I.
FLORENCEREN
OTOITZA

 

Denei eramaten die bizitza eta argia

Osasunezko Bere hegaletan altxatua!

 

        Florence kantatzen hasi zen, gogora zezakeen kanta bakarra, amak abestu ohi zuena:

 

                «Ni naiz, Jauna, ni nauzu hemen,

                Otoitz egiteko beharrean».

 

        Gabriel jiratu eta so geratu zitzaion, garaile baina harrituta arreba azkenean apaldu egin zelako. Honek ez zion begiratu. Jainkoarengan zeukan gogo osoa. Handik pixka batera, eliztarrek eta pianoak bat egin zuten harekin:

 

                «Ez da aita, ezta ama ere,

                Ni naiz, ni, oi Jauna».

 

        Berak bazekien Gabriel pozten zela, ez bere apaltasunak graziara eraman zezakeelako, larridura pribaturen batek apalarazi zuelako baizik: kanta hark adierazten zuen Florence sufritzen ari zela, eta neba pozik zegoen hura ikusiz. Hura izan baitzen beti haren izpiritua. Ezerk inoiz aldatu ez zuena; ezerk inoiz aldatuko ez zuena. Une batez Florenceren harrotasuna matxinatu egin zen; leku hartara eraman zuen deliberamenduak huts egin zion, eta pentsatu zuen Gabriel Jaunaren gantzutua baldin bazen, nahiago zuela hil eta eternitate osoan Infernua pairatu, Bere aldare aurrean makurtu baino. Baina harrotasuna gainditu eta besteekin batera zutitu zen aldare aurreko leku sakratu hartan, betiere kantatuz:

 

                «Otoitz egiteko beharrean».

 

        Belaunikatuta urte askotan belaunikatu ez zen moduan, eta aldare aurrean laguntza hura zuela, kanta hartatik bere amarentzat izan zuen esanahia berreskuratu zuen, beretzat ere esanahi berria desestaliz. Txikitan, kanta hark emakume bat ikustarazten zion, beltzez jantzia, zutik eta bakarrik laino infinitu batean, Jainkoaren Semearen formak su zuri hura zeharkatzen gida zezan zain. Emakume hura berarengana itzultzen zen, inoiz baino atsekabetuago; Florence bera zen, oina non jarri ez zekiela; itxaroten zegoen, dardaraka, lainoak barreia zitezen bera bakean ibiltzeko. Bere bizitzak, errepide luze hura, hirurogei urtez marmarka jarraitutakoa, azkenean bere amaren abiaburura eraman zuen, Jaunaren aldarera. Bere amak pozik zeharkatutako ibai haren ertzean baitzeuzkan oinak. Eta orain Jaunak luzatuko ote zion eskua Florence sendatzeko eta salbatzeko? Baina, urrezko gurutzearen oinetan zegoen oihal eskarlataren aurrean belaunikatzean, konturatu zen ahaztu egin zitzaiola otoitz egitea.

        Bere amak irakatsi zion otoitz egiteko modua zela Jesus ez zen gauza eta pertsona guztiak ahaztea; bihotzetik kanporatzea, ontzi batetik ura bezala, gogoeta gaizto guztiak, gogoeta berekoi guztiak, etsaienganako gaiztakeria; adorez hurbiltzea, baina haurtxoa baino apalago, gauza on guztien Emailearen aurrera. Baina gau hartan bere bihotzean gorrotoa eta samina granitoa baino astunagoak ziren, harrotasunak ez zion hain luze heldutako tronuari uko egin nahi. Aldarera ez zuten hurbilarazi ez maitasunak ez apaltasunak, beldurrak baizik. Eta Jainkoak ez zien jaramonik egiten beldurtien otoitzei, beldurtien bihotzetan ez baitago federik. Halako otoitzak ezin ziren esaten zituzten ezpainak baino gorago iritsi.

        Santuen ahotsak entzun zituen inguruan, marmar astun etengabea eratuz, lantzean behin Jesus izena besteen gainetik altxatzen zelarik, noiz txori baten airatze lasterra bezala egun eguzkitsu batean, noiz lainoaren altxatze geldoa bezala lur paduratsuan. Hura al zen otoitz egiteko modua? Iparraldera iristean sartu zen elizan behin bakarrik belaunikatzen zinen aldare aurrean, hasieran, bekatuen barkamena eskatzeko; hori egindakoan, bataiatu egiten zintuzten eta kristau bilakatzen zinen, gehiago ez belaunikatzeko. Jaunak bizkarrera zama astunen bat botatzen bazizun ere —Hark egin ohi zuen bezala, nahiz inoiz ez izan orain eraman behar zuena bezain astuna—, isiltasunean egiten zenuen otoitz. Beltz arrunten ohitura hura, aldare aurrean oihuka jardutekoa, malkoak denen aurrean isuriz, lizunkeria hutsa zen. Berak ez zuen inoiz egin, ezta txikitan ere, etxean zegoenean joaten ziren elizan ere. Beharbada orain beranduegi zen, eta Jaunak hain luze bizi izandako ilunpean hiltzen utziko zion.

        Antzina, Jainkoak Bere haurrak sendatu zituen. Itsuek ikustea eragin zuen, elbarriek ibiltzea, eta hilobitik altxarazi zituen hildakoak. Baina Florencek esaldi bat gogoratzen zuen, orain ezpainak mintzen zizkioten ukabilen aurka xuxurlatzen zuena: «Jauna, lagundu fede-eza betetzen».

        Izan ere, Florenceri Ezekiasi iritsitako mezu berbera heldu baitzitzaion: Konpondu etxeko arazoak, hil egingo zara eta. Ez zara luzaro biziko. Egun asko lehenago, ohean jiraka zebilela, iritsi zitzaion mezua. Gau eta egun ugariz errepikatu egin zitzaion mezua; beraz, izan zuen denbora Jainkoarengana itzultzeko. Berak, ordea, ihes egitea erabaki zuen, ezagutzen zituen emakumeen artean erremedioa bilatuz; eta gero, mina areagotu egin zitzaionean, medikuengana jo zuen; eta medikuek gauza onik lortu ez zutenean hirian barrena jardun zuen, eskailerak igoz zenbait gelatara; bertan intsentsua erretzen zuten, eta deabruarekin harremanetan zeuden gizon-emakumeek hauts zuriak ematen zizkioten, edo belarrak infusioak egiteko, edota konjuruak esaten zizkioten gaitza erauzteko. Hesteetan sentitzen zuen erredurak ez zuen amaierarik: erretze hark, barrurantz janez, nabarmenkiro kentzen zion haragia hezurretatik, jaten zuen guztia botatzera bultzatuz. Eta gau batean heriotza aurkitu zuen ohe alboan zutik. Gaua baino beltzagoa, eta eskerga, gela estuko mutur bat betetzen zuen, eta kolpatu aurretik burua jasotzen duen sugearenak bezalako begiez so eginez. Orduan garrasi bizian hasi zen Jainkoari deika, eta argia piztu zuen. Eta herioak alde egin zuen, baina berak bazekien itzuliko zela. Gau bakoitzean bere ohetik gero eta hurbilago egongo zela.

        Eta heriotzaren lehen beila isilaren ondoren, bere bizitza etorri zitzaion ohe aldera, ahots desberdinez madarikatzera. Bere ama, piltzar ustelduez jantzia eta hilobiko kiratsa gelan barrena zabalduz, ohera hurbildu zen hil-zorian zegoenean ukatu egin zuen alaba madarikatzera. Garai eta tenore haietatik Gabriel ere etorri zen, barregarri uzten zuen eta bere ministerioari trufa egiten zion arreba madarikatzera. Deborak, beltz, gorputza burdina bezain gogor eta formagabea, begi estali eta garaileez so egin zion, bere min eta antzutasunaz barre egiten zuen Florence madarikatuz. Frank bera ere agertu zen, irribarre berarekin, buru-makurdura berarekin. Denei eskatuko ziekeen barkamen, belarriak entzuteko prest ekarri balituzte. Baina tronpeta asko bezala etorri ziren; eta entzutera etorri balira ere, ez lekukotasuna ematera, ezingo zuten haiek barkatu, Jainkoak bakarrik barka zezakeen.

        Pianoa isildu zen. Santuen ahotsak baino ez zeuzkan inguruan.

 

        «Aita maitea» —otoitz egiten zuen bere amak— «Zuregana gatoz gaur belauniko, gu zaintzeko eta aingeru suntsitzailearen eskua urrun mantentzeko eskatzera. Zipriztin ezazu, Jauna, etxe honetako atea Bildotsaren odolaz, gizatxarrak hurbil ez daitezen. Jauna, mundu osoko ama guztien seme nahiz alabaren alde otoitz egiten dizugu, baina eskatzen dizugu bereziki gaur neska hau zain dezazun, Jauna, ezein gaitz hurbil ez dakion. Badakigu egin dezakezula, Jauna, Jesusen izenean, Amen».

