III

 

        Mahai-oihal zuri, kristaleria eta zilarreria distiratsuaren artean, argi oparoa zeharkatuz, Perls jaunaren irudi luzea harrera-gelako iluntasunean desagertu zen. Makilaz bidea egiten zihoan, eta arrastaka zeraman Wilhelmek haren arazoen kalkulatzean sartu ez zuen zapatatzar ortopediko bat. Adler doktoreak gizonari buruz mintzatu nahi zuen. «Hori gizajoa», esan zuen, «pixkana-pixkana suntsitzen doakion hezur gaixotasuna du».

        «Gaitz progresibo horietako bat?» esan zuen Wilhelmek.

        «Oso larria. Ikasi dut», esan zion doktoreak, «nire errukia benetako gaitzetarako gordetzen. Perls hau ezagutzen dudan gizon errukarriena da».

        Wilhelmek hura beretzako gaztigua zela ulertu zuen eta ez zuen bere iritzia kanporatu. Jan da jan hasi zen. Ez zen presatu, baina platera janariz betetzen segitu zuen harik eta opilak, bere aitaren marrubiak, eta geratzen ziren bacon apur batzuk agortu ziren arte; hainbat kikara kafe hartu zituen, eta bukatu zuenean eserita geratu zen masa erraldoi hura, mugitu ezinik eta ondoren zer egin behar zuen jakin gabe, antza.

        Puska batez aita eta semea isilik geratu ziren, ohi ez bezala. Wilhelmek Adler doktorearen begikotasuna erakartzearren egindako prestaketek zeharo lur jo zuten, agurea pentsatzen segitzen baitzuen, Ez luke inork esango heziketa ona izan duela, eta, A zer nolako deabru narrasa den nire seme hau. Zergatik ezin da itxura zertxobait hobetzen ahalegindu? Zergatik dabil halako gisan arrastaka? Eta aire idealista hori azaldu behar.

        Wilhelmek eserita zirauen, mendi antzera. Errealitatean ez zen bere aitari iruditzen zitzaion bezain baldresa. Egoera batzuetan bazeukan halako samurtasun bat. Ahoan, zabala izan arren, inguru finak zeuzkan, eta bekokian eta sudur gero eta gakotuagoan duintasuna, eta ile horail hartan bazegoen urdindurik, baina baita urre eta gaztainazko islak ere. Rojax konpainian zegoenean Wilhelmek apartamentu txiki bat zeukan Roxbury-n, ataritxoa eta lorategia zeukan etxe handi bateko bi gela, eta astialdiko goizetan, hura bezalako udaberri amaierako eguraldia zegoenean, zumezko besaulki batean esertzen zen zabal-zabal, eguzkia landaretzan zehar iragazi, bareak jandako malba gorriak zeharkatu eta, belarrak uzten zuen neurrian, lore txikietaraino iristen zelarik. Bake hura (ahazten ari zen garai hartan ere arazoak izan zituela), bake hura joana zen. Errealitatean ez bide zen berea, han New Yorken aita zaharrarekin egotea gehiago baitzegokion bere bizitzari. Ondotxo zekien bere aitaren begikotasuna lortzeko aukera bakar bat ere ez zeukala, benetako gaitzetarako gordetzen zuela baitzioen. Areago, behin eta berriz aholkatzen zion bere buruari ez harekin bere arazo aspergarriez hitz egiteko, bere aitak, eta arrazoi pixka bat ere bazuen, bakean utz zezatela nahi baitzuen. Wilhelmek bazekien ere gauza haietaz hitz egiten hasten zenean okerrago sentitzen zela, arazoek kongestionatu egiten zutela eta tranpa batean sartzen zela. Horregatik gaztigatzen zion bere buruari, Utzi, motel, gauzak okertu besterik ez du egingo. Sakonagotik, ordea, beste kinada batzuk zetozkion. Ez bazituen bere arazoak gogoan hartzen, arazook zeuzkala ahaztea arriskatzen zuen, eta bazekien, eskarmentua zeukan, hori okerragoa zela. Eta are gehiago, ezin zuen lortu bere aita adinarengatik desenkusatzea. Ez. Ez, ezinezkoa zitzaion. Bere semea naiz, pentsatzen zuen. Nire aita da. Ni semea naiz bera aita den neurri berean, zaharra izan ez izan. Guzti hau baieztatuz, erabateko isiltasunean baina, eserita zirauen, eta horrela aita bere ondoan jarraitzea lortzen zuen.

