V

 

        Fruta-dendako leihoan gizon bat, pazientziaz, jela txikitua botatzen ari zen palatxo batez barazki-lerroen artean. Bazeuden meloi pertsiarrak ere, liliak, tulipanak beltz distiratsuarekin erdigunean. Handik pixka batera kaleko zaratak itzuli ziren zeruko leizeetatik. Broadwayko trafiko-itsasaldia zeharkatuz, Wilhelm bere buruari ari zitzaion, Tamkinek niri sermoia botatzearen arrazoia berari ere norbaitek sermoia bota izana da, eta poemaren arrazoia da aholku ona eman nahi didala. Badirudi mundu guztiak zerbait dakiela. Baita Tamkin bezalako tipoek ere. Jende askok daki zer egin behar den, baina zenbatek egin dezakete?

        Bizitzaren gauza onak, gauza alaiak, gauza lasaiak berreskuratu behar zituela, berreskura zitzakeela eta berreskuratu egingo zituela uste zuen. Errakuntzak egin zituen, baina ahaztu egin zitzakeen. Ergela izan zen, baina hori ere barka zitekeen. Alferrikaldutako denborari... uko egin behar zitzaion. Bestela zer egin zitekeen harekin? Gauzak konplexuegiak ziren, baina berriro sinpletasunera soil zitezkeen. Susperraldia posiblea zen. Hasteko hiritik alde egin behar zuen. Ez, hasteko dirua atera behar zuen...

        Kaleko inauteritik —esku-orgak, akordeoia eta biolina, zapata-garbitzailea, eskaleak, hautsa batetik bestera, hankapalo gainean dabilen emakumea bezala— artekarien bulegoko areto estu eta jendetsura sartu ziren. Mutur batetik bestera Broadwayko jendetzak betetzen zuen. Baina nola zihoakion gantzari gaur goizean? Gelako atzeko aldetik Wilhelm zenbakitxoak irakurtzen saiatu zen. Arduradun alemaniarra bere prismatikoez begira zegoen. Tamkin Wilhelmen ezkerrean jarri zen bere burusoil nabarmena estaliz. «Tipoak marjinaz galdetuko dit», xuxurlatu zuen. Hala ere ez zien inork kasu egin. «Begira, gantzak bere lekuan dirau», esan zuen.

        Tamkinek oso begi zorrotza eduki behar zuen zenbakiak buru guzti haien gainetik eta hain urrutitik irakurtzeko; haren beste alderdi berezi bat zen.

        Gela beti zegoen jendez beteta. Denek hitz egiten zuten. Aurreko aldean bakarrik entzun zitekeen panelaren atzeko gurpilen marmara. Teletipozko berriek goiko pantaila argitua zeharkatzen zuten.

        «Gantza. Eta zer dio zekaleak?» esan zuen Tamkinek, behatz muturren gainean zutituz. Hemen bestelako gizona zen, bizkor eta artega. Alde batera bultzatzen zuen aurrean jartzen zitzaion jendea. Aurpegian ausardia marrazten zitzaion, eta ahoaren alde bakoitzean konkor bitxi batzuk eratzen zitzaizkion bibote azpian. Zegoeneko paneleko datu berri batzuen agerpena adierazten ari zitzaion Wilhelmi. «Gaur zerbait gertatzen ari da», esan zuen.

        «Orduan zergatik ibili zara horren mantso gosaltzen?» esan zuen Wilhelmek.

        Gelan ez zeuden aulki erreserbatuak, ohiturak agintzen zuen. Tamkin beti esertzen zen bigarren lerroan, pasilloko merkantzien aldean. Bere ezagun batzuek kapelak aulkietan jarriak zeuzkaten lekua gordetzeko.

        «Eskerrik asko. Mila esker», esan zien Tamkinek, eta Wilhelmi, «atzo antolatu nuen dena».

        «Ideia ona izan da», esan zuen Wilhelmek. Eseri egin ziren.

        Hormaren alboan, eskuak gurutzatuta, negozio-gizon txinatar zahar bat zegoen eserita, beroki arin bat soinean. Leun eta gizena, Vandyke kapela zuri bat zeraman. Behin batean Wilhelmek Riverside Driven ikusi zuen, bi neskatila zeramatzan haur-kotxea bultzatzen; bere bilobak. Gero bazeuden berrogeita hamapiko urteko bi emakume, agidanez ahizpak zirenak, eta Tamkinek zioenez dirua egiteko maltzur eta trebeak. Ez zioten Wilhelmi inoiz ezer esaten, baina berriketetan aritzen ziren Tamkinekin. Tamkinek denekin hitz egiten zuen.

