitza heriotza baino hobea ez dela azaltzen ari zela, ikasle batek galdetu zion ea, orduan, zergatik ez zen hiltzen.

        «Zeren,» erantzun zion, «heriotza ez baita bizitza baino hobea.»

        Luzeagoa da.

 

Hobi, iz. Soraiotasunaren Etxea. Hilobiek nolabaiteko santutasun ukitua dutela onartua da, baina luzaroan bertan norbait egon bada, ez da bekatutzat hartzen ireki eta dagoenari eskua eranstea; hala, Huggyns dk. egiptologo ospetsuak argitzen du hilobiak errugabeki «induska» daitezkeela barrukoak «kiratsa zabaltzeari» utzi bezain laster, ordurako arimak lekua alde batera hustua baitu. Ikuspegi arrazoizko honek onarpen zabala du arkeologoen artean, Jakin-minaren zientzia nobleari egindako ekarpenagatik.

 

Homeopata, iz. Medikuntzako umorista.

 

Homeopatia, iz. Alopatiaren eta Zientzia Kristauaren erdibidean dagoen medikuntza-eskola. Azken bi horientzat gainerakoak nabarmenki behekoak dira, zeren zientzia kristauak irudimenezko gaitzak sendatzen baititu, eta haiek ez.

 

Hondakinak*, iz. pl. Txatarrak, zati barreiatuak, puskilak. Hitza modu askotara erabiltzen da, baina ondoko bertso hauetan dago hobekien erabilia; emakumeak bizikletan ibiltzea («deabruarengana eramaten dituelako») gaitzesten zuen emakume erreformatzaile ospetsu bati buruzkoak dira.

 

                Gurpilak jiran, isilik biran

                neskatilek a zer poza!

                Bekatu giro alai eroan

                harilkatuaz mataza

                infernurako bidean

                harigileak bailiran.

 

                Irriz, kantari, hots dilindari

                etengabean txirrinak...

                gauaz argiak, dizdizariak

                oinezkoentzat saminak.

                Besoak gora, Miss Charlotte nola

                ez da, bada, kexatuko!

                Alajainkoka eta aieneka,

                erreuma du ahaztuko,

                bidea itxiz, amorru etsiz

                Satan desafiatuko.

                Gurpilak jiran, isilik biran

                argi gorri, berde, urdinak...

                Bide erdian, txatar bailiran

                Miss Charlotten hondakinak...

John William Yope.

 

Hondamendi, iz. Bizitza honetako gorabeherak ez daudela gure mende adierazteko oroitarazpen ohi baino garbiagoa eta okerbiderik gabea. Hondamendiak bi klasetakoak dira: geron zorigaiztoa eta besteren zoriona.

 

Hondatu, ad. Desegin. Zehazkiago, neskatxa batek neskatxen bertutean duen sinestea desegin.

 

Hondatzailekeria, iz. Gaurko premietarako biharko irabaziekin egindako hornidura.

 

Horma, iz. Zapatariaren erreminta bat, Probidentzia haserretuak hitz-jokozaleari aukera emateko izen horixe paratu ziona.

 

                Hitz-joko zale, ai sortu banintz,

                zapatariaren horma

                ezezaguna ledin lekuan,

                hireez ez nendin horma.

Garko Repsky

 

Hunkipen, iz. Bihotzaren erabakiz buruari sortzen zaion eritasuna, lur-jota uzten zaituena. Batzuetan begietatik sodio-kloruro hidratatuaren jario ugaria izaten du lagun.

 

Huri, iz. Musulman onei bizimodua alaitzeko, mahomatarren paradisuan bizi den eme itxurosoa; huriak badirela sinesteak erakusten du mahomatarrak lurrean duen emaztearenganako deskontentu noblea; izan ere, arima edukitzea bera ere ukatzen dio. Emazte zintzoak, diotenez, ez ditu huriak gehiegi estimatzen.

 

 

 

© Ambrose Bierce

© itzulpenarena: Xabier Olarra

 

 

"Ambrose Bierce / Deabruaren hiztegia" orrialde nagusia