2.
GABRIELEN
OTOITZA
Orain aurkeztu dizkidate
Aita eta Semea
Eta jadanik
Ez naiz arrotza.
Florence negarrez zegoen bitartean, Gabrielek aurrera egiten zuen ilunpe kiskalgarrian, Jainkoarekin hizketan. Arrebaren deitorea oso urrutitik iristen zitzaion, sakonera irudikaezinetatik bezala; eta ez zuen haren negarra aditzen, baizik eta bekatariarena, bekatuan harrapatu dutenean. Negar huraxe aditua zen hainbat eta hainbat aldiz, aldare askoren aurrean, eta gaurkoan, lehenago beste zenbaitetan bezala, oihu egin zuen: «Zure borondatea egin bedi, Jauna! Zure borondatea egin bedi!»
Gero isiltasuna izan zen elizan. Ama Washingtonek berak ere intziri egiteari utzi zion. Laster beste norbaitek oihu egingo zuen, eta ahotsak berriz abiatuko ziren; gero musika izango zen, eta garrasiak, eta panderoen hotsa. Baina orain, isiltasun adikor astun hartan, bazirudien haragia —geldi, airearen erdian zegoen zerbaiten mende—, indar abiarazle baten zain zegoela.
Isiltasun hark, pasabide bat bezala luzatua, Kristorengan jaio aurreko egunetako isiltasunera eraman zuen Gabriel. Izan ere, jaiotzean bezala, une haren aurreko guztia ilunpeetan bilduta zegoen, ahanzturaren itsasoaren hondoan, eta ez zuen bere aurka kontatzen; aitzitik, askatua izan aurretik izan zen ustel itsu, kondenatu eta nardagarri hari zegokion.
Isiltasuna goizeko ordu txikietako isiltasuna zen, eta emagalduaren etxetik zetorren. Baina bere inguruan nonahi goizaren hotsak aditzen ziren: txori ikusiezinenak, Jainkoa goratuz; kilkerrenak mahatsondoetan, igelenak zingiran, kilometro askotara zeuden zakurrenak, eta hurbilekoenak, oilarrenak atarian. Eguzkia ez zegoen erdi esna ere; zuhaitzen gainalde gorenak bakarrik hasiak ziren dardaraka haren ukituaz; eta lainoa astiro mugituz zihoan Gabrielen eta honen inguruko guztiaren aurrean, atzera eginez egun-argi nagusiaren aurrean. Gerora, goiz hartaz gogoratuz, bekatua bere baitan zeramala esango zuen; zekien gauza bakarra zela zama bat zeramala, eta hartaz gabetu nahi zuela. Zama hura mendi astunena baino astunagoa zen, eta bihotzean zeraman. Egiten zuen urrats bakoitzaz zama astunago bihurtzen zitzaion, eta hatsa geldotu eta garraztu egiten zitzaion harik eta, kolpetik, izerdi hotzak kopeta estali eta bizkarrean behera jaisten hasi zitzaion arte.
Ama, bakarrik, zain zuen txabolan; ez bakarrik goiz hartan bera itzultzeko zain, baita Jainko aurrean amore eman zezan zain ere. Haren zain zegoen bakarrik, Gabrielek bazekien, nahiz amak jadanik zuela gutxi arte adina ez presatu. Semea Jainkoaren eskuetan utzi zuen, eta pazientziaz itxaroten zuen ea Hark arazoa nola konponduko zuen.
Bizirik iraungo baitzuen Jainkoaren promesa betetzen ikusteko. Ez zuen betiko atsedena hartuko harik eta semea, bere haurren artean azkena, hil-mihisean sartuko zuena, santuen komunioan sartuko zen arte. Orain bera, behinola pairagabea eta bortitza izandakoa, gizonek bezala birao egin eta oihukatu eta borrokatutakoa, isiltasunera abiatzen zen, bere indarren azken apurrak Jainkoarekin borrokatzen emanez. Eta hura ere gizona bezala egin zuen amak: fedea gorde zuela jakinik, Hark ere Bere promesa betetzea espero zuen. Gabrielek bazekien etxera sartzean ez ziola galdetuko ea non ibili zen; ez zion ezer aurpegiratuko; eta haren begiek, betazalak lotarako ixten zituenean ere, noranahi jarraituko zioten.
Beranduago, igandea zenez, anaia eta arreba batzuk hurbilduko zitzaizkion, bere ohe inguruan kantatu eta otoitz egitera. Eta amak semearen alde egingo zuen otoitz, ohean agonduta inoren laguntzarik gabe, burua altxatuta, ahotsa irmo; Gabriel, bitartean, gelako bazter batean belauniko, dardaraka egongo zen, ia-ia amaren heriotza irrikatzen; eta ostera hasten zen dardaraka, bere bihotzaren gaiztakeria etsiaren frogaren aurrean, eta hitzik esan gabe otoitz egiten zuen barkamen eske. Hitzik gabe geratzen baitzen tronu aurrean belaunikatzen zenean. Eta beldur ematen zion Zeruari ezer agintzea promesa betetzeko indarra eduki arte. Eta hala ere, bazekien promesa egin arte ez zuela indarra aurkituko.
Bere gogo osoz irrikatzen baitzituen, beldurrez eta dardaraka, amak otoitz eginez beretzat eskatzen zituen gloriak. Boterea nahi zuen, bai; jakin nahi zuen Jainkoaren gantzutua zela, Haren kuttuna, eta ia-ia merezi zuela uso zuri-zuri hura, Jesus Jainkoaren semea zelako lekukotasuna ematera Zerutik bidalia izan zena. Nagusia izan nahi zuen, Jainkoarengandik bakarrik etor zitekeen autoritate hartaz hitz egin. Beranduago harrotasunez aitortuko zuen bere bekatuak gorroto zituela, baita bekaturantz abiatzen zenean ere, baita bekatu egiten ari zenean ere. Gorroto zion gorputzean bizirik zuen deabruari, eta beldurra, bere gogoko hiri babesgabea zelatatzen zuten lizunkeria eta desiraren lehoiei zien beldur eta gorroto bera. Gero esango zuen hura bere amak emandako dohaina zela, Jainkoaren eskua bertan zegoela hastapen haietan ere; baina berak gauarekin batera kaosak eta sukarrak amorratzen zutela zekiela bakarrik; txabolako isiltasuna, beraren eta amaren artekoa, gauza jasanezina bilakatzen zitzaion. Amari begiratu gabe, jaka ispiluari so janzten zuen bitartean, aurpegia bertan ezkutatu nahian, esaten zion paseotxo bat egingo zuela, eta laster itzuliko zela.
Batzuetan Debora amarekin egoten zen, eta amarenak bezain pairakor eta erantzukiz beteak ziren begiez so egiten zion. Berak gau izarrez josira ihes egiten zuen, bideari lotuz taberna batera, edo lizunkeriaz betetako egun luzean zehar aurrez markatua zuen etxeren batera, iritsi arte. Eta edan eta edan egiten zuen, mailuen durundia kranio urrunean sumatzen zuen arte; bere lagun zein etsai guztiak madarikatzen zituen, eta odola isurtzeraino borrokatzen zuen; goizean lokatzean, buztinean aurkitu ohi zen, ohe arrotzetan, eta pare bat aldiz espetxean; ahoa garratz, arropa txikituta, poru guztietatik ustelkeriaren kiratsa zeriola. Halakoetan ezin zuen negar egin ere. Ezta otoitz egin ere. Gutxi falta zitzaion heriotza desiratzeko, hura baitzen bere kateen ankerkeriatik aska zezakeen gauza bakarra.
Eta honetan guztian zehar, amaren begiak berarengan tinko zeuzkan; haren eskuak, kurrika goriak bailiren, bere bihotzaren errauts epelari heltzen zion; eta hark, heriotzaz pentsatuz, beste izu are hotzago bat sentiarazten zion. Hilobira jaistea garbitua izan gabe, barkatua izan gabe, infernura betiko jaistea zen, eta bertan zain zituen lurrak, bere adina gorabehera, bere intziriak gorabehera, inoiz ezagutu zituen baino izu handiagoak. Bizidunengandik bereiziko zuten, betiko; betiko geratuko zen izenik gabe. Bera izandako lekuetan isiltasuna izango zen bakarrik, arroka, uztondoak, hazirik ez; beretzat, betiko, eta bere ondorengoentzat ez zegoen gloria-itxaropenik. Hortaz, emagalduarengana iritsi zenean, amorru bizian iritsi zen, eta alferrikako tristuraz utzi zuen, berriro ere lotsagabeki lapurtu ziotela sentituz, iluntasun debekatu batean xahutu zuela bere hazi sakratua, bertan hil zedin. Madarikatu egin zuen berarengan bizi zen irrika traidorea, eta besteena ere madarikatu zuen. Baina gero esango zuen: «Gogoan dut espetxe-gela apurtu eta kateak erori zitzaizkidan eguna».
Eta etxera bidean jarri zen, atzean utzitako gauaz pentsatuz. Ikusia zuen emakumea arratsaldearen hasieran, baina beste askorekin zegoen, gizon zein emakumeekin, beraz ez zion jaramonik egin. Baina gero, whiskyak erabat piztu zuela, berriro ere begiratu zion zuzen, eta berehala ikusi zuen emakumea ere berarengan pentsatzen aritua zela. Oraingoan ez zegoen hainbeste jenderekin, berarentzat lekua egiten aritu balitz bezala zen. Iparraldeko alarguna zela esana zioten Gabrieli, eta herrian egun batzuk pasa behar zituela senide batzuk ikusten. Gabrielek begiratu zionean, emakumeak ere begiratu egin zion eta, bere lagunekin izaten ari zen solasaldi barregarriaren zati bat bailitzen, barre ozena egin zuen. Hutsune bat zeukan hortzen artean, eta aho handia; barre egiten zuenean, behe-ezpaina hortzen artean atzematen zuen, halako aho handia izateaz lotsatuko balitz bezala, eta dardaraka jartzen zitzaizkion bularrak. Baina dardara hura ez zen emakume handi lodiek barre egitean eragiten zuzen berbera; honen bularrak igo eta jaitsi egiten ziren soinekoaren oihal estuaren aurka. Bera baino askoz zaharragoa zen —Deboraren adinekoa gutxi gora behera, hogeita hamar inguru—, eta ez zen benetan polita. Baina kolpetik bien arteko airea emakumez kargatu zen, eta haren usaina sudurrean sartu zitzaion. Ia-ia eskuen azpian sumatu zituen bular mugikor haiek. Eta ostera edan zuen, eta inkontzienteki, edo ia-ia, aurpegiari bere esperientziatik ikasia zuen keinua hartzen utzi zion, emakumeen maitasuna pizten duen inozentzia eta indarrezko keinua, alegia.
Bai (etxera bidean, hotzak eta dardaraka), egin egin zuten. Jainkoa, nola iraulkatu ziren bekatuzko ohe hartan, eta emakumeak nola egin zuen oihu eta dar-dar; Jainkoa, nola piztu zuen emakumearen maitasuna! Bai (etxera bidean laino mugikorrean zehar, kopeta izerdi hotzez bustia), banitateak eta konkistaren harrotasunak bultzatuta, emakumearengan pentsatu zuen, haren usainaz, haren gorputz beroaz bere eskuen azpian, haren ahotsaz, eta haren mihiaz, katu-mihia zirudien hartaz, eta haren hortzez, haren bular puztuez, eta nola mugitzen zen berari laguntzeko, nola heltzen zion, nola erabili zuen gorputza, eta nola itzuli ziren, dardaraka eta intzirika, eta elkarri lotuta, berriro mundura. Eta horretan pentsatuz, izerdiak gorputza izoztuta, baina irrikaren oroipenak oraindik aztoratuta, aldapa txiki bat igoz zuhaitz batera iritsi zen; haren atzean, ikusiezin, etxea zeukan, eta bertan ama etzanda. Eta orduan, urtegiak zartatuz ertzak gainditu eta oraindik eguzkiaren dardara zurbilak teilatu eta leihoetan hartzen dituzten etxe mugiezin kondenatuetarantz ziztu bizian eta inongo kontrolik gabe doan uraren oldarraz, oroipen batek eraso zion gogoa; muinora igo eta zuhaitzaren ondotik, egindako bekatuen eta egiteko bekatuen artean une batez harrapatuta, pasa zen goiz haietako guztietako oroipenak eraso zion. Aldapako lainoa altxatu zen eta, zuhaitz bakartiaren aurrean egon zenean, Zeruaren begi biluziaren azpian zegoela iruditu zitzaion. Orduan, une batean, isiltasuna izan zen, isiltasuna bakarrik, nonahi —txoriek ere txio egiteari utzi zioten, zakurrek ez zuten zaunka egin, oilarrek ez zuten egun berria iragarri. Eta iruditu zitzaion isiltasun hura Jainkoaren epaia zela; izadi osoa isildu zela Jainkoaren sumin justu eta izugarriaren aurrean, eta bekataria —bera zen bekataria— bereizita eta Jainkoaren presentziatik salbuetsita ikusteko zain zeudela. Zuhaitza ukitu zuen, ukitzen zuela ia-ia jakin gabe, ezkutatzeko bulkada batek eraginda; eta gero oihu egin zuen: «Oi, Jainkoa, erruki zaitez! Jainkoa, erruki zaitez nitaz!»
Eta zuhaitzen aurka oldartu zen, lurrera amilduz eta zuhaitzaren zainei helduz. Isiltasunari egin zion oihu, eta isiltasuna izan zen erantzun bakarra; oihu egin zuenean, haatik, oihuak inarroste bat eragin zuen lurreko bazter urrunenetan ere. Hots hark, bere oihu bakartia izadi osoa zeharkatuz, lokartutako arrain eta hegaztiak ikaratuz, nonahi oihartzunak piztuz, ibaian, haranean, mendi-lerroan, hain beldur handia sortu zion, non une batez isilik eta dardarati geratu zen zuhaitz-oinean etzanda, han ehortzia izan nahi balu bezala. Baina bere bihotz zamatuak ez zuen isilik egon nahi, ez zion isiltasuna gordetzen utzi nahi, ez zion arnasa hartzen utzi nahi berriro oihukatu arte. Hortaz, berriz egin zuen oihu; eta oihua berriro ere itzuli zen; eta isiltasuna oraindik Jainkoak hitz egiteko zain zegoen.
Eta malkoak isuri zituen, bere baitan gordetzen zituenik ez zekien malkoak. Ondoren esango zuen, «haurtxo batek bezala negar egin nuen». Baina inongo haurrek ez zituen isuri berak goiz hartan, ahozpez Zeruaren aurrean, zuhaitz eskergaren azpian, bota zituen malkoak. Haurrek ezagutzen ez dituzten sakontasunetatik zetozen, eta ezein haurrek jasaten ez duen hotzikarez astintzen zuten. Eta bere agonian oihuka ari zen, eta bazirudien oihu bakoitzak eztarria zartatu, arnasa geldiarazi, eta malko beroak aurpegian behera bultzatzen zituela, eskuak zipriztindu eta zuhaitzaren zainetara eroriz: «Salba nazazu! Salba nazazu!» Eta izadi osoa inarrosi zen, baina ez zuen erantzun. «Ez nuen inor otoitz egiten aditzen».
Bai, amak esan zion aurkituko zela inoiz haran batean, giza laguntzarik gabe, bera babestu edo salbatzeko esku luzaturik gabe, eta hantxe zegoen. Han ez zen ezer nagusitzen, Jainkoaren errukia izan ezik; han borrokatzen zen Jainkoaren eta Deabruaren arteko gudua, heriotzaren eta bizitza eternalaren artekoa. Eta gehiegi atzeratu zen, luzaroegi iraulkatu zen bekatuan, eta Jainkoak ez zion entzun nahi. Une egokia pasa zen eta Jainkoak bizkarra eman zion.
«Gero», aitortu zuen, ama kantatzen aditu nuen. Niregatik kantatzen ari zen. Apal eta goxo ari zitzaidan kantatzen, nire alboan, Jainkoari deituz gero etorri egingo zela baleki bezala«. Kantu hura aditu zuenean aire isila betetzen, puzten eta puzten zain zegoen lur osoa bete arte, bihotza hautsi zitzaion bere baitan; altxatzen hasi zen, haatik, bere zamatik libratua. Eta eztarria laxatu zitzaion, eta zeru entzulea ireki balitz bezala isuri zituen malkoak. «Orduan Jainkoa goraipatu nuen, Egiptotik atera baininduen, nire oinak harkaitz sendoan ipiniz». Azkenean begiak altxatu zituenean Zeru berria eta Lur berria ikusi zituen; eta kantu berria aditu zuen, bekatari bat etxera itzuli zelako. «Neure eskuei begiratu nien, eta esku berriak ziren. Neure oinei begiratu nien, eta oin berriak ziren. Eta egun hartan ahoa zabaldu nion Jainkoari, eta ez dit Infernuak iritziz aldaraziko». Eta bai, nonahi aditu zen kantua; txoriak, kilkerrak eta igelak poztu ziren, urrutiko zakurrak saltoka eta intzirika hasi ziren baratza txikietan hertsirik, eta oilarrek hesola guztietatik aldarrikatu zuten hasiera berria, odolaz garbitutako eguna!
Eta hura izan zen bere gizontzearen hasiera. Hogeita bat urte bete berri zituen; mendeak ez zuen oraindik lehen urtea bete. Herrira aldatu zen, lan egiten zuen etxeko ganbaran zain zuen gelara, eta predikatzeari ekin zion. Urte hartan bertan ezkondu zen Deborarekin. Ama hil ondoren, sarritan elkar ikusten hasi ziren. Elkarrekin joaten ziren Jainkoaren etxera, eta jadanik beraz arduratuko zen inor ez zegoenez, Deborak maiz gonbidatzen zuen etxera otorduak egitera, eta arropa garbitzen zion, eta berak predikatu ondoren sermoiez hitz egiten zuten; alegia, berak entzuten zuen neskak goraipatzen zuen bitartean.
Ez zuen sekula santan pentsatu harekin ezkontzea; esango zukeen ideia hura ilargira hegan eginez abiatzea bezain urruti zegoela bere gogotik. Bizitza osoan ezagutu zuen; bere arreba zaharraren lagun zaharrena izan zen, eta gero amaren bisitari leiala. Gabrielentzat ez zen inoiz gaztea izan. Berari zegokionez, agian jaiotzatik eraman zezakeen soinean jantzi zorrotz, sexugabe, luze eta formarik gabe hura, beti beltza edo grisa. Bazirudien gaixoak bisitatzeko, negar egiten zutenak kontsolatzeko, eta hil zorian zeudenen azken jantziak moldatzeko jarri zutela munduan.
Baina haren kondaira ere bazegoen, haren historia; izan ere, hura nahikoa izango zen, hain erakargarri gutxi izan ez balu ere, ohorezko edozein gizonen desiraren helmenetik at jartzeko. Bazirudien Deborak, bere modu isil apatikoan, bazekiela hori: beste emakumeek beren xarma eta sekretutzat hartzen dute eman eta bar dezaketen gozamena, baina berak behiala sufritutako lotsa bakarrik gordetzen zuen; izan ere, giza maitasunezko miran batek askatu ezean, lotsa zen eman zezakeen gauza bakarra. Horregatik ibiltzen zen komunitate txiki hartan barrena Jainkoak ezkutuan bisitatzen zuen emakumea bezala, apaltasunezko eredu izugarria bezala, edo zoro santua bezala. Gorputza lirainduko ziokeen apainketarik ez zuen inoiz eraman; harengan ez zegoen distirarik, ez txilin-hotsik, ez leuntasunik. Haren buruzapi hutsik gabe eta zorrotzak ez zuen ezein xingolak faltsutzen; eta kotoi-antzeko ilean ahalik eta olio gutxien eramaten zuen. Ez zen beste emakumeekin gaizki esaka aritzen —izan ere, ez zeukan mintzagai askorik—; haren adierazpenak «bai» eta «ez» esatera mugatzen ziren, Biblia irakurtzen zuen, eta otoitz egiten zuen. Elizan aritzen zirenen arteko zenbaitek, baita Ebanjelioa predikatzen zuen gizonen batek ere, trufa egiten zioten; trufa dudatiak izaten ziren, ordea, ez baitzekiten ez ote zitzaizkion iseka ari beren arteko santu handienari, Jainkoaren Beraren altxorrik preziatuen eta edalontzirik sakratuenari.
«Jainkoak bidali zaitu nigana inondik ere, Debora», esaten zion Gabrielek batzuetan. «Ez dakit zer egingo nukeen zu gabe».
