3.
ELIZABETHEN
OTOITZA

 

Nahiago nuke, Jainkoa,

Egiptoko lurretan hil banintz

 

        Elisha hizketan ari zen bitartean, Elizabethi iruditu zitzaion Jainkoa mezu bat zuzentzen ari zitzaiola bihotzera, suzko epai hura berari zuzendua zela, eta hura entzutera apaltzen baldin bazen, Jainkoak interpretazioa emango ziola. Honek ez zuen eztitan jarri, ikaratu baizik. Beldur baitzen Jainkoak zer esan ote ziezaiokeen; Haren ahotik zer atsekaitz, zer kondenazio, oraindik jasan beharreko probei buruzko zer profezia irten ote zitezkeen beldur.

        Orain Elishak hitz egiteari utzi eta altxatu egin zen; pianora eseri zen. Elizabethek kantu isilak aditzen zituen inguruan; baina aiduru geratu zen. Bere gogoan, su-argiaren antzeko batean, koloka ikusi zuen Johnen aurpegia, hain gogoz bestera munduratu zuen semearen aurpegia. Arrats hartan haren salbazioaren alde ari zen otoitzean: haserre esanezin oro gaindituz grazia egoerara eramana izan zedin.

        Kantatzen ari ziren:

 

                «Jesusek bakarrik eraman behar al du gurutzea,

                Mundu osoa arin dabilen bitartean?»

 

        Elishak pianoan jarraitu zuen kanta, atzamarrak zalantzan balitu bezala, ia-ia gogoz kontra. Elizabethek ere bere gogorik ezaren aurka borrokatu behar izan zuen, baina azkenean bihotza Amen esatera behartu zuen, Ama Washingtonen ahotsa erantzunarekin etorri zenean:

 

                «Ez, bakoitzak bere gurutzea darama,

                Eta nik ere badaramat neurea».

 

        Negarrak aditu zituen berarengandik hurbil. Ella Mae ote zen? Edo Florence? Edo bere malkoen oihartzun areagotua? Kantak zapaldu egin zituen negarrak. Bizitza osoa zeraman kanta hura aditzen, harekin hazia baitzen, baina ez zuen inoiz ulertu oraingoan ulertzen ari zen bezain ondo. Kantuak eliza betetzen zuen, eliza leku ilun hartara eraman zuten ahotsen oihartzunez betetako hutsune edo barrunbe soil bilakatu balitz bezala. Bere izebak beti kantatzen zuen abesti hura, gozagaitz, ahapeka, halako harrotasun samin batez:

 

                «Gurutze kontsakratua eramango dut

                Heriotzak aska nazan arte,

                Eta gero etxeratuko naiz

                Gurutze bat eramatera

                Niretzako gurutzea baitut han».

 

        Ziur aski izeba emakume oso zaharra izango zen orain, izpiritu gogor bera izango zuen artean, eta abesti hura kantatzen segituko zuen berarekin batera hainbeste urtetan bizi zen etxetxo hartan, sorterrian. Eta ez zuen jakingo Elizabethen desohorearen berri, honek ez baitzion idatzi Johnen berri emanez Gabrielekin ezkondu zen arte; eta Jainkoak ez zion inoiz bere izebari New Yorkera joaten utzi. Izebak beti profetizatu zion Elizabethi ez zuela ondo bukatuko, harroa eta tuntuna zelako, eta haurtzaroan nahi zuena egiten utzi ziotelako.

        Elizabethen haurtzaroa amaitu zuten hondamendi-sorta bateko bigarrena izan zen izeba. Lehena, zortzi urte zituela, bederatzi betetzeko, bere amaren heriotza izan zen. Elizabethek une hartan ez zuen gertakari hura hondamenditzat jo, ia-ia ez baitzuen ama ezagutu, eta maite, bederen, ez zuen inoiz maite izan. Ama oso larruazal argikoa zen, oso polita, eta osasun kaskarrekoa, halako moldez non ohean ematen baitzuen denbora gehiena, gaixotasunaren onurei buruzko panfleto izpiritualistak irakurtzen eta Elizabethen aitari asko sufritzen zuela kexatuz. Elizabethek oroimen bakarra zuen amaz: oso erraz hasten zela negarrez eta esne minduaren usaina zeriola. Agian amaren kolore kezkagarriari zor zitzaion hark Elizabeth besoetan hartzen zuenean honek esneaz pentsatzea. Baina bere amak ez zuen Elizabeth oso sarri besoetan hartzen. Elizabeth oso laster hasi zen susmatzen honen arrazoia zela bera ama baino askoz ilunagoa eta, jakina, ez hura bezain polita izatea. Ama aurrean zuenean lotsati, deprimitu, kopetilun egoten zen. Amak aho mehez eta interes amatarrezko afektazio suminduaz galdera zentzugabeak egiten zizkionean Elizabethek ez zuen erantzuten jakiten. Amari musu ematen zionean, edo harena hartzen zuenean, ezin izaten zuen ezkutatu eginbehar-zentzu atsekaitz batek bultzatuta egiten zuena. Honek, jakina, asaldurazko halako sumin bat pizten zuen amarengan, eta hau ez zen inoiz aspertzen Elizabethi neska «oso bitxia» zela esaten.

        Bere aitarekin oso bestelakoa izaten zen, ordea; hura gaztea zen —eta Elizabethek beti irudikatzen zuen gazte—, lerdena, atsegina eta eskuzabala, eta alaba maite zuen. Bere begiko ninia zela esaten zion, bihotzari estekatua zeramala, eta herrialde osoko neskarik politena zela inondik ere. Aitarekin zegoenean ederrarena egiten hasten zen, printzesa-jarrerak hartuz, eta beldur zion gauza bakarra aitak oheratzeko ordua zela, edo berak kanpora joan behar zuela esaten zion unea izaten zen. Beti aritzen zitzaion gauzak erosten, soinean eramateko gauzak, jolasteko gauzak, edo igandetan landetara eramaten zuen paseo luzeak egitera, edo zirkora, zirkoa herrira iristen zenean, edo txotxongiloak ikustera. Larruazal ilunekoa zen, Elizabeth bezala, eta harroa; ez zen inoiz alabarekin haserretu, baina honek hainbat aldiz ikusi zuen bestelako jendearekin haserre; amarekin, adibidez, eta gero, noski, izebarekin. Ama beti zegoen haserre eta Elizabethek ez zion jaramonik egiten; gero izeba egoten zen etengabe haserre, eta Elizabethek hura jasaten ikasi zuen; baina aita inoiz berarekin haserretu izan balitz —garai hartan— hil egin nahiko zukeen.

        Aitak ez zuen Elizabethen nahigabearen berri jakin; gertatu zenean, honek ez zekien nola esan, nola gaineratu halako mina aldez aurretik zeraman oinazeari. Beranduago, Elizabethek esan ahal izango zion ordurako, aitari ez zitzaion jadanik axola, lur isilean ehortzita baitzegoen.

        Orain, kantu eta negarrez inguratuta, aita zetorkion gogora Elizabethi; eta pentsatzen zuen hark izugarri maiteko zukeela bere biloba, era askotan beraren antz handia zuena. Agian ametsetan egoten zen, baina ez zuen uste ametsetan zegoenik Johnengan tarteka aitaren atsegintasunaren oihartzun urrun eta distortsionatuak entzun uste zituenean. Batez ere barrea zuen antzekoa —nola botatzen zuen burua atzera, aurpegia markatzen zioten urteek ihes egiten ziotelarik, eta begi eztiak are eztiago bilakatzen zitzaizkion, eta ahoaren muturrak altxatzen zitzaizkion, mutiko batengan bezala—, eta bere aitaren harrotasun erabatekoa, zeinaren atzean ezkutatzen zen jendearen gaiztakeriari aurre egin behar zionean. Aitak esan zion negar egin behar zuenean bakarka egiteko, inori ikusten ez uzteko, inoiz errukirik ez eskatzeko; batek hil behar zuenean aurrera egin eta hil egin behar zuelako, besteei garaipen-zantzurik eman gabe. Hori esan zion Elizabethek ikusi zuen azken aldietako batean, oso urrutira, Marylandera, eramango zutenean, bere izebarekin bizitzera. Hurrengo urteetan ez zitzaion arrazoirik falta izan haren esanak gogoratzeko. Eta azkenean berarengan ere aurkitu zuen aitak hitzok esan zituenean barruan zuen samin sakona.

        Ama hil zitzaionean mundua erori baitzitzaion. Bere izeba, amaren ahizpa zaharrena, iritsi zenean txundituta geratu zen Elizabethen banitate eta ezgaitasunaren aurrean, eta berehala erabaki zuen haren aita ez zela haur bat hazteko pertsona egokia; batez ere, esan zuen izebak ilun, neskato inozente bat. Eta izebaren erabaki hark, Elizabethek urte luze askotan barkatu ez ziona, ekarri zuen arrastan hirugarren hondamendia, beraren eta munduan maite zuen guztiaren —bere aitaren— arteko bereizketa hura.

        Izebak «etxe bat» esaten ziona eramaten baitzuen aitak; ez bizi ziren etxea, beste bat baizik, Elizabethek ondorioztatu ahal izan zuenez, jende gaiztoa sarri biltzen zen etxea. Eta, Elizabeth nahasi eta izutu egiten zuena, aitak «ukuilua» ere ba omen zeukan. Leku guztietatik hurbiltzen ziren hara beltz zarpail arruntenak (batzuetan beren emakumeak eramaten zituzten, beste batzuetan bertan aurkitzen zituzten) jatera eta pattar ilegal merkea edatera, eta musika jotzera gau osoan zehar; eta gauza okerragoak egitera, hobe esan gabe uztekoak, iradokitzen zuen gero zetorren izebaren isiltasun beldurgarriak. Eta zin egin zuen zerua eta lurra hankaz gora jarriko zituela bere ahizparen alaba halako gizonarekin hazten utzi baino lehen. Ez zuen hainbesteren beharrik izan: apenas zeruari begiratu gabe, eta epaitegiari zegokion lur puska xumea bakarrik astinduz, berea lortu zuen. Trumoi-kolpea bezala, edo sorginkeria bezala, argitik bat-batean ilunpera pasatzen den bezala, Elizabethen bizitza aldatu egin zen. Ama hilda, aita urrunduta, bere izebaren itzalpean bizi zen.

        Edo, orain pentsatzen zuen bezala, berak bizitako itzala beldurra zen; gorrotoak trinkoturiko beldurra. Ez zuen une bakar batez ere aita epaitu; hari zion maitasuna ez zatekeen apur bat ere aldatuko, Deabruaren lehengusua zela esan baliote, ezta frogatuta ere. Froga ez baitzen beretzat existituko, eta existitu izan balitz ere ez zuen haren alaba izateaz inongo damurik izango, ez zuen haren alboan Infernuan sufritzea baino gauza hoberik eskatuko. Eta harengandik banandu zutenean, bere irudimenari guztiz ezinezko egin zitzaion hari leporatzen zizkioten gaiztakeriei errealtasunik egoztea; berak behintzat ez zuen ezertaz akusatu. Larridurak bultzatuta, Elizabeth oihuka hasi zen aitak bera entregatu eta joateko bira egin zuenean, eta besoetan eraman behar izan zuten trenera. Eta erabat ulertu zuenean gertatutako guztia, orduan ere bihotz-bihotzean ezin zuen aita akusatu. Agian gaiztakeriazko bizitza eraman zuen, baina oso ona izan zen berarekin. Eta bizitzak hari eragindako oinazeak kontuan hartuz, munduaren epaiketak ezer gutxi balio zuen. Besteek ez baitzuten berak bezain ondo ezagutu; besteek ez zuten berak bezala maitatu! Baina goibeldu egiten zuen aitak, hitza eman bazion ere, bera erreskatatzera itzuli ez izanak, eta koskortzen ari zenean hain gutxitan ikusi izanak. Emakume egin zenean ez zuen inoiz ere ikusi; baina hura bere errua izan zen.

        Ez, berak ez zuen aita akusatzen; izeba bai, ordea, honek ama maite zuela baina aita maite ez zuela konturatu zen unetik bertatik. Horrek esan nahi zuen derrigorrez izebak ezin zuela bera ere maitatu, eta izebarekin eman zuen denboran zehar ezerk ez zuen frogatu Elizabeth oker zebilenik. Egia zen izeba beti ari zela esaten bere ahizparen alaba zenbat maite zuen, eta nolako sakrifizioak egin behar izan zituen harengatik, eta nolako ardura hartu zuen Elizabeth kristau ona izango zela segurtatzen. Baina Elizabethek ez zion inoiz ere sinetsi, eta harekin bizi zen denbora guztian destaina besterik ez zuen eduki izebarentzat. Konturatzen zen izebak maitasuna esaten ziona beste zerbait zela: koipekeria, mehatxua, botere-irrika zikina. Bazekien maitasunak ekar zezakeen kartzelaratze gisako hori, era misteriotsu batez, arima eta izpirituarentzako askatasuna ere bazela, ura leku idor batean bezalakoa zela, eta bere izebaren ikuspegia betetzen zuten espetxe, eliza, lege, sari eta zigorrekin ez zuela zerikusirik.

