IV

 

        Astoa! Baboa! Basurdea! Mando kaikua! Hipopotamo zorridun eta istingazalea! deitu zion Wilhelmek bere buruari zango etsiek jangelatik ateratzen zuten artean. Bere harrotasuna! Bere sentipen gartsuak! Bere erregutze eta ahulkeria! Eta aita zaharrarekin irainak elkartrukatzea... eta nahaste-borrastea guztira zabaltzea. Oi, zein desegoki, mesprezagarri eta irrigarria zen! Gogoratu zuenean nola esan zuen, doinu zentsuratzaile batez, «Zeure semea ezagutu beharko zenuke»...ene, zein inozo eta gorrotagarria zen.

        Ezin zen nahiko laster irten jangela arrunt distiratsutik. Izugarri asaldatuta zegoen; lepoa eta sorbaldak, bularralde osoa sokez tinko lotuta izan balitu bezain minduta zeuzkan. Malkoen usain gazia sentitu zuen sudurrean.

        Baina aldi berean, Wilhelmen baitan erabat ezezagunak ez zitzaizkion sakontasunak zeudenez, bere gogoetetako elementu urrunen batek iradokitzen zion bere zeregina bizitzan, benetako zeregina —bere zama berezia eramatea, lotsa eta inpotentzia sentitzea, malko erreprimitu haiek dastatzea— zereginik garrantzitsuena, zereginik handiena egiten ari zela. Agian hutsak egiteak bere bizitzaren xedea bera adierazten zuen, bertan egotearen funtsa. Agian egin egin behar zituen eta haiengatik sufritu lurrean. Eta nahiz eta Perls jaunaren eta bere aitaren gainetik geratu, haiek dirua gurtzen zutelako, hala ere haiek kemenez jardun behar zuten, eta hori oihuka eta garrasika, erreguka eta otoika aritzea baino hobea zen, zirikatzea eta hanka sartzea baino hobea, estropezuka ibiltzea eta bizitzaren arantzetan erortzea baino hobea. Eta azkenik urezko zoru azpian hondoratzeko... zorte txarra ote zatekeen hori, ala dena pikutara bidaltzeko modua?

        Baina berriro ere aitarekin haserretu zen. Dirua duen beste jende batek, bizi den artean mesederik egiten duela ikusi nahi izaten du. Konforme, ez ninduke mantendu behar. Baina eskatu al diot inoiz horrelakorik egiteko? Eskatu al diot inoiz sosik, Margaretentzat edo umeentzat edo neuretzat? Ez da dirua, laguntza baizik; ezta laguntza ere, sentimendua bakarrik. Baina agian irakatsi nahi dit gizon heldu batek horrelako sentimendutik sendatuta egon beharko lukeela. Sentimenduak ekarri zizkidan arazoak Rojaxen. Enpresaren zati bat izateko sentimendua neukan, eta nire sentimenduak gertatu ziren zaurituak Gerber gainean jarri zidatenean. Aitak xinpleegia naizela uste du. Baina ez naiz hark uste bezain xinplea. Eta haren sentimenduak? Ez du heriotza segundo bakar batez ere ahazten, eta horregatik da horrelakoa. Eta ez da bakarrik heriotza gogoan daukala; ni neu ere, diruaren bidez, heriotzaz pentsatzera behartzen nau. Nire gaineko boterea ematen dio. Horretara behartzen nau bere kabuz, eta gero mindu egiten da. Behartsua balitz, zaindu egingo nuke, eta denek ikusteko moduan. Eta nola zainduko nukeen, aukera izango banu. Ikusiko luke zenbat maitasun eta begirune dudan nire baitan. Horrek gizon desberdina bihurtuko luke bera ere. Eskuak gainean jarri eta bedeinkapena emango lidake.

        Buruan lasto-kapela grisa kakao koloreko zerrenda zabalarekin zeraman norbait mintzatu zitzaion harrera-gelan. Argia ilunabarraren antzekoa zen, han eta hemen zipriztinduta: tapizean, gorriz; larruzko mobleetan, berdez; zeharkako argietan, horiz.

        «Epa, Tommy. E, aizu».

        «Barkatu», esan zuen Wilhelmek, telefonorako bidean. Baina Tamkin doktorea zen, eta hari hots egitera zihoan, hain zuzen.

        «Oso aire obsesiboa duzu aurpegian», esan zuen Tamkin doktoreak.

        Hasi da berriz, Hasi da berriz, pentsatu zuen Wilhelmek. Barruan zer duen jakiterik banu...

        «Hara», esan zion Tamkini. «Horrelako airea al dut? Tira bada, dena den nahikoa da zuk esatea izan dezadan».

        Tamkin doktorea ikusteak amaiera ekarri zion bere aitarekiko liskarrari. Bere burua beste kanal baterantz igerian ikusi zuen.

        «Zertan ari gara?» esan zuen. «Zer gertatu behar zaio gantzari gaurkoan?»

        «Ez zaitez horretaz kezkatu. Egin behar dugun gauza bakarra eustea da eta gora egingo du inondik ere. Baina zerk haserrarazi zaitu, Wilhelm?»

        «A, familiarteko arazo batek». Hura zen Tamkin ostera aztertzeko parada eta hurbiletik behatu zion baina ahalegin berritik ezer lortu gabe. Baliteke Tamkin benetan izatea esaten zuen guztia, eta esamesak faltsuak. Baina zientzigizona zen, ala ez? Ez baldin bazen, hura fiskalak ikertu beharreko kasua izan zitekeen. Gezurti bat al zen? Hura galdera arriskutsua zen. Gezurtia ere fidagarria izan zitekeen era askotan. Fida al zitekeen Tamkinez... fida al zitekeen? Sutsuki eta fruiturik gabe bilatu zuen erantzuna.

        Baina galdera egiteko tenorea pasa zen jadanik, eta orain fidatu egin behar zuen. Erabaki batera iristeko borroka luze baten ondoren, dirua eman baitzion. Zentzu praktikoa etena zegoen. Bere burua ahitu zuen, eta erabakia ez zen inongo erabakia izan. Nola gertatu zen hura? Baina nola hasi zen bada bere Hollywoodeko karrera? Ez zen gero putatxulo gisa agertuko zen Maurice Venicerengatik izan. Wilhelm bera hutsa egiteko helduta zegoelako izan zen. Bere ezkontza ere halakoa izan zen. Bere bizitza halako erabakiez moldatzen joan zen, nolabait. Horregatik, Tamkin doktorearen halabehar-kutsu berezia dastatu ondoren ezin izan zuen dirua gorde.

