VII
Ni nindoan azpian; Tamkin neraman bizkarrean, eta nik hark ninderamala uste. Margaret ez ezik bera ere eramatera behartu nau. Horrela zamalkatzen dira nire gainean beren apatx eta erpeekin. Txikitu eta zanpatu egiten naute hezurrak hautsiz.
Berriro ere biolin-jole zahar zarpailak Wilhelm arkuaz seinalatu zuen albotik presaka pasatu zenean. Wilhelmek eskupekoa ukatu zion gaztigua errefusatuz. Geldiro mugitu zen trafikoaren artean eta bere ointxo bizkorrez igo zituen Gloriana Hoteleko lehen harmailak; hantxe zeuden ilun tindatutako ispiluak, hain atseginak jendearen akatsekin. Harrera-gelatik Tamkinen gelara deitu zuen telefonoz, eta inork erantzun ez zuenean igogailua hartu zuen. Berrogeita hamar urte inguruko emakume pintatu batek, bisoizko estola lepoan, uhaletik helduta zeramatzan hiru txakurtxo: izaki artegak, begi beltz nabarmenekoak orein nanoak bailiren, eta txotx antzeko oinekin. Dama estoniar xelebre hura zen, bere animaliatxoekin batera hamabigarren bizitzara aldatu zutena.
Wilhelm ezagutu zuen. «Adler doktorearen semea zara», esan zion.
Buruaz baiezka egin zion formaltasunez.
«Zure aitaren lagun ona naiz».
Wilhelm bazter batean geratu zen emakumearen begirada topatu nahi gabe, eta honek berriz mesprezuz ari zitzaiola uste izan eta gogoan hartu zuen doktoreari esateko.
Arropa zuriaren gurditxoa Tamkinen atean zegoen, eta gela-neskamearen giltza, bere latorrizko mihi handiarekin, giltza-zuloan zegoen.
«Tamkin doktorea hemen izan al da?», galdetu zion Wilhelmek.
«Ez, ez dut ikusi».
Hala ere Wilhelm sartu egin zen ikusmiratzera. Mahai gaineko argazkiak aztertu zituen, bertako aurpegiak Tamkinen istorioetako jendearekin elkartzen saiatuz. Telebista-antena bikoitzaren azpian liburutzar astun batzuk zeuden pilatuta. Zientzia eta Osasun Mentala, irakurri zuen, eta hainbat poesia-liburu ere bazeuden. Wall Street Journal ale bat, orriak sakabanatuta, gau-mahaitik zintzilik zegoen, zilarrezko ur-pitxerraren zamak eutsita. Tximista-antzeko marra zurigorriko bainu-bata ohearen oinaldean zegoen etzanda, batika-pijama garesti baten ondoan. Gela txikia zen, baina leihoetatik ibaia ikusten zen, hirierdirantz zubiraino eta hiringururantz Hobokeneraino. Bi puntuon artekoa sakona, urdinxka, zikina, konplexua, kristalezkoa, herdoildua zen; apartamentu berrien hezurdura gorriak altxatzen ziren New Jerseyko labarretan, eta kruzero erraldoiak beren nasetan zeuden, atoiontziak zirgazko bizar korapilatsuekin. Ibaiaren itsasgorako usain gesala ere haraino igotzen zen, garbiketa-uraren usaina bezala. Leku guztietatik pianoak aditzen zituen, eta gizon-emakumeen ahotsak eskalak egiten eta opera kantatzen, denak nahasirik, eta erlaitzetako usoen hotsak.
Wilhelmek telefonoa hartu zuen berriro. «Bilatuko al didazu mesedez Tamkin doktorea harrera-gelan?» galdetu zuen. Eta telefonistak ezetz esan zionean, Wilhelmek bere aitaren gelako zenbakia eman zuen, baina Adler doktorea ere ez zegoen gelan. «Ba jar nazazu mesedez masajistarekin. Masaje-gelarekin, diot. Ez al duzu ulertzen? Gizonezkoen gimnasioa. Bai, Bai, Max Schilper-ena; nola nahi duzu bere izena jakitea?»