Izugarri laguntzen baitzion bere egoera berrian; Jainkoarengan zuen fede haustezinaz, eta berarengan zuen fedeaz, Deborak, berak sermoia egindakoan aldarera negarrez hurbiltzen ziren bekatariek baino gehiago, Gabrielen bokazioaren lekukotasun lurtarra ematen zuen. Eta gizonen hizkera irmoan mintzatuz, errealitate bihurtzen zuen Jainkoak Gabrielen eskuetan utzitako lan eskerga.
Eta irribarre lotsati hartaz begiratuko zion. «Isil zaitez, apaiz jauna. Ni naiz Jainkoari zuregatik eskerrak eman gabe inoiz belaunikatzen ez dena».
Areago: ez zuen inoiz Gabriel edo «Gabe» deitzen; aitzitik, predikatzen hasi zen garaitik «apaiz jauna» deitzen hasi zitzaion, ondo baitzekien berak ezagututako Gabriel haurra ez zela jadanik existitzen, oraingoa gizon berria zela Jesukristorengan.
«Ez duzu Florenceren berririk izaten?», galdetzen zion tarteka.
«Jainkoarren, Arreba Debora, nik galdetu beharko nizuke zuri. Neska horrek ez dit ia inoiz idazten».
«Azken bolada honetan ez dut haren berririk izan». Etena egin zuen. Gero: «ez dut uste Iparraldean oso zoriontsua denik».
«Ondo merezia du, bai. Ez zuen hemendik alde egin behar egin zuen bezala, besterik gabe, emakume ero batek bezala». Eta gero galdetzen zion, gaizto: «Ezkondu den-edo esan al dizu?» Deborak bizkor begiratu zion, gero begirada urrunduz. «Florence ez da senar bila ari», esan zuen.
Gabrielek barre egin zuen. «Jainkoak bedeinka dezala zure bihotz garbia, Arreba Debora. Baina neska hura hemendik senar bila joan ez bazen, ni ez naiz Gabriel Grimes».
«Ba nik uste senarra nahi izan balu hemen bertan aukera zezakeela bat. Iradokitzen ari zara horretarako bakarrik bidaiatu zuela Iparralderaino?» Eta irribarre arraro bat egin zuen, hain serio eta inpertsonala ez zen irribarrea. Gabrielek, hura ikustean, aurpegiera bitxia jartzen ziola pentsatu zuen: neska ikaratu baten aurpegiera, hain zuzen.
«Hara», esan zuen, Deborari arreta handiagoz begiratuz, «Florencek beti pentsatu zuen inguru honetako beltzak ez zirela beretzat nahiko onak».
«Ez dakit ba Florencek inoiz aurkituko ote duen beretzat nahiko ona den gizona», menturatu zen Debora. «Harri harroa da... Badirudi ez duela inor berarengana hurbiltzea nahi».
«Bai», esan zuen Gabrielek kopeta zimurtuz, «hain harroa da, Jainkoak egunen batean apalarazi egingo du. Ikusiko duzu».
«Bai», egin zuen hasperen Deborak, «Eskriturek argi esaten dute harrotasuna hondamendiaren aitzindari dela».
«Eta izpiritu hantustea erorketarena. Hala diote Eskriturek».
«Bai», eta Deborak irribarre egin zuen berriro, «Jainkoaren Hitzetik ezkutatzeko aterperik ez dago, ezta, apaiz jauna? Haren mende jarri behar duzu zeure burua, hango hitz dendenak egiazkoak baitira, eta Infernuaren ateek ezingo dute ezer egin Haren aurka».
Irribarrez begiratu zion Gabrielek, samurtasun handi batek bihotza betetzen ziola sentituz. «Zu gera zaitez Haren mendean, arrebatxoa. Zeruko ateak zabaldu egingo dira, eta hainbeste bedeinkazio jaurtiko dizkizute, non jarri ez duzu jakingo».
Orain poz areagotu bat zegoen Deboraren irribarrean. «Bedeinkatu nau dagoeneko, apaiz jauna. Zu salbatu eta Bere Hitza predikatzera bidali zintuenean salbatu ninduen».
«Arreba Debora», galdetu zion berak, astiro, «bekatuan bizi nintzen garaian, nire alde otoitz egiten al zenuen?»
Deboraren tonua apurtxo bat jaitsi zen. «Bai horixe, apaiz jauna. Aire amak eta biok beti geunden otoitz egiten».
Eta Gabriel begira geratu zitzaion, eskerronez beteta, bat-bateko gogoeta batek hartura: erreala izan zen harentzat, hark zaindu egin zuen, baita bere alde otoitz egin ere urte haietan guztietan zehar; beretzat, berriz, hura itzal hutsa besterik ez zen izan. Eta bere alde otoitz egiten jarraitzen zuen; haren otoitzek bere bizitza osoan lagunduko zioten. Orain aurpegian sumatzen zion hura. Deborak ez zuen ezer esan, ezta irribarre egin ere; so geratu zitzaion bakarrik, atsegin serio batez, orain dudatan bezala, pittin bat lotsatuta bezala.
«Jainkoak bedeinka zaitzala, arreba», esan zion azkenik.
Elkarrizketa honen garaian, edo geroxeago, izan zen herrian bilera ebanjeliko eskerga bat. Inguruko konderrietako ebanjelista ugari, batzuk Hegoaldeko Floridatik edo Iparraldeko Chicagotik ere etorriak, leku batera bildu ziren bizitzaren ogia banatzera. Hogeita Lau Agureen Bilera Ebanjelikoa deitu zioten, eta uda hartako gertakari nagusia izan zen. Hogeita lau baitziren, eta bakoitzari gau bat eman zitzaion predikatzeko, distiratzeko, nolabait, gizakien aurrean, eta Zeruko bere Aita goresteko. Hogeita lau lagun haiek esperientzia eta indar handikoak ziren denak, eta batzuk ospe handikoak; eta hara non Gabrieli, hura harrituz eta harrotuz, haietako bat izateko eskatu zioten. Hura ohore handi eta astuna zen fedean eta adinean hain gaztea zen batentzat —izan ere, atzo bertan ibilia baitzen, gorakoz estalita, bekatuaren kale-gorrian iraulika— eta Gabrielek beldurrak inarrosita sentitu zuen bihotza gonbidapena heldu zitzaionean. Baina sumatzen zuen Jainkoaren eskuak deitzen ziola hain goiz halako gizon bikainen aurrean bere burua neurtzeko.
Hamabigarren gauean predikatzekoa zen. Hala egitea erabaki zen, agian jendea erakartzeko indar nahikoa izan ez zezakeenez, alde bakoitzean gizon zuhur kopuru berdina izateak lagunduko ziolakoan. Hartara aurrekoek piztutako indarren onura izango zuen; eta huts egiten bazuen aurrekoen eraginari ezer gaineratzen, atzetik zetozenek bere agerraldia ahazten lagunduko zuten.
Gabrielek, ordea, ez zuen bere agerraldia —ordura arte garrantzitsuena bere karreran, eta gauza askotarako hain erabakigarria— ahaztua izatea nahi. Ez zuen lasterketa hartan parte hartzeko neurria ematen ez zuen mutiko bat bezala alde batera utzia izan nahi, eta are gutxiago sarirako gai ez izan. Jainkoaren aurrean belauniko barau egin zuen, etenik gabe erregutuz Jainkoak bere bitartez miraria obra zezan, gizon guztiek ikus zezaten baietz, Jainkoa zegoela berarengan, Jaunaren gantzutua zela.
Deborak, inork eskatu gabe, berarekin barau egin zuen, baita errezatu ere, eta Gabrielen traje beltz onena eraman zuen, egun handirako garbituta, pasaratua eta lisatu berria egon zedin. Eta berriro eraman zuen erabili ostean, misioaren gailur ofiziala markatuko zuen afari handiaren iganderako bikain-bikain egon zedin. Igande hura jaieguna izango zen denentzat, baina bereziki hogeita lau ministroentzat, egun hartan oturuntza aparta eskainiko baitzieten eliztarrek, beren diru eta lanaren fruitu.
Predikatu behar zuen arratsean, bera eta Debora elkarrekin joan ziren areto handi argiztatura, arestian dantza-orkestra baten etxea izandakoa, eta eliztarrek misioa izango zen egunetarako alokatua. Elizkizuna hasia zen jadanik; argiak inguruko kaleetara hedatzen ziren, musikak airea betetzen zuen, eta kalean zebiltzanak gelditu egiten ziren entzutera edo erdi zabalik zeuden ateetatik begiratzera. Berak denak sartzea nahi zuen; kalera atera nahi zuen, eta bekatari guztiak barrura arrastaka eraman Jainkoaren Hitza entzun zezaten. Baina ateetara hurbiltzen ari zirela, hainbat gauez eta egunez gainditutako beldurra nagusitu zitzaion berriz, eta pentsatu zuen nola moldatuko ote zen gau hartan, hain goren, hain bakarti, bere ezpainek ahoskatutako aitorpena, hots, Jainkoak predikatzera deitua zela, berresteko.
«Arreba Debora», esan zuen kolpetik, ateen aurrean zeudela, «eseriko al zara ikusiko zaitudan lekuan?»
«Horixe bada, apaiz jauna. Zu igo zaitez horra. Konfiantza izan Jainkoarengan».
Beste hitzik gabe bira egin zuen, Debora atean utziz, eta pasabide luzea zeharkatuz pulpitura iritsi zen. Jadanik denak zeuden han, gizon handiak, bikainak, ordenatuak; irribarre egin zuten, buruaz baiezka, pulpituko eskailerak igo zituenean. Eta haietako batek, edozein ebanjelistak desira zezakeen bezain suspertuta zeuden elizkideei begira, esan zion: «Jendea zuretzat berotzen aritu gara, motel. Gaur garrasika nola jartzen dituzun ikusi nahi dugu».
Irribarre egin zuen tronu-antzeko aulkian otoitz egitera belaunikatu aurretik; eta berriz pentsatu zuen, hamaika gauetan zehar pentsatu zuen bezala, predikatzaile zahar haiek leku santu hartan erakusten zuten lasaitasunak eta arintasunak artega uzten ziola arima. Eserita zain zegoen bitartean ikusi zuen Deborak aulkia aurkitu zuela eliztarren lehen lerroan, pulpituaren azpi-azpian; hantxe zegoen eserita, Biblia altzoan bilduta.
Azkenean, Eskrituretako testua irakurria, eta aitorpen, kantu eta diru-biltzearen ondoren, aurkeztu egin zuten —aurreko gauean predikatu zuen agureak—, eta Gabriel Biblia zain zuen lekura joaten aurkitu zen, eliztarren marmarren gainean elkartzut; zorabiatzeko moduko izua sentitu zuen hain goian zegoelako, eta segituan beste zerbait, harrotasun eta poz deskribaezinak, Jainkoak han ezarri zuelako.
Ez zen «oihu-kanta» batez hasi, ezta aitorpen sutsuren batez ere; ez, ahots lehor grinarik gabeko batez eskatu zien, apur bat dardarati, berarekin batera begiratzeko Isaiasen seigarren atalari, eta bosgarren txatalari; eta berarekin batera irakurtzeko eskatu zion Deborari.
Eta halaxe egin zuen Deborak, ohi ez bezala indartsua zen ahotsaz: «Eta esan nuen, Ai ene, galdua naiz! Ezpain kutsatuak baititut, eta kutsaturiko ezpainak dituen herrian bizi bainaiz. Bekatari izanik, Errege eta Jaun ahalguztiduna neure begiez ikusi baitut».
Deborak esaldi hura irakurritakoan Isiltasuna nagusitu zen aretoan. Une batez Gabriel izututa egon zen berarengan tinko zeuden begiengatik, eta atzean zituen agureengatik, nola jarraitu jakin gabe. Ondoren Deborari begiratu eta hasi egin zen.
«Hitz haiek Isaias profetak esandakoak ziren, hots, Arrano-Begiak, hala deitu baitzioten mende ilunak aztertu eta Kristoren jaiotza aurreikusi zuelako. Isaiasek berak profetizatu zuen gizonak haize eta ekaitzen aurkako aterpe izan behar zuela, Isaiasek deskribatu zuen santutasuneko bidea, esanez lur idortuak zingira bihurtu behar zuela, eta eremu egartiak errekak: basamortua bera ere poztuko zela, eta arrosa moduan loratu. Isaiasek profezia egin zuen, esanez: «Haur bat jaio zaigu, Jainkoak seme bat eman digu, eta Hari ezarri zaio aginpidea». Isaias Jainkoak onbidean hazitako gizona zen, Jainkoak aukeratutako gizona mirariak obra zitzan, baina gizon hark, Jainkoaren aintza ikusitakoan, deiadar egin zuen: "Errukarria ni!"»
«Bai!», esan zuen emakume batek. «Mintzatu!»
«Isaiasen deiadar horretan badago guztiontzako ikasbidea, denontzako esanahia, esaldi latza da. Ez badugu inoiz deiadar hori egin, orduan ez dugu inoiz salbazioa ezagutu; ez bagara deiadar horrekin bizitzen orduro, egunero, gauerdian eta eguerdiko eguzkiaren argian, orduan salbazioak bertan behera utzi gaitu eta oinak Infernuan tinkatu ditugu. Bai, bedeinkatua bedi Jainkoa betiko! Haren aurrean dar-dar egiteari uzten diogunean, bidea galdu dugulako seinale».
«Amen!», aditu zen ahots bat urruti. «Amen! Predikatu, motel!»
Etenaldi txikia egin zuen bekokia xukatzeko, bihotza beldurrak eta dardarak puztuta, indarrez beteta.
«Ez baitugu ahantzi behar bekatuaren ordaina heriotza dela; idatzita dagoela, eta halaxe izango dela, bekatu egiten duen arima hil egingo dela. Ez dezagun ahantzi bekatuan jaiotzen garela, geure amek bekatuan sortu gintuztela; izan ere, bekatua nagusi da gure soin-ataletan, bekatua da bihotz gaiztoaren berezko isurkaria, bekatuak begiratzen du begitik, amen, lizunkeriara eramanez, bekatua dago belarriko entzumenean, zentzugabekeriara eramanez, bekatua dago mihian, hilketara eramanez. Bai! Bekatua da berezko gizonaren oinorde bakarra, bekatua dugu geure berezko aitak utzitako ondarea, Adan erori haren sagarra gaixorik baitago, eta gaixotu egingo ditu bizi diren belaunaldi guztiak, baita oraindik jaio gabeak ere! Bekatuak bota zuen goizaren semea Zerutik, bekatuak bota zuen Adan Edenetik, bekatuak eragin zuen Cainek anaia hiltzea, bekatuak eraiki zuen Babeleko dorrea, bekatuak ekarri zuen Sodoma supean birrintzea. Bekatua, munduaren fundaziotik beretik, dago bizirik, gizonaren bihotzean arnasa eginez; horrek eragiten du emakumeek beren umeak oinazez eta ilunpean munduratzea, horrek gizonen bizkarrak lan izugarriaz makurtzen, horrek sabelak hutsik mantentzen, horrek mahaia biluzik uzten, horrek gure haurrak, piltzarrez jantzita, munduko puta-etxe eta dantza-aretoetara bidaltzen!»
«Amen! Amen!»
«Ai. Errukarria ni. Errukarria ni. Bai, maiteok, ez dago gizonarengan zuzentasunik. Gizon guztien bihotzak dira gaiztoak, gizon guztiak dira gezurtiak; Jainkoa bakarrik da egia. Entzun Dabiden oihua: «Jauna da nire arroka, eta nire gotorlekua, eta nire askapena; nire Jainkoa, nire indarra, eta berarengan dut konfiantza; nire defentsa, eta nire salbazioaren tronpeta, eta nire dorre garaia». Entzun Jobi, hauts eta errautsetan eserita, bere umeak hilda, bere sustantzia joana, kontsolatzaile faltsuez inguratuta: «Bai, heriotza badakarkit ere, Hartaz fidatuko naiz». Eta entzun Paulori, salbatuen jazarle izandako Saulori, Damaskora bidean zalditik eraitsia, eta Ebanjelioa predikatzera abiatua: «Eta Kristorenak bazarete, orduan Abrahanen leinukoak zarete, eta oinordeak promesaren arabera!»
«Bai», deiadar egin zuen agure batek, «bedeinkatua bedi Jainkoa betiko!»
«Jainkoak asmo bat baitzuen. Ez zion gizonaren arimari hiltzen utzi nahi, eta haren salbaziorako plana asmatu zuen. Hasieran, mundua fundatzen ari zen garai urrun hartan, Jainkoak plana asmatu zuen, amen!, haragi orori egiaren jakintza emateko. Hasieran Hitza zen, eta Hitza Jainkoarengan zegoen, eta Hitza Jainkoa zen, bai, eta Harengan bazegoen bizitza, aleluia!, eta bizitza hura gizonen argia zen. Anai-arreba maiteok, Jainkoak ikusi zuenean gizonen bihotzek nola gaiztotzen ziren, nola galtzen zuten bidea, nork bereari jarraituz, nola ezkontzen ziren eta nola jarduten zuten ezkon bizitzan, nola hartzen zuten atsegin haragi zein edari profanoetan, nola jarduten zuten lizunkeriatan eta biraoka, beren bihotzak Jaunaren aurkako bekatuzko harrokerian goratuz. Eta orduan Jainkoaren Semea, munduaren bekatuak garbitzen zituen bildots bedeinkatua, Hitz haragitua eta promesa baten betetzea zen Jainkoaren Semea, Bere Aitarengana jo zuen, negarrez: «Aita, presta iezadazu gorputz bat, eta jaitsi eta askatu egingo dut gizon bekataria».
«Nolako poza, gaurkoa! Bedeinkatua bedi Jainkoa»
«Hemen zaudeten aitak, izan al duzue inoiz bidea galdu duen semerik? Amak, ikusi al dituzue zeuen alabak gaztaroaren harrotasun eta betetasunean erorita? Entzun al du zuen arteko aitaren batek Abrahami iritsi zitzaion agindua, hots bere semea sakrifikatu beharko zuela Jainkoaren aldarean? Aitak, pentsa ezazue zeuen semeez, pentsa nola egiten duzuen dar-dar haiengatik, eta saiatu bide onetik gidatzen, saiatu indartsu hazteko moduan elikatzen; pentsa zeuen semeari diozuen maitasunaz, eta nola erdibitzen dizuen bihotza hari gerta dakiokeen edozein gaitzek, eta pentsa Jainkoak jasandako mina, Bere Seme bakarra gizonen artean lur bekatarian bizitzera bidali zuenean, jazarria izatera, sufritzera, gurutzea eramatera eta hiltzera; ez Bere bekatuengatik, gure seme berezkoak bezala, mundu osoaren bekatuengatik baizik. Ai, pozaren kanpaiek zein biziki jo behar duten gure bihotzetan gaur gauean!»
«Bedeinkatua bedi!», deiadar egin zuen Deborak, eta Gabrielek ez zuen haren ahotsa inoiz hain ozen entzun.
«Errukarria ni, zeren eta Jainkoak bekataria kolpatu zuenean, bekatariaren begiak zabaldu egin baitziren, eta bere buruaren gaiztakeria ikusi zuen, biluzi, Jainkoaren aintzaren aurrean. Errukarria ni! Salbazioaren unea argi itsugarria baita, Zerutik tximista bezala bihotzera jaisten dena; Zerua hain goian, eta bekataria hain behean. Errukarria ni! Jainkoak bekataria altxatu ez balu, hura ez baitzen bere kabuz inoiz altxatuko!»
«Bai, Jainkoa! Bertan nengoen!»
«Gau hartan zeudenen artean zenbat erori ote ziren Isaias eroritako lekuan? Zenbatek egin zuten deiadar Isaiasek deiadar egin zuen bezala? Zenbatek aitor zezaketen, Isaiasek aitortu zuen bezala, «Ene begiek Erregea ikusi dute, Armaden Jauna»? Ai, halako aitorpenik egiten ez duenak ez du inoiz Haren aurpegia ikusiko; aitzitik, egun handi hartan esango zain: «Zoaz nigandik, gaiztakerian bizi izan zaren hori», eta Satanek eta haren aingeru guztiek prestatutako suzko zingirara botako dute betiko. Oi, altxatuko al da bekataria gaur, eta bere salbaziorako bide laburra, hona, erruki-aulkira daramana, egin?»
Eta zain geratu zen. Debora begira zuen, aurpegian irribarre lasai sendoa marraztuta. Aurpegi haiei, berarengana jiratuta zeuden aurpegiei begiratu zien. Poza ikusi zuen aurpegi haietan, eta susperdura santua, eta fedea; eta denak berari begira zeuden. Orduan, han atzean urruti, mutil bat altxatu zen, mutil garai iluna, alkandora zuri zarratatua bularrean irekia, galtza piltzartuak hautsez beteak eta gorbata zahar batez gerrian lotuak, eta distantzia izugarri, beldurgarri hartatik Gabrieli begiratu zion, pasabide luze distiratsuan zehar-ibiltzeari ekinez. Norbaitek oihukatu zuen «Oi, bedeinkatua bedi Jainkoa!», eta malkoek bete zituzten Gabrielen begiak. Mutila belauniko jarri zen, negar-zotinka, erruki-aulkian, eta eliza osoa hasi zen kantuan.