        Bost egun lehenago Tamkinek esan zion, «Zatoz nire bila bihar, eta Burtsara joango gara». Hortaz, Wilhelmek joan behar izan zuen. Hamaiketan artekarien bulegora joan ziren. Harako bidean, Tamkinek jakinarazi zion tratua erdi-banakoa izan arren ezin zuela une hartan bere zati osoa jarri; bere patente batean zeukala jarrita aste baterako-edo. Gaur berrehun dolar faltako zitzaizkion, baina hurrengo astean jarriko zituen. Baina ez zuten Burtsako errentaren premiarik, noski, ez batak ez besteak. Kirolarien arteko proposamena besterik ez zen, esan zuen Tamkinek. «Jakina», erantzun behar izan zuen Wilhelmek. Atzera jotzeko beranduegi zen. Zer egin zezakeen bestela? Gero etorri zen transakzioaren alde formala, eta ikaragarria izan zen. Tamkinen txekearen tonu berdeak berak itxura okerra zuen; kolore faltsu eta etsigarria zeukan. Idazkera bitxia zuen, are munstrosoa ere; «e»ak «i»ak bezalakoak ziren, «t»ak eta «l»ak berdinak, eta «h»ak liztor-sabelak bezalakoak. Eskolan hasi berri batek bezala idazten zuen. Zientzialariek, ordea, sinboloekin jarduten zuten batik bat; ez zituzten letrak elkarlotzen. Hura izan zen Wilhelmen azalpena.

        Tamkin doktoreak hirurehun dolarreko txekea eman zion. Wilhelmek, eromen itsu eta dardarati baten menpean eta eskuaren dardara geldiarazteko, gogor zapaldu zuen lumaz milako txekea idaztean. Ezpainak estutu, bizkar eskerga mahai gainean makurtu, eta atzamar abaildu eta izutuez idatzi zuen, jakitun Tamkinen txekeak balio ez bazuen bereak ere ez zuela balioko. Maltzurkeria bakarra izan zen data egun batez atzeratzea txeke berdea egiaztatu arte.

        Ondoren ahalmen guztien lagapena sinatu zuen, Tamkini bere diruarekin espekulatzen utziz, eta dokumentu hura are beldurgarriagoa zen. Tamkinek ez zuen hura lehenago aipatu, baina han zeuden eta egin beharrekoa zen.

        Sinadurak egin ondoren, Wilhelmek hartu zuen arreta bakarra izan zen artekari-bulegora itzultzea eta bakarka galdetzea, «Zera... Tamkin doktoreaz da. Hemen izan gara duela minutu batzuk, gogoratzen?»

        Egun hura euritsua eta kez beterikoa izan zen eta Wilhelmek Tamkin utzi zuen postetxera segituan joan beharreko aitzakiaz. Tamkin bakarrik joan zen bazkaltzera, eta han zen Wilhelm berriz, arnasarik gabe, kapelari ura tantaka zeriola, arduradunari inolako premiarik gabe galdetzen ea gogoratzen zuen.

        «Bai, jauna, badakit», esan zion arduradunak. Alemaniar hotz, bera eta argala zen, ondo jantzia eta lepotik zintzilik opera-prismatikoak zeramatzana, kotizazio-panela irakurtzeko. Pertsona izugarri arduratia zen gauza batean izan ezik; goizean ez zuen inoiz bizarra mozten, seguru aski axola ez zitzaiolako zer nolako itxura zeukan Broadway inguruko zaharkilo, jende adindu eta espekulatzaile eta joko-zale eta erlamandoen aurrean. Burtsa hiruretan ixten zen. Beharbada, pentsatu zuen Wilhelmek, bizar trinkoa zuen eta emakumeren bat afaltzera eraman behar eta bizarra egin berriaren itxura izan nahi zuen.

        «Galderatxo bat», esan zuen Wilhelmek. «Duela minutu batzuk ahalmen guztien lagapen bat sinatu dut Tamkin doktoreak nire izenean inberti zezan. Zuk eman dizkidazu inprimakiak».

        «Bai, jauna, gogoan dut».

        «Hona zer jakin nahi dudan», esan zuen Wilhelmek. «Ni ez naiz abokatua eta begirada besterik ez diot bota paperari. Horrek ahalmen guztiak ematen al dizkio Tamkin doktoreari nire beste edozein ondasunen gainean, diru zein jabego?»

        Euri-tantak Wilhelmen gabardina itxuragabetu eta gardenean behera irristatzen ziren; bere alkandorako botoiak, beti txikiegiak iruditzen zutenak, zatiz hautsita zeuden, nakarrezko igitai-ilargiak eratuz, eta irteten egiten zitzaizkion sabelaldean zeuzkan ile horail ilun eta lodi batzuk. Arduradunaren zereginen artean berari buruzko iritzia ostentzea zegoen; maltzurra zen, grisa, arduratia (bizarra egin gabe baina) eta esateko gutxi zeukan, mahai gainera iristen zitzaizkion gaiez izan ezik. Wilhelmengan luzaro hausnartu ondoren hogei aldiz errefusatutako erabakia hartzen zuen gizonari antzeman bide zion. Zilartsu, hotz, orekatu, perfil luzeko, jakitun, ezaxolati, zuhur, bizarra egin gabeko finezia batez, apenas begiratu zion dorpetasun beldurtiaz dardarka ari zen Wilhelmi. Arduradunaren aurpegiak, kolorge eta sudurluze, pertzepzio-unitate gisa ziharduen; haren begiak zegokien zeregin urrira mugatzen ziren. Hura ere, Rubin bezala, zekien eta zekien eta zekien gizona zen. Berak, arrotzak, bazekien; Wilhelm, bere jaioterrian, ezjakinean zegoen.

        «Ez, jauna, ez dizkio ematen», esan zuen arduradunak.

        «Bakarrik hemen gordailatu ditudan fondoen gainean?»

        «Bai, halaxe da, jauna».

        «Eskerrik asko, horixe jakin nahi nuen», esan zuen Wilhelmek, eskerronez.

        Erantzunak kontsolatu egin zuen. Nolanahi ere, galderak ez zuen funtsik. Inongo funtsik ez. Wilhelmek ez baitzeukan beste ondasunik. Bere azken dirua zen Tamkini emandakoa. Bere betebeharrak betetzeko ere ez zen aski, eta Wilhelmek kalkulatu zuen berdin zitzaiola orain lur jotzea edo hurrengo hilean lur jotzea. «Lur jota ala aberatsa», arrazoitu zuen eta formula horrek bultzatu zuen dirua jokatzera. Beno, aberatsa ez; ez zuen hori espero, baina beharbada Tamkinek irakatsi egingo zion behar zuen dirua Burtsan irabazten. Zegoeneko, ordea, bere kalkuluaz ahaztuta zegoen eta jabetzen zen gauza bakarra zen bere zazpiehun dolarrak galduko zituela, azken zentaboraino.

