II

 

        Posta.

        Entregatu zion harrera-zainari ez zitzaion axola Wilhelmek goiz hartan zer nolako itxura zuen. Begiztatu baizik ez zuen egin bekainen azpitik, gorantz, gutunak eskuz aldatzean. Hotel-enplegatuek zergatik denbora alferrikaldu behar zuten berarekin konplimenduetan?. Ongi ezagutzen zuten. Harrera-zainak bazekien gutunekin batera hileko faktura pasatzen ari zitzaiola. Wilhelmek gauza guztiotatik urruntzen zuen airea agertu zuen. Baina arazo larria zen. Faktura ordaintzeko dirua artesari-kontutik atera beharko zuen, eta kontua zaintzapean zegoen gantzaren beherakada zela eta. Tribune-ren zifren arabera, gantza aurreko urteko mailatik hogei puntu beherago zegoen. Gobernuaren laguntzak zeuden prezioak mantentzearren. Wilhelmek laguntzon funtzionamenduaz ez zekien ezer, baina uste zuen nekazaria babestuta zegoela eta S.E.C.k merkatua jagoten zuela, eta beraz ziur zegoen gantzak gora egingo zuela berriz, eta ez zegoen oraindik kezkatuta. Baina bitartean bere aitak hotel-faktura ordaintzea eskain ziezaiokeen. Zergatik ez zuen egin? Hori agure berekoia zen! Bere semearen estualdiak ikusten zituen; erraz lagun ziezaiokeen. Zein gutxi zen harentzat, eta zenbat Wilhelmentzat! Non zen zaharraren bihotza? Agian, pentsatu zuen Wilhelmek, sentimentala nintzen iraganean eta gehiegitu egiten nuen haren adeitasuna... famili bizitza goxoa. Beharbada ez da inoiz horrelakorik izan.

        Ez zen aspaldi aitak esan ziola bere ohiko era adeitsu eta atseginez, «Beno, Wilky, hemen gaude berriro sabai beraren azpian, hainbeste urte eta gero».

        Wilhelm poztu egin zen une batez. Azkenik behialako garaiaz hitz egin ahal izango zuten. Baina berba goxo haien aurrean erne zegoen. Aitak ez ote zuen esan nahi, «Zergatik zaude hotel batean nirekin eta ez etxean Brooklyn-en emaztea eta bi mutilekin? Ez zara ez alarguna ez ezkongaia. Zure istilu guztiak hona ekarri dizkidazu. Zer egin behar dut nik horiekin?»

        Beraz Wilhelmek oharra pixka batez aztertu zuen, eta gero esan, «Teilatua hogeita sei bizitza gorago dago. Baina zenbat urte iragan dira?»

        «Horixe ari nintzaizun galdezka».

        «Ene, aita, ez naiz ziur. Ez al zen ama hil zen urtea izan? Zer urtetan izan zen?»

        Galdera egitean bekain errugabea agertu zuen Golden sagarraren antzeko aurpegi horail ilunean. Zer urtetan izan zen? Bere amaren heriotzaren urtea, hila, eguna eta ordu zehatza ez balekizki bezala.

        «Ez al zen mila bederatziehun eta hogeita hamaikan izan?» esan zuen Adler doktoreak.

        «A, bai?» esan zuen Wilhelmek. Eta galderaren tristezia eta sekulako ironia ezkutatzean dardara nerbiotsu bat egin, burua astindu eta lepokoaren muturrak ukitu zituen bizkor.

        «Badakizu zer?» esan zion aitak. «Jabetu behar duzu zahar baten oroimena ez dela fidagarria. Neguan izan zen, horretaz ziur naiz. Mila bederatziehun eta hogeita hamabian?»

        Bai, adin kontua zen. Ez jaramonik egin, aholkatu zion Wilhelmek bere buruari. Doktore zaharrari galdetuko bazenio ea zer urtetan hasi zen ospitalean, zehazki erantzungo lizuke. Berdin dio, ez jaramonik egin. Ez zeure aitarekin eztabaidatzen hasi. Erruki itzazu agure baten errakuntzak.

        «Uste dut mila bederatziehun eta hogeita lauetik gertuago zela, aita», esan zuen.

        Baina Adler doktorea pentsatzen ari zen, Zer arraiogatik ezin da geldirik egon hizketan ari garenean? Beti ari da prakak poltsikoetatik igo eta jaisten, edo oinak dardara bizian. A zer nolako tik pilo bilakatzen ari den. Wilhelmek oinak atzera eta aurrera mugitzeko ohitura zeukan, etxe batean korrika sartu nahian lehenik oinetakoak ate-tapizean garbitu beharko balitu bezala.

        Gero Wilhelmek esan zuen, «Bai, hura amaieraren hasiera izan zen, ezta, aita?»