        Hura izan zen Florencek aditu zuen lehen otoitza, amak Jainkoari bere semearentzako baino adore gehiagoz alabarentzako babesa eskatzen zion otoitz bakarra. Gaua zen, leihoak ondo itxita zeuden, pertsianak alboratuta, eta mahai handia atearen kontra zegoen. Petrolio-lanpek argi makala hedatzen zuten, egunkariz estalitako horman itzal handiak eratuz. Bere amak, igandeetan izan ezik —zuriz janzten baitzen— egunero jantzita eramaten zuen formarik gabeko soineko luze kolorgea zeraman, eta burua oihal eskarlata batez estalita, eta gela erdian zegoen belaunikaturik, eskuak laxa zintzilik, aurrean elkartuta, aurpegi beltza jasota, begiak itxirik. Argi ahul kolokak gerizak sortzen zizkion aho azpian eta betzuloetan, maiestatez aurpegia inpertsonal bihurtuz, profetisa baten aurpegia bezala, edo maskara bezala. Bere «Amen» entzun ondoren isiltasunak bete zuen gela, eta isiltasun hartan aditu zuten, bidean urruti, zaldi baten apatx-hotsa. Ez zen inor mugitu. Gabrielek, berogailu ondoan zegoen bazterretik, begiak jaso eta amari begiratu zion.

        «Ez naiz beldur», esan zuen.

        Ama jiratu egin zen, esku bat altxatuta. «Zaude isilik!»

        Egun hartan bazterrak nahasita zeuden hirian. Debora beren auzokoa, hamasei urtekoa, Florence baino hiru urte zaharragoa, gizon zuri batzuek soroetara eraman zuten aurreko gauean, eta bertan negar eta odoletan utzi zuten gauzak egin zizkioten. Gaurkoan Deboraren aita gizon zuri baten etxera joan zen, eta esan zion hil egingo zituela bera eta aurkitzen zituen gizon zuri guztiak. Egundoko jipoia eman eta hiltzat utzi zuten. Orain, denek itxi zituzten ateak, otoitz eginez eta zain, zabaldu baitzen jende zuria gauean etorri eta etxeei su emango zietela, lehenago ere egin zuten bezala.

        Kanpoan nagusituz zihoan gauean, zaldiaren apatx-hotsak besterik ez zuten aditu, baina ez ziren gelditu; ez zen izan jende askok bidetik etorriz egingo lukeen barre-zarata, ezta biraorik ere, edo inor gizon zuriei, edo Jainkoari, erruki eske. Apatxen kolpeak atera iritsi ziren, eta aurrera segitzen aditu zituzten, gero eta urrutiago, gero eta motelago. Orduan Florence jabetu zen zein beldurtuta egon zen. Ikusi zuen ama altxatzen eta leihora hurbiltzen. Kanpora begiratu zuen leihoa estaltzen zuen maindireak utzitako zirrikatutik.

        «Edonor zela ere», esan zuen, «joan egin da». «Bedeinkatua izan bedi Jainkoaren izena», gaineratu zuen.

        Halaxe bizi eta hil zen bere ama; sarri askotan umilarazi zuten, baina inoiz ez abandonatu. Beti iruditu zitzaion Florenceri munduko emakume zaharrena, askotan aipatzen baitzituen Florence eta Gabriel bere zahartzaroko umeak bezala, eta urte zenbaezinak lehenago jaioa zen, esklabotza garaian, landaketa batean, beste estatu batean. Landaketa hartan soro-langile moduan hazi zen, oso garai eta indartsua baitzen; denborarekin ezkondu eta seme-alabak izan zituen, baina denak kendu zizkioten, bat gaitzak eta bi enkanteek; eta beste bat, semea deitzen ere utzi ez ziotena, nagusiaren etxean hazi zuten. Emakume heldua zela, hogeita hamarrak pasata bere kalkuluen arabera, senar bat hilda —baina nagusiak beste bat eman zion—, Iparretik armadak etorri zitzaizkien, lapurtuz eta errez, askatzera. Hura izan zen fededunen otoitzei emandako erantzuna, etengabe jardun zutelako, gau eta egun, askapen eske.

        Jainkoaren nahia baitzen entzun zezatela, gero elkarri kontatzeko, Egiptoko lurraldean esklabotza pairatu zuten Israeleko seme-alaben historia; eta nola Jaunak haien intziriak entzun zituen, bihotza hunkitu zitzaiolarik; eta nola esan zien pixka bat itxaroteko Berak askatasuna bidali arte. Florenceren amak, antza denez, jaio zen egunetik ezagutzen zuen historia hura. Eta bizi zen bitartean —goizean goiz altxatuz, eguzkia atera aurretik, zutik edo makurtuz soroetan eguzkia goi-goian zegoenean, soroak zeharkatuz etxera bidean eguzkia han urruti, Edeneko ateetan, sartzen zen bitartean, arduradunaren txilibitua eta oihu beldurgarria entzunez zelaietan barrena; neguaren zuritasunean, zerriak, indioilarrak eta antzarak hiltzen zituztenean, etxe handiko argi guztiak piztuta, eta Betsabe sukaldariak ahozapi batean bidaltzen zituen zuriek jan gabe utzitako urdai egosi eta oilasko zatiak eta pastelak—, gertatzen zitzaion guztian: bere pozetan, arrats parteko piparekin, gauean senarrarekin, titia ematen eta lehen urrats motzak egiten laguntzen zien haurrekin; eta bere atsekabeetan, heriotzan, banaketan, zigorraldietan, Florenceren amak ez zuen ahaztu askatasuna agindu zietela eta iritsiko zela inondik ere. Egin behar zuen gauza bakarra zen pairatu eta Jainkoarengan konfiantza izan. Bazekien etxe handiak, zuriak bizi ziren etxe harroak hondoa joko zuela; Eskriturek hala zioten. Orain horren harro ibiltzen ziren haiek berentzat eta beren haurrentzat moldatutako zimendua ez zen berea bezain sendoa. Leku maldatsu bateko ertzean zebiltzan, eta haien begiek ez zuten ikusten; Jainkoak erorarazi egingo zituen, behiala zerri-taldea erori zen bezala, itsasora. Zeren halako edertasuna eta grazia gorabehera, ondo ezagutzen zituen, eta pena ematen zioten, ez baitzuten estalperik izango Haren aiherraren egun handian.

        Hala ere, esaten zien umeei, Jainkoa justua zen, eta ez zuen jendea kolpatzen aldez aurretik gaztigu asko eman gabe. Jainkoak denbora ematen zien gizonei, baina denbora guztiak Bere eskuetan zeuden, eta egunen batean gaiztakeria barkatzeko eta ongia egiteko denbora amaitu egingo zen; orduan haize-zirimola, zirimola gainean zamalkatzen zen heriotza bakarrik izango zuen zain Jainkoa ahaztu zuen jendeak. Florenceren ama hazten ari zen egunetan ez zen seinale faltarik izan, baina ez zieten jaramonik egin. «Esklaboak matxinatu dira», xuxurlatzen zen txabolan eta nagusiaren etxeko atean: beste konderri bateko esklaboek su eman zieten nagusien etxe eta soroei, eta haien haurrak hil arroken kontra kolpatuz. «Beste esklabo bat infernuan», esango zuen Betsabek goiz batean, ume beltzak atari zabaletik uxatuz: esklabo batek nagusia hil zuen, edo arduraduna, eta Infernura jaitsi zen hura ordaintzera. «Ez naiz hemen luzaro geratuko», esaten zion norbaitek soroetan lanean ari zirela, eta hurrengo goizean paria zen, Iparralderantz. Zeinu haiek guztiek, Jaunak Egiptora bidali zituen izurriteek bezala, gogortu besterik ez zuten egiten jende haren bihotza Jaunaren aurka. Zigorrak salbatuko zituela uste zuten, eta zigorra erabiltzen zuten; edo aiztoa, edo urkamendia, edo enkante-lekuak; ontasunak salbatuko zituela uste zuten, eta nagusia eta etxeko andrea txaboletara joaten ziren, irribarretsu, ume beltzei jaramon handia eginez eta opariak eramanez. Egun bikainak izan ziren haiek, eta denek, zuri zein beltz, zoriontsu ziruditen elkarrekin. Baina Jainkoaren ahotik Hitza irteten denean, ezinezkoa da geldiaraztea.

        Hitza goiz batean bete zen, bera esnatu aurretik. Amak kontatutako istorio askok ez zuten Florencerentzat esanahirik; azken batean bazekien zer ziren haiek, emakume beltz zahar batek arratsean txabolan umeei kontatutako ipuinak, hotza eta gosea ahantz zitzaten. Baina egun hartako istorioa ez zuen inoiz ahaztuko; bizitza osoan espero izandako eguna izan zen. Lasterketa eta oihu ugari izan ziren kanpoan nonahi, esan zion amak, eta egun hartako argi distiratsu eta hotzari begiak zabaldu ordurako, ziur egon zen azken epaiaren tronpetak jo zuela. Ohean eserita zegoela, harrituta, eta bere buruari galdetuz zein izango ote zen epaiaren egunerako jokabide egokiena, korrika sartu zen Betsabe, eta haren atzetik ume asko estropezuka, eta soroetako morroiak eta etxeko zerbitzari beltzak, denak elkarrekin, eta Betsabek oihukatu zuen; «Altxa, altxa, Arreba Rachel, Jaunaren askapena ikustera! Atera egin gaitu Egiptotik, bai, agindu bezala, eta libreak gara azkenik!» Betsabek besarkatu egin zuen, malkoak aurpegian behera zerizkiola; bera, oraindik lo egindako arropa soinean zeramala, atera joan zen, Jainkoak emandako egun berri hura ikustera.

