VI

 

        Zekalea aurrera zihoan bazkaltzera irten zirenean, eta gantzak bereari eusten zion.

        Aurre urreztatua zuen kafetegian bazkaldu zuten. Kanpoko estilo bera zegoen barruan. Janariak itxura dotorea zuen. Arrain osoak azenario-markoez inguratuta zeuden, koadroak bailiren, eta entsaladak terraza-paisaiak edo Mexikoko piramideak bezalakoak ziren; limoi, tipula eta errefau-xerrak eguzki, ilargi eta izarrak bezalakoak; kremazko tartek oin bat inguruko lodiera zuten eta pastelak okin lotiek ametsetan egosi balituzte bezain puztuta zeuden.

        «Zer hartu behar duzu?» esan zuen Tamkinek.

        «Askorik ez. Gosari sendoa hartu dut. Mahaia bilatuko dut. Ekarrizkidazu jogurta eta gailetak eta te-kikara bat. Ez dut bazkaltzen denbora gehiegi pasa nahi».

        «Jan egin behar duzu», esan zuen Tamkinek.

        Ordu hartan leku libre bat aurkitzea ez zen erraza. Jende adindua egonean zegoen, kafea ondoan zutela berriketan. Emakume adintsuek ezpainetakoa zeramaten eta makillajea eta ilea urdinez edo henna-z tindatua eta begiak pintatuak eta bitxikeriak soinean, eta haietako asko harroak ziren eta beren adinari ez zegozkion betartez begiratzen zizuten. Ez ote ziren geratzen emakume adindu agurgarriak, puntua egin eta janaria prestatu eta beren bilobak zaintzen zituztenak? Wilhelmen amonak marinelaz janzten zuen eta belaunen gainean saltoka jarri, ahia hozteko puztu esanez, «Almirantea, jan egin behar duzu». Baina zertarako gogoratu hura hain berandu bizitzan?

        Mahai bat aurkitzen moldatu zen, eta Tamkin doktorea azaldu zen plater eta kikarez betetako erretilu batekin. Haragi errea hartu zuen aza lonbarda eta patatekin, sandia xerra handi bat eta bi kikara kafe. Wilhelmek ezin zuen ezta bere jogurta irentsi ere. Bularrak min ematen zion oraindik.

        Tamkinek berehala nahasi zuen eztabaida luze batean. Wilhelm geldiarazi eta zekalea sal zezan saihesteko egiten ote zuen, edo izaera neurotikoari buruzko hitzerdiez Wilhelm haserraraztean galdutako eremua berreskuratzeko ote zen? Edo haren helburu soila hitz egitea ote zen?

        «Uste dut gehiegi kezkatzen zaituela zure emazteak edo aitak esan dezaketenak. Horrenbeste axola al dizute?»

        «Pertsona bat», erantzun zuen Wilhelmek, «aspertu egin daiteke bere burua goitik behera begiratzeaz eta itxura hobetzen saiatzeaz. Bizitzaren bigarren erdi osoa eman dezake batek lehen erdiko hutsegiteetatik bizkortzen».

        «Oso oker ez banabil zure aitak aipatu zidan zuri uzteko diru bat bazeukala».

        «Ziur aski izango du zerbait».

        «Asko?»

        «Batek daki», esan zuen Wilhelmek tentuz.

        «Ondo pentsatu beharko zenuke horrekin zer egin».

        «Hartu orduko edozertarako ahulegi egon ninteke. Ezer hartzen badut».

        «Horrelako zerbait arretaz planifikatu beharko zenuke. Behar bezala inbertitu». Proiektuak azaltzen hasi zen; haien arabera akzioak erosten ziren eta gero akzioak berma gisa erabiltzen ziren beste zerbait erosteko, era horretan diruaren ehuneko hamabia irabaziz inongo arriskurik gabe. Wilhelm ez zen xehetasunak segitzeko gai izan. «Orain zerbait emango balizu», esan zuen Tamkinek, «ez zenituzke herentzien gaineko zergak ordaindu beharko».

        «Nire aitari», esan zion Wilhelmek saminduraz, «heriotzak beste pentsamendu guztiak ezabatzen dizkio gogotik. Ni neu ere horretaz pentsatzera behartzen nau. Gero gorrotatu egiten nau lortzen duelako. Etsitu egiten naizenean... jakina diruaz pentsatzen dudala. Baina ez dut hari ezer gertatzea nahi. Eta ez dut inondik inora ere hiltzea nahi». Tamkinen begi marroiek dirdira maltzur batez so egin zioten. «Ez didazu sinesten. Agian ez da psikologikoa. Baina ohorezko hitza ematen dizut. Txantxak txantxa, honelako gauzetan ez naiz txantxetan aritzen. Hiltzen denean lapurtuta bezala sentituko naiz. Jada ez dut aitarik izango».

        «Zaharra maite al duzu?»

