D

        Damu, iz. Zigorraren laguntzaile eta jarraitzaile fidela. Bekatuan jarraitzearekin kontraesanik ez duen zentzatze maila batekin agertu ohi da maiz.

 

                Infernuko zuloko penak saihesteko

                damuturik Elizan ote haiz sartuko?

                Lan alferra! Txerrenek sutatik atera

                eta bidaliko hau onen penetara.

Jomater Abemy.

 

Damudun, izond. Zigorra jasaten edo itxaroten dagoena.

 

Damu-ez, iz. Bekatuaren eta zigorraren arteko gogo-egoera, denboraren ikuspegitik begiratuta.

 

Dantzatu, da ad. Musika alaiaren soinuarekin jauzika ibiltzea, eta, zure auzoaren emazteari edo alabari gerritik helduta bada, hobe. Dantza-mota asko daude, baina bi sexuek parte hartzen dutenek bi ezaugarri amankomuneko dituzte: nabarmenki kaltegabeak dira eta biziosoek biziki maite dituzte.

 

Debozio, iz. Izaki Gorenarenganako erreberentzia, Hark gizakiarekin omen duen antzean oinarritua.

 

                Sermoi-epistolekin ikasten du zerriak azkenean,

                bere Jainkoak ere zurdarik baduela muturrean.

Judibras.

 

Degradazio, iz. Egoera pribatutik promozio politikorako aurrerapen moral eta sozialaren urratsetako bat.

 

Deinoterio*, iz. Iraungiriko pakidermo bat, Pterodaktiloa boladan zegoenean ugaldu zena. Azken hori Irlandan sortu zen, eta horregatik Terry Dactyl edo Peter O"Dactyl ahoskatzen zen, baldin eta ahoskatzen zuena arriskatzen bazen besteri aditu edo idatzirik ikusi bezala errepikatzera.

 

Dejenur, iz. Parisera iritsi den amerikarraren gosaria. Ahoskera desberdinak ditu.

 

Dekalogo, iz. Agindu sail bat, hamar zehazki..., betetzerakoan aukeraketa zentzuzko bat ametitzeko tamainakoa. Jarraian Dekalogoaren edizio zuzendua dago, meridiano honetarako kalkulatua.

 

                Etzazu adoratu ni beste Jainkorik:

                garesti litzateke gurtzea besterik.

 

                Ez egin ez irudi, ezta idolorik,

                etzazula bazkatu ikonoklastarik.

 

                Jainkoaren izena ez hartu ahotan,

                ez biraoka hasi edozein modutan.

 

                Jai egun guztietan jai egin ezazu,

                eta futbola ikusi, gustatuko zaizu.

 

                Gurasoak maitatu. Horrela aseguru-

                -primak ez dira igoko, horixe seguru.

 

                Ez hil, ezta lagundu hiltzaile direnei,

                ez sekula ordaindu kontua harakinei.

 

                Hurkoaren atsoa ez aise laztandu,

                hark zurea bakean uzten baldin badu.

 

                Ez lapurtu; horrela errekara zoaz.

                Iruzur egin baina, irriño harroaz.

 

                Lekuko faltsurik ez sekula erabil;

                Esazu: «Zurrumurru hauxe omen dabil.»

 

                Iruzur edo tranpaz lortua duzuna

                da bermetzat jartzeko komeni zaizuna.

G. J.

 

Delegazio, iz. Estatu Batuetako politikan, multzotan datorren salgai mota bat.

 

Deliberazio, iz. Norberaren ogia aztertzeko egintza, gurina zein aldetatik emana duen erabakitzeko.

 

Demanda, iz. Txoroek beren lagunak galtzeko hobetsi ohi duten metodoetako bat.

 

Demandagile, iz. Hezurrak ez galtzeko esperantzarekin larrua ematen duen pertsona.

 

Denborapasa, iz. Etsipena bultzatzen duen tresna. Adimenaren ahuleziarako ariketa arina.

 

Dentista, iz. Ahoan metala sartu eta patrikatik txanponak ateratzen dizkizun prestidigitadorea.

 

Desegoki, izond. Norberaren interesek aurrera egiteko kalkulatu ez dena.

 

Desengainatu, ad. Zure auzoari oparitzat beste oker bat eman, zuzentzat edukitzea komenigarritzat jo duena baino hobea.

 

Desenkusatu, da ad. Etorkizuneko irain baterako oinarria ezarri.

 

Desobedientzia, iz. Zerbitzari izatearen alde ona.

 

Desobeditu, du ad. Agindu baten iraungipena zeremonia egoki batekin ospatu.

 

                Ni gobernatzeko duen agintea

                eguna den baino argiagoa da.

                Nire eginbeharra, desobeditzea.

                Hil nadila, bada, horrela ez bada.

Israel Brown.