        «Wilky», esan zuen agureak, «jaitsi al zara inoiz hemengo bainuetara?»

        «Ez, aita, oraindik ez».

        «Badakizu bada Glorianak New Yorkeko igerilekurik onenetako bat duela. Hogeita bost metro, baldosa urdinak. Ederra da benetan».

        Wilhelmek ikusia zeukan. Gin-ean jokatzera zihoanean igerilekura zeraman eskaileraren aurretik pasatzen zen. Hormen artean hertsituriko ur klorodunaren usaina ez zuen gogoko.

        «Probatu beharko zenituzke bainu errusiar eta turkiarrak, eta eguzki-lanpak eta masajeak. Eguzki-lanpak ez ditut atsegin. Baina masajeak mesede izugarria egiten du, eta hidroterapia bezalakorik ez dago, inondik ere. Ur hutsak eragin lasaigarria du eta munduko barbituriko eta alkohol guztiak baino mesede gehiago egingo lizuke».

        Wilhelmek hausnartu zuen bere aitaren begikotasuna eta ulermena ez zela aholku hura ematetik harantzago hedatuko.

        «Nik uste nuen», esan zuen, «ur-sendaketa zoroentzat zela».

        Doktoreak bere semearen txantxetako bat bezala hartu zuen hura eta esan zion irribarretsu, «Beno, ez du gizon sanoa zoro bihurtuko. Niri mesede handia egiten dit. Nire masajeak eta lurruna gabe ezingo nintzateke bizi».

        «Seguru aski arrazoia duzu. Probatu egin behar dut egunen batean. Atzo, ilunabarrean, burua lehertu beharrean neukan eta airea hartzera irten behar izan nuen; orduan Urtegi ingurutik ibili nintzen, eta jolastoki batean eseri nintzen une batez. Atseden eragiten dit haurrak soka saltoka eta txingoka jolasten ikusteak».

        «Hori da, horrelako zerbait esan nahi dizut», esan zuen doktoreak onespenez.

        «Lilen amaiera da», esan zuen Wilhelmek. «Ihartzen direnean izaten da udaren hasiera. Hirian, behinik behin. Gozotegiak kristalerak jaitsi eta edariak espaloian saltzen hasten diren urte-sasoia da. Baina hemen hazia izan arren, aita, ezin dut hiri-bizitza gehiago jasan, eta landen mina dut. Gehiegizkoa zait hemengo presioa. Gehiegi kilikatzen nau. Seriotasun handiegiz hartzen ditut gauzak. Ez dakit nola ez zaren leku lasaiagoren batera erretiratu».

        Doktoreak eskutxoa mahai gainean zabaldu zuen; keinua hain zen zaharra eta tipikoa non Wilhelmi bere bizitzaren oinarriak ukitzen zituela iruditu baitzitzaion. «Ez ahaztu ni ere hiri-mutila naizela», azaldu zuen Adler doktoreak. «Baina hiriak horren gaizki tratatzen bazaitu, irten egin beharko zenuke».

        «Horixe egingo dut», esan zuen Wilhelmek, «kontaktu egokiak egin bezain laster. Bitartean...»

        Aitak eten zuen, «Bitartean botikak murriztea aholkatzen dizut»

        «Gehiegitzen ari zara horretan, aita. Egia esan, ez... Nolabaiteko indarra ematen dit zera gainditzeko...» ia-ia ahoskatu zuen «zoritxarra» hitza, baina ez kexatzeko deliberamenduari eutsi zion.

        Doktoreak, haatik, bere aholkua urrutiegi eramateko hutsegitea burutu zuen. Semeari eman behar zion guztia zen, eta berriro ere eman egin zion. «Ura eta ariketa», esan zuen.

        Seme gazte, buruargi eta arrakastatsua nahi du, pentsatu zuen Wilhelmek, eta esan zuen, «Hara, aita, atsegina da zure aldetik aholku mediko hori ematea, baina lurrunak ez dit min ematen didana sendatuko».

        Doktoreak atzera jo zuen nabarmenki, Wilhelmen ahotsak zuen bat-bateko ahultasun kutsuarengatik ohartarazita eta haren aurpegi abailduak eta gerrikoaren presioaren aurka puzturiko sabelaldeak adierazten zutenarengatik.