Han ahots arraro batek esan zuen, «Adler toktorea?» Bertako arduraduna zen, sudur eta belarri itxuragabetuko boxeolari ohi txekiarra, xaboia, eskuoihalak eta sandaliak ematen zituena. Norabait joan zen. Isiltasun sakon amaiezin batek jarraitu zion. Wilhelmek azkazalez tarrapataka egin zuen telefonoan, gero txistuka hasi zen, baina ezin izan zituen ez arduraduna ez telefonista etorrarazi.
Neskameak Tamkinen mahai gaineko pilula-flaskoak miatzen ikusi zuen, eta bazirudien susmatzen hasi zela. Phenaphen pilulak agortzen ari zitzaizkion eta beste zerbaiten bila ari zen. Baina bere tableta bat irentsi ondoren irten egin zen igogailuari deitzera. Gimnasiora jaitsi zen. Irten zenean, leiho lurruntsuen beste aldean igerilekuaren isla ikusi zuen, beheko eskaileretan zurrunbilo berdeak eratzen. Aldagelarako oihala zeharkatu zuen. Bi gizon, eskuoihaletan bilduak, ping-pongean ari ziren. Ez ziren onak eta pilotak altuegi egiten zuen botea. Komuneko gizon beltza zapatak garbitzen ari zen. Ez zuen Adler doktorea izenez ezagutzen, eta Wilhelm masaje-gelara jaitsi zen. Mahaien gainean gizon biluziak zeuden etzanda. Ez zegoen argi handirik, eta oso bero egiten zuen, eta sabaiko ilargi zuri ahulen azpian larruazal zurbilek distiratzen zuten. Zerrenda ttipiez jantziriko neska politak agertzen ziren egutegi-argazkiak zeuden paretan iltzatuta. Lehen mahaian, begiak erabat itxiak luxu isil astunean, bizar karratu eta zango motzeko gizon sendo ile-beltz bat zetzan. Errusiar ortodoxoa izan zitekeen. Aldamenean, eskuoihalean bilduta, zain zeukan gizona zegoen, lurrun-bainuagatik gorrituta eta bizarra egin berria. Aurpegi handi eta zoriontsua zuen eta pentsakor zegoen. Eta haren atzean atleta bat zegoen, gihar izugarriekin, indartsu eta gaztea, sexuaren arkua zapi zurian markatua eta ahoan irribarre erdi-haserre bat marraztua. Adler doktorea laugarren mahaian zegoen, eta Wilhelmek bere aitaren gorputz zurbil eta xumea aztertu zuen. Saihetsak meharrak eta txikiak zituen, eta sabela borobila, zuria eta nabaria. Bere izaera propiala zeukan, bereizita bailegoen. Izterrak ahulak zeuzkan, besoetako giharrak makalduak, eta lepaldea zimurtua.
Masajista, elastikoa soinean, makurtu eta belarrira xuxurlatu zion, «Semea duzu», eta Adler doktoreak begiak zabaldu eta Wilhelmen aurpegia ikusi zuen. Segituan sumatu zuen haren kezka, eta berehalako erreflexu batez kutsadura arriskuaz urrundu zen, patxadaz esanez, «Zer, segitu al duzu nire aholkua, Wilky?»
«Oi, aita», esan zuen Wilhelmek.
«Igerialditxo bat egin eta masajea hartu?»
«Hartu al duzu nire mezua?» esan zuen Wilhelmek.
«Bai, baina tamalez beste norbaiti eskatu beharko diozu, nik ezin dut eta. Ez nuen ideiarik ere diruz horren estu zenbiltzanik. Nolatan utzi duzu hori gertatzen? Ez al zeneukan ezer gordeta?»
«O, aita, mesedez», esan zuen Wilhelmek eskuak ia erregutzeko moduan elkartuz.
«Sentitzen dut», esan zuen doktoreak. «Benetan. Baina arau bat ezarri dut. Pentsatu dut horretaz, arau ona da nik uste, eta ez dut aldatu nahi. Ez duzu zuhur jokatu. Zer gertatzen da?»
«Zer ez da gertatzen? Denetatik. Horratx, denetatik. Baneukan pixka bat, bai, baina ez naiz oso azkarra izan».
«Apusturen bat egin al duzu? Eta galdu? Tamkinekin izan al da? Esan nizun, Wilky, ez Tamkin horrekin ezertarako kontatzeko. Hori al da? Susmoa dut...»