        Wilhelmek hari heldu zion. «Noski, noski maite dudala. Nire aita. Nire ama...» Hura esatean teinkada handi bat sentitu zuen arimaren erdi-erdian. Arrain batek amuari kosk egiten dionean haren indar bizia sentitzen da eskuan. Ur azpiko izaki misteriotsu batek, goseak bultzatua, amua irentsi du eta bizkor eta bihurrituz doa iheska. Wilhelmek ez zion barrena kolpatu zionari antzeman. Ez zitzaion azaldu. Ihes egin zion.

        Eta Tamkin, irudimenaren nahasarazlea, kontatzen hasi zen, edo asmatzen, bere aitaren historia xelebrea. «Kantari bikaina zen», esan zuen. «Utzi egin gintuen bost anai-arrebok opera-soprano batekin maitemindu zelako. Ez nion inoiz gaitzetsi; alderantziz, miretsi egin nuen bizitza-printzipioari nola jarraitu zion. Nik berdin egin nahi nuen. Zorigaitza medio, adin jakin batetik aurrera garuna pixkana hiltzen hasten da». (Egia, egia! pentsatu zuen Wilhelmek) «Hogei urte beranduago, Rochester-eko Eastman Kodak-en esperimentuak egiten ari nintzela, topatu egin nuen berriro zaharra. Beste bost ume zeuzkan». (Gezurra, gezurra!) «Negarrez hasi zen; lotsatuta zegoen. Nik ez neukan ezer bere kontra. Eta noski, arrotz sentitu nintzen».

        «Neure aita ere arrotz samarra da niretzat», esan zuen Wilhelmek, hausnarketetan murgilduz. Non dago behinola pertsona mina izaten zen hura? Edo izaten nintzen hura? Catherinek ere, neure arrebak, ez dit gehiago hitz egiten. Beharbada aitak, nire arazoei baino, nire nahasketari ematen dio gibela. Gehiegizkoa da. Bizitzaren hondakinak, eta horren gainean nahasdura, kaosa eta gaua. Agurra errazagoa ote zaio aitari lagunak bezala banantzen ez bagara? Agian erresuminez egin beharko luke; «Lehertuko ahal zara, madarikatu hori!» Eta zergatik, Wilhelmek galdetzen segitu zuen, errukitu behar du nitaz berak edo beste edonork? Edo zergatik errukitu behar dute nitaz beste edonortaz baino? Nire haur-gogoaren ustea da zerbait behar duzulako bakarrik jendeak eman egingo dizula.

        Gero Wilhelm hasi zen bere bi semeez pentsatzen, bere buruari galdetzen nola ikusten ote zuten, eta zer iritziko ote zioten. Une hartan abantailan zegoen, beisbolari esker. Haien bila joaten zenean Ebbets Field-era eramateko, ordea, ez zen bera izaten. Plantak egiten zituen, baina hondar ukabilkada irentsi balu bezala sentitzen zen. Etxe arrotza, ezaguna, aztorarazi egiten zuena; «Bizkor», zakurra, bizkar gainean iraulkatuz zaunka eta intzirika hasten zitzaion. Wilhelmek gauza arrarorik gertatuko ez balitz bezala jarduten zuen, baina astuntasun ahulgarri bat nagusitzen zitzaion. Flatbush-eko bidean Pigtown eta Charlie Ebbets zaharrei buruzko pasadizoak kontatzen zizkien, eta izar zaharren oroitzapenak, baina gogorra egiten zitzaion. Ez zekiten ondo nolako garrantzia zuten beretzat. Ez. Min handia ematen zion, eta Margareti botatzen zion errua bere aurka jarri izateagatik. Emazteak hondamendira eraman nahi zuen, berak ontasunaren maskara zeraman artean. Roxburyn argitasunak ematera joan behar izan zuen apaizarengana, baina hark ez zuen begikotasun handirik erakutsi. Horiei ez zaizkie pertsonak axola, beren arauak datoz lehenik. Olive-k esan zion berarekin ezkonduko zela, Elizatik kanpo, dibortzia lortu ondoren. Baina Margaretek ez zuen laga nahi. Oliveren aita agure jatorra zen, osteopata, eta bazekien zer ari zen gertatzen. Azkenik esan zidan, «Aizu, Oliveri aholkua eman behar diot. Eske ari zait. Ni neu librepentsalaria naiz, baina neskak hiri honetan bizi behar du». Eta zegoeneko berak eta Olivek arazoa franko izan zituzten, eta neskak esan zion berak Roxburyn igarotzen zituen egunen beldur izaten hasia zela. Wilhelm dardarka jartzen zen gurtzen zuen neskatila beltzaran polit hura irain zezakeelakoan. Igande goizean Olive berandu samar esnatzen zenean ia negarrez iratzartzen zuen mezatara berandu iritsiko zelako. Orduan galtzerdi-ligak lotzen eta gonazpikoa eta soinekoa leuntzen laguntzen zion, eta are esku dardaratiez kapela janzten ere; gero presaka eramaten zuen elizara, bigarren martxan gidatuz bere modu ahazkor hartan, desenkusatzen eta lasaiarazten ahaleginduz. Olive eliza baino etxalde bat lehenago jaisten zen esamesak saihesteko. Hala eta guztiz ere maite zuen, eta berarekin ezkonduko zatekeen dibortzioa lortu izan balu. Baina Margaret hartaz jabetu bide zen. Margaretek esan ohi zion errealitatean ez zuela dibortziorik nahi; beldur ematen ziola. Wilhelm oihuka hasten zen, «Hartu daukadan guztia, Margaret. Utzidazu Reno-ra joaten. Ez al duzu berriro ezkondu nahi?» Ez. Beste gizonekin ibiltzen zen, baina Wilhelmek ematen zion dirua. Bere bizitzaren xedea Wilhelm zigortzea zen.