        «Negozio berriren bat?» galdetu zuen gogoz bestera.

        Wilhelmek arnasa luze bat hartu eta eutsi egin zuen, kolorea aldatu eta begiak hezetu egin zitzaizkion. «Berria?» esan zuen, gorputz osoa barne hartu zuen mugimendu handi bat eginez.

        «Garrantzi handiegia ematen diezu zeure arazoei», esan zuen doktoreak. «Ez zenituzke lanbide bihurtu behar. Kontzentra zaitez benetako arazoetan, gaixotasun hilgarrietan, istripuetan». Agurearen jarrera osoak argi zioen, Wilky, ez nirekin horretan hasi. Lasai egoteko eskubidea dut.

        Wilhelmek ere otoitz egiten zuen moderazio eske; ondo ezagutzen zuen bere ahuleria eta aurre egiten zion. Bere aitaren izaera ere ezagutzen zuen. Eta eztiki hasi zen, «Hilgarritasunari dagokionez, hilobitik alde honetan dagoen mundu guztia heriotik distantzia berberera dago. Ez, ez dut uste nire arazoa erabat berria denik. Mutilen bi aseguru-polizen primak ordaindu behar ditut. Margaretek fakturak bidali dizkit. Zama guztiak gainera botatzen dizkit. Haren amak errenta bat utzi zion. Eta ez du zerga-aitorpen komuna sinatu nahi izan ere. Estualdian nago. Eta abar. Baina entzuna duzu lehenago istorio hori».

        «Horixe bai entzuna dudala», esan zuen agureak. «Eta esan dizut emazteari ez hainbeste diru emateko».

        Wilhemek ezpainak isiltasunean mugitu zituen hitz egin ahal izan aurretik. Kongestioa areagotzen ari zitzaion. «A, baina semeak, aita? Nire semeak. Maite ditut. Ez dut inolako gabeziarik izatea nahi».

        «Jakina bada», esan zuen doktoreak ongura erdi gor batez. «Eta apustu egingo nuke emaztea dela poliza horien onuraduna».

        «Izan dadila. Nahiago nuke hil diru horretatik zentabo bat hartu baino lehen».

        «A, bai». Agureak hasperen egin zuen. Ez zitzaion heriotzaren aipurik aditzea gustatzen. «Esan al dizut zure arreba Catherine... Philippa... berriz atzetik dabilkidala?»

        «Zertarako?»

        «Galeria bat alokatu nahi du erakusketa egiteko».

        Bidezkotasun zurrun batez, Wilhelmek esan zuen, «Beno, hori zure erabakia da, aita».

        Luma zurien antza zuen ile meheko agure kaska-borobilak esan zuen, «Ez, Wilky. Oihal horietan ez dago ezer. Ez dut sinesten; enperadorearen janzkien kasu tipikoa da. Agian zaharregia naiz bigarren haurtzaroa izateko, baina lehena bederen oso atzean utzia naiz. Pozik erosten nizkion pinturak lau urte zituenean. Baina orain berrogei urteko emakumea da, zaharregia bere ameskerietan animatzeko. Ez da inolako pintorea».

        «Ez nintzateke artista jaioa deitzeraino iritsiko», esan zuen Wilhelmek, «baina ezin diozu aurpegiratu merezi duen zerbait egin nahi izatea».

        «Senarrak maina dezala».

        Wilhelm arrebarekin justua izaten ahalegindu zen, eta zinez saiatu zen bere aitari nahigabeak aurrezten, baina agurearen gortasun zorrotz eta ongurak ohiko eragina egin zion. «Emakumeei eta diruari dagokienez», esan zuen, «erabateko iluntasunean nabil. Zergatik jarduten du honela Margaretek?»

        «Erakutsi nahi dizulako ezin duzula bera gabe ezer egin», esan zuen doktoreak. «Estutasun finantzarioak bultzatuta itzul zaitezela nahi du».

        «Baina porrotaldira bidaltzen banau nola espero dezake nire itzulera? Ez, badaukat ohore-zentzurik. Zuk ikusi ez arren, nirekin amaitzen saiatzen ari da».

        Aita irmo begira geratu zitzaion. Hura zentzugabekeria iruditzen zitzaion. Eta Wilhelmek pentsatu zuen, Tipo bat irristatzen hasten denean iruditzen zaio berdin izan litekeela tentel bat. Benetako tenteltzarra. Horretaz harrotzeraino iristen da. Baina ez dago zertaz harro egon, e, mutiko? Deus ere ez. Ezin diot aitari bere jarrera aurpegiratu. Eta ez da harrotzeko arrazoia.