Orduan Gabriel jiratu egin zen, eta konturatu zen gau hartan ongi jardun zuela, Jainkoa beraz baliatu zela. Agure guztiak irribarrez zeuden, eta haietako batek eskutik heldu zion esanez: «Oso ondo egon zara, motel. Oso ondo».
Orduan igandea iritsi zen, misioari amaiera eman behar zion afari bikainaren eguna. Afari hartarako, Debora eta gainerako emakumeek egun asko eman zituzten aldez aurretik gauzak egosten, erretzen, erregosten eta frijitzen. Deborak esandako hura, alegia bilera osoko predikatzaile onena izan zela, nolabait ordaintzeko, Gabrielek txantxetan esan zion emakumeen artean sukaldaririk onena zela. Deborak lotsati erantzun zion desabantailan zegoela, berak predikatzaile guztiak entzun zituela, baina Gabrielek ez zuela denbora luzean jan beste inongo emakumek egindako otordurik.
Igandea iritsi zenean eta berriro ere agureen artean aurkitu zenean, mahairatzeko orduan, Gabrielek nabaritu zuen bere zorioneko itxaropen harroak behera egiten zuela. Ez zegoen eroso gizon ministro haiekin —hantxe zegoen koska—, zaila egiten zitzaiolako fede mailan haiek bera baino zaharrago eta hobetzat hartzea. Izugarri lasaiak iruditzen zitzaizkion, ia-ia profanoak; ez ziren, ez, behialako profetak bezalakoak, Jainkoaren zerbitzuan argal eta biluzi ibiltzen zirenak. Jainkoaren ministro haiek, aitzitik, gizendu egin ziren, eta arropa aberats eta ugariak zeramatzaten. Predikatzen hain luzaro ibili ondoren, Jainkoaren aurrean ez ziren jadanik dardaraka jartzen. Jainkoaren indarra berena bailitzen hartzen zuten, beren giro seguru eta berezia kilikagarriagoa egiteko zerbait balitz bezala. Denek zeukaten, antza, sarri egindako sermoi sorta bat; eta bazekiten, begiratu azkar baten bidez, zein sermoi egin zein elizarteren aurrean. Aginte handiz predikatzen bazuten ere, arimak aldare aurrean umilaraziz —besterentzat lan egiten duen langileak egunean zehar bildutako galburuak bailiren—, ez zioten Jainkoari gloriarik ematen, ezta gloriatzat hartzen ere. Berdin-berdin izan zitezkeen bapo ordaindutako zirko-artistak, bakoitza bere dohain berezi ikusgarriarekin. Konturatu zen txantxetan hitz egiten zutela bakoitzak salbatutako arima kopuruaz, besteenekin alderatuz, billar-aretoan tantoak zenbatzen ariko bailiren. Eta hark iraindu eta ikaratu egiten zuen. Berak ez zuen inoiz Jainkoaren dohaina halako arinkeriaz hartu nahi.
Ministroak aretoko goiko geletan ari ziren afaltzen; Kristoren mahastietako langile ez hain espezializatuak, berriz, beheko mahaian ari ziren jaten, eta emakumeak azpil beteekin eskaileretan gora eta behera ari ziren, denak asebeteko zirela segurtatu nahian. Debora emakume zerbitzarien artean zegoen, eta nahiz hitzik esan ez, Gabriel, bere deserosotasuna gorabehera, lehertu beharrean egoten zen Debora gelara sartzen zen bakoitzean, ondo baitzekien nolako harrotasuna sentitzen zuen bera han eserita ikusiz, hain bare eta gizonki jokatuz, beste agure ospetsu haien artean, uniformetzat zuen jantzi zuri-beltz hura soinean. Eta Gabrielek pentsatu zuen amak orain ikusiko balu bederen, bere Gabriel, hain goren ezarria!
Baina afaria amaitzen ari zela, emakumeek pastelak, kafea eta esne-gaina eraman zutenean, mahai-inguruko txolartea inoiz baino alaiago eta umore hobereneko bilakatu zenean, emakumeak irtendakoan atea itxi berria zenean agureetako batek, gizon lodi alai horaila, zeinaren aurpegiak, ziur aski bere hastapenetako bortizkeriaren lekuko, odol lehor-antzeko pintez beteta baitzegoen, barrezka esan zuen, Deboraz mintzatuz, hura bai zela emakume santua! Hain gazte ase baitzen gizon zurien esneaz, eta halako moldez garraztu zitzaion sabelean non, orain, ezin baitzuen aurkitu bere giza indar astunago eta gozoagoa dastatzen utziko zion gizon beltzik. Mahaian zeuden guztiek eman zioten barreari, baina Jainkoaren ministroak halako arinkerietan entzunez, eta Jainkoak kontsolatzeko bidali zion emakumea, zeinaren laguntzarik gabe agian bide-bazterrean eroriko zen, haien iseken xede zela ikusiz, Gabrieli odola hoztu zitzaion. Uste zuten, berak ondo zekien, beren artean barre batzuk egitea gauza kaltegabea zela; errotuegi zeuden fedean Satanen mailuaren kolpetxo hark erorarazteko. Baina aurpegi bihurri eta irribarretsu haiei begiratuz, pentsatu zuen gauza askori erantzun beharko zietela epai-egunean, oztopo hutsak baitziren benetako fededunaren bidean.
Orduan gizon horailak, Gabrielen aurpegi mingots txundituaren aurrean harrituta, barrea moztu eta esan zion: «Zer duzu, motel? Ez nuen gero zuretzat iraingarria zen ezer esango, ezta?»
«Hark irakurri zizun Biblia predikatu zenuen gauean, ezta?», galdetu zuen beste agure batek, tonu bakezale batez.
«Emakume hori», esan zuen Gabrielek, buruan orro bat sentituz, «nire arreba da Jainkoarengan».
«Beno, Peters ministroak ez zekien hori», esan zuen beste norbaitek. «Ez zuen inor iraindu nahi, noski».
«Ez zara haserretuko, ezta?», galdetu zuen Peters ministroak, atsegin. Baina Gabrielen arreta zorrotzak haren aurpegi eta ahotsean oraindik burlazko kutsu bat geratzen zela erreparatu zion. «Ez diguzu gero afaria hondatuko, ezta?»
«Ez dut uste ondo dagoenik inori buruz gaizki hitz egitea», esan zuen Gabrielek. «Eskriturek esaten didate ez zaiola inori trufa egin behar».
«Ez ezazu ahaztu», esan zion Peters ministroak, lehen bezain atsegin, «zure gainean dauden ministroekin ari zarela hizketan».
«Ba kasu horretan», esan zuen, bere ausardiaz harrituta, «iruditzen zait eredu bila zuei begiratu behar badizuet, eredugarriak izan beharko zenuketela».
«Beno, aizu», esan zuen beste norbaitek doinu alaiaz, «ez duzu pentsatzen emakume hori esposatzea edo horrelako zerbait; beraz ez dago haserretzeko eta afaria hondatzeko inolako beharrik. Peters ministroak ez zuen asmo gaiztorik. Inoiz hori baino gauza okerragorik edaten ez baduzu, ziur egon zaitezke Jaunaren Erreinuan egongo zarela aukeratuekin».
Eta harekin batera barre-andana bat hedatu zen mahaitik; denek segitu zuten jaten eta edaten, arazoa amaitu balitz bezala.
Baina Gabrieli iruditzen zitzaion harritu egin zuela; haien ahuldadea aurkitu zuen, eta orain pixka bat lotsatuta eta nahasita zeuden bere garbitasunaren aurrean. Eta bat-batean ulertu zituen Kristoren hitz hauek: «Asko dira deituak, baina gutxi aukeratuak». Bai, eta mahaitik zabaldu zuen begirada, alaitasuna berreskuratua, baina arreta oraindik piztuta, eta bere buruari galdetu zion: haietatik zein eseriko ote zen Aitaren eskuinera?
Eta gero, han eserita zegoela, Peters ministroaren ateraldi bihurria berriro gogoratuz, ateraldiak astindu egin zituen bere baitan zeuzkan duda eta beldur haiek guztiak, Deborarekiko harremanetan gertatzen zitzaizkion zalantzak eta samurtasunak, eta konturatu zen haiek guztiek halako segurtasun bat ematen ziotela harreman hartan bazegoela Probidentziaren eragina. Otu zitzaion Jainkoak Debora eman zion era berean, aurrera egiten laguntzeko, Jainkoak bera ere bidali zuela Deborarengana, honek gizonen begietan zeraman desohoretik altxa zezan, aska zezan. Eta une batean ideia honek bete zuen, era bat, ikuspen baten indarrarekin: Non aurki zezakeen emakume egokiagorik? Debora ez zen Sioneko alaba hantusteak bezalakoa! Hura ez zenuen ikusiko kalean lotsagabeki ibiltzen, begiak loguratuta eta ahoa lizunkeriaz erdi zabalik, ezta gauerdian hesi baten azpian intzirika ere, biluzik, mutil beltzen baten zintzilikario madarikatua biluzten! Ez, beren ezkon-ohea sakratua izango zen, eta beren haurrek fededunen lerro zuzenari jarraituko zioten. Eta gogoeta hauek piztuta, su beheago bat sumatu zuen berarengan, erdi lokartutako ikara bat piztuz, eta gogora etorri zitzaion (mahaia, ministroak, afaria eta solasa kolpetik burura itzuliz) Paulok idatzitakoa: «Hobea da ezkontzea erretzea baino».
Baina pentsatu zuen beste puska batez ez hitz egitea; Jainkoak hari guztiari zer irizten zion argitasun gehiagoz jakiten saiatuko zen. Ezin baitzuen ahaztu Debora bera baino askoz zaharragoa zela, zortzi urte; eta irudikatzen saiatu zen, lehenengo aldiz bere bizitzan, gizon zuriek aspaldi hartan sufriarazi zioten desohorea: gonak buru gainean, sekretua desestalia, gizon zuriek desestalia. Zenbat ote ziren? Nola erreakzionatu ote zuen Deborak? Oihu egin ote zuen? Ondoren gogora etorri zitzaizkion (baina ez zion kezka handirik sortu, zeren Kristo, bera salbatzearren, gurutzefikatua izan bazen, berak ere aise eraman zitzakeen trufak, hura Kristoren aintza areagotzeko bazen) nolako irribarreak piztuko ziren, nolako aburu lohiak, oraindik esnatu gabeak, altxatuko ziren gauetik egunera, Jonasen kalabazaren moduan, jendeak bera eta Debora ezkonduko zirela aditzen zuenean. Debora, haien eguneroko lotsaren lekuko eta froga bizia izandakoa, haien zoro santu bihurtua; eta bera, haien alaben harrapari heziezina izandakoa, haien emazteen lapurra, haien ilunpeko printze ibiltaria! Eta irribarre egin zuen, ministroen aurpegi ondo elikatuei eta haien masailezur kirrinkariei begira; pastore fedegabeak ziren, zerbitzari desleialak. Otoitz egin zuen inoiz hain potzolo edo hain lizuna izan ez zedin, Jainkoak bere bitartez lan eskerga gauza zezan baizik: alegia, garai oraindik jaio gabeetan zehar, emeki eta aintza handiz Haren maitasun eta erruki eternala kantatzea eta aitortzea. Dardaraka jartzen zuen orain inguratzen zuen presentziak; ozta-ozta segi zezakeen eserita. Iruditzen zitzaion Zerutik argi batek bere gainean, aukeratuaren gainean, distiratzen zuela; Kristo tenpluan sentitu bide zen bezala sentitzen zen, Haren ministro izugarri nahasiei begira. Eta begiak jaso zituen, haien begiradei zein urrumei, edo mahaian bat-batean nagusitu zen isiltasunari jaramonik egin gabe, pentsatuz: «Bai, Jainkoak Bere mirariak obratzeko bide misteriotsuak ditu»
«Arreba Debora», esan zion gau hartan beranduago, etxera laguntzen ari zitzaiola, «Jaunak zerbait ezarri dit bihotzean, eta Jainkoak bide zuzenetik eraman nazan otoitz egiten eta hausnartzen laguntzeko eskatu nahi dizut».
Bere buruari galdetu zion Deborak asma ote zezakeen buruan zer zebilkion. Haren aurpegian pazientzia besterik ez zegoen berarengana jiratuz esan zuenean: «Etengabe ari naiz otoitzean. Baina aste honetan are gogorrago egingo dut otoitz zuk hala nahi baduzu».
Eta otoitzezko bolada hartan hain zuzen izan zuen Gabrielek ametsa.
Gerora ezin izan zuen inoiz gogoratu ametsa nola hasten zen, zer gertatzen zen, edo norekin zebilen ametsean, ezta haren inongo xehetasunik ere. Errealitatean bi amets izan baitziren, lehena bigarrenaren infernuko aitzindari ilun lausotua. Lehenbiziko ametsaz, oberturaz, giroa besterik ez zuen gogoratzen, behialako giroa bezalakoa: astuna, arriskua nonahi, Satan bere ondoan, eror zedin saiatzen. Gau hartan, lokartzen saiatzen ari zela, Satanek deabruak bidali zizkion ohe-ondora; garai bateko adiskideak, jadanik ikusten ez zituenak, eta zurruta zein jokozko irudiak, bera tormentatzeko inoiz berpiztuko ez zirela uste zuenak, eta ezagutu zituen emakumeak. Eta emakumeak hain errealak ziren, ia-ia uki zitzakeen; eta ostera ere aditu zituen haien algara eta hasperenak, eta eskuen azpian berriz sentitu zituen haien izter eta bularrak. Nahiz begiak itxi eta Jesusi deika hasi Jesusi behin eta birritan dei eginez—, bere gorputz paganoa zurrundu egiten zen, su hartuta, eta emakumeek barre egiten zuten. Eta galdetzen zioten ea zergatik jarraitzen zuen ohe estu hartan bakarrik berak zain zituenean; zergatik estekatzen zuen gorputza kastitatearen armadura barruan berak ohean hasperenka eta jiraka zain zeuden bitartean. Eta Gabriel hasperenka eta jiraka ari zen, mugimendu bakoitza tortura hutsa, maindireen ukitze bakoitza laztan lohia, eta bere irudimenean bizitzan hartutako edozein laztan baino higuingarriagoa. Eta ukabilak estutu zituen gogor otoitz egin nahian, Infernuko gudarosteak exortzizatzeko, baina mugimendu hura ere ez zen beste edozein mugimendu baino gehiago, eta azkenean belauniko jarri zen otoitz egiten. Handik gutxira lo nahasi batek hartu zuen; harrikatu egingo zutela zirudien, eta gero guduan zegoen, eta ondoren bere itsasontzia hondoratu egiten zen. Eta bat-batean esnatu zen, eta amets egin zuela jakin zuen, iztartea bere hazi zuriaz estalita baitzeukan.
Orduan, dardarati, ohetik altxatu eta garbitu egin zen. Gaztigua zen hura, ondo zekien, eta bazirudien aurrean ikusten zuela Satanek irekitako amildegia, sakon eta isila, bere zain. Gogora etorri zitzaizkion bere goitikara itzultzen den zakurra, garbitua izan ondoren bekatu egin eta zazpi deabruek hartua izan zen gizona, azkeneko egoera hasierakoa baino okerragoa izanik. Eta azkenean, ohe-albo hotzean belauniko, baina bihotz barrua asaldatuegia otoitz egiteko, Onanengan pentsatu zuen, bere anaiaren leinuari jarraipena eman beharrean hazia lurrean isuri zuen gizonaz. Dabiden etxekoa. Abrahamen semea. Eta berriro hasi zen Jesusi deika; eta berriro lokartu zen.
Eta amets egin zuen mendi baten antzeko leku hotz garai batean zegoela. Goian zegoen, hain goian non laino eta hodei artean baitzebilen, baina aurrean igoera monotonoa zabaltzen zitzaion, mendiaren alde malkartsua. Ahots batek esaten zuen «Zatoz gorago». Eta igotzeari ekiten zion. Gutxi barru, haitzari itsatsita, goian hodeiak eta behean lainoa bakarrik zituela aurkitzen zen, eta konturatzen zen laino-hormatik haratago sua nagusitzen zela. Oinak irristatzen hasten zitzaizkion; legarrak eta harkoskorrak kirrinka hasten zitzaizkion omen azpian. Gora begiratzen zuen, dardaraka, eta deiadar egiten zuen: «Jauna, ezin naiz gorago igo». Baina luze gabe ahotsak ostera esaten zuen, astiro eta indarrez, uko egitea ezinezko bihurtuz: «Tira, semea. Zatoz gorago». Orduan konturatzen zen heriotzara erori nahi ez bazuen ahotsari obeditu beharko ziola. Berriz ekiten zion igotzeari, eta oinak berriro irristatzen zitzaizkion. Eta erori egingo zela pentsatzen zuenean, bat-batean aurrean agertzen zitzaizkion hosto berde arantzatsuak; eta hostoei heltzen zien, eskuak zaurituz, eta ahotsak berriz esaten zuen: «Zatoz gorago». Eta Gabrielek gora segitzen zuen, haize zorrotzak arropa zeharkatuz, eta oinak odoltzen hasten zitzaizkion, eta eskuak ere odoletan zeuzkan. Eta igotzen jarraitzen zuen, eta bizkarra hausten zitzaiola sumatzen zuen, hankak sorgor zeuzkan, eta dardaraka, eta ezin kontrola zitzakeen. Eta oraindik ere hodeia besterik ez zeukan aurrean, laino orrolaria azpian. Bere amets hartan zenbat igo zuen ez zekien. Orduan, kolpetik, hodeiak irekitzen ziren eta eguzkia sentitzen zuen koroa loriagarria bailitzen, eta eremu baketsu batean zegoen.
Ibiltzeari ekiten zion. Orain jantzi zuri luzea zeraman. Kantua aditzen zuen: «Haranean sartzean hain ederra ikusi nuen, Jaunari galdetu nion ea dena nirea zen». Baina bazekien berea zela. Ahots batek zioen: «Zatoz nirekin». Eta abiatzen zen, eta ostera aurkitzen zen labar garai baten ertzean, eguzki distiratsuak bainatua, bedeinkatua eta goretsia, halako moldez non Jainkoa baitzirudien, urrezkoa, eta behera begiratzen zuen, igo berria zuen mendiaren magal maldatsura. Eta mendian goian, zuriz jantzita, aukeratuak zetozen, kantari. «Ez itzazu ukitu», esaten zuen ahotsak, «nire zigilua daramate». Eta Gabrielek bira egin eta ahozpez geratzen zen, eta ahotsak berriro esaten zuen: «Horrelakoak izango dira zure ondokoak». Orduan esnatu zen. Leihotik goiza iragazten zen eta, ohean etzanda, malkoak aurpegian behera zerizkiola, Jainkoa bedeinkatu zuen izandako ikuspen harengatik.
Deborari esan zionean bere emazte izateko, bere laguntzaile sakratu izateko eskatzea iradoki ziola Jainkoak, emakumea une batez begira geratu zitzaion, aurpegian izu mutua marraztuta. Ez zion halako aurpegierarik inoiz ikusi. Debora ezagutu zuenetik lehenbiziko aldiz ukitu zuen, eskuak sorbaldetan jarriz, pentsatuz sorbalda haiek behiala nolako ukipen zakarra ezagutu zuten, eta orain nola altxatuko zuen haren ohorea. Eta galdetu zion, «Ez zaude ikaratuta, ezta, Arreba Debora? Ez diozu ezeri beldur izan beharrik».
Orduan Debora irribarre egiten saiatu zen, baina haren ordez negarra irten zitzaion. Aldi berean bortitza eta dudazkoa zen mugimendu batez, burua gizonaren bularrera erortzen utzi zuen.
«Ez», esan zuen, ahotsa Gabrielen besoek motelduta, «ez nago ikaratuta». Baina ez zion negar egiteari utzi.
Gabrielek buru makur latza laztandu zion. «Jainkoak bedeinka zaitzala, neskatxa», esan zion aztoratuta. «Jainkoak bedeinka zaitzala«.