        Hala ere, orain nagusitzen zitzaion nahasduran, bere buruari galdetzen zion ez ote zen oker egon; ez ote zuen zerbait alde batera utzi, eta Jaunak ez ote zion horrexegatik sufriarazten. «Mari-apaina halakoa», esan ohi zion izebak garai hartan, «kontuz ibili gero, aditzen? Dama airea erakusten segitzen baduzu, Jainkoak lur apaleraino makurraraziko zaitu. Ez ahaztu, gero. Ikusiko duzu».

        Elizabethek ez zion salaketa hari inoiz erantzun; izebari begi zabal-zabalik eta petralkeriaz so egitera mugatzen zen, mesprezua adierazi eta, aldi berean, izebak bera zigortzeko aurki lezakeen edozein aitzakia baliogabetzeko. Eta amarru hark, inkontzienteki aitarengandik ikasia, gutxitan huts egiten zion. Urteak joan, urteak etorri, bazirudien izebaren begiradak ikasi egin zuela Elizabethek bien artean jarritako distantzia izoztuak, distantzia betiko gaindiezin haiek neurtzen. Ondoren izebak, zorura begira eta ahopeka, «Jainkoak atsegin ez duelako» gaineratu ohi zuen.

        «Bost axola zait niri Jainkoak, edo zuk, zer ez duzuen atsegin», erantzuten zuen Elizabethen bihotzak. «Hemendik joango naiz. Bera bila etorriko zait, eta joan egingo naiz hemendik».

        «Bera» aita zen, eta ez zitzaion inoiz bila joan. Urteak pasa ahala, Elizabethek «hemendik joango naiz» erantzuten zuen bakarrik. Eta deliberamendu hura zintzilik zeraman beti, bularren arteko harribitxi astuna bailitzen; suaz idatzita zeraman bere gogoaren zeru ilunean.

        Bai, ordea; bazegoen alde batera utzi zuen zerbait. Harrokeria hondamendiaren aitzindaria da: eta izpiritu hantusteak amiltzea iragartzen du. Berak ez zekien hura; ez zuen irudikatu amil zitekeenik. Orain, elizan, bere buruari galdetzen zion jakintza hura bere semeari ematen jakingo ote zuen; Johni lagunduko ote zion aldatzea jadanik ezinezkoa zen hura onartzen; semeak, bera bizirik zegoen artean barkatuko ote zion bere harrokeria, zentzugabekeria eta Jainkoarekin merke-zuhurretan ibiltze hura. Orain, elizan, aurrean agertzen baitzitzaizkion, bete-betean, bere amiltzearen aurretik izebaren etxe ilunean emandako urte haiek; etxe hartan beti nagusitzen zen armairuetan luzaroegi gordetako arroparen usaina, eta emakume zaharrena, beren esamesen kutsua zegoen nonahi, nola edo hala izebak tearekin hartzen zuen limoiarena, arrain frijituarena eta sotoan zegoen alanbikearena ere gaineratzen zitzaizkielarik. Bere burua gogoratu zuen, izeba egon zitekeen edozein gelatan sartzen, izebak esan zezakeen edozeri erantzuten, haren aurrean zutik, metala bezain zurrun eta gorroto eta beldurrez beteta, bere bizitzako egun bakoitza borroka bizia, ametsetan ere uxa ezin zezakeen borroka. Orain bazekien hain goizetik eta hain isilik izebari zer aurpegiratzen zion: haur nahasi bat maite zuen aitaren besoetatik erauzi izana. Eta orain bazekien zergatik, modu hain zehaztugabe eta nahigabean, iruditzen zitzaion aitak traizioa egin ziola: ez zuelako lur osoa hankaz gora jarri bere alaba maite ez zuen eta alabak ere maite ez zuen emakume batengandik eramateko. Baina gaur elizan bazekien zein zaila zen lurra hankaz gora jartzea, behin batean saiatu baitzen, eta huts egin zuen. Eta bazekien ere —eta honek belarrik mingotsena baino mingotsagoak egiten zizkion ezpainak ukitzen zizkioten malkoak— hain luzaro izebaren aurka bihotzean eramandako harrotasun eta saminik gabe ezingo zukeela harekin eman zuen bizitza jasan.

        Eta Richard etorri zitzaion gogora. Richardek atera zuen etxe hartatik, Hegoaldetik, Richardek eraman zuen hondamendiaren hirira. Bat-batean agertu zitzaion, eta agertu zitzaion unetik hil zen arte, Richardek bete zion bizitza. Gaur bertan ere, egia ezkutatzen den baina egia bakarrik bizi daitekeen bihotzaren leku gorde hurbil ezinean, ezin zuen hura ezagutu ez izana desiratu; ezin zuen ukatu hura alboan izan zuen bitartean, Zeruaren bozkarioek ez zutela beretzat inongo esanahirik izan, eta Richarden eta Jainkoaren artean aukeratu behar izanez gero, tristatuta baina, Jainkoa alde batera utziko zukeela.

        Eta horregatik eraman zuen Jainkoak Richard bere albotik. Hura guztia ordaintzen ari zen orain, eta harrotasun, gorroto, samin, lizunkeria hura —zentzugabekeria hura, ustelkeria hura— oinordetu zituen bere semeak.

        Richard ez zen Maryland-en jaioa, baina bertan ari zen lanean, janari-denda batean enplegatu gisa, Elizabethek ezagutu zuenean. 1919 zen, eta Elizabethek mendeak baino urtebete gutxiago zuen. Richardek hogeita bi zituen, Elizabethi garai hartan urte mordo bat iruditzen zitzaiona. Segituan erreparatu zuen mutilarengan, kopetiluna baitzen, eta zakar samarra. Izebak zioen haserre batean zerbitzatzen zituela bezeroak, erosten zuten janariak pozoitzea espero izango balu bezala. Elizabethek gogoko zuen hura ibiltzen ikustea: gorputz oso argal, eder eta nerbiotsua zuen, beti erne, pentsatzen zuen Elizabethek. Katuak bezala mugitzen zen, beti behatz-puntetan, eta katu baten indiferentzia harrigarriaz, aurpegia espresiorik gabe, begietan argirik ez. Etengabe erretzen zuen, beti zeraman zigarroa ezpainetan gehitzeak egiten zituen bitartean, eta batzuetan erakusmahai gainean uzten zuen jenero bila joaten zenean. Norbait dendara sartzean «egun on» edo «arratsalde on» esaten zionean, ia begirada jaso gabe esaten zuen, eta ia-ia lotsagabekeriara iristen zen ezaxola erakutsiz. Nahi zuena erosi eta bihurtutako dirua zenbatu ondoren bezeroa joateko jiratzen zenean eta Richardek «Agur» esaten zionean, halako madarikazio-kutsuz esaten zuen, non batzuetan jendeak bira erdia egiten zuen, harrituta.

        «Argi dago ez duela gogoko denda horretan lan egitea», esan zion behin Elizabethek izebari.

        «Lan egitea ez du gogoko», esan zion izebak mesprezuz. «Zu bakarrik zaitu gogoko».

        Udako egun argi batean, beti gordeko zuen argi oroimenean, dendara sartu zen bakarrik, soinean bere uda-soineko zuri onena zeramala eta ile lisatu berri eta muturretan kiribildua xingola eskarlata batez helduta. Elizak antolatutako piknik batera joango zen izebarekin, eta limoi batzuk erostera zihoan. Dendako nagusia, gizon oso lodi bat, espaloian zegoen eserita, haizemailea erabiltzen; ondotik pasa zitzaionean, nagusiak galdetu zion ea beretzat nahiko bero zegoen, eta Elizabethek zerbait esan eta usainez gainezka zegoen denda ilunera sartu zen. Barruko airean euliak burrunbaka ari ziren, eta Richard erakusmahaian eserita zegoen, liburu bat irakurtzen.

        Errudun sentitu zen Richard eragotzi izanagatik, eta desenkusatuz bezala limoi batzuk erostera bakarrik zetorrela esan zion ahapeka. Elizabethek uste zuen mutila ohi zuen bezain zakar haien bila joatea eta bere liburura itzuliko zela, baina hark irribarre eginez esan zion:

        «Hori al da nahi duzun guztia? Pentsa ezazu ondo. Ziur al zaude ez duzula ezer ahaztu?»

        Elizabethek ez zuen inoiz irribarre egiten ikusi; egia esan, ahotsa ere ez zion inoiz aditu. Bihotzak jauzi izugarria egin zion eta gero, hau ere izugarria, betiko gelditzen zela iruditu zitzaion. Han geratu zen, mutilari so. Hark zer nahi zuen errepikatzeko eskatu balio, ziur aski ezingo zukeen gogoratu zer zen. Eta haren begietara so aurkitu zuen bere burua, eta lehen inongo argirik ez zegoela uste zuen lekuan ordura arte ikusi gabeko argia topatu zuen; eta mutilak irribarre egiten jarraitzen zuen, baina haren irribarrean bazegoen halako urduritasun bat. Gero galdetu zion, «zenbat limoi, neskato?»

        «Sei», esan zuen Elizabethek azkenean, eta lasaitu ederra hartu zuen ezer gertatu ez zela konturatuz: eguzkiak distiratzen segitzen zuen, gizon lodiak ate aurrean eserita segitzen zuen, Elizabethen bihotza inoiz gelditu ez balitz bezala ari zen taupatzen. Baina ez zion ziria sartu; gogoan baitzeukan bihotza gelditu zitzaion aldi hura, eta bazekien oraingo taupadak bestelakoak zirela.

        Mutilak limoiak zorro batean sartu zituen eta Elizabeth, herabetasun harrigarri batez, erakusmahaira hurbildu zen mutilari ordaintzera. Erabat nahasita zegoen, konturatzen zelako ezin zituela begiak haren gainetik kendu, ezta begiratu ere.

        «Ama al duzu beti zurekin etortzen den hon?», galdetu zion mutilak.

        «Ez, izeba da». Ez zekien zergatik esan zuen, baina esan egin zuen: «Ama hil zitzaidan».

        «O», esan zuen mutilak. «Niri ere bai». Biok erakusmahaiko diruari begiratu zioten, pentsakor. Mutilak hartu zuen, baina ez zen mugitu. «Pentsatzen nuen ez zela zure ama izango», esan zion azkenik.

        «Zer bada?»

        «Ez dakit bada. Ez du zure antzik».

        Mutila zigarroa pizten hasi zen, baina gero Elizabethi begiratu eta paketea ostera sartu zuen poltsikora.

        «Niregatik ez kezkatu», esan zuen Elizabethek bizkor. «Gainera, joan beharra daukat. Izeba zain dut, kanpora goaz eta».

        Mutilak biratu eta itxi egin zuen diru-kutxa. Elizabethek limoiak hartu zituen. Mutilak bueltak eman zizkion. Elizabethek zerbait gehiago esan beharko lukeela uste zuen, zakarkeria iruditzen zitzaion besterik gabe alde egitea, baina ez zitzaion bururatzen zer esan. Mutilak esan zuen:

        «Beraz horregatik zaude honen ondo jantzita gaur. Nora joan behar duzue?»

        «Piknik batera goaz, elizak antolatutako batera», erantzun zion Elizabethek, eta kolpetik, zergatik jakin gabe, lehenengo aldiz irribarre egin zuen.

        Mutilak ere irribarre egin zuen. Zigarroa piztu zuen, kea arreta handiz neskarengandik urrunduz. «Piknikak gustatzen?»

        «Batzuetan», esan zuen Elizabethek. Oraindik ez zegoen eroso mutilarekin, baina hala ere konturatzen hasia zen egun osoa eman nahiko lukeela mutilarekin hizketan. Zer ari zen irakurtzen galdetu nahi zion, baina ez zen ausartzen. Hala ere, «Nola duzu izena?» bota zion bat-batean.

        «Richard».

        «O», esan zuen berak gogoetatsu. Eta gero, «Ni Elizabeth naiz».

        «Badakit. Behin batean zuri deika aditu nion izebari».

        «Beno», esan zuen berak etsita, eten luze baten ondoren, «agur».

        «Agur? Ez zoaz kanpora, ezta?»

        «O, ez», esan zuen berak nahasita.

        «Ba orduan gero arte», esan zuen mutilak irribarre eginez eta burua makurtuz.

        «Bai», esan zuen berak, «gero arte».

        Elizabethek bina egin eta kalera irten zen. Baina kale haiek ez ziren apur bat lehenago pasa zituenak. Kaleak, goiko zerua, eguzkia, han-hemenka zebilen jendea, den-dena, kolpetik, aldatu zen, eta ez zen berriro gauza bera izango.

        Askoz geroago, Richardek galdetu zion, «gogoratzen al zara dendara sartu zinen egun hartaz?»

        «Bai. Zer bada?»

        «Beno, oso polita zeunden».

        «Ez nuen uste niri begiratzen zenidanik».

        «Ba nik ere ez nuen uste niri begiratzen zenidanik».        «Liburu bat irakurtzen ari zinen».

        «Bai».

        «Zer liburu zen, Richard?»

        «Oi, ez naiz gogoratzen. Liburu bat, besterik ez».