        Wilhelm eseri zen adindu samar zegoen Rowland jaunaren eta izugarri zaharra zen Rappaport jaunaren artean. Atzo Rowlandek esan zion 1908 urtean, Harvardeko azkenaurreko urtean zegoela, bere amak hogei altzairu-akzio oparitu zizkiola bere urtemugan, eta gero finantza-berriak irakurtzen hasi zela eta ez zuela inoiz abokatutza praktikatu, bere bizitza osoan zehar Burtsaren gorabeherei jarraitu baizik. Orain sojan bakarrik espekulatzen zuen, hartan espezializatuta zegoelarik. Bere sistema zuhurraz, zioen Tamkinek, astean berrehun garbi ateratzen zituen. Ez zen egundoko altxorra, baina ezkongabea zen, jubilatuta zegoen eta ez zuen diru premiarik.

        «Ardurapean inor izan gabe», esan zuen Tamkinek, «ez ditu zuk eta nik ditugun arazoak».

        Tamkinek ba al zeukan inor ardurapean? Gizon batek eduki zezakeen guztia zeukan; zientzia, greziera, kimika, poesia, eta orain ardurapekoak ere bai. Epilepsiak jotako neska polit hura, agian. Sarri esaten zuen haur garbi, zoragarri eta izpirituala zela, munduaz ezer ez zekiena. Babestu egiten zuen, eta, gezurretan ari ez bazen behintzat, gurtu egiten zuen. Eta Tamkin animatzen bazenuen zioena sinetsiz, edo baina galderak egiten ez bazenizkion ere, ateraldi are ausartagoei ekiten zien. Batzuetan esaten zuen musika-klaseak ordaintzen zizkiola. Batzuetan bazirudien neskaren nebak Brasilera egindako zinema-espedizioa berak ordaindu zuela. Eta hildako amorante ohi baten umezurtzaren mantenua ordaintzeaz ere luzatzen zen. Ateraldi haiek, alboan esanak, egundoko adierazpenak bilakatzen ziren errepikapenaren errepikapenaz.

        «Niretzat ez dut horrenbeste behar», esan zuen Tamkinek. «Baina pertsona ezin da bere buruarentzat bakarrik bizi, eta nik hainbat gauza garrantzitsutarako behar dut. Zenbat kalkulatzen duzu behar duzula bizitzen moldatzeko?»

        «Gutxienez hamabost handi, zergen ondoren. Hori emaztea eta bi semeentzako da».

        «Ez duzu beste inor?» esan zuen Tamkinek ia ankerra zen zorroztasunaz. Baina begikotasunezko aurpegia jarri zuen Wilhelm, beste atsekabe bat gogoratu nahi ez izateagatik, totelka hasi zenean.

        «Beno... bazen. Baina ez zen diru kontua».

        «Hala espero dut!» esan zuen Tamkinek. «Maitasuna maitasuna bada, doakoa da. Hamabost handi, ordea, ez da gehiegi zure burua duen gizonak bizitzari eskatzeko. Ergelek, kriminal bihozgabeek eta hiltzaileek milioiak dituzte parrastatzeko. Mundua erretzen dute; petrolioa, ikatza, egurra, eta lurra, eta airea eta zerua ere zurrupatzen dute. Kontsumitu egiten dute, eta ez dute etekinik itzultzen. Zu bezalako gizonak, bizitzaren aurrean apala denak, sentitu eta bizi nahi duenak, gorriak ikusten ditu... nahi ez duenean», esan zuen bere zeharkako moduan, «arima ontza bat botere sozial libra batengatik trukatu; ezingo da laguntzarik gabe aurrera atera hau bezalako munduan. Baina ez kezkatu». Wilhelmek segurtasun hari heldu zion. «Ez inoiz kezkatu. Erraz gaindituko dugu dirutza hori».