«Bai, aita, tamalez berataz fidatu naiz».
Adler doktoreak besoa eskaini zion gaultheria-olioa erabiltzen ari zen masajistari.
«Fidatu? Eta engainatu zaitu?»
«Ba beldur naiz nolabait...» Wilhelmek begirada laburra bidali zion masajistari, baina hura buru-belarri zegoen bere lanean. Ziur aski ez zituen elkarrizketak entzuten. «Bai. Hobe dut aitortu. Kasu egin beharko nizukeen».
«Beno, ez dizut gogoraraziko zenbat alditan gaztigatu dizudan. Oso mingarria izan behar du».
«Bai, aita, halaxe da».
«Ez dakit zenbat aldiz erre behar duzun zerbait ikasteko. Hutsegite berak behin eta berriz».
«Ezingo nintzateke zurekin adosago egon», esan zuen Wilhelmek etsipenezko aurpegia jarriz. «Zenbat arrazoi duzun, aita. Betiko hutsegiteak dira, eta behin eta berriro erretzen naiz. Badirudi ezin... tentela naiz, aita, ezin dut arnasa egin ere. Bularra gainezka daukat... ito beharrean sentitzen naiz. Ezin dut arnasa hartu».
Tinko begiratu zion bere aitaren biluztasunari. Aurki jabetu zen Adler jauna bere onetik ez irteteko ahaleginak egiten ari zela. Lehertzeko zorian zegoen. Wilhelmek aurpegia jaitsi zuen esanez, «Zorte txarra ez zaio inori gustatzen, e, aita?»
«Hara! Orain zorte txarra da. Duela une bat tentelkeria zen». «Tentelkeria da... bietatik dago. Egia da ez naizela ikasteko gai. Baina...»
«Ez ditut xehetasunak aditu nahi», esan zion bere aitak. «Eta ulertu behar duzu zaharregia naizela zama berriak gainean hartzeko. Zaharregia naiz eta kito. Eta laguntzaren zain egon nahi duen jendea, ba hori... laguntzaren zain gera dadila. Baina mugitzen hasi beharko dute».
«Ez da dena diru kontua; aita batek beste gauzak eman diezazkioke seme bati». Begi grisak altxatu zituen, eta sudurzuloak zabaldu zizkion erregu sufrituzko aurpegiak areagotu egin zuen aitak bere aurka zuen asaldura.
Gaztigu gisa esan zion, «Kontuz, Wilky, nire egonarria agortzen ari zara».
«Ez egiten saiatzen naiz. Baina hitz bat zuregandik, hitz bakar bat, laguntza handia litzateke. Ez dizut inoiz gauza askorik eskatu. Baina ez zara gizon ona, aita. Ez didazu ematen erregutzen dizudan apurtxo hori».
Konturatu zen oraingoan sutan zeukala aita. Adler doktorea zerbait esaten hasi zen, eta gero atondu egin zen aldi berean eskuoihala bilduz. Ahoa ireki zuen, zabal, ilun, oker, eta esan zion Wilhelmi, «Nire gurutze bilakatu nahi duzu. Baina nik ez dut inongo gurutzerik altxatuko. Nahiago dut, alajaina, zu hiltzea niri hori egiten uztea baino».
«Aita, entzun! Entzun!»
«Eta orain zoaz niregandik. Niretzat tortura da zuri begiratzea, memelo horri!» oihukatu zuen Adler doktoreak.
Wilhelmi odola izugarri goratu zitzaion, bere aitaren sumin berdinaz, baina gero hondoratu egin zitzaion, bera zorigaitzaren gatibu etsi bihurtuz. Zurrun eta formaltasunezko kutsu arraro batez esan zuen, «Ederki, aita. Ez dut besterik nahi. Ez geneukan beste ezer esatekorik». Eta pausu astun zeremoniatsuez irten zen igerilekua eta lurrun-gelaren alboko atetik, sototik igotzen ziren eskailera luzeetan gora ahaleginduz. Berriro ere igogailua hartu zuen behegaineko harrera-gelara joateko.
Tamkin doktoreaz galdetu zuen harrera-mahaian.
«Ez, ez dut ikusi», esan zuen enplegatuak. «Baina uste dut zerbait dagoela zuretzat».