Elizako isiltasuna hautsi egin zen Anai Elisha, belauniko piano alboan, oihu egin eta, Jainkoaren indarrak abailduta, atzerantz erori zenean. Luze gabe beste bizpahiru hasi ziren oihuka, eta haize batek, espero zuten euri-jasa handi haren aitzindaria, zeharkatu zuen eliza. Oihu hark eta atzetik etorri zirenek markatu zuten arratseko elizkizunaren aldaketa: hasieran aieneek eta oihu tartekaturen batek hautsitako marmar etengabea zena negar eta intziri, aldarrikatze eta kanta bihurtu zen, haurra munduratzen ari den emakumearen erditzean bezala. Larrain hartan, argi bila ahalegintzen zen arima zen haurra, eta eliza ari zen erditzen, etenik gabe bultzaka eta tiraka, Jesusen izena oihukatuz. Anai Elishak oihu egin eta atzera erori zenean, negarrez, Arreba McCandless altxatu eta ondoan jarri zitzaion, otoitz egiten lagunduz. Arimaren birsortzea iraunkorra zen; izan ere, etengabeko birsortzeak bakarrik saihets lezake Satanen eskua.
Arreba Price kantatzen hasi zen:
«Irten nahi dut, Jauna,
Irten nahi dut.
Atera nazazu, Jauna.
Atera nazazu».
Haren ahots bakartiari beste zenbait elkartu zitzaizkion, haien artean Johnena, dardarati. Gabrielek ahotsari antzeman zion. Elishak oihu egin zuenean, Gabriel une batez benetako garai eta lekura itzuli zen, aditzen ari zena, Jainkoaren indarpean liluratuta zegoena John ote zen beldurrez. Ia-ia burua altxatu eta ingurura begiratu zuen; baina orduan Elisha zela jabetu zen, eta beldurra galdu zuen.
«Zure borondatea egin bedi, Jauna,
Zure borondatea egin bedi».
Orain ez zegoen bere semerik bertan, larrainean oihuka. Batak hamalau urte zeramatzan hilik; Chicagoko taberna batean hil zen, eztarrian labana sartuta. Eta bizirik zeukan semea, Roy, petrala zen jadanik, eta bihozgabea; orain etxean zegoen, isilik, aitarekin saminez beteta, kopeta bendatuta. Haiek ez zeuden han. Esklaboaren semea zegoen bakarrik bere legezko primuak egon behar lukeen lekuan.
«Obedituko dut, Jauna,
Obedituko dut».
Altxatu eta Elishari otoitz egiten laguntzea pentsatu zuen; gizon batek oihu egiten zuenean, bidezkoa zen beste gizon bat ararteko izatea. Eta pentsatu zuen zein pozik altxatuko zen, eta nolako indarrez otoitz egingo zuen gaur lurrean oihuka zegoena bere semea izan balitz. Baina belauniko segitu zuen, burua makurtuta. Etzandako Elishak botatzen zuen oihu bakoitzak erdiratu egiten zuen. Seme hildakoaren eta bizi zenaren oihuak aditzen zituen: bata infernuan betiko oihuka, erruki-itxaropen oro galduta; bestea egunen batean hasiko zen oihuka, errukia amaituta.
Gabriel saiatzen ari zen, egindako aitorpenarekin, Jainkoak erakutsitako zeinu guztiekin, bere burua jartzen bizi zen semearen eta hura irensteko zain zegoen ilunpearen artean. Bizi zen semeak madarikatu zuen —kabroia— eta haren bihotza Jainkoarengandik urrun zegoen. Ezinezkoa zen arratsean Royren ezpainetatik aditu zuen madarikazioa behiala, aspaldi, bere lehen semearen amak botatakoa bezalakoa izatea; hura semeaz erditzearekin batera botatakoaren oihartzuna, madarikazioa oraindik ezpainetan zuela eternitatera abiatu aurretik. Haren madarikazioak suntsitu zuen lehen Royal hura; bekatuan sortua izan zen eta bekatuan hil zen, Jainkoaren zigorra zen, eta bidezkoa zen. Baina Roy ezkon-ohean izan zen sortua, Paulok sakratutzat emandako ohean, eta Erresuma agindu zitzaion. Ezinezkoa zen bizi zen semea bere aitaren bekatuengatik madarikatua izatea; izan ere, Jainkoak, oihumin askoren ondoren, une askoren ondoren, zeinua egin baitzion barkatu zuela adierazteko. Eta hala ere iruditzen zitzaion bizirik zeukan semea, bizirik zegoen Royal, madarikatua izan zitekeela bere amaren bekatuarengatik, ez baitzen inoiz bekatu hartaz benetan damutu. Horregatik haren bekatuaren Eroga biziduna izanik, bera, gaur belaunikatuta, bitartekari santuen artean, haren arimaren eta Jainkoaren artean zegoen.
Bai, bihozgabea zen, egosgogorra, eta menderatzen zaila bere emazte bihurtu zen Elizabeth. Ez zuen hala ematen zuela urte asko, Jainkoa Gabrielen bihotzari mintzatu zitzaionean neska hura lohitik altxa zezan, neska eta haren haur abizenik gabea, egun bere abizena zeramana. Mutila amaren peto-petoa zen: isila, zuhurra, harrokeria gaiztoz betea. Egunen batean jaurtiak izango ziren kanpoko ilunpera.
Behin batean —luze zeramaten ezkonduta, Roy haur txikia zen eta Elizabethek Sara zeraman sabelean— emazteari galdetu zion ea benetan damutu zen bere bekatuaz.
Eta hark begiratu eta esan zion: «Lehenago ere galdetu izan didazu hori. Baita nik baietz erantzun ere».
Baina Gabrielek sinetsi ez, eta galdetu zion, «Esan nahi duzu ez zenukeela berriz egingo? Orain ere han bazeunde, zeunden lekuan, hartan bezala... berriro egingo al zenuke?»
Elizabethek begirada jaitsi zuen. Gero, egonezinez, berriro so egin zion begietara. «Ba hara, berriz han banengo, eta neska bera banintz...!»
Ondoko isilune luzean emaztea zain egon zen. Gero, ia-ia nahigabe, Gabrielek galdetu zion, «Eta... oraingoan ere Johni jaiotzen utziko zenioke?»
Elizabethek irmo erantzun zion: «Badakit ez didazula Johnny mundura ekarri izana sentitzen dudala esateko eskatzen. Ezta?» Eta senarrak erantzun ez zionean: «Entzun ongi, Gabriel. Ez dizut niri errudun sentiarazten utziko. Ez zuri, ez ezeri, ez mundu honetako beste inori. Bi haur dauzkagu, Gabriel, eta laster hiru izango ditugu. Eta ez dut inongo bereizketarik egingo haien artean, eta zuk ere ez duzu bereizketarik egingo».
Baina nola ez zen bada bereizketarik izango emakume ahul harro baten eta txo axolagaberen baten semearen eta Jainkoak agindu zion semearen artean? Honek aitaren abizena pasako zien bere ondokoei, eta gogor egingo zuen lan Kristo Bere Aitaren Erresuma ekartzera bigarrenez etorriko zen arte. Zeren eta Jainkoak urte asko lehenago agindu baitzion hura, eta bera horretarako bakarrik bizi izan zen; munduari eta haren atseginei uko eginez, baita bere bizitzaren pozei ere, urte mingots haietan guztietan zehar Jainkoaren promesa beteta ikusteko zain egon zen. Esther hiltzen utzi zuen, Royal ere hil zen, eta Debora antzu hil zen; baina berak promesari heldu zion: Jainkoaren aurrera joan zen benetan damututa, promesa gauzatu zain. Gauzatzearen tenorea ezin zen urruti egon. Egonarria bereganatu eta Jainkoa zerbitzatu besterik ez zuen egin behar.
Eta gogoa saminaz Elizabethengan tinko izan arren, atzerantz ere proiektatzen zitzaion, lehen Royalen ama zen Estherrengan pentsatuz. Eta, poza eta desiraren mamu mutu zurbil artegak oraindik berarengan piztuta, berriro ikusten zuen, neska begi-ilun argal bizia, masailetan, ibileran eta ilean halako indiar kutsua zeramana; neskak zuzentzen zion begiradan bazeuden afektua, desira, egonezina eta destaina; gar-antzeko koloreetan zegoen jantzita, oso gutxitan eraman zuen soinekoa, baina berak beti pentsatzen zuen Estherrengan hura jantzita. Bere gogoan sugarrekin erlazionatzen zuen; udazkeneko hosto gorriztekin, eta arratsean muino urrunaren atzean ezkutatzen zen eguzki kiskalgarriarekin, eta Infernuko gar eternalekin.
Deborarekin ezkondu eta oso gutxira iritsi zen Esther herrira, eta neskame moduan hasi zen berak ere lan egiten zuen familia zuri berarentzat. Hortaz, etengabe ikusten zuen. Neskak lana bukatu orduko, mutil gazte ugari izaten zituen zain atzeko atean. Gabrielek arratsetan ikusten zuen, pasiera egitera urruntzen mutil baten besotik helduta, eta haien ahots eta barreak airetik iristen zitzaizkion, bere egoeraren trufa bailiren. Bazekien neska bere ama eta aita-ordearekin bizi zela. Jende bekataria ziren, edarira, jokora eta ragtime eta blues musikara emanak, eta ez ziren inoiz elizan agertzen, Eguberritan edo Pazkoan izan ezik.
Neskaz errukitzen hasi zen, eta arratsean predikatu behar zuen egun batean elizara joatera gonbidatu zuen. Gonbidapen hark markatu zuen neskak benetan begiratu zion lehen aldia. Bera orduan konturatu zen, eta ez zuen begirada hura gau eta egun askotan ahaztuko.
«Benetan predikatu behar duzu gaur arratsean? Zu bezalako gizon lerden batek?»
«Jainkoaren laguntzaz,» erantzun zion berak, hain serio non ia-ia haserre zirudien. Aldi berean, neskaren begiradak eta ahotsak erabat galdutzat ematen zuen zerbait piztu zion barruan.
«Beno, atsegin handiz joango naiz», esan zuen neskak une bat pasata, gizon «lerdena» deitzera bultzatu zuen suhartasunaz damututa bezala.
«Gaur arratsean etortzeko molda al zintezke?», Gabrielek ezin izan zion galdetzeari utzi.
Eta neskak irribarre egin zuen, zeharkako konplimendutzat hartu zuen hura entzundakoan. «Ba ez dakit, apaiz jauna. Baina saiatuko naiz».
Eguna bukatu zenean beste mutil baten besotik helduta desagertu zen. Gabrielek ez zuen uste agertuko zenik. Eta hark halako era bitxiaz deprimitu zuen, afalorduan ia ezin izan zuen Deborarekin hitz egin, eta erabateko isilunean abiatu ziren elizara. Deborak begi-bazterraz begiratzen zion, bere ohitura isil eta sumingarriari eutsiz. Gabrielen ministerioari zion begirunea adierazteko modua zen. Eta inoiz aurpegiratzea otu balitzaio, Deborak erantzungo ziokeen ez zuela adigabetu nahi Jaunak bihotzean zerbait ezarri zionean. Gaurkoan, predikatu behar zuenez, Jainkoa inoiz baino gehiago hitz egiten ari zitzaion inolaz ere; horregatik, Jaunaren gantzutuaren laguntzailea zen aldetik, nolabait esateko tenplu santuaren zaintzailea zenez, isiltasuna gordetzea zegokion. Gabrielek, ordea, nahiago zukeen hitz egin. Galdetu nahiko ziokeen... gauza ugari. Nahiko zukeen Deboraren ahotsa aditu, eta aurpegira begiratu bere eguna, bere itxaropenak, bere zalantzak, bere bizitza eta maitasunaz mintzatzen zen bitartean. Baina berak eta Deborak ez zuten inoiz hitz egiten. Bere gogoan entzuten zuen ahotsa, eta hainbesteko maitasun eta arduraz begiratzen zion aurpegia ez zen Deborarena, Estherrena baizik. Berriro ere sentitu zuen barne-izozte bitxi hura, hondamendia eta atsegina zekarrena. Eta orduan espero izan zuen ez agertzea, neskari zerbait gertatzea berriro ez ikusteko.
Agertu egin zen, ordea; berandu, pastorea eliztarrei eguneko hizlaria aurkeztera zihoanean. Esther ez zegoen bakarrik, ama zeraman alboan. Gabrielek ezin zuen irudikatu zer ikuskizun agindu ote zion neskak, ezta hark nola ihes egin ote zion arrats hartako gazteari ere. Baina ihes egin zion; han zegoen; beraz, nahiago zuen berari sermoia egiten aditu beste batzuekin haragikerietan aritu baino. Han zegoen, eta Gabrieli bihotza puztu zitzaion; bihotzean zerbaitek krak egin zion atea zabaltzean Esther agertu zenean, irriño batekin eta begiak jaitsita zuzenean atzeko aldeko aulki batera abiatuz. Ez zion berari begiratu, baina hala ere berak segituan jakin zuen ikusi zuela. Eta hurrengo unean —egitera zihoan sermoiarengatik— neska irudikatu zuen, aldare aurrean belauniko, eta gero haren ama eta aita-orde jokozale hitzontzi hura ere, Estherrek Jainkoaren zerbitzura eramanak. Zenbait buru jiratu ziren haiek sartzean, eta harridura eta atseginezko marmar ia entzunezin bat zabaldu zen elizan barrena. Bekatariak ere Jainkoaren Hitza entzutera zetozen.
Izan ere, haien arropek agerian uzten zuten beren bizitza bekatariak: Estherrek kapela urdina zeraman, xingola askoz apaindua, eta soineko astuna, ardo gorri kolorekoa; eta amak, mardula eta Esther baino ilunagoa, urrezko belarritako handiak zeramatzan, eta Gabrielek puta-etxeetan ezagutu zituen emakume presaka jantzitakoen aire susmagarri samarra zuen. Atzealdean zeuden eserita, zurrun eta deseroso, bekatuaren arrebak bezala, deboten santutasun monotonoaren erronka bizia bailiren. Debora haiei begiratzera jiratu zen, eta une hartan Gabrielek ikusi zuen, lehenbiziko aldiz bezala, zein beltz eta hezurtsua zen bere emaztea, zein erabat desiraezina zen. Debora so geratu zitzaion, begiradan isiltasun jagolea marraztuta; Gabrielek sumatu zuen Bibliari eusten zion eskua izerditan eta dardaraka zeukala; bere ezkon-ohearen intziri pozgabean pentsatu zuen; eta emaztea gorrotatu zuen.
Orduan pastorea altxatu zen. Hark hitz egin zuen bitartean Gabrielek begiak itxi zituen. Sentitu zuen esatera zihoan hitzek hegan ihes egiten ziotela; Jainkoaren indarrak bertan behera uzten zuela. Orduan pastorearen ahotsa isildu zen, eta Gabriel isiltasun hartan begiak irekitzean begi guztiak berarengan tinko zeudela konturatu zen.
«Anai-arreba maiteok», hasi zen; baina berarengan zituen Estherren begiak, argi arraro, argi trufari hura. «Burua makurtu eta otoitz egin dezagun». Eta begiak itxiz burua makurtu zuen.
Gerora gorde zuen sermoi haren oroipena ekaitz batena izan zen. Burua jaso eta berriz haien aurpegira begiratu zuen unetik aurrera mihia askatu zitzaion, eta Izpiritu Santuaren indarrak bete zuen. Bai, Jaunaren indarra zeukan gau hartan, eta egin zuen sermoia gogoratua izan zen misioetan eta txaboletan, belaunaldi oso bateko bisitari ebanjelistentzat eredu bilakatuz. Urte batzuk beranduago, Esther eta Royal eta Debora hilik zeudela, eta Gabrielek Hegoaldea utziko zuenean, jendeak artean gogoratzen zuen sermoi hura eta sermoia egin zuen gazte lerden sutsua.
Samuelen bigarren liburuko hamazortzigarren ataletik atera zuen sermoia, Ahimaatz gaztearen istoriotik; hau goizegi abiatu zen Dabid Erregeari guduaren berri ona ematera. Lasterka abiatu aurretik Joab-ek galdetu baitzion, «Zertarako nahi duzu lasterka joan, semea, berri ona oraindik heldu gabe dagoenean?» Eta Ahimaatz Dabid Erregearengana iritsi zenean eta honek bere seme funsgabearen berri jakin nahi izan zuenean, Ahimaatzek hau besterik ezin izan zion esan: «Iskanbila handia ikusi nuen, baina ez dakit zer gertatuko zen».
Eta hau zen Jainkoak aholkatu bezala itxaron ezin zezaketen guztien istorioa, banitateak bultzatuta beren buruak jakintsutzat jota berri onak prest izan aurretik lasterka abiatzen zirenena. Beren harrokeria zela medio ardi gosetuei janaria eman ezin zioten artzain askotxoren istorioa; beren haurrei ogia eman beharrean harria ematen zieten guraso askorena, Jainkoaren egiaren ordez mundu honetako arrandia eskaintzen zutenena. Hura ez zen sinesmena, guztiz kontrakoa baizik, ez zen umiltasuna, harrokeria baizik; halakoen bihotzetan goizaren semea Zerutik Infernuko sakonetara bidali zuen desira berberak ziharduen, Jainkoak ezarritako denborak ez errespetatzeko desira, Haren eskuetan gizakiek inoiz izango ez zuten indarra zeukan Hari aurre egiteko desira. A, bai, denek ikusi zuten, gau hartan bere ahotsaren mende izan ziren anai-arreba guztiek, denek ikusi zuten halako heldugabetasun tamalgarriak nolako hondamendia ekartzen zuen! Aitarik gabeko haurtxoak oihuka ogi eske, eta neskatxak lohian, bekatuak gaixotuak, eta gizon gazteak landa izoztuetan odola dariela. Bai, bazeuden haien artean zenbait oihuka —entzuna zuten beren etxeetan, eta kale-kantoietan, pulpitutik bertatik ere— ezin zutela gehiago itxaron, beti destaina, bazterkeria eta irainak hartzen, baizik eta gaur bertan altxatu behar zutela boteretsuak lurreratzera, Jainkoak aldarrikatutako mendekua gauzatzera. Baina odolak odola eskatzen zuen, Abelen odolak lurretik bezala. Ez alferrik zegoen idatzita «Sinesten duena ez da lastertuko». Baina batzuetan bidea harkaiztsua izaten zen. Zer uste zuten bada, Jainkoak ahazten zuela? Belaunikatu eta otoitz egin egonarri eske! Belaunikatu eta otoitz egin sinesmen eske! Belaunikatu eta otoitz egin botereak gaindituz prest egoteko Hura laster azalduko denerako, bizitzaren koroa hartzeko! Ez, Jainkoak ez zuen ahazten, Haren ahotik irteniko hitz oro betetzen zen. Hobe da Joben antzera itxarotea guri emandako denbora guztian zehar gure aldaketa iritsi arte, prest egon gabe altxatzea baino, Jainkoak hitz egin aurretik. Zeren eta Haren aurrean umil itxaroten badugu, albiste onak emango baitizkie gure arimei. Itxaroten badakigu gure aldaketa etorriko da, eta hori une batean, begi-kliska batean; egun batetik bestera ustelkeria ustelezinera aldatuko da betiko, Jainkoarengana iritsiz, hodeietatik haratago. Eta hauxe da orain nazio guztiei zabaldu behar diegun berria: Dabiden beste seme bat dago zuhaitz batetik zintzilik, eta iskanbila horren esanahia ez dakiena betiko kondenatuko da Infernura! Anaia, arreba, ihes egin dezakezue, baina hurbiltzen ari da Erregeak «Zer berri dakarzue?» galdetuko dizuen eguna. Eta zer esango duzue egun handi horretan Bere Semearen heriotzaren berri ez badakizue?
«Ba al dago hemen» —aurpegia malkotan zeukan, eta zutik zegoen besteen gainean, besoak zabaldurik— «iskanbila horren esanahia ez dakien inor? Ba al dago gaur hemen Jesusekin hitz egin nahi duen arimarik? Jainkoaren aurrean itxaron nahi duenik, amen, Hura mintzatu arte? Hark zuen ariman, amen, salbazioaren berri onaren soinu eztia jarri arte? Oi, anai-arrebok,» —eta Estherrek altxatu gabe jarraitzen zuen, urrutitik berari begira— «denbora gutxi geratzen da. Egun batean Hura etorriko da nazioak epaitzera, Bere haurrak, aleluia, atseden-lekura eramatera. Esaten didate, bedeinkatua bedi Jainkoa, bi ariko direla soroetan lanean, eta bata eramango duela eta bestea utziko. Bi egongo dira, amen, ohean, eta bata eramango du eta bestea utziko. Badator, maiteok, lapurra gauez bezala, eta Haren etorreraren ordua inork ez daki. Eta orduan beranduegi izango da» Jauna, erruki zaitez«aldarrikatzeko. Hauxe duzue zeuen buruak prestatzeko garaia, orain, amen, Haren aldare aurrean. Ez ote da gaur norbait etorriko? Ez ote dio norbaitek Satani ezetz esan eta bere bizitza Jainkoari emango?»