        «Irribarre egin zenuen».

        «Zuk ere bai».

        «Ez, nik ez. Gogoratzen naiz».

        «Bai, horixe».

        «Ez, jauna. Ez zuk irribarre egin arte».

        «Ba dena den, oso polita zeunden».

        Elizabethek ez zuen pentsatu nahi nolako bihotz-gogortasuna, nolako negarraldi kalkulatu, nolako gezurrak eta nolako ankerkeriaz borrokatu beharko zuen izebarekin askatasuna lortzeko. Baina borroka irabazi zuen, nahiz eta kontuan hartu beharreko baldintza batzuekin. Baldintza nagusia zen New Yorken bizi zen bere izebaren emakumezko senide urrun eta izugarri agurgarri baten babespean jarri beharko zela. Izan ere, uda amaitzean Richardek esan zuen hara joango zela, eta Elizabeth berarekin eraman nahi zuen. Richardek Hegoaldea gorroto zuela zioen, eta beharbada horregatik ez zitzaien otu ez batari ez besteari ezkon bizitza han hastea. Eta Elizabeth izututa zegoen izebak Richardekin zuen harremana nolakoa zen aurkitzen bazuen moldatuko ote zen, urte asko lehenago aitaren kasuan moldatu zen bezala, bien arteko banaketa eragiten. Gero pentsatu zuen hura izan zela hain behera erortzea eragin zuten hutsegite ziztrin sorta bateko lehena.

        Baina leku horretara daraman errepideko lautada harritsutik atzera begiratzea ez da inola ere errepide horretan barrena ibiltzea bezala; esan daitekeen gutxiena da ibili ahala bakarrik aldatzen dela perspektiba. Errepidea bat-batean, saldukeriaz bezala eta ezein argudiotarako biderik ematen ez duen erabatekotasunaz bira egin edo gora joan edo behera joaten denean bakarrik ikus dezake batek beste inondik ezin ikus lezakeen guztia. Egun haietan, Jainkoa Bera Zerutik jaitsi balitz, Elizabethi atzera jotzeko zioten tronpeta-hotsez lagundua, hark ozta-ozta adituko zukeen, eta dudarik gabe ez ziokeen inongo jaramonik egingo. Egun haietan ekaitz sutsu batean bizi zen, eta haren erdian, haren bihotzean, Richard zegoen. Eta harengana iristeko bakarrik borrokatzen zen, hartarako bakarrik. Beldur zen zer gerta ote zitekeen elkarrengandik urruntzen bazituzten, zer etor ote zitekeen gogoeta edo beldurrik gabe geratuko zen unean.

        New Yorkera joateko aitzakia Iparraldeak jende koloredunari eskaintzen zizkion aukera handiagoez aprobetxatzea izan zen; Iparraldeko eskola batean ikastea, eta Hegoaldean emango zioketen baino lanpostu hobea lortzea. Izebak, hura guztia bere ohiko burla-airea apur bat ere gutxitu gabe entzunez, ezin izan zuen ukatu belaunaldiz belaunaldi gauzek, gogoz kontra aitortu zuen bezala, aldatu egin beharko luketela; eta ezin zuen Elizabethen bidea oztopatzen zuela zirudien jarrera hartu ere. 1920ko neguan, urtea hasi berria, Elizabeth Harlemeko alkoba itsusi batean aurkitu zen, izebaren senide urrun haren etxean; eta bai, haren agurgarritasuna agerian geratzen zen geletan erretzen zuen intsentsuaren eta larunbatero egiten zituen saio izpiritualisten bidez.

        Etxea oraindik bertan zegoen, ez oso urruti, eta maiz albotik pasa behar izaten zuen. Begirada altxatu gabe ikus zitzakeen bizi izan zen apartamentuaren leihoak, eta leiho batean zegoen emakumearen txartela: MADAME WILLIAMS, IZPIRITISTA.

        Richard igogailu-mutil zegoen hotel berean gelazain lana aurkitu zuen. Richardek esan zuen berak diru pixka bat aurreratu bezain laster ezkonduko zirela. Baina diru gutxi irabazi ez ezik gauean eskolara joaten zenez, beren ezkontza, Elizabethen ustez ia New Yorkera iritsi bezain laster gertatu behar zuena, gero eta urrunago zegoen etorkizunerako utzi behar izan zuten. Eta honek etxean, Marylanden, hausnartu nahi izan ez zuen baina orain itzuri ezin zion arazo bat jartzen zion aurrez aurre: elkarrekin bizitzeko arazoa. Errealitatea, nolabait esatearren, estreinako aldiz agertu zitzaion bere ametsen artean, eta aukera ugari izan zituen bere buruari galdetzeko zer zela eta uste izan zuen Richardekin zegoenean haren grina moteldu ahal izango zuela. Hegoaldean neke handiz gorde zuen bere izebak «preziorik gabeko perla» esaten ziona Richardekin. Bere indar moral femeninoaren lekukotzat jotzen zuen hura, orain konturatzen zen, izebari zion erabateko beldurrari zor zitzaion errealitatean, baita herri txiki hartan zegoen aukera faltan ere. Hemen, hiri handi honetan, ez zen inor inortaz arduratzen, eta jendea urte askotan zehar bizi zitekeen etxe berean elkarri hitz egin gabe; ba hemen, Richardek besoetan hartzen zuenean, amildegi baten ertzean bezala aurkitzen zen. Eta amildegian behera joan zen, axola handirik izan gabe, itsaso izugarrira.

        Halaxe hasi zen. Patu hura zain izan ote zuen bere aitaren besoetatik erauzi zuten egunaz geroztik? Orain aurkitzen zuen mundua ez zen aspaldi erreskatatu zuten beste mundu haren oso desberdina. Hemen ere bazeuden aita sutsuki kondenatzeko izebaren aitzakia izan ziren emakumeak: zurruteroak, berritsuak, whisky eta zigarroen hatsa zerienak. Haiek ongi zekiten zein indarkeria gozo gerta zitekeen ilargi eta izarren pean, edo hiriko argi horizten azpian, belar harrotuan edo ohe kirrinkarian, eta jakintza hark emandako autoritate mistikoaz ibiltzen ziren. Eta bera, Elizabeth, hain emeki eroria, hain estuki kateatua, emakume haietako bat ote zen orain? Bazeuden ere gau eta egun bere aitaren «ukuilu»ra bisita egitera joaten ziren gizonak, beren berba gozo eta musikarekin, beren indarkeria eta sexuarekin: beltzak, marroiak, kafesne kolorekoak, denek begiratzen zioten begi maltzur, likits eta irribarretsuez. Eta haiek ziren Richarden lagunak. Haietako bat ere ez zen inoiz Elizara joaten —nekez sinets zitekeen elizak existitzen zirela zekitenik ere—, eta beti, orduro, egunero, hizketan, beren bizitzan eta beren bihotzetan, beti ari ziren denak Jainkoa madarikatzen. Bazirudien denek esaten zutela, Richardi Jesusen maitasuna aipatu zion batean hark erantzun ziona: «esaiozu kabroi nardagarri horri musuka diezadala ipurdi beltz handi hau».

        Bera, hura entzuteak eragindako izu hutsaz, negarrez hasi zen; hala ere, ezin uka zezakeen halako samin ugariren artean atsekabe-iturri galanta zuela. Azken batean, ez zegoen halako alde handia Iparraldeko eta utzi berria zuen Hegoaldeko munduen artean. Alde bakar bat zegoen: Iparraldeak gehiago prometatzen zuen. Eta antzekotasun bat: prometatzen zuena ez zuen ematen eta, azkenean esku batez eta gogoz kontra ematen zuena, beste eskuaz kentzen zuen. Orain, urduritasunezko hiri huts zaratatsu hartan ulertzen zuen Richardengan hain erakarri zuen urduritasuna; tentsio hura hain zen erabatekoa, haren askapena edo bideratzea hain itxaropen edo aukerarik gabea, non Elizabethek Richarden giharretan sumatzen zuen, eta haren arnasan aditzen, baita bularraren gainean lokartzen zitzaionean ere.

        Eta agian horregatik ez zuen Richard uztea inoiz pentsatu, nahiz eta denbora hartan egundoko beldurra izan, halako munduan bizi baitzen non, Richard alboan izan ez balu, ezingo zukeen oina jartzeko lekurik aurkitu. Ez zuen Richard utzi, beldur zelako zer gertatuko ote zitzaion hari bera gabe. Ez zion Richardi aurre egin, hark bere premia zuelako. Eta ez zuen presionatu ezkontza kontuaz, Richard guztiarekin hain haserre ikusiz, beldur zelako berarekin ere haserretuko ote zen. Richarden indarra bezala ikusten zuen Elizabethek bere burua;itzalez betetako munduan, hark jo zezakeen errealitate ukaezina bezala. Eta berriro ere, gertatutakoa gorabehera, Elizabeth ez zen hartaz damutzen. Saiatua zen, bai, baina ez zuen benetan sentitzen, ezta orain ere. Non zegoen, bada, bere damua? Eta Jainkoak nola entzun behar zuen beraren oihua?

        Hasieran oso zoriontsuak izan ziren elkarrekin; eta amaieraraino Richard oso atsegina izan zen berarekiko, ez zion maitatzeari utzi, eta beti saiatu zen hori erakusten. Ezin izan zuen Richard akusatu, aita ezin akusatu izan zuen bezala. Ongi ulertu zuen haren ahuldura, eta haren izua, baita haren amaiera odoltsua ere. Bizitzak bere maitaleari, mutil basati zorigabe hari jasanarazi zizkionak ez zituzketen bertute handiagoko gizon askok eramaten jakingo.

        Larunbata zen egun onena, bakarrik ordu bata arte lan egiten zutelako. Arratsalde osoa izaten zuten elkarrekin egoteko, eta ia gau osoa, Madame Williamsek larunbat gauetan izaten baitzituen izpiritismo saioak, eta nahiago izaten zuen Elizabeth etxean ez izatea, haren eszeptizismo isilaren aurrean joandakoen izpirituek hitz egiteko eragozpenak izan baitzitzaketen. Zerbitzu-sarreran elkartzen ziren. Richard beti iristen zen bera baino lehen, eta bitxia iruditu arren askoz tankera gazteagoa zuen, nortasun askoz markatuagoa, lanean eraman behar izaten zuen uniforme estu beltz itsusirik gabe. Hizketan edo barreka aritzen zen beste mutilen batekin, edo datuetan jokatzen, eta bere oin-hotsak aditzen zituenean harrizko sarrera luzean barrena, altxatu egiten zen barrez; eta aldameneko mutil bati ukondokada emanez, erdi kantatuz oihukatzen zion: «Ei! Begira! Ez al da polita?»

        Inoiz hutsik egin gabe —Richardek ere horregatik egiten zuen beti— Elizabeth gorritu egiten zen, erdi irribarrez, erdi kopetilun, soinekoaren lepoa urduri ukituz.

        «Hori neska puska!», esaten zuen agian norbaitek.

        «Erne gero», esaten zuen Richardek orduan, Elizabethi besotik helduz.

        «Bai horixe», esaten zuen beste norbaitek orduan, «hik ibili beharko duk erne, bestela edozein egunetan kendu egingo diate Begi Argi andereñoa».

        «Bai», esaten zuen beste ahots batek, «agian nik neronek».

        «Ez horixe», esaten zuen Richardek, Elizabeth kalerantz eramanez, «ez dit inork kenduko nire azukre koskorra».

        Azukre koskorra: hala deitzen zion. Edo batzuetan «sandwich ahoa» edo «musu bitxi» edo «igel aurpegi» esaten zion. Elizabethek ez ziokeen beste inori jasango hala deitzea, noski, eta ez ziokeen beste ezein gizoni utziko Richardi uzten zion bezala, pozik eta etsipenez (eta lokartutako izu batekin) bere jabego publikoa deitzen; bere «konkubina», izebak esango zukeen bezala. Eta gauean, bakarrik zegoenean, hitza, limoi-azala bezain bizia, zerabilen mihian.

        Itsasorainoko aldapa jaisten ari zen Richardekin. Itzulera bakarrik egin beharko zuen, baina une hartan ez zekien horren berri. Mutilak sarreran utzita, New Yorkeko erdialdeko kaleetara jo zuten.

        «Eta zer egingo dugu gaurkoan, azukre koskorra?», esaten zion Richardek bere irribarre harekin, begi hondargabe haiekin, hiri zuriko dorreen azpian, jendea, zuria, albotik presaka pasatzen zitzaien bitartean.

        «Ez dakit, laztana. Zer egin nahi duzu zuk?»

        «Ba agian museoren batera joan gintezke».

        Richardek hau iradoki zuen lehen aldian Elizabethek, izututa, galdetu zion ea sartzen utziko ote zieten.

        «Jakina uzten dietela beltzei sartzen», esan zion Richardek. «Ez al duzu bada ondo hezi behar, putakume horiekin bizitzeko?»

        Richardek ez zuen hizkera zaintzen berarekin zegoenean; hasieran pentsatu zuen haren mesprezuaren adierazpena zela bera hain erraz erori zelako, baina amaieran berarengan sentitzen zuen maitasunaren frogatzat eman zuen.