        Tamkin doktoreak esan zion Wilhelmi, «Zure aita jeloskor dago zutaz».

        Wilhelmek irribarre egin zuen. «Nitaz? Bai ederra».

        «Jakina. Jendea beti egoten da jeloskor emaztea uzten duen gizonaz».

        «Tira», esan zuen Wilhelmek mesprezuz. «Emazteengatik bada ez luke nitaz bekaiztu beharko».

        «Bai, eta zure emaztea ere zutaz bekaizten da. Pentsatzen du, Librea da, neskekin dabil. Zahartzen ari ote naiz?»

        «Ez hain zaharra», esan zuen Wilhelmek, emaztearen aipamenak tristatzen baitzuen. Argi ikus zezakeen hogei urte lehenago, artile urdinezko soineko polita eta oihal berdinezko kapela jantzita. Bere buru horaila makurtu eta kapelaren azpitik begiratu zion neskaren aurpegi argi sinpleari, begi bizi mugikorrei, sudurtxo zuzenari, forma eder eta mingarrian argi azaltzen zen masailezurrari. Egun freskoa zen, baina pinuen usaina sentitu zuen eguzkitan, granitozko kanoian. Santa Barbara-ren hegoaldean izan zen.

        «Berrogeita piko urte ditu», esan zuen.

        «Ni zurrutero batekin ezkondu nintzen», esan zuen Tamkinek. «Alkoholiko tamalgarri batekin. Ezin nuen afaltzera atera, halako batean bainura joan behar zuela esan eta barran galtzen zelako. Barrakoei esaten nien ezer ez zerbitzatzeko. Baina sakon maite nuen. Nire esperientzia osoko emakumerik izpiritualena izan zen».

        «Non dago orain?»

        «Itota», esan zuen Tamkinek. «Provincetown-en, Cape Cod-en. Suizidatu bide zen. Bera halakoa zen... suizida. Nire esku zegoen guztia saiatu nuen sendatzeko. Zeren», esan zuen Tamkinek, «nire benetako bokazioa sendagilea izatea baita. Minduta sentitzen naiz. Sufritu egiten dut. Besteen gaixotasunei ihes egin nahi nieke, baina ezin dut. Neure buruarentzako mailegu gisakoa naiz, nolabait esatearren. Gizateria dut jaun eta jabe.»

        Gezurtia! deitu zion Wilhelmek bere baitan. Gezur zikinak. Emakume bat asmatzen zuen heriotzaz desagerrarazteko eta gero sendagile deitzen zion bere buruari, eta hain serio jartzen zen non umore txarreko ardia baitzirudien. Harroputz itxuratia da, oinei kiratsa darien tipo makurra. Doktorea! Doktore bat garbitu egingo litzateke. Inpresio ezin hobea eragiten duela sinesten du, eta ia-ia kapela eranztera begiratzen zaitu bere buruaz hitz egiten duenean; eta irudimena duelakoan dago, baina ez du, eta azkarra ere ez da.

        Orduan zertan ari naiz hemen berarekin, eta zergatik eman nizkion zazpiehun dolarrak? pentsatu zuen Wilhelmek.

        Ai, kontuak egiteko eguna zen hura. Egun hartan, pentsatu zuen, nahi eta nahi ez, egiari hurbiletik begiratuko zion. Arnasa hartu zuen indarrez eta kapela itxuragabetua aurpegi horail ilun kongestionatuaren gainera jaitsi zitzaion. Tankera zakarra. Tamkin ahobero bat zen, eta gainera etsita zegoen. Eta gainera Tamkinek betidanik jakin zuen hori. Baina bazirudien azkenean, neke askoren ondoren, ulertu egin zuela Tamkin hogeita hamar edo berrogei urteetan zehar estualdi ugaritik irtena zela, eta krisialdi honetatik ere irten egingo zela bera, Wilhelm, leku salbura eramanez. Eta Wilhelm jabetzen zen Tamkinen bizkar gainean zihoala. Iruditzen zitzaion kasik lurra utzi eta beste gizonaren gainean zihoala zamalkatzen. Airean zebilen. Tamkinek egin behar zituen urratsak.