Baina neska ez zen zutitu; berari begiratu zion bakarrik, eta ingurura ere, interes atsegin argi batekin, antzokian balego bezala, hurrengo unean eskainiko zitzaizkion atseginak ikusteko zain bailegoen. Nolabait, Gabrielek bazekien Esther ez zela inoiz zutituko, ez zuela pasabidea zeharkatuko erruki-aulkian esertzeko. Eta hark, Esther ausardia osoz zintzoen artean egoteak, burua makurtzeari uko eginez, sumin santu batez bete zuen une batez.
Amen esan, bedeinkazioa eman, eta bira egin zuen; segituan eliztarrek kantatzeari ekin zioten. Berriro ere abailduta eta gaixo sentitu zen; blai-blai eginda zegoen, eta bere gorputzaren usaina iristen zitzaion sudurrera. Debora, eliztarren aurrean kantari eta panderoa joz, begira zeukan. Kolpetik Gabriel haur babesgabea bezala sentitu zen. Bere burua betiko ezkutatu nahi zuen, eta negarrari eman gelditu gabe.
Esther eta haren ama kantuak hasi zirenean joan ziren; hortaz, berari sermoia egiten aditzera etorri ziren soilik. Ezin zuen irudikatu orain zer ari ote ziren esaten edo pentsatzen. Eta biharamunaz pentsatu zuen, ostera ikusi beharko baitzuen.
«Hori ez al zen zuk lan egiten duzun etxe berean dagoen neskatxa?», galdetu zion Deborak etxera bidean.
«Bai», erantzun zion. Ez zuen hitz egiteko gogorik. Etxera iritsi, arropa bustia erantzi eta lo egin nahi zuen.
«Oso polita da», esan zuen Deborak. «Ez nuen inoiz elizan ikusi».
Gabrielek ez zuen ezer esan.
«Zuk gonbidatu al duzu gaur elizara?», galdetu zion emazteak handik pixka batera.
«Bai», esan zuen. «Jainkoaren Hitzak kalterik egingo ez ziolakoan nengoen».
Debora barrez hasi zen. «Ez dirudi, ezta! Sartzean bezain hotz eta bekatari irten da; biak, bera eta bere ama. Eta zuk sermoi bikaina egin duzu. Badirudi neskak ez zuela Jainkoa bakarrik buruan».
«Jende batek ez du Jainkoarentzat astirik», esan zuen Gabrielek, «eta egunen batean Hark ez du horientzako astirik izango».
Etxera iristean Deborak kikara bat te bero eskaini zion, baina Gabrielek ezetz esan zion. Isiltasunean biluztu zen —eta emazteak hura ere errespetatu zion— eta ohera sartu zen. Azkenean Debora alboan etzan zitzaion, arratsean lurrean utzi eta hurrengo goizean berriro hartu behar den zama bat bezala.
Hurrengo goizean, bera patioan sukalderako egurra ebakitzen ari zela, Esther hurbildu zitzaion. «Egun on, apaiz jauna. Egia esan, ez nuen espero zu gaur ikustea. Pentsatzen nuen erabat ahituta egongo zinela atzoko sermoi haren ondoren. Zure sermoiak beti al dira horren gogorrak?»
Gelditu egin zen une batez, aizkora airean; gero, aizkorakada joz, berriro jiratu zitzaion. «Jainkoak agintzen didan moduan predikatzen dut, arreba», esan zuen.
Zapuzkeria haren aurrean, Estherrek pixka bat atzera egin zuen. «Beno», esan zuen bestelako tonu batez, «sermoi fina izan zen. Ama eta biok poztu egin ginen hara joan izanaz».
Aizkora egurrean sartuta utzi zuen, aizkorakadek airean bidalitako ezpalen batek neska jo zezakeen beldur. «Zu eta zure ama ez zarete elizara maiz joaten, ezta?»
«Jainkoa, apaiz jauna», hasi zitzaion intzirika, «ez dugu astirik eta. Amak oso gogor egiten du lan aste osoan zehar, eta igandean ohean etzanda egon besterik ez du nahi izaten. Eta nik lagun egitea nahi izaten du», gaineratu zuen bizkor eten baten ostean.
Orduan Gabriel zuzen begira geratu zitzaion. «Benetan esan nahi duzu ez duzula Jainkoarentzako astirik? Ezertxo ere ez?»
«Apaiz jauna», esan zion neskak, ume mehatxatu baten ausardiazko begirada zuzenduz, «ahal dudana egiten dut. Benetan. Denok ezin dugu izpiritu bera izan».
Gabrielek barre labur bat egin zuen. «Izpiritu bakarra da beharrezkoa, alegia, Jainkoaren izpiritua».
«Beno», esan zuen neskak, «nik uste izpirituak ez diola jende guztiari era berdinez eragingo».
Isilik geratu ziren, biok irtenbiderik gabeko egoeran zeudela biziki jabetuz. Une bat pasata, Gabriel jiratu eta aizkora hartu zuen. «Jarrai bada zeure bideari, arreba. Zure alde otoitz egingo dut».
Neska beste une batez Gabrieli begira egon zen, aurpegian halako borroka bat marrazten zitzaiolarik, erresumin eta txantxaren arteko zerbait; Florenceren aurpegian sarri ikusitako espresioa ekarri zion gogora. Aspaldiko igande-afari erabakigarri hartan agureek zuten aurpegieraren antzekoa zen. Neskak hala begiratu zionean haserreegi zegoen zuhur mintzatzeko. Orduan neskak soinak goratu zituen, berak inoiz ikusitako keinurik xume eta axolagabeenaz, eta irribarre egin zuen. «Eskerrik asko, apaiz jauna», esan zuen. Gero etxera sartu zen.
Hura izan zen patioan hitz egin zuten lehen aldia, goiz izoztu hartan. Goiz hartan ez zegoen gero etorriko zenaren inongo gaztigurik. Estherrek iraintzen zuen bere bekatuan hain lotsagabea zelako, besterik gabe; eta Gabrielek haren arimaren alde otoitz egiten zuen, egunen batean biluzi eta mutu agertuko baitzen Kristoren epaimahaiaren aurrean. Ondoren, neskak esan zion bazirudiela atzetik ibiltzen zitzaiola, bere begiek ez zutela une bakar batez ere bakean uzten. «Goiz haietan patioan ez nituen apaiz baten begiradak sumatzen», esan zion. «Gizon batek bezala begiratzen zenidan, Izpiritu Santuaz inoiz entzun ez duen gizon batek bezala». Baina Gabriel ziur zegoen Jainkoak bere bihotzerako zama bailitzen ipini ziola Esther. Eta bere bihotzean eramaten zuen; haren alde otoitz egiten zuen, eta adore ematen zion, garaia zen bitartean, arima Jainkoarengana hurbil zezan.
Baina Estherrek ez zuen Jainkoarengan pentsatzen. Eta bere atzetik ibiltzea leporatzen bazion ere, hura zen, Gabrieli begiratzean Jainkoaren ministroa ikusi beharrean «gizon lerdena» ikusten tematzen zena. Haren ezpainetan Gabrieli esaten zion «apaiz jauna»k begirunerik eza adierazten zuen.
Predikatu behar zuen arrats batean gertatu zen, etxean bakarrik zeuden batean. Etxekoak hiru egun pasatzera abiatu ziren, senide batzuk bisitatzera. Gabrielek geltokira eraman zituen afaldu ondoren, Estherrek sukaldeko garbiketari ekiten zion bitartean. Gabriel etxea giltzatzera itzuli zenean, Esther bere zain aurkitu zuen atariko mailetan.
«Uste nuen», esan zion, «zu itzuli arte ez joatea izango zela onena. Ez daukat etxea ixteko giltzarik, eta zuriak arraro samarrak dira. Ez nuke haiek errua botatzea nahi, ezer faltako balitz».
Gabriel segituan konturatu zen neska edaten aritua zela; ez zegoen mozkor, baina whiskya sumatzen zitzaion hatsean. Eta hark, auskalo zergatik, halako kitzikadura bitxi bat eragin zion barruan.
«Ondo egin duzu, arreba», esan zion neskari gogor begiratuz, edaten ibili zela bazekiela jakinarazteko. Estherrek irribarre lasai, ausart eta inozentzia trufariz betetako batez egin zion aurre begirada gogorrari, eta aurpegia emakumezko betiko maltzurkeriaz bete zitzaion.
Gabriel albotik pasa eta etxera sartzera zihoan; ondoren, pentsatu gabe eta neskari begiratu gabe eskaini zion: «Ez baduzu inor zain puska batean etxera lagunduko dizut».
«Ez», erantzun zion, «gaurkoan ez dut inor zain, eskerrik asko, apaiz jauna».
Eskaintza luzatu izanaz ia-ia egin orduko damutu zen; ziur baitzegoen neska zita batera edo bestera joango zela, eta hura egiaztatu besterik ez zuen egin nahi. Orain, elkarrekin etxera zihoazela, kontzientzia biziaz jabetu zen neskaren presentzia gazte biziaz, haren bekatari-izaeraz. Eta aldi berean etxearen hustasun eta isiltasunak arriskuarekin bakarka zegoela gaztigatzen zion.
«Eser zaitez sukaldean», esan zion Gabrielek. «Lehenbailehen jaitsiko naiz».
Baina hitzon gogortasunak belarria jo zion, neskari begietara so egitera ausartu gabe. Esther mahaian eseri zen, irribarrez, itxarotera. Gabriel gauza guztiak ahalik eta lasterren egiten saiatu zen, leihoak ixten eta ateak giltzatzen. Baina atzamarrak zurrun eta irristakor zeuzkan, arima kezka bizian. Eta konturatu zen bere etxerako irteera guztiak ixten ari zela, sukaldekoa izan ezik, Esther eserita zegoena.
Berriz sukaldean sartu zenean neska altxatu eta ate ondoan zegoen orain, kanpora begira, eskuan baso bat zeukala. Une bat pasa zen Estherrek nagusiaren whisky gehiago hartu zuela konturatu zen arte.
Bera sartzean neska jiratu zen, eta Gabriel begira geratu zitzaion, hari eta eskuan zeukan basoari, suminez eta beldurrez.
«Zain nengoen bitartean tragoxka bat har nezakeela pentsatu dut, apaiz jauna», esan zion neskak hotz. «Baina ez nuen uste honetan harrapatuko ninduzunik».
Edariaren hondarra zurrut batez edan eta harraskara abiatu zen basoa garbitzera. Whiskya edandakoan eztultxo bat egin zuen, damen antzera; Gabrielek ez zuen seguru jakin ea eztula benetakoa zen edo berari zuzendutako trufa.
«Badirudi bizitza osoan Satan zerbitzatzea deliberatu duzula», esan zion gogo txarrez.
«Ahal dudan artean bizitzea deliberatu dut», erantzun zion neskak. «Hori bekatua bada, ongi, infernura joango naiz ordain gisa. Baina ez beldurrik izan, apaiz jauna; ez da zure arima».
Gabriel ondoraino hurbildu zitzaion, suminez beteta.
«Neska», esan zion, «ez al duzu Jainkoarengan sinesten? Jainkoak ez du gezurrik esaten; eta Hark esana da, zuri mintzatzen ari natzaizun bezain argiro, bekatu egiten duen arima hil egingo dela».
Estherrek hasperen egin zuen. «Apaiz jauna, aspertu egingo zara Esther gajoa etengabe mailukatuz, bera ez den zerbait bihurrarazi nahian. Ez dut hemen sentitzen», esan zuen, esku bat bularrera eramanez. «Ea, zer egin behar duzu? Ez al dakizu emakume heldua naizela, eta ez naizela aldatuko?»
Gabrielek negar egin nahi zuen. Eskua luzatu eta neska hain sutsuki jarraitzen zuen hondamenditik salbatu nahi zuen; berarengan gorde Jainkoaren sumina pasa arte. Aldi berean, berriro iristen zitzaion sudurrera whiskyz kargatutako haren hatsa, eta azpitik, haren gorputzaren barne-usain xumea. Eta amesgaiztoa jasaten ari den gizona bezala sentitu zen, datorkion hondamendiaren aurrean dagoen gizona bezala, bizkor mugitu beharrean baina mugitzeko gauza ez dela. «Jesus, Jesus, Jesus» aditzen zuen errepika bere baitan, kanpai moduan, neskari hurbiltzen segitzen zuen bitartean, haren hatsaren eta begi zabal haserre trufarien aurrean galduta.
«Ondotxo dakizu», xuxurlatu zion, erresuminagatik dardaraka, «ondotxo dakizu zergatik ari naizen zure atzetik, zergatik ari naizen modu honetan zure atzetik».
«Ez, ez dakit», erantzun zion neskak, burua emeki ezker-eskuin astinduz gizonaren sua sinesteari uko eginez. «Ez dakit zergatik ezin diozun Estherri bere whiskytxoa edaten edo bere bizimodua eramaten utzi, etengabe zorigaitz senti dadin saiatzen jardun beharrean».
Gabrielek sumindurazko hasperena egin zuen, dardaraka hasten zela sumatuz. «Hara, ez zaitut hondoratzen ikusi nahi, neska, ez dut halako batean zu tristaturik esnatzea nahi, egin dituzun bekatuengatik pena sentituz, zahartuta, bakardadean eta errespetatuko zaituen inor gabe inguruan».
Baina bere burua hizketan aditu zuen, eta lotsa sentitu zuen. Hitz egiteari utzi eta etxe hartatik irten nahi zuen; gutxi barru abiatuko ziren, eta amesgaiztoa bukatuko zen.
«Apaiz jauna», esan zuen neskak, «Ez dut lotsatzeko moduko ezer egin, eta benetan espero dut lotsatzeko moduko ezer ez egitea, inoiz ez».
«Apaiz jauna» aditu zuenean kolpatu nahi izan zuen; horren ordez, besoak luzatu eta neskaren eskuak bereetan bildu zituen. Eta orain elkarri zuzen begira geratu ziren. Estherren begiradan sorpresa zegoen, eta garaipen arretatsua; Gabriel jabetzen zen beren gorputzak ia elkar ukitzen zeudela eta atzera jo behar lukeela. Baina ez zen mugitu; ezin zen mugitu.
«Baina ez da nire errua», esan zuen Estherrek une bat pasata, burla ankerrezko tonuaz, «zuk lotsatzen zaituzten gauzak egin badituzu, apaiz jauna».
Neskaren eskuei heldu zien, itsasoaren erdian egonik haren eskuak kostaldera eramango zuen soka balira bezala. «Jesus, Jesus, Jesus», otoitz egin zuen, «oi, Jesus, Jesus. Lagundu eusten». Estherren eskuak atzerantz bultzatzen zituela iruditu zitzaion, baina neska berarengana erakartzen ari zen. Eta haren begietan ikusi zuen egun eta gau askotan zehar ikusi gabeko soa, Deboraren begietan inoiz izan ez zen begirada.
«Bai, badakizu zergatik egoten naizen beti zutaz kezkatuta, zergatik sentitzen naizen zorigabe begiratzen dizudanean».
«Baina ez didazu inoiz honelakorik esan», esan zuen neskak.
Esku bat haren gerrira eraman, eta bertan utzi zuen. Haren bularren puntek jaka ukitzen zioten, azidoa bailiren errez eta bere eztarria itxiz. Laster, beranduegi izango zen; berak ere beranduegi izatea nahi zuen. Bere infernu-premia, ibai hura, gainezkatuz zihoan, bera aurrera bultzatuz aspaldi itotako gorpua bailitzen.
«Ondo dakizu», xuxurlatu zuen, neskaren bularrak ukituz eta aurpegia haren lepoan hondoratuz.
Honela erori zen; bere onbideratzetik lehenbiziko aldiz, bere bizitzan azkeneko aldiz. Erori: bera eta Esther familia zuriaren sukaldean, argia piztuta, atea erdi zabalik, elkarri helduta eta kiskaltzen harraska ondoan. Erori, bai: denbora ez zen jadanik existitzen, eta bekatua, heriotza, Infernua eta azken epaia ezabatuta zeuden. Esther besterik ez zegoen, bere gorputz estuan misterio eta grina oro biltzen zituena, eta Gabrielen premia oro asetzen zituena. Denboraren joanak ahantzarazi egin zizkion beren lehen elkartzearen baldarkeria, izerdi eta lohikeria; bere esku dardaratiek nola biluztu zuten neska, oraindik zutik zeudela; haren soinekoa nola labaindu zen lakioa bailitzen oinen ingurura; bere eskuek nola zarrastatu zizkioten azpiko jantziak haragi biluzi bizia ukitu ahal izateko; neskak nola protestatu zuen, «Hemen ez, hemen ez»; nolako kezka zuen, bere gogoko bazter ezkuturen batean, ate irekiaz, egin behar zuen sermoiaz, bere bizitzaz, Deboraz; nola egin zuten estropezu mahaiarekin, nola zuen lepokoa ito beharrean, atzamarrez laxatu zuen arte; nola aurkitu ziren azkenik zoruan, izerditan eta intzirika, elkarri lotuta; gainerako guztitik, giza zein zeru laguntza orotatik, bereizita. Berek bakarrik lagun ziezaioketen elkarri. Bakarrik zeuden munduan.
Royal bere semea gau hartan sortu ote zen? Ala hurrengo gauean? Ala hurrengoan? Hark bederatzi egun besterik ez zuen iraun. Ondoren Gabriel bere senera etorri zen; bederatzi egun pasata Jainkoak eman zion neskari harreman hura ezinezkoa zela esateko indarra.
Estherrek axolagabekeriaz, ia-ia jostari hartu zuen Gabrielen erabakia, haren erorketa onartu zuen bezalaxe. Bederatzi egun haietan zehar Gabrielek Esther ulertu zuen: ulertu zuen harentzat bere beldur eta dardara irudikeria eta umekeria zirela, bizitza den baino korapilatsua egiteko modua. Hark ez zuen uste bizitza halakoa zenik; bizitza sinplea izatea nahi zuen. Jabetu zen Estherrek errukia ziola, beti kezkatuta zebilelako. Batzuetan, elkarrekin zeudenean, saiatzen zen azaltzen nola sentitzen zen, Jainkoak nola zigortuko zituen egiten ari ziren bekatuagatik. Baina neskak ez zion entzun nahi izaten. «Orain ez zaude pulpituan. Nirekin zaude. Apaizak ere badu inoiz arropa erantzi eta gizon normal moduan jarduteko eskubidea». Berriro ikusi nahi ez zuela esan zionean, neska haserretu egin zen, baina ez zuen iskanbilarik sortu. Haren begiek tentela zela esaten zioten, baina sutsuki maite izan balu ere, ez zatekeela erabaki harengatik iskanbila sortzeko adina apalduko; izan ere, Estherren sinpletasunaren zati handi bat erraz ezin lor zezakeena nahi ez izatean baitzetzan.
Eta halaxe bukatu zen. Gabriel zaurituta eta ikaratuta geratu bazen ere, Estherren begirunea betiko galdu bazuen ere (Jainkoari erregutzen zion ez zedila bera predikatzen entzutera itzuli), eskerrak ematen zizkion Jainkoari okerragoa izan ez zelako. Otoitz egiten zuen Jainkoak barka ziezaion eta inoiz berriro erortzen utz ez ziezaion.
Baina benetako beldurra ematen ziona, inoiz baino sarriago belauniko mantenduz, hauxe zen, bazekiela behin erori ondoren, ez zegoela berriro erortzea baino gauza errazagorik. Esther bereganatu ondoren haragizko gizona esnatu zen berarengan, nonahi konkistatzeko aukera ikusten zuena. Hark gogorarazi zion gizon santua izan arren oraindik gaztea zela, bere irrika izan zuten emakumeek oraindik ere irrikatzen zutela; eskua luzatu besterik ez zuen eta nahi zuen guztia hartu ahal izango zuela, baita elizako arrebak ere. Ezkon-ohean ikuspen haiek uxatzen saiatzen zen, gogor saiatzen zen egunetik egunera gehiago gorroto zuen Debora pizten.
Udaberriaren hasieran hitz egin zuen berriro Estherrekin patioan. Lurrean elur eta izotza gesaltzen ikusten ziren oraindik. Eguzkia nonahi zegoen; bazirudien zuhaitzen adar biluziak gorantz, eguzki zurbilerantz altxatzen zirela, hosto eta loreak sortzeko irrikatan bezala. Bera zutik zegoen pozaderan, mauka hutsik, bere baitarako emeki kantatzen, Jainkoa goratzen pasa zituen arriskuengatik. Estherrek atariko mailak jaitsi zituen, eta nahiz Gabrielek oin-hots leunak aditu eta neska zela jakin, une bat pasa zen jiratu zen arte.