        Eta Richardek Natur Historia Museora edo Arte Museo Metropolitanora eramaten zuenean, bertako beltz bakarrak berak zirelarik, edo Elizabethen irudimenean hilarriak bezain hotzak ziren pasabideetan barrena gidatzen zuenean, orduan beste bizitza bat sumatzen zuen harengan. Elizabeth izututa geratzen zen, berak ulertzen ez zuen gauza batean Richardek nolako grina jartzen zuen ikusiz.

        Ez baitzuen inoiz ulertu —ez gogo barruan, bederen— larunbat arratsalde haietan Richardek halako suaz esan nahi izaten ziona. Richardek halako indar malenkoniatsuz begiratzen zien afrikar estatuatxo edo totem-zutoinek berarekin izan zezaketen inongo antzekotasunik ez zuen ikusten. Pozik zegoen haien antzik ez zuelako. Nahiago zuen, beste museoan, marrazkiei begiratzea; hala ere, ez zuen Richardek haiei buruz esaten zuenaz piperrik ere ulertzen. Ez zekien hura zergatik zegoen hain zoratuta aspaldi hildako gauza haiekin, edo zer nolako bizigarria ematen zioten, edo zer sekretu espero zuen haietatik ateratzea. Baina azkenean ulertu zuen baietz, elikadura samin gisako bat ematen ziotela, eta gordetzen zituzten sekretuak harentzat hil ala bizikoak zirela. Honek beldur ematen zion Elizabethi, konturatzen zelako Richardek ilargira iritsi nahi zuela, eta horregatik haitzen aurka eroriko zela; baina ez zion ezer esaten. Entzun egiten zion bakarrik, bihotzean haren alde otoitz eginez.

        Baina beste larunbat batzuetan zinera joaten ziren, edo antzerkia ikustera, edo haren lagunak ikustera, edo Central Parken barrena pasiera egitera. Elizabethek oso atsegin zuen parkea, berak ezagututako paisaia, modu faltsu samar batez izanda ere, imitatzen zuelako. Zenbat arratsalde ez zituzten eman inguru hartan! Geroztik, beti saihestu zuen. Kakahueteak erosi eta orduak pasatzen zituzten zooko animaliei janaria ematen; freskagarri bana erosi eta belardi gainean edaten zuten; urmaelaren ertzetik ibiltzen ziren, eta Richardek argitzen zion New York bezalako hiri batek nola aurkitzen zuen edateko ura. Elizabethi Richardenganako sentitzen zuen beldurra erabateko mirespenarekin nahasten zitzaion: hain gazte izanda hainbeste ikasi baitzuen. Jendea begira geratzen zitzaien, baina berari ez zitzaion axola; Richard konturatzen zen, baina ez ikusiarena egiten zuen. Hala ere batzuetan, esaldi baten erdian, ziur aski antzinako Erromari buruz, galdetzen zion:

        «Ene azukre koskorra, maite al nauzu?»

        Eta Elizabethek bere buruari galdetzen zion Richardek nola jar zezakeen zalantzan. Eta pentsatzen zuen ez zela gai izan han argi eta garbi adierazteko. Eta, begiak harengana jasoz, esan zezakeen gauza bakarra esaten zuen:

        «Oraintxe bertan hil nadila maite ez bazaitut. Gure gainean ez dago zerurik maite ez bazaitut».

        Orduan Richardek ironiaz zerura begiratu eta indar handiagoz heltzen zion besotik, eta ibiltzen jarraitzen zuten.

        Behin batean, Elizabethek galdetu zion:

        «Richard, eskolara joan al zinen umetan?»

        Hura begira geratu zitzaion puska luze bat. Eta gero:

        «Laztana, esan dizut ama ni jaiotzean hil zela. Eta aita ez zegoen inoiz etxean. Beraz ez zen inor nitaz arduratu. Leku batetik bestera ibiltzen nintzen, besterik ez. Jende bat nitaz aspertzen zenean, ilarako hurrengoengana bidaltzen ninduten. Ez nintzen ia inoiz eskolara joan».

        «Ba nola izan zaitezke horren argia? Nondik ikasi duzu horrenbeste?»

        Richardek irribarre egin zuen, pozik, esanez: «Azukre koskorra, ez dakit horrenbeste». Gero, Elizabethek ondo ikasia zuen aurpegiera eta ahots aldaketa batez, esan zion: «Baina halako batean kabroi zuriek zekiten adina ikasiko nuela erabaki nuen, eta haiek baino hobeto ikasiko nuela, eta zuri sasikume haietako inork ez ninduela inoiz apalaraziko, ez zidala zaborra nintzela pentsaraziko, ez horixe, haiek baino gehiago nekielako. Orduan ez ninduen inork umilaraziko. Eta inork hil nahi baninduen, nirekin eramango nuen, amarengatik zin egiten dut hori egingo nuela». Gero ostera begiratu zion Elizabethi, irribarre egin zion, eta musu eman zion esanez: «Horregatik dakit horrenbeste, pottoka».

        Berak galdetu zion: «Eta zer egin behar duzu, Richard? Zer nahi duzu izan?»

        Haren aurpegia lausotu egin zen. «Ez dakit. Hori asmatu behar dut. Baina oraingoz ezin dut argi pentsatu».

        Elizabethek ez zekien zergatik ezin zuen —edo susmatu baizik ezin zuen egin—, baina bazekien egia esaten ari zela.

        Hanka sartze handia egin zuen Richardi haurdun zegoela ez esatean. Agian, pentsatzen zuen orain, esan izan balio gauzak oso bestela joango ziren, eta hura bizirik egongo zen oraindik. Baina haurdun zegoela konturatu zenean egoera halakoa zen non, haren onerako zelakoan, ezer ez esatea erabaki baitzuen. Izututa zegoenez, ez zen ausartu Richardi bere bizitzako azken uda hartan nagusitu zitzaion beldurra areagotzen.

        Baina agian huraxe izan zen, azken batean, hari indarra eskatzeko ezintasun hura, noiz eta, mirariz bezala, Richard zama hura eramateko gai izan zitekeenean. Zeren eta —baina nola jakin zezakeen berak?— haren indarra areagotu egin baitzitekeen zama berri hartaz. Eta ahuldade haren barkazioa eskatzen ari zen orain otoitzean. Beharbada, azken batean, amodio hartan behar adina sinetsi ez zuelako galdu zuen.

        Richardengandik urruti samar bizi zen, lau metro-geltoki haratago. Eta etxeratzeko garaia iristen zitzaionean, hark beti hartzen zuen metroa berarekin hiribarrenera, eta etxeraino lagundu. Larunbat batean denboraz ahaztu eta elkarrekin ohi baino luzeago geratu ziren, eta Richardek goizeko ordu bietan utzi zuen etxeko atarian. Presaka esan zuten agur, Elizabeth beldur baitzen gelara igotzean liskarra izango zuela —nahiz eta, harrigarriro, Madame Williamsek jaramon handirik ez egin Elizabethen etxeratzeko orduei—, eta Richardek laster joan nahi zuen ohera. Baina hura kale ilun marmariotsuan behera zihoanean, Elizabethek bat-batean hari deitzeko bulkada sentitu zuen bere baitan, eskatu nahi izan zion berarekin eraman zezan gehiago ez banantzeko. Presaka igo zituen eskailerak, irriño bat ezpainetan burutazio harengatik. Izan ere, Richardek oso gazte eta babesgabea ematen baitzuen urrunduz zihoala, eta hala ere oso lasai eta indartsua.

        Hurrengo egunean berarengana afaltzera joatekoa zen, Elizabethek azkenean Madame Williams konbentzitu baitzuen ezagutu zezan. Baina ez zen azaldu. Elizabethek erotu egin zuen Madame Williams eskaileretan sentitzen zituen oin-hotsekiko zuen bat-bateko sentiberatasuna zela eta. Madame Williamsi jaun bat bisita egitera joango zitzaiola esan ondoren, ez zen etxetik irtetera ausartzen haren bila joateko, Madame Williamsek kalean gizon bila aritzen zela pentsa baitzezakeen. Gaueko hamarretan, ezer azaldu gabe —etxeko andreari oharkabean pasa zitzaion xehetasuna—, ohera joan zen, buruko minez eta bihotza beldurrez gaixo. Beldur baitzen Richardi zer gertatu ote zitzaion, ez baitzion inoiz itxaronarazi; eta beldur zen gorputzean gertatzen ari zitzaiona zela eta.

        Eta astelehen goizean Richard ez zen lanera joan. Elizabeth haren gelara abiatu zen bazkal orduan. Han ere ez zegoen. Haren etxeko andreak esan zion ez zela asteburu osoan agertu. Elizabeth pasabidean dardaraka eta kolokan zegoela, bi polizia zuri sartu ziren.

        Haiek ikusi bezain laster, eta Richarden izena aipa zezaten baino lehen ere, Elizabethek gauza izugarriren bat gertatu zitzaiola jakin zuen. Bihotzak, harekin lehenbiziko aldiz hitz egin zuen uda-egun hartan bezala, egundoko jauzia egin zion eta gero geldi geratu zitzaion, gelditasun izugarri eta zauritu batez. Eskua hormara luzatu zuen gorputzari eustearren.

        «Neska gazte hau haren bila etorri da», aditu zion etxeko andreari esaten.

        Denak begira geratu zitzaizkion.

        «Haren neska al haiz?», galdetu zion polizia batek.

        Elizabethek aurpegi izerditsu eta kolpetik irribarre likits batez tindatutako hari begiratu zion, eta tentetu egin zen, bere dardara kontrolatu nahian.

        «Bai», esan zuen. «Non dago?»

        «Espetxean zegon, laztana», esan zuen beste poliziak.

        «Zergatik?»

        «Zuri baten dendan lapurreta egiteagatik, horra zergatik, polit hori».

        Konturatu zen, eta Zeruari eskertu zion harengatik, sumin hotz izoztu batek zeharkatzen ziola gorputza. Osterantzean erori egingo zen inondik ere, edo negarrez hasiko. Polizia irribarretsuari begiratu zion.

        «Richardek ez du inongo dendatan lapurretarik egin», esan zuen. «Esadazu non dagoen».

        «Esan dinat bada», esan zion irribarrerik gabe, «hire senargaiak denda batean lapurreta egin duela eta horregatik dagoela espetxean. Eta bertan geratuko dun, gainera. Ea, zer deritzon horri?»

        «Eta litekeena dun hiregatik egin izana», gaineratu zuen beste poliziak. «Gizon batek inorengatik denda-lapurreta egingo balu, hiregatik egingo liken».

        Elizabethek ez zuen ezer esan; pentsatzen ari zen nola ikus zezakeen, handik nola atera zezakeen.

        Polizia batek, irribarretsuak, etxeko andrearengana jiratu eta esan zuen: «Emaguzu haren gelako giltza. Zenbat denbora darama hemen bizitzen?»

        «Urtebete inguru», esan zuen etxeko andreak. Begirada mindua bidali zion Elizabethi. «Oso mutil zintzoa zirudien bada».

        «Bai, jakina», esan zuen poliziak eskailerak igoz, «denek dirudite mutil zintzoak errenta ordaintzen dutenean».

        «Eramango nauzue hura ikustera?», galdetu zion Elizabethek beste poliziari. Konturatu zen liluratuta zeukatela zorroan gordetako haren pistolak eta gerriko porrak. Pistola atera eta aurpegi gorri biribilean hustu nahi zion; hartu porra eta indar guztiz garondoan kolpatu, kapela amaitzen zen lekuan, gizon zuriaren ile itsusi zetatsua odol eta garunez zikindu arte.

        «Horixe bada, neska», esan zion. «Gurekin etorriko haiz. Polizia-etxean galdera batzuk egin nahi dizkinate».

        Polizia irribarretsua berriro jaitsi zen. «Hemen ez zegok ezer. Goazemak».

        Elizabeth bien artean irten zen kale eguzkitsura. Bazekien haiekin hitz eginez ez zuela ezer irabaziko. Haien mendean zegoen erabat; haiek baino bizkorrago pentsatu beharko zuen. Bere beldur eta gorrotoari eutsi beharko zien zer egin zitekeen asmatzeko. Richarden bizitza salbatzearren bakarrik, eta agian ezta horrela ere, egingo zuen negar haien aurrean, edo eskuzabaltasuna eskatuko.

        Zenbait ume eta paseozalek osatutako taldetxo batek jarraiki zien eguzkiak argiztaturiko kale luze haustuan barrena. Ezagutzen zuen inorekin topo ez egitea espero zuen bakarrik; burua tente zeraman, aurrera tinko begira, eta larruazala hezurrei itsatsita zeukala iruditzen zitzaion, maskara balerama bezala.