        Tamkin doktoreak kontsolamendua ematen zion Wilhelmi. Maiz esaten zuen merkantzien bidez astean mila irabaztera iritsi zela. Wilhelmek erreziboak aztertuak zeuzkan, baina ordura arte ez zitzaion inoiz bururatu kargu-agiriak ere izango zirela; berari abonu-agiriak bakarrik erakutsi zizkion.

        «Baina hamabost handi ez da kopuru handinahia», esaten ari zitzaion Tamkin. «Horretarako ez duzu lanean zeure burua gastatu behar, gogo-estuko jendearekin jarduten. Gainera, askok ez dituzte juduak atsegingo, ezta?»

        «Horretan erreparatzea ez zait komeni. Nahiko zortea dut lana izanda. Tamkin, benetan uste duzu gure dirua salba dezakezula?»

        «A, ahaztu al zait esatea zer egin nuen atzo Burtsa itxi aurretik? Hara, gantz kontratu bat itxi eta Abenduko zekalea erosi nuen babespide gisa. Zekalea hiru puntu gora joan da eta eztenaren zati bat aterako digu. Baina gantzak ere gora joko du».

        «Non? Jainkoa, bai, egia da», esan zuen Wilhelmek gogatsu, eta zutitu egin zen begiratzeko. Itxaropen berriak bihotza freskatu zion. «Zergatik ez didazu lehenago esan?»

        Eta Tamkinek, azti onguratsu baten moduan irribarrez, esan zuen, «konfiantza izaten ikasi behar duzu. Gantzaren beherakadak ezin du iraun. Eta bota begirada arrautzei. Ez al nuen aurresan ezin zirela gehiago jaitsi? Gora eta gora doaz. Arrautzak hartu bagenitu oso aurrean geundeke».

        «Orduan zergatik ez genituen hartu?»

        «Hortxe-hortxe ibili ginen. Erosketa-eskaintza luzatu nuen 0,24ean, baina 0,26era igo zen eta ozta-ozta galdu genuen. Berdin dio. Gantza joan den urteko mailetara itzuliko da».

        Agian bai. Baina noiz? Wilhelmek ezin zien bere itxaropenei gehiegi sendotzen utzi. Hala ere, puska labur batez errazago egin zuen arnasa. Goiz-bukaerako salerosketa bizkortzen ari zen. Zenbaki distiratsuek marmar egiten zuten panelean, txori artifizialez betetako kaiola eskerga baten zarata eginez. Gantza bi punturen artean zebilen gora-behera, baina zekalea gora zihoan astiro.

        Puska batez kontzentrazioak izugarri nekatutako begiak itxi eta baiezka egin zuen halako zalantzak jasateko handiegia zen Buda-buruaz. Une baketsu batzuez Roxburyn zeukan lorategira eramana sentitu zen.

        Goiz garbiaren azukrea hartu zuen arnasan.

        Txorien moka luzeak entzun zituen.

        Bere bizitza nahi zuen etsairik ez zegoen.

        Wilhelmek pentsatu zuen, Hemendik irtengo naiz. New York dagoeneko ez da ni bizitzeko hiria. Eta hasperen egin zuen lo bailegoen.

        Tamkinek «Barkatu» esan eta aulkitik altxatu zen. Ezin zen gelan geldi egon, eta merkantzia eta balore sekzioen artean zebilen batetik bestera. Dozenaka jende ezagutzen zuen eta etengabe sartzen zen eztabaidetan. Aholku ematen ari ote zen, informazioa biltzen, edo ematen, edo praktikatzen...? Zena zelako lanbide misteriotsu hura praktikatzen? Hipnotismoa? Beharbada jendea trantzean jar zezakeen hitz egiten zion artean. Hura bai hegazti bitxi berezia, sorbalda zorrotz haiekin, buru soil harekin, erpeak ziruditen bere azkazal solteekin, eta begi marroi, leun, hilgarri, astun haiekin.

        Garrantzia zuten gauzez mintzatzen zen, eta hori oso jende gutxik egiten zuenez ezustean harrapatzen, kilikatzen, hunkitzen zintuen. Agian ona egin nahi zuen, agian maila gorenago batera igo nahi zuen, agian bere profeziak sinetsi, agian bere bihotza ukitu. Auskalo! Burutapen bitxi pilo bat bildu zuen; Wilhelmek susma zezakeen bakarrik, ezin segurtasunez esan, Tamkinek ez zituela burutapenok bereak egin.