        Tamkin doktorearen jarreraren arabera bi jaun fin ziren, gantz eta ale etorkizun-inbertsioetan esperimentatzen. Diruak, ehunka dolar haiek, ez zuten esanahi handirik ez bata ez bestearentzat. «Erreparaiozu», esan zion Wilhelmi. «Izugarri gustatuko zaizu eta zeure buruari galdetuko diozu ea zergatik ez duen jende gehiagok egiten. Zer uste duzu, Wall Streeteko tipoak azkarrak direla... jeinuak? Horren arrazoia da gutako gehienak xehetasunetan sartzeko beldur psikologikoa dugula. Esadazu. Bidaian zoazenean eta zure auto-kapoaren azpian dagoena ulertzen ez baduzu, motorrari ezer gertatzen bazaio kezkatu egingo zara gerta daitekeenaren kariaz. Oker al nago?» Ez, zuzen zegoen. «Beno», esan zuen Tamkin doktoreak ezpainetan garaipen isileko keinua agertuz, ia trufazkoa irudi zezakeena. «Printzipio psikologiko bera da, Wilhelm. Aberatsak dira zer gertatzen den ulertzen ez duzulako. Baina ez da inongo misterioa, eta diru pixka bat sartuz eta behaketa-printzipio batzuk aplikatuz, ulertzen hasten zara. Ezin da era abstraktuan aztertu. Hasieran arrisku xume bat hartu behar duzu, prozesua, diru-jarioa, osotasuna sentitzeko. Itsas belarra izatea nolakoa den jakiteko uretan sartu behar duzu. Oso epe laburrean ehunetik ehuneko etekina aterako dugu». Beraz hasieran Wilhelmek Burtsan zuen interesa teorikoa zelako plantak egin behar izan zituen.

        «Beno», esan zuen Tamkinek orain harrera-gelan topatzean, «zer arazo duzu, zer da familiarteko arazo hori? Esadazu». Arazo mentaletako aditu zorrotzaren itxura hartu zuen. Hura gertatzen zen bakoitzean Wilhelmek ez zuen jakiten zer erantzun. Edozer esanda edo eginda ere, bazirudien Tamkin doktoreak argi igartzen zizkiola asmoak.

        «Liskarra izan dut aitarekin».

        Tamkin doktoreak ez zuen hartan ezer berezirik ikusi. «Betiko istorio zaharra da», esan zuen. «Guraso eta haurraren arteko oinarrizko gatazka. Ez da inoiz amaituko. Ezta zure aita bezalako agure fin batekin ere».

        «Hala izango da. Harekin ezin izan naiz inoiz inora iritsi. Ez zaizkio nire sentimenduak gustatzen. Berekoiak iruditzen zaizkio. Asaldarazi egiten dut eta gogor egiten dit. Baina agian agure guztiak antzekoak dira».

        «Semeak ere bai. Sinetsiozu horietako bati», esan zuen Tamkin doktoreak. «Dena den, harro egon behar zenuke horrelako patriarka zahar eta bikaina den aita izateaz. Itxaropena eman beharko lizuke. Hura zenbat eta luzeago bizi, orduan eta luzeagoa egiten zaizu zeure bizi-itxaropena».

        Wilhelmek erantzun zuen, gogoetatsu, «Hala izango da. Baina uste dut amaren gauza gehiago heredatu ditudala, eta hura berrogeita hamar urte inguru zituela hil zen».

        «Arazo bat sortu da tratatzen ari naizen paziente gazte baten eta haren aitaren artean; kontsulta egin berri diot», esan zuen Tamkin doktoreak kapela gris iluna erantziz.

        «Honen goizean goiz?» esan zuen Wilhelmek susmakor.

        «Telefonoz, noski».

        Nolako izakia zen Tamkin doktorea kapela eranzten zuenean! Zeharkako argiak bere kaskezur soilduaren konplexutasun ugariak, bere antxeta-sudurra, bere bekain nahiko politak, bere bibote handinahia, bere iruzurti-begi marroiak erakusten zituen. Gorputzaz mozkotea zen, zurruna, lepamotza, halako moldez non garondoaren konkor handiak jaka-lepoa ukitzen baitzuen. Forma bitxikoak zeuzkan hezurrak, bi aldiz bihurrituak bezala giza hezur arruntak bihurdura xume bat duten lekuan, eta sorbaldak bi pagoda-orratz bailiren altxatzen zitzaizkion. Gorputzaren erdian gizen zegoen. Oin-muturrak barrurantz okertzen zituen, beharbada makurra zelako edo ezkutatzeko asko zuelako seinale. Eskuetako larruazala zahartzen ari zitzaion, eta azkazalak ilargirik gabeak zituen, konkaboak, atzapar antzekoak, eta laxa zeuzkala zirudien. Begiak kastore-larrua bezain marroiak zituen, eta marra bitxiez beteak. Bi bola marroi biluzi handiek pentsakorrak ziruditen... baina ba ote ziren? Eta prestuak... baina Tamkin doktorea prestua ote zen? Indar hipnotiko bat zegoen haren begietan, baina ez zen beti indar berdinekoa, eta Wilhelm ez zegoen konbentzituta erabat berezkoa zenik. Jabetzen zen Tamkin saiatu egiten zela bere begiak nahita biziagotzen, antze ikasi batez, eta ahaleginen poderioz sortzen zuela eragin hipnotikoa. Noizean behin eraginak huts egiten zuen edo makaltzen zen, eta hura gertatzen zenean bere aurpegiaren espresioa behera pasatzen zen, azpi-ezpain astun (agian tentel batena?) eta gorrira.

        Wilhelmek gantz-inbertsioez hitz egin nahi zuen, baina Tamkin doktoreak esan zuen, «Nire aita-seme horien kasua irakasgarria gerta lekizuke. Zure aita oso bestelako tipo psikologikoa da, ordea. Gizon horren aitak ez du semetzat hartzen».

        «Zergatik ez?»

        «Amak familiaren lagun batekin hogeita bost urtez izandako harremanen berri izan duelako».

        «Bai, zera!» esan zuen Wilhelmek. Bere gogoeta isila zen, Komeria hutsak. Komeriak besterik ez!

        «Ohartu behar duzu ere emakumea zein interesgarria den. Bi senar ditu. Zeinenak dira umeak? Gizona konturatu egin zen eta emakumeak aitorpena sinatu zuen esanez lau umeetako bi ez zirela aitarenak».

        «Txundigarria da», esan zuen Wilhelmek, baina nahiko era urrun batez esan zuen. Beti aditzen zizkion horrelako istorioak Tamkin doktoreari. Tamkini sinestekotan, jende gehiena horrelakoa zen. Hoteleko jende guztiak zuen nahaste mentalen bat, historia gorderen bat, gaitz ezkuturen bat. Rubin egunkari saltzailearen emaztea gin-rummy-an oihuka aritzen zen Carl harroputzak mantentzen omen zuen. Bizartegiko Frank-en emaztea soldadu batekin desagertu zen senarra «French Lines»en kaian lehorreratzeko zain zegoen artean. Denak kartetako aurpegiak bezalakoak ziren, batetik zein bestetik begiratuz beti hankaz gora. Pertsonaia publiko guztiek karaktere-neurosia zeukaten. Denen artean eroenak negozio-gizonak ziren, herri hura zakarkeriaz eta gezur lotsagabeez eta inork sinetsi ezin zituen hitz absurdoez gobernatzen zuen negoziante-klase bihozgabe, harroputz eta zaratatsua. Beste inor baino eroago zeuden. Izurritea hedatzen zuzen. Wilhelm ere, Rojax konpainia gogoan, negozio-gizon asko burutik zeudelakoan zegoen. Eta uste zuen Tamkinek, bere bitxikeriak eta guzti, nolabait egia zioela eta jendeari nolabaiteko mesedea egiten ziola. Izurrite bat zegoela entzuteak Wilhelmen susmo guztiak baieztatzen zituen, eta esan zuen, «Ezingo nintzateke zurekin adosago egon. Edozer salerosten dute, dena lapurtzen dute, zinikoak dira, hezur-muineraino».