        Ez zirudien doktorea, doktorea baldin bazen, larri zegoenik. Baina izan ere, haren aurpegiak ez zituen ñabardura asko. Beti berezko emozioez, hartzaile irekiez eta bulkada libreaz mintzatzen zen gizon hura orratzontzia bezain adierazkorra zen. Bere indar hipnotikoak huts egiten zionean, azpiko ezpain lodiak tankera tentela ematen zion. Batzuetan haren begietatik izuak begiratzen zuen irmo, hain era apalez non erruki egiten baitzenuen. Wilhelmek behin edo bitan ikusi zion begirada hura. Zakurrarena bezalakoa, pentsatu zuen. Beharbada oraingoan ez zuen tankera hura, baina oso urduri zegoen. Wilhelmek bazekien, baina ez zitzaion komeni nabarmenegi aitortzea. Doktoreak toki pixka bat behar zuen, denbora pixka bat. Ez zen orain premiatu behar. Beraz Tamkinek bere ipuinak kontatzen segitu zuen.

        Wilhelmek esan zuen bere artean, Bere bizkar gainean nago... bere bizkar gainean. Zazpiehun dolarreko apustua egin dut, beraz honi jarraitu behar diot. Berarekin joan behar dut. Beranduegi da. Ezin naiz jaitsi.

        «Ezagutzen duzu», esan zuen Tamkinek, «Rappaport, agure itsu hori —ia erabat itsu dago—... Ba hemendik dabilen nortasun interesgarrienetako bat du. Bere benetako historia kontatzea lortuko bazenu! Liluragarria da. Hona zer kontatu zidan. Maiz entzuten da bizitza ezkutu bat daramaten bigamoez. Baina agure horrek ez zuen inoiz ezer ezkutatu. Benetako patriarka da. Hara, zer egin zuen kontatuko dizut. Bi familia zeuzkan, bereiziak eta elkarrengandik urrun, bata Williamsburg-en eta bestea Bronx-en. Bi emazteek bazeukaten elkarren berri. Bronxeko emakumea gazteagoa zen; orain hirurogeita hamar urte inguru izango ditu. Emazte batekin haserretzen zenean bestearekin bizitzera joaten zen. Bitartean, oilasko negozioarekin segitzen zuen New Jerseyn. Emazte batekin lau ume zeuzkan, eta bestearekin sei. Denak haziak dira, baina ez dituzte inoiz beren anai-arreba-ordeak ezagutu, ezta nahi ere. Denak agertzen dira telefono-zerrendan».

        «Ezin dut sinetsi», esan zuen Wilhelmek.

        «Berak esandakoa da. Eta badakizu zer gehiago? Ikusmena zuen artean asko irakurri ohi zuen, baina irakurtzen zituen liburu bakarrak Theodore Roosevelt-enak ziren. Bilduma bat zeukan bizi zen leku bakoitzean, eta liburu haiekin hazi omen zituen haurrak».

        «Mesedez», esan zion Wilhelmek, «ez irentsarazi horrelako gehiagorik, e? Izan atsegina eta ez...»

        «Hau esaten badizut», esan zuen Tamkinek bere sotilkeria hipnotiko batez, «arrazoi bat dudalako da. Zuk ikustea nahi dut nola batzuek erruduntasunezko sentimenduetatik askatu eta beren instintuei jarraitzen dieten. Emakumeak, sortzez, badaki gizona erruduntasunaz nola gaixoarazi eta elbarri utzi. Oso suntsitze berezia da, eta emakumeak madarikazioa bidaltzen du tipo bat ezgai uzteko. Esango balu bezala, «Ez zara gehiago gizon izango nire baimenik gabe». Baina nire aita zaharra edo Rappaport jauna bezalako gizonek erantzuten dute, «Emakumea, zer zara zu niretzat?» Zuk ez dakizu oraindik hori egiten. Bide-erdiko kasu bat zara. Zure instintuari jarraitu nahi diozu, baina kezkatuegi zaude oraindik. Adibidez, zure semeez...»

        «Aizu, kontuz gero», esan zuen Wilhelmek, zorua oinkatuz. «Gauza bat! Ez nire semeak nahasi. Utz itzazu bakean».

        «Esango nizun bakarrik hobeto daudela honela, etxean istiluak edukitzen baino».

        «Haurrak kendu dizkidate». Wilhelmek ezpaina hozkatu zuen. Beranduegi zen atzera egiteko. Antsiak kolpatu zuen. «Ordaindu baizik ez dut egiten. Ez ditut inoiz ikusten. Ni gabe ari dira koskortzen. Margaretek bere antzera egin ditu. Nire etsaiak izan daitezen haziko ditu. Mesedez, ez dezagun honetaz hitz egin».