        Orain Tamkin eta bera maila bereko kideak ziren, baina Tamkinek hirurehun dolar besterik ez zuen jarri. Demagun hau ez behin, bost aldiz baizik, egiten zuela; orduan mila eta bostehun dolarreko inbertsioak bost mila ematen zizkion espekulatzeko. Kasu guztietan ahalmenak bazituen, dirua kontu batetik bestera alda zezakeen. Ez, alemaniarrak ziur aski ez zion begirik kentzen. Hala ere, bazegoen aukera. Hau bezalako kalkuluek gaixotu egiten zuten Wilhelm. Argi zegoen Tamkin espekulatzaile axolagabea zela. Baina nola moldatzen zen? Berrogeita hamar urte pasa izango zituen. Nola mantentzen zuen bere burua? Bost urte Egipton; Hollywood haren aurretik; Michigan; Ohio; Chicago. Berrogeita hamar urteko gizonak bere burua mantendu du gutxienez hogeita hamar urtez. Segurtasuna izan zitekeen Tamkinek ez zuela inoiz lan egin inongo lantegi edo bulegotan. Nola egiten zuen? Arroparako zuen gustua tamalgarria zen, baina ez zituen gauza merkeak erosten. «Clyde's»eneko pana edo tertziopekozko alkandorak janzten zituen, gorbata margotuak, galtzerdi marradunak. Usain garratz edo min samar batek inguratzen zuen; doktorea izateko ez zen maizegi bainatzen. Gainera, Tamkin doktoreak gela on bat zeukan Glorianan, eta urte bete zeraman han. Baina Wilhelm ere ostalaria zen bertan, eta ordaindu gabeko faktura ipini berria zuen bere aitaren gutun-sailean. Gona eta gerrikoen neska politak ordaintzen ote zion? Iruzur egiten ote zien bere ustezko paziente haiei? Gizon prestu bati buruz ezin ziren hainbeste erantzun ezinezko galderak egin. Agian ezta gizon sano bati buruz ere. Orduan Tamkin zoroa ote zen? Gosarian Perls jaun gaixo hark esan zuen ez zela erraza sanoa eroarengandik bereiztea, eta hura egia zen edozein hiri handitan, batez ere New Yorken; munduaren amaiera zen hura, bere konplexutasun eta makineriarekin, bere adreilu eta hodiekin, bere kable eta harriekin, bere zulo eta gainaldeekin. Eta jota al zegoen hango jende guztia? Zer nolako jendea ikusten zen? Gizon bakoitzak erabat propiala zuen hizkuntza hitz egiten zuen, bere kabuz pentsatuz asmaturikoa; nork bere ideia propialak eta era bereziak zeuzkan. Mintzagaia baso bat ur bazen, atzera jo behar zenuen, hasierara, Jainkoak zeruak eta lurra sortu zuen garaiera; sagarra; Abraham; Moises eta Jesus; Erroma; Erdi Aroa; bolbora; Iraultza; Newtonengana itzuli; gero Einsteinengana; gero gerla, eta Lenin eta Hitler. Guzti hau berrikusi eta ondo ulertu ondoren ekin zeniezaiokeen urez betetako basoaz hitz egiteari. «Konortea galtzen ari naiz, mesedez, emadazu ur pixka bat». Halakoetan ere nahiko zortea izaten zenuen ulertzen bazizuten. Eta hau behin eta berriz gertatzen zen topatzen zenuen edonorekin. Itzuli eta itzuli egin behar zenuen, azaldu eta azaldu, behin eta berriro, eta infernuko pairamena bera zen ez ulertzea edo ulertua ez izatea, ez bereiztea eroak sanoengandik, zuhurrak zozoengandik, gazteak zaharrengandik edo gaixoak sendoengandik. Aitak ez ziren aitak eta semeak ez ziren semeak. Egunez zeure buruarekin hitz egin behar zenuen, eta gauez zeure buruarekin arrazoitu. Beste norekin hitz egin behar zenuen New York bezalako hiri batean?