«Niretzat? Emadazu», esan zuen Wilhelmek, eta bere emaztearen telefono-mezu bat ireki zuen. Mezuak zioen, «Mesedez, deitu berehala Wilhelm andreari. Premiazkoa da».
Emaztearen premiazko mezu bat hartzen zuen bakoitzean haurren inguruko beldur handi bat nagusitzen zitzaion. Telefono-kabinara joan zen arin, patriketan zeramatzan txanponak telefono azpiko altzairuzko apaltxoan hustu zituen, eta Digby-ko zenbakia osatu zuen.
«Bai...?» esan zuen bere emazteak. «Bizkor» zaunka ari zen egongelan.
«Margaret?»
«Bai, kaixo». Ez zuten inoiz beste agurrik trukatzen. Emazteak segituan antzematen zion ahotsari.
«Mutilak ondo?»
«Bizikletekin dabiltza hortik. Zergatik ez lukete ondo egon behar? "Bizkor", iso!»
«Zure mezuak ikaratu egin nau», esan zion Wilhelmek. «Nahiago nuke premiazkotasuna hain sarri erabiliko ez bazenu».
«Gauza bat esan behar nizun».
Haren ahots ezagun eta gogorrak oroimin goseti antzeko bat piztu zion barruan, ez Margaretena, behinola ezagutu zuen bakearena baizik.
«Data atzeratua zeraman txekea bidali didazu», esan zion. «Ezin dut hori onartu. Dagoeneko bost egun joan dira hilaren lehenetik. Hamabiko data jarri diozu txekeari».
«Beno, ez daukat dirurik. Ez daukat. Ezin nauzu horregatik espetxera bidali. Nahiko zortea izango dut hamabirako biltzeko gauza banaiz».
«Ba bildu egin beharko duzu, Tommy», erantzun zion emazteak.
«Bai? Zertarako?» esan zuen. «Esan, zertarako? Mundu guztiari niri buruzko gezurrak esateko? Zuk...»
Margaret moztu egin zion. «Badakizu zertarako. Mutilak hazi behar ditut».
Kabina estuan Wilhelm izerdi patsetan zegoen. Burua jaitsi eta soinak goratu zituen, atzamarrez zentaboak, hamar zentabokoak eta dolar laurdenak lerrotan jartzen zituen artean. «Ahal dudan guztia egiten ari naiz», esan zuen. «Zorte txarra izan dut. Egia esan, hain izan da zorte txarra ez dakidala non nabilen. Ezingo nizuke esan asteko zein egunetan bizi garen. Ezin dut zuzen pentsatu. Eta hobe dut horretan ez saiatu ere. Egun izugarria izan da, Margaret. Honelako beste egun bat inoiz ez bizitzea espero dut. Eta zin-zinez diotsut hori. Beraz gaur ez naiz gehiago pentsatzen saiatuko. Bihar tipo batzuekin hitz egitera noa. Bata salmenta-arduraduna da. Bestea telebistan dabil. Baina ez da antzezteko», gaineratu zuen bizkor. «Negozio kontuetarako».
«Hori zure ohiko hitz-jarioa da, Tommy», esan zuen Margaretek. «Adiskidetu egin beharko zenuke Rojax konpainiarekin. Hartuko zintuzkete berriro. Gaztetxo batek bezala pentsatzeari utzi behar diozu».
«Zer esan nahi duzu?»
«Hara», esan zuen emazteak, neurriz eta gogor, gupidagabeki gogor, «oraindik gaztetxo batek bezala pentsatzen duzu. Baina ezin duzu horretan segitu. Egunero ari zara hutsetik hasi nahian. Baina hamazortzi urte barru jubilatzeko adinean izango zara. Inork ez du zure adineko enplegatu berria nahi».
«Badakit. Baina aizu, ez da beharrezkoa horren gogor izatea. Ezin naiz haien aurrean belaunikatu. Eta benetan, ez duzu horren gogor jokatu behar. Ez dizut hainbeste min eman»
«Tommy, zure atzetik ibili behar izaten dut zor diguzun dirua eske, eta ez zait batere gustatzen».
Ahots gogorra zuela entzutea ere ez zitzaion batere gustatzen.