        «Nik ez dut hori ulertzen. Baina hala pentsatzen baduzu zergatik ez zara behingoz emaztearekin konponbide batera iristen?»

        «Zer esan nahi duzu, aita?» esan zuen Wilhelmek, harriduraz. «Uste nuen esan nizula. Uste duzu ez dudala konponbideren batera iristeko gogorik? Duela lau urte, elkarrekin hautsi genuenean, dendena eman nion: ondareak, mobleak, aurrezkiak. Borondate ona erakusten ahalegindu nintzen, baina hark ez ninduen inora eraman. Hara, "Bizkor" zakurra nahi izan nuenean, animalia eta bion artean atxikimendu handia zegoelako —nahiko gaitza zen umeak utzi beharra— ezezko borobila luzatu zidan. Eta ez animaliak ezer axola ziolako. Ez dut uste ikusi duzunik. Artzain-zakur australiarra da. Normalean espresiorik gabeko begi zurixka bat izaten dute, tankera engainagarria ematen diena, baina zakurrik maitagarrienak dira eta samurtasun berezi bat du janaria eman eta hitz egiten diozunean. Utz ziezadala sikiera animaliaren laguntza. Inondik inora ere ez». Wilhelm oso hunkituta zegoen. Ahoaren mutur guztiak garbitu zituen ahozapiaz. Adler doktoreak pentsatu zuen semeak errazegi amore ematen zuela emozioen aurrean.

        «Kolpa nazakeen bakoitzean kolpatu egiten nau, eta badirudi horretarako baizik ez dela bizi. Eta gero eta gehiago eskatzen du, gero eta gehiago. Duela bi urte unibertsitatera itzuli eta titulua lortu nahi izan zuen. Areagotu egin zidan zama baina pentsatu nuen agian hobe izango zela haren bitartez lan hobeago bat lortzen bazuen. Baina hala ere lehen bezainbat ateratzen dit. Hurrengoan filosofi doktorea izan nahiko du. Bere sendiko emakumeak luze bizitzen direla esaten du, eta bizitza osoa ordaintzen eman beharko dudala».

        «Tira», esan zuen doktoreak egonarria galduz, «horiek xehetasunak dira, ez printzipioak. Xehetasunak besterik ez, alde bat utz daitezkeenak. Zakurra! Garrantzirik gabeko gauza ugari nahasten ari zara. Zoaz abokatu on batengana».

        «Baina esan dizut, aita. Abokatu bat lortu nuen, eta Margaretek ere beste bat, eta biok elkarrekin hitz egiten dute eta fakturak bidaltzen dizkidate, eta ni tripak jaten. Oi, aita, aita, a zer nolako zuloan nagoen!» esan zuen Wilhelmek etsita. «Hara, abokatuak akordio batera iristen dira, eta Margaretek astelehenean ados dagoela dio, eta asteartean gehiago nahi duela. Eta dena hasten da berriz».

        «Beti iruditu zait emakume arraro samarra», esan zuen Adler doktoreak. Uste zuen hasieratik Margaret atsegin ez izanez eta ezkontzaren aurka agertuz beregandik espero zitekeen guztia egina zuela.

        «Arraroa, aita? Erakutsiko dizut nolakoa den». Wilhelmek marroiz tindatutako eta azkazalak jandako atzamarrak eztarri zabalera eraman eta bere burua itoarazteari ekin zion.

        «Zertan ari zara?» oihukatu zuen agureak.

        «Niri egiten didana erakutsi nahi nizun».

        «Nahiko... nahiko da!» esan zuen agureak mahaia autoritatez kolpatuz.

        «Hara, aita, gorroto dit. Itoarazten nauela nabaritzen dut. Ezin dut arnasa hartu. Ahalegin guztiak egiten ditu hil nadin. Urrutitik ere egin dezake. Edozein egunetan itota edo apoplejiak jota amaituko dut harengatik. Ezin dut arnasa hartu ere».

        «Kendu eskuak eztarritik, txotxolo horrek», esan zion aitak. «Utzi txepelkeriak. Ez duzu pentsatuko sorginkeria horietan sinesten dudanik».