        «Jabetu behar duzu», esan zuen Tamkinek, bere pazienteaz, edo bezeroaz, hitz eginez, «amaren aitorpenak ez duela balio. Aitorpen behartua da. Saiatzen naiz gazteari esaten ez duela aitorpen faltsu batengatik kezkatu behar. Baina zertarako balio dio nik zentzuz hitz egiteak?»

        «Ez?» esan zuen Wilhelmek erabat urduri. «Burtsatik pasatu beharko genuke. Oso aurki irekiko dute».

        «O, tira», esan zuen Tamkinek. «Ez dira bederatziak oraindik, eta gainera ez da jarduera askorik izaten lehen orduan. Chicagon gauzak ez dira pil-pilean jartzen hamar t'erdiak arte, eta ez ahaztu ordu beteko atzerapena dutela gure aldean. Dena den, gantzak gora egingo duela diot, eta hala egingo du. Nire hitza duzu. Horren atzean dagoen erruduntasun-eraso zikloa aztertu dut. Zerbait jakin beharko nuke horretaz. Zuzendu jaka-lepoa».

        «Baina anartean», esan zuen Wilhelmek, «jipoi ederra eman digute aste honetan. Ziur al zaude zure zorroztasun-mailaz? Makalduta baduzu agian hobe genuke dena bertan behera utzi eta itxaron».

        «Ez al zara konturatzen», esan zion Tamkin doktoreak, «ezin dela zuzen-zuzen garaipenera joan? Batera eta bestera egiten duzu harako bidean. Euklides-engandik Newton-enganaino dena lerro zuzenak ziren. Aro modernoak oszilazioak aztertzen ditu. Nik ere neure aldetik jipoia hartu dut larru eta kafe inbertsioetan. Baina konfiantza dut. Ziur naiz besteen asmoei aurrea hartuko diedala». Irribarre ttiki bat egin zion Wilhelmi, lagunarteko irribarrea, lasaigarria, maltzurra eta azti-antzekoa, babesgarria, ezkutua, indartsua. Beldurrak igartzen zizkion eta irribarre egiten zien. «Harrigarria da», ohartarazi zion, «gizabanako desberdinengan lehiaketa-faktorea nola agertzen den ikustea».

        «Bai? Goazen hara».

        «Baina oraindik ez dut gosaldu».

        «Nik bai».

        «Zatoz kafe bat hartzera».

        «Ez nuke aitarekin topo egin nahi». Kristalezko ateez bestaldera begiratuz bere aita beste irteeratik joan zela ikusi zuen. Wilhelmek pentsatu zuen, Hark ere ez zuen nirekin topo egin nahi. «Konforme, zurekin eseriko naiz», esan zion Tamkin doktoreari, «baina laster gaitezen, eserleku libreak dauden bitartean joan nahi dut eta. Bestela kristo guztiak hartzen dizu aurrea».

        «Gazte horren eta bere aitarena kontatu nahi dizut. Izugarri interesgarria da. Aita nudista zen. Denak ibiltzen ziren biluzik etxetik. Agian gizon jantziek erakartzen zuten emakumea. Senarrak ez zuen ilea mozten sinesten ere. Dentista zen. Bere kontsultan zamalkatze-prakak eta botak eramaten zituen jantzita, eta bisera berdea buruan.»

        «O, tira, tira», esan zuen Wilhelmek.

        «Benetako kasua da».

        Gaztigurik gabe, Wilhelmek barre egiteari ekin zion. Berak ere ez zuen umore aldaketa haren bihozkadarik izan. Aurpegia bero eta argitsu bihurtu zitzaion, eta ahaztu egin zen bere aitaz, bere antsiez; arnasestuka hasi zen hartza bezala, zoriontsu, hortzen tartetik. «Zaldi-dentista bide da. Baina ez luke prakarik jantzi beharko zaldiak tratatzeko. Eta zer gehiago kontatu behar didazu? Emazteak mandolina jotzen al zuen? Mutila Zalditerian sartu al da? Hara, Tamkin, izugarria zara benetan».

        «A, uste duzu dibertiarazi nahi zaitudala», esan zuen Tamkinek. «Hori nire ikuspegira ohitu gabe zaudelako da. Egiteak aztertzen ditut nik. Egiteak beti dira sekulakoak. Ostera esango dut. Egiteak beti dira sekulakoak».

        Wilhelmek ez zuen bere umore ona uzteko gogorik. Doktoreak umore-zentzu eskasa zuen. Serio zeukan begira.

        «Nahi duzun dirua apustu egiten dizut», esan zuen Tamkinek, «zure inguruko egiteak sekulakoak direla».

        «Hara, ja, ja! Nahi al dituzu? Aldizkari sentsazionalista bati sal diezazkiokezu».

        «Jendeek ahaztu egiten dute zein sekulakoak diren egiten dituzten gauzak. Ez dute beraiengan ikusten. Beren eguneroko bizitzaren atzeko aldearekin nahasten dira».

        Wilhelmek irribarre egin zuen. «Ziur al zaude mutil hori egia esaten ari zaizula?»

        «Bai, aspalditik ezagutzen dut familia eta».

        «Eta zeure lagunekin praktikatzen duzu psikologia? Ez nekien zilegi zenik».

        «Beno, erradikala naiz lanbidean. Lagundu egin behar dut ahal dudan guztietan».

        Wilhelmi asperdura itzuli zitzaion aurpegira, eta zurbiltasuna. Urrezko ile urdinduaren zama zeraman buruan, eta atzamar artegez heldu zion mahaiari. Egite sekulakoak, baina harrigarriro, baita aspergarriak ere. Ea, nola ulertzen da hori? Atzeko aldearekin nahasten dira. Dibertigarria baina ez dibertigarria. Egiazkoa baina faltsua. Ustekabekoa baina landua, halakoa zen Tamkin. Wilhelmek susmorik handienak izaten zituen doktorea tonurik lehorrenean mintzatzen zitzaionean.

        «Nik», esan zuen Tamkin doktoreak, «eraginkorren jarduten dut ordainsaririk behar ez dudanean. Maitasun kontu hutsa denean. Ordain finantzariorik gabe. Eragin sozialetik urruntzen naiz. Bereziki dirutik. Ordain izpirituala bilatzen dut nik. Jendea hemen eta orainean kokatzea. Benetako unibertsoan. Eta hori egungo unea da. Iraganak ez du guretzat baliorik. Etorkizuna larriduraz beteta dago. Oraina da bakarrik erreala... hemen eta oraina. Heldu orainari».