«Neure onetik ez ateratzeko ahaleginak egiten ari naiz», esan zuen Margaretek.
Emaztea irudikatzen zuen, kopeta-ile urdindua tinkotasun zorrotzez moztuta aurpegi polit erabakian. Bidezkoa izatez harrotzen zen. Ezin dugu jasan, pentsatu zuen Wilhelmek, zer egiten dugun jakitea. Ezta odola isurtzen bada ere. Ezta norbaiti sudurretatik bizitzaren hatsa kentzen bazaio ere. Horrelakoak dira ahulak; lasaiak eta bidezkoak. Eta gero kolpatu egiten dute! Kolpatu!
«Rojaxen berriro hartu? Arrastaka joan beharko nuke. Ez naute behar. Hainbeste urteren ondoren enpresaren akzioak eduki beharko nituzke. Nola mantenduko zaituztet hirurak, eta neroni bizi, salmenta-lurraldearen erdiarekin? Eta zergatik saiatu beharko nuke zuk nire alde atzamar bat ere mugitzen ez duzunean? Berriro ikastera bidali zintudan, ez? Garai hartan esan zenuen...»
Ahotsa ozentzen ari zen. Margaretek ez zuen hura atsegin eta eten egin zuen. «Gaizki ulertu zenidan», esan zuen.
«Jabetu behar duzu hil egiten nauzula. Ezin zara horren itsu egon. «Ez duzu hilko!» Ahaztu al duzu hori?»
«Orain eldarniopean zaude», esan zion Margaretek. «Lasaitzen zarenean bestelakoa izango da. Konfiantza handia dut dirua irabazteko duzun gaitasunean».
«Margaret, ez zara egoeraz jabetzen. Lana bilatu beharko duzu».
«Ezta pentsatu ere. Ez ditut bi haur txiki izango hortik libre».
«Ez dira haurtxoak», esan zuen Wilhelmek. «Tommyk hamalau urte ditu. Pauliek hamar beteko ditu».
«Entzun», esan zuen Margaretek bere era irmoan. «Ezin dugu elkarrizketa honekin segitu horrela oihukatu behar baduzu, Tommy. Adin arriskutsuan daude. Badaude gaztetxo taldeak... gurasoak lanean, edo familia suntsitutakoak».
Berriro ere Wilhelmi gogorarazten ari zitzaion berak utzi zuela. Emazteak zeukan bi umeen hezkuntzaren zama, Wilhelmek bere askatasunaren prezioa ordaindu egin behar zuen bitartean.
Askatasuna! pentsatu zuen Wilhelmek saminak ahituta. Nekeak eta arazoak, ez askatasuna. Emazkidazu umeak. Nireak ere badira eta.
Nirekin bizi zen emakume bera izan al zaitezke? esatea pentsatu zuen. Ahaztu egin al duzu luzaro elkarrekin lo egin dugula? Beharrezkoa al duzu orain honen gaizki tratatzea, errukirik ez izatea?
Berriro Margaretekin bizitzen orain zegoen baino hobeto egongo zen. Hori pentsatzera eraman nahi zuen Margaretek, eta borobiltzen ari zen. «Zorigaitz sentitzen al zara?» esaten ari zitzaion. «Ba ondo merezita daukazu». Eta ezin zen Margaretengana itzuli, Rojax konpainiari berriz lana emateko erregutu ezin zion bezalaxe. Bizitza kosta bazitzaion ere, ezin zen itzuli. Margaretek lur jota utzi zuen Oliverekin. Kolpatu egin zuen behin eta berriz, jo, jipoitu egin zuen, bizitza kolpeka erauzi nahi balio bezala.
«Margaret, mesedez, pentsa ezazu ostera lana aurkitzeaz. Orain baduzu lizentziatura. Zergatik ordaindu ote nituen zure matrikulak?»
«Praktikoa zirudielako. Baina ez da. Mutilak hazteak guraso-autoritatea eskatzen du, eta etxe bat».