        «Hala deitu nahi badiozu, konforme». Aurpegia piztu eta zurbildu eta puztu egin zitzaion, arnasa nekez har zezakeelarik. «Baina jakin ezazu ezagutu nuen garaitik hona esklaboa izan naizela. Emantzipazioaren Aldarrikapena beltzentzat izan zen bakarrik. Ni bezalako senarra esklaboa da, burdinazko uztaia eta guzti. Eliza desberdinak Albany-ra doaz eta legea gainbegiratzen dute. Ez dituzte dibortzioak nahi. Epaimahaiak dio, «Libre izan nahi duzu. Ba orduan lan bikoitza egin behar duzu... bikoitza, gutxienez! Egin lan, alproja horrek!». Eta gizonak elkar hiltzen hasten dira dolarrarengatik, eta agian libre daude gorroto duten emaztearengandik, baina konpainiari salduta daude. Konpainiak badaki tipo batek alokairuaren premia duela, eta aprobetxatu egiten da. Ez libre izateaz hitz egin. Gizon aberatsa libre izan daiteke milioi bateko errenta garbiarekin. Gizon behartsua libre izan daiteke egiten duena inori axola ez zaiolako. Baina nire egoeran dagoen gizonak buruz gainetik egin behar du lan hilik erori arte».

        «Wilky, dena zure errua da», erantzun zion bere aitak. «Ez duzu ametitu behar».

        Wilhelm, bere jarioan etenik, denbora puska batez hitz egin ezinik geratu zen. Mutu eta ezgai, arnasa bila borrokatu zen eta nekearen nekez kopeta belztu zuen aitaren aurrean.

        «Ez ditut zure arazoak ulertzen», esan zuen agureak. «Ez dut inoiz antzekorik izan».

        Zegoeneko Wilhelm burua galduta zegoen eta eskuak astintzen zituen, behin eta berriz esanez, «O, aita, ez horrekin hasi, ez hori esan. Mesedez, ez horrelako gauzekin etorri».

        «Egia da», esan zion aitak. «Ni bestelako mundu batetik nator. Zure amak eta biok erabat bestelakoa zen bizimodua izan genuen».

        «O, nola pareka dezakezu Margaret amarekin», esan zuen Wilhelmek. «Ama laguntza zen zuretzat. Kaltetu al zintuen inoiz?»

        «Ez dago operan bezala zertan jardunik, Wilky», esan zuen doktoreak. «Hori zure ikuspuntua baizik ez da».

        «Nola? Egia da», esan zuen Wilhelmek.

        Agurea ez zuen ezerk konbentzitzen eta buru borobila astindu zuen alkandora bitxi haren gainetik gerruntzeari tiratuz eta aulkian egokituz, halako estilo bikainean non elkarrizketa hura, goi samar zegoen edonori, adin ertaineko gizon bat eta bere aita agurgarriaren arteko solasaldi arrunta irudituko baitzitzaiokeen. Wilhelm gorantz gailentzen zen duda-mudatan, handi eta baldres, begi grisak gorrituta eta ezti koloreko ilea goranzko forma gartsuetan bihurrituta. Injustiziak sutan jartzen zuen, erregutzera bultzatuz. Baina konponketaren batera iritsi nahi zuen, eta aitaren aurrean amore ematen saiatu zen. «Ezin dituzu ama eta Margaret parekatu», esan zuen, «Eta zu eta ni ere parekaezinak gara, zuk, aita, arrakasta izan zenuelako. Eta arrakasta... arrakasta da. Nik ez dut inoiz arrakastarik lortu».

        Doktorearen aurpegi zaharrak moduztasun guztia galdu eta gogor eta haserre jarri zen. Bat-batean bulartxoa altxatu zuen alkandora gorri-beltzaren azpian, esanez «Bai. Gogor lan egin nuelako. Ni ez nintzen neurrigabea izan, ezta nagia ere. Aitak arropa saltzen zuen Williamsburg-en. Ez ginen ezer, ulertzen duzu? Banekien ezin nituela aukerak alferrikaldu».

        «Ezin dut aitortu ezta une batez ere inoiz nagia izana», esan zuen Wilhelmek. «Aitzitik, gogorregi saiatu nintzen. Aitortzen dut huts asko egin nituela. Adibidez, uste nuen zuk jadanik egindako gauzak ez nituela egin behar. Kimika ikastea, kasu. Egina zenuen jadanik. Bazegoen familian».