        Wilhelmen aurpegiak aire xelebre bat hartu zuen, begiekin gora begira eta aho isileko goi-ezpain goratuarekin. Gradu batzuk harantzago joan zen; honela zaudenean, mundu guztia baztertuta dagoela irudikatuz, konturatzen zara hori xumekeria besterik ez dela. Badago korporazio handiago bat, eta hartatik ezin zara banandu. Urez betetako basoa aienatu egiten da. Ez dago a eta b sinpleetatik x eta y handietara pasatzerik, eta ez dio axola urez betetako basoaz ados jartzeak, horrelako xehetasunen azpian Tamkinek egiazko arima deituko liokeenak gauza argi eta ulergarriak esaten baitizkio mundu guztiari. Semeak eta aitak beraiek dira, eta urez betetako basoa apaingarri hutsa; argitasunezko uztaia eratzen du oihalean; aingeru baten ahoa da. Han denentzako egia aurki daiteke, eta nahasketa... aldi batekoa da bakarrik, pentsatu zuen Wilhelmek.

        Egun batzuk lehenago, Times Square-tik jaisten, barneratu zitzaion korporazio handiago haren gogoeta, hirierdira joan zenean larunbateko beisbol partidurako (Polo Grounds-eko partidu bikoitzerako) txartelak erostera. Lur azpiko pasabide batetik zihoan, betidanik gorroto izandako eta orain inoiz baino gehiago gorrotatzen zuen lekutik. Hormetako iragarkien artean kleraz idatzitako esaldiak zeuden: «Bekatu Gehiagorik Ez», eta «Ez Zerrikirik Jan» izan ziren arreta gehien deitu ziotenak. Eta tunel ilun hartan, gauzak desitxuratzen eta munstroak eta sudur eta begi eta hortz zatiak sortzen dituzten presa, berotasun eta iluntasun hartan, bat-batean, bila aritu gabe, pertsona akastun eta itxura zurbileko haienganako maitasun unibertsal bat azaleratu zen Wilhelmen bihotzean. Maite zituen. Haietako bakoitza maite zuen grinatsuki. Bere anaia eta arrebak ziren. Bera ere akastuna eta itxuragabetua zen, baina horrek zer axola zuen maitasunezko gar haren bidez haiekin elkartuta bazegoen? Eta ibiltzen zihoala esaten hasi zen, «Oi, ene anaiak... ene anai-arrebak», haiek eta baita bere burua ere bedeinkatuz.

        Beraz zer axola zuen zenbat hizkuntza ziren, edo zein zail zen urez betetako basoa deskribatzea? Edo axola al zuen minutu batzuk beranduago txartelak saldu zizkion gizonarekiko inongo anaiartekotasunik ez sentitzeak?

        Arratsalde hartan bertan ez zeukan hain iritzi ona maitasunezko uhin hari buruz. Zertarako? Jendeak gaitasuna zuenez eta aldian behin erabili behar zuenez, derrigorrez izan behar zituen halako sentimendu nahigabeak. Metroan gertatzen zen beste gauza bat zen. Ustekabean zakila gogortzea bezala. Baina gaur, kontuak egiteko egun honetan, oroimenean murgildu zen berriro eta pentsatu, Hartara itzuli behar dut. Horixe dut aztarna zuzena eta horrek egingo dit onik gehiena. Zerbait oso handia. Egia, edo.

        Eskuinean zeukan tipo zaharra, Rappaport jauna, erdi-itsu zegoen eta etengabe galdetzen zion, «Zein da Azaroko gariaren zifra berria? Emazkidazu Uztaileko sojarenak ere». Esandakoan ez zizkizun eskerrak ematen. «Konforme», esaten zuen, edo «Bale», eta beste alde batera begiratzen zuen berriz laguntza behar zuen arte. Oso zaharra zen, are Adler doktorea baino zaharragoa, eta Tamkini sinetsi behar bazitzaion behiala oilasko-negozioaren Rockfeller gisakoa izan zen, eta egundoko dirutza egin ondoren erretiratu.

        Wilhelmi oilasko-industriak zirrara xelebrea eragiten zion, gauza beldurgarria iruditzen zitzaion. Han-hemenka saltzen zebilenean sarri ikusten zituen oilasko-landetxeak. Lagatako soroetan ikusten ziren zurezko etxetzar itxuragabe haiek. Espetxeak hezalakoak ziren. Bertako argiak gau osoan zehar edukitzen zituzten piztuta oilo gajoei ziria sartuz errun zezaten. Gero hilketa. Hildakoen kaiola guztiak elkarren gainean jarriko balira, aste baten buruan Everest Mendia edo Baretasun Mendia baino gorago igoko lirateke. Odolak Mexikoko Golkoa beteko luke. Oilo-zirinak, min, lurra erreko luke.