Berak uste zuen neska etxean egiten ari zen zerbaiterako laguntza eske zetorkiola. Ezer esaten ez zuenez, jiratu egin zen. Kotoizko soineko arina zeraman soinean, lauki beix eta marroiz osatua, eta buru inguruan txirikordatuta zeraman ilea. Neskatxa bat zirudien, eta Gabrielek ia irribarre egin zuen. Ondoren ea zer gertatzen zen galdetu zion, eta bihotza larriduraz bete zitzaion.
«Gabriel, haurdun nago», esan zion neskak.
Begira geratu zitzaion; Esther negarrez hasi zen. Gabrielek arreta handiz lurrean utzi zituen bi ur-ontziak. Neskak eskuak luzatu zizkion, baina berak atzera egin zuen.
«Tira, neska, utziozu negar egiteari. Zer diostazu?»
Baina behin malkoak askatzen hasita, ezin izan zituen berehalakoan geldiarazi. Negarrez jarraitu zuen zutik, apur bat balantzaka eta aurpegia eskuez estaliz. Berak izututa begiratu zuen patiora eta etxerantz. «Nahikoa da!», oihukatu zuen berriz, leku eta une hartan ukitzera ausartu gabe. «Esadazu zer gertatzen den!»
«Esan dizut bada», intziri egin zuen Estherrek. «Esan dizut: haurdun nago». Begira geratu zitzaion, aurpegia mudatuta eta malko beroez blaituta. «Zin degizut. Ez naiz ezer asmatzen ari, zin degizut».
Gabrielek ezin zion begirik kendu, ikusten zuena gorrotatu arren. «Eta noiz konturatu zara?»
«Duela gutxi. Uste nuen agian gaizki kalkulatu nuela. Baina ez. Zer egin behar dugu, Gabriel?»
Orduan, gizona begira zuela, ostera eman zitzaion negar egiteari.
«Lasai», erantzun zion honek, bere burua ere harritu zuen lasaitasunaz. «Zerbait egingo dugu, zu zaude lasai».
«Zer egingo dugu, Gabriel? Esan, zer pentsatzen duzu egitea?»
«Zu itzul zaitez etxera. Hau ez da hitz egiteko tenorea».
«Gabriel...»
«Zoaz bada etxera, neska. Segi!» Eta neska mugitu ez eta berari so jarraitzen zuela ikusiz, «Gauean hitz egingo dugu horretaz. Gauean arazo honen hondoraino iritsiko gara».
Neskak bira erdia egin eta atari-mailak igo zituen. «Eta lehor itzazu malkoak», xuxurlatu zion Gabrielek. Esther makurtu zen, soinekoaren azpia altxatuz begiak lehortzeko, eta hala geratu zen une batez beheko mailan Gabriel begira zuen bitartean. Gero zutitu eta etxera sartu zen, atzera begiratu gabe.
Hark izango zuen bere haurra; bere haurra? Debora, berriz, beren intziriak gorabehera, Gabrielen gorputza hartzen zuen apaltasuna gorabehera, ez zen bere barruan bizitza berri bat sortzeko gai. Urdanga baino hobea ez zen Estherren umontzia izango zen profetaren hazia elikatuko zuena.
Eta pozaderatik urrundu zen, urez betetako bi ontzi astunak trantzean bezala jasoz. Etxerantz abiatu zen, orain —garai, teilatu distiratsutik eta leiho urreztatu haietatik— berari begira eta entzuten zegoela zirudien etxera. Buru gainean zuen eguzkiak eta oinen azpiko lurrak jiratzeari utzi zioten; urak, milioi bat gaztigu-ahots bezala, plisti-plasta egiten zuen alboetan zeramatzan ontzietan; eta bere amak, bera zapaltzen ari zen lur asaldatuaren azpian, begiak altxatzen zituen, etengabe.
Sukaldean hitz egin zuten, Estherrek garbiketa egiten zuen bitartean.
«Nola egon zaitezke horren seguru haurra nirea dela?», izan zen Gabrielen lehen galdera.
Neska orain ez zen negarrez ari. «Ez horrela hitz egiten hasi», esan zion. «Estherrek ez du gezurra esateko ohiturarik, eta ez naiz hainbeste gizonekin ibili burua erabat nahasteko».
Oso hotz eta lasai ari zen hizketan, sukaldean zehar mugitzen bere eginbeharretan arreta sumindu bat jarriz, ia-ia gizonari begiratu gabe.
Honek ez zekien zer esan, ez zekien bere hitzak neskari nola helarazi.
«Esan al diozu amari?», galdetu zion puska baten ondoren. «Joan al zara medikuarengana? Zer dela eta zaude horren seguru?»
Estherrek egonezinezko hasperena egin zuen. «Ez, ez diot amari esan, ez nago erotuta. Ez diot inori esan, zuri bakarrik».
«Nola egon zaitezke horren seguru?», errepikatu zion. «Medikuarengana joan gabe?»
«Herri honetako zein medikurengana nahi duzu joatea? Medikuarengana joatekotan, berdin-berdin igo ninteke teilatu batera lau haizetara aldarrikatzera. Ez, ez naiz medikuarengana joan, eta ez dut joateko inongo presarik. Nire sabelean zer gertatzen den jakiteko ez dut mediku premiarik».
«Eta duela zenbat denbora jakin duzu hau guztia?»
«Duela hilabete-edo jakin nuen, agian sei aste dagoeneko».
«Sei aste? Eta zergatik ez duzu orain arte ahoa ireki?»
«Seguru ez nengoelako. Seguru egon arte itxarotea pentsatu nuen. Ez nuen arrazoirik ikusten ezer seguru jakin gabe bazterrak nahasteko. Ez zintudan haserre, ikaratuta eta gaizto ikusi nahi, orain zauden bezala, beharrik ez bazegoen». Eten bat egin zuen, Gabrieli begira. Gero jarraitu zuen, «Goizean esan duzu zerbait egingo genuela. Zer egingo dugu? Horixe erabaki behar dugu orain, Gabriel».
«Zer egingo dugu?», errepikatu zuen Gabrielek azkenik, zainetako odola hozten zitzaiola sentituz. Sukaldeko mahaian eseri eta jiraka ari zitzaion zoruari begira geratu zen.
Estherri, ordea, zainetako odola ez zitzaion hoztu. Gabriel zegoen lekura hurbildu zen, emeki mintzatuz, begiak samin. «Oso arraroa egiten zait diozuna», esan zuen. «Nik uste pentsatzen ari zaren gauza bakarra honengandik —eta niregandik ere libratzea dela, nola egin asmatu bezain laster. Lehen ez zen horrela izaten, ezta, apaiz jauna? Behiala ezin zenuen ni ez beste ezer edo inortaz pentsatu. Zertaz ari zara pentsatzen orain? Deabruak eraman nazala nitaz pentsatzen ari zarela uste badut».
«Neska», erantzun zion Gabrielek ahul, «ez hitz egin zentzurik ez bazenu bezala. Badakizu neure emazteaz pentsatu beharra daukadala...», eta gehiago esan nahi zuen, baina hitz egokirik aurkitu ezinik, isildu egin zen, etsita.
«Badakit», esan zuen neskak su gutxiagoz, baina oraindik ere Gabrieli behialako burla egonezin hura desagertu ez zen begiez begira. «Baina aizu, hura behin ahazteko gai izan bazinen, bitan ere ahazteko gauza izan beharko zenuke».
Gabrielek ez zion berehalakoan ulertu; baina gero tentetu egin zen aulkian, begiak zabal-zabalik eta haserre. «Zer esan nahi duzu, neska? Zer esan nahi didazu?»
Neska ez zen kikildu; etsita eta sutan egon arren, Gabriel konturatu zen Esther ez zela inolaz ere berari beti iruditu zitzaion neskato kaskarina. Ala gerta ote zitekeen halako epe laburrean eraldatu izana? Baina Estherrekin hitz egitean desabantailan zegoen: bera ez zegoen neskarengan aldaketarik onartzeko prest; Estherrek, ordea, hasiera-hasieratik hartu bide zion neurria eta berarengan gerta zitekeen ezein aldaketak ez zuen harrituko.
«Badakizu zer esan nahi dudan», esan zion. «Ez duzu inoiz itxurazko bizitzarik izango emakume beltz hezurtsu horrekin. Ezingo duzu hura sekula zoriontsu egin, eta ez dizu inoiz haurrik emango. Eta barkatu, baina ez dut uste harekin ezkondu zinenean zure senean zeundenik. Eta nik izango dut zure haurra!»
«Emaztea utzi eta... zurekin joatea nahi duzu?», galdetu zuen azkenean.
«Nik uste nuen», erantzun zion, «zuk zeuk makina bat aldiz pentsatu zenuela hori».
«Aizu», esan zuen Gabrielek haserre eten batez, «nik ez dut inoiz horrelakorik esan. Ez dizut inoiz esan emaztea bertan behera utzi nahi nuenik».
«Ez naiz zuk esandako ezertaz ari!», esan zuen Estherrek oihuka, egonarria agortuta.
Segituan biek sukaldeko ate itxietara begiratu zuten, aldi hartan ez baitzeuden bakarrik etxean. Estherrek hasperen egin zuen, eskua iletik pasatuz. Eta Gabrielek ikusi zuen haren eskua dardaraka zegoela, eta konturatu zen haren lasaitasuna itxurazkoa besterik ez zela.
«Neska, uste duzu hemendik alde egin eta zurekin nonbait bekatuzko bizitza biziko dudala, nire haurra sabelean ostikoka daramazula esaten didazulako bakarrik? Mozolo hutsa naizela uste al duzu? Jainkoaren lana egin beharra daukat, nire bizitza ez da zurea. Ezta ume horrena ere, baldin eta nirea bada».
«Zure umea da», esan zuen neskak, hotz. «Eta horri buelta ematerik ez duzu. Eta duela ez hainbeste denbora, gela honetantxe gainera, zure desira bakarra nirekin bekatuzko bizitza bizitzea balitz bezala begiratzen zenidan».
«Bai», erantzun zion Gabrielek, altxatu eta urrunduz, «Satanek tentatu ninduen eta erori egin nintzen. Ez naiz izan emakume gaizto batengatik erortzen den lehen gizona».
«Kontuz ibili niri nola hitz egiten didazun», esan zuen Estherrek. «Ni ere ez bainaiz gizon santu batek hondamendira eraman duen lehen emakumea».
«Hondamendira? Zu? Nola eramango zintudan nik hondamendira?», oihu egin zuen Gabrielek. «Hiri honetan urdanga moduan ibili zarenean, mundu guztiarekin egiten? Nola esan diezadakezu horren lasai hondamendira eraman zaitudala? Ni izan ez banintz, beste edozein izango zen inondik ere».
«Baina zu izan zara», erantzun zion neskak. «Eta orain jakin nahi dut ea zer egingo dugun horretaz».
Gabriel begira geratu zitzaion. Estherren aurpegia hotz eta gogorra zen, itsusia. Ez zen inoiz hain itsusi egon.
«Ez dakit zer egingo dugun guk», esan zion Gabrielek astiro. «Baina hona zer uste dudan egin behar duzula zuk: hobe izango duzu ibili zaren mutil horietakoren batekin ezkondu. Nik ezin dut zurekin alde egin».
Esther mahaian eseri eta trufa eta txundiduraz begiratu zion; pisuki erori zen aulki gainean, kolpatu izan balute bezala. Gabrielek bazekien indarrak biltzen ari zela: eta orduan neskak esan zuen bera entzuteko beldur egon zen hura:
«Eta hirian barrena abiatuko banintz, zure emazteari, eta eliztarrei eta mundu guztiari esanez? Hori egingo banu, zer, apaiz jauna?»
«Eta nork uste duzu sinetsiko lizukeela?», galdetu zuen, isilune izugarri bat erori eta inguratzen zuela sentituz.
Neskak barre egin zuen. «Zuri bizitza latza egiteko adina jendek sinetsiko lidake». Eta begira geratu zitzaion. Gabriel sukaldean gora eta behera hasi zen, haren begiak saihestu nahian. «Nahikoa duzu atzera begiratu lehen gau hartara, hemen, jende zuri madarikatuaren zoru honen gainean geundela, eta konturatuko zara beranduxe zabiltzala Estherri zein santua zaren azaltzeko. Bost axola zait gezurrean bizi nahi baduzu, baina horregatik nik sufritu behar izateko arrazoirik ez dut ikusten».
«Zoaz bada jendeari esatera hala nahi baduzu», esan zion Gabrielek ausardiaz, «baina ez ezazu uste zu ere ondo geratuko zarenik».
Estherrek berriro egin zuen barre. «Ni ez naiz santua, ordea. Zu ezkonduta zaude, eta predikatzailea zara. Eta nori uste duzu leporatuko diola jendeak erru gehiena?»
Gabrielek zuzentzen zion begiradan gorrotoa eta behialako desira nahasten ziren, eta berriro ere garailea neska zela jakin zuen.
«Ezin naiz zurekin ezkondu, ondotxo dakizu», esan zion. «Esan, zer nahi duzu nik egitea?»
«Ez, badakit ez zinatekeela nirekin ezkonduko ezta libre bazeunde ere. Argi dago ez duzula Esther bezalako urdanga bat emaztetzat nahi. Esther gauerako da bakarrik, ilun dagoenerako, zure izate santua Estherrekin zikintzen inork ikusiko ez zaituen tenorerako. Estherrek zure sasikumeaz basoan isilgordean erditzeko bakarrik balio du. Ez al da egia, apaiz jauna?»
Gabrielek ez zion erantzun. Ez zuen hitzik aurkitzen. Berarengan isiltasuna besterik ez zegoen, hilobiko isiltasuna.
Esther altxatu eta sukaldeko ate irekira abiatu zen. Bertan geratu zen, gizonari bizkarra emanez, patiora begira, eta harantzago, eguzkiaren azken izpi ahulek argitzen zuten kale isilera.
«Ba nik ere ez nuke zurekin bizi nahi», esan zion astiro. «Nik ez dut lotsatuta eta ikaratuta bizi den gizonik nahi. Horrelako gizonak ez dit inolako onik egingo». Atean zegoela jiratu eta begira geratu zitzaion. Hura izan zen Estherrek benetan begiratu zion azken aldia, eta hilobira eramango zuen begirada hura. «Gauza bakarra egitea nahi dut», esan zion neskak. «Hori egindakoan, kito egongo gara».
«Zer nahi duzu nik egitea?», galdetu zuen, lotsatuta sentituz.
«Niregatik hirian barrena aldarrikatuko nuke denon aurrean Jaunaren gantzutua nolakoa den», esan zuen. «Ez egiteko dudan arrazoi bakarra zera da, ez dudala aitak eta amak nolako tuntuna izan naizen jakitea nahi. Ez nago egindakoaz lotsatuta, zutaz nago lotsatuta; zuk eragin didazu inoiz sentitu ez nuen lotsa. Neure Jainkoaren aurrean sentitzen dut lotsa, inori umilarazten utzi diodalako zuri bezala».
Gabrielek ez zuen ezer esan. Neskak ostera eman zion bizkarra.
«Joan egin nahi dut... Norabait joan nahi dut nire haurra izatera, eta hau guztia ahaztera. Norabait joan nahi dut neure gogoetak taxutzera. Hori nahi dut zuk egitea; eta oso merkea da. Izan ere, neska bat benetako puta bihurtzeko gizon santua bezalakorik ez dago».
«Baina neska, nik ez daukat dirurik».
«Ba hobe duzu lehenbailehen zerbait lortu», esan zion Estherrek, hotz.
Eta negarrez hasi zen. Gabriel hurbildu egin zitzaion, baina neska berriro urrundu zen.
«Inguruko herrietan misioa antolatuko banu, diru apur bat lortu ahal izango nuke zu kanpora bidaltzeko», esan zuen etsita.
«Zenbat denbora beharko duzu?»
«Beharbada hilabetea».
Estherrek burua astindu zuen. «Ez naiz hemen hain luzaro geratuko».
Isilik geratu ziren sukaldeko ate parean, Esther malkoen aurka borrokan, Gabriel lotsaren aurka borrokan. Honek gogoeta bakarra zeukan buruan: «Jesus, Jesus, Jesus, Jesus».
«Ez al daukazu ezer aurreztuta?», galdetu zion neskak azkenean. «Nire iritziz luze daramazu ezkonduta, eta zerbait aurreratuta eduki beharko zenuke!»
Orduan gogoratu zen Debora dirua aurrezten aritu zela ezkondu ziren egunetik. Poto batean gordetzen zuen, armairuaren gainean. Pentsatu zuen bekatuak nola eramaten duen bekatura.
«Bai, pixka bat», esan zuen. «Askorik ez».
«Ba ekar ezazu bihar», esan zion neskak.
«Bai», esan zuen.
Estherri begira geratu zen hura atetik urrundu eta armairura kapela eta berokiaren bila joan zenean. Gero kalerako jantzita itzuli zen eta, txintik esan gabe, bere albotik pasa eta patiora zeramaten mailak jaitsi zituen. Burdinsarezko atea ireki eta kale luze isil suzkorantz abiatu zen. Astiro zebilen, burua makurtuta, hotzak balego bezala. Gabriel begira geratu zitzaion, beste batzuetan begiratu zion aldi ugariez pentsatuz, bestelako ibilera zuenean, eta haren barre trufariaz gogoratuz.
Lo zegoen bitartean lapurtu zion dirua Deborari. Eta hurrengo goizean eman zion Estherri. Honek egun hartan bertan utzi zuen etxea, eta astebete beranduago joana zen —Chicagora, haren gurasoek esan zutenez—, lanpostu hobe baten bila eta bizitza hobea bizitzera.
Debora inoiz baino isilago egon zen ondorengo asteetan. Batzuetan Gabriel ziur egoten zen diru faltaz jabetu zela eta bazekiela nork hartu zuen; beste batzuetan ziur egoten zen emazteak ez zekiela ezer. Zenbaitetan ziur egoten zen dendenaren berri zekiela: lapurreta, eta lapurretaren arrazoia. Baina ez zuen hitz egiten. Udaberriaren erdian misiotan abiatu zen eta hiru hilabete eman zituen kanpoan. Itzuli zenean potoan utzi zuen irabazitako dirua. Bien bitartean Deborak ez zuen diru gehiagorik sartu, beraz jakin gabe jarraitu zuen ea Deborak zekien ala ez.
Hura guztia ahantzi eta bizitza berrastea erabaki zuen.
Baina udan gutun bat iritsi zitzaion, igorlearen izen zein helbiderik gabe, baina Chicagoko zigilua zeramana. Deborak gosari-orduan eman zion, itxuraz zigiluaz edo idazkeraz ohartu gabe, biok astero hirian banatzen zituzten Biblia-argitaletxe baten propagandarekin batera. Deborak ere gutuna izan zuen, Florencerena, eta agian berri hark desbideratu zion arreta.
Estherren gutuna honela bukatzen zen:
Uste dut hutsegitea egin nuela egia da, eta orain ordaintzen ari naizela. Baina ez ezazu uste zuk ere ordainduko ez duzunik; ez dakit noiz eta ez dakit nola, baina badakit egunen batean zu ere umilaraziko zaituztela. Ez naiz santua zu bezala, baina badakit ongiaren eta gaizkiaren artean bereizten.
Haurra izango dut, eta behar bezalako gizon bihur dadin haziko dut. Eta ez diot inongo Bibliarik irakurriko, ezta inongo sermoirik entzutera eramango ere. Bizitza osoan pattarra besterik edaten ez badu ere, bere aita baino gizon hobea izango da.
«Zer dio Florencek?», galdetu zuen motelki, bere gutuna ahurrean zimurtuz.
Deborak begirada altxatu zuen irribarre ahul batekin. «Askorik ez, laztana. Baina ezkontzera doala dirudi».
Uda haren amaieran berriro abiatu zen misiotara. Ezin zituen etxea, lana, hiria bera ere jasan. Ezin zuen eraman, egunak joan egunak etorri, bizitza osoan ezagutu zuen jendeari eta gertakariei aurre egitea. Barre egiten ziotela zirudien kolpetik, epaitu egiten zutela; bere erruduntasuna ikusten zuen denen begietan. Pulpituan predikatzen ari zenean iruditzen zitzaion bertan egoteko eskubiderik ez balu bezala begiratzen ziotela, kondenatu egin balute bezala, berak ere garai batean hogeita hiru ministroak kondenatu zituen bezala. Arimak negarrez aldarera hurbiltzen zirenean ia ez zen poztera ausartzen, makurtu ez zen beste arima hura gogoratuz, zeinaren odolaren kontuak agian epai-egunean eskatuko baitzizkioten.