        Baina Tamkinek esan zuen, «Zergatik uzten diozu emazteari horrenbeste sufriarazten? Horrek zapuztu egiten ditu hura uztean zenituen helburuak. Ez haren jokoa segitu. Aizu, Wilhelm, on egin nahi dizut bakarrik. Esan nahi dizut ez sufrimenduarekin ezkontzeko. Batzuek hala egiten dute. Sufrimenduarekin ezkontzen dira, eta elkarrekin egiten dute lo eta jan, senar-emazteak bezala. Alai badabiltza uste dute adulterioan ari direla».

        Wilhelmek hura entzun zuenean aitortu behar izan zuen, desgogara baina, egia asko zegoela Tamkinen hitzetan. Bai, pentsatu zuen Wilhelmek, sufrimenduzkoa da eraman dezaketen bizitza mota bakarra, eta sufritzeari uzten badiote beldur dira ezer gabe geratuko ote diren. Berak ondo daki. Oraingoan iruzurtiak ondo daki zertaz ari den.

        Tamkini begira iruditu zitzaion guzti hau aitortuta ikusten zuela haren ohiko aurpegi idorrean. Bai, bai, hark ere bai. Ehun faltsukeria, baina azkenik egia bat. Otsoa bezala uluka hiriaren leihotik. Ezin du inork gehiago jasan. Denak hain daude horretaz beteta non azkenik aldarrikatu egin behar duten. Aski! Aski!

        Gero bat-batean Wilhelm altxatu eta esan zuen, «Aski dut. Tamkin, itzul gaitezen Burtsara».

        «Ez dut sandia bukatu».

        «Uztazu sandia. Nahiko bazkaldu duzu bestela ere. Itzuli egin nahi dut».

        Tamkin doktoreak bi kontuak bultzatu zituen mahaian zehar. «Nork ordaindu zuen atzo? Uste dut zure txanda dela».

        Kafetegitik aldentzen ari ziren arte Wilhelmek ez zuen gogoratu atzokoan ere berak ordaindu zuela inolaz ere. Baina eztabaidatzen hasteak ez zuen merezi.

        Tamkinek behin eta berriro errepikatu zuen, kalean barrena zihoazen artean, asko zeudela sufrimenduari dedikatuta. «Baina», esan zion Wilhelmi, «optimista naiz zure kasuan, eta kontu egin makina bat pertsona moldakaitz ikusia naizela. Zuretzat badago itxaropenik. Ez duzu benetan zeure burua suntsitu nahi. Gogor ahalegintzen ari zara zeure sentimenduak ez ezkutatzen, Wilhelm, jabetzen naiz. Herri honen ehuneko zazpia bere burua hiltzen ari da alkoholaren kariaz. Beste hirua, agian, narkotikoez. Beste hirurogei bat hauts bilakatzen asperduraren bidez. Beste hogei batek arima Deabruari saldu dio. Eta geratzen da bizi nahi dutenen portzentaje xumea. Hori da egungo munduko gauza esanguratsu bakarra. Horiek dira dauden bi jende mota bakarrak. Gutxi batzuek bizi nahi dute, baina gehiengo handiak ez». Tamkin fantasiatsu hura bere burua gainditzen hasia zen. «Ez dute nahi. Zergatik, bestela, gerla hauek? Are gehiago esango dizut», esan zuen. «Hildakoen maitasuna azken finean zera da, zu ere beraiekin batera hiltzea nahi dutela. Maite zaituztelako. Ez erratu gero».

        Egia, egia! pentsatu zuen Wilhelmek, errebelazio hauengatik sakon hunkituta. Nola ote dakizki gauza horiek? Nola izan daiteke horren tentela, edo agian baita lapurra ere, iruzurtia, eta hain ongi ulertu zer gertatzen den? Sinesten dut dioena. Asko errazten du, den-dena. Jendea euliak bezala ari da hiltzen. Ni bizirik irauten ahalegintzen ari naiz, eta gogorregi ekiten diot. Horrexek nahasten dizkit garunak. Ahalegintze honek bere xedea bera zapuzten du. Zein puntutatik hasi beharko nuke berriro? Apur bat atzera joko dut berriro saiatzeko.

        Artekarien bulegoa eta kafetegiaren artean ehunka metro batzuk besterik ez zeuden, eta espazio motz horretan Wilhelm, mailakatze nabarmen batez, gogoeta zabal haietatik momentuko arazoetara itzuli zen. Burtsatik zenbat eta hurbilago, orduan eta gehiago pentsatu behar zuen diruaz.