        Wilhelmek txunditu egiten zuen maiz Adler doktorea. Amaieraren hasiera? Zer esan nahi ote zezakeen? Zeren atzetik ari ote zen? Noren amaiera? Famili bizitzaren amaiera? Agurea nahasita zegoen, baina ez zion Wilhelmi bere kexekin hasteko sarbiderik eman nahi. Ikasia zeukan hobe zela Wilhelmen desafio xelebreei ez eustea. Beraz baiezko atsegina egitera mugatu zen, jendaurreko portaeran maisua baitzen, eta esan zuen, «Zorigaitz izugarria izan zen gu denontzat».

        Pentsatu zuen, Zer dela eta dabil orain bere amaren heriotzaz niri kexaka?

        Aurrez aurre geratu ziren, bakoitza bere modu berezian, isilik, bereari eutsiz. Izan zen-ez zen izan, amaieraren hasiera... hura amaiera.

        Konturatu gabe hura egitea bitxi samarra izan zitekeela, etengabe egiten baitzuen, Wilhelmek zigarroari txingarra atximur batez kendu eta muturra patrikan sartu zuen, beste zigarrokin asko zeuden lekuan. Eta aitari tinko begira zegoela eskuineko atxikarra tiraka eta dardarka hasi zitzaion; hartaz ere ez zen jabetu.

        Baina Wilhelmek sinesten zuen behin gogoa horretan jartzen zuenean portaera benetan fina eta dotorea erakuts zezakeela, aita gaindituz. Mintzairaren marranta xume hura eta guzti —kasik toteltzeraino iristen zen esaldi berbera hainbat aldiz hasten zuenean, marranta ezabatu nahian— bazekien etorri handia izaten. Bestela ez zatekeen inoiz saltzaile ona izango. Entzule ona zela aldarrikatzen zuen ere. Entzuten zegoenean ezpainak estutu eta begiak jiraka jartzen zituen, pentsakor. Aurki aspertu eta arnasa labur, ozen, egonezinezkoak egiten hasten zen, esanez, «A, bai... bai... bai. Ezingo nintzateke adosago egon». Bestelakoa esatera bultzatzen zutenean aitortu ohi zuen, «Ba ez dakit. Egia esan ez dut horrela ikusten. Zalantzak ditut horretaz». Ez zitzaion inoren sentimenduak nahita zauritzea gustatzen.

        Baina aitarekin solasean ari zenean bere onetik irteteko joera zuen. Adler doktorearekin hizketan aritu ondoren Wilhelm ez zen ia inoiz pozik sentitzen, eta pozik egon ezin hura intentsitaterik gorenera iristen zen famili arazoez mintzatzen zirenean. Zaharrari data bat gogora zezan laguntzen aritu zen, itxuraz, baina errealitatean zera esan nahi zion, «Aske geratu zinen ama hil zenean. Ahaztu egin nahi zenuen. Catherine ere gainetik kendu nahi zenuke. Ni ere bai. Ez duzu inor engainatzen». Eta Wilhelm senperrenak egiten hura uler zezan, eta zaharrak ulertu nahi ez. Azkenean borrokatzen geratu zen, aitak itxuraz bereari tinko eusten zion bitartean.

        Eta orduan berriro ere Wilhelmek bere buruari esan zion, «Baina motel! Zu ez zara inongo umea. Orduan ere ez zinen umea!» Goitik begiratu zion bere gorputz handi, lotsagarriro handi, eta hondatuaren aurreari. Forma galtzen hasia zen, sabelaldia gantza hutsa zen, eta hipopotamoa zirudien. Bere seme gazteenak «homopotamoa» deitzen zion; Paul txikia zen. Eta hemen zegoen bera aita zaharrarekin borrokatzen, antzinako atsekabez betea. Esan beharrean, «Adio, gaztaroa! Oi, agur era ergelean alferrikaldutako egun miragarriei. Zein kaikutzarra izan naizen... eta naizen».

        Wilhelmek hutsegiteak garesti ordaintzen segitzen zuen. Margaret bere emazteak ez zion dibortzioa eman nahi, eta bai hura bai bi umeak mantendu behar zituen. Erregularki dibortziatzeko amore ematen zuen, baina gero dena berriz pentsatu eta baldintza berri eta are zailagoak ezartzen zituen. Ez zen berak ordaintzen zion mantenu-dirua emango ziokeen epaimahairik. Gaurko gutun bat, espero zuen bezala, harena zen. Estreinako aldiz data atzeratua zeraman txekea emana zion, eta protestaka idazten zion emazteak. Bidaltzen zizkion ere mutilen ikasketa-aseguruaren poliza-fakturak, epea hurrengo astean betetzen zutenak. Wilhelmen amaginarrebak egin zizkien poliza haiek Beverly Hills-en, eta hura bi urte lehenago hil zenetik berak ordaindu behar izan zituen primak. Zergatik sartu behar zuen hark sudurra besteen gauzetan! Bereak ziren haurrak, bera arduratzen zen haietaz eta beti arduratuko zen. Gordailu-fondo bat egiteko asmoak zituen. Baina hori lehengo itxaropenetan oinarritzen zen. Orain, diru arazoa medio, etorkizuna birpentsatu beharra zeukan. Bitartean, han zeuden ordaindu beharreko fakturak. Bi kopuruak ikusi zituenean, txartelean txukun-txukun zulatuak, madarikatu egin zituen aseguru-konpainia eta haren IBM tresneria. Bihotza eta burua erresuminez kongestionatu zitzaizkion. Mundu guztiak dirua zeukala suposatzen zuen. Konpainiarentzat ez zen ezer. Hileta argazkiak argitaratzen zituen aldizkarietan, tentelei beldur emateko, eta gero zulotxoak egiten zituen, eta bezeroak lokartu ezinik bizi ziren dirua nola lortu pentsatuz. Lotsa ematen zien ez edukitzeak. Gainera ezin zioten konpainia handi bati huts egin, eta lortu egiten zituzten sosak. Garai batean espetxera sartzen zintuzten zorrengatik, baina orain bide sotilagoak zeuden. Lotsagarri egiten zuten dirurik ez edukitzea, eta mundu guztia lanean jartzen zuten.