 

Diafragma, iz. Bularraldeko nahasteak hesteetako nahasteetatik bereizten dituen tabike muskularra.

 

Diagnosi, iz. Mediku batek eriaren pultsua eta poltsa aztertuz egiten duen gaitzaren aurreikuspena.

 

Diana, iz. Soldadu lokartuei beren gudu-zelaietako ametsetan jarraitu beharrean jaikiarazi eta beren sudur tristeak kontatu ahal izateko jotzen zaien soinua. Estatu Batuetako armadan «errebeila» esaten zaio (frantsesezko «réveil»-etik) eta soinu hori ahoskatzeari eskaini diote beren bizitza beren zorigaitza eta beren desohore sakratua gure herritarrek.

 

Digestio, iz. Jangarriak ongarri bihurtzea. Prozesua okertzen bada biziagarri bihurtzen dira... eta hortik atera zuen idazle gaizto hark, Jeremiah Blenn doktoreak, andreak direla dispepsia gehien sufritu ohi dutenak.

 

Diktadore, iz. Despotismoaren kiratsa anarkiaren izurria baino nahiago duen nazio bateko burua.

 

Diplomazia, iz. Norberaren herriaren alde gezurra esatean datzan arte abertzalea.

 

Diputatu, iz. Politika nazionalean, mundu honetako Beheko Ganberako kidea, eta hurrengoan gora egiteko itxaropen nabarmenik ez duena.

 

Diru, iz. Onura mota bat, benetan baliagarri ez zaiguna gainetik kentzen ez dugun bitartean. Kulturaren jabe izatearen froga eta gizarte ongi hezirako pasaportea. Jabetza jasangarria.

 

Diru-sarrera*, iz. Errespetagarritasunaren tamaina eta neurri natural eta arrazoizkoa, ohiko estimazio neurri onartuak artifizial, arbitrario eta engainagarriak baitira; izan ere, «Sir Sycophas Chrysolaterrek» bere antzerkian arrazoiz ohartarazi zuenez, «jabetzak (zernahi dela ere: dirua, lurrak, etxeak nahiz salgaiak edo norbaiten jabetza zuzenekotzat hartzen den edozein gauza) duen benetako funtzioa eta erabilera dirua irabaztea da, eta ohore, titulu, abantaila eta egoerena ere bai, eta jende garrantzitsu edo ahaltsuarekiko harremanen edo haien faboreena, beste horrenbeste. Honen ondorioa hau da: gauza guztiak helburu hori lortzeko duten baliagarritasunaren arabera neurtu behar direla; eta haien jabeei beren ondasunen araberako maila dagokiekeela; izan ere, emankorra ez den etxalde baten nagusia, etxalde hori aspaldikoa eta zabala bada ere, edo ordainsaririk gabeko gorentasunak edo errege baten kuttun pobrea ez dira hartzen aberastasunak egunero handitzen ari zaizkionaren gorentasun maila bertsukotzat; eta emankorrak ez diren ondasunen jabeek nekez eska lezakete eta lortu pobreek eta ezdeusek baino ohore handiagorik.»

 

Diskriminatu, da ad. Pertsona edo gauza bat, ahal bada, beste bat baino baztergarriagoa egiten duten ezaugarriak zehaztu.

 

Distiratsu, izond. Estatu Batuetako herritar xehe bat bere txabolan duke sentituz, edo Gauzen Ordenan bere garrantzia sendotuz desfile bateko kide balitz bezala.

 

        «Nagusitasunaren Zaldunak hain distiratsu zeuden "beren belus eta urrezko" jantziekin, non beren nagusiek nekez ezagutzen baitzituzten.» — (Klaseen Kronikak)

 

Ditxolari, iz. Indiferentziaz edo gaitzespenez hartzen den poeta.

 

                Ditxolariak itzaltzen ditu ahaztutako txingarrak,

                hotsak isiltzen dira, ahitzen haren zentzuen indarrak;

                Eki nahiz Mendebalderantz ditu orduan ate-zakurrak

                azaltzen bere barnean galdan dauzkan sentipen suharrak;

                Eta ilargia han pausatzen da xarmaturik, mendi-ibarrak

                behean ditu, nahi luke ulertu dioena haren zintzurrak.

Mowbray Myles.

 

Domina, iz. Metalezko disko txikia, bertute, dohain edo zerbitzu gutxi edo gehiago jatorrak saritzeko emana.

        Bismarcki, itotzeko zorian zegoen pertsona bat galaitasunez salbatu zuelako, domina bat eman omen zioten, eta dominaren esanahiaz galdetu ziotenean, honela erantzun omen zuen: «Tarteka biziak salbatzen ditut.» Eta tarteka ez zuen bat ere salbatzen.

 

Dortoka, iz. Ambat Delaso argiari honako bertso hauek egiteko aukera emateko sortutako animalia.