        Dokumental-zinema-aretotik pasatu zirenean mutiko zapata-garbitzaile zarpailek hoska aritu zitzaizkien. Agure bizardun berbera, bere eskale-aurpegi bendatu, ointxo zarpail eta biolin-kaxa gainean zeraman egunkari-ebakin zaharrarekin, garai batean kontzertu-biolin-jolea izan zela probatzeko, arkuaz Wilhelm seinalatu zuen esanez, «Zu!» Wilhelm aldamenetik pasatu zitzaion, begiak kezkati eta 72. kalea gurutzatzen kontzentratuta. Zalaparta bizian, arratsaldeko korronte itzela korrika zihoan Columbus Circle aldera; han zabaltzen zen hirierdiaren ahoa, eta etxerraldoiek eguzkiaren su horia itzultzen zuten.

        Bulego berriaren eraikinaren harri pulituzko fatxadara hurbildu zirenean, Tamkin doktoreak esan zuen, «Hara, ez al dugu Rappaport zaharra hor, atearen ondoan? Makila zuria eraman beharko luke nire ustez, baina ez du inoiz aitortu nahi begietan ezer gertatzen zaionik».

        Rappaport jauna apenas mantentzen zen tente; belaunak tolestuta zeramatzan, eta pelbisak ozta-ozta betetzen zizkion prakak. Hauek tiranteez helduta zeramatzan, hutsune handiak agerian.

        Wilhelm geldiarazi zuen eskua luzatuz, nola edo hala antzeman ondoren. Bere ahots sakonez agindu zion, «Eraman nazazu estankora».

        «Nahi duzu nik...? Tamkin!» xuxurlatu zuen Wilhelmek, «Eramazu zuk».

        Tamkinek burua astindu zuen ezezka. «Zu nahi zaitu. Ez bizkarra eman agure agurgarriari». Misterioski gaineratu zuen aho apalez, «Une hau «hemen eta orain» aren beste adibide bat duzu. Une honetantxe bizi behar duzu, eta ez duzu nahi. Gizon batek laguntza eskatzen dizu. Ez Burtsaz pentsatu. Ez dizu alde egingo. Erakutsiozu begirunea agureari. Aurrera. Baliotsuagoa izan daiteke hori».

        «Eraman nazazu», esan zuen oilasko-tratante zaharrak.

        Oso haserre, Wilhelmek begitartea zimurtu zion Tamkini. Agurearen ukalondo handi baina arinari hezurretik heldu zion. «Beno, abia gaitezen», esan zuen. «Edo egon; kotizazioei begirada bota nahi diet, ea nola doakigun».

        Baina zegoeneko Tamkinek aurrera bidali zuen Rappaport jauna. Hau aurrera zihoan, eta errierta egin zion Wilhelmi, esanez, «Ez nazazu espaloiaren erdian utzi. Bultza nazaten beldur naiz».

        «Tira, abia gaitezen», premiatu zuen Wilhelmek, Tamkin artekari-aretoan sartzen zen bitartean.

        Bazirudien Broadway behera zihoan trafikoa zerutik zetorrela, eguzkiaren errainu beroak hegoaldetik zetozen bezala. Harrizko usain beroak irteten ziren kale-zoruko metro-burdinsareetatik.

        «Alproja gazte horiek kezkatzen naute. Beldur ematen didate mutil puertorricoar horiek, eta droga hartzen duten gazte horiek», esan zuen Rappaport jaunak. «Erabat drogatuta dabiltza hortik».

        «Alprojak, diozu?» esan zuen Wilhelmek. «Kanposantura joan nintzen eta ez nuen bada nire amaren harrizko aulkia apurtuta aurkitu. Lepoa hauts niezaiokeen norbaiti horregatik. Zer estankotara joaten zara?»

        «Broadwayko beste aldean dago. "La Magnita"ren txartela duena, Automat jatetxearen alboan».

        «Zer du bada alde honetan dagoen estankoak?»

        «Nire puru marka ez daukatela, horra zer duen».

        Wilhelmek birao egin zuen, baina bide-erdian gelditu zen. «Zer diozu?»

        «Taxi madarikatu horiek», esan zuen Wilhelmek. «Mundu guztia kolpatu nahi dute».

        Denda fresko lurrintsuan sartu ziren. Rappaport jaunak arreta handiz gorde zituen bere puru luzeak patrika desberdinetan Wilhelm kexatzen zen bitartean, «Tira, agure nazkante hori. Hau bai tipo mantsoa! Mundu guztia bere zerbitzura dauka». Rappaportek ez zion Wilhelmi pururik eskaini, baina bat hartu eta begien aurrean jarriz galdetu zion, «Zer irizten diozu hauen tamainari, e? Churchill-en puru mota da».