        Zahar-zaharra zen Rappaport jaun hura! Purpura koloreko orinak zeuzkan sudurrean, eta belarriko kurruska bihurrituta zeukan, azaren barrukoa bezala. Betaurrekoek mesede gutxi egingo zieten begiak lausotu eta kolorgeak ziren.

        «Irakurridazu sojaren zifra hori, mutiko», esan zuen, eta Wilhelmek egin. Uste zuen beharbada agureak eskupeko bat-edo emango ziola, edo Tamkinen gaineko aholku edo informazio baliagarriren bat. Baina ez. Apunteak hartzen zituen koaderno batean, eta gero koadernoa patrikaratu. Ez zion inori uzten idatzitakoa ikusten. Eta Wilhelmek uste zuen horrela jardun behar zuela milioika animaliatxoren, oilaskoren, hilketari esker aberastutako gizonak. Ondoko bizitzarik bazegoen, erantzun egin beharko zuen oilasko guzti haien hilketengatik. Denak zain baldin bazituen? Baina ondoko bizitzarik bazegoen, mundu guztiak erantzun beharko zuen. Baina ondoko bizitzarik bazegoen, oilaskoak ere ondo egongo ziren.

        Beno...! Horiek gogoeta ergelak zeuzkan goiz hartan. Uf).

        Azkenean Rappaport zaharrak ohar gutxi batzuk zuzendu zizkion Wilhelmi. Galdetu zion ea sinagogan jarlekua erreserbatuta zeukan Yom Kippur-erako.

        «Ez», esan zuen Wilhelmek.

        «Ba bizkor ibili beharko duzu gurasoei Yiskor esan nahi badiezu. Nik ez dut inoiz huts egiten».

        Eta Wilhelmek pentsatu zuen, Bai, jakina, otoitzen bat egin beharko nuke amaren alde noizean behin. Bere ama Erreforma-kongregaziokoa izan zen. Bere aitak ez zuen erlijiorik. Kanposantuan Wilhelmek gizon bati ordaindu zion amari otoitz bat egin ziezaion. Hilobien artetik zebilen eta eskupekoa nahi zuen El molai rachamin-a esateagatik. «Jainko Errukior Hori» uste zuen Wilhelmek esan nahi zuela. B'gan Aden; «Paradisuan Dagoena». Kantatzean luzatu egiten zuten. B'gan Ay-den. Hilobiaren alboko aulki puskatuak zerbait egitea irrikarazi zion. Wilhelmek bere kasa otoitz egiten zuen askotan. Ez zen sinagogara joaten, baina aldizka otoitz jakin batzuk errezatzen zituen, bere sentimenduen arabera. Orain gogoeta egiten ari zen, Aitaren begietan ez naiz behar bezalako judua. Ez zaio nire jarduteko modua gustatzen. Bera bakarrik da behar bezalako judua. Zu honelakoa edo halakoa izan, ez zara inoiz behar bezalakoa izaten.

        Rappaport jaunak purrustatu eta puru luzetik kealdi batzuk bota zituen, eta panelak, erlamordo elektrikoa bailitzen, marmar egin zuen.

        «Oilasko-industrian ibilia zarenez, uste nuen arrautzekin espekulatuko zenukeela, Rappaport jauna». Wilhelm, bere barre bero eta arnaskariaz, agurea xarmatu nahian zebilen.

        «A. Bai. Leialtasuna, e?» esan zuen Rappaport zaharrak. «Haiekin segitu beharko nuke. Denbora ugari eman nuen oilasko artean. Oilasko-sexua igartzen jakitun bihurtu nintzen. Txitak irteten direnean bereizi egin behar dira mutilak neskengandik. Ez da erraza. Eskarmentu benetan luzea behar da. Zer uste duzu, txantxetan ari naizela? Industria oso bat dago horren menpe. Bai, noizean behin erosten dut arrautza-kontraturen bat. Zer duzu zuk gaurkoan?»

        Wilhelmek esan zuen antsiati, «Gantza. Zekalea».

        «Erosi? Saldu?»

        «Erosi».