        Egun hartan etxe harroa umiliatua ikusi zuen; zeta eta belus berdeak leihoetatik zintzilik, eta lorategian barrena zaldiko asko dena txikitzen, eta burdinsarezko ate handia zabalik. Nagusia eta etxeko andrea, eta haien sendia, eta Rachel erditutako haur bat zeuden etxean, baina ez zen sartu. Laster konturatu zen ez zegoela jadanik han geratzeko arrazoirik. Gauza guztiak zapi batean bildu, buruan ezarri eta ate handitik irten zen, lurralde hartara inoiz ez itzultzeko.

        Eta huraxe bihurtu zen Florenceren desira handia: goiz batean txabolako atetik irtetea inoiz ez itzultzeko. Bere aita, ia gogoratzen ez zuena, halaxe irten zen goiz batean, Gabriel jaio eta hilabete batzuetara. Eta ez aita bakarrik; egunero aditzen zuen beste gizon edo emakume batek burdinazko lur eta zeru hari agur esan eta Iparraldera abiatu zela. Baina bere amak ez zuen Iparraldera joateko asmorik, bertan bizi baitzen gaiztakeria, esaten zion, eta Herioa indartsu ibiltzen zen kalean barrena. Pozik zegoen txabola hartan, zuriei arropa garbitzen, nahiz adindua izan eta bizkarra minduta eduki. Eta Florence ere pozik egotea nahi zuen amak, garbiketan lagunduz, otorduak prestatuz eta Gabriel zainduz.

        Gabriel bere amaren begikoa zen. Hura inoiz jaio ez balitz, Florencek ordaingabeko lan hartatik aske geratu, bere etorkizunean pentsatu eta huraxe lantzera irteteko eguna desiratu ahal izango zukeen. Gabriel jaio zenean, berak bost une zituela, etorkizun hura bertan behera geratu zen. Etxe hartan etorkizun bakarra Gabrielena izan zen; eta Gabriel gizonezkoa izanik, etorkizun lurra eskuratzeko gainerako guztia sakrifikatu beharra zegoen. Bere amak ez zuen inolaz ere sakrifiziotzat hartu, gauza logikotzat baizik: Florence neska zen, eta denboraren joanaz ezkondu egingo zen, haurrak izango zituen, eta emakume baten eginbehar guztiak; eta gauzak halakoak zirenez, txabolan emandako bizitza etorkizunerako prestakuntzarik egokiena zen. Baina Gabriel gizona zen; egunen batean mundura jalgiko zen gizon-lana egitera, eta horregatik beharrezkoak zituen haragia, etxean ezer zegoenean, eta arropa, arroparik eros zitekeenean, eta etxeko emakumezkoek emetasunez jardutea, emakumeekin nola jardun ikasteko, emaztea izango zuenean. Eta beharrezkoa zuen hezkuntza, Florencek hark baino askoz gehiago irrikatzen zuena, eta lortuko zukeena neba jaio ez balitz. Gabriel garbitzen eta janzten zuten goizero gela bakarreko eskolara bidaltzeko; Gabrielek gorroto zuen eskola hartan lortu zuen, Florencek ikus zezakeenez, ia ezertxo ere ez ikastea. Eta sarri askotan ez zen eskolara joaten, beste mutilekin batera bihurrikeriak egitera baizik. Ia auzoko guztiak, eta zurien arteko zenbait ere, joan zitzaizkien etxera Gabrielen gaiztakeriaren batengatik kexatzera. Orduan ama baratzera irten, zuhaitz batetik adarra hartu, eta jo egiten zuen semea; jotzen zuen, Florenceri iruditzen zitzaion, harik eta beste edozein mutil lurrera hilik eroriko zatekeen arte, eta hain maiz non beste edozein mutil zintzotu egingo zatekeen. Ezerk ez zuen Gabriel geldiarazten, nahiz haren orroek Zerua astindu, nahiz ama hurbiltzen zitzaionean garrasika esan ez zela berriro mutil gaiztoa izango. Eta jipoialdiaren ondoren, galtzak oraindik belaunetara jaitsita eta aurpegia malko eta mukiez bustita, amak belaunikarazi egiten zuen Gabriel, berak otoitz egiten zuen bitartean. Florenceri ere errezatzeko eskatzen zion, baina bere baitan Florencek ez zuen inoiz otoitz egiten. Gabrielek lepoa haustea espero zuen. Deabruak, amak uxatzeko otoitzen zuen deabruak, egunen batean neba eramatea nahi zuen.

        Egun haietan Florence eta Deborak, adiskide minak Deboraren «istripua»ren ondoren, gizon guztiak gorroto zituzten. Gizonek Deborari begiratzen ziotenean, haren gorputz itsusi eta bortxatua besterik ez zuten ikusten. Haien begietan halako jakin-min lizun kezkati bat zegoen betiko bizirik, landetara eraman zuten gau hari buruzkoa. Gau hark emakumetzat hartua izateko eskubideaz gabetu zuen. Ezein gizon ez zitzaion ohorezko asmoz hurbilduko, gaitzespen biziduna zelako, bere buruarekiko, emakume beltz guztiekiko eta gizon beltz guztiekiko gaitzespena. Polita izan balitz, eta Jainkoak hain izaera lotsatia eman ez balio, betiko antzeztu ahal izango zukeen, atsegin ironiko batez, soroetan jasandako bortxaketa. Emakumetzat hartzea ezinezkoa zenez, urdanga moduan ikus zezaketen bakarrik, emakume garbi batek eman zitzakeenak baino atsegin basatiagoen eta misterio harrigarriagoen iturburu gisa. Lizunkeriak distiratzen zuen gizonen begietan Deborari so egiten ziotenean, jasanezina zen lizunkeria, hain inpertsonala baitzen, komunikazioa neskaren lotsaren alorrera mugatzen zuelako. Eta Florence polita zen, baina ez zituen begi onez ikusten beraren gorputza desiratzen zuten gizon beltzak; ez zuen amaren txabolaren truke gizon batena eduki nahi, eta haien haurrak hazi eta gainbeheran abiatu, lanak abailduta, hilobi komuna zirudien hartan amaitzeko. Beraz sendotu besterik ez zuen egiten Deborarengan sinesmen izugarri bat, kontrako argudiorik inoiz agertu ez baitzitzaion: alegia, gizon guztiak zirela halakoak, haien gogoetak ez zirela gorago iristen, eta haien premia basati eta umiliagarriak emakumeen gorputzetan asetzea zela haien bizitzen helburu bakarra.

        Igande batean, Gabrielek hamabi urte zituenez bataiatu behar zuela eta, zeremonia izan zen landetan. Debora eta Florence ibai bateko ertzean egon ziren, gainerako jendearekin batera, hari begira. Gabrielek ez zuen bataiatua izan nahi. Pentsatzeak berak larritu eta haserretu egiten zuen, baina ama Gabrielek zegoen adinean bere bekatuengatik Jainkoaren aurrean erantzun behar zuela tematu zen; amak ez zuen Jainkoak emandako eginbeharra saihestuko, hots, bere esku zegoen guztia egitea semea graziaren tronura eramateko. Ibai baten ertzetan, eguerdiko argi bortizpean, fededun aitortuak eta Gabrielen adineko haurrak uretara eraman zitzaten zain zeuden. Predikatzailea, zuriz jantzita eta gerriraino uretan sartuta, une batez edukitzen zien burua ur azpian, Zeruari oihukatuz bataiatuek arnasari eusten zioten bitartean: «Urez bataiatu zaitut nik; baina Izpiritu Santuaz bataiatuko zaitu Hark». Gero, bataiatuak itsututa eta tu eginez ertzera eramaten zituztenean, berriro oihukatzen zien: «Zoaz, eta ez berriro bekaturik egin». Uretik irteten ziren, modu nabarmenaz Jaunaren indarpean, eta ertzean santuak zituzten zain, pandero joka. Ertzetik hurbil, zutik, eliztar zaharrenak zeuden, toallak eskuetan bataiatu berriak estaltzeko; ondoren, hauek kanpadendatara eramaten zituzten, bat sexu bakoitzeko, eta bertan aldatzen zituzten arropak.