        Eta polizia-etxean nola edo hala jasan ahal izan zituen bertakoen trufa gordinak. (Zertan ari zen hirekin goizeko ordu biak arte, neskato? Horren premia dunan hurrengoan, hator hona nirekin hitz egitera, laztana.) Konturatu zen lehertzeko, edo goraka hasteko, edo hiltzeko zorian zegoela. Izerdia ankerki zerion, kopeta orratzak bailiren zeharkatuz, eta kirats eta zikinez estalita sumatzen zuen bere burua, baina haiei gogoak eman zien arte ez zuen nahi zuena jakin. Hirierdiko espetxe batean zeukaten, Hilobiak izenekoan (izenak bihotza iraularazi zion), eta bihar bertan ikusi ahal izango zuen. Estatuak, edo espetxeak, edo norbaitek, izendatua zion abokatua; hurrengo astean eramango zuten epailearen aurrera.

        Baina hurrengo egunean ikusi zuenean, negar egin zuen. Jo egin zuten, esan zion xuxurlaka, eta apenas ibil zitekeen. Elizabeth jabetu zen ondoren Richardek ia ez zeukala kolperik gorputzean, baina hantura arraro mingarriez beteta zegoela, eta betondo batean ubeldura zeukala.

        Berak ez zuen dendan lapurretarik egin, noski, baina igande gau hartan Elizabeth etxean utzitakoan metro-geltokira jaitsi zen bere trenari itxarotera. Berandu zen, eta trenak astiro zebiltzan. Bakar-bakarrik zegoen andenean, erdi lokarturik, Elizabethengan —hala esan zion— pentsatzen.

        Orduan oin-hotsak aditu zituen andeneko beste muturrean; eta begiak jaso zituenean bi mutil beltz ikusi zituen geltokiko eskailerak korrika jaisten. Arropa zarratatuta zeramaten, eta beldurtuta zeuden. Andenean barrena etorri eta bere ondoan gelditu ziren, arnasestuka. Ea zer gertatzen zen galdetzera zihoakiela, beste mutiko beltz bat ikusi zuen hurbiltzen, gizon zuri bat atzetik zuela. Eta une hartantxe beste gizon zuri batek jaitsi zituen geltokiko eskailerak.

        Orduan, izututa, erabat esnatu zen. Bazekien arazoa edozein zela ere, orain bera ere tartean zegoela, gizon zuri haiek ez baitzuten bereizketarik egingo beraren eta korrika jaitsi ziren mutil haien artean. Denak beltzak ziren, adin bertsukoak, eta elkarrekin zeuden metro-geltokiko andenean. Beraz denak eraman zituzten eskaileretan gora, inongo galderarik egin gabe, auto batean sartu eta polizia-etxera eramanez.

        Polizia-etxean Richardek izena, helbidea, adina eta lantokia eman zituen. Orduan esan zuen lehenbiziko aldiz ez zuela harekin zerikusirik, eta mutilei bere testigantza baieztatzeko eskatu zien. Haiek hala egin zuten, entusiasmo handirik gabe. Elizabethi iruditu zitzaion lehenago ere esan zezaketela, baina ziur aski alferrikakoa izango zela pentsatuko zuten. Eta ez zieten sinetsi; dendaren jabea etorriko zen identifikazioa egitera. Eta Richard lasaitzen saiatu zen: gizon hark ezin esan zezakeen bertan izan zela inoiz ikusi ez bazuen.

        Baina jabea, gizon motza eta alkandora odoleztatua —sastakatu egin baitzuten—, beste polizia batek lagunduta etorri zenean, aurrean zeuzkan lau mutilei begiratu eta «Bai, hauek dira inondik ere» esan zuen.

        Orduan Richard oihuka hasi zen: «Baina ni ez nengoen! Begiraidazu, arranopola! Ez nengoen han!»

        «Kabroi beltzak halakoak», esan zuen gizonak berari begira, «denak berdinak zarete».

        Orduan isiltasuna izan zen polizia-etxean, gizon zurien begiak erne begira. Eta Richardek esan zuen, aho apalez baina, galduta zegoela jakinik: «Hala ere ni ez nengoen han, jauna». Eta gizon zuriaren alkandorari begira, esan zion Elizabethi, bihotz-bihotzean pentsatu zuen, «Lastima hil ez zaituzten».

        Orduan itaunketak hasi ziren. Hiru mutilek berehalakoan sinatu zuten aitorpena, baina Richardek ez zuen nahi. Azkenean esan zuen egin ez zuen zerbait egin egin zuela aitortu baino lehen nahiago zuela hil. «Ba kasu horretan», esan zion polizia batek bat-batean masailekoa emanez, «agian hil egingo haiz, beltz putakumea halakoa». Eta ukaldiak hasi ziren. Richardek ez zion orduan hartaz hitz egin nahi izan; haren berri jakin zuen gogoa eta irudimena betetzen zioten izua eta gorrotoa desagertu eta bakea nagusitu baino lehen.

        «Zer egin behar dugu?», galdetu zion azkenik Richardi.

        Honek irribarre gaizto bat egin zuen, Elizabethek inoiz ikusi ez zion irribarrea. «Agian otoitz egin beharko diozu zure Jesus horri, ea hona jaitsi eta gizon zuri horiei ezer esaten dien». Begira geratu zitzaion agoniazko une luze batez. «Nik ez dakit bestela zer egin», esan zion.

        «Richard, eta beste abokatu bat hartuko bagenu?», iradoki zion.

        Richardek berriz egin zuen irribarre. «Hara», esan zuen, «ene azukre koskorrak engainatu egin nau. Egundoko dirutza dauka galtzerdi batean gordeta, eta niri ezer esan gabe».

        Urte oso batez saiatu zen Elizabeth dirua aurrezten, baina hogeita hamar dolar besterik ez zeukan. Richarden aurrean eseri zen gogoetatsu, dirua ateratzeko egin zitzakeen gauzak aztertuz, kalea egitea ere barne. Gero, etsiak hartuta, negar-zotinka hasi zen dardarka. Haren aurrean Richardi ohiko aurpegiera itzuli zitzaion. «Tira, pottoka, ez zaitez horrela jarri. Dena ondo aterako da». Baina Elizabethek ezin zion negar egiteari utzi. «Elizabeth, Elizabeth, Elizabeth», xuxurlatu zion Richardek. Orduan funtzionarioa sartu eta joateko garaia zuela esan zion. Eta Elizabeth altxatu egin zen. Bi zigarro-pakete ekarri zizkion Richardi, eta poltsan zeuzkan oraindik. Espetxeko arautegiaren berririk jakin gabe, ez zen ausartu zigarroak funtzionarioaren aurrean ematen. Eta zigarroak ematea ahazteak, zenbat erretzen zuen jakinda, negarra areagotu zion. Saiatu zen —baita huts egin ere— Richardi irribarre egiten, eta astiro eraman zuten atera. Eguzkiak ia itsutu zuen, eta atzetik xuxurlaka aditu zion: «Gero arte, pottoka. Ona izan».

        Kalean izan zenean ez zuen jakin zer egin. Puska batez geratu zen ate beldurgarrien aurrean, eta gero kalean gora, kalean behera ibili zen harik eta taxi-gidariak eta inguruko bulegoetako langileak egun osoan sartzen eta irteten egoten ziren kafetegi bat aurkitu zuen arte. Normalean beldurra ematen zion hirierdiko denda eta kafetegietan sartzeak, zuriak bakarrik egoten zirelako, baina hartan ez zitzaion axola izan. Pentsatu zuen inork ezer esaten bazion jiratu eta biraoka hasiko zitzaiola kaleko putarik putena bezala. Inork ukitzen bazuen, ahaleginak egingo zituen haren arima Infernura bidaltzeko.

        Baina ez zuen inork ukitu; ez zitzaion inor mintzatu. Kafea edan zuen, leihotik sartzen zen eguzki indartsupean eserita. Orduan konturatu zen zein bakarrik, zein beldurtuta zegoen. Ez zen bizitza osoan hain beldurtuta egon, Bazekien haurdun zegoela, hezur-muinetan sumatzen zuen, zaharrek zioten bezala. Eta Richard kondenatzen bazuten, zer egin behar zuen berak? Bi urte, hiru urte baziren —ez zekien zenbat denborako zigorra jaso zezakeen— zer egin behar zuen berak? Eta nola egin zezakeen bere izebak jakin ez zezan? Eta izebak haren berri jakiten bazuen, aitak ere jakingo zuen. Begiak malkoz bete zitzaizkion, eta kafe hotz zaporerik gabea edan zuen. Eta zer egingo zioten Richardi? Eta espetxeratzen bazuten, nolakoa izango zen handik irtetean? Kanpoko kale lasai eguzkitsuei begiratu zien, eta lehenbiziko aldiz bere bizitzan, guztia gorroto zuen: hiri zuria, mundu zuria. Egun hartan ez zitzaion burura etortzen pertsona zuri jator bakar bat mundu osoan. Han egon zen eserita, eta espero izan zuen egunen batean Jainkoak, tortura sinestezinen bidez, jende zuria apalaraztea, eta jakinaraztea neska-mutil beltzek, halako harrokeria, destaina eta isekaz tratatzen zituztenak, haiek ere bazituztela gizakienak bezalako bihotzak, berenak baino bihotz humanoagoak gainera.

        Baina ez zuten Richard kondenatu. Beste hiru lapurren eta Elizabethen testigantza zela medio, eta dendaren jabeak zinpean erakutsi zuen zalantza kontuan hartuz, ez zuten kondenatzeko frogarik aurkitu. Epaimahaiak pentsatu zuen, nolabaiteko pozez eta nolabaiteko dezepzioz, Richardek zorte handia izan zuela sasietatik hain erraz irteten. Segituan joan ziren haren gelara. Eta han —Elizabethek ez zuen bizitza osoan ahaztuko— Richard ohe gainean ahozpez etzan eta negarrari eman zitzaion.

        Elizabethek gizon bakarra ikusi zuen negarrez bizitza osoan —bere aita— eta ez zen hura bezalakoa izan. Ukitu egin zuen, baina Richard ez zen gelditu. Elizabethen malkoak ere mutilaren ile zikin orraztu gabera erori ziren. Besarkatzen saiatu zen, baina puska batean Richardek ez zuen nahi izan. Haren gorputza burdina bezalakoa zen; Elizabethek ezin zuen hartan leuntasunik aurkitu. Ohearen ertzean eserita zegoen, uzkurtuta, ume beldurtua bezala, eskua mutilaren bizkar gainean, ekaitza noiz pasako zain. Orduan erabaki zuen oraindik haurraren berririk ez ematea.

        Pixkanaka Richard deika hasi zitzaion. Gero biratu egin zen, eta Elizabethek bularraren aurka estutu zuen, mutilak dardaraka eta hasperenka segitzen zuelarik. Azkenean lokartu egin zen, Elizabethi tinko helduta, uretara zihoan azken aldia bailitzen.

        Eta azken aldia izan zen, bai. Gau hartan eskumuturretako zainak ebaki zituen bizar-labanaz, eta hurrengo goizean etxeko andreak aurkitu zuen, argirik gabeko begiak gora begira, maindire eskarlaten artean hilda.

        Eta orain kantatzen ari ziren:

 

                «Norbaitek behar zaitu, Jauna,

                Zatoz guregana».

 

        Bere atzean, bere gainetik, Gabrielen ahotsa aditu zuen. Hura zutitu zen eta besteei otoitz egiten laguntzen ari zitzaien. John belauniko ote zegoen oraindik, edo zutitu ote zen, haur baten egonezinaz, ingurura begiratzera? Bazegoen harengan halako zurruntasun bat, hausten zaila izango zena, baina egunen batean hautsi egingo zena inondik ere. Berea hautsi zen bezala, eta Richardena; inork ezin baitzion ihes egin. Jainkoa nonahi zegoen, beldurgarri, Jainko bizia; eta kantak zioenez, hain garai non inor ezin baitzen gorago igo, hain apal non beherago jaistea ezinezkoa baitzen. Hain zabal, inork ezin baitzuen inguratu, atetik sartu behar baizik.

        Eta berak gaur ezagutzen zuen ate hura: ate bizi eta suminkor hura. Berak bazekien nolako suen gainetik pasa behar zuen arimak arrastaka, eta nolako negarrez egin behar zen bidaia. Gizonek esaten zuten bihotza nola hausten zen, baina ez zuen inork esaten arima nola geratzen zen isilik, bizirik eta hilik zeudenen arteko bitarte, hutsune, izu hartan zintzilik; nola, arropa oro zarratatu eta alde batera botata, arima biluzia Infernuaren ahoaren beraren gainetik pasatzen zen. Behin han zegoenean, ezinezkoa zen atzera jotzea; behin han zegoenean, arimak gogoratzen zuen, bihotzak batzuetan ahazten bazuen ere. Munduko gauzek bihotza nahasten baitzuten, eta hau totelka erantzuten saiatu; bizitzak eta maitasunak, gozamenak eta, faltsukeria ugariz, itxaropenak zamatu egiten zuten giza bihotz ahazkorra. Arimak bakarrik, obsesionatuta egindako eta oraindik ere egin beharreko bidaiaz, jarraitzen zuen xede misteriotsu eta beldurgarrirantz; eta berarekin zeraman bihotza, negar eta saminez kargatuta.

        Beraz, Zeruan gerra zegoen, eta negar ugari Tronuaren aurrean: bihotza arimari kateatuta, eta arima haragi barruan hetsita; negarrek, anabasak, eta pisu jasanezinak betetzen zuten lurra. Jainkoaren maitasunak bakarrik ezar zezakeen ordena kaos hartan; Harengana jo behar zuen arimak askatua izateko.