Wilhelmek erregutu zion, «Margaret, ez nirekin horren gogorra izan. Ez zenuke behar. Oso estu nabil eta itoka nagoela sentitzen naiz. Ez duzu pertsona baten suntsiketaren erantzunbeharra izan nahiko. Gutxitu presioa. Lehertzeko zorian ikusten dut neure burua». Aurpegia zabaldu zitzaion. Kolpe bat eman zuen kabinako metal eta zur eta iltzeen gainean. «Arnasa hartzen utzi behar didazu. Hondoratzen banaiz, orduan zer? Eta zugan ulertu ezin dudana da. Nola trata dezakezun modu honetan zurekin horren luzaro bizi izan den pertsona. Bere onena eman dizuna. Ahalegindu dena. Maite izan zaituena». Dardarka jarri zuen «maite» hitza ahoskatze hutsak.
«A», esan zuen Margaretek bat-bateko arnasa batez. «Muinera iristen ari gara. Nola irudikatzen zenuen izango zela... handikien gisara? Dena leunduta zuretzat? Nik uste nuen propio ari zinela honetara iritsi nahian».
Beharbada ez zen bere asmoa hain zakar erantzutea, baina asko hausnartu zuen eta orain ezin zuen galarazi bere senarra zigortzea eta berak jasan behar izan zituen oinazeak bezalakoak sentiaraztea.
Wilhelmek berriro kolpatu zuen horma, oraingoan bere eri-bizkarrez, eta apenas geratzen zitzaion biriketan xuxurlatuz hitz egiteko adina aire, bihotzak presio beldurgarriaz gorantz bultzatzen zuelako. Zutitu eta esparru meharreko zorua oinkatu zuen.
«Ez al dut beti ahal izan dudan onena egin?» oihukatu zuen, nahiz bere belarriei ahotsa ahul eta mehe iruditu. «Den-dena dator nigandik eta ez zait deus ere itzultzen. Ez dago bon zigortuko duen legerik, baina nire aurkako krimena egiten ari zara. Jainkoaren aurrean... eta ez naiz txantxetan ari. Zinez diotsut. Jainkoaren aurrean! Lehen edo gero mutilek jakingo dute».
Tonu sendoz, baina lasai, Margaretek esan zion, «Ez ditut inoren uluak jasango. Normal hitz egiten duzunean eta zentzuzko zerbait esan behar didazunean entzungo dizut. Baina ez honela». Eskegi egin zuen.
Wilhelm aparailua hormatik erauzten saiatu zen. Hortzak kirrinkatuz kutxa beltzari atzamar ero bilatzaileez heldu zion eta oihu markets bat eginez tira egin zion. Orduan adineko andre bat ikusi zuen kristalezko atetik begira, arrunt izututa egiten ari zenagatik, eta korrika aldendu zen kabinatik, apalean txanpon kopuru dezentea utziz. Eskailerak abiada bizian jaitsi eta kalera irten zen.
Broadwayen arratsalde argitsua zen oraindik eta gasolinaz betetako airea ia ez zen mugitzen eguzkiaren berunezko errainuen azpian; oin-markak han-hemenka ikusten ziren harategi eta fruta-dendetako atarietako zerrautsean. Eta jendetza, jendetza izugarria, arraza eta mota guztietako milioika pertsonen korronte agortezina kanpora isurtzen, elkar estutzen, adin guztietakoak, izaera guztietakoak, antigoaleko zein etorkizuneko giza sekretu guztien jabeak, aurpegi bakoitzean helburu berezi baten funtsa marraztua; lan egiten dut, gastatzen dut, ahalegintzen naiz, diseinatzen dut, maite dut, heltzen diot, eusten diot, bidea ematen dut, bekaizten dut, irrikatzen dut, arbuiatzen dut, hiltzen naiz, ezkutatzen naiz, nahi dut. Bizkor, edozein gizonek erregistra lezakeen baino askoz bizkorrago. Espaloiak edozein autobide baino zabalagoak ziren; kalea bera eskerga zen, dardara eta dirdira egiten zuen eta jasankortasunaren azken mugan taupaka ari zela iruditzen zitzaion Wilhelmi. Eta nahiz eguzki-argia gasa zabal arina bezala agertu, haren pisu errealak mozkorturik bailegoen sentiarazi zuen.