        «Beno», esan zuen Wilhelmek seriotasunera itzuliz. «Badakit oso gizon berezia zarela. Atsegin dut hemen eta orainari buruz diozuna. Ikustera joaten zaizun jendea lagun pertsonalak dituzu, eta aldi berean pazienteak? Neska luze polit hori bezala, beti rafiazko gona eta gerriko ederrak eramaten dituena?»

        «Epileptikoa zen, eta patologia benetan gaizto eta larria zuen. Arrakastaz sendatzen ari naiz. Sei hilabete daramatza atakerik izan gabe, eta garai batean astean bat izaten zuen».

        «Eta kamera-gizon gazte horrek, Brasileko oihanetako film haiek erakutsi zizkigunak, ez al du neskarekin zerikusirik?»

        «Neba du. Ardurapean dut hura ere. Joera izugarri batzuk ditu, eta ez da harritzekoa arreba epileptikoa edukita. Etsi-etsian laguntza behar zutenean sartu nintzen haien bizitzan, eta nire ardurapean hartu. Bera baino berrogei une zaharragoa zen gizon batek kontrolatuta zeukan neska, eta atakeak probokatzen zizkion sugestioaren bidez neskak utzi nahi zuen bakoitzean. New York hirian gertatzen denaren ehuneko baten berri izango bazenu! Hara, ulertzen dut nolakoa den pertsona bakarti bat animalia bezala sentitzen hasten denean. Gaua iristean otsoak bezala leihotik ulu egiteko gogoak datozkionean. Erabateko zaintzapean dauzkat mutila eta bere arreba. Mutila lasaitzen arituko ez banintz, hurrengo egunean Brasiletik Australiara joango litzateke. Hemen eta orainean mantentzeko dudan modua greziera irakastea da».

        Hura bai erabateko sorpresa! «Nola, ba al dakizu greziera?»

        «Lagun batek irakatsi zidan Alkairon izan nintzenean. Aristoteles aztertzen nuen harekin, alferkerietan ez erortzearren».

        Wilhelm baieztapen berri haiek barneratu eta aztertzen saiatu zen. Gaua iristean otsoak bezala leihotik ulu egitearena nahiko benetakoa iruditzen zitzaion. Pentsatzeko moduko gauza zen. Baina grezierarena! Konturatu zen Tamkin begira zuela ea nola hartzen zuen ikusteko. Etengabeki elementu berriak gaineratzen ziren. Egun batzuk lehenago Tamkinek intsinuatu zion behiala hanpan ibilia zela, Detroit-eko Talde Purpuran. Behin Toledo-ko klinika mental bateko buru izan zen. Elkarlanean jardun zuen asmatzaile poloniar batekin ontzi hondora ezin bat egiten. Aholkulari tekniko gisa ibilia zen telebista arloan. Jeinuko gizon baten bizitzan gauza guzti haiek gerta zitezkeen. Baina gertatu ote zitzaizkion Tamkini? Jeinua ote zen? Sarri esaten zuen Egiptoko errege-familiako bat edo beste tratatu zituela psikiatra bezala. «Baina mundu guztia antzekoa da, arrunta zein aristokrata», esan zion Wilhelmi. «Aristokratak gutxiago jakiten du bizitzaz».

        Wilhelmi deskribatu zion gaixotasun izugarri batengatik Kalifornian tratatu zuen printzesa egiptoar batek berarekin jaioterri zaharrera joateko konbentzitu zuela, eta bertan Tamkinek haren lagun eta senide asko izan zituela bere ardurapean. Jauregi bat laga zioten Niloren aldamenean. «Arrazoi etikoak medio, ezin dizkizut haiei buruzko xehetasun asko eman», esan zion... baina Wilhelmek entzunak zeuzkan zegoeneko xehetasun guzti haiek, eta zein bitxi eta harrigarriak ziren, egiazkoak izatekotan. Egiazkoak izatekotan... Ezin zen dudatik libratu. Adibidez, emakumezko zeta-galtzerdiak jantzi eta gainerakoan biluzik ispilu aurrean jartzen zen jenerala... eta beste guztiak. Doktoreari entzunez hain harrigarriro zehatza zenean, Wilhelmek haren hitzak bere mintzairara itzuli behar izaten zituen, eta ezin izaten zuen nahiko laster itzuli edo entzuten zuenari zegozkion hitzak bilatu.

        «Handi-mandi egiptoar horiek ere Burtsan inbertitzen zuten, atsegin hutsarengatik. Zertarako behar zuten diru gehiago? Haiekin elkartuz neroni ere ia milioidun bilakatu nintzen, eta maltzurkeriaz jokatu izan banu auskalo zer gerta zitekeen. Enbaxadorea izan nintekeen». Enbaxadore amerikarra? Egiptoarra? «Nire lagun batek informazioa eman zidan kotoiari buruz. Erosketa mardula egin nuen. Ez neukan hainbeste dirurik, baina han denek ezagutzen ninduten. Ez zitzaien inoiz burutik pasatu beren zirkulu sozialeko pertsona batek sosik ez izatea. Salmenta telefonoz burutu zen. Orduan, kotoi-bidalketa artean itsasoan zebilela, prezioa hirukoiztu egin zen. Merkantzia bat-batean munduko kotoi-merkatua hankaz gora jartzeko bezain baliotsu bihurtu zenean jakin nahi izan zuten ea nor zen bidalketa haren jabea. Ni! Ondarerik ote neukan ikertu zuten, eta doktorea baizik ez nintzela aurkitzean bertan behera utzi zuten salmenta. Hura legez kontrakoa zen. Auzitara eraman nituen. Baina auzibideari eusteko dirua ez neukanez, Wall Streeteko abokatu bati saldu nion auzia hogei mila dolarretan. Hark eraman zuen eta irabazten ari zen. Epai-gelatik kanpo akordio batera iritsi ziren milioi bat pasaren truke. Baina Cairotik itzultzen zela, hegazkinak lur jo egin zuen. Bertako guztiak hil ziren. Erruduntasun-sentimendu hori daukat, abokatu haren hiltzailea naizela. Iruzurti galanta bazen ere».

        Wilhelmek pentsatu zuen, Benetako memeloa izan behar dut honen istorio ezinezkoei jaramon egiteko. Bizitzako gauza sakonez hitz egiten duen jendeak, nahiz eta honen modura egin, babotzat hartu behar nau.

        «Zientzigizonok erruduntasun irrazionalaz mintzatzen gara, Wilhelm», esan zuen Tamkin doktoreak Wilhelm bere ikasle bat bailitzen. «Baina egoera hartan, diruarengatik, okerra opa nion. Jabetzen naiz. Han ez da xehetasun guztiak deskribatzeko garaia, baina diruak bilakatu ninduen errudun. Kapitala eta Krimena, biak K-z hasten dira. Konspirazioa. Kaskarkeria».

        Wilhelmek, gogoa bere kasa zebilkiola, esan zuen, «Eta Karitatea, zer? Eta giza izaeran dagoen gupida?»