        «Ez nintzen berrogeita hamar emakumerekin ibili ere», segitu zuen aitak. «Ez nintzen Hollywoodeko izarra izan. Ez nuen oporretan Cubara joateko astirik izan. Etxean geratu nintzen haurrez arduratzen».

        Oi, pentsatu zuen Wilhelmek, begiak gorantz zuzenduz. Baina hasteko, zergatik etorri naiz hona, berarekin bizitzera? New York eromena da. Dena dago hankaz gora, nahasita. Zein gaizki sentitzen naizen buruan, ez dakit zertan ari naizen. Uste du dirua kendu nahi diodala, edo bere inbidiaz nagoela. Zer nahi dudan ez du ikusten.

        «Aita», esan zuen Wilhelmek ozen, «oso bidegabea zara. Egia da filmena urrats okerra izan zela. Baina neure semeak maite ditut. Ez nituen abandonatu. Beharrezkoa zitzaidalako utzi nuen Margaret.»

        «Zergatik zitzaizun beharrezkoa?»

        «Ba...», esan zuen Wilhelmek, bere arrazoi ugariak hitz apal gutxi batzuetan laburbiltzeko borrokatzen. «Beharrezkoa zen... beharrezkoa zen».

        Bat-bateko zakartasun txundigarri batez aitak esan zuen, «Ohean arazoak al zenituen? Orduan amaieraraino eutsi beharko zenukeen. Lehen edo gero mundu guztiak izaten ditu. Jende normala horiekin bizi da. Pasatzen zaie. Baina zuk ez zenuen nahi, eta orain zure ideia erromantikoengatik ordaindu behar duzu. Nahiko argi esan al dizut esan nahi dudana?»

        Oso argi zegoen. Bazirudien Wilhelmek alde desberdinetatik aditzen zuela eta burua alde desberdinetara zuzentzen zuen, entzunez eta pentsatuz. Azkenik esan zuen, «Tira, hori ikuspuntu medikoa izango da. Agian zuzen zaude. Baina ezin nintzen Margaretekin bizi. Nik eutsi egin nahi nuen, baina gaixotzen ari nintzen. Bera era batekoa zen, eta ni bestelakoa. Berak ez zuen ni bezalakoa izan nahi, hortaz ni bera bezala izaten saiatu nintzen, eta ezin izan nuen».

        «Ziur zaude ez zizula berak joateko esan?» esan zuen doktoreak.

        «Nahiago nukeen esan balu. Orain egoera hobean nengokeen. Ez, ni izan nintzen. Ez nuen alde egin nahi, baina ezin nintzen geratu. Norbaitek hartu behar zuen erabakia. Nik egin nuen. Eta orain larrutik ordaindu behar dut».

        Semeak jarriko zizkion oztopoak aldez aurretik baztertuz, doktoreak esan zuen, «Zergatik galdu zenuen Rojaxen zenuen lanpostua?»

        «Ez nuen galdu, esana dizut».

        «Gezurretan ari zara. Zuk ez zenukeen lotura amaituko. Diru premia gehiegia duzu. Baina arazoren bat izan bide zenuen». Aguretxoak labur eta indar handiz mintzatu zen. «Hitz egin behar duzunez, bakean utzi ezin duzunez, esan behintzat egia. Eskandaluren bat izan al zen... emakumeren bat?»

        Wilhelmek sutsu defendatu zuen bere burua. «Ez, aita, ez zen inongo emakumerik izan. Esan nizun nola izan zen».

        «Orduan, agian gizonen bat izan zen», esan zuen agureak gaizto.

        Aztoratuta, Wilhelmek zurbiltasun gori batez eta ezpainak lehor begiratu zion. Larruazala horizta samar zeukan. «Uste dut ez dakizula zertaz ari zaren», erantzun zuen puska baten ondoren. «Ez zenuke irudimena hain aske utzi behar. Broadwayen bizi zarenez uste bide duzu bizitza ulertzen duzula, bizitza modernoa. Hobexeago ezagutu beharko zenuke zeure semea. Tira, utz dezagun hau».

        «Konforme, Wilky, ez dut ezer esan. Nolanahi ere, zerbait gertatuko zen Roxburyn. Ez zara inoiz itzuliko. Zentzurik gabe ari zara esaten konpetentziako konpainia batera joango zarela. Ez duzu egingo. Uste dut izen ona zikindu dizun zerbait egin duzula. Baina hainbat neska dituzu noiz itzuliko zain, ez al da hala?»