        Baina hura eginkizuna! Nola ez zuen bada otoitz egingo Hura semeaz erruki zedin, eta bere aitaren eta amaren bekatutik jaiotako larriduratik libra zezan? Eta semearen bihotzak poz pixka bat ezagutu zezan samin luzea gainera jaitsi baino lehen?

        Hala ere bazekien bere negar eta otoitzak alferrikakoak zirela. Gertatu beharrekoa gertatuko zen; ezin zuen ezerk galarazi. Saiatu zen behin norbait babesten, eta espetxera bidali besterik ez zuen egin. Eta gaur ere pentsatzen zuen, beste hainbatetan bezala, azken batean agian hobe izango zuela bihotzez hain erabakita zuena egitea; bere semea arrotzei ematea, haiek agian gehiago maiteko baitzuten, Gabrielek inoiz maite izan zuen baino gehiago. Gabrieli sinetsi egin zion, ordea, Jainkoak seinale moduan berarengana bidalia zela esan zionean. Hilobira arte zainduko zuela esan zion Gabrielek, eta abizenik gabeko seme hura berea balitz bezala maiteko zuela. Eta promesa haren letra bete zuen, bai, elikatu eta jantzi baitzuen, baita Biblia irakatsi ere, baina izpiritua falta zen han. Eta Elizabeth maite zuen —baldin eta maite bazuen— bere seme Royren ama zelako bakarrik. Eta hura guztia sumatu zuen urte mingarri haietan zehar. Gabrielek behintzat ez zekien Elizabethek bazekiela, eta honek ez zekien hark ere ba ote zekien.

        Florenceren bidez ezagutu zuen Gabriel. Florence lanean ezagutu zuen, udaren erdian, Richard hil eta urtebetera. Johnek sei hilabete zituen orduan.

        Oso bakarti sentitzen zen uda hartan, deprimituta. Johnekin bakarrik bizi zen, Madame Williamsen apartamentuan zeukan baino gela jantzi ziztrinago batean. Madame Williamsenetik Richard hil eta berehala joan zen, noski, landetan ohea ere ematen zioten lana aurkitu zuela esanez. Uda hartan izugarri estimatu zion Madame Williamsi axolagabetasun hura; emakumea ez baitzen konturatu, antza, Elizabeth atso zahar bihurtu zela egun batetik bestera, izuak eta atsekabeak erdi erotuta. Izebari idatzi zion inoiz idatzitako gutun lehorren, laburren eta hotzena, ez baitzuen haren bularrean egon zitekeen ezein ardura piztu nahi; Madame Williamsi esan zion bezala, ez kezkatzeko esaten zion, Jainkoaren eskuetan baitzegoen. Eta halaxe zegoen; Jainkoaren eskutik bakarrik etor zitekeen samin hartan barrena, esku berak lagundu zion pasatzen.

        Florence eta Elizabeth garbitzaile zeuden Wall Streeteko harrizko bulego-eraikin garai zabalean. Arratsean iritsi eta gaua ematen zuten harrera-gela zabalak eta bulegoak zapi, erratz eta baldez garbitzen. Lan izugarria zen, eta Elizabethek gorroto zuen; baina gau-lana zen, eta pozik hartu zuen, hari esker egunean zehar Johnez arduratu ahal izango baitzen haurtzaindegian dirurik gastatu behar izan gabe. Haurraz kezkatuta egoten zen gau osoan zehar, noski, baina gauez hura behintzat lo zegoen. Otoitz egiten zuen etxea erre ez zedin, John sehaskatik eror ez zedin edo, modu bitxiren basez, gas-giltza ireki ez zezan, eta alboko emakumeari, tamalez gehitxo edaten bazuen ere, noizean behin umea nola zegoen ikusteko eskatu zion. Emakume hura, aldizka arratsaldetan ordubetez-edo ikusten zuena, eta etxeko andrea ziren ikusten zuen jende bakarra. Utzi egin zion Richarden adiskideak ikusteari, haiek Richarden semearen berria jakitea ez baitzuen nahi; gainera, hura hil ordurako laster ikusi zen beren artean gauza komun gutxi zutela. Elizabethek ez zuen jende berririk ezagutu nahi; aitzitik, ihes egiten zion jendeari. Egoera aldatu eta ohoregabe hartan besteen begien aurrean agertzea ezin zuen jasan. Lehen izandako Elizabeth hura ehortzita zegoen urruti —aita isil eta galduarekin, izebarekin, Richarden hilobian— eta oraingo Elizabeth hari ez zion antzematen, ez zuen ezagutu nahi.

        Baina gau batean, lana bukatutakoan, Florencek kafe bat banatzera gonbidatu zuen inguruko gau-kafetegian. Beste zenbaitek ere gonbidatua zuten Elizabeth lehenago ere, noski —gau-zainak, adibidez—, baina beti esan zien ezetz. Haurraren aitzakiaz baliatzen zen, etxera janaria ematera joan behar zuela eta. Garai hartan alargun gaztearena egiten zuen, eta ezkon eraztuna eramaten zuen. Luze gabe gero eta jende gutxiagok galdetzen zion, eta uzkur ospea hartu zuen.

        Florencek ia ez zion Elizabethi hitzik egin hau errukizko egoera tamalgarri hartara iritsi aurretik; baina Elizabethek erreparatu zuen Florencerengan. Hau isileko duintasun sumin batez ibiltzen zen, nahiko barregarria zena. Hura ere ez zegoen ondo ikusia, eta ez zuen harremanik izaten lankide zituen emakumeekin. Hasteko, dezente zaharragoa zen, eta ez zirudien ezertaz barre egiteko edo esamesetan ibiltzeko gai zenik. Lanera joaten zen, lana egiten zuen eta joan egiten zen. Inork ezin zuen irudikatu zer zerabilen gogoan pasabideetan barrena kopetilun ibiltzen zenean, ilea zapi zatar batean bilduta eta baldea eta xuka makila eskuan. Elizabethek uste zuen behiala oso aberatsa izan behar zuela, ondoren diru guztia galduz; eta zorigaitzean eroritako emakume batek beste batenganako bezala, halako sinpatia sentitzen zuen harenganako.

        Egunak joan, egunak etorri, argitzen ari zenean elkarrekin kafea hartzea ohitura bihurtu zitzaien. Elkarren ondoan esertzen ziren kafetegia beti egoten zen hutsik iristen zirenean, eta jendez betetzen zen ordu laurden bat beranduago, kafea eta donutak hartu ondoren, hiribarreneko metroa hartzera joaten zirenean. Kafea hartzean eta metroz ibiltzen ziren bitartean berriketan aritzen ziren; mintzagaia Florence izaten zen batez ere, eta jendeak zein gaizki tratatzen zuen, eta zein bizitza hutsala zeraman orain, senarra galdu ondoren. Hark izugarri maite zuen, Florencek zioen, eta apeta guztiak betetzen zizkion, baina arduragabekerian eroria zen. Florencek mila aldiz esan zion: «Frank, bizi-asegurua izenpetu behar zenuke». Baina hark uste zuen —zein tipikoa gizon batengan!— betiko biziko zela. Eta orain han zegoen bera, Florence, emakume adinduxea, hiri gaizto hartako zabor beltz guztiaren erdian bizitza irabazi beharrean. Elizabeth, emakume harro hari sumatzen zitzaion aitortzeko beharrak apur bat harrituta, hala ere sinpatia handiz entzuten zion. Florenceren interesa eskertu beharrekoa zuen. Askoz zaharragoa baitzen, eta izugarri atsegina zirudien.

        Zalantzarik gabe hura izan zen, Florenceren adina eta adeitasuna, Elizabeth berezkotasunez Florencek konfidentziak egitera bultzatu zuena. Atzera begira, sinesgaitza egiten zitzaion hain etsita edo ume-antzean jardun izana; baina berriro ere atzera begiratuz, argi ikusten zuen orduan halako modu inkoherenteaz sentitu zuena: hots, premia handia zuela beste gizaki batek, nonbait, berari buruzko egia jakin zezan.

        Florencek askotan aipatu zion nola poztuko zukeen Johnny txikiaren ezagutza egiteak; ziur zegoen, esaten zion, Elizabethen edozein haur miragarria izan behar zuela. Uda haren amaiera partean, igande batean, Elizabethek John arropa onenez jantzi eta Florenceren etxera eraman zuen. Bera modu bitxi eta beldurgarri batez deprimituta zegoen egun hartan, eta John ez zegoen umore onean. Bere burua aurkitu zuen kopetilun semeari begira, aurpegian etorkizuna irakurri nahi izan balio bezala. John heldua egingo zen egun batean, hitz egingo zuen eta galderak egingo zizkion. Zer nolako galderak egingo ote zizkion? Zer nolako erantzunak emango ote zizkion berak? Argi zegoen ezingo ziola betiko gezurra esan bere aitari buruz, ze egunen batean zeraman abizena aitarena ez zela konturatuko baitzen. Richard ere aitarik gabeko umea izan zen, gogoratu zuen etsita eta saminez, John udako igande hartan kale jendetsuetan barena zeramala. Jende bat nitaz aspertzen zenean, ilarako hurrengoengana bidaltzen ninduten. Ilara ederra, bai, pobrezia, gosea, ankerkeria, izua eta dardaretan barrena heriotzaraino zeramana. Eta espetxera joan ziren mutilez gogoeta egin zuen. Han ote zeuden oraindik? John ere haietako bat bihurtuko ote zen egunen batean? Han zeuden mutilak, drugstore-etako erakusleihoen aurrean, billar-aretoen aurrean, kale-kantoi guztietan, bera pasatzen zenean txistuka hasten zirenak, haien gorputz argalak jadanik alferkeria, gaiztakeria eta frustrazioz beteak. Nola espero zezakeen bera bakarrik, txiro eta gosetua, semearen eta hondamendi indartsu eta hedatu haren artean jarri ahal izatea? Eta orduan, bere irudipen ilun guztiak baieztatzeko bezala, metroko eskaileretara iritsi zirenean, John intzirika, kexuka eta negarrez hasi zen.

        Eta halaxe jarraitu zuen hiribarrenera iritsi ziren arte. Hortaz, egun hartan edozer eginda ere semea ezin poztuko zuela ikusiz, zama artega hura besoetan zeramala, beroa eta begira zeukan jendea zela eta, halako izu bitxi batek harrapatu zuen eta Florenceren etxera iritsi ordurako ia-ia negarrez zegoen.

        Orduan John, konturatu zen Elizabeth lasaituta eta haserre, umerik alaiena bilakatu zen. Florencek granatezko brotxe zahar astun bat zeraman paparrean, atea ireki zuenean segituan Johnen arreta erakarri zuena. Han besoak luzatzen hasi zen brotxeari heldu nahian, Florenceri kontuak egiten eta lerdea zeriola betidanik ezagutu balu bezala.

        «Hara!», esan zuen Florencek, «emakumeen atzetik benetan ibiltzeko adinera iristen denean nahiko lan izango duzu, neska».

        «Halaxe da, bai», esan zuen Elizabethek ilun. «Hainbeste lan ematen dit, denboraren erdian zertan ari naizen ere ez dut jakiten».

        Florence, bitartean, Johnen arreta brotxetik desbideratu nahian zebilen, laranja bat eskaintzen. Baina Johnek ikusiak zituen laranjak lehenago; une batez begiratu zion hari lurrera bota baino lehen. Ostera ere hasi zen brotxearen kariaz kontuak egiten, betiere lerdea zeriola.

        «Atsegin zaitu», esan zuen Elizabethek azkenean, umea ikusiz apur bat lasaituta.

        «Nekatuta egon behar duzu», esan zuen Florencek. «Etzan ezazu hor». Eta besaulki bat eraman zuen mahai ondora, Johnek ikus zitzan jaten ari ziren bitartean.

        «Nebaren gutuna iritsi zitzaidan lehengoan», esan zuen, janaria mahaira eramanez. «Emazte gajoa hil egin zaio eta Iparraldera etortzeko asmotan dabil».

        «Ez zenidan inoiz esan neba bat zenuenik!», esan zuen Elizabethek bat-bateko interes faltsu samar batez. «Eta hona etorri behar al du?»

        «Berak hala dio. Ez du izango hara lotzen duen ezer, Debora hil denez». Elizabethen aurrean eseri zen. «Badira hogei urte paseak ez dudala ikusten», esan zuen, pentsakor.

        «Orduan egun handia izango da elkartzen zaretenekoa», esan zuen Elizabethek irribarrez.

        Florencek ezezka astindu zuen burua, Elizabethi jaten has zedin keinua eginez. «Ez», esan zuen. «Ez gara inoiz ondo konpondu, eta ez dut uste aldatu denik».

        «Hogei urte epe izugarri luzea da», esan zuen Elizabethek. «Nahitaez aldatu behar izan du pixka bat».

        «Gizon horrek izugarri aldatu beharko luke guk elkar ulertzeko». Eten triste iluna egin zuen. «Ez, nahigabetu egiten nau hura etortzeak. Ez nuen mundu honetan berriro ikusteko asmorik. Ezta bestean ere».