 

NIRE DORTOKATXOARI

 

                Adiskide, ez zara batere polita

                zure pausajea da balantza-irrista.

 

                Ederra ere ez zara, suge buru hori

                ikusmiran direnei baitzaie mingarri.

 

                Hanka horiek, berriz, bai negargarriak!

                Beharrik, lotarako ezkutagarriak.

 

                Polit ez zara, baina, aitortu behar da,

                gogor zara, dena da hor bizkarrrezurra.

 

                Sendo zara (indarra Erraldoien pare),

                handiek zertarako den ongi dakite.

 

                Hobe hola ez balitz; halere, lastima,

                gauza bat falta duzu, barkatu: Arima.

 

                Beraz, zinez zintzoki ariko natzaizu:

                nahiago nuke zu ni bazina, ez ni zu.

 

                Agian, baina, noizbait zure Etorkizuna

                hobetuko iraungitzen denean gizona.

 

                Goratuko baititu gero datozenak

                Arimaren sorkuntza eta garapenak.

                Goretsiko zaitut, ba, narrasti handia,

                lurra oneratzeko hemen ezarria.

 

                Aukeren Aita, arren, har omenaldia

                hiltzear den erreinu batek eskainia.

 

                Irudimenaren lur zabal urrunetan

                dortoka bat dut amets tronu guztietan.

 

                Dakust Enperadore bat burua biltzen

                bere oskol barnera, beldur Legearen.

 

                Errege bat bilgorraz gain gerri-bueltan

                beste zerbait duena, nahiz pozik eraman.

 

                Presidente bat aise makurtzen ez dena

                irizkide ez direnak gogor zigortzera,

 

                sekula ez duena (a zer alfer lana!)

                dortoka tirokatu bizkarrean barna.

 

                Herritar jende zintzo, ez oso aiherra

                manifestazioak bihurtzera gerra.

 

                Aurrerapena mantso, astiro, lasaiki,

                Eliz-Estatuentzat ikurra: «Poliki.»

 

                Oi, dortoka, amets hau bai zoriontsua!

                Oskoldunen Erreinu zinez aintzatsua.

 

                Hobe zen Edenen hau zuek proposatu

                bazenute eta Adan bertatik uxatu.

 

Dragoi*, iz. Soldadu klase bat, abaila eta pauso arrunta hain neurri berdinean konbinatzen dituena, non aurrerakadak oinez egiten dituen eta atzerakadak zaldi gainean.

 

Druidak, iz. pl. Antzinako zelten erlijioko apaiz eta artzainak, giza sakrifizioen erakarpen indar apala erabiltzeari muzin egiten ez ziotenak. Druidez eta haien fedeaz ez dakigu ezer asko. Pliniok dio haien erlijioa, Britainian sortua, ekialderantz Persiaraino hedatu zela. Zesarrek dio erlijio horren misterioak ikasi nahi zituztenak Britainiara joaten zirela. Zesar bera ere joan zen Britainiara, baina ez du ematen Druiden Elizan inolako harrera berezirik egin ziotenik, nahiz eta giza sakrifizioetarako zituen dohainak ez ziren nolanahikoak.

        Druidek beren errito erlijiosoak basoetan egiten zituzten, eta ez zuten ez eliza-hipoteken, ez denboraldiko banku-alokairuaren sistemaren berri. Labur esateko, paganoak ziren eta —Ingalaterrako Elizako prelatu nabarmen batek bihotz onez behin katalogatu zituen bezala— Disidenteak.

 

Duelo, iz. Bi etsaien adiskidetzearen aurretik egiten den zeremonia formala. Behar bezala egiteko trebetasun handia behar da; izan ere, gaizki egiteak, batzuetan, ondoriorik ustekabeko eta lazgarrienak ekartzen ditu. Aspaldi gizon batek bere bizia galdu zuen duelo batean.

 

                Dueloa jaun dotoreen bizio mota dela

                diot nik, eta gustuko izango nukeela

                leku hautatu batean bizi ahal izatea,

                non edertzat hartuko den etsaia itotzea

                arraina bailitzan edo xehetzea bestela

                senarra, patata ziztrin txar bat balitz bezala,

                zordunak kiribilduta zerraldo botatzea

                eta zulorako pronto izotzetan jartzea.

                Badira lotsagabeak hezi nahi nituzkeenak

                tiroz nahiz aiztoz sastatuz, nazkante alaenak!

                Ea hola ikasten duten gizalege hobea!

                Oraintxe bertan hor dira... jendetza dotorea.

                Badirudi datozela niri desafioka

                musika-banda bat lagun pozik eta saltoka.

Xamba Q. Dar.

 

 

 

© Ambrose Bierce

© itzulpenarena: Xabier Olarra

 

 

"Ambrose Bierce / Deabruaren hiztegia" orrialde nagusia