        «Dagoeneko gauza bat argi ikusi beharko zenuke. Dirua egitea oldarkeria hutsa da. Hortxe dago koska. Azalpen funtzionalista da dagoen bakarra. Jendea hiltzera joaten da Burtsara. Esaten dute, "Egundoko sarraskia egitera noa". Ez da kasualitatea. Baina gertatzen zaie ez dutela inor benetan hiltzeko kemena, eta orduan haren ordezko sinboloa eraikitzen dute. Dirua. Fantasia batez burutzen dute hilketa. Gainera, edozein zenbaki zenbatzea jarduera sadikoa da. Kolpatzea bezala. Biblian, juduek ez zioten inori utzi zenbat ziren ikertzen. Bazekiten eta sadikoa zela».

        «Ez dut ulertzen zer esan nahi duzun», esan zuen Wilhelmek. Artegatasun arraro bat nagusitzen ari zitzaion. Beroegi zegoen ordurako eta burua motelduta sentitzen zuen. «Zerk bultzatzen ditu hiltzera?»

        «Pixkana-pixkana ulertzen joango zara», segurtatu zion Tamkin doktoreak. Bere begi txundigarriek larru marroiaren lehortasun joria zeukaten. Kristal-antzeko argizko ile edo orratz zenbaezinek distiratzen zuten begi zorrotz haietan. «Ezin duzu ulertu aldez aurretik ez badituzu urteak ematen giza eta animali portaeraren sakontasunak aztertzen, bizitzako sekretu kimiko, organiko eta izpiritualak arakatzen. Ni poeta psikologikoa naiz».

        «Halako poeta mota bazara», esan zuen Wilhelmek, atzamarrak patrikako fardeltxoetan haztaka Phenaphen kapsulen bila, «zer egiten duzu Burtsan?»

        «Galdera ona da. Beharbada hobea naiz espekulatzen bost axola zaidalako. Funtsean, ez dut diruarekiko irrika nahikoa, eta horregatik burua hotz-hotza dudala sartzen naiz».

        Wilhelmek pentsatu zuen, Bai, noski! A zer nolako erantzuna, ez? Apustu egingo nuke jarrera indartsua agertuko banu guztian atzera joko lukeela. Arrastaka hasiko litzatekeela nire aurrean. Nola begiratzen didan epaixka, ea sinesten diodan! Phenaphen pilula bat irentsi zuen ur dangada luze batekin. Betertzak gorritu zitzaizkion hura irentsi ahala. Eta gero lasaiago sentitu zen.

        «Ea, ikus dezagun asebeteko zaituen erantzuna eman diezazukedan», esan zuen Tamkin doktoreak. Aurrean jarri zizkioten krepeak. Gurina zabaldu, gero astigar-karamelu marroixka gaineratu, lau pusketan zatitu eta jaten hasi zen lantzean behin erroetan kirrinkatzen zuten masailezur gogor, eraginkor eta gihartsuez. Labanaren kirtena bularrera eramanez esan zuen, «Hemen barruan, gizakien bularrean —nirean, zurean, edonorenean— ez dago arima bakar bat. Makina bat arima daude. Baina bi dira nagusi, egiazko arima eta plantak egiten dituena. Beno! Mundu guztia konturatzen da zerbait edo norbait maite behar duela. Kanpora jo behar duela. «Maite ezin baduzu, zer zara?» Jarraitzen al didazu?»

        «Bai, doktorea, baietz uste dut», esan zuen Wilhelmek adi entzuten; gehiegi sinetsi gabe, baina adi.-adi.

        «Zer zara?» Ezer ez. Horra erantzuna. Ezer ez. Barru-barruan... Ezer ez! Baina jakina, ezin duzu hori jasan eta Zerbait izan nahi duzu, eta ahalegindu egiten zara. Baina Zerbait hori izan beharrean, beste guztiei sartzen diezu ziria. Ezin duzu zeure buruarekin horren zorrotz jokatu. Pixka bat maite duzu. Adibidez zakur bat daukazu» («Bizkor»!) «edo karitate-ekitaldi baterako dirua ematen duzu. Hori ez da maitasuna, ordea, ez? Zer da? Berekoikeria, argi eta garbi. Arima itxuratia maitatzeko era bat da. Banitatea. Banitate hutsa, horixe da. Eta kontrol soziala. Arima itxuratiaren interesa bizitza sozialaren interes berbera da, gizarte-mekanismoa. Horra giza bizitzaren tragedia nagusia. Oi, izugarria da! Izugarria! Ez zara aske. Barruan daramazu traidorea eta saldu egiten zaitu. Esklaboak bezala obeditu behar diozu. Mandoari bezala eragiten dizu lan. Eta zertarako? Norentzat?»

        «Bai, zertarako?» Doktorearen hitzak bihotzeraino iritsi zitzaizkion Wilhelmi. «Ezingo nintzateke adosago egon», esan zuen. «Noiz askatu behar dugu?»

        «Helburua den-dena martxan mantentzea da. Egiazko arimak ordaintzen du prezioa. Sufritzen dabil, gaixotuta, eta jabetzen da ezinezkoa dela arima itxuratia maitatzea. Itxuratia gezurra delako. Egiazko arimari egia gustatzen zaio. Eta egiazko arima konturatzen denean, hil nahi izaten du itxuratia. Maitasuna gorroto bilakatu da. Orduan arriskugarri bihurtzen zara. Hiltzaile. Iruzurgilea hil behar duzu».

        «Mundu guztiari gertatzen al zaio hori?»

        «Bai, mundu guztiari», erantzun zuen doktoreak apaltasunez. «Jakina, errazteko asmoz arimaz hitz egin dut; ez da zientzi terminoa, baina ulertzen laguntzen dizu. Hiltzaileak hiltzen duen bakoitzean, engainatu eta iruzur egin dion barruko arima hil nahi izaten du. Nor du etsaia? Bere burua. Eta maitalea? Baita ere. Beraz, suizidio oro hilketa da, eta hilketa oro suizidio. Fenomeno bakar eta identikoa da. Biologikoki, anima itxuratiak energia lapurtzen dio egiazko arimari, ahuldu egiten du bizkarroi batek bezala. Maila inkontzientean gertatzen da, oharkabean, organismoaren sakontasunetan. Parasitologia inoiz ikasi?»

        «Ez, doktorea aita da».

        «Libururen bat irakurri behar zenuke horri buruz».

        «Baina horrek esan nahi du mundua hiltzaileez beteta dagoela», esan zuen Wilhelmek. «Beraz ez da mundua. Infernu mota bat da».

        «Jakina», esan zuen doktoreak. «Edo gutxienez purgatorio gisako zerbait. Gorpuen gainetik zabiltza. Nonahi daude. Aditzen ditut de profundis deiadarka, eskuak bihurrituz. Aditzen ditut, giza pizti gizajoak. Aditu beste erremediorik ez dut. Begiak zabalik dauzkat horren aurrean. Negar egin behar dut ere. Horra giza tragikomedia».