        Elizabethi iruditzen zitzaion hura ez zela neba bati buruz hitz egiteko modua, batez ere hura ezagutzen ez zuen baina denbora joan ahala ezagutuko zuen norbaiti.

        «Zer egiten du zure nebak?», galdetu zion, nahasita.

        «Predikatzailea-edo da», esan zuen Florencek. «Ez diot inoiz aditu. Baina etxean bizi nintzenean emakumeen atzetik ibiltzen eta mozkortu ondoren bide-bazterretan azeria larrutzen besterik ez zekien».

        «Ohiturak bederen aldatuko ahal zituen!», esan zuen Elizabethek.

        «Jendeak nahi adina aldatuko ditu ohiturak», esan zuen Florencek. «Baina hala ere barruan daukazuna barruan daukazu, eta nola edo hala atera beharra dauka».

        «Bai», esan zuen Elizabethek gogoetatsu. «Baina ez duzu uste», galdetu zuen zalantzakor, «zeruko Jaunak pertsona bati bihotza alda diezaiokeenik?»

        «Askotan aditu izan dut baietz, baina oraindik ikusteko nago», esan zuen Florencek. «Ibiltzen dira, bai, beltz horiek, Jainkoak bihotza aldatu diela diotenak; baina ez zaie ezertxo ere gertatu. Jaio zirenean zuten bihotz beltz berbera dute. Bihotz horiek Jainkoak emandakoak izango dira noski, eta hara, laztana, Jainkoak ez du bigarren bihotzik ematen, hemen nauzu ni lekuko».

        «Ez», esan zuen Elizabethek pisuki, eten luze baten ostean. Johni begiratzera biratu zen, Florenceren besaulkia apaintzen zuten farfailezko oihal karratuak txikitzen ari baitzen. «Hori egia da. Salbabidea behin bakarrik aurkezten zaizu, eta kito. Heltzen ez badiozu, zureak egin du».

        «Orain triste-triste ari zara esan zuen Florencek.»Zer gertatzen zaizu?

        «Deus ez», esan zuen Elizabethek. Mahaira jiratu zen. Gero, saihestu ezinik, eta gehiegi esan behar ez zuela pentsatuz: «mutiko honengan pentsatzen ari nintzen, zer gertatuko ote zaion, nola haziko dudan nik bakarrik hiri izugarri honetan».

        «Baina ez duzu pentsatuko bizitza osoa ezkongabe ematea, ezta?», galdetu zuen Florencek. «Neska gaztea zara, eta nahiko polita gainera. Nik zure lekuan ez nuke presarik izango senar berria bilatzeko. Ez dut uste emakumea behar bezala tratatzen dakien beltza oraindik jaio denik. Denbora duzu, laztana, beraz ez presarik izan».

        «Ez dut horrenbeste denborarik», esan zuen Elizabethek astiro. Ezin zuen bere burua isilarazi. Barruan zerbaitek isiltzeko esan arren, hitzak kanpora irteten ziren. «Eztei-eraztun hau ikusten? Ba neronek erosia da. Mutiko honek ez du aitarik».

        Esanda zegoen; hitzok ezin zuten atzera egin. Eta han, Florenceren mahaian eserita, dardaraka, ausardiak emandako lasaitasun mingarria sentitu zuen.

        Florencek halako erruki biziz begiratu zion, non haserrea baitzirudien. Johni begiratu zion, eta gero atzera Elizabethi.

        «Gajoa», esan zuen Florencek aulkiaren bizkarrean bermatuz, aurpegia oraindik sumin bitxi gogoetatsu hartaz beteta. «Latzak pasa dituzu, ezta?»

        «Beldurra nuen», bota zuen Elizabethek dardarati, hitz egitea saihestu ezinik.

        «Beti gertatzen da gauza bera», esan zuen Florencek. «Ez da oraindik jaio edozein gizon ezgaik zapalduko ez duen emakumea. Antza denez, gizonen batek lohira eraitsi eta bertan utzi ez duen emakumerik ez da, gero hark bere bizitzarekin lasai jarraitzeko».

        Elizabethek mahaian eserita jarraitzen zuen, mugitu ezinik, esateko beste ezer ez zuela.

        «Zer egin zuen?», galdetu zuen Florencek azkenean. «Alde egin eta zu bertan behera utzi?»

        «O, ez!» esan zuen bizkor Elizabethek, begiak malkoz betetzen zitzaizkiola. «Ez zen halakoa! Hil egin zen, egia da. Arazoak izan zituen, eta hil egin zen bere haurra jaio aurretik». Negarrez hasi zen eutsi ezinik, lehenago hizketan jardun zuen bezala. Florence altxatu eta Elizabethengana hurbildu zen, haren burua bularrera eramanez. «Hark ez nindukeen inoiz utziko», esan zuen Elizabethek, «baina hil egin zen».

        Eta orain malkoak askatu zitzaizkion, luze eutsi ondoren, inoiz gelditzeko gai izango ez balitz bezala.

        «Tira, ez negar egin», esan zion Florencek emeki. «Ikaratu egingo duzu mutikoa. Ez du amatxo negarrez ikusi nahi. Lasai, lasai», esan zion Johni, suntsiketa-lanak alde batera utzi eta bi emakumeei so zegoena. «Ez da ezer, lasai».

        Elizabethek poltsa mukizapi bila arakatu eta begiak lehortzeari ekin zion.

        «Bai», esan zuen Florencek leiho aldera hurbilduz, «gizonezkoak hil egiten dira. Eta gu geratzen gara, emakumeok, Bibliak dioen bezala, dolu egiten. Gizonak hil egiten dira, eta haientzat dena amaitzen da, baina emakumeok bizitzen jarraitu behar izaten dugu, haiek egin dizkigutenak ahazten saiatuz». «Bai, alajainkoa...» Eta etenaldia egin zuen; bira egin eta Elizabethengana itzuli zen. «Bai, alajainkoa», errepikatu zuen, «ondotxo dakit, bai».

        «Sentitzen dut afari goxo hau honela hondatu izana», esan zuen Elizabethek.

        «Aizu», esan zion Florencek, «ez berriz sentitzen duzula esan, edo atean jarriko zaitut. Tira, har ezazu umea eta eser zaitez besaulkian atseden hartzera. Ni sukaldera joango naiz edateko gauza freskoren bat prestatzera. Ez zaitez kezkatu, laztana. Jainkoak ez zaitu hainbeste apalaraziko».

 

        Gero, handik bizpahiru astera, igande batean Gabriel ezagutu zuen Florenceren etxean.

        Florencek esandakoak ez zion lagundu Gabriel ezagutzeko prestatzen. Florence baino zaharragoa izango zela uste zuen, burusoila edo ile-urdina. Arreba baino dezente gazteagoa zirudien, ordea, eta hortzak eta ile guztia zeuzkan oraindik. Igande hartan, Florenceren egongelatxoan eserita, bere begi nahastuei lur ihartu hartan zegoen harkaitz sendoa iruditu zitzaien.

        Elizabeth gogoratzen zen Johnen zama astuna besoetan zeramala eskailerak igo zituenean, eta etxebizitzara sartzean, musika aditu zuela, Florencek atea ixtean motelduz joan zen musika. Johnek ere aditu zuen, eta gorputza bihurrituz, eskuak airean mugituz eta kanta bat izan nahi zuten soinuak eginez erreakzionatu zuen. «Beltza zara, dudarik ez dago», pentsatu zuen alai eta egonezin; izan ere, beheko etxebizitzaren batean norbait diskoak entzuten ari baitzen, blues baten intziri geldo, mehe eta neurrituek airea betetzen zutelarik.

        Gabriel gizalegeak eskatuko lukeen baino bizkortasun eta gogo-bero handiagoz altxatu zela iruditu zitzaion. Elizabethek segituan galdetu zion bere buruari Florencek nebari ezer esan ote zion berari buruz. Eta hark zurrunarazi egin zuen, Florencerekiko haserre dudatiak, eta harrotasunak eta beldurrak bultzaturik. Baina gizonaren begietara begiratu zuenean umiltasun bitxi bat aurkitu zuen bertan, inola ere espero ez zuen zintzotasuna. Haserrea eta harrotasun defentsibo hura itzurtzen zitzaizkiola sumatu zuen; baina beldurrak, nonbait ezkutatuta, berarengan segitzen zuen.

        Orduan Florencek aurkezpenak egin zituen: «Elizabeth, hau hainbat alditan aipatu izan dizudan neba dut. Predikatzailea da, neska, beraz tentu handiz ibili behar dugu zer esaten dugun bera aurrean dagoenean».

        Orduan Gabrielek esan zuen, arrebaren oharra baino leunago eta argiagoa zen irribarre batekin: «Ez duzu nire beldur izan behar, arreba. Zeruko Jaunaren eskuetan dagoen itsasontzi kaskarra besterik ez naiz».

        «Ikusten?!», esan zuen Florencek kopetilun. John hartu zuen amaren besoetatik. «Eta hona hemen Johnny txikia», esan zuen. «Emaiozu bostekoa predikatzaileari, Johnny».

        Baina John musika moteltzen zuen ateari begira zegoen; eskuak, aldi berean sutsua eta ahula ematen zuen setaz, oraindik harantz luzatuta zeuzkan. Amari begi galdetzaile eta gaitzespenez beterikoez so egin zion. Hark, hura ikusiz, esan zuen, «Johnnyk musika horretatik gehiago aditu nahi du inolaz ere. Ez zait bada dantzan hasi eskaileretan gora gentozela!»

        Gabrielek barre egin zuen, eta Florence inguratuz Johni aurpegira begiratu zion. «Biblian ere bazegoen musikazalea zen gizon bat, txiki. Erregearen aurrean harpa jotzen zuen, eta behin batean Jainkoaren aurrean dantzatu zen. Zu ere Jainkoaren aurrean dantzatuko al zara egunen batean?»

        Johnek umeen larritasun ikergaitzaz begiratu zion predikatzaileari, hark egindako galdera hausnartzen balego bezala, ondo pentsatu ondoren erantzuteko asmoz. Gabrielek irribarre bitxia egin zion —harrigarriro maitagarria, pentsatu zuen Elizabethek—, eta buruaren goialdea ukitu zion.

        «Mutiko fina dirudi», esan zuen Gabrielek. «Begi handi horiez den-dena ikusi beharko luke Biblian».

        Eta barre egin zuten denek. Florencek besaulkira eraman zuen John, hura baitzen igandetako haren tronua. Eta Elizabeth konturatu zen Gabrieli begira zegoela, aurrean zuen gizonarengan Florencek halako destaina zion neba ikusi ezinik.

        Mahaian eseri ziren, John amaren eta Florenceren artean, Gabriel aurrean zuela.

        «Beraz hiri handian geratzeko asmotan zabiltza?», esan zuen Elizabethek doinu atsegin urduri batez, beharrezkoa iruditu zitzaiolako zerbait esatea. «Oso arraroa irudituko zaizu agian».

        Gabrielen begiak Johnengan tinko zeuden oraindik, eta haurra ere begira zeukan. Gero Elizabethi begiratu zion ostera. Honi iruditu zitzaion beren arteko airea astun bihurtzen ari zela, eta ezin zuen ez izenik ez arrazoirik aurkitu barruan mugitzen ari zitzaion kitzikadura ezkutu hartarako.

        «Oso handia da, bai», esan zuen Gabrielek. «Badirudi, eta aditu ere egiten da, Deabruak lana franko duela egunero».

        Musikaz ari zen, etengabe jarraitzen baitzuen. Baina Elizabethi iruditu zitzaion bera ere hartan sartzen zuela; honek, eta Gabrielen begietan sumatu zuen beste zerbaitek, begiak laster platerera jaistera bultzatu zuten.

        «Ba ez ezazu uste hemen gurean izaten zuen baino lan gehiago duenik», esan zuen Florencek bizkor. «Gure herriko beltzek», esan zion Elizabethi, «New York igande-mozkorraldi luze bat dela uste dute. Ez dakite ezer. Norbaitek esan beharko lieke; pattar ilegal hobea lor dezakete han hemen lortuko dutena baino. Eta merkeagoa, gainera».

        «Hemen ez zinen bada pattar ilegala edaten hasiko, arreba», esan zion Gabrielek irribarre batez.

        «Ohitura hori ez zen nirea izaten, ez alajaina», esan zuen Florencek agudo.

        «Ez dakit bada», jarraitu zuen Gabrielek, oraindik irribarretsu, oraindik ere Elizabethi begirik kendu gabe. «Esan didatenez, jendeak herrian egiten ausartuko ez litzatekeen gauzak egiten omen ditu Iparralde honetan».

        «Jendeak zikinkeriak egin nahi baditu, egin egingo ditu, edonon daudela ere», esan zuen Florencek. «Hegoaldean jendeak besteek jakitea nahiko ez lukeen gauza asko egiten ditu».

        «Izebak esaten zuen bezala», esan zuen Elizabethek irribarre lotsati batez, «Jendeak ez luke ilunpean egin behar argi zabalean egitera ausartzen ez den ezer».