        Ozta-ozta ibil daiteke arrastaka, pentsatu zuen Wilhelmek. Prakak erortzen zaizkio, ez duelako haiei eusteko behar adina haragirik. Ia itsu dago, eta orinez estalita, baina agure honek Burtsan dirua egiten segitzen du. Sosez gainezka dago ziur aski. Eta apustu egingo nuke bere seme-alabei ez diela ezertxo ere ematen. Haietako batzuek berrogeita hamar urte inguru izango dute. Horrela geratzen dira adin ertaineko gizonak haurrak balira bezala. Diruaren jabea da. Pentsatu... pentsatu bakarrik! Nork kontrolatzen du dena? Hau bezalako agureek. Premiarik gabeek. Ez dute behar, horregatik daukate. Nik behar dut, horregatik ez daukat. Bestela errazegia litzateke.

        «Churchill bera baino zaharragoa naiz», esan zuen Rappaportek.

        Orain berriketan hasi nahi zuen! Baina Burtsan galderaren bat egiten bazenion, ezin zuen erantzuteko ardura hartu.

        «Ez dut zalantzarik», esan zuen Wilhelmek. «Tira, abia gaitezen».

        «Ni ere borrokalaria izan nintzen, Churchill bezala», esan zuen agureak. «Espainiari egurra eman genion ondoren Itsas Armadan sartu nintzen. Bai, bolada hartan marinela izan nintzen. Zer gal nezakeen? Deus ez. San Juan Hill-eko guduaren ondoren, Teddy Rooseveltek ostikoka bidali ninduen hondartzatik».

        «Tira, kontuz koskarekin», esan zuen Wilhelmek.

        «Ni ikusbera nintzen eta zer gertatu zen jakin nahi izan nuen. Ez neukan han ezer egitekorik, baina txalupa bat hartu eta hondartzara abiatu nintzen arraunean. Gutako bi lagun zeuden hilik, bandera amerikarrak estalita euliak uxatzeko. Eta zerbitzuan zegoen tipoari, zentinelari, esaten diot, "Bota diezaiegun begirada tipo hauei. Zer gertatu den jakin nahi dut", eta besteak "Ez horixe", baina azkenean konbentzitu egin nuen. Beraz baztertu zuen bandera, eta han zeuden bi tipo haiek, biak jende fina, botak jantzirik etzanda. Oso garaiak ziren. Biek zeramatzaten bibote luzeak. Goi-gizarteko mutilak ziren. Uste dut haietako batek Fish zuela izena, Hudson aldekoa, handi-mandi familiakoa. Gora begiratu nuenean, hantxe neukan Teddy Roosevelt, kapela erantzita, eta tipo haiei begira zegoen, han hil ziren bakar haiei so. Gero esaten dit, "Zer egiten du Itsas Armadak hemen? Aginduak al dituzu?". "Ez, jauna", esaten diot. «Ba orduan zoaz hondartza honetatik segituan"».

        Rappaport zaharra oso harro zegoen oroipen hartaz. «Esaten zuen guztiak halako indarra, halako klasea zuen... Ene! Nola maite dudan Teddy Roosevelt», esan zuen. «Nola maite dudan!»

        Ai, nolakoa den jendea! Dagoeneko ia ez dago gurekin, eta bizitza kasik amaitu zaio, baina behin batean T.R.ek oihu egin zion, beraz asko maite du. Hori ere maitasuna izango da. Wilhelmek irribarre egin zuen. Beraz agian Tamkinen istorioaren gainerakoa egia zen, hamar umeena, emazteena eta telefono-zerrendarena.

        «Tira, tira, Rappaport jauna», esan zuen agurea ukalondotzar hutsetik bultzatuz; kotoizko oihal mehetik heltzen zion. Artekari-bulegoko argien azpian, paneleko zifrak jiratzean danbor-makilek zurezko puskak kolpatzean egiten duten klaska entzuten zen. Ostera sartu zirenean inoiz baino gehiago antzoki txinatarra zirudien hartan, Wilhelmek begirada zorroztu zuen kotizazio-panela ikusteko.

        Gantzaren zifrak ez zitzaizkion ezagunak egiten. Zenbaki hura ezin zen gantzarena izan! Zifrak leku okerrean ipini bide zituzten. Lerroa ertzeraino segitu zuen. 0,19n zegoen, eta eguerditik hogei puntu galdu zituen. Eta zer gertatzen zen zekalearekin? Hasierako posizioraino jaitsia zen, eta saltzeko aukera galdua zeukaten.

        Rappaport zaharrak esan zion Wilhelmi, «Irakurridazu nire gari-kotizazioa».

        «O, utzi bakean une batez», esan zuen, esku batez aurpegia agurearengandik erabat estaliz. Tamkin bilatzen hasi zen, Tamkinen buru soildua, edo Tamkinen lastozko kapela grisa, kakao koloreko zerrendarekin. Ez zuen ikusten. Non ote zegoen? Ezezagun batzuek okupatzen zituzten Rowland jaunaren alboko aulkiak. Pasabidera ematen zuen aulkiraino iritsi zen bultzaka, Rappaport jaunaren lehengo jarlekuraino, eta aulki-bizkarrari tiraka hasi zitzaion harik eta okupatzaile berria, aurpegi erabaki eta meheko gizon ilegorria, pasatzen uzteko aurrera makurtu zen arte, baina aulkia utzi nahi izan gabe. «Non dago Tamkin?» galdetu zion Wilhelmek Rowlandi.