        Beno, eta zer gehiago bidaltzen zion Margaretek? Gutun-azala erpuruaz zarrastatu zuen, beste edozein faktura bihurtu egingo ziola zin eginez. Zorionez, ez zegoen gehiagorik. Patrikan sartu zituen txartel zulatuak. Margaretek ez al zekien estu eta larri zebilela? Jakina. Senak esango zion hantxe zeukala aukera, eta gorriak pasarazten zizkion.

        Jangelara sartu zen, zeina Gloriana Hotelean austro-hungariar zuzendaritzapean zegoen. Era europarrean zeramaten. Gozoki bikainak zituzten, bereziki strudel-a. Berak arratsaldez sarri hartzen zuen kafea sagar-strudel-ekin.

        Sartu orduko bere aitaren burutxoa ikusi zuen beste muturreko miradore eguzkitsuan, eta haren ahots akatsik gabea aditu. Wilhelmek jangela zeharkatu zuen izu-aurpegiera xelebre batekin.

        Adler doktoreak gogoko zuen Broadwaytik harantzago Hudson ibaia eta New Jersey ikus zitezkeen bazterrean esertzea. Kalearen beste aldean kafetegi supermoderno bat zegoen, mosaiko urre-purpurazko habeez hornitua. Bigarren bizitzako espazioa banatuta zegoen ikerlari pribatu eskola, dentista kontsulta, argaltze-klinika, soldadu ohi kluba eta eskola hebraitar baten artean. Agurea marrubiak azukrez zipriztintzen ari zen. Urez beteriko basoek distirazko uztaiak proiektatzen zituzten mahai-oihal zurian, eguzki-argia motel samarra izan arren. Udaren hasiera zen, eta leiho zabala barrurantz irekita zegoen; sits bat zegoen kristalean; kristal-orea apurtuta zegoen, eta markoetako esmalte zuria zimurrez josita.

        «Hara, Wilky», esan zion agureak seme berantiarrari. «Ez duzu Perls jauna ezagutzen, ezta? Hotelkidea dugu, hamabosgarren bizitzakoa».

        «Zer moduz», esan zuen Wilhelmek. Ez zion harrera ona egiten arrotz hari; segituan hasi zitzaion akatsak aurkitzen. Perls jaunak makila astuna zeraman, makulu-antzeko kirtenarekin. Ile tindatua, bekoki hezurtsua... ez zegoen aurreiritziak izateko arrazoirik. Eta ez zen Perls jaunaren errua Adler doktoreak erabili nahi bazuen semearekin bakarrik gosaldu nahi ez zuelako. Baina Wilhelmen barruko ahots marrantago batek hitz egin zuen, galdezka, «Nor da sardinatzar musu-ahitu alu hori, bere ile tindatu, arrain hortz eta bibote ergel horrekin? Aitaren beste lagun alemaniar bat. Nondik ateratzen ditu tipo guzti horiek? Zer ote darama hortzetan? Ez ditut inoiz ikusi horren hortz-koroa zorrotzak. Altzairu herdoilgaitzezkoak ote dira, edo zilar motaren batekoak? Giza aurpegia nola liteke horrelako egoeran jarri? Pu!» Bere begi gris urrun-urrunduez tinko begira, Wilhelm eseri egin zen, bizkar zabala kirol jakaren azpian konkortuta. Eskuez heldu zion mahaiari erruki eske bezala. Gero Perls jaunarekiko jarrera biguntzen hasi zen, hortzetatik hasita. Koroa haietako bakoitzak haragi gorriraino suntsituriko hortza adierazten zuen, eta gizon batek hortzengatik izan zitzakeen atsekabeak atsekabe guztien ehuneko bian kokatuz gero, eta horri gaineratzen bazitzaion Alemaniatik ihes egin beharra eta bere zimurren egiazko jatorria —ez bere irribarre-zimurrena, noski— zama itzela ondoreztatzen zen.

        «Perls jaunak galtzerdiak askoka saltzen ditu», esan zuen Adler doktoreak.