        Txantxa moduan esan zuen berak, baina hitzok ezpainetatik irten ordurako esan izana damutu zitzaion. Aitorpen antza ematen baitzien.

        «Hori egia hutsa da», esan zuen Gabrielek eten labur-labur baten ondoren. «Benetan sinesten duzu hori?»

        Elizabethek gizonari begiratzera behartu zuen bere burua, eta une hartan sumatu zuen Florencek berarengan jarritako arretaren indarra, gaztiguren bat oihukatu nahian bailebilen. Bazekien Gabrielen ahotsean bazegoela zerbait, kolpetik Florence hain ernai eta atezuan jarri zuena. Baina ez zituen begiak Gabrielen begietatik jaitsi. Eta erantzun zion: «Bai. Halaxe bizi nahi dut nik».

        «Orduan Jainkoak bedeinkatu egingo zaitu», esan zuen hark, «zabaldu egingo dizkizu Zeruko leihoak; zuri, eta baita mutilari ere. Bedeinkazioak bidaltzen hasiko zaizu, azkenean haiek non gorde ere jakingo ez duzun arte. Entzun esaten dizudana».

        «Bai», esan zuen Florencek emeki, «entzun esaten dizuna».

        Baina ez batak ez besteak ez zioten begiratu. Elizabethi esaldi bat sartu zitzaion gogoan, hura erabat betez: Dena ondo ateratzen zaie Jainkoa maite dutenei. Esaldi kiskalgarri hura eta iradokitzen ziona ezabatzen saiatu zen. Richard hil zenetik estreinako aldiz, itxaropena iradokitzen baitzion; Gabrielen ahotsak iradoki zion ez zegoela erabat galduta, Jainkoak berriro altxa zezakeela desohoretik. Gabrielen begiek jakinarazi zioten berriro ere, eta oraingoan ohore osoz, emakume izan zitekeela. Orduan, distantzia handi eta hodeitsu batetik bezala, hark irribarre egin zion; eta berak ere irribarre egin zuen.

        Bat-batean gramofono urruna tronpeta-nota kirrinkari, erostari, sardoniko batean trabatu zen; garrasi itsu ezain hark unea puztu eta gela bete zuen. Elizabethek Johni begiratu zion. Nonbait, esku batek gramofonoaren besoa mugitu eta orratz zilartsua jiraka zebiltzan ildo beltzetan ezarri zuen, itsasoaren erdian kili-kolo dabilen ainguratu gabeko gauza balitz bezala.

        «Johnny lokartu egin da», esan zuen.

        Halako poz eta oinazez jaitsia zena, gorako bidean hasia zen; gorantz zihoan, bere haurtxoarekin, mendiaren magal izugarri maldatsuan gora.

 

        Kommozio handia sumatu zuen bere inguruan, kitzikadura mutu bat Jauna zerbitzatzeko. Eta airea, ekaitz baten aurrean bezala, dardaraka jartzen zela iruditu zitzaion. Bazirudien goian, denon gainean eta inguruan, bazegoela argi bat lehertzear, errebelazioa ekarriko ziena. Inguratzen zuten oihu eta kantu itzelen artean, eliza betetzeko bildu zen haizean, Elizabethek ez zion senarrari aditu. Eta Johnengan pentsatu zuen, elizako atzealdean eserita, isilik eta loguraz beteta, begietan izaten zuen harridura eta izu hartaz guztiari so. Elizabethek ez zuen burua jaso. Beste apur batez itxaron nahi zuen, ea Jainkoak hitz egiten zion.

        Aldare haretxen aurrean belaunikatu zen, hainbeste urte lehenago, barkatua izateko. Udazkena iritsi zenean, airea lehor eta zorrotz bihurtu zenean, eta haizea zakartu, beti egoten zen Gabrielekin. Florencek ez zuen begi onez ikusten, eta hala esan zuen makina bat aldiz. Baina ez zuen gehiagorik esaten, eta Elizabethek erabaki zuen inongo gaiztakeriaren berririk ez zekielako zela, nebarekiko areriotasunak bultzatuta esaten zuela hura. Baina Florencek bere profeziak igortzeko hizkuntza zehatzena aurkitu izan balu ere, Elizabethek ez ziokeen jaramonik egingo, ordurako Gabriel baitzuen indar-emaile. Bera eta bere haurra zaintzen zituen beste egitekorik ez balu bezala; oso ona zen Johnekin, harekin jolasten zen eta gauzak ekartzen zizkion bere haurra bailitzen. Elizabethek bazekien haren emaztea haurrik eman gabe hil zela, eta Gabrielek beti nahi izan zuela seme bat izan; oraindik ere otoitz egiten zuen, esaten zion Gabrielek, Jainkoak seme bat eman ziezaion. Elizabethek, ohean bakarrik etzanda, eta haren ontasunaz pentsatuz, batzuetan uste zuen agian John zela seme hura, eta noizbait bientzako kontsolamendu eta bedeinkazio bihurtuko zela. Gero pentsatzen zuen oraingoan berriro helduko ziola alde batera utzitako fedeari, ostera ere ibiliko zela argipean, Richardek lagunduta atzean utzi zuen argipean. Tarteka, Gabrielengan pentsatzen ari zela, Richard etortzen zitzaion gogora —haren ahotsa, haren hatsa, haren besoak— oinaze izugarriez; eta gero gorputza uzkurtzen zitzaion Gabrielen ukitua aurreikusiz. Baina ez zuen uzkurtze hura onetsi nahi. Bere buruari esaten zion ergelkeria eta bekatua zela atzera begiratzea segurtasuna aurrean zuenean, mendi-magalean irekitako ezkutaleku moduan.

        «Arreba», galdetu zion Gabrielek gau batean, «ez duzu uste bihotza Jaunari eman beharko zeniokeela?»

        Kale ilunetan barrena zebiltzan, elizara bidean. Lehenago ere egin zion galdera hura, baina inoiz ez halako tonuan. Elizabethek ez zuen berarengan inoiz sumatu erantzuteko premia hain latza.

        «Baietz uste dut», erantzun zion.

        «Zeruko Jaunari dei egiten badiozu, Hark jaso egingo zaitu, zure bihotzak irrikatzen duena emango dizu», esan zuen Gabrielek. Gero, irribarre eginez, esan zion, «Haren lekuko nauzu ni; dei egiten badiozu eta zerbitzatzen baduzu, erantzun egingo dizu. Jainkoak beti betetzen baititu promesak».

        Elizabethek besotik helduta zeukan, eta Gabrielen pasioa sentitzen zuen dardaraka.

        «Zu etorri arte ia ez nintzen elizara joaten, apaiz jauna», esan zion Elizabethek ahots dardaratiaz. «Ez nintzen bidea aurkitzeko gai inondik ere; lotsaren eta bekatuaren mendean bizi nintzen».

        Kostata esan ahal izan zituen azken hitzok, eta begietan malkoak zituen hitz egin ahala. Johnek abizenik ez zuela esan zion; eta bere sufrikarioen berri ere eman zion. Garai hartan Gabrielek ulertzen zuela zirudien, eta ez zuela Elizabethen jokabidea epaitzen. Noiz gertatu zen aldaketa handia? Edo agian ez zen inoiz aldatu, eta hark eragindako minak bakarrik ireki zizkion berari begiak?

        «Kontua da etorri egin naizela, eta Jainkoaren eskuak gidatu nau», esan zuen. «Zeinu moduan elkartu gaitu. Belaunika zaitez Jaunaren aurrean, eta ikusiko duzu. Apal zaitez eta gaur hitz egiteko eskatu».

        Bai, pentsatu zuen Elizabethek, zeinu bat, Haren errukiaren zeinua, Haren barkamenaren zeinua.

        Elizako atera iritsi zirenean, Gabrielek gelditu, Elizabethi begiratu, eta orduan egin zuen promesa.

        «Arreba Elizabeth», esan zion, «gaur arratsean belaunikatzen zarenean,Jainkoari eskatu behar diozu zure bihotzari hitz egin diezaiola, nik esango dudanari nola erantzun behar diozun jakiteko».

        Elizabeth Gabriel baino beherago zegoen, oin bat eliza-sarrerara zeraman harmaila batean jarrita, eta aurpegira begiratu zion. Eta aurpegira begira ari zitzaiola, gainean zuten argi horizta hitsaren azpian aingeru zein deabruekin borrokatu den eta Jainkoaren aurpegia ikusi duen gizonaren aurpegi sutsu hari begira, konturatu zen, harrigarriro, eta bat-batean, emakume bihurtu zela.

        «Arreba Elizabeth», jarraitu zuen, «Jainkoa nire bihotzari hizketan aritu zaio, eta sinetsita nago Haren borondatea dela zu eta ni senar-emazte izatea».

        Eta isildu zen; Elizabethek ez zuen ezer esan. Gabrielen begiek emakumearen gorputza miatu zuten.

        «Badakit zu baino askoz zaharragoa naizela», esan zuen irribarre egin nahian, eta ahots apalago batez. «Baina horrek ez dio axola. Gizon indartsua naiz oraindik. Denetarik ezagutu dut, Arreba Elizabeth, eta agian lagundu ahal izango dizut... neure hutsak ez egiten, Jainkoa lagun... Agian lagunduko dizut berriro... estropezu ez egiten... neska... mundu honetan gauden bitartean».

        Elizabethek zain segitu zuen.

        «Eta maiteko zaitut, ohoratuko zaitut...», esan zuen Gabrielek, «Jainkoak Bere etxera deitzen didan arte».

        Elizabethi malko geldoak iritsi zitzaizkion begietara; pozezkoak, haraino iritsi zelako; larridurazkoak, haraino eraman zuen bidearengatik.

        «Eta zure semea, zure mutikoa maiteko dut», esan zuen azkenik, «neurea balitz bezalaxe. Ez du inoiz ezeren beldurrik, ezeren kezkarik izan beharko. Ez da inoiz izango ez hotz ez gose bizirik nagoen eta lan egiteko bi esku hauek ditudan bitartean. Jainkoaren aurrean egiten dut zin», esan zuen, «itzuli egin didalako betiko galdutzat ematen nuen zerbait».

        Bai, pentsatu zuen Elizabethek, zeinu bat; Hark salbatzeko indarra duelako zeinua. Orduan aurrera egin zuen, Gabrielen ondoan geratuz, ateen aurrean.

        «Arreba Elizabeth», esan zuen, eta Elizabethek hilobira eramango zuen une hartan hark erakutsitako grazia eta umiltasuna. «Otoitz egingo al duzu?»

        «Bai», esan zuen. «Otoitz egin dut. Eta otoitz egingo dut».

        Ateak zeharkatu eta elizara sartu ziren. Eta pastoreak aldarerako deia egin zuenean, Elizabeth altxatu zen, besteen kantuak Jainkoa goraipatuz aditzen zituen bitartean, eta elizako pasabide luzean barrena abiatu zen; pasabidean barrena aldarera, urrezko gurutze aurrera; malko haietara, gudu hartara... Amaituko ote zen inoiz gudua? Altxatu zenean, eta berriz kaleetan zehar zebiltzanean, Gabrielek Jainkoaren alaba deitu zion, Jainkoaren ministroaren laguntzailea. Bekokia musukatu zion, malkotan, eta esan zuen Jainkoak elkarren salbamendua izateko elkartu zituela. Eta, izugarri poztuta Jainkoaren eskuak bizitza aldatu ziolako, altxatu eta arroka tinkoan salbu utzi zuelako, Elizabethek negar egin zuen.

        John mundura etorri zen egun urrunaz pentsatu zuen... bere bizitza eta heriotzaren hasierako une hartaz. Egun hartan jaitsi baitzen, bakarrik, gerrian pisu jasanezina zeramala, iztartean sekretua, ilunpetaraino jaitsi ere, negarrez eta oihuminez, Jainkoa madarikatuz. Odoletan, izerdika eta oihuka zenbat denbora eman zuen adieraz lezakeen hizkuntzarik ez da munduan; berak ere ez zuen inoiz jakingo zenbat denbora eman zuen ilunpetan arrastaka. Han zegoen bere sorrera, eta oraindik ere ilunpeen aurka borrokatzen ziharduen, Jainkoarekin bakezkoak egingo zituen une hartarantz; orduan hizketan adituko zion Hari, eta Hark begietako malkoak xukatuko zizkion, eternitatearen osteko beste ilunpe hartan Johnen negarra aditu zuen bezalaxe.

        Oraingo bat-bateko isiltasunean negarrez aditzen zion bezalaxe. Hura ez zen jaioberriak munduko argiaren aurrean egindako oihua, ez, Zerutik jaisten den argiaren aurrean gizon-haurrak egindako oihu pizti antzekoa baizik. Elizabeth begiak zabaldu eta zutitu egin zen. Santu guztiek inguratuta zegoen; Gabriel zutik zegoen, begira, zurrun-zurrun eginda tenpluko zutabearen modura. Larrainean, santu oihukari kantarien erdian, John etzanda zegoen, Jaunaren indarraren aurrean txundituta.

 

 

 

© James Baldwin

© itzulpenarena: Juan Mari Mendizabal

 

 

"James Baldwin / Zoaz mendira aldarrikatzera" orrialde nagusia