        Azkenean Gabriel, alkandora zuri zaharra eta kotoizko galtza motzak soinean zeramatzala, ur ertzean egon zen. Gero astiro eraman zuten ibaira, hain sarri biluzik bainatutako lekura, predikatzailearengana iritsi arte. Eta predikatzaileak, Joan Bataiatzailearen hitzak aldarrikatuz, beherantz bultzatu zuenean, Gabriel ostikoka eta listuka hasi zen, predikatzaileari ia-ia oreka galaraziz; eta nahiz hasieran denek bere baitako jaunaren indarra gauzatzen ari zela pentsatu, zutitu egin zenean, oraindik ostikoka eta begiak estu itxita, konturatu ziren erresumina besterik ez zela, sudurretik sartutako uragatik. Zenbaitek irribarre egin zuten, baina Florencek eta Deborak ez zuten irribarrerik egin. Florence ere sutan jarri zen, urte batzuk lehenago, ur lingirdatsua ezustean zabalik utzitako ahoan sartu zitzaionean, baina gogor saiatu zen tu ez egiten, eta ez zuen garrasirik egin ere. Orain, berriz, han zegoen Gabriel, ertzean balantzaka eta sutan, eta berak, inoiz sentitutakoa baino erresumin are bortitzagoaz, zeri eta nebaren biluztasunari begiratu zion. Blaituta zegoen, eta haren jantzi zuri mehea beste larruazal bat bezala itsasten zitzaion gorputz beltzari. Florencek eta Deborak elkarri begiratu zioten, kantuek Gabrielen orroak estaltzen zituzten bitartean, eta Deborak begirada urrundu zuen.

        Urte batzuk beranduago, Debora eta Florence haren etxeko atarian zeuden gau batean, gonbitoz estalitako Gabriel ikusi zuten ilargiak argitutako errepidean gora, eta Florencek oihukatu zuen: «Gorroto dut! Gorroto dut! Beltz gizatxar putazale hori!» Eta Deborak esan zion, bere ahots astun hartan. «Badakizu, maitea, Eskriturek bekatua gorrotatzeko agintzen digutela, ez ordea bekataria».

        Mila eta bederatziehunean, hogeita sei urte zituela, Florence txabolatik irten zen. Bere ama oso gaixorik zegoen, ohetik ia altxatzen ez zela, eta hura ehortzi arte itxarotea pentsatu zuen, baina kolpetik jakin zuen ez zuela gehiago itxarongo, iritsi zitzaiola garaia. Sukaldari eta neskame gisa ibilia zen familia ugaria zuten hiriko zuri batzuen etxean, eta nagusiak bere konkubina izatea proposatu zion egunean jakin zuen bere bizitza jende mesprezagarri haien artean amaitu zela. Egun hartan bertan utzi zuen lanpostua (atzean ezkontideen arteko samin bizia utziz), eta urteetan zehar maltzurkeriaz, ankerkeriaz eta sakrifizioz aurreratutako diruaren zati batez New Yorkeko tren-txartela erosi zuen. Erosi zuenean, sumin itsu batek bultzatuta, talisman moduan gorde zuen buruaren atzealdean honako gogoeta: «Itzuli egin dezaket, saldu egin dezaket. Honek ez du esan nahi derrigorrez abiatu behar dudanik». Bazekien, ordea, ezingo zuela ezerk geldiarazi.

        Eta abiatze hura, beste zenbait lekukotasunekin batera, geratu zitzaion Florenceri oroimenean irmo iltzatuta. Egun hartan hodei grisek estaltzen zuten eguzkia eta, txabolako leihotik kanpora begiratuz, lainoak oraindik lurra estaltzen zuela ikusi zuen. Ama ohean zetzan, esna; Gabrielek gaua kanpoan pasa zuen edaten, eta oraindik mozkorra kendu gabe zegoen, eta ama erreguka ari zitzaion jokabidea zuzendu eta Jainkoarengana hurbil zedin. Eta Gabriel, amari sufriarazten zion bakoitzean sentitzen zituen, baina amak aurpegiratu egiten zionean jasanezinak egiten zitzaizkion nahasdura, oinaze eta erruduntasunaz betea, zutik zegoen ispilu aurrean, burua makur, alkandora botoitzen. Florencek bazekien ezin zituela ezpainak zabaldu eta hitz egin; ezin zien amari eta jainkoari baietz esan; eta ezin zuen ezetz esan ere.

        «Maitea», esaten ari zitzaion ama, «ez utzi gero ama zaharra hiltzen begietara so eginez zeruan ikusiko zaituela esan gabe. Aditu al didazu, mutila?»

        Gutxi barru, pentsatu zuen Florencek mesprezuz, nebari begiak malkoz beteko zitzaizkion, eta «hobeto jardutea» aginduko zion. «Hobeto jardutea» agintzen ari zen bataiatu zuten egun beretik.

        Poltsa gela gorrotagarriaren erdian utzi zuen.

        «Ama», esan zuen, «ni banoa. Gaur bertan noa».

        Esan zuenean bere buruarekin haserretu zen aurreko gauean esan ez izanagatik, hartara negarrak eta eztabaidak ordurako bukatuak izango ziren eta. Aurreko gauean ez zuen bere burua nahiko indartsu ikusi esateko; baina orain ia ez zen denborarik geratzen. Irudi batek betetzen zion erabat gogoa: tren-geltokiko erloju handi zuriak, etengabe orratzak mugitzen.

        «Nora joan behar duzu?», galdetu zion amak zorrotz. Baina berak bazekien amak bazekiela, une hura baino askoz lehenago ere jakin zuela une hura iritsiko zela. Florenceren poltsari harriduraz begiratu zion, baina ez zen hainbeste harridura, beldurrezko arreta nekatua baizik. Irudikatutako arriskua erreal bilakatu zen orain, eta ama jadanik Florenceren borondatea hautsi nahian ari zen. Florencek bat-batean jakin zuen hura guztia, eta hark sendotu egin zuen. Amari begira geratu zen, zain.

        Baina amaren tonua aditzean Gabrielek, Florenceren iragarpena apenas entzun gabe, eskerronez hartu baitzuen amaren arreta berarengandik urrundu zuen zerbait gertatzea, begiak jaitsi eta Florenceren bidai poltsa ikusi zuen. Eta errepikatu egin zuen amaren galdera ahots motel haserre batez, esandakoa ulertuz hitzek airea kolpatu zutenean:

        «Hori, neska. Nora joan behar duzu?»

        «New Yorkera noa», esan zuen berak. «Badaukat txartela».

        Ama so geratu zitzaion. Une batez ez zuen inork ezer esan. Gero Gabrielek, ahots aldatu eta beldurtu batez, galdatu zuen:

        «Eta noiz erabaki duzu hori?»

        Arrebak ez zion begiratu, ezta galdera erantzun ere. Amari begira jarraitu zuen. «Badaukat txartela», esan zuen ostera. «Goizeko trena hartuko dut».

        «Neska», galdetu zion amak, astiro, «ziur al zaude badakizula zer egiten duzun?»

        Amaren begietan trufazko errukia ikusiz, zurrundu egin zen. «Emakume heldua naiz», esan zuen. «Badakit zer egiten dudan».

        «Gaur goizean joango zara, besterik gabe?», esan zion Gabrielek oihuka. «Eta ama honela utziz joan behar duzu?»

        «Zaude isilik», esan zuen, nebarengana estreinako aldiz jiratuz. «Bazauzka zu, ez?»

        Huraxe zen, konturatu zen nebak begiak jaitsi zituenean, arazo samina, problematikoa. Gabrielek ezin zuen jasan amarekin bakarrik utziko zutela pentsatzea, bere buruaren eta bere maitasun errudunaren artean ezertxo ere izan gabe. Florence joana, denborak eramango zituzkeen bere amaren haur guztiak, bera izan ezik; eta orduan berak ordaindu beharko zuen amaren oinaze guztia, berak eztitu beharko bere maitasunaren froga guztiez haren azken uneak. Eta amak froga bakarra eskatzen zion, bekatuan bizitzeari uztea. Florence joana, Gabrielen berriketak eta zentzugabekeriak galderazko segundo ñimiño bihurtzen ziren bat-batean; une hartan adorea bildu eta erantzun egin beharko zion amari, eta Zeruko gorte osoari, bai ala ez.

        Florencek irriño bihurri bat egin zuen bere baitarako, nebaren nahasdura geldoa, eta izua, eta erresumina ikusiz; eta ostera begiratu zion amari. «Amak zu zauzka», errepikatu zuen. «Ez du nire beharrik».

        «Iparraldera zoaz», esan zuen amak, orduan. «Eta noiz pentsatzen duzu itzultzea?»

        «Ez dut itzultzea pentsatzen».

        «Laster itzuliko zara negarrez», esan zuen Gabrielek, gaizto. «Han ipurdia lauzpabost aldiz berotzen dizuten bezain laster».

        Berriz begiratu zion. «Badaezpada ez eutsi arnasari hori gertatu arte, aditzen?»

        «Neska», esan zion amak, «esan nahi didazu Deabruak hain gogortu dizula bihotza non hilzorian duzun ama bertan behera utz dezakezun, eta ez zaizun axola gehiago ez ikustea? Laztana, ez didazu esango horren gaizto egin zarenik, ezta?»