        «Hau al da aipatu zenidan semea, salmentetan aritzen zena?» esan zuen Perls jaunak.

        «Seme bakar hau daukat», erantzun zuen Adler doktoreak. «Eta alaba bat. Medikuntza-teknikaria zen hura ezkondu aurretik, anestesista. Garai batean garrantzizko postua izan zuen Mount Sinai Ospitalean».

        Ezin zituen seme-alabak aipatu harropuztu gabe. Catherine, Wilhelm bezala, handia eta horaila zen. Gorriak ikusten zituen auzitegi-takigrafo batekin ezkondu zen. Berak ere izen profesionala hartu zuen; Philippa. Berrogei urtez oraindik margolaria izateko handinahia zeukan. Wilhelm ez zen haren obra kritikatzera menturatzen. Ez zion gauza handirik esaten, esan ohi zuen, baina tira, bera ez zen kritikaria. Nolanahi ere, arreba eta biok normalean ez zuten elkar ikusten eta berak gutxitan ikusten zituen haren koadroak. Arrebak gogor egiten zuen lan, baina berrogeita hamar mila pertsona zeuden New Yorken pintura eta pintzelekin, nork bere buruarekiko lege propialarekin. Pinturaren Babel dorrea zen. Berak ez zuen hartan gehiegi sakondu nahi. Gauza kaotikoak zeuden nonahi .

        Adler doktoreari iruditu zitzaion Wilhelmek itxura bereziki baldresa zuela goiz hartan; gaizki lo egin balu bezala, begiak gorrituta gehiegi erretzeagatik. Ahotik arnasten zuen eta begi-bistakoa zen oso nahasita zegoela, begi gorrituak basati-antzean jiratuz. Ohi bezala, jakaren lepokoa altxatuta zeraman, euripera irten beharko balu bezala. Lanera zihoanean txukunxeago ibiltzen zen; bestela zabarkeria nagusitzen zitzaion eta tankera izugarria izaten zuen.

        «Zer duzu, Wilky, ez al duzu ondo lo egin?»

        «Ez ondoegi».

        «Pilula gehiegi hartzen dituzu, denetatik; lehenbizi pizgarriak eta gero lasaigarriak, analgesikoen ondoren analeptikoak, organismo gajoak zer gertatu den ez dakien arte. Eta Luminalak ez dio jendeari lokartzen laguntzen, eta Pervitin edo Benzedrinak ez du esnarazten. Jainkoak daki! Gauza horiek pozoiak bezain arriskutsuak bilakatzen dira, eta hala ere jendeak erabateko fedea du horietan».

        «Ez, aita, ez dira pilulak. Gauza da jadanik ez nagoela New Yorkera ohituta. Bertakoa izateko nahiko xelebrea da, ezta? Gauez ez da inoiz orain beste zarata izan, eta gauzarik xumeenak tentsioa areagotzen du. Txandakako aparkamenduak, adibidez. Goizeko zortzietan irten behar duzu autoa lekuz aldatzera. Eta non utz dezakezu? Minutu batez ahazten baduzu, garabiak eramaten dizu. Gero ergelen batek propaganda jartzen dizu haizetako-garbigailuetan eta kasik bihotzekoa duzu etxalde bat harantzago, isuna jarri dizutela uste duzulako. Eta benetako isuna jartzen dizutenean ezin duzu protesta egin. Auzitegian ez duzu ezer egiterik eta udalak diruaren premia du».

        «Baina zure lanbidean autoa behar duzu, ezta?» esan zuen Perls jaunak.

        «Jainkoak daki hiri honetan ez lukeela inork autoa nahiko ogia irabazteko beharko ez balu».

        Wilhelmen Pontiac zaharra kalean aparkatuta zegoen. Lehen, enpresak ordezkaritza gastuak ordaintzen zizkionean, garajean gordetzen zuen beti. Orain ez zen ausartzen autoa Riverside Drivetik eramaten lekua gal zezakeen beldurrez, eta Dodgersak Ebbets Field-en jokatu eta mutilak partidura eramaten zituen larunbatetan bakarrik erabiltzen zuen. Azken igandean, Dodgersak hiritik kanpo jokatzen zutenez, bere amaren hilobia bisitatzera joan zen.

        Adler doktoreak uko egin zion berarekin joateari. Ezin zuen bere semearen gidatzeko modua jasan. Axolagabe, Wilhelmek miliak egiten zituen bigarren martxan; gutxitan joaten zen karril egokitik eta ez zituen inoiz argi-seinaleak erabiltzen, ezta besteenei erreparatu ere. Bere Pontiacen oihaleztatua koipe eta errautsez zikinduta zegoen. Zigarro bat izaten zuen hautsontzian, beste bat eskuan, hirugarrena zoruan, mapa, beste paper-hondakin eta Coca-Cola botilekin batera. Ameskerietan hasten zen bolantean, edo eztabaidatuz keinuka hasten zen, eta horregatik doktore zaharrak ez zuen berarekin joan nahi izaten.