        «Errepidean nabilenean emakumeren batekin irteten naiz noizean behin», esan zuen Wilhelmek. «Ez naiz fraidea».

        «Emakume berezirik ez? Ziur zaude ez zarela arazoetan sartu?»

        Bere burua deskargatzen saiatu zen eta horren ordez, pentsatu zuen Wilhelmek, benetako inkisizioa jasan behar izan zuen hitz ulerkor bat merezi zuela probatzeko. Bere aitak edozein zakarkeria egiteko gai ikusten zuelako.

        «Roxburyko emakume batekin irteten nintzen. Elkarrekin maitemindu eta ezkondu egin nahi genuen, baina nire dibortzioaren zain egoteaz aspertu zen. Margaretek bazekien hori gertatuko zela. Gainera, neska katolikoa zen eta berarekin apaizarengana joan behar izan nuen azalpenak ematera».

        Azken aitorpen hark ere ez zuen Adler jaunaren begikotasuna piztu edo bere buru zahar lasaia mugiarazi edo bere larruazalaren kolorea aldarazi.

        «Ez, ez, ez, ez; dena oker», esan zuen.

        Berriro ere Wilhelmek tentuz jokatzeko esan zion bere buruari. Gogoan hartu bere adina. Ez da jadanik pertsona bera. Ezin ditu arazoak jasan. Gainera honen itota eta kongestionatuta nagoenez ez dut ondo ikusten. Irtengo ote naiz inoiz sasietatik eta neure oreka berreskuratu? Gero ez zara inoiz pertsona bera izaten. Arazoek herdoildu egiten dizute sistema.

        «Benetan nahi duzu dibortzioa?» esan zuen agureak.

        «Ordaintzen dudanaren truke zerbait izan beharko nuke».

        «Kasu horretan», esan zuen Adler doktoreak, «uste dut ez dagoela emakume batengandik halako portaera jasango lukeen taxuzko pertsonarik».

        «Ai, aita, aita!» esan zuen Wilhelmek «Zurekin beti da berdin. Begira nora naramazun. Beti hasten zara arazoak ditudanean lagundu nahian, ulertu nahian eta guzti hori. Itxaropenak gora egiten dit eta eskerrona erakusten hasten naiz. Baina amaitu orduko lehen baino ehun aldiz deprimituago nago. Zergatik? Ez duzulako ezer ulertzen. Erru guztia niri pasatu nahi didazulako. Agian zuhurra zara horretan». Wilhelm haria galtzen hasia zen. «Badirudi zure heriotza ez beste ezertaz ez duzula pentsatzen. Ba sentitzen dut. Baina ni ere hilko naiz. Eta zure semea naiz. Hori ez da nire errua, hasteko. Hau egiteko modu zuzenen bat izan beharko luke, elkarrekin gizalegez jarduteko moduren bat. Baina nik zera jakin nahi dut, zergatik hasten zara nirekin hizketan ez badidazu lagunduko? Zertarako jakin nahi duzu nire arazoen berri, aita? Erantzukizun guztia niregan uzteko... niri lagundu behar ez izateko? Horrelako semea izateagatik kontsolatzen hastea nahi al duzu?» Wilhelmek bidegabekeriak eragindako korapilo handi bat zeukan bularrean, eta malkoak begietara hurbildu zitzaizkion, baina ez zien irteten utzi. Nahiko piura baldresa zeukan bestela ere. Ahotsa marranta eta zehaztugabea zuen, eta totelka ari zen bere sentipen izugarriak kanporatu ezinik.

        «Helbururen bat izan behar duzu», esan zuen doktoreak, «horien zentzugabeki jarduteko. Zer nahi duzu niregandik? Zer espero duzu?»

        «Zer espero dudan?» esan zuen Wilhelmek. Zerbait berreskuratu ezinik arituko bailitzen sentitzen zen. Olatuen artean dabilen pilota bezala, beti eskueratik urrundua, autokontrolak ihes egiten zion. «Laguntza espero dut!» Hitzok orro ozen, basa, amorratu batez esan zituen agurea ikararaziz, eta entzun zituzten bizpahiru gosaltzaileak begira geratu zitzaizkien. Wilhelmen ilea, ezti zurituaren kolorekoa, trinko eta garai altxatu zen bere aurpegi antsiatiaren gainean, eta esan zuen, «Sufritzen dudanean... ez nauzu erruki ere. Hori niganako afekturik ez duzulako da, nirekin ezer nahi ez duzulako».