«Dibortzioa lortuko dut, egiten dudan azken gauza bada ere», zin egin zuen. Eta aitari dagokionez... aitari dagokionez... autoa txatarra gisa saldu eta hotela ordainduko dut. Oliverengana belaunikatuta joan beharko dut esanez «Gera zaitez nirekin apur bat. Ez Margareti irabazten utzi. Olive!» Eta pentsatu zuen, Oliverekin hutsetik hasten saiatuko naiz. Egin egin behar dut. Olivek maite nau. Olive...
Espaloi alboko taxi errenkada baten ondoan Tamkin doktorea ikusi uste izan zuen. Kakao koloreko zerrenda zeraman kapelarekin huts egin zuen lehen eta, jakina, ez zuen berriz hutsegite berbera egin nahi. Baina ez al zen Tamkin horren serio, sorbaldak zorrotz, ehorztetxearen olana azpian norbaitekin hizketan ari zena? Hileta bikaina baitzen hura. Aurpegi berezia bilatu zuen boladako kapela-hegal gris ilunaren azpian. Bi auto ireki zeuden lorez beteta, eta polizia bat oinezkoentzako bidea zabalik mantentzen saiatzen zen. Olanaren zutoinean bertan zegoena ez al zen Tamkin alua aurpegia itzaltsu eta esku irekiaz keinuak egiten eta hitz-aspertuan ari zena?
«Tamkin!» oihukatu zuen Wilhelmek aurrera joz. Baina polizia batek, porra arrabola moduan bi muturretatik helduta, alde batera bultzatu zuen. Wilhelm Tamkinengandik are urrutiago zegoen orain, eta birao egin zion ahopeka poliziari; honek atzera bultzatzen segitu zuen, atzera, sabela eta saihetsak bultzatzen, esanez, «Ea, mugi zaitezte, mesedez», aurpegia gorri eta egonezinez izerditan, bekainak ehiza-larru gorrizta bezala. Wilhelmek harrokeriaz esan zion, «Ez zenuke jendea horrela bultzatu behar».
Errua, haatik, ez zen errealitatean poliziarena. Bidea zabalik mantentzeko agindua eman zioten. Wilhelm aurrera eraman zuen jendetzaren bultzadak.
«Tamkin!» deiadar egin zuen.
Baina Tamkin joana zen. Edo hobeto esanda, bera eraman zuten kaletik kaperara. Barruko ilunpe eta freskotasunean amaitu zen bultzada. Haizegailu baten aire-korronteak aurpegia lehortu zion, eta mukizapiaz gogor igurtzi behar izan zuen gatzaren azkura arina geldiarazteko. Hasperen egin zuen tutuetatik zetozen organo-nota mugikor eta xuxurlariak entzun zituenean, eta jendea ikusi zuen aulkietan. Traje ilun eta feldrozko kapela beltzez jantzitako hainbat gizon kortxozko zoruaren gainetik zebiltzan aurrera eta atzera, erdiko pasabidean gora eta behera urrats luzez mugitzen. Beira esmerilduaren zuria nakarra bezalakoa zen, eta izarren likido urdinxka ile-gurizko xingola bezalakoa. Beno, pentsatu zuen Wilhelmek, kanpoko hori Tamkin bazen berdin itxaron dezaket hemen, fresko dagoen lekuan. Harrigarria da, ez dit aipatu gaur bilera batera joan behar zuenik. Baina horrelakoa da tipoa.
Baina minutu batzuk beranduago Tamkinez ahaztu zen. Hormaren ondoan zegoen zutik beste batzuekin, hilkutxari eta bertatik, begirada hildakoari zuzenduz, pasatzen ari zen ilara mantsoari begira. Azkenean bera ere ilaran sartu zen eta mantso-mantso, metroz metro, bihotzaren taupadak antsiati, trinko, beldurrezkoak baina nolabait handiosak ere bai, hilkutxara hurbildu zen, eta txanda iritsi zitzaionean gelditu eta behera begiratu zuen. Arnasa eutsi zuen gorpuari behatu zionean, eta puztu egin zitzaion aurpegia, begiek bat-bateko malkoez distiratuz.