        Wilhelm doktorearen ikuspuntua ulertzen ahalegindu zen. Eta berriro ere doktorea fidagaitza iruditu zitzaion, eta duda-mudatan geratu zen. «Beno», esan zuen, «bada ere jende atsegina, arrunta, laguntzeko prest dagoena. Hor nonbait dabiltza, lurraldean zehar. Nonahi . Baina zer izugarrikeria irakurtzen dituzu?» Doktoreak liburuz beteta zeukan gela.

        «Literatura, zientzia eta filosofia mailan den onena irakurtzen dut», esan zuen Tamkin doktoreak. Wilhelmek erreparatu zuen gela hartan telebista-antena ere liburu pilo baten gainean ezarrita zegoela. «Korzybski, Aristotele, Freud, W.H. Sheldon, eta poeta handi guztiak. Ezjakin batek bezala erantzuten didazu. Ez duzu gogoa erabat jarri honetan».

        «Oso interesgarria», esan zuen Wilhelmek. Konturatzen zen ez zuela gogoa erabat ezertan jarri. «Baina ez ezazu pentsa tentel hutsa naizenik. Nik ere badauzkat ideiak». Erlojuari zuzenduriko begiradak esan zion Burtsa aurki zabalduko zutela. Oraindik minutu batzuetako astia zuten. Geratzen ziren oraindik Tamkini entzun nahi zizkion gauza gehiago. Jabetzen zen Tamkinek hutsak egiten zituela mintzatzean, baina zientzigizonak ez ziren beti eskoladun zorrotzak. Bi arimen deskribapenak hunkitu zuen batik bat. Tommyrengan itxuratia ikusten zuen. Eta baliteke Wilky ere bera ez izatea. Bere egiazko arimaren izena bere aitona zaharrak deitzen ziona ote zen... Velvel? Arima baten izenak, ordea, hori bakarrik izan behar du; arima. Zer tankera ote zuen? Nire arimak neure antza ote du? Ba ote da aitaren antza duen arimarik? Tamkinen antza? Nondik hartzen du indarra egiazko arimak? Zergatik maite behar du egia? Wilhelm tormentatuta zegoen, baina bere tormentua ahazten ahalegintzen zen. Ezkutuan, otoitz egiten zuen doktoreak aholku baliagarriren bat eman eta bizitza aldaraz ziezaion. «Bai, ulertzen dizut», esan zuen. «Guztiaz Jabetzen naiz».

        «Ez dut inoiz esan azkarra ez zarenik, bakarrik ez duzula guzti hori behar bezala aztertu. Izan ere, oso nortasun sakonekoa zara, sormen-gaitasun oso sakonak dituzu, baina baita asaldurak ere. Kezkatuta egon naiz zurekin, eta hainbat denboraz zu tratatzen aritu naiz».

        «Nik jakin gabe? Ez dut sumatu ezertan ari zinenik. Zer esan nahi duzu? Uste dut ez dudala atsegin nik jakin gabe tratatua izatea. Zalantzan nago. Zer gertatzen da, normala ez naizela uste al duzu?» Eta egia zen, ez zekien zer pentsatu. Doktorea berataz arduratzea atsegingarria zitzaion. Horixe irrikatzen zuen, norbait berataz arduratzea, onik opa izatea. Ontasuna, errukia nahi zituen. Baina —eta hemen sorbalda astunak goratu zituen bere modu berezian, eskuak mahuketan gora eramanez; oinak urduri mugitzen zituen mahai azpian— baina kezkatuta ere bazegoen, eta are zertxobait haserre ere. Izan ere, zer eskubide zuen Tamkinek inork eskatu gabe nahasteko? Zer bizitza pribilegiatu mota zeraman gizon hark? Beste jendearen dirua hartu eta harekin espekulatzen zuen. Mundu guztia zeukan ardurapean. Ezin zion inork ezer ezkutatu.

        Doktoreak begiratu zion bere begi marroi hiltzaile, astun eta zundagaitzez, buru biluzia distiratsu, azpiko ezpain gorria zintzilik, eta esan zion, «Erruduntasun-konplexu ugari daukazu».

        Wilhelmek, etsita, beroa aurpegi zabalera igotzen zitzaiola sumatzen zuen artean, aitortu zuen, «Bai, ni ere horretan nago. Baina pertsonalki», gaineratu zuen, «ez naiz hiltzailea sentitzen. Beti saiatzen naiz jendea ez erasotzen. Besteak dira ekiten didatenak. Zera... zapalduta sentiarazten naute. Eta axola ez bazaizu, eta aurka ezer ez baduzu, ni tratatzen hasten zarenean jakin egin nahi nuke. Eta orain, Tamkin, Jainkoarren, bazkari-menuak jartzen ari dira dagoeneko. Sina ezazu kontua, eta goazen!»

        Tamkinek eskatutakoa egin eta altxatu egin ziren. Kontulari-mostradoretik pasatzen ari ziren tipula-azal koloreko paper pilo handi bat atera eta esan zionean, «Hauek transakzioen erreziboak dira. Kopiak. Hobe duzu zeuk gorde, kontua zure izenean dagoenez beharrezkoak izango baitituzu errenta-aitorpenerako. Eta hona hemen atzo idatzi nuen poema baten kopia».

        «Harreran gauza bat utzi behar diot aitari», esan zuen Wilhelmek, eta hotel-faktura gutun-azal batean sartu zuen mezu batekin. Aita, mesedez, manten nazazu hilabete honetan. Besarkada bat, W. Begira geratu zen harrera-zainak, perfila boxeolari umore-txartu batena eta airea zeremoniatsu, gutun-azala bere aitaren gutun-sailera bultzatzen zuen artean.

        «Galde al dezaket ea zergatik izan duzun liskarra aitarekin?» esan zuen Tamkin doktoreak atzean zain geratu ondoren.

        «Nire etorkizunari buruz aritu gara», esan zuen Wilhelmek. Urrats arinez lastertu zen eskaileretan behera, eskuak galtzetako patriketan sartuta. Lotsa ematen zion gaiaz mintzatzeak. «Esaten du izan behar duela arrazoiren bat nire salmenta-lurralde zaharrera ezin itzuli izateko, eta halaxe da. Denei esan nien enpresako exekutiboa izango nintzela. Eta hura zen asmoa. Agindu egin zidaten. Baina ez zioten esandakoari eutsi, suhiarengatik. Harropuztu eta aire galantak hartu nituen».

        «Nahiko apala izango bazina, itzuli ahal izango zinateke. Baina ez dio axola. Burtsan bizimodu ona aterako dizugu».

        Goialdeko Broadwayko eguzkira iritsi ziren; ez zegoen garden, hautsa eta keen artean taupaka baizik, eta gainezka zihoazen autobusetatik gasolinazko aire faltsu bat ikusten zen begi-mailan irteten. Ohitura zaharren arabera, Wilhelmek jakaren lepokoa altxatu zuen.

        «Galdera tekniko bat bakarrik», esan zuen Wilhelmek. «Zer gertatzen da galerak jarritako gordailua baino handiagoak direnean?»