        «Zergatik atsegin behar dut zure jardunbidea? Ez, ez dut atsegin», esan zuen Adler doktoreak.

        «Konforme. Neure burua aldatzea nahi duzu. Demagun egin nezakeela... zer bilakatuko nintzateke? Zer egin nezake? Demagun bizitza osoan zehar gogapen okerrak izan ditudala neure buruaz eta ez naizela nik uste nuena izan. Eta neurri batzuk hartzen ere ez naizela arduratu, jende gehienak egiten duen bezala... marmotak bere tuneletik hainbat irteera eraikitzen dituen bezala. Baina zer egin behar dut orain? Bizitzaren erdia pasa iragan dut. Erdia pasa. Eta orain esaten didazu ez naizela normala ere».

        Agureak ere patxada galdua zeukan. «Laguntza behar duzula diozu oihuka», esan zuen. «Soldaduskara joan beharko zenuela uste izan zenuenean hilero bidaltzen nion txeke bat Margareti. Familiaburu bezala hartatik libra zintezkeen. Baina ez! Ezin zuten gerla zu gabe borrokatu, eta han joan zinen, errekluta gisa, Ozeano bareko frontean bulego-lanak egitera. Edozein enplegatuk egin zezakeen lan hura. Eta zuk ezin aurkitu soldadu bihurtzea baino egiteko hoberik».

        Wilhelm erantzutera zihoan, eta erdi altxatu zuen bere hartz-antzeko gorputza aulkitik, atzamarrak luzatuak eta zurituak mahaiari heldu izanagatik, baina agureak ez zion hasten utzi. Esan zuen, «Ikusten dut hemen beste jende adindua, asko balio ez duten haurrekin, eta behin eta berriz lagundu eta sustengatzen dituzte sakrifizio askoren ondoren. Baina nik ez dut huts hori egingo. Ez zaizu burutik pasatzen hiltzen naizenean —urte bete, bi urte barru— zuk hemen segituko duzula. Nik bai, pentsatzen dut horretaz».

        Esan nahi izan zuena zen bakean utz zezaten eskubidea zuela. Horren ordez, Wilhelmek hartu zuen irudipena izan zen ez zela bidezkoa bion arteko gizonik onena, eta erabilgarriena, miretsiena, mundu hau uzten lehena izatea. Beharbada hori ere esan nahi izan zuen, pixka bat; baina beste edozein egoeratan ez zukeen horren argi adieraziko.

        «Aita», esan zuen Wilhelmek ohigabeko zintzotasunez. «Uste duzu ez dakidala nola sentitzen zaren? Erruki zaitut. Urteetan eta urteetan zehar bizi zaitezen nahi dut. Ni baino luzaroago bizitzen bazara primeran iruditzen zait». Aitak aitorpen hari erantzun ez eta begirada urrundu zuenez, Wilhelm bat-batean lehertu zen, «Gorroto didazu, ordea. Eta dirurik banu ez zenidake gorroto izango. Jainkoarren, aitortu egin behar duzu. Diruak aldatzen du dena. Orduan aita-seme apartak ginateke, zure izenari ohorea egingo banio... nitaz harro eta handinahi-antzean ibiliko zinateke hotel osoan barrena. Baina ez naiz behar bezalako semea. Zaharregia naiz, zaharregia naiz eta zorte txarregia dut».

        «Ezin dizut dirurik eman», esan zion aitak. «Horretan hasiko banintz ez litzateke amaierarik izango. Zu eta zure arrebak azken dolarreraino kenduko zenidakete. Bizirik nago oraindik, ez hilik. Hemen naiz oraindik. Bizitza ez da artean amaitu. Zu edo beste edonor bezain bizirik nago. Eta ez dut inor nahi bizkar gainean. Alde! Eta aholku berbera ematen dizut, Wilky. Ez inor bizkar gainean eraman».

        «Gorde zeure dirua», esan zuen Wilhelmek gaizto. «Gorde ezazu zeuk gozatzeko. Oso ondo!»

 

 

 

© Saul Bellow

© itzulpenarena: Juan Mari Mendizabal

 

 

"Saul Bellow / Heldu orainari" orrialde nagusia