        Gero Wilhelm sutan itzuli zen kanposantutik bandalo batzuek bere ama eta amonaren hilobien arteko harrizko aulkia irauli eta apurtu egin zutelako. «Gaztetxo alproja alu horiek gero eta okerragoak dira», esan zuen. «Zera, borra erabili behar izan dute aulkia horrela, erdi-erditik, apurtu ahal izateko. Haietako bat harrapatuko banu!» Berak nahi zuen aulki berria doktoreak ordaintzea, baina aitak hotz samar hartu zuen ideia. Esan zuen berak behintzat erraustua izan nahi zuela.

        «Ez naiz harritzen hor goian lokartu ezinik ari bazara», esan zuen Perls jaunak. Ahotsa nahiko mehea zeukan, goi samar balego bezala. «Ez al duzu han Parigi, kanta-irakaslea? Ene Jainkoa, horiek elementu bitxiak dituzten hotel honetan. Zein bizitzatan bizi da emakume estoniar hori, katu eta zakur guzti horiek dituena? Duela aspaldi bota behar zuketen».

        «Hamabigarren bizitzara jaitsi dute», esan zuen Adler doktoreak.

        Wilhelmek Coca-Cola handi bat eskatu zuen gosariarekin. Ezkutuan patrikako paketetxoen artean haztakatuz, bi pilula topatu zituen. Papera gastatuta eta bigun zegoen hainbeste erabili ondoren. Ahozapiaz estaliz, Phenaphen lasaigarri eta Unicap bana irentsi zituen, baina doktoreak begi zorrotza zuen eta esan zuen, «Wilky, zer ari zara hartzen orain?»

        «Bitamina pilulak, besterik ez». Zigarrokina atzeko mahai gaineko hautsontzian utzi zuen, aitari ez baitzitzaion usaina gustatzen. Gero Coca-Cola edan zuen.

        «Hori edaten al duzu gosariarekin, laranja-zukuaren ordez?» esan zuen Perls jaunak. Konturatzen zen, nonbait, ez zuela Adler doktorearen faborea galduko haren semearekin doinu ironikoa erabiliz.

        «Coca-Colaren kafeinak garun-jarduera sustatzen du», esan zuen doktore zaharrak. «Arnas zentroari primeran doakio».

        «Errepideko ohitura baizik ez da», esan zuen Wilhelmek. «Luzaro gidatzeak hankaz gora uzten dizu burmuina, urdaila eta gainerako guztia».

        Aitak argitu zuen, «Wilky Rojax konpainian zebilen. Urte askotan zehar izan zen haien salmenta-ordezkaria ipar-ekialdean, baina duela gutxi eten egin du lotura».

        «Bai», esan zuen Wilhelmek, «haiekin ibili naiz gerla bukatu zenetik». Coca-Cola zurrupatu eta jela murtxikatu zuen, bere jarrera duin, zabal, samur eta jasanberaz batari zein besteari begiratuz. Zerbitzariak bi arrautza egosi ipini zizkion aurrean.

        «Zer gauza mota fabrikatzen ditu Rojax konpainia horrek?» esan zuen Perls jaunak.

        «Umeentzako mobleak. Aulkitxoak, mahaiak, kulunkaulkiak, tutuzko eraikuntzak, txirristak, kulunkak, zabuak».

        Wilhelmek aitari utzi zion azalpenak ematen. Sendo eta bizkar zurrun, lasai eserita segitzen saiatzen zen, baina oinak egonezin anormal batean zeuden. Konforme! Aitak hunkitu nahi egin zuela Perls jauna? Berriro ere lagunduko zion, bere papera eginez. Ederki! Jokoa jarraituko zuen aitari estiloa mantentzen laguntzeko. Estiloa zen ardura nagusia. Ederki zegoen!

        «Ia hamar urtez egon nintzen Rojax konpainian», esan zuen. «Banandu egin ginen neure salmenta-lurraldea erdibanatzea nahi zutelako. Suhi bat sartu zuten negozioan, tipo hasberria. Haren ideia izan zen».

        Wilhelm hasi zen bere artean, Jainkoak bakarrik daki zergatik biluztu behar dudan neure bizitza osoa sardinatzar higuingarri honen aurrean. Ziur naiz ez duela beste inork egiten. Beste jendeak ez ditu bere kontuak aireratzen. Nik bai.

        Segitu zuen, «Baina gizon bakar batentzat lurralde handiegia zela argudiatu zuten. Monopolioa nuela. Ez zen egia, ordea. Benetako arrazoia zen puntu hartara iritsita enpresako zuzendaritzan sartu beharko ninduketela. Lehendakariordea. Egokitzen zitzaidan, baina suhi hura sartu zen, eta...»

        Adler doktoreak uste zuen Wilhelm era irekiegian ari zela bere atsekabeak komentatzen, eta esan zuen, «Nire semearen irabaziak bost zifretan mugitzen ziren».

        Dirua aipatu bezain laster, Perls jaunari mehetu egin zitzaion ahotsa. «Bai? Zer, ehuneko hogeita hamabiko mailan ari zara? Gorago agian, ezta?» Aztarnaren bat eskatzen zuen, eta zifrak aipatzean ez zuen axolagabeki egin, gozo laztangarri batez baizik. Puaj! Nola maite duten dirua, pentsatu zuen Wilhelmek. Gurtu egiten dute dirua! Diru sakratua! Diru ederra! Gauzak halako moduan ari ziren jartzen non jendea buru-motela baitzen gauza guztietan, diru-kontuetan izan ezik. Eta ez bazeneukan baboa zinen, baboa! Desenkusatu eta lurraren bisaiatik desagertu behar zenuen. Oilobustia! Horixe baitzen. Munduaren negozioa. Irtenbideren bat aurkitu ahal izango balu sikiera...

        Horrelako gogoetek ohiko kongestiora eraman zuten. Jarraitzen uzten bazion erresumin bilakatuko zitzaion. Beraz hitz egiteari utzi eta jaten hasi zen.

        Koilaraz arrautza kolpatu aurretik hezetasuna ahozapiaz lehortu zion. Gero beharrezkoa baino gehiago (bere aitaren iritziz) kolpatu zuen. Atzamarrek utzitako zolda xume bat geratu zen arrautzaren zuringoan oskola baztertu ondoren. Adler doktoreak nazka isil batez ikusi zuen. Hura Wilky munduratu zuena! Hara, goizean eskuak ez zituen garbitu ere egiten. Bizar-gailu elektrikoa erabiltzen zuen ura ukitu behar ez izatearren. Doktoreak ezin zituen Wilkyren ohitura zikinak jasan. Behin bakarrik —eta inoiz gehiago ez, zin egin zuen— izan zen haren gelan. Wilhelm, pijama eta galtzerdiak soinean, eserita zegoen ohe gainean, kafe-gatilu batetik ginebra edaten eta telebistako Dodgersak animatzen. «Bi gehi bi hiretzat, Duke. Tira... emaiok, orain». Bam! koltxoi gainera joan zen. Ohea erabat deseginda zegoen. Gainera, ginebra tea bailitzen edaten zuen, eta ukabilaz adoretzen zuen bere taldea. Bere arropa zikinaren kiratsa izugarria zen. Ohe ondoan litroko botila bat zegoen, eta aldizkari tentelak eta misterio-nobelak loezin-orduetarako. Wilhelm basati bat baino zikinago bizi zen. Doktoreak horri buruz galdetu zionean «Beno, ez daukat gauzak zainduko dizkidan emazterik», erantzun zion. Eta nor... nor joan zen etxetik? Margaret ez. Doktoreak ez zuen zalantzarik emazteak senarra itzultzea nahi zuela.

        Wilhelmek kafea hartu zuen, eskua dardarka. Bere aurpegi lodian begi gris gastatu eta gorrituak batetik bestera mugitzen ziren. Astindu batez kikara mahai gainean utzi eta zigarro baten erdia sartu zuen ahora; bazirudien hortzez heltzen ziola, purua balitz bezala.

        «Ezin diet nahi dutena egiten utzi», esan zuen. «Moral-auzia da ere».

        Aitak zuzendu egin zuen. «Ez duzu esan nahi arazo morala dela, Wilky?»

        «Hori ere esan nahi nuen. Zerbait egin behar dut neure burua babesteko. Exekutibo maila agindu zidaten». Arrotz baten aurrean emendatua izanak mindu egin zuen, aurpegi horail beltzarana zurbildu egin zitzaion, eta gero are gehiago ilundu. Perlsi hitz egiten segitu zuen baina begiez aita zelatatzen zuen. «Nik zabaldu nien lurralde hori. Konpetentziako norbaitengana jo nezake eta bezero guztiak kendu. Nire bezeroak. Moralak badu zerikusirik, kendu nahi izan didatelako nigan zuten konfiantza».

        «Beste produktu batzuk eskainiko zenizkioke jende berari?» Perls jauna miratu zen.

        «Zergatik ez? Badakit Rojax produktuek zer akats dituzten».

        «Ergelkeriak», esan zuen bere aitak. «Ergelkeriak eta umekeriak, Wilky. Bide horretatik arazoak eta buruhausteak besterik ez dituzu topatuko. Zer irabaziko zenuke horrelako istilu ergel batetik? Ogia nola irabazi eta eginbeharrak nola bete pentsatu behar duzu».

        Bero eta samin, oinak erresuminez mahai azpian mugitzen zituelarik, Wilhelmek esan zuen harro, «Ez didate nire eginbeharrez ezer esan behar. Urteak daramatzat haiek betetzen. Hogei urte baino luzaroagoz ez dut inorengandik sos bakar bateko laguntzarik hartu. Nahiago izan nuen W.P.A.rekin lubakiak ireki, baina ez nion inori eskatu neure eginbeharrak nire ordez betetzeko».

        «Wilkyk era guztietako esperientziak izan ditu», esan zuen Adlet doktoreak.

        Doktore zaharraren aurpegiak kolore gorrizta osasuntsu bat zeukan, ia gardena, abrikot heldu batek bezala. Belarrien alboko zimurrak sakonak zituen, larruazala hezurrei estuki egokitzen zitzaielako. Bere ahaleginen poderioz aguretxo osasuntsu eta fina zen. Xake-koadro argizko gerruntze zuria zeraman soinean. Sonotone trastea patrikan zeukan. Marra gorri eta beltzeko alkandora bitxi batek estaltzen zion bularraldea. Auzo urrun samar bateko ikasle-jantzi-denda batean erosten zuen arropa. Wilhelmek uste zuen, bere lanbidearekiko begiruneagatik behintzat, ez lukeela jockey batek bezala jantzi behar.

        «Beno», esan zuen Perls jaunak, «Ulertzen dut nola sentitzen zaren. Lortu arte borrokatu nahi duzu. Adin batera iritsi zarenean ez da atsegingarria hutsetik hasi behar izatea, balio duen gizonak beti lot badezake ere. Baina dena den, zuk aldez aurretik ezagutzen duzun negozioari eutsi nahi diozu, kontaktu berri andana bat egin behar izan gabe».

        Wilhelmek berriz pentsatu zuen, Zergatik hitz egin behar da beti nitaz eta nire bizitzaz, eta ez berataz eta bere bizitzaz? Berak ez luke inoiz onartuko. Baina ni ergela naiz. Lañoegia naiz. Niri egin diezadakete. Hitz egiten dut eta. Eske nabilela irudituko du. Denek izan nahi dituzte elkarrizketa intimoak, baina tipo argiek ez dute ezer ematen, ergelek bakarrik. Tipo argiak barrukotasunez mintzatzen dira ergelei buruz, alde guztietatik aztertzen dituzte eta aholkuak ematen dizkiete. Zergatik jasaten dut? Adinari buruzko aipuak mindu egin zuen. Ez, ezin duzu esan dena beti bezain ongi dabilenik, amore eman zuen. Izan ere, gauza horiek nabaritu egiten dira.

        «Anartean», esan zuen Adler doktoreak, «Wilky gauzak lasai hartzen ari da eta hainbat proposamen ditu eskuartean. Ez al da hala?»

        «Gutxi gora behera», esan zuen Wilhelmek. Perls jaunak berarekiko zuen begirunea areago zezan utzi zion aitari. W.P.A.ren lubaki-lanak familia lotsarazi egin zuen besteen aurrean. Bera nekatu samar zegoen. Izpiritua, bere izatearen zama berezi hura pilatzen zihoakion, karga edo handitu edo konkor bat bezala. Lasaitasunezko uneetan, neke gorriak borrokatzea eragozten zionean, sentitu ahal izaten zuen pisu misteriotsu hura, bere bizitzaren helburu gisa batetik bestera eraman behar izaten zuen handidura edo izenik gabeko gauza mordo hura. Horixe omen zen gizon ororen xedea. Wilhem, edo Tommy, izeneko pertsona handi, bitxi, grinati, mamitsu, horail eta zakar hura, hemen zegoen, bertan, orain bertan —Tamkin doktoreak ideia asko sartzen ibilia zitzaion oraingo uneaz, «hemen eta orain»az—; Wilky, edo Tommy Wilhelm hura, berrogeita lau urtekoa, bi semeren aita, orain bertan Gloriana Hotelean bizi zena, bere neutasun propiala, bere neutasun berezia zen zama hura eramateko izendatuta zegoen. Ez zegoen zama haren balioaren zifra zehatz edo gutxi gora beherakorik. Baina ziur aski gehiegitu egiten du subjektuak, T.W.k. Animalia espezie ameslaria denak. Zergatik existitzen den jakin dezakeela sinetsi behar duenak. Zergatia benetan bilatzen inoiz ahalegindu ez izan arren.

        «Gauzak ondo pentsatzeko eta atseden hartzeko beta nahi badu, zergatik ez doa Floridara bolada baterako?» esan zuen Perls jaunak. «Denboraldi baxuan merke eta lasaia izaten da. Leku liluragarria. Mango garaia hasi berria da. Hektarea bat daukat han. India-n zaudela dirudi».

        Perls jaunak erabat harritu zuen Whilhelm leku liluragarriaz azentu arrotzaz hitz egitean. Mangoak... India? Zer esan nahi zuen, India?

        «Behin batean», esan zuen Wilhelmek, «erlazio publiko lana egin nuen Cubako hotel handi baterako. Leonard Lyons-ek edo beste kritikoren batek aipatzea lortuko banu, agian beste oporraldi bat lortuko nuke han, dohainik. Ez dut aspaldi honetan oporraldirik izan, eta atsedena ez litzaidake gaizki etorriko honen gogor jardun ondoren. Ongi dakizu egia dela, aita». Esan nahi zuen bere aitak bazekiela krisialdia zein sakon bilakatzen ari zen; diruz zein estu zebilen; eta ezin zuela atsedenik hartu, aitzitik, estropezu eginez gero zapaldu egingo zutela; eta bere zereginek suntsitu egingo zutela. Ezin zen dudatan egon. Dirua! pentsatu zuen. Neukanean, dirua zeridan. Zurrupatu egiten zidaten. Diru-hustu egiten ninduten. Baina orain gehiena agortu da, eta nora jo behar dut gehiago eske?

        «Egia esan, aita», esan zuen, «izugarri nekatuta nago».

        Baina Perls jauna irribarrez hasi zen esanez, «Tamkin doktoreak esan didanez harekin batera zaude inbertsio batean, kideak zarete».

        «Badakizu, oso tipo zorrotza da», esan zuen Adler doktoreak. «Benetan gozatzen dut hari jardunean entzuten. Benetako doktorea ote den galdetzen diot neure buruari».

        «Ez al da?» esan zuen Perlsek. «Denek baietz uste dute. Bere pazienteez hitz egiten du. Ez al ditu errezetak idazten?»

        «Egia esan, ez dakit zer egiten duen», esan zuen Adler doktoreak. «Gizon maltzurra da».

        «Psikologoa omen da», esan zuen Wilhelmek.

        «Ez dakit zer nolako psikologo edo psikiatra izan daitekeen», esan zuen bere aitak. «Zehaztugabe samarra da. Hori industria handia bilakatzen ari da, eta oso garestia gainera. Jendeak lanpostu onak izan behar ditu tarifa horiek ordaintzeko. Nolanahi ere, Tamkin hori burutsua da. Ez du inoiz esan hemen lan egiten duenik, baina uste dut Californian medikua zela. Antza denez, han ez dute lege askorik horrelakoez arduratzeko, eta entzun dut mila dolarren truke titulua lot daitekeela Los Angeleseko posta-bidezko eskola baten bidez. Kimika eta hipnosia bezalako gaiez zerbait dakiela dirudi. Hala ere, ez nintzateke berataz fidatuko».

        «Zergatik ez?» galdetu zion Wilhelmek.

        «Ziur aski gezurtia delako. Benetan sinesten duzu gauza guzti horiek asmatu dituela?»

        Perls jauna irribarrez zegoen, ahoa zabalik.

        «Artikulua agertu zen Fortune-n berari buruz», esan zuen Wilhelmek. «Bai, Fortune aldizkarian. Artikulua erakutsi zidan. Ikusiak dauzkat bere ebakinak».

        «Horrek ez du esan nahi egiazkoa denik», esan zuen Adler jaunak. «Beste Tamkin bat izan zitekeen. Ez ziria sartzen utzi, iruzurtia da. Agian baita eroa ere».

        «Eroa, diozu?»

        Perls jauna solasean sartu zen. «Batera sano eta ero egon liteke. Gaur egun nekez bereiz dezake inork zer den zer».

        «Gailu elektriko bat kamioilariek txanoan eramateko», esan zuen Adler jaunak Tamkinek proposatutako asmaketetako bat deskribatuz. «Deskarga elektriko batez esnarazteko bolantean lokartzen hasten direnean. Lokartzen hasten direnean odol-presio aldaketak eragiten du deskarga».

        «Niri ez zait horren gauza ezinezkoa iruditzen», esan zuen Wilhelmek.

        «Niri», esan zuen Perls jaunak, «ur azpiko janzki bat deskribatu zidan, eraso atomiko baten kasuan Hudsonen hondotik ibili ahal izateko. Esaten zuen harekin Albany-raino oinez joan zitekeela».

        «Ja, ja, ja, ja, ja!» deiadar egin zuen Adler doktoreak bere agure ahotsaz. «Tamkinen Burugabekeria. Txangoa egin liteke Niagara Ur-jauzien azpian kanpatzera».

        «Bere fantasia besterik ez da», esan zuen Wilhelmek. «Ez du ezer esan nahi. Asmatzaileek horrelakoak izan behar dute. Nik neuk ere izaten ditut burutapen xelebreak. Mundu guztiak nahi du zerbait egin. Amerikar guztiok».

        Baina bere aitak ez zion jaramonik egin. «Zer beste asmaketa azaldu ditu?» esan zion Perlsi.

        Perls jaun musu-ahitua eta bere aita, tximino antza ematen zion alkandora marratu absurdoa zeramana, barrezka ari ziren artean, Wilhelmek ezin izan zion eutsi eta besteenei gaineratu zien bere barre arnaskaria. Baina etsiak jota zegoen. Barre egiten ari zitzaizkion gizonari bere azken zazpiehun dolarrak eman baitzizkion bere izenean merkantzia-burtsan espekula zezan. Gantz guzti hura erosi zuten. Gaur igo behar zuen. Hamarretan edo hamar t'erdietan hasiko ziren salerosketak, eta orduan ikusiko zuen.

 

 

 

© Saul Bellow

© itzulpenarena: Juan Mari Mendizabal

 

 

"Saul Bellow / Heldu orainari" orrialde nagusia