        «Ez kezkatu. Kontularitza-tresneria ultramodernoa daukate, eta ez dizu zorretan sartzen utziko. Automatikoki kanpoan uzten zaitu. Baina poema hau irakur dezazula nahi dut. Oraindik irakurri gabe daukazu».

        Otia bezain arina, Newark-eko Aireportutik La Guardia-ra posta eramaten zuen helikoptero batek jauzi luze bat egin zuen hiriaren gainetik.

        Wilhelmek destolestu zuen paperak tinta gorriko marrak zeuzkan ertzetan. Irakurri zuen:

 

                MEKANIZISMOA ALA FUNTZIONALISMOA

                IZAN-TASUNA ALA EDUKI-TASUNA

 

                Ikusi ahal izango bazenu zeure

                Oraingo eta geroko handitasuna,

                Alaitasun-edertasun-estasi halakoa sentituko zenuke.

                Oinetara dituzu lurra-ilargi-itsasoa, hirutasuna

 

                Zergatik bada geratzen zara atzean

                Azala bakarrik zeureganatuz

                Bertako guztia justiziaz dagokizunean

                Lurraren gaina sekula ez urratuz?

 

                Bila ezazu aurrean ez dagoena

                Zeure lorian hartu atsedena

                Lekuko izan. Zure boterea ez da soildu.

                Erregea zara. Ezin zaituzte gainditu.

 

                So egizu bada aurrera.

                Begiak zabaldu eta begira.

                Baretasun Mendiaren azpian

                Duzu eternitaterako sehaska.

 

        Erabat nahasita, Wilhelm bere artean lehertu zen, Hau nahas-mahas handinahia! Zer nahi du niregandik? Ifernura doala madarikatua, berdin izango zatekeen buruan kolpatuko banindu, garbitu, hil egingo banindu. Zertarako eman dit hau? Zein da xedea? Proba pentsatua al da? Nahasarazi nahi al nau? Nahiko nahasarazi nau dagoeneko. Asmakizunetan ez naiz inoiz ona izan. Eman agurreko musua zazpiehun dolarrei, eta esan beste hutsegite bat dela hutsegite-andana luze batean... Ai, amatxo, hori andana! Luxozko fruta-denda bateko leiho distiratsu baten aldamenean geratu zen, Tamkinen papera eskuan zeukalarik, zorabiatu samar, begietan foto-flash bat hartu balu bezala.

        Baina nire erreakzioaren zain dago. Zerbait esan behar diot poemari buruz. Hau ez da txantxetako gauza. Zer esan behar diot? Nor da Errege hori? Poema norbaiti idatzita dago. Baina nori? Hitz egiteko ere ez naiz gauza. Arnasa-hustuegi, itoegi sentitzen naiz. Hainbeste liburu irakurri ondoren, nola izan daiteke tipoa hain eskolagabea? Eta jendeak zergatik ematen du beti jakintzat zertaz ari den badakizula? Ez, nik ez dakit, eta inork ez daki. Planetek ez dakite, izarrek ez dakite, espazio infinituak ez daki. Ez dator bat ez Planck-en Konstantearekin ez beste ezerekin. Orduan zertarako balio du? Zer premiari erantzuten dio? Zer adierazi nahi du hemen Baretasun Mendiaz? Everest Mendiari buruzko irudi erretorikoa izan al liteke? Jende guztia suizidatzen dela esaten duenez, agian Everest mendia igo zutenek beren burua hil besterik ez zuten nahi, eta bakea nahi badugu mendi azpian geratu behar dugu. Hemen eta orainean. Baina badago hemen eta orain maldan gora, eta gailurrean, orainari heltzeko igo zuten tontorrean. Azala bakarrik dionean ezin da zinez aritu, ez dut sinesten. Ahotik lerdea jario beharrean nago. «... eternitaterako sehaska». Nor datza sehaska horretan... loria horretan? Ezin dut gehiago pentsatu. Pareta ukitzen dut. Akabo. Tira bada, popatik hartzera joan dadila dena! Dirua eta guztia. Eraman guztia! Dirua daukadanean bizirik jaten naute, Brasileko oihanari buruzko filmean agertzen ziren piraina haiek bezala. Izugarria izan zen ibaian zezenkote hura hil zutenean. Zurbil jarri zen, buztina bezala, eta handik bost minutura ez zen ezer geratzen, urruntzen zihoan pieza bateko hezurdura izan ezik. Ez daukadanean, behintzat bakean utziko naute.

        «Beno, zer iruditzen zaizu?» esan zuen Tamkin doktoreak. Halako irribarre jakintsu berezi bat zuzendu zion, orain Wilhelmek zer nolako gizonarekin ziharduen ikus zezan modukoa.

        «Polita. Oso polita. Luzaro al daramazu idazten?»

        «Urteak eta urteak daramatzat pentsamendu-ildo hori jorratzen. Hasieratik amaierara jarraitzen al diozu?»

        «Asmatu nahian nabil ea nor den Zu hori».

        «Zu? Zu zen zara».

        «Ni? Zergatik? Niri buruz da?»

        «Zergatik ez du zuri buruz izan behar? Gogoan zintudan osatu nuenean. Jakina, poemako heroia gaitzak jotako gizateria da. Begiak zabalduko balitu aparta litzateke».

        «Bai, baina nola sartzen naiz ni horretan?»

        «Poemaren ideia nagusia eraikitzea ala suntsitzea da. Bien artean ez dago ezer. Mekanizismoa suntsitzea da. Dirua, noski, suntsitzea da. Azken hilobia zulatzen denean, hilobi-zulatzaileari ordaindu egin beharko zaio. Naturan konfiantza izateko gai bazina, ez zenuke beldurrik izan beharko. Hark mantenduko zintuzke. Sormena naturan datza. Bizkorra. Ugaria. Inspiratzailea. Hostoei forma ematen die. Lurreko urak daramatza. Gizona da horren nagusia. Sorkuntza guztiak haren bidezko herentzia dira. Ez dakizu zer daukazun zeure baitan. Pertsona batek sortzen du, ala suntsitzen du. Ez dago neutraltasunik...»

        «Jabetzen nintzen ez zinela inongo hasberria», esan zuen Wilhelmek zorrotz. «Kritika bakarra egin behar diot. Nire ustez «Zergatik bada» hori oker dago. «Zer dela eta geratzen zara...» idatzi beharko zenuke». Eta gogoeta egin zuen, Eta orain zer? Apustu bat egin dut. Hala ere mirari bat beharko da ni salbatzeko. Nire dirua desagertuko da, eta orduan ezin izango nau suntsitu. Hala ere Tamkinek ezin du galdu eta kito. Bera ere barruan dago. Uste dut bera ere larri dabilela. Beharko. Ziur naiz; izan ere, orain gogoratzen dut txekea sinatzean odol-izerdia zeriola. Baina zertarako utzi diot neure buruari honetan sartzen? Lurreko urek irentsi egingo naute.

 

 

 

© Saul Bellow

© itzulpenarena: Juan Mari Mendizabal

 

 

"Saul Bellow / Heldu orainari" orrialde nagusia