Hildakoa ileurdina zen. Bi ileurdinezko uhin handi zeuzkan aurreko aldean. Baina ez zen zaharra. Aurpegi luzekoa zen, eta sudur hezurtsua zuen, pittin bat okertua. Bekainak altxatuta zeuzkan azken gogoetan murgildu izan balitz bezala. Orain azkenik bakean zegoen, gorabehera guztien amaieran, eta bere haragia zegoeneko haragia ez zelarik. Eta aire gogoetatsu hark hain kolpatu zuen Wilhelm non ezin izan baitzen joan. Izu-ukitua eta guzti, ondoren nabaritu zuen larriduran murgiltze hura eta guzti, ezin izan zen joan. Ilaratik atera eta hilkutxaren alboan geratu zen; begiak gainezkatu zitzaizkion isiltasunean eta malko isil haiek zeharkatuz gizona aztertu zuen lerroko bisitariek begirada lausotuez satenezko hilkutxa pasatu eta zitoriek, lilek, arrosek eratutako ilara tenteetarantz segitzen zuten artean. Atsekabe handiz, larriduraz, ia mirespenez, Wilhelmek behin eta berriz egin zuen baiezka buruaz. Azalean, hildako gizonak oso txukuna zirudien bere alkandora dotorearekin, gorbata eta zetazko paparrekin eta larruazal hautseztatuarekin; baina apur bat azpian hain... beltza, pentsatu zuen Wilhelmek, hain betiluna.
Pixka bat urrunduz, Wilhelm negarrez hasi zen. Hasieran negarra leuna zen, minberakeriak eragina, baina laster sentimendu sakonago batek eragin zuen. Ozenki negar-zotinka hasi zen eta aurpegia desitxuratu eta berotu egin zitzaion, eta malkoek larruazala eztenkatu zioten. Gizon bat... beste gizaki bat, horrek zeharkatu zion gogoa hasieran, baina beste gauza batzuk, bestelakoak, azaltzen ari zitzaizkion. «Zer egin behar dut? Sosik gabe utzi naute, ostikoka bidali naute... O, Aita, zer eskatzen dizut? Zer egingo dut umeekin... Tommy eta Paulekin? Nire haurrekin. Eta Oliverekin? Ene bada! Ene, ene, ene... babestu egin behar nauzu bizitza kendu nahi didan deabruaren aurka. Hala nahi baduzu, hil nazazu. Tori, har ezazu, har iezadazu».
Handik gutxira atzean utzi zituen hitzak, atzean arrazoia, koherentzia. Ezin zen gelditu. Malko guztien iturria itsumustuan ireki zitzaion barruan, beltz, sakon, eta bero, eta isurtzen ari zitzaizkion gorputza dardarka utziz, buru egosgogorra makurraraziz, sorbaldak abailduz, aurpegia okertuz, mukizapiari eusten zioten eskuak berak elbarrituz. Bere onera itzultzeko ahaleginak alferrikakoak izan ziren. Eztarrian zeukan zorigaitz eta goibeldurazko korapilo handia gorantz puztu zen, eta erabat amore emanez aurpegia eskuetan hartu eta negar egin zuen. Gogotik egin zuen negar.
Bera zen, kaperako jende guztiaren artean, negarrez ari zen bakarra. Inork ez zekien nor ote zen.
Emakume batek esan zuen, «New Orleans-etik etorri behar zuen lehengusua ote da?»
«Lagun hurkoa izan behar du benetan horrela aritzeko».
«Ene bada, ene bada! Hori auhentzeko modua», esan zuen gizon batek Wilhelmen sorbalda astun dardaratiei, haren aurpegi zimel eta ile horail urdintzen hasiari begi zabal, distiratsu eta jeloskorrez so eginez.
«Gizonaren anaia, agian?»
«A, ez dut uste», esan zuen bertako beste batek. «Ez dute inongo antzik. Gaua eta eguna bezalakoak dira».
Loreek eta argiek bat egin zuten estasian bezala Wilhelmen begi heze itsutuetan; itsas musika astuna belarrietaraino igo zitzaion. Barruraino isuri zitzaion, jendetzaren erdian ezkutatu zen lekuan, malkoen zorioneko ahaztuera bikainari esker. Hura entzundakoan tristura baino are sakonago hondoratu zen, negar-zotin urratuak eta negarrak zeharkatuz, bere bihotzaren premia gorenaren kontsumaziorantz.
© Saul Bellow
© itzulpenarena: Juan Mari Mendizabal