        Gabriel begira sumatu zuen, galdera hura nola hartuko zuen ikusi nahian; izan ere, erabaki irmoa izan arren, huraxe zen erantzutea beldur handiena ematen zion galdera. Begirada amarengandik urrundu eta tentetu egin zen, arnasa hartuz, leihotxo arraildutik kanpora begiratuz. Han kanpoan, astiro altxatuz zihoan lainotik harantzago, bere begiek ikus zezaketen lekutik haratago, bere bizitza zuen zain. Ohean zegoen emakumea zaharra zen, bizitza itzaltzen ari zitzaion lainoa altxatu ahala. Amarengan pentsatu zuen jadanik hilobian balego bezala; eta ez zion bere buruari utziko hildakoen eskuek itoarazia izaten.

        «Banoa, ama», esan zuen. «Joan beharra daukat».

        Ama berriz etzan zen, aurpegia argiari begira, eta negarrez hasi zen. Gabriel Florenceren ondoan jarri zen, besotik helduz. Honek nebari aurpegira begiratu eta begiak malkoz beteta zituela ikusi zuen.

        «Ezin zara joan», esan zion Gabrielek. «Ezin zara joan. Ezin duzu alde egin ama honela utziz. Emakume bat behar du zaintzeko, Florence. Zer egingo du hemen, bakarrik nirekin?»

        Gabriel atzera bultzatu eta amaren ohe ondora mugitu zen.

        «Ez horrelakoa izan, ama», esan zion. «Ez dago negarrez hasteko arrazoirik. Iparraldean ez zait hemen gertatuko ez zaidan ezer gertatuko. Jainkoa nonahi dago, ama. Ez duzu kezkatu behar».

        Bazekien hitzak ahoskatu besterik ez zela egiten ari; eta kolpetik konturatu zen amak uko egiten ziola hitz haiei jaramon egiteari. Garaipena ematen zion Florenceri, halako erraztasunez non honek, era ilun batez eta gogoz bestera izanik ere, bere buruari galdetzen zion ea garaipena erreala ote zen. Ez zen negarrez ari alabaren etorkizunagatik, iraganagatik ari zen negarrez, eta Florencek partekatzen ez zuen larridura batez negar egiten zuen. Eta honek guztiak izugarri ikaratzen zuen Florence, ikara berehala sumin bilakatzen zelarik. «Gabriel ardura daiteke zu zaintzeaz», esan zuen, gaiztakeriak dar-dar jartzen zion ahotsaz. «Gabrielek ez zaitu inoiz utziko. Ezta, Gabriel?», eta nebari begira geratu zen. Hau, nahasdurak eta atsekabeak ergelduta, zutik zegoen ohetik zentimetro batzuetara. «Baina nik joan beharra daukat», esan zuen. Berriro gela erdira joan, eta poltsa zorutik jaso zuen.

        «Arreba», xuxurlatu zuen Gabrielek, «baina ez al zaizu sentimendu zipitzik geratzen?»

        «Jainkoa!», oihukatu zuen amak; eta hura entzutean Florencek bihotzondokoa sentitu zuen; bera eta Gabriel, geldi-geldirik, ohera tinko begiratu zuten. «Jainkoa, Jainkoa, Jainkoa! Jainkoa, erruki zaitez nire alaba bekatariaz! Eskua luzatu eta urrun ezazu betiko erretzen den lakutik! Ai, Jainkoa, Jainkoa!», eta ahotsa apaldu eta hautsi egin zitzaion, malkoak aurpegian behera zerizkiola. «Jainkoa, ahal nuen onena egin dut Zuk emandako haurrez. Erruki zaitez, Jainkoa, nire haurrez, eta nire haurren haurrez».

        «Florence», esan zuen Gabrielek, «ez zaitez joan, mesedez. Ez joan, mesedez. Ez duzu pentsatuko joatea eta ama honela uztea, ezta?»

        Bat-batean Florenceri malkoak agertu zitzaizkion begietan, nahiz berak ezin esan zergatik ari zen negarrez. «Utz nazazu bakean», esan zion nebari, berriro poltsa jasoz. Atea zabaldu zuen; goizeko haize hotza sartu zen. «Agur», esan zuen. Eta gero Gabrieli: «Esaiozu agur esan dudala». Txabolako atea zeharkatu eta baratza izoztura zeramaten mailak jaitsi zituen. Gabriel, atearen eta negarrezko ohearen artean geldi-geldirik, begira geratu zitzaion. Gero, eskua kanpoko atean zeukala, korrika aurreratu eta kolpe batez itxi zuen atea.

        «Baina neska, nora zoaz? Zertan ari zara? Iparraldean perlaz eta diamantez jantziko zaituen gizona aurkituko duzula uste duzu?»

        Atea bortxaz ireki eta errepidera atera zen. Gabriel so geratu zitzaion, masailezurra zintzilik, ezpainak bustita eta zabalik. «Inoiz berriro ikusten banauzu», esan zion arrebak, «ez ditut zureak bezalako piltzarrak soinean eramango».

 

        Elizan barrena hots bakarra aditzen zen, isiltasunik sakonena baino izugarriagoa, Jainkoaren santuen otoitzen hotsa. Buruen gainean argi horizta tristea besterik ez zuten, aurpegiei urre lohitu moduan distirarazten ziena. Haien aurpegiek, haien jarrerek, ahots bakarra bailiren altxatzen ziren ahots haiek guztiek, haran sakonena ekarri zioten gogora Johni, gau ilunena, Pedro eta Paulo espetxe-gelan, bata otoitz egiten besteak kantatzen zuen bitartean; edo ur amaigabe, zundaezin eta harroa, inongo lehorrik bistatu ezinik, benetako fededuna ohol bati helduta. Eta biharraz gogoeta egitean, igandeko argi hazkorrean eliza kantuz altxatuko zen egunaz pentsatzean, gogora etorri zitzaion irrikatzen zuten argia, amen batean arima betetzen zuena, Kristorengan jaio berrien aitorpena (John mundura etorri aurretiko aro ilun irudikaezinetan zehar) ekarriko zuena: Behiala itsua nintzen, eta orain ikusten dut.

        Eta gero kantatu zuten: «Sartu argira, argi eder horretara. Distira ezazu nire inguruan gau eta egun, Jesus, munduaren argia». Eta kantatu zuten: «Oi, Jainkoa, Jainkoa, prest egon nahi dut, prest egon nahi dut. Prest egon nahi dut Jerusalemen sartzeko Joan bezala».

        Jerusalemen sartzeko Joan bezala. Gaur gogoa ikuspenez gainezka zeukan: ez zitzaion ezer geratzen. Dudek eta bilaketak gaixoturik zegoen. Argi bat irrikatzen zuen, betiko eta duda izpirik gabe nondik joan erakutsiko ziona; indar bat irrikatzen zuen, betiko eta negar izpirik gabe Jainkoaren maitasunarekin lotuko zuena. Edo bestela nahi zuen altxatu, tabernakulu hura atzean utzi eta jende hura gehiago ez ikusi. Suminak eta larridurak betetzen zuten, jasanezinak, erantzunezinak; barruko tentsioak hausteko zorian uzten zion gogoa. Denborak betetzen baitzion gogoa, denbora baitzegoen Jainkoaren maitasun misteriotsuaren bortizkeriaz beteta. Eta Galileako ertzetan arrantzan zebiltzan hamabi gizonak, eta gaur belauniko otoitzean ari ziren gizon beltz negartiak eta bera, lekukoa, batzen zituen denbora izugarri luzea ez zitzaion gogoan kabitzen.

        Nire arima Jaunaren lekukoa da. Isiltasun izugarri bat zegoen Johnen gogoaren hondoan, pisu beldurgarri bat, gogoeta beldurgarri bat. Baina ezta gogoeta ere, baizik eta iraultze sakon bat, gauza eskerga beltz formarik gabe batena, luzaro ozeanoaren hondoan hilda, bere atsedena orain haize ahul urrun batek hausten ziona esanez: «Altxa». Eta pisu hura mugitzen hasi zen Johnen gogoaren hondoan, isilik, sorkuntza aurreko hutsunearen isiltasunean, eta inoiz sentitu ez zuen izua sentitzen hasi zen.

        Ingurura begiratu zuen, elizan otoitzean ari zen jendeari. Ama Washington ez zen azaldu santu guztiak belaunikatu ziren arte, eta orain han zegoen zutik, emakume beltz zahar izugarri hura Izeba Florenceren gainean, otoitz egiten laguntzen. Haren biloba Ella Mae berarekin sartu zen, eguneroko soinekoaren gainean larruzko beroki higatua zeramala. Astiro belaunikatu zen piano alboko bazter batean, bekatuaren ordaina aipatzen zuen txartelaren azpian, behin eta berriz intziri eginez. Elishak ez zuen begirada jaso Ella Mae sartu zenean, isilean otoitz egiten segitu zuen: kopeta izerdituta zeukan. Arreba McCandlessek eta Arreba Pricek lantzean behin oihukatzen zuten: «Bai, Jauna!», edo «Bedeinkatua zure izena, Jesus!». Eta aita ere otoitzean ari zen, burua altxatuta, eta haren ahotsak mendiko erreka urrun baten doinua zuen.