Horregatik ihes egiten zuen jende harengandik, lekuko isil haiengandik, beste nonbait otoitz eta sermoi egitera, isilgordean bezala lanari ekitera, behiala hain aldarazi zuen su sakratu haren bila. Baina aurkituko zuen, profetek aurkitu zuten bezalaxe, lur osoa espetxe bilakatzen zaiola Jaunaren aurretik ihes egiten duenari. Ez zegoen inon bakerik, inon sendabiderik ez, inon ahanzturarik ez. Sartzen zen eliza guztietan, bere bekatuak aurrea hartu ziola zirudien. Ongi etorria ematen zioten aurpegi arrotzetan zegoen bekatua, aldaretik garrasi egiten zion, pulpituko mailak igotzean zain izaten zuen bere aulkian. Bere Bibliatik begiratzen zion; ez zegoen liburu santu hartan guztian dardaraka jartzen ez zuen hitzik. Joan apostolua mintzagai zuenean, Patmos irlan Jaunaren izpirituaz beteta zegoela, eta iraganeko, oraineko eta etorri beharreko gauzak ikusteko gai zela, haren hitzak errepikatzen zituenean, «lohiturik dagoenari utzi lohiturik jarraitzen», bera izaten zen, Gabriel, hitzok ozen aldarrikatzean erabat nahasita geratzen zena. Dabid,Jainkoaren indarraz Israelgo Errege bilakatu zen artzain gazteaz hitz egiten zuenean, besteak «Amen!» eta «Aleluia!» oihuka hasten zirenean, bera borrokatzen zen inguratzen zuten kateekin. Izpiritu Santua goiko gelan zeuden apostoluengana jaitsi eta suzko mihiez denak Izpirituaz bete zituen Mendekoste egunaz hitz egiten zuenean, bere bataioa etortzen zitzaion burura, eta Izpiritu Santua nola iraindu zuen. Ez: nahiz eta bere izena txartel handitan idatzita egon, nahiz bere izena goresten zuten, Jainkoak berarengan egindako lan miresgarriagatik, eta nahiz denak, gau eta egun, bere aldarera bildu, Biblian ez zegoen kontsolatuko zuen hitzik.
Eta bidaiatze hartan zehar ikusi ahal izan zuen bere jendea nola urrundu zen Jainkoarengandik. Denek bide zuzena utzi eta larre landugabeetara jo zuten, urre eta zilarrezko, zur eta harrizko idoloak gurtzera, baina idolo faltsu haiek ez zituzten salbatuko. Sartzen zen edozein herri nahiz hiri betetzen zuen musika ez zen santuen musika, beste bat baizik, infernukoa, haragikeria goretsi eta bertuteaz trufatzen zena. Emakumeak, zeinetako batzuk etxean egon beharko baitzuketen bilobei otoitz egiten irakasten, gauez gau egoten ziren beren gorputzak aleluia lizunetan bihurritzen, ke eta ginebra kiratsaz betetako dantzalekuetan beren «gizon maitea»ri kantatzen. Eta haien gizon maitea edozein gizon zen, edozein unetan, goiz, eguerdi edo gau, Gizon bat hiritik joaten zenean, beste bat aurkitzen zuten; bazirudien gizonak hondoratu egiten zirela haien haragi epelean, haiek inongo desberdintasunik sumatu gabe. «Hemen nauzu zuretzat, eta zuk nahi ez baduzu, ez da nire errua». Gabrieli barre egiten zioten ikusten zutenean —«zu bezalako gizon lerdena?»— eta esaten zioten ezagutzen zutela larruazal nahiko argidun neska garai bat, dudarik gabe Biblia alde bat utzaraziko ziona. Ihes egiten zien; beldur ematen zioten. Estherren alde otoitz egiten hasi zen. Egunen batean emakume haiek zeuden lekuan irudikatzen zuen.
Eta pasatzen zituen hiri guztietan odola isurtzen zen. Bazirudien ez zegoela inon odolak etengabe odolari dei egiten ez zion sendi bakar bat; bazirudien ez zegoela emakumerik, tronpeta harroen aurrean kantatzen zein Jaunaren aurrean bozkariatzen, aita, neba, maitaria edo semea errukirik gabe sastakatuta ikusi ez zuenik, edo ahizpa gizon zuriaren puta-etxe handian sartzen ikusi ez zuenik, edo bera ere etxe hartatik ozta-ozta libratu ez zenik. Bazirudien ez zegoela gizonik, predikatzen nahiz birao egiten, arrats bakarti urdinean bere gitarra zarrastatzen nahiz gauean letoizko saxofoia grinaz eta estasiaturik jotzen, burua makurtu eta gizon zurien ur zikina edatera bultzatu ez zutenik; gizatasuna errotik kutsatu ez zioten gizonik ez, sorbalda laidoztatu ez ziotenik ez, hazia ahanzturan barreiatu ez ziotenik ez, edo ahanzturan baino okerrago, lotsa eta sumin bizian, eta gudu amaigabean. Bai, atalak moztu zizkieten, laidoztatu egin zituzten, izenak berak ere denboraren soroan destainaz botatako hautsa besterik ez ziren, nora erortzeko, non loratzeko, zein fruitu emateko, eta non?; izenak ez zituzten berenak jadanik. Haien atzean iluntasuna zegoen, iluntasuna bakarrik, eta inguruan suntsidura, eta aurrean sua besterik ez; sasikume herria ziren, Jainkoarengandik urrun, larre landugabean kantuan eta oihuka!
Baina modu harrigarri batez, eta lehen aurkitu gabeko sakontasunetatik, bere fedea areagotuz zihoan; gaiztakeriaren aurrean, berak ihes egiten zion gaiztakeriaren aurrean, oraindik ikusten zuen, airearen erdian dagoen suzko zutoihala bailitzen, salbamenaren indarra, zeinaren testigantza heriotza arte eman beharko baitzuen. Bera zapaltzen zuen arren, ezin zuen indar hura ukatu; ezein bizidunek ikusi ez bazuen ere, berak ikusi zuen, eta fedeari eutsi behar zion. Ez zen Egiptora itzultzera behartuko zuen ez lagunik, ez maitalerik, ez sasi-semerik: ez zuen aurpegia Jainkoarengandik urrunduko, ezta Jainkoak Bere aurpegia sumaezina egiteko ilunpe gero eta trinkoagoetan ezkutatzen bazuen ere. Agian egun batean Jainkoak zeinu bat egingo zion, eta ilunpe oro aienatuko zen; egun batean Jainkoak, halako sakontasunetara erortzen utzi ziona, altxatu egingo zuen.
Negu hartan, bera etxera itzuli eta segituan, Esther ere itzuli zen. Haren ama eta aita-ordea Iparraldera abiatu ziren haren gorpu bizigabearen eta haren seme bizidunaren bila. Eguberria pasa eta gutxira, hilzorian zegoen urteko azken egunetan, kanposantuan ehortzi zuten. Bera Deboraren alboan egon zen, honen besoan hotzak eragindako dardara etengabea sentituz, eta begira egon zen hilkutxa luze apala zulora jaitsi zuten arte. Estherren ama isilik egon zen hobi sakonaren alboan, biloba besoetan zeukan bere senarrarengan bermatuta. «Jainkoa, erruki zaitez, erruki zaitez, erruki zaitez», hasi zen norbait salmodiatzen; eta beltzez jantzitako atso zaharrak bat-batean Estherren amaren ondoan pilatu ziren hari eusteko. Gero lurra bota zuten hilkutxa gainera, eta haurra esnatu eta negarrez hasi zen.
Orduan Gabrielek otoitz egin zuen odol-bekatua barkatua izan zekion. Jainkoari otoitz egin zion inoiz zeinuren bat eman ziezaion barkaturik zegoela adierazteko. Baina Jainkoak inongo mezurik eman baino lehen, une hartan kanposantuan garrasika ari zen haurrak biraoka eta kantuan jardun zuen, eta betiko isilarazia izan zen.
Eta bere seme hura, bere aitarentzat arrotza eta Jainkoarentzat arrotza, hazten ikusi zuen. Debora, Estherren heriotza eta gero, adiskidetu egin zen haren familiarekin, eta hasiera-hasieratik jakinarazi zion Gabrieli aitona-amonak zein lotsagabeki mainatzen ari ziren Royal. Saihestezina zen umea haien kuttuna izatea; horren frogak ikusiz Deborak zimurtu egiten zuen kopeta, eta batzuetan, gogoz bestera, irribarre egiten zuen. Eta haiek esaten zuten bezala, haur harengan odol zuririk baldin bazegoen, ez zen inon ageri: amaren peto-petoa zen.
Ez zen egunik pasatzen Gabrielek bere seme galdua, seme oinordegabetua ikusi gabe, edo haren berri jakin gabe. Eta egunak joan, egunak etorri, bazirudien mutilak gero eta harrotasun handiagoz zeramala patua bekokian inprimatuta. Gabrielek ausarki aurrera egiten ikusi zuen, Dabiden seme ausartaren modura, sortua izan zenetik zain izan zuen hondamendirantz. Ibiltzen hasi ordurako, harrokeriatan hasi zen; hitz egiten ikasi ordurako biraoka hasi zen. Gabrielek maiz ikusten zuen kalean, bere adineko beste mutilekin espaloian jolasten. Behin batean, bera pasatu zenean, mutil batek esan zuen «Hemen dator Grimes apaiz jauna», burua keinu labur eta isil batez begirunez makurtuz. Baina Royalek burua ausardiaz altxatu zuen predikatzaileari begira. «Zer moduz, apaiz jauna?» esan eta, kolpetik, eutsi ezinik, barre egiteari ekin zion. Gabrielek mutilari irribarre egin nahi zion, gelditu eta kopeta ukitu, baina hura egin beharrean aurrera jarraitu zuen. Bere atzean aditu zuen Royalen xuxurla sutsua: «Apustu egingo nuke traste ikaragarri handia duela!». Eta ume guztiek barre egin zuten. Gabrielek pentsatu zuen orduan nola sufritu behar izan zuen bere amak zalantzarik gabe heriotzara eta Infernura zeraman inozentzia garbitu gabe hartan ikusi izan balu.
«Zergatik jarri ote zion Royal?», esan zuen halako batean Deborak axolagabeki. «Aitaren izena ote da?»
Gabrielek ongi zekien. Behin batean Estherri esan zion Jainkoak inoiz semerik ematen bazion, Royal jarriko ziola, fededunen leinua errege-leinua zelako; bere semea erregeen leinukoa izango zen. Eta Estherrek gogoratu egin zuen hura umea munduratzean; agian bere azken hatsa izan zenarekin batera izen hartaz semeari eta aitari trufa egin zien. Beraz, Gabriel gorrotatuz hil zen; eternitatera eraman zuen Gabrielen eta haren ondokoen gaineko madarikazioa.
«Aitaren izena izango zen noski», esan zuen azkenik. «Non eta Iparraldeko ospitale hartan jarri ez zioten... ama hil ondoren».
«Arreba McDonald, amona» —Debora gutun bat idazten ari zen eta ez zion senarrari begiratu hitz egitean— «Iparraldera lan bila zihoazen mutil haietakoren bat izango zelakoan dago. Badakizu, hemendik pasatzen ziren beltz alferrontzi haietakoren bat. Ba amonak dio haietakoren batek utziko zuela Esther haurdun. Hark dioenez Estherrek ez zuen inoiz Iparraldera joko mutilaren aitaren bila abiatzeko izan ez balitz. Ze hemendik abiatu zenean haurdun omen zegoen», eta begirada gutunetik jaso zuen une batez. «Ez omen dago zalantzarik».
«Hala izango zen», esan zuen Gabrielek, emaztearen berriketa ohigabeak asaldatuta, baina modu zakarrez geldiarazi nahi gabe. Esther zuen gogoan, hotz eta geldi lurrean etzanda, bere besoetan hain bizia eta lotsagabea izan zen neska.
«Eta Arreba McDonaldek», jarraitu zuen, «diru apur batekin abiatu zela dio; dirua bidali behar omen zioten han eman zuen denbora guztian, batik bat amaieran. Atzo bertan egon ginen hizketan horretaz. Hark zioenez, Estherrek egunetik biharrera erabaki omen zuen alde egitea, eta ez zuen ezerk geldiaraziko. Amonak dio ez ziola neskaren nahiari aurre egin, baina arazoren bat zegoela jakin izan balu, ez ziokeela sekula joaten utziko».
«Bitxi samarra egiten zait amonak ezer susmatu ez izan», esan zuen Gabrielek ahapeka, zer ari zen esaten ia-ia jakin gabe.
«Ba ez zuen ezer susmatu Estherrek den-dena kontatzen ziolako; haien artean ez zegoen sekreturik, emakumeen arteko harremana zuten. Orain dio ez zuela inoiz pentsatu Esther arazo larriak izanez gero bere albotik joango zenik». Eta Deborak kanpora begiratu zuen, Gabrielengandik haratago, begiak erruki bitxi samin batez beteta. «Neska gajoa», esan zuen, «asko sufritu behar izan zuen».
«Ez dakit zu eta Arreba McDonald zergatik ari zareten etengabe gauza beraz hizketan», esan zuen Gabrielek. «Aspaldiko kontuak dira horiek; mutila koskortzen ari da jadanik».
«Hala da», erantzun zuen Deborak burua ostera makurtuz. «Baina zenbait gauza ezin izaten da berehalakoan ahaztu».
«Nori idazten ari zara?», galdetu zion, bat-batean emaztearen isiltasunak larrituta, lehentxeago haren jardunak larritu zuen bezala.
Deborak begiak jaso zituen. «Florence zure arrebari idazten ari natzaio. Zure aldetik ezer esatea nahi?»
«Ez», esan zuen Gabrielek. «Esaiozu bere alde otoitz egiten dudala».
Royalek hamasei urte zituela gerra iritsi zen, eta gazte guztiak, lehenik handi-mandien semeak eta gero beltzenak, herri arrotzetara bidali zituzten. Gabriel gauero belaunikatzen zen Royalek joan behar izan ez zezan otoitz egitera. «Ba berak joan nahi omen du», esan zion Deborak. «Amonak esaten dit mutilak ez duela bakean uzten, izena ematera joaten uzten ez diolako».
«Badirudi gazte horiek ez direla pozik geratuko hara joan eta gero elbarrituta edo hilik itzuli arte», esan zuen kopetilun.
«Beno, badakizu gazteak halakoxeak direla», esan zion Deborak alai. «Ezin diezu ezer esan, eta konturatzen diren ordurako beranduegi izaten da».
Gabriel jabetu zen Deborak Royalez hitz egiten zuen bakoitzean berak beldurrez eta aiduru bezala entzuten ziola. Askotan pentsatu zuen bihotzean sentitzen zuen zama emazteari agertzea. Baina hark ez zion paradarik ematen, ez zuen inoiz esaten aitorpenaren umiltasun sendatzailea ahalbidetuko zion ezer, edo gutxienez bere sabelaren idortasuna zela eta, Gabrielek nolako gorrotoa zion adierazten utziko zion ezer. Ematen zion gauza berbera eskatzen zion Deborak: deus ez. Ez, behintzat, gero aurpegiratu ahal izango zion ezer. Etxea mantendu eta ohea berarekin partekatzen zuen; gaixoei bisita egiten zien, beti egin ohi zuen bezala, eta hilzorian zeudenak kontsolatzen zituen, beti egin ohi zuen bezala. Beraz, berak munduak trufa egitea amestu zuen ezkontza hain onartua izan zen, non bien artean bestelako egoera edo harremanik egon zitekeenik ezin baitzuen inork irudikatu. Deboraren ahulezia bera, urteak joan ahala gero eta markatuagoa zena, sarriago oheratzera behartuz, eta haren idortasuna ere, lehengo desohorea bezalaxe, bere burua Jainkoari erabat eskaini zion froga misteriotsu bilakatu ziren.
Emaztearen azken oharra entzundakoan, «Amen» zuhur bat esan eta urruma egin zuen.
«Aitortu beharra daukat mutilak gazte zineneko irudia ekartzen didala gogora», esan zuen Deborak alaitasun berberaz.
Gabrielek ez zion begiratu, nahiz emaztearen begiak gainean sumatu. Besoa luzatu, Biblia hartu eta ireki egin zuen, esanez: «Mutil gazteak denak dira berdinak, Jesusek ez die bihotza aldatzen».
Royal ez zen gerrara joan, baina uda hartan beste herri bateko portura joan zen lan egitera. Gabrielek ez zuen berriro ikusi gerra amaitu zen arte.
Egun hartan, inoiz ahaztuko ez zuen eguna, lana bukatutakoan Deborarentzako botika batzuk erostera abiatu zen, hura oheratuta baitzegoen, bizkarreko minez. Gaua ez zen oraindik etorri eta kaleak gris eta hutsik zeuden, han eta hemen, billar-areto edo tabernatik kanpora isurtzen zen argiaren distirapean, dozena erdiko taldetan zeuden gizon zuriak izan ezik. Talde bakoitzaren albotik pasatzen zenean isiltasuna egiten zen, eta lotsagabe begiratzen zioten, hiltzeko irrikatan; baina berak ez zuen ezer esan, burua makurtuz; izan ere, bazekiten predikatzailea zela. Kalean ez zen beltz bakar bat ere ikusten, bera izan ezik. Goiz hartan, herritik kanpo, soldadu baten gorpua aurkitu zuten, uniformea zarratatuta zigorkatu zuten lekuetan eta, larruazal beltzaren azpitik ageriz, haragi gorri gordina. Ahozpez zegoen zuhaitz baten azpian, azkazalak lur zapalduan iltzatuta. Gorpua jiratu zutenean begiak, harrituta eta izututa, gora so zeuden, eta aho zurruna zabal-zabalik. Galtzak, odolez blaituta, bortxaz irekita zeuden, goizeko aire zuri hotzean agerian utziz ile pubiko lodiak, beltzak eta herdoil-gorriak, odolak elkartuta, eta zauria oraindik taupatzen zegoela zirudien. Isiltasunean eraman zuten etxera, eta orain, ateak itxita, haren senide bizidunek zaintzen zuten, negarrez eta otoitz eginez, mendekuaz amets eginez eta hurrengo zigorraren zain. Orain, norbaitek tu egin zuen erretenera, Gabrielen oinetara; honek, aurpegia mudatu gabe, aurrera jarraitu zuen, eta atzetik aditu zuen norbait errieta bat xuxurlatzen, beltz ona zela esaka, bazterrak nahasten ez zituena. Hitza zuzenduko ez ziotela espero zuen, ez ziela hain ongi ezagutzen zituen aurpegi zuri haiei irribarre egin beharko. Aurrera joan ahala, arreta zela-eta kandela baino tenteago, otoitz egin zuen, bere amak irakatsi zion moduan, maitasun eta eztitasun eske. Baina amets egiten zuen gizon zuri baten kopeta bere oinaz jotzearekin; behin eta berriro, burua lepo hautsian kili-kolo geratu eta bere oinak odola bor-bor besterik topatuko ez zuen arte. Eta Royal Jainkoaren eskuak urrundu zuela gogoeta eginez zihoala —geratu izan balitz hil egingo baitzuketen inolaz ere—, kantoian biratu zenean aurrez aurre topatu zuen Royal.
Royal ordurako Gabriel bezain garaia zen, sorbalda zabalekoa, eta argala. Traje urdin berria zeraman soinean, marra zabal urdinekikoa, eta paper marroiez estalitako fardela, sokaz lotua, zeraman besapean helduta. Gabriel eta bera elkarri begira egon ziren une batez elkar ezagutu gabe. Royalek etsaitasun sakonez begiratu zion harik eta, itxuraz Gabrielen aurpegiari antzemanez, zigarro piztua ezpain artetik kendu eta kortesia behartu batez «kaixo, jauna», esan zion arte. Marranta zuen ahotsa, eta hatsean whisky usain xumea sumatzen zitzaion.
Baina Gabrielek ezin izan zuen berehala hitz egin; lanak zeuzkan arnasa berreskuratzen. Gero berak ere «kaixo» esan zion. Eta hantxe egon ziren, kantoi bakarti hartan, bata besteak garrantzi handiko zerbait esateko zain baleude bezala. Orduan, Royalek aurrera egitera zihoanean, Gabrielek herri osoan zehar zebiltzan gizonez gogoratu zen.
«Motel, ez al duzu zentzurik?», esan zion oihuka. «Ez al dakizu arriskutsua dela gauez hemen ibiltzea?»
Royal begira geratu zitzaion, barre egin ala haserretu behar zuen jakin gabe, eta Gabrielek, oraingoan lasaiago, esan zion, «bakarrik esan nahi dizut kontuz ibiltzeko, txo. Gaur herria gizon zuriz beteta dago. Bat hil zuten bart gauean...»
Eta ezin izan zuen aurrera segitu. Ikuspen batean bezala Royalen gorputza begietsi zuen, astun eta betiko geldi lur gainean zabalduta, eta malkoek begiak itsutu zizkioten.
Royal begira geratu zitzaion, aurpegian erruki urrun eta haserre bat marraztuta.
«Badakit», esan zuen zakar, «baina bakean utziko naute. Aste honetako beltza izan dute. Gainera, ez noa urrutira».
Orduan, hizketan zeuden kantoia herio-arrisku batek astintzen zuela eman zuen. Han zutik zeudela, une batez heriotza eta hondamendia arrapaladan hurbiltzen zitzaizkiela eman zuen: bi beltz bakarrik gizon zuriak lehoiak bezala zelatatzen ari ziren herri isil eta ilunean... Zer erruki espero zezaketen han aurkitzen bazituzten, elkarrekin hizketan? Ziur aski jendeak mendeku bila azpilanetan ari zirela usteko zuen. Eta Gabriel urruntzen hasi zen, bere semea salbatzea pentsatuz.
«Jainkoak bedeinka zaitzala, motel», esan zuen. «Tira, zoaz bizkor etxera».
«Bai, eskerrik asko», esan zuen Royalek. Urrundu egin zen, kantoian biratzeko asmoz. Gabrieli begiratu zion. «Baina zu ere argi ibili», esan zion, irribarrez.
Kantoian biratu zen eta Gabrielek haren oin-hotsak urruntzen sentitu zituen. Isiltasunak irentsi zituen; ez zuen Royali erasotzeko ahotsik aditu, eta aurki isiltasuna nagusitu zen nonahi.
Bi urte iragan baino lehen Deborak esan zion bere semea hil zela.
Eta orain John otoitz egiten saiatzen zen. Errezo-zarata handi batek inguratzen zuen, negar eta kanten zarata. Arreba McCandless ia-ia bakarrik kantatzen ari zen, besteek etengabe intzirika eta oihuka baitziharduten. Bere bizitza osoan entzundako kantua zen:
«Bidaiatzen ari naiz, Jauna,
Bidaiari-oinetakoak ditut soinean».
Begiak altxatu gabe, Johnek leku sakratuan zutik ikusten zuen Arreba McCandless, bila etorriak zirenen aurrean gogor otoitz eginez, burua atzeratuta, begiak itxita, oinak zorua kolpatzen. Orduan ez zuen batzuetan bisita egitera joaten zitzaien Arreba McCandlessen antzik; ez zuen egunero hirierdiko jende zuriarentzat lan egitera joaten zen eta arratsean etxera itzultzean neke-neke eginda eskailera luze ilunak igotzen zituen emakumearen antzik. Ez; aurpegia itxuraldatuta zeukan orduan, izate guztia berritzen zion bere salbazioaren indarrak.
«Salbazioa erreala da», esan zion Johni ahots batek. «Jainkoa erreala da. Heriotza lehen edo gero etor daiteke, zergatik zaude zalantzan? Hauxe da Jainkoa bilatu eta zerbitzatzeko tenorea». Salbazioa erreala zen haientzat guztientzat, eta beretzat ere erreala izan zitekeen. Besoa luzatu besterik ez zuen, eta Jainkoak ukitu egingo zuen; deiadar egin besterik ez zuen, eta Jainkoak aditu egingo zion. Orain, berarengandik hain urruti, halako pozaz oihuka ari ziren haiek ere, garai batean, bekatuan hondoratuta egon ziren, bera orain zegoen bezala, eta deiadar egin eta Jainkoak aditu zien, eta sufrimendu guztietatik libratu zituen. Eta Jainkoak besteen alde egindakoa bere alde ere egin zezakeen.
Baina sufrimendu guztietatik libratu al zituen? Zergatik ari zen bere ama negarrez? Zergatik zimurtzen zuen kopeta bere aitak? Jainkoaren indarra hain handia baldin bazen, bajen bizitzetan zergatik zegoen hainbeste sufrimendu?
John ez zen inoiz haien sufrimenduez pentsatzen saiatu, edo ez zituen bederen hain gertutik inoiz ikusi. Sufrimendua beti izan zen han, bere atzean agian, urte haietan guztietan zehar, baina ez zen inoiz jiratu hura aurrez aurre topatzera. Orain aurrean zuen begira, inoiz bakean ez uzteko, eta haren ahoa muga oroz gaindi zabaltzen zen. Bera irensteko prest zegoen. Jainkoaren eskuak bakarrik libra zezakeen. Baina une batez, nola edo hala jakin zuen, hainbeste min eraginez barruan altxatzen ari zitzaion eta gogoaren ikuspegi bitxi baina eroso hura —betiko?— suntsitzen zion ekaitzaren ardailari esker, Jainkoaren eskuak bazeramala aiduru begira zuen ahora, baraila ireki haietara, suzkoa bezalako hats kiskalgarri hartara. Ilunpeetara gidatuko zuten, eta ilunpetan geratuko zen, harik eta izugarri urruti zegoen etorkizunean Jainkoak eskua luzatu eta altxatuko zuen arte, bera, John, ilunpetan luzaro egon ondoren bera izan beharrean beste gizon bat izango zena. Aldatua izango zen, besteek zioten bezala, betiko. Desohorean ereina, ohorean altxatuko zen: berriro jaioko zen.
Orduan ez zen jadanik izango bere aitaren semea, bere Zeruko Aita Erregearen semea baizik. Orduan ez zion bere aitari beldurrik izan beharko, beren iskanbila aitaren buruaren gainetik gorago eramango baitzuen, Zerura, maite zuen Aitarengana, berarengatik hiltzeko haragizko bihurtu eta lurrera jaitsi zena. Orduan bera eta aita berdinak izango ziren Jainkoaren begien eta maitasunaren aurrean. Orduan aitak ezingo zuen gehiago jo, ezta mesprezatu ere, edo barre egin, bera, John, Jaunaren gantzutua zelako. Orduan aitari hitz egin ahal izango zion gizonek elkarrekin bezala, semeek beren aitei hitz egiten zieten bezala: ez dardaraka, konfiantza eztiaz baizik; ez gorrotoz, maitasunaz baizik. Aitak ezingo zuen Jainkoak Bere egin zuena zapuztu.
Baina, dardarati, bazekien ez zela hura berak nahi zuena. Ez zuen aita maite nahi; gorrotatu egin nahi zuen, gorroto hura elikatu nahi zuen, egunen batean gorrotoa hitzez adierazteko. Ez zuen aitaren musurik nahi, jadanik ez, haren kolpe ugari hartu baitzituen. Geroko egunen batean eta asko aldatuko balitz ere, ezin zuen bere burua irudikatu aitari eskutik heldu nahian. Orain bere baitan zebilen ekaitz hark ezin zion gorroto hura erauzi, huraxe baitzen Johnen lurralde osoan zuhaitzik sendoena, orain, Johnen uholde garai hartan, zutik zirauen bakarra.
Eta, ahul eta nahasita, areago makurtu zuen burua aldare aurrean. Aita hilko balitz...! Orduan Johnen bidea zabalik legoke, besteen bideak bezala. Baina hilobian ere gorrotatu egingo zuen; aita aldatu izan balitz ere, bere aita izaten jarraituko zuen. Hilobia ez zen zigor nahikoa, justizia nahikoa, mendeku nahikoa. Aitak infernua merezi zuen, infernu eternala, azkengabea, etenik gabekoa, betiko piztua. Eta John bertan geratuko zen begira, irribarrez, algaraka, azkenean aitaren tormentu-oihuak entzuten.
Baina orduan ere ez zen amaituko. Aita iraunkorra.
Oi, zein gaiztoak ziren bere gogoetak. Baina orain ez zitzaion axola. Zurrunbilo hartan guztian nonbait, bere bihotzaren ilunpean, ekaitzean, bazen zerbait, aurkitu behar zuen zerbait. Ezin zuen otoitz egin. Bere gogoa itsasoa bera bezalakoa zen: nahasia, eta sakonegia gizonik kementsuena ere hondora jaisteko; hondoan aspaldi ahantzitako altxor eta hondakinak behin eta behin botaka, begi biluzia harrituz: hezurrak eta harribitxiak, maskor sinestezinak, behiala mami izandako jelatina, behiala begiak izandako perlak. Eta John itsas haren mende zegoen, bere inguruan ilunpea nonahi.
Goiz hartan Gabriel altxatu eta lanera abiatu zenean, zerua baxu eta ia beltza zegoen, airea pisuegia arnasa egiteko. Arrats partean haizea altxatu zen, zeruak ireki eta euria iritsi zen. Euria bota zuen Zeruko Jainkoa berriro ere uholdeen onurez sinetsita egon balitz bezala. Euriak bizkarra makurrarazten zion ibiltariari, korrika bidaltzen zituen umeak etxera, furia izugarriz urratzen zuen horma sendo garaia, eta estalpe-horma, eta txabola-horma; zuhaitzen azala eta hostoak kolpatu, belar-zelaiak zapaldu, eta lore-zurtoinak hausten zituen. Mundua ilundu egin zen, betiko, nonahi, eta ura leihoetan behera amildu zen, haien beiretan eternitatearen malko guztiak baileuden, lurra hain bat-batean bisitatzen zuen indar kontrolaezinak edozein unetan beirak hausteko mehatxua eginez. Gabriel etxerantz abiatu zen ur-jauzi hura (edonola ere airea garbitzea lortu ez zuena) zeharkatuz. Bertan zuen zain Debora, ohean, azken bolada hartan legez altxatzeko gai ez zela.
Eta etxean bost minutu eman ordurako emaztearen isiltasunean aldaketa kualitatiboa gertatu zela jabetu zen: bazegoen haren isiltasunean zerbait zain, jauzi egiteko prest.
Gabriel emazteak halako nekez prestatutako janaria jaten ari zela, hari begiratu eta galdetu zion, «zer moduz zaude gaur, emakumea?»
«Beti bezala», erantzun zion hark irribarre eginez. «Ez naiz ez hobeto ez okerrago sentitzen».
«Elizara joango gara, zure alde otoitz egitera, berriro jaiki ahal izan zaitezen», esan zuen Gabrielek.
Deborak ez zuen gehiagorik esan, eta senarrak arreta platerera itzuli zuen. Baina emaztea begira zeukan orain. Begiak altxatu zituen.
«Berri izugarria iritsi zait gaurkoan», esan zuen Deborak astiro.
«Zer berri?»
«Arreba McDonald hemen izan da arratsaldean, eta benetan lur jota zegoen». Gabriel geldi-geldirik zegoen, emazteari begira. «Gutuna iritsi omen zaio gaur esanez biloba —badakizu, Royal hori— Chicagon hil dutela. Edonork esango luke Jainkoak madarikazioa jarri duela familia horren gainean. Lehendabizi ama, eta orain semea».
Une batez Deborari memeloa bezala begira geratu zen, ahoan zuen janaria astiro pisu eta lehor bihurtzen zitzaion artean. Kanpoan euri-armadak nagusitzen ziren, eta tximistak leihoan islatzen ziren. Orduan ahokoa irensten saiatu zen, baina eztarria trabatu zitzaion. Dardaraka hasi zen. «Bai», jarraitu zuen Deborak, orain senarrari begiratu gabe, «urtebete inguru zeraman Chicagon bizitzen, edaten eta ondo pasatzen. Eta haren amonak esan dit halako batean jokoan ibili zela Iparraldeko beste zenbait beltzekin batera, eta haietako bat petraldu omen zitzaion mutila trikimailutan zebilela uste zuelako, eta labana atera eta sastakatu egin zuen. Eztarrian sastakatu zuen, eta amonak dioenez han bertan hil zen, tabernako zoru gainean, ez omen zuten ospitalera eramateko astirik ere izan». Ohean jiratu eta Gabrieli begiratu zion. «Jainkoak gurutze astuna jarri dio sorbaldan emakume horri, inondik ere».
Gabriel hitz egiten saiatu zen. Esther ehortzita zegoen kanposantua etorri zitzaion burura, eta Royren lehen negar mehea. «Etxera ekartzeko asmoa al du?»
Debora begira geratu zitzaion. «Etxera? Maitea, hantxe bertan ehortzi zuten, hilobi komun batean. Gizajoa ez du inork berriz ikusiko».
Orduan Gabriel negarrez hasi zen, inongo hotsik egin gabe, mahaian eserita, eta gorputz osoa dardara batean. Deborak luzaro begiratu zion eta, azkenik, Gabrielek burua mahai gainean jarri zuen, kafe-kikara irauliz, eta ozen egin zuen negar. Orduan negarra nonahi zegoela eman zuen, munduan larridurazko urak nagusitzen zirela: Gabriel negarrez, euria teilatua eta leihoak joz, eta kafea mahai-ertzetik tantaka eroriz. Eta, azkenik, Deborak galdera egin zion:
«Gabriel... Royal hori... zure odolekoa zen, ezta?»
«Bai», esan zuen, larrialdi hartan egonda ere pozik, hitzak ezpainetatik irteten adituz, «nire semea zen». Eta isiltasuna nagusitu zen ostera. Eta gero:
«Eta zuk bidali zenuen neska herritik, ezta? Poto hartan zegoen diruaz?»
«Bai, ni izan nintzen».
«Gabriel», galdetu zion Deborak, «zergatik egin zenuen? Zergatik utzi zenion joaten bakar-bakarrik hiltzera? Zergatik ez duzu inoiz ezer esan?»
Eta orain Gabrielek ezin zuen erantzun. Ezin zuen burua jaso.
«Zergatik? Ez dizut inoiz galdetu, laztana. Baina jakiteko eskubidea dut. Zergatik, seme bat izateko halako irrika zenuenean?»
Gabriel, dardaraka, mahaitik altxatu, leihora astiro abiatu eta kanpora begira jarri zen.
«Jainkoari barkamena eskatu nion», esan zuen Gabrielek. «Baina ez nuen urdanga baten semerik nahi».
«Esther ez zen inolako urdanga», esan zuen Deborak astiro.
«Ez zen nire emaztea. Ezin nuen neure emazte egin. Zu zeunden jadanik!» Pozoiaz beteta esan zituen azken hitzok. «Estherren gogoa ez zegoen Jainkoarengan; berarekin Infernuraino eramango nindukeen».
«Ez zaio bada askorik faltatu», esan zuen Deborak.
«Jainkoak geldiarazi ninduen», esan zuen Gabrielek, trumoi-hotsei adi, tximistei so. «Eskuak luzatu eta geldiarazi egin ninduen». Gero, handik pixka batera, gelara itzuliz: «Ezin nuen besterik egin», oihukatu zuen, «zer egin nezakeen bestela? Nora joan nintekeen Estherrekin, ni predikatzailea izanik? Eta zer egin behar nuen zurekin?» Emazteari begiratu zion, zaharra, beltza eta egonarriz betea, gaixotasuna, adina eta heriotzaren usainaz blaitua. «Ai», esan zuen, artean malkoak zerizkiola, «ongi poztuko zinen gaurkoan, noski. Zera, amonak esan dizunean Royal, nire semea, hil zela. Izan ere, ez duzu inoiz semerik izan». Eta leihora jiratu zen ostera. Gero, «luzaro jakin al duzu honen berri?»
«Arrats hartaz geroztik jakin dut», esan zion emazteak, «Esther elizara joan zen hartaz geroztik».
«Gogo gaiztoa duzu, gero», esan zuen Gabrielek. «Garai hartan ez nuen oraindik ukitu ere egin».
Leihotik apur bat urrundu zen, eta ohearen oinaldetik emazteari begira geratu zen.
«Gabriel», esan zuen hark, «urte hauetan guztietan zehar otoitz egiten egon naiz Jainkoak gorputza uki ziezadan, beste emakumeak bezalakoa egin nintzan, zu etengabe ibiltzen zinen emakume guztiak bezalakoa». Debora lasai-lasai zegoen; aurpegia samindura eta egonarriz beteta zeukan. «Baina ez omen zen Haren borondatea. Bazirudien ezingo nituela inoiz ahaztu... garai batean, neskato bat baino ez nintzen garaian, egin zizkidatenak». Eten bat egin eta begirada urrundu zuen. «Baina Gabriel, ezer esan bazenu sikiera neska gajo hura ehortzi zutenean, mutiko gizajo hura hartu nahi izan bazenu, ez nindukeen arduratuko jendearen iritziak, edo inora joan beharrak, edo beste ezerk. Neurea bailitzen haziko nukeen, Jainkoaren aurrean zin egiten dut haziko nukeela; eta orain bizirik egongo zen».
«Debora», galdetu zion Gabrielek, «zer pentsatu duzu urte hauetan guztietan?»
Deborak irribarre egin zuen. «Pentsatzen egon naiz nola hasiko zaren dardaraka epai-egunean Jainkoak deitzen dizunean». Eten bat egin zuen. «Ezer desiratzen hasi nintzenetik zu desiratu zintudan. Eta lortu egin zintudan».
Gabriel leiho aldera itzuli zen, malkoak aurpegian behera zerizkiola.
«Gabriel», jarraitu zuen ahots bestelako, indartsuago batez, «otoitz egin beharko duzu Jainkoak barka diezazun. Ezingo baitzara lasai bizi Hark barkatu dizula jakinarazi arte».
«Bai», esan zuen Gabrielek hasperen batez, «Harengan dut konfiantza».
Orduan isiltasuna nagusitu zen, euriak bakarrik hautsia. Euria purrustaka ari zuen, uholde moduan. Tximistek berriro zeharkatu zuten zerua, eta trumoi-hotsak areagotu ziren.
«Entzun», esan zuen Gabrielek. «Jainkoa hizketan ari da».
Orain astiro, Gabriel zutitu egin zen, elizaren erdia zutik baitzegoen: Arreba Price, Arreba McCandless, eta Ama Washington. Eta Ella Mae gaztea aulkian eserita zegoen, etzanda zegoen Elishari begira. Florence eta Elizabeth oraindik belauniko zeuden, eta John ere belauniko zegoen.
Eta altxatzean, Gabrieli bururatu zitzaion Jainkoak nola gidatu zuen eliza hartara, hainbeste urte lehenago, eta Elizabeth, berak sermoia egin zuen gau batean, nola ibili zen pasabide luzean barrena aldareraino, Jainkoaren aurrean bere bekatuaz damutzeko. Eta gero ezkondu egin ziren, sinetsi egin baitzion aldatu egin zela aitortu zionean; eta bera izan zen zeinua, Elizabeth, bera eta bere haur abizengabea, iluntasunezko urte haietan zehar Jainkoarengandik espero izandako zeinua. Ikusi zituenean, aspaldi galdutako hura Jainkoak bihurtu balitzaio bezala izan zen.
Orduan John, besteekin batera etzandako Elisharen ondoan zegoela, zutitu egin zen. Begirada sorgortu bekozko ilunezkoa zuzendu zien Elisha eta besteei, apur bat dardaratuz, hotzak balego bezala. Gero, aitaren begiak gainean sentituz, Gabrieli begiratu zion.
Une hartantxe Elisha, lurretik, Izpiritu Santuaren eraginpean, suzko mihiz hitz egiten hasi zen. John eta bere aita elkarri begira geratu ziren, mutu eta geldirik, Izpiritu Santua mintzatu ahala beren artean zerbait sortu balitz bezala. Gabrielek ez zuen Johnengan halako begiradarik inoiz ikusi. Une hartan, Izpiritu Santua mintzatzen zen bitartean, Satan zegoen haren begietatik so. Orain, haatik, Johnen begiradak beste begirada batzuk zekarzkion gogora Gabrieli: bere amaren begirada bera jotzen zuenean, Florenceren begirada irri egiten zionean, Deboraren begirada bere alde otoitz egiten zuenean, Estherren eta Royalen begirada, eta Elizabethen begirada arratsean lehentxeago Royk madarikatu zuenean, eta Royren begirada «beltz kabroia» deitu zionean. Eta Johnek ez zituen begiak jaitsi; aitzitik, bazirudien Gabrielen arimaren hondoraino so egin nahi zuela betiko. Eta Gabrielek, ia sinetsi ezinik John hain lotsagabe bihurtu izana, sutan eta izututa begiratu zion Elizabethen sasikume harroputzari, kolpetik hain heldu eta gaizto bilakatua. Ia altxatu zuen besoa semea jotzeko, baina ez zen mugitu, bien artean Elisha baitzegoen etzanda. Orduan, ezpainez, inongo hotsik egin gabe, belaunikatzeko esan zion. John bat-batean jiratu zen, mugimendu hura madarikazioa bailitzen, eta ostera belaunikatu zen aldare aurrean.
© James Baldwin
© itzulpenarena: Juan Mari Mendizabal