        «A», esan zuen agureak. Wilhelmek ezin izan zuen erabaki zer esan nahi ote zuen hartaz. Baina jakina, ezin zen hori baino gauza garbiagorik esatea espero. Ez zen haren kodean sartzen inori informaziorik ematea. Irrikaz gaixoturik, Rappaport jaunak kasu hartan salbuespena egiteko zain geratu zen Wilhelm. Aldi hartan bakarrik! Larrialdian baitzegoen. Isilik, kontzentrazio telepatiko gisako zerbaitez baliatuz, erregutu egin zion agureari salbatuko zuen hitza esateko, zeinurik xumeena egiteko. «O, arren... arren, lagundu», esan egin zuen kasik. Rappaportek begi bat itxiko balu, edo burua alde batera makurtu, edo atzamarra altxatu eta egunkariko zutabe bat edo bere koadernoko zifra bat seinalatu. Aztarnen bat! Aztarnen bat!

        Errauts luze perfektua eratu zitzaion agureari puruaren muturrean, hostoaren mamu zuriak bere zain guztiak mantendu eta garraztasuna motelduz. Rappaport jaunak ez zion jaramonik egin haren edertasunari. Ederra baitzen benetan. Wilhelmi ere ez zion jaramonik egin.

        Orduan Tamkinek esan zion, «Wilhelm, begira gure zekaleak egin berri duen gorakada».

        Abenduko zekalea hiru puntu igo zen tentsiopean begiratzen zuten bitartean; gurpilak ziztu bizian zebiltzan eta makinaren argiek burrunbatzen zuten.

        «Beste puntu t'erdi bat, eta gantzaren galerak estaliko ditugu», esan zuen Tamkinek. Times-en ertzean idatzitako kalkuluak erakutsi zizkion.

        «Nire ustez orain eman beharko zenuke saltzeko agindua. Galera txiki batekin irten gaitezen».

        «Orain irten? Ezta pentsatu ere».

        «Zergatik ez? Zergatik itxaron?»

        «Ba hara», esan zuen Tamkinek begirada irribarretsu eta ia mesprezuzko batekin, «merkatua mugitzen hasten denean ez delako urduri jarri behar. Orain egin daitezke gauzak».

        «Ni irten egingo nintzateke ondo doakigun artean».

        «Ez, ez zenuke burua horrela galdu behar. Niretzat argi dago nolako mekanismoak funtzionatzen duen Chicagoko Burtsan. Abenduko zekalearen eskaintza urria da. Begira, beste puntu laurden bat igo da. Eutsi egin behar diogu».

        «Joko-zaletasuna galtzen ari naiz», esan zuen Wilhelmek. «Ezin duzu zeure burua salbu sentitu horren bizkor igotzen denean. Igo bezain bizkor jaitsi daiteke eta».

        Lehor, ume batekin arituko balitz bezala, Tamkinek esan zion egonarri nekatuzko doinuaz, «Ea, entzun ondo, Tommy. Nire diagnostikoa zuzena da. Saltzea nahi baduzu saltzeko agindua eman dezaket. Baina hauxe da osasuna eta patologiaren arteko aldea. Bata objektiboa da, ez da minuturo iritziz aldatzen, gozatu egiten du arrisku-elementua. Baina izaera neurotikoa ez da horrelakoa. Izaera neurotikoa...»

        «Zer arraio, Tamkin!», esan zuen Wilhelmek zakar. «Uztazu hori. Ez dut gogoko. Ez hasi nire izaera hausnartzen. Ez nigana horrelako kontu gehiagorekin etorri. Esan dizut ez dudala gogoko».

        Beraz Tamkinek ez zuen aurrera segitu; atzera jo zuen. «Esan nahi nuen», esan zuen, emeago, «saltzaile bezala, funtsean artista zarela. Saltzailea negozio-funtzioaren esfera irudimentsuan dago. Eta gainera zu antzezlea ere bazara».