        Baina Izeba Florence isilik zegoen; lo ote zegoen galdetu zion bere buruari. Ez baitzuen inoiz ikusi elizan otoitz egiten. Bazekien jende desberdinak modu desberdinetan egiten zuela otoitz: bere izebak beti errezatzen ote zuen halako isiltasunean? Ama ere isilik zegoen, baina ikusia zuen lehenago ere otoitzean, eta haren isiltasunak negarrez ari zela iradokitzen zion. Eta zergatik ari zen negarrez? Eta zergatik joaten ziren hara gauero-gauero-gauero, inongo arretarik erakusten ez zien Jainkoari dei egitera... baldin eta sabai pitzatu haren gainean inolako Jainkorik bazegoen? Orduan ergelak bere baitarako esan zuena oroitu zuen, Ez dago Jainkorik; eta begiak jaitsi zituen, Izeba Florenceren buruaren gainetik Ama Washington begira zuela ikusiz.

 

        Frankek blues kantatzen zuen, eta gehiegi edaten zuen. Larruazala karamelu kolorekoa zuen. Agian horregatik Florencek beti irudikatzen zuen ahoan karamelua zeramala, hortz zuzen ankerren ertzak zikinduz. Puska batean bibote mehea eraman zuen, baina Florencek moztuarazi egin zion, bere ustez gigolo mestizo baten antza ematen ziolako. Halako xehetasunetan Frank tratatzen erraza zen; beti jantziko zuen alkandora garbia, edo ilea moztu, edo berarekin joan onbidezko bilera batera, beltz ospetsuek arraza beltzaren etorkizun eta betebeharrei buruz ematen zituzten hitzaldiak entzutera. Eta horrek, beren ezkontzaren hasieran, senarra kontrola zezakeelako irudipena eman zion. Irudipena, ordea, erabat faltsua zen eta ondorio tamalgarriak izan zituen.

        Frankek utzi zuenean, hogei urte pasa lehenago, eta hamar urte ezkonduta eman ondoren, Florencek sumindura nekatua sentitu zuen, eta lasaitu ederra hartu zuen, besterik ez. Bi egun eta hiru gau zeramatzan etxetik kanpo, eta azkenean etxeratu zenean ohi baino garraztasun handiagoz liskartu ziren. Arrats hartan, Florencek ezkontza osoan zehar metatutako sumindura guztia bota zion gainera beren sukalde txikian. Frankek lan-arropa zeraman oraindik, bizarra egin gabe zegoen, eta aurpegia izerdiz eta zikinez lohituta zeukan. Luzaro egon zen ezer esan gabe, eta gero esan zuen: «Konforme, laztana. Badirudi ez nauzula berriz ikusi nahi, ez duzula ni bezalako bekatari beltz ziztrina ikusi nahi». Atea itxi zen, eta Franken oin-hotsak aditu zituen pasabide luzean barrena urruntzen. Bakarrik geratu zen sukaldean, garbitzera zihoan kafeontzia eskuetan zuela. «Itzuli egingo da», pentsatu zuen, «mozkor itzuliko da». Eta ondoren, sukaldeari begira, pentsatu zuen: «Jainkoa, nolako bedeinkapena izango litzatekeen inoiz itzuliko ez balitz». Berak nahi izandakoa eman zion Jainkoak, hura baitzen maiz —konturatu zen Florence— otoitzei erantzuteko zuen modua. Frank ez zen inoiz itzuli. Luzaro bizi izan zen beste emakume batekin, eta gerra iritsi zenean Frantzian hil zen.

        Orain senarra munduaren beste muturrean nonbait ehortzita zegoen. Bere arbasoek inoiz ikusi ez zuten herrian zegoen lo. Florencek sarri galdetzen zion bere buruari haren hilobia markatuta ote zegoen; ba ote zegoen ezarrita, argazkietan ikusita zeukan bezala, gurutzetxo zuri bat. Jainkoak inoiz utzi izan balio ozeano oldarkorra zeharkatzen, hara joango zen, bertan ehortzitako milioika lagunen artean Franken hilobia bilatzera. Dolu-jantziak soinean, agian lore-sortaren bat utziko zuen gainean, beste emakumeen modura; eta zutik geratuko zen, burua makurtuta, lur mutuari begira. Zein latza izango zen Frankentzat epai-egunean etxetik hain urrun esnatzea! Eta egun hartan ere inongo eskrupulorik gabe haserretuko zen Jainkoarekin. «Jainkoak eta nik», esan ohi zuen sarri, «ez dugu beti ondo elkar hartzen. Mundua zuzentzen du zentzurik ez dudala pentsatuko balu bezala». Nola hil ote zen? Astiro ala kolpetik? Oihuka hasi ote zen? Heriotza atzetik epaixka hurbildu zitzaion, ala aurrez aurre, gizonen modura? Hartaz ez zekien ezertxo ere, ez baitzuen Frank hil zela jakin askoz geroago arte, mutilak etxeratzen hasi zirenean eta Franken aurpegia kalean bilatzeari ekin zionean. Bizilagun zuen emakumeak berak esan zion, Frankek emakume haren izena eman baitzuen senide hurbilena bezala. Hura esan ondoren, emakumeak ez zuen jakin zer gehiago esan, eta Florenceri begira geratu zen jende sinpleak erakusten duen errukiaz. Hark sutan jarri zuen Florence, eta ahopeka «Eskerrik asko» bat esanez alde egin zuen. Gorroto zuen Frank, emakume hura bere umilazioaren lekuko ofizial bihurtu izanagatik. Eta berriz galdetu zion bere buruari zer ikusi ote zuen Frankek emakume harengan, zeren eta nahiz eta Florence baino gazteagoa izan, ez baitzen inoiz politagoa izan, eta beti ari zen edaten, eta gizon askorekin ikusten zuten.

        Baina huraxe izan zen hasiera-hasieratik bere errakuntza handia; Frank ezagutzea, harekin ezkontzea, halako era mingotsez maitatzea. Aurpegira begiratzen zionean, batzuetan otutzen zitzaion emakume guztiak sehaskatik bertatik zeudela madarikatuta; denei, batera edo bestera, ematen zitzaiela patu krudel bera, gizonen pisua sufritzeko jaioak izatea. Frankek esaten zion oker zebilela; gizonezkoek sufritzen zutela, emakumeen izaera jasan behar zutelako, jaiotzen ziren egunetik hasi eta hiltzen ziren eguna arte. Baina Florencek bazekien bera zegoela zuzen. Frankekin beti izan zuen arrazoi; ez zen bere errua izan Frank halakoa izatea, beltz arrunt moduan bizitzera eta hiltzera erabakita egotea.

        Baina beti jarduten zuen hobetu egingo zela; agian Franken penitentziaren basakeriak mantendu zituen hain luzaro elkartuta. Nolabait atsegin zuen Frank apaltzen ikustea; etxera etortzen zenean, whisky kiratsa zeriola, eta negarrez besoetara oldartzen zitzaionean. Orduan, beti nagusi agertzen zena nagusitua izaten zen. Eta azkenean lokartzen zen arte besoetan zeukala, Florencek pentsatzen zuen, plazer eta indarrezko zirrara batez: «Frank ez da hain gaiztoa. Pairamena baldin badut onbideratuko da». «Onbideratze» hark esan nahi zuen bizimodua aldatuko zuela, hain urrutitik bilatzera etorri zen senarra bihurtzeko amore emanez. Frankek erakutsi zion, inoiz barkatuko ez zion moduan erakutsi ere, badagoela munduan «onbideratzea» prozesu iraunkortzat jotzen duen jendea, xedera inoiz iristen ez den jendea. Hamar urtetan moldatu zen, baina atzean utzi zuenean berarekin ezkondutako gizon bera zen. Ez zen ezertan aldatu.

        Frankek ez zuen inoiz irabazi berak nahi izan zuen etxea, edo benetan nahi zuen beste edozer, erosteko adina, eta hura izan zen beren arteko arazoaren zati bat. Ez zen Frankek dirurik ezin irabaz zezakeenik, aurreratu nahi ez zuela baizik. Astebeteko soldataren erdia hartu eta berak nahi zuen zerbait erosten zuen, edota bere ustez Florencek nahi zuen zerbait. Etxera etortzen zen larunbat arratsaldean, jadanik erdi-mozkor, ezertarako balio ez zuen objekturen batekin, lorontzia esaterako, agian Florencek lorez betetzea atsegingo zuela otu zitzaiolako; baina honek ez zien loreei erreparatzen, eta ez zuen inoiz lorerik erosiko. Edo kapelaren bat, beti garestiegia edo arruntegia, edo emagaldu batentzat diseinatuta zegoela zirudien eraztunen bat. Batzuetan bururatzen zitzaion larunbateko erosketak berak egitea, Florencek egin behar ez izatearren; halakoetan, indioilar bat erosten zuen, aurki zezakeen handien eta garestiena, eta zenbait libra kafe —sinetsita baitzegoen etxean ez zegoela inoiz nahikoa— eta gosari-labore ugari, armada bat hilabetez elikatzeko adina. Hain zuhur jokatzeak bere bertutea argi eta garbi erakusten zuela sinetsita, botila bat whisky erosten zuen beretzat, opari moduan-edo; eta Florencek gehiegi edaten zuela uste ez zezan, alprojaren bat gonbidatzen zuen etxera botila banatzeko. Eta arratsalde osoa ematen zuten egongelan, kartetan eta txiste gordinak kontatzen, bertako airea whiskyz eta kez kutsatzen.

        Florence sukaldean egoten zen, amorruak bere onetik aterata indioilarrari begira; izan ere, Frankek beti erosten zituen lumak, burua eta guzti, eta garbitzeak ordu askotako lan gogor eta odoltsua ekartzen zion berari. Orduan bere buruari galdetzen zion nola demontre otu zitzaion hain proba latzak pasatzea eta etxetik hain urruti joatea, zertarako eta gogoko ez zuen hiri batean bi gelako apartamentua aurkitzeko, eta gaztetan ere ezagutu zituenak baino are umeagoa zen gizonarekin bizitzeko.

        Batzuetan, Frankek dei egiten zion bera eta gonbidatua zeuden egongelatik:

        «E, Flo!»

        Eta ez zion erantzuten. Gorrotatzen zuen inork «Flo» deitzea, baina Franki ahaztu egiten zitzaion. Agian berriro hots egiten zion, eta berak erantzuten ez zuenean sukaldera sartzen zen.

        «Zer duzu, neska? Ez al didazu aditu zuri deika?»

        Eta behin batean, Florence ezer esan beharrean geldi-geldirik geratu zitzaionean, begi saminez begira, zerbait gertatzen zela aitortu behar izan zuen.

        «Zer duzu, pottoka? Nirekin haserre?»

        Eta benetan harrituta begira geratu zitzaionean, burua alde batera makurtuta, ezpainetan irribarre xume bat, Florence bere baitan amore ematen hasi zen, baina aurre egin zion bulkadari, zutituz eta ahots gor batez esanez, apal, gonbidatuak ez aditzeko moduan:

        «Azaldu nahi didazu nola uste duzun biziko garela aste osoan zehar indioilar batekin eta bost libra kaferekin?»

        «Laztana, beharrezko gauzak besterik ez ditut erosi».

        Suminak etsita, hasperen egin zuen, malkoak begietara ageri zitzaizkiola sumatuz.

        «Mila aldiz esan dizut ordaintzen dizutenean dirua hiri emateko, eta erosketak niri egiten uzteko, zentzu izpirik ez baitzaizu geratzen».

        «Lagundu nahi nizun bakarrik, maitea. Pentsatu dut agian gant norabait irten nahiko zenuela eta ez zenuela erosketak egiteaz arduratu nahi».

        «Mesedea egin nahi didazun hurrengoan, esan aldez aurretik, bai? Eta nola nahi duzu inora joatea ekarri didazun hegazti hau garbitu behar dudanean?»

        «Garbituko dut nik, laztana. Berehala egingo dut».

        Indioilarra etzanda zegoen mahaira hurbildu, eta begi kritikoez so egin zion, lehenbiziko aldiz ikusiko balu bezala. Gero berari begiratu eta irribarre egin zuen. «Hori ez da haserretzeko arrazoia».

        Florence negarrez hasi zen. «Hara, ez dakit zer gertatzen zaizun. Jainkoak bidalitako aste bakoitzean gero eta ergelkeria handiagoak egiten dituzu. Nola nahi duzu hemendik irteteko dirua aurreratzea, zure diruaz txorakeriak erosten ari bazara etengabe?»

        Negarrez hasi zenean, Frank kontsolatzen saiatu zen, eskutzarra sorbaldan jarriz eta malkoak erortzen ziren lekuan musu emanez.

        «Sentitzen dut, laztana. Ezuste atsegina izango zela uste nuen».

        «Zuregandik nahi dudan ezuste bakarra da apur bat zentzuratzea! Hori bai ezuste galanta! Uste duzu hemen geratu nahi dudala bizitza osoan, etxera ekartzen dituzun beltz horiez inguratuta beti?»

        «Eta non uste duzu biziko garela beltzez inguratuta egon gabe?»

        Orduan Florence bizkarra eman eta sukaldeko leihotik kanpora begira geratu zen. Beste aldetik tren goratu bat pasatzen zen, hain hurbil non beti iruditzen zitzaion listu egin ziezaiekeela so egoten ziren aurpegi hegalari haiei.

        «Ez dut gogoko zuri hainbeste gustatzen zaizun jendaila hori».

        Orduan isilunea izan zen. Nahiz bizkarra emanda egon, sumatu zuen Frank ez zegoela jadanik irribarrez eta begiak, berarengan tinko, ilundu egiten zitzaizkiola.

        «Eta zer nolako gizonarekin uste duzu ezkondu zinela?»

        «Uste nuen nolabaiteko ekimena zuen gizon batekin ezkondu nintzela, bizitza osoa behean eman nahi ez zuen gizon batekin!»

        «Eta zer nahi duzu nik egitea, Florence? Zuri bihurtzea nahi al duzu?»

        Galdera hark gorrotozko estasian murgiltzen zuen beti Florence. Jiratu zen, aurrez aurre geratu ziren, eta, egongelan norbait zegoela ahaztuz, oihukatu zuen:

        «Zeure burua errespetatzeko ez duzu zuria izan behar! Uste duzu lanak itota ibiltzen naizela etxean gero zu eta zure lagun beltz horiek arratsalde osoa zorua errautsez betetzen pasatzeko?»

        Bere hitzei jarraitu zien isilune izugarrian, bere hutsaz jabetzen zen bitartean, Frankek «Eta orain nor da arrunta, Florence?», galdetu zion astiro. «Nor ari da beltz arrunt moduan jarduten? Zer uste duzu pentsatuko duela egongelan dagoen nire lagunak? Hara, ez nintzateke batere harrituko «Frank gizajoak emazte zinez arrunta aurkitu du» pentsatzen egongo balitz. Dena den, ez da errautsa zorura botatzen ari, hautsontzira baizik, hautsontzia zertarako den baleki bezala». Florence konturatu zen Frank mindu zuela, eta haserre zegoela, halakoetan mihia bizkor eta etengabe behe-ezpainetik pasatzeko ohitura baitzeukan. «Baina bagoaz, beraz egongelan erratza pasa eta bertan gera zaitezke, hala nahi baduzu, epai-eguna arte».

        Eta sukaldetik irten zen. Florencek marmarrak aditu zituen egongelan, eta ondoren atearen danbatekoa. Oroitu zitzaion, beranduegi, Frankek diru guztia zeramala. Hura etxeratu zenean, ilundu eta askoz beranduago, oheratu eta patriketan bilaka jardun zuen, deus ez, edo ia-ia deus ez aurkituz, eta etsiak jota, zorura amildu zen, negarrez.

        Halakoetan etxeratzen zenean, erretxin eta damutuarena egiten zuen. bera ez zen ohera sartzen Frank lo zegoela uste izaten zuen arte. Baina ez zen lo egoten. Berak maindireen azpian zangoak luzatu orduko, Frankek besoa luzatzen zuen, eta aurpegira iristen zitzaion haren hats bero eta gazi-geza.

        «Polit hori, zergatik izan behar duzu horren gaiztoa zure laztanarekin? Ez al zara konturatzen behartu egin nauzula mozkortzera, eta hori ez zela nire plana? Norabait eraman nahi zintudan gaur». Eta, hitz egin ahala, eskua bularrean jartzen zion, eta ezpainak lepondoan zehar mugitzen zituen. Eta honek ia jasanezina egiten zitzaion gerra pizten zion bere baitan. Iruditzen zitzaion beren harreman osoa bera umilarazteko plan eskerga baten zatia zela. Frankek ukitzea ez zuen nahi, eta hala ere nahi zuen: irrikak kiskaltzen zuen, suminak izozten. Eta iruditzen zitzaion Frankek bazekiela hura, eta bere artean irribarre egiten zuela, gudu-zelaiaren alde hartan garaipena zein erraza zuen pentsatuz. Baina aldi berean sinetsita zegoen Franken samurtasuna, haren grina eta maitasuna, errealak zirela.

        «Utz nazazu bakean, Frank. Lo egin nahi dut».

        «Ez duzu nahi. Ez duzu honen goiz lokartu nahi. Nik pixka bat hitz egitea nahi duzu. Badakizu zure laztanak zein gogoko duen hitz egitea. Entzun». Eta lepondoa milikatzen zion emeki-emeki. «Aditu duzu?»

        Zain zegoen. Berak ez zuen erantzuten.

        «Ez al duzu hori baino gehiagorik esan behar? Ba beste zerbait esango dizut». Eta musuz estaltzen zion aurpegia: aurpegia, besoak eta bularrak.

        «Whisky kiratsa darizu. Utz nazazu».

        «Hara, ez naiz mihia duen bakarra. Zer esango zenioke honi?» Eta iztartea laztantzen zion.

        «Geldi».

        «Ez naiz geldituko. Solas atsegina da hau, pottoka».

 

        Hamar urte. Beren arteko gudua amaiezina zen; ez zuten etxerik erosi. Frank Frantzian hil zen. Gaur urte haietako xehetasunak gogoratzen ari zen, ahaztutzat ematen zituenak, eta azkenean bihotzeko hondo harrizkoa hautsi egiten zela sentitu zuen; eta malkoak irristatu zitzaizkion atzamar artean, odola bezain nekez eta astiro. Goian zeukan emakume zaharrak asmatu egin zuen nolabait, eta esan zion: «Bai, maitea. Amore eman ezazu, maitea. Utzi Jainkoari apaltzen, gero Berak altxa zaitzan». Hura al zen, orduan, hartu behar zukeen bidea? Oker jardun al zuen hain gogor borrokatuz? Orain emakume zaharra zen, bakarrik zegoen eta laster hilko zen. Eta borroka haien ordainetan ez zeukan ezer. Azkenean hura besterik ez zegoen: ahozpez zegoen aldare aurrean, Jainkoari erruki eske negarrez. Gabrielen oihua aditu zuen atzetik: «Bedeinkatua bedi zure izena, Jesus!» Eta, Gabrielez eta hark ibilitako santutasuneko errepidean pentsatuz, gogoa iparrorratz moduan jiratu zen eta Deborarengan pentsatzeari ekin zion.

        Deborak idatzi izan zion, ez askotan, baina bai Gabrielekin emandako bizitzaren krisi guztiek markatutako erritmoaz, eta behin batean, Frank eta bera oraindik elkarrekin bizi zirela, gutun bat hartu zuen Deborarengandik, oraindik gordetzen zuena: gaur esku-poltsan zeukan, aldare gainean. Beti erakutsi nahi izan zion gutun hura Gabrieli, baina ez zuen inoiz egin. Behin hitz egin zuen hartaz Frankekin, gau batean berandu, Frank kanta ezagun bat txistuka ohean zegoela, eta bera ispilu aurrean, larruazala zuritzeko krema ematen. Gutuna irekita zeukan aurrean, eta hasperen ozena egin zuen, Franken arreta erakarri nahian.

        Txistu egiteari utzi zion errepika baten erdian; Florencek mentalki bukatu zuen. «Zer duzu hor, laztana?», galdetu zion Frankek nagiro.

        «Nebaren emazteak bidaliko gutuna da Bere aurpegiari begiratu zion ispiluan, haserre bizian larruazalerako krema haiek diru-xahuketa hutsa zirela pentsatuz, ezertarako balio ez zutela.»

        «Zer diote etxean geratutako beltzek? Ez da albiste txarrik izango, ezta?» Baina ahapeka kantatzen segitzen zuen, gelditu ezinik.

        «Ez.»...«Beno, ez da albiste ona ere, baina ez nau batere harritzen. Nire nebak sasikumea omen du hantxe, herri berean, aitortu nahi ez duena».

        «Hara...? Ez al zenidan bada esan neba predikatzaile zenuela?»

        «Predikatzailea izatea beltz batentzat ez da inoiz oztopo izan bere zerrikeriak egiteko».

        Frankek barre egin zuen. «Argi dago ez duzula neba behar zenukeen adina maite. Eta haren emazteak nolatan jakin du urne horren berri?»

        Florence gutuna hartu eta jiratu egin zen, Franken aurrez aurre geratuz. «Nire ustez beti jakin du, baina ez da inoiz esatera ausartu». Eten baten ondoren, gogoz bestera gaineratu zuen: «Jakina, ez dago erabat ziur. Baina ez da gauza bitxiak pentsatzen dituen emakume mota. Oso kezkatuta dago».

        «Eta orain zer arraiok kezkatzen du? Orain ezin da konpondu».

        «Ez daki ez ote liokeen horren berri galdetu behar».

        «Eta uste du galdetzen baldin badin, bestea baietz erantzuteko bezain mozoloa izango dela?»

        Florencek berriro hasperen egin zuen, oraingoan benetakoagoa zen hasperena, eta ispilu aldera jiratu zen. «Beno... predikatzailea da. Eta Deborak arrazoi baldin badu, orduan ez du predikatzailea izateko eskubiderik. Ez da beste inor baino hobea. Egia esan, hiltzaile bat besterik ez da».

        Frank berriz txistuka hasia zen; seko isildu zen. «Hiltzailea? Nolatan bada?»

        «Ume horren amari hiltzen utzi ziolako umeaz erditzean. Horratx». Eten bat egin zuen. «Eta Gabrielen gauza tipikoa dirudi. Ez du sekula bere burua ez beste inortxorengan pentsatu».

        Frankek, bizkar errukigabe hari begira, ez zuen hitzik esan. Gero: «Gutuna erantzun behar al diozu?»

        «Baietz uste dut».

        «Eta zer esango diozu?»

        «Esango diot nire nebari bere lohikeriaren berri badakiela jakinarazteko. Eta beharrezkoa izanez gero, parrokia osoaren aurrean esateko».

        Frank artega mugitu zen, kopeta zimurtuz. «Beno, nik baino gehiago dakizu horretaz. Baina ez dakit horrek zertan egin ote dezakeen kalterik».

        «Deborari lagunduko dio. Nire nebak hobeto tratatzea ekarriko du. Ez duzu Gabriel nik bezain ondo ezagutzen. Harekin jarduteko bide bakarra beldurtuta edukitzea da. Besterik ez. Ez du inolako eskubiderik zein santua den aldarrikatzen ibiltzeko horrelako izugarrikeria egin ondoren».

        Isiltasuna nagusitu zen; Frankek kanta beraren zenbait konpas txistukatu zituen; gero aharrausi eginez, esan zuen: «Ba al zatoz ohera, pottoka? Ez dakit zergatik segitzen duzun zure denbora eta nire dirua ditxosozko larru-zuritzaile horietan xahutzen. Ez zara batere zuritu jaio zinen egunetik hona».

        «Zu ez zeunden ni jaio nintzenean. Eta badakit ez duzula emakume beltz-beltza nahi». Baina aulkitik altxatu eta oherantz abiatu zen.

        «Nik ez dut inoiz horrelakorik esan. Itzal ezazu argia, mesedez, eta beltza zein kolore polita den erakutsiko dizut».

        Bere buruari galdetzen zion Deborak inoiz galdetu ote zion: eta gaur bere buruari galdetu zion ea esku-poltsan zeraman gutuna Gabrieli emango ote zion. Urte haietan guztietan gorde zuen, aukera ankerren baten zain. Aukera hura noiz izango zuen ez zekien; une hartan ez zuen jakin nahi. Beti irudikatu baitzuen gutun hura eskuetan zeukan tresna gisa, bere nebaren suntsitzea burutzeko erabil zitekeena. Hura erabat lur jota zegoenean berak, odolezko okerraren froga begien aurrean jarriz, inoiz altxatzea galaraziko zuen. Baina orain uste zuen ez zela pazientzia handiz itxaroten egondako eguna ikusteko adina biziko. Asmoa zapuztu egingo zitzaiola.

        Eta gogoetak izuz eta amorruz bete zuen; malkoak aurpegian lehortu zitzaizkion eta bihotza, amore emateko irrika izugarri baten eta Jainkoari kontuak eskatzeko desiraren artean banatuta, dar-dar jarri zitzaion. Zergatik hobetsi zituen Hark bere ama eta neba, emakume beltz zaharra eta gizon beltz ziztrina, berari, zuzen ibiltzea bakarrik nahi izan zuena, hiltzen utziz, bakarrik eta behartsu, gela zikin batean? Ukabilez gogor kolpatu zuen aldarea. Hura biziko zen, neba, eta irribarrea aurpegian zuela bera hilobira jaisten ikusiko zuen! Eta bere ama ere han egongo zen, Zeruko ateetatik burua aurreratuz, alaba infernuan erretzen ikusteko.

        Ukabilez aldarea kolpatzen zuen bitartean, goian zeukan emakume zaharrak sorbaldetatik heldu zion oihuka: «Hots egiozu, alaba! Deitu Jainkoari!» Eta izan zen denboran aurrera bultzatu balute bezala, mugarik ez dagoen lekura, ahots hura bere amaren ahotsa baitzen, baina eskuak heriotzarenak ziren. Eta negarrez hasi zen ozenki, bizitza osoan inoiz negar egin ez zuen moduan, ahozpez aldare aurrean, emakume beltz zaharraren oinetan. Euri kiskalgarria bezala zerizkion malkoak. Eta heriotzaren eskuek sorbaldak ukitu zizkioten, ahotsak behin eta berriz xuxurlatu zion belarrira: «Jainkoak ondo ezagutzen zaitu, badaki non bizi zaren, eta heriotza bila dabilkizu jadanik».

 

 

 

© James Baldwin

© itzulpenarena: Juan Mari Mendizabal

 

 

"James Baldwin / Zoaz mendira aldarrikatzera" orrialde nagusia