        «Nik zer dakit bada. Ezer gertatzen al da?»

        «Ikusi behar izan duzu. Duela gutxi itzuli da».

        «Ba ez dut ikusi».

        Wilhelmek begiratu gabe jakako goiko patrikatik lapitza atera eta kontuak egiten hasi zen. Atzamarrak ere inurrituta zeuzkan, eta bere asalduran hamarrekoen komekin hutsen bat egiteko beldurrez errepasatu egin zituen kenketa eta biderketa, eskola-mutilak azterketan bezala. Mota askotako krisietara ohituta zeukan bihotza izu berri baten aurrean zegoen. Eta, beldur zen bezalaxe, larrugorritan zegoen. Ez zegoen arduradun alemaniarrari galdetzeko premiarik. Ikus zezakeen bere kabuz kontularitza-gailu elektronikoak baztertu bide zuela. Ziur aski arduradunak bazekien Tamkin ez zela fidagarria, eta lehen egun hartan jakinaren gainean jar zezakeen. Baina tartean sartzea ezin zen harengandik espero.

        «Jipoia hartu?» esan zion Rowland jaunak.

        Eta Wilhelmek, nahiko hotz, esan zuen, «Tira, okerrago izan zitekeela esan behar». Paper pusketa patrikan sartu zuen zigarrokin eta pilula-paketeekin batera. Gezurrak sasitik irteten lagundu zion, nahiz eta, une batez, negarrez hasiko ote zen beldur izan. Baina gogortu egin zen. Gogortze-ahaleginaren ondorioz oinaze bizi eta bertikal batek zeharkatu zion bularra, lepo-hezurren azpian aire-poltsa eratzen denean bezala. Oilasko-milioidun zaharrari ere, zegoeneko gantz eta zekalearen beherakadaren jakitun, ukatu egin zion ezer larririk gertatu izana. «Aldian behineko beherakada bat besterik ez da. Ez da beldurtzeko modukoa», esan zion, burua hotza mantenduz. Negar egiteko premia, jendetzaren artean dabilena bezala, bultzaka eta ukalondoka eta irainka ari zitzaion atzetik, eta Wilhelm ez zen itzultzera ausartzen. Bere artean esan zuen, Ez dut jende honen aurrean negar egingo. Ez naiz inola ere hauen aurrean jota azalduko mukizu bat bezala, jende hau inoiz berriro ikustea espero ez badut ere. Ez! Ez! Eta hala ere isuri gabeko malkoek gora eta gora segitzen zuten eta itotzeko zorian dagoen gizona zirudien. Baina hitz egiten ziotenean, argitasun handiz erantzuten zuen. Harrotasunez mintzatzen saiatzen zen.

        «... kanpora joango?» aditu zion Rowlandi esaten.

        «Nola?»

        «Uste nuen agian zu ere kanpora joango zinela. Tamkinek esan du udan Maine aldera joango zela oporretan».

        «Hara, kanpora al doa?»

        Isildu eta Tamkinen bila abiatu zen bainugelara. Pasabidearen beste muturrean panel-makineriaren gela zegoen. Burrunba eta hegada-hotsa egiten zuen txori mekanikoek bezala, eta tutuek ilunean distiratzen zuten. Negozio-gizon pare bat, zigarroak atzamarretan, solasean ari ziren bainugelan. Komuneko atearen gainean lastozko kapela gris bat ikusi zuen, kakao koloreko zerrendarekin. «Tamkin», esan zuen Wilhelmek. Ate azpiko oinei antzematen salatu zen. «Hor al zaude, Tamkin doktorea?» esan zuen erresumina itoz. «Erantzuidazu. Wilhelm naiz».

        Kapela hartu zuten, krisketa altxatu, eta ezezagun bat irten zen, haserre begira.

        «Sartzeko al zaude?» esan zuen negozio-gizonetako batek. Jakinarazi nahi zion txanda itxaron beharko zuela.

        «Nik? Ez, ez», esan zuen Wilhelmek. «Lagun baten bila ari naiz».

        Saminez suminduta, bere buruari esan zion Tamkinek ordainduko zizkiola berrehun dolarrak gutxienez, hasieran jarritako dirutik berea zena. «Eta Maineko trena har dezan baino lehen gainera. Oporretan sos bat gasta dezan baino lehen... gezurti halakoa! Erdizka sartu ginen honetan».

 

 

 

© Saul Bellow

© itzulpenarena: Juan Mari Mendizabal

 

 

"Saul Bellow / Heldu orainari" orrialde nagusia