        «Ez zait axola zer motatakoa naizen...» Eztitasun sumindu, baina ahul bat igo zitzaion Wilhelmi eztarrian gora. Eztulka hasi zen gripea balu bezala. Hogei urte ziren pantailan «estra» gisa agertu zenetik. Gaita jotzen zuen Annie Laurie izeneko filmean. Annie neskatila lurjabe gazteari gaztigu ematera joaten zen; honek sinetsi ez eta gaitariei deitzen zien neska ibaian ito zezaten. Barre egiten zion, neskak eskuak bihurritzen zituen bitartean. Wilhelmek, gona eskoziarra soinean, zangoak agerian, gaitari ekin zion behin eta berriz nota bakar bat atera gabe. Musika guztia grabatua zen, noski. Haren ondoren gripea harrapatu zuen eta oraindik sentitzen zuen bular-ahulezia tarteka.

        «Eztarrian zerbait trabatu?», esan zuen Tamkinek. «Beharbada asaldatuegi zaude argi pentsatzeko. Nire "hemen eta orain" gogo-ariketaren bat probatu beharko zenuke. Lagundu egiten dizu iraganaz eta geroaz ez pentsatzen, eta nahasdura murrizten dizu».

        «Bai, bai, bai, bai», esan zuen Wilhelmek, begiak Abenduko zekalean tinko.

        «Naturak gauza bakarra daki, eta hori oraina da. Egungo eguna, oraina, betiko oraina, olatu handi, eskerga, erraldoi bat bezala; bikaina, distiratsua eta ederra, bizi eta heriotzaz betea, zerura igotzen, itsasoetan tente. Egungoarekin joan behar duzu, Hemen-eta-Orainarekin, loriarekin...»

        ... bular ahulezia tarteka, segitzen zuen Wilhelmen oroitzapena. Margaretek zaindu zuen. Bi gela mobleekin zeuzkaten, gero bahituak izango zirenak. Margaret ohean esertzen zitzaion irakurtzera. Egunetan zehar eduki zuen irakurtzen, eta ipuinak, poesia, etxeko denetatik irakurri zion. Erretzen saiatu zenean zorabiatuta sentitu zen, itota. Franelazko elastikoa jantzarazi zioten.

 

                Zatoz orduan, Atsekabea!

                Atsekaberik gozoena!

                Neure umea baitzinen emango dizut bular!

 

        Zergatik gogoratzen ote zuen hura? Zergatik?

        «Oraingo une hurren eta errealean dagoen zerbait aukeratu behar duzu», esan zuen Tamkinek. «Eta zeure buruari esan "hemen eta orain", "hemen eta orain", "hemen eta orain". "Non nago?". "Hemen". "Noiz?" "Orain". Hartu objektu edo pertsonaren bat. Edonor. "Hemen eta orain pertsona bat ikusten dut". "Hemen eta orain gizon bat ikusten dut". "Hemen eta orain gizon bat ikusten dut aulki batean eserita". Har nazazu ni, adibidez. Ez gogoari hortik galtzen utzi. "Hemen eta orain gizon bat ikusten dut marroiz jantzita. Hemen eta orain panazko alkandora ikusten dut". Mugatu egin behar duzu, objektu bakar bat aldiko, irudimenari bere kasa joaten utzi gabe. Egon orainean. Eutsi orduari, uneari, istantari».

        Hipnotizatzen edo ziria sartu nahian ari ote zait? galdetu zion Wilhelmek bere buruari. Saltzearena ahantz dezadan? Baina zazpiehun dolarrak berreskuratuz ere, ezer aldatuko al litzateke?

        Otoizka bezala, zain handiko betazal gastatuak bere begi esanguratsuen gainera jaitsiz, Tamkinek esan zuen, «Hemen eta orain botoi bat ikusten dut. Hemen eta orain botoia josten duen haria ikusten dut. Hemen eta orain hari berdea ikusten dut». Zentimetroz zentimetro bere burua aztertu zuen, Wilhelmek zenbat lasai zitekeen ikus zezan. Baina Wilhelm Margareten ahotsa ari zen entzuten, desgogara samar irakurtzen zion artean,

 

                Zatoz orduan, Atsekabea!

                . . . . . . . . . .

                Utzi egin nahi zintudan,

                Engainatu egin nahi zintudan

                Baina orain zu maite zaitut gehien mundu osoan.

        Orduan Rappaport jaunaren eskuak izterra estutu zion esanez, «Nola doakio nire gariari? Tipo alu horiek bidea eragozten didate. Ez dut ikusten».

 

 

 

© Saul Bellow

© itzulpenarena: Juan Mari Mendizabal

 

 

"Saul Bellow / Heldu orainari" orrialde nagusia