I

 

        Bere arazoak ezkutatzeko orduan, Tommy Wilhelm beste edonor bezain trebea zen. Hala uste zuen behintzat, eta hari eusteko froga ugaritxo zegoen. Behiala aktorea izana zen —beno, aktorea ez, estra— eta bazekien antzeztea zertan zen. Gainera, purua erretzen ari zen, eta gizaseme batek purua erretzen eta kapela jantzita dabilenean abantaila bat dauka; zailagoa dela nola sentitzen den igartzea. Hogeita hirugarren bizitzatik behegainean zegoen harrera-gelara jaitsi zen, gosaldu aurretik posta hartzera, eta uste zuen —espero zuen— nahiko itxuroso zegoela: dena ongi bailihoakion. Itxaropen hutsa zen, ordea, ez baitzegoen bere ahalegin hari gainera ziezaiokeen askorik. Hamalaugarren bizitzan aita igogailuan sartuko ote zen begira egon zen; ordu hartan sarri elkar topatzen zuten, gosaltzerako bidean. Zeraman itxurak kezkatuta bazegoen, bere aita zaharrarengatik zen batik bat. Baina hamalaugarren bizitzan ez zen geldialdirik izan, eta igogailuak hondoratzen segitu zuen. Gero ate leuna zabaldu eta harrera-gela estaltzen zuen tapiz gorri ilun, handi eta malkartsua uhinka aurreratu zen Wilhelmen oinetarantz. Lehen planoan harrera-gela ilun zegoen, erdi lo. Belak bezalako gortina frantziarrek eguzkiari sartzen galarazten zioten, baina hiru leiho estu eta garaiak zabalik zeuden, eta aire urdin hartan Wilhelmek uso bat pausatzeko zorian ikusi zuen, behegainak azpi-azpian zeukan zinema-aretoko aterpeari eusten zion kate handiaren gainean. Une batez hegalak sendo inarrosten aditu zituen.

        Gloriana Hoteleko ostalari gehienek pasa zuten erretiro-adina. New Yorkeko gizon eta emakume adinduen multzo zabalaren zati handi bat Broadway inguruan bizi da, Hirurogeita hamar, Larogei eta Larogeita hamar kaleetan. Eguraldia oso hotza edo euritsua ez denean betetzen dituzte Verdi Square-tik Columbia Unibertsitateko bidean dauden barandaz hertsitako parketxoen inguruko aulkiak, eta Metroko burdinsareen ondokoak; denda eta kafetegiak, erostetxe merkeak, te aretoak, okindegiak, edertasun aretoak, irakurgelak eta klubak betetzen dituzte. Glorianako jende zahar haren artean Wilhelm lekuz kanpo sentitzen zen. Haien aldean gaztea zen, berrogeien erdialdean zegoen, luzea eta ilehoria zen, sorbalda zabalekoa; bizkarra astun eta sendoa zuen, zegoeneko apur bat makurtua edo gizendua baina. Gosaldu ondoren ostalari zaharrak harrera-gelako larru berdezko sofa eta besaulkietan esertzen ziren marmarrari edo egunkariak orrikatzeari ekitera; eguna bukatu arte itxarotea zen haien zeregin soila. Baina Wilhelm bizitza mugitura ohituta zegoen eta goizean energia handiz ateratzea zuen gogoko. Eta zenbait hilabetez, lanik gabe zegoela eta, goiz altxatuz mantendu zuen morala goian; zortzietarako harrera-gelan egoten zen bizarra moztuta. Egunkaria eta puru batzuk erosi eta Coca-Cola bat edo bi edaten zituen bere aitarekin gosaltzera joan aurretik. Eta gosaldu ostean... kanpora, kanpora, negozioez arduratzera. Sartze eta ateratze hura berez bihurtu zitzaion negozio nagusia. Baina konturatzen zen ezingo zuela harekin askoz luzaroago segitu, eta gaur beldurrak zegoen. Jabetzen zen bere errutina hausteko zorian zegoela eta sumatzen zuen luzaro iragarritako problema eskerga, orain arte formarik gabea, agertzear zegoela. Arratsa baino lehen jakingo zuen.

        Hala eta guztiz ere, bere eguneroko programari jarraituz, harrera-gela gurutzatu zuen.

        Rubin egunkari saltzaileak ikusmen kaskarra zuen. Agian ez zuen benetan ikusmen kaskarra, baina espresio eskaseko begiak zeuzkan, izkinetan tolesten ziren betazal gardenekin. Ondo janzten zen. Ez zirudien beharrezkoa —denbora gehiena mostradorearen atzean ematen zuen— baina oso ondo janzten zen. Traje marroi bikaina zeraman soinean; eskumuturrekoak esku ttipien ileetan trabatzen zitzaizkion. Countess Mara gorbata margotua zeraman. Wilhelm hurbildu zitzaionean, Rubinek ez zuen ikusi; ametsetan bezala zegoen kanpora begira, etxalde batzuk harantzago zegoen eta bere txokotik ikus zezakeen Ansonia Hotelera so. Ansonia Hotela, auzoko eraikin handiosoa, Stanford White-k eraikia zen. Praga edo Munich-eko jauregi barrokoa dirudi, ehun aldiz handitua, dorre, kupula, kanpoko hezetasunak berdetutako metalezko konkor eta burbuila eskerga, burdinazko koska eta apaindurez betea. Haren gailur borobiletan telebista antena beltzak trinko landatuta daude. Eguraldi aldaketak medio marmola edo itsas ura irudi dezake, arbela bezain beltza lainopean, tufarria bezain zuria eguzkitan. Goiz hartan ur sakonetan islatutako bere irudia ematen zuen, zuri eta kumulu-hodei antzekoa goian, distortsio leizetsuekin azpian. Bi gizonak, batera, geratu zitzaizkion so.

        Gero Rubinek esan zuen, «Zure aita, jaun adindua, jaitsia da gosaltzera».

        «A, bai? Aurrea hartu al dit gaurkoan?»

        «Alkandora benetan zoragarria daramazu soinean», esan zuen Rubinek. «Nongoa da, Saks-enekoa?»

        «Ez, Jack Fagman bat da, Chicagokoa».

        Adoregabe zegoenean ere, Wilhelmek bazekien kopeta era atsegingarri batez zimurtzen. Haren aurpegiaren mugimendu mantso eta isil batzuk oso erakargarriak ziren. Urrats bat atzeratu zen, aurreko posiziotik urrunduz soinean zeraman alkandora hobeto ikusi nahi bailuen. Begirada komikoa izan zen, bere zirtzileriaren gaineko komentarioa. Arropa ona janztea gustatzen zitzaion, baina behin jantzi ondoren bazirudien janzki atal bakoitza bere kasa zihoala. Wilhelm, barrez, apur bat arnaska hasi zen; hortz txikiak zituen, barrez eta pafaka hasten zenean masailak borobildu egiten zitzaizkion, eta zena baino askoz gazteagoa ematen zuen. Garai batean, Unibertsitatera iritsi berria zenean, soinean mapatxe-berokia eta burutzar horailean txanotxoa jantzita, bere aitak esan ohi zuen hain handia izanik bere xarmez txoria zuhaitzetik eraits zezakeela. Wilhelmek xarma handia zeukan oraindik.

        «Atsegin dut kolore uso-gris hau», esan zuen ahots lagunkoi eta adeitsu batez. «Ez da uretan garbitzekoa. Lehor-garbitegira eraman behar da. Ez du inoiz garbitu berria dagoenean bezain ondo usaintzen. Baina alkandora polita da. Hamasei edo hamazortzi dolar kostatu zitzaidan».

        Alkandora ez zen Wilhelmek erosia; bere ugazabak —ugazaba ohiak, harekin haserretu baitzen— oparitua zen. Baina ez zegoen Rubini istorio hura kontatzeko arrazoirik. Gainera agian Rubinek bazekien; Rubin zekien eta zekien eta zekien gizon mota baitzen. Baina behin horretan jarrita, Wilhelmek ere asko zekien Rubinez, Rubinen emazteaz eta Rubinen negozioaz, Rubinen osasunaz ere bai. Ezinezkoa zen, ordea, haietako bat ere aipatzea, eta aipatzeke utzitakoaren zama handiak mintzagai gutxi uzten zien.

        «Hara, tankera aparta duzu gaur», esan zuen Rubinek.

        Eta Wilhelmek alai erantzun, «Bai? Benetan uste duzu?» Ezin zuen sinetsi. Bere isla ikusi zuen puru kaxez betetako kristalezko armairuan, zigilu bikain, damaskozko paper eta urrez inguratutako gizon ospetsuen marrazkien artean; Manuel García, Eduardo Zazpigarrena, Ziro Handia... Ilunpea eta kristalak eragindako itxuragabetzeak kontuan hartuta ere, ez zitzaion iruditu oso tankera ona zuenik. Zimurdura zabal bat, gako sinoptikoaren antzekoa, zeraman idatzita kopetan, haren punta bekainen artean, eta orin marroiak zeuzkan larruazal hori ilunean. Ia barregarriak iruditu zitzaizkion bere begi liluratu, aztoratu, desiratsuen geriza, eta sudur-hegal eta ezpain haiek. Hipopotamo ilehoria! Horrelaxe ikusten zuen bere burua. Aurpegitzar borobila, aho gorri eta oparoa, hortz motzak ikusi zituen. Eta kapela ere bai; eta purua ere bai. Lan gogorra egin behar nukeen bizitza osoan, hausnartu zuen. Nekatzen zaituen eta logura eragiten dizun lan gogor eta jatorra. Soberako energia erreko nukeen eta hobeto sentituko nintzatekeen. Haren ordez, gailendu behar izan nuen... ororen gainetik.

        Senperrenak egin zituen, baina hura ez zen lan gogorra egitea bezala, ez? Eta gaztetan oker hasi bazen, aurpegi harexengatik izan zen. Hogeita hamarren hasieran, bere itxura itzela medio, balizko aktoretzat hartu zuten bolada labur batez, eta Hollywoodera joan zen. Han, zazpi urteetan zehar, setatsu, pantailako artista bihurtzen saiatu zen. Denbora hura iragan baino askoz lehenago amaitu zitzaion handinahia edo engainua; baina harrotasunaz, eta agian baita nagikeriaz ere, Californian geratu zen. Azkenik beste gauza batzuetara dedikatu zen, baina ahalegin eta porroteko zazpi urte haiek nola edo hala merkataritza eta negozioetarako ezgai bihurtu zuten, eta gero beranduegi izan zen lanbideren batean sartzeko. Mantsoegi heldu zen, atzeratuta geratu zen, eta horrela ezin izan zen bere energiaz libratu; eta konbentzituta zegoen zeukan energiak berak egin ziola kalterik handiena.

        «Ez zintudan bart gin partidan ikusi», esan zuen Rubinek.

        «Ezin izan nintzen bertaratu. Zer moduz joan zen?»

        Azken aste haietan Wilhelm gin-ean aritua zen ia gauero, baina atzokoan konturatu zen ezin zuela galtzen segitu. Ez zuen inoiz irabazi. Behin ere ez. Eta galerak xumeak baziren ere ez ziren irabaziak, ezta? Galerak ziren. Galtzez aspertuta zegoen, eta baita joko-lagunez ere, beraz zinera joan zen bakarrik.

        «A», esan zuen Rubinek, «ongi joan zen. Carl barregarri geratu zen mutilei oihuka eginez. Baina Tamkin doktoreak ez zion besterik gabe joaten utzi. Haren arrazoi psikologikoa azaldu zion».

        «Zein zen arrazoia?»

        «Ez dut hitzez hitz gogoratzen», esan zuen Rubinek. «Ez da gauza erraza. Badakizu Tamkin nola mintzatzen den. Ez niri galdetu. Tribune-a nahi al duzu? Ez al diezu itxierako kotizazioei begiratu behar?»

        «Begiratzeak ez dit askorik lagunduko. Badakit atzo hiruretan nolakoak ziren», esan zuen Wilhelmek. «Baina tira, egunkaria erosi beharko dut». Derrigorrezkoa iruditzen zitzaion sorbalda jasotzea eskua jaka-patrikan sartzeko. Oroitzen zen han, pilula-paketetxoen eta zigarrokin zapalduen eta batzuetan hortzak garbitzeko erabiltzen zituen zigarro paketeetako zelofan-zerrenda gorrien artean, txanpon batzuk jaurti zituela.

        «Ez dirudi hain ondo doakizunik», esan zuen Rubinek. Txantxa giroan eraman nahi zuen elkarrizketa, baina ahotsari doinua falta zitzaion eta begiak, nagiak eta betazalek ia-ia estaliak, beste norabait begira zeuden. Ez zuen entzun nahi. Bost axola zitzaion. Agian zegoeneko bazekien, zekien eta zekien gizon mota zenez.

        Ez, ez zihoakion ondo. Wilhelmek gantzean hiru etorkizun-inbertsio egin zituen merkantzia-burtsan. Gantz hura Tamkin doktorearekin batera erosi zuen lau egun lehenago 12,96an, eta prezioak segituan ekin zion jaisteari eta oraindik ere jaisten ari zen. Seguru zegoen gaurko postan inbertsioa areagotzeko deia iritsiko zitzaiola. Egunero iristen zitzaion bat.

        Psikologoak, Tamkin doktoreak, sartu zuen hartan. Tamkin Glorianan bizi zen eta karta saioetan esku hartzen zuen. Wilhelmi azaldu zion Wall Street-eko etxe onenetako batek auzoan zuen sukurtsal batean merkantziatan espekula zitekeela legez ezarritako gordailu osoa jarri behar izan gabe. Sukurtsaleko zuzendariak hartzen zuen erabakia. Ezagutzen bazintuen —eta sukurtsal zuzendari guztiek ezagutzen zuten Tamkin— uzten zizun epe laburreko erosketak egiten. Kontu xume bat irekitzea nahikoa zen.

        «Espekulazio mota honen sekretu guztia», Tamkinek esan zion, «erne ibiltzean datza. Bizkor jardun behar duzu: erosi eta saldu, saldu eta berriro erosi. Baina azkar! Leihatilara joan eta Chicagora telegrafia dezatela une egokian, puntuan. Kolpatu eta berriz kolpatu! Eta egun berean irten. Amen batean hamabost edo hogei mila dolar irabazi dituzu soja, kafe, arto, larru, gari, kotoian». Argi zegoen doktoreak merkatua ondo ezagutzen zuela. Bestela ezingo luke hain gauza erraza bezala aurkeztu. «Jendeak galtzen du handinahia delako, goraka hasten denean irteten ez dakielako. Haiek jokoan dabiltza; nik, berriz, era zientifikoan egiten dut. Asmakizunetan bazabiltza Jai duzu. Puntu batzuk irabazi eta irten egin behar duzu. Alajaina!» esan zion begi harro eta ezpain eroriko Tamkin doktore burusoilak. «Pentsatzen jarri al zara inoiz jendeak merkatuan zenbat sos egiten dituen?»

        Wilhelmek, arreta goibeletik aurpegia zeharo aldarazi zion barre arnaskarira pasatuz, esan zion: «Ja, ez nuen bada pentsatuko? Zer uste duzu bada? Nork ez daki 1928tik, 29tik aurrera nola joan den, eta betiere igotzen? Nork ez du Fulbright txostena irakurri? Dirua nonahi dago. Jendeak palaka darama. Badago dirua... badago...»

        «Eta zu egonean egon zaitezke... geldirik egon zaitezke guzti hau gertatzen den artean?» esan zuen Tamkin doktoreak. «Nik aitortu behar dizut ez naizela gauza. Pentsatzen hasten naiz inbertitzeko dolar gutxi batzuk dituelako dirutza irabazten duen jendeaz. Ez dute zentzurik, ez dute talenturik, soberako sos horiek dituzte soilik, are sos gehiago ematen dizkietenak. Eta horrek hain aztoratu eta tormentatzen nau, hain egonezin uzten nau, hain egonezin! Neure lanbidean jarduteko ere ez naiz gai izan. Inguruan diru guzti hori dabilela ezin zara ergelarena egiten ibili besteak piloak egiten ari diren bitartean. Ezagutzen ditut egonean egon hutsez astean bost, hamar mila egiten dituzten tipoak. Ezagutzen dut Pierre Hotelean bizi den bat. Ez da beste munduko ezer, baina Mumm champagne kaxa oso bat hartzen du bazkaritan. Ezagutzen dut beste bat, Central Parken hegoaldekoa... Baina zertarako hitz egin. Milioiak egiten dituzte. Badauzkate mila maina desberdinez zergak ordaintzetik libratzen dituzten abokatuak».

        «Ni, berriz, harrapatuta nago», esan zuen Wilhelmek. «Emazteak ezezkoa eman zion zerga-aitorpen komuna sinatzeari. Urte on baten ostean ehuneko hogeita hamabiko mailan sartu nintzen eta larru gorritan utzi ninduten. Eta urte kaskar guztiak?»

        «Negozio-gizonen gobernua dugu», esan zuen Tamkin doktoreak. «Ziur egon zaitezke astean bost mila egiten dituzten horiek...»

        «Nik ez dut hainbeste diru behar», esan zion Wilhelmek. «Baina ai, honetatik errentatxo finko bat behinik behin atera ahal izango banu... Askorik ez. Ez dut askorik eskatzen. Baina nolako premia dudan... ! Izugarri estimatuko nizuke mundu horretan nola moldatu erakutsiko bazenit».

        «Bai, horixe. Neronek ere egiten dut tarteka. Sarrera-erreziboak ekarriko dizkizut nahi baduzu. Eta badakizu zer? Oso ona iruditzen zait zure jarrera. Diru-sukarraz kutsatzea saihestu nahi duzu. Jarduera mota hori etsaigo-sentimenduz eta gutiziaz beteta dago. Ikusi beharko zenuke nolako eragina duen tipo horietako batzuengan. Bihotza hil-irrikaz beterik abiatzen dira Merkatura».

        «Zer entzun nion behin bati esaten?» komentatu zuen Wilhelmek. «Gizonak maite egin behar du zerbait horretan trebe izan nahi badu».

        «Hori da... Hain zuzen», esan zuen Tamkinek. «Ez duzu haien bidetik zertan joan. Badago sistema lasai eta arrazoizko bat, sistema psikologikoa».

 

 

        Wilhelmen aita, Adler doktore zaharra, bere semearen mundutik erabat desberdina zen batean bizi zen, baina esan zion behin Tamkin doktorearekin erne ibiltzeko. Garrantzirik eman gabe bezala —oso agure adeitsua zen— esan zion, «Wilky, agian jaramon gehiegitxo egiten diozu Tamkin horri. Interesgarria da jardunean hasten denean. Ez dut dudarik egiten. Nahiko arrunta iruditzen zait, baina gizon sarkorra da. Hala ere, ez dakit zein fidagarri izan daitekeen».

        Bere ongizateaz aitak hain era arduragabeaz hitz egiteak sakon samindu zuen Wilhelm. Adler doktoreari adikor agertzea gustatzen zitzaion. Adikor! Bere semeak berak, bere seme bakarrak ezin zion pentsatzen zuena esan edo bihotza hustu. Ez nuke Tamkinengana joko, pentsatu zuen, aitarengana jotzerik banu. Tamkinek sikiera ulertzen nau, eta laguntzen saiatzen da, baina aitak ez du inork nekaraztea nahi.

        Adler doktore zaharra lanbidetik erretiratuta zegoen; dirutza dezentea zeukan eta erraz lagun ziezaiokeen semeari. Berriki Wilhelmek esan zion, «Aita; zera gertatzen zait, estu samar nabilela. Esan behar izatea ez dut gogoko. Ulertuko duzu nahiago nukeela berri onen bat ematea. Baina egia da. Eta egia denez, aita... zer beste esan dezaket? Egia da».

        Beste aita bat jabetuko zatekeen aitorpen hura zein zaila zen, zenbat zorigaitz, nekadura, ahuldura eta porrotaldi hartzen zituen barne. Wilhelm saiatu zen agurearen doinua kopiatzen eta azentu fin, neurtu eta gustu onekoa azaltzen. Ez zion ahotsari dardara egiten utzi; ez zuen keinu ergelik egin. Baina doktoreak ez zeukan erantzunik. Burua baiezka mugitzera mugatu zen. Berdin-berdin esan zekiokeen Seattle Puget Itsasartetik hurbil zegoela, edo Giants-ek eta Dodgers-ek gau-partidua jokatu behar zutela; hain gutxi aldatu zuen bere agure osasungarri, lerden eta umore oneko espresioa. Bere semearekin behiala pazienteekin bezala jarduten zuen, eta horrek mindu egiten zuen Wilhelm; ia eramanezina egiten zitzaion. Ez al zuen ikusten... ez al zuen nabaritzen? Galduta al zeukan famili zentzua?

        Izugarri minduta sentitu arren, Wilhelm bidezkoa izaten ahalegindu zen. Zaharrek aldatu beharra daukate, esan zuen bere artean. Gauza latzez pentsatu behar dute. Doazen lekurako prestatu behar dute. Ezin dira jada ordutegi zaharraren arabera bizi eta beren ikusmolde guztiak aldatzen dira, eta gainerako jendea berdina bilakatzen da, senitarteko eta ezagun. Aita ez da jadanik pertsona bera, hausnartu zuen Wilhelmek. Hogeita hamabi, urte zituen jaio nintzenean, eta orain ia laurogei ditu. Gainera, bere aurrean mutiko bat, semetxo bat bezala sentitzeari uzteko garaia da.

        Doktore zahar lerdena hoteleko beste adinduen oso gainetik zegoen. Denek miresten zuten. Hona jendeak zer esaten zuen: «Adlet profesore zaharra da, Barne-Medikuntza irakasten zuena. Diagnostikari fina zen, New Yorkeko onenetako bat, eta egundoko bezeria zuen. Ezta agureak tankera ezinobea duela? Benetan atsegina da horren zientzilari adindu fin, garbi eta akatsik gabea ikustea. Tente ibiltzen da, eta esaten zaion den-dena ulertzen du. Oraindik gogo-ahalmen guztiak dauzka. Nahi duzun gaiaz mintza zaitezke harekin». Enplegatuek, igogailu-zainek, telefonistek, zerbitzariek eta gela-neskameek, zuzendaritzak, denek lausengatu eta mainatzen zuten. Berak ez zuen besterik nahi. Beti izan zen gizon harroa. Aitak bere burua nola maite zuen ikusteak erresumindu egiten zuen Wilhelm batzuetan.

        Tipografia astun, beltz eta erabat sentsazionalisteko Tribune-a destolestu eta irakurtzen hasi zen hitzei antzeman gabe, gogoa oraindik aitaren harrokerian baitzeukan. Doktoreak sortu zuen bere gorespen propiala. Jendea horretarako prest zegoen eta ez zen konturatzen. Eta zertarako behar zuen gorespenik? Hotel hartan, denak hain lanpetuta zeuden eta harremanak hain laburrak eta funts gutxikoak ziren lekuan, nola senti zitekeen hain gogobeteta harekin? Jendearen gogoan egon zitekeen, han-hemen, une batez; sartu, eta gero atera. Ezin zitzaion inori asko axola. Wilhelmek arnasa luze eta sakona eman zuen, begi borobil, zirkular samarren gainak altxatuz. Egunkariaren ertz loditik harantzago so geratu zen.

 

                ... ongi maitatu luze gabe utzi behar duzun oro.

 

        Oroipen nahigabe batek ekarri zion neurtitza. Hasieran bere aitari aplikatzekoa zela uste zuen, baina gero ulertu zuen hobeto zegokiola berari. Berak maitatu behar zuen ongi. «Sumatzen duzun hori, maitasuna indartzen dizuna», Tamkin doktorearen eraginpean Wilhelm berriki hasi zen behinola irakurtzen zituen poemak gogoratzen. Tamkin doktoreak ezagutzen zituen, edo ezagutzen zituela zioen, poeta ingeles handi guztiak, eta noizean behin bere poemaren bat aipatzen zuen. Aspaldi hartan ez zion inork Wilhelmi gauza haietaz hitz egin. Bere estudiante egunez pentsatzea ez zitzaion gustatzen, baina orain zentzuzkoa iruditzen zitzaion ikasgai bakarra «Literatura I» zen. Testuliburua Lieder eta Lovett-en British Poetry and Prose zen, orri meheko liburu beltz astuna. Irakurri al nuen? galdetu zion bere buruari. Bai, irakurria zeukan, eta bazegoen bederen atsegin handiz oroi zezakeen lorpen bat. «Beste behin, oi erramuak» irakurri zuen. Bai esateko modu garbia! Ederra zen benetan.

 

                Urezko zoru azpian hondoratuta ere...

 

        Halako gauzek betidanik izan zuten eragina beregan, eta orain hitz haien boterea askoz handiagoa zen.

        Wilhelmek egia errespetatzen zuen, baina bazekien gezur esaten, eta ezertaz maiz gezur esaten bazuen bere hezkuntzaz zen. Penn State Unibertsitateko ikasle ohia zela zioen; errealitatean bigarren urtea bukatu baino lehen utzi zuen unibertsitatea. Bere arreba Catherine Zientzietan graduatuta zegoen. Wilhelmen ama zena Bryn Mawr-en lizentziatua zen. Bera zen senideen artean ikasketarik gabeko bakarra. Beste gai mingarri bat zen. Aita lotsatuta zeukan.

        Baina entzuna zion aitari beste agure baten aurrean harrokerietan esaten, «Semea salmenta-exekutiboa da. Ez zuen karrera bukatzeko pazientziarik izan. Baina ongi doakio. Bere urteko irabaziak hor nonbait bost zifretan dabiltza».

        «Zenbat... hogeita hamar, berrogei mila?» esan zuen bere lagun zahar konkorrak.

        «Beno, gutxienez hori behar du bere bizimodua eraman ahal izateko. Bai, gutxienez hori».

        Bere atsekabeak eta guzti, Wilhelmek ia barre egin zuen. Hura bai agure itxurati harroputza. Bazekien salmenta-exekutiboarena amaitu zela. Aste asko ziren ez zegoela ez exekutiborik, ez salmentarik, ez soldatarik. Baina nola atsegin dugun munduaren begien aurrean tankera fina izatea; zein ederrak diren zaharrak besteak liluratzen ari direnean! Aita da saltzailea, pentsatu zuen Wilhelmek. Ni saldu nahian dabil. Berak aritu beharko zukeen saltzen.

        Baina... eta egia? Ai, egia zen arazoak zeudela, eta bere aitak ez zuela arazo haietan esku hartu nahi. Lotsatuta zeukala aita. Egia, pentsatu zuen Wilhelmek, oso atsekaitza zen. Ezpainak estutu zituen, eta mihia bigundu egin zitzaion; mina sentitu zuen han atzean, ahots-lokarrietan eta eztarrian, eta zorigaitzezko korapiloa egin zitzaion bularraldean. Aita ez zen inoiz nire benetako laguna izan gaztea nintzenean, hausnartu zuen. Beti zegoen kontsultan, ospitalean edo hitzaldiak ematen. Neure kasa ibiltzen utzi zidan eta ez zen nitaz gehiegi arduratu. Orain sorbalda gainetik begiratzen dit. Eta agian arrazoia du gauza askotan.

        Ez zen harritzekoa Wilhelm jangelara sartu beharko zuen unea atzeratzen aritzea. Rubinen mostradorearen muturrera joan zen. Tribune-a zabaldu zuen; orri inprimatu berriak eskuetatik erortzen zitzaizkion; purua itzalita zeukan eta kapelak ez zuen defendatzen. Bere arazoak ezkutatzeko orduan beste edonor bezain trebea zela suposatzean oker zegoen. Argi eta garbi idatzita baitzeramatzan aurpegian. Ez zen konturatu ere egiten.

        Bazegoen abizen desberdinen auzia, hotelean sarri azaltzen zena. «Adler doktorearen semea al zara?» «Bai, baina Tommy Wilhelm dut izena». Eta aitak esaten zuen, «Semeak eta biok abizen desberdinak erabiltzen ditugu. Nik tradizioari eusten diot. Berak nahiago ditu gauza berriak». Tommyrena Wilhelmek berak asmatua zen. Hollywoodera joatean hartu zuen, Adler baztertuz. Hollywoodekoa ere bere ideia izan zen. Beti esaten zuen Maurice Venice izeneko talentu-bilatzaile baten gauza izan zela guztia. Baina bilatzaileak ez zion inoiz estudio-kontaktu baten eskaintza zehatzik egin. Hurbildu zitzaion, bai, baina pantaila-frogak ez ziren onak izan. Frogen ostean Wilhelmek Maurice behartzeari ekin zion harik eta «Tira, han moldatuko zarela suposatzen dut» esan zezala lortu zuen arte. Horretan bermatuz Wilhelmek unibertsitatea utzi eta Californiara abiatu zen.

        Norbaitek esana zeukan, eta Wilhelm bat zetorren esaldiarekin, Los Angelesen nazio osoko objektu solteak bilduta zeudela, Amerika makurtu eta estuki torlojututa ez zegoen guztia Hego Californiara irristatu izan balitz bezala. Bera ere objektu solte haietako bat zen. Batzuetan jendeari esaten zion, «Unibertsitaterako helduegia nintzen. Zera, mutil handia nintzen. Beno, pentsatu nuen, noiz hasi behar duzu gizontzen?» Bigarren eskuko auto-traste zahar birpintatu bat gidatu eta esloganez betetako jertse horia jantzi ondoren, poker ilegalean aritu eta neskekin Coca-Cola edatera irten ondoren, orduan bai, hura izan zuen unibertsitatea. Gauza berriren bat egin nahi zuen eta bere gurasoekin borrokatu zen karrera zela eta. Eta orduan iritsi zen Maurice Veniceren gutuna.

        Talentu-bilatzailearen historia luze eta korapilatsua zen, eta bazeuden haren hainbat bertsio. Egia ez zen inoiz kontatu. Wilhelmek gezur esan zuen, hasieran harrokeriarengatik eta gero bere buruarekiko karitatearengatik. Baina oroimen onekoa zen, oraindik bazekien berak asmatutakoa benetan gertatutakotik bereizten, eta goiz hartan, Rubinen mostradorean Tribune-arekin zegoela, beharrezkoa izan zuen benetako gertakizunen segida eroa gogoratzea.

        Ez nintzen konturatu ere egin, antza, depresioa bizitzen ari ginela. Nola izan nintekeen zerbaiterako prestatu beharrean inspirazio eta zorte hutsaz fidatzeko bezain ergela? Begi gris borobilak zabal-zabalik eta ezpain handi ongi proportzionatuak bere buruarekiko zorroztasunagatik itxita, gordean edukitako guztia kanporatzera behartu zuen. Aitarengan ezin nuen inolako eraginik izan. Ama saiatu zen ni geldiarazten, eta kaikuarena egin genuen elkarri oihuka eta erreguka. Zenbat eta gezur gehiago esan gero eta ozenago mintzatzen nintzen, eta erasoan... hipopotamoa bezala. Ama gajoa! Nolako dezepzioa eman nion. Rubinek hasperen hautsi bat ematen entzun zion Wilhelmi, han zutik Tribune ahaztua besapean zapaldurik zeramala.

        Wilhelm konturatu zenean Rubin begira zuela, egonean eta denbora pasa, zirudienez goiz hartan bere buruarekin zer egin jakin gabe, Coca-Cola makinara jiratu zen. Dangada handia hartu zuen botilatik eta eztulka hasi zen, baina ez zion eztulari jaramonik egin, pentsatzen baitzirauen, begiak gora begira eta eskuaren atzean ezpainak itxita. Ohitura berezi bat medio, beti altxatuta eramaten zuen jakaren lepokoa, haizea balebil bezala. Ez zeraman inoiz jaitsita. Baina pisuak konkorturiko bizkar zabal eta indarraren eraginez ia deformatu hartan, kirol-jakaren lepokoak ez zirudien inola ere xingola bat baino zabalagoa.

        Bere ahotsa entzuten ari zen, hogeita bost urte lehenago West End Avenue-ko egongelan azalpenak ematen zituen artean, «Baina ama, aktore gisa gauzak ateratzen ez bazaizkit beti itzul naiteke unibertsitatera».

        Baina bere burua suntsi zezan beldur zen ama. «Wilky», esan zuen, «aitak asko lagunduko lizuke Medikuntza egitea erabakiko bazenu». Hura gogoratzeak ito egiten zuen.

        «Ezin ditut ospitaleak jasan. Gainera, hutsen bat egin nezake eta norbait kaltetu, edo areago, pazienteren bat hil. Ezingo nuke hori eraman. Gainera, ez dut horretarako behar den burua».

        Orduan bere amak huts bat egin zuen: bere iloba Artie aipatu zuen, Wilhelmen lehengusua, Columbian matematika eta hizkuntz gaietan ohore-matrikula zuena. Artie txikia, beltzarana eta goibela, bere aurpegi estu atsekaitz eta oreztunarekin, beti bere burua usnatzen arituko balitz bezala, eta mahaiko era txarrak, eta berarekin pasiera egitera zindoazenean aditzak jokatzeko zeukan ohitura aspergarria. «Errumaniera hizkuntz erraza duk. Aski duk guztiari tl gaineratzea». Orain katedratikoa zen, Riverside Drive-ko soldadu eta marinelen oroitarriaren ondoan berarekin jolasten zen Artie hura bera katedratikoa zen. Katedratikoa izatea ez zen berez hain gauza aparta. Nola jasan zezakeen inork hainbeste hizkuntz jakitea? Hala ere Artiek betiko Artie izaten segitzen zuen, eta hori tamalgarria zen. Baina agian arrakastak aldarazi zuen. Orain, munduan bere lekua zeukalarik, agian hobetu egin zen. Artiek benetan maite ote zituen bere hizkuntzak, eta haiengatik bizi zen, ala bera ere, bihotz-bihotzean, ziniko bat ote zen? Gaur egun jende asko zen zinikoa. Ez zirudien inor pozik zegoenik, eta Wilhelm bereziki nazkatzen zuen jende arrakastatsuaren zinismoak. Zinismoa jende guztiaren eguneroko ogia zen. Ironia ere bai. Agian saihestu ezinezkoa zen. Apika beharrezkoa ere bazen. Hala ere Wilhelmek sekulako beldurra zion. Inoiz eguna burutzean ohi baino nekatuago zegoenean, zinismoari leporatzen zion. Munduan negozio gehiegi egiten zen. Faltsukeria gehiegi. Honek beregan zuen eragina azaltzeko hitz ugari zeuzkan. Oilobustiak! Zikinak! Kongestioa! deiadar egiten zuen bere bihotzean. Arrakastarako lehia! Faltsukeria! Asasinatzea! Zuhur jokatu! Kabroiak!

        Hasieran talentu-bilatzailearen gutuna txantxa lausengari gisako zerbait baizik ez zen izan. Maurice Venicek Wilhelmen argazkia ikusi zuen unibertsitateko aldizkarian, ikasgelako diruzain posturako izangai zen garaian, eta pantaila-frogarena aipatuz idatzi zion. Wilhelmek segituan hartu zuen New Yorkerako trena. Talentu-bilatzailea eskerga eta idi-antzekoa iruditu zitzaion, hain potzoloa non gorputzeko mami eta gantzetik besoak dantzan bezala agertzen baitzitzaizkion; benetan mingarria izan behar zuela zirudien. Ile gutxi zeukan. Hala ere, tankeraz osasuntsua zirudien. Arnasa ozena zuen, eta ahotsa ulergaitza eta marranta samarra eztarriko gantzarengatik. Traje gurutzatua zeraman soinean, garai hartan pilula-kaxa esaten zitzaien haietariko bat; marra arrosak zituen urdin gainean; frakak txorkatiletan estutzen ziren.

        Elkar agurtu, bostekoa eman eta eseri egin ziren. Bi gizakote haiek elkarren alboan txikiagotu egiten zuten Broadwayko bulegotxoa, bertako mobleak jostailuzkoak bilakatuz. Wilhelmek Golden sagar baten kolorea izaten zuen ondo zegoenean, eta garai hartan bere ile horail eta trinkoa sendoa zen, eta sorbalda zabalak okertu gabeak; masailezur estuagoak zeuzkan, begi bizi eta zabalagoak; garai hartan ere zangoak baldar samarrak zituen, baina izugarri lerdena zen. Eta bere lehen huts handia egiteko zorian zegoen. Batzuetan pentsatzen zuen, Arma bat hartu eta neure buruari kolpe handi bat ematera joango banintz bezala.

        Maurice Venice, hirierdiko eraikin gehiegiek —horma bertikalak, espazio grisak, galipot eta legarrezko lakutxo lehortuak— iluntzen zuten bulegotxoko mahaiaren aurka gailenduz, bere kredentzialak finkatzeari ekin zion. «Gutuna idazpururik gabeko paperean bidali dizut», esan zuen, «beraz agian egiaztapenen bat egin nahiko duzu».

        «Nork, nik?» esan zuen Wilhelmek. «Zergatik?»

        «Batzuek uste izaten dute negozioren batean ari naizela eta kobratu egiten dudala frogaren truke. Ez dut sosik eskatzen. Ni ez naiz agentea. Ez dago inongo komisiorik».

        «Ez zitzaidan bururatu ere egin», esan zuen Wilhelmek. Ezer susmagarririk ote zegoen Maurice Venice harengan? Azalpen gehiegitxo ematen ari zen.

        Bere ahots marranta eta gizentasunak ahulduaz, azkenik desafioka hasi zitzaion Wilhelmi, «Ziur ez bazaude, banatzaileari deitu eta galdeiozu ea nor naizen ni, Maurice Venice».

        Wilhelm txundituta zegoen. «Zergatik ez nintzen ziur egongo? Jakina ziur nagoela».

        «Jabetzen naizelako nola ari zaren ni ebaluatzen, eta bulego hau ziztrina delako. Badirudi ez didazula sinesten. Aurrera. Deitu. Ez zait axola tentuz jokatzen baduzu. Benetan. Izaten dira hasieran sinesten ez didatenak. Izan ere, ezin dute sinetsi ospea eta fortuna aurkituko dutenik».

        «Esan dizut sinesten dizudala, ordea», esan zion Wilhelmek aurrera makurtuz bere barre bero eta arnaskariaren bulkadari leku ematearren. Barre nerbiotsu hutsa zen. Lepoa gorrizta zeukan, bizarra belarrien inguruan txukun moztua; bizartegitik irten berria zen eta aurpegia, inpresio atsegina eragiteko desiraren poderioz, antsiaz piztuta zeraman. Baina Venicerekin alferrikakoa zen, hark kezka berbera baitzuen berak eragiten zuen inpresioaz.

        «Harrituta bazaude, orain erakutsiko dizut zer esan nahi dudan», esan zion Venicek. «Duela hamabost bat hilabete izango zen, bulego honetantxe, egunkarian neska eder bat ikusi nuela. Ez zen argazkia ere, marrazkia baizik, bularretako iragarki batekoa, baina berehala konturatu nintzen han "izar" lehengaia zegoela. Egunkarira deitu nuen neska nor zen jakin nahian, eta publizitate agentziaren izena eman zidaten; agentziara deitu eta marrazkilariaren izena eman zidaten; harekin hitz egin nuen eta modelo-agentziaren telefono zenbakia eman zidan. Azkenean, azkenean neskaren zenbakia lortu nuen, eta hari hots egin eta hasi nintzaion, "Maurice Venice naiz, Kaskaskia Films-eko talentu-bilatzailea". Eta neskak berehala, "Bai, esaiozu amonari". Beno, era hartan inora ez nindoala ikusiz esan nion, "Hara, andereño, ulertzen dizut. Oso neska ederra zara eta dozenaka miresle izango duzu beti atzetik, eta adiskideak txantxetan deika adarra jo nahian. Baina ni oso tipo lanpetua naiz eta ez dut txantxetan aritzeko edo eztabaidatzen hasteko astirik, beraz zer egin esango dizut. Hona nire zenbakia, eta hona Kaskaskia Distributors, Inc. delakoarena. Galdeiezu ea nor den Maurice Venice, talentu-bilatzailea". Eta halaxe egin zuen. Handik pixka batera ostera deitu zidan, desenkusatuz eta azalpenak emanez, baina nik ez nuen neska lotsaraziz artistarekin oin okerraz hasi nahi. Badakit hori zein kaltegarria den. Hortaz, esan nion normala zela horrelako arretaz aritzea, ez kezkatzeko. Berehala egin nahi nion pantaila-froga. Gutxitan huts egiten dudalako talentuarekin. Talenturik antzematen badut, bertan dagoelako da. Ez ahaztu, gero. Eta ba al dakizu nor den gaur egun neskatxa hura?»

        «Ez», esan zuen Wilhelmek gogo beroz. «Nor da?»

        «Nita Christenberry», esan zuen Venicek handikiro.

        Wilhelm espresiorik gabe geratu zen. Hutsegitea zen hura. Ez zuen izena ezagutzen, eta Venice erreakzioaren zain zegoen eta haserretu egingo zen.

        Eta bai, Venice irainduta zegoen. «Baina zer gertatzen zaizu?» esan zion. «Ez al duzu aldizkaririk irakurtzen? Starlet bat da».

        «Sentitzen dut», erantzun zuen Wilhelmek. «Unibertsitatean ari naiz eta ez dut berri horiei jarraitzeko astirik. Nik neska ez ezagutzeak ez du ezer esan nahi. Apustu egingo nuke arrakasta handia izan duela».

        «Horretaz ziur egon zaitezke. Hona haren argazkia». Argazki batzuk eman zizkion Wilhelmi. Igerilekuetan ikusten diren eder bat zen; motza, ohiko bular, hankezur eta izter leunak. Bai, ez zegoen gaizki, Wilhelmek gogoratzen zuenez. Oinetako takoidunak zeramatzan, eta apain-orrazi eta mantila espainiarrak. Eskuan haizemaile bat zeukan.

        «Energiaz beteta dirudi», esan zuen.

        «Ez al da neska dibinoa? Eta hori nortasuna! Ez da zinema munduko edozein tipa, sinetsidazu». Sorpresa bat zeukan Wilhelmentzat. «Zoriona aurkitu dut berarekin», esan zuen.

        «A, bai?» esan zuen Wilhelmek, astiro ulertzen hasiz.

        «Bai, motel, hitzemanda gaude».

        Wilhelmek beste argazki bat ikusi zuen, hondartzan egina. Venicek felpazko hondartza-jantzi bat zeraman, eta bera eta neska, matrailak elkarturik, kamerari begira zeuden. Azpian, tinta zuriz, «Maitasuna Malibu Kolonian» zegoen idatzita.

        «Ziur naiz zoriontsua izango zarela. Opa dizut...»

        «Badakit», esan zuen Venicek tinko, «zoriontsua izango naizela. Marrazki hura ikusi nuenean, patuaren hatsak ukitu ninduen. Gorputz osoan sentitu nuen».

        «Aizu, bat-batean zerbait datorkit burura», esan zuen Wilhelmek. «Ez al duzu senitartekoa Martial Venice produktorea?»

        Venice zen edo produktorearen iloba edo haren lehengusu baten semea. Argi zegoen gauzak ez zitzaizkiola oso ondo joan. Wilhelm erraz jabetzen zen hartaz orain. Bulegoa hain zen ziztrina, eta Venice halako urduritasunaz harropuzten zen eta hainbeste eskrupuloz identifikatzen zuen bere burua... gizajoa. Klan oldarkor eta indartsu baten hutsegite iluna zen. Horregatik begikotasunik handiena aurkitu zuen Wilhelmengan.

        Venicek esan zion, «Orain zu non sartzen zaren jakin nahiko duzu noski. Zure unibertsitateko aldizkaria ikusi nuen ustekabean. Argazki benetan ikusgarria duzu han».

        «Ez da hainbesterako izango», esan zuen Wilhelmek, barrez baino arnaska.

        «Ez didazu lanbidea irakatsi behar», esan zuen Venicek. «Utzidazu niri. Ondo aztertu dut dena».

        «Ez nuen inoiz irudikatu... Beno, zer paper mota uste duzu egokituko litzaidakeela?»

        «Hizketan aritu garen denbora guztian zehar zuri begira egon naiz. Ez pentsatu ezetz. Norbait dakarkidazu burura. Ikus dezagun nor izan litekeen... garai bateko bikain haietakoren bat. Milton Sills ote da? Ez, ez da hori. Conway Tearle, Jack Mulhall? George Bancroft? Ez, haren aurpegia zorrotzagoa zen. Gauza bat behintzat esan diezazuket, ez zara George Raft-en tipoa... pertsonaiatxo gogor, leun eta beltz horietakoa».

        «Ez, ez dut uste naizenik».

        «Ez, ez zara gau-klubean tangoa edo boleroa dantzatzen ari den euli-pisuko tipoa, dena ukabilak eta papilote dotoreak. Ezta Edward G. Robinson ere... Ozen pentsatzen ari naiz... Ezta James Cagneyren paper erronkari tipikoa ere, taxista, aho harekin eta ukabilkada haiekin».

        «Jabetzen naiz».

        «Ezta samurra ere William Powell bezala, edo Buddy Rogers bezalako gaztetxo lirikoa ere. Ez duzu menturaz saxofoia joko...? Ez. Baina...»

        «Baina, zer?»

        «Nik kokatzen zaitut George Raft edo William Powell bezalako tipo baten aurrean neska galtzen duena bezala. Irmoa zara, zintzoa, eta bertan behera utzi zaituzte. Emakume adinduek besterik egingo lukete. Amak zure alde dituzu. Pasatu dituztenekin, haien esku balego, segituan onartuko zintuzkete. Oso atsegingarria zara, neskatxak ere jabetzen dira. Ondo zainduko zenituzke. Baina nahiago dituzte bestelako tipoak. Argi baino argiago dago».

        Wilhelmek ez zuen bere burua horrela ikusten. Eta alor zahar hura aztertzean aitortu behar izan zuen nahasi ez ezik, iraindu ere egin zutela. Hara, pentsatu zuen, hartan ere galtzailetzat hartu ninduen.

        «Hala uste al duzu?» esana zion Wilhelmek, ia aurre egitera erabakita.

        Veniceri ez zitzaion inoiz otu gizon batek uko egin ziezaiokeenik halako paper batean antzezteari. «Hemen duzu aukera», esan zuen. «Oraindik unibertsitatean zaude. Zer ari zara ikasten?» Hatzak klaskatu zituen. «Ergelkeriak». Wilhelmi ere hala iruditzen zitzaion. «Berrogeita hamar urtez ekin diezaiokezu inora iritsi arte», jarraitu zuen Venicek. «Era honetan, berriz, jauzi bakar batez munduak ezagutu egiten zaitu. Roosevelt edo Swanson bezalako izena bilakatzen zara. Ekialdetik mendebaldera, Txinaraino, Hego Amerikan barrena. Ez da inongo txorakeria. Mundu osoaren maitale bilakatuko zara. Munduak hala nahi du, horren premia du. Beste tipo batek irribarre egiten du, eta mila milioi pertsonek ere irribarre egiten dute harekin batera. Tipo batek negar egiten du, eta beste mila milioi negar-zotinka hasten dira. Entzun, txo...» Venicek indarrak bildu zituen beste ahalegin bat egiteko. Bere irudimenean deskargatu ezin zuen zama handia zeraman. Wilhelmek ere sentitzea nahi zuen. Bere borondate oneko aurpegiera zabal, argi, ergel samarra okertu zuen haren gatibu bailitzen, eta bere ahots motel eta gantzak trabatuaz esan zion, «Entzun, nonahi dabil jendea gogor ahalegintzen, sufritzen, arazoetan, deprimituta, nekatuta, behin eta berriz ahalegintzen. Aukera bat behar dute, ez? Aurrerako urratsa, laguntza, zortea, edo begikotasuna».

        «Egia da, dudarik gabe!» esan zuen Wilhelmek. Behin mamia harrapatuta, Venicek aurrera segitu zain zegoen. Baina Venicek ez zeukan beste ezer esatekorik; hura zen guztia. Gidoi bateko orri urdin multikopiatu eta grapatu batzuk eman zizkion, pantaila-frogarako prestatzeko esanez. «Ispilu aurrean ikasi testua», esan zion. «Zeure buruari joaten utzi. Paperak zutaz nagusitu behar du. Ez keinuak egiteko edo hunkitzeko beldur izan. Bota ezazu dena. Antzezten hasten zarenean pertsona arrunta izateari uzten baitiozu, eta horrelako gauzak ez dagozkizu gehiago. Ez duzu jende arrunta bezala jarduten».

        Eta Wilhelm ez zen inoiz Penn Statera itzuli. Bere gelakideak New Yorkera bidali zizkion gauzak, eta unibertsitateko zuzendaritzak Adler doktoreari idatzi behar izan zion gertatutakoaren berri jakiteko.

        Hala ere, Wilhelmek beste hiru hilabetez atzeratu zuen Californiarako bidaia. Bere familiaren bedeinkazioekin abiatu nahi zuen, baina ez zizkioten eman. Bere guraso eta arrebarekin borrokatu zen. Eta orduan, arriskuez gehien jabetu zenean eta joatearen aurkako mila arrazoi izan zituenean eta beldurrez gaixotuta egon zenean, orduan joan zen etxetik. Tipikoa zen Wilhelmengan. Asko pentsatu, dudatu eta aztertu ondoren, beti hartzen zuen aldi zenbaezinez errefusatutako bidea. Horrelako hamaika erabakik osatzen zuten bere bizitzaren historia. Hollywoodera joatea hutsegite handia izango zela deliberatu zuen, eta gero Pan egin zen. Bere emaztearekin ez ezkontzea erabaki zuen, baina ihes egin eta ezkondu egin zen. Tamkinekin dirurik ez inbertitzea ebatzi zuen, eta gero taloi bat eman zion.

        Baina Wilhelm bizitza hasteko irrikatzen zegoen. Unibertsitatea beste atzerapen bat baizik ez zen izan. Venice hurbildu eta esan zion munduak Wilhelm izendatu zuela bere aurrean distira zezan. Gehienen bizitza urduri eta meharraz askatuko zen. Areago, Venicek esan zion ez zuela inoiz huts egin. Talenturako zuen sena hutsezina zela esan zion.

        Baina Venicek pantaila-frogaren emaitzak ikusi zituenean bizkor egin zuen bira. Garai hartan Wilhelmek mintzaira-akats bat izan zuen. Ez zen benetako toteldura, ahotsaren artikulazio eza zen, soinu-bandak gehiegitu egiten zuena. Pelikulak erakusten zuen bitxikeria asko zituela, bestela ohartezinak zirenak. Soinak goratzen zituenean, eskuak mahuketan gora joaten zitzaizkion. Bular eskerga zeukan, baina egia esan ez zirudien indartsua argien azpian. Bere buruari hipopotamo deitzen bazion ere, hartzaren antza handiagoa zuen. Hartzaren ibilera zuen, bizkor eta leun samarra, behatzak barrurantz tolestuak, oinetakoak traba izango balitu bezala. Venicek gauza bakar batean arrazoia zuen. Wilhelm fotogenikoa zen, eta bere ile horail ondulatua (orain urdintzen hasia) dotore geratzen zen, baina frogaren ondoren Venicek ez zion adore eman. Berataz libratzen saiatu zen. Ezin zion bere buruari harekin arriskatzen utzi, zegoeneko huts gehiegi egin zituen eta bere senitarte boteretsuen beldurrez bizi zen.

        Bere gurasoei esan zien, «Venicek dio neure buruari zor diodala joatea». Zein lotsatuta zegoen orain gezur hartaz! Erregutu egin zion Veniceri berarekin ez etsitzeko. «Ezin al didazu lagundu?» esan zion. «Orain unibertsitatera itzultzeak hil egingo ninduke».

        Orduan, Kostaldera iritsi zenean, jakin zuen Maurice Veniceren gomendio bat herio-musua zela. Berak, Wilhelmek, inoiz behar izandako baino laguntza eta karitate premia handiagoa omen zeukan Venicek. Urte gutxi batzuk beranduago, Wilhelm zorigaitzean eroria eta Los Angeleseko ospitale batean morroi gisa zebilela, Veniceren argazkia ikusi zuen egunkarietan. Proxeneta izatea leporatzen zioten. Epaiketari hurbiletik jarraituz, Wilhelmek jakin zuen Venice egiatan izan zela Kaskaskia Filmsen enplegatua baina loturaz aprobetxatu zela telefonozko prostituzio kate bat antolatzeko. Orduan zer nahi zuen nirekin? oihukatu zion Wilhelmek bere buruari. Ez zuen Veniceri buruzko oker larriegirik sinetsi nahi. Beharbada txoriburua eta zorigabea zen, inozoa, gizajoa, tentela. Baina horregatik ez da gizon bat hamabost urtez espetxeratzen. Wilhelmek sarri pentsatu zuen hari gutun bat idaztea zenbat sentitzen zuen adieraziz. Gogora etorri zitzaizkion patuaren arnasa eta zoriontsua izango zela iragartzean Venicek zeukan segurtasuna. Nita Christenberryk hiru urteko zigorra jaso zuen. Wilhelmek antzeman egin zion, izena aldatu izan arren.

        Ordurako Wilhelmek ere izena aldatu zuen. Californian Tommy Wilhelm bihurtu zen. Adler doktoreak ez zuen aldaketa onartu nahi izan. Semeari Wilky deitzen zion oraindik ere, berrogei urte baino gehiagoz egin bezala. Izan ere, ari zen pentsatzen orain Wilhelm, egunkaria edozein modutan besapean bilduta, oso gutxi dira gizonak bere borondatez alda ditzakeen gauzak. Ezin ditu birikak, edo nerbioak, edo izaera edo tenperamentua aldatu. Ez dauzka kontrolpean. Gaztea, indartsua eta odolberoa denean, eta gauzak antolatuta dauden erarekin ados ez dagoenean gauzok berrantolatu nahi izaten ditu bere askatasuna baieztatzeko. Ezin du gobernua irauli edo beste era batera jaio; esparru estua du jokatzeko, eta agian funtsean aldatzea ezinezkoa delako bihozkada ere bai. Hala ere, zeinua egiten du eta Tommy Wilhelm bilakatzen da. Wilhelmek betidanik izan zuen Tommy izateko irrika. Ez zuen inoiz, ordea, lortu Tommy bezala sentitzea, eta arimaren hondoan beti segitu zuen Wilky izaten. Mozkor zegoenean destaina ugari egiten zion bere buruari Wilky gisa. «Kaiku hori, memelo hori, Wilky hori!» deitzen zion bere buruari. Pentsatu zuen agian zorionekoa izan zela Tommy bezala inoiz arrakastarik ez lortzea, ez baitzatekeen benetako arrakasta izango. Wilhelm beldur izango baitzatekeen beti ez berak, Tommyk baizik, erosi zuela arrakasta hura Wilkyri bere primutza eskubidea iruzurrez kentzeko. Bai, ergelkeria egin zuen, baina errua bere hogei urteetako zentzu eratu gabeari bota behar zitzaion. Aitaren izena baztertu zuen, eta harekin batera aitak berari buruz izan zezakeen iritzia. Bazekien, ondo jakin ere, askatasunerako saioa zela, bere gogoan espeziearen titulua Adler baitzen, eta Tommy pertsonaren askatasuna. Baina Wilky zuen neutasun saihestezina.

        Adin ertainean ez zenuen horrelakorik pentsatzen aukera-askatasunari buruz. Orduan bururatzen zitzaizun aitona batengandik heredatu zenuela halako eta halako ilea, ezti zuritu edo azukretuaren antzekoa; beste batengandik, sorbalda zabal eta lodiak; mintzaira-berezitasuna osaba batengandik, eta hortz ttikiak beste batengandik, eta begi grisak, iluntasuna zurigunetik ere hedatzen zitzaienak, eta ezpain lodiko ahoa, Peruko estatua batena bezalakoa. Arraza ibiltariek horrelako trazak dituzte; tribu baten hezurrak, beste baten larruazala. Amarengandik zetozkion sentimendu samurrak, bihozberatasuna, izaera hausnartzailea, presiopean bere burua nahasteko joera.

        Izena aldatzea huts egitea izan zen, eta argi eta garbi aitortuko zuen. Baina hutsegite hura ezin zen orain desegin, beraz aitak zergatik ekarri behar zion etengabe gogora nola bekatu egin zuen? Beranduegi zen. Bekatua burutu zen egun patetikora itzuli beharko luke. Eta non zegoen egun hura? Joana eta hila. Noren oroitzapen lotsagarriak ziren haiek? Bereak eta ez bere aitarenak. Zer gogora zezakeen, ona dei ziezaiokeenik? Gutxi, oso gutxi. Barkatu beharra zegoen. Lehenik, bere buruari barkatu, eta ondoren barkamen orokorra. Ez al zuen bada bere aitak baino sobera gehiago sufritzen bere hutsegiteengatik?

        «Oi, Jainkoa», otoitz egin zuen Wilhelmek. «Utzidazu sasietatik irteten. Utzi neure gogoetatik irteten, eta neure buruarekin zerbait hoberik egiten. Oso sentitzen dut alferrikaldutako denbora guztia. Utzi tranpa honetatik bestelako bizitza batera irteten. Erabat nahastuta bainago. Erruki nazazu».

 

 

 

© Saul Bellow

© itzulpenarena: Juan Mari Mendizabal

 

 

"Saul Bellow / Heldu orainari